Itxura-aldaketa
Franz Kafka

Xabier Kintana
Kriselu, 1975

 

 

        Hilabete baino luzaroago egon zen sendatu gabe zauri gaizkoatu hura, —inor ez zen ausartu sagarra ateratzen eta honela geratu zen bere haragitan inkaturik, gertatuaren oroitzapen agiria bezala—, eta guztien kontzientziak, baita aitarena ere, astindu zituen eta gogora erazi nola Gergor, bere orduko egoera triste eta nazkagarri hartan ere, etxeko bat zela eta haintzat hartu behar zutela errespeto osoz. Etsi behar zuten, ez besterik.

        Gergorek, bere aldetik, zauri haregatik bere ibilteko gaitasuna galdu egin zuen eta zaulitasuna ere, agian, betiko; orain gela zeharkatzeko minutu asko behar zuen agure elbarritu baten antzera, —hormatik gora ibiltea pentsatu ere ez!—, baina aldiz bazukeen orain beste konpentsagarri bat, bere ustez askoz ere handiagoa zena bere zorigaitza baino: arratsean bere gelako atea zabaltzen zitzaion, —bera ordubete edo bi lehenagotik hara begira zegoen—, eta bere gelako ilunbeetatik familia osoa ikus zezakeen, haren hizketak entzun, onhartuaz bezala, eta beste modu hobe batean lehen baino. Jakina berriketaldiok ez ziren, urrundik ere, antzinako hizketa alai haiek, Gergorek, malenkoniaz, ostatuetako gela hertsietan, ohe arrotz haien izara heze artean sartzen zenean, gogoratzen zituenak. Oraingoan, arrats gehienak oso triste eta geldi iragaten ziren. Afalduta geroxeago, aita, bere besaulkian jezarrita, lo geratzen zen eta ama eta alaba ahopetik hitz egiten ari ziren. Amak, argiaren ondoan makurtuta, jantzi zuriak josten zituen bazar baterako eta arreba, orain denda bateko saltzailea, gauetan estenografia eta frantses ikasten ari zen, agian oraingoa baino bizimodu hobe bat erdietsi nahirik. Tarteka aita itzarten zen eta lo egona zela konturatu ez balitz bezala amari zera esaten zion: «Bai asko josten duzula gaur ere!» eta berriz loakartzen zen, ama eta ataba elkarri begira geratzen zirelarik.

        Aitak, ezetz eta ezetz esanik, ez zuen sekula bere uniformea erauntzi nahi, ezta etxean ere. Eta etxerako bata ondoan zegokion artean, bera uniformeaz lo kuluxketan ari zen, beti edozein zerbitzutarako balego bezala, edo etxean bertan ere bere nagusiren baten aginduak entzuteko esperorik balu bezala, prest beti. Guztiokin, uniformea, hatsean berri ez bazen ere,

        Laster zimeldu zen eta maxiatu, amaren eta arrebaren ardurak gora behera. Eta Gergor, maiz, ordu luzeak iragaten zituen uniforme zikin baina urreztatudun hura begira, barruan bere aita, trankil bat ere, eroso ez bazen, lo zegoelarik.

        Hamarrak jotean, amak, hitz goxoz, aita ohera eramateko ahaleginak egiten zituen, huraxe ez zela benetako loa esplikatuaz eta berak behar zuela, egiaz, lo egin, biharamonean seiretan hasten baitzitzaion lana. Baina alferrik, aita, banku-morroia zenetik, inoiz baino setatiagoa baitzen eta behin eta berriz zioen mahain ondoan geratu nahi zuela, beti lo geratu arren. Amaren arrazoi guztiak gora behera ez zuen alde egin nahi handik, ordu laurden guztietan burua makurka bazerabilan ere. Amak hitz eztiak esaten zizkion belarrira eta azkenez, arrebak, lana utzia, amari laguntzen zion. Aita, astun astunik, besaulkian sarturik geratzen zen eta emakume biak besapetik oratzen sentitzean, batari eta besteari so eginez, esan ohi zuen «Hau bai dela bizitzea! Eta hau omen da ene azken urteotako sosegua!».

        Eta nekez, berea kargarik pisuena balitz bezala, zutik jarten zen; amaren eta arrebaren euskarriaz ateraino zihoan honela eta han, keinu batez, ez zituela behar izanen aurrerantzean adierazten zien, eta bideari zerraikon amak bere josteko tresnak eta alabak bere lumak utzirik bere atzetik zetozen artean.

        Nork, familia nekatu hartan eman ziezakeon Gergori behar baino denbora gehiago? Etxeko gastuak ahalik eta gehienik guttitu ziren. Neskamea kendu eta lan gogorrenetarako zerbitzari laguntzaile bat ekar erazi zuten. Berau andre erraldoi gangar eta hezurtsu bat zen, buruan ile sorta zuri bat zedukana, goizean piskatxo batez eta arratsaldean beste piska batez ohi zetorrena. Beste lan guztietara amak ailegatu behar, bere jostorratzekin nahiko ez balu bezala. Saldu, familiak zeduzkan harri pitxiak ere egin behar ukan zituen, beste garaietan amak eta arrebak, atseginez, jaietan eta batzarretan eramanak. Honela jakin zuen Gergorek gauean, saltzeari buruz eduki zuten hizketagatik. Baina deitorarik haundiena etxebizitza handiegi haren utzi ezina zen, Gergor eramateko modurik ez zegokeen-eta. Gergorek, baina, bazekien ez zela hori arrazoia, nahi izanez gero kutxa eta kajoi batean eraman baitzezaketen, arnasa egiteko bi zulo utziez gero. Ez; ez zen hori eragozpena. Familia atzeratzen zuena ez zen besterik etxez aldatzeko zedukan desesperantza baino, eta gaitz sinets ezin hura ez zela inoiz gertatu beren ezagunen artean pentsatzeak min ematen zien.

        Munduak zoritxarrekoei ematen dien ontzia hondarretaraino zurrupatu behar izan zuten: aitak bankuko enplegatu umilenentzat gosaria ekarri behar zuen goizero; amak ezezagunen arropak josi; arrebak eten gabe gora era behera ibili behar dendatik bezeroen nahiak betetzeko. Baina familiaren indarrak ahituak ziren. Gergorek, horregatik, bizkarrean zedukan zauriaren mina eta gaizkoadura berritzen sentitzen zuen ama eta arreba, lana utzita, buruz buru ahulduta ikustean. Amak, Gergoren gela seinalatuz esaten zuen:

        —Grete, hertsi ate hori.

        Eta Gergor berriz lotzen zen ilunpe haietan, ondoko gelan emakumeak elkarren nigarretan geratu, edo begiak lehor, mahainari adi gelditzen ziren artean.

        Gergoren egunak eta gauak lorik batere egin gabe linburtzen ziren. Batzuetan pentsatzen zuen bere gelako atea irekiko zela eta bera, lehen bezala, etxeko arazoetan arduratuko zatekeela. Burutik, aspaldian ahaztuta eduki ondoren, berriz iragan zitzaion nagusia, arduraduna, dendako saltzailea eta aprendiza, morroi asto kirten hura, bizpahiru lagun, beste komertzioetan zituenak, probintziar ostatu bateko neskamea, eta oroi maitatu eta iheskor bat: kapela-denda bateko neska diruzain bat, berak lehengo denboretan borondate onean nahi zuena, ekinaren ekinaz ez bazen baina.

        Pertsona guztiok, beste batzuekin, aspaldian ahaztuak, nahasian erakusten zitzaizkion; baina ez zegoen batere haien artean ez berari ez bere etxekoei lagun zekikeenik. Denak ziren eskuta ezinak, eta hobeki sentitzen zen beren oroitzapena burutik egoztean. Eta gero umorea galtzen zuen bere familiak beregana zedukan ardura gitxia kontsideratzean. Ezin burura ezer gustagarri; hala ere maiz planak egiten zituen bere kautan janari lekuraino ailegatzeko eta bertan, gose ez bazen ere, legez berea zenaz jabe egiteko. Arrebak ez zuen harez gero kontuan hartzen haren gustua; lantokira joan aurretik oinez bultz egiten zuen edozein janari barnerantz, eta gero, berriz etxeratzean, Gergorek jan edo probatu bakarrik, berau komunena, egin bazuen ikusi gabe, isats kolpe batez kondarrak biltzen zituen. Gelaren garbitasuna, gauean beti, ezin arinago egin. Hormak zikinez beteta ziren eta hautsa eta kaka zokoetan pilatzen zen. Lehengo garaietan, arreba sartzean, Gergor zikintasuna ugariago zen lekuan geratzen zen. Orain, ordea, han aste osoak iragan zitzakeen eta horregatio arrebak ez zukeen kenduko; ikusi berak bezain ondo ikusten zuen, baina ez zuen garbitu nahi. Beregan berria zen sentikortasun batez, ez zuen ondo ikusten arrebak beraz inor besterik gela hartako garbitasunean ari izatea.

        Egun batean amak gela behar den moduan garbitu nahi ukan zuen, ur ontzi batzuekin lortu zuena, —eta egia esateko hezetasunak kalte egin zion Gergori, sofapean geldi eta garrazturik zegoenari— baina gaztigua laster presentatu zen: arreba, arratsean etxera itzultzean, gelan egindako ganbioa ikusi bezain laster, bere barren barrenean irainduta sentitu zen eta jantokira abiatuta, amaren aurpegi errukiorraz ohartu gabe hasi zen nigar zotinka deskontsolaturik, eta gurasoak biziki harritu ziren eta hunkituta geratu, hain estrainio zen-eta. Azkenez, gurasoak —aita, ikaratuta, bere besaulkian salto egina zen— baretu eta trankildu ziren; aitak, amaren eskuinean, agiraka egiten zion beroni Gergoren gela arrebari utzi ez ziolako. Arrebak, ezkerrean oihu egiten zuen ordutik aurrerantzean ezina zukeela garbitasunaz arduratzea. Artean, amak aita logelara eraman nahi zuen, berau oso urduri zegoela-eta; arreba, zotinka eragiten zela, ukabilka ari zen bere esku ttikiez mahain gainean, eta Gergorek, arrabiaz, txistuka egiten zuen inork ez ziolako kentzen zalaparta bitxi hura atea itxiaz.

        Baina arreba, lanaz nekatuta, gogaituta bazegoen Gergoren zaintzeaz, amak ez zukeen zertan egin behar lan hura, ez Gergor horregatik abandonatuta sentitu: bazuketen horretarako neskame laguntzailea. Alargun honek, urtetan mardula eta bere izakera hezurtsu harek bizitzeko garraztasunik handienak pairatzeko adorea emandakoa, noski, ez ziedukon Gergori batere nazka ez higuinik. Ikusgura ez bazen ere, egun batez Gergoren gelako atea ireki zuen eta berau ikustean —mutila, ikaratuta, atzetik inor ez bazebilkion ere bueltaka hasi zen— trankil geratu zen, eskuak sabelean gurutzaturik.

        Harez gero ez zen inoiz ahazten, goiz eta arratsalde, ezkutuan atea pixka bat irekitzeaz, Gergor ikusteko. Hasieran deitu ere egiten zion, bere ustez goxoak ziratekeen hitzak erabiliaz; esaterako: «Hator hona piztia! Begira basapiztia hau!».

