Itxura-aldaketa
Iluntzera arte ez zen Gergor itzarri lo astun eta sakon hartatik, konorte galduta egon bailitzen. Berez ere laster ernatuko zen, nahiko lo egina zen eta, baina bere eritziz pauso isil batzuek egin zuten, eta atea itxiteko zaratatxoak. Sabaian elektrika-tranbiaren alaitasuna islatzean klar ikusten ziren erredizen goi aldeak. Behealdea, Gergor zetzan lekua, ilunbean zegoen, ordea. Patxadaz eta dorpeki, bere adartxoez aurrea itsuki ikutuaz, ordurako zertarako ziren konturatua baitzen, aterantz linburtu zen, gertatu zena argitu nahiz. Bere ezker aldea zauri luze eta higuingarri bat zen. Errenka zebilan zango ilara bietatik. Honez gainera, hauetako bat —ba zen nahiko mirari beste guztiak bizirik egotea!— bizi gabe narras zerabilan.
Atera heltzean janari usain bat usnatu zuen eta beronek erakarria zela konprenitu ere bai. Plater batean esne azukreztatua aurkitu zuen, ogi zuri zatiaz nahastuaz. Gutti falta zuen barrezka hasteko are goizean baino gose handiago baitzen. Agudo, burua esnetan murgildu zuen, ia begietaraino; baina laster atera zuen gogo gabe, eta ez bakarrik bere ezker aldeko zauri mingarriak lasai jaten uzten ez ziolako (jateko gorputz osoa eragin behar zuen-eta), baizik eta, orduraino bere jakirik maiteena izana zen esneak, oraingo honetan nazka eta higuina ematen ziolako. Bere arrebaren borondate onak ez zion batere mesederik egin eta handik gelaren erdirantz aldendu zen.
Ateko bitartetik jantokian gaza izekita zegoela konturatu zen. Hala ere ez zen entzuten, ohi bezala, aita irakurten ahoz gora, ama eta arreba jabe zitezen. Hotsik ez zen entzuten, ttikiena ere ez. Ohitura hau, bere arrebak ia eskutitz guztietan aipatzen ziona, bukatua bide zen aspaldi hartan, noski. Baina guztia zen isila, eta etxea, seguraski ez zegoen hutsik. «Bai bizitze lasai eta trankila daramala ene familiak!» pentsatu zuen Gergorek. Eta bitartean bere begiradak ilunbean josten ziren, harroturik nolabait, bere etxekoei hain bizitze pausatua emateagatik. lkaraz hasi zen pentsatzen guzti hura laster bukatuko zitzaiela, eta alaitasuna pena bihur... Pentsamendu hits hauen menpean ez jausteko nahiago izan zuen handik ibili, eta gelatik narrastaka hasi zen.
Gauean behin ireki zen pixka batean atea, eta beste batean berriz. Antza norbaitek sartu nahi zuen baina bere beldur zen, nolabait. Gergor, hau kontsideraturik, jantokira zihoan ate ondoan geratu zen, ikusgurako hura, zena zela, barnera erakarri nahiz eta bide batez nor zatekeen ikusteko. Hala ere atea ez zen gau osoan berriz ireki eta bere esperantza alferra izan zen. Goizeko lehen ordu haietan, atea itxita zegoelarik, denak saiatuak izanak ziren sartu nahiz, orain, ordea, zabalik egonaz, berak zabalduta, ez zetorren inor eta giltzak kanpoko aldetik jarrita zeuden. Gau erdian jantokiko argia itzali zen. Haregatik jakin zuen Gergorek bere gurasoak eta arreba ordurarte zain egonak zirela. Beren pauso ixilak entzun zituen handik zihoazala. Goizera arte ez zen seguraski inor etorriko; bitarte luze honetan bazedukan astia bere etorkizuneko bizitzea nola ordena pentsatzeko. Gela hotz eta zabal hartan, baina, sabai urrun harekin, beldur zen, zergatik ez zekiela, hura bere gela baitzen, bost urtetan usatua... Gehiagoko gabe, eta halako lotsa batekin, sofaren azpian sartu zen; han hertsirik egon arren ondo aurkitzen zen eta bere pena zen gorputz osoa hantxe ezin sartzea, berau haundiegia izanik.
