Itxura-aldaketa
ZENBAIT ZEHAZTASUN KAFKAZ ETA BERE OBRAZ
Arantxa Urretavizcaya
Esperientziak dionez, kultura lan orok indibiduoa du egiletzat. Baina eguneroko irudizko esperientzia honen aurka, kultura lanen sortzailea (edozein mailatan, nahiz literaturan, filosofian edo arte lanetan), ez da indibiduo bakarra, giza-taldea baizik. Baina sortzaile indibiduala ere talde da, are gehiago, taldean leku abantailatsu bat duen indibiduoa.
Beraz, kultura lanen egiazko sujetoa kolektibitatea da. Baina ez da ahaztu behar kolektibitatea harreman indibidualen sare bat baizik ez dela eta indibiduoak sistima honetan duen lekua aurkitzeko, sare honen estrukturak berezi behar direla. Indibiduoa kultura lanen sujeto inmediato bezala azaltzen delarik, obra hauen sorkundean duen garrantzia ahaztea, mistizismo romantiko batetan erortzea lizateke, indibiduoa multzoarekin bat egiten dela baieztuz. Teoria honen aurkakoak nahi duenez, ordea, indibiduoa da autore bakarra, taldea paisaje bat baizik ez baita. Bada, obrak indibiduoaren biografiaz esplikatu nahi dituzten eskolek (psikoanalista, batez ere) ezin dezakete obrak autore indibidualaren prolema psikikoekin dituen harremanak baizik esplika. Hori da, obra bere textuinguru kulturaletik atera eta psikoanalistak tratatzen duen edozein eritasunen sintomen mailan jarri, «anekdotari» garrantzirik haundiena emanaz.
Beraz, kultura lanak autoretzat agertzen diren taldeekin harremanetan jartzea da autore indibiduala eta bere obra «osoki» endelegatzeko bide bakarra. Hau da, hain zuzen estrukturalismoaren iritzia, zeren, Goldmann-ek dionez, obra literarioaren karakter kolektiboa, obraren unibertsoaren estrukturak zenbait giza-taldeen estrukturak berdinak direlako gertatzen da, estruktura hauek zuzentzen duten imajinazio munduan egile indibidualak askatasun osoa baitu.
Honela, giza-taldeak badira kultura lanen egiazko egileak, autore indibidualak giza-taldearen estrukturak bere bahetik pasatzen dituelarik, forma berezi bat ematen die bere eskutatik sortzen diren lanei.
Beraz, Kafkari buruz ikuspegi honetatik idaztea prolematiko bada, haren ingurua aztertzen zail delako da batez ere. Zeren Kafka, garai hartako Austro-Hungriaren seme bazen ere, judu zen eta familia judu berezi batetan sortu baitzen. Bestalde, bere haurtzaroako zirkunstantziak gatik, alor zabal bat eskaintzen dio psikoanalisisari. Baina lan honetan, hain distirante diren anekdotatik urrun aritu nahi dugu, Kafkaren obra osotasunean ulertzeko bidean abiatu nahi dugulako.
Eta helburu hori lortzeko, Kafkaren konplejitatea endelegatzeko, talde batetan baino gehiagotan parte hartzen zuelarik (hizkuntzez alemandar, sortzez judu, nazioz lehenik austriar eta ondoren txekar) eta talde bakoitzak estruktura bat sortzera jotzen duelarik, talde hauekin izan zituen harremanak aztertu behar ditugu, eta joera desberdin guzti horien fruitu izan zen obra. Hitz batez, Kafkaren bizitzea (biografia) eta Kafkaren giro historiko-soziologikoa.
FRANZ KAFKAREN DESEINU LABURRA
1882. Alemaniak, Austro-Hungriak eta Italiak «Itun hirukoia» izenpetzen dute.
1883ko uztailaren 3a. Kafka Pragan sortzen da, familia judu batetan. Txekar lurraldetan bizi arren, etorkiz hego-bohemiatar zirelarik, alemandar ziren hizkuntzez eta kulturaz. Franz lehen semea zen. Bi anaia izan zituen (gazterik hil zirenak) eta hiru arreba, bigarren mundu gerlan naziek hil zituztenak.
1883. Marx hiltzen da. Nietzsche: «Honela hitz egin zuen Zarathoustrak».
1886. Engels: «L. Feuerbach eta alemandar filosofia klasikoaren amaiera».
1887. «Itun hirukoia»ren berritzea.
1889. Bigarren Internazionala Paris-en.
1890. Bismarck-en erortzea.
1893-1901. Pragako lizeo alemandarrean estudiatzen du.
1895. Tolstoik «Ilunpearen boterea» idazten du. Lumière anaiak lehen zinema aparatoa asmatzen dute.
1897. Grekar-turkiar gerla.
1898. Espainiar-Amerikar gerla.
1900. Freud-en «Ametsen interpretazioa».
1901. Pragako unibersitate alemandarrean hasten da estudiatzen Kafka. Hamabost egunez kimika estudiatzen du, sei bilabetez germaniar estudioak eta azkenik, lege estudioak. Aukera hori buruz Kafkak berak dio: Ezin zatekeen nigan, beraz, egiazko askatasunik profesio baten aukeran; nere buruari nion: «Funtsezkoari buruz, guztia lizeoan ikasi nuena bezain indiferente izanen zait, beraz, nere amodio propioa gehiegi zauritzen ez duelarik, nere indiferentzia baimenduko duen profesio bat aurkitu behar dut». Honela, lege estudioak berez zetozen.
1902-1903. Kafka Max Broden lagun egiten da. Brod, Kafka bera bezala, oso zen literaturara emana, baina ez zuen urte askotan Kafkak idazten zuenik jakin. Lehen obren berri izan zuenean haren jenioaz miretsirik, Kafkak bere obra publikatzeko zuen higuinaren aurka burrukatu zen, Bera izan zen Kafkaren obra gehiena salbatu zuena.
1902. Leninen «Zer egin?» argitaratzen da.
1904. Japondarrek Port Arthurreko rusiar untziak hondoratzen dituzte. Panamako ur-bidearen konstrukzioaren hasiera.
1905. San Petersbourgeko «Igande gorria». Huelga jenerala Moskun.
1906ko ekainaren 8a. Pragako Karl Ferdinand unibersitatean, lege doktoregoa. Urte honetan idazten ditu, dudarik gabe, geratzen zaizkigun gazteria obra bakarrak: Baserri esposario baten antolaketak eta Gudu baten deskribizioa.
1907ko urriaren 1a. Assicurazioni Generali segurantza konpainian hasten da lanean. Bere askatasuna eta bere literaturagintzarena seguratu nahiean aukeratu zuen ogibideak, hasieratik urratzen du, ezin baitzuen hura bere idazle aktibitatearekin adostu.
1907. Gorkiren «Ama».
1908ko uztaila. «Arbaiter Unfall Versicherungs Anstalt»-ean hasten da lanean. Postu inportantea da, erresponsabilitate haundikoa. Baina gauez idatzi behar du. Bere denbora eta indarrak lapurtzen zaizkiola iruditzen zaio.
1908. Austriak Bosnia-Herzegovina bereganatzen du. Lurralde hauen hiriburua Sarajevo da. Rusiarekiko tensioa.
1909. Gudu baten deskribizioa-ren bi zati argitaratzen ditu Hyperion kazetan.
1910. Hamairu urtez idatziko zuen bere egunkariari hasiera ematen dio. Hari buruz dio: Hemen behar dut tematsu izan, hemen baizik ezin baitezaket.
1911, otsaila. Mundu hiritarra idazten du, Berediktoa-ren aitzindari. Garai honetan Pragako cabaret, music-hall eta literatur kafeak bisitatzen ditu.
1911, urria. Savoy kafean, antzezlari judu batzuren lagun egiten da, batez ere haien buru zen Löwy-rena. Orduarte ez zuen Kafkak bere burua judutzat bereziki ematen. Bere familiaren azalezko judutasunak ez baitzion nazka baizik ematen.