        Dei hauei ez zien Gergorek erantzunik ematen eta gainera geldi geratzen zen bere lekuan, atea zabaldu ez balitz bezala. Hobe zukeen agindu baliote zerbitzari horri haren gela egunero garbitzeko, bere gogara ezorduetan zirikatzera etorri gabe, batere probetxurik ez izateko!

        Goiz batean —udaberri hurbilaren mezulari bide zen euria kristalen aurka furiaz ari zen artean— neskamea bere zirikaldiaz itzuli zen eta Gergor, biziki haserreturik, haren kontra atakatzeko asmoz, astiro eta ahulkiro bazen ere, bihurtu zen. Baina bera ikaratu gabe, ate ondoan zegoen aulki bat altxatu zuen eta honela geratu zitzaion aho zabalik, argiro erakutsiaz ez zuela ahoa itxiteko asmorik Gergoren bizkar gainean aulkia kolpe batez utzi arte.

        —Eta zergatik ez doa aurrerago? —galde egin zion, Gergorek atzera egiten zuela ikustean. Eta patxadaz bere lekuan utzi zuen aulkia.

        Gergorek ez zuen jaten ia ezer. Jarten zitzaizkion elikaduren aurretik pasatzean, ahokadaren bat hartzen zuen, dastatzeko gehien bat, eta ahoan ordu batzuetan erabiliaz, ia beti berriz jaurtikitzen zuen. Lehenbizian uste ukan zuen bere jangartzutasuna gelaren egoeragatiko malenkoniak ematen ziola; baina laster ohitu zen beronen itxura berriaz. Beste lekuetan egoki ez eta oztopo ziren gauzak hara eramatera ohituak ziren, eta gauzok asko ziren, etxeak zituen geletarik bat apupilo etorri ziren hiru mutilei utzia baitzen. Berauk, hiru jaun errespetagarri, —hirurak ziren bizardun, Gergorek ate bitartetik ikus ahal zezakeenetik— edo arduratuak ziren garbitasun eta ordenaz, eta ez beren gelan bakarrik, baizik eta etxe osoan, bertan bizi zirelako, sukaldean batez ere. Tramankulu alferrak eta are guttiago gauza zikinak ez zituzten iresten.

        Gainera beren mueblerik gehienak ekarriak zeduzkaten, eta haugatik, zenbait gauza, behar ez zirenak, sal ezinak baina bota nahi ez zituenak, non jarri gabe lotzen ziren. Eta guztiak Gergoren gelara, errauts biltzailea edo kondar-kutxa bezala. Behingoan erabili behar ez zen guztia, neskameak honetan izugarrizko presa hartzen zuen-eta, Gergoren gelara jaurtikitzen zuen, eta hark gehienetan, zer gauza zen eta nork botatzen zuen ikusten zuen bakarrik. Batek jakin! Behar bada ba bide zuen neskameak gauza haien bila itzultzeko asmorik, astia edukiez gero, edo denak batera kanpora botatzeko; baina gauza haik, behin jarriez gero, hantxe lotzen ziren betiko. Gergorek tramankulu berriaren aurka baziharduen amorruz, beronek ibilteko lekua kentzen ziolako lehengo, eta bigarrenik guzti hartaz aspertuta zegoelako, baina buelta eta ekitaldi hauen ondoren oso nekatuta eta tristerik geratzen zen, ordu askotan higitzeko gogorik gabe.

        Apupiloak, gau batzuetan, familiaren jantokian afaltzera geratzen ziren eta hori kausa zela Gergoren gelako atea itxita geratzen zen zenbait gauetan, baina beronek ez zion ardura Gergori, eta egia esan, atea irekita egon zen gau askotan, familiakoak konturatu gabe, gelako zokorik ilunenera bazterturik joaten zen.

        Baina behin hola, zerbitzariak jantokirako atea irekita utzi zuen, bitarte txiki batez guttienez, eta hola geratu zen apupiloak afaltzera etorri arte. Argia biztuta, mahainean jezarri ziren apupiloak, lehen aita, ama eta Gergor jarten ohi ziren lekuetan, zapiak zabaldu zituzten eta eskusardea eta ganibeta hartu. Berehalaxe ama agiri izan zen ate ondoan, eskuan okela plater handia zekarrela eta bere atzetik alaba, patata pila eder bat zekarrena.

        Janarietatik ke hodei bat jasoten zen. Apupiloak beren aurrean jarritako plateren ondoan makurtu ziren, zerbitzatu aurretik dastatu nahi balute bezala jana, eta hain zuzen, erditan zegoenak, hiruretarik errespetagarriena irudiz, okela zati bat ebaki zuen hantxe bertan, ea ondo eginik ote zegoen jakiteko eta sukaldera berriro eraman behar ote zuten ala ez erabakitzeko, noski. Bere atsegina agiri izan zuen eta amak eta arrebak, irribarrez, arnasa egin zuten.

        Artean, familiak sukaldean afaltzen zuen. Hala ere, aitak hara joan aurretik, jantokira sartzen zen eta txapela eskuan, guztiei agur egiten zien, gero sukaldera itzuliaz. Apupiloak zutik jarten ziren eta beren barnerako zertxobait esanez gero, bakarrik geratzen, ia ixilik jaten zuten.

        Gergorentzat oso gauza estrainioa zen aho hotsen entzutea, batez ere hausnar egitean haginek egiten zutena, erakutsi nahi baliote bezala, jateko, haginak beharrezkoak zirela eta ahorik ederrena, haginik gabe, ezertarako ez zela. «Bai gosetuta nagoela —ziotsan Gergorek bere buruari, oso kezkatsu—. Baina ez dira hauk ene gogoko janak... Bai ederki jaten dutela apupiloek! Eta ni bitarteon, goseak hilten!».

