www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kalifornia ku-ku
Antonio Maria Labaien
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (III), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa  

IRUGARREN EKITALDIA

 

(Bigarren ekitaldiko etxe-barne ber bera agertzen da. Zapia altxatakoan, Xanti dago bertan bakar-bakarrik eta bazter batean dagon «secretaire»-armarioa arakatzen ari da. Kajoi batzuek idiki ondoren, auetako batetik sobre-estalki bat ateratzen du, diru-paperez beterik dagoana. Dirua dala oarturik, paper-zorroa jaso ta arin bere sakelean sartzen du. Ontan ari dalarik, Joxepa, etxe-barruko atetik zeletan zegoanak, begira jarri ta ots egiten dio).

 

JOXEPA: Zertan ari zera or?

XANTI: (Bat batean gelditurik) Zera... nere liburu batzuek billatzen ari nintzan.

JOXEPA: Hori ez da zure eskola-liburuak gordetzeko lekua! Orko paperak pakean utzi zazu, aitarenak dituzu-ta.

XANTI: (Lotsagabe) Eta aitarenak ez al ditut nere?... Zuri zer ajola zaizu, gañera? Emen ez zera neskame bat besterik!

JOXEPA: Seme ondatzalle bat baño obe da neskame zintzo izatea.

XANTI: Kontu zarra duzu ori: Ebanjelioko ipuiña... edo. Orain denbora berritan bizi gera ta gazteak ere geren eskubideak baditugu.

JOXEPA: Besteenak errespetatuaz eta gurasoei lotsa gorderik.

XANTI: Lotsa?... zertarako? Horiek burgesen aurre-iritziak dituzu. Antigualeko oiturak.

JOXEPA: Menpetasuna, lanegite ta estudiatzea aspaldiko ta alperrikakoek badira, zurekin familiak laguntza ederrik badu.

XANTI: Familia?... Nere arreba Liernik naiko sermoi botatzen dizkit eta utz nazazu pakean. Zu ez zera nor!

JOXEPA: Premi gorrian guztiok arkitzen geranean, aitaren negozioak gaizki dijoazenean ...

XANTI: Ez sartzea zuan... kapitalista jendearekin.

JOXEPA: Dituzun urteekin ez zentzu geiagorik izatea gezurra dirudi.

XANTI: Zentzua? zertarako?... Laga neri «nere» bizitza egin dezadan. «Gogoa nola, zankoa ara». (Ateruntz abituaz) Etxean itotzen naiz eta automobillean egurastera noa! Boga, boga! Urrutira! ... (Kaleko atetik laisterka bijoa)

 

* * *

 

JOXEPA: (Zer egin ez dakiala, txunditurik gelditu da. Bat batean susperturik, etxe barruko ateruntz joanez otsegiten du) Markos! Lierni! Aguro!

MARKOS: (Berealaxe azalduaz) Zer gertatzen zaizu onela otsegiteko? Onezik al zaude ala?

LIERNI: (Au ere larri azalduaz) Deika ari ziñan, ezta?... Zerbait gertatu al zaizu? Zer da? Zer?...

JOXEPA: (Erdi zorabiaturik eta zurbil) Zer? Gauza onik ez! Zera... Xanti arestian igesi joana dala «secretaire» ortatik (tokia siñalaturik) paper pilla bat artuta... Ikusmiratzen zenbillela arkitu dut. Kargu artu diot eta arrazoi txarrak emanez paper zorroa jaso ta gordeta igesi joan zait, nere esanari kasurik egiteka...

MARKOS: Bada, ziur asko, lapurretan ariko zan! Ea or gordeta neuzkan diruak oztu dizkidan (Secretaire-armaioruntz joanez) Ikus dezagun! (Miatzen asirik)

JOXEPA: Ez nuke ezetzik esango.

LIERNI: Ez zan hori egitera ausartuko.

MARKOS: (Secretaire araktu ondoren) Au dana naspillaturik dago; kajoi guziak idikiak. (Oiu egiñez) Bai! Nere diru-sobrea falta da! Lapurra! ez bestena!

LIERNI: Ondo ikusmira zazu, aita. Beste nunbait gordea izango duzu. Onenean...

MARKOS: Ez dago bere lekuan! Dirua nun gorderik neukan asmatu du, mutil deabru orrek! Nola ordea?...

JOXEPA: Ez zan lenengo aldia izango billa zenbillena. Beldur nintzan, bai, ikusi dudalarik.

MARKOS: Eta ez al diozu ezer esan? Nola utzi diozu joaten?...

JOXEPA: Esan?... Baita erritan egin ere, baiñan alperrik! Edozeiñek geldi arazten zuan. Bereak aundiagoak! Eta itzez iraindu ta gero, alde egin dit.

MARKOS: Nora joan ote zaigu?

JOXEPA: Ez dakit, baiñan urrutira dudarik gabe. Itxura zuanez, kanporako bezela jantzita zegon...

LIERNI: Amerikanoaren autoa artuta Bilboruntz abituko zan. Hori du jostaillu!

MARKOS: Jakiña, dirua gastatzera. Ez daki besterik. Etxeko beharretarako gorderik neuzkan azken amar milla duro! Gureak egin du! (samintasunez)

LIERNI: Ala baldin bada, negar-malkoekin ez dugu ezer aurreratzen. Ez da urruti izango naiz amerikanoaren «Pontiac» berrian joan bada ere. Laister arrapatuko diogu azterrena atzetik joanez. Kalera noa ea norbaitek laguntzen ote naun (abituaz)

MARKOS: Zoaz, zoaz, Lierni! ni ez naiz ezertarako gauza ta.