1911, hazila. Zorionez eta gosez irakurtzen du Judutasunaren historia, Graetzek idatzi zuena. 1911. Italiar-turkiar gerla.
1912, urtarrila. Richard eta Samuel, Brod-ekin idazten ari zen nobela amaigabea lantzen du. Bere lehen nobela «Desagertua» (Amerika) hasten du. Nobela hau, urte askoz landuz gero, bukatu gabe utzi zuen.
1912, abuztuaren 7a. Bere Kontenplazio bildumari buruz dio: Kezka haundiak. Azkenik, Max-eri idazten diot geratzen diren zati txikiak ezin ditzaketela orraz, ez dudala nere burua bortxatu nahi eta, beraz, ez dudala liburua argitarako. Baina, dena dela, ematen dio eskueskribua Brod-eri eta honek Rowoblt editatzaileari bidaltzen dio.
1912, abuztuaren 13a. Broden etxean bere andregai izanen den Felice Bauer, berlindarra, ezagutzen du.
1912, irailaren 22-23-a. Inkontru honen eta ondorengo harremanen ondorioz, Kafkak Berediktoa idazten du, bere literatur eboluzioaren etaparik inportanteenari hasiera ematen diolarik. Ipuin hau aldi batez idatzi dut, gaueko hamarretatik goizeko seirak arte, 22tik 23rako gauean. Ezin dateke honela baizik idatzi, jarraipen honez, honelako gorputzaren eta arimaren irikidura oso batez.
1912. Balkanetako lehen gerla.
1913, urtarrilla. Rowolt-ek Kontenplazio-a argitaratzen du.
1913, otsaila. Berediktoa-ren pruebak zuzentzen ditu.
1913, maiatza. Txoferra-ren publikazioa. Nere karra oso ondo idatzitzat nuen Txoferra-z. Gaur nere gurasoei irakurri diet. Ez dago ni baino kritiko hoberik irakurtzen dudanean, higuin eta nazka haundienez aditzen nauen aitamen aurrean.
1913, urriaren 20a. Bere egunkarian Itxura-aldaketa aipatzen du.
1913. Balkanetako bigarren gerla. Boltxebiken eta mentxebiken arteko hausketa definitiboa. Proust-ek «Denbora galduaren bila» hasten du.
1914. Sarajebo-ko atentatoa. Austriaren ultimatuma Serbiari. Gerla.
1914. Brod-ekin haserretzen da zenbait mementoz, ez baitzaio Kafka sionismoari lotzen. Zer dut nik juduekin batera? Justuki neronekin ezer badut. Eskin batetan trankil eta isilik egon behar nuke, arnasa hartzen dudalako kontent.
1914, maiatza. Berlinen Felice-ri esposatzeko hitza ematen dio.
1914, ekainaren 6a. Berlinetik nator. Kriminal bat bezala loturik nengoen. Iskin batetan, egiazko gatez loturik, zer gertatzen den ikustera uzten ez zaidalarik, eta ez zen okerrago izanen.
1914, uztailaren bukaera. Felicerekin hautsi egiten du.
1914, abuztua. Gerla deklarazioa. Miseria guzti horrez guti ukitua aitortzen da. Bere egunkarian burrukatzaileei ia oker desiratzen diela dio.
1914, iraila. Kafkak dio ez diotela Austriaren derrotek idazten galerazten, bere sensibilitateak baizik.
1915. Bi alde berezitzen dira burrukan: batetik Austro-Hungria, Alemania, Turkia, Bulgaria. Bestetik, Serbia, Rusia, Franzia, Ingalaterra, Japoi, Portugal, Italia...
1915. Prozesoa-n lanean. Zakur baten bilaketak idazten du.
1916. Baserri sendagile bat bildumaren zenbait zati idazten du.
1916. Freud: «Psikoanalisisaren hatsapenak».
1917, uztaila. Bigarren aldiz esposatzeko hitza ematen dio Feliceri.
1917, abuztua. Biriketatik odola botatzen du lehen aldiz.
1917, irailaren 17a. Pick doktoreak tuberkulosis datekeen biriken eritasun bat aurkitzen dio Kafkari. Bere arreba Ottla-ren etxera doa deskantsatzera. Kierkegaard eta biblia leitzen ditu; hebreo hizkuntza estudiatzen du. Txekar nekazarien bizitzearekin lehen harremanak.
1917, abendua. Felicerekin betiko hausketa.
1917. Rusiar Iraultza. Gizonak mundu zeharo zuzen bat eraikitzen saiatzen dira Rusian. Erlijio hauzi bat da hau. Boltxebikismoa erlijio delako altxatzen da erlijioaren aurka. Bere jazar-aldiak, zer dira munduan sortuko den erlijio gerra izugarri baten aitzindari baizik? U.S.A. gerran sartzen da.
1918. Züraun, bere arrebaren etxean, Baserri sendagile bat bukatzen du. Zaldian, ikatz ontziaren gainean idazten du eta Harresi txinarra osatzen duen zenbait zati. Udan, Pragan berriro hebreo estudioak segitzen ditu.
1918. Rusiar familia inperialaren asesinatoa. 10-14 txekarrek askatasuna lortzen dute. 10-24 baita hungriarrek ere. 11-11 mundu gerraren bukaera. Austro-Hungria zena hiru estatutan zatitzen da. Txekoslobakia, Hungria eta Austria.
1919. Julie Wohryzek-eri esposatzeko hitza udan. Zenbait hilabetez gero, hausten du. Baserri sendagile bat argitaratzen da.
1919, hazila. Bere aitari zuzendutako Aitari karta idazten du, baina Kafkaren amak ez zion behinere aitari karta hori eman. Presondegi kolonia argitaratzen da.
1919. Faszismoa sortzen da Italian. Rumaniarrek hungriarrak zapaltzen dituzte, Budapesten sartzen direlarik.
1920. Meranon tratamendua. Milena Jesenka Pollak-ekin edukiko duen korrespondentziari hasiera ematen dio.
1920. Matxinada komunistak Ruhr-en. Txekoslobakiak eta Yugoslabiak itun bat izenpetzen dute.
1921. Milenarekin hausten du. Gaztelua hasten du.
1922, martxoa. Brod-eri Gaztelua-ren zenbait kapitulu leitzen dio.
1922. Stalin, sobietiar alderdi komunistaren sekretario. Mussolini, boterearen jabe Italian. J. Joycek «Ulysses» argitaratzen du.
1923, uztaila. Dora Dymant, bere azken laguna izanen den andrea ezagutzen du.
1923, iraila. Dorarekin Berlin-en bizi da. Hebreo hizkuntzan lan egiten du. Hotzak eta goseak indartzen dute haren eritasuna
1923. Franziarrek eta belgiarrek Ruhr-a okupatzen dute. Hitlerren putsha Munichen.
1924. Gero eta gaixoago, martxoaren 17an Brodek Pragara eramaten du.
1924, apirila. Sanatorio batetan dago. Doraren aitak ez dio esposatzeko baimenik ematen. Gosearen txapeldun-aren pruebak zuzentzen ditu.
1924, ekainaren 2a, asteartea. Hil egiten da. Pragako hilerri juduan lurperatzen dute.
KRISTALAREN BESTE ALDETIK
Austro-Hungria, Kafkaren garaian, egun Txekoslobakia, Austria, Hungria, Yugoslabia (zati bat) eta Rumania (zati bat) direnez osaturik xegoen. XIX-gngo mugimendu nazionalistek arriskuan zedukaten estatuaren iraunpena, zeina Franzisko Jose enperadorearen eskutan zegoen, Franzisko Jose baitzen inperioaren haberik inportanteena. Enperadoreari zioten fideltasuna zen, hain zuzen, herri hauen arteko lotura bakarra.