        Gau hartan bertan —Gergorek ez zuen denbora guzti hartan biolina entzun ukan—, sukaldean joten entzun zuen. Apupiloak afaria bukatuak ziren. Erdian zegoenak besteei egunkari zati bana eman zien eta hirurak, ongi jezarrita, irakurten eta erretzen ari ziren patxadaz. Biolina entzutean beren ardura musikara joan zen eta ixilka mixilka, atariko ateraino joan ziren, eta hantxe geldi lotu ziren, bata bestearen ondoan hesturik. Antza sukaldetik ikusi egin zituen, halako batez aitak galde egiki:

        —Ez ote zaitzue laket musika, jaunok?

        —Eta gehitu

        Horrela bada berehalaxe bukatuko da.

        —Ez horrelakorik— esan zuen errespetagarrienak. Ez ote luke nahiko andereñoak pasa eta berton jo? Azkoz ere erosoago eta atseginago lizateke.

        —Bai horixe! Hobe ez! —esan zuen aitak, biolin jotzailea bera balitz bezala.

        Apupiloak jantoki barrura bihurtu ziren eta zain geratu. Oso agudo etorri zen aita paper-zutoia ekarriaz, atzean ama musika-paperekin eta azkenez arreba biolinaz. Arrebak den dena jarri eta ordenatu zuen joten hasi orduko, behar den bezala joten hasteko. Bitartean, gurasoak —inoiz apupilo gabe egonik, eta horregatik ohi ez bezalako gizabidez tratatzen zituzten—, ez ziren ausartzen beren besaulkietan bertan jezartzen. Aita ate ondoan geratu zen, eskua bere uniforme urreztatu hartako botoi biren artean sartuta; baina ama (apupiloetarik batek jarleku bat eskaini zion-eta) zoko bakarti batean, higitzen ausartu gabe, geratu zen.

        Hasi zen arreba joten eta aita eta ama, bakoitza bere lekutik, begiez jarraikitzen zitzaizkien haren eskuen higidurei. Gergor, musikak erakarrita, pixka bat hurbiltzera ausartu zen. Ez zuen ardurarik batere orain besteenganako, eta horregatio ardura hori bere lehengo harrotasuna zen. Orain gainera, are lehen baino zio handiagoa zukeen gordeta egoteko, bere gelako zikinkeriaz, hautsez, kakaz, ilez, hariz eta bazkal kondarrez beteta zegoelako eta ibiltean hauts olatuak altxa erazten baitzituen bere inguruan. Bere besteenganko axolagabetasuna osoa zen orain. Eta ez zen lotsa ez ahalke, zegoen egoera hartan, leku garbi haietatik ibilteaz.

        Egia esan musikaz ez zen inor beraz arduratzen. Familia osoa aho zabalik zegokion biolinari, eta apupiloak, lehenbizian arrebaren ondoan zeudenak (behar bada musikazko notak irakurteagatik), orain leiho ondora joanak ziren, eta hantxe ahopetik hizketan ari ziren. Aitak arduraz begiratzen zituen, oso argi baitzegoen bere lehengo musikarako gogo ilusionatua porrot eginik geratua zela eta hantxe bazeuden gizabide hutsez besterik ez zela. Agirian bide zegoen nahiago zuketela beren aurreko bakea. Gainera beren zigarroen keak, sudurretik edo ahotik botatzean, biziro erakusten zuen beren urduritasuna.

        Eta hala ere, zein ederki joten zuen arrebak! Aurpegia alderaturik, adi adi eta tristerik irakurten zuen pentagrama. Gergorek aurrerantz egin zuen beste pixkatxo bat eta bere burua lurraren parean jarri zuen, bere begiradaz arrebaren begirada topatu nahiz.

        Ba ote zen egiaz piztia bat doinuak horrela hunkitzeko?

        Iruditzen zitzaion bide bat zabaltzen zela bere aurrean, agian, janari ezezagun eta biziki desiratu batera eramanen zukeena. Bai, orain arrebarengana joateko prest zegoen, gonatik tiratuko ziokeen eta honela adierazi eginen ziokeen biolinaz etorri behar zuela bere gelara, hantxe berak txalo zezan. Aurrerantzean, bizi artean, ez ziokeen utziko gelatik irteten. Guttienez bere itxura beldurgarri hark horretarako lagunduko ziokeen.

        Era batera ate guztietan egon nahi zuen, atakatu nahi ukanen ziokeen guztien gainera jauzi egiteko prest. Baina horretarako arrebak berekin geratu behar zuen, ez indarrez, berez baizik; bere ondoan, sofan, jezarri beharko zen eta beragana makurtuta belarrira esanen ziokeen kontserbatokira bidaltzeko asmoa ukan zuela eta zorigaiztoko ezbehar hura gerta ez bazedin, iragan Gabonetan —Gabonak iraganak ziren, ez ziren?— honelaxerik esan ziezakeen guztiei, aurkako eritziei kasurik egin gabe. Eta esplikazio hau entzutean, arreba, hunkiturik, nigarrez hasiko zatekeen, eta Gergorek, bere leporaino altxaturik, mun eginen ziokeen saman, dendara zihoanetik biloizik, batere xingolarik ez idunekorik gabe zuena.

        —Samsa jauna! —hots egin zuen jaunik errespetagarrienak. Eta hitzak alferrik esaka egon gabe, hatzamarra luzatuaz, aitari Gergor erakutsi zion, tipi tapa zetorrena. Biolina mututu egin zen berehalaxe eta jaunik errespetagarrienak irribarre egin zien bere lagunei burua eraginaz eta berriz ere Gergori begira geratu zitzaion.

