www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Uztaro
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Uztaro, Tomas Agirre Barrensoro. Editorial Vasca, 1950

 

aurrekoa hurrengoa

V
MENDI-EGUNA

Ernio-mendiaren gandorretik ingurubegira

 

        Iñularrari aurretik bidea argiztatuz dijoazkion izarrakin izketan zijoala, iritxi zan Balendin Dorronsoroko atadira; ango maspeko gerizpean Martin apaiz jaunak eta Agerreko indiano gazteak aparia bukatu zuten garaian, alegia. Nagusiak begiztatu zuaneko, esan zion:

        —Mendi-eguna diagu biar-eta, Ernioraño joateko asmoa zeukagu. Gogoko al-zaik gurekin joatea?

        —Bai, bai. Ba-dakizu, nagusi jauna, zure erabagiekin erara ibiltzen naizela beti.

        —Oa, ba, laisterka batean, Olaldeko abarketariagana ta esaiok ia biar bere zaldikoan Zelatunaraño bazkaria eramango liguken. Oa Larraintzarko nagusiarengana ere ta esaiok biarkoz auzo-laguntzan zaitu ditzala gure etxeondoa ta gure abereak; ezpaitala emakumeak besterik izango etxean iñular arte.

        Erne zegon, ordea, oi bezela, etxekoandre Josebe, eta bere anaiaren itzak entzuki, erantzun zion:

        —Egun batez gure etxeko eginbearrak burutzeko, ez degu iñoren laguntza bearrik; orrenbesteko burubidea izango al-degu, beintzat. Ez, ba, deirik egin, Balendin, Larraintzarko nagusiari.

        Laisterka aldendu zan berriro Balendin ain gogoko zitzaion agindua betetzera, ta etxeburuko sagastia zangarteka zearkatzen zun bitartean, zakurrak zaungaka aurrea artu nai zion. Mollarriko arkaitzak berriztatzen zuen geroxeago zakurraren zaunga-otsa.

        Ordu-laurden bat geroago etxeratu zan mutilla, bere eginbearra bete ondoren, eta apaldu ordukoxe, oeratu ziran gau artan Dorronsoroko bizidun guztiak; urrengo goizean egunsentirako nagia atera bearra zegon, ba.

 

* * *

 

        Astindu dezagun bizkor egunabarreko loa ta gijoazkion bidera gaurko argiurratze zoragarriari!

        Gau-amets atsegiña baño ederrago datorkigu egunsentia eguzkiaren aurrelari. Eztai-egunean zaldunak emaztegaia bezelaxe, dakarki arek eskutik apaiñez jantzita. Eguna argitu-ala, artzai-mutillak arkoskorrak bezela, zabalduko ditu zabaldietan zipirtztinka, zorroan bilduta darabiltzkin dirdairik ikusgarrienak.

        Orduantxe ziztatuko digue begininia gau-intzak, or-emenka, ostoartean erein ditun zidar-pitxiak; baña eguzkia bere goijarlekura igo-ala, bigunkiro arnasaztuko ditu ta atxikatuko pitxi oek eta bere buruntzari egotziko.

        Nunai karakazten dun bezain ederzale ba'litz gizona, ba-leukake, agian, nun ase eder-gosea egunero; baña goiz-edertasun oetan gogoa murgiltzea baño atsegiñago zaio maindirapeko egona, bere nagi zoroan. Magaletik ondasunak eskuzabalka ixuriz datorkigun erregin onek, ez du txoriena beste agurrik izaten, geientsuenean, egunabarrean.

        Eguzkiari aurretik zetorkion argi-larraiña, bat-batean lertu da geroxeago. Gandu urratuen artetik, argi-ikara iduri, buruz-buru zearkatu du lurgaña lenengo urre-izpiak. Orainarte bekokia estali dion lausoa erantzita, ederren eder eta begien ikusgarri, agertu zaigu eguzki jaunaren aurpegi lausogabea.

        Garai ontan, gure Errialde eder, ire zelai ikusgarrietatik maite-kantu zoragarrietan erantzungo zeone eguzkiaren lenen-mosuari, zozoak, bedigarroak eta kaskardoak. Ekin zeon ere txitxarrak saraspeko jardun lazkarrari; baita ere kirkirak ateondotik bere kantu mintzo-bakarrari. Eta saraspetik, galtsorotik, artasorotik, belarditik eta sagastitik zomorrotalde ugariak, bakoitzak bere mintzoera berezian, agur-egingo zeone aundiro ta ozenki eguzki-jaun irtenberriari.

        Goizeko bostetarako, Dorronsoroko atadiko burni-kakoan lotuta zegon Olaldeko abarkatariaren zaldikoa astalastaira gañetik alde bietara saskiak zintzilika zitula. Ernai zebillen ordurako etxekoandre Josebe mendialdia zutenentzat bazkaritakoak gaitzen eta asta-saskietan bear bezela jartzen. Libek eta Mikele neskameak laguntzen zioten zeregin oetan. Ez, ordea, Malentxok; maindirapeko epelean zun, artean, arek lo lasaia.

