Itxura-aldaketa
Franz Kafka

Xabier Kintana
Kriselu, 1975

 

 

        Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean, Gergor Samsak, ohean zetzala, bere burua intsektu izugarri bat bihurtuta ikusi zuen. Bizkar aldeko kaska gogorraz etzanda zegoen, eta burua pixka bat altxatzean, bere sabel ilun irtena ikusi zuen maskor borobilez aseta; bai, oso irtenak, ohe gainekoa nekez sostengatzen baitzen han eta behera linburtzen zen gutika. Konta ezineko zangoak, oso mehe eta ahulak bere lehengo bernen aldean, bere begien aurrean eragiten zuen funts gabeki.

        —Zer gertatu zait?

        Ez zuen ametsik egiten, ez. Bere gela, egiazko gela bat, oso ttikia bazen ere, ohi bezala ageri zen, lau pareta ezagun haien artean. Mahain buruan, ondoan oihal erakusgaiak zeudelarik —Samsa saltzaile ibiltaria baitzen—, aldizkari batetik ebakitako irudi bat zegoen, koadro urreztatu polit batean jarrita.

        Irudi honek andre dotore bat erakusten zuen, buruan larruzko kapela zuena; bere jantzi «boa» ere larruzkoa zen eta andreak, oso tente eta zutik, ikuslearen aurrean maukatila nasai bat zerabilan, berau ere larruzkoa, bere barnean besoa ezkutatuaz. Gergorek leihorantz begiratu zuen; eguraldi goibeltsuak (euri tanten hotsa senti zitekeen hegaleko zinkean) malenkonia sarkor bat eman zion —Ondo ba —pentsatu zuen berekiko—, eta zer gertatuko litzateke berriz loak hartuko banindu eta fantasia hauetaz ahaztuko banintz?

        Baina berau guztiz ezina zen, Gergorek eskuin aldera etzanda lo egiten zuelako, eta bere egoera honetan ezina zitzaion jarrera hori. Eskuin aldera etzateko ahaleginak egin arren, nahiz eta nahi ez jausten zen tripaz gora. Mila bider saiatu zen baina alferrik; begiak hertsi zituen zangoen eragin hura ez ikusteko, baina gero saihetsean min arin eta barnekor bat hasi zitzaion, orduraino sekula sentitu ez zuen bat.

        —Ai, Jainkoa!— esan zion here buruari orduan. Bai neketsua dela aukeratu dudan bizibide hau! Arazoengatiko ezin egona askoz ere biziagoa da kanpotik ibilten denean almazenean bertan lan egiten denean baino, eta ez dezadan hitzik egin ibilaldi madarikatuetaz: trenen orduak kontuan eduki behar; janaria txatxarra, gora behera handikoa; eten gabe aldatzen diren harremanak are sendotu baino arinago, sekula egiazkoak ez direnak eta bihotzezkorik batere egundaino izanen ez diren batzuk. Deabruak daramala dena!

        Sabelean hazkura bat sentitu zuen. Astiro, bizkar gainetik gorputza burukorantz luzatuaz, honela burua hobeki jaso ustean, higitu zen. Hazkura ematen zion lekua puntutxo zurizkaz beteta zegoen, berak zergatik ez zekiela.

        Erretasuna leundu nahiz zango batez igurtzi zuen; baina arin atzeratu behar izan zuen, igurtziak hotzikarak sentierazten baitzizkion.

        —Honen goiz altxatu behar hauek —esan zion bere buruari— tontatu egiten naute. Gizonak lo egiteko beharra ere badu. Badira ibiltari batzuk ohakide nasaien bizitzea dutenak. Goiz erditan ostatura bihurtzen naizenean, eskatuak idazteko, bertan aurkitzen ditut, ederki eserita, gosaria janaz. Neronek dudan nagusiarekin beste horrenbeste egin baneza berehalaxe nengoke kale gorritan. Eta nork ote daki ez ote zen berau enetzako onena? Ene gurasoengatik ez balitz aspaldi aspaldian alde eginen nukeen. Neure nagusiarengana joanen nintzatekeen eta, neure arima guztiaz, neure pentsamodua esanen niokeen. Mahainetik amilduko zen! Izan ere horixe bada; beti mahain gainetik hitz egin behar dauku bere enplegatuoi, bera hantxe eserita, gorra izanik guztiok hantxe bere ondoan. Hala ere ez dut itxaropen osoa galdu. Neure gurasoen zorra pagatzeko beste eduki orduko, bost edo sei urtetxo barru, oraindik, bai horixe, alde eginen dut handik. Eta orduan gainera entzutekoak entzun eraziko. Tira; baina orain zertu behar dut, jaiki, trena bostetan irteten baita.

        Begiak erlojurantz itzuli zituen, kutxa gainetik tik tak ari zenerantz. —Jainko bedeinkatua!— hots egin zuen bere kautan.

        Sei t'erdiak jota ziren eta orratzak poliki zebiltzen oraindik. Hau da, beranduago zen. Erlojuaren orratzak ia laurden gutiagotan zeuden.