        Aitak uste ukan zuen onena eta printzipalena apupiloak handik eramatea zela, berauk ikaratu aurretik, are Gergor handik uxatu baino lehen, baina apupiloak ez zeuden ikaratuak eta baziruditen pozik ohi ez bezalako agerketa harekin; duda gabe hura biolina baino pitxiagoa zen. Aita, beraz, beraien aurrean jarri zen haien gelara bultzatu nahiz bezala, bere gorputzaz Gergorena estaliaz. Jaunak, orduan, oso haserrez azaldu ziren, bai aitaren jarreragatik edo baita ere, ordurarte eta jakin gabe, halako izaki batekin, etxe berean, bizi zihoazelako.

        Aitari argitasunak eskatu zizkioten, besoak zerura altxatu zituzten, bizarra, urdurikiro, tiratu zuten, eta ez ziren atzeratu beren geletara arin, patxadaz baino.

        Bitartean, arrebak kenduta zedukan beregandik lehen mementoko izualdia. Une batez hantxe geratu zen, besoak beheratuta, biolina eta uztaia eutsiaz, begiak musika paperetan geldituta, joten ari balitz bezala. Eta halako batez leher egin zuen: amari tresnak utzita, —berau besaulkian jezarrita zegoen lehengo modura, erdi itota biriken lan neketsuaz— ondoko gelara abiatu zen, hain zuzen aitak apupiloak zuzentzen zituen gela berera. Trebetasun nabariz hegaz eragin zituen burusi eta burrukoak goitik eta are jaunak hara heldu baino lehenago oheak prest utzita zeuden eta neska handik joana.

        Aita, bere setakeriak eraginik zegoen eta apupiloenganako kontsideraziorik xumeenak eduki gabe bultzaka zerabiltzan. Azkenez, gelaren atera heltzean, hiruetarik errespetagarrienak, lurrean ostikada bat eginaz eta trumoi hotsez esan zion:

        —Ba diotsuet— eta eskua jaso zuen hau esatean, ama eta arreba begiez bilatu nahiz —ba diotsuet etxe eta familia honetan gertatzen diren zirkunstantzia nazkagarriok ikusita— eta honetara heltzean txua bota zuen indarrez lurrera—, une honetan bertan, alde egiten dut hemendik. Jakina, ez dut zertan pagatu behar ezer hemen bizi izan naizen egunongatik; aitzitik, oraindik pentsatu behar dut ez ote zaidan bidezkoa idemnizazio bat eskatzea, eta hau ez pentsa batere gaitz litzaikedanik.

        Ixildu zen eta bere ingurura egin zuen so, zerbait itxadonen bazuen bezala. Eta bere lagun biek, hain zuzen, arrazoia eman zioten, hauxe gehituaz beren kontutik:

        —Gu ere bagoaz hemendik.

        Honen ondoren, nagusia eta errespetagarriena zirudienak, krisketa hartuta, atea kolpez hertsi zuen. Aita, urrats indargeekin, eskuekin lagunduta, bere besaulkira joan zen eta bertan eror erazi zuen bere gorputza. Ba zirudien gaueroko lo kuluxka egitera prestatzen zela, baina buruaren makurkera nabari hartan, pisu gabe bezala eroria, igarten zen ez zuela lorik egiten.

        Denbora guzti honetan Gergor ixilik geratua zen apupiloek ikusiriko lekuan bertan. Bere asmoaren zapuzteak emandako gogorik ezak eta goseak sortutako ahuleriak galerazten zioten higidura osoa. Bere kautan, eta ez zitzaion arrazoirik falta, izugarrizko tormenta bat usnatzen zuen bere buru gainerako, eta itxadoten zegoen. Ez zuen izutu amaren hatzamar dardaratsuetatik biolinak linburtzean egindako otsak berak ere.

        —Guraso maiteok— hots egin zuen arrebak, mahain gainean, hitzaurre gisa, ukabilaz kolpe bat eginez—, hau ezin luza daiteke. Zuek konturatu ez arren, ni ondo ohartzen naiz. Munstro honen aurrean ez dut neure anaiaren izenik aipatu ere egin nahi; eta horregatik, nik hauxe diotsuet: guregandik urrundu behar dugu. Egin dugu, pertsonak garen aldetik, ahalik eta gehien zaintzeko eta gure artean edukitzeko, eta ez dut uste dagokeenik, honetan behintzat, zer esanik egin diezakegunik.

        —Arrazoi osoa duzu— esan zuen orduan aitak.

        Amak, oraindik bere gustura arnasa egin ezinik, eskuak bularrean, hasi zen estulka, begiak galduta, burutik eginda balego bezala.

        Arreba bereganatu zen eta burua sostengatu zion.

        Arrebaren hitzak pizgarri bat izan ziren aitarentzat eta bere pentsamentuak zerbait konkretuagora zeraman. Altxatua zen bera bere besaulkitik eta bere morrontza-zapelaz ari zen jolasean mahain gainean, platetaren ondoan, apupiloen afariaren hondakinak hantxe baitziren, eta noiz behinka, Gergori egiten zion so, geldi geldiro.

        —Bai, urrundu behar dugu guregandik ahalik eta arinen —berresan zion aitari arrebak azkenez, amak, bere estulaz ezer entzuten ez baitzuen—. Honek biok hilen zaitue, badakusat. Guk egiten dugun beste lan egin behar denean ez da sufritu behar, gainera, honelako tormenturik etxean. Ni ere birrinduta nago.

        Eta nigarrez hasi zen zinez eta benetan eta bere nigarrak amaren aurpegira erori ziren; honek mekanikakiro ezkuaz garbitu zituen.

        —Ene alaba —esan zuen orduan aitak errukiz eta ohi ez bezalako argitasunez—. Eta zer egin genezake!?

        Baina arrebak bizkarra eragin zuen, nigar egiten zuen artean hartu zuen zalantza erakutsiaz bezala.

        —Ulertu eginen bagintu, guttienez— esan zuen aitak ia galdetuaz.

        Arrebak, baina, nigarra utzi gabe, eskua higitu zuen, hartan pentsatu ere ezin zitekeela egin adieraziaz.

        —Ulertu eginen bagintu, guttienez... —ekin zuen aitak begiak itxita, berak ere hura ezina zela pentsatzen zuela nabarituaz—, orduan izanen litzateke posible berekin tratu bat egitea. Baina honela, berriz...

        —Joan behar da —esan zuen arrebak. Hori da gure bide bakarra. Horretarako nahiko da burutik kentzea Gergor delako ustea. Hori sinesteak ekarri dauku hain zuzen honenbeste ezbehar. Nola izan daiteke gauza hori Gergor? Bera balitz aspaldian uler zezakeen ezina dela giza-izakiok horrelako piztiarekin batera bizi ahal izatea. Eta berbera joana izanen zen beste gabe. Neba galdua nukeen, baina bizi gintezkeen, eta bere oroipena betiko egonen zen gure artean. Honela, berriz, animalia hau beti darraiku atzetik, apupiloak egozten ditu eta argiro erakusten du etxe osoa beretzat nahi duela, gu kalera jaurtikita.

        —Begira aita, begira! —hasi zen hoska halako batean—. Berriro hasten da!

        Gergoren ustez adiezina zen ikara batez, besaulkitik aldenduaz, arrebak ama bera ere bakarrik utzi zuen, lehenago ama sakrifikatu nahi balu bezala Gergoren aurrean egon baino, eta aitagana joan zen; eta beronek, alaba zaindu guraz, bere aurrean jarten zituen besoak, oso izuturik.

        Baina Gergor gaixoak ez zuen inondik ere inor ikaratzeko asmorik, eta are guttiago bere arreba. Egin zuen bakarra zera zen, buelta ematen hasi, bere gelara itzultzeko gogoz, eta hauxe zen, hain zuzen ere, besteak harritu zituena, bere minezko egoera hartan, higidura neketsu hura erraztu nahiz, buruaz baliatzen baitzen, berau lurrean jarriaz eta gero altxatuaz. Gelditu zen eta bere ingurura so egin zuen. Antza igarria zen bere borondate ona: lehengoa izualdi iheskor bat besterik ez zen.

        Orain guztiek begiratzen zuten, triste eta pentsalari. Ama bere besaulkian zetzan, hankak elkarren parean luzatuta, oso elkarrekin, eta begiak, nekeaz, erdi hertsita. Aita eta arreba bata bestearen ondoan ziren eserita eta arrebak beso batez aitaren lepoa inguratzen zuen.

        «Tira, behar bada berriz ibil naiteke», pentsatu zuen Gergorek bere lan aspergarria hasiaz. Ezin gorde zituen bere arnasa xixtuak, eta lantzean behin, geratu beharra zuen atsedena hartzeko. Baina ez zuen inork presa harrerazten; askatasun osoa uzten zitzaion. Buelta eginda, berehalaxe hasi zen tipi tapa atzerantz zuzen zuzenik. Bere gelatik leku hartaraino zedukan bide luze hark harritu zuen; ezin pentsa nola, bere ahuleria hartan, arestian bidetza hura egina zen ia oharkabean. Zedukan ardura guztia ahalik eta arinen joatea izanik, ez zen konturatu etxekoek trankil uzten zutela, deiez edo hotsez piztu gabe.

        Ate ondora heltzean, baina, burua itzuli zuen nolabait —osorik egitea ezina zuen, lepoan gogortasun bat sentitzen baitzuen—, eta zekusanetik ez zen ezer ere ez lekuz ez moduz aldatu. Arreba, bakarrik, zutik jarria zen; hori besterik ez.

        Eta bere azken begirada amarengana joan zen, lo geratua berau.

        Gelan sartu bezain azkar atea hertsi zuten eta giltzaz eta krisketaz ondo hertsi ere. Hots hauek biziki ikaratu zuten eta zangoak makurtu egin zitzaizkion. Arreba zen hain agudo arduratu zena. Gergorek ez zuen entzun ukan hurbiltzen.

        —Ba zen garaia! —hots egin zuen neskak gurasoei itzulita, giltza zerrailean zerabilan artean.

        «Eta orain?» ziotson buruari Gergorek ilunpe hartan burua gora eta behera eraginaz.

        Laster konturatu zen ezina zuela nolabait higitzea. Berau ez zitzaion harrigarri batere, bestetik ez zitzaion natural iruditzen hain zangoxka meharrez orduraino ibili ahal izatea. Mirestekoa zen. Bestela gustura sentitzen zen. Egia esan gorputz osoak ematen zion min; baina oinazeok, pittinka pittinka, emetuaz zihoazen eta bera azkenengoz amaituko zirelakoan zegoen.

        Ez zuen sentitzen, gutti baino, bizkarrean zedukan sagar ustelak egindako hantura, hautsaz, zuriz gaineratua. Emozioz eta maitasunaz bere etxekoengan zuen pentsamentua. Seguru zegoen, are bere arreba baino seguruagorik, laster desagertu behar zuela.

        Eta meditazio gozozko egoera honetan, ezertaz konturatu gabe, elizako erlojuak goizeko hirurak jo arte egon zen. Oraindik, kristalen ostean azaldu berri zen egunsenti hura bizi ahal izan zuen. Gero, bere gogoa goitik behetik, burua makurtu zitzaion guztiz eta bere musturrak azken hatsa bota zuen ahul ahulik.