        Ondo zekian etxekoandreak, gizonezkoak etxealdean aikomaikoetan ibilli arren, bein mendira ezkero, gogoz jaten dutela eskuratu dezaken dana; gose-esnale zorrotza baita basoa, eta danetik oparo jarri zien bidariai otordurako: arrautza egosiak, piper amorratuakin bakallaua, ollasko erre bi eta sagar erreak. Etzizaion aztu ere, otorduko ugaria zerbait ezkotzeko, zarato bat ardao; orrez, gañera, bazkaria bear bezela bukatzeko, baita ere katillu bana kafe.

        Arraiek ezpa'du, etzan zikoizkerian ibilli etxekoandrea; an sartu zitun saskietan, bear ziran ontzi ta edontzi ta katilluak. Etxean bezain egoki ta eskurakoi ibilli zitazkean mendi-gizonak. Eta Josebek jarri zituan bezelaxe, ur-gañean ontzia labainkatzen dan baño bigunago joango zan dana mendi-tontorreraño.

        Etxekoandreak astasaskiai azkenengo orraztua eman bezain laster, irten ziran Dorronsorotik mendizaleak eta zintzo lotu zitzaizkon bideari. Izan ere, azkar ibilli bearra zegon, zortziretarako Pagoetako mendigaña irabazteko; kiskalduko zitazkian, bestela, eguzkiaren galdapean maldar-gora.

        Izkillu bana zeramakien bizkarrean Balendinek eta Agerreko indianoak. Eiza-usaira, zaunga ta jauzi zegien zakurrak. Baña, etxetik asko urrindu baño len, zaldizaiaren ibilli makala utzita, basopeko bidetxiurretatik sartu ziran eiztariak eta apaiza.

        Mendigizon bizkorrak ziran irurak-eta neurrizko ibilli sendoari eutsiz, goizeko ozkirri atsegiñean, bereala atzeman zuten Pagoetako gandorra.

        Ua ikusgai zoragarria andik begietaratu zitzaiena! Gaualdiko lurrunak sortutako laño-mordoak zurizkatzen zuten, artille antzo, zokondoaldeko zelaia; baña, goizaldean artzaiak bordatik banaka ateratzen ditun ardiak bezela, urtuz dijoaz eguzkiaren mosuetara. Lañoak urtu-ala, garisoroak eta artasoroak erakusten dute burualde orraztua.

        Igita-garaia da. Txigortu bear ditu legorteak zearo gari-saillak-eta, ekin dioe baserritarrak lurrari urrezko jantzi aberatsa erazten. Oraindio berandu izan ez arren, lenbailen jo bearko dute igitaiak gal-zuztarra. Ezperen, bildur izan, egun batzuez geroago, ebakitzeko eskua egotzi-ala, galburuak soroan bertan aletuko ez ete-diran.

        Ori ondo jakinda, goiz-goizetik josi zaizko baserritarrak igita-lanari. Eskuetan igitaiak dirdai-jarioka dituela, bizkar-ezurra lurrera kako, ari dira igitariak or-emengo soroetan aldraka. Ain zuzen ere, juan zaie gaurkoz langileai garairik atsegiñena, goizeko ozkirria, alegia; eta, au da orain eguzkiaren kiskaldubearra!

        Labe goritik irtena dirudi egoaizearen arnasak. Ez da atsegiña izango, arraietan, eguerdiko beropean gaurko igita-jarduna! baña, nola nai dan dala, etxealdeari bear bezela begiratu nai ba'zaio alegiñean jardun bearra dago.

        Ixil dago, bitarte ontan, basoaldea beroaren beroz lurrun-jario. Egoaizearen arnas bigunak dardarazten du noizbeinka pagadi orraztuaren adatsa; geldiro, ordea, nagiak gerriondoa zurrundu izan bai'lio. Gogoz entzun oi dira atsedenaldian, ibarraldetik belarrietara datorzkigun zakur-zaungak eta abaroaren billa gerizpera bildu diran txorien txioak. Eupada latza dagie nekazariak ura eradatera errokondora daramazkin abereai; eta mendiz mendi ta basoz baso dijoa arek egin dun oiuaren oiartzuna.

        Pagoetatik zerbait urrutiratu ziranean, Martin apaizak galdegin zien lagunai:

        —Ez al-zaizue eztarria legortu? Burugabe jokatu gaituk, orratio, gaurko egoaize kiskalgarri onekin, zaldizaiari edari danak uztean!

        —Ezkerraldeko pagadi ortan ba-da iturritxo bat; erakutsiko dizuet —erantzun zun Balendinek.

        —Ibillaldi latza ta luzea danean, ez dek, agian, laguntzalle bikaña baso-iturritiko zurruta otza. Ba-dek, arranotan, beste oberik zerbait —jardetsi zun indianoak. (Bere aitagandik zetorkion Agerre gazteari «indiano» ezizena).

        —Ez kezkatu, Agerre; laister izango degu eztarria nun ezkotu. Goazen arin Altzolako etxe-bilerara ta an Lizarretako gure maiztarraren etxean emango digue zerbait.

        Orduerdi batez geroago, Lizarreta-baserriaren ondoan egin zuen urrengo geldialdia. Etxealde bikaña zirudin baserriak. Iru sorok inguratzen zuen azpikaldetik eta aurre-gibeletatik; sagasti ta belardiak, berriz, etxeburutik.

