www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lurrikara
Antonio Maria Labaien
1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euzko-Gogoa (1956ko iraila-urria / 1956ko azaroa-abendua / 1957ko urtarrila-otsaila) (http://www.armiarma.eus/andima/eugo/eugo32/eugo3214.htm)

 

 

aurrekoa hurrengoa

 

III. EKITALDIA
 

(Antzestokian Igo Ekitaldiko agerkai ber-bera: monja komentuaren klaustro barnea. Oiala jasotzeakoan Atezai Aizpa kanpaia biziki jotzen ari da, sokari eragiten diolarik).

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

ATEZAI AIZPA, D. MARTIN ETA GOTZON

 

GOTZON: (D. Martinekin batean ataditik etorriaz) Aski da!! Ez gaude gorrak, sor. Erri guzian ere onuzkero ondo entzun dute. Irugarren joaldia bait-dezue. Guzia karlixtak sartu diralako. Ez da Jaungoikoa piztu balitz ere! (eskuaz belarriak estaliaz).

ATEZAINA: (eragiteari utzirik) Zuzendari Amak agindu bait dit. Lorietan dago!

GOTZON: Bai, Zuzendari Ama ta beste guziak. Orain ez dezute gure bearrik Komentua osorik gorde dizuegu; ta berriz emen zerate.

ATEZAINA: Ala da gure etxera itzuliaren poza. Bañan Aitzindari Amai itun arkitzen det, ez dakit ba...

D. MARTIN: Samindua dago ta ez da gutxigorako. Anaiak, kristauak elkarren artean gudan, tiroka dabiltzala jakiteak zearo naigabetzen du. Komentua erreta ikustea naiago izango zuan eta ez erria gorrotoz kixkalduta gelditzea. Orregatik amabost egun oietan ez du ez jan eta ez lorik egin. Otoitza bait zaio elikadura bakarra. Orain ere eleizan dago. Ez du oeratu nai izan.

GOTZON: Ni agur egitera etorri naiz ba. Ez bait det nai militarrok kaiolan arrapatu nazaten. Ba-noa igesi! Itxian egotez aspertu naiz!

ATEZAINA: (Arriturik) Zergatik ordea? Ez dezu ona besterik egin da!

D. MARTIN: Jaungoikoagatik ez zaiteala egun argiz irten. Baituko zaitue. Ez txorakerietan ibilli. Bein jakinezkero kolumna nora joan dan eta zaitzaleak zer tokietan jartzen dituzten, gauean mendiz Pagotara errez joan zaitezke; eta andik Prantziko muga edo nai dezun lekura.

ATEZAINA: Emen egongo zera gordeta. Ganbaran leku onak ditugu.

GOTZON: Ez, ez! Sakristaua etorri arte itxoingo det, bañan lenbaitlen nere lagunengana alde egin bear det. Bideak ondo ezagutzen ditut, eta nola edo ala aienganatzen moldatuko naiz. Gogorra gerta zaigu. Gu sua itzaltzera etorriak giñan bitartean, militarrak mendiari bira eman da beste aldetik sartu. Ta eskerrak Txilarreta baserritik gaztigatu digutela. Onela burnibidetik emen zeuden guziak joan al izan dira. Ni etxera gauzak jasotzera joan naiz eta anka egingo diet.

D. MARTIN: Ez urrats txarrik eman gero! (Damuaz) Elbarren galdu ondoren, emen zer gerta bear zuan ikusia zegon. Gobiernoaren aldetik ez bait dago ez buru ta ez oin: ez indar eta ez izikillu.

GOTZON: Izkilluak gaur iritxtekoak ziran. Beste oiek eutsi izan ba lute.

D. MARTIN: Garai onean! Zer egingo zaio ba, ala bearko zuan-eta. Gaitz erdi gaztedi geientxoenak igesi egin duala. Zu ez gañerako guziak.

GOTZON: Ba... lagunetara bilduko naiz aguro asko; izkilluak eta erregaia ugari baldin baditugu, azkenerako nor irtengo dan garaille esango dit.

D. MARTIN: Garaile zuzentasuna ta ez indarra nai nuke izatea: ta pakea lenbaitlen egitea, bakoitzari berea emanez. Ta zu eskuta zaite militar jende au zer nolako asmoz datorren ikusi arte. Ez ote dira astakerian asiko. Ez dakigu nor duten buru ta ez zenbat diran ere.

ATEZAINA: Askotoxo dira. Otazumenditik goizean sartu diranak mando ta guzi; ta orain kamionetan erruz etorri datozenak.

GOTZON: Berdin da ba, Amezketan euliak aña baldin ba dira ere, ederki astindu bear ditugu.

D. MARTIN: Euliak ugari dira armiarmak urri. Sinismen sendoko gizona zaitugu Gotzon.

GOTZON: Il arte! Eriotza naiago det oien azpian bizitzea baño.

ATEZAINA: Paxkual sakristaua oraintxe dator kaletik. Onek kontu prexkoak ekarriko dizkigu. (Atadiruntz joanez atea zabalduaz) Aurrera Paxkual!

 

 

II. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA PAXKUAL

 

PAXKUAL: (Sartuaz) Arratsaldeon!

GOTZON: Kaxo!

D. MARTIN: Bizi al zera gizon?

ATEZAINA: Komentura ez ziñala geiago etorriko, uste genuen. Soldaduen atzetik ibiltzeagatik edo...

PAXKUAL: Bai, mutil koskorra izanda. Sasoi txarrean nago soldaru ondoren ibiltzeko.

D. MARTIN: Ta zenbat batalloi etorriak dira ba. Zer ikusi dituzun esaiguzu...

PAXKUAL: Batek ba-aldaki! Kuxidare ederra dago bazterretan!: Gorda zibil, txapel oker, karabinero, soldaru xar, palankero, terzio, moro-indianoak eta txapel gorri batzuek. Kolumna okerragorik, auntz-adarra añakoa. Auek guretarrak beraz!

GOTZON: Ez al zaizkitzu atsegin izan?

PAXKUAL: Jende oiek atsegin? Bizi guzian liberalkeriaren aurka ari ta orain beltzekin eta presondegitik igesegindako gaizkileekin naasita. Terraje itxusiko gizasemea. Gorriak txarrak ba-ziran oien usaia ez da obea!

GOTZON: Beinkatuta datoz ordea. Erlijioaren aldekoak omen dira ta lurrin doneaz gozatuko dituzte. Kiratsa guretzat geldituko da.

D. MARTIN: Gai ori oso labaina dezu Gotzon. Eliz-Amak seme guziak berdin maite bait ditu. Orretzaz ez itzegitea obe degu. (aldatuaz) Ez diguzu esan errian soldaduai zer nolako arrera egin dien.

PAXKUAL: Utsa! Kanpai jotzea belarri-muña urratzeraño. (Atezaiari) Ta Iturritzako joale berritsua guzien gañetik nabarmentzen zan.

ATEZAINA: Gure kanpaitxoa alakoa bait-da. Aspaldi isilik bait-zegon. Agindu bezela astindu bat eman diot nekatu ba naiz ere.

D. MARTIN: Zure egin bearra bete dezu sor. Zer geiago Paxkual?

PAXKUAL: Ezer gutxi. Errian gelditu diran ume ta atsoak txalo ta oiuka kalera irten dirala. Gizon egiñik osta-osta. D. Nikanor Amerikanoa beste batzuekin. Parroko jauna eliz aurrean ikusi det.

GOTZON: «Te Deum» gertutzen ariko zan.

D. MARTIN: Goizegi da. Ta ain aguro nola agertu dan arritzen naiz. Yurre balarako baserri batean eskutaturik bait zegon.

ATEZAINA: Gizajoa!

GOTZON: Orain gordetzeko txanda neri datorkit.

ATEZAINA: Au lanbidea!

PAXKUAL: Izan ere! Ez zekiat emen nola gelditu aizen. Alde egin bear uan ba ezpa e.

GOTZON: Azken ordu arte emen egon nintzan eta uste gabean besteak errian sartu. Bañan... Ez nitzaz kupirik izan. Abiadura ar dezadanean, an ziak mutil au! Oraindik ez da berandu.

ATEZAINA: Aingeru begiraleak zaindu zaitzala.

PAXKUAL: Soldaru arrotzai baño bertako zelatariari beldur geiago bear diek.

D. MARTIN: Orrengatik, egunez ez ateratzeko esaten ari natzaio. (Gotzoni) Ez zazula kalean bururik agertu. Illundu ezkero ibaiz beste aldera igarotzea aski dezu. Ta gau erdian menditik gora.

GOTZON: Ori da errezena. Kolumna nun gelditu dan jakin bear det lenengo.

PAXKUAL: Ba aurrena sartutakoak bi ala iru lagundi Udaletxeko enparantzan daude errenkadan jarririk. Alkate ta militarren buruzagien zai egon bear dute.

GOTZON: Ortara sasi-alkate ori erritik igesi joango zan. Lenengo bere larrua toki babesean jarri, gero eroso-eroso sorterria etsaien eskuetan uzteko. Salkindaria!

D. MARTIN: Zenbat milla gizon sartu dira ba?

PAXKUAL: Ez dakit ba, erri barnera gutxi oraindik. Geienak kañoi ta zaldiekin goiko zumardian geldituak omen dira ta beste batzuek autokamioitan ba datoz-ta.

 

(Une ontan soldatu-turutak entzun bitez gero ta bertago jotzen datozelarik. Guziok ao-zabalik eta arrituta geldituaz).

 

ATEZAINA: Soldaduen joaldi ta deia da.

D. MARTIN: Eta onuntz datozela dirudi.

PAXKUAL: Bai zera, kaleruntz doazenak.

GOTZON: Ez, bertaratzen ari dira. (Guziok adi-adi entzunez)

D. MARTIN: (larritzen asirik) Ea onuntza datozen! Onela da.

GOTZON: Nik ere baietz uste det.

D. MARTIN: Gotzon! ez zazu galdu astirik! Gorde zaite! (bultzatuaz) Elizako amarrandegian. Ni sakristian geldituko naiz.

GOTZON: (Lasaitu naiez) Ez dago presarik!

 

(Turuten joaldia isil bedi).

 

ATEZAINA: Zoazte bai. Neri zerbait galdegiten ba didate ez dakidala ezer erantzungo diet.

PAXKUAL: Nik ez det berriz ezer entzuten.

D. MARTIN: Aitzindari Amari adierazi bear zaio. (Atadiko txintxarria jo bezate). Goazen!

 

(D. Martin eta Gotzon elizako atetik bijoaz azkenengo au besotik elduta daramalarik).

 

GOTZON: Arrasto beroaren ondoren datoz. (bijoaz)

 

 

III. AGERRALDIA

 

ATEZAI AIZPA TA PAXKUAL

 

ATEZAINA: Atea iriki bearko diet.

PAXKUAL: Zure lantegia ori da.

ATEZAINA: Zertara ote datoz?

PAXKUAL: Ostatu billa noski. Erriko etxetan ez dute bear aña leku izango-ta.

ATEZAINA: Bateak eta besteak ez gaitue pakean utziko. Etxean ez bait degu ezer.

PAXKUAL: Oeratza, sua, gatza ta ozpiña. Ori da soldauari oituraz zor zaiona. Gañerako guzia berak artuko du... dagon lekutik.

 

(Berriro atadiko txintxarria jo bezate ta oraingoan sendoago).

 

ATEZAINA: (Atea irikitzea doalarik) Jesus! noan!

PAXKUAL: Oiek ez bait dakie itxoiten.

 

 

IV. AGERRALDIA

 

LENGOAK, REKETE TA FALANJE IZARDUNAK

 

(Atezaiak atea zabaldutakoan kaletik datozen deadarrak entzun bitez: ¡¡Arriba España!! ¡¡Viva España!! soldaruak oiukatuak).

 

FALANJE: (Sartuaz) Mutilak kanpoan geldituko dira deitu arte.

REKETE: (Atezaiari) Beraz, Iturritzako komentua au degu!

ATEZAINA: Bai jauna bai; auxe bera.

REKETE: Biok kapitanak gera.

ATEZAINA: Barkatu ez nizuen izarrai begiratu. Kapitanak bai, eta neregatik lenbaitlen jeneraletara irixtea opa dizuet.

REKETE: Ez al zaizue komentu barnean batere gorririk gelditu? (bazterrak begiratzen asiaz).

ATEZAINA: Ez da iñortxo ere! Zuen usaia artu orduko igesi joanak dira guziak.

FALANJE: Eta bestelako «separatista» madarikatu oietatik? Zital alenak ez bestenak! Okerragoak gorriak baño. Gure eskuetan bat edo bat erori ba ledi!

ATEZAINA: Emen ez da arrotzik gelditu: guziok gera etxeko. Ta zera... (ezin asmaturik) bestela ez dakit ba zer esan. Ainbeste eratara itzegin oi da!

FALANJE: (Paxkualengatik) Zer egiten ari da gizon au emen?

ATEZAINA: Paxkual! zure galdera egiten du kapitan onek.

PAXKUAL: (Dagon bazterretik burua itzulirik) Nik? Ba berrogei urte oietan egiten ari naizen lan berbera: sakristautza.

FALANJE: Sakristau? Ez gera pio Gipuzkoako eliz gizonekin, Arr gaizto batez kutsutuak bait daude.