Baino giro historiko hau ulertu nahi bada, Austro-Hungria bere azken egunetan zegoela hartu behar da gogoan, dekadentzia orok dakarzkien ondorioekin. Inperioa osatzen zuten herriek nekez irauntzen zuten baturik. Bestalde, ba dago Kafkaren obran garrantzi haundia izanen duen xeherik: usteldurik zegoen monarkiaren aparato burokratikoa, Kafkak hain argi deskribituko zuena. Egiaz, gerra aurreko Praga bulegoz josirik zegoen, ezer gutirako balio zuten bulegoz, enperadorearen itzalean bizi zirenei postu bat eta soldata bat emateko eginak ziruditenak. Enperadorea berbera, Kafkak bere ipuin batetan (Harresi txinarra) deskribitzen duen bezala, apur bat ahaztuta zegoen, zeren, hainbeste urtetan estatuaren buru zelarik, eta urruti bizi zelarik, ezin jakin baitzatekeen «bera» zen edo bere ondorengoren bat. Are gehiago, ez bakarrik Austro-Hungriaren estatu osotasuna, inperioa bera zegoen arriskuan. Hau da, hauzia ez zen Austro-Hungria zatituko zen ala ez. Austro-Hungriaren estruktura administratibo, ekonomiko, sozial, politiko guztiak zeuden agonian. Barne barnean zedukaten gero eta indartsuago eginen zen mundu berri baten hazia.
Gainera, herriok gero eta aldenduago zeuden, zeren, nahiz 1867-ko konstituzioak herri guztiei eskubide berberak ezagutzen zizkien, alemandarrak eta majiarrak zeuden beste guztien gainetik, eta hau harrigarri zen Pragan, adibidez, alemandarrak % 7 zirela pentsatzen bada. Egoera hau ez zen, ordea, giza-garrantziko postu guztiak alemandarrez okupaturik egoteko behaztoparik.
Baina Austro-Hungriaren hedaduran, Pragan sortu zen Kafka, judutar hauzoan bereziki, txekar itsasoan aurkitzen zen uharte alemandarrean. Praga, hiriburu izanik, ez zen hiru giza-talde diferentez osaturik zegoen herri haundi bat baizik, zeinak zenbait mendez gero, hizkuntzaz eta ohituraz urrundurik baitzeuden: txekarrak, Habsburgo-en monarkia germanizatzailearen influentziaz ahuldurik; juduak, antisemitismo tradizional baina ezkutu batez mehatxaturik eta Bohemia-ko alemandarrak, bi mendez Alemaniatik aldendurik. Talde bakoitza bere hauzoan murgildurik bizi zen arraza eta hizkuntza desberdintasunak giza-desberdintasun mugikaitz bihurtu baitziren: alemandarrak eta juduak burokrata eta merkatari ziren; txekarrek berriz langile populazioa osatzen zuten gehienetan.
Kafka judu zen, familia judu germanizatu batetan sortua, eta Kafkaren beraren judutasuna ez zen behinere oso indartsu izan. Pragako juduak, aspaldi danik germanizatuak historia eta kulturarik gabekoak, gezurrezko judu iruditzen zitzaizkion, austriar hiritasunez eta alemandar hizkuntzaz beren arrotztasuna ezkutatzen zutenak. Erlijio judua ere, ez zen Kafkaren familian forma hutsa baizik. Beraz, ez da harrigarri 1914-ean zer dut nik juduekin batera? Justuki neronekin ezer badut esatea, baina frase hau ez da halaz ere Kafkaren judutasunari buruzko jokaeraren seinaletzat hartu behar, zeren behin 1911-ez gero, Löwy ezagutu zuenez gero, gauza juduen zaletasuna bizitu baitzitzaion eta azken urtetan, judutar hizkuntza ikasten saiatu zen, are gehiago, juduen alde lan egiten.
Judu bezala bada, Kafka hiru aldiz zen sospetxoso txekarren aurrean, ez baitzen bakarrik judu eta zapaltzaile baten seme, baizik alemandar ere. Zeren Kafka alemanez izan zen edukatua (nahiz beranduago, bere kabuz, txekar hizkuntxa ikasi zuen) eta bere bizitze guztian alemanez idatzi zuen. Baina Praga-ko alemandarrak, Alemaniatik bakarturik, hizkuntza artifizial bat erabiltzen zuten, fosilizatua zegoen hizkuntza bat, Praga-ko alemandarren egoera deskribitzen zuen hizkuntza. Nazio literaturak hizkuntza herrikoi eta bizi haietatik lortzen dituen aberastasunetatik at, Alemaniako kultura mugimenduetatik baztertua, hizkuntzak, beraz baliatzen ziren gizonek bezala, ez zuen historiarik ez tradizinorik. Are gehiago, inguruko hizkuntzek kutsatzen eta ahultzen zutelarik, behartsu eta moldakaitz zen.
Fenomeno inportante honen azterketa sakonago bat eta bere ondorioen garrantzia, Kafkaren obra arakatzean ikusiko da, behaztopa horiek baitaude Kafkaren obraren oinarrian.
Hau izan zen Kafkak ezagutu zuen lehen giroa (eta ia giro bakarra). Bere familiaz, bere haurtzaroaz idaztea, bere aitarekiko harremanez ihardukitzea da, aita izan baitzen, zalantzarik gabe, Kafkaren bizitzearen eragile.
Herrmann Kafka gizon haundi, fuerte bat zen, erdi miseriatik aberastasunera heldu zena. Bere jaiotze-hizkuntza txekarra zen eta ez zuen behinere alemana ondo idatzi eta irakurri. Baina kulturarik gabeko gizon honek, lanaren poderioz lortu zuen Franz sortu zenean zuen diru lasaitasuna eta Praga-ko goi klasean sartu nahirik, alemandar eskoletara bidali zituen bere seme guztiak.
Kafkaren ama, berriz, judu alemandar burjesian sortu zen, familia kulto eta dirudun batetan, eta Herrmann Kafkarekin esposatu zenean haren itzalean pasa zuen bizitze guztia, Franzek hain beharrezko zuen ararteko papera jokatu gabe.
Franz Kafka, beraz bloke hautsiezin bat osatzen zuten gurasoen aurrean aurkitu zen, beti inudez eta profesorez inguraturik. Gurasoak gutitan ikusten zituen. Aitak eman zion edukazio guztia ordenak ematera mugatu zen, zeren berak pasa zuen gaztaro gogorraz gogoratuz, Franz mutil fuerte eta gogor bat egin nahi izan baitzuen, honen ahultasuna gogoan hartu nahi izan gabe, eta Franzentzat aitak ematen zituen ordenek ulergaitz eta bete-ezin ziruditen.
Dena dela, H. Kafkaren tirania ez zen beste ghettotako aita guztiena baino gogorrago, inguruan dardarka ari zen munduaren aginte huts-gunea betetzea aiten eskutan jartzen baitzen. Baina Franzengan, amaren arartekotasunik gabe eta bere bereizkuntza personalak gatik, egoera guztiz anormal bat gertatu zen, neurri oro hautsia zegoen mundu bat.
Bere aitari egin zion karta luzean, Franzek berak zion: ...mundua hirutan zatiturik agertzen zitzaidan: batetan ni bizi nintzen, esklabo, niretzat bakarrik asmatu ziren legeren pean; bestetan, oso urruti zegoen zati batetan, zu bizi zinen, gobernatzen, ordenak ematen eta hauk betetzen ez zirenean haserretzen; eta azkenik, beste hirugarren zatia, zeinean jendea zoriontsu, obeditu gabe bizi baitzen.
Bada, Franzek bere aitaren ordenak bete ezin zituelako, errudun aurkitzen zen haren aurrean ezinbestean, eta ez errudun bakarrik Franzek berak bere aitari egindako kartan zionez: Zure iritzia zuzena zen; beste guztiak zentzugabe, anormal. Honela, zure buruan zenuen fidantza hain zen haundia, non arrazoia gordetzeko ez baitzegoen konsekuente izateko beharrik. Eta aurreago, adibidez, txekarren aurka izugarriak esateko gauza zinen, ondoren alemandarren, juduen aurka, eta ez zehaztasunetan soilik, baizik ikuspegi orotan, eta azkenik, zu bakarrik geratzen zinen. Nire begien aurrean tiranoen karakter enigmatiko hori hartu zenuen, zure eskubidea, iruditzen zitzaidanez, ez baitzen zure personan baizik oinarritzen.