Gau osoan hantxe gelditu zen, aldiz lo, aldiz itzarri, goseak eraginik eta iharrautsirik, eta beste kezka askoren menean. Bere kautan beti zioen trankil egotea zitzaiola komeni eta bere egoera hartan ez ziela bere etxekoei buruko minik eman behar. Goiz goizean —eguna argitu ere ez zen egin—, Gergorek bere erabakien indarra probatu zuen. Bere arreba, ia apaindu eta maneaturik, salara irekitzen zen atea zabaldu zion eta barrurantz begiratu zuen. Hasieran ez zuen ikusi; baina gero, sofaren azpian ikustean «Jainko maitia!», nonbait egon behar zuen! Ez zen posible handik ihes egiterik! Biziro ikaratu zen, eta beldurrez, atea itxi zuen. Honetaz damuturik, antza, berriz ireki zuen eta ixilka mixilka sartu zen, gaixo baten gelara sartu bailitzen. Gergorek, burua sofapetik aterata, begiratu egiten zuen. Ez ote zen konturatuko ez zuela batere jan eta beste jan mota batzuk ez ote zizkion ekarriko? Baina arreba konturatzen ez bazen, Gergorek ez zion horregatik ezer inoiz aipatuko honetaz eta lehenago gosez hilen zen, nahiz eta, gogoz, sofatik irteteko prest egon eta haien oinetara joan zerbait onik ekar ziezon. Arrebak, ostera, esnea osorik zegoela ikusi zuen eta ez zela ezer faltatzen, plater ondoan zeuden tanta batzuk baizik. Berau bildu zuen; ez eskuaz, jakina, zapi batez baizik, eta handik eraman zuen dena. Ba zuen Gergorek zer ekarriko zion ikusteko desira bizia, hartaz askotariko pentsamendu eta uste erabiliaz. Sekula baina, ez zukeen asmatuko bere arrebaren borondate onak prestatuko ziona. Bere gustua zein zen jakitearren, askotariko janariak ekarri zizkion eta egunkari zahar batean jarri zituen: han ba ziren barazkari eta ortuari zahar eta erdi ustelak; lehengo gaueko afariaren hondakinak, saltsa zuri gatzatuaz nahasita; mahats-pasak eta almendrak; bi egun lehenago Gergorek jan ezintzat utzitako gazta bat; ogi gogortxo bat, beste bat gurinaz igortzita eta hirugarren bat gurinaz eta gatzaz. Honekin batera lehengo platera, antza berari zegokiona orain, uraz beteta...
Arreba, Gergorek ez zuela janen bera han zegoen artean igarrita, ahalik eta lasterrenik joan zen handik eta giltzaz atea itxi zuen, honela trankil jan zezakeela adieraziaz, noski. Jatera joatean bere zangoek hots bat atera zuten. Gainera bere zauria sendatuta bide zegoen, minik batere ez baitzedukan; hau harrigarria izan zen Gergorentzat, ongi gogoratzen baitzen nola hilabete lehenago haiztoaz hatzamar bat zauritua zuen eta aurreko egunean ere oraindio minez zuen. «Lehen baino sentikortasun gutiago ote dut orain?», pentsatu zuen berekiko, gazta izugarrizko gogoz zurrupatzen zuen artean. Gazta zaporatu ondoren, ortuari eta barazki ustelak, saltsaz batera, iretsi zituen. Janari freskorik, ordea, ezin zezakeen jan. Bere gogokoak ez ziren eta beren usainak berak nazka ematen zion. Horrexegatik jan nahi zituenak, lasai jateko, urrunera zeramatzan.
Aspalditxoan amaitua zen. Hantxe, leku berean nagiki etzanda zegoela, bere arrebak, burua gorde behar zuela adierazi nahiz-edo, giltza astiro eragin zuen. Erdi lo erdi itzarririk egon arren, Gergor izutu egin zen eta sofapera sartzera abaiatu zen. Denbora guttitan gorde arren oso nekeza izan zitzaion hantxe, hain leku hestuan egotea, hainbeste janaz ase ase eginda baitzen eta bere gorputza nabarmenago zen orain, arnasa egitea bera mingarria izateko punturaino.
Erdi itota, bere arrebari so egiten zion, begiak irten irtenik. Neskatxa, Gergoren ardura gabe, janari hondarrak garbitzen ari zen isats batez, eta ez berauek bakarrik, baita Gergorek ikutu egin ez zituen beste janak ere, probetxa ezinak balira bezala. Ba zekusan, baita ere, nola neskatxak den dena ontzi batean sartu zuen eta zurezko tapa batez estali, eta azkenean handik aldendu zen. Joan bezain arin, Gergor bere gordelekutik irten zen, nagiak atera eta arnasa egin zuen.
Honela hartu zuen Gergorek egunero bere jana; goizean behin, gurasoak eta neskamea lo zeudela, eta bestea arratsaldean, bazkalondoan, gurasoak lo kuluxka bat egiten ari ziren artean, neskamea mandaturen baten bila zihoanean, arrebak berak aginduta, agian. Gauza segurua zen ez zutela beraiek gura Gergor gosez hilterik, baina hala ere ez bide zitzaien atsegin izanen haren janak ikustea; horregatik hobe bide zen arrebaren ahotik entzutea bere berri. Izan zitekeen, baita ere, beronek pena bat guttitu nahi izatea, berez nahiko sufritzen baitziren guraso gaixoak.
Gergorek, asko pentsatu arren, ez zuen inoiz asmatu nola izan zitzaien posible goiz hartan, nolako atxakiaz eta estakuruaz, lortu zuketen bere aita amek sendagilea eta zerrailaria bihur eraztea. Berak ez zuen aditzera ematen ezer eta horregatik, noski, besteek pentsatu bide zuten berak ezin adi zezakeela ezer inorengandik. Beste erremediorik gabe, hantxe lotu zen, sofapean estalita, arrebaren auhenak eta saindu guztiekiko deitorak entzunaz, oso pazientki. Geroako, neskatxa guaza hauk ikusten ohitu zenean, (guztiz ez zen inoiz eginen baina) Gergor, pozik, bere arrebaren borondate onaz konturatzen hasi zen, edo gogo oneko izan zitekeen zerbaitez. —Gaur gustatu zaio, bai,— esan ohi zuen Gergorek ongi samar jatean; bestela, gutti jaten zuenean, gero eta maizago, ia tristeki esaten zuen: —Oi, gaur dena utzi du jateke.
