www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Don Juan eta bere adixkidiak
Jean Baptiste Constantin
1910

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haritchabaletaren bizia / Don Juan eta bere adixkidiak, Jean Baptiste Constantin (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1997

 

 

aurrekoa  

V
 

        Horik hola igaranik, laur gizonttuek egin ahal bat egiten die pataten urhentzeko; bena edaria eskaz beitzien, etzutien oro jan ahal izan. Xapalandak kuinta egitiaren bortxaz emanerazi zeitzon Benteruari bi botila ardu, barrikan baratzen ziren hiruetarik, eta haboro dena, dohainik elkhi zeitzon hitzamanez beste halako xanfart baten egitera jinen zirela ogi korreakako arduaren txerka utzuliko zirenian.

        Ezpeitxutien utzi nahi Bentan hain khario phakatu zutien patata soberatiak, don Juanek alforjetan ezari zian gaitzurutto baten heina. Bixarrek sakolan zutian sei sosen truk emanerazi zeitzon Mari-Paittari sei zigarro, bidian pipatzeko, Trinkak aldiz beste sei. Bentala heltzian bezala juaitian ere, bi xahakuak hutsik eraman behartzen zaitze Santa Graztarrer, beren makhilak harturik adio erraiten die Benteruari eta Mari-Paittari, eta Frantziari buru abiatzen, agoinu handirik gabe, goizanko hamar orener. Elhurra builta hartan ukhuraturik zen, bena anhartio eroria ezpeitzen net hurtu, franko nekez Trinkak xilatzen du bidia laguner.

        Bentatik hurruntuxe onduan, alde gaineko baguen pian Xapalanda etxiari buruz ukhuratzen da. Don Juanek hitzaman zeron hari eman hogeita bost liberakua phakatuko zerola hiriala heltu bezain sarri, bena Xapalandari min zeron bere sterling ederraren uztia Bentan. Fida beitzen Benteroak etziala entzunen, hasten du hari buruz elhe gaixto khordamusa izigarri bat:

        —Hirur ehun debru, Bentero phu, gose jankin, uhuin, aho gorri, zorro beltza, eztuk ez sekula bizian aserik eginen azken bi egun horietan bezala, ene sterling ejerraren khostuz.

        Bere ustez egotxi dianian bihotzeko phozua oro, ixiltzen da eta laur gizonak herrokan, bata bestiaren gibelian, petigorari lotzen dira. Artetarik, kurluek egiten dien ber gisala, aitzinian ebilten dena, gibelialat igaraiten da, neke beita elhurraren xilatzia eta zuzen baizik ezpeita bakhotxak bere aldian laguner bidia egin dezan.

        Aski neketto eta zer nahi ikhusirik, heltzen dira izerdi trenpan hameka orenetako Uthurri-Hotxiala. Xahakuak ardu inhar bat ukhen balu esker zukian, bena ezpeitzian koterarik ere, behartzen zaie ur trago bedera edan egarriaren emaxetako. Hur toki bazterretan, Benteroak erran bezala, biltzen die zirin belharra, eta abiatzeko beste hur trago bat edaten.

        Bixar:

        —Bai, ttenttamentia, hunek zain emanen dikuk bai bortiaren igaraiteko enuk hatik egundano orai artio agitu España bidian ardurik gabe!

        Sekula elhe horik erran dutianeko hedatzen da, lanhu thian bat Lakhua ganetik Binbaletara artio, eta lantzer xehe xehe bat hasten. Lanhapiak hartzen dutu gure bidajantak.

        Xapalanda:

        —Hirur ehun kanua! ezkunian jente hunak, lanhuaren beharra baizik, aisago etxerat utzultzeko! Baliatuko zaiku belhi izatia, xuxen gidatzeko. Enintzateke orano hil nahi, ziek ere ez arauz. Gitian arren ebil untsa kasu eginez. Guatzan trebes exkerrialat; hobe dugu Urdaiteko portillotik igaraitia, eta uztia Ihikondizen gainti utzultzia, elhurrak, han zinez lodi izan behar beitu hebenko altiala!

        Trinka:

        —Ene gizonak, Xapalandak arrazu du; elhur lurten arriska gatik hobe dugu Urdaiterik Laphitzer behera Zardaiala eraitsirik.

        Don Juan :

        —Bai arrisk gutienik lekhutik phartetik den guatzen. Ni ene phartetik enintzate lotsa elhur lodian jalkhitera, beitazkizie lehen ere nula mando bat elhurrian ukhatu zena, bizkarrian elkhi nian Tximinia altian. Bena eztu balio laur gizonek ezur eta larru txarrak utz ditzagun elhur lurta baten pian zirin belhar ejer horregatik!

        Bixar:

        —Ttenttamentia! Agaramunt aho zabalaren abisa dela gatik gutuk heben; bera aldiz ari duk hoberenian karkazaz plazari so leihotik kanpo.

        Trinka:

        —Alo jaunak! Koraje har dezagun, gure bizian, halako bat ikhusi ahal dugu!

        Lanhape tinkian oren batez ebili ondoan, igaraiten die jakin gabe Urdaiteko portillua eta Binbaletakoala heltzen; ustez Laphitzen behera doatzala, edireiten dira Harluze gaineko olhan. Uduritzen zaie eztela ihulaz ere olha luze handi hura Zardaikua izaten ahal eta algarri erraiten die segur herratu direla, geroago eta treslata gaitzenago die.

        Trinkak muntrari so egiten du:

        —Ene gizonak, hirurak badire ulhune jiten da bostak gabe. Gaurko gaia segur kanpoan igaran beharko zaiku!