Edo areago: Aski zen, soilik, edozer gatik zoriontsu sentitzea, edozer gauzaz beterik sentitzea, etxean sartu eta zorion hori esplikatzea, erantzuntzat irri ironiko bat, buru astinketa bat edo honelako fraseren bat entzuteko: «Nik gauza askoz ederragoak ikusi dizkiat» edo «Niri esan behar dautak» edo «Eta hik zer irabazten duk horrez?» edo, azkenik «Hara zer gauza».
Herrmann Kafka ez zen ordea munstro bat, bere semearentzat ezik. Gainera, biguntzen zenean ere, nahiz gutitan gertatzen zen, esperogabeko gertakaria horrek areago bildurtzen zuen semea, haur haren buruan ez baitzegoen lekurik bi izaera horientzat. Beraz, maitasuna eta ondadea garaile ateratzen indar guztiz saiatzen zirenean, mundua geratu egiten zen, mundutik at baitzegoen, ezinbestean, amaren eritasun batez negar egiten zuen gizona, edo Franz bera gaixorik egon zenean, atetik, lepoa luzatuz bere semea agurtzen zuen gizona, gaixoaren nekearen errespetoz.
Hitz batez, F. Kafkak ezagutu zuen lehen mundua ez bakarrik arrotz, baizik etsai zitzaion, eta giro bildurgarri honen aurrean, ez zuen bere buruaren baitan ezkutatzea baizik aurkitu, eta mundua ukatzen saiatu zen. Ez zuen inolako kuriosidaderik agertzen, ez zen beste haurrekin ia jostatzen. Mundu bakarti bat eraiki zuen, han bakarrik izan baitzitekeen errege. Eta irakurtzera eta idaztera eman zen. Era honetan, hasieran joku bat zen aislamendua, piskanaka bere familiarekiko harremanak kutsatzen hasi zen, ezin hautsi zen mekanismo bat sortuz: berak mundua ukatzen zuen eta munduak bera. Baina jokaera honek ezin izan zuen Kafkaren bizitzearen ekilibrio falta zuzendu, zeren aitak berak betetzen ez zituen orden bete-ezinek Katkarengan hogentasun sentimendu bat sortu baitzuten, haren obran hain paper inportantea jokatuko zuen hogentasun sentimendua. Nolabait, ezer okerrik egin nuen jakin baino lehen, hogendun sentitzen nintzen.
Baina Franz Kafka bere aitarekin izan zituen harremanen punturik patologikoena, iraunpena da. Haur orontzat aita da legea, aita munduaren neurri, jainko lehena. Baina denborarekin inguruan aurkitzen dituen elementuek mundua aldatu egiten dute ezinbestean: aitaren gainetik beste lege bat dago, munduaren neurriak erabakitzen dituena. Krisis hau gainditzean sartzen da haurra «gizonen» munduan. Kafkak, aldiz, ez zuen horrelakorik egin eta ikusmolde honetatik, Kafka beti haur izan zela esan dezakegu, edo bere hitzez: ez naiz inoiz adulto izanen; haur ondoren, aitona ile zuridun bihurtuko naiz. Hau frogatzeko, bere aitari 1919-an idatzi zion karta aipatuko dugu, zeinean, 36 urte izanik, aita-seme harremanak samurtzeko asmoz, Kafka bere burua defenditzen saiatzen baita. (Karta hau, lehenago esan dugunez, ez zen inoiz aitaren eskuetara heldu, ama ez baitzen ausartu).
Familia giro honek erabat ahuldu zuen Kafka munduarekin eraman behar zuen burrukarako, inferioritatean jartzen zuelarik hain mundu gogorraren aurrean. Lizeo Alemandarrak ere ez zion inolaz lagundu. Lizeoa leku famatu bat zen, Austro-Hungriako funzionarioen tradizinozko sorlekua. Eskola latz eta absurdo bat zen. Kafkak, batez ere, latina eta grekoa ikasten zuen eta alemandar hizkuntza sakontzeko asmoz ematen zitzaion irakaskintza alfer bat. Nahiz ikasgai hauek Franzentzat interesik ez zuten, Franz, bere aitaren onespenaren eske, estudiante «langile, apal eta isil» izanik, aurrera zihoan, behaztoparik gabe. Baina garaitia horiek ez zuten bere buruarekiko fidantza finkotzen, aitzitik, zenbatenaz gorago igo, jaurtipena hanbatenaz haundiago izanen zen segurtasuna baitzuen.
Bere jokaera bada, negatibo zen. Klaseko batek esan zuenez «kristalezko kanpai baten azpian» zegoela zirudien. Paisajerik gabeko bizitze bat zen, barne aktibitateei mugatua.
Dena dela, eta Franzen kondizio personaletatik at, Lizeoa ezin zitekeen absurdoago izan, zeren funzionarioz beterik zegoen mundu bat funzionarioz hornitzen saiatzen baitzen, hil zorian zegoen gizarte baten zaindari izan behar zutenak. Honela, Lizeoan ematen zen edukazioa erabat lotzen zitzaion AustroHungria-ko egoerari: nola ez zegoen inolaz funzionario beharrik, nola funzionarioek ez zuten zer-eginik, ez zitzaien ezer erakusten, inportante zirela baizik, antzezlari izaten baizik.
Ez da ordea Kafkaren negatibismoa areagotu behar, zirkulo honetatik irtentzeko entseiuak ugari samar izan baitziren bere bizitzean. Izan ere, ezin zitekeen besterik gerta, gazteriaren indarrez besterik ez bada ere.
Salbazio, etseiu aurrenetako bat 16 urtekin sozialismoruntz eman zuen urratsa da, ez sozialismo ortodoxo bateruntz, sinpatian eta kidetasunean oinarritutako bateruntz baizik. Langile eta zapalduekiko begikotasun hau izanen da Kafkarengan egite politiko guztien oinarri, «Lan Akzidente Konpainia»-n lan egin zuenean nabarmendu zenez. (Zein jende apala! Faborez eskatzera datoz. Etxea erre eta txikitu beharrean, faborez eskatzera datoz.) Baina alor honetan, Kafkaren esperientziarik konkretoena 1909-an gertatu zen. Garai hartan Kafka «Klub mladych»-era joaten zen sarritan. Klub honen helburua idea sozialistak zabaltzea zen, eta batez ere idea anti-militaristak. Baina Kafka espektadore agertzen zaigu batez ere eta poliziak mitting bat sakabanatu zuenean, Kafka bertan zegoelarik burrukatzaileen artean geratu zen lasaiki, ezer arriskatzen ez duen persona bat bezala eta poliziaren ordenak ez betetzeagatik, komisariara eraman zuten. Hurrengo egunean, florin bat ordainduz lortu zuen hain denbora gutiz galdutako libertadea.
Kafkak ba zuen, ezinbestean, munduan gertatzen zenaren berri. Baina ez zen ezer egitera ausartzen, edo behintzat ez zen burruka traszendental haietan benetako parte hartzera ausartzen. Bere egunkariak mostratzen daukunez, ez zuen ulertu garai hartako gerrek, guduek, huelgek zuten garrantzia. Guzti hori munduaren gaixotasun bat zen, sendatu behar zena, baina munduaren iraunpena serioski atakatzen ez zuen gaixotasun bat.