Baina, Gergorek, bere ahaleginez, zuzenki bat ere, munduko berri ezin jakin bazuen ere, laster ohitu zen, hotsik ttikiena entzun orduko, ate ondora luzetara geratzera. Lehenbizian batez ere, hizketa guztiak berari zegozkion, argiro ez bazen ere. Egun bitan, jatordu guztietan erabakitzen ari izan ziren, aurrerantzean nolako jarrera komeni zen hausnartuaz. Baina otorduetatik at ere gauza beraz mintzatzen zen, etxekorik batek ere nahi ez baitzuen etxean bakarrik geratu eta ezta berau abandonaturik utzi ere; horregatik beti ohi zegoen han bi pertsona guttienez.
Lehengo egunetik neskameak —hain zuzen inork ez zekien beronek gertatutako guztia ondo aditzen zuen—, belaunbiko jarrita, erreguz eskatu zion amari ahalik eta lasterren joaten uzteko, eta etxetik joatean, ordu laurden bat geroago, begietan nigarra zeriola, mila eskerka hasi zen mesede haregatik eta inork eskatu gabe hitza eman zuen zinez ez ziola inori ezertxo ere esanen hartaz.
Arreba bera hasi zen amarekin bazkariak prestatzen; egia esan berau ez zen lan haundia, oso gutti jaten baitzuten. Gergorek eten gabe entzuten zuen, elkarri adorea emanaz, jan zezatela, baina beti beti, «eskerrik asko», «nahiko dut» edo honen antzeko esaldi batez erantzuten zioten elkarri.
Edan ere gutti egiten zuten. Maiz, arrebak aitari egiten zion galde ea garagardorik nahi ote zuen, berbera bila joateko prest zegoela adieraziaz. Aita ixilik geratzen zen eta orduan, azkenez, atezainari esan ziezaketela aipatzen zen. Azkenean aitak ezetz erantzuten zuen, dudarik batere ematen ez zuen «ez» bat, eta hartaz ez zen berriz mintzatzen.
Lehenbiziko egunetik aitak argi eta garbi azaldu zien amari eta arrebari nola zegoen familiaren ekonomia eta beronen aurrean agertzen ziren bideak. Noizik behin mahainetik altxatzen zen bere diru-kutxatxoaren bila —berau bost urte lehenago hondamenditik salbatua— eta handik agiriren bat edo nota-liburu bat ekarri. Zerraila nahaspilatu haren hotsa entzuten zen, irekitzean eta itxitean, aitak nahi zuena aterata gero.
Azalpen hauk izan ziren, izan, Gergorek jakindako lehengo berri onak. Bera beti pentsatu izana zen aitari ez zitzaiola deus ere geratzen bere bizibide zaharretik. Aitak, guttienez, ez zion sekula beste biderik eman bestela pentsatzeko. Egia esan, Gergorek berak ere ez zion inoiz ezer galdetu hartaz. Denbora hartan Gergorek ez zuen beste pentsamendurik ukan: bere etxekoei ahazterazi nahi ukan zien, ahaztu, desesperantzatan zeduzkan behar hura. Horregatik ari zen bera gogoz lanean, hasieran garrantzi gabeko saltzaile bat bezala, baina harik laster, komertzioko ibiltari bat izatera heldu zen eta bazituen orduan irabazpide eta irteera onik asko, bere etxekoen poz artean komisio politen itxuraz mahain gainean uzten zituenak.
Haik bai garai ederrak, baina ez ziren berriz etorri, lehengo moduan behintzat, nahiz eta Gergorek, bere ahalegin bakarrez, familia osoa aurrera ateratzeko beste irabazi. Ohiturak, ordea, hautsi egin zuen hurrengoetan, irabaziak hartzean, lehen egoten zen beroa. Arreba, bera bakarrik, geratzen zen beti Gergoren ondoan lotuta bere ahaleginak eskertuaz bezala eta mutilak, bere arrebagan zegoen musikarako gogoa ikusita, bazuen asmo sekretu bat, alegia, hurrengo, urtean kontserbatokira eramatea, gastu guztiak bere lepotik hartuta, eta berauk ordaintzeko beste irabaziaz.
Gergor bere etxekoekin egoten zen hizketaldi llaburretan, kontserbatoki hitza noizik behinean entzuten zen arrebaren ahotik, baina beti malenkoniaz, inoiz ere egiaztatuko ez zen amets eder urdin bat balitz bezala. Gurasoei amets hauk ez zitzaizkien gogoko; baina Gergorek serioski zerabiltzan buruan, eta Gabonetarako bazedukan pentsaturik guztien aurrean adieraztea.
Pentsamendu guztiok, honez gero alfer hutsak, haren buruan eragiten ziren, ateari zetxakola, aldean esaten zena entzuten zuen artean.
Noizik behin, ahuleriak jota, burua erorten uzten zuen etearen aurka. Baina berehalaxe altxatzen zuen berriz, berau egitean sortzen zen hotsak berak ondoko gelan zeudenak ixilerazten baitzituen.
—Baina, zertan ari da honetan?, —zioen aitak handik guttira, aterantz begira geraturik.
