www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Dirua galgarri
Mariano Izeta
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Dirua galgarri, Mariano Izeta. Auspoa, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—I—

 

        Abenduko egun batean zen; atsaldeko seiak, eta izarrak ageri ziran zeruan; egunik laburrenetan gaude eta orduko illun illundua zen.

        Iri bazterrean bi gizon izkutuan eta noizean bein kirikeka bide aldera; ezpairik gabe norbaiten zai zauden.

        —Oraindik eztuk ageri Mainker ori, zion batek, bietan zarrena eta bere aurpegi beltz artan zitalkeria erakusten zuela.

        —Badator, badator; ortxe dago, erran zuen bertze gizonak, pizti baten antzeko gazte mee bat, begi bixi batzuekin.

        —Gabon... agur egin zuen etorri berriak.

        —Bai zuri ere. Noiz-nai ordue zen, berantetsiek ginauden, erantzun zioten.

        —Egia da, bai; bañan lenago enitzen etortzen aal, ofizinan lan aunitz zuten eta kapataz guziek antxen egon gara geren kontuek egiten orain arte. Langileak beren soldata artu bearra dute, eta leenik gauzak bear ziren ongi antolatu.

        —Ekarri al dute dirua? galdegin zuen zarrenak, izen-goitiz «Beltza» zeritzana.

        —Bai, ikusi dut nola ekarri duten eta Jean-Pierre Yaunak eta bere illoba Franzisek nola kontatzen zuten, ok baitira diruzain eta idazkari. Baita oartu naiz ere dirua larruzko boltsa batean sartu dutela, eta aditu dut nola Jean Pierrek erraten zion illobari: «Diru au sartzazu burni-kutxan; emen badira lau milloi eta eztitugu nola-nai utzi bear».

        Beltzak irri maltzur batekin entzuten zion eta bertze bieri zorrozki begiratu ta erran zaben:

        —Aditu zazue biek. Diru ori gureganatu bear dugu; bañan ortarako geren buruek arrixketu bear... Aizu, Mainkerra... Zer ordu izango da egokiena yokoa egiteko?

        —Nik uste dut amekak aldera izanen dela ordurik oberena. Nik badakit ongi etxe orren berri. Beitien dauzkate ofizinak eta lenbiziko bizitzan Jean Pierre Yauna bizi da; bañan gaur eztugu orren bildurrik. Badakit osaba-illobak goan bearrak direla zinemara beren emazteekin eta ordu atan iñor eztela izanen etxean. Aise sartuko gara leio ttipi batetik eta bear den bezela eginen dugu gure lana. Ez bildurrik izan...

        —Aditu duk, Pizti —erran zion Beltzak oneri—. Erne egon adi eta prestatzik lanabesak, burni-kutxa ori idekitzeko.

        —Gertu naukazu, nagusi. Badakizu lan oietarako ez dudala parerik.

        —Ongi dago. Ori gero ikusiko dugu. Orain gauzak buruekin egin bear ditugu. Leenik yan dezagun zerbait eta edan erre...; bañan kontuz, Pizti, edariekin. Ik aski duk baso bat eta guk, gutti geiago. Badakizue gizon ordiak eztuela deusetarako balio. Gañera, gaurko lana ezta nolanaikoa. Burue ongi eta zangoak zauli bear ditugu. Sar gaitezen bada, gure ostatura...

        Urbil artan bazen ostatu zar bat; leku zikiña eta illuna, an biltzen ziran yendajeak bezala. Exeri ziren zoko batean eta afaldu zuten.

        —Oraindik bederatziek —ziotsan Piztiak kezkati.

        —Etzaitela larritu —erran zion Mainkerrak—. Ameketako an izango gara, ezpaitago urrun etxe ori; eta gañera gaurko eguraldiakin egoten aal gara lasai. Ezta iñor ageri karriketan, izan ere gau ontan. A zer orma eginen duen!...

        Mainkerrak oraiñik bazuen zerbait galdetu bearra.

        —Gure lana ongi ateratzen bada, nola berexi bear ditugu irabaziak?

        Beltzak orduan:

        —Lau millonetatik, bi neretako eta zuendako milloi bana. Badakizue ni naizela buruzagi. Zer iduritzen zaizue?

        —Ez al zaizu ori soberaxko zuretako?

        Yardetsi zion Mainkerrak:

        —Zu aitzindari izanagatik, nor da gaurko lan onen buru eta nork dakizki, nik bezein ongi, etxe orren zokoak? Ortaz bada, zuek aski duzue milloi bana eta bertze biek neretako.

        Beltzak zimurtu zuen kopeta, etzuen bada uste gizon erbal ura ausartuko zela bere aurka deus erratera, eta egon zen arei begira ixtanpatez itzik erran gabe. Ezagun zuen etzitzaiola ongi goan Mainkerraren erantzuna; bañan etsi etsian bearko zuen aren erabakia baieztu.

        —Goazen —erran zuen azkenean Beltzak—. Ordua da. Egin dezagun zuk erran duzuna eta lenbailen iritxi gaitezen etxe ortara. Lanpide oietan oitua nago eta finezien yokatu zaite, Mainkerra. Nik badakit gero gizon iruzurtia nola ezi. Nerekin ezta yostetik.

        Abiatu ziren iru gaizkileak poliki poliki, Mainkerra zutela bide erakustale.

        Zeruan izarrak dirdiratzen zuten beñere ez bezela, eta orduentxen berean amekak yo zuten ezkil-dorre batean.

 

aurrekoa hurrengoa