www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesus Aurraren bederatzi-urrena
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesus Aurraren bederatzi-urrena, Crispin Beovide. Francisco Mugerzaren moldizteguian, 1885.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN EGUNA

 

Aingeruen agertziaz.

 

        Ikusi degu nolako sarrera egin zuan munduan Jaungoikuaren semiak. Belengo jendiak arkitzen ziran lo pisuan Jesus jaio zan orduban. Baña etzuan nai Jaungoikuak iñor oroitu gabe gerta zedin misteriozko gau ura. Aberats, aundizki ta Erregientzat gauza ezkutu gordia izatia nai bazuen ere, zeñak biotzeko antsi aundi gabe arkitzen ziran Mesiasen etorreraren; baziran ordia beste batzuek, naiz izan biartsu ta munduak ezertakotzat iduki ezakgatik, Salbatzalliaren etorrerari itxoroten ziotenak biotzaren biotzenetik. Eta oriek, nor ziran? Artzai batzuek, anima garbiko Jaungoikuaren egiazko adoratzalliak, zeñak zeuden antsiaz Mesiasen etorrerari begira; zeñak ere bazekiten Igarlien esanaz gañ Belenen biar zuala jaio. Ona zergatik dion San Lukasek: toki artan arkitzen ziran artzaiak ardi zai, kanpuan gabian beillari, txandaka beren artaldiak zaitzen. Leku au dago Belengo erriaren gañeko aldian ipar alderunz. Berenez da leen ospela nora ere biltzen ziran artzaiak otz gogorraren igesi, lapur ta otsuengandik ardiyak gordetzera. Leku artan zaitu izandu zituan beste orduz bere Aitaren artaldiak David Erregiak.

        Artzai aien borda edo txaola inguruan ikusi zan odei garbi bat eta odei aren erdian Jaungoikuaren Aingerua. Askoren ustietan au zan San Gabriel Aingerua. Beraz inguratu zituan artzai on aiek argitasun eder ark eta gizon pakeotsu aiek arteraño iñoiz ere ikusi gabeko argi ark izutu zituan izugarri. Baña esan zien Aingeruak: «ez izutu artzai onak; berri txit onarekin natorkizue: zeren gaur bertan, Daviden errian jaio zazute Salbatzallia, zeña dan Kristo Jaunaren Untatua». Au da Mesias, Igarlien bidez adiazia Jaungoikuak munduari; zuen guztien Maisua, ta Daviden jatorrikua bezela zuen Errege egiazkua; eta ona ematen dizutet seña bat bera ezagutzeko: arkituko dezute aur bat oial-zapietan bilduta askatxo batian etzanik. Au esan ta beriala asi zan Aingeru taldia kantuz Jaungoikua gloriaz betetzen ta alabatzen: «Zeru goenetan gloria Jaungoikuari, eta pakia, lurrian gizon gogo ondunei». Gloria in altissimis Deo, et in terra pax hominibus bonae voluntatis.

        Jaungoikuaren semiaren gizon egitia da misterio bat beraren gloriarakua zergatikan bere izena adituko duten gizon guztiak; baita ere gizonari pekatuak emanikako desonra desegingo duelako; baita ere muga gabeko pekatuaren ofensa mugagabeko merezimentuakin pagatuko diolako beraren Jaungoikotasunari. Azkenik bere seme gizon egindakuan, Jaungoikuak ikusten duelako beraren aunditasunaren diño dan adoratzalle bat.

        Jesusen jaiotza da misterio pakezko bat guretzat; gizon egin dalako pekatariak Jaungoikuarekin elkartu ditezen. Pakia kantatu digute Aingeruak, paketu dedin gizona Jaungoikuarekin pekatua deseginaz. Pakia gizonak elkarrekin karidadiaren lazo senduen loturen bitartez, zeñak bakarrik paketutzen ditu gizonak elkarrekin. Pakia gizon bakoitzari nai badu egin, Jaungoikuak lagundurik, Jaungoikuak nai duena. Deituak badire ere dianak pake onetara, ez dira dianak itsasten onetara. Gogo ona ez dute denak ipintzen eta gogo onik ez duenari, ez diote Aingeruak pake au eskaintzen ta opatzen.

        O Jesus! pakiarekin zure etorreran gonbidatzen gaituzu. Etziñan bada gizon egin Aingeruekgatik, baizik gugatik alere poztutzen dira gure onaz, gu aren zeruko glorian partedun izatiaz. Iguzu Zerutarrak kantatzen diguten pake ori iristeko gogo on bat eta gañera zeruan aiekin batian zu zerori ikustekua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa