www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kalifornia ku-ku
Antonio Maria Labaien
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (III), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN EKITALDIA

 

(Etxe barne berri, eder eta aberats bat. Mueble apaiñez ornitua: Kurtina, alfonbra argi, eserleku ta mai ta beste puskaz gañezka. Aberats berrien kutsua nun naitik dariola. Ainbeste pitxi ta edergalluz, ez da noski lasa ta eroso bizitzeko lekua.

Joxepa etxe aberatseko neskame eran jantzia eta Markos nagusia kaleko traje txukunez. Au kalera irtetzeko zorian dago).

 

MARKOS: (Etsita) Ai Joxepa! berriz ere esango dizut bada: gure etxea zoro-etxe biurtu dala. Emen onenbeste alperrikako pusken artean ez dago ezertarako lekurik. Etxea pitxiz beterik eta nere andre ta alaba Mirariren buruak aizez eta txoriz... Ez dut jakin nai zenbat diru txautzen ari zaizkidan. Negar guria ematen dit! Etxetik alde egiteko gogoa... Emakume oriek! (Gela barruan ibiltzen ezin asmatu duala)

JOXEPA: Liernigatik ez duzu hori esango, naski?... Zentzun geiago duan neskarik... Ene!

MARKOS: Beste ama-alabarengatik diot... Eta semea, berriz, ez aipatzea obe! Alderdi ederra daukat!

JOXEPA: Eramankizuna artu behar... Garaiz aldatuko dira.

MARKOS: Eskerrak, bai, Lierni bestelakoa dala; eta zu etxean zaitudala. Osterantzean astakeriren bat egingo nuke.

JOXEPA: (Autsak kentzen garbiketan ari dala) Emen aña pitxi, edergaillu ta gauza! Garbitzeak lanak ematen ditu, alajaña! Diru geiegi izateak dakarzkin gaitzak.

MARKOS: Errez irabazitakoa laister gastatzen dala, a zer nolako egia!

JOXEPA: Zuk esku-zabal ematen diezu-ta... Gure etxekoak ez daude asarre «Amuategi» baserria saldutakoan jaso duten dirutzakin...

MARKOS: Aide ta familiakoei ez badiegu laguntzen! «Amuategi» baserria! Guziok an jaioak bait gera! Ua utzi beharra ere beltza izan zan...

JOXEPA: Ez uste! Nere guraso zaarrak, zuri eskerrak, pozik bizi dira orain kalean.

MARKOS: Begira! Diruak alderdi on hori badu: senide ta familikoeri laguntzeko balio duala. Geiegi izateak, neurri batetik gora, ezin etxean egona, urdurikeria bat, nik al dakit! erdoia ta pozoia sortzen ote dituan nago; ta lagun beartsuengandik bereizten gaitu.

JOXEPA: Zaude isilik! Diru-eza ta mixeria okerrago dira bai!

MARKOS: Bai, noski, baiñan, Joxepa, aitor behar dizut langille soil bat nintzanean orain baño lasago lo egiten nuala. Eta gaur kapitalista izeneko naizelarik kezkaz eta buruaustez josita nabilkizula...

JOXEPA: Konporme! Gaitz ortatik ez dut sendatu beharrik... Gauero neka-neka egiñik oieratzen naiz. Lo egiten ez da ni añako aberatsik...

MARKOS: Diru-aberastasuna aztuna da eta errez usteltzen dan gaia...

JOXEPA: Ez dakit bada! Orren atzetik dabil jendea-ta. Eta ni ere ez nintzake zuen etxean neskame izango zure andre ta alaba Mirariren arropuzkeriak egunero jasanez... peseta batzuek irabazteagatik ez balitz... Onuzkero alde egin nuan!

MARKOS: Arren Joxepa! geldi zaite. Ez zazula jaramonik egin etxekoandre ta «señoritatxo» orrek egiten dizkitzuten destañai! Ni emen nagon bitartean, ez zaizu ez zuri ta ez zure senideai ezer faltako... Lengusu txiki baño geiago, arreba zera neretzat.

JOXEPA: Ez izan beldurrik, Markos, «primo»... Zu ta alaba Lierni etxe ontan bizi izango zeraten artean, ni ere zuekin «serbitzari» geldituko naiz. Orrenbeste zor dizuet-eta...

MARKOS: Eskerrikasko Joxepa! Ni bizi naizen bitartean ez zaizu nere laguntzarik faltako; ez zure guraso ta ez zuri. (Isilpeko esanaz) Etxe ontan dirua errekara, erruz botatzen da. Nere andrea da okerrena. Orregatik zuri bakarrik konpiantzan esaten dizut, «sekretaire» kajoi ontan amar milla duro gorderik dauzkatela (tokia erakutsiaz). Zu beste iñork ez dakin isilpekoa da. Ez beraz iñori esan. Beste txoko ortan gordetzen dut giltzatxoa... Iñoiz beartzen bazera, nun dauden badakizu. Zer gerta ere itzik ez etxekoai!

JOXEPA: Ez jauna! ez. Itzerdi bat ere! Zaude lasa. Ezer ikutu gabe zainduko ditut... («Sekretaire» dagon lekutik ateruntz Markosen ondoren joanez) Etxekoandrea onuntz datorrela nabaitzen dut... (adi, adi) Bera da bai! Noan nere eginkizunetara. (Ertzeko ate txiki batetik aienatzen dalarik)

MARKOS: (Kaleko ateruntz abiaturik) Nik ere ez daukat geldi egoterik...

AGUSTIÑE: (Etxe barrundik ots egiten dio) Markos! Markos! (oso apain jantzita agertu bedi) Orain ere niri agurrik egin gabe bazinjoazen.

MARKOS: (Kaleko atetik) Zer egun dugun badakizu... eta presaka ninjoakizun...

AGUSTIÑE: Bostak arte denbora baduzu... Garaiz zoaz...

MARKOS: Kontseju billera aurretik lan batzuek egin behar ditut. Paper batzuek garbi ipiñi... ta.

AGUSTIÑE: Lierni an duzu-ta berak egingo dizkitzu... (Senarrarengana urbilduaz) Zuk Kontseju-billerako traje berria jantzi behar zenuke...

MARKOS: (Zakar) Soñean daramakidanarekin naikoa dut...

AGUSTIÑE: Zarpail xamarra daukazu! (Eskuekin autsa ta zikin zenbait kendu naiez) Gutxienez txukun eta garbi azaldu zaite eta (korbata estuturik) korbata, zuzen bere lekuan...

MARKOS: Utz zaidazu emakume, berdin da-ta...

AGUSTIÑE: Ez! zure andreari emango diote errua! Niri! bai.

MARKOS: (Alde egiñez) Baita! baita! Gero arte.

AGUSTIÑE: Zoaz, bada, zoaz (musu emanez). Ea billera ondo bukatzen duzuten. Ez berandu etorri!

MARKOS: (Kanpotik) Al izango dudanean (Bijoa)

 

* * *

 

(Markos joandakoan, barrengo atetik Xanti ager bedi, kalpar luze betiko itxuraz).

