Zu zara...
BOST
Agur esatean biak sentipen esplikaezin baten mende geldituko ziren. Gau hartan etxe ezezagun batetan barna sartzera zihoazela sinesturik egonaz gero etxearen ataritik itzul beharrean aurkitzea bezala zen. ltzultzeko ordu larri hartan, frustrazioa elkarri disimulatu ezingo zuten bitartean, kuestio xelebre bat planteatuko zitzaien berriro, erabat abstraktoa zenez esplikatzen asmatuko ez zutena. Erabaki behar zuten enpeino imajinario guzti hark realitaterik ba al zukeen, etxe enigmaz bete hura zer litzatekeen, indar inbisible haiek asmakizun ero besterik ezer ba al zitezkeen. Eta azkenik deklarazio publiko antzekoren bat egin beharko zuten beren gogoetan esanaz bezala, bai hau guztia biziera berri baten hastapena da, edo, ez hau guztia ilusio alfer bat besterik ezin daiteke izan. Trantze soluziogabe hartan hainbeste aldiz jausiak zirenez gero ez zuten izango betarik egoera haren rekapitulazio objetibo bat osatzeko. Azkenean sorteari galde beharko zioten dilemaren erabakia.
Senarra alabak iraultzarekin konplizitatea eta eguneroko zereginekin bere bizitza kunplitua zedukan. Berak ez zuen inoiz espero izan irudi hura, bera ohartu gabe aurkitu zen zeharo haren mende. Hasieran inpresionatu egiten zuen gau eskolako orduetan aboz grabe eta begi berde haien atzetik zegoen edertasunak. Laister hasi zen arratsero bere barnean aboz eta aurpegi hura sentitzen. Gorputz ezezagun bat gero eta bortitzago nabaritzen zuen beraz jabetzen. Gorputz haren eragina ametsak ere inbaditzen hasi zen. Konturatu zeneko ezin zen iadanik gelditu edertasun neurrigabe haren gorputz gaztea kariziatzea imajinatu gabe. Ordurako berandu zen. Kasikan beldurra ematen zion gorputz maitagarri hura bere baitan sentitzeak, hain zitzaion sakratua debekatua. Baina inoiz berea izango ez bazen ere haren irudia beragan egon zitekeen.
Goizeko argiaren etsian irudi hura ordurako ezinbestez joana bazitzaion ere agur esan aurretik artean gorde egin nahi zuen presentzia debekatu haren ikara eta ihesa. Gero eta azkarragoa zen ihesa, bazekien iadanik ez zedukala ezer konserbatzerik, baina urrunean erabat gal zedin arte jarrai nahi zion. Nola desesperatzen zuen ezin konpreniak. Artean melankonia amaiezin huraxe entzungo zuen, ezinkizun bete huraxe zegoen asperenka, bere barrena okupaturik eduki zuen gorputz miragarri haren irudia ihes eta ihes zihoakion bitartean.
Artean heriotze hura alimentatzen zuen ezinbestez, gordetzen zituen indarrak heriotze haren azkeneraino joaten bakarrik asma zezaketen, irudi hura gordetzen ahalegindu besterik ezin zuenean. Ez zaite joan otoi ez zaite joan nere gogotik, altzatzen zitzaion bularrean erregu besta. Zergatik hain erraz edonor gerta zitekeen bere barrenaren jabe. Ebakiren baten zehar bere baitan norabait eramana sentitzen zen, beharkizun derrigorrezko haren esku kupidagabeetan guztiz idekirik biluz defensagabe.
Haren galderak zein alferrak ziren. Nitaz egin duzun irudi hori gabe asmatuko al zenuke ni maitatzen, irudi horrek lilurarik gabe erotuko al zinateke nitaz, zure ametsetan nahas izan ez banintz nere beharrik izango al zenuke. Arazoa ez zela maitasuna, ez zekiela garbi zein zen arazoa, ez zekiela artean non egon behar zuen. Haren hitz distanteek ez zuten inoiz bere desira estasia grina agonia zulatuko.
Nere begietan zehar erori zara. Nere baitan guztia ikutzen duzun irudi bat zara, sentipen denak arnasaz betetzen dizkidazu, gozamena agurra antsia batera altzatzen dizkidazu, galdetzen dut zure irudia zurea ote den ala aspaldidanitik nonbait nigan zai zegoen. Indar derrigor bat zugana bultzaka dago, nere indar guztiek irudi batzuen mende daudela dirudite, irudi bat ezezik zer zintezke bada zu nere gogoan, akaso ritmo bat, indar inbisible bat, nigan aspaldi galdutako promesa bat. Zure begietan zehar etorri da geldiro hilargi zuri isil maitagarria baretasunean guztia hasierara itzuliaz. Nigan zehar joan zara ideki dituzu ateak ez dira hertsiko. Zu zara, enajenazio bat, adorazioraino bultzatzen.
