Zu zara...
Joseba Zulaika

Hordago, 1982

 

 

HIRU

 

        Hementxe eseriko gara, egurra erre dadila utziko dugu, auspoari noizean behin eman, musika txandan jarri, karizia nahi banauzu. Ni gustora nago hemen. Beheko suagatik ez balitz ere atsegingo nuke zurekin hemen egotea. Zu etorri izan ez bazinen ere, ni etorri ez banintzen ere, atsegina da toki hau. Ez dugu esango bata bestearengandik etorri garela ere.

        Hitz zentzugabe batzu besterik ez zaigu gelditzen hainbeste denbora iragan ta gero. Iritsi ezin garen parajeak urrutitik deskribatzea tokatu izan balitzaigu bezala. Begiratu isildu gogoratu ikaratu. Ipuin xelebre hauek besterik formulatu ezinik. Zahartzaro geldi bat bezala.

        Urrengo eguerdian etxeratzean haur tipia estazioan zai edukiko zuen senarrarekin. Haurra korrika urreratuko zitzaion eta bi iztarretatik helduaz ero bezala muxukatuko zion sabel behean behin eta berriro galdu bide zuen aterbe berraurkituan. Senarraren muxuarekin batera lehenengo aldiz bere bizitzan gezur inportante bat esan beharraren larritasunak estutuko zion bularra.

        Defendatuko zen pentsatuz gogoz bakarrik faltatu ziola, ez zedukala infideltasun espiritual bat zergatik aitortu beharrik.

        Sarritan esana zion bere buruari ez zela ezergatik kulpable, bizitzearen sortea hartu edo uzteagatik ere ez. Lehen haurtzarotik bortizki bizi izana zuen gaizki zegoenaren larridura esplikaezina. Agindu bat hausteak ezer ederrik gorde ez izanik ere derrigortasun bat gertatu zitzaion txikitandik. Geroztik bere harreman guztiak libertade gabeak zirela iruditzen zitzaion, edonon obligazioak egiak aginduak fideltasunak nezesidadeak sumatzen zituen. Noizean behin bere konzientziaren alderik sekretoenean galde zezakeen, eta hau guztia bertan behera utziko banu zer. Besteen kondenaziotik libre samar senti bazitekeen ere, bere baitan altzatzen zen abosa galdekatuz abisatuz bultzatuz kondenatuz. Bere egitazko historia ezagutzekotan bere kulparen historiak erakutsiko ziola gauza ebidentea zen.

        Haurtzaroa gogoan zuen; haur batek hainbat etsipen bizi ahal izateak ikara sortzen zion artean. Zazpi urtekin izan zen lenengo aldiz, udaberri arratsalde tristeziatsuan zelai isil eguzkiz horiztatuetan zehar kilkerren abestia inolaz gozatu ezinik, munstro bat bezala sortu zitzaiola barrenean bizitzara ez jaio izanaren desio espantagarria. Gero sarritan esperimentatuko zuen gorroto berdina etsipenik umezurtzenetan, zergatik izan naiz ni madarikazio eterno hau sofritzera kondenatua. Lehen haurtzaro hartatik aurrera bere kulpa sendimendua esplotatu zuten maisu eta apaiz berdugo haiek ezin ditu ahaztu. Agian bere defentsa bakarra gorrota ahal izatea izango zen, haurraren begietan gorrotoaren brilloa konkistarik garaiena bezala, bai bai bai esaten dio aboz batek zutiturik.

        Maitasuna urteetan irakatsi zioten. Haurtzaroko inozentzia zuria edozein momentutan rekupera ahal izateko jantzi hornitua zen maitasuna. Guztiak signifikazio bat zuen. Munduaren bihotzean bizi ahal izateko intentzio ona aski zuen. Ordena mitiko haren ordaina zoriona zen. Etsipenaren ikaran erortzean oraindik ere haurtzaro hartatik zintzilik egon nahi luke.