ATEZAINA: Oni geienaz argizai ta ardo kutsua arkituko diozue.

PAXKUAL: Ori da guzia esan bearra. Bakoitzak geren utsegiteak izaten ditugu.

FALANJE: (gogorki) Zuk zeñen alde eman zendun botoa azkenengo auteskundetan?

PAXKUAL: Betiko aldera. Ez nazu aldatzen ibiltzen dan oietakoa.

ATEZAINA: Karlista zar eta piña bait-da.

REKETE: (elkarrizketan sartuaz) Guretakoa baldin bada pakean utzi zaiozu. Gure egitekora goazen. (Atezaiari) Komentuan kalte aundiak egin al dizkizue? Norbait ilik ba al dezute? Ta lapurretak? Ta elizari su ematea?...

ATEZAINA: Baterez! Gurekin oso ondo jardun dira. Gañera au zaintzen, gau ta egun euskaldun abertzale nazionalistak izan ditugu; ta menditik militarrok jaurtitako bonba baten bidez gure etxe-ordeko belar eta lastoak su artu zutenean berak itzaldu zuten, onela komentu guzia erretzetik gaizkaturik.

FALANJE: (otso amorratua gixa) Ezin entzun det lelo ori. Separatistak au egin dutela; beste ura ere bai. Guretzat gaizkile ta txarrenak oiek dira. Ez gaitue atzipetzen.

ATEZAINA: Zure lagunak galdegin bait dit; ez det egin egi-egia esatea besterik.

FALANJE: Egi-egia España aundi bat aitortzean dago: España bakar, aundi, oso-osorik. Beste guzia txarkeri ta gezurra da.

ATEZAINA: Ez nuen iñoiz olakorik entzun.

PAXKUAL: Ez nik ere: Kristau ikasbidea berriro-berritik ikasten asi bearko degu, Atezai Aizpa.

FALANJE: Bai, katolikotasun berria: au da españazaletasuna. Au gabe ez bait dago kristautasunik. (sutan) Ta ez txintik atera bestela biok espetxera baituta eramango zaituet. Euskaldunaz leporaño okiturik nago!

PAXKUAL: Euskaldunak itz gutxikoak gera ta ez zaitugu iraindu. Or konpon ba, zure ezpain eta zure mingañarekin!

FALANJE: (Asarre biziz Paxkuali besotik eltzen diola) (sasi-biraua) Agure sagardozulo! zakur-mintzo! urde zipotza. Enda guzia balaz lurpean sartzea merezi du.

REKETE: (Bion artean jarririk banatuaz). Utzi zaiozu! (Falanjeri) Zurea da errua, erri txearekin eztabaidan asteagatik. Demokraziaren etsai orrengatik gera. Alperrik ari zerate erriari eskubideak eman naiaz. Sindikalismoaz ez dezute gauza zuzenik aterako, gizarte auzia gaiztotu baizik. Burutara joan bear da: agintaritik agintaritara.

FALANJE: Olakoak zigorraz ezitzen ditugu. Zuretakoa dalako ta zarra gañera uzten diot.

REKETE: Bai gizona. Arazo au zeñen errez antolatzen degun ikusiko dezu. (Atezaiari) Nun dago Aitzindari Ama?

ATEZAINA: Etxean da.

REKETE: Datorrela beriala. Berakin itzegin nai genduke.

ATEZAINA: Banoa billa kapitan jauna. (Doalarik)

PAXKUAL: Ni ere eginkizunetara noa ba. (Bijoa)

 

 

V. AGERRALDIA

 

REKETE TA FALANGE IZARDUNAK

 

REKETE: Aitzindari Amari galdegingo diogu emen gertatu danaren berri.

FALANJE: Oien esanetik zerbait garbi ateratzea uste ba-dezu. Nai duena isiltzen ba-dakite. Gerok bazter guziak aztertzea obe degu. Ba-ezpada.

REKETE: Ori ere egingo degu ba. Bañan (komentu galur aldera begiratuz) etxeak ez du kalte aundirik. Emendik tiraketan ari ziranai, guk menditik berunopil ederrik jaurti genien-ba. Ez lertu nunbait.

FALANJE: Okerrena igesi egiten utzi diegula. Mendi bizkarretik sartu bagiña bertan arrapatzen ditugu guziak. Pareta kontra zerraldo pila eder bat botatzeko gogorik ez ba det ba. (Izkilua aterata kiñua eginaz) Onela, errenkadan jarrita gañera.

REKETE: Ez gera beti gauza batean ariko. Mendian ogei egun egon ondoren, erdi goseak, eta bala tartean, erri ontaz jabetu gera. Beraz atseden pizka bat ar zagun: ondo edan eta lasai lo egin. Gizonezkoak igesi egin badigute, obe! neskatxa batzuek geldituko ziran gu ez gogaitzeko.

FALANJE: (Lizun-irritzaz arpegiz aldaturik) Aizazu, emengo «emakume» oietako bat besakartzeko gogotan nago. Arro, trinko, ta sasoikoak omen dira ta neurtu nai nituzke luze laburrean...

REKETE: Eder eta lirain askoak ezagutuko ditugu. Gaur goizean bat ikusi det, bikaña! baserritarra, asto gañean zijoan.

FALANJE: Astakeriak ikusten oiturik egongo da orduan. Ez da gureengatik ikaratuko. Biar goizean itxoingo diogu.

REKETE: Komentuan gaude ta arretaz mintza zaite. Norbaitzuek datozela dirudi... (Adi-adi) Aitzindari Ama izango da.

FALANJE: («Meka» bat jaurtiaz) Entzun zatela! monja txoro oiekin ez da milixkerietan ibilli bear.

REKETE: Isilik! (datozenai begiratuaz) Emen ditugu.

 

 

VI. AGERRALDIA

 

LENGOAK, AITZINDARI TA ZUZENDARI AMAK

 

(Komentu barne aldetik datozela).

 

AINTZINDARIA: (Burua makurturik) Jainkoak dizuela egun on!

ZUZENDARIA: (Aitzindaria bezelatsu) Egunon! ta ongi etorri etxe done onetara.

REKETE: (Biai begiratuta galdegiñaz) Aitzindari Ama?

ZUZENDARIA: (Aitzindaria beatzez zuzendurik) Gure Ama Nagusi agurgarria au dezute: Ta onoko otsein au (bere buruagatik) etxeko zuzendaria.

REKETE: (Gudari-eraz agurturik ) Zuek ezagutuaz poz aundi bat artzen degu.

FALANJE: Poz artzea baño eginbear bat betetzera obeto gatoz.

AINTZINDARIA: Edozeñetara-ere al degun eran zuei laguntzeko gertu gaude, naiz eta ez dakigun zeintzuek zeraten.

