www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kalifornia ku-ku
Antonio Maria Labaien
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (III), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

ITZAURREA

 

        Geienetan, Prologo dalako atari-mintzaldia nere teatro-lanei bukatu ta garbi jarritakoan tajutzen nien. Antzeztokian agertu aurretik; ikusleengandik nola artua izango zan jakin gabe.

        Gaiez egokia, luze-laburrean ondo neurtu ta josia ta teatro arauz beste zer nai akatz nabaritzen ote nituan ea aztertzeke. Bakoitzak gere sena bait dugu zer dagon ondo eta zer txarto susmua artzeko, alperrikakoa kenduaz. Nere buruaz uste osoa izan oi dut; nere trebetasunaz fida izan naiz beti. Eta onela, arras gutxitan nere oker eta aurre iritziak zuzendu bear izan ditut. Geienaz utsune batzuek bete, bai, lana borobilduaz.

        Oraingoan nere «Kalifornia ...Ku-ku!» dala-ta bere artan ez nion batere itzaurrerik ipiñi. Ta soil-soilik jaio bezela «Agora» batzaldira aurkeztu ta saristatua izan zan. Bere bidea jarrai zezala utzi nion. Era ortan, ez bein baiñan, amar bat aldiz dagoaneko jendearen aurrean antzeztua izan da ta arrerarik onena egin diotela, nun nai, esatea, ez zait arrokeritzat artuko.

        Erri guzietan txalo-jotze beroak jasoak ditu. Ta giza-jendeak, naiz beko ta naiz goiko; arruntak eta milixkak atsegiñez ikusi dutela neroni nazute lekuko. Eta gezurrezko apaltasunik gabe aitortzea, zillegi zaidala uste dut.

        Au, gure Teatro giroan exito tagaraipentzat artu ditekela nago. Antzerkigille batek zer geiago eska dezake bere poza asetzeko?... Eskerrak emanez guzioi, jende xehe ta arruntentzat ez nuke itzaurrea auxe luza bearrik. Baiñan gure jende ikasi ta gazte jakinzaleentzat zerbait geiago erantsi nai nuke, ordea. Nolako asmo izan nuan «Kalifornia... Ku-ku!...» idazterakoan jakin ta irakurtzea gerora onuragarri izan liteke. Amerika aizea dakarki nere antzerki-lanak: itsas-aundiko aizea. Baiñan ain aundi, zabal ta ez berdin izanik Amerika, toki batez izendatu dut: «Kalifornia»... Oso aipu ona ez dizun lurraldea, ta euskaldun eta erdi-euskaldun askoren bizi lekua.

        Amerika solasa besterik ez dabil aspaldi Europan. Amerikanotu bear dugula, aiek bezela bizi, aberastu, gauza zaarrak desegin ta purrukatu; siniskeriak zapaldu. Eta ordañez, naste-borraste izugarri batean alienazio berri ta gaitzenak sortuaz... Ontan amerikar dramagille gallentxoenak, bai Broadway ta bai Broadway kanpokoak, zoritxarrez likiskeri uts ta gizanderi ustelean etzanak daude eta ezin jarrai dezaiegu, nere ustez. Ori aurrerapena ezik atzerapena bait litzake eta aberekerian erortzea.

        Problema ta auzi txukunagoetaz, sozial arazoaren barruan nere antzerki lanean diardut, naiz arin eta azaletik Teatroari dagokion eran. Au ez bait da sermolaritza.

        Eta jakiña personajeak beren jokua naturaltasun osoan darabilkite gure familia baten giroan.

        Nere adiskide eta teatrozale asko etorri izan zaizkit Teatroari buruzko teoria-lege eta iturbuaren eske: alegia «Antzertia» Teatro artea nola ikasi diteken galdezka. Neronek ezin erantzun zeatzik eman bada. Ezer gutxi bait dakit iñori erakutsi al izateko. Alare, nik ikasitako apurretik, aspaldiko urteetan zenbait idaz-lan aldizkari ta liburuetan agertuarazi ta itzaldi askotan ere arau batzu eman izan ditut. Azkenik, «Aspaldiko teatrozale bat oraingo teatroaren aurrean» deritzan mintzaldian, gero «Egan»en argitaratua.

        Ua irakurritakoan norbaitek idatzi zidan nere esanak ez zuala gogo betetzen. Polemika geiegi agertzen ota nuan eta nere iritziak bestela azaltzeko zion...

        Eremu ontan beste askoren antzera eztabaida ta burrukak errez sortzen dirala jakiña da. Beraz, nola gauzak azaldu polemikarik gabe?... Au mami mamitik bait datorkio ta auzia zuritzeko zer-nola ta xeetasun guziak ondo ezagutu bear dira.

        Teatroa Unibersidade ta Eskola Nagusietan ikasten dan gaietako bat da.

        Alemania, Austria, Prantzia ta Mundu guzian Teatroaren iturburuak sakon erakusten dira ta Doktor mailla agiriak ematen dituzte. Gu, Doktor mailla oietatik oso urruti gaudela ikastea ondo dago. Baiñan, esango nuke... ikasi ta gero ez al da onena, bear bada, guzia aztutzea...? Eta bakoitzak barrenak agintzen dion eran teatro lanean jardutea?...

        Norberak teatro mota berezi bat ondutzen bait du. Eta norberari atsegin eman eta gogo betetzea, besteai ere atsegin emateko baldintzarik bearrezkoena dugu.

        Eraskin au bukatzeko teatro-zaleen artean entzun oi diran «topiko» batzuek aztertu nai ditut. Gaurko antzerki-lanok, mezua, kezka, giarra, koskorra ta «atzaparra» bear omen dute. Eta gañera: «sozialak» izan. Ori «pellokeria» da. Ezen, atzoko, gaurko ta betiko teatroak, teatro onak ori bera izan bear du. Ots! mamitsu izan, tajuz egiña ta... umore duana, erantsiko nuke nik...

        Beste topiko bat ere badugu ao-betean erabiltzen dana: gaurkotasuna, obeto esanda: «oraingotasuna».Nik galdegingo nieke: «Oraingotasun ori zertan datza?...». Bertold Brechten «Galileo-Galilei» eta «Mutter Courage»: Camusen «Caligula»; Sartreren «Les Troyennes»; Duerrenmatteren «Romulus der Grosse». Osbornen «Luther» edo beste edozeiñek antziñako Historiaz egindako antzerki lanok oraingotasunik bai al dute? Bai noski! Gertakariok ez dira gaur goizekoak, baiñan ondo bururaturik eta borobilduak baldin badaude berriak bezin mamitsuak dira.

        Adan eta Eve gaia arturik ere oso teatroa berria egin diteke. Aitzitik, azken modako gertakariekin teatro oso zarra ta erabat txarra egin.

        Gertakariak oraingotasunetik urrutiratzea Teatro-taktika bat da: Brechtek «Verfremdung effeckt» deritzana. Urrutiratze efektoa... Sarritan urrutikoa bertakoa baño obeto ikusten bait da. Antzerkigilleen beste gaitz bat alderdikeriarena da: proselitismo gaitza.

        S. Ignazioren gogo-jardunak onak diranik ezin uka: Ezta ere Marxen eta Mao-Tse-Toungen doktrinak gizarte bizitzara argi berri bat ez dakartenik... Konporme! Baiñan gai orien irrikiz gogoeta luzeetan jardutea Teatroarentzat gogaikarri da. Ez du teorien menpean egon bear eta mutil izan, gertakariena baizik.

        Bertold Brecht berak, marxtarren eskolakoa izanik bere «Organon Txiki» deritzan liburutxoan beste 77 arau artean, guk emen erakusbidetzat jartzen dugun onoko au ematen du:

        «3. Teatroaren eginkizuna, beste arte-lan guziena bezela, beti jendea diberti araztea izan da. Onek ematen dio bere omen berezia. Ez du besterik bear jolas-bide izatea baizik. Au nai ta naiezko zaio, ordea. Ez genduke goragoko mallan jarriko moral ta zillegigoaren merkatu biurtuko bagenu ere. Ala baledi, lan emango liguke ez gutxiestea, ezen, hori gertatuko bait-litzake moral dalakoak jendea jolas araziko ez balu.

        »Teatroaren xedea ez luke izan bear, ezta ere, onako edo alako zerbait irakastea: alegia, gorputz ala ispirituaren ibilli atsegiñak baño gauza protxuskoagoak irakastea.

        »Teatroa, debalde (duarik) datorren gauza izan bear luke, alperrikako lan orretarako bizi gerala aitortzen baldin badugu. Jolas-bide ta dibersioak ezerk baño justifikazio gutxiago bear bait du».

        Bukatzeko «Unibersidadeak eta Euskera» Zeruko Argian argitartutako artikulo sakon bat aipa nai dut, Gomiga laister Euskalerriko Unibersidadean erakusten asiko dan maisu batena. «Ez da utopia, ez da mitoa, gai guziak euskeraz agertuko diran Unibersidadeaz jardutea». Ni, neu, ez nago ezezkoan, baiñan ez nauzute ain baikor ere. Gazte adoretsuentzat ordea, Gomiga jaunak dionez, «ori ez da geiegi eskatzea, baizik bizitzeko aizea eskatzea bezela». Eta gañeratzen du: «Euskerarekin ezin gera erdi bidean gelditu. Guretzat ez da txantxetako ipui bat edo museoan gordetzeko antziñako fosil bat. Guretzat euskera bizitza da. Gure bizitza». Asmo orietaz arras poztutzen gera. Bizitza Teatroaren bidez obekienik erakusten da. Teatro gaiak euskal Unibersidadean erakusteko liburuak bear ditugu. Eta asiera emateko «Euskal-Teatro Iztegi» bat elkar ondo adi dezagun. Lexiko ontan bat etortzea da lenengo, gero aurrera jarrai dezagun. Onengatik liburutxo onen azken aldera geigarri bezela Euskal Teatro Iztegi gai bat argitaratzen dugu Euskaltzaindiaren ardurapean osatua.

        Eta au aski ez dala Teatro-Bibliografia labur bat, ez antuste ta jakintza arrokeriaz emana baizik euskal teatro-zaleen gosea gai ontan asetzearren.

        Bibliografia ortan, lenengo, nik ezagutzen ditudan argitara gabeko esku-lan, manuskritoak ipiñi ditut. Ondoren aldizkari ta errebisten izenak. Eta azkenik liburu ta liburuxkak, aurretik egilleen izenak, nun eta zer urtetan argiratuak izan diran emanez. Unibersidadeko goi-mailla irakaskintzarako ezer gutxi da; luza zitekean geiago. Baiñan asiera emateko aski. Erakus dezagun Teatro alorrean, ere euskaldunok ez gaituzula ain atzerati, ezjakin ta sasi...

        Gure txikian, illunpean, lotsa-lotsa eginda egonarekin ez dugu ezer aurreratzen.

        Garaia da Teatroan ere Detxeparek kilika gindun bezela dantzara ta plazara jali gaitezen.

 

aurrekoa hurrengoa