www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Don Juan eta bere adixkidiak
Jean Baptiste Constantin
1910

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haritchabaletaren bizia / Don Juan eta bere adixkidiak, Jean Baptiste Constantin (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1997

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
 

        Elhurrari so bat eginik, sartzen dira laur gizonak sukhaltian, egun huna emaiten Mari-Paittari, eta su eder baten ungurian jarten.

        Don Juan:

        —Alo adixkidiak, denbora ederra haitatu dugu Bortuzkura joaiteko! Etxen bagina aments! bena karakho amigo, hola delarik ezkira egun ja orano kanpo elkhiren, gero ere zer izanen beita. Egun orano jan eta edan dezagun, beitugu zereki; gu hil ondoan ere zorruak eiheralatko dira.

        Mari-Paittak eta Benteroak etzien beste nahirik; etzeien uduri aski min egin ziela orano Santa Graztarren musari, eta biek algarreki don Juanen erran topatzen die erranez:

        —Onki mintzo zira, halako tenporareki etzu nehor xuaiten ahal Frantzialat.

        Etxeko anderiak egiten dere ordian ez kafia, Trinkak kobla batetan galthatu ukhen zian bezala, bena xokolatia, lodi lodia Españako mudala. Zerbutxatzen du mahainian gizoner, eta bakhotxaren aitzinian ezarten baso bedera hurez betherik ahoaren ixarratzeko ondotik.

        Bixar lehentzen zaie bere phartiaren jatera, eta krak, godaleta har eta, ustez anisa zen, gaintitzen du hur trago hun bat. Ordian gaizten da eta burhau bat ezkapatzen zaiolarik erraiten du Mari-Paittari buruz:

        —Uste duzia nahi dudala nik ostatian ene phantiz trixtia hur hotzez kharrunta erazi? Fiten eman izazut kopa bat anis ene barniaren kontsolaxetako!

        Don Juan, Xapalanda eta Trinka ezpeitziren orano hurari gahaturik, ber abiseko dira, hura pharete bati kontre urthukiten die aire gaitzian, eta galthatzen Bixarren gisa godaletak betha ditzen anisez.

        Amiñi baten burian Trinkak erraiten du laguner:

        —Alo ene gizonak, goiz huntan aisan egonen beikira eztugu beste askaririk eginen. Intretan fres gutuxiago dukegu ere phakatzeko!

        Xapalanda:

        —Hirur ehun kanua, bai hola egin behar diagu: nula lan, hala jan!

        Bixar orano goseareki etzen kontent egin zian askariaz eta murmuzikatzez erraiten du:

        —Demuntria! ogi gorritu buxi zunbait jan eta anisetik txorta zonbait edan, aisa egonen gutuzu, mai, bazkariala artio!

        Aphurtto baten burian laur gizonak ogi xerra zonbait hauts eta abiatzen dira haien gorri erazten labela phuntan ezar ondoan, su eder bati buruz. Ogia gorritu bezain sarri jan, anis edan, berriz ogi gorrieraz eta anis arredan eguerdi jiten da. Ordunkoz kantaro erdi bat anis bazien edanik Santa Graztarrek eta Benteruak halere uste zien kasi barur zirela askari haren undatzagatik.

        Mari-Paittak artian zopa egin zian bezperakua bezain hun; erra erazi zutian don Juanek ekharri urdazpitik muztu trantxak: andoilakia zopan egoserazi zian eta bi lukhainka uztarri, grisilan behar den heinian bero erazi.

        Gure gizonak elhia usututtorik, eta Bortuzkuko unhurru arrautziak ahatzerik jarten dira mahainian; eztugu erran beharrik bakhotxa etzela lotsa izan bere phartiaren thiratzeko. Arristiria berriz pintukan eta trala-laikan joaiten zaie, ulhuna jiten da: horra nun behar dien igaran bigeren gaia Bentako lastuaren ganen. Goiz baduatza sabaialat, ustez eta han sendotuko zaien edatez bildu dien buruko mina. Luak bertanxka hartzen dutu.

        Biharamenian hotzak iratzar erazten dutu goizik gizonttoak. Elhurra sekula bezain gustian ari da orano.

        Don Juan:

        —Ba! karakho amigo! halako denborareki kanpoan dena barnerat nahi beita arrimatu, gu barnen egon gitian, orano barnen beikira. Dezagun jan eta edan, azken hilak arauz zorrak phakaturen tu!

        Mari-Paitta beha beitzen konbersari, agertzen zaie ordian:

        —Eta beraz ni arren azkena hil artio bethi hartzetan egon! O kori ez, nik behar diezt xuek kementik xuan bage batetarik edo bertzetarik, ifernutik edo zelutik, Frantziatik edo Españatik, saintuetarik edo mil demoniuetarik ene hartzia. Eta gero demonioen egina, behar xuela onki xan eta edan orano! Eta akabaturik badira xateko eta edatekuak oro? Bai xuek ekharri tripot, lukanka, xerri azpi eta xerri uzterxiak gure alubia ederra eta salon ona, guziak xan tuzie!