Eta une batzuk iraganik, lehengo harira bihurtzen ziren. Honela jakin zuen Gergorek, poz haundiz, aitak behin eta berriz esaten zituen bere azalpenak berak aspaldian aztertu gabe zituela-eta, eta baita amak ondo ulertzen ez zituelako, nola, zoritxarrerako ezbehar hura gora behera, bazutela oraindio zenbait diru; oso gutti, egia zen, baina zertxobait gehitua zen interesekin, oraindik ikutu gabeak. Gainera, Gergorek hilero emandako diruak —mutilak oso gutti berezten zuen bere gastuetarako-eta— ez ziren osorik gastatzen eta bazegoen haiekin ere dirutza txiki bat eginda.
Atetik entzunda, Gergorek burua eragiten zuen, pozik aurreratze ezezagun honekin. Egia zen, bestalde, berak soberazko diru horrekin ordainduaz joan zitekeela bere aitak nagusiarekin zedukan zorra eta bera gabe lehenago gera zitekeela kito uste zuena baino, ordea, gauzak hobeki gertatuak ziren orain, bere aitak pentsatu bezala.
Jakina, diru hau oso gutti zen familia osoa luzaro bizi zedin errenta hutsez; urte baterako edo, gehien zela birako izan zitekeen. Luzaroago pentsa ere ez! Hau zela-eta. Dirutza ttiki honi ez zitzaion ikuturik egin behar; hobe zatekeen behar zenerako uztea. Bizi izateko dirua, nahiz eta nahi ez, irabazi egin beharko zen. Baina, aita, osasunez ongi egon arren, zahartxoa zen eta bost urtez egona zen lanik egiteke; beraz ez zen asko beragandik espero zitekeena: bere bizitze lanpetu baina porrot egindakoan bost urte aise hauetan gizendu egina zen oso. Amak egin beharko zuen lana? Berau arnasa-minez zegoen eta etxetik pixka batez ibilirik nekatu eta ito egiten zen, azkenez leiho zabal baten ondoan, sofan etzanda, geratu arte. Arrebari ote zegokion lan egitea? Berau hamazazpi urtetako neskato bat zen oraindik eta bere bizimodu atsegin hartan bere zeregin bakarrak, lo egitea, etxeko lanetan laguntzea, jolasa egitea eta batez ere biolin joteak ziren.
Hizketak dirua irabazteko premia aipatzen zuen bakoitzean, Gergor, atea utzita, larruzko sofa fresko haren gainera zihoan, lotsaz gorriturik. Askotan han iragaten zuen gau osoa, loak hartu gabe, orduz ordu larruari hatz eginaz. Batzuetan besaulkia leihoraino lortzen zuen, eta hara igonik, bertan zutik lotzen zen, leihoaren ondoan, bere pentsamendutan murgilduta, noski, antzinan beti gustatzen zitzaiolako handik begiratzea.
Pixkana pixkana gauza hurbilenak eta hurranenak gero eta ilunagoak zituen. Aurreko hospitalea, hainbat bider madarikaturiko ikuste hura, ez zuen horrez gero ikusten; eta jakin ez balu, dudarik ttikiena ere ez zuen egiten honetan, bere etxea kale trankil eta etxez inguraturik zegoela, sinets zezakeen bere leiho aurrean basamortu bat zegoela, zerua eta lurra, biak gris, batzen baitziren beretzat.
Bitan bakarrik konturatu zen arreba, beti zain, besaulkia leiho ondoan jarria zela. Eta berak berariaz uzten zuen bertan gela garbitzean. Are gehiago; lehengo kristal bikoitzak zabalik uzten zizkion.
Gergorek ahal izan balu bere arrebarekin hitz egin, eskerrak eman ahal izan balizkio guztiengatik, lan guztiok leunagoak eta pairagarriagoak izanen zitzaizkeon. Arrebak, duda gabe, egoera honen saminak kentzeko ahaleginak egiten zituen eta denbora joan artean hobeki lortzen zuen, hala fede. Baina Gergorek berak, egunak joaten ziren artean, dena zekusan hobeto eta argiroago.
Orain arrebaren sarrera gauza izugarri bat zen harentzat. Gelara sartu bezain aguro, lehengoetan bezala ateak itxiteko ardurarik gabe, gela hutsa denen bistatik gordetzeko, leihora abiatzen zen zuzenik eta gogorki irekitzen zuen, itotzeko zorian balego bezala; eta hotza handia bazen ere bertan gelditzen zen zati batean, indarrez arnasa eginaz. Halako ibiltaldiek eta harrabotsek ikaratu egiten zuten Gergor bi bider egunean. Eta Gergorek, bere arrebak, ahal izanez gero, izu eta ikara guztiok kenduko zizkiokeela pentsatu arren, dardaraz geratzen zen sofa azpian ikustaldiak zirauen artean.