        Erlojuaren txirrinak ez ote zuen jo ba? Ohetik ongi ikus zitekeen lauretan ifinita zegoela; beraz, nahiz eta nahiz ez, joa zitekeen. Baina, ba ote zen posible hain trankil lo geratzea erredizak berak eragiten ohi zituen zaratots harekin? Bere loa ez zen trankila ez pausatua izan. Horrexegatik, behar bada, sakonagoa izana zen.

        Eta zer egiten zuen berak orduan ba? Hurrengo trena zazpiretan irtetekoa zen; harrapatzeko presa izugarri batez maneatu beharko zuen.

        Erakusgaiak ez zeuden oraindik bilduta, eta, azkenik, berak ez zedukan batere gogorik ezertarako. Gainera, trena harrapatuko bazuen ere, ez zuen horregatik nagusiaren filipika garratza aldenduko, almazeneko morroiak, ordurez gero, bere huts egitearen berri emanen baitzion. Halako morroia nagusiaren kastakoa zen, duintasun eta ardurarik gabekoa. Eta geixorik zegoela esan baliezo, zer gertatuko litzateke? Baina hau, oso gogorra izanez gainera, txito susmagarria izanen zen, Gergor, etxe hartan lanean ari izan zen bost urte haietan, batean ere geixorik egona ez baitzen. Seguru baino seguruago etorriko litzakela Montepioko sendagilea bere arduradunak erakarrita. Bere aitaren eta amaren aurrean izugarriak esanen lituzke, bere seme alfer eta nagi haren aurka, eta gero midikuaren hitzak berak aipatuko lituzke, beronen eritziz gizon guztiak beti baitaude sendorik eta osasunaz, beren gaitz bakarra lanaren beldurra izaki. Eta egia esan bere kasuan bazegoen halako zerbait. Zertarako ukatu, logale hura ezik, Gergor ederki sentitzen zen, gose ikaragarri batez, batez ere.

        Honelako pentsaketan eta meditazio izugarriotan ari zelarik, hain zuzen erlojuak zazpirak laurden gutiago joten zituenean, bere ohe buru ondoan zegoen atean jo egin zioten:

        —Gergor— esan zuen ahots batek, bere amarenak—, zazpirak laurden gutiago dira. Ez ote zara goizeon joatekoa?

        Hura bai boz eztia! Gergor, ordea, ikaratu egin zen berea entzutean, betikoa zena, bai, baina txistu mingarri eta ebaki ezin batekin nahasirik irten zena, eta hartan, hitzak, hasieran argiro, ilundu egiten ziren, durundiaz, berak esan nahi zituen guztiak, behin esanda gero, egiaz esan ote zituen ez zekielarik. Gergorek den dena azaldu nahi izanen zukeen, arinki erantzun, baina zena zela, labur aipatu zuen:

        —Bai, bai. Eskerrik asko ama. Oraintxe altxatzen naiz.

        Zurezko atetik zehar Gergoren ahots mutatzea ez bide zen ohartu, ama, erantzun horrekin lasaituta, aldendu zelako. Baina hizketa laburtxo honen bitartez etxeko guztiek jakin zuten, beraiek bestela uste izan arren, Gergor oraindik etxean zegoela. Aita ailegatu zen eta atea emeki joaz dei egin zuen: «Gergor, Gergor! zer geratzen da?». Une batean itxadon eta berriz ekin, honetan boza altxatuaz: «Gergor, Gergor! ». Bitartean, beste atearen aldean arreba kezkaz ari zen eztiki: «Gergor, ez al hago ongi? Ezer behar al duk?». «Gertu nago», erantzun zien Gergorek biei batera, hitzak astiro ebakiaz eta kontuz mintzatuaz, bere bozaren soinu nahasi hura estali guraz.

        Aita gosaltzera bihurtu zen, baina arreba, ordea, eskatuaz segitu zen: «Ireki ezak atea, Gergor; mesedez!». Gergorek, berriz, ez zedukan berau egiteko gogorik ttikiena ere, eta bere kautan pozik zegoen bere aspaldiko ohitura haregatik; zera, bere ibilaldietan egindakoa, atea beti barrutik itxita edukitzea, baita bere etxean ere.

        Lehenbizikoa lasai altxatzea zen, inoren ardura gabe bere pertsona atondu, eta, guztiz gain, gosaldu. Hau eginda gero hasiko zen besteak pentsatzen, ongi konturatzen baitzen ohean ezin atera zezakeela deus ere zuzenik. Oroitzen zen lehen ere, noizik behinka behintzat, ohean zegoela halako min edo geixo sentiren batez ohartzea, jarrera desegoki batek edo, sortua, eta gero jaikitzean bere irudimenaren fruitu elkorra besterik ez zela izan konturatu; horregatik bazuen, zertarako ukatu, gaurko begitazioak nola barraiatuko zitzaizkion ikusteko gogo bizia. Ez zedukan batere dudarik bere bozaren aldakuntza hura hotzen batek egina zelakoan, ibiltarien bizimoduaren geixo kontsakratua.

        Maindire gainekoa jaurtikitzea oso gauza erraza zen. Horretarako nahikoa zen aurrerantz makurtzea piska bat: gainekoa berez eroriko zen. Txarrena, ordea, Gergoren zabalera haundi hura zen. Altxatzeko, nahiko izanen zituzkeen bere beso eta eskuak, baina bere ordez zango multzo eragin bat zedukan, nola goberna ez zekiena. Zena zela berak ohetik jaiki nahi zuen. Luzatzen zen; halako batean bere zangoetarik bat gobernatzen zuen; baina bitartean beste guztiak halako dantza askatu eta mingarri hartan ari ziren.

        «Ez da egoki ohean egotea hain nagiki», pentsatu zuen Gergorek. Hasteko, gorputzaren gibel aldea ateratzen saiatu zen ohe gainetik. Baina gibel alde hau —hain zuzen berak oraindik ikusi ez zuena, eta horregatik nolakoxea zen ez zekiena— erabilteko gaitz eta nekeza izan zitzaion. Astiro hasi zen, oso astiro. Gergorek, su eta gar, indar guztiak bat eginik eta pentsaketan ari gabe, aurrerantz egin zuen narras. Baina gaizki zuzendu zuen kolpea eta min hartu zuen ohearen behealdearen kontra, eta min horrek erakutsi zion, bere herretasunaz, bere gorputzaren gibel alde hura, hain zuzen, minberena zatekeela bere egoera berri hartan. Orduan burua alde batera itzuli zuen, aurre aldea atera nahiz. Hau erraxki egin zuen eta bere gorputz osoa, bere lodiera gora behera, buruaz hasitako higidura hartan segi zen. Baina airean erdi zintzilik zegoela ikustean, halako erorkeraren beldur zen, hola amilduez gero benetako miraria izanen zelako burua hautsi gabe lurreratzea; orain, hain zuzen, are inoiz baino gehiago, konortea galdu gabe egon nahi zuen Gergorek. Hobe zukeen ohean egon horretarako.

        Baina ahalegin berberaiek atzekoz aurrera eginik eta lehengo egoera tamal haretan berriz ikusita, hats beherapen sakonez, zango guzti haiek eraginaz berehalaxe pentsatu zuen guzti hura zentzugabekeria haundia zela eta, arriskutan ere, zirt edo zart egin behar zuela ohetik ateratzeko, itxadopenik ttikienaz bazen ere. Orduantxe, ordea, bururatu zitzaion hobe zuela hain erabaki bortitzak soseguaz hartzea. Bere begiak leihoan finkatu ziren, baina zoritxarrez, goiz hartako lainoak kale osoa estaltez zuen eta ez zion adorerik batere ematen. «Zazpirak!, —esan zion bere buruari erlojuaren hotsa entzutean,— Zazpirak eta oraindik lainoa». Une batzuetan geldi lotu zen, ixilik, arnasa astiro eginaz, ixiltasun hartan murgilduta bere lehengo egoerara bihurtzeko ametsetan balego bezala.

        Baina laster pentsatu zuen: «Zazpi eta laurdenak jo baino lehenago behar beharrezkoa dut altxatzea. Eta gainera, bestetik, almazenetik baten bat etorriko da ene bila, han zazpirak baino lehenago irekitzen baitute». Eta ohetik ateratzeko prest, hasi zen kulunkatzen. Era honetan erorita, burua, berak beti jasorik zuena minik gabe gertatuko zen, noski. Bizkar aldea nahiko gogorra iruditzen zitzaion: azpiko bigungarriaren aurka jotean ez zitzaion ezer ere pasatuko. Kezka bat bazuen ordea, berau egitean sortuko zen zalaparta, bere etxekoen izurako edo kezkarako, bat ere. Hala ere ez zuen beste erremediorik.

        Gergor, erdizka behintzat, ohetik aterata zegoen (modu berri hau lana gabe jolas bat zela esan zezakeen, egin behar zuen guztia atzerantz kulunkatzea baitzen), eta orduan zera pentsatu zuen, alegia, oso erraza izanen lizatekeela hura inor bere laguntzan baletor. Pertsona sendo biren artean, (ta bere aita eta neskamea zeduzkan gogoan) nahikoa izanen zen. Bere bizkar konkorraren azpitik besoak sartu, ohetik atera eta gero, makurtuaz, lurrean behar den moduan luzatzen utzi; zango haiek zerbaiterako gauza izanen zirelakoan egonik.

        Ederki, puntua zen, ordea, ea egiaz, ateak barrutik itxita zeudenez gainera, komeniko ote litzaikeon laguntasuna eskatzea. Bere kinka larri hartan irribarre egiten zuen.

        Nahiko aurreraturik zegoen bere saio hartan, eta bultz bakar batek, besteak baino biziagorik eginez gero, lurreraino jaurtikiko zuen, agian.

        Gainera laster ez zuen beste biderik ukanen, zazpi eta laurdenetarako bost minutu bakarrik geratzen baitzen. Honetan, etxeko atean jo zuten. «Segurutik almazenekoak dira» —pentsatu zuen Gergorek, airean erdi zintzilik geldituta, zango ugari haik dantzan ari zirelarik. Hein batean isiltasuna. «Ez dute irekitzen», pensatu zuen orduan, hain asmo zentzugabeari lotu nahiz. Baina gertatu behar zena gertatu zen eta berehalaxe entzun neskamearen pausoa harantz. Eta atea ireki zen. Gergorek aski zuen lehenbiziko hitzaz etorri berria nor zen jakiteko. Bere arduraduna bera zen. Zer zela-eta lan egin behar zuen berak, kondenaturik bezala, huts egiterik ttikienak hain susmo haundiak sorterazten zituen etxe batean?