        Nolahala ahulezia akabaezinetik eskapatzea zen, nolahala beste gizonekin bizi ahal izatea, ansietatearen nahasmendu estuan atrapatua ez gelditzea. Edozein ordena imajinatzea ere konsolamendu engainoso bat zela eta kausa guztiak sinismena matentzeko trukoak zirela ikuserazteraino behartu zuten. Eskapatze derrigor batetan enpeinaturik zegoen hainbeste erlijioetatik hainbeste obligazioetatik hainbeste aberrietatik hainbeste opresiotik.

        Hiru alabaren ama maitagarri hura beso artean indiferentziaz zedukan bitartean leheneno aldiz konturatu zen maitasunarentzako kabidarik ezin zela egon bere baitan. Larritasunak bere gogoa osorik betidanitik okupaturik eduki izan balu bezala sumatzen zuen. Libre gelditzen zitzaizkion indarrek inpotentziazko egoera enigmatiko haren destruziotik gordetzeko ahalegin desesperatu bat ziruditen. Ahalegin horrek noizean behin maitasuna esaten zitzaion lilura urdin batetan sinestera gidatu zuen, azkenean arnasa libre bat ezagutuko zuelaren itxaropenarekin, baina laister esku artera eroriko zitzaion engainoa jostailu apurtu bat bezala. Lilura haiei eustera entseiatzen zen halere, beti iheska urruntzen zitzaion ezinezko armonia haren atzetik.

        Bat batean galdetzen dizu, eta zure senarrak zer esango du gau honetaz. Begietan zalantza errugabe bat dibujatu zaizu, esanaz bezala orain senarra atormentatu behar al dut, nik ez diot berari minik eman nahi, neretzat lehengo berbera izaten jarraitzen du, ez dago zergatik gau honengatik sufri dezan. Eta nola agertuko naiz ni zure sanarraren aurrean zurekin oheratu naizela jakin dezanean, galdetzen dizu berriro. Errukia eskatuz bezala bigundu zaizkizu begiak, erantzuten duzu gogoz bakarrik faltatu diot, gorputzez ez diot faltatu gorputzez ezin izandu zara nere barrura sartu badakizu. Hori esatean garbi konturatzen zara senarrari ezkontzaz agindutakoa ez zela izan fideltasun espiritual bat. Eta zuk zure neska lagunari esango al diozu, zer pentsatuko du nitaz, galdetzen duzu zuk ere. Segidan konbentzimenduz esaten duzu, zure eta nere artekoa bakarrik izan da hau guztia, ez du inork zergatik jakin beharrik. Senarrarekin nola konpontzen zaren galdetzen dizu. Batzuetan egitazko tortura zait beste gabe bere presentzia, bera anulatu beharra sentitzeraino iristen naiz, beldurra ematen dit zertan amaituko dugun pentsatzeak. Uste dut ez dudala inoiz benetan maite izan. Errukiagatik ezkondu nintzen berarekin, mozteak emango zion pena ebitatzearren.

