www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Uztaro
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Uztaro, Tomas Agirre Barrensoro. Editorial Vasca, 1950

 

aurrekoa hurrengoa

IV
MALENTXO DONOSTIN

 

        Urtearen aroetan ez al-da zoragarriena Udaberri? Goizaldean agertzen zaigu ederren lorea ere, gau-intzak ixuritako zidar-pitxiak eguzkipean dizdizka dituala. Nola izan ez bereolaxe, Izadik dun lorerik ederrena ere?

        Umearoaren muga gainditu ondoren, gaztearoan, lorekusku jaioberria bezela, orrizabaltzen danean, da emakumeñoa kilikagarrien; giza-eskuk egundo ukitu ez duen zitori zuria baitirudi ordun gazteño lilluragarriak. Garai ontan egindako garbi-eskeintea ta maiatz-lorea bezain atsegarririk bai ete-zaio besterik ezer Jaungoikoari?

        Aterañokoan amestu izan ez dun ibilbidea datorkio batpatean, amabost urtedun danean, emakumetxoari. Ordun asten dira esnatzen lenengoz sen-zirikak eta biozpeari ziztaka ekiten. Orduantxe izan dezakee guraso erneak alabatxoaren geroko joeraren berri. Soñaren itxuraldatzeaz batean, aldartea ta gogoa eraberritzen zaizkonean. Mendu berri batez izaera txertatzen danean. Nork igarri lezakio ordurarte zuzenera ala okerrera joko dunentz? Bein aro ontara ezkero, ordea, ez da ain gaitza, jakintza ori gogo-igarle oituarentzat.

        Amabost urte zitun Malentxok bete-betean, Donostiko Ikastetxera joaten asi zanean. Bere amaren babesean eta osaba Martin apaizaren begipean ardura aundiz azia izan-da, erri txikietan azten dira neskatxo geienen antzera, etzekian gaiztobideetakorik ezer.

        Lenengo aldiz usategitik irten dan usakume ikaratia bezelaxe joan zan Donostira. Miruak, ordea, ollandatxorik zurienari erantsi oi dioe aztaparra. Baita urietan ibiltzen diran sapelaitz gaiztoak ere. Neskañoetan ederrenak eta tolesgabeenak esnatzen dute bizikien urietako piztitzarren iretsibearra.

        Ez omen da amabost urteko neska itxusirik. Beste edergarririk ezpalue ere, giza-begiari eder baño ederrago deritzaio gaztetasuna. Garai artan Malentxo zan bezain lirain eta eder, gutxi izaten dira, orratio. Izadi osoa eder egin zun Arek, or-emen bildu al-izan zitun eder-zipirztiñak egotzi ziozkala esan gentzake: Uztargiak ditun argibitxirik bizienak Malentxori aurpegira ixuri ziozkala esan bear.

        Edertzat etsi zun Jaungoikoak Ebe atsegintokian. Bai ote-zun arek Malentxok erakutsi e'tzezakean edertasunik? Arekin batean atsegintokian lotsarik gabe ibiltzeko laingoa ba-zala ziosaen, beintzat, ikusten zuenak.

        Alkarren antz aundia zuen aurpegian Libe eta Malentxo aizpak. Ez, ordea, tankeran, ez gogoko izaeran. Txikitandik bereizi ziran bien joerak. Esanak eta iritziak, astiro neurtu ondoren, jaulkitzen zituana zan Libe. Eguzkiaren ibillira errazki zijoan lorea, berriz, Malentxo. Baetik ura ixurtzen dan bezelaxe zijoazkion oargabe biozparrengo ezkutuak. Etzuan tolesik, ezta ere gandurik biozpekoak, emakume erneari dagokionez, estaltzeko.

        Eskurakoia ta otxana zan Libe. Malentxo, berriz, sua bezelakoxea; txinpartaren jeikikoa. Esirik ez jartzekotan, irakin dun ura bezela, ontzitik igesika noranai zijoana. Gurasoen ardurapean iraun artean, eta erri txikietan bizi diranean batezere, ez due onelako neskak ainbesteko galzoririk. Urietakoak, orratio, errazki lijoazkie gainbera irristaka ondamendira.

        Udazkeneko egun batean eraman zun bere amak Malentxo Donostira irakasletzako ikasketak egin zitzan. Ustegabean pitxi dirdaitsua eskuratu dioten aur zorabiatuaren antzera gelditu zan neskaño xaloa urian bere buruaren jabe. Aste osoa Donostin egin ondoren, larunbatetan itzultzen zan bere sendiartera urrengo astelenera arte.

        Ernani-kaleko etxe zuri batean, irugarren oñean, zegon Malentxoren bizitokia ondartzari ta Kalare donearen ugarteari buruz-buru. Eguteraldekoa ta alaia zan, benetan, aukeratu zioten etxea. Udaberrian, batezere, etzezakean urretxindor batek ua baño egoa-begi zoragarriagorik aurkitu bere maite-xintak ixurtzeko.

        Naiko lana izan zun Malentxok lenengo egunetan bere logelatxoa apaintzen. Emakumearen eskuak eder-tantorik egotzi ez lezakionik ez da ezer. Izan ere, ez du bear utsunerik neska lirain baten logelak. Arduratsu ta arretaz txukundu ta apaindu zituan xokogune guztiak; baita bere ikasliburuak eta garbiketa-tresnatxoak eratu ere.

        Urrin-samar zegon irakasletxea bera bizi zan lekutik; alere, egunero ibiltaldi luzea egin bear izan arren, pozkiro ekin zion bere lanari. Irakurlearen jakinmiña zirikatu lezakenik ezer etzitzaion gertatu lenengo urtean.

        Eguerdialdean, etxera zijoanean, lotsagabe begiratzen zioten kalean oztopatzen zitun mutil gazte askok. Beste norbaitzuk, berriz, ausardiroago urreratzen zitzaizkon; zerbait esan ere bai. Onelakoetan, oinkadak arinduagotuz, ezer entzun izan ez baibezela, lore-ixurtzalleai begiratu ere gabe, bideari jarraitzen zion. Lotsa gorria zemaioen, lenengoz, mutil ariek zesaizkoenak; entzunago ta gutxiago, ordea; geroago ta ezerezago, orratio.

        Errenderiko neska bat izan zun bere lagunetan barrukoena bigarren urtean. Txoroska askia ta tuntuna zan, neska au; eta Malentxok izan zezakean lagunik okerrena bai, noski.

        Ondartzaburuan dagon dantzatokira eraman zun arek iñular batean Malentxo. Ango musika naasigarriak, ango dantzaldi lizunak eta mutillen agoetatik entzun zitun ausardikeriak, labea bezela, sutan jarri zioten buru-barnea. Etzuan, agian, loaldi aundirik egin gau artan. Biurrika ta zurrunbilloka zebiltzkion irudipenean «La Perla»n alkarri loturik ikusi zitun neska-mutil bikoteak. Orduezkero, geroago ta gogozago ta sarriago joaten zan dantzaldietara.

        «Nere etxekoak ba'lekie...» —esan zun aurrenengoz kolkorako; baña etzuan izan, bear zan biotz-damurik.

        Egun batean, irakasletxetik bere bizitokira zijoala, mutil gazte batek irriparka agur egin zion eta luzaroan atzetik begira jarri zitzaion lotsagabe. Urrengo egunean ere toki artantxe bertan egin zun mutil arekin oztopo. Ezpainartean irribarrea zarabilkilla ondoratu zitzaion mutilla, ta, agur egiñaz, aldendu. Lenago ere ikusi zun Malentxok aurpegi uaxe nunbait. Zertatik ezagutzen ote-zun? Goraintziak piztu ta itzali buruanzebiltzkiola, ara nun sortu zitzaion batbatean argi-izpia. Bein baño geigotan ikusi izan zun Zarautzen aurreko udaldian mutil uaxe; ango neskatxakin ta udaldiarrakin dantzatzen ibiltzen zan maiz enparantzan.

        Irugarren egunerako, bigundu zitun zerbait Malentxok bekainarteko zimurrak. Begipeko irriño biguñakin artu zun mutillaren agurra. Eiztari ikasiarentzat igarbide zeatza zan neskaren begietako irriñoa. Ara gazteluaren ormak arin zirrikatu ta zartatu; ara biotzeko izotza bereala urtu. Bein orrera ezkero, gainberakoa izan oi da, eiztarientzat, gañerako lana.

        Egun arietan Donostiko ostikolari-taldeak ostiko-txapelketa irabazi zula-ta, aundiro ospatu zuen donostiarrak gertakizuna. Dantzaldia izatekoa zan iñularrean Boulevardeko enparantzan, baña euriak eragotzi zun gau-jolasa. Ez kendu, orratio, gaztediari bein amestu dun jaia; bereala aurkituko du beste nunbait galdutako jolastokia.