Eta badirudi kasikan ez zaidala inporta zure amodioa, beste ezerk baino gehiago nere bizitza zuk dardaratu baduzu ere. Zure gorputz gaztearekin hain beste erotu nauzu, nola esango dut ezer, begira itzazu ezinezko jesto nereak, nigan dagoen zureganako emozio hautsiak ikutu ahal bazintu. Gaur gauean nerea izan zaitut, eta zure besoetan zure historian zure hilargian galdurik ezinezko plazer neurrigabera hurbiltzearekin bat zuregandik inoiz baino urrunago uzten nauzu, badakit ezingo naizela zugan gelditu. Nola esplika diezazuket ezer orain agur bakarrik esan dezakegunean eta edozein hitzek esanahi hain desproporzionatuak har ditzakeenean. Eta bazirudien orain isiltzera behartuak geundenean izango nuela azkenik zerbait egiazkorik esateko. Zure inguruan biraka dabilen sendimendu eta lilurazko desio derrigor honen alfertasunak erabat bentzutu nau, ez al da oraintxe lojika ezagungabeaz egitazko biziera konprenditzeko ordua, sorteak ez al digu hementxe erantzungo baietz.
Baietz esango duk, hauxe duk eskribitzeko ordua entenimendua gozamena non hemen baino gehiago ezinbesteko legeak jarraitzen ari haiz pauso bat ematen duk bortitzago haiz mundu posibleak eskuratzen dituk berriro hitz batzuri kontenidoa eman hiezaieke baieztapen hortatik zintzilik zegok mundua zabaltzen dituk eskuak ezer ederragorik ez duk inoiz gertatu. Hire haurtzaroa konprenditzen hastean inoiz baino heureganago joan haiz, egitan zirudik behingoz egun baten atariraino iritsi haizela eta zerbait berria bizitzea espero dezakeala.
Zu zara, isil zintezke, badakizu nor naizen, zure besoetan etzaten nintzen zure espirituan galdu nintzen, ez dizut izenik jarriko, lur hau zara edo zeru urdin hutsa edo aurpegi bat edo denbora kunpligabea edo hitz esanezina, beti nigandik eskapatuta egondako hilargi bat zure desira nigan utziaz, nere begien aurrez irudi batetan gauzatu nahi zara, hitz guztiak ahaztuerazten dizkidazu, memoria haustera behartzen nauzu, ilunabar bilutsaren ederrera itzuli ninduzun, itsasoaren aurrez dantza eroan jarriko nauzu, atsegin beteezinez ondoratzen natzaizunean hitz obligatuak ezpaineratzen dizkidazunean oraindik erre-usaina sumatzen ezinbestez sentitzen zaitudan bitartean musikaz eta irudiz estal zaitzadan ahalegintzen zara, musika eta irudietatik biluzten zaitut, azkenean beti zure edertasunari entrega beharko natzaio.
Zu zara, ez zaitut ikutuko, zutik zaude nere aurrean, bularrak erakusten dizkidazu, ezer ederragorik ez dut inoiz kontenplatu, nere begietan kariziatzen ditut zure bi borobiltasun eroriak, bien artean formatzen zaizun zelaia itsasoa da, hain zara naturala fina paregabea ederra, zure begi isilengatik ez balitz ezingo zintuzket karizia, hain zara zoratzeko, ezingo zaitut ahaztu ezingo zaitut ahaztu.
Zu zara, ez duzu bizitzarik nigandik aparte, nigan ez bazeunde bezala bilatzen zaitut, zuri begira nago asperezinik, nere begien aurrez gauzatuko bazina ere ezingo zinduket irudi batetaz jantzi, kabidarik ez duzu nere eskuetan, guztia mezpreziatzen duzu, ezin nauzu hain urrun utzi, zu zara beste erregurik ezin dut aurkitu, zu zara.
Ez zituen konfundituko momentuak, ez zuen eskusarik jarriko handik ihes egiteko, hantxe geldituko zen, ez zuen galdetuko ilusio baten esperoan ote zegoen, hura ez zen zai egote bat, egoera hartan zegoen. Bere nahia ez zen berdina, mugaren bat hautsi zuela iruditzen zitzaion. Iluntze hartan ahalmen bereizi bat zegoen bere baitan. Desira bortitzaren eragipen geldia, edozer egoera posible zelako sentipen konfundiezina.
Ez zen denboraren tranpan eroriko, egoera haren osotasunera entregatuko zen. Bere sortearen ajolagabeziara iristea posibe balitzaio bezala, finalidade guztitik aparte testigo guztietatik urrun, irabazpenik gabe bere burua erretzen ikustearen plazerragatik, edertasuna gozamena irrifarra noraino iristen ziren esperimentatzearren. Zerbaiten bukaera zen, nolabait denboratik kanpo zegoen, guztia gelditu egin balitz bezala egoera haren presentzian. Indar ezkuturen batzuen zentroa konbertiturik, berriro posibletasun guztien jolasa sortea presentzia. Ez zuen asmatuko esplikatzen, baina sorte ahalguztidunari aurpegia emanda aurkitzen zen, ez zegoen kondenarik gozamen kondiziogabe hartatik aparta zezakeenik. Bakarrik konprenditze elemental huraxe gordeko balu, arrisku mugaezin hartantxe enpeinatuko balitz, bizitzearen gozamen arrazoigabeari oztoporik jarriko ez balio.
Ansietate zuriarekin nahasturik ere guztia berriro hilargi palidoaren argi miresgarria itzultzen. Ez da inoiz argi lilurakorragorik erreflejatu. Egonleku honetan hitz guztiek gauza berdina signifikatzen dute. Argi hau pertenezitzen zaigu.
Hurrengo igandean mendira igoko da. Urtearen azken eguna izango da, eta udazkenari ihes egindako eguzki gorri epelak polarizatuko du zerua. Eserita egongo da goian lurraren itsasoaren eta eguzkiaren presentzia orokorrean. Lurra, ura, haizea. Bere gaztaroko ritoa datorkio gogora. iruditzen zaio egoera hartan guzti hura adora zezakeela.
Emozio estrainoa, ez du ezer signifikatzen, ez da ezergatik sortzen, ez du formarik edo neurririk, beste gabe intensitate gozatu bat, ezertara ez doana, beragan akabatzen dena.
Momentu haietara iristen zirenean mundu posible guztiak puntu batetan biltzen zitzaizkien. Egoera bestelako hartan ez zuen inporta hitzak edo imajinak edonorengandik jasoak izanak, konozimendua ezin zitekeen hain zehatz bereiz, egitan inportantziazko beren gogoen aktibitate esplikaezin huraxe zen.
Beste egoera hartara itzulia zegoen, bere baitako aktibitate bat bezala sumatzen zuen armonia erraza konprenditze minimoa edertasun arrazoigabea. Ezin zezakeen esan gauza guztietara hurreratzen zuen esperientzia elemental hura irrazionala zenik, arrazoitik intelijentziatik haruntzago baizik. Izan ere bere nortasunaren historia laburra bi egoeratan bana zitekeen; etsipena, esanaz gorroto dut jaio izana; eta beste egoera hura, ahaztutako izate orokorragoaren presentziara itzultzen zuena. Bazirudien bere lehen haurtzarotik batak bestea sostengatzen zuela.
Geldiro geldiro guztia argi ezezagunaren reflejoak ikutzen, artean harriturik nola bizirik itzuli zen hainbeste jakinduriatik hainbeste kondenaziotik, destruzioaren deskribatzeak kreatzaile bihurtzen zuen.
Oraindik-ere-ekartzen-dizkidazu-aurpegiak-arratsak-mugimenduak-hitzak-senti-zaitzaket-zure-bila-erropak-kentzen-dituzu-biluztutzen-naiz-azala-iku tzeraino-beti-zure-arnasaren-atean-musika-baten-musikaz-kolore-baten-kolorez-pausatu-pausatu-aurpegiak-arratsak-mugimenduak-hitzak-haruntzago-gelditzen-zara-hementxe-dago-karizia-baten-kariziaz-ikutzen-nauzu-zu-zara.
Presentzia hari ez dizkio begiak itxiko. Badaki lehengo tokian utziko duela beti. Baina hantxe dago ikutzen ezinezko bihurtutako gauza guztien sekretoa. Bestela zorabio imajinario hura nola gerta zitekeen gozamen askatasun sorketa hantxe bakar bakarrik beste presentzia orotik urrun.
Alkiza/ltziar, 1975eko Udaberria.
Zu zara... |