Nigarrez sortu nintzan
LAUGARREN ZATIA
Maiatzeko hilabetea, loreila, udaberria, arbolak hostatzen, eguraldi txarraren ondotik eguzki dirdiranta, euriondo ederra, kanpo giro, belaietan kilkerrak kantari, landetan artoak eta banabarrak ereiten eta Zelaiondoko hariztietan kardelinak zoragarrizko soinuekin. Paulo eta Jose landa haundian ari dira behiak uztarrian eta lur iraultzen. Gauaz beti bada zer edo zer. Beltzarro noiznahi han dago eta Jose beti zintzo haren zerbitzuko harat eta hunat ibilkari. Aunitz aldiz egunez lanean leher eginik eta gauaz ere kurri sasipetan barna. Beharrik egunero ez duten leher egiteko lanik, baina izanta ere gizon aidurrak neke horiek aisa ditu jasaiten. Josek hanka hautsi zuenetik beti ibilaldietan neke pixka bat nabari izaten du eta hortaz bere burua ez luke sobera bortxatu behar. Orai ibilaldiak kargarik gabe egiten ditu, langileen artean gidari eta maixu bezala ibiltzen dela eta Beltzarroren ordez nausi kontukoa. Auzoan besta izigarriak egiten dituzte, igandero soinua, afariak, edari finak Martel eta Chanpan purrustaka dabilela. Jose lehenagoko mutil ezkibela orai gizon egina eta adinean ere goraxko abiatua, orai neska gazteekin alfer-solasetan aritzeko mutil alaia eta zenbaitzutan ausarta ere agertzen zaigula, bestileen artean igandero ikusten dugu dantzan eta jostakin. Afari eder baten ondotik kantu alegeretan bere boz ozena denen gainetik nabari dela. Kantu irringarrietan maiz aski, eta zer sasoi ederrean. Mendipen egon zelarik kanta aunitz ikasi zituen, hortako zaletasun haundia zaukan eta bai gustua ere. Igande batez Andere Mustatx-en kanta zuen bere gogoko.
Kontseilu on bat nahi dut eman mutiko gazten onetan: Otoi ez izan konfiantxarik emazte mustatxdunetan... Nihaurk neurea hola dut eta... pitxarraz jo nau kopetan! Eta ez uste gabetan!
Ezkondu nintzen gaztettodanik, gogak hala emanik, Ezpain xuria andregaiari nion beti ikusten nik: Ez bainakien sudur-azpian emaiten zela irinik! Hortaz nago doluturik...
Andre hartzean ez hanbat beha ean den sudur-makurra, Ez eta ere ekartzen duen bizkar gainean konkorra... Bainan oi, kasu ean baduen ezpain gainean bizarra, Hura baita, hura tzarra!
Ongi panparrotuta hortxe dabil gure Jose, eta han ikusten dugu bestileen artean dantzan aspertu gabe. Neska andana bat biltzen da bestara eta hauek ere umore onakin, hoien artean neska ilegorri bat, eta aski ausarta, denen gainetik nabarmentzen dela. Neskatxa hau Teilazuriko neskamea da, Urreta aldetik etorria, umezurtza gurasorik gabea, orain arte izeba baten etxean egona, beti mixerian hazia, beti erremex bizi izan dena. Koxpa Gorri deitzen diote ile gorria duelakotz. Ez da neska polita eta ez sobera itsusia ere. Besta eta jostetak maite ditu, baina lana ere bai, neska langilea da eta nahiz kanpoan nola etxeko lanetan ere badu adrendue. Hogeita bortz urte ditu eta sasoia ere guzien gainekoa. Egia erran, gizonak ere maite ditu eta han dabiltza auzoko mutil guziak neska horren gibeletik haragikeriaren grinak bultzaturik. Josek ere berehala egin ditu Koxparekin ezagutzak, eta holaxe igande eta besta egunetan elkar ikusten dute eta jostaketa ederrak egin ere. Koxpa Gorrik bereganatu du Jose, eta hau bere maitale bezala agertzen zaigu. Biek umezurtzak, elkar ongi hartzen dute eta beren nahigabeak atzendurik, hortxe dabiltza dibertsio atsegingarrietan, neska kaparra bezala lotzen zaiola. Udara hartan asekeri haundietan ibiliak dira, auzoan tripabesta izigarriak eginik. Jose eta Koxpa ere ez dira lo egon, hauek ere ederki jostatu direlarik. Gauazko lanak indar haundiarekin jarraikitzen du eta bada irabazpide. Koxpa ez da igandero ateratzen baina udazkenean maizago ikusten dugu jostalekuan. Iluntzean erretire eta bi maitaleak ere ongi uztarturik badoazi inork ikusi gabe josteta lizunetan murgildurik. Jose uros dago eta kanta zahar harek diona gertatzen ere: «Dirua frango sakelan eta bizitzeaz ez lotsa». Amodiozko kantetan, etxean eta ostatuan eta bai lanean ari delarik ere, bere bozak indarra badu eta hona hemen:
Oi maite xarmengarria, zaitut adoratzen Zerutik zare jautsia, nik ez dut dudatzen Zuk naukazu xoraturik, Estekaz inguraturik, Hil gabe naiz ni hola bizirik.
