Zu zara...
Joseba Zulaika

Hordago, 1982

 

 

BI

 

        Errazago zitzaigun ohe honetara ez etorri izana, errazago zitzaigun historia hau ez kontatu izan heharra. Orain guztia esplosio batetan lehertzera doanean gu ere ohe honetara bultzatuak. Ez dugu ia ezer konprenditzen. Badakigu hona etorriaz ez dugula ia ezer konpontzen, ezin dezakegula konpon. Gure gorputz ezkutuen testigu ikaratuak besterik ez gara.

        Ba al dakigu zer egin geure gorputzetaz. Ez zuen guzti honek zergatik izan behar hain larria. Orain dena lehertzera doanean, geuri begira izutuak, mugimendu trakets honetan sartuak, orain ez dago iadanik jarraitu besterik. Errazago zitzaigun hemen ez egotea, askatasun zerbait hau ez gozatzea, leize zulo honen barnera ez begiratu izana.

        Asperenak llantoak negarrak karraisiak arnasan begietan ezpainetan eskuetan. Hementxe gaude maitia, ez dadukagu inora eskapa beharrik. Zergatik ez dituzu erropak kentzen. Oherako ordua da. ltzal dezakezu argia nahi baduzu, berdin zait. Zure senarrarekin ezik beste inorekin oheratu ez bazara ere ez duzu horrela dardar egon beharrik. Lehen aldiz gizon batekin oheratzera doan hemezortzi urteko birjina dirudizu. Asperenak asperen luzeak aintzinako asperen zuriak emeak debekatuak dardaraz arnasan begietan ezpainetan eskuetan. Ez zaizu hitzik ateratzen. lkutu nazakezu laztan nazakezu eduki nazakezu zurea naiz.

        Lehenengo aldiz amodioa egiterakoan bezalaxe zen. Ezkontza eguneko gauaren nagusitu zitzaion. Ikara dominaezin baten mende erortzen ari zen momentuz momentu. Beso artean zedukan bere irudi ederra gaztea inposiblea. Irudi hari lehenengo aldiz entrega behar zitzaion. Beldur arrazoigabe haren zergatia jakin nahi zuen, akaso bere irudi sakratua hauts zitekeen bere mentearen erdian, edo irudi hark mezprezia zezakeen bere gorputz usatua, edo beste gabe gehiegizkoa zen amets hura osorik bere besoetan ohe hartan etzanda edukitzea.

        Bestalde bere gogoan irekiten zegoen antsia beldur emozio edertasun oro alferrikako bezala zen, amodioa egitera eta ez beste ezertara oheratuak ziren, zer interesatzen zitzaion beste guztia bere lagun maitagarriari. Gorputz gazteak nahi beste izango zituen hark. Ez al zen groteskoa izatera iristen bere amodio hura, bere gorputza eskaintzeko era hura. Eta bere buruan zedukana oraindik ere anormalagoa zen, lehendabiziko aldiz enamoratzen den hamabost urteko neskatxa bat bakarrik konporta zitekeen manera hartan, ez, hamabost urteko neskatxak ezin zezakeen desira hura ezagutu. Behin eta berriro presente egiten zitzaion ezingo zuela inoiz esplika zer ari zitzaion gertatzen. Nola hain erraz edertasun hark bere barru osoa resisti ezinez harrapa liezaiokeen, harrapatu zen hitz egokia, zeren edertasun agigantatu hari berek ipinitako resistentziak ez ziren izan nolanahikoak; dena alferrik, behin eta berriro krudeltasun hartan ezinbestez erortzen zen. Edertasun hark nola gorde ziezaiokeen hainbeste krudeltasun. Hasierako tormento hura esplikagarri bazen ere, orain bere besoetan zedukanean berea zenean gau oso batetan orain ere min emateak ez zuen arrazoirik. Irudi adoragarri hark bakartadezko etsipen larria besterik ezin zion sortu bere baitan, kasikan bere eskuekin ikutu zezakeen leizea, haurtzaroko desanparora itzultzen zuen, erabateko ezinkizunera, amaren beharrera.

        Begira ta begira zedukan berea izango ez bazen ere. Asperezinik begiratzen zion. Haren begietan zerbait deskribaezineko zegoen ezkutaturik. Haren begiak beharrezkoak zituen amodioa bere baitan gordetzeko. Kasikan ezin zuen ikutu ere, ez zekien hitz egin behar ote zion, haren begiak ezingo zituen inoiz deszifratu, haren edertasuna beti urrutira eskapatuko zitzaion. Sentipen bero estraino derrigor hura bere baitan sortzen zion. Zintzilik zedukan bere begietatik bere edertasunetik. Mundu guztia hantxe gelditurik zegoela iruditzen zitzaion.