        Biharamonean, zerbitzaria sartu zenean —hain ematen zituen ate kolpe gogorrak, behin etxera helduez gero, ezina zela inola ere ohean atsedenaz egotea, mila biderrez beste usadio hobeak erabilteko erregutu arren—, berehalaxe Gergori eguneroko bisita egitera joan zitzaion eta ez zuen, hastean, batere arrarorik aurkitu beragan. Ustez, geldi zegoen haserre itxura gordetzeko, adimen osoa zuela zeritzon-eta. Hain zuzen, eskuan gedar-garbitzailea zedukan eta berekin kili kili egiten hasi zitzaion atetik bertatik.

        Honekin ere ez zela higitzen ikustean, zirika hasi zitzaion, eta bultz eginda gero, oraindio geldi zegoela ohartzean, gertatuaz konturatu zen eta begiak biziki irekita harrigarrizko txiztu bat jaurtiki zuen, aho zabalik. Baina ez zen luzaro egon, eta logelako atea dorpeki zabalduta, ilunpean oihuz hasi zen:

        —Ikusazue jaun andreok! Lehertu da! Hortxe duzue, ongi leher eginik!

        Samsa jaun-andreak beren ohetik altxatu ziren. Asko kostarik pasatu zitzaien ikaraldia, eta luzaro egon ziren zerbitzariak ziotsena konprenitu gabe. Baina behin ulertuz gero, ahalik eta agudoen egin zuten salto ohetik, bakoitzak bere lekutik. Samsa jaunak ohe-azala soin gainera jauntzi zuen; Samsa andrea, berriz, lo egiteko gonaz bakarrik zihoan jauntzita, eta gisa honekin sartu ziren Gergoren gelara.

        Bitartean, jantokiko atea irekia zen, hantxe egiten baitzuen Gretek lo apupiloen etorreratik. Grete guztiz jauntzita zegoen, gau osoan lorik egin ez balu bezala, eta agian, egia zen, bere aurpegiaren zurbiltasuna ikusita.

        —Hilik? —esan zuen Samsa andreak, andre zerbitzariari so eginaz galdezka, berez ondo baino hobeto ikus ahal izan arren,

        —Horixe diotsuet —erantzun zuen neskameak, isatsaz Gergoren gorpua zati luze batean eramanaz, bere hitzak egiaztatu nahiz bezala.

        Samsa andreak higidura bat egin zuen geldierazteko bezala, baina ez zuen geldierazi.

        —Ondo ba —esan zuen Samsa jaunak—, orain Jainkoari eskerrak eman dietzakeogu.

        Gurutzearen seinalea egin zuen eta hiru emakumeek orobat egin zuten.

        Gretek ez zituen begiak aldentzen gorputik.

        —Begira zein argalik zegoen —ziotsen—. Egia esan, aspaldion ez zuen ezer jaten. Nola sartu halaxe ateratzen nituen bazkak.

        Gergoren gorpua, esan bezala, guztiz laun eta siku agertzen zen. Honetaz orain ohartzen ziren, zangoxkek orain sostengatzen ez zutelako eta ez zuten beregandik begirakunea kentzen.

        —Grete, etorri pixka baterako gurekin —esan zuen Samsa andreak malenkoniazko irribarreaz. Eta Grete, gorpuari soa kendu gabe, gurasoei jarraiki zitzaien logelara.

        Zerbitzariak atea itxi zuen eta leihoa zabal zabalik utzi. Oso goizetik zen oraindio, baina aireak bazuen nolabaiteko epeltasuntxoa bere freskotasunean. Martxoaren bukaera bera zen.

        Hiru apupiloak beren gelatik irten ziren eta begiez gosaria bilatu zuten. Ahaztuta zeduzkaten.

        —Eta gosaria? —egin zion galde laguntzaileari hiru jaunetarik errespetagarriena zirudienak. Baina laguntzaileak, hatzamarra ahoan jarriaz, isilka, Gergoren gelara pasatzera gonbidatu zituen.

        Sartu ziren ba eta hantxe egon ziren argitasunez asetako gela hartan, Gergoren gorpu inguruan, ardura gabeko itxuraz, eskuak beren soingaineko usatu xamarren poltsikoetan sartuta.

        Une hartan logelako atea zabaldu zen eta Samsa jauna agertu zen, bere uniforme barruan, andre alabak beso banaz eramanik. Guztiek zuten nigar egindakoen itxura, eta Gretek, noizean behin, aurpegia gordetzen zuen aitaren besoaren aurka.

        —Abandona iezadazue berehalaxe neure etxea —esan zuen Samsa jaunak atea seinalatuaz, baina emakumeak utzi gabe.

        —Zer adierazi nahi daukuzu horrekin? —egin zion galde jaunetarik errespetagarriena zirudienak, zer egin jakin gabe, eta lotsaz eta bildurrez irribarre eginaz.

        Beste biek eskuak bizkar aldean zeduzkaten, gurutzatuta, eta etengabe eragiten zituzten, bata bestearekin, burruka baten zain bezala ustez garaile ateratzeko.

        —Adierazi nahi dautzuedana esan dudana bera besterik ez da —ihardetsi zien Samsa jaunak, apupiloengana zuzen zuzen joanik bere bi lagunak besotik utzi gabe.

        Apupiloa ixilik eta trankil lotu zen une batez, lurrari adi, bere pentsamentuak berriro zuzentzen ari balitz bezala.

        —Hola bada, bagoaz —esan zuen azkenez, Samsa jaunari adi, indar batek honexetarako ere baimena eskatzera eragin balu bezala.

        Samsa jaunak, begiak zabal-zabalik, burua makurtu zien zenbait aldiz erantzun gisa. Honen ondoren, apupiloa atarirantz abiatu zen urrats luzeaz. Bere lagunak, honez gero eskuak igurtzi gabe adi zeuden eta orain agudo ihes egin zuten saltotxo eginaz eta elkarri txorkatilak zapalduaz. Ba zirudien bildur ziotela Samsa jaunari eta berau atarira heldu aurretik beraiek ailegatu nahi zutela.