        Bere gauzarik inportanteenen sekretoa ezagutzeko sei urte zituenez geroko uda haietara itzuli besterik ez zuen. Gurasoek osaben baserri apartatura bidaltzen zuten derrigoruturik, bera bezalako neskakoskor baten zerbitzuak behar baizituzten osabek. Herrira ezkonduta zegoen bertako alaba ere etortzen zen haurrekin baserri aparpatura uda garaian. Bi edo hiru urteko haurra zaintzea izaten zuen baserriko eginkizunetatik bat. Ama-alaba haiek noiz etorriko ziren ikara etsian espero izaten zuen. Haurraren ama eta osaba-izebak soroan lanean zeuden bitartean berak haurra hartu eta mendi aldera ibilaldi bat ematea izaten zuen agindu. Gogoangarriak ziren ordu haiek. Haurra negarrez hasten zitzaion eta ezin izaten zuen isildu. Inoiz ezingo zuen konpreni zergatik haur haren negarrak hainbeste tortura zezakeen. Erruki bizitan kasikan negarrez otoi egiten zion, ez negarrik egin ez negarrik egin ez negarrik egin. Baina haurra ez zen isilduko amaren nahian. Larritasun bortitz batetan erortzen zen, tripak nahastutzen zitzaizkion, eta ezinkizun neurrigabean malkoz bustitzen zitzaizkion begiak. Ez negarrik egin eskatuko zion bigun bigun behin eta berriro. Haurrak ezin zezakeen neurtu zenbateraino zulatzen zuen haren baitan zegoen izate umezurtza bakartia. Amak haurra pasiara eraman zezala agintzen zionarekin batean larriak bularra betetzen zion eta ikaraturik erantzun, baina negar egiten du baina negar egiten du. Amaren erantzun kupidagabea jakina zen, berdin dio isilduko da emaizkiozu gerezi batzuk. Ez, ez da isiltzen, esateko indarra aurkituko zuen artean. Bai bai gaur ez du negarrik egingo, bukatuko zuen amak azkar. Eta derrigorrez eraman behar izaten zuen haurra. Esku tikitik heltzen zion, poliki poliki urrutiratzen hasten ziren, amarekin ez zegoela konturatzen zen bezain laister zotinari emango zion haurrak. Ez negar egin ez negar egin ama hortxe dago, esango zion alferrik. Errukirik krudelena eta ama haren kontrako sendimendua batera altzatzen zitzaizkion. Egoera hura denboratik kanpo zegoela zirudien, egoera hartan inoiz eskapa ezingo zuen enigma astun geldia ezkutatzen zen. Etsipen hura sentitzen zuen bakoitzean betidanitik ezaguna zitzaiola zirudien, beti egoera eternal hartantxe egona zen. Begiekin eskatzen zion berataz kupida zedila, isil zedila, ez negarrik egin ez negarrik egin. Aurrera gehiago jarrai ezinik ordua baino lehen itzuliko zen haurrarekin etxekoengana, egin dugu buelta esanaz. Beldur zuen amaren erantzuna jasotzeko, ez zarete joan menditxoraino. Bai bai, baieztuko zuen errukia eskatuz. Oraindik goiza da, eman beste buelta bat. Zerupean ez zegoen gordelekurik beretzat. Adore ezkuturen bat aurkituz oraindik erantsiko zuen, baina negar egiten du. Berdin da isilduko da, betiko erantzuna. Bazekien ez zitzaiola ezer gertatuko haurrari, bazekien haren ama han zegoela, eta etxea, eta behar zuen guztia, eta negarra isiltzen ez bazuen berak ez zuela errurik. Baina burutapen hoietaz bere gogoa segundo batetaz entretenitzea ere ezinezko zen haurraren negarraren presentzian. Osaben baserri madarikatu hartan zegoen, zazpi-zortzi urteko ume bat artean, familiatik urrun, lagunik gabe, halaz ere hori guztia soporta zitekeen, baina bera baino haurrago zen haren negarrak guztia zeharo inposible egiten zuen, zergatik egin beharzuen negar berarekin zegoenean.

        Ezkontzara ere haurtzaroko agonia haretxek behartu ninduen. Gure relazioak mozten bagenituen hain umezurtz geldituko zen bera, otoi huraxe konturatu gabe nitaz jabetu zen, ez nigatik sufri ez nigatik sufri ez negarrik egin. Gaur gauean ere berriro haurtzaroan bezala aurkitzen naiz, badirudi beti hementxe bizi izan naizela.

        Bestalde gizon ona da bera, eta seguru sentitzen da bat bere ondoan. Bere eritziak inposa nahi dizkidanean ni dominatu behar handi bat agertzen du. Heziketa diskusioetan hasten geranean, gero eta ugariago direnak, nere onetik ateratzen nau, nola da posible ez dezala gehiago ikusi. lkastolan gertatutako zenbait arazoetan ideiak erabat diferenteak genituen eta mundu guztia ohartu zen gure artean zerbait ez zebilela ondo.

        Aurpegian legunki jarri zion eskua. Karizia batek inportantzia osoa hartzen duen momentu hoietako bat zen hura. lndar nahastu hari saldurik aurkitzen ziren derrigortasun hartan elkarren barkapenaren antza zuen kariziak, beren arimetan gertatzen ari zenaren responsable ez zirela sentitu behar bat, elkarren presentzia larriari eutsi nahi zioten bitartean.

        Beste behin lehengo toki berdinean erori gara, guztia lehen bezain estrainoa da, gure begiak ezer gabe dardaraz daude. Erre usain huraxe bera dago oraindik ere. Zer gertatzen zaigun ezer asko esplika ezin badugu ere, gero eta ezagunago zaizkigu lur hauek, kasikan jakinduria baten atarian bageunde bezala.

        Besteetan ama larri bat jarriko zaik, aurpegiko lineak trazo gogorrez dibujatzen zaizkik, tensio gorri bat igoko zaik bularrean gora begietako zainetaraino, amaren sabeletik irtetzeko momentua iritsi izan balitzaik bezala. Inork ez dik esplikatuko zerk apartatzen hauen izkina hortara. Arnasa estutzen zaik, haizeak aurpegian jotzen hau eta ezin zaik bularretara sartu, ondoraino hustutzen dituk birikak arnasaren ritmoa rekupera nahiaz, atentzioa ezin duk hire arnasean bakarrik eduki, laister berriro bularrean zerbait trabatutzen zaik, pentsatzen duk nonbait hire historian egon behar duela edo hire aitarenean estutasun horren esplikazioa.

        Badakik gogoeta batek ezin duela ezer alda. Agian besterik ezean amodio ero baten sendimendu umezurtzak salba hindeke, besterik ezinean haize erori hau bortizki besarkatu, superbizitzeko zor zaian zorion piska lortuko duan itxaropena gorde oraindik, maitagarri izango zaian lurren bat sortu sendimenduz borondatez emozioz, haurrak amari eusten dion derrigortasun beroaz.

        Bere beso artean deskantza zezala eskatzen zion. Atsedenak nonbait egon behar zuen. Gozamena hurbil aurkitu behar zela sinesten zuen hilargi palidoaren argi isilak urrutitik atsedena eskaintzen zion bakoitzean. Bazirudien gozamen guztiak beti urrutiko zelairen batetan esperimentatu behar zituela. Atsedena desira bakarra bazuen ere ezin zion utzi beragana zedin, ezin zitzaion ideki bere egitazko desirari, zoramen haren azpian sabela korapilo bat egiten zitzaion. Baina ez dizut minik emango esango zion.

        Gorrotagarri iristeraino egiten zitzaion ondoan etzanda zedukan gorputz gazte hark beragan zuen boterea. Jolas inozente batetan bezala liluratzen zuen gero krudeltasun haietan ito zorian uzteko. Ez zen hark hainbeste lilura merezi zuelako, berak ere ezin zuen jakin nolatan enajenatzen zuen neurri grotesko haietaraino. Haren desirarik ez edukitzea desiragarri zitzaion, jolas haiek desanparo hartan bukatuko ezbalira, zorabio hark hala hautsita utziko ez balu.

        Hurrengo goizean kalera irtetzean gorputz ezkutuaren bihotzeraino sartuko zitzaien eguzki motela beren barne ikaratua lasaitasun beroaz laztanduz. Beren buruei esango zieten atzo gauekoa zeharo iragana da, Baina beren muskulo bakoitzak erraz nabari zezakeen bezpera gaueko ansietate zuriaren dardara erraietan begietan arnasean.

        Erreka lehen bezain ederra zen, paseoko zuhaitz ostogabeak lehen baino esankorragoak ziren, gorputzak lehen baino beroagoak, beren menteetako munduen margoak inoiz baino biziagoak. Eta halaz ere guztia beheraka zihoan, guztia esplika ezineko larritasunez betetzen zen, edertasun guztia erabat alferrikako zela sentitzeraino, sentitze guztia erabat alferrikako zela sentitzeraino. Esan zitekeen norbaiten ordena inplakableak kunplitzen zihardutela.