        Jakitekoa zen begi bigun haiek hartzen zizkionean, bere izate osoa samurtasun legun bat bihurtzen zenean, eskaririk atseginena bezala presentziarik inozenteena bezala, zerk behartzen zuen enajenazio maitekor hartara. Gaurkoz hobe amodio hitza aipatzen ez badugu. Eta amodio hitza erretiratuz gero badirudi ez dela hitzik gelditzen ezer esplikatzeko. Gorputz tiki gris edonondik moztua urrunera begira bakarrik zutik zai. Gorputz motz mugiezinaren bular begi heste handituak ezin dute hitz egin. Bularreko hatsak ere ikutu besterik ezin. Bien artean sortukako gauza bat kasikan eskuekin ikutu zezaketena. Elkarren arteko engaino hura nolatan gertatzen ote zen.

        Hementxe dago oroitzapen ilun bat bezela, inoiz haseezina, antsia ezkuturen baten gordekari, edozein momentutan hitz eder guztien haustaile, egunero ahaz beharrekoa egunero sublima beharrekoa. Dena dela hau guztia gurea dela esango dugu, geu garela responsable bakarrak, ez digula iadanik nazkarik ematen.

        Izan ere elkar behar zarete, elkarren beharrik sentitzerik ez duzue nahi, gozamena elkarrengan aurkitzen duzue, elkar ez behar izatearekin lortzen duzue askatasuna. Askatasuna, gozamena —berriro hitzak. Gozatzeko irudiak behar dituzue zuen begien aurrean edo zuen gogorapenean edozein irudi, mendia bularra aurpegia euria lurra. Irudi batek zuen menteak zuen gorputz ezkutuak zuen gorputz bisibleak erabateko mugimenduan jar ditzake. Irudi hoiek derrigorrezkoak dituzuela sinestera iristen zarete, betirako zuei pertenezitzen zaizkizuela, baina gutien ustean irudi guztiak beren libertadea azaltzen dizuete, inoiz ez dituzuela egiazki zuenganatuko konturatzera iristen bazarete ere ezin duzue etsi.

        Irudien babesa, babesa beti ama balitz bezala, amak beti haur gordeko bazindu bezala, haurra beti errugabea balitz bezala. Errutik babesa kulpatik babesa kastigutik babesa bakartadetik babesa.

        Ama zuria formarik gabea handia ama zuria, titi ilun zuria handia biguna, ezpain beldurtuak dardara zuria, amaume handia kaotikoa, amarekin amarekin amarekin, ama handi zuri kaotikoa, ume amaigabea titietatik zintzilik, esnearen nazka gozoa, amamamamama eskeleto gabeko haragia zintzilik mendiak, zuria galdua formarik gabea, amaherriajainkoalurrazeruama.

        Ama, nolatan utziko nauzu, ezin dezakezu hori egin, ez al dakizu zer sentitzen nagoen, inork inoiz espresa ezingo duen bakartade hau, zuregandik aparte zerua beheraka amiltzen dago, barnean gero eta barrurago, handitzen handitzen imajina ezineko sentitze desolatua zabaltzen zabaltzen barrurago eta krudelago. Ama, ez al nauzu negarrez ikusten, ez al zara nitaz errukituko, ezer esan ahal baneza, nola bizi nindeke zu gabe. Soinu hori hortxe bete betean ez da inoiz urrunduko ama, bakardade neurriezinean ikaraturik geldi geldi etzanda nago, ez dut ezer inor ikusten, besoetatik bihotzetatik begietatik inoiz kendu ezingo dudan zerbait leher behar zait. Ezin inon ezkuta, ezin belarriak tapa, ezin melankonia atzaparrez aparta, begiak ixtea alferrik zait, odol guztia harrapatzen didan ezinezko arnasa bat zara, maldizio bat jaurtikitzeko ere kapaz ez naizela uzten nauzu.

        Ama kupidagabearen antsia, negar umezurtzaren gozo nazkagarria. Ezin zaitut gorrota, oraindik zure magalaren zai nago, zure titi epelik gabe ezingonaiz hase, hain irendurik zergatik hestutzen nauzu honela zure beso oin sabelaren kontra.

        Edozergatik kulpable sentitzen, hainbeste gauza egin edo ez egin beharrekoak, errugabeak zirela konbenzi ezinik artean. Edozein momentutan heuren gorputzen nazka esperimentatzeraino. Hain zaila zitzaien desprezioa egoismoa irresponsabilitatea norberaren gozamena inozentzia edertasuna sortearen nahia.

        Musikaren baten magalera itzul beharrean zeuden beti, karizia bat sentipen bat hitz bat arnasa bat arrats bat emozio bat. Beti norabait itzultzen jardutearen sensazioaz, baina nondik, baina nora, beti zerbaiten hasieran.

        Esan dezakegu momentu ezezagun honetan guztia sentitua izan dadila permititzen dugula, azkeneraino sentitua izan dadila desira dugula. Esan dezakegu emozio eta debilidadezko momentu intenso honetan enpeinaturik dagoela gure nahi osoa, oroitzapenak eta ainorantzak ere hemen daudela, hainbeste munduen atarian aurkitzean hementxe dagoela guztia ikaraturik. Esan dezakegu azkeneraino sentitzea permititzen dugula.

        Zerbaitek bultzatzen zituen mente hura destruitzera, lurralde ezezagunetan amildutzera, agian betirako. Bazirudien behingoz sufrimenduak ez zuela interesik, destruziotik haruntzago guztia sentitzeko eta ezagutzeko zegoela. Ez zen kasualidadea frustrazioa interesatzen zitzaiela batik-bat. Garaile guztiek zerbait irreala zedukaten beti, denbora haietan galtzea tokatzen zen. Ez zedukaten ezer ezkuta beharrik. Ezer hautsirik gertatzen bazen beldurra eta nahasmendua izango ziren.

        Interesagarri haiz heuretzat, sarritan esperimentazio-arratoi bat bezala begiratzen diok heure buruari. Beste edonor heu bezain interesante iruditzen bazaik ere heure menteari begiratzea tokatzen zaik hiri, eta ez hituzke ezergatik utziko heure obsesioak antsia posibilitateak. Beldur haiz beste inorentzat interesik ba ote duen honek, heu baino gauza mila bider interesante eta behartsuago hainbeste zeudek. Ez dadukak ezer defenditzen ibil beharrik, heuk ere ez dakik zergatik dedikatzen haizen hontara, agian fedea eta borondatea galduerazi zizkiatelako, edo agian heure mentearen pasilloak hobeki ezagutuaz kastraziotik libratzea sekretoan espero dualako, edo hire debilidadea nolabait mendekatzeko, heu baino intelijenteago edo boteretsuago direla demostratzen dutenak libertadezko zelai ezkuturen batetan nolahala bentzututzeko.

        Edozein egun batetan konturatu zen bera gaiso mental deitzen zaieten hoietakoen taldean katalogatua izan zitekeela, sikiatrak bisitatzen zituen, pastillak hartu, suizidioa zer den konprenditzera ere iritsi. Erotutakoentzat reserbaturik zegoen akto absurdo hura gauetik goizera derrigortasun bat hain normal gerta zitekeen, zihurtasun haren aurrez edozein zorabiori saldurik gerta zitekeela dardaraz ametitu zuen. Zer gertatzen zitzaion jakitera laguntzen zion edozeren antzo pozik hartu zuen gaisotasunaren deskubrimendua. Piska bat harritzekoa ere bazen nola ez zen konturatu ordurarte gauza hain ebidenteaz.

        Egia zen baita ere ansietate desmaio haren ondoren epileptikoa zela sinesturik pasa zuela egun oso bat, guztia hain terriblea iruditu zitzaion. Baina goiz hartaz ez gogoratzea hobe, estasia gorrian amildutze hura begiak zabal, izerdi hotzetan konorteratze hura, minuto bateko agonia luzetik bizirik itzultzea. Instant batetan konprenditu zuen zerbait ikaragarria gertatu zitzaiola, bere bizitza guztia nolabait aldaturik gelditu zela, betirako gizonen konpainiatik apartatua izan balitz bezala. Bertigo haren ondoren zorabioa mugimendurik geldienean etzan zen. Haurtzaroko etsipen bete hura betirako iragana zela uste izanik bazeramatzan urteak, eta berriro agonia hartara itzulia sentitzean denbora siniestro haiek bere baitan betidanitik bizi izan eta biziko zirela konturatu zen. Ezingo zuen gehiago uste izango guzti hura zirkunstanzia edo dotrina baten ondorio zenik, denboraren haria erabat hauts zezakeen momento bakar hura ezingo zuen gehiago ahaztu.