        Mari-Paittak gezurra ederki butilatu zeien; etzeien etxit erran haiek ekharri gaizen erdiak gorde zutiala, ondo egunetan jateko bere senharrareki buruz buru.

        Benteroa:

        —Baia rekontxos! ardaua ere ekabatu diagozu, anisa ere bai! Baziagozun xuek xin zelarik bost kantaro eta sei pinta lo menos, eta orai eztiagozu lo mas hirur pinta! Anis ere baziagozun kantaro bat eta bederatzu pinta, eta orai eztiagozu siquiera baso xiki bat nik edateko! Bai eztiagozie izan behar ariman penarik eztiagoziela aski onki probetxatu! Baia, baia Maria, egin zala gizon koier kontia, paga dezen eta arranka ditian fresko freskua bortiari karaz!

        Trinka:

        —Baia othe barur hotz hotza orai bortiari buruz, eta holako denborareki? Ez othe deia arren deus ere etxe huntan guretako? Ezta xokolaterik ere?

        Mari-Paitta:

        —Eta aurra, ez! akabatu diagozu xa! Eta dirurik ere ez erosteko, orai xuek eman behar xuena baizik.

        Xapalanda:

        —Egitzu ordian patata frijitiak eta oliat bat!

        Mari-Paitta:

        —Bai aurra, eta nun dago olio eta ogia?

        Bixar:

        —Ttenttamentia, eta egizu urinez.

        Mari-Paitta:

        —Mila miliu demoniua, ekharzazu zuk urina! Eztiagozu ez Españan urinik Frantzian bezala!

        Don Juan:

        —Baia Maria, atzo eta herenegun hain untsa jan eta edan onduan auher gorri ginelarik, behar dugia arren egun barurik igaran bortia hainbeste elhurreki?

        Mari-Paitta:

        —Eta zer nahi duxue, ezpadago xatekorik? Nahi duxue patata?

        Trinka:

        —Eta gordinik dutugia jan behar?

        Mari-Paitta:

        —Eta ezarzue hauts pean erratzen! Onki hun diagozu kola ere!

        Xapalanda:

        —Hirur ehun kanua! ezarzu arren unka bat, hauts pian, bortian hil behar badugu ere holako denbora tzarreki, ez gitian aments gosez hil!

        Benteroa:

        —Baia Maria! Kontia, kontia gizon koier! poko probetxo dugula guk orai koiek keben egonez!

        Mari-Paitta:

        —Baia kontia? Ordian, patatak bage, hirur hogei eta hamazortzi real fuerte eta sueldo bat ziagozun, eta orai patatekin hamazazpi sueldo haboro. Kontiak orok egiten du laur hogei eta hamasei real fuerte, edo eta hobeki konprenditzen bada ehun eta laur hogei eta hamabi sueldos.

        Sueldoak balio du bost sos hegiaz beste gaintian. Gaizo don Juan eta haren lagunak etziren hanbat Españan usaturik.

        Xapalanda sabantena zien, Amerikak kurriturik zutialakoz; harek doi doia zerbait enthelegatu zian Mari-Paittaren khuntietan, eta don Juani erran zian, hura zelakoz phakazageia, berrogeita zortzi libera zela khuntia oro.

        Ezpeitzien huilanik ere holako khunturik egurukiten, berek hainbeste jateko ekharri onduan, trixtetzen dira gure gizonak, don Juan orotan gainti eta algarri soz ari dira, elherik ezin erranez.

        Benteroa:

        —Baia amigo! etzizte atzo eta erenegun bekain alegre! Ots, ots, boltsa horik larga!

        Don Juan:

        —Ene gizonak! hau da hau istoria. Eztiat hogeita hirur libera baizik musan. Hatik nik enia uste holako khunturik heben ekharriko zeikiela. Lotsa diat enukian hain khario Bedezitik xixari erremedio erostia ez eta bedezia bera ere Santa Grazira jin erazi banu!

        Trinka:

        —Oho! nik ere bederatzu sos diat, ezpeitut haboro hartu, fida benintzan bestela haboro hartu ukhen banu oro igorriko nutiala.

        Don Juanek eztu ordian Xapalandetan baizik esperantxarik ukhen behar, eta beitzakian harek sakolan urhe ederrik erabilten ziala, ezti eztia, ahalke eta errespetureki abiatzen zaio lagungoa galthatzera uhurezki elkhi ahal ditian bentatik.

 

aurrekoa hurrengoa