www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitzpean
Jose Eizagirre
1948

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitzpean (Ipuinberri), Eizagirre'tar Joseba. Editorial Vasca Ekin, 1948.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
EKAITZ IZUGARRIA

 

        Maitetasun-landare berria loratu da eta bere usai gozoaz inguru guztiak bete ditu; atsegintasunez biotzak esnatu ta berotu, etxeko seme zarrena illezkero zimurturik zeuden bekokiak alaitu, eta arras illun ziran barrenak irri bigun batez poztutzen asi dira.

        Semea galdu ta nekazari jator aiek naigabez estalita geldituak ziran bañan eriotz arrek bere biotzetan utzitako utzunea betetzera, usterik gutxienean eta iñork usteko ez zuan eran, Jainkoak beste biotz-ikutze sakon bat bialtzen diote.

        Aitonak berri ona zabaldu du eta etxeko guztiak, oraindik gauza ongi jakin gabe pozez zoratzen daude.

        Gau aietako batez apal-ondorean, Aitona ta gazteak oiera joan diranean, Malen aurrean dala, Xabier-ek aita-amak artu ditu eta garbiki gauza agertu diote esanaz:... Zuei eskerrak, etxe ontan zaurituta sartu nitzan bezela sartu eta zuen laguntza onaren bidez sendatzen oe ortan egon naizen artean, Malen-ganako maitetasun bizi bat nere biotzean sortu da... Asiera artan zuentzaz deten eskertasun aundiak zekarkien gauz bat ote zan uste izan nuen, bañan arras sakonagoa dala laxter ikusi det, barren-barreneraño, biziaren sustraietaraño, sartua daukat, nere buruak baño indar geiago du eta oso bere mendean arkitzen naiz...».

        «Zuek ain onak izan ondoren alabaren naitasuna nereganatzeko eskubiderik ez detala iñoiz gogoratu zait, bañan nere biotzeko mugiera au ixil arazteko kemenik ez det».

        «Gañera, neretzat pozgarriena dan beste gauz bat ere ba degu,... Malen-i ere ori bera gertatzen zaiola; berari ere nereganako maitetasun garbi, zintzoa, sortu zaio, eta alditxo batean alkar ezagutu gabe egon da gero gure maitasunak alkarri agertuaz bi biotzak bateratu dira eta alkarrenak izateko itzak Goiko-Ama-ren aurrean alkarri ziñez emanak ditugu».

        «Eta ixilka ta gordeka ibiltzea baño, zuek jakiñaren gañean egotea obea dala uste det. Zuek gauz au txartzat artzen ba dezute, biotzari korapillo izugarria egin eta emendik berealaxe alde egiteko gertu izango naiz. Nigatik zuek negar-malko bat ixurtzerik ez nuke nai; bizia zor dizutet, nere biotzeko eskerrik oberenak zuentzat ditut eta zuei kalte bat egin baño lenago il naiago nuke...».

        Ola, goititz ederrez, mintzatu zan Xabier, eta Malen-ek itzak ezin asmatuz eta begietan malkoak azaldurik erantzun zion: «Bai, ala da... maite det... alkar maite degu... eta alkarrenak bear degu izan...».

        Ura entzundakoan aita-amak, lenagotik zerbait jakiñarren, arriturik, bañan pozik, ziran ta ixilalditxo baten ondoren aitak ala dio: «...Ongi da, biok benetan, garbi ta ziñez alkar maite ba dezute, guk ezer esan bearrik ez degu: Zuek ola ikusteak poz aundia ematen digu... Zoriontsuak izan zaitezte... Orain, Xabier, gure alaba zure kidekoa ez dala gogoan izango zenduen noski... Ez da zu bezelako kaletar, eskolatu eta ongi ezia, baserritarra da eta baserriko eran oitua...».

        «Bai, ori ala izango da —dio Xabier-ek— bañan kaletar aundizki-alabei ere Malen-ek ezer zor ez diote, eta, berari esana dioten bezela, euskaldun zintzo ta zerbait dakien batentzat baserritar izatea izan liteken gauzik ederrena da, euskaltasuna, gure euzko-odola eta gure euzko-izaera guztia, garbi ta egokiena gordetzen dan tokia baserria dalako...».

        Gau artan gizon ta emakume aiek lotarako presarik ez zuen. Gurasoak alkarri beren poza agertzen zioten; zaurituta etxe artara ekarri zuten egun beretik, Xabier beren gogokoa zan, ain egokia ta atsegiña ikusirik, gutxi edo asko, guziak maitatuaz...; eta orain... «Gure semea izatera etorri bear ote du...? Gudaren zalantzagatik ez ba litz...! Bañan, begira, gudagatik izan ez ba zan gizaseme ori ez genduen guk iñoiz ezagutuko... Bai, arrazoi dezu... gauz guztiak beren alde onak eta alde txarrak izaten dituzte...».

        Ala zioten ixilka alkarri senar-emazteak; gazte zauritu arren egoerak baserrirako zekarzkien arraxko ta kezka, andik aurrera bizigoak, minkatzagoak, agertzen zitzaizkaten... «arraxko orrengatik bertan luzaro egoterik ez du izango eta joan bearra etortzen zaionean...?».

        Zoriona ta kezka alkarrekin maiz izaten dira noski...

        Etxeko guztiak berealaxe jakin dute eta pozik dira; batez ere Aitona... Malen bere besoetako kutuna bai du eta Xabier mutil jakintsu, zintzo atsegiña, biziki maite du.

        Etxeko semearen eriotzak sendi artan utzi zuan belztasun illuna, alditxo batez arindu da zerbait; gertaera berri onek biotzak jaso ditu eta ango biziaren garraztasuna goxatu du pixka bat.

        Udarazkeneko egunak aurrera dijoaz ta negua ba dator; ala ere eguraldiak ederrak dira, egoaizeak irauten du oraindik eta bere epeltasunaren igurtziaz bazter guztiak bigundu ditu.

        Euskal-mendi aietako bizikera atsegingarria da; basozelaiak urre-gorri margoz apainduak daude eta urrutiko arkaitz ta mendi-tontorrak eguzkiaren argitasun aundiaz garbi agertzen dira.

        Xabier-ek bere osasunean egunetik egunera asko aurreratzen du, gaztetasunak laguntzen dio noski; zangoa ia sendatu zaio, galtzarbe-makillak utzi ditu, esku-makiltxo bat naikoa du, errenka bederen asi da eta poliki-poliki ba dabil.

        Eta ola ibiltzen asi danezkero zeñek euki geldirik? Nork etxe-barrunbean egon-arazi? Lenbizi etxe-inguruan asi zan, gero etxaburuko belardi eta gañeko arizti-txikiraño joan bear zuan, aizkenik urrutitxo ere joan nai du, mendigañeko arkaizti batetik Euskal-Erri-ko alderdi guziak ikusi bear omen ditu.

        Aitona du bere lagun, biak ongi etortzen dira; bata zarra izanik eta bestea erren arkitzen dalako laxterka ibiltzerik ez dute, astiro-astiro ibilli bearrean dira eta noizik-bein belaz idorrean exeri eta pipakada bat erreaz izketa beroak egiten dituzte.

        Noiz-nai, arkaitz gañetik zabalari begira, txoratuak egoten dira. Xabier-ek mendi-mutur guztien izenak ba dakizki, mendizale izana bai da; Aitzondo baserria nun arkitzen dan ikusten du orain, bera nun dagon ba daki, eta bere gudari lagunak burrukan nun dabiltzan ere, gutxi-gorabera, sumatzen du; eta aurki oso sendatutakoan Bizkai-aldera, bere lagunetara berriz biurtzeko, zer aldetara jo bear duan ere asmatuko du.

        Gauz oek entzundakoan Aitonak ala dio: «... Gizona, oraindik joateko bearrik ez dezu... lenbizi ongi jarri zaitea... oraindik indarra bear bezela ez zaizu etorri... baserriko egoerak on aundia egiten dizu eta egon zaitea lasai».

        Bai, bera ere, bere gogoz, emen egongo litzake ederki; batetik, bertako paketasun ta atseden tokian ain ongi arkitzen dalako eta bestetik... Malentxo... maitetasunaren deia...

        Bañan bere guda-eginkizunak gogoan ditu beti; maiz berekiko gauz orretzaz gogoratzen da eta bere asmo ta erabakia ziñez artua dauka, sendatu-samartua arkitzen dan bezin laxter berriz bere lagunetara joan bear duala.

        Mendi aldeko bere ibil-aldietan Aitonarekin gauz askoz mintzatzen dira; batez ere bere maitetasun gaiaz. Xabier ain txoratua ikusirik Aitona pozik da, bañan bere barnean betiko kezka agertzen da... erriko gazte zital aiek, Xabier etxe ontan dagola jakingo ba luteke... zer gertatuko litzake...?

        Xabier-i olako gauzik ez zaio bururatzen, oraindaño salatu ez dutenean aurrera ere iñor oartuko ez dala iruditzen zaio, eta Aitonaren zalantza ta bildurrak bere ziurtasunez ixil arazten ditu.

        «Gauz au arreta aundiz artu bear dezu, Xabier —esaten dio zarrak— ez txorakerietan ibilli; gure errian gaztedi gaiztoa dago; gudaren asiera artan gizon zintzo batzuek, errugabeko krixtau onak, zakurrak bezela garbitu zituzten; guztiok maite genduen apaiz gazte bat, euskaldun ona, beartsuen laguntzalle zana, emendik eraman zuten eta nun dan iñork ez daki».

        «Ez da ori guk ikasi genduena —jarraitzen du Aitonak— Ni ere ongi gazterik irten nitzan lengo gerratean Mugerza-ren mutil-sallera, eta an ibili giñan su ta gar, bañan errietako gizon paketsuei kalterik ez zitzaioten egiten gure asmoen aurkakoak izanda ere».

        «Bañan oraingo oek gu bezelakoak ez dira; zitalkeria, barren ustela eta ezin-ikusia besterik ez dute. Mendira, etsaien aurka, beren buruak arraxkoan jartzera, ez dira joaten, beti kaleetan dabiltza; olakoetan, okerrenak, biotz gabeko erailtzalleak, gizon bildurtiak, izaten dira».

        «Batez ere ba degu bat, Txinparta edo... deitzen diotena, lenago ere arren aditzera ba dezu... nere illoba maitea, gure Manu zana ere, berak eraman zuan,... karlixtetarako itza emana zuala eta aitzeki ta abar,... geiago etxera ez etortzeko...».

        Aizkeneko gogorapenaz Aiton gizarajoaren begiak lañutzen dira, bañan Xabier-ek, kupitu ta, itz ezti, leun, batzuek esanez, bere onetara dakarki; lenago illoba bat galdu ba du, orain, Malen-en naitasun eta biotz ederraren bidez, arrek aña maiteko duan beste illoba bat izango duala gogoratu arazten dio ta pozez arpegia alaitzen zaio biziki.