        Egun larri hartan gertatuak madarikaziozko rebelazio ilun baten antza zuen. Geroztik goizero esnatzean lehenengo lana hesteetako ansietate nardagarria hustutzea izaten zen komunera korrika joanaz. Gauetan lehiora beldurturik begiratzean bertigoa ez zen gehiago metafora bat. Bazituen momentuak arnasa hartzea beste zereginik gabeak. Kasikan ezin zuen sinistu bere borondate miragarri hura nola gerta zitekeen hain zeharo anulatua goiz desditxatu batetan. Baina inori ez esplikatzea erabaki zuen, zeren esperimentatu gabeak ez zuten inolaz entenituko, eta besterik ezean sekreto haren indarra behintzat berea izango zuen.

        Ez zuten inoiz aitortuko baina krisia nerbioso bat aski zuten beren bizitzako balio eta ekintza sakratuenak alde batetara uztera behartuak aurkitzeko, beren jainko guztiak ezin zietela ezer lagundu frogatzeko. Ezinkizunik beteenean erabat lotsaturik erruki eske edonorengana joango ziren amildegi hartatik salbatzearren edozein sinismen edozein promesa edozein sekretu eskainiaz.

        Zenbait aholku praktiko aipatuz gero sikiatrak garbi eta labur esaten dik, zure okerra sinismen eza da, sinismena beharrezkoa duzu, zure bizitzan zutabe batzuk jar beharra dadukazu, berriro zutabe hoiek jartzea da zure arazo osoa. Indar zerbait hireganatzera hoala ere pentsatzen hasten haiz, hire begiekin galdezka hago zer egin behar duan hori lortzeko, eta berak aurpegi serioz eta eskuekin firmeza jestoa goitik behera eginaz erantzuten dik, beharrezko zutabe bat adibidez Jainkoa da, Aberria da beste bat, eta Familia, zutabe hauek galdu dituzulako zaude horrela. Isilik entzuten diok, hire begietan ikusten dik ez hauela konbenzitzen, ez dadukak diskutitzeko indarrik, berriro gauza berdina esaten dik, ezin haizela sostengurik gabe bizi zalantzan ezer firme eduki gabe.

        Masturbazioaren iturria ere hor dagoela esaten dik, hire segurtasun faltan, erantsiaz bera moral tradizionalaren hersturatik libre dagoela. Segurtasunaz mintzatzen zaianean ukabila gogortu egin nahi zaik heu konturatu gabe, ni neu izan behar naiz edo horrelakoren bat etortzen zaik gogora, aurpegi estutuan promesa antzekoren bat agertzen zaik, bai ni seguruago gizonago indartsuago jatorrago hobeago balienteago izango naiz. Hire aurpegia ikusiz gero zerbait konpontzera doala esan zitekek, sikiatrak ere konfiantza gehiagorekin jarraitzen dik esanaz, zuri gertatzen zaizuna ez da ezer mundu guztiak ditugu horrelako gauzak todos somos en cierto grado neuróticos.

        Bizitza osoa hain farregarriki nahastu zion haize txar haren ondorengo egunetan masturbazioaren arazoak inportantzia bereizia hartu zuen beragan, zeren ez zen normala egun batetan bost aldiz idia jotzera derrigortua egon zedin. Beti azkenengo aldiz zela esaten zion bere buruari, baina gero berriro eta berriro derrigortasun berbera, beti azkenengo aldiz. Bere deseo guztia urduritasun beldur lotsa praktika triste hartara ez behartua egotea zen, bazekien ezin zuela inolaz ebita, baina halaz ere kulpable zen.

        Idia jotzearen gaiaz bai hitzegin zezakeela autoridadez. Eginkizunik inportanteenetako bat bihurtu zitzaion, aktibitate fisiologiko normal bat, dudarik gabe euskara irakastea edo hauzoko elkartera pertenezitzea baino beharrezkoago. Besterik ezean huraxe zuen plazerrik estimatuenetakoa, obra de arte bat egitera entseia zitekeen. Hain garrantzi handiko jolasa izanik bariedade mota ugari ezagutzen zuen eta burua asko nekatu gabe tipologia oso bat egin zezakeen, zehaztasunez deskribatuz modurik errazenak zailenak usatuenak plazertsuenak bitxienak azkarrenak estetikoenak edo beste gabean esperimentazio mailan geldituko liratekeenak.

        Egun larri haietan bere bizitzaren erremediaezineko frakasoa ametitzera behartua ikusi zen. Frakasoa ez zen sendimendu batetara mugatzen, fisikoki sentitzen zuen zer izan zitekeen bere bizitzaren amaiera bere baitan bentzutua izanaz gero. Berak inoiz imajina gabeko gauzak hain erraz bere jabe gerta zitezkeela ikusiaz beldur etsia bizitzeraino iritsi zen. Lehen beti bizitzaren atarian bezala egona zen, borondatearen indar ahalguztidunari edozer zitzaion posible. Gauetik goizera ardura bakar derrigorrezkoa nola bizitzen jarraitu zen. Lehengo adoreak non sortzen ziren eta nola ezkutatu ziren galdetzen zuen bitartean tikitandik balentriaren mitoaz alimentatuko huraxe bera zen artean bere burua ezagutzeko esfuerzo bat egiten.

        Estrainoa ere ba da nola frakaso total hau kontenplatzea beharrezko egiten zaidan. Erabateko galtzapena nagusi denean badirudi errebelazio ilunen baten atarian egon behar nukeela, orain egia eragotz dezaketen ilusio denek betirako bazterturik egon behar luketenean, bizitzen jarraitzeko arrazoi humanorik ez izanik oraindik bizitzen jarraitzea zerbait mistikoren hastapena balitz bezala.

        Ikus hezake gizon ahuldu bat haizela, bentzutu guztiak hire kidekoak gertatzen zaizkik. Hire gogoa edozertan nahastatzen duk, edozein eskapabidek liluratzen hau, salbamendu majikoren baten esperoan hago asperezinik. Eta bestalde gogora hezake zenbat adore produzitzera iritsi zen hire gogoa kondenazioaren aurretik, eta badakik orain harrigarriak gertatzen zaizkian indar haiek sortu zituen makina oraindik higan dagoela.

        Urrengo goizean kalera irtengo dira eta kale asfaltagabean zehar eguzki epelaren karizietan bezpera gaueko ansietatearen oroitzapen zuria hesteetan eramango dute, debilidade ezkutuaren dardara traidorea. Arnasa hartzen ahaleginduko dira armoniaren batetara itzul daitezkeelakoan, lasaitasun fizkioren bat senti nahirik, beren begien urduria nola garbitu ez dute asmatuko beste behin, kafesnea eskatzean baietz tabernaria nerbioso jarri gabe eskatu apostatzen dute heuren baitan.

        Urduritasun mental hark gonbito zuriaren antza zuen. Gutien esperoan mareoaren izerdi hotzak hartzen zituzten, gonbito zuria ahoratzen zitzaien, eta trenak edo autobusak bere martxa jarraituko zuen bitartean lehiatilaz kanpo jaurti behar izaten zuten likido lodia, sarritan albokoak zikinduz eta beti haien nazka probokatuz. Gonbito zuria haizetara jaurtiz gero izerdia xukatu eta atseden zerbait sentitzen zuten beren produktoaren seinale usaintsuak lehioaren zehar behera korritzen kontenplatzen zituzten bitartean. Gauza bakar bat gelditzen zitzaien buruan, estazioara noiz iritsiko gonbitoaren larria akaba zedin.

        Oraindik egin dezakean guztia hire egitazko historia kontatzen ahalegintzea duk, eta hortarako bezainbat ausardia lortzea ez dela gutxi pentsatzen duk. Hire agresibitatea deskargatzeko manera bakarra inguruan dadukaanari begiak ondoraino sartzea zaik. Norbaitek agian pentsa zezakek hire munstroak baino historia egiazkoagorik badagoela higan, hau guztia sikologia piska bat besterik ez dela. Izan ere sikologia arazo bat izateraino degradatu haiz. Azkenengo aldiz bisitatu huenean sikologoak garbi utzi zian kuestioa, zure oker guztien iturburua segurtasun falta da, euskaldunoi erraz gertatzen zaigu hau, besteen aurrean lotsati eta inseguro aurkitzen garela. Hire egoera miseriatsua justifikatzeko edo intentatu huen zerbait esatea, zerbait irakatsi ziala edo horrelakoren bat, eta hire deskubrimenduak puntu konkretu batzuekin argitzera hoanean sikologoak burua mezprezioz mugitzen dik esanaz bezala ez duzu ezer entenitzen sikologia gaietan.

        Gauzarik atseginenetako bat musika hori zaik, aboz grabea mi menorrean poliki poliki notaz nota beheraino jeisten eta behean bi nota gora igo eta berriro mi bemolean gelditu, eta organoaren soinu borobila oktaba bat gorago geldi dagoen bitartean berriro melodiak lehengo mugimendu berbera ajolagabea geldiro behera ta behera repetitzen dik. Ritmo desberdinetako etxe enigmaz jantzia, ez zegok ezer komenta beharrik, horixe duk musika, zoratzeraino gozatzerik ba omen zegok.

        Nola ez dinat ba esango baietz, derrigor izan behar atsegina hire besoetan erortzea, hire bularrak nerearen kontra estutu hire sabela nerearen kontra sentitu hire begietan urrunera begiratu hire ezpainetan zehar. Nola ez zienat ba esango baietz kolore bortitz hauei emozio estraino reprimitu hauei edozein posibilitateren dantza gorri ere honi. Ez didan ba esango elkar goza genezakeenak ez duela merezi, badakin nik gaur baietz esan dudala, azkeneraino merezi duela.

        Hiru alabaren ama amodioa egiteko orduan hire beso artean dardara larrian dagoela sentitzen duanean, nahi baduzu utzi egingo dugu esaten diok. Bere aurpegiak kontrariedade jesto bat erakusten dik bere erabakiaren zalantzarik izan ez dezaan. Bere gogoan burrukatzen diren indarren espektadore bihurtzen haiz hiretzat guztia kasikan esperimento bat dela gogoratuaz. Ez dik eskertu gabe utzi nahi hire berarekin oheratzea. Hasi duk oraingoz bere frakasoaren derrigortasunaz konturatzen, hire aurrean ridikuloa egiten ari dela sumatzen dik, oraindik ere kulpabilitatearen mende, estremo hontaraino etorri eta orain tabu irrazional birjinengatik guztia amaitu gabe uztea bere inpotentzia totalaren ametitzea izango litzaiokek, bere mentean inoiz mugitu izan den eraginik miragarrienarentzako bukaera lotsagarri bat. Jakin beharra dadukak zein bortizki bizi duen gau hau berak, ez dagoela erdibidetan gelditzeko, zenbaterainoko zorabioa sortzen dion hire presentzia biluzak, gau honen lotsa pasatzeak merezi zuela. Bere erabaki klaroak parte hartzera obligatzen hau, ezin haiz espektakuloaren aurrez notak hartzen egon, kasikan hire eskuetako azalaren zehar sumatzen dituk indar kontrakorren ritmoak, bere begien antsiak zeharo dominatzen hau. Baina zeri diozu beldurra, badakizu ez duzula minik hartuko, zergatik ez zara lasai idekitzen, esaten diok.

        Artean nolabait birjina sentizen zen, ezin zen zabaldu bere maitearen azpian senarraren azpian egunero zabaltzen bazen ere, estutzen zuten indar haiek bere gain zeuden hainbeste edertasunez ez zezan goza, Ezkontza eguneko gauera berritzulia aurkitzen zen. Zer egin behar zuen behingoz birjinitatea hausteko, lasai entregatzeko, egitazko edertasun libreaz gozatzeko, amodioak legerik ez zuela esperimentatzeko. Zein lege madarikatu izan ote zitekeen bere maiteaz gozatzen permititzen ez ziona. Ez zuen libre uzten, sabela korapilatzen zion, arnasa gelditu egiten zion beldur obligatuak harrapa zezan, hantxe, bere beso eta oin tartean betirako gorde ahal zezakeen une bakar hartan. Bere baitan erabat sar zedila behingoz, besterik ez zen bere desira eroa. Posible izan behar zitzaion ordu hartan gorputz gazte hura goza ahal izatea, edertasun hari entrega ahal izatea, azkenik bere desira kunplitzea.

        Ez dakik zer egin bera lasaitzeko. Puntu hontaraino ekarri hau eta orain ezin duk ideki. Masturbaziora ohiturik hago, hire begietan zerbait kristalezko bihurtzen den bitartean plazer bakartiak sarritan gogoratu dik hire gorputz hasegabeari zenbat gozamen zor zaion. Ondo dakik zer esperimentatzen den atseginaren atariraino etorri eta haren mugimendu orokorra inpeditua aurkitzean. Orain ere badakik masturbatzera hoala. Hire irudiak ez dik inoiz inor hire azpian daukaan gorputz hori bezainbat liluratu enajenatu erotu, eta masturbazio plazergabetu bat baino zerbait atseginago zor dioala pentsatzen duk. Obligazio ritual bat betetzera behartua banago ere plazerra posible dela sinis nahi huke. Gainera esperimentoak plazerrik eroena esijitzen zuela zirudian. Plazer frustatu batek ezingo dizkik pagatu zuen elkarren arteko obligazioak, lehen bezala jarraituko duzue zuen elkarren presentzia desira kunpliezin baten lore alfer bat besterik ez dela pentsatzen.

        Mentearen bihotz-bihotzean zuhaitz parasitoa. Kulpa eta beldurra. Sortearen zuhaitz krudela. Hementxe bihotz-bihotzean zuhaitz madarikatua. Iraganekoak oraindik, ahulak harroak itsusiak. Beti nonbaitetik igesi, eskapabiderik ba ote dagoen pentsatzeko astirik hartu nahi gabe, intentoekin harmiarma-sareekin begiekin.

        Bentzutu nahi zaitut nolahala, beheraka hau zentzugabea da, ezer ez doa inora, hemen ere festak kabida eduki behar luke, goian ala behean ez dut nahi nitaz erruki ahal zaitezen, ez dut nahi bilaketa urduri honek jarrai dezan. Ez lotsarik senti, dena normala da hemen, momentu honetan honela gerta behar du guztiak. Halaz are ezinkizun hau intelijentzia falta hau erregu amaigabe hau errukiaren makina nazkagarri hau. Obsesio honen mende hain erraz makurtuak, beti askatasunaz pentsatzera behartuak, azken ajolagabeziaren bila beti. Proiektoak, obsesiozko laguntzak utzi, ahulezia hau bentzutu, non etzanaren beharrik ez eduki.

        Ezin dut plazerrik aurkitu, musika toperaino altzatzen dut, karraxiak urratu nahi luke nere eztarria, besoak jasotzen ditut, burua alde guztietara mugitu, kolorerik bortitzenari begiratu, ritmorik gogorrena aurkitu nahi, dantza eroan ezin galdu. Nere aurrean zaude dantza alfer horretan aurrera ta atzera gora ta behera, jarrai dezala estridentzia horrek, zure begien antsia urrunera begira neri begira inora ez begira, gorputz hau norabaiterako mugimenduan aurrera atzera dena gorri zure aurrean zure gainean. Zuk ere berdin diozu, ezin dut berarekin plazerrik aurkitu. Zoratu nahi genuke, gorputz hauek norabait jaurtiki, jarrai dezala musika horrek, o bai atzera aurrera, argiak su har dezala, ezin plazerrik aurkitu, baina begira iezadazu horrelaxe, egon zaite nere besoetan, intenta dezagun, karizia arraro hauekin, gauden hemen honelaxe, atsegin ezineko mugimendu moztuak, jarrai dezala musika horrek.

        Han zeuden etzanda. Ez zekiten non aurkitu zuten amodio hura, noren etxean bizi zen edertasun majiko hura larritasun arnasgabea gorputz ezezagun ikaratia. Edozein momentutan urratsik utzi gabe eskapatuko zela bortizki sentitzen zuten, kasikan desira ere egiten zuten akaba zedila, esperimentoaren ondoren behintzat lehengoak izaten jarrai zezatela.

        Esplikagaitza bada ere nahiago dut ez zaitezela nitaz enamora, ez zaitezela nere begietatik zintzilik geldi, zure mentea ez dadila nere imajinaz sutu. Bakoitzak norberaren imajinari bakarrik amodio librea zor balio bezala da. Nahiago dut ez dezazula nere gorputzik behar zure amodio edertasun hori sentitzeko, ez gaitezen engaina ni maite nauzulako ustearekin. Ez dut esan nahi nere gorputza ukatuko dizudala. Baina nahiago nuke aitor dezazula zure amodioa ez naizela ni, zure mentean sortu duzun edertasun etsiarekin ari zarela burrukan, zure jokoa zeugan bukatzen dela, zeure irudian zeure dardaran zeure mentearen heriotze ezinezkoan.

        Zuhaitz parasitoaren fruitu guztiak ezagutu nahi zenituzkete behingoz irensteko. Beldurraz lotsaz antsiaz ezinez alimentatzen zaizue. Ez duzue soportatuko funzionamendu arbitrario bati makurtua egon beharra. Arrazoi guztien kontra arrazoiren baten bila segi beharra dadukazue.