        Gaztañadi omen zan aintzina goikoaldeko sailla; baña gaztainondoak naiko zarkindu ta usteldu zirala-ta, lareun sagarrondo sartu zitun nagusiak orain zortzi urte. Amabi milla ogerleko balioko omen zitun sagasti gazteak.

        Azpikaldeko garisoroan igitan ari dira, une ontan, amar gizon eta erabat daramakie aldapaz gora sailla. Eguzkiak burua artu ez dakien, lastotxapelez estaltzen dute kaskarra. Eskukaldi bakoitzean zumea bezela biguntzen dute gerrialdea ta bizkarra makurtzen; eta itai-kirtenean eskua gogor tinkaturik, beso kozkordun zaintsuak ukalondoraño galtzu-artean aurreratuz, zarraztaka sendoetan ebakitzen dute lastoa, eta moztu-ala, atzekoaldera jaurtitzen maillaka ebakitakoa.

        Baña igitaien ibilliak oztoporik izan ez dezan, iru neska narok ateratzen ditue zuztarretik indarka gariarteko bababeltz-landarak eta, besamenka bilduz, ondoan pillatzen. Azaoketan diardue, berriz, atzeraxeago agure bik eta iru emakumek.

        Noizbeinka artzen duten eskukatik, lasto batzuk bereiziko ditue, eta belaun-kiñuz gerrikoa egotzi ondoren, kibiztoz lotuko diote. Ba-da mutikoentzat ere naiko lana gaur, galtzuartera erori diran buruxkak biltzen eta soroaldera dijoazen txori ta egazti gosetiak uxatzen. Bien bitartean, geldiro ta arretaz tolesten ditu aitonak metatxoetan gari-eskuteak.

        Ez dago an, arraietan, iñor nagi; ez du an iñork atsedenik. Danak kakotzen dute bizkarra; danak erasotzen diote ermo lanari. Eguzkiari darion suak bazter guztiak kiskali bear ditu. Izerdia ta patsa darie gizonezkoai. Matailgorritu dira, noski, emakumeak ere. Au da sargoria! Au da sua! Au da txigortubearra!

        Bidetxigorrean gora norbaitzuk dijoazela oartu duenean, langileak batbaten zuzendu ditue gerriak, ikusmiñaren aitzakian, atsedenaldia artuz. Igitai-kirtenean besoak tinkaturik zutitu ditu igitariak ukalondoz bekokiko izerdi-jarioa txukatu bitartean. Lurrezko pipa atera due lasto-txapeletik agureak; artazorroak, berriz, sakeletik gizon gazteak. Bidariak araño urreratzen diran bitartean, eskuazpian igurtzikatzen due astiro toxatik ixuritako kebedarra.

        Auots garbiz eta txapela erantziz erantzun dioe danak ao batez apaizak egin dien agur maitekorrari. Eta alkarrizketan asten dira; baña itzal aundiz eta begiramenez erantzuten dioe danak Martin apaiz jaunari, apaiza ta, gañera, etxe aren nagusia baita.

        —Agur, jaunak; garigirorik ederrenetakoa dezue gaur —esan die apaizak soro-barreneraño iritsi danean.

        —Ez da garigiro eskasa; baña eguzkiaren kiskaldubear au baño atsegiñago litzaiguke gerizpeko egona —jaulki zun irriparka mutil gazte batek.

        —Nolako garia dezue aurten? —galdegin zion, urrengo, maiztarrari.

        —Lastoa ba-degu ugari; galburuak, orratio, arintxoegi. Legorteak txigortu baiditu zearo.

        Atsedenaldia belarritik artuz, artzuloko oroldioartean gorderik zeukan txarroa aterata, edontzi bana ardao eskeni zien etxekoandreak bidariai. Langilleai zegokien, urrengo, edanaldia.

        Txitak olloloka inguratzen duten bezelaxe urbildu zitzaizkon danak etxekoandreari zurrutara; zulagarria zan, ba, agian, egarriaren eztena. Edontzia eskutik-eskura zebillen bitartean, mingainpetik ateratako ziztu legorra ortzartetik jaurtitzen zuen gizonezkoak, eta arnas batean edari gozoa edanik, ozenki garrazkatzen zuen eztarri lazkartua.

        Egonaldi laburra egin zuen mendizaleak Lizarretako etxeazpian eta maldarrari eraso zioten berriro; alegintxoan, basoetako gerizpe atsegiñetatik ibilliz, orratio.

        Langilleakin soro-barrenean alkarrizketan zeuden bitartean, galeperraren poxpolin-kantua entzun zun Balendinek an inguruan eta izketariakandik alderatu zan.

        «Geldi emen, Lau!» agintzen zion noizbeinka zakurrari, aren ibillia esiratu nairik. Alako batean, ordea, garoartean kuzkur eta belarri-erne gelditu zan zakurra basakatuaren gisan. Izkilluaren oina sorbaldan tinkatu zuanean, «ekin, Lau» oiugin zion Balendinek; eta zakurraren jauzi bizkorrera, galeperrak ego-ukaldi baldarrez eraiki zun egaldia. Baña eiztariaren eztandak eratsi zun, ego-ikaraka, egazti gizena.

        Ezkerraldeko ariztin eratsi zituen, gero, Agerrek eta Balendinek eskillasu ta birigarro batzuk. Etzegoan, ordea, basopeetan astia buru-gabe ematen ibiltzerik.

        Iturriotzko mendi-galdorra menderatu zuenean, irrintzi alaiz agurtu zitun Agerre gazteak Ernioko arkaitzak.

        —Ez al-dabilkizue zerbait biozpean zirika? —galdetu zien lagunai—. Naizen baño ere euzkotarrago naizela zirudidak mendialdean nabillenean.

        —Gaurko egunean, orratio, mendialdetik igesika zijoazkiguk gazteak urietara, —erantzun zion apaizak.

        —Bai, ala dek. Baña orpozulotik erten dan ardazburua bezela, kurrinka latza dariela ibiliko dituk gazte oik bizitza guztian.

        —Etzekiat; baña egin al-gentzakiokek ezer gaurko gizartearen iraduari?

        —Anbat uke, gaurko urirabear zoroak biotzean egundo ikutu ezpa'gindu. Aizea bezain burujabe mendietan ibilzeko jaioa dala zeritzaidak euzkotarra.

        —Ain zuzen ere, amaika egite arrigarri egin zizkien mendi oetantxe gure asabak beren burujabetasuna aldeztuz.

        —Bai. Mendi oetako zokondo bakoitzak millaka oroitzapen zekarzkiguk burura.

        —Bai, noski. Ara! Orain ogei gizaldi, erromatarren erasoari eutsi-eziñik gure aurrekoak oneraxe bildu ziranean, leoiak bezela burrukatuz, aldeztu ziaten Ernion eta Iturriotzen, artean galdu gabe gelditzen zitzaien lur-zatia.

        —Oraingoagoak eta gaurkoagoak dituk, berriz, Zumalakarregi gudariburu ospatsuaren ibilliak. Santa Krutz ere, katamotza bezelaxe burrukatu uan oraintsu Iturriotzen Españako agintariak bialdu zizkiguen gudariakin eta zakurrak izutu ditun ollandak bezela gainbera zalapartaka uxatu zizkin.

        —Iru bei-uztarrikin arrastaka eraman omen ziten bein lera montzean kañoe bat Errezildik Aiara, Iturriotz zearkatuz.

        Onelaxe alkarrizketa atsegiñean zijoazela, Iturriotz gainditu ondoren, bereala atzeman zituen Zelatungo barruti zabalak. Bigunkiro kulunkatzen ziran ango belardien mototsak aizearen arnaspean. Gogoko zitzaion aurpegiari ere aize-ufadaren esku-atseginka biguna. Etzan an zokondoaldeko kiskaldubearrik nabaitzen.

        Zuazketako saletxearen azpikoaldetik gainbera barreatzen dan larranbilludiko iturriondo ozkirrian egin zuen orduerdiko etzanaldia. Tellatutik ke adats ugaria zeriola agiri zan beeraxeago Aitzarteko artzaiaren ardiborda. Larraul aldera dijoazen pagadien gerizpeko itzalean larratzera goizaldean irtenak ziran aren arkume, bildots, arkazte, ardi, ardizar eta artaldeari beti aurrelari dabilkion ari adar-biurria.

        Lanean ari zan artzaia bordapean, eta leiatillatiko noizpeinkako begiraldiz zaitzen zun pagadiko artaldearen ibillia. Eupateko sendo batekin atera zuen gure bidariak artzaia bere lanetik. Gaztaigiten ari zan mutilla eupateko-otsa entzun zuanean eta, eskuartean nasketan zerabilkin kaikuko mamia utzita, eskuak alkar zartakatuz, atalasean gelditu ziranengana itzuli zan. Oek, ordea, etzezakeen ondo ikusi barrukorik; ainbestekoa zan barrualdeko ke-lañoa.

        —Kaxo, Patxi —esan zion maitekor Agerrek—. Errege bera baño ere obeto bizi aiz emen, mutil. Iretzat dituk emengo txorien xintarik gozoenak; iretzat eguzkiaren mosurik bigunenak. Ez datorkikek oneraño arerioen bekaitzik. Ez dezakek iñorekiko burrukarik. Ez dek ik emen Jaungoikoa beste nagusirik, ez jaberik; ire buruaren jabe aiz.

        —Gure bizitzazkoak jakin-uste dezute kaletarrak eta, bai al-dakizue, ba, ezer? —erantzun zion artzaiak parrezka—. Txorien xinta ezetzik, ekaitzaren orroa ere badatorkigu maiz buru-gañera. Piztirik amorratuenak ditugu, berriz arerio: sapelatsa ta basatxakurra.

        —Arrano pola! Gizona gizonarekiko dan baño pizti gaiztoagorik ba al-dek iñun? Gaurko egunean gizarteak darabiltzkin aginkak eta burrukak ikusirik, amaika bider sortu izan zaidak andik iges egin eta artzaien artera etortzeko gogoa.

        —Je,je! Esan, bai; ordea, gure eskasak eta emengo ipar-aize zorrotzak aurki uxatuko zindueke berriro urietako atsegin-bizitzaren billa.

        —Aizak, Patxi —jaulki zion apaizak—, ez ezak utzi gugatik eskuartean erabilkikan lana. Jarrai egiok lanari. Ain zuzen ere, ez dut egundo ikusi gaztairik egiten.