        Atarira ailegatzean hirurek beren kapelak hartu zituzten eskegitokitik, eta euritakoen ontzitik beren makilak aterata, ixil ixilik makurkera bat eginaz, agur gisa, etxetik joan ziren.

        Arrazoirik ez zedukan deskonfidantza batez, gero ikusiko zen moduan, Samsa jauna eta bi emakumeak eskaileraren zabalunera joan ziren eta handik behera begiratuaz ikusi hiru jaunak, astiro baina gelditu gabe, nola jausten ziren, buelta bakoitzean gordeaz eta gero berriz agertuaz beherago.

        Beherago eta interes guttiago sentitzen zuten Samsatarrek haienganako, eta haiekin gurutzatu eta gero gorago egitean harategi bateko mandatariak, buruan harro-harro otzara bat zeramanak, Samsa jaunak eta emakumeek eskailera utzi zuten, eta arnasa eginaz, pisu handi bat galdu balute bezala, etxera sartu ziren.

        Egun hura atsedenerako eta egurasteko uztea erabaki zuten: opor hau ez zen ongi merezia bakarrik, baita premiazkoa ere. Mahain ondoan jarri ziren ba eta hiru eskutitz egin zituzten desenkusatzeko; Samsa jaunak bere nagusiari, Samsa andreak dendaren jabeari eta Gretek bere arduradunari.

        Zereginotan ari zirelarik andre laguntzailea etorri zen, bere goiz hartako lanak bukaturik, bazihoala esatera. Hirurak idazteari jarraiki zitzaizkion, jaramon larregi egin gabe, buruaz keinu bat, ontzat emanaz, eginda. Baina laguntzailea geldi geratua zela ikustean, begiak altxatu zituzten haserrez.

        —Zer gertatzen da? —galdetu zion Samsa jaunak. Neskamea ate ondoan zegoen, irribarrez, etxekoei berri pozgarri bat esateko balego bezala, baina nolabait adierazi nahiz, behar den bezala itaundu arte ez zuela ezer esanen. Bere kapelan zegoen lumatxo zuzen hura, eta aspaldian, etxe haretara etorria zenetik, Samsa jauna urduritzen zuena, leku guztietara eragiten zen.

        —Ea, dakusagun..., zer nahi duzu zuk? —galdetu zion Samsa andreak, laguntzaileak gehienbat errespetatzen zuen pertsona izaki.

        —Hara —erantzun zuen beronek, eta barreak ez zion uzten bukatzen hizketa—, ez duzue buruko minik eduki behar hor dagoen traste hori nola kendu pentsatuaz. Honez gero dena dago konponduta.

        Samsa andrea eta Grete berriz makurtu ziren beren eskutitzen gainera idazten jarraitzeko, eta Samsa jaunak, laguntzaileak den dena zehatz mehatz kontatzeko zegoela ikustean, eskua luzatuta geldi erazi zuen.

        Neskameak, berak nahi zuena kontatzen ez ziotela uzten ikusita, presa handia zuela bururatu zitzaion,

        —Gera zaitezte Jainkoarekin! —esan zuen, argiro irainduta.

        Buelta egin zuen haserre biziz eta etxea abandonatu zuen, ikaragarrizko ate kolpe bat eginaz.

        —Gaur berton botako dut kalera —esan zuen Samsa jaunak.

        Baina ez zuen batere erantzunik hartu ez andrearengandik ez alabarengandik, neskameak, itxuraz, hartu berri zedukaten bake hura apurtu baitzuen.

        Ama eta alaba, zutik, leihora joan ziren, eta bertan besarkatuta gelditu. Samsa jauna, bere besaulkia harantz itzul eraziz, begira geratu zitzaien, eta gero:

        —Ea! ba! —esan zuen—, zatozte hona. Ahatz itzazue pasatutako gauza guztiok. Eduki ezazue errespeto pixka bat eneganako.

        Emakume biek berehala obeditu zuten, eta beraganaturik, laztandu zuten eta idazkiak bukatu. Gero hirurak kaleratu ziren, hilabete asko lehenagotik egiten ez zutena, eta tranbia batera sartu ziren, hiri ingutuetako aire zabala hartzeagatik. Tranbia hartan beraiek ziren bidazti bakarrak eta eguzkiak argi epelez betetzen zuen. Beren jezarlekuetan eroso jarrita, etorkizunari buruz mintzatzen hasi ziren, eta gauzen aitzin gibelak ongi kontsideraturik, bazekusaten ez zela gerokoa hain beltza, eta ordurarte ezer galdetu ez arren, beren lanlekuak oso onak ziren, eta are hobeak etorkizunean.

        Lehengo eta behin etxez aldatu behar zuten egoera hobetzeko. Etxe ttikiago eta merkeago bat nahiago zuten, eta batez ere oraingoa baino hobeki jarria, leku hura Gergorek aukeratua baitzen.

        Eta honela mintzo ziren artean, Samsa jaun andreak, ia batera, beren alaba, azken garaietan, egindako kontu guztiok goitik behetik, kolore txarraz, orain biziaz betetako neskatxa polit bat bilakatuta zegoela konturatu ziren.

        Eta hitzik esan gabe begiekin adituta, elkarri esan zioten bazela beretzat senar on bat bilatzeko sasoia.

        Eta bitartean, bide azkenera heldu zirenean, alaba lehenik altxatu zen eta bere gazte irudiaz, nagiak atera zituenean, bazirudien beronek gurasoen amets berri eta asmo ederrak ontzat ematen zituela.

 

Itxura-aldaketa
Franz Kafka

Xabier Kintana
Kriselu, 1975