        Kontxako uztaia zearkatuz, «La Perla»ra dijoan neska-mutil erreskadak ibai-ibilli biurriaren antza du. Alere, errazki iresten ditu, eldu-ala, areto zabalak ibaiak aora daramazkionak. Ordurarte salduketa-lanetan jardun dan denda-otseña; titarez jostorratzaren begiondoa ainbeste bider bultzakatu dun jostuna; betazalak erre arte begiak zorroztu bear izan ditun landolaria.

        Araxe dijoaz Malentxo ta bere laguna ere. Arnabarrezko zurubietatik beera jeisten asi diranean, ua da ikusgai zoragarria begietaratu zaiena! Ua da jendetza! Goikoaldetik begiraturik, beeko solairuan oñak irristaka labainduz, alkar-loturik dabiltzan bikoteak, sapaiko argiontzi dirdaitsuen argirik ezpa'letor, Akelarreko arpeetan zoro-dantza duten sorgin-taldeak iduriko lukee. Ainbestekoa da ango jirabira ta iskanbilla!

        Aretora sartu zanean, egun arietan nunai agotik agora zebillen musika ezaguna entzun zun Malentxok. Musika arek eragin zion biotz-zarraztara, nola eutsi agopetik irtenda, gañezka zijoakion poz-oiuari? Eskillaratan beera lasterka zijoala, burdinaga-ondoan zegon mutil batenakin egin zioten oztopo begiak. Norbaiten zai zegola zirudin mutil arexek. Begiztatu zuanekoxe, erne ta bigunki agur egin zion neska ederrari.

        Dantzaten asi bezain laster, ara nun dijoakion mutilla beste lagun batekin. Nola uko egin, irribarrea ezpañetan dula, baimen-eske urreratu zaion zalduntxo garatuari? Esku atsegiñez kiribildu du arek besoakin gerriondotik eta bekoz-beko, begiz-begi, bularrez-bular, dantzari ekin diote solairuan leunki oñak labainkatuz. Sua dario mutillari begi bietatik. Neskatxa, berriz, zalduntxoaren besoetan bildurik, kabiondoan sugetzarrak bigurritu dun txoriñoa bezelaxe dabil: zorabiatua, naasitua, matail-gañetako sukarra itzali eziñik.

        —Zure begi ederrok ain nere urrean ikusteko aspalditik izan dedan gogoa —ixuri zion mutillak mintzo bigunez belarrira, dantza-bitartean.

        —Gezurrak egoki esaten ba-dakizu, beñepein —erantzun zion Malentxok maxioka. —Nundik nora ezagutzen nazu, ba?

        —Bein Zarautzen, zuk oartu ere gabe, ondoan egon nintzatzun luzaroan begira. Ordutixek dauzkat zure begiok nere buruan josita.

        —Ajaja...! Etzaite, ba, orrenbeste zoratu. Itxuragabekoa litzake zu zeran adiñeko zaldun batek ni bezelako neska bategatik burua ain errazki galtzea-ta.

        Biziro gezurtatzen zion, ordea, biozpeak, parrealgara-artean ezpainak agertu nai zioten ajolarikeza. Bestelakoa erakutsi nai izan arren, atsegarri zitzaizkion aren biotzondoari mutillak belarrira ixurtzen zizkion itz eztiak.

        Ain zuzen ere, eroki dantzatzen zan bitartean, txint batean joan zitzaizkion ordubete ta erdi. Konturatu zaneko, bederatziak ziran: etxeratzeko garaia, alegia. Orduan izan ziran aren estuasunak; orduan lenbailenka etxera-bearrak; berandu etxeratu zalako, zerbait esango ote-zioten bildur zan, ba. Dantzatokitik irten ziranean, bere etxeraño lagundu nai izan zun mutillak Malentxo; baña ezagunen batek ikusi zitzakealakoan, bazterrik bazter ibilli ziran; eta, andik asko urrindu baño len, egin zioten alkarri azken-agurra.

        —E'nagizu araño lagundu, norbaitek ikusi giñazke-ta —esan zion Malentxok.

        —Tira, ba. Zure guraria ala ba'da, zoaz bakarrik. Aurrerakoan, lagunik onenegotzat artu al-ziñeiket? —galdegin zion arek eskutik ibillia eragotziz.

        —Ene, Jesus! Bai azkar ibilli nai dezula! Urrengo batean erantzungo diot zure galdeari; ezpai det orain erantzuteko astirik. Bildur naiz nere etxekoak aserretuko ote-zaizkidan, ain berandu noalako.

        —Biar bertantxe bear det, gero, Malentxo gaixto, zure erantzuna. Biar eguerdian, irakasletxetik etxera zoazenean, ikusiko degu berriro alkar. Ordurarte, Malentxo lirain...? —itaundu zion muzinki mutillak.