Behin batez naiz oroitzen gau ezti batean, Nausi nola sartu zinen neure bihotzean; Geroztik nago ikaran Noiz galdu behar zaitudan, Gau egunak, zu beti goguan.
Baratze eder batean ez da kolorerik Zeru urdin zabalean ez eta izarrik Zu bezin ederra denik Zu bezin xoragarririk Ez daukazu munduan parerik
Urtearen hondarretan gara eta honi akabaila on bat eman beharrez, gazteak harro dabiltza eta besta haundia egiteko gogoarekin, Otordu ederrak, gau guzian dantzan edaria purrustaka eta hordikeria nausi. Eguberriak eta urtezahar eguna ere holaxe joan dira.
Urtearen hasmentan eta arratsalde batez, Beltzarro Zelaiondora agertzen da Paulo eta Jose ikusteko asmoakin. Bekoki ilunakin dator eta ezagun du zerbait kezka baduela. —Atsaldeon —agurtu zuen etorri berriak. —Bai zuri ere, Juan Martin —erantzun zion Paulok. —Hemen al dago Jose? —erran zuen Beltzarrok. —Ez, ez dago hemen, bainan berehala etorriko da —berriz Paulok. —Badut gauza bat erran beharra, eta ez hain ona. Joseri bakarrik erran behar nioke, bainan berdin da zuri ere erratea, zu ere jakinen gainean egon zaitezen. —Erran zazu, erran, Juan Martin; badakizu Jose seme bat bezala maite dudala. —Erranen dautzut. Badakizu Jose eta Koxpa nola dabiltzan, batez ere udazkenetik hasita? Badakizu gainera gure neskato hori nolakoa den; bada gaur ohartu gara andrea eta biek Koxparen zorroa haunpatzen ari dela eta galdin diogu ea zer gertatzen zaion eta egia aitortu dauku. Enbraza omen dago! Paulo, burua mugituz, badirudi ez dela sobera harritu, eta erraten du: —Ez naiz batere harritzen, gisa hortan dabiltzenei gertatzen zaizkiote holakoak. —Eta orai afera hau berehala konpondu behar dugu eta lehenbailehen esposatu daitzila —erran zuen Beltzarrok serioski. Orduantxe agertu zen Jose, eta xaloki agurtu ere. Beltzarrok ez zuen jostetako gogorik eta berehala lotu zitzaion: —Jose! Hirekin mintzatzera etorri nauk. Koxpakin ibiltzen haiz eta zuen jostetak baditek ondorio. —Zer gertatu da bada? —erantzun zion Josek kezkati. —Koxpa enbraza ziok eta hi haiz horren maitalea, eta hirea duk. Jose gorri-gorri eginda gelditu zen, lotsatua eta zer erran ez zakiela. Beltzarrok jarraiki zuen: —Orai esposatu behar duzue eta konponduko dugu afera hau ahal dugun hobekiena. Nik lagunduko dautzuet. Haritzgaingo borda apainduko dugu eta hor ederki biziko zarete. Bordalde polita da, lehenago ere bizi izan dituk han, eta famili ederra hazi ere. Badik landa polita, belaia ere bai, eta gainera irelekue ere zelai-zelaia. Hor atratzen ahal duzue lugerrie eta ardi multzo batekin atrako duzue bizia. Ireleku hortan lugerrie atratze alde ez dautzuet batre errentik koberatuko. Jose ixilik zegon, eta bizkitartean Paulo eta Beltzarro gauzak nolabait ere konpondu beharrez ele eta ele. —Zer erraten duk, konforme jaiz? —galdetu zuen Beltzarrok. —Bai, Juan Martin bai, esposatuko gara eta zuk batre bortxatu gabe. Zuk diozun bezala Haritzgaingo bordan biziko gara. Eta zer dio Koxpak? —Koxpakin ere mintzatu nauk eta konforme duk. —Orai Zelaiondon nere laguntzarik gabe gaizki ibiliko dira —erran zuen Josek tristezi pixka bat nabari zuela. —Hau ere konponduko diagu. Orai etorriko duk Patxiko etxera. Paulok baditik hiruetan hogeita lau urte eta bi seme soldadu. Etxean bakarrik egotearekin badik eskubide hori eta Patxiko libre utziko ditek —erran zuen Beltzarrok. Ixabel orduantxe agertu zen, eta eman zioten gertakizunen beri. Lehenbizian atsekabetu zen baina berehala denekin ados eta Jose laguntzeko ere; ama batek egin dezaken bezala maitasuna guzien gainetik agertuz. Ilunabarrean Jose joan zen Koxparengana, lotsa pixka bat zaukala eta kezketan. Koxparen aintzinean Jose: —Gabon, Koxpa —agurtu zuen Josek. —Bai zuri ere Jose, hemengo aldi? —ihardetsi zion Koxpak. —Bai, zurekin mintzatzera etorria naiz. Badakit enbraza zarela Koxpa. Juan Martinek erran daut. —Bai, Jose, egia da —erantzun zuen neskak aurpegia gorriturik, baina denbora berean irriño batekin. —Ederki dago, orduan gure lanak badu ondorio. Orai esposatuko gara eta gauzak zuzenduko ditugu. Juan Martinek eman izanen dauzkitzu gure bizi lekuaren xehetasun guziak, ez da hala? —Bai, Haritzgaingo bordan dugula gure kaiola —erran zio Koxpak beti irriparrez. Mundu huntan ez da dena harrokeria eta haundikeria. Horra hor bi gazte umezurtz deus ere ez dutenak, bainan aski dute elkarri dioten amodioa aberats izateko. Haritzgaingo bordan zoriontsu bizi daitezke, nahiz eta borda erremexa izan. Lanak ez ditu izitzen eta elkar maite horrek neke guziak aisa menperaturik aintzinat aterako dira. Koxpa neska ona da, ez da mokokaria eta ez du gutermarik sortuko, bihotz onekoa da. Gizonketaria izateak ez du deusere erran nahi, horrengatik emazteki zintzoa izan daiteke, eta hola da Koxpa. Paulok bere ahalmen guziarekin lagundu du Jose ezkonsari on bat emanez eta Haritzgaingo borda apaintzen. Josek ere baditu sosa batzuk bilduak eta ardi multzo bat erosteko nahikoa. Behi pare bat ere erosten ahal du, eta hortaz landara etxe batek arras beharrezko dituen puskak eta bai lanabesak ere. Koxpak deus ez du, baina badu txirotasunaren ordez laneko sasoina eta amodio haundia Joseri. Beltzarrok Haritzgaingo borda hutsean ematearekin ez du deus ere galtzen, irabazi baizik. Ireleku hortan luberria ateratzen badute, belai eta landa ederrak egin dezazkete eta hoiek guziak Beltzarroren onetan. Zinez zenbaitzuk lanerako sortuak eta bizi guzian bertzeen zerbitzuko, nekeak jasanez eta leher eginik beti beren bizi beharrak bortxaturik, eta halere kontent. Mundu hontako bidegabekeriak hortxe dira ederki agertzen. Koxpak eta Josek aurkitu dute bizi berri hortan zoriontasuna. Amodioak izpiritu indartsua du. Berri hau Mendizelaiko auzoan berehala barreiatu da. Inautetan ezkondu dira, astelehen goizean eta Urretako elizan goizeko seietan. Paulo eta Ixabel, Beltzarro, bere aita Manex eta eliza ilun hartan bertze lekukorik ez zela. Gero Urretako ostatuan gosari ttipi bat egin dute eta horrekin bururatu dute eztaietako festa. Ez eztai bidaiarik, ez jostetarik, ez soinurik, dena erremex eta umil ezkonberrien arabera. Goiti abiatu dira eta eguerdiko Zelaiondora iritsi dira. Beltzarro eta bere aita Manex despeitu dituzte eta ezkonberriak, Paulo eta Ixabel lagun dituztela, Zelaiondon bazkaldu dute. Euria ari du, eguraldi gordina, hotz eta mendian elurra. «Otsaila bixili-baxaila» beti kaxkar; bere gaiztakeria erakusten du bazter guziak suntsitu nahirik. Ezkonberriei axola guti eguraldi txarrengatik. Uros dira bizi berri batera lotuak eta beldur guti ekaiztiari eta bortizkeri guzieri. Egia erran, hunkigarria da bi gazte hoien kemena, zer ilusioa bi umezurtz hoiena, familia bat hazi eta eman beren haurrei berek behin ere erdietsi ez dutena. Josek eta Koxpak ez dute holako zorionik izan, ez dute egiazko gurasorik ezagutu eta hortaz arantza bat daukate beren bihotzetan kokaturik. Baina beren umeek, Jainkoa lagun, izango ahal dute zorion haundi hori, solasean hasten direlarik erranen baitute «Aita», «Ama», eta orduan Koxpa eta Josek bihotzak hunkiturik negar eginen dute. Pozezko negarra. Hunkigarria bai zinez. Josek bihotza alegera dauka eta «Esposen Kantua» agertzen du:
Zonbait pertsu banuzke egun kantatzeko, Hemengo besta hunen ontsa laudatzeko; Horra bi bihotz gazte elgarrekilako Ene hitzak dituzte biek altxatuko, Ho, Ho!... gogoz ikasteko
Agur, espos gaztea, oroz maitatia; Agur, andere gazte bihotzez eztia; Egun ukan duzue atsegin handia, Bizi guzikotz biez baten egitea, Ha, Ha!... aspaldi nahia
Eta ondotik bertze gainerako sei bertsoak. Estimatzekoa da Paulok eman daben laguntza, ezkonberrien etxea gauza aunitzez horniturik. Jatekoa badute, baba, banabarra, lur-sagarra eta badute esnea eta gasna. Ogia ere erosirik eta sabelak ongi hornituak asealdi ederrak eginik. Arrontak baitira, ez dute gehiago behar. Lanean hasiak dira, baratzea irauli dute, landan ere ari dira eta lursagarrak erein dituzte. Hasiak dira ere «lugerrie» ateratzen. Jose egundaino ez da egon holako sasoiarekin, aitzurrean egin ahal guzian gerrontzeko minik gabe, Koxpak ederki laguntzen diola. Kontrabandako lanak pixka bat utziak ditu, baina halere noiz behinka ibilaldi batzuk egiten ditu. Martxoko hilabetean gara eta ustez eta negua joana zen berriro ere neguaren bortizkeriak agertu dira. Egun ederren ondotik berriz negua. Ele xaharrak diona oraintxe egia bihurtu: «Garizime berant, negue berant», eta hala ikusten ditugu mendiak maindire xuriz beztiek eta jendea ere supazterrean goxoki. Martxo honek lehenago ere gaiztakeria franko eginak izanen ditu, zeren bertze erranera batek ez baitu ele goxorik: «Martxo martxanta, larru tratanta». Ele mamitsu eta aunitz adierazten duena. Hilabetearen hondarrera, eta izaten ahal den egunik txarrenetako batekin, elurra eta kazkabarra gogotik ari zuela, bazoaien gure Jose Teilazuriko borda aldera eta bidean Zurreneko bordako Xotero aurkitzen du, hau ere alderdi hartan zebilela. Xotero hau mutilzaharra, diruz haunpatua, Ameriketan hainbertze urtez egona eta hemen ere kontrabandako aferetan dabilena. Bakarrik bizi da eta ez du sosa bat ere alferrik gastatzen; hortik datorkio bere bordako izengoiti laidogarria: «Zurreneko borda», zuhurra delakotz alegia. Elkar agurtzen dute eta eguraldi txarra dela bide, Xoterok erraten du: —Jose, denbora ederