www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Dirua galgarri
Mariano Izeta
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Dirua galgarri, Mariano Izeta. Auspoa, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VI—

 

        Zerue goibel eta ipar aize otzakin argitu zuen asteleneko egun ura, elur maluta batzuk ere aizeakin batean. Bear bada, epeltzen balu, xuriz jantziko lirezke Parisko karrikek. Abendua ere bazoaien eta Eguberriak urbiltzen, kristau onak egun oietarako elizkizun pozgarriak prestatzen Jesus Aurraren ohoretako.

        Leblanc'en ofizinan lanari lotu ziren bere ordurako osaba-illobak. Gazteak, astelenero bezala, bestondo pixka bat ere bazuen. Osaba berriz, erne eta gertu lana egiteko.

        —Atzo besta ederra egin zinuen... Ezagun duzu —erran zion osabak illobari.

        —Bai, nere lagunekin afaldu nuen ederki eta edan ere egin ginuen auserki, an baiginuen edari mota guzietatik.

        —Zer zinuten bada, atzo?

        —Lagun batek betetzen zituen urteak, eta aren konture afaldu ginuen lagun guziek.

        —Gero etorriko da zure aldie. Prestatzen aal duzu boltsa...?

        —Ba... Orduko, bear bada, aberastuko naiz loteriekin.

        —Eta Mayi gaixoa utzi zinuen bakarrik etxean. Eztuzu lotsik.

        —Lenago ere oitue dago! ezta lenbiziko aldie...

        —Bai, bañan gertatu diren gauzekin, badakizu gizajoa izitue dagola, eta eztago ongi emaztea etxean bakarrik uztea.

        Ortan etorri ziren Leblanc eta Etxemendi yaunak.

        —Egun on. Egin duzue lo? —agurtu zuten.

        —Bai. Zuek ere bai? —erantzun zioten.

        —Atzo nola igaro zinuten igandea? —erran zuen Leblancek.

        —Ederki —erantzun zion Jean Pierrek. Gu Meza nagusia entzun eta etorri ginen etxera, eta ez ginen atera egun guzien. Neguko egun ok obeak dire etxean egoteko.

        Leblancek leiotik begiraldi bat eman zuen zerure eta erran zuen:

        —Goibel dago. iduri du erasan bear duela...

        —Bai, bañan erasaten badu elurre eginen du segurik —zion Etxamendik.

        —Ez dezala egin. Eztugu orren bearrik gure lantegian. Alderdi ederra orai elurrengantik egoten bagineke egun saill bat lanik egin gabe... Irabazi ederra urtea ongi akitzeko.

        Gero laneko kontuek egiten aritu ziren denak. Eskutitzak, idazkiak eta abar. Gizon batzuk ere etorri ziren lan billa; bañan etzituzten artu. Bazuten yende franko lantegian, geiago artu gabe.

        Ameketan izan zuten uste gabeko bisita. Claudet yauna agertu zitzaien Pontacekin.

        —Agur, yaunak! Ari zerate lanean egin aal guzian? —agurtu zuten.

        —Agur. Ongi etorri! —erantzun zuten denak.

        —Badakarregu berri on bat. Begira zazue...

        Eta Claudetek erakutsi zaben larruzko kartera bat. Denak batera egin zuten pozkariozko karraxi bat, boltsa ura ikusi zutenian; Jean Pierrek, batez ere.

        —Au al da ebatsi zuten aietako bat?

        Kartera artu eta begiratu zuten.

        —Bai, yauna, bai. Auxe eta bera da lau milloiak zituena.

        Leblancek eskuetan artu eta begiratu zuen barnean.

        —Utsik dago —erran zuen arrituta.

        —Bai, utsik dago. Gure polizia batek arrapatu du ugalde bazterrean gaur goizean, Mainkerra arkitu zuten inguru artan. Dudik gabe lapurrek boltsa ustu ta ondoan, bota izanen zuten ugaldera.

        Denak sor ta lor gelditu ziren. A zer zoritxarra!

        —Etzaiztela arritu. Gauzak ongi doazi. Erran dezakegu badakigula zein den lapurre, eta orrek eztu iges biderik. Arrapatuko dugu.

        —Bai; lapurre bear bada eroriko da; bañan lau milloi oiek... Eztakit, eztakit. Eztut itxaropen aundirik —zion Leblancek.

        —Eta zer egin ote dute nere erlojuekin? —erran zuen Franzisek.

        Olako solasetan aritu ziran eguerdi artio. Orduko pixka bat lasaitu ziren. Bazkaltzeko ordua ere urbil zagon eta Leblancek aginduz goizeko lanari eman zioten amaia.

        —Goazen, goazen —erran zuen Leblancek—. Konbidetzen zaiztet «aperitif» bat artzera.

        Atera ziren denak etxe artatik eta sartu ziren bar batean. Exeri ziren maian lasai lasai. «Cinzano» batzuk edan eta solasaldi bat egin ondoren, abiatu ziren denak beren etxetara; bazkaltzeko ordua ere bazuten.

 

aurrekoa hurrengoa