        Enplegatu eta langile guztiak gaizto batzuk besterik ez ote ziren nagusientzat? Ez ahal zen posible haien artean pertsona ondratu bat egoterik, ohean ordu pare bat gehiago eginda gero, hain damu haundiz zoratuta lan egitera joateko prest eta osasunez ezin zitekeenik? Eta ez al zen nahiko, bestetik, mutil bat bidaltzea galde egitera, aztertze lan guzti hura zentzuzkoa izanez gero, arduraduna bera etorri gabe, etxe hartako guztiei berbera zela arazo nahasi hartan manua zedukan bakarra adieraztera etorri gabe? Eta Gergor, pentsamentu hauek bultz eginik, berez ondo erabaki gabe, ohetik amildu zen beherantz. Hots gogor bat egin zuen, inondikan ere zalaparta ez zena. Azpiko bigungarriak kolpea samurtu zuen eta bizkarra are zaluagoa zen Gergorek pentsatzen zuena baino, eta horregatik amilera ez zen hain izugarria izan. Burua, ostera, ez zuen hain jasorik eduki eta min hartu zuen eta beronek azpiko bigungarriaren kontra igurtzi erazi zion.

        —Zerbait gertatu da hor barruan—, aipatu zuen arduradunak ezkerreko gelan.

        Gergorek pentsatu zuen, bestetik pentsamentu zuzen eta egokia, izan zitekeela inoiz arduradunari berari beste horrenbeste gertatzea. Baina arduradunak asmo hauei erantzute gogor bat emanez bezala, pauso batzuk egin zituen ondoko gelatik, txarolezko zapatak karraskatuaz. Eskuineko gelatik, arrebak, ixilik, esan zion: «Gergor, arduraduna hemen diagok». «Ba dakit» —erantzun zuen Gergorek bere kautan. Ez zen ausartu, baina, ahotsa goratzen, bere arrebak entzun ez zezan.

        —Gergor— esan zuen azkenik aitak ezkerreko gelatik—. Gergor, arduradun jauna etorri da eta ez dakigu zer erantzun, ea zergatik ez zaren joan lehengo trenean galdetzen baitu. Gainera zurekin hitz egin nahi du pertsonalki. Ireki ezazu bada atea, mesedez. Arduradun jaunak gelaren nahastea barkatuko duke borondate onean.

        —Egun on, Samsa jauna!—, esan zuen orduan arduradunak, oso gizabidetsurik.

        —Ez dago ongi— esan zuen amak, aita ate ondoan hizketan ari zen artean.

        —Ez ez dago ondo, sinets iezadazu, arduradun jaun horrek. Nola bestalde Gergor gureak trena galdu? Gure umeak ez du buruan besterik almazena baino! Ia inoizko gauetan ez da irteten; hori ez da normala bere urteetako mutil bategan! Orain, esate baterako, zortzi egunean egon da hemen; begira bada, gautxo batean ere ez zaiku irten etxetik! Gurekin mahainean eserita, berripaperak irakurri edo hurrengo ibilaldiak prestatzen ari izaten da. Bere entretenigarri bakarra harotz lanak dira. Bizpahiru egunez marko polit bat landu du zurez; ikusgarria da. Hortxe du, bere gelan eskegita. Laster ikusiko duzu, Gergorek ireki bezain laster. Bestetik arduradun jauna, asko pozten naiz zu ikusteaz, gerauek ez baikenuen sekula bortxatuko Gergor atea irekitzera; ondo ez dakizu zein setatia den!

        Seguraski ez dago ondo, berak baietz esan arren.

        —Behingoan noa— adierazi zien Gergorek, geldi geldirik, hizketa ongi entzun nahiz.

        —Bestela ez nekike nola azaldu hau, andrea, ihardetsi zuen arduradunak. Ez bide da ezer txarrik. Baina bestetik esan behar dautzuet, zorionean edo zoritxarrean, merkatariok sarri sufritu behar ditugula honelako minak eta ezbeharrak, pazientki pairatuz, salerosketak eta arazoak beti berauen aurrean jarriaz.

        —Ea— galde egin zuen aitak, eroapena galduta eta ate joka—, ardutadun jauna sar daiteke?

        —Ez— erantzun zion Gergorek.

        Ezkerreko gelan tristuraz asetako isiltasun bat hedatzen zen, eta eskuinekoan, berriz, arreba nigarrez hasi zen.