FALANJE: Gu Españako gudarozte aintzagarri ta azpiratu eziñaren izardunak gera. Au (Reketearengatik) Rekete bulartsuen Kapitan da.

REKETE: Ta jaun au Falanje kementsuen buruzagi.

ZUZENDARIA: Onore bat da guretzat. Gaur errian sartu diran soldadu taldeen agintariak dira Aitzindari Ama.

AINTZINDARIA: Etxe ontan gogo zuzenez datozen guziok ondo artuak izaten dira. Ta erri zaingoaren ardura dezutenok arego. Jaungoikoaren eskerronak ordain zaitzatela ta lenbaitlen Berak pakearen saria bekarkigula. Zuei osasunez sendiarengana biurtu al izateko: ta guri otoitz aldi apaletan gizon guzien alde eskatzearren.

FALANJE: Ez, gorri, gorrixka ta estalkin guziak zapal-zapal egin arte.

ZUZENDARIA: Jesus! Gorri oietatik azkatu geranean! Ez da gutxi.

REKETE: Ortaz ere jardungo gera. Bañan lenengo, gure nagusi Moreno Gutierrez jeneralaren izenean agurtzera gatoz eta arek emengo berri artzeko agindu digu. Leku au soldadu-talde baten ostatutzat aukeratzea baditeke. Iturritza barrendik ikustea nai genuke.

AINTZINDARIA: Zuen esanera gaude. Olakotan ez bait gera gere buruaren jabe. Aurre-egunetan besteak izan ditugu nagusi; orain zuen txanda da.

FALANJE: (Deadarka) Orain eta beti! Gorrien laguntzale zein izan diran garbi jarri bear degu. Kanpantorretik ametraladoraz tiraka zeintzuek ari izan zaizkigun!

AINTZINDARIA: (Bare) Ez dakit ba, goizean itzuli gera onera egun batzuek at igarota. (Bidea erakutsiaz) Lokutoriumera etorri nai bazenukete, agian leku egokiagoa da nai añean itzegitekoa. Emen ez ditugun esertokiak eskeñi al izango dizkitzuet.

REKETE: (Aitzindari A. ondoren abituaz) Ongi derizkiot. Aitzindari Ama zur mintzatzen da. Goazen ba. Zenbait itz bide alik eta belarri gutxiagok entzutea obe.

FALANJE: (Gogo txarrez) Ez degu ordea astirik berriketan galdu bear. Itz gutxi ta... begiak erne, makarrak kenduta.

AINTZINDARIA: Bai, bai. Zuzendari Amak etxeko txoko guziak ikusten lagunduko zaitue. (Aurretik Aitzindari A. ta Rekete bijoaz; ondoren Zuzendari ta Falanje).

ZUZENDARIA: Pozik gañera! (Falanjeri dijoaztelarik) Mingarri zaigu zuei ezin ezer eskeñi al izatea; Jaki ta edari guziak ostu dizkigute; kondarrik gabe geldituak gera.

FALANJE: Ori entzutez asperturik gaude. Gordeta dagona aterazten ba dakigu. (Bijoaz)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

ATEZAI AIZPA TA PAXKUAL

 

(Elizatik irtenaz)

 

ATEZAINA: Ez daude ez. Lokutoriumera joanak izango dira. (Alde artara joanez) Zerbait entzun al baneza.

PAXKUAL: Zaude geldirik. Gozoak datoz gizontxoak. Gorriak txarrak dirala. Oiek ez ditugu obeak. Ori da agindu bearra: «ordeño el mando» Militar zikiñok!

ATEZAINA: Gure Aitzindari Amak legunduko ditu. Orretarako esku berezia bait-du.

PAXKUAL: Ba nerekin izardun tentel oiek berriz nabarmentzen ba-dira, bereak eta bost entzungo dituzte. Entzungo dituenez, bai arranetan! (azken itzok ukabilaz zematurik esan bitza).

ATEZAINA: Gorritakoa dirudizu. (Ontan atadiko txintxarria berriro entzun bedi, Paxkual erdi izuturik utziaz).

PAXKUAL: Ni gorri?

ATEZAINA: Ez, orain zuri geldi zerala ikusten det.

PAXKUAL: (Asperenka) A! a!...

ATEZAINA: Ea soldau oztea dan berriz?...

PAXKUAL: Ez aitatu bi aldiz otsoa ta... ikustea zoaz.

ATEZAINA: (Ateraño joan geroz) Ardiz jantzia baldin badator ezin ezagutuko det (Idikiaz). Izaskun da-ta.

PAXKUAL: (Pozik) Gure bildotsa!

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA IZASKUN

 

IZASKUN: (Estu ta larri) Komentua soldaduz inguraturik dago! Nik uste Gotzonen bila datozela.

ATEZAINA: (Lasatu naiz) Ez emakume ez! Nola jakin dezakete emen dagoala?

PAXKUAL: Aizazu, olakotan beti izan oi da norbait salatzeko.

IZASKUN: Noski! Gotzon begiz ezin ikusi duan neska zar margaritan batek. Lerdea dariela daude batzuek militarren etorreraz. Komentu aurrean daudenak ez zidaten barnera sartzen utzi nai. Eskerrak gogor ekin diedala aizparengana nentorrela esanez. Alare nik entzun bear izan dedan izkuntza!

PAXKUAL: Bai! ez ziran letariak izango. Soldaua migain zikiñekoa izan oi da. Ta itz utsez ase ba dira, gaitz erdi. Eskuak ere ariñak izaten dituzte.

IZASKUN: Ez, norbaitek ikutu banindu masalleko ederra artuko zuan.

ATEZAINA: Sinisten dizut. Gizonezko askok bañan lenago.

PAXKUAL: (Ziria jasoaz) Egokierak egiten du gizona ausarta.

IZASKUN: Une ori eldu zaigu ba. Errira sartu diran soldadu taldeak etxeak aztertzen asi dira : lotsagabekeri ta lapurretak egiten; gure adiskideak baituta kartzelara eramaten. Ziur-ziur nago, barnean sartua daukat, militar oiek onera Gotzonen eske datozela.

ATEZAINA: Biotzak esaten ba dizu egia izango da.

IZASKUN: Jolasa alde batera utzirik, gertazen dana Gotzoni adierazi bear zaio.

PAXKUAL: Zaude lasai, ondo eskutatua bait-dago.

IZASKUN: Bai, ordea, lenbaitlen igesegin bear zukean. Emen arrixko aundian dago.

PAXKUAL: Egunez ezin abituko da.

IZASKUN: Ilunabarra laister da. Nundik eta zer tokietara nik esango diot. Lagunak zai dauzka. Ez zukean emen geldi bear.