 

XANTI: Zaarrak anka egiteko garaia zan. Noiz aldegingo zai nengoan.

AGUSTIÑE: Zer da itzegiteko era hori? Aita duzu ta errespetoa zor zaio...

XANTI: Zor?... zorrak nik ditudañak dira. Au da lotsa! Seme bakarra izan, ogei urtetik gorakoa ta aitak dirurik ematen ez!

AGUSTIÑE: Obe zenuke geiago estudiatu. Gastatu besterik egiten al duzu bada?...

XANTI: (Ama losintxatuaz) Amatxo, orretarako ere dirua beharrezkoa da. Oraintxe bertan ogei durokoa eskuratzen ez badidazu, ez nezake ezer egin; ez niteke joan iñora, ez lagun artera azaldu, eta are gutxiago andregaiarengana. Zai daukat gaixoa! (Ama laztandurik)

AGUSTIÑE: Ondo jaioa dago zure zai badago! Begira Xantitxo, gaur, dan egunagatik, emango dizut, baiñan geiago ez zintzotzen asiko zerala ez badidazu agintzen... eta illea moztuko dizutela... (Eskua burutik pasatuaz)

XANTI: Bai amatxo, agintzen dizut (amak ematen dion dirua jasoaz). Bizargilleak erdia kobratuko dit. Gañera, kalpar luzea buru solla baño obea da. Ni «beatnik» nazu ta konpromisuak ditut. Zuk zer dan hori konprenitzen duzu; aitak berriz ez!

AGUSTIÑE: Amak ala gaituzu, semeai ezer ukatzen ez dakigunak! Askotan txarrerako!

XANTI: Ez ama! (musu emanez) Eskerrikasko! Eta gero arte. (Badoa laisterka atetik kanpora)

AGUSTIÑE: (Begiratzen diolarik) A nere kutuna!

 

* * *

 

(Mirari beste ate batetik azaldurik, kaletik baletor antzera, eskuan puska batzuek dakarzkilarik).

 

MIRARI: «Mamy»! Ikusi zer gauza politak erosi ditudan. (Sakel-zorro apain batetik, pitxi, oial eta ontzitxo zenbait jalgiaz mai gañean ipintzen joango da) Ez al dira politak?...

AGUSTIÑE: (Eskuartean sedazko oiala artu ta aztertuaz) Politak?... Alaxen dira bai! Dendako galestienak ere bai, hori seguru dakit. Gastatzen, ondo nere alaba zera! Eskerrak zure aitak diru asko irabazi duala, bestela...

MIRARI: Ez uste! Pitxi auek (erakutsiaz) merkeak dira... Ez pentsa urrezkoak diranik, soñekoak ornitzeko baizik. Berriari «konpleto» itxura pizka bat emateko. Soñean jartzeko modako ezer gabe bait nago.

AGUSTIÑE: Isilik zaude! Zer geiago eskatzen dizu korputzak?... Arasa, soñeko ta trajez beterik daukazu-ta.

MIRARI: Moda zaarrekoak ordea... joan dan urtekoak! Eta aurten ezin eraman izango ditut berriztatu gabe...

AGUSTIÑE: (Alabari begiratuaz) Soñean daramazuna oso egoki daukazu bada. «Modelo» guztiz polita da! (Alaba biratu araziaz goitik behera azterturik)

MIRARI: Oso ikusia dago modelo au! Orain, gañera beste kolore batzuek erabiltzen dira. Orregatik onoko gai au erosi dut (Ekarri duan oiala erakutziaz)

AGUSTIÑE: Bai, au polita duzu nolanai erabiltzeko, jantzi baterako, goiz eta arratsaldetako, kalerako...

MIRARI: Eta beste sedazko onekin (erakutziaz) gau soñeko bat josi araziko dut, festetara joateko Mr. Simpsonek otsegingo digunean. Pitxi auekin «chic» geldituko da... Urrena, «mamy», txirlazko kollara on bat eta kolkorako urrezko apaingarri eder bat ere bear ditut.

AGUSTIÑE: Guk badezakegu, baiñan, Mirari, eskongaietan ez dago ondo lujo geiegizko pitxirik eramaterik. Mutil... senargaiok ikaratzen dira. Gala oriek ezkondu ta gerozkoak dituzu.

MIRARI: Ez dakit noiz! (Muzin bere burua ederetsiaz)

AGUSTIÑE: Noizbait sortuko al zaizu! Ez dezazula uxa azaldu dezaizunean... Itxoin! Ez geiegi agertu...

MIRARI: Aberats izateak ez du orduan ezertako balio! Maillaz igo gerala-ta ez da ezertan ezagun. Ez bait gera iñora joaten... Beti etxe zuloan...

AGUSTIÑE: Ez zazula orrelakorik esan! Erañegun «Tontor-Aundinean» «guateke» zenduten. Datorren larunbatean «Euro-Majestic» Hotelean gau festa duzute. Erriko aundiki guziak an izango dira.

MIRARI: Orregatik bada apain agertu behar dugu. Guk baño diru gutxiago duten aundikiek ez gaitzaten goitik behera hegira. «Parvenus» aberats berri geralakoan.

AGUSTIÑE: Hori ez! Ez diogu iñori ezer zor. Ez enetxoa! Inbidia digutela, gora igo geralako... Nai dutena egin dezatela! Guk erosten dugun guzia pagatzen dugu, ez beste aristokrata usteko zenbaitek bezela...

MIRARI: Jakiña bada! ta ogeitabost urte izandakoan, «bison» larruzko abrigoa erosiko didazula ez nago aaztuta...

AGUSTIÑE: Itxoin, alaba! Oraindik ez dituzu bete-ta. Gañera, aitak jakingo balu... asarretuko litzake! Xantirekin izan dugun naigabearekin aski dugu. Ez dugu beste istillurik behar.

MIRARI: Bai, bañan Xanti or dabil beti bere automobillarekin gelditu gabe eta gu beti etxean iñora joateke...

AGUSTIÑE: Zerbait palta al zaizu etxean? ...

MIRARI: Palta? palta?... Mutillek ez didate telefonoz otsegiten eta ezin iñora joan! Ezta zinera ere!

AGUSTIÑE: Ez izan orrelako tirriarik! Txanda etorriko zaizu... Zure aizpa Liernik ez dit orrenbeste lanik ematen.

MIRARI: Ni baño zaarrago dalako nahi duana egiten uzten diozulako. Baita ere mutil komunista-zaleekin ere ibiltzen, Simon hori da bat elizara joaten ez dana!

AGUSTIÑE: Konbertitu egin naiko du ta...

MIRARI: Konbertitu ala... limurtu... ez dakit! Maizegi dabiltz elkarrekin.

AGUSTIÑE: Lantegiako ofizinetako enpleadu danez, ez da arritzeko artu-emanak izan ditzaten...

MIRARI: Zerbait geiago ere bai!