Egun batez —hilabetea iragana zen itxura aldaketaz gero, eta ez zegoen beraz batere ziorik Gergoren itxuraz miresteko— arreba goizago sartu zen eta Gergor leihotik begira topatu zuen, baina gaixoa prest ikaratzeko. Ez zen Gergor harrituko bere arreba sartu ez balitz, bera zegoen moduan galerazten baitzion leihoa osorik zabaltzea. Baina berau sartu ez eta gainera atzerantz egin eta atea itxi zion: etxeko ez zatekeen batek pentsatuko zukeen Gergor zelatan zegoela, kosk egiteko prest-edo. Jakina, Gergor laster sartu zen sofapean, baina eguerdirarte itxadon zuen bere arreba berriz ikusi arte, inoiz baino kezkatuagorik gainera. Beronek aditzera eman zion Gergori bere ikustea irets ezina zuela, gero ere ukanen zuela eta izugarrizko kemena eduki behar zuela handik iheska ez joateko bere gorputzaren zati txiki bat sofapetik agirian ikusten zuen bakoitzean. Ta, mingostasun hauxe ere kentzeko, bere bizkar gainean eraman zuen egun batean —lau ordu behar ukan zuen horretarako— izara bat sofaraino eta bertan zabaldu zuen, inola ere bere arrebak ikus ez zezan, han barnean gordez gero.
Antolamendu hau bere gogokoa ez bazen neskak berak kenduko zukeen maindirea, erraz aditzekoa baitzen Gergorentzat mundutik aparte bizitzea ez zela pozgarri bat. Baina izara zegoen bezalaxe utzi zuen eta Gergorek buruaz hegal bat altxatzean neskarengan halako eskerrezko begirakune bat ikusi uste zuen.
Lehenbiziko aste bietan gurasoak ez ziren ausartu izan gelara sartzen. Mutilak sarri entzun zituen aipatzen eta laudatzen arrebaren lanak, ordurarte agirika egin arren, bazirudielako, esan ohi den bezala, neska alfer bat. Baina, gehien bat, biok, aita eta ama, Gergoren gela aurrean geratzen ziren, arrebak garbitasuna egiten zuen artean, eta, berau irten orduko kontatu behar zien zehatz mehatz zelan zegoen gela, Gergorek jan zuen edo ez, eta ea ikusten zitzaion hobakuntzarik.
Amak, egia, da, Gergor bisitatu nahi ukan zuen berehalaxe, eta orduan aitak eta arrebak eragotzi zioten, Gergorek osoro onartu zituen arrazoiengatik. Baina gero indarrez galerazo behar ukan zioten, eta amak: «Utz iezadazue Gergor ikustera joaten! Ene seme gaixoa! Ez ote duzue aditzen ikusi behar dudala?» esaten zuenean, Gergorek bere kautan pentsatzen zuen ez ote zen komeni bere ama sartzen uztea, ez egunero, baina, esate baterako, astean behin-edo; ama arreba baino zentzuzkoagoa zen; berau, adore guztia gora behera, neskato bat zen eta agian, haurkeria batez hartu zuen bere bizkar gainean karga pisu hura.
Oso laster bihurtu zen egia Gergorek bere ama ikusteko zuen gogoa. Egunez, bere gurasoekiko errespetoz, ez zen leihoan gelditzen. Baina... bai gutti ibil zitekeela lurretik narras bi metro koadratu haietan. Trankil lo egitea gaitz zuen gauean ere. Bazkariak, laster, ez zion graziarik ttipiena egiten eta bere burua alaitzeko hasi zen paretetatik ikurka makurka igoteko ohituraz. Sabaian zen, hain zuzen, zoriontsuenik sentitzen zen lekuan; hura bazen beste egoera bat arras diferentea; han hobeki egiten zuen arnasa eta haren gorputza dardar gozo batez eragiten zen. Baina halako batean, Gergor sabaian zegoen batean, aldiz zoriontsu aldiz pozik, sabaitik behera amildu zen, eta miretsirik, lurreraino jo zuen. Hala ere, eta pentsa daitekeen bezala, bere gorputzak bazuen orain zaulitasun eta gogortasun berri bat eta kolpearen indarra gora behera ez zuen minik hartu haregatik.
Arreba aguro ohartu zen Gergoren jolas berri honetaz —ba liteke beronek igotean, hor han hemenka habuin edo lerde seinaleak uztea oharkabean— eta berehalaxe bidea erraxtuteko modua asmatu ere, horretan galerazten zioten mueble eta, batez ere, kutxa eta idazteko mahaina, kenduaz.
Baina hau gehiegi zen bere indarretarako; ez zen ausartzen aitari ezer eskatzen laguntzeko: eta neskameari zegokionez, ez zen horretan pentsatu ere egin behar, hirurogei urtetako mutxurdin honek, arrenka, sukaldeko atea beti itxita edukitzeko eskatu zielako, eta ez zuen ezertarako irekitzen deitu ezik. Beraz amaren laguntasuna geratzen zen, soilki, aita ez zegoenez gero.
Ama pozezko deiez etorri zen. Baina atean bertan mutu geratu zen. Bidezko den moduan, arrebak guztiari egin zion so eta dena ondo zela ikusita sartzen utzi zion. Gergorek izara inoiz baino gehiago jautsi erazi zuen, bera, zimur ugarien artean ondo gordetzeko. Maindireak, egia esan, bazirudien ustekabean jaurtikia zela hara. Azpitik ikusteari ere uko egin zion; ez zuen bere ama ikusi ukan nahi, pozik, hala ere, berau etorri zitzaiolako.
—Sar zaitez, ez da ikusten-eta— esan zuen arrebak, ama, antza, eskutik gidaturik.
Eta Gergorek ondo entzun zuen nola emakume indarge haiek kentzen zuten lehengo eskutik kutxa pisu eta zahar hura, eta nola arrebak, beti adoretsu, lanik haundiena hartzen zuen bere bizkarrean, amaren kontseiluak, berau gehiegi nekatzeko beldurrez, kontuan hartu gabe.