ATEZAINA: Orratx ba, gu monjak, eta komentua bakarrik ez uzteagatik izan da. (Isilago, belarrira Izaskuni) Eliza atzean eskutaturik dago. D. Martin ere or da. Gaztigatzera noakio «bestea» etorri araz dezan.

PAXKUAL: Zu? bañan, barrengoen beldurrik ez al dago?

ATEZAINA: Gora igoak dira. Gero aruntzko eskalera ondoan jarriko naiz eta bera datozela nabai dezadanean oartuko zaituet.

IZASKUN: Zoaz ba berandu baño len.

 

(Atezai A. abitzen dalarik D. Martin ager bedi)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA D. MARTIN; GERO GOTZON

 

D. MARTIN: (Elizako atetik) Zer da bilera au? (Izaskuni) Barrendik zure abotsa entzun det. Zer berri? Militarrok joan al zaizkigu?

IZASKUN: Joan? Militarrez esiturik gaude. Berri txarrak D. Martin. Errian guretako jendea baitzen asiak dira: Artxanko bi anaiak, Patxi Bidegain, Manu Ostolaza ta beste asko.

D. MARTIN: Oiek ere bai? Ezertan sartzen ez diran gizonak.

IZASKUN: Bai ba. Ta orain Iturritzara Gotzonen billa datoz.

D. MARTIN: E? Egitan uste al dezu?

IZASKUN: Bai jauna, ezpairik gabe.

ATEZAINA: (Elizako atetik joanez) Gaztigatzera noakio.

D. MARTIN: (Oldozki) Zer erabaki artu oldoztu bearko da. (Izaskuni) Soldaduak etxe aurrean daudela esan dezu, ez da onela?

IZASKUN: Bai, etxeko sarrera ta irtera guziak ikusten dituztela.

PAXKUAL: Bi izardunak barruan ditugu. Sima gaiztokoak gañera. Aitzindari ta Zuzendari Amekin gora igo dira.

D. MARTIN: Egonaldi labur eta giza legezko agurra egiñaz geroz, nik uste alde egingo dutela.

IZASKUN: Ez derizkiot. Bai zera! Etxe guzietan sartzen ari dira eta emen ez? Baita!

D. MARTIN: Au etxe done bat da kristauentzat. Ez dago orretarako guda aitzekirik. Eta nik Aitzindari Amari baimena eskatu ondoren, jaun oiei au arakatzea, elizako legearen aurka, eragotzi egingo diet.

PAXKUAL: Oientzako ez dago ez lege ta ez fede turkoena baizik: entzungor eta kaskagogor.

IZASKUN: Gotzoni itzegin nai diot. Arentzako paper batzuek dakarzkit. Batzokikoak izan bear dute.

D. MARTIN: Liburu ta agiri guziak jaso al dituzute?

IZASKUN: Baietz uste det.

D. MARTIN: Ba Gotzoni esan bear diozuna esan, eta alik eta laisterrena etxera joatea dezu onena. Eta paper guziak erretzea.

IZASKUN: Gurutze nere aizpatxoarekin ere ikusi nai det. Ez da emen agertzen.

PAXKUAL: Ageri? Gajoa komentuan berriz murgildu da, pozago, arraitxoa uretan baño.

IZASKUN: Atera arazi bear det bada. Kalerako eman nizkion jantziak itzuli ditzaizkidan.

PAXKUAL: Aguro kendu ez ba zituan bada soñetik. Komenturatu orduko, gañean zituan, buruko, toka, jantzi, ubel, errosaio, gurutze ta abar. Ez du munduan bizi nai. Irteera ez zaio atsegin izan.

 

(Gotzon eta Atezai Aizpa sar bitez)

 

GOTZON: (Izaskuni) Oi! Nola zu emen?

IZASKUN: Zuri alde egiteko esatea etorri naiz; ta bidenabar paper oiek ekartzera. (Sorta bat paper kolkotik atera ta emanez)

D. MARTIN: Kontuz olakoekin. Lur azpian gordetzea litzake onena ala erretzea. Isilago itzegin zazute. Ez da zur emen onenbeste jende bildurik egotea.

ATEZAINA: (Beste muturrera joanez) Zerbaiten zantzurik nabaitzen ote dedan noa.

IZASKUN: (Gotzoni) Zure lagunak igesi joan zaizkitzu: Oletako auzoan itxoingo omen dizue.

GOTZON: Ezin lenago irten izan naiz ba; monjakikoa egin arte.

IZASKUN: Zure billa ote datozen beldur naiz. Atean soldadu pilla bat bait dago. Norbaitek salatu ba zaitu...

D. MARTIN: Ez, soldaduak izardunak laguntzera etorriak bide dira.

IZASKUN: Ez dakit ba.

GOTZON: Dana dala, zearo illundu arte ezin igi ninteke emendik. Eskutatzen al naiz eta, kito!

D. MARTIN: Ez dago zer esanik.

 

(Atezaiak beste muturretik).

 

ATEZAINA: Malladia jexten oraintxe asi dira. Onuntz datoz.

D. MARTIN: (Urduritsu) Goazen emendik! Gotzon! (besotik eutsi bekio) sakristira nerekin!

GOTZON: Ez besoa errotik atera! Lanerako bear bait det. (Abituaz)

PAXKUAL: (Aien ondoren joanez) Nere tokia ere ori da ba.

D. MARTIN: (Eliza barneruntz bultzatzen dituala) Barrura! (Atezaiari) Aizpa! zeorrekin Izaskun eraman zazu.

ATEZAINA: Biok atadiko gelan geldituko gera.

IZASKUN: Berdin da. Sartzen ikusi bait naute.

D. MARTIN: Gero arte!

 

(Atezai Aizpa ta Izaskun atadi nagusiruntz; eta D. Martin elizako atetik bijoa).

 

 

X. AGERRALDIA

 

ZUZENDARI AMA TA REKETE TA FALANJE IZARDUNAK

 

FALANJE: (Datozela) Zuen aitzindariak legun-legun itzeginda gu atzipetzea uste badu oker dago. Zurikeriz gogaiturik gaude. Ikusten danez, komentu ontan gorriei arrera onegia egin diozue. Aien atzamarretatik atera zaituegu ta ordañez ez degu arkitzen, —aitzeki-maitzeki— epeltasuna besterik.

ZUZENDARIA: Ez Kapitan jauna! Gure gaizkatzaleak zeratela ao batez aitortzen degu. Badakizu ordea... Aitzindari Ama...

REKETE: Eztabaidak utzi itzagun. Au aztertzez amaitu ezkero zer erabaki artu jakingo degu.

FALANJE: (Amorratu) Ez jauna ez! Nun nai nagusi gerala adierazi bear degu. Ez dago Aitzindari ta ez Amabirgiñik!