AGUSTIÑE: Ez zaite gogaikarri izan! Nagusiaren alabek aukera izango dute, gero ere! Itxura gordetzen jakin zazu jendeen aurrean, eta etxeko «gobara» etxean geldi dedilla. Oraintxe espero dut D. Karlosen andrea bixitan, eta kontuz itzegin. Gizonezkoekin nola joka zuk jakinko duzu, baiñan emakume arten nola jardun ez aaztu... (Ontan, ateko txilin otsa entzun bedi: trin, trin...)

AGUSTIÑE: Margo da! Bai, bera izan bide... da. (Etxe barrundik Joxepa ateratzen da atea zabaltzera) D. Karlosen andrea baldin bada, Joxepa, sar araz zazu onera. Eta beste norbait baldin bada, aurreko salara!

JOXEPA: Bai andre!

MIRARI: Margo hori ez dakit zergatik datorren ain maiz gure etxera. Beti emen da! Gogaikarri ez bestena!

AGUSTIÑE: Mirari! Kontuz zer esaten duzun! Gure sozio D. Karlosen andrea da-ta. Bere aurrean ez nolanai itzegin (Ateruntz joanez) Aurrera! Bera da bai! Aurrera Margo! (Elkarri musu emanez lenengo, eta gero barnera sartutakoan Mirariri)

MARGO: (Dotore-dotore jantzia, dan baño gaztego agertu nahirik) Ez duzute esango garaiz etorri ez naizenik!

AGUSTIÑE: Bai, bai, goiz zatoz eta oso apaiña gañera... Benetan «chic». Jantzi biziki polita dakarkizu...

MARGO: (Errege-ollar antzera bira emanez) Ala al deritzaizu? Igazko soñekoa dut bada... zerbait aldatua...

AGUSTIÑE: Arras ederki gelditzen zaizu. Berria dirudi.

MIRARI: Nik daramadana baño obea...

MARGO: Zu lirañagoa zaude, bai alajaña! Zure linea artuko nuke... (Begiratuaz) Modeloa ere oso polita duzu.

AGUSTIÑE: Nere alaba au oso kontengaitza dugu!

MARGO: Gazteak ez dira ezerkin asetzen...

AGUSTIÑE: Au ez beiñik bein! Nahi duan guzia emanda ere!

MIRARI: Ez da egia ama! (Musin) Traje au ez zait batere atsegin eta beste bat jantzitzera noa (aldegin naiez).

AGUSTIÑE: Zoaz bada, neska! (Mirari, zaputz, gelako beste muturrera doa, andre biek erdian utzirik) Ernegarazten nau!

MARGO: Utzi zaiozu! gure urteak izatean eta guk aña ikusitakoan ikasiko du baretzen...

AGUSTIÑE: Nik ala uste! Ez dago mundu txarra! Eseri gaitezen bai... edo obeto, barrengo sala txikira joan gaitezke erosoago mintzatzeko...

MARGO: (Isilpean) Berri on bat eman bear dizut. Mr. Simpson eguardian etorria dala ta nere senarra ta biok elkarrekin «Majestic-Grill»en bazkaltzen zirala. Fabrika joan aurretik, onera, gu agurtzera sartu-atera bat egingo digutela agindu didate.

AGUSTIÑE: Nere gizonak, bada, ez dit ezer aitatu. Orratx! ez bait da batere gizartekoa... Bekozkoa jarririk, kopet illun dabil aspaldi eta alde egin dit. Ez dakit negozioak ondo dabilzkien edo...

MARGO: Aldarte txarren bat! Bestela negozioak... pentsa, Mr. Simpsonek guretzat esku-erakutsi ta erregali ederrak ekarri dizkigula badakit...

MIRARI: (Zegon bazterretik pizkana urbiltzen kontuak jakin gosez) Neretzat ere bai!

MARGO: Guzientzat! nola ez!

AGUSTIÑE: Zaputza joan zaio!

MIRARI: Gizon zoragarria da Mr. Simpson! (Berekiko) Ez emengoak bezelakoa...

AGUSTIÑE: Eta asko ikusia... Beti atzera-aurrera «abioean» dabillena.

MARGO: Bi bider dibortziatua omen da-ta...

AGUSTIÑE: Bein bakarrik dibortziatua zala uste nuan...

MIRARI: Azken emaztetik berezita baldin badago, berriz ere ezkondu ditekena da orduan...

MARGO: Ameriketan bai, nere senarrak esaten duanez. An oitura ta legeak alakoak omen dira...

MIRARI: An Amerikan zillegi dana ez dakit emen zergatik ez.

AGUSTIÑE: Tuntuna ez bestena! Eliza katolikoak uzten ez dualako. Ez al unan hori ikasi monja-kolejioan?... Ez dago zure aizpa Lierni entzuten!

MIRARI: Hori lenago zan ama! zuen gazte denboran! Orain, Batikano Bigarrenaren Konzilioa ondoren, gauzak eta legeak aldatu dira... apaizan jantzia bezela.

MARGO: (Parregiñez) Onek aterako dizkigu eltzetik babak!

MIRARI: Zer bada? «Klergyman» berriak...

AGUSTIÑE: (Etenaz) Isilik zaude txorakeririk esan gabe! Eta goazen barrengo salara. Lierni or langelan dagola sumatzen dut eta beste norbaitekin. Ez nuke nahi gure berriketak entzun ditzaten (abituaz) ta Mr. Simpson etorri dedinean gutxiago... Joxepa!

JOXEPA: (Barrengo ate batetik) Zer agintzen du señorita?

AGUSTIÑE: Bada laister bixitariak espero ditugu ta emen sartu. Gu barrengo salatxora goaz.

JOXEPA: Ondo da etxekoandre!

 

(Bijoaz Agustiñe, Margo eta Mirari)

 

* * *

 

(Lan-gela edo despatxoa dalakoan atetik Lierni ta Xanti ager bitez. Onek galtzarbean kartera darama ta beste eskuan zenbait liburu).

 

XANTI: Etxe au beti bizitariz beterik dago ta ezin estudiatu diteke. Beraz kalera noa!

LIERNI: Lekzioak ikastez aguro aspertu zera. Zuk beti aitzekiren bat baduzu.

XANTI: Uzten al didate bada nere barnera biltzen?... Ekonomiaren problemak sakontzeko?... Kafeterian giro egokiago dago.

LIERNI: Bai... ke artean! Aitzeki polita ezer ez egiteko. Emen ez zaitu iñork galerazten ez badira liburu ta problema berak. Zuk ordea maiteago dituzu kafeteria ta alperkeria. Onela ez duzu sekulan ekonomista karrera bukatuko ta are gutxiago gai izango aitari laguntzeko.

XANTI: Ez da nahi ere! zu naikoa zaitugu orretarako: lana-eralguntza, ekonomia, produktibidadea... ez zaizkit buruan sartzen. Nik beste problemak ditut...

LIERNI: Bai, dirua txautu, automobillean ibilli ta aitaren bizkar bizi.

XANTI: Gizarteko estruktura sozialak aldatu arte barrenak ez dit agintzen...