        «Bai —esaten dio— maite zazu, Xabier... ez nere illoba dalako bañan beti biotz aundiko nexka on bat izan da, eta gero, ziur naiz, emazte on bat izango dezu... ez zaizu damutuko; bañan, bene-benetan maite al dezu...?».

        Xabier-ek lasatu arazten du eta biak, bi lagun zar ba lira bezela, mendian bera abestuaz datoz.

        Lengo gudatean, bera gaztea zanean, abestutzen ziran bertso zarrak Aitonak ba dakizki, aiek dira gazteak geiena maite dituztenak eta berak ikasteagatik zarrari abestu arazten diozka.

        Ola, eguzki epelaren igurtzi goxoa artuaz, arratsalde atsegiñak joaten zaizkiote.

        Bitartean etxekoak, bakoitza bere aldetik gogoz alegintzen dira. Aita, Joxpantoni ta Txomin-gaztea, batzuetan mendira garo ta orbeletara dijoaz, beste aldietan, soro ta barruti, goldeaz, laiaz edo atxurrean lana gogor egiten dute; beti nekeizerdi-lanetan; ala osasunez ain ederki izaten dira. Ama ta Malen-ek, beti bezela, etxe-barrunbean eta etxe-inguruan naiko lan ta eginkizun izaten dute.

        Arratsalde giro eder ontan odei beltz lodi batzuek zeruan agertu dira eta, illunabarrerako, eguraldia nastuko ote dan, turmoira joko ote duan, ba dirudi.

        Aitzondo-gañera ere ekaitz izugarrien bat etorri liteke; arraxko bizian dirala etxe artako gazteak ez dute nabaitzen, ezer txar gertatu litekenik iruditzen ez zaiote ta zoriontsu bizi dira; zarrak, begia argiagoa izanik, kezka ta bildurra berekin dituzte; ollategigañean jira-ta-bira usaiean ibiltzen dan bezela, zapelatzen bat etxe inguruan itzulika ote dabillen norbaitek sumatzen du eta ez dago lasai.

        Xabier-en egoera ixilik eukitzea asieran ez zan zalla; zauri ta gaitzak bere mendean, oiari lotuta, geldirik zeukan bitartean etxetik kanpora ezer ez zan agertzen, iñork ez zuan ezer sumatuko. Bañan orain, bere osasunera ongi datorren mutil gazte sendoa geldirik ezin euki liteke, txoriak bezela mendiko zabaltasun ta azkatasun ederra maite du; zangoa oraindik makal-xamar eukiarren ibilli bear, etxe-barrunbean ito egiten dala ta asnasa oparo artu nai.

        Berak uste ez ba du ere, auzokoak, sudur-luze, zerbait usandu ote duten bildur bear... batez ere, etxe artakoei arras gaizki nai dioten pixti bat, basakatua baño zeken ta zitalagoa, auzoan ba da, eta...

        Malen-en ondoren ibilli dan zentzu-gutxiko mutilzarrak beragandik artutako ostikoa ez dio barkatzen; bere aundikeriak min izugarria artu du; bera, bere buruaz ain iritxia, etxealdeko seme bakar aberatsa, baserri eder, lur ugariak, abere onenak, ondasunak gañezka dituan, bere ustez jauntxo nagusi bat izan bear luken gizona, neska zirtzil batek erri guztiaren aurrean parragarri agertu arazi...? ez al da, gauz gogorra...?

        Bañan, berak esaten zuanez, ez da ortan geldituko ez; bere zentzu motxean azpikerien bat egin naiko diote, aldi luzea igaro baño lenago kalte aundien bat egiteko era eskuetara ez ote zaio etorriko...? zer gertatu liteken nork daki...? A! olako egokieraen bat izango ba litz, mutil-zar minduak ez lioke iges egiten utziko... eztena ondoraño gogoz sartuko luke... bai.

        Bada-ez-bada udazken illabete aietan Aitzondo-ko joanetorriei begirik ez dio kentzen... ardien inguruan otsoa dabil... adimen gutxiko gizon zozo oiek askotan gauza txarretarako ausarditsuak izaten dira.

        Artsalde atsegintsu ontan, etxe aurrean eserita, mai txikia bien artean dutela, Ama ta Malen eguzki-goxotasun ederrean, josten ari dira...

        AMA: ... Urte aldi ontan olako eguraldi ederra izatea gezurra zirudin...

        MALEN: Bai, azaroan aurrera goaz, aurki negua degu eta oraindik otzik ez da sumatzen...

        AMA: Aurtengo udazkena ona zijoan beintzat... ego-aize zakar, arro, batzuek egin dizkin, bañan oraindik udaran gerala esan liteken... beste amabost bat egun olakoak egingo ba litu neguari puska eder bat kenduko genitxuken...

        MALEN: ... Olako eguraldi onak izatea Xabier-entzat ongi dator... txarrak egin ba zituan etxean sartu ta aspertuta egon bearko zuan... bere osasunera bear bezela etortzeko ola, mendian pixka bat ibilliz, obea da... bere barrengo alaitasunerako ere ez da berdiña...

        AMA: Bai, bañan... geitxo ateratzen den... Ni bildur-bildurrez natxionan... ballara ontako jendea sudur-luzea den eta berealaxe usanduko diten...

        MALEN: Eta usanduta ere, baita ikusita ere, salatzera joango dirala uste al dezu...? Gure auzo ontan olako zital biotz-gogorrik ba ote da ba...?

        AMA: Ez, e...! emen, beste toki askotan bezela, ezin-ikusi aundia den, azpitik...

        MALEN: Bañan gezurra dirudi Xabier ain azkar bere onetara etorria...

        AMA: Bai, ongi jartzen ari den, bañan oraindik ere... zango ori bear bezela sendatzeko alditxo bat bearko din... gaztea den ta...

        MALEN: Jainkoak ekarri zuan etxe ontara... Nola diran gauzak...! orain bere naitasunik gabe ezin biziko nitzake...

        AMA: Ba... sendatzen ari dan bezela, berak emendik alde egiteko ordua bertaratzen ari dala gauza jakiña den... Ori dagon bezela emen luzaro ezin egongo den... gogoan euki zan...

        MALEN: ... Iesus!... bai ala da bai... Egun oek guztietan beste gauzik buruan ez det... Egun ura neretzat zer izango da...? Orain emendik joan bearrean arkitzen ba da ere, berak esaten dit, laxter nere billa berriz etorriko dala eta orduan bilduko gerala betirako...

        AMA: Bai, bañan... berriz ori etortzea noiz izango ote den... Jainkoak zekin...

        MALEN: Ez, ez... etorriko da... berak itz eman dit...

        AMA: Bai, bai, itz eman din eta etorriko den, ori ziur ba zekiñat, gizon zuzentzaz zeukanat... Bañan gudan dabillela ez den aztu bear... ori bere aldekotara joaten danean... nola etorri liteken ez zekiñat...

        MALEN: ... Guda txar au ere betirako ote degu...? Au ere bein edo bein amaitu bearko da...

        AMA: Bukatua ba lego obe giñiken...!

        MALEN: Jainkoak lagunduko al digu... (negar dario)... nik beintzat nere itxaropen osoa Beregan jarria daukat... Berak ekarri zuan onera, berak gure alkar-naitasun au sortu arazi du... eta agertzen diran eragozpen guztiak berak garaitu araziko dizkigu...

        AMA: ... Ongi esaten den... Goikoarentzat eziñik ez zegon... Arrek nai ba din gauza guztik erreztuko ditun... Lenbizi beintzat Xabier, sendatu arte, iñork salatu gabe emen ongi egon dedilla, Jainkoa-ri eskatu bear zuanan...

        MALEN: Bai, orixe eskatzen diot nik beti...

        AMA: ... Kaleko ume zital aiek Xabier-en emengo egoera ikasiko ba liteken... zer gertatu litekean... ez diñat gogoratu nai...

        MALEN: Iesus!... ez zazula aitatu ere... ez al dute jakingo...!

        AMA: Bildur bear... Bada-ezbada Xabier inguru oietan gutxiago agertzea ona izango uke...

        (Ontan, barrengo bidean goitik-bera, erri aldera bezela, tanpa-tanpa, Pello-Kirten igarotzen da. Lanean ari diran ama-alabei agur otz bat besterik ez diote egiten. Biak arriturik eta izututa gelditu dira... arrengatik edozer kalte ta txarkeri etorri lezaiotekela bat-batean ongi ulertu dute).

        AMA: ... Iesus!... ikusten al den... ikusten al den...? zer adituko duan, zer ikusiko duan, ori beti emen inguruan zebillen... orren bildurra zeukanat...

        MALEN: Bai, ni ere orrek bildurtzen nau... Iesus!... ez al du jakingo...!

        AMA: Ori?... ona den... onezkero ez ba zekin...! ori, zer gauza berri ikasiko duan katu zarra bezela baztar guztiak usantzen ibiltzen den beti... gero gañera ire gauza uraezkero gutzaz oso asarretua bai zegon...

        MALEN: Eta zer nai zuan orrek, ori bezelako gizon gaizto bati baiezkoa ematea...? eta ergel orren emazte izan...? ezta ezerengatik ere... dijoala nai duan tokira bere ondasun guztiekin...

        AMA: Guk egin bear deguna den bada-ez-bada aurretik gure erabakiak artu...

        MALEN: Bai, Xabier-i esan bear diot...

        (Norbait datorrela sumatzen dute eta biak ernai jartzen dira bildurrez... Bañan Xanti jauna, sendakin gaztea agertzen zaiote, beti bezela bere zizpaz eta eizeko itxuran dator... ura ikusitakoan lasatzen dira...).

        AMA: Ara!... zu al ziñan...? Iesus!

        XANTI: Agur, etxekoak! Oso estu zaudetela iruditzen zait. Zer gertatzen zaizute?

        MALEN: Gertatu ezer ez... bañan bildurrez gaude... oraintxen bertan izketan ari giñan... ta...

        AMA: Bai, Xabier-en arraxkoak bildurtzen gaitu... etxean izkutuan nola euki degun iñork baño obetogo zuk dakizu...

        XANTI: Bai... ta ongi euki ere...

        AMA: Orain, sendatzen ari dan bezela itzuli txiki batzuk egitera inguruko barruti oietara ta irtetzen asi da, eta norbaitek ikusi, emen nola dagon jakin, eta salatzera joango ote dan, gero ta bildur geiago degu...

        MALEN: Eta olako gauza bat gertatuko ba litz... ene!

        XANTI: Bai, kaleko aiek jakinezkero bera garbituko luteke noski... Eta zuek... ta ni ere, gaizki ibiliko giñakela uste det...

        MALEN: ... Arantzazuko Ama...!

        AMA: Xabier-ek berak arraxkorik ez bai du ikusten... Orain berean Aitona ta bera mendira joan dirala bi ordu ba dira eta ez dira agiri...

        XANTI: Ba, Aitonak inguru oietako berri ba daki ongi, eta bear ez duan tokira ez zuan eramango...