Erabat ezertara (literaturara ezik) dedikatzeko ezin hau da Kafkaren bizitzearen seinalerik garrantzitsuenetako bat. Maila honetan ez da ahaztu behar 1914-eko gerra. Austria Alemaniarekin bat egin zen. Beraz, Kafka, Austro-Hungria-ko herritar zenez gero, lau urtez gerran egon zen eta gainera gerra galdu egin zuen. Egia da bere ahultasuna gatik. Kafkak ez zuela personalki gerran parte hartu, baina dena dela, gerratik ahal bezain urrun bizi zen. Gerra bera ere, ez du ia aipatzen, bere egunkariko dozena erdi bat lerrotan ezik. Gerraz beterik zegoen mundu hartan, ezin aurki zitekeen leku baketsurik, norberaren barnea ezik. Eta beste behin ere, bere barnean ezkutatzen da Kafka indar berriz, gerraren ukazioaren bidez ihes egiten zuelarik. Baina 1916-ean bi urtez gero gordetzen dudan desira bete nahi nuke, soldadu izan esaten du paradojikoki. Zoritxarrez ez dago Kafkak hauzi honetan izan zuen jokabidea ondo aztertzeko gairik, ez baina aski bi urteren ihesgoaren buruan egin zuen aitortza hori, batez ere egunkaritik atera ez zelako. Beraz, gerrarekiko isiltasuna, ukazioa, har daitezke frogatzat.
Azkenik, 1917an agertu zitzaion eritasuna bera ere, gaur eguneko midikuntzak onartzen duen tesis batez, ez zen ihesgoa bat baizik. Kontentuegi errezibitu zuen zoritxar hau beste era batetara pentsatzeko. Halaz ere ez du honek esan nahi Kafkak eritasunari dei konsziente bat egin zionik, baizik osasunez ahul samar zen gizon hartan, ezkontzeko bildurrez beterik, baina halaz ere ezkontza salbabide bezala beharrezko iruditzen zitzaiolarik, eritasuna babestzat agertzen zela. Honela, eritasuna zela desenkusa, bere garai hartako andregaiarekin hausten du, nahiz geroago, eritasuna finkatuago zegoelarik, beste ezkontza entseiurik egin zuen. Bestalde, eritasunaren pisua azaltzen zaio, nolabait, bere frakasoaren laguntzaile (Kafkak bere bizitze guztian frakasatutzat hartu baitzuen bere burua) aitaren aurrean.
Beraz, Kafka hemen azaltzen den bezalakoa zela onartzen bada, ba dago oso pundu oinarrizko bat, sarritan ahaztu egiten dena. Kafka, bere teknika oinarri bakartzat harturik, idazle profetiko, aurreratzailetzat hartu ohi da, bere garaia baino aurreratuago zegoen idazlea. Baina hori hala bada ere, ez da ahaztu behar Kafkaren jokaera personalaren atzeratasuna. Bere sustrairik ezaz, bere judutasunak eta nazio egoera bereziak oinarritzen zuten nazio faltaren sentimenduaz, bere bakardadeaz, aurreko jenerazino erromantikoei lotzen zaie. Eta bere jokaera indibidualista (karakteristiko denez, Kafkak egia taldean, ez indibiduoan, zegoela pentsatu eta idatzi arren, beste era batetara jokatzen zuen, bere bizitzeko kontraesanak ugarituz) ekonomiaren eta politikaren liberalismoari zegokion.
Kafkak, erromantikoek bezala, mundu bakarti bat eraiki zuen, kristal deformatzailez inguratutako leku bat. Han zen Kafka nagusi, handik ikusten zuen mundua, pasiboki, luma eskuan zuelarik.
KAFKAREN ERRESUMA
Kafkaren bizitzearen zentzua, sustraia, ardatza, literaturan bilatu behar da, literaturarentzat bakarrik bizi izan baitzen ia osorik, areago, «literaturan» bizi izan zela esanen genuke. Literatura zen Kafkaren erresuma, bere legez baizik mugatzen ez zen erresuma konparagaitza.
Kafkaren eskribuek, klaroak, hizkuntza single batez idatziak eta nolabait klasikoak, halaz ere ba dirudi agiri ez dagoen zerbait ezkutatzen dutela, interpretazio bat eskatuko balute bezala. Tranpa honetan eroriaz, kritiko asko abiatu da Kafkaren obraren azken zentzu bat bila Kafkaren obra endelegatzeko jardunbide gaizto bat finkatuz.
Interpretazio guzti horien berri ematea gure garaiko idea nagusienen historia egitea lizateke. Existenzialismoak, psikoanalisisak, marxismoak, soziologiak, teologiak, beren metodo bereziez baliaturik analizatu dute Kafkaren obra, beren aurreiritzien konfirmazio bat bila. Interpretazio guzti horien emaitza tesis desberdin eta kontradiktorio multzo bat izan da eta egoera honen aurrean, kezka bat sortu da: alegia, ez ote dugun hainbeste zientzia inoportunoez Kafka bera bidean galdu, haren obraren benetako endelegamenduaren kaltetan.
Lan honen bidez, eta galdurik dabilen Kafka birraurkitzeko, beste interpretazio bat ematen saiatu beharrean, kritika literario hutsak ematen dituen argitasunak mostratu nahi ditugu soilik.
Ikuspegi honetatik, eta bere biografia gogoan harturik, argi dago ez dela kasualidade bat Kafka saiaerak egin beharrean, ipuin eta nobela egile bat izatea. Nobelak egin zituenez gero, Kafkarentzat garrantzia duena bisio bat da, hitz eta irudien joku berezi bat, konzeptutara itzuli ezin datekeen zerbait. Eta alor honetan, literaturak bakarrik du esku.
Baina nola klasifikatu Kafkaren obraren zatiak, osotasuna galdu gabe? Hiru nobelak nobela alegorikotzat hartzen dira eta ba dute alegoria giro bat, baina Gaztelua epopeia bat da bestalde (ik. Homero-ren Iliada eta Odisea edo Virgilio-ren Eneida) eta Amerika-k mito bat du gaitzat (paradisu galdua eta birraurkitua) eta honela nobela mitologiko izenda daiteke. Animaliei buruzko obrek berriz, talde bat osatu ohi dute, Fabula izenez bildurik. Baina Itxura-aldaketa areago da ipuin bat, (ez baitu moralejarik) eta Josefina-ren bizitzea hobe dateke kronika bat. Kronika bat dira ere Harresi txinarra eta sujeto kolektibo bat duten guztiak. Prozesoa eta Ordezkoa ipuin judizialak dira baina Prozesoa nobela poliziako bat da ere (nobela poliziakorik bitxiena, ez baita kriminala bilatzen, krimena baizik).«Akademia bati agiria» «ciencia ficción» ipuin bat da berriz. Ez litzateke zail oraindik literatura molde gehiako aurkitzea Kafkaren obran, Kafkak molde guztiak landu baitzituen, inon lekurik ez zuela frogatu nahi izan balu bezala edo klasifikaezin izanik, bere bakardadea literaturaren historian ere gorde nahi izan balu bezala.
Dena dela, ez gara Kafkaren obren argumentoak aztertzen hasiko, ezin baitira hitz bakar batzutan laburtu, edo hobe, laburpenek ez baitute egia faltsotu baizik egiten. Zeren bakardadea, justiziaren, perfekzioaren, justifikazioaren bilaketak edozein titeraturatan, zaharrean nahiz modernoan, aurki baitaitezke. Beraz, Kafkaren teknikaz mintzatuko gara. Eta teknikan oinarritu behar garenez gero, haren lehen tresna arakatuko dugu lehenik: hizkuntza.
Ikusi dugu nondik hartu zuen Kafkak bere hizkuntza, Praga-ko egoera ezagutu gabe ezin ulertu datekeena. Beraz, hizkuntza artifizial honez baliatu zen Kafka, baina ez zuen halaz ere neologismorik sortu, nahiz alemanez hitz berriak ia berez formatzen diren. Hau da, hain zuzen, haren karakteristika inportante bat: hitz ahaztuak, zaharrak erabiltzen zituen, maiz lege paperetatik sortuak (ez da lege gizon zenik ahaztu behar) eta areago, hasierako esan-nahia galduz, beste zentzu bat hartu zuten hitzak. Baina Kafkak lehen esan-nahiaz baliatzen zen zentzu etimologikoaz, alemanez besterik ezin dastatu daitezkeen hitz-jokuak lortuz, paradojikoki hizkuntzaren austeritatea, hitz bakoitzaren errealitate aseptikoa bilatzen zuelarik.