LIERNI: Zer? lanegin eta estudiatzea? ala gitarra jotzea?

XANTI: Ez zaidazula arparik jo Lierni! Begira! Ikusi! (Liburu bat iriki ta erakutsiaz) Nola nahi duzu mordollokeria auek ikastea! Entzun (irakurriaz): «Ekonomiak bere bizitza barruan zartadak izan oi ditu: aundiagoak ala txikiagoak. Kondizionamentu auek alde batera utzirik, dinamikaren barruan bakarrik konpondu dezakegu».

LIERNI: Ondo dago, bere mamia du ta eibartarren batek egiña dirudi. Zuen maisuak... alabeharrez...

XANTI: Azal ona bera ta mami gutxi! Begira zer diñon: (irakurriaz) «Dinamika ta teknokrazia alkarren kontra doiaz...» (liburua lagarik) Nik ez dut burrukarik nahi teknokraziarekin. Dinamika autoan ibiltzea baldin bada, hori bai, ortan leiatuko naiz.

LIERNI: Ezin bizi izango zera beti orrela eta egunen batean gaizki ikusi behar duzu zere burua.

XANTI: Gaur amak ogei duroko bat eman dit eta korrituan jartzera noakizu.

LIERNI: Aitak nekez irabazitakoa. Gizon izateko adiñean zaude ta egia jakin behar duzu: lantegian gauzak ez dijoazela ondo. Langilleak opor egingo duten susmurra dabil eta au nahigabe izugarria da gure aitarentzat. Nagusi ta ugazaba baño lehenago langille ta behargin izan zan batentzat. Guk lagundu behar diogu... D. Karlos eta amerikanoa etorri dira gaurko kontsejura eta joku txarren bat sortu ditekela zioten.

XANTI: Bizia jokua bait da. Or konpon! Nik neronek naiko problema, kezka ta buruauste baditut. Zure sermoiak entzutea gutxi al da?

LIERNI: Entzun bai, baiñan belarri batetik sartu ta bestetik ateratzen zaizkitzu. Estudiatu nahi ez ba duzu, bederik fabrikan lanean asi zaite.

XANTI: Lanean asi? Ain gutxi maite al nazu? Konsejero izendatzen banaute, ortxe nunbait! Mister amerikanoa oso adiskide dut. A zer nolako auto berria ekarri duan: «Pontiac» chauffeur jarriko banindu...

LIERNI: Ez zazula esan txorakeririk!

XANTI: Esan ez, egin, izugarrikeriaren bat egingo dut lanean asi baño lehenago...

LIERNI: Zaude isilik. Ez dago zurekin itzegiterik. Goazen, goazen! (abituaz) Zoaz aizea artzera, burua beroturik daukazu-ta.

XANTI: Etxetik bidaltzen banazu, joango naiz. Ez esan, gero, beti kalean nabillela. Ortan obedituko dizut... (doazelarik)

LIERNI: Ai! anai ajolakabea! Noiz zentzatu behar duzu? Lagundu nazazu, bai, fabrikara noa-eta. An dezu zure lekua.

XANTI: Ai arrebatxo laztana! (besotik elduta irten bitez biok atzeko atetik) (Ontan, ate nagusiko txintxarri otsa entzun bedi eta Joxepa nor dan ikustera azaltzen da)

 

* * *

 

JOXEPA: Gaur etxe onek errota dirudi! Orrenbeste sartu-irten eta txintxarri otsa! Ezta erromerian ere! Noan!

 

(Atea zabaldutakoan D. Karlos eta Mr. Simpson agertzen dira. Ondo bazkalduta gero datoz, eta amerikanoa batik-bat whiskyz susperturik dator).

 

        Sartu bai, eta eseri zaitezte. Etxekoandreari etorri zeratela esatera noakizute... Nagusia fabrikan da.

D. KARLOS: Eskerrik asko, Joxepa (Au barrura dijoa) Markos fabrikan izango zala esaten nizun. Ez du ikasi oraindik ugazaba izaten...

MR. SIMPSON: Gaizki hori! Langillea langille, nagusia nagusi!... Necessary discrimination!

D. KARLOS: Orregatik diru arazoa gure gain artu behar dugu, kredito... ta gañerakoak...

MR. SIMPSON: Eta emakumezkoak... (par egiñez) ja! ja! Miss Mirari beti bezain eder eta «sexy» dagon ikusi ta ikutu...

D. KARLOS: Kontuz! ez dakizu senargairik ba ote duan...

MR. SIMPSON: Izanda ere berdin! No discrimination!

D. KARLOS: Andre ezkonduekin sartzea... gaitz erdi. Bañan emakumezko ezkongaiekin arrisko aundiago duzu.

MR. SIMPSON: No discrimination! Oro bat! Guzientzat erregali batzuek ekarri ditut. Damai limurkeria egin behar zaie...

D. KARLOS: Ez da gezurra! Nere andrea txoratzen gelditu da eskeñi diozun «bolso» zorro ederragatik.

MR. SIMPSON: Beste bat antzekoa baiñan ezberdiña emen daukat (kartera siñalatuaz) Mrs. Amuategirentzat.

D. KARLOS: Pozik eta arro utziko dituzu gure andreak! Nola aiekin burutu?

MR. SIMPSON: Eta orrela senarra guk nahi dugun bidetik eramango dugu. Andreak etxean agindu dezala... eta fabrikan guk! Sikolojia ta ezker-eskua! Human relations!

D. KARLOS: Ez da ain errez, Mr. Simpson! Markos egoskorra da! Optimistaegi zaude. Whisky geitxo edan ote duzun nago. Baezpada ez emen emakumezkoen artean gure asmoen berri eman.

MR. SIMPSON: Ez gizon! (keñu egiñez) Bussiness is bussiness, negozioa negozio! Eta emakumeak emakume! (Par-algaraz) Ja! ja! ja! Danak bat!

D. KARLOS: Orain isilik! emen ditugula uste dut. Eseri gaitezen eta kontuz zure itzekin. (Eseri bitez)

MR. SIMPSON: All right! Zutik egotez nekatu naiz.

D. KARLOS: Berriz ere jeiki beharko duzu ba (emakumezko abotsak nabaritzen dira) Ementxe ditugu! Altxa! (berriz zutik jarriaz) Itxoin arazi diguzute! (Iru andre-andereñoak —Agustiñe, Margo ta Mirari— sar bitez, eta zaldunekin elkar agurtzen asi bitez, banaka banaka gizarte apaiñetan oitura danez)

AGUSTIÑE: Ez genuen uste ain aguro etorriko ziñatenik...

MARGO: Bazkari-legea laister bukatu duzute...

D. KARLOS: Gure Mr. Simpsonek zuek agurtzeko presa aundia bait zuan...

AGUSTIÑE: Gutaz, errira eldu orduko, gogoratu dalako eskerrak eman behar dizkiogu. Zerbait artuko duzute... whisky edo...

MR. SIMPSON: Ondo bazkalduta gatoz. Naikoa artu dugu ta zuek ikusteko irrikitzen nengon... my ladies (Mirariri begiratuaz) ta darling girl.