        Bixar:

        —Ttenttamentia! ni ja enaite haboro ebil, barne huntan eitz nezazie; bihar goizan arauz lanhagertuko beitu etxerako nitzaizte!

        Don Juan:

        —Bah! karakho amigo! eztiagu denbora galtzekorik, hots! eman dezagun behera buruz; nurapait heltuko gutuk bai!

        Erran bezala, laur gizonak berriz abiatzen dira eta ulhuneko doi doia heltzen Fonterrabiako olhala; eztie ezagutzen nun diren, bena gaiaren han igaraitia hobe zukiela sartzen dira olhan, suia phizten, berotzen, arropak idor eraztera eta goizan Bentan hartu patata soberatiak jaten gogo hunez. Etzuien hatik barniak aitzineko bi gaietan bezain untsa ezari, bena goizan beno bertanxiago khuntia egin zien eta aisago phakatu. Su handi bat phizturik utz eta, luak hartzen dutu.

        Biharamenian argi ubeltzian elkhiten dira olhatik lanhua sekula bezain tink zen; behera buruz ari dira. Ehun bat urhats egin onduan atzamaiten dutie gizonttuek jente herexa eli bat elhurrian harier jarraikiten dira botzik nurait gidatuko dielakoan. Pello Latsagabordaren eta Mari Urruxterin herexak ziren, bezperan ebilirik, Holtzarten, ezkurrian zutien bilha beltxen ikhusten. Herexek gidatzen dutie Latsaga bordala; bena etziren han mintzatu afruntu beitzeien erraitia zer bidajetarik horra ziren. Xuxenka heltzen dira Lexartzuko khurutxetara.

        Trinka:

        —Ui phupa! orai salbaturik gira jaunak. Lexartzuko hiru khurutxetan gira! artetarik debozione builta zonbait jiten beitzeien, gomendatzen dira khurutxetan Jinko hunari eta Ama Birjinari, othoitziak egiten dere Santa Graziari, San Jusefi, Maria Maidalenari eta San Antoniri, eta gero prosesione bidia behera etxerat buruz abiatzen zalhe zalhia.

        Xuburuko bordan baratu zutien bordazaliak, bena ez etxit erran, ez bidian ikhusi zutien beste jenter ere, nuntik horra ziren. Ezta erran beharrik Bethatian gora urhatsa xehe horra ziela, bezperan Bentako patata hotza janik. Espilagako errekala heltziareki ukhuratzen dira.

        Bixar:

        —Ttenttamentia! hots emazie Agna Xorho gana; behar dugu indar hartzeko phitxer bedera ardu edan eta axuritto bat jan, segur merexiturik dugu!

        Trinka:

        —Hala duk bai, bena afruntuz ere eztiagu harat agertu behar!

        Xapalanda:

        —Hirur ehun beltzen tripa! enintek mundu huntako huntarzun orogatik orai harat ager. Sterling bat igorri diat, bena laur ere lehen eman niok ezi ez holako bidajerik egin, nur nahi izan dadin unhurru arrautze edo zirin belhar beharrunian xixarietarik sendotzeko!

        Neskanegunian, laurgerren egunian, igaraiten dira buriak Dendariko phatarra gora, eta plazala heltzen. Han ziren alborotaturik joalteruak oro Bentalat juan gizonen arrankuran beren artian hitzartzen nurk juan behar zian galdien txerkhatzera. Orotan gainti ezagun ziren Sutibran de Kallinbre, Jean Purra, Agaramunt, Xerbiet, Barrabas, Cadet Gros, Santo, Txardina, Arhin, Beusa, Briket Tanbur, Pette Koxka eta Gaztanbide. Phentsatzen ahal da Españazalek baziela berri galthari franko, bena. Bentatik ezpeitzen xahakuetan ardurik jin, helgaraia hoxko izan zen. Halere gizon galdiak agertu beitziren, joalteruak eta bidajantak nur beren etxetarat kuntent juan ziren elhe zonbait igaran eta.

        Etxera heltu onduan don Juanek Mari Phuiltari berri franko eman zian; hanitx eskerniatu zirela laur gizonak, Bortuzkura ezin heltuz indar handirik egin ziela, gaiak eta egunak elhurrian nahasirik igaran zutiela hotzareki eta gosiareki eta halako gezur franko; bena etzeion etxit erran Bentan zer bestak egin zutien hirur egunez. Erakatsi zeron ere xixarien galerazteko ekharten zian zirin belharra eta manhatu berantu gabe egin lezan erremediua.

        Mari-Phuilta:

        —Ifernuko deblia! don Juan eztizugu ez zirin belhar beharrik, ziek phartitu zinden ber egunian Okheillak eman zitazun bi libera margot purga Bexkinaren baratzian bildurik; untsa herakerazi nitizun arduian, gero hartarik hanitx edan, haurrer ere bortxaz gaintierazi; oren bat gabe xixariek lekhu egin zizien. Xixariak ahatzetik aski arrankura eman deitazu hirur egunez, bizi ala hil zinen!

        Don Juani purgaren ber feita egin zeion Bentako asekak hanko anis, rom eta ardu nefarrak hilerazi zeitzon xixariak.

        Elire sinhets ahal ikhusi zianak baizik don Juanen eta Phuiltaren plazera zuin handi izan zen ikhus onduan familia oro sendotu zela. Erremediua etzen merke merke izan, bena ihurk eztu sendotzen denian despendioari kasurik egiten. Urthe zonbait orano bizi izan zen don Juan, bena sekula bizian etzian haboro zankhorik sarthu Bentan.

aurrekoa