        AMA: Ez... ala esan liteke... emen urruti gabe toki ezkutuak ba dira bai... Bañan arakoan ta onuzkoan? Ikusi gabe igarotzea ez da ain erreza izango...

        MALEN: Orrengatik illunabartu arte egongo dira...

        AMA: Gero, emen auzoko gizon txar batez bildurtzen naiz, lenago ere esan nizun,... Pello, erdi-txoro ori, Malen-en ondoren nola ibilli dan ba dakizu,... ta oso mindua egon bear du,... agidanean...

        XANTI: Bai, gauz oiek txarren-txarrenak izaten dira... Bañan ezer ez igartzea ere ba liteke... Oraintxe bidean bera arkitu det, erri aldera zijoan...

        MALEN: Emendik joan da... ikusi gaitu eta ozta-ozta agur egin digu... Zu onuntza zatozela ikusi ta zerbait nabaituko zuan onenean...

        XANTI: Ez,... ni erritik zuzenean ez bai nator, mendira beste aldetik irten naiz eta itzuli aundia egiñik, eizean ba netorke bezela, iru ordu oietan nabil eta or beko bidegurutzean alkarrekin egon da gero Pello-k uste du sakonera, ango sasi sastrakak miatzera, sartu naizela...

        MALEN: A!... obe da ala... Zuk, dakienak bezela egiten dituzu gauz oek...

        XANTI: Ba dakizu... olako gauzetan oitura pixka bat ba det... Orain, eizera gutxietan irtetzen naiz eta aitzeki bezela ere eiza ezin beti artu nezake... zizpakin ibiltzea debekatua da, ortan aginde estuak dira... guda bizian bai gera... Bañan alaz guztiz, nik nai nuken bezin maiz ez izanarren, batzuetan ibiltzen naiz... ortako gaude erri txiki batean...

        AMA: Eta, gañera, erriko sendakiña izatea ere ba da zerbait...

        XANTI: Bai.... ala bear luke bañan... ez dakit... ez dakit... Ni oso bere aldekoa ez ote naizen sumatzen dute noski,... eta...

        MALEN: Gure aita ere oso eiztaria degu... bi zizpa ba ditu... gordeta...

        AMA: Bat beintzat aizken-aldera erosia, oso ederra dala uste det, nere senarra bere arrekin pozik zan beintzat bañan orain bi izkilluak eta bere su-gai-zorroak jasoak daude, gure Txomin-ek arkituko ez dituan tokian,... Mutil onek, aitaren antzera eizerako zaletasun izugarria dakar... aitarekin ibilli izan da... eta nun dauden igarriko ba lu...

        MALEN: Zer uste dezu, onezkero ez dakiela...? ona da bera gauz oek ez asmatzeko...

        XANTI: Bai, erriko gizonen artean AntonMari-k eiztari onaren izena du... eta aek nun dituzute...? orain ere lanean ariko dira...

        AMA: Aita seme-alabakin Zelai aundiko gainetara, orbeletara joanak dira... Laxter etorri bearko dute... aurki illuna da ta...

        XANTI: Illunabarragatik baño geiago odei beltz oiengatik illuntzen du... turmoia dator... oso bertaratzen ari da... ta... bereala...

        AMA: Gaurko egoaize epel arrek ez zuan beste gauzik ekarri bear...

        MALEN: Iesus!... eta Xabier ta Aitona noraño joan ote dira...! Ea turmoiak mendi-mendian arrapatzen dituan...

        XANTI: Ta... Malentxo... biotzeko lan ori nola dijoa... maitetasunean gogor...?

        MALEN: Bai, jauna, bai... nik asko maite det... eta berak ere benetan maite nauala iruditzen zait...

        AMA: Oiek pozik dira... gazteen gauzak... alkarrenak izatea beste zaletasunik ez dute...

        XANTI: Ala bear du, noski... Xabier-ekin aizkeneko aldiz egon nitzanean zure aldeko maitetasun aundia agertu ziran... arrentzat munduan zu besterik ez da... oso txoratua daukazu...

        MALEN: Nik ere asko ta asko maite det, bereganako biotz-mugirak oso mendean artua nauka...

        AMA: Gañera, emen gertatzen dan bezela, eragozpen aundien bat tartean sortzen danean maitetasuna gogorragoa, indartsuagoa eta sakonagoa izaten dala esaten dute...

        XANTI: Bai, ala da, errez-errez datozenean, gauz oek ainbesteko garrantzirik ez dute izaten... Nekeak eta oñazeak maitetasuna sendotzen dute...; Ba... eragozpenak ere garaituko dira... guda-zalapartaren ondoren pake-aldia etorriko da... eta orduan oraingo aldapara izugarriak zelai-zelai agertuko zaizkizute...

        AMA: A! Jainkoak nai dezala ala izatea... Etxeko guztiak Xabier biziki maite degu eta gaur edo biar gure semetzat artzea, gutzat zorionik aundiena izango litzake...

        XANTI: Bai, mutil ona ta bikaña da...

        AMA: Gu baserritar gizarajo batzuek gera... gu baño askoz goragoko mallakoa dala ba dakigu; gizon ongi eskolatua, jakintsua da...

        XANTI: Ba, ba... maitetasunarentzat orrek ez du ezer esan nai... gañera, euskaldunen artean ez goiko ta ez beko mallik ez dala Xabier-ek ba daki... eta mallik izateezkerotan, zuek, baserritarrak goi-goikoak zeratela... gure jatorriko gauzak iñork baño garbiago ta sendoago dituzuelako... eta euskaldun zintzo, zerbait dakien batentzat ortan dago egiazko aberastasuna, ori da lenengo malla...

        MALEN: Bai, gauz oek berak Xabier-ek esan dizkit neri... egiazko euskaldun izateak zer goitasuna ematen digun guri, baserritarrei ongi erakutsi dit...

        (Aitona ta Xabier etxe-aldera ba datoz; Aitzondo-inguruko bazter guztiak aitonak ongi dakizki eta mendira ibil-aldi bat egitera dijoazenean, auzokoak oartu ez ditezen, Xabier toki izkutuetatik eramaten du.

        Pozik eta alaitsu dira, artsaldea mendi-mendean ongi igaro dute bañan gero, goibel jarri danean, turmoiak jo baño len laxterka datoz.

        Egoaizeak bere ondoren sarrietan ekaitza ta erasoa ekartzen ditu; orain ere eguraldiak mutur beltza jarri du eta euri-jasaen bat etorri liteke.

        Etxera irixten diranean, Xanti, sendakin gaztea an arkitzeak poztutzen ditu; ba ziran egun batzuk agertu ez zala. Olako gizon zintzo, atsegiñakin izketa alditxo bat egitea biziro gauz pozgarria da.

        Bañan gaur, itxuraz datorren ekaitzak ez arrapatzeko laxter mugitu bear; ala ere etxeraño bide luzea du eta busti gabe ez da iritxiko noski. Ba! gaztea da ta pixka bat bustita ere ez dio ajola aundirik izango.

        Gañera, egoaize ondorengo turmoi-aldi oek itxura asko, ots eta zalaparta, eta askotan jasa aundirik bota gabe igarotzen dira. Bat-batean sartzen dan eraso zakarra, berealaxe atertu ta gelditzen da, neguko euri-aldi luzeak bezela ez da izaten.

        Aurki illuna da, turmoi ta tximixta batzuek asi dira; ia Abenduan sartzera goaz eta eguna oso laburra da; illunabarrak ekaitz itxura zearo artu du.

        Etxe-aurrean jostun-lanean ari diranak, zarra ta gaztea urbil ba datozela bereala nabaitu dute).

        AMA: Ara! norbait ba dator, ez al dezute entzuten...?

        MALEN: A! bai, goiko sastrakan norbait ba dabil... zein ote da...

        XANTI: Aitona ta Xabier izango dira...

        AMA: Ba liteke... bañan... ez dakit bada...

        MALEN: Bildur naiz...

        AMA: A! bai... emen dira, arrazoi zendun... Etxaburuko sasitartetik, iñork ikusi gabe, ederki datoz...

        (Aitona ta Xabier ezker-aldeko sasi-bastarretik agertzen dira; Xabier errenka bere esku-makillakin).

        MALEN: ... Iesus!...

        XABIER: Agur, guztiei... kaxo Xanti-jauna, zu ikusteak poztutzen nau...

        XANTI: Baita ni ere... zu gizon berria zerala ikusten det... egun gutxietan asko egin zera... zorionak... eta gure Aitonak zer dio...?

        AITONA: Ongi nabil, sendakin jauna, ongi eta pozik, gure Xabier onekin ezin gaizki izan liteke, kidekoak ba giña bezela ederki moldatzen gera...

        XABIER: Malentxo...! Ama-alabak artsaldea ongi igaro al dezute?

        MALEN: Bai, oso ederki...

        AMA: Pake-pakean gure josketa-lanean ementxen egon gera...

        AITONA: Eta besteak, oraindik ez al dira azaldu...? Laxter ez ba dira etortzen ez dakit ez ote diran bustiko...

        XANTI: Orren azkar euria asiko duanik ez det uste...

        XABIER: Ez, tximist-turmoiak urruti-xamarrekoak dira; oraindik etxeraño etortzeko beta emango diotela iruditzen zait.

        AMA: Jainkoak nai dezala... mendian gurdiakin nai bezin laxter ibiltzerik ez da ta...

        XABIER: Ez, ala da... beien ibilleran etorri bear...

        MALEN: (Etxean sartu ta atera bere eginkizunetan dabil). Ez al dezute etxean sartu nai ate-aurrean egon gabe...?

        AITONA: Ez, ez, orain bezela euririk asten ez duan artean emen ongi gaude, giro ona dago...

        XANTI: Eta ni etxe-aldera asi bearrean naiz... euria asi baño lenago joango ba nitzake...

        AITONA: Ta alditxo batean, ekaitza joan arte emen egotea ez al zenduke obea izango...?

        XANTI: Ez, berandutu egingo zait... bidean baserriak ere ba ditut eta euri-jasak arrapatuko ba nindu aterpea laxter arkituko det...

        AMA: Bai, eta gañera gaztea zera... eta gazteak gauz oik errez eramaten ditu...

        XANTI: Eta, Xabier... oso ederki zabiltza noski...

        XABIER: Bai, nere soña ongi arkitzen det... zango au oraindik...

        XANTI: Zer dezu... indar gutxi...? Bañan oñazerik izaten al dezu...?

        XABIER: Oñaze aundirik ez, bañan asko ibiltzen naizenean gabean zangoa txingurritu bezela egiten zait...

        XANTI: Ba... bat-batean geiegi ibiltzen asi zera ta... zuk bereala sendatu nai dezu, bañan orrek ere bere aldia bear du...

        AMA: Olako mutil gaztea geldirik nola eukiko dezute...

        XANTI: Etorriko da, etorriko da... obeto esateko, ba dator, ta ongi dator... nik esandako gauzak egiten jarraitu zazute... batez ere, zango guztiari nik esan bezela igurtziak eman... asi laxa-laxa eta gero ta indartsuago ekin... e...

        XABIER: Bai, egiten ditugu...

        AMA: Neronek ematen dizkat... bero-aldi ederrak artzen ditu.

        XANTI: Bada jarraitu dezazute ortan... apurtxo bat ibiltzea ona da, bañan asieratik ez geiegi... bere atsedena ere bear du... berealaxe ederki jarriko zera...

        XABIER: Orixe nai nuke bada...

        MALEN: Zertarako...? bereala alde-egiteko asmotan jartzeko...?

        XANTI: ... Jaunak... ni ba noa... turmoiak gero ta bertarago entzuten dira eta ekaitza bete-betean sartu baño len ea etxera irixten naizen...

        AITONA: Bai, ankazañak onak dituzu ta goitik-bera laxter joango zera...

        XANTI: Agur bada, ongi izan zaitezte, eta egun gutxi-barru emen naiz berriz... eta etxeko besteei nere gorantziak...

        AMA: Agur, zoaz ondotxo...

        XABIER: Agur, eta eskerrik asko... (laguntzen dio)... zuk nigatik egiten dituzun guztiak nola ordaindu bear dizkizuten ez dakit...

        XANTI: (Dijoala)... Ba, ba, ez ortaz gogoratu... agur guztioi, agur...

        GUZTIAK: Agur, agur, ongi joan...

        XABIER: (Barreneraño lagundu ta biurtuaz)... An dijoa laxterka...

        AMA: Nai dezutena esango dezute bañan ni ez nago lasa... ekaitza gañean degu eta gure etxeko oek oraindik agiri ez dira... eta ia illuna da...

        XABIER: Bañan ez dezu estutu bear... etorriko dira bai... laxter emen dira...

        AITONA: Gañera, bat bezela ere, iru ba dira eta sendoak berak...

        MALEN: Bai, ezer gertatuko zaiotenik ez det uste... Bakarrik, itxura jartzen duan bezela, euri-jasaen bat asiko ba litz bustiko lirakela... ori bai...

        (Tximist-turmoiak aldiz-aldiz eta gero ta bertarago dira).

        XABIER: Oraindik asiko duanik ez zait iruditzen... etxeraño etortzeko aterraldia izango dute...

        AMA: Jainkoak nai dezala...

        MALEN: Tximixtaren kontrako argizaria piztutzera noa...

        AMA: Bai, eta Arantzazu-ko Ama-ren irudiaurrean jarri zan... arretxek bere eskutik euki gaitzala...

        AITONA: (Xabier-i) Zu ere onezkero nekatua izango zera ta exeri zaitea ortxe...

        XABIER: Bai, gogo onez exeriko naiz...

        AMA: Eta ainbeste ibillita, egarrituak izango zerate... zerbait erango dezute...

        AITONA: Bai, bai, ez naiz egar-bera bañan txarro bat sagardo ekartzen ba dezu gogoz erango degu, ez da ala, Xabier...?

        XABIER: Bai, ala da, ni ere edale motxa naiz bañan oraintxe ongi etorriko zait...

        AMA: (Etxebarrenen dabillen Malen-i) Gizon oientzat sagardo pixka bat ekarri zan... nik aparia prestatu bear det. Noan sukaldera... menditik datozen aiek gose ona ekarriko dute... (etxebarrura ba dijoa).

        AITONA: Ekaitz-soñu aundiak dira bañan euri aundirik ez dala izango iruditzen zait...

        XABIER: Obe ala ba litz... bidean datozenak etxeratu arte bederen ateri izan dedilla... Gero nai ba du egin dezala...

        AITONA: Bai, ala da... bañan euria egitekotan onezkero asia bear lukela esan liteke... aurki emen izango dirala uste det...

        MALEN: (Txarro-sagardoa eta bi edontzi dakarzki) Ara sagardo ederra eztarria leguntzeko... artsaldeko ibilaldiaz naiko berotuak izango zerate ta... Bañan emen etxeaurrean bear al dezute...? Turmoi ta tximistak ez al zaituzte bidurtzen...?

        AITONA: Ba, ba... ateri dan bitartean atsegin da emen...

        XABIER: Gure ibillian ez gera ba asko berotu... e...

        AITONA: Ez, bañan ibilliak erateko gogoa beti ematen du... eran dezagun... (eraten dute).

        XABIER: ... Ederra dago...

        AITONA: ... Bai, ongi sartzen da...

        XABIER: Malentxo...! zu bildurrez zaudela iruditzen zait...

        MALEN: Bai, Xabier... ekaitzak edo zerbaitek bildurra ematen dit... beste aiek ere etorriak ba lira naiago nuke...

        XABIER: (Txutik jartzen da eta Malen bereganatuaz)... Ez dezu bildurrik izan bear, Malentxo... atoz, atoz... nerekin...

        (Biak alkartuta, beren artean izketan, barrenaldera dijoaz. Aitonak pozik begiratzen diote; pipa atera ta ke-belarrez beteta erretzen asten da. Gero Ama sukaldeko leiotik asten zaio).

        AMA: Zer...? bakarrik utzi al zaitute...? A! gazte oek...

        AITONA: Zer nai dezu? zu ta ni ere gazteak izanak gera ta... beste ainbeste eraman bear zaiote... Oek ola ikusita ni pozik arkitzen naiz...

        AMA: Bai, zenbait bide txarretan ikustea baño obea da... Ara! eltzea irakiten gañezka daukat... (sartzen da leiotik).

        AITONA: Begira zaiozu eltzeari... ia aparirik gabe uzten gaituzun...

        AMA: (Berriz agertuaz)... Ez, ez, ez zan ezer... (tximixta aundiago bat, gero turmoia)... Iesus...! (Aitaren egiñaz) tximixta oiek oso bildurtzen naute... etxebarrunbean obeto ez al ziñateke egongo...?

        AITONA: Malen ere tximixtak oso bildurtzen dute, bañan orain ez da asko gogoratzen...

        AMA: Zer nai dezu...? esan oi dan bezela «Gogoko tokian aldaparik ez»...

        AITONA: Ala da bai... ongi gero...

        AMA: Gure jende oietzaz luze iritxita nago...

        AITONA: Berealaxe agertuko dira...

        AMA: ... Ara...! tantoak asi dirala uste det...

        AITONA: Ez, oraindik ez det batere sumatzen...

        AMA: Oso urruti izango dira oraindik... gurdiaren otsa ez da aditzen... Zelai-aundiko alde ortatik diranean etxera iritxi baño ordu-laurden batez aurretik kurpil-otsa garbi entzuten da...

        AITONA: Zer! Kurkil-otsari begira al zaude... Ez al dezu ikusi etxetik irten baño lenago Anton-Mari bera kurpil-ardatzari koipea ematen aritu dala...

        AMA: A!... ori ez nekien...

        AITONA: Orduan kurpil-otsa nola adituko dezu bada...?

        AMA: Ez, ez, ala da...

        AITONA: ... Orrengatik, otsik eta ezer entzun gabe noiz-nai emen dituzu...

        AMA: Urrutiko barruti oietara joaten diranean beti ola gera... berak berandu... eta gu beti kezketan...

        AITONA: Zer nai dezu bada...? Bein araño joanezkero al dan guztia ekarri nai izaten da ta... berandutu...

        AMA: Esaten diot ba nik goizago joateko... bañan...

        AITONA: Mendiko ibillerak eta lanak ezin neurtu litezke... Gañera orren berandu dala al derizkiozu...? oraindik ez du illundu ta...

        AMA: Bai, ori ala da bañan ekaitz onek geiena bildurtu arazten nau...

        AITONA: Eta aek alperkerian jarrita daudela uste al dezu...? Berak ere ekaitza nola datorren ikusten dute bai... dauden tokian ez dira lasai ez... ondo bustitzeko etsita izango ziran bai gaur...

        (Ontan etxeordeko aldamenetik itxumustuan ta zalapartan Txomin, mutiko azkarra, sartzen zaiote; laxterka etorri da eta asnas estua dakar).

        AMA: Txomin! motell, nola ator, nundik sortu aiz...?

        AITONA: Bejondeikala!... zer egin dek... beti egiten deken bezela aurreratu ta laxterka etorri...

        TXOMIN: Bai, jauna... laxter-bidetik bereala etorri naiz ni... Aita ta Joxpantoni gurdiakin ba datoz... bereala emen dira...

        (Malen ta Xabier zerbait entzun da ba datoz).

        MALEN: Emen al dira...?

        AMA: Bai, bat etorri da beintzat eta besteak ere bertan dira noski... Jainkoari eskerrak.

        XABIER: Eta ongi ibilli al zerate...?

        TXOMIN: Bai, ederki ibilli gera... bañan lan asko zan ta berandutu.

        MALEN: Zuek mendira joaten zeratenean beti orrela gaituk... etorrera beti berandu...

        TXOMIN: Gu baño lasago ziñaten... ez zenduen gure nekerik... euri-jasaen bat bizkarrean artzeko arraxkorik ere ez... Aparia gertu al dago...?

        MALEN: Bai, motell, bai... goseak al ator...?

        TXOMIN: Oraintxe beia ere bere adar ta guzti jango nuke...

        AMA: Ta busti gabe zatoztenean ez dek ezer...

        XABIER: Aldi batean, izugarrizko jasaen bat artu bear zendutela uste giñian...

        AITONA: Oa... oa... oñetakoak aldatzera...

        TXOMIN: Bai, ba noa, besteak etortzerako prestatu bear naiz...

        AMA: Iesus! Iesus!... ola, busti gabe, datozenean ez naiz asarre, aldi batean ez nuen uste... lañoen mutur beltzari begiratuta iñork ez zuen esango...

        AITONA: Besteak ere bertan dira oraintxe...

        MALEN: Ondo nekatuak izango dira...

        XABIER: Malentxo..! goazen bere bidera...

        MALEN: Bai, goazen... mandioko aurrera...

        (Xabier ta Malen barrenaldetik etxeari itzul egiñez gurdi-zaleak datozen aldera ba dijoaz).

        AITONA: Mandioko atea iriki al dezute...? eta ikullukoa...?

        AMA: Ikullukoa bai, irikia da... mandiokoaren giltza Malen-ek darama...

        TXOMIN: (Etxeko atean agertuaz). Ara... or dira... ez al dezute aditzen...?

        AITONA: Bai, or dituk... Joxpantoni-ri laguntzera joan adi...

        TXOMIN: Bai, ba noa... (laxterka dijoa).

        (Etxearen beste aldean dan mandioko atetik gurdia nola sartzen duten aditzen da, ardalla zenbeit izaten bai da).

        AMA: Auxe bada bizikera, beti lanpean eta, gauz batengatik edo bestearengatik, beti kezketan bizi bearra...!

        AITONA: Zer nai dezu bada, nekazarien lanak olaxe izaten dira ta...