        Baina zergatik ez zihoan berau besteengana? Bai, jaiki berria zen, eta agian oraindik jantzi gabe zegoen. Baina, hala ere, zergatik nigar egin? Bere neba altxatzen ez zelako ote? Arduraduna sarterazten ez zuelako? Bere bizibidea galtzeko perilean zegoelako eta orduan nagusiak berriz tormentatuko lituzkeelako bere gurasoak? Baina kezka hauk funts gabeak ziren. Gergor hantxe zegoen eta ez zuen bere etxekoak abandonatzeko asmorik batere. Behingoz azpiko bigungarri gainean zetzan eta bere egoera ezagutuko zuen batek ez zuen inoiz pentsatuko arduraduna pasa erazterik. Baina oraingo gizabide txarreko portaera hau, —gero ondo azalduko zion dena,— ez zen nahiko gehiagoko gabe kalera botatzeko. Eta Gergor, bere kautan, halako nigar eta prediku aspergarri haiekin nahastea baino hobe zuketela bakean uztea ari zen pentsatzen. Baina besteek harenganako zedukaten ezjakintasuna berbera zen beraien ekitaldien eragilea.

        —Samsa jauna —esan zuen halako batean arduradunak agintari ahotsez—, zer da hau? Zure gelan gorde zara, luebaki batean bezala. Bai eta ez besterik ez duzu erantzuten. Zeure gurasoak gogorki eta alferrik kezkatzen dituzu, eta bide batez esanik, zeure lana egin gabe utzi, sekula egin ez duzun bezala. Zeure gurasoen eta zeure nagusiaren aldetik mintzatzen natzaitzu hemendik eta ahal bait arinen azaltzea nahi dut. Harrituta nago; ni bestelakoa zinelakoan nengoen eta dirudienez gizon zuhur eta zentzudun bat gabe, txoro adi ezin bat besterik ez zara. Goizeon nagusiak zure huts egite honen azalpen bat aipatu daut, alegia, bart egiteko zenuen diru kobratze hura, baina nik berehalaxe erantzun diot ezina dela, zure ohorea zainduaz. Baina orain, seta ulertezin hau ikusita, ez dut ia gogorik zure alde egiteko. Zure egoera ez da, urrundik ere, batere segurua. Nire gogoa zera zen, guzti hau zerorri bakarrik esatea; baina zuk astia eman erazten dautazunez gero ez dakusat zergatik ez duten zure gurasoek ere hau jakin behar. Aspaldi honetan zure lana ez da izan hain ona. Egia da, zertarako ukatu, sasoia ez dela saltzeko egokiena izan, geuk ere badakigu. Baina, Samsa jauna, ez dago sasoirik, ez da zertan egon behar, merkatalgoa arazoek geldi egon behar dutenik.

        —Arduradun jauna— Gergorek guztiz urduri, bere izutasunean denaz ahaztuta—. Oraintxe noa, bai, banoa. Ondo ezik egon naiz eta horregatik ez naiz altxatu. Oraindik ohean natza. Baina bobeki sentitzen naiz. Oraintxe altxatzen naiz. Itxadon pixka batez! Ez dakizut nola gerta litekeen honelako gauzarik! Atzo arratsaldean ni oso ondo nengoen. Bai, ene gurasoek dakite hori. Egia esan atzo ere halako igarmen bat ukan nuen. Asko da beraiek ez konturatzea honetaz! Eta zergatik ez nuen nik esan almazenean? Baina betiko kontua da hau: norberak beti uste izaten du ohean egon gabe iragoko zaiola geixotasuna, Arduradun jauna! Ukan ene gurasoenganako errespetoa! Ez dago zertan hainbeste agiraka egin behar; izan ere orain arte ez dautazu ezer esan inoiz. Zerorrek, seguraski, ez duzu orandik ikusi bidali ditudan azken eskariak. Gainera, zortzietako trenean joanen natzaitzue. Ordu pare bat honetan ikaragarrizko indarraz hornitu naiz. Ez zaitez luzaroago geldi, arduradun jauna. Berehalaxe noa almazenera. Azal ezazu han hauxe, eta bide batez ene goraintziak nagusi jaunari.

        Ta eten gabeko hitzaldi hau esaten zuen artean, zer esaten zuen ere ongi ez zekielarik, kutxara hurbildu zen eta handik igonda atea irekitzen saiatu.

        Bere nahia zen arduradunak ikustea, harekin mintzatu. Ohi ez bezalako gogoa zuen beronen arpegia ikusteko eta bera begiratzean zer esaten zuten. Ikara balitez Gergor erru guztietatik libre aurkituko zatekeen eta ez zukeen zeren beldur izan behar. Trankil gera balitez, ordea, ez zuen berak zertan kezkatu behar, eta presaz ibilita bazitekeen zortziretarako trenean egotea, esan bezala. Kutxaren pareta labanen irrist ibili zen batzuetan, baina azkenez zutik gelditu zen. Sabelean hartzen zituen minek ez zioten ardura gehiegi ematen. Aulki baten atzeko aldeari ongi oratu zion bere zangoekin. Bere zentzua berriz eskuratuta, isildu egin zen arduradunak ziona entzuteagatik.

        —Konprenitu al duzue hitz bat ere?— galde egin zien gurasoei. Zoro buru eta irudia ez ote du egiten?

        —Jainkoaren amorearren! —hots egin zuen amak nigarrez—. Izan daiteke bera txarki sentitzea eta guk geure hizketaz bera are txartoago jarterik.

        Eta dei egin zion:

        —Grete, Grete!

        —Zer, ama?— ihardetsi zuen arrebak Gergoren gelaren beste aldetik.