Eta halaz ere ez zaio nahiko argi geratzen denik iruditzen eta bere eskribuak «ba-... bezala» eta «bai baina»-z josirik daude, pentsaeraren eta formaren lotura hertsi bat bilatzen eta aurkitzen duelarik. Baina Kafkaren idazle personalitatea finkatzen den arabera, bere teknika hobeagotzen, «ba-... bezala» horiek desagertzen dira. Horrela, Prozesoa-n K. detenitua sentitzen da, eta nobela guztia K. detenitua izan «balitz bezala» gertatzen da, baina baldintza hau aipatzen ez delarik. Era berean, Kafkaren aitak parasito bat «balitz bezala» tratatzen du bere semea, (Aitari Karta-n ikusten denez) eta itxuraz aldatu «balitz bezala» da. Eta hemen hasten da ipuina, baldintza onartuz.
Hemen datza, beraz, Kafkaren bitxitasunaren puntu garrantzitsu bat. Hizkuntza arruntak «zakur bat bezala bizi», «zakur judua» esaten du zentzu mezpreziatzaile batez. Baina Kafka besteak bukatzen diren lekuan hasten da, zakur bati persona baten pentsaerak emanaz, gurea bezain real den realtzat hartzen duen mundu bat sortuz, Itxura-Aldaketa aztertzean ikusiko dugunez.
Zeren Kafkaren ipuinak «egiatan» gertatzen baitira, ez ametsetan, berak bereziki dionez. Prozesoa goiz batetan hasten da eta Itxura-aldaketa ere goiz batetan, amets nahasi baten ondotik itzartzean hasten da. Erne dagoen imajinazioak asma ditzake bakarrik memento batez baina gehiago iraunen duten historiak.
Kafkaren ipuinetan bada, pentsaera arrunta baiezten duen «bai» bat dago eta, indar berberaz, «baina» bat, pentsaera hori behinere osorik uzten ez duena. «Bai» horrez, Kafka esan eta idatzi den guztiaren alde jartzen da, «baina»-a ezkutuki agertzen duelarik. Jeneralera itzuli ezin datekeen pentsaera baten seinale den «baina» horrez ordea, Kafkaren «bai»-a ez da behinere ke edo laino atzetik baizik ikusten. Eta burruka honetatik sortzen dira Kafkaren eskribuak, hasieran burrukaren ritmoa perpausa labur eta lasterrez emanaz, burrukatzaileen arnasa etena bezala. Estilo horrez idatzi zuen Baserri midikua. Baina gero, Kafkak lehen aipatu ditugun batdintzak alde batetara uzten zituen era berean, perpausa konplikatu egin zuen, arbola baten estruktura ematen ziolarik. Enborra utzirik adar zabal batetan abiatzen da, adar honi koma artean edo gioi artean hitz bi edo hiru sartzen diolarik, baina nahiz zenbaitetan adarra luxe den, derrepentean enborrera itzultzen da, zenbait pauso eman ondoren beste adar batetara itzuliko bada ere. Etengabeko honat-harat horiek, daunbada horiek, irudi guzti horiek, absurdoa eta kontraesana agertzen duten perpausa labur horiek, koma tartean ezkutatuak, argi adierazten dute idazlearen antsia, segundo batez bakarrik hausten diren amets erneak, hitz batez, Kafkaren nortasuna. Idea ez da perpausaren textuinguruan jaiotzen, baizik jeneraletik partikularrera, baiezpenetik dudara, segurantzatik ezbaitasunera, batasunetik anitztasunera, ezagutuatik esplikaezinara dihoan mugimendu batetan, azken erantzuna ematen ez daukun galdera gisako batetan. Eta erantzun falta honek sortzen duen huts-gunea betetzea de Kafkaren obrak azaltzen duen tentaziorik nagusiena. Hemen sortzen da eztabaidarik gogorrena alegia perpausa ilun-argi horiek irudi bat, metafora bat, sinbolo bat edo alegoria bat ezkutatzen ote duten. Baina edozein hitz aukeratzen den, kritiko orok Kafkaren obra irudiz josita dagoela du dogmatzat, are gehiago, obra bera ere irudi bat dela.
Sinbolo bat gauza baten eta idea baten ararteko da, nahi den bezain sakon eta aberats, baina halaz ere zehatz, justu, tradizino eman batetan erabat definitua, zeren bere eginbeharra betetzeko, elkartu nahi dituen bi zatiren erreferentzi bat behar baitu, hizkuntza nahasi ager ez dadin. Baina Kafkaren sinboloak ez du haren pentsamoldearen ihardukieraren erreferentzirik; aitzitik, mila interpretazio posible justifikatzen ditu, multzo ulergaitz bat sortzen duelarik. Beraz, sasi-sinboloak dira, tradizinozko itxura seguratzailearen pean sinbolo orok azkenean erakusten duen enigma signifikazio multzo batez aldatzen dutenak, azken hitza ematen ez duten sasi-sinboloak. Honela, sinbolo huts bezala erabiliak, Kafkaren irudiek hainbeste esan-nahi kontrario izan ditzakete, non kontraesan horien artean edozein aukeratu behar baita, ala koherentzia oro bazterturik, multzo osoa.
Halaz ere, M. Brod-ek «sinboliko» izendatzen du Kafkaren estiloa (Kafka. EMECE). Baina Broden iritzia erabat parzial da, inolaz zientifiko. Ez du obra hutsik aztertzen, aurreiritzi batzutan oinarriturik baizik. Ororen esplikazioa jainkoan eta judutasunean ikusten du Brod-ek, hori bai, berak bi lerrotan behin dioenez, Kafkarekin izan zuen adiskidetasun sakonak ematen dion baimen guztiz ahaltsuaz baliatzen delarik. Brod-ek Kafkaren obra salbatzetik at, ez dio beste faborerik egin obrari berari, batez ere bere jokaera ez-zientifiko eta subjetiboa gatik. Iritzi berberara dator Moeller, (Literatura del siglo XX y Cristianismo. t. III - Edit. Gredos) Brod-ek Kafkaren obra bisio gehiegi mugatu batez presentatzen duela dioenean. (Baina azkenean, Moeller ere erru berberara erortzen da: Kafkaren obra eta bizitzea Kafkaren jainkoarekiko harremanik ezaren arauez ezplikatzen du, bildurrik gabe «Jainko biziaren, Aita, Semea eta Espiritu Sainduaren bisio espiritual batek lagun zezakeen Kafka bere konplejoa garaitzen» dioelarik).
Baina Kafkaren irudiak sinbolo ez direlako, ez bakarrik irakurleak, baizik protagonistak berak ezin gainditu du duda nagusi hura. Gaztelua-n protagonista «gaztelu», «jaun», «laguntzaile», «mezulari»... hitzen esan-nahi ugariak banan bana probatzen saiatzen da. Hitz horien egiazko esan-nahian dago salbazioa, zeren gazteluaren irudia gezur bat bada, ahaztu egin behar da eta gaztelurik ez balego bezala bizi. Baina egiazko bada, egia honek bizitzearen memento oro argitu eta herria egongarri bihurtuko baitu. Baina K. duda horretan hilko da, bere bizitzeari irtenbiderik aurkitzen ez diolarik. «Prozesoa»-ko K. ere, zein legeren izenean judikatzen duten jakin gabe hilko da, tribunalearen eta abokatuaren etxeko bazterretan mila sasi-sinbolok erantzuna gordetzen dutelarik. Kafkaren ipuin guztiak dadukate, argitasun berberaz heroearen irudien aurkako burruka desesperantzatuaren deseinua.
Eta horrela ulertzen da zergatik Kafkaren obra bere irudien bidez ulertu nahi bada, irtenbiderik ez duen multzo bat bezala agertzen zaigun: irudien bidez esplikatzen diren irudiz ihardukitzen baita, interpretazio baten interpretazioz.