        AMA: Bai, bai, ala da bañan...

        AITONA: Ola gabiltzan bitartean ez gera gaizki, oiean gaxo dagona ez da obeto izaten...

        AMA: Ez, ez... ori ere egia da... Jainkoak osasuna deigula...

        (Malen ta Xabier-ekin Aita barrenaldetik ba dator).

        AITONA: Kaxo motell, emen al zerate...? oraintxe emakumeak estutzen asiak ituan...

        AMA: Bai, ez negon ni oso lasa... alde batetik berandu-xamar ta bestetik turmoi-tximistak gelditu gabe...

        AITA: Lan asko gendun ta... beste itzuli bat egiten ez ibiltzeagatik guztiak bildu nai ta... berandu-xamar egin zaigu bai... Gaur busti gabe etorriko giñanik ez nuen uste... batez ere tanto mardul batzuek asi diranean...

        XABIER: Ongi ta legor etorri zeratenean ez da ezer...

        MALEN: Orain ongi apaldu ta oea gogoz artuko dezute...

        AITA: Bai, orixe bai,... ekaitzaren bildurrez laxterka ta itoka etorri gera ta nekatu-zamartua nator... gañera, gure ezurrak ere gogortzen asiak dira, noski...

        AITONA: Ixilik egon adi... i sasoirik onenean oraintxe ago ta...

        XABIER: Ara!... tanto bat arpegira erori zait... orain asiko du euri-jasa...

        AITA: Ez det uste... oraindaño egin ez duanean... onezkero egingo duanik ez zait iruditzen...

        AMA: ... Aparia ateratzera noa e...

        MALEN: Ara!... neri ere beste tantoa erori zait... euri-jasa orain izango da... goazen barrura...

        (Joxpantoni ta Txomin etxeko-atean agertzen dira; beiak azkatu ondoren ikullutik sukaldera sartu dira).

        AITONA: Ara!... Joxpantoni ere emen degu... gure neska jatorra...

        JOXPANTONI: Ongi al zerate...? gu baño neke gutxigorekin, noski... bañan gu ere ez gera gaizki ibilli ez,... euri-jasaren bildurrik izan ez ba genduen...

        XABIER: Aitona ta ni ere or ibilli gera mendian... itzuli polit bat egin degu... eta toki ederrak ikusi ere bai...

        AITONA: Bai, bai, arratsalde ederra bota degu...

        AMA: (Leiotik) Joxpantoni... lenbaitlen abarkak aldatu eta maierako gertu zaitezte... guztiok ere nai dezutenean etorri... aparia maiean dago... atozte... geiegi berandutu gabe apaldu dezagun...

        AITA: Bai, goazen, goazen, bestela oso berandutuko zaigu...

        XABIER: Goazen, bada... goazen Malentxo...

        MALEN: Zoazte, zoazte,... nik tresna oek bildu bear ditut...

        XABIER: Laguntzea nai al dezu...

        MALEN: Ez, ez, zoaz zu ere... Txomin-ek lagunduko dit...

        TXOMIN: Bai, bai, bion artean sartuko ditugu...

        XABIER: Ara! beste tantoa...

        AITONA: Bai, tanto aundi bakan batzuek badira bañan... alako itxura zakarra jarriarren, euri asko egiteko gorrotorik ez dauka...

        (Banaka-banaka etxera sartzen dira; Malen ta Txomin aizken, tresnak jasotzen gelditzen dira; lenbizi txarro ta edontziak Malen-ek biltzen ditu, gero maia ta aulkiak).

        MALEN: ... Lenbizi txarro ta edontzi oiek eramaitzak... arretaz e?... autsi gabe...

        TXOMIN: Ez ditut autsiko ez... zer uste dezu ergel txoroen bat naizela...

        MALEN: To, bada. Eramaitzak...

        (Txomin etxean sartu besterik gabe ots aundi bat entzuten da... ontziak erori zaizka eta autsi... ango ardalla..!).

        AMA: (Leiotik) Zer zabiltzate... ontziak autsi al dira? Zuentzat ainbat gauza ez diagu sortuko...

        MALEN: Esan diot nik arretaz eramateko bañan...

        TXOMIN: Ni arretaz nijoan bañan... sarrera ontan illun dago ta irrist egin det... ezur bat autsi ez detenean... Ederra artu det neronek...

        MALEN: Tira, tira, ator... mai au, bien artean, eraman dezagun...

        TXOMIN: Bai, eldu zaiozu alde artatik... (eramaten dute).

        MALEN: Kontuz ibilli adi... ontzi-ausien zatiak oin-azpian artu gabe... (gauza guztiak eramaten dituzte; aulki bat bakarrik utzi dute aztuta...).

        (Zearo illundu du; etxe-aurre artan iñor ez da gelditu; guztia ixiltasun aundienean arkitzen da; tximixt izugarri ta turmoi zakar baten dunbarakoak bazter guztiak astintzen ditu.

        Gero barren-barrendik Pello ixilka dator ta etxeaurrean iñor ez dagoala ikusirik bertaratzen da; sukaldeko leioak leiatillak oraindik ondo itxigabeak izanik barrengo argia ta baita sukaldean gertatzen dana ikusi diteke.

        Pello pittaka-pittaka, otsik egin gabe, leioraño dator eta oso bertaratuta barrura begiratzen ari da.

        Ontan exeko atea iriki eta Malen agertzen da, lenago aztuta utzi duan alkia jaso bear du...

        Etxeko atea iriki danean argitasun aundia zabaldu da; Malen alkia dagon tokira zuzen-zuzen dijoala Pello-kin alkar jotzen du, bat-batean bildurtzen da, berealaxe bere onetara biurturik, ekiten dio...).

        MALEN: Ama!... zer da au...? garai ontan zer abil i emen kuskusean..? zeren billa ator...? zerbait galdu al zaik?

        PELLO: Zer da, ola asteko...? ezin etorri al niteke ni onera?

        MALEN: I ola ixilka, otsoa arditara sartzen dan bezela, maltzurkerian atorrenean, gauz onik ez dek izango... zital ustela...!

        PELLO: Zenbat aldiz, eskean ate ondora etortzen dan bat bezela, zure naitasunaren eskale etorri nitzan etxe ontara, eta zure aurrean txakur zintzo baten antzera makurtu nitzan.

        MALEN: I...? ixilik egon adi... i makurtu...? gu bezelako baten aurrean makurtzeko ona aiz i... ik, emazte bezela baño neskametzat artu nai niñuken... eta, bein esanezkero ez autela maite, zertako abil ondotik...

        PELLO: Neri ostikada eman zidazun bañan... ikusiko degu... nerea ez zera izango... bañan ez eta or gordeta daukazuten zakur orrena ere... ondo ixilka ibili zerate bañan gauzak jakiten dira...

        MALEN: Iesus... zer asmo dek...? likixkeri zikin orrek... zer esan nai dek orrekin...? i bezelako gizaseme ustelik etxe ontan ez zegok...

        PELLO: Ezetz...? ori aurki ikusiko degu... likitzak zuek, gure Eliza eta xinixmen aundiaren etsaietako bat etxean euki, bertan zurikatu, eta gañera senargaitzat artu... gure baserri garbietako neskatx batek...! zuek likitzak, zuek...

        MALEN: Iesus! Iesus...! zer entzuten det..? ero nazkagarria, joan adi emendik bereala... eta nere begien aurrean ez geigo agertu... (aulkia jasoaz ekin nai dio...).

        PELLO: Joan...? bai ba noa... Orain ikusiko dezute...

        (Pello barrenaldera azkarki ba dijoa... Malen bere alkiarekin etxera laxterka sartu eta atea ixten du.

        Barren-barrendik Pellok txistu egiten du eta urrutirago beste txistu batek erantzuten dio. Berriz ere tximixt-turmoi ikaragarria.

        Aitak sukaldeko leiotik Pello-ri deitzen dio...).

        AITA: Zer abil or...? garai ontan zer dek..?

        («Pakean usteko», «ez jaramonik egiteko», sukalde-barrendik esaten diote, bañan berak jarraitzen du...). Zergatik utzi bear diot txoro arraio orri..? adi zak i... zerbait esan bear ba dek arpegiz-arpegi neri esaiak... (Iñork ez dio erantzuten noski)... Zer! nere aurrera agertzeko biotzik ez al dek..? A! bildurti txoralda... joan adi... joan obe ere ba dek... (Sartzen da. Leioa itxi ta argia itzaltzen dute).

        (Ontan itxura-txarreko zortzi edo amar gizon barren-barrendik agertu dira, guda-gizonak, bakoitzak bere zizpa eskuetan duela geldiro datoz; ixilka, baserriari begiratzen diote.

        Asmo onik ez dakarte noski; etxebarru artan arkitzen dan bat-edo-baten eske datoz.

        «Txinparta» dute aintzindari; au Pello-kin dator aurrera. Bertara iritxi gabe, onek, urrunxamarretik baserriko atea erakusten dio).

        PELLO: Ara! Etxeko atea ori dek... ortik ibiltzen dituk beti.

        TXINPARTA: Ondo zeok... bada-ez-bada etxeko beste aldean gelditu diran mutillei ernai egoteko esaiotek... mandioko atetik edo leioen batetik ez dezala iges egin... orain ikusiko dek gauza polita...

        PELLO: Ni ba niak... ez diat emen egon nai...

        TXINPARTA: Zer, bildurtu egiten al aiz...? igesi al oa...? a! aul arraiea... ondo esaten ditek bai Pello-kirten...

        PELLO: Ba niak... ba niak...

        TXINPARTA: Oa bada, oa... emengo garbitasuna egiteko ire bearrik ez diat... i bezelako gizon ustelak aldamenean ez izatea obe... gu bezela ibiltzeko ona ago i...!

        (Pello ba dijoa laxterka; Txinparta-k bere mutillei agintzen...).

        Zuek emen gelditu zaitezte, izkilluak gertu euki, begia ernai... norbait igesi irtengo ba litzake bertan bota... zuek biok nerekin ateraño aurreratuko zerate... eta gero zer egin bear dezuten nik aginduko dizutet... ez gero atzerapausorik egin, ez bildurtu... ezagunak dirala ta kupituta ez gelditu e... alako gauzen bat gertatuko ba litzake zuei zer egin bear dizueten nik ba zekiat... or daukaten zakur ori bertan lerdekatu bear diagu... tira bada, ernai egon ta bildurrik gabe...

        (Mutillak ori entzun eta, ixilik, bere gudatresnak prestatzen dituzte... bere zizpa-motza eskutan arturik Txinparta bi lagunekin atzeko ateraño ba doa; eskuan dakarkin makillaz atea gogorki jo ta gero deadarka asten da...).

        ... Tira, tira, etxekoak... atea iriki bereala... ez degu betik galdu nai... iriki zazute azkar... (gelditu gabe berak makillaz eta laguntzalle batek bere izkillu-aundiaren atze-aldez atea jotzen dute)... ez al dezute iriki nai...? bereala botako degu... eta etxeari su eman ere bai... milla deabrukin... iriki berealaxe... bestela...

        AITA: (Atea iriki gabe barrendik erantzuten dio)... Oinbeste ixtillukin zer bear dezute...? olako ixkanbilla jarriaz iñungo etxera etortzeko garaiak oiek al dira...?

        TXINPARTA: Txorakeri oiek alde batera utzi ta atea iriki zazu bereala...

        AITA: Zertarako nai dezute irikitzea...? gabeko garai ontan etxeko atea iñori ez zaiok iriki bear...

        TXINPARTA: Irikiko al dezu ala ez... or gordeta daukazuten zakur ori bear degu... zuk ez badezu iriki bear nik laxter iriki araziko det... (len baño indartsuago jotzen du berriz).

        1. LAGUNA: Meta batetik belar pilla bat artu ta azkar etxea sutan jarriko degu...

        TXINPARTA: Orren bearrik ez dek... atearen serrallari tiro bat emanaz laister irikiko dek, bai...

        2. LAGUNA: Aizkenik... irikiko al dezute...?

        (Zerbait egiteko asmotan pixka bat urrutiratzen diranean bat-batean atea irikitzen da eta Xabier bera agertzen zaiote esanaz...).

        XABIER: Nere billa al zatozte...? Ona, bada, ni emen... zer bear dezute...?

        (Lenbizi arrituta bezela gelditu dira bañan berealaxe ekiten diote...).

        TXINPARTA: Zer bear degun...? oraintxe ikusiko dek... tira mutillak, eldu oni... onera zaurituta ekarritako gure etsai zikiña, emen gordeta egon dana i aiz beraz...?

        XABIER: Euskal-Erria-ren aldeko euskaldun zintzoetakoa bai, ni naiz... zikiña ez, euzkotar garbia bai...

        (Eldu eta joka ta bultzaka ate-ondotik artu ta aurrera dakarte; Xabier-ek berak ere ez diote barkatzen, burrukan asten dira bañan, besteak askoz geiago izanik, menderatzen dute; ardalla bizian dabiltzala Txinparta eta bere lagunen birauak entzutekoak ez dira; barrenaldean gelditutako beste lagunak ere biltzen dira eta guztien artean mastrakatu eta lurrera botatzen dute. Xabier-ek «Gora Euzkadi»ka ekiten duenean sutan jartzen dira...).

        TXINPARTA: Motellek! jarri guztik or... prestatu izkilluak... Nik esaten detenean guztiok batean berari, e...

        XABIER: (Lurretik jeiki naiean dabillela etsaiei esaten die). A, zer euskaldunak, zer biozdun gizonak zuek... zauritua ta ezin mugitu dan anai bat menderatzeko oinbeste lagun bildu zerate eta izkillu ta tresnaz beteta etorri...?

        TXINPARTA: Jarri motellek...! txutitu gabelurrean etzanda dagon bezela... bertan lerdekatu bear diagu... bota berari!

        (Ori esaten ari danerako itxumustu ta zalapartan etxeko guztiak deadarka agerizen dira eta, laxterka, lurrean eroria dagon Xabier ta bere erailleen artean sartu ta izkillukiko gizonei ekiten diote, baita zizpa-muturretik eldu ere... guziak alkarren gainka itz egiten dute).

        AMA: Zer egitera zoazte? Jainkoagatik geldirik egon zaitezte...!

        MALEN: Ez dezute ilko...! ori baño len guztiok erail bear gaituzute...

        AITONA: Zuek baño lenago, orain zabiltzaten alderdi orren aldekoak izan giñuan gu... gu beti zer izan geran ba dakizute... artarako kemena baldin ba dezute bota zazute,... emen gatxiok... gure biotzak emen dituzute...

        TXINPARTA: Tira, tira... kendu zaitezte ortik... bestela guztiok garbituko zaituztet... alde emendik...

        JOXPANTONI: Biotzik ba du bota dezala...

        1. LAGUNA: Ken zaitezte... kendu azkar...

        AMA: Ez, ez, ez gera kenduko... gu bizi geran artean ez dezute erailko...

        2. LAGUNA: Zer uste dezute, zuei begira egongo gerala...? Kendu, kendu, zoazte ortik, bestela...

        MALEN: Edozer gauza egiten ba dezute ere... ez gera joango...

        TXINPARTA: Mutillak! zer egiten dezute... prestatu izkilluak...!

        AITA: I, Txinparta, nere seme zarrena zuekin gudara eraman uana eorri ez al itzan izan?... irekin batean nola joan zan aztu al zaik?... eta gudan asi ta zuek baño ausarditasun geiagorekin sutan ta arraxko tokietan zebillela erori ta bere bizitza eman zuala ez al aiz gogoratzen...?

        TXINPARTA: Ara zer gauza ateratzen dezun orain... zuen ateraldiak entzuteko ez nago... alde ortikan...!

        AITA: Orduan seme bat eraman iaken... ta orain bestea kendu nai dirak...? ez, au ez dek eramango...!

        TXINPARTA: Kendu zaitezte... bestela guztiok bertan garbituko zaituztet...

        AITA: Ez, bigarren semea ez dirak kenduko...

        3. LAGUNA: Zer! Krixtau-legearen etsai, zakur ori, zure semea dala...?

        JOXPANTONI: I baño krixtau obea eta euskaldun zintzoagoa dek.

        AITA: Bai, nere semea dek...

        (Izkillu-ondoaz joka asten dira; orduan guztiak deadarka Txinparta eta bere lagunei billaukeri aundienak esaten diozkate; Aitonak bati zizpa-muturretik eltzen dio eta biak indarka asten dira...).

        AITONA: Ez, ez diat utziko,... larogei une ba dizkiat bañan i bezelako kaleume ustel bat menderatzeko ainbat kemen ba diat oraindik...

        4. LAGUNA: Geldirik egon zaitea... zerorri botako dizut, e...

        (Era-batera guztiok itz egiten dute eta alkarri ekin ere bai).

        AMA: Likixkeri zikiñak...! lenago maltzurkerian seme bat kendu, era orain, pakean gaudenean, bestea garbitu nai dezute!

        JOXPANTONI: Orrelako ausartak ba zerate guda ari dan tokira zoazte... emen ez dek burrukarik, emen iñori kalterik ez zaiok egiten...

        MALEN: Gu bizirik gauden artean ez dezute ilko...

        TXINPARTA: Kendu, kendu ortik... alde... alde...! oraintxe gogobetetu nazute... ez det geiago ezeri begiratuko e...!

        1. LAGUNA: Naikoa eraman dizutegu... eta bukatu bear degu...!

        2. LAGUNA: Izkilluk eskuetan euki eta zeri begira gatziok...? motellek, amaitu dezagun lenbailen...

        AITA: Zoazte Jainkoarekin eta utzi gaitzazute pakean...

        (Xabier lurretik txutitu da eta deadarka ekiten du).

        XABIER: Ni erail bear ba naute Euzkadi-ren alde nere odola emateko gertu naiz... bota dezatela...

        MALEN: (Bertaratu ta eltzen dio)... Ez Xabier, ez... zuk il bear ba dezu nik ere bai zurekin...

        XABIER: Malentxo, agur... nere biziak ez du oinbeste balio... nere odolez ain egarri ba dira, artu dezatela...

        MALEN: Ez, ez, Xabier... ni zurekin... (negarrez).

        XABIER: Nigatik zuek kalte, izugarrien bat izatea ez det nai...

        AITONA: Ez, arraioa...!

        (Etxeko guztiak Xabier inguratzen dute berriz. Zizpa-dutenak eldu ta indarrez Xabier-engandik kendu arazi nai dituzte. Ez dituzte tiroz bota nai, bañan baserritarrak sendo ta indartsuak izanik amorerik ez dute ematen eta burrukan asten dira... nork aek indarrez menderatu...? burrukarekin batera alkarri izugarriak esaten diozkate... ixkanbilla ikaragarria da...).

        TXINPARTA: (Aitari) Bañan zeñen alde ari zeraten bai al dakizute?

        AITA: Bai, ori zein dan ongi zekiagu... orrengatik bere alde bizia ere emango diagu bear ba da...!

        TXINPARTA: Ori gure etsai gaizto bat besterik ez da ta bertan erail bear degu...

        AITA: Ez, gezurra dek ori, mutil on bat dek eta gure etxean ik eorrekin eraman uan nere seme zanaren ordezkoa...

        TXINPARTA: Zuek olakoak ziñatenik ez nuan xinixtuko... zuek gure aldekoak izan zerate beti... zer aldaketa da au...?

        AITONA: Gu ez gaituk aldatu... gu lengoak gaituk... zuek aldatu zerate... gu gazteak giñanean zuek bezelakoak ez giñuan.

        TXINPARTA: Bada, gu orren eske etorri gera eta gure eginkizuna bete gabe ez gera berriz itzuliko... gutxienaz gurekin eraman bear degu...

        AMA: Ez dezute botako... eta eramango ere...

        3. LAGUNA: Ezetz?... ikusiko degu ori...

        JOXPANTONI: Lenago guztiok erail bearko gaituzute... (burrukan).

        TXINPARTA: Nor zeraten jakin da kalterik ez nizuten egin nai... bañan oraintxe nazkatua nago, ta... kentzen ez ba zerate... onez-onean gure etsai ori ez ba didazute eman bear zuei botatzeko agintzera noa nere mutillei...

        AITA: Egin zak nai dekena... bañan zer egiten deken eorrek igarriko diok... ire gain ere txamalda izugarria etorri litekek... ire agintarien artean guk ere ongi nai diguten adixkide ta laguntzalle onak ba dizkiagu... e!

        (Ontan bi su-tunpa edo tiro-ots entzuten dira; izkillu dutenak arriturik alkarri begira unetxo batean gelditu eta tunpa-otsak izan diran aldera jaramon egiten dute... Berriz tunpa-otsak eta berealaxe besteak... Txinparta, aitaren aizkeneko itzez ezpaz jarria ba zan oraingo zizpa-otsak kezketan sartzen dute... berriz ere tunpa ta tunpa...).

        TXINPARTA: E?... zer da ori... Guretakoak or geldituak al dira?

        1. LAGUNA: Ez, gutakorik ez da or gelditu...

        2. LAGUNA: Oek gaikaldetik dira... (tunpa ta tunpa berriz).

        3. LAGUNA: Beste oek bertarago ziran...

        TXINPARTA: Ba diagu zerbait...!

        (Etxekoak, Xabier-en inguruan estu-estu bilduta ixilik daude... tunpak gero ta bertarago entzuten dira...).

        4. LAGUNA: Zer ote dan ikusi bearko degu...

        2. LAGUNA: Gauz onik ez...!

        TXINPARTA: Bai, ikusi zagun...

        3. LAGUNA: Bañan etsaiak oneraño etorri al litezke...?

        TXINPARTA: Nun dabiltzan zeñek zekik...?

        (Tunpa-otsak gelditu gabe ari dira. Zizpakikoak lenbizi bat edo beste, gero geiago, ta aizkeniK guztiak barrenaldera ba dijoaz, aizkenekoak laxterka. Bi esku-argi antxe lurrean utzi dituzte... etxekoak arriturik daude eta ixil-antzean alkarri ala diote...).

        AMA: Ikusten al dezute...? zer da au...?

        MALEN: ...Bai, Jainkoa gutzaz errukitu ote da...? lesus!

        AITA: Gauz arrigarria da au beintzat...

        JOXPANTONI: Bai, zakur amorratuak bezela zeuden garaiean...

        AITONA: Um! geiegi ez poztu oraindik... berriz etorri litezke e... eta erabaki zorrotzen bat artzeko ordua oraintxen da, e... Xabier-ek izkutatu bear luke...

        AITA: Bai, bañan lenbizi tunpa-ots oiek zer diran jakin bear genduke... eta beste oiek zer egin duten ikusi dezagun ia bertan gelditu diran edo zearo alde egin ote duten...

        XABIER: (Biotz-ukituta) Nigatik zuei kalterik etortzea ez nuke nai eta alde egitea onena izango da...

        AITA: Itxo egin zazute... nik etxe-inguruak bereala miatuko ditut (barrenaldera ba doa, Joxpantoni ondoren dijoakio).

        MALEN: Iesus! au gertaera... (negarrez)... (Tunpa-otsak ba dira oraindik).

        AMA: Xabier...! (besarkatzen du)... au ere ikusi bear gendun... bizirik nola zauden ez dakit... Arantzazu-ko Amak lagundu digu... berari eskerrak...

        XABIER: Ama, Malentxo... bigarren aldiz bizia zor dizutet... nigatik egin dezutena bizi guztian ere ez dizutet ordainduko...

        AMA: Ixilik zaude, guk baño aldi okerragoa izan dezu zuk eta...

        XABIER: Bai, oraingoan bizia galtzen nuala etsita nitzan...!

        MALEN: Ene...! zer arraxkoan izan geran... tunpa-ots oiei eskerrak... bestela...

        XABIER: Eta Txomin nun da...?

        AMA: Baztarren batean or egongo da bildurrez...

        MALEN: Arritzekoa da ba... bera nor dan jakiñaz...

        AMA: Ez ote du gero iges egin...

        JOXPANTONI: (Barrenaldetik pozik dator)... or ezer ez da agiri... nere ustez oso joanak dira... au poza...

        MALEN: Iesus! ori ala izan dedilla...

        AMA: Eta Aita nun degu...?

        JOXPANTONI: Zearo alde egin duten ongi jakiteagatik aurrerago joan da...

        AITONA: Ikusi al dezute zer gizonak... zital-ondo, bildurti oiek gure artekoak, euskaldunak dirala esatea ere...!

        XABIER: Bai, ala da, euskaldun batzuk, gure jatorri berekoak, gizon gaizkille oek izatea, ezin xinixtu liteke... negargarria da...!

        AITONA: Tunpa-otsak aditu dituztenean nola iges egin duten...

        XABIER: Bai... kale-ume ustelak bai dira...

        AITONA: Batzuen-batzuk aurrera sartu ez ba dira...

        XABIER: Ba liteke, bai...

        MALEN: Guri naiko on egin digute beintzat...

        (Aita barrenaldetik ba dator).

        JOXPANTONI: Ara! Aita ere emen degu...

        AMA: Ta... zer da... nun dira...?

        AITA: Joan dira, joan dira... or ez da ezer nabaitzen... bidean bera naiko jetxi naiz ta zantzurik ez da... onezkero errira ba dijoaz laxterka... tunpa-otsaz zearo bildurtu dira...

        Orain ongi ikusten da, ekaitza igaro danean zerua ederki garbitu du gau-giro argia dago, illargi ederra aurki agertuko da... eta tunpa-ots aiek zeñenak ote, ziran...?

        XABIER: Orixe bera esaten ari giñan oraintxe... ori da gauza arrigarria...

        (Ontan ezker-aldeko sasi baztar batean zarata da, norbait ba dabil an... ura aditzen dutenean guztiak ara begira jarri eta bildur-mugira egiten dute...).

        AMA: Aditzen al dezute...?

        MALEN: Bai, or zerbait ba dabil... berriz emen ote ditugu...?

        JOXPANTONI: Iesus! ez dezazutela esan... ene bada... (Xabier-i) zu izkutatu zaite beintzat...

        XABIER: Aietakoen bat gelditu ote da...?

        AITA: Ez det uste... pixtien bat ez ba da...

        AITONA: Laister ikusiko degu ori...

        (Aitona ara aldera asten danean, ezker aldeko sasi tartetik agertzen zaiote Txomin, bere zizpa sorbaldatik zintzilika duala, alai ta jator, bere egintzaz pozik, garaile. Guziak arriturik gelditzen dira, gertatu dana orduan ulertzen dute eta, besarka ta musu, mutiko bizkorra guzien artean jan bear dute).

        MALEN: Txomin...! bañan i al itzan...? zer egin dek...?

        JOXPANTONI: Eta zizparekin...? zer abil...?

        AITONA: Bañan su-tunpak ik bota. al dituk...?

        TXOMIN: Noski... zeñek botako zitun bada... ?

        AITA: Bejondeikela, motell...! i aiz gizona...

        XABIER: Iri eskerrak bizirik natxiok... (besarkatzen du) bizia zor diat...

        AMA: Txomin... nere semea... bañan olako gauz bat egitea nola bururatu zaik...

        TXOMIN: Zer bada...? ni txoroen bat naizela uste al zenduten...?

        (Malen ta Joxpantoni-k musu ta estutuak ematen diozkate).

        AITONA: Bañan Txomin, zer egin deken bai al dakik...?

        TXOMIN: Jakingo ez det bada...? Gizon txar zeken oien tankera ikusi ta... gero Xabier artu ta mastrakatu nai zutenean begira negon... eta zer... negarrez asiko al nitzan...? ez arraioa...! aek uxatzeko zerbait egin ber nuan... eta gure Aitonak esaten duanez ola dabiltzan gizon gaizkille oiek oso bildurtiak izaten dirala, zer egin det... aitaren zizpa gordeta nun zegon ba nekien eta su-zorroak ere bai... guziak artu, mandioko leiotik ixilka irten eta goiko sastrakara sartu... ta urrutienetik asi ta tunpa ta tunpa, etxe-aldera urbilduaz... oek aditutakoan bildurtuko zirala ba nekien bai nik...

        AMA: Beraz, aitaren zizpa nun zegon ba ekiken e...!

        TXOMIN: Jakingo ez nuan bada...!

        AMA: Ustez ongi gordea zegoken ba...

        AITONA: Ongi egin dek, motell... iri eskerrak arraxko ederretik atera gaituk.

        MALEN: Goiko-Amak gauz ori bururatu arazi dik...

        JOXPANTONI: Bejondeikela Txomin...! orren azkarra itzanik ez nian uste...

        XABIER: Eskerrak Txomin, nere anai gaztea,... eskerrak zuei guztiei zuek ekin dezuten bezela sartu ez ba ziñaten, gizon oker-eraille oek nerekikoa azkar egiña zuten...

        MALEN: Iesus!, Iesus...! ori ere ikusi bear gendun...

        AITA: Bai, gizon oek orren likitzak ziranik ez nuen esango...

        AITONA: Nola garbitu ez zaituzten ez dakit... oraindik bear bezela ez naiz oartzen... arraxko izugarria igaro degu guztiok.

        XABIER: Lenago asko maite ziñuzten, nere biotzean ongi sartuak ziñaten guziok, bañan orain... Malentxo, nere emazte Jainkoaren aurrean artzen det... eta zuek nere aita-amak, nere senideak zerate gaurtandik... eta gure aiton laztana... (besarkatzen du... emakumeak negarrez dira, aita-aitonak biotz-mugira sakon biguñaren mende... Txomin-ek musuka estutzen du...).

        MALEN: Xabier... maitea...!

        AMA: Seme...!

        AITA: Jainkoa-ri eskerrak... aurrera ere bearrean izango gera ta berak lagundu deigula...

        XABIER: Orain... zuei au esan bearrak biotza puskatzen dit bañan... ni nai-ta-nai-ez emendik alde egin bearrean arkitzen naiz... negargarria da bañan, zuek ikusten dezuten bezela, emen egoterik ez det... gizon zital oiek berriz ere etorriko dira eta lenbizikoan iritxi ez dutena bigarrenean egingo dute noski... eta zuek guztiontzat ere kalte aundien bat gertatu liteke...

        AITA: Bai, pozgarria ez da, bañan ongi esaten dezula uste det...

        AMA: Nunbaiten, emen inguruan, ez al litzake izkutatuko edo...

        XABIER: Izkutatzea zalla izango litzake... auzoan salatzalleak ba dirala ikusia dago... ta...

        AITONA: Bai, ala da... lenago ere beste ergel, txoro ori izan ez ba zan ez zan emen ezer gertatuko...

        MALEN: Eta nora joan... zu oraindik bear bezela sendatuta ez zaude ta...

        XABIER: Ez, naiko sendo nago, naiko indar ba daukat... bearrean arkituezkero ongi ibilliko naiz...

        AMA: Orain, oinbestez gañera orrela joan bear... au naigabea...

        AITA: Eta nora joan, ordea...?

        XABIER: Nola edo ala, nere lagunak ari diran tokira urbildu bear naiz...

        AITA: Bañan ori zalla dezu... aiek urrutixamar dira...

        XABIER: Mendiz-mendi eta zuzenean ez da ain urruti... joango naiz...

        AITA: Eta bidean arrapatzen ba zaituzte...?

        XABIER: ...Betik ez det galdu bear... berealaxe bideari ekin bear diot... bear ditutenak artu eta noan...

        JOXPANTONI: (Negarrez) Bañan, oraindik sendatu gabe ta... gaizki ibilli bearra zera...

        XABIER: Bai, Joxpantoni, nere arreba maitea... nai-ta-ez alde egin bearrean naiz... gelditzea okerragoa izango litzake...

        (Guztiak illun ta naigabetuak daude. Bat-bateann Malen-ek bere barnean erabaki izugarri bat artu du eta gogorki, ezparik gabe, ala dio...).

        MALEN: Ez zera bakarrik joango... ni zure emaztea naiz noski... bada ni zukin joango naiz... (guztiak arrituak gelditzen dira...).

        XABIER: Bañan zu... nola... ain arraxko aundietako tokira... ezin liteke...

        MALEN: Berdin da, zu zoazen tokietara zukin joango naiz...

        AMA: Bañan Malen, erotu egin al zain...? nola joango aiz i...?

        MALEN: Bai, Ama, erabakia artu det, ezerengatik ez naiz geldituko.

        AMA: Iesus...! au gertaera... au bear genduen orain...!