Guzti hau luzarotxoan egin zen; egia esan, ordu laurdengarrenean amak esan zuen hobe zatekeela kutxa zegoen lekuan bertan uztea, lehengo eta behin oso astuna zelako eta aita etorri baino lehen amaituko ez zutelako, eta baita, kutxa hura, gela erdian egonik, Gergorentzat oztopo bat zelako ere; azkenez ez zekiten Gergoren gustukoa ote zen muebleak gelatik eramatea. Amak ezetz uste zuen. Gelako hormak biloizik ikusteak min ematen zion bihotzean. Zergatik ez ote zuen Gergorek beste hainbeste sentitu behar bere gelako muebletara ohituta egonik? Nork esan eta baiezta zezakeen ez zela abandonaturik sentituko han?
—Eta ez ote luke orduan pentsatuko —zioen ahopetik, ia ixilik, Gergori bere ahotsa gorde nahi balio bezala, beronek hitzak ulertzen ez zituelakoan—, ez ote da pentsatzekoa, muebleak kentzean, etsi egiten dugula eta abandonatzen dugula betiko, inoiz onduko ez delakoan? Nik uste dut hobe dela lehen bezala uztea gela. Gergorek, gure artera berriro bihurtzean, lehen bezala topa dezan dena eta errazago ahatz dezakeen guzti hau.
Amaren hitz haik entzutean Gergorek ondo aditu zuen, giza-harreman zuzenik ezak, bakartadeak eta bere egoera hark mutatu ziotela burua nolabait, bestela sinets ezina zatekeen berak bere gela huts ziezoten nahi izatea.
Egiaz gura zuen berak bere gelatik guzti hura eramatea, bere gela edozein tokitatik ibilteko zen basamortu bat utzirik? Agian hartan bere giza-nortasuna galduko zukeen betiko.
Orain ere bere nortasunaz ahazteko hurran zegoen eta amaren bozak eragin zuen bakarrik, aspaldian entzuten ez baitzuen berau.
Ez, ez zen ezer kendu behar; bakoitzak bere lekuan egon behar zuen; ez zen posible izanen ordutik aurrerantzean muebleen eragikortasun onik gabe bizitzea eta gelatik ibilteko oztopo bat izan arren ez zen hori nahiko handik kentzeko.
Zoritxarrez arrebak ez zuen berdin pentsatzen eta Gergori zegokionean —eta ez zen dena arrazoi gabe— berak erabakitzen ohi zuenez gero, aski izan zen amaren esana bera ezezka hasteko, eta ez bakarrik kutxa eta mahaina, baita mueble guztiak ere kendu gura izateko, zorioneko sofa hura, jakina, izan ezik.
Ez zen guztia bere haurkeria honela egitera bultzatzen zuena, ez; bera konturatua zen nola Gergorek leku zabalak behar zituen ibilteko eta gainera ez zituela ezertarako erabilten muebleak, eta baita, zelanbait, bere adineko neskatxek ohi duten usadioa, gauzen itsustasuna eta ikaragarritasuna den baino gehiagora eramateko. Horrela ez zen ordutik aurrerantzean inor ausartuko hara sartzen, Gergor pareta hutsen artean egonik, bera, Grete, ez bazen.
Alferrik izan zen amaren esana, eta gela hartan bihotz min handi bat sufritzen zuena-eta, laster ahaleginez lagundu zion alabari, indar guztiez, kutxa handik ateratzen. Tira, kaixa hura ez zuen ezertarako behar Gergorek; baina mahaina hantxe geratu behar zen. Emakume biak gelatik irten bezain laster, kutxa eupaka eramanez, Gergorek burua sofapetik atera zuen ea nola lagun zekikeen pentsaturik, kontu eta ardura guztiak hartuta. Zorigaiztoz ama bihurtu zen lehenik, arreba alboko gelan, kutxa aldatu nahiz, alferrik eragiten zen artean. Ama ez zegoen ohituta Gergoren ikustera; izu zitekeen halako batez ikusi balu; haugatik, Gergorek, biziro ikaratuta, atzerantz egin zuen, sofaperantz; baina beranduegi zen, amak gainetik tapatzen zuen izara higitzen ikusi baitzuen. Berau geldi geratu zen, eta zer egin gabe geratu ondoren, Gretegana bihurtu zen.
Gergorek, bere kautan, behin eta berriz zioen ez zela ezer berririk gertatuko eta mueble batzuk lekutik aldatuak izanen zirela, horixe zela dena, baina joan etorri haik, emakume biek elkarri, muebleak narras eramatean, egiten zizkioten deihadarrak aski izan ziren, eta zalaparta izugarri hartan burua eta zangoak behe behera makurtuaz, egiaz uste zuen ezin paira zezakeela hura zoratu gabe.