        Artzai menditar ezjakiñari zegokionez, itz giarrez eta laburrez azaldu ziezten bidari jakinmindunai gaztaigitearen lanak. Atsegin zitzaizkion Agerreri artzaiaren ateraldiak; eta berak ere, mutillaren etorria aizatzearren, maiz ixurtzen zion izketariari gatz-alea ta gazimiña.

        Saletxearen sapaitik zearka dijoan gapirio-muturretik zintzilikatzen dan pertzean esnea epeldu bitartean, uretan beratu bear da gatzagia ta, zapi zuri batean eaulki ondoren, gatzagi baetu ori esneari nastu.

        Kaikuko epelean orduerdi batez dagoala, mami biurtzen da esnea; baña mami-gañera bere neurrian gazura bereizi dedin, eskuzko erabillia bear du. Mami au, bear bezela txikatu danean, gaztanzumitzean jartzen du artzaiak bi egunez. Azala zimeldu, gogortu ta oriskatu dakion, luzaroan ketan egotea du onena. Azokan erakutsiko due gero gaztai oek aurpegi dirdaitsua; erosleak izango ditu ugari nunai artzaien esku-erakutsiak.

        Ordu-laurden bat egin zuen mendizaleak Aitzarteko artzaiaren bordan eta «gero arte» esanaz, joan-agurra egin zioten irurak maiteki.

        —Laster iritsiko dek gure mandazaia ta esaiok orxe, bordaondoko gerizpean zabaldu dezala mai-zapia, esan zioen joakeran.

        Menderakaitza ta neketsua da, agian, mendiaren bizkarra. Gizakumeentzat baño obeto dirudi auntzak ibiltzeko egiña, arrartean urratu duen bidexka estuak. Bidexkaren oetik oñak daramazkitzuela, ertzeko arri-konkorretako bat ustegabean jotzen ba'dezue, tximista bezela oldartuko da maldar-beera ta pirritan gainbera amilka dijoala, ez du aren ibilliak oztoporik izango arik-eta zokondoko arrekazuloa jo arte.

        Aldapa-gora ibillibearrak iztazañai demaien nekearen truke, ba-due, orratio, begiak zerikusi ederrik aski. Mendiaren zintzur larrugorriak buruz zeruko urdiña zulatzen dun garaian, bele-taldeak dabiltz garrasika arkaitzetan; izkilluaren mendera urreratu gebe, ordea, maltzurrak baitira piztitxu oek.

        Sugeak baño biurraldi ugariagoak dagizki zokondoaldean Azpeititik Tolosara dijoan bide-zabalak eta Errezilgo etxeak, mendi-egaleko aldapan oztopo eginda, bertan errotu diran arkaitz zurien antza due.

        Maldar-gorako ibilli neketsuari zebiltzkiola, bidexka ondoan agiri dan leiza-zuloakin egin zun Balendinek oztopo. Luzaroan entzun zuen zuloaren aora arek jaurti zun arri-konkorraren ibil-otsa.

        —Jaungoikoak zekik noraño dijoan leiza au, jaulki zun.

        —Txarri bat erori omen-uan bein leiza-zulo ontatik eta, bai al-dakizue egun batzuez geroago nun azaldu zan? An sakonaldeko baserri artantxe; bi kilometro egongo dittuk emendik. Txarri-kurrintza entzun omen-zin egun batez okulun ango nagusiak eta arritxabal baten azpian zegon zulotik Ernioko txarria agertu —erantzun zion Agerre gazteak, beatzez errekaondoko baserria erakutsiz.

        Izan liteken buruntzarik ederrena jantzi diote euzkaldunak, Ernio-mendiari burualdean. Ogei gizaldien luzeran biozpean sakonki barruratu dan sinismenak eraman du ara kurutza ta arkaitz bizian errotu. Ez da inguru arietan kurutza bereizia Ernion jarri ez du erririk eta udaero egiten diote aldraka ikusaldi maitekorra. Mendi-gandorrean kurutzetik kurutzera Kalbarioa esan ondoren, kolorezko galartzuz lepaldea apainduta jeisten dira erromeritar gazteak kantari igande-arratsaldean.

        Kalbarioa esanaz kurutze batetik bestera ibilli-ala, arri gañean itsatsita uzten ditue emakumeak argizari piztuak eta eguzkiaren galdape kiskalgarrian koipea bezela urtzen dira. Kontuz ibilli, orratio, bide ontatik zear, argizari urtuan labainduta burua arkaitzetan ausi ez dakizuen; an baitaude pillotuta azkenengo amar gizaldien sinismenak ara eraman ditun argizari-kondarrak.

        Senda-tresna ikusgarri batzuk agiri dira beeko kurutzearen besoetatik zintzilika. Urte guzirako zuengandik gaitzak aldendu ta uxatu nai ba'dituzue, sartu gerritik, izterretatik, lepotik, besoetatik eta bizkarretik burnizko uztai biribil aiek. Ara dijoazen danak egiten due beste orrenbeste.

        Baña, irakurle, zure begien ikusgarri arrigarritzat, amestu zentzaken begiratokirik ederrenetakoa nai ba'dezu, zoazkio goiko kurutzeari ondora. Ez dezu egundo ikusi izango, araingo ikusgai zoragarririk. Zorabildurik bezela gelditzen dira ara igotzen diran guztiak.

        Izarraitz eta Urraki mendiak estaltzen duten lurralde pitiña izan ezik, begien aurrean degu Gipuzkoa osoa lilluragarri. Gandor jeiki ontatik, begipean ditugu erririk zoragarrienak. Ollarrari olloak bezela, magalera urbilduz dijoazkio mendiari Gipuzkoako erriak. Begiratoki amesgarri onetatik bezaingo ikusgai ederrik begietaratu ete-litakio ikusleari iñundik?

        Lenengo mallan, legor-erririk aipatuenak, Kantauri-itxaso asarrearen erasoak ikaraturik igesika bai'lijoaz. Ara or Tolosa, Azpeiti, Aia, Andoain, Errenderi. Tarteka, berriz, artasoroak, pagadiak, belardiak eta sagastiak bitxiztatzen due legor-erri oien gerriko apaña.

        Andiko aldetik, eguzkiaren argipean dirdirka diarduen itxaserriak ziztatzen digue begininia, asi Zumaiatik eta Biarritz uriñoraño. Itxasertzean alaiki murgilduta agiri dira erriño oek itxastxori zuriak iduri. Aruntzago, berriz, nork igarri nun etetzen dan itxasoa ta nun asten zerualde urdiña? Ain garbi ta begien kilikagarri dago lurrari maite-igortzika dijoakion galartzu urdiña. Luzaroan oarki jarri ezkero, zuriune ta beltzune batzuk ere ikusi litezke begirariz: itxasontzien itzalak eta arrantzalien ontzixken aize-oial zuriak dira.

        Ikuszelai zoragarri oni inguru-begira burtzoraturik zeuden bitartean, sapelatsaren garrasia entzun zuen eta, geroxeago, ikusleen buruen gañetik eraiki zun piztiak itzulinguruka egaldi arroa.

        Erdi-lotan daude sakonaldeko erriak; logura sortzen baitu eguerdialdeko sargoriak. Gerizpera joanak ditugu txoriñoak ere eguzkiaren zulatu erreari eutsi eziñik. Maite-kantuak mintzo ixillez alkarri ixuriz ibilli oi diran enarak ere. Bealdean, tellatupeko abeetan ditue garai ontan jolasaldiak. Zanpagarria ta aulgarria da beroaren eztena. Nagiak eta ixiluneak gainditu du izadi osoa. Onelako ikusgai kilikagarriak giza-kolkoari eragin oi dioten biotz-ikarari eutsi eziñik, apaizak oiugin zun.

        —Bedeinkatua dedilla Jaungoikoa! Aren beatza izadian argiro ikusteko, ez dek iñun au bezelako biderik.

        —Orain bost urte, Larraulen egin nin bi illabetez udaldiko atsedenaldia-ta, egunero etortzen nindukan tontor ontara —erantzun zion Agerre gazteak—. Emendik begira nengoela, ikaraldi ziztagarria sortzen zitzaion beti nere biozpeari. Jaungoikua bekoz beko begira zegokidalakoan, alegia.

        Egia esan, mendigañeko arkaitzaundi larrugorritu aiek, Jaungoikoak asarrealdian errotik ateratakoak eta ostikoka irauliak dirudie; azpikaldeko arru ta amiltoki izugarriak, berriz, burua zorabiatzen due, noski. Sapelatsak eta arranoak dira ango bizidun bakarrak. Ango ixillak eta mugarik gabeko ikuszelai arek biotza zorrozki zulatzen due. Jaungoikoaren begiratupean bai'geunde, ikara-zimikoak eta egonezin arrigarri batek zirikatzen du biotza.

        Ordubetez egon ziran mendi-galurrean ikusgai biotz-erdiragarriari begira erdi-toteldurik, eta, bein begiak naiko ase ziranean, aguerdiburuan, aldapa beera asi ziran. Gora-ibillia ezetzik, beerakoa ere naiko neketsua zan, belaun-dardara sortzen baitu beerantzako ibilliak.

        Zelatungo belardietara jetsi ziraneko, Aitzarteko saletxeko babesean zabalduta zeukan abarkatariak mai-zapia. Zirika zebilkien ordurako gosearen eztena-ta, eldu bezain laster ekin zioten bazkariari. Janzalea da, agian, basoko ibillia, eta gogotik ari ziran danak jaten. Abarkataria ta bere seme mutikoa ziran mai-serbitzari.

        Otordua erdiratu zanean, artzaiak galdegin zien mendizaleai:

        —Berri jakingarriak omen-dituzue egunoetan Zarautz-aldean?

        —Ze berri, gero? Nik dakidanik ez, beintzat —erantzun zun Agerrek, bere lagunai begira.

        —Abarkatariak esan didanez, apustu bikaiñen bat dezue izateko laster —geitu zun arek.

        —Etzekiat ezer. Zein apustu?

        —Balendinek jakingo du zerbait.

        Zorrotza zan ustegabean egin zioten zirikaldia-ta, naiz bere gogoa biurrikatu bear artarako, zerbait azaldu bearra bideratu zitzaion Balendini. Artean, ordea, etzion ezer esan bere nagusiari ta naiago zukean aopean dana gorde, ari aurrenengoz adierazi arte.

        Orrez gañera, aren iritziaren bildur zan; baña onaizkero, nola ezkutatu, an ordurako norbaitzuk zekiena? Bera ixildu arren, besteek agertuko ziokeen bere ezkutua. Bideratu zitzaion zoria naitaez buruzkatzea zegokion eta mintzodardaraz asi zan:

        —Bai, burugabe jokatu nitzan atzo ta bear baño geiegitxo itzegin nun eztabaidako beroaldian. Oi bezela, atzo ere, Getarira joan giñan arratsaldia ematen Lopategiko Agustin eta ni; eta, ango sagardotegi batean geundela, ume purtzil batzuek Txandres arrantzalearen seme Joxe, itzez iraindu ondoren, burrukatzera zijoazkion bidegabe, ta aren alde irten nitzalako, ni ere itxusiki iraindu ninduen. Au zala-ta, eztabaida zorrotza sortu zan; eta nik, ero onek, aien itzeginbear errezari erronka zoro batez erantzun nion. Bai, ordea, ondo damutu orain.

        Martin apaizak, ordea, ondo ezagutzen zun bere morroi zintzoa ta ba-zekin arek etzitula ateak ainkeriz egundo zabaltzen; izatez ere, etzala burrukazalea. Orrez gañera, orrelako zeingeiagoka ta indar-neurketen zalea zan, eta bere morroiaren naigabea oarturik, esan zion:

        —Gizonak, buruz dabillen bitartean, beintzat, ez dik izan bear egite zintzoen lotsarik. Zer apostu egin zenduen?

        —Txandresen semeak eta nik eraman baietz orduerdi batean Molarritik Getarira, Txantxiko arrantzalearen ontziska.

        —Egingo al-zendukee marka ori?

        —Nik baietz uste.

        —Noizko egin zendue apustua?

        —Amabost egun barru jokatzeko.

        Tira, ba. Bein itza eman ezkero, itzari eustea zegokiok gizonari.

 

* * *

 

        Jaungoikoaren beatz ikuseziñetik zilintzaka, eguzkia eguerdialdetik etzinaldera neurkiro jeisten dan bitartean, pagadietan eta gaztainadietan barrena dijoaz iru gizonak. Garai ontara ezkero, udazkeneko aizeak zugazburuetatik banaka erasten ditun ostoen antzera, ba-dijoaz garisoroetatik etxera, igitariak, jardun latzak aulduak eta zimelduak. Iturriondoetan ezkotzen ditue ur-xaplatekoka lepagañean eguzkiak ateratako erremiñak.

        Orainarte saraspeetako itzalean erdilotan egon diran oloak ere, belardietan due azkenengo aztarrikaldia. Gogokoa due beiak ere oraingo larrealdia. Larre-bitartean, zintzarria dilindanga dabilkie lepoan eta buztan-ukaldiz edo ostikoz uxatuko ditue euli-eztenaren ziztada miñak. Errekondoetan narrugorrian eta garrasika dabiltz ume-taldeak. Txarriak, berriz, osiñeko lokatza-zuloan egin due etzanaldi atsegiña ta, bien bitartean, txarrikumeak kurrintza lazkarra digie uxarreari muturra kendu gabe.

        Illunabarraren atean begiztatu zuen mendizaleak Zarautz. Etxeko eginbearrak zai zegozkiola-ta, bere lagunengandik aringa aurreratu zan Balendin.

        Bidean oztopatu zitzakeanen ikusmiña eragoztearren, bidezabala artu bearrean, etxearen gibelaldetik itxasaldera barreatzen dan sagastiko bidetxiurretik jo zun. Baña an, sasipean ollandari begira dagon basakatua bezala, naigabe zorrotza zegokion zai mutillari.

        Sagasti-barreneko mugatik Dorronsorora zijoala, txokondo itzal batean dagon seskadi ezkututik, norbaitzuen itzotsa belarrietaratu zitzaion ustegabean. Nortzuk ete-ziran txokondo babes artan izketaldia zutenak? Jakinmiñak zulatu zion batbatean biozparrena-ta, seska jeikien artetik begira, entzuerne jarri zan lipar batez.

        Jesus, ene! Iparbeltzak dardarazi dun adaburua baño areago astindu ta irauli zion asarreak barrualdea. Sugeak eldu izan bai'lio ere, etzuan alaingo biozmiñik artuko. Egia ete-zan begiak erakusten ziotena, ala zorabialdiak lausotu ete-zion ikusmena?

        Begiak zorroztu zitun berriro ta belarriak luzatu ere bai. Gezurra zirudin; baña, ez, ez.. Etzeukan begietan lausorik; argiro ikusten zitun begipean zeuzkan neska ta ondo-ondotik muzinka ta laztanka zebilkion mutilla. Suak artu zun burutik oñetaraño. Ordea, begiak ezetzik, belarriak ere naigabea izan zezaen, itzegiten zutenai erne jarri zitzaien berriro.

        Eserita zeuden koskatik batpatean jeiki zan Malentxo ta bere lagunari esan zion:

        —Etxeratzeko garaia det. Agur, Lon!