MIRARI: Zu beti gentleman eta limurzale.

MR. SIMPSON: Bai! Orixe! Andre ta nekastilla ederzale!

MARGO: Mr. Simpsonek guzientzat badu itz leun eta lore...

D. KARLOS: Ez bakarrik itz eta lore... baizik erregali ta esku-erakutsi ederrik ekarri dizkitzute.

MARGO: Neri eskeñitako kokodril-larruzko zorroa gain-gañekoa da. Ez nuan esan behar baiñan...

MR. SIMPSON: Orain bai. Emen beste bat bait dakart (karpetatik atera ta Agustiñeri eskuratuaz) ... zuretzat, Mrs. Amuategi... Suge-larruzkoa...

AGUSTIÑE: (Artu nahi ezean) Ez, ez, gehiegizkoa da... Zera...

MR. SIMPSON: Suge-larruak ikaratzen al zaitu ala?...

AGUSTIÑE: (Artu ta begiratuaz) Ez, baiña... Eskuzabalegia zera. Eskerrik asko!

MR. SIMPSON: Eskuzabal ta biotza zabalagoa maite nautenentzat! Uskeri bat! (Algaraz) Ja! ja! ja!

AGUSTIÑE: Nik zer eskeñi nitzaizuteke? Whisky, Ginebra, koñaka... Kopatxo batzuek artuko dituzute... (bazterrean dagon «bar»-armario batetik botilla ta ontzi batzuek ekartzera dijoa)

D. KARLOS: Millaesker etxekoandre. Ez zaite ardura! Lehen esan dizut jan eta edan ondotxo egiñak gaituzula. Eta bereala Kontseju-billerara joan behar dugula. Ez da ala Mr. Simpson?

MR. SIMPSON: No whisky! patarrik ez! Burua argi ta biotza bero.

MARGO: Nik lagunduko dizut, Agustiñe (bijoa etxekoandrearengana laguntzera)

MIRARI: Mr. Simpson! Arriturik nago Amerikan jaioa izanagatik, zeiñen ederki dakizun euskeraz mintzatzen.

MR. SIMPSON: Ama euskalduna bait nuen, Hiriart, eta Kaliforniko euskeldunen artean azia naiz.

MIRARI: Ara joan beharko dut nik ikastera ta bidez inglesa ere bai. Emengo monja-kolejioan ez digute ezer erakutsi-ta.

MR. SIMPSON: Elkarrekin joango gera, Mirari! (D. Karlos ere andreak dauden tokira biltzen dala, Mirari ta Mr. Simpson bakarrik gelditzen dira erdian) (Sakaletik kajatxo bat atera Mirariri eskeñiaz) Zuretzat, maite, kutun-erastun au aukeratu dizut, zorion-ekarle... Atsegin al zaizu?

MIRARI: Zoragarri da! (Eskuan artu ta so egiñez)

MR. SIMPSON: Au eramanez, urtebete barru ezkonduko zera.

MIRARI: (Flirt antzean) Eta zeñekin?

MR. SIMPSON: Zuk asma...

MIRARI: Ez didazu asmakizun txarra jarri, Mr. Simpson... Edozeiñek daki! Eskerrikasko nola nai, erastunarengatik. Bereala beatzen batean sartzera noa. (Ezin asmaturik) Ontan ez, estuegia da; beste ontan, berriz, lasaegia...

MR. SIMPSON: Ortan dago ezkontzaren koska! Neurrian... dagokion neurria arkitzea.

MIRARI: (Azkenik beatz batean erastuna ipiñirik) Emen dator ondo! (Pozik aztertuaz eta amari erakutsirik) Begira «mamy» zer nolako erastun disdiragarria eskeñi didan Mr. Simpsonek...

AGUSTIÑE: (Eskuan dakarzkin botella ta ontziak mai gañean utzi ta pitxia ederetsiaz) Auxen da pitxi polita! Gusto oneko gauzak aukeratzen badakizu, Mr. Simpson...

MARGO: Ea ikusi! Ederra benetan! Azken modakoa! Ez da arritzekoa emakumezkoak txoratzea...

AGUSTIÑE: (Kopatxo bana D. Karlos eta Mr. Simpsoneri serbituaz) Tira, kopatxo bana edango duzute...

MR. SIMPSON: (Edanez) Azkenengoa izan dedilla. Topa!

D. KARLOS: (Edanez) Bai, zuen osasunerako! Kontsejura joateko garaia dugu.

MIRARI: (Kopatxo bat artu ta edanez) Nik ere zuen zorionera edatera noa! Topa, Mr. Simpson!

MR. SIMPSON: Nere zoriona?... Bi bider ezkondua naiz eta agian irugarren aldiz egitea izango da.

AGUSTIÑE: Ez zaizu damutu! Au gizona! Ameriketako gauzak!

MARGO: Emen ez dago ordea «diborziorik»!

MIRARI: Ez da beharrik ere Elizatik ezkondurik ez badago. Berezita naikoa du.

MR. SIMPSON: Ezkontzaren legeak nolako diran ondo dakizkite emakumezkoak... Nere aldetik...

D. KARLOS: (Etenaz) Mr. Simpson! Beste arazo batera etorriak gerala aaztu zaizu. Lantegiko Kontseju-batzarra bostetan. Eta zeatz, puntuan azaldu behar dugula.

MR. SIMPSON: (Erdi berdoztuta) Punctuality! All rigt! Itxoin ordea... (sakeletik beste kajatxo bat atera ta Agustiñeri eskuratuaz) Urrezko domiñe au Lierni zure alabarentzat.

AGUSTIÑE: (Artutzeke) Orrenbeste esku erakutziaz lotsaturik nago. Lierni aitarekin fabrikan arkituko duzu eta obe izango da zeorrek ematea.

D. KARLOS: Goazen bada... (Abituaz)

MR. SIMPSON: Zure esaneko naukazu! Gero arte! (andreari burua makurtuaz) eta agur Mirari (belarrira zerbait esanez)

MIRARI: Oso ausarta zaude. Hollywoodeko galaia dirudizu.

D. KARLOS: Goazen gizon! (Mr. Simpson besotik elduta aterazten duala).

AGUSTIÑE: (Ateraño lagunduaz) Gero «tea» artzera etorri zaitezte, garaiz bukatzen baduzute.

D. KARLOS: Zail izango da. Billera luzatuko bait da! (bijoaz)

AGUSTIÑE: Orduan guk bakarrik artuko dugu.

MIRARI: Tea emakumezkoekin bakarrik gauza soilla; moteltxoa... limoirik gabea. (Zapia astiro erori bedi)

 

 

* * *

 

(Lantegi bateko «planing» ofizina ta buruzagien lantokia. Erdian mai aundi bat. Inguruan fitxero, idazteko makina, robot eta kalkulo tresnak; an emen eserlekuak; eta ormetan grafiko eta zenbait kuadro-irudiak).

(Markos eta bere alaba Lierni lanean diardute).

 

LIERNI: Bai aita! D. Karlos eta amerikanoak engañatu egiten zaituzte... Ez naiz batere pio... A zer nolako lagunak atera zaizkitzun!

MARKOS: Ez dakit, baiñan langille soil nintzanean orain baño lasaigo bizi nintzala... bai! Arestian Bankotik ots-egin didate kreditorik ezin luza dezatekela gaztigatuaz. Gure kontua saldo gorriz gañezka dagola ta berritzeko Amerikako etxearen firma behar dala.

LIERNI: Nik aspaldidanik susmo txarra artua daukat, aita. Beraiek jakingo dute, jakin, zer asmotan dabiltzan. «Xantaje» itxura ematen diot...

MARKOS: Asieran, erruz irabazten ari giñala ta dirua parra-parra txautzen... Eta orain, berriz, milloiak galdu omen ditugu. Nola diteke hori! Kontabilidadearen ezkutapenak ez zaizkit buruan sartzen...

LIERNI: Kontabilidadeari nahi dena agerrarazten zaio; ta gura aña kontabilidade egin ditezke. Gauza erreza da! D. Karlos eta Amerikarra bat egiñik bait daude irabaziak zurrupatzeko.

MARKOS: Egia esan, Kaliforniako euskaldun-amerikano hori ez zait beñere gogoko izan... baiñan Karlosek niri txarkeria egitea...

LIERNI: Okerragoa da, bai. Eta biek, amerikar «ganster» eta zure txikitako laguna, elkarren antzekoak dira!

MARKOS: Ez nuan sinistuko nere lagun Karlosek gaztetan nerekin «sozialista» izanak joku hori egin zezakenik.

LIERNI: Diruarengatik zer nahi txarkeria borobildu ta gero, gaztetako ideiak eta adiskideak saltzen dira...

MARKOS: Gaurko Kontseju-billeran gauzak argi ta garbi ipiñiko ditugu.

LIERNI: Ez da denbora asko gelditzen. Zure «kideak» laister etorriko zaizkitzu ta paper auek ikusten jarrai zagun (paper eta agiri zenbait azterturik)

MARKOS: Batik bat azken-balantzea ta Bankuko kontuak ikusmiratu behar ditugu. Simoneri otsegiozu. Onekin bakarrik dut konpiantza osoa... naiz nere sozioak «kokunista» dala esan.

LIERNI: Aiei bai, hori esatea komeni! Komunistak baño pizti makurragorik bada bazterretan...

MARKOS: Simon mutil seriotzat daukat nik. Eta deitu zaiozu Kontsejuko karpeta-paper guziak ekarri ditzan.

LIERNI: Bai, aita! (Barrengo telefono-urrutizkiña eskuan arturik) Alo, alo! Bai... Ni naiz, bai! Simon datorrela Kontsejuko karpeta guziekin. Aditzen? Bai! Eskarrikasko! (Urrutizkiña bere lekuan utziaz) (Aitari) Bereala datoz.

MARKOS: Ea garbitasuna egiten digun.

LIERNI: Egia dan bezela, garbi adieraziko dizu eta bai langilleen artean dagon asarrea azaldu ere.

MARKOS: Hori behar dugu! Dirua galdu ta gañera langilleekin asarretu! Nere sozio diralakoak entzungo dizkidate bereak eta bost! (Berotuaz) Amerikanoak Viet-Nahmen dagola uste badu oker dago. Bere Kaliforniara bijoala! Eta Karlos, adiskide nuana, arropuzkeriaz saltzaille eta etsai biurtu bazait, nerekikoa egin du! Biek besotik elduta kalera jaurtiko ditut, naiz «Amerikan-Basque Mecanical» soziedade onek kiebra jo.

LIERNI: Baretu zaite aita, ez galdu bururik. Otz-otzean erabakiak artu behar dira.

MARKOS: Amerikanoak uste du azpilanez eta diruz guzia erosi ta, menderatu ditekela. Ortan ez du batere ajolarik. Eskuzabal itxurez, kapitalismo arrotza, emengoa baño ankerragoa duzu. Nola, edo ala berea egin...

LIERNI: Behekoak zapaldurik. Baiñan langilleok susmoa artu dute, amerikanoaren berri badute ta huelgara joateko gerturik daude...

MARKOS: Ez dedilla orrelakorik gerta... Hori ez!

 

(Une ontan Simon barrengo atetik agertzen da galtzarbean paperez betetako karpeta dakarkiala).

 

* * *

 

SIMON: (Sartuaz) Arratsalde, on! Emen nazute eskubete paper eta agiriz. Balantzeak zama astuna du, numeroz beintzat. (Karpeta mai gañean utzirik)

LIERNI: Ez da orrenbesteraño izango, Simon.

MARKOS: Ongi etorri! Zure beharrean gera gure kezkak arintzeko gauzak garbi ikusiaz.

SIMON: (Paper eta agiriak nagusiari erakutsiaz) Diruz, arin ezik, urri gabiltzala agirian dago: utsean edo!

MARKOS: Bankuko kontuak dute inportantziarik geiena; eta zordun eta artzalleen zerrendak... Auek dira Kontsejo batzar aurretik aztertu behar ditugunak. Eseri gaitezen arretaz begiratzeko. (Gizonezko biak lan ortan diardute)

LIERNI: Nik bitartean nere ofizinan karta batzuek bukatu behar ditut eta uzten zaituet. Or izango nazute (Bijoa)

MARKOS: Ederki! Dei egingo dizugu!

SIMON: (Paper bat eskuan artuaz) Emen duzu Balantzea: Goikoa Aktiboa; behekoa Pasiboa. Ots! Duguna ta Zorduguna. Eta ondorengoa giltza! Zera...

MARKOS: Egia aitortzeko, orrenbeste lerro bata bestearen aldamenean oso ulergaitz zaizkit. Batzuek eskuian, besteak ezker aldean eta biak berdin.

SIMON: Orrek ez du garrantzirik... Eskuikoa ala ezkerreko, biak gezurrezkoak dituzu, gutxi gora beherakoak. Emen ajoladun giltza, irabaziak ala galerak geiago izan diran ala ez jakitea da.

MARKOS: Emen milloi batzuen irabazia azaltzen da bada...

SIMON: Bai, guzia artuta, oro barne. Naaste-borraste-zikiñean, «bruto» deritzaiena. Irabazi «astoa».

MARKOS: «Asto-lana» nik egin dedana... Ez dut ezer konpreni. Orregatik ugezaba baño lagun bezela galdegiten dizut. Zuri zer derizkiotzu? Egia esaidazu!

 

(Paperak baztertuaz).

 

SIMON: (Une batez isildu ta gero) Bada, nagusi... egia esan behar badizut, balantze hori esku-joku bat besterik ez duzu. Eta ez joku garbirik eta gutxiago ere! Ezen korrituak dirala, amortizazioak dirala ta gero «royalties» ordaindu beharra...

MARKOS: Zer da royalty hori?

SIMON: Zer izango da! «Errege-petxa» amerikar etxeak patentearengatik kentzen duana. Obe da errepublikano izatea.