        Izan ere gogoan hartzekoa zen nola zenbait egoeretan beren izate fisiologiko guztia hain erraz aldatzen zen, hitzegiteko era begirada arnasa zeharo nahasten zitzaizkien. Saiatzen ziren gauzari ez zedukan inportantzia kentzen, dardara zentzugabe hura uxatzen. Baina mugimendu sare hura beren dominio razionaletik kanpo gelditzen zen, ordurako ez zen egoten zer eginik eta ansietateari bere gisara uzten zioten. Sentipen denek beren buruak nola defendi inguratzen zitzaizkien bitartean, begiak automatikoki gogortzen zitzaizkien, eta beren barrengo nonbaitetik inpotente presentzia ahal izaten zuten beren gorputzetan libratzen zen burruka. Eskerrak goiz haietara ohiturik zeudela, ezingo zioten gauzari inportantziarik erantsi, burukomin edo ulzera bat bezala hartzen zuten.

        Zaude hementxe, erreguka hasiko ziren, itzul nazazu nere jolas tipira, nere emozio leunen aire isiletara. Ez dut nahi zentzu gabeko absurdo hori edozein momentutan hementxe zai estridentzia alfer hori. Erregu guztiak ezin zuten korapilo hura askatu.

        Obsesionaturik nadukazu, zapi zuri bat bezala jarri zinen nere zeruan, geroztik dena sabel borobil bigun epel gertatzen zait. Zure sabelaren beroan hasi zen oro, gero zure besoen indarrean jarraitu zuen, haurtzaro osoa etsipen bihurtu zenidan, hesteetan korapiloak, bularrean haizea gelditurik, infernua salida bakarra. Zapi zuri krudelak haur indefensoari edozein eternidaderen espantua esiji zezaioken, gauzarik banalenak neurri orokor absolutoen misterio madarikatuaz Kastiga nindekeen. Zure obsesioa nola abandona dezaket, erortzen naizen bakoitzean zure beso persegitzaileetan altzatua aurkitzen naiz.

        Eleizako beloa urratu zaizue, baina zapi zuria oraindik hor dadukazue, obsesio luzea sinboloak epeltasuna, oraindik edozein misteriok kastiga zindezkete. Muraila altuaren kontra buruz jotzea alferrik zaizue, borondatearen harmak ez dizute balio, obligazio bat dela sinesteak ere ez. Epelaren beharrak krudelkeria guztien eskuetan uzten zaituzte.

        Inpotentzia, masturbazioa, birjinitatea ziren gai interesanteenak. Realitate hoietxek azaltzen zuten beste realitate zabalagoa, gizartearena iraultzarena konozimenduarena.

        Bakartade hori hireganatzen denean badakik betidanitik horrela izan dela. Bortitza izan beharraren agindua altzatzen zaik. Ez zegok itzultzerik ez zegok tronpatzerik ez zegok lilurarik hau duk egun bakarra. Krudelkeriaren eta estupiditatearen mundua. Edonor gure jabe edonor gure salbatzaile. Hire indibidualitatearen jokoa ezagutu edo hautsi egitera iritsiko haizela pentsatzea oraindik posible zaik. Mundutik aparte sentitzera behartzen hauen lege zentzugabe hori deusezteak guztia alda dezakeela iruditzen zaik. Kontura gabe hain erraz gauzarik abstraktoenetan zintzilik gelditzen haiz higan inoiz gertatutako historiarik signifikatiboenak gordetzen diren zelaian. Baina ez dakik hitz hauek ere hireak ote diren.

        Halaz ere gaur aterbe batetan erori garela dirudi. Mugimendu bortitz hau oraindik hemen. Ez zaigu ajola bere signifikaziorik. Oraindik indarra hemen dago, olatua hautsia izan daiteke, mugimendu honen balantzak sortzen digun grina. Nahi dugu. Lehenago ere egonak gara gu hemen. Guztia hementxe dago, olatua leher dadila.

 

Zu zara...
Joseba Zulaika

Hordago, 1982