Gela husten zioten, berak maite zuen guztia kentzen zioten: berak serra eta beste erremintak gordetzen zituen kutxa eramana zen harez gero; bera ikasten ari zeneko lanak egiten zituen mahain pisutsu hura ere ba zeramaten... Bai, ez zuen zertan galdu behar bere denbora emakumeen borondate onak kontsideratuaz; egia esan, ia ahazturik zegoen berauetaz, oso ixilik baitzeuden, nekeak ahulduta. Honela, emakumeak ondoko gelara joan ziren batean, Gergor arineketan irten zen bere gordetokitik, lau bider eginda jira buelta. Ez zekien zertara joan. Halako batean, pareta hutsean zegoen erretratuaz oroitu zen, ile guriz jantzitako dama hartaz. Ahalik eta agudoenik haraino igon zen eta kristalari zetxekola, beronen hoztasuna sentitu zuen bere sabel gartsuan. Berak orain bere gorputzaz tapatzen zuen irudi hau ez zioketen kenduko guttienez. Eta burua jantokiko aterantz itzuli zuen, emakumeak ikusteko, berauk etortean. Ez zen luzaroan egon hola. bazetozen berriro, Gretek ama besoak inguraturik, ia eutsiaz.
—Eta orain zer eramanen dugu? —esan zuen Gretek inguruak aztertuaz.
Honetan, bere begirada eta Gergorena bat egin ziren, berau horman itsatsita. Grete ezer ez balego bezala geratu zen, amagatik bakarrik, noski, eta beronen aurrean geraturik zer zegoen ikus ez zezan, eta pixka bat urduri:
—Zatoz —esan zion—, ez deritzozu hobe lizatekeela biok pixkatxo batez jantokira bagindoaz?
Gergorek ondo aditzen zituen Greteren asmoak: aurretik ama seguruan jarri nahi zuen, eta gero bera hormatik bota. Ederki, egin zezala proba! Bera hantxe geratuko zen, irudi hari ondo lotuta eta ez zen ezergatik aldenduko. Lehenago eginen lioke salto aurpegira Greteri.
Baina Greteren hitzek, ama sosegatu beharrean, are ikusgurago jarri zuten. Beronek aldera egin zuen eta paretan, gauza ilun hura ikustean paper abartsu artean, Gergor zenik ere konturatu gabe, deihadarka hasi zen:
—Ai ene Jainkoa! Ai ene Jainkoa!
Eta besoak zabalik, sofa gainera etzan zen, indar guztiak galduta. Eta konortea galdu zuen.
—Kontuz Gergor, kontuz!—, egin zion oihu arrebak ukabila altxatuta eta begirakune txarraz. Hauk ziren itxura aldaketaz gero esaten zizkion lehen itzak. Ondoko gelara joan zen, amari, konortera itzul zedin, zerbait emateko.
Gergorek lagundu nahi ukan zuen —irudi hura salbatzeko bazegokeen astia, noski—, baina kristalari lotuta zegoen eta gogorki askatu behar ukan zen handik. Berau eginik ondoko gelara abiatu zen, bere arrebari, antzinan bezala, zenbait kontseilu ematera balihoa bezala. Baina bere atzean gelditu zen isilik. Neska, artean, kristalezko botilatxo batzuen artean aukeratzen ari zen; atzera begiratzean, ikaraz, pote bat eror erazi zuen, eta haustean, kristal zati batek min egin zion Gergori aurpegian, berau ur beltz erregarri batez beteta utzita. Baina Gretek, geratu gabe, berekin ahalik eta pote gehien eramanik, alde egin zuen handik eta Gergoren gelan sartuta, oinez, atea itxi zuen. Gergor gaixoa, beraz, amagandik aldenduta geratu zen, eta berau, agian, hiltzear zegoen. Eta berak ezin ireki zezakeen atea, arreba handik uxatu nahi ez bazuen, eta amak arrebaren beharra zedukan. Ez zegoen besterik itxadotea baino!
Eta barruko erretasunak eraginik pareta-muebleetatik igoten hasi zen, eta sabaitik, eta azkenean, gela osoa bere inguruan bueltaka hasi zenean, mahain gainera amildu zen arrabiaz.
Honela une batzuk iragan ziren. Gergor arnasarik gabe zegoen; inguru osoa ixilik zen eta antza seinale ona zatekeen. Halako batez dei egin zuten. Neskamea, beti bezala, sukaldean sartuta zegoen eta Grete bera atera zen irekitzera. Aita zen.
—Zer gertatu da?
Hauk ziren beren lehengo hitzak. Greteren itxurak dena azaldu zion. Gretek, aurpegia aitaren bularrean sartuta, ahots gorrez esan zuen:
—Amak konortea galdu du, baina orain hobeto dago. Gergorek ihes egin dauku.
—Horixe pentsatu dut nik beti —esan zuen aitak—. Nik beti esan neutzuen; baina zuek, emakumezkook, ez duzue inoiz kasurik egin nahi.
Gergor ondo konturatu zen aitak gauzak oker aditu zituela berari zegokionez, eta itxuraz, indarkeriazko egiteren bat egina zela uste bide zuen.
Beharrezkoa zen, orduan, aita baretzea, ez baitzuen astirik ez modurik gertatutakoa esplikatzeko. Bere gelako aterantz joan zen, bere ondoan zapalduta geratu arte, honela aita aise ohartuko zen berriz barrura sartu nahi zuela eta ez zela behar barrura bultz egiterik, atera irekita, berbera sartuko baitzen.
Baina aitaren sumintasuna ez zegoen guzti hau ikusteko.
—Ai! — egin zuen oihuz sartzean, furiaz eta garaile gisa. Gergorek burua atetik aldendu zuen eta aitaganantz so egin. Oraindik ez zitzaion beroni agertua bere egoera berri honetan. Egia esan, aspalditxuan, bere narras ibilteko sistima saiatu nahiz, ez zedukan ardurarik asko etxeko gauzenganako; eta horregatik ez zuen miretsi behar gauza batzuk aldatuta topatu arren.
Baina, guztiok gorabehera, ba ote zen egiaz bere aita gizon hura? Hau ote zatekeen lehenagoko beste gizon hura, Gergor bidaiak prestatzen ari zen artean ohean nekatuta geratzen zena? eta etxera itzultzean bataz jantzirik besaulkian jarrita, indarrik ezaz, errezibitzen zuena, alegera eta alai zegoela adierazteko besoak altxatzen zituen hura? Gizon hura, igande eta jai egunetan elkarrekin egindako ostera bakanetan, ama eta Gergor artean pausoka zebilana, berez astiro baina orduan ere astiroago, bere gaineko zaharrez gordeta eta makilaz sostengatzen ohi zena, eta zerbait esaterakoan, besteak bere inguruan batu eraziaz gelditzen zena ba ote zen gero bere aita?
Baina ez; oraingoan zuzen eta zutik agiri zen, uniforme urdin siku batez, botoi doratuekin, bankuetako morroiek ohi dutenen antzekoa. Bere iduneko artezaren gainetik okozpe guria erorten zen; bekain iletsuen pean begi beltzek begirakune zehatz eta freskoa jaurtikitzen zuten eta ile zuria, ordurarte orraztu gabea, dirdiratsu azaltzen zen, arraia zuzen eta dotore batez erdibituta.
Sofa gainera txapela bota zuen, monograma urreztatu bat zedukan beronek, —bankuren batena seguruenik—, eta buelta bat eginaz betosko ilunaz Gergorenganatu zen eskuak sakelean sarturik, bere uniformearen hegalak atzerantz jarrita. Ez zekien berak zer egin nahi zuen; baina oinak ikaragarrizko moduan altxatu zituen eta Gergor izututa geratu zen bere aitaren zapaten zolak ikustean. Jarrera honek baina, ez zuen sumindu, ondo zekielako, bere bizitze berri honetan, bere aitari jarrerarik hotzena eta zorrotzena gutti iruditzen zitzaiola bere semearekiko. Hasi zen ba arineketan bere aitaren aurretik, berau gelditzean bera ere gelditzen zelarik eta higitzen hasi orduko berriz hasten zen arinka.
Honela maiz inguratu zuten gela hura ezertara heldu gabe. Are gehiago, korrikaldi hauek ez zuten benetako ihes baten itxura, hainbeste geraldi zegoen-eta. Haugatik, Gergorek ez zuen lurretik aldendu nahi: berekiko pentsatzen zuen ixilik, aitak, behar bada, bere paretetatiko edo sabaitiko ibilteak gaiztakeria haundiagoaren seinaletzat hartuko zituzkeela.
Hala ere, Gergor agudo konturatu zen ez zegokeela halako korrikaldietarako luzaro, bere aitak urrats bat egiten zuenerako berak hainbeste eragin eta higidura egin behar baitzuen, eta arnasa falta zitzaion. Ez zen hau harritzeko, bere lehengo itxuraz eta egoeraz ere bere birikaz ezin fida baitzitekeen.
Zabuka geratu zen halako batez, bere indarrak bildu nahiz, berriz ere iheska hasteko. Begiak erne edukitzea gaitz zuen; hain zegoen zorabiatuta ze, konturatu ere ez zen egiten libre zituen pareta hutsetaz, eta zoro gisa, ibili eta ibili egiten zen lur gainetik. Paretak, hutsik egon arren, arriskugarriak ziratekeen, muebleen ertz puntadunak edozein lekutan agertzen baitziren.
Halako batean, zertxobait, ongi jaurtikia, bere ondora erori zen eta bueltaka ari: sagar bat zen eta ondoren beste bat etorri zitzaion. Gergor, izututa, ez zen higitu: alferrik zen ibiltea, aitak zinez tiroka ziharduen-eta. Beronek poltxikoak mahain gaineko frutontzikoekin beteta zeduzkan eta eten gabe sagarka ari zen, zedera jo gabe baina.
Sagartxo gorriak lurretik linburtzen ziren, elektrika indarrez aseta bezala, elkarrekin topo eginaz. Haietako batek, zuzenago botata, bizkarra ikutu zion baina minik eman gabe. Hurrengoak, berriz, izugarrizko kolpe bat eman zion eta Gergorek ihes egiteko ahalegina egin arren, lekuz aldatzean dolorea kenduko zitzaiolakoan, konortea galdu zuen, bere inguruan zegoena ilunduaz.
Bere azken begiradaz bere gelako atea kolpez zabaltzen ikusi zuen eta bere ama, azpiko gonaz, —Gretek erauntzia zen konortea lehenago etor zekion,— arrebaren aurretik deihadarrez zihoala; gero, ama, aitagana abiatu zen bere gonak bidean galduaz eta berauekin oztopo egitean aitaren besoetan amiltzen zela...
Eta Gergorek, begiak lausoturik, oihartzun urrun batez bezala, ama entzun zuen, aitari, arrenka, semearen bizitzea barkatzeko erregutuaz.
Itxura-aldaketa |