MARKOS: Zer gelditzen da bestenaz? Irabaziak pikotara doaz orduan! Jakiña.

SIMON: Bada garbi Bankoaren Kreditoko kontua eraberritu behar duzutela sozio bakoitzak bina milloieko zorra izenpetuaz.

MARKOS: Nola nahi duzu nik dirutza hori ordain dezadan?

 

(Gero ta estu ta urduriago).

 

SIMON: Ez baduzu erantzuten amerikanoak zure zatia jasoko du ta berak geldituko dira jaun eta jabe.

MARKOS: (Eserlekutik jeiki ta asarre antzean batetik bestera dabillelarik) Asieran eman zidaten dirua jana dut aspaldi. Obeto esateko, etxean, ama-alabak ta seme ondatzalleak txautu dute. Eta ditudan akzio-paperak saltzeko balio ez badute, zertarako ditut?...

SIMON: Bolsan ez dizkitzute artuko ez! Eta D. Karlosek ere ez! Amerikanoekin bat egiñik bait dago!

MARKOS: Bai, susmoa artua neukan. Orregatik joko zikin ortatik alde egitea obe dut. Nere zatia saltzea, soziedadetik irtenik.

SIMON: Okerrena duzu, ordea, auzitara joan beharko duzula ta uzten baduzu, uskeriren bat emango dizutela.

MARKOS: Berdin zait kale gorrian uzten banaute ere! Lan egiten badakit. Langillekin elkartu nahiago dut eta ez lagun izeneko kapitalista maltzurren artean ito! Ni betikoa nazu, sozialismo zintzo baten aldekoa.

SIMON: Nere laguntzarik ez dizut ukatuko, baiñan kapitalismoaren gaitza ez da sendatuko gizarteko oñarriak aldatu arte. Orain bertan fabrikan istillu ona dugu.

MARKOS: Zerbait entzun dut. Eta esaidazu, egia al da langilleak oso asarre daudela eta neregatik gaizki esaka? Miñik aundiena ematen didana orixe da. Ez bait zait aaztu nagusi baño lehen beargin soil bat izan nintzala...

SIMON: Huelga susmurrak dabiltza, bai, prima-sariak kendu ta peoiak kalean uztera zoaztelako.

MARKOS: Enpresa gaizki badoa ta irabazirik ez badago, nundik sortu guzioi ordaintzeko aña diru?

SIMON: Dagon lekutik artuta, matxinadazaleak diotenez; edo-ta lan eralgintza aldaturik, Enziklikak esaten duten bezela. Nor du arrazoi, Mao-Tsetungek ala Aita Santuak?

MARKOS: Ugazaba izan ta gero ikusten da ezin eman ditekela sindikatuek eskatzen duten guzia... Ortan dago koska!

SIMON: Ez koska bakarra, koska asko baizik...

MARKOS: (Bizi gartsu) Gizonetik gizonera gere langilleai itzegingo diet nere gogo ona ikusi dezaten. Goazen! Paperak ikusirik dauzkagu. Kontseju aurretik langilleak zer dioten entzun nahi dut. (Fabrikako ateruntz abiturik) Ez ditezela oporrera joan. Itxoin dezatela. Lagun nazazu sindikatoen ordezkariengana!

SIMON: Bai, lagunduko zaitut, baiñan ez dakit ez ote dan berandu izango.

MARKOS: Goazen aguro!...

 

(Bijoaz fabrikara daraman atetik).

 

* * *

 

(Unetxo batean antzeztokia utsik gelditzen da. Laister ordea, telefonoaren txintxarri-otsa luzaro entzungo da eta Lierni alboko langelatik deiari jaramon egitera azaltzen da).

 

LIERNI: (Urrutizkiña eskuan arturik) Alo! Alo! Bai!... Bai, jauna!... Ez... baiñan Kontsejua dute ta zai gaude! Bai! (Norbaitzuek badatozela oarturik) Itxoin! Itxoin! ez eten! Oraintxe ote datozen nago... Bai! Emen dira! (Mr. Simpson eta D. Karlos sarturik) (D. Karloseri) D. Karlos! Kantauriko Bankoaren direktorea da eta zure galdea egiten du...

 

(Mr. Simpson eta D. Karlosek itzekin baño geiago buruekin Lierniri agur egiñez).

 

D. KARLOS: Banoa! (Telefonua eskuan arturik)

MR. SIMPSON: Agur, telefonista!, isilik egon beharko!

D. KARLOS: Nor da?... Bai! Ondo, zu ere bai?...: Eskerrikasko!... Ez... ez! Ez dugu ezer erabaki!... Bai... Bai! Orain Kontsejuan gai ortaz jardungo dugu... Kreditoa?... Bai! Sei milloikoa?... Bai, bai! Jakiña!... Orduan bigar goizean joango gera Bankura zu ikustera... Bai noski... Ongi da!... Esango diet!... Bigar arte, beraz... Bai! Besarkada bat, adiskide! (Bitarte ontan, Mr. Simpsonek Lierni ateratzea zoala ikusirik, keñu ta iminzioz bertan geldi arazi nahi du, baiñan alperrik, alde egiten bait dio)

D. KARLOS: (Telefonoa utzitakoan) Kantauri Bankoko direktorea zan. Epea bete dala ta Kreditoa berriztatzeko arazoa zuan. Hori da larria!

MR. SIMPSON: Europako Banko zirtzillok ez dakite itxoiten. Ez dute aundi ta luze ikusten. «Morgan-Bank»ekin lan egiten oiturik gaudenok beste tratu bat merezi dugu bada...

D. KARLOS: Bigar arte itxoin dezala esan diot... Eta Kontsejuan zer erabakiko dugun ikusita joango gatzaiola ikustera.

MR. SIMPSON: Bai gizon!... Ez digute uzten neskatxai lasa begiratzen ere! Markosen alabak biek ditugu bikain! Aita baño atsegiñago zaizkit. Lierni au izutigoa izanagatik, Potosiko urrea balio du. Aita nun duan galdegitera noakio! Beste enkargu bat ere badut berarentzat. (Alboko gelaruntz abituaz) Lierni!...

D. KARLOS: (Geldi erazi nahiez) Orrekin zabiltza kontuz. Ez bait da bere ama eta aizpa bezelakoa...

MR. SIMPSON: Ain zuzen ordea, besteai bezela ekarri diodan erregalia, eskuratu behar diot. (Atetik) Lierni! Andereño! Zatoz poxi bat!

 

(D. Karlos mai-gañean dauden paperak aztertzen ditualarik).

 

LIERNI: (Agertuaz) Arratsalde on jaunak! Zerbait behar al zenduten?

MR. SIMPSON: Zatoz bai! (Lierni sartu ala bazter batera eramanez) Bada, andereño, nik... (sakeletik kajatxo bat jalki ta eman nahiez) Amerikatik ekarri dizudan urrezko gurutze au eskeñi gura dizut...