        Azkeneko itz oneik jaulki zitun bitartean, eskuen artean estutu ta laztandu zun maiteki Malentxoren esku xaloa. Gero, erdi toteldurik bezela egon zan luzaroan, arinka ta jauzika zijoan neskatxa liluragarri begira.

        Etzan, agian, gizaseme bikaña mutil uaxe; baña, alere, neskatxen artean gainbera ta ollarra bera baño ere jeikiago ibiltzen zekiana, bai. Bereala zorabiatzen zitun neska buruariñak aren ausardikeriak eta azpiko mintzaerak.

        Belearen ipurtaldea baño beltzago zitun buruko illeak eta sudurpeko ille-mordoska erneberria; sagarbeltza bezaingoa, berriz, aurpegiko azala. Begiak, orratio, masusten parekoak izan arren, betzuloetan, oitura zunez, dirdai-jarioka jirabiratzen zitunean, utsa adiñeko ziztada eragiten zien neskatxen biozpeari, arrano pola! Ortixek zetorkion, nunbait, emakume txoroak zorarazteko indarra.

        Amaika ixeka ta maxioka aragin izan zien, beñola, mutil onen izenak eskoletako umekondo biurriai! Olakoetan, ordea, ezer ezin zezakeala igarritakoan, katu ostikotua bezelaxe, zokondora urbiltzen zan makurka. Kontu izan, orratio, aren ustegabeko atzamarkazko eraso zitalari. Leon Bravo Picó ziran mutil onen izen-abizenak eta ara nola zegioen deadar mutikondo lotsagabeak adarjoka:

 

                A León Bravo Picó

                una mosca le picó,

                pico-pica, le picó

                y Leoncito se murió.

 

        Demorriozko maxio madarikatua! Sualdiak kiskaltzen zuan olakoetan buru-konkorretik beatzetaraño Leon gizajoa. Barrenaldia irakitan, begietatik txinpartak zerizkiola, amorrualdiak gainduta, aginka ta ostikoka erasotzen zien bere lagunai. Txikituko zitukean, al-izan ba'lu; ausiko ziekean burua, bere eskura egon izan ba'litz, zartada batez. Baña ukabil sendoak bear ziran orretarako-ta, bere ezin utsean, irain loiak agotik zeriozkala gelditzen zan zotinka.

        Bein, ordea, mutilkoskoak axeka gorrian zebiltzkion batean, maxiolariai eraso zienean, beste norbaitek oñez-oin jo, ta estapurutzean lurrera jaurti zun zerraldo. Sudurretik odola barbarka zeriola zutitu zanean, ua izan zan ikusleen parrezka lertu bearra! Ua parre-karkarari eutsi eziña!

        Negarrez minoiuka joan zan etxera gure mutilla. Baña, bai al-dakizue nola ordaindu zun Lonek urrengo egunean, egin zioten biurrikeria? Aurreko eguneko maxiolaria ormagain batetik jauzi egiteko zegoalarik, atzetik ixilka ondoratuta, bultzada batez buruz bera bota zun ormagainetik eta besoa ausi zion. Urrengo batean, berriz, jostorratz aundi bat erdialderaño sartu zion atzekoaldetik, oargabean, beste mutiko bateri.

        Arrezkero, etzirala txantxetakoak Lontxuren zigorrak-eta, pakean utzitzen zioten mutilkoak aren ateraldi gaiztoen bildurrez. Mertxilla ta belaxka-itxurakoa izan arren, zimela zan mutilla. Izena zerbait bigundu ta gozatzearren, «Zito» deitzen zion bere amak «Leoncito» laburtzetik. Ala izendatuko degu guk ere aurrerakoan.

        Orain amabi urte, eratsi zun nunbaitetiko egaldia Donostin Zitoren amak, bere seme bakarraz beste, sendikorik etzula; baña emakume zirikatzalleak eta jakinmindunak etzuen argitu sekula nundik nora ibillia zan emakume au Donostiratu baño len; etzuen egundo aren gaztetangorik ezer jakin. Mingain gaiztoak ziosaenez, lotsa zemaioken zerbait ezkutatzen zun arretaz bularpean. Zertatik, bestela, bere bizitzazkoak ainbestean ezkutatu ta estali bearra? Etzukean iñork aren agotik txintik aterako iñola ere.

        Donostin egiten zun emakume onek negualdia, baña udaldiaren atean, Zarautzera jotzen zun. Ango ondartzaburuko jauregitxo batean bizi izaten zan udazkenerarte. Eskuartea ba-zun, itxuraz. Ala salatzen zun, beintzat, zegian bizitza lasaiak eta nunai agertzen zun apaindasunak.