JOXEPA: Ni gutxiago, berriz.

LIERNI: Bai, zuek geldi zaitezte emen. Ni banoa... ta lenengo poliziari parte eman eta jakin araztera. (Arin, arin bijoa)

JOXEPA: (Negarrez eta erdi zorabiaturik) Au da naigabea! Ez nion emendik ateratzen utzi behar! Ai ene!

MARKOS: Zoaz oiera, Joxepa! Itxura txarra artzen ari zera! Ezin bait zera zutik egon! (besotik eutsiaz)

JOXEPA: Arritzekoa al da? (Kezkaz gaiñezka) Atea itxi behar nion, baiñan, nola?... nagusiaren semeari? Gozoa jarriko zitzaidan!

MARKOS: Ai koitadue! Guri salatzeaz aski egin duzu. (Joxepa besotik maiteki elduta barneruntz darama biok ezkutaturik)

JOXEPA: Ai ene, Markos!

 

* * *

 

(Unetxo batean antzeztokia iñor gabe gelditzen da. Berealaxe, ordea, beste ate batetik agertu bedi Agustiñe).

 

AGUSTIÑE: Emen izketan eta jardunean ari zirala iruditu zait... Eta ez dago iñortxo! Lurrak jan al ditu? (Otsegiñez) Markos!... Lierni!... Joxepa! Nun sartu zerate?... (alde guzietara so egiñez).

MARKOS: (Berriz agerturik, bekokia illun) Emen nago, bai. Eta ez zu bezin lasai.

AGUSTIÑE: (Senarrari begiratuaz) Jaso zazu buru hori, gizon! Ez duzu orrenbeste estutu behar. Fabrika itxi dala?... Idikiko duzute berriz. Negoziak aldi txarra duala?... Laister zuzenduko da Mr. Simpsonek agindu duanez. Bitartean... zerekin bizi ba dugu...

MARKOS: Ez da fabrika ta negozioa bakarrik gaizki dijoazenak, famili guzia baizik. Eta zu, etxekoandre... pikopean zaude...

AGUSTIÑE: Eta zer nahi zenduan egin nenzan?

MARKOS: (Samintasunez) Semea ez ain gaizki ezi ta bigunkeriaz alperrik galdu izan...

AGUSTIÑE: Orain... nik al dut erru guztia?... Gogorkerian ezitakoak ez dira obeak ateratzen...

MARKOS: Ez, e?... Zuk ikusi. Oraintxe zure seme kutun hori «secretaire» ortan (mueblea siñalatuaz) gorderik neuzkan amar milla duro ostuta igesi joana da.

AGUSTIÑE: (Bat batean txundituta ta eskua bekokira eramanez, naigabez eseritzen dala) Ez da egia izango! Beste nunbait gordeak izango dituzu. Ondo miatu al duzu?

MARKOS: Berak bai ederki miatu ditu bazterrak ni etorri aurretik... Ez du ezer utzi. Etxean txanponik gabe gaude.

AGUSTIÑE: Etxeratu dedinean garbitasuna egindo da. Azalduko al dira diruok!...

MARKOS: Bizitzeko aien zai bagaude... gerria estutu beharko dugu, eskean asiaz.

AGUSTIÑE: Orretarako daude Bankoak, dirua aurreratzeko.

MARKOS: Ez genduen orren beharrik zuk semeari emandakoak eskuan bagenitu, azkenik kolpe txar au bururatzeko.

AGUSTIÑE: Gaztetasunaren makurkeriak dituzu. Xantik biotz ona du, bide onera itzuliko da ta urteekin, baita zentzatu ere.

MARKOS: Bai, gu ondatu ta ilda gero! Ez dut geiago aren berririk jakin nahi. Semea bukatu da neretzat. Eta baita ere Karlos, bere emazte ta famili guzia...

AGUSTIÑE: Adiskide kutunena Karlos hori zenduan bada...

MARKOS: Beñere ezagutu izan ez banu ainbat obe! Amerikano soziedadean ark sartu nindun; ark ugazaba egin, azkenean zorpean ta zikindua uzteko. Bera, aldiz, or dabil ez esku garbiz, baiñan bai sakela beteta...

AGUSTIÑE: Asiera onak izan zenituen eta aren asmoak ez ziran txarrak, Mr. Simpsonek laguntza geiago eman izan balu...

MARKOS: Ez, amerikanoak joku garbiago egin digu. Agindutako patente ta dirua ere ekarri zizkigun. Kapitalaren korrituak eta irabaziak ateratzera zetorrela ez zigun beñere eskutatu. Ipar-amerikako tankera ezaguna da, eta onek ez gaitu atzipetu...

AGUSTIÑE: Bai, orain ere ala dio, berriz ere fabrika zabaltzeko gerturik dagola.

MARKOS: Ez nere laguntzarekin! Berak bakarrik egin dezala gogorik ta dirurik baldin badu... Lanegiteak ez dit beldurrik ematen. Lehenago ere nere izerditik bizitzen oiturik nengon...

AGUSTIÑE: Nagusi bezela oituta gero besterik da. Orain askozaz diru geiago behar dugu.