LIERNI: (Uzkur egiñik) Eskerrikasko jauna, baiñan ez dut onela jaun ezkondu batengandik esku erakutsirik artzen...

MR. SIMPSON: Ezkondua ezik, dibortziatua ere banago, emakume.

LIERNI: Ainbat gaiztoago jauna. Emen ez dugu orrelako oiturarik...

D. KARLOS: (Izketaldia eten nahirik) Badakizu (Simpsoneri) emen katoliko-ekintza eta Mariaren alabak...

MR. SIMPSON: «Legion of Mary» zer dan badakit, bai. Ni ez nazu noski Kolonen zaldun eta ezta Spellmann kardinalaren adiskide, baiñan gurutze onek (itxia erakutsiaz) ederki disdira dezake zure kolko ederrean deabrua uxatzeko!

LIERNI: Tokia ere aukeratu diozu, baiñan eskerrikasko, ez da neretzat egokia...

D. KARLOS: Ain gogo onez eskeintzen dizunez ar zaiozu, Lierni. Eta eraman nahi ez baduzu sal zazu dirua pobreai emanez.

MR. SIMPSON: Ederki asmatua! Amerikanoaren «karitas»! Ja, ja, ja!

LIERNI: (Par egiñez) Orrela baldin bada, artzen dizut «thank you very much» esanez! Millesker!

D. KARLOS: Ori eskutik ogeitamaika egitea da.

MR. SIMPSON: Pretty one! Polita jokua! Orain aita nun duzun jakitea komeni zaigu lanari jarraitzeko.

D. KARLOS: Bai, Lierni, mesedez gaztigatu zaiozu emen gaudela, Kontsejuari asiera eman dazaiogun.

LIERNI: Ez da urruti. Oraintxe noa gaztigatzera. (Bijoa)

 

* * *

 

D. KARLOS: (Bekoskoz) Mr. Simpson! Basque-American lagunarteko buruzagi jauna; ez gaude astirik galtzeko. Ziri ederra sartu dizu alabak. Orain guk aitari jokua egiteko garaia dugu. Eta Markoseri argi eta garbi au esatekoa: Bankoko kreditoa berritzeko bi milloi jarri ditzala, edo ta bestenaz Soziedadetik kanpora geldituko dala.

MR. SIMPSON: Hori ostokoa ematea da. Football jokuan ainbestean, baiñan negoziotan beste bide leunagoak badira... gu nagusi gelditzeko...

D. KARLOS: Niri bat edo beste berdin zait. Ez luzatzekotan! Bankoak...

MR. SIMPSON: Bai, entzun dut, ez duala luzapenik eman nahi...

D. KARLOS: Ez Bankoak eta ez langilleak... Eta okerrena, auei eskatzen dutena ematen ez bazaie huelga dugula gañean.

MR. SIMPSON: Hori da ezin itxoiña! Ez Bankoak ta ez Sindikatoak... Munduko bi indarrak: dirua ta lana...

D. KARLOS: Errua Markosek du langilleai ezin eman zaiena agindu zielako. Onela «kiebrara» goaz...

MR. SIMPSON: Orrek ere badu irtenbidea: lantegia itxiko dugu, ta Bankoa fabrikaren jabe geldi dedilla.

D. KARLOS: A zer nolako aterakaia! Ta gero zer?

MR. SIMPSON: Bada gero... geronek... lantegi osoa merkeago erosiko dugula... Bankoarengandik... Soziedade berri bat egiñez.

D. KARLOS: (Bat batean ideiaz jabeturik) Aizu!... amerikanuak oso aurreratuak zaudete negozio kontuan! Ez da taktika txarra, zuena... Baiñan isildu gaitezen (norbait badatorrela oartuaz) Markos ote datorren nago. (Eseriaz) Paper auek aztertu itzagun!

MR. SIMPSON: (Au eserlekuan jarririk) Paperak, paperak! Paper busti ala paper erreak, biek alatsu!

 

(Paper azterketan; diardutela Markos sartzen da. Erabat naigabeturik, burua eskuen artean dualarik. Une berean, lantegi barrundik, susmur eta zarata otsak gero ta indartsuaga entxun bitez).

 

MARKOS: Fabrikan zer gertatzen dan konturatuko ziñaten noski...

D. KARLOS: (Adi adi entzunez) Zer da barrendik datorren iskamil doñu hori?

MARKOS: Zer? Langilleak lana utzi ta kalera ateratzera dijoazela. Alperrik izan dira egin ditudan alegiñak guk Kontsejua bukatu arte, gutxienaz, itxoin zezaten. Aldez aurretik beren eskabideen bayezkoa jakin nahi dute.

MR. SIMPSON: Iñork ez du itxoin nahi. Ez langilleak, ez Bankoak, ez...

D. KARLOS: Bankoak ez beintzat! Nundik atera behar dugu eskatzen dutena ordaintzeko dirua?

MARKOS: Dagon lekutik, diotenez. Ez nere sakeletik beinik-bein... Ezin biziak... ezin itxoiña omen dakar-eta... Huelga!

MR. SIMPSON: Langilleak baimenik gabe kalera ateratzen badira, guk atea itxiko diegu ondoren. Ea nor aspertzen dan lehenago!

D. KARLOS: Goazen gauzak otz-otzean ikustera erabakiak ar ditzagun. Kontseju-billerari asiera emango diogu. Eseri zaite, Markos. (Irurok mai inguruan eserita) Eta zaude lasai!

MR. SIMPSON: Bai, gizon, egon patxaran! Gauzak antolatuko dira berez...

MARKOS: Ez dakit nola! Etxean semearekin naikoa ez dudala, orain lantegian ere naaspilla auxe!

D. KARLOS: Bai, berri txarrak, damurik, ez dira beñere bakarka etortzen. Ikus zazu onoko paper au! (Bankoko agiri bat erakutsiaz) Auxe dezu makurragoa! Bankoak ez digu kreditorik luzatu nahi...

 

(Une ontan, zarata, oiu ta iskamilla ozenago ta bertago entzun da. Lantegiko sirena ala «turuta» dalakoa «Uuuuuu... Uuuuuu... Uuuuu» jotzen asten da. Deadarren artean onoko auek: «Kanpora! Fuera! Gora huelga! Amerika! Kuku! Gora Rusia!» ta antzekoak entzungo dira. Iru nagusiak itzik gabe gelditzen dira une batean. Geienbat Markos, jota dago, ezertarako kemenik gabe, malkoai ezin eutsirik, beti eserita).

 

D. KARLOS: (Eserlekutik altxata) Entzuten al dituzute?

MR. SIMPSON: (Au ere alkitik jeikiaz) Bai, ez nazu gorra! Niri egiten didate! Ku ku! (parrez) Ja! ja! ja!

D. KARLOS: Langilleak kalera atera dira. Huelga! Fabrika gelditu digute! Legearen kontra!

MR. SIMPSON: (Oiuka) Guk itxi zagun lantegia! Egin zagun «Lock out»! ta kito!!

 

(Zapia arin-arin eror bedi).

 

aurrekoa hurrengoa