ZUZENDARIA: Gure Ama agurgarriak ez dizue ezezkorik eman. Bañan zuen asmoa onartu aurretik kapellau jaunari aolkua eskatu naiko dio.

FALANJE: (Irri gaiztoz) Beraz apaiz bat ere ba degu tartean. Zer egiten du emen? Nun dago bera?

ZUZENDARIA: Etxean izan bear du: elizan. Kapellau ta gogo zuzendari degu: ta elizkizunetik at oso arduratsua da: inguruko aurrak kristau ikasbidea erakusteko biltzen ditu; ta langille semeai ta ume beartsuai bestelako ikasketak ere ematen dizkie.

REKETE: Langilleak losintxatzea, berriz ere nagusien aurka jeiki ditezen. Errelijio era berria da ori.

ZUZENDARIA: Aurrak pozik etortzen dira beintzat. Gañera euskeraz erakusten bait, die, eresi, dantza ta guzi.

FALANJE: (Pipertua) Orduan bizkaitar zikin oietako bat izango da Astinduko degu ederki. Guregana agertu dedilla. Olako ze... bat aurrez-aurre ikusteko gogotan nago.

REKETE: Apaiz «gorri» ori nun ibilli da egun oietan?

ZUZENDARIA: Ba... kalean!

REKETE: Kalean, gorri artean, eta bizirik dago? Eta meza ematen zuan.

ZUZENDARIA: Bai jauna.

FALANJE: Oiek dute errua gu lenago errian sartu ez izatea. Komunistai laguntzen ibilliko zan.

ZUZENDARIA: Ez ba, guri laguntzen leia da.

FALANJE: Orain Aitzindariaren «sorginkeria» garbi ikusten da. Apaiza atzean bait dago. Orrengatik gorriek, komentu ontan. onenbeste laguntza arkitu dute.

REKETE: Erriko erretore ta bear bada obispoari salatuko zaio.

FALANJE: Bai zera! Asiera-asierako sasi-apaiz ori soldadu artean artu ta presondegira eraman. (Atadiruntz abituaz) Agindua ematera noa!

REKETE: Pixka bat itxoin zagun. Lenengo berari entzutea da (Zuzendari Amari) Nun dago? Esaiozu etortzeko.

ZUZENDARIA: Deituko det. Elizan izan bear du. (Elizako atetik joanez).

FALANJE: Bele-txio bat eskuetan erori zaigula uste det. Kantaraziko diogu: Kra-kra-kra! ta bestela lumatu, arranetan!

REKETE: Ez geiegi itzegin. Olakoak itzbide ta erantzunetan trebeagoak izan oi bait dira gu baño. Latiña dakiten oiek sarean errez arrapatzen dute jendea.

FALANJE: Aguro asko isildu araziko det. Guretzako ez bait dago lojika solojismo ta antzeko korapilorik. «Lingua... ta manu militari». Zaspi tiro kaskaezurrean ta ez du geiago buru-lanean neka bearrik izango.

REKETE: Zeorri isildu zaite ba. Ori, esan gabe egiten da.

 

 

XI. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA D. MARTIN

 

D. MARTIN: (Burua makurtuaz agurturik) Nere galdera egiten dezutela esaten dit Zuzendari Amak. Emen naukazute.

REKETE: (zakar) Ez genduen zure billa bidali bearrik izango zeorri agertu izan baziña. Españiko gudaroztearen agintariai arrera obea zor zaiela uste degu.

D. MARTIN: Barkatu, bañan ez nenkien nortzuek ziñaten. Izkiludunak inguruan zenbiltzan susmoa izan det, ene eginkizunari jarraitu diot ordea. Etxeko nagusi Aitzindari Ama bait degu ta aren esanera nago.

FALANJE: (asarrekoi) Ipuiak! Ez zera agertu, beldur ziñalako. Oraindik arpegian ezagun dezu-ta. Estali nai arren nor zaitugun badakigu: España aundiaren etsai ta arerioa; separatista purrukatu ta gorrien laguntzale maltzurra. Egundaño egin dezun azpi-lanari orain erantzun bearko diozu.

D. MARTIN: (baretsu) Erantzun? Argi ta garbi gañera. Kapellautza onetara Gotzai jaunak izendatua izan nintzan. Emen egin dedan lan apurra aren baimenaz bete izan det; eta komentu barrukoa Aitzindari Amak onartua noski.

REKETE: Ta matxinadan gorriekin naasita ibilli ta laguntzea Obispoak agindu al dizu?

D. MARTIN: Guda piztu duanari galdegin. Bein sartuta gero apaizek ez dezakegu errilijioaren laguntzarik iñori uka. Ez zindoek gaiztoengandik berezi. Ain gaitza da! Goimaitasuna guzientzako bait da; ta bide txarretik dabiltzanentzat arego. Naspil biurri ontan bearrean dauden oro soroztea degu apaizek xede bakarra: bai zuribeltz eta bai gorri. Ta Jaungoikoaren laguntzaz zerbait iritxi degula uste det.

FALANJE: (Basati) Azaluts! Azpi-suge! itxurati! alena ez beztena! Gezurzulo!

REKETE: (Baretu naiez) Isilik zaude pizkatean!

ZUZENDARIA: (pakezale) Jesusen Biotz doneari eskerrak gaitzetik libratu gera. D. Martin ortan ere asko leiatu da. Ta azkenik zuek España katolikoaren militarrok, Frankoren soldadu kementsuak, berriz komentuaren jabe egin gaituzute.

FALANJE: Jabe? Euskaldun pipiaz jotako lur ustel oiek geren odolaz Españarako irabazi ditugulako, gureak izango dira. (Unetxo bat ondoren D. Martini barego) Gure aurka nortzuek ibilli diran guda-epai maiak erabakitzen al du. Nik bertan zalatuko zaitut, emen, Españaren kaltezko jakingaiak erakutsi dituzulako. Euskeraz bai!

D. MARTIN: Ez dizut ukatuko, ez zuri ta Epaimaikoai; ortan ez bait det egin Elizamaren erakutsiak jarraitzea besterik. Jainkoak emandako izkuntzaz mutillak ezitzea errua baldin bada, errudun naizela aitortzen det. Oartzen zaitut ordea, kristau zeraten aldetik, ez zaizuela zillegi apaiz bat Guda-epai maiaren aurrera eramatea, Eliz-agintariak baimena eman aurretik.

FALANJE: (Berriro suturik) Ori amaitu zan. Orain guda-legea da nagusi; ta gu gaituzu agintari. Jakin zazu Españako izkuntz bakarra gaztelera dala. Au sartuko degu toki guzietan, onean ez ba da txarrean. Sasi izkerak betiko joan dira. Ta... itzez aski degu. Oraintxe gurekin Agintaritzara etorriko zera. Ez badezu gogo onez etorri nai, soldadu artean! Antxe nai aña arrazoi esango dituzu. (Ateruntz abituaz).