        —Midikuarengana joan behar duzu agudo; Gergor gaixorik dago. Zoaz arin! Entzun duzu nola egiten duen hitz orain Gergorek?

        —Animalia baten hatsa da hori— aipatu zuen arduradunak, boz mehe eta isil batez esanik.

        —Ana, Ana!— hots egin zuen aitak sukaldera itzuliaz eta eskuekin txaloak joaz—. Zoaz zerrailariaren bila, mesedez.

        Ataritik neska bien gonen zaratotsa sentitzen zen (nola jantziko zen hain agudo arreba?), eta etxeko atea irekitzen zen. Ez zen ordea batere kolperik entzun geroago. Atea zabalik utziko zuten, ezbeharren bat gertatzen den etxean egin ohi den bezala. Gergor, berriz, askoz ere trankilago sentitzen zen. Bere hitzak adi ezinak ziren, bere ustez argiak eta zoliak izan arren, honez gero belarria ohituta-edo. Zena zela besteak konturatuta zeuden haren ezbeharraz eta haren languntasunean etortera prest ziren. Lehenbiziko erabaki haik hartu ziren arintasunak eta presak lasaitu zuten, eta berriz giza-izakien artean sentitu zen. Biengandik, osagilearengandik eta zerrailariarengandik ere egite mirarizkoak eta harrigarriak espero zituen. Eta laster etorteko ziren hizketetan ahalik eta argiroenik mintzo ahal izateko, estul egin zuen ixil ixilik, hots hau ere ez ote zuten txartzat hartuko, berak giza edo abere estul bezala entzuten zen ez baitzekien. Bitartean, gurasoen gelan isiltasuna zen errege. Izan ere, bazitekeen han, arduradunarekin mahain ondoan eserita, isilean ihardukitzea. Eta izan zitekeen, baita ere, ate ondoan bere hotsen zain egotea.

        Gergor, aulkiaz aterantz linburtu zen; hara heltzean, berau utzita, atearen kontra geratu zen, zangoen eustasunaz bertan finkaturik. Hein batean geldi lotu zen, atsedena hartuaz, egindako ahaleginaz nekatuta. Gero, ahoaz, giltza zerrailean biratu nahi ukan zuen. Bere zoritxarrerako ez zuen komunzki hagin edo hortz esan ohi dugunik. Zerekin hartuko zukeen giltza ba? Baina haren arkuak oso gogorrak ziren, ta berekin baliaturik, giltza eragiten hasi zen, egiten zion mina kontuan hartu gabe, ahotik isurki ilun bat baitzerion, giltzatik laban eginik lurreraino tantaka ari zena.

        —Entzun ezazue— esan zuen arduradunak ondoko gelatik— giltza eragiten ari da.

        Hitz hauek adore izugarria eman zioten Gergori. Baina guztiek, aitak, amak, esan behar ukanen zioten: «Aurrera Gergor!». Bai, txaloka egin behar ukanen zuten «Beti aurrera! Ekin zerrailari!». Eta guztien antsia bururaturik bere indar guztiez egin zion kosk giltzari. Berau biratzen zen artean, Gergor airean kulunkatzen zen ahotik eskegita, eta premiazkoa zen gisara, giltzari eutsi edo gorputzaren pisuaz beheruntz bultzatu. Zerrailaren hots metalezkoa, azkenez amore emanik, lasaigarri izan zitzaion.

        —Tira —esan zuen berekiko— ez da behar izan zerrailaririk etortea, eta buruaz krisketa jo zuen atea guztiz ireki zedin. Atea irekitzeko modu hau kausa zelarik, atea zabalik egon arrean, ez zuten besteek gelan ikusten. Ate alde bat biratu zuen kontuz bizkarretara eror ez zedin. Eta eragikera neketsu eta gaitz honetan zegoela, besterik pentsa gabe, «oi! » bat entzun zuen, arduradunak esana, haizeak egina bezala eta jaun hau atzeraka ibilten ikusi zuen, esku batez, higuinez eta nazkaz, ahoa estalirik, ikus ezinezko indar batek eraginda bezala.

        Amak —arduraduna hantxe egon arren oraindio orraztu gabe zegoanak— Gergor begiratu zuen eta gero pauso bi egin zituen beregana, azkenengoz bertan, gona handien erditan konorte gabe geratuta, burua bular artean gordeta.

        Aitak ukabila erakutsi zion, bildurtu eraziz-edo, Gergor gela barrura sartu nahiz; gero itzuli zen eta eskuak begietara eraman zituen nigarrez leher eginaz. Gergor ez zen beraz sartu gurasoen gelan; bere gelatik, ate alde batean oratuta eta bitartean gorputz aurrea eta burua agertuaz adi adi zegokien.