Zeren Kafka, gauza orokin bat egitako jatorrizka zaletasun horregatik, iruditara kondenatua aurkitzen baita. Eta Kafkak onartzen ditu ondorioak.
«Mundu sensibletik at dagoena, ezin daiteke alusioz baizik esplika, eta inoiz ez analogiaz», dio Kafkak berak.
Beraz, Prozesoa, Gaztelua, Itxura-Aldaketa-ren irudiak ez dira sinboloak (analogiaz baliatzen diren irudiak), alusioak baizik. Eta alusio horiek mundu baten mila esplikazioak aztertzean ezagut-arazitzen daukute errealitatea, ezen ez munduaren «zentzua» emanaz. Beraz, alusio horiek entelegatzeko aski da interpretaziorik ez egitea, zeren beren egin-beharra ugaritasunean baitago, harremanetan, obraren multzoarekin eta zatiekin duten loturetan.
Kafkaren alusioek, indibiduoak munduarekin daraman burrukan hartzen dute oin. Edo berezikiago, protagonistaren bidez baiezten den singularraren eta jeneraltasunaren burrukan. Honela, alusio horiek sortzen duten eskribuan, ez bakarrik protagonista, baizik areago, hitzak ere esan-nahi multiplez zatiturik aurkitzen dira. Eta egitade partikular eta jeneralaren arteko burrukatik, irudi itsaso bat sortzen da, eskribu guztia uhinez inguratzen duena.
Honelako nobelak bukaezin dira berez: irtenbide posibleren ugaritasunak berak eragozten du egintza, desenlazea ezin bilakatzen duelarik.
Zeren gure ustez ez da kasualidade bat, edo Kafkaren modestiaren fruitu bat (M. Brod) bere lan gehienak bukagabe izatea, obrak berak eskatzen duen zerbait baizik. Gainera, bukaerarik eza maiz erabiltzen da Kafkaren ipuinetan. «Harresi txinarra»-n, enperadoreak, etsaiak gera-arazitzeko asmoz, jenerazino buka-ezinek harresi buka-ezin bat buka-ezinik eraiki dezaten agintzen du, inperio buka-ezin bat babes buka-ezin batez gordetzeko. Beste ipuin batetan, aldiz, errege baten mezua ezin hel daiteke bere helburura, mila behaztopa buka-ezinek bidea galerazten diotelako.
Egia da Prozesoa eta Gaztelua hil ondoren argitaratu zirela eta Kafkak berak ez zituela inoiz zuzendu. Egia da ere bai B. Brod-eri esan zionez, nahiago zuela beste obra berri «on» bat sortzen saiatu, erdi eginik zeuden «txarrak» argitaratzeko tajutu baino. Baina horrek ezin dezake zenbait zehaztasun baizik esplika, adibidez, Prozesoa eta Gaztelua-ren izen propio falta, baina inolaz nobelaren kapitulu osoaren falta. Are gehiago, gure ustez falta hori halabeharrezkotzat ez edukitzea, Kafkaren obra ez ulertzea da, bere heroeek pairatu behar dituzten behaztopa guztiak, asmatu behar dituzten enigma buka-ezinak baitira Kafkaren obraren seinale. Eta Brod jaunak Kafkaren obra bat birreditatzen den bakoitzean «beste kuaderno batetan aurkitutako kapituluinedito» bat orain arte bezala sortzen saiatzen bada ere, ez dio horrek Kafkaren obrari metodo faltak egin diezakeon errurik at beste ezer inportanterik gehituko, Kafkaren obrak buka-ezin baitira ezinbestean, dudakor, indeziso, Kafka bera bezala.
ITXURA-ALDAKETA
1906-gn. urtean, Baserri eztai baten antolaketak-ean, Kafkak idazten du: Gainera, ezin egin al dut txikitan, hauzi arriskutsutan sarturik nengoenean egiten nuena? Ez dut neroni baserrira joateko beharrik ere; ez da beharrezko. Neure gorputza jantzirik bidaltzen dut...
Ohean etzanda nagoenean, zomorro haundi baten itxura dudala deritzot, eskarabajo batena.
Eskarabajo haundi batena, hori da. Neguko amets bat dela pentsatzen dut eta neure hanka ergelak neure sabelaren kontra hersten ditut. Eta zenbait hitz mormoratzen dut. Nire aldamenean, makurturik dagoen neure gorputz tristeari ematen dizkiodan ordenak dira. Berehala bukatzen dut; agur bat egiten daut eta alde egiten du, trebetasun haundiez guztia egiteko. Eta nik, bitartean deskantsatu egiten dut.
1919-an, 13 urte geroago, Kafkak bere aitari egiten dion kartaren bukaeran haren ahoan jartzen duen erantzuna hau da:
Demagun bata bestearen aurka burrukatzen garela, baina bi gudu molde dago. Zaldunen gudua, zeinean etsaiek bere indarrak neurtzen baitituzte eta bat bedera bakarrik dagoelarik, bere indar hutsez galtzen edo irabazten baitu. Eta parasitoaren gudua, zeinean parasitoak ez baitu bakarrik kosk egiten, baizik besteen odola edoskiz bizi baita. Azken hau, ofiziozko soldaduaren gudua da, eta horra zer zaren zu...
Bi zati horien artean, 1913-an idatzi zuen Kafkak «Itxura-Aldaketa», gure ustez Kafkaren obraren eskriburik errepresentatiboenetatik bat. Zeren, bi zati horiek ongi asko agertzen dutenez, ItxuraAldaketa-ren gaia «leit-motif» bat baita Franz Kafkaren bizitzean.
Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean, Gergor Samsak ohean zetzala, bere burua intsektu izugarri bat bihurtuta ikusi zuen. Eta horra bi lerrotan ipuinaren mamia. Kafkak argi dio, amets nahasi baten ondotik itzartzean gertatzen da guztia, ez da beraz amets bat, egia hutsa baizik. Eta Georgek bere bizibidearen latzean pentsatzen du. Orrialde batetan, Kafkak, ezer frogatu gabe, «berez doan» mundu batetan murgiltzen gaitu. Zeren Georg-en mundu berria lehenagokoa bezain egiazko da. Areago, ez da bere aurreko bizitzearen ondorio bat baizik. Ez zuen ba Georg-en aitak bere semea zomorro bat bezala tratatzen? Eta batez ere lantokian ez al zen Georg erlauntza haundi batetako erle anonimo bat? Beraz, goiz batetan, zomorro bat «balitz bezala» bere burua sentitzen zuen mutila, zomorro bilakaturik itzartzen da. Baina bere itxura-aldaketak ba du berezitasun nagusi bat: nahiz intsektu bihurtu den, Georg gizon da nolabait oraindik, bietatik gordetzen duelarik kontraesan nagusi batetan.
Eta honela, bere gorputz berria esploratzen ari delarik, bat batean dio: Honen goiz altxatu behar hauek tontatu egiten naute. Gizonak lo egiteko beharra ere ba du. Eta aurreago, bere aboza ulerrezina bihurtu dela ikusirik, Georg-ek ez zedukan batere dudarik bere bozaren aldakuntza hura hotzen batek egina zelakoan, ibiltarien bizimoduaren geixo kontsakratua eta ...arnasa falta zitzaion. Ez zen hau harritzeko, bere lehengo itxuraz eta egoeraz ere bere birikez ezin fida baitzitekeen. (Guztiok intsektuek birikarik ez dutela dakigularik).
Obra honetan, Kafkaren estiloa oso da errepresentatibo. Bertan aurki ditzakegu aurreko kapituluan esplikatutako perpausak: Baina zerorrek, arduradun jauna, zerorrek beste guztiek baino gehiago dakizu almazeneko gauzei buruz, are gehiago, nagusiak berak baino, beronek, ugazaba delako edo, askotan gaizki pentsatzen baitu bere enplegatuez, zerorrek ondo baino hobeto dakizu ibiltaria, ia beti almazenetik kanpoan dagoelarik, beste guztien erran merranen gaia dela eta protesta eta keixa zentzugabe askoren iturburua.