D. MARTIN: Azken itza ori badezu zuekin joateko gertu nago. Bereala. Niketz ez dago eragozpenik.

REKETE: Joan aurretik soldauak etxea ta baratza maitzez amaitu zatela; ba ezpada gorriek izkillu batzuek utzi ba dituzte ere. (D. Martini) Bitartean zerbait artu nai badezu, gure gelara joan zaitezke.

D. MARTIN: Eskerrik asko, ez det ezer artu bearrik. Eta nere apaiz-itzak zerbait balio ba du, emen ez dezutea ez izikillu ta ez guda-gairik arkituko, esan bear dizuet. Gañera monjak alperrik nekaraztea litzake...

ZUZENDARIA: Ez, ez, guregatik sartu ditezke.

FALANJE: (Atadiruntz joanez, soldaduai deiturik) Bai, zenbait itzetan ez degu uste aundirik. Guda-mutilak ba datoz. Eta, ondo miatzeko, kristau ez diranak gañera, kexkarik izan ez dezaten. Aurrera!

 

 

XII. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA MARRUEKOTAR MORO-SOLDADU TALDETXOA

 

(Moroak Falanje izarduna aurrean dutela sar bitez)

 

ZUZENDARIA: (zearo izututa) Ene!! moroak!

D. MARTIN: (Asarre) Au geiegizkoa da! Mahometarrak onera sar arazi! Katoliko errelijioari iruzur egitea! (Izardunai sendoki) Jaunak: Enegatik ez bada, etxe done oni zor zaion lots eta itzalagatik; monja oiek, emakumezko argalak, ez iraintzeatik, arren eta arren moro oiek emendik ateratzea eskatzen dizuet.

REKETE: Ez onelako aspamenturik atera. Ez ditue monjak ikutuko. Gañera gorriak egon diran lekuan, egon ditezke moroak ere. Oiek errilijioa bait ba-dute ta aiek ez!

FALANJE: Ta marruekostarrak gure menpeko izanez gañera Españaren alde odola isurtzen ari da. Geiago oraindik, jatorriz españarrak dira.

D. MARTIN: Ez dizut ezetzik esango. Ni ere uste ortakoa natzaizu. Bañan euskal lur ontan, lege zarrak bestela irizten zituen gauz oiek; bestela bereztein gure jatorria, moro ta juduen odoletik. Eta ori alde batera utzita, elizarauz soil-soilez, komentu batean naiz gorri ta naiz beste edozein arrotz mota sartu aurretik, gutxienez Aitzindari Amari baimena eska bear zenioten. Onela itxumustuan moro oiek onera ekeartzea, iñolaz ezin eraman diteken iraiñik lotsagarriena bait da. Ta ez det moruengatik esaten, ekarri arazi dituenengatik baizik.

FALANJE: (amorruaz) Emen ezin eraman ditekena zure nabarmenkeria da. Moroak sartuko dira. Ta kabila osoa gogoak ematen ba digu. Euskaldun emakumezkoak ez dute geiago merezi!

D. MARTIN: (Irain ori entzunez D. Martini ea naigabea ematen dio. Zerbait esan nai du ta ez du asmatzen) O!... (Bitartean Falanjek moroai arabitarrez agindu-ots batzuek eman bitzaie).

REKETE: (D. Martini ) Isilik zaude, obe dezu. Bestela okerrago izango da.

ZUZENDARIA: Bai D. Martin, zer egingo zaio? Jainkoak ala nai izan du. Oiek ere gure anaiak dira-ta.

D. MARTIN: Bai «besteak» ere. Indar pean menperatuko naute, ez nere asarre bizia erakutsi gabe ordea.

FALANJE: (Moroekin, oinkada ozenaz klaustrotik barrena doazela) Bira laister egingo degu. (Reketeari, D. Martin begiraturik) Zure gain uzten det... pizti ori!

REKETE: Aguro ibilli ba da.

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

ZUZENDARI AMA, REKETE, D. MARTIN ETA AITZINDARI AMA
(AU ELIZATIK DATOR)

 

AINTZINDARIA: Erritan ari ziñatela irudi zait. (Isilunea) Noiz berriro pakea biurtuko ote da etxe done onetara? (Isilunea) Mikel goi-aingeruak txerrenaren atzaparretatik atera gaitzala.

REKETE: Ez da ezer izan. Utsa! Sodaduak zarata pixka bat atera dutela.

D. MARTIN: Istillu ta otsa bañan geiago da gaizpide ta ezezpena. Aitzindari Ama! Moroak, komentu ontako babes donea oinperatzen ari dira.

AINTZINDARIA: Moroak? (amoremanez) Gure obenengatik ori ote dagokigu? Jaungoikoa onetsia bedi.

ZUZENDARIA: Gure onerako datoz Ama. Besteak utzi dizkiguten kondarrak jasotzea. Ori esaten ari nintzaion D. Martini.

REKETE: Bereala irtengo dira gañera: azterketa labur bat.

D. MARTIN: Ez zutekean sartu izan bear ordea, Aitzindari Amaren baimenik gabe. Zertarako dira elizako legeak bada?

REKETE: Aitzindari Amari zerbait aitatu diogu.

AINTZINDARIA: Nik nola eman orrelako baimenik. Eliz agintariak or daude.

REKETE: Guda bearrek lagamen oiek zilegi egin oi dituzte.

AINTZINDARIA: Ez det izan aolkurik eskatzeko betarik.

D. MARTIN: Ez oiek ere ez zuten emen moroak sarrarazteko bear larririk. Guzia Iturritzako kapellaua nekarazteagatik. (Sutsu) Apaiz ezik, gizon naizen aldetik, egi osoa jakin zazue ba: anai-arteko guda zital au piztu dutenen aurka nago; kristau zillegigoaren kaltez asaldatu diranen aurka; erri txea zapaldu nai dutenen aundiki ta militar nagusien aurka. Au nunai aitortuko det.

REKETE: (Irri-mirritsu) Arrokeri oiek guda-epai maiaren aurrean esaten dituzun, laister ikusiko degu. Ja! ja ja!

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

LENGOAK, PAXKUAL, ATEZAI, GURUTZE AIZPA;
TA BESTE ZENBAIT MONJA NAI IZAN EZKERO

 

(Toki ezberdiñetatik igesi bezela datoz)

(Zalapartan etorri ala)

 

ATEZAINA: Ene! Komentu ontako atetatik ene denbora guzian ez zan antzekorik ikusi. Jesus! oi itxuskeria! Ta errilijioaren aldekoak zirala guk uste!