        Eguna argitua zen eta beste aldeko ezpaloian aurreko etxe ilunaren zati bat ikus zitekeen. Hospitale bat zen, etxaurreko leiho ilaratu aspergarri haiekin. Euria ez zen aterri, baina tanta lodi eta sakabanatuaz erorten zen, bat orain eta bestea gero jausten ikusten zirenak. Mahain gainean gosaria zerbitzatzeko tresnak zeuden, aitarentzat hauxe baitzen eguneko janaldirik printzipalena, egunkaria irakurriaz nahi haina luzatzen ohi zuena. Gergoren aurre aurrean zegoen horma zatian beronen argazki bat zegoen, soldaduzkan egina, teniente uniformeaz agertzen zena eta eskua bizkarraldean ifinita halako aire batekin hornitua bere pertsonarentzat errespetoa eskatzen zuela zirudielarik. Gela horren bitartez salara pasatzen zen; atetik eskaileraren zabalunea ikusten zen eta beheko bizitzetara zihoan bukaera ere.

        —Ea ba —esan zuen Gergorek bera trankiltasuna galdu ez zuen bakarra zelakoan—, oraintxe jantziko naiz eta erakusgaiak hartuta banoa, ez dea? Joaten utziko dautazue, ez da? Ea, arduradun jauna, dakusazunetik ez naiz hain setati eta gogoz egiten dut lana. Ibiltea neketsua da, baina nik ez nekike bizitzen ibili gabe. Nora zoaz orain arduradun jauna? Almazenera? Bai, ez da? Dena gertatu den bezala kontatuko duzu, ez dea? Norberak eduki lezake lanerako ezinkizun bat; baina hain zuzen orduantxe behar lukete nagusiak lehen egin duen lanaz oroitu, eta pentsatu, ezinkizun hori bukaturik, berriz hasiko dela lehen bezain gartsuki lanera. Neronek, zuk dakizun bezala, asko zor diot nagusiari. Bestetik neure guraso-arrebei lagundu behar diet. Gaur, ez da zertan ukorik egin, hestu eta larri nago. Baina lan eginaz honetatik aterako naiz. Ez iezadazu zuk alorra den baino gaitzago jar. Egon zaitez ene alde. Ondo dakit ibiltaria ez dela maitatua. Mundu guztiak pentsatzen du dirua konturatu gabe irabazten duela eta gainera errege baten gisa bizi doala. Egia da, bestetik, ez dagoela arrazoirik jendeak bestela pentsa dezan. Baina zerorrek, arduradun jauna, beste guztiek baino gehiago dakizu almazeneko gauzei buruz, are gehiago nagusiak berak baino, beronek, ugazaba delako-edo, askotan gaizki pentsatzen baitu bere enplegatuetaz. Ondo baino hobeto dakizu ibiltaria, ia beti almazenetik kanpoan dagoelarik, beste guztien erran merranen gaia dela eta protesta eta keixa zentzugabe askoren iturburua; beti kanpoan ibilirik ez zaio beroni batere eroso bere burua behar den moduan garbitzea. Lehengo eta behin ez dakizki eta gero, ibilaldi neketsu baten ondoren itzulita, zergatik ez dakielarik, giro garratz batekin egiten du topo. Arduradun jauna, mesedez, ez zaitez joan niri arrazoia badudala esan gabe, zertxobaitean, bat ere.

        Baina arduraduna, Gergoren lehenbiziko hitzetatik, itzulita zegoen eta lepo gainetik begiratzen zuen nazkaz eta higuinez, ezpainak eraginak. Gergor mintzo zen artean ez zen unetxo batean ere geldi. Aterantz ihes egina zen, harengan begia kendu gabe, baina oso astiro, indar ezezagun batek gela hartatik aldentzea galeraziko balio bezala. Azkenik salara heldu zen eta oina azkenez altxatu zuenean hartu zuen abiadaz sutan pausatua zela pentsa zitekeen. Eskuineko besoa luzatu zuen eskailerarantz, bertan askatasuna lortuko baitzuen moduan, mirakuluz edo.

        Gergorek ongi aditu zuen ez zitzaiola inola ere komeni arduraduna halako zapore mingotsez joaten uztea, bestela bere almazeneko lanlekua oso arriskutan egonen zen. Bere gurasoek ezin zezaketen hura adi, berak bezain ongi behintzat, urteak joan eta urteak etorri, Gergoren prestijioa etxe hartan biziaz batera bakarrik amai eta buka zitekeelakoan. Une larri hartako kezkaz, gainera, ezertaz ere ez ziren konturatzen. Gergor, ordea, ondo jakin gainean zegoen eta ba zekien baketu, konkistatu eta bereganatu behar zuela arduraduna. Haren eskuetan zegoen bere etxekoen etorkizuna. Bere arreba egon balitz! Oso neska argia zen; Gergor bizkarrez etzanda zogoenean ere nigarrez ari izana zen. Duda gabe, arduraduna bera liluratuko zukeen eta berak nora nahi eraman zezakeen. Ikara kenduko zion, etxeko atea itxita. Baina ez zegoen bere arreba, eta Gergorek bakarrik konpondu beharko zuen hartan. Ez zuen pentsatu oraindik ez zekiela bere ibilera ahalmenen berri, eta gainera, behar bada, ez ziotela tutik ere konprenitu bere hitzetatik, baina hala eta ere atetik salto egin zuen eta bitartetik ateratzen hasi zen arduradunarengana joateko asmotan. Berau hantxe zegoen, eskaileraren esku-oratokiari lotua, barragarririk. Lurrera amildu orduko minezko hots tiki bat atera zuen eta bere gorputza ezin sostengatuz, zangotxoak eragiten hasi zen. Azkenez, nahiko erraxki, lortu egin zuen eta ibilten hasi zen berak nahi zuen lekurantz. Oso pozik zekusan hura eta pentsatu zuen harez gero bere, min eta oinaze guztiak hantxe amaituko zirela.