MARKOS: Nik bada-ezpada, or gorderik neuzkanak, nere lanez, nekez aurreratuak... semeak ostuta eraman dizkigu! Azkenekoak ziran!

AGUSTIÑE: (Negarrez) Ez zaidazula gogora arazi, ezin sinistu dut-eta. Entzuteak bakarrik gaxotzen nau! (berriz negar-zinkuriñez)

 

* * *

 

(Senar-emazteak isilune garratzean elkarri begira gelditzen dira).

 

MIRARI: (Etxe barrutik sartu ta amaren malkoak ikusirik) Zer gertatzen zaizu amatxo?...

AGUSTIÑE: (Malkoak txukatuaz) Ez da ezer...

MARKOS: (Zakar) Ezer baño geiago, nik uste, ta... (Mirariri) zuk ere jakitea komeni da. Ez zera aur bat...

MIRARI: (Amaren itxura ta aitaren begiratu zorrotzaz zerbait izututa) Gaxorik al zaude mamy? Ongi ezik?... Zerbait ekartzea nahi al duzu?

AGUSTIÑE: (Susperturik) Ez, ez, utsa da, ezer gutxi! Xantik eman didan naigabeaz bazkaria gatzitu zait.

MIRARI: (Amari musu eman eta maiteki eskuakin bekoki ta aurpegia laztanduaz) Kamomilla katillutxo bat artuko duzu... Prestatzera banoakizu...

AGUSTIÑE: Ez, ez, zaude. Orain ez, pasa zait...

MARKOS: Zure amaren ongi-eza ta etxe ontako gaitzak ez dira «tisanarekin» sendatzen. (Alabari) Eta zuk... gertatutakoaren berri jakin behar duzu, gure alaba zeran ezkero...

MIRARI: Ez badidazu garbiago ta... argiago adierazten... Ez dakit itzik ere.

MARKOS: Ez e? ... Zure anai Xantik or secretaire barruan gorderik neuzkan diru guziak lapurtu ta igesi joan dala. Besterik ez! Etxetik alde!

MIRARI: (Ajolakabe) Gastatutakoan etorriko da, bai...

 

(Amak, keñuz, isil dedilla adieraziaz).

 

MARKOS: (Asarre) Ergela ez bestena! Etxean aizez biziko gera! Jan nahi badugu, zuk ere, or nunbait, lanegiten asi beharko duzu. Jakin zazue, ni ondaturik nagola. Zuek kontuak atera ta ogi billa joan!

MIRARI: Etxetik bidaltzen banazu, kanpora joango naiz, neskame bederik... edota aur-zai... Ala... neska-kaskariñ! Orain bertan gañera!... (histeriko-antzera)

AGUSTIÑE: Ez zazutela aita-alabak gauza ain estu artu. Ezta gure larria orrenbesterañokoa!

MARKOS: Nik ez ditut seme-alabak etxetik jaurtiko, baiñan bai lan-egitera behartu, bizimodua irabazi dezaten. Ez neri dirurik eska, ez daukatelako! Eta are gutxiago alper eta buru arroak mantentzeko. Beraz... (Mirarik negarrari ematen dio)

AGUSTIÑE: Markos! ez zazula orrela mintzatzen jarrai! Semearekin naigabez aski dugu-ta...

MARKOS: Ez, ez dut jarraituko! (Bat batean etxe barneruntz abituaz) Esan behar nuana esan dut (bijoa).

 

* * *

 

AGUSTIÑE: (Umilki, erreguka) Baiñan, Markos! Ez orrela jarri! (Ondoren dijoakiola) Gauzak antolatuko dira. Ez duzu guzia ain beltz ikusi behar. (Mirariren aurretik igarotakoan oni aolku emanez) Zu geldi zaite emen. Eta zaude lasa, bururik galdu gabe, kanpotik etxera norbait ba ote datorren ere! (Bijoa)

MIRARI: (Bakarrik gelditu ala, malkoak txukatzen ditu ta ispillu aurrean bere burua begiratuaz, orrazkera ta jantzia antolatzen asten da, ezpañak lapitzez gorriturik eta masaillai ikutuak egiñez, edertasun kariaz... Ontan ari dalarik, ateko tinbreak otsa joko du —triiiin... triiiin. Joxepa barrendik agertuaz atea irikitzera dijoa).

JOXEPA: (Atea zabaldutakoan etorri berriari) Bai jauna! Sar bedi aurrera! (Joxepa berriro etxebarrura dijoalarik, Mr. Simpson etxera sartzen da, esku-kartera ta guzi, beti bezin ez-ajola, lasai ta zalapartatsu... erdi berdoztuta baletor antzo...) Alo, alo! (Mirari agurtuaz) Miss Mirari! My dear!... Miraria da bai! shoking! zu bakarrik arkitzea... Asko poztutzen naiz...

MIRARI: Bada, gure etxea ez dago poz eta jolaserako... Anaiarekin naigabe aundi bat izan dugu ta gure aita asarre bizian dago...

MR. SIMPSON: Zure guraso, zure anai-arreba ta zu... nik alaituko zaituet dakarkitzuedan berri onekin. Joku garbia! bai Fair play.

MIRARI: Gure aita ez duzu aldarte onean jarriko, ezta amorrai arrantzara eramaten baduzu ere! Fabrikan izan duzuten istilluek ezkero bekozko illuna dabilki.