        Eta itz oek jaulkitzen zitun bitartean, igesika bai'lijoa, seska artean sartu ta ezkutatu zan jolasean jauzika. Mutillak, ordea, laisterka aurrea artu zion, eta eskutik elduz, ibillia tinkarazi.

        Zergatik zoazkit ain azkar? Zure aurpegiño zoragarri orri begira negokizuke betiko zoratuta.

        Ai maxiolari gaiztoa! Zenbat neskeri esan ete-diezu beste orrenbeste?

        Zu bakarrik zaitut nere erregintxo maiteño ta sorgin zorabiatzalle!

        Bekoz beko zeuden seska artean neska-mutil biak alkarren ondoan, begietatik maite-sua txinpartaka zeriela. Eta maiteberoaldi zoro artan, gerri zumetik neskaño xaloari besoa bilduz, gartsu bereganatu zun mutillak eta besoartetik igesegiteko indarka zebilkion bitartean, musu bat egotzi mataillean. Mutiko biurriak kabian atzeman dun txoritxo lumatuberriaren antzera, igesegin zun Malentxok arnasberoka mutillaren besoetatik.

        Nola susmatu zezakeen ezkutu-maitale biak, maite-jolas artan norbait begira zegokienik? Orrelako susmorik izan ba'lue, buruzago ta erneago jokatuko zitazkian; baña mendizaleak artean itzuli gabeak ziralakoan, zabar eta arduragabe zebiltzan.

        Urde zikiña, alena —oiugin zun Balendinek sasiartetik begiak zorrozturik eta Malentxogana igesegin nai zion zakurrari lepogañeko larrutik eutsiz.

        Gogoak eman zion antxe bertan lepo-zintzurretik elduta, pizti nardats bati bezelaxe, mutillari burua zanpatu ta lertzea. Ordea, Malentxori kalterik ez erakartzearren, lurrean josi zitun oñak ordukoz eta andereño lerdena etxeatzetik barrura sartu zala iduri zitzaion garaian, eskupean indarka zeukan txakurra askatu ta sagasti-baztarretik ezkutuka zijoan mutilla beatzakin erakutsiz, «xaxa orri, Lau» esan zion.

        Ekiñala bizian zalapartaka oldartu zan zakurra gainbera tximista bezain azkar eta arek gibelaldetik egin zion erasoari eusteko beste ez izan-da, sasiartean txinbulika erori zan Zito, zakurraren aginpean. Aiek izan ziran orduan mutillaren aieneka ta istilluak!

        Ordukoz naiko zigorra izango zualakoan, seska artetik irten zan Balendin eta zakurrari deiegin zion. Soñekoa arrataz beterik eta errenka zutitu zan mutil ozkatua, oiuka. Balendinek, ordea, zapotzar bat izan bai'litz baño jaramon geiagorik egin gabe, betoker eta mintzo legorrez esan zion:

        —Galtzori oetxez ditu besteren salean nolanai ibiltzeak.

        Eta oiuka ta zotinka ari zanari begiratu ere gabe, etxealdera zuzendu zan.

        Bien bitartean, iñularreko arginabarrean bilduta, aldapa-beera zijoazela, alkarrizketa au zerabilkien apaiz jaun Martinek eta Agerrek:

        —Zerbait iri azaldu bearra zeukat. Ezpaiak lotu natxeok, ordea, orain arte; baña adiskide onari dana esatea zegokidak, naiz naigabea sortu nere biotzean —jaulki zun Agerrek.

        —I autan bezelako adiskide leialagandik letorkikedana, nere onerako izango dek-eta, esaidak ire azaldubear ori.

        —Ire illoba Malentxoretzazkoa dek.

        —Zer da, ba? Kezkaturik naukak.

        —Mutil bat zebilkiok ondoren eta, marmarrak dionez, anbat ez dek izango mutil ori zuen sendiarterako egokienetakoa.

        —Etxekoa izaten dek olakoetan ezjakiñena ta ez natxekian ezertxo ere. Zarautztarra al-da mutilla?

        —Ez, erbesteko udalditar bat baizik. Bere amarekin bizi dek, baña isil-misilka belarrira ixuri diatenez, anbat izango die sendi orretan zerbait lotsaz ezkutatu bearrekoa.

        —Noiztik ete-dabiltza alkar aituta?

        —Lagun ezagutuberriak ez dituk izaten baztarzale; bai, ordea, maitale zarrak.

        —Jakiñaren gañean naizan ezkero, lenbailen buruzkatuko diat arlo au. Bien bitartean, bildu ezak sendi orretzaz jakin ezakekan dana.

        Ontan, Inurritzako eleizdorreko ezkillaren danga-otsa barreatu zan ibarzelaian eta inguruko mendiak eta itxas-arkaitzak berriztatu zuen geroxeago oiartzuna. Iñularreko Agur, Maria esan ondoren, Dorronsoroko atadian bereizi ziran alkarrengandik adiskide biak illargi zerbelaren argipean.

        Pozik etxeratu zan Agerre, biozpean eztenka zebilkion naigabea ustu zualako. Egin zuana egiteko, azaldutakoa baño geiago ere ba-zuan oraindik, nunbait, kolkopeko osiñean. Etzan, ba, gizon ura berriketari ariña.

 

aurrekoa hurrengoa