www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesus Aurraren bederatzi-urrena
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesus Aurraren bederatzi-urrena, Crispin Beovide. Francisco Mugerzaren moldizteguian, 1885.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN EGUNA

 

Aur inozentien martiriuaz.

 

        Bere biziko aserrian sartu zan Herodes erregia jakin zuanian nola errege Maguak, iñungo berririk ari eman gabe, beste bide batetik aldegin zuten Belendik. Ezagutu zuan burlatu zutela eta Jesusen gañ bengatu naiaz, erabaki zuan eta agindu: bai Belen-go, nola bere inguruetako, bi urtez berako semetxuai bizia kentzia. Igaro zan ordukoz Jesus Ejitora. Utzi deiotan orañ lekua S. Agustini.

        Aita S. Agustin gloriotsuak esaten digu:

        «Jesusen jaiotzarekin asi zan negarra, ez zeruan, baizikan munduan; eragiten zaie ama askori negar. Ama askori negarra eta aingeruai ematen zaie poza, aurrai berriz zerurako pasia. Jaungoikua da jaio dana eta dator munduko malizia zanpatzera; ordia biar zaizka aur inozentiak bitima. Ill biar dira arkumetxuak, zergatikan bidolts garbia ill biar dan gero gurutzian munduko pekatuak desegiteko. Ardiaren eran amak daude beeka, zeren bee egiteko asti gabe galdu dituzten semiak. Aundia baita martirio au, arrigarizko ikustekua; bide gabe ateratzen dira kutxilluak eta gorritutzen dira. Iñori jaio danak indar egin gabe, errabian jartzen ditu inbidiak.

        »Seme aien amak ikusten ditugu arkumetxua galdu zaion ardiyaren gisa. Diadar, negar-karraxi guztizkua aditu da toki-garaian (Raman.) Dira Semiak ez iñorenak, baizik nor bere amak aziak ez utziak, baizik orañ arriskuan jarriak.

        »Naturaleza osua illun zeguan, martiri aiekin hatera borruka, tiranuak illtzen zituanian aurrak. Buruko illiak nasturik zebiltzan amak, onela galtzen zutela beren apainduria ura. Zenbatxe aleginaz saiatutzen ziran beren semiak gordetzen, beren buruak salatzen zituzten aurrak ezin ixilik egonik. Bildurra zer dan artian etzekiten, argatik ixiltzen etziraden. Aurraren ama ta borrerua borrukatzen ziran aldiz; batak tira ta bestiak eutzi; diadarraz esaten zion amak: zer dala kentzen didazu nik nere sabelian iduki detan semia? Nigandik jaio bazan eta, eztiot alper gaiztuan bularra eman, oraiñ zuk martiri illtzeko. Nik arreta guztiaz gorde detana, zuk kentzen didazu esku gogorrarekin! Oraindik egun gutxi dira nere erraiak argitara eman dutela ori, eta zuk lurrera botatzen dezu.

        »Beste ama batek ikustian lapur aurren illtzailliak, uzten ziola bizirik, oiuka esaten zion: zergatik ni uzten nazu bizirik? Obenik bada, neria da; ezpada obenik, ill gaitzatzu elkarrekin eta libra nazazu pen onetatik. Beste bat berriz: noren billa zabiltzate? Baten billa zabiltzate eta asko iltzen dituzute. Bat da billatzen dezutena eta bat ori ezin atxitu dezute. Beste ama batek biotzez esaten zuan: atoz, atoz aguro, munduko Salbatzallia, noiz arte ibilliko dira zure billa? Iñoren bildur etzerana; ikusi zaitzala soldaduak eta iñoren ezpatak ez ditzala gure semiak ill. Amen negarrak nastutzen ziran eta bitartian semien eskaintza zerura igarotzen zan».

        Onela itzegiten da Aita San Agustin. Ez ote dio gure Jaungoi-goikuak aur garbi aien garaimenari begiratuko? Bada, aur inozentiak joan zaizkigu zerura! Bai begiratuko dio.

        Laster ikusi zan Herodes gaiztuarengañ Jaungoikuaren justiziazko esku pisua. Konzientziako korapillua ezin askaturik; gosiak, ezertxorekin ere ezin ase zala; errai guztiak miñ-oñazez biyurriturik; alderdi denak ikaraz; iñork aren asnasa eraman ezinik eta bere gorputzeko zauriak botatzen zuten kiratsa ta aren eztietatik irtetzen ziran ar zuri-beltzak goguan denak jotzen zituala.

        Ona emen Herodes. Ona emen Jesus aurraren pertsegitzallia. Ona emen eunta berrogei milla semetxori bizia kendu ziona, Jesus ill nairik.

        Azkenik bada desesperatu zuan. Beñ baño geiagotan ken izan zioten burni zorrotza eskutik, bere burua illtzeko asmuan artuta zeukana. Ill zan bere orduan, usteldurik, arrak zerizkiola gopurtzetik, desesperaturik, martxuaren ogeita bostian, berak ainbeste pertsegitu zuan Jesus Jaungoikuaren semia gizon egin zan egunarekin. Badago emen ere ze pensa. Batetik aurren martiriua eta bestetikan Herodes ta onen antzekuen gogorkeria.

 

aurrekoa hurrengoa