MR. SIMPSON: Diruarekin kopetilluna argituko zaio, bada lantegia berriz zabaltzeko baimena Amerikatik artu dut...

MIRARI: Berri onak ditugu orduan?...

MR. SIMPSON: Bai, baiñan, nik, lehenago, zurekin, Mirari, maite zaldun-andrekiko tratua egin behar dut, gentleman agreement tratua...

MIRARI: Losintxakerian al zatoz edo...?

MR. SIMPSON: Ez, my love! zuganako... (Mirariren eskua arturik) amoriyo ta maitakeria... Nik zurekin ezkondu nahi dut. (Arritu zamar Mirarik atzeruntz egiten du eskua libratuaz) Ez al nazu gogoko?...

MIRARI: (Amore emanaz) Onela bat batean... Ez gaude zinean. Emen gertatu diranak gertatuta... Ez nuan olakorik uste.

MR. SIMPSON: Oitutzen joango zera... (gerritik eldu nahiez)

MIRARI: (Uzkur aldenduaz) Zertara oitu?...

MR. SIMPSON: Nere andre-gai izatera! ... (atzetik darraikiola) Ez zaizu ezer faltako: diru, jantzi, pitxi...

MIRARI: Eta beste zure andrearekin zer egin behar duzu?... Emen ezin diteke ain errez ezkondu!

MR. SIMPSON: Ez dio ajolarik! Amerikan ezkonduko gera ta Kalifornia zoragarrian gelditu bizitzen...

MIRARI: Nun?... Hollywooden?... Fama txarra dizu... Dibortzioen kabia... Eta nere gurasoak ez didate baimenik emango.

MR. SIMPSON: Baimena?... Guzia antolatzen da: baimen, paper, eta auzitegiko legeak...

MIRARI: Eta eleizako legeak zer?

MR. SIMPSON: Ortan ez nago oso trebe. Elizara gutxitan joan oi bait naiz. Apaiz artean ezagun gutxi ditut, baiñan limosnekin ate guziak irikitzen dirala entzun dut. Ez da ala?...

MIRARI: Nik nere gurasoekin mintza aurretik ezin dizut ezer agindu. Eta ez da au nere aitarekin itzegiteko unerik egokiena. Ez da aitatu ere. Ez naiz ausartzen.

MR. SIMPSON: (Berriz maitetsu eskua arturik) Emakumezkoak zerbait nahi duanean, azkenerako lortzen du. Zu ez bazera ausartzen, nik itzegingo diot zure aitari. «Alaba... al danean ezkontzen bait da».

MIRARI: Eta gizonezkoak, aldiz... «nahi duzutenean»...

MR. SIMPSON: Ez beti! Ez da ain errez, baiñan zuk nahi izan ezkero...

MIRARI: Nere aldetik eragozpenik ez izanagatik, beste nunbait daude trabak... Etxe barruan dugu orain iskamilla... Eta nolakoa! Ixo!... Entzun?... (adi-adi barrundik datorren otsari) Onuntz datoz. (Mr. Simpsonengandik bereziaz) Gauden isilik! Nere aita-ama dira... Zer gertatu ote da nere anaiarekin?...

MR. SIMPSON: Gurasoak?... Ederki! Onela zure eskua zuzen-zuzenean eskatuko diet.

 

* * *

 

MIRARI: Zaude isilik! Itxoin zazu! (Agustiñe ta Markos sartu bitez)

AGUSTIÑE: (Arriturik) Zu emen, Mr. Simpson?

MR. SIMPSON: Zuei bixita bat egitera. (Senar-emazteak agurtu bitza. Markosek ordea arrera otsa egiten dio)

MARKOS: Garai txarrean etorri zera...

MR. SIMPSON: Bai, Mirarik esan dit zerbait. Eta nik zurekin itzegin nahi dut... (Markos eta Mr. Simpson alde batera baztertzen dira, bestean ama-alaba daudelarik)

MIRARI: Ama! Xantiren berri jakin al da?...

AGUSTIÑE: Lierni joana da billa ta etxera datorren arte itxoin egin behar. Ez dakigu gauza garbirik... (Solasean badarraite)

MARKOS: (Mr. Simpsoneri zakar) Gaur ez dedala ezer jakin nahi esan dizut.

MR. SIMPSON: Bigar berandu izango da bada... Laister abioez abiatzekoa naiz eta...

MARKOS: Egin zazula bidai on! Eta laño ta odei tartean kontuz ibilli!...

MR. SIMPSON: Zuen etorkizuna... eta zure alaba Mirariren zoriona ere baditeke laño oien artean arkitzea...

MARKOS: (Solasaldia zakar etenaz) Bai! illargitan! (Aginduaz) Mirari! lagundu zazu jaun au atera! Familiakoak bakarrik egoteko beharrean gaude-ta...

MR. SIMPSON: (Zirikada jasoaz eta mindurik) Atea nun dan badakit eta banoa! (Ateruntz zapuztuta abiaturik, kartera aztuta utziaz)

MIRARI: (Zer gerta dan oarturik) Au lotsa! Baiñan, aita!

AGUSTIÑE: Ez da gizalegezko jaun bat onela etxetik bidaltzea!

MARKOS: Lehenago bidali izan banuen, eta geiago agertuko ez balitz obe! (Mr. Simpson kanpora dijoala ikusirik)

AGUSTIÑE: (Negarrari emanda) Au lanbidea gurea!

MIRARI: Nik zer esango dut!

 

(Irurok urduri. Markos batetik bestera ezin egonik dabil... Agustiñe ta Mirari malkoak dariela).

 

MIRARI: Ama! Ez larritu! Gauza asko esan behar dizkitzut (isilpean) baiñan ez aitaren aurrean. Goazen barruko gelara (ama-alaba bijoaz).

MARKOS: (Unetxo batean Markos bere lekuan isilik dago ta geldirik. Alako batez berriz mugitzen asten da diolarik) Naigabeak, bederen, gizonki jokatzen erakutsi dit! Bai, eta nere etxean jaun eta jabe izaten! (Au esanez akituta, lorpean edo eseri bedi burua esku artean arturik. Ontan dagola, Simon sar bedi ta nagusia jota ikusita, arduraz mintzatzen asten zaio atetik)

SIMON: Nagusi!... Ugazaba!...

MARKOS: (Otsegiten diotela oarturik burua jasota) Zu al ziñan? Zer zabiltz, Simon?...

SIMON: (Totel eta motel itzak ezin asmaturik) Bada... zera... nola... Badakizu. Lierni ta biok oraintxe etorriak bait gera...

MARKOS: Lierni!... Nun da nere alaba?

SIMON: Or barruan... amarekin gelditu da.

MARKOS: (Berri-min) Eta zer?... Zerbait jakin al da? Itzegin nahi ez duzula dirudi... Semearen aztarrenarik sortu al du? Ez neri ezer ezkutatu, gero!

SIMON: (Beldur zalantzan) Ez jauna... Bai jauna!... Zera, Xanti agertu da, baiñan ez dira berri onak! ...

MARKOS: Esan bada guztia, dan bezela! Nun da?...

SIMON: Bada, automobillean zijoala, amerikanoaren auto «Pontiac» aundi ortan...

MARKOS: Bai... zabalegiak dira gure bide estuentzat.

SIMON: Orregatik nunbait, eta laisterregi zijoala, Goiko Errotako zubian bazterra jo ta amildu da...

MARKOS: (Izuikarez) E?... Il dala?...

SIMON: Ez, ez, baiñan oso gaizki zauriturik atera dute ta orain klinikan dago.

MARKOS: (Bere burua nahigabepean eserlekuan etziñik) Ai, seme! Hori da lengoaz gain behar genuena... (Negarrez) Aren bukaera ikusia zegon! Esaidazu, arren, nun du zauria, aita naiz eta!...

SIMON: Toki askotan, baiñan okerrena buruan omen du. Ezaguera galdurik dago.

MARKOS: Eta medikuok zer diote? Bizirik aterako al da?...

SIMON: Zer ikusi aundia dagola-ta, ezkor, pesimista daude...

MARKOS: Seme doakabea, bai, eta guraso errukarriak gera onela mutilla galtzen badugu!... Ene Jainkoa! Auxe da naigabea! (Malkoak ezin eutsiaz) Nun da Lierni? Nun?...

SIMON: Or sukaldean gelditu da, berri txarra amari pixkana pixkana ematen. Gaixotu ez dedin!... Ain du semea kutuna.

MARKOS: Itsu-itsuan maitea. Geiegi ere bai! Ez dakit zer gerta behar zaion. Eta ez ote dan obe zalantzan egotea baño guzia bat batean jakitea. (Oiu samiñez) Lierni!...

 

(Negarrari emanda berriz eseriaz).

 

SIMON: (Isilune baten ondoren ateruntz joanez) Lierni! Atoz lehenbaitlehen!

LIERNI: (Sartu ala, aitaren besoetara joanez) Aita! Au samiñaren aundia! (Estu besarkatu ta malkoak isuriaz)

MARKOS: Gertaturiko ezbearra izugarria da! Simonek esan dit... Nola ordea?... Bakarrik al zijoan?

LIERNI: Bai, bada... Amerikanoaren autoa artuta, Bilboruntz abitua zan... (Jarrai eziñik)

SIMON: Bilboruntz... Pagogarate portu aldera beintzat. Andik aurrera ez dakigu zer nolako asmoak izango zituan.

LIERNI: Bide hori artu zuala jakin genduanean, Simon eta biok onen auto txikian atzetik jarrai genitzaion, ea noa joana zan garbi jakiteko.

SIMON: Ez zan errez ua nere auto txikiarekin arrapatzea. Aurrea artu bait zigun, ark ibilli oi zuan abiaduraz... Baginjoazen bada eta...

LIERNI: Bat batean gutxiena uste izan genduanean, Pagogarateko malda beheran, Errota aundiko zubipean auto bat amilduta ikusten dugu... Amerikanoaren «Pontiac» tzarra zala antzeman nion... Simoni gelditzeko esan nion!

SIMON: Onek esan arte ez bai nintzan kontuan erori.

LIERNI: Gelditu bagera gelditu gera! (Zinkuriñez) Ua zan ikuskizun negargarria!

SIMON: An errekan autoa iraulia ta zapal-zapal egiña...

LIERNI: Hori gutxiena zan... An bidetik zetozten gizon bi ta errotariak iruron artean jasorik Xanti zekartela ezagutu dut. Bera zan. Korderik gabe...

MARKOS: Baiñan bizirik...

LIERNI: Bai, aita! (Negar egin eta aita besarkaturik)

SIMON: Autotik ateratzea kosta egin omen zitzaien, eta gero nik ere errotaraño eramaten lagundu nien. Arnasa artzen zuan eta onena klinikara ekartzea izango zala-ta nere kotxean etzinda poliki-poliki jarriaz an eraman dugu San Kristobal Klinikara, andik telefonoz otseginda gero. Antxen dago...

MARKOS: Gizarajoa! Zauri ta min aundienak nun ditu?

SIMON: Buruan eta ezkerreko anka ta iztarrean... Medikuek sendakintza oraintxe egiten ari zaie ta esatera etorri gatzaizkitzue. Operazioa egin arte obe etxekoak aurrean ez egotea.

MARKOS: Bizirik ateratzen bada gaitz erdi.

LIERNI: Gero ikusi behar, ordu laurden bat barru edo, inyekzioak indarra galtzean, esnatzen dan ala ez. Amari ez zaio esan behar ain gaizki dagoanik... Kolpe txar bat besterik ez dualakoan dago.

MARKOS: Nola nahi ere, semea ikustera bereala nahiko du joan...

SIMON: Ez zaio utzi behar. Eta (barruko ateruntz begiratuaz) onuntz badatorrela uste dut. Bera da, bai, Mirarirekin!

LIERNI: Aita! Zuk gizonki joka zazu. Sendo gauden biotzik ez bagenu bezela. (Malkoak txukatuaz) Ez maskuri!

MARKOS: Gauza banaiz bai. Etxe ontan zuk izan behar zenduen «gizon» ta ez zure anaiak. Ez neu!

 

(Agustiñe eta Mirari sarturik,
oro zinkurik eta malko).

 

AGUSTIÑE: (Senarrarengana urbildu ta besakarturik) Markos! Zoritxarraren aundia! Xanti min arturik klinikan dago ta ikustera joan behar dugu. Bereala!...

MARKOS: Oraindik ez, Agustiñe, operazioa egin arte! Semea orrela ikusteak zirrada gaitza egindo lizuke. Noiz joan klinikatik gaztigatuko omen digute.

LIERNI: Bai, ama! Itxoin zazu. Klinikatik deitzean elkarrekin joango gaituzu.

MIRARI: Ni aurretik joan ninteke zuek emen geldituaz.

AGUSTIÑE: (Histerismopean) Ez, ez! Nik bereala ikusi nahi dut! (Oiu ta garraxi egiñez) Ai! Ene seme maite!... Nun zaude, nun?

MARKOS: (Besotik eldu ta baztarrera eramanez) Ez zaite orrela jarri, emakume!

LIERNI: (Gurasoengana bilduaz) Baiñan, ama! Baretu zaite! Laister joango gera Xanti ikustera. (Agustiñe ezin bareturik daudela, telefono-deia entzun bedi ta bat batean zalaparta isiltzen da) Mirari! (aizpari) Zoaz nor deitzen ari dan ikustera. (Guziok telefono otsari adi-adi...)

MIRARI: (Urrutizkiña eskuan arturik) Nor da?... Bai!... Amuategiren etxea... Bai... Klinika?... Bai! Eta zer?... Gaizki dagola?... Il dala?... (Tresna utzirik) Klinikatik deia zan... (Trixte, samintasuna ezin gorderik) Bagoazke...

AGUSTIÑE: (Oiu samin bat zintzurrean lertzen zaiola, zinkurin eta eiagoraz gañezka, zutik ezin egonik erortzen asten da. Inguruan dauden Markos eta Liernik eusten diote. Simon ere laguntzera dator. Guzien artean silloi batean eser arazten dute. Agustiñek ea zirkiñik ez du ateratzen)

LIERNI: (Otsegiñez) Ama! Amatxo! (Eskumuturra estutuaz eta beso ta korputza astinduaz) Ezaguera galdu du! Arnas larria besterik ez zaio nabaitzen...

MARKOS: Biotzeko gaitzak joko zuan, infartoren batek... (Eskumuturretik elduaz) Ez diot takatekorik naibatzen. Medikoari otsegin dezaiogun! Aguro! Simon, zoaz!

SIMON: Aurrena etzanda oiean jarri dezagun! Arnasa artzen du-ta.

LIERNI: Onena oiera eramatea izango dugu, bai! Ea guztion artean! Joxepa! Oia presta zazu!

MIRARI: Nik telefonoz medikuari deitzera noakio.

 

(Danak jabetasuna galdurik,
zalaparta bizia sortzen dute).

 

JOXEPA: (Agertuaz eta oso izututa) Jesus milla bider! Zer da gaur etxe ontan? Orain etxekoandrea gaxorik?

SIMON: Guzion artean oiera eramango dugu... Kontuz, e? Joxepa, burua jaso zaiozu. Nik gorputzari atzetik elduko diot. Zuk aurretik, anketatik... bai!

MARKOS: Kontuz, ordea, Lierni ta biok arretaz altxako dugu.

MIRARI: Nik gerritik... (Esan bezela, guziok egin bezate pizkana pizkana barneruntz eramanez)

LIERNI: (Aizpari) Zuk utzi zazu! Zoaz telefonori medikuari otsegitera!... (Agustiñe ea ezkutatu dutelarik, Mirari telefonora joana da eta zenbakia beatzekin jarriaz urrutizkiña belarrira darama)

MIRARI: Alo! Alo! Klinika?... Bai, Amuategiren etxea. D. Pako bereala etorri dedilla, ahal badu!... Ez? Bestela, D. Paulo. Ama oso gaizki jarri zaigu, atakeren bat edo... Ez, gauza onik ez! Eta gure anaia zertan da?... Bere senera ez dala etorri!! (Telefono tresna bat batean zintzilik utzirik eta negar egiñez) Ain denbora gutxian naigabe geiago gerta al ditezke? Anaia zerraldo, ama il zorian... Ni... umezurtz... Adur txarra! (Malkoak dariola eseri bedi burua kuskurturik. Ontan, barruko atetik Joxepa ta Simon larrituta datoz)

JOXEPA: Medikuari otsegin al diozu?... D. Pakori?...

MIRARI: Bai, Joxepa. D. Pako ez baldin bada, D. Paulo etorriko al zaigu. Klinikatik oso berri txarrak eman dizkidate.

SIMON: Angoak eta emengoak, oro bat! Onela jarrita ez dugu ezer aurreratzen. Ez jakin zer egin!...

JOXEPA: Nerekiko, etxekoandrea, zure ama, oso gaizki dago. Semearen ondoren amak ere il beharko ote du? Jainko maitea! Apaizari deitzera noa elizakorik gabe il ez dedin. (Ateruntz joanez, Mirariri) Eta zu, gaxoa, zoaz gelara ama bizirik ikusi nahi badezu, Lierni ta aitari laguntzera, jota daude-ta.

MIRARI: Zer nolako eguna gaurkoa! Goibela osoki!

 

(Etxe barrura doa, Joxepa kaleko atetik kanpora irtentzen dalarik. Simon bakarrik gelditzen da).

 

SIMON: (Bere buruarekin gogoetan) Nik emen zer egin nezake?... Itxoin... eta ez luzaroan. Gertakariak aguro bata bestearen gañera bait datoz... Familia zapaltzeko naiko ta geiegi dira ta ni ere azpian arrapatzen naute. Bizitzan, egia da bai, zirkunstanziak, ingurumaiak, agintzen dutela. Ama ta semea bata bestearen ondoren akako dira! Erruki ditut! Ezbearraren aundia! Baiñan, nere barruan, benetan Markos eta Liernik ematen didate min! Lizardiren bertsoak gogora datozkit:

                «Biotzean min dut, min etsia,

                negar ixilla darion miña...».

 

(Gogoetan dagola isil eta burua makurturik, Markos gelatik datorrela sartzen da. Simon ikusirik biotzmin aundiz itzematen dio).

 

MARKOS: Simon!... Bakarrik utzi al zaituzte?

SIMON: Ez nagusi, zuekin bat egiñik nago ta biotzez zuen naigabean laguntzen zaituztet.

MARKOS: (Erdi negarrez) Eskerrikasko Simon! (besarkaturik) Au da etxearen ondamena! Semearena aski ez zala orain nere emaztearen egoera larriak zanpa-zanpa egiten gaitu. Ez nago ezertarako. Ez dakit klinikara joan ala emen geldi...

SIMON: Ez nazu nor zuri aolkurik emateko. Gutxi dezaket, baiñan zuen atsekabea arindu al banezake... Ez zait aaztu naizen guzia zuri zor dizudala.

MARKOS: Nere samintasunaren erdian, zure itz oriek poz ematen didate...

SIMON: Ez nizkitzun esan izango aberats okitu ta ugazaba-goi mallan jarria ikusten zindudanean. Baiñan, orain, ezbehar eta oñazepean zaudelarik, zurekin bat nator... eta... etxekotzat ar nazazula eskatzera ausartzen natzaizu... geiegi ez bada...

MARKOS: Seme bat galdu dudanean, zer geiago espero nezake beste bat obea irabaztea baizik?... Liernik gogoko zaitudala badakit...

SIMON: Ez da auxe gai ortaz jarduteko unea... Xanti zerraldo ta etxekoandrea il urren dituzunean.

MARKOS: Zergatik ez? Gu bizi izateko oraintxe nago pozkario bearrean... Ez al duzu orrela uste?...

SIMON: (Isilune baten ondoren) Zera... (Etxebarruko ateruntz begiratuaz) Emen dugu Lierni!

 

(Lierni gelatik agerturik).

 

LIERNI: Ama obetoxeago dagola dirudi. Beste inyekzio bat sartu diot alkanfor oliozkoa ta arnasa lasaxeago artzen ote duan nago. Ez badu beste erasorik izaten iraungo du. Mirari an gelditu da oe ondoan zai...

SIMON: Medikua ere laister etorriko dala uste dut. Eta Joxepa apaizaren billa joana da...

LIERNI: Erretore jauna ez da urruti bizi. Onuzkero bidean da ta elizakoak artutakoan guziok lasago geldituko gera.

MARKOS: (Lierni ta Simonen artean kokaturik) Bitartean... zuek elkarrenganako duzuten zaletasuna da gelditzen zaidan argi izpi bakarra... Eta maitasun hori agertu dezazuten, nere baimena ez ezik nere borondate guzia oso-osorik ematen dizuet.

SIMON: Eskerrikasko nagusi...

MARKOS: Aita! deitu nazazu...

LIERNI: (Lotsaz) Baiñan, aita! Gauza orietaz mintzatzeko ordua ez da auxe, etxeko-andrea, ama-semeak galduta negarrez gaudenean.