        Baina, Gergor lurrean ibilten hasi ordukoxe, bere ama, erdi tontaturik egon arren, zutik jarri eta deihadarrez hasi zen, eskuak eraginaz eta hatzamarrak aldenduaz:        «Lagun zakizkidate!», «Jainkoarren!», «Lagun zakizkidate!». Mahainetik burua makurtzen zuen, Gergor bobeki ikusteko-edo; horregatio, berau faltsua zela esan nahiz bezala, atzerantz amildu zen, eta mahain gainean katiluak-eta jarririk zeudela ahazturik, hantxe geratu zen eserita, bere ondoan kafeontzia erorita zetzala konturatu gabe, eta txurrutadaka, kafea zeriola azpiko bigungarrirantz.

        —Ama! Ama! —esan zuen ahopetik Gergorek behetik gora begiratuaz. Hein batean bere burutik arduradunaren irudia aienatu zen eta kafe isuria ikusirik, bere ahoko arkuak eragin zituen airean. Berriz ere, ama, karraisika eta izututa, aitaren besoetara joan zen. Harez gero Gergorek ezin zezakeen bere gurasoengan ardurarik jar. Arduraduna hantxe zegoen, ihes egiteko bezala, eskailera buruan, guzti hari begirada bat jaurtikiaz. Abiada hartu zuen beraganatzeko, baina beronek, zertxobait susmatu zuelako-edo, handik lasterka egin zuen hanka, eskaileratik behera deidadarka eta zalapartaka. Gainera, hau egitean, Gergoren aita sutan jarri zen eta arduradunaren atzetik joan beharrean edo Gergori joaten utzi beharrez, hasarrez suminduta, arduradunak ahaztuta utziriko makila jaso zuen (ba ziren, berauk ahaztuta ere, haren gainekoa eta kapela aulki baten gainean) eta beste eskuan egunkaria hartu. Gero lurrean ostikoak egiten hasi zen, berripapera eta makila airean zeragizkiela, Gergor bere gelaren barrura itzul erazi nahiz.

        Alferrekoak izan ziren beronen eskariak, —zinez ondo adituak ote ziren ere ez zekien; eta aitaren aurrean burua umil agertu arren, horregatik ez zen aita lasaitu eta ostikoaz segitu zen. Amak, eguraldi txarra gora behera, leiho bat zabaldu zuen eta eskuak aurpegian jarrita kalera begira geratu zen. Leihotik sartzen zen haizea eskailerarantz zihoan bortizki eta leiho-oihalak zabaldu ziren; mahain gainean egunerokoak eragiten ziren eta orri batzuk lurreraino hegazka joan ziren. Aitak, erruki gabe, txistuka agintzen zion atzerantz. Gergor gaixoak, hartan ere, ez zekien nola egin atzerantz, bere zango haiekin baliatzen ongi ez zekien-eta. Jakin izan balu laster sartuko zen ba bere gelan! Bere aitaren makila izugarri haren beldur zen. Ez zekien nola egin ahalik eta arine nik bihurtzeko eta bere aitaren hira beregana ez zedin. Orduan, bere aitari so eginaz atzerantz egiten hasi zen ahalik eta lasterrenik, hau da: oso astiro. Antza, aita bere borondate onaz konturatu zen eta joaten utzi zion, makilaren puntaz norantz jo erakutsiaz. Baina gutienez txistuka egin ez balu! Beronek ematen zion Gergori buruko mina. Bira osoa amaitzeko zegoenean txistu madarikatu harek tronpa erazi zion, are gehitxoago jira eraziaz. Azkenik ate aurrean gelditu zen. Bere gorputza zabalegia zen handik pasatzeko. Jakina, aitari burutik iragan ere ez zitzaion egin atea zabalagotu behar zionik. Ideia bakarra zerabilan buruan: ahalik eta lasterren Gergor gordetzea gela hartan. Atean zedukan oztopoa ikusi gabe eragin egiten zion, barnera sar zedin bultz eginaz. «Honekin ez diagok bromarik!» esan zuen berekiko Gergorek. Zena zela pasatu beharra zegoen. Hestu hestu, ate bitartetik sartu zen. Gorputza altxatu zuen pixka batean; alboka egin zuen eta saihets alde bat guztiz birrindurik aurrera segi. Ate garbian lohiune batzuk markatu ziren, oso nazkagarriak. Hantxe zintzilika gelditu zen, ez aurrera ez atzera. Alde bateko zangotxoak airean eragiten zitzaizkion eta beste aldekoak lurrean zeutzan, dolorezki zapalduta... Honetan, aitak kolpe sendo bat eman zion eta honi esker gelara sartu zen, odola oparo zeriola. Gero, makilaz, atea itxi zuen, eta dena trankil eta bakean gelditu zen.

 

Itxura-aldaketa
Franz Kafka

Xabier Kintana
Kriselu, 1975