PAXKUAL: Morua bein ikusi izan det! Ura gezurrezkoa Antzuolako jaietan. Eta orain egitazkoak eta erria bete! Emen, illargi erdiaren gizonak! Jaungoikoa aldatu egin al da edo?

GURUTZE: Ez, ez, txerrenak bidaltzen dizkigu gu zitzaldian erorazteko. (Aitzindari Amari) Ama emen gelditzen utzi zaidazu! Ez det berriz atera nai!

AINTZINDARIA: (Eztiki) Ez artegatu alaba, geldituko gera, gure otoitzak egiten.

REKETE: Ez zaiteztela beldurtu. Ez zaizue ezer gertatuko. Zurietakoak bait gera (ateruntz doa bakarrik).

PAXKUAL: Ez luke iñork esango, beltz zamarrak bait dira barnen dabiltzanak. Utziko dute zikiña bazterretan.

AINTZINDARIA: (Atezai ta Gurutzerengana urbilduaz) Zer gertatzen da?

ATEZAINA: Zer? Ba, Gotzonek eskutatu bearrean burua, baratzaldean Izaskunekin izketan dagola, ta biak atxiko dituztela.

AINTZINDARIA: (Aitaren egiñez) Beste korapillo bat.

ZUZENDARIA: (Bekoki illun) Ori zentzugabekeria da.

GURUTZE: Maitasuna indartsuago baita beldurra baño.

PAXKUAL: (Ertz batetik) Ba datoz beltzak!!

AINTZINDARIA: Geldi ta isilik guziok!

ATEZAINA: (Agertu ala) Nik niona! Beste biokin datoz.

 

(Monjak kokilduta baztertu bitez).

 

 

XV. AGERRALDIA

 

LENGOAK, IZASKUN, GOTZON, FALANJE ETA MOROAK

 

(Izaskun eta Gotzon erdian dituztela ager bitez; Falanje aurretik)

 

FALANJE: (Arranditsu ta oiuka) Apaiz orrek zergatik ez zigun aurrera sartzen uzten, orain garbi azaltzen zaigu. (Reketeri) Kapitana begira gure eiza!

REKETE: (D. Martin eri goitik-bera) Zer diozu orain kapellau jauna?

D. MARTIN: Ni leenean nago. Zuen egitekoa zuzentzaren aurkakoa dala.

REKETE: (Asarre) Zer egiten zuen gazte onek emen?

 

(D. Martinek Gotzoni begira bekio).

 

GOTZON: Elkarrekin geunden-ta...

AITZINDARI AMA: Etxekoak ditugu biak. Etxeko arotza bat; eta monja baten aizpa neskatxa. Oso onak!

FALANJE: Ez zait ajolarik! Agintaritzan garbian jarriko dute (zirikalari) apaizaren aurrean aitortu nai ez badute ere. Ez ziran errezatzen ariko... Guri jarraitzeko gertu zaitezte. Irurok eta zuk lendabizi (apaizari) epai maikoen aurrean erantzun bear dezute.

D. MARTIN: Gu atxitzeko eskubidea ez dizut ukatuko bañan bai gazte oien izen ona iraintzekoa. Barruntza garbi daukagu eta ez degu beldurrik iñoren aurrean agetzeko. (irmo) Goazen!

AITZINDARI AMA: (Belaunikaturik) Ez! arren eta arren Jaungoikoagatik, auzpez jarrita bear bada, pakean azke laga itzazuela eskatzen dizuet. Irurok errugabe bait dira. Neroni noake Gudari agintaria aurrean erantzutea. Ene itza aski ez bazaizue, errian galdegin zazute.

FALANJE: Alper-alperrik ari zera. Altxa zaite.

AITZINDARI AMA: Gazte zindo batzuek gure etxean barruan atxituta ateratzea gaizki dago. Bañan apaiz onbidetsu bat, onela gaizkilletzat eramatea latzgarria da.

FALANJE: Berak ba-daki zergatik. Apaiz izan edo ez! or konpon!

REKETE: Ez ditugu lotuta eramango.

ZUZENDARI AMA: (Aitzindari Amari) Orduan ez dira ain nabarmen joango Ama. Obe dute lenbaitlen igitzea, onela agurogo garbituko bait dute auzia, ta soldauak pakean utziko gaituzte.

AITZINDARI AMA: Pake txarra eta urria lagun urkoa zapalduta lortzen dana.

FALANJE: (Aginduaz) Txau-txau-txau! Irurok gure aurretik bijoaz, lotu gabe, bañan jakin zazue, iñor iges egiten asten bada su egiteko agindua eman dedala.

D. MARTIN: Goazen! Ez deiogun oien erronkai aitzekirik eman. (Irurok, moroak ondoren dituztela abitzen dira, Agur esanez) (Apaizak suspertzen ditu guziak diolarik) Gora biotzak! (Izaskun eta Gotzoni) Ez degu lotsa bear gaizkille bezela joatez Jesukristo gure Jauna okerrago erabilli zuten. Goikoaren borondatea bedi. Iltzeko gertu dagona aunditasun goitarrenera igotzen bait da.

IZASKUN: (Gurutzeri) Gurutze etxean, esan nola naramaten. Enegatik ez zait batere ajolik bañan etxekoengatik...

GURUTZE AIZPA: (Negarrez aizpa besarkatuaz) Amak artuko duan miña alaba bat onela ikusirik.

GOTZON: Ez doa bakarrik. Esaiozu emen duala seme bat soraziko duana.

D. MARTIN: Lasa zazu biotz ori Gurutze. Geldi zaite bare komentuan. Laister dezu anai bat geiago.

FALANJE: (Zakarki) Malkoz eta antziz aski degu (Moroai, arabitarrez aginduaz) Kristauak nola dantza Aprikan ikasi nuen, Eup! (Abitzen dira: Falanje aurretik, atxituak, moroak eta ondoren Rekete. Atezai eta Sakristauk dauden tokitati aserre ximikoak egin bitzate; monja geienak negar dagite).

REKETE: (Atetik) Zuen otoitzak egiten geldi zaitezteke, ez zaizue deus gertatuko.-Emen gaude gu errelejioa zaitzeko. (Bijoa militar tankeraz agurturik).

ZUZENDARI AMA: (Ateraño lagunduaz) Eskerrikasko!

AITZINDARI AMA: Zaindu? Gu zaindu gaituenak giltzapera daramazkigute-ta Jaso itzagun begiak zerura...

PAXKUAL: Oiek zerutik bonba kixkalgarriak jaurtizen ba dakite gero. Baezpa ere...

AITZINDARI AMA: Alare gure biziak pakearen alde eskeñi ditzagun. (Otoitz egiñaz) «Da pacen Domine, sustinentibus te ut prophetae tui fideles inveniantur»...

 

OIALA GELDIRO

 

aurrekoa hurrengoa