www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitzpean
Jose Eizagirre
1948

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitzpean (Ipuinberri), Eizagirre'tar Joseba. Editorial Vasca Ekin, 1948.

 

 

aurrekoa  

        Guda madarikatua...! Ala da, bai, ongi gero madarikatua. Beragatik Aitzondo-garaikoa, baserri eder maitagarria nola gelditu dan ikusi utsak, biotza erdibi lezake.

        Bere seme zarrena, baserriko nekazaritzari jarraipena eman bear zion gizon gazte zintzoa galdua da betirako.

        Beste seme egoki, euskaldun jator, biozkor, maitatia Jainkoak etxera ekarri diote; bertan izan dan aldi motxean guztientzat aingeru bat bezela agertu da, beren biotzetan sakon-sakoneraño sartu zaiote; etxeko alabaren maitetasunaren bidez egiazko seme izatera iritxi da eta begiko ninia baño geiago maite dute.

        Bañan gertaera izugarri batez, bere bizia galtzeko arraxko zorrotz, estu, latzean, arkitu ondoren urrun joan bear izan du.

        Eta berarekin batera, alaba maiteak, ainbeste gozamen ta igurtziz asi zuen bere biotzetako kutuna, etxeko lan guztietan amaren laguntzalle izan dan nexka lirain, polita, baserriaren poz ta alaitasuna zanak, bere maitearen ondoren alde egin du.

        Oek gazteak dira eta edozer gauza gertatuta ere kemena ba dute ta nola edo ala irtengo dira; bañan berekin joan dan larogei urteko aitona zarrak zer egin bear du?

        Baserrian onek usten duan utzunea ez da nolanaikoa izango noski; bizitza luzeak eman dion aren jakintasun sakona bear-bearra zan; sendiodolaren deiaz etxeko guztien maitetasunik aundiena aitonarentzat izan da beti; zartzaroak berekin izaten duan indar-galtzeagatik lanerako gauza ez izanarren, oraindik ere arren itzalak, arren itz batek, arren oarpen batek beste lan askok baño indar geiago zuan.

        An joan dira irurak, mendiz-mendi, gau illunean, illargiaren argitasuna eta Goiko-Amaren errukia laguntzalle bakar dituela.

        Arraxko-aldi ikaragarrienetik Jainkoa-ren mirari batez urten dira eta orain azkatasuneko bizikera berri batera sortuko ba lira bezela, pozik dijoaz.

        Gau ontan ibillera. txar bat egin bearrean arkitzen dira, bañan ajolik ez diote; bere barnean itxaropen aundi bat ba dute eta beretzat eragozpenik ez da. Ez baten urteen aztuntasuna, ez bestearen eme-argaltasuna, ezta irugarrenaren eriaultasuna, iñundik ez dira agiri; biotzeko indarrak guztiak aztu arazi ditu, eta menditontor ta malkar, erreka-baztar ta zelaiak, laister igarotzen dituzte ta atzean gelditzen dira.

        Toki aietako berri Aitonak ongi daki eta oinkada bat galdu gabe zuzen-zuzen, iñork ikusi gabe, arin, pozik doaz.

        Bitartean, Aitzondo basetxe zabal, eder, gozoa, kabi utsaren antzera illun, otz, naigabepean autsia gelditu da; bere oin-arriak kendu ba litzaizka bezela, sendi jator arren sor-lekuak ikara izugarria egin du.

        Bertako biztanle giz-emakume zintzo, leialak, gogo-oñaze ta samintasun beltzaren mende lur jota daude.

        Bere biotzeko iru zati aiek mendian gora, illunpean galdu diranean, etxe-aurreko atadian zer gertatzen zaioten ongi nabaitu eziñik, geldirik, mugitzeko kemenik gabe, negar ta zotin, errukarri, alditxo batean an egon dira gizarajoak.

        Gero etxeratzen dira, bañan barrengo egoera garratzagoa da oraindik. Sukaldea otza arkitzen dute, sua itzalia da, aizkeneko zalapartan mai, alki ta tresna guztiak nastuak gelditu dira.

        Ezertako gogorik gabe, bakoitza baztar batean eseri eta bere naigabeari burruka bizia egiñaz, alkarri ezer esateko bildurrez ixil-asko daude; noizik-beingo zotin-otsa besterik ez da entzuten.

        Etxe artako bizia zearo amaitu dala dirudi; biotz maitekor aiek erioak bere atzaparretan apurtu ditu. Otoitz bat egiteko ere indarrik ez dute. Bai atsekabe illuna, ura garraztasun elkorra! Txintik egin gabe aldi luzea daramate.