MARKOS: Zergatik ez?... Oraintxe da garairik egokiena... (Lierni ta Simonengana urbilduaz besarkatzen dituala) Bai, bai!... (itzegiten ezin asmaturik) Bai, bai! (Samurkiro burua galdurik) Berriz ere amorraiak arrapatzera joan al izango naiz...

LIERNI: Baiñan, aita! Txolintzen asi al zera?

MARKOS: Oraingo naigabea aztu nahi dut... atzoko zoriona oroiturik... bigarkoaz amets egiñez...

LIERNI: Gaurkoari eman behar zaio arpegia...

MARKOS: Ez naiz gauza...

SIMON: Lanean ondo gogorra izan zera bada...

MARKOS: Bai baiñan urteak, atsekabe ta ezbearrak biotz-bera egin naute... (Bat batean Mirarik etxe barruko atetik izuikarez oiu egiten du: «Atozte! Aguro! Amari beste atake batek eman dio! Iltzen ari da!» Guziok zalapartan barneruntz abitzen dira. Liernik Simon geldi arazten du)

LIERNI: Zu zaude emen, edota obeto apaizaren billa zoaz! Ea zertan dan Joxepa...

SIMON: (Beste guziak etxe-barrura joan diralarik, kanpoko ate-tinbrea jotzen asien da, bat batean telefono-deia ere bai. Nora jo ez dakilla, telefono tresna artzera doa) Zein da?... Bai, Amuategi-etxea... Klinika?... Ta zer? ... Il dala?... Xanti!... (Tresna bere lekuan lagarik eta samintasunez) Gureak egin du! Ez diet oraindik etxekoei ezer esango. (Kezkati ta goibel) Albistea dugu auxe (Ateko tinbreak jotzen dalarik eta Simon zalantzan dago zer egin ez dakiala) Noan atera ea berri oberik ote datorren... Apaiza edo... (Bijoa ateruntz ta atea zabaldutakoan, Mr. Simpson agertzen da beti bezin ergel eta ajolakabe)

MR. SIMPSON: Arratsalde on! Ja, ja, ja! Kartera billa nentorren. Au bait da iñun utzi behar ez dana (Kartera jasoaz)

SIMON: (Berekikoz) A zer nolako apaiza... Kaliforniako artzai amerikanoa! Garai txarrean zatoz...

MR. SIMPSON: Bai, berandutu egin zait, wisky batzuek edaten gelditu naiz-eta... (Simon losintxa naiez) Urrena konbidatuko zaitut wisky artzera... elkarrekin joango gera.

SIMON: Ezta vodka eskeintzen badidazure...

MR. SIMPSON: A bai! Ja, ja, ja! Orain gogoratzen naiz. Zu fabrikan komunistan aldekoa ziñan, eta beraz Amerikaren kontrakoa...

SIMON: Ez bat eta ez beste. Ezbearrak eta bizitzak erakutsi didate Amerikako U.S.A. eta Errusiako U.R.S.S. letra geienak berdintsu dituztela. Mozkor-edariak ere bai: wisky ta vodka... kapitalismoarenak...

MR. SIMPSON: Ja, ja, ja! Ez dago gaizki esana. Gu erri atzeratuetara jendeari dirua irabazi araztera etorri oi gera.

SIMON: Dirua irabazi arazten mutillak zerate bai, baiñan ez gizonak irabazten... Ontarako jende xeharen ezaguera ikasi behar duzute. Anaitasuna, Justizia... Begira... ordu txarrean zatoz etxe ontara.

MR. SIMPSON: Zer bada?...

SIMON: Ez al dakizu gertatu dan emen?... Zure autotzar berriari zer gertatu saion?...

MR. SIMPSON: Nere «Pontiac» berriari? Nork eraman du?

SIMON: Xanti, Amuategi jaunaren semea, eta biak zubitik bera erori dira.

MR. SIMPSON: (Asarre ta oiuka) Nere «Pontiac» berria? Ezin diteke. General Motorseko kotxe ederrenarekin amildu?

SIMON: Bai, eta an gelditua da txatarra egiñik.

MR. SIMPSON: Ez dut sinisten. Banoa ikustera (laisterka ateruntz abituaz)

SIMON: Bai, zoaz emendik, edota bestela neronek bidaliko zaitut! Zure automobillaz bertan zijoan gizonaz baño geiago kezkatu zeralako. Jakin zazu ordea zure «Pontiac» zirtzilatu bada... (erdi negarrez) Xanti il dala! (Bat batean asarre bizian besotik elduta atetik kanpora jaurtiaz) Zoaz etorri ziñan lekura! Zuen Amerika on bada... Amerika ku! ku! (Au esandakoan, naigabepean bere burua etzaten du eserleku batean. Ontan, etxe barrutik Markos eta bi alabak malkoak dariela irten bitez)

MARKOS: Simon! Nere andrea il da!... (Simon au entzunez jeiki ta Markos besarkatzen du)

MIRARI: Azkenean ezagutu gaitu ta eskua estutu dit...

LIERNI: Eta azken arnasa eman aurretik Gurutzeari muñ emanez «Jesus» esanda il da!

MIRARI: Ama gaixoa! Nik zer egin behar dut orain?...

MARKOS: Guztiok egin behar duguna: benetako kristau bidean bizitzen ikasi.

 

(Isilunean, astiro-astiro oiala erortzen da)

 

aurrekoa