        Nahi baduzu utzi egingo dugu esan ondoren jolasa azkeneraino eraman behar dela klaro gelditu duk, nahiz eta atseginik gabe jolasa nolabait bukatzen baduzue lasaiago geldituko zarete. Goizean etxetik irtetzean heure aurrean ikusi dituan kadera libre atseginak ekartzen dituk burura. Artean ez hengoen erabat esna, ez duk hire begirada fijatzeko astirik ere apenas izan, eta falda luze haien azpian zeuden kadera sueltoen ritmo atseginegia hire zainetan espuma bezala gozo gozo nabaritu duk. Ez diok aurpegirik ere ikusi, mugimendu natural lasai plazertsua bakarrik gelditu zaik, oraindik higan dagoela sumatzen duk haren beharrean hagoen momentu honetan. Kaderen ritmo libre naturala. Ezinbestez hire gorputzaz ritmo haren oroitzapena jabe dadila saiatzen haiz, oraindik musika zati bat bezala higan gorderik zegok, nolabait akaba beharra dadukak mugimendu aurkituezinekoa.

        Dantza honetan leher nahi nuke, dantza honetan ero nahi nuke, momentu hau hautsi, antsia oro ito, zu erabat zabalik utzi, nolabait zoratu, dantza honen indarrez gorputz inbisiblearen larritasunetik eskapa, beste egoera hortara iritsi.

        Lasaiago al zaude, zer ari zara pentsatzen, ez dio inporta, urrengokoan errazago izango da, ez ezazu pentsa gaizki pasatzen ari naizenik edo zutaz asperturik nagoenik, ez naiz estrainatzen gertatzen zaizunaz, lasai zaite, konturatzen naiz ni naizela-ta ari zarela beldur eta lotsa hau guztia pasatzen, egitan apreziatzen dut nitaz baliatzera saiatzen zarela zure ametsetan zehar joateko. Ez al da ba gurea hau guztia, ez al gara ba ari ahaleginetan geure buruak edertzeko, nork esango du gau larri hau baino denbora ausartagorik posible zaigula.

        Kitarra lokarri sinple hoiekin hoietan dena hain intensoa hain luzea hain erraz bihur daiteke. Ez al duzue ikusten nola zuen begiak itsuraldaturik dauden, ez al duzue sentitzen hortxe zintzilik zaudetela oro boz emozionatu horretan, nola gauza guztiak ezkutatzen zaizkizuen hutsune horretantxe.

        Musika hura entzuten gelditu ziren. Ezingo zuten farrik aurkitu egoera hartan. Harma guztiak ez ziren aski izango handik altzatzeko. Egoera hura entenitzeko orduan elkarren presentzia kasikan aitzakia bat zirudien, bere legeak ere izan behar zituen egoera harriskugarri hark, konponezineko zerbaiten amenazoa ezkutatzen zuen. Momentu desolatu haren bila zergatik ote zebiltzan nahi zuten jakin, zein izango zen emaitza larria, zeren bazirudien zerbait aurkitzen zaudela zerbaiti aurpegia ematen. Beheraka geldiezin batetan bezala, erortzearen emozioa begietaraino irristatzen zitzaien.

        Oroitzapen guztiak agindu guztiak madarikazio guztiak hantxe zeuden. Ezin ziren ikaraz entregatu besterik. Zergatik maite behar zuten sakrifizio guzti hura, separazioaren bezpera gaueko amodio ajitatua, debekazioz maitagarri gertatutako plazer gozaezina. Musika haren bihotzeraino jeistea posible zela zirudien lehenengo aldiz.

        Hemengo aldetik oihartzuna entzuten, koloreak ezin ikuturik, hitzak ezin esanik, indarrak ezin sentiturik. Sentitzeak ezer lagun ahal baleza, desiratzeak ezer aurrera ahal baleza, oroitzapen batetan errebelaziorik balego.

        Begietara begiratzen zion, arnasa har ezinik, eta hantxe bere baitan zedukan inoiz baino urrunago bere birjintasunean. Gorputz gazte hartaz enamoratua zegoenez gero beti iruditu zitzaion imposible izango zitzaiola harekin amodio egitea. Hitzik gabe esaten zion guztia eta begiak itxirik ikus zezakeen. Nigandik hain urruti egongo zara beti. lmaginarik miragarriena lorerik inporta ez zaion zeru bat zara, zure olatua beti da berria boteretsua amaiezinekoa, ezin naiz eskapa zure presentziaren larritasunetik.

 

Zu zara...
Joseba Zulaika

Hordago, 1982