        Ontan, ikulluko bei baten marruak bizira piztu-arazten ditu; marrua bein ta berriro aditzen da. Orduan Aitak kolko-barnean sartua daukan burua jaso ta ala dio illunki: «Abere gaizoei jaten ematea guztioi aztu zaigu eta or daude goseak... Joxpantoni, Txomin bazka ematera zoazte...».

        Bañan seme-alabak, uzkur egiñaz, geldirik daude, ez dira mugitzen, bildurtu egiten dira; Aitak ori ulertzen du eta geiago ezer esan gabe bera txutitu ta ikullura dijoa.

        Azkar betetzen du ango eginkizuna eta berriz sukaldera biurtzen danean, bere buruaren jabe egiñik, emazte-aurrei sendoki, gizatasun osoan, xuxpertu-arazteko, mintzatzen diote:

        «—Orrela egonaz ezer ez degu aurreratzen, gure erorkera orrenbesterañokoa ez da; or joan zaizkigun oiek etxe ontan uzten duten utsunea aundia da. Orain gu bakartasun otzean arkitzen gerala egia da, bañan orrengatik lur-jota ez degu gelditu bear. Bizi bear degu oraindik, joan diranak geiago etorriko ez dirala iruditzen zaigu, bañan ez da ala, aiek ere biziko dira eta egunen batean berriz emen ditugu; naigabeak ez gaitu zearo menderatu bear; gure biotzak goruntz jaso ditzagun...».

        Eta Amak erantzun dio: «Ongi esaten dezu, bizi bear degu; guztia al lezaken jaunari lagundu deigula biotzez eskatu dezaiogun, eta Beragan itxaropen osoa jarririk otoitz egin dezagun; egun obeak ere etorriko dira».

        Eta bere sinismen osoaz, Goiko-Ama-ri benetako eskaera egiñez, agurtza esaten dute.

        Amaitu dutenerako beren barrenak atseden aundi bat artu dute. Txomin-ek ere, askotan bezela, otoitz-aldian ez du lo-artu, ernai egon da, gertaera zorrotzak astindu izugarria egin dio.

        Guztien barnean naigabea garaitu eta paketasun-argia piztutzen asi da, eta alkarri gau-onak emanda, makur bañan,etsita, oiera dijoaz. Gogo ta soin, neke-aldi garratza igaro ondoren oieko atsedenaren bearra ba dute. Biar ere bizi diranentzat eguna zabalduko du eta berriz lanari gogor ekin bearko zaio.

        Etxeko gizarajoak ain ordu latza igaro duan artean ezertaz ez dira oartu, ala izatea obea da, bañan berak otoitzean ari zirala etxe-inguruan, kuskusean ta salaketan, norbait ibilli da; sukaldeko leiora ere bertaratu da eta leiatillak, beti bezela, erdi-irikiak arkiturik barrengo gertaera ikusi du. Berak nai zuenik ez du arkitu noski eta alde egin du.

        Lengo zapelatza bera, jira-bira, usaiean dabil; bañan berak arrapatu nai duen egaztia, egoei eragin eta urrutiratu zaio; oraingoan beintzat atzaparretatik iges egin dio.

 

        Euzkadi-ren betiko atsekabe izugarria auxe da. Bere semeak ajolik bear ez lioteken eginkizunetan sartuak ibilli oi dira; besteren onaren alde ta etxearen kaltetan, beren ondasunak zearo galdu ta bere odola erruz ixuri dute.

        Eta bere kalteak asko ez dirala, euzko-erriari egiten dioten galera ikaragarria da. Gure betiko etsaiak ez dira lo egoten, aldi guztietan ernai dira; Euskal-Erriaren bereztasuna begiz ezin ikusi dute eta edozein egokiera arkitzen duten bakoitzean, bere eskubidetatik, bere izaeratik, al duen zatirik aundiena kentzen diote.

        Oraingo aldian euzko-pizkunde ederrean aizkeneko berrogei ta amar une oietan egin diran lan aundiak, zearo galtzeko zorira ekarri dituzte. Jainkoa-ren mirari batez ez dira oso galduko.

        Eta gure Euzkadi maitea zearo galdu bear ote degu ba?

        Ez, Aitzondo-ko nekazari zintzoak bezela, gure erria ere ekaitz izugarriak astindu du zearo; aiek bezela bere sendia txeatua ikusi du, etxeko itxaropen ta oin-arri eder ziranak, alde egin bearrean arkitu dira; berekin batean Aitona ere, antziñeko euzko-gogo zar, sendo, jator, egiazkoa, bizitzeko bear duan azkatasun billa, igesi joan da.

        Ez dio ajolik. Bertan gelditu diran baserritar zintzoak etxea zainduko dute. Eta egun batez guztiak berriz bilduko dira, eta, pozaren-pozez, bere sorterri, bere jaiotetxea jaso eta bizikera sendo, iraunkor, ederrean, jarriko dute.

 

aurrekoa