Kafkaren pentsaera, frasearen harian, geratu egiten da, atzera egiten du, birrasten da, hitz-joku ez diren hitz loturak eginik, pentsamoldearen arintasuna exenplu bitxi batez agerturik, edo zehaztasun bat emanik: Ataritik neska bien gonen zaratotsa sentitzen zen (nola jantziko zen hain agudo arreba?) eta etxeko atea irekitzen zen. Eta: Hasieran ez zuen ikusi; baina gero, sofaren azpian ikustean —Jaingo maitia! nonbait egon behar zuen! ez zen posible handik iges egiterik! —biziro ikaratu zen eta bildurrez, atea itxi zuen.
Baina tamalez, Kafkaren artea osorik ulertzeko, alemanez irakurri beharko lirateke bere obrak. Ez da hau J. L. Borges-en iritzia (La metamorfosis. Prólogo. Losada), bere ustez «Kafkaren asmakuntza lantzea baino miretsgarriago» baita. Hain zabaldurik dagoen idea honek alemanez irakurtzerik ezean hartzen du oin, edo hobeki, itzulpen txarretan. Zeren alemana hizkuntza eskematiko bat bada, Kafkak azken mugetaraino darama hizkuntzaren austeritatea, elipsisak ugariturik, hitzik arruntenak erabiliz, erabiltzen zuen hizkuntzaren jabe zela erakutsiz. Zeren, «Itxura-Aldaketa»-k frogatzen duenez, nagusitasunez erabiltzen du Kafkak alemana, pobrezia agiri hori ezin baitateke, paradojikoki, beste era batetan lortu. Pobreziaz osatutako aberastasun hori nabari da «Itxura-Aldaketa»-n: Georg-ek, bidajant arrunt bat izanik, ezin dezake oso hizkuntza landu bat erabil. Argi dago ordea Arduradunak ez duela Georg-en hizkera berbera erabiltzen: baina, Samsa Jauna, ez dago sasoirik, ez da zertan egon behar, merkatalgoa arazoek geldi egon behar dutenik.
Baina ezin dezakegu aurrerago egin. Kafkaren «zer» eta «nola» bat dira. Ezin azter daiteke bata bestea gabe. «Itxura-Aldaketa» sakonki arakatu nahi badugu, «zer» gertatzen den esatera beharturik aurkituko gara. Eta «Itxura-Aldaketa» lan honen atzetik doalarik, ez zaigu egoki iruditzen, gure ustez irabazi baino gehiago galduko baikenuke.
Beraz, Kafkaren obrari buruz esan den guztia «Itxura-Aldaketa»-z esan daiteke, eta guk ez dugu zenbait zehaztasun eman nahi izan baizik. Hobe gehiegi izan ez badira.
KAFKA: ZUBI BAT
Ez genukeen Kafkari buruz, hitzegin behar. Arbola batek urrezko sagarrak ematen dituenean, ez dugu amiltzen, sustraietan zer ote duen ikusteko. Literatura osoan antzekorik ez duen obra bat aurkitu dugu bat batean, baten genesisari buruz ezer guti dakigularik gainera. Ez zegoen begiak hertsi baizik, belarriak eskuz estali. Edo hobe, gezurrak kontatu. Asmatzeko libre ginen. Bat bederak nahi zuena aurki zezakeen.
Zeren ba zirudien Kafkak beste mundu batetatik zetorrela, gurearekin ezeren antzik ez duen mundu batetatik. Eta honela, berak ziona ez da «egia» ala «gezur». Egia baino egiago da. Estilo apal, arrunt batez, lege paperen hizkuntza lehorrez guk ezagututzat genituen gauzak beste ikuspegi batetatik erakusten zeuzkigun, ezagutzen ez genituela frogatzen zeukularik. Zeren Kafkak «nola» hitzegiten duen, gauza batengatik du garrantzia soilik: kontatzen duenarekin erabat josia dagoelako, «zer» eta «nola» ezin berezi direlako. Guzti horregatik ez da estiloa bakarrik aipatu behar: ez da falta literaturan berak baino apalago, sobrioago, justuago idatzi duenik. Baina Kafkaren obrak bere orotasunean du garrantzia edo areago, Kafkaren munduan.
Kafkaren obrak gure logikatik at gertatzen dira, gure mapetan agertzen ez den leku batean, errealitate urrun batetan, giro arrotz baina zenbaitetan familiar batetan, kristal baten beste aldean dagoen uniberso batetan. Eta ez da Kafkaren meritua bere nortasunak pairatu zituen influentziez gutitzen, Kafkak bere gorputzaren parte egin baitzituen, haien sintesisatik gauza berri bat sortuz, bere problema personalez gizonaren eta gizartearen irudi konparagaitz bat osatuz.
Era berean jokatu zen alemandar hizkuntzarekin: ez hura deformatzen, egiazko aurpegia erakusten aitzitik. Baina hain hizkuntza garbia, gardena, xahua erabiliz, non ezagutzen ez den hizkuntza berri bat baitirudi, harrokeriarik gabeko, apal, hitz batez «kafkar».
Eta obra honen aurrean garbi jokatu nahi badugu, historia harrigarri guztiak osorik admetitu behar ditugu: ximio bat akademiko dela, abokatu batek zaldi buru duela, zakur bat inbestigatzaile dela, arratoi bat abeslari, edo gizon bat zubi bat dela badio ere. Demagun, guzti hau Kafkak dioelako sinetsi behar dugu. Baina zein zen Kafka azkenean? Gizon apal, isil bat, bazterturik bizi zen gizon ia psikopata bat. Azken idazle ez-konprometitua agian, edo behintzat ez alde ez kontra, beste planeta batetako izaki bat. Edo berak zioenez, zubi bat.
Zubi bat bezain tente eta hotz; erroitz baten gainean nengoen. Honuntz oinen muturrak zeuden, haruntz eskuak, iltzeturik: lohiari kosk egin nion, neure burua finkatzeko. Neure zamarraren gonak izurtzen zitzaizkidan alboan. Sakonean, amoarrainen erreka jelatuak mormoratzen zuen. Ezein turista ez zen leku igaro-ezinezko hauetara ausartzen; zubia ez zen oraindik mapetan agertzen. Honela nentzan, zai; itxadon behar nuen. Inoiz egin den zubik ezin diezakeo behinere zubi izateari utz.
Behin batean izan zen, arratsaldean —ez dakit lehena edo milagarrena zen— nire pentsakizunak nahasiak zebiltzan beti, borobilean bueltatzen beti. Arratsaldean, udan, ilunki mormoratzen zuen errekak gizon baten pausuak entzun nituenean. Niri, niri. Luza zaitez, zubi, jar zaitez behar bezala, barandarik gabeko habe zurtz, ni finkatzen nauzun sostengu. Berdin ezazu apur bat haren segurtasunik eza, baina kolokatuko balitz, ezagut-arazi zaitez eta, mendiko jainko bat bezala, amil zazu lurrera.
Etorri zen, makilaren mutur burdintsuez kolpatu ninduen eta gero ene zamarraren gonak altxa eta ene gainean jarri zituen. Makilaren muturra ene ile banatuen artean erabili zuen eta bertan utzi zuen luzaroan, ingurua begi basitiz kurritzen zuelarik, agian. Baina orduan —bere azpian mendi eta haranekin ametsetan ari nintzenean— oldartu zen, bi oinekin ene gorputzaren erdian erortzen zelarik. Min basati batez dardartu nintzen. Nor zen? Haur bat? Amets bat? Bidetako ohoin bat? Suizida bat? Tentatzaile bat? Hondatzaile bat? Ikusi nahian bueltatu nintzen. Zubiak buelta ematen du! Ez nuen oraindik buelta eman eta amiltzen nintzen, eta ur lasterraren artean beti hain baketsu begiratzen zeutaten harri zorrotzetan, etena, han ezarria nengoen jadanik.
Itxura-aldaketa |