        Ogetabost urte zitun Zitok gure edesti au asten dan garaian eta bere amak berrogeta bi. Emakume ederra zan, artean; eta, urteen buruz, gaztetango dirdaitasun aberatsa zerbait gandutu ta lausotu zitzaiola irudi arren, etzizaizkon agortu artean lengo edertasun-kondarrak.

        Berorrelaxe adierazten digu etzinaldera dijoakigun eguzkiak, illunabarreko zear-izpien bidez, bere eguerdiko edertasuna ta urre-dirdai itzalia. Ardura aundiz zaiten zitun beti, zirudianez, emakume onek soñaren egokitasunari zegozkion txukundubear eta apaindubearrak. Bere burua noizbait aundiro eder etsi izan zun, noski.

        Zijoan tokira zijoala, bere seme bakarra izaten zun bere ibilaldietan eta irtenaldietan lagun; etzezakean, orratio, zearo itzali bere atzetik uzten zun marmarra. Arlo ontan, eiz-txakurrak baño, usnatzalle zorrotzagoak izan oi dira emakumeak. Bai al-da ariek usaindu ta usmatuko ez lukeenik ezer? Ez omen zan bear bezelakoa Zitoren amaren ibillera; ez omen zan bear zan bezain agirikoa aren bizitza. Ara emakume berriketarien jardunak eta marmarrak or-emenka ixilka ixurtzen zuena.

 

* * *

 

        Lasterka bizian eta binaka gainditu zitun Malentxok bere etxeko eskillarak, berandu zijoalakoan. Arratsalde artan, ordea, ostikolari garaitzalleen bidera irtena zan Donosti osoa. Iritsi-berria zan, artean, etxekoandrea ere-ta, garaiz etxeratu zan neskatxa.

        Obe. Igarriko ziokeen, bestela, etxekoak matail-buruetako sukarra ta kiskaltasuna. Ez uste, gero, eskillarak lenbailenka igobearrak piztu zionik matailletan zeramakin sua; leendik zekarran naiko sukarra, arraietan!

        Apalondoan, ikasketari, oi bezela, burua lotu bearrean, leio-oñari besoak egotziz egon zan gauerdirarte.

        Gaugiro atsegiña zegoan. Iñularreko euri-erauntsia atertu orduko, zearo garbitu zan ortzaldea ta zidarrez zipirztinkatzen zitun illargiak inguruetako mendixken kaskarrak. Ortze-zear zebiltzan laño-mordo zuriskak noizbeinka estaltzen zioten illargiari aurpegi zerbela; baña aizearen ufada indartsuak bizkor zeramazkin berriro alderen-alde mendiburuen gibelera artilezko pirrinta zuri ariek. Bitarte artan, zeruan ñirñirka ziarduen izar dirdaitsuak. Kiñuka ari zirala zirudin, sorgin gauzaleen begiak iduri, Igeldoko argiak.

        Atsanka bizian dabil, berriz, Kantauriko itsaso menderakaitza arkaitzondoekin burrukan. Eztira oraintxe asiak zeingeiagoka arerio oek biak; ez da, orratio, aserre-burruka orretan orainartean garaiturik izan. Tinko diraue arkaitzak; ermo darrai itxasoak arkaitz-erroetan aztaparrakaz atzamarka. Ez da or, ez garaitzallerik, ez garaiturik.

        Illargipetik noizbeinka igarotzen diran laño zurien antzo, dijoazkio Malentxori irudimenean oldozkunak, bata bestearen atzetik. Itxasaldera zuzentzen ditu begiak. Ez dakuse begiok, ordea, ezer. Buru-barnean irakitan darabillkin beste zerbaitek lausotzen baitio begiratua.

        Orma-kakoetan aztapar zorrotzez mats-aiena josten dan bezelaxe, isatsi zitzaion, arrezkero, Malentxori gogoan Zitoren irudia. Maizagokoak izan ziran, orduezkero, mutillarekiko ikusaldiak. Eta, bein neskañoak biotzeko ugaldeari ateak zabaldu ezkero, nola lijoazkioke atzera esira, gainbera parrastaka amildutako urak?

        Orrez gañera, ezkutuko maite-jolas oetxek dira gaiztoen eta zirikatzalleen. Itxasoaren urazpiko etorri indartsua dan bezela. Ustegabe zintzurrean kiribilduz, maidirapera sartu zaigun sugea bezelaxe.

 

aurrekoa hurrengoa