        JOXPANTONI: Bañan i joan, eta guk emen zer egin bear diñagu...?

        MALEN: Zuek emen antolatuko zerate... Xabier joan ta ni emen ezin gelditu naun...

        AITA: Eta oraindik bere emaztea ez aizena gogoratzen al aiz...?

        MALEN: Al duan bezin laxter Xabier-ek bere ezkontz-itza beteko duala ziur naiz...

        AITA: Bai, nik ere ori ongi ba zekiñat, bañan...

        XABIER: Gaurtandik Malentxo nere emaztetzat daukatela ziñ egiten dizutet... bera nekin etortzeak, alde batetik, kezka ta bildurra ematen dit, bañan, bestetik, zearo poztutzen nau; zuentzat naigabe aundia dala ikusten det eta orretxek biotza illuntzen dit...

        AITA: ...Bere egitako gogoa ala ba da... zer egingo zaio...!

        XABIER: Berealaxe bideari lotu bearrak gera, ez degu betik galdu bear...

        TXOMIN: (Kupituta) Bañan joan egin bear al dezute...?

        XABIER: Bai, motell... aldi txar au ere, bein edo bein, etortzekoa uan eta etorri zaiguk...

        MALEN: Eraman bear ditugunak artzera noa... bereala emen naiz...

        AMA: Lagunduko diñat...

        AITONA: (Gogorki eta kemen aundiaz) Biok bakarrik ez zerate joango... ni ere zuekin joango nauk... Malen! nere jantzierantzi zerbait pardelean artu zan...

        AITA: Bañan aita, burutik oso nastu al zera ala...?

        XABIER: Aitona, zu nola gukin etorriko zera... urte geiegi dituzu.

        JOXPANTONI: Iesus...! zu joatea nola liteke...

        TXOMIN: (Lepotik elduta negarrez)... Aitona, zu ez... zuk gukin gelditu bear dezu... Aitona gabe guk zer egin bear degu emen...?

        AMA: (Etxeko atetik) Ori ezin liteke... ez zendun egitan esango noski...

        AITONA: Bai, benetan esan det... oiekin noa... ez det geiago emen egon nai... naiko ikusi det... gizon zital-gaizkille oien mendean ezin egon niteke... Xabier-en aldeko gizonak euskaldunagoak dirala eta gizatasun geiago dutela uste det...

        XABIER: Eskerrik asko, Aitona... zu gukin etortzeaz ni pozik izango nitzake... bañan zutzat arraxko aundia izango litzakela iruditzen zait... batetik, gabeko ibillia, eta gero, guda ari dan tokian tarteen bat billatu eta, ixilka, andik aurrera jo bear degu...

        AITONA: Bada, nik emen inguruko mendi guztien berri iñork baño obeto dakit eta gabez izanarren, baita begi-itxutan ere, pausorik galdu gabe eramango zaituztet... Burruka nun ari dan gutxi-gora-bera ba dakit... eta Jainkoak nai ba du, eguna argitzerako andik aurrera izango gera...

        AMA: (Etxetik atera ta) Bañan, ba zoazela ez zenduan egitan esango e...?

        AITA: Ala dio...

        AITONA: Bai, bai, eta nere bi illobatxoekin pozik izango naiz...

        AMA: Iesus...! au da gure gain datorren txamalda... au izugarria da... ezin sinistu liteke...

        XABIER: Ez geiegi estutu... aldi luzea igaro baño len guziok emen gera berriz...

        AITONA: Ori, ori...! eta orduan Txinparta bezelako nagusirik ez da emen izango...

        XABIER: Ez det uste...!

        AITONA: Nik, beste oñetakoak jantzi bear ditut...

        AMA: Goazen... biderako jan pixka bat ere bearko dezute...!

        (Aitona ta Ama etxeratzen dira; Joxpantoni-k ere negarrez jarraitzen diote; guztiak illun ta naigabetuak dira...; Aita ta Xabier alkarrekin mintzatzen diran artean Txomin arritua dago).

        AITA: Auxen da lana...! (buru-auste aundiaren mende).

        XABIER: Ala da... gaurko ekaitza izugarria izan da... eta au guztia nigatik zuei gertatzeak naigabe aundiena egiten dit...

        AITA: Zugatik... ez... zuk errurik ez dezu... ala gertatu bearko zan ta... zer egingo dezu... Jainkoak lagun dakigula guztioi...

        XABIER: Luzaro gabe guda au amaituko da noski eta orduan guztiok zoriontsu berriz bilduko gera...

        AITA: Jainkoak nai dezala ala izatea...

        TXOMIN: Ni ere gogoz joango nitzake zuekin...

        AITA: Ixilik egon adi... orixe bakarrik bear diagu orain... asi adi i ere...

        XABIER: Ez, i ola ibiltzeko gaztegia aiz... gañera ik emen Aita-ri lagundu bear diok...

        TXOMIN: Bai, ori ala da bañan ni zuekin ederki ibilliko nitzake...

        AITA: Olako gauzik ez dezakela aitatu ere...

        XABIER: Ez, ik eta Joxpantonik emen aitaamekin baserria jasotzen naiko lan ba dezute...

        AITA: Bai, naikoa baño geiago, buruz-gain ere bai... Jainkoak oraindaño bezelako osasun ona degigula...

        XABIER: Ori da lenengoa...

        (Malen etxetik irtetzen da; biderako eran jantzia dator; bi pardel dakarzki).

        MALEN: Ara...! ni gertu naiz...

        XABIER: Bai, zu bereala prestatu zera... lenbailen joatea onena izango genduke... beste zital oiek berriz ere etorri litezke...

        MALEN: Zuk oñetakorik aldatu edo zerbait artu bearrik ez al dezu...?

        XABIER: Ez, au beste soñekorik ez det... beste atorra eta espartziñak artuko ziñuzen noski...

        MALEN: Bai, emen pardelean sartu ditut...

        XABIER: Ain ongi artu naun etxe-barrunbe maite oni agur bat biotz-biotzez egin gabe ez det joan nai... (etxebarnera dijoa).

        AITA: Txomin... bada-ez-bada, norbaiten zantzurik ba ote dan ate-aurreko kaxkotik begiratu zak...

        TXOMIN: Ta gau illunean nola ikusiko det...

        AITA: Illun ez zeok... ekaitza igaro ondoren zerua naiko garbitu dik, tartetan illargiak ere argitasun ederra zabaltzen dik...

        AITA: Malen! diru pixka bat ere artu bearko den...

        MALEN: Amak eman dit... gañera, bein araezkero ezeren bearrik ez degula Xabier-ek esaten du...

        AITA: Bai, bañan... zer gerta ere...

        MALEN: Amak eman ditena naikoa izango det, noski...

        AITA: Aitonari begira zaiozute... urte asko dizkin eta ez zekiñat nola ibilliko dan...

        MALEN: Pozik dijoa beintzat...

        AITA: Bai, bere Malentxo-kin joateagatik edozer gauza egingo liken...

        MALEN: Eta Xabier ere asko maite du...

        AITA: Bai, ala den... Xabier, seme bat bezela, guziok maite diagu.

        (Aitona, Xabier, Ama eta Joxpantoni etxetik irtetzen dira; onek bildu bat dakarki, ta Amak, eskuetan, beste bildu bat ba du. Gero Txomin ere urbiltzen zaiote).

        XABIER: ...Ba al gera...?

        AITONA: Bai, irurok gertu gerala uste det... abiatu giñezke...

        (Alkar laztantzen ta agurka guztiak asten dira; emakumeak negarrez, batez ere Ama ta Joxpantoni, Txomin-ek ere malkoa ez du urruti; Aita oso illun ta naigabetua dago...).

        XABIER: Aita, Ama... (biei eltzen diote) Eskerrik oberenak zuei... biotz-biotzez maite zaituet... bizirik zuengatik naiz... Malentxo-k dakarkiten betiko zoriontasuna ere zuei zor dizutet... bizi naizen artean ez zait aztuko... Gugatik bildurrik ez izan, lasai egon zaitezte al dan azkarrena, onenean biar bertan, Malen, Elizaz, nere emaztea izango da...

        AITA: Jainkoa-ren aurrean, Aitak eta Amak gogoz bedeinkatzen zaituztegu...

        MALEN: Eskarrik asko... (negarrez besarkatzen ditu).

        XABIER: Arantzazuko Amak oraintxe arestian ain ederki lagundu digun bezela, gero ere bere eskutik eukiko gaitu, eta berealaxe beste aldean izango gera... eta uste det gure berriak aurki izango dituzutela...

        AMA: Jainkoak ala nai dezala... gu zuei begira gelditzen gerala ez aztu...

        XABIER: Ez, ez, gure gogoan izango zerate beti... eta aldi luzea igaro baño lenago guztiok emen bilduko gera berriz...

        AMA: Ai! ala ba litz...!

        MALEN: Bai nik itxaropen osoa det... biotzak esaten dit, eta ala gertatuko dala ziur naiz...

        XABIER: Agur, Joxpantoni, nere arreba maitea... eta Txomin, mutiko zintzo, biotz ederra... (alkarri eltzen diote).

        AITONA: Joan bear ba degu goazemazute lenbailen...

        XABIER: Bai, zuetatik ezin aldendu gera... bañan emen egotea kaltegarri da gutzat... goazen...

        MALEN: Agur... agur.... ongi izan zaitezte... berriz ikusi arte...

        AITONA: Agur... agur... guztioi... (ba dijoaz).

        XABIER: (Etxe-aldera biurtuta) Aitzondo baserri eder, aterpe, babes-toki maitea, aizkenik zutzat agur ta esker ugariak... guztioi agur... agur...!

 

* * *

 

        An dijoaz irurak; Aitona pauso sendoz aurretik da, ba dirudi gaztetu egin dala bat batean; gero Malen ta Xabier; izkutatu baño len oraindik agur egiten diote eskua jasota...

        Nekazari aiek etxeko atadian kupigarri gelditu dira; beste irurak izkutatu diran arte mendi-aldera begira egon dira; Txomin aen ondoren pixka bat joan ta gero besteetara bildu da.

        Enparanza-erdian Ama ta Joxpantoni belaunikatu ta negarrez daude Goiko-Ama-ri otoitz egiñez. Aita, bien erdian burua makurtu eta besoak bular-gañean toleztuak dituala, illuntasun izugarriaren mende arkitzen da; Txomin, berriz, aitari bizkarretik eldu eta berari begira arritua dago.

        Zeruan ekaitz-aldiaren ondoren odeiak urratu dira noski eta illargi beteak bere argitasun biguña alde guztietara zabalduaz, aldi garratz ontantxe ain errukarri diran Aitzondo-ko lau euzkotar gizarajoak goxoki bildu eta egoki agertu-arazten ditu.

        Gero Aitak, burua zerurontz jaso eta besoak zabaldurik, bere biotzeko oñazerik aundienaz esaten du...

        ... GUDA MADARIKATUA...!!

 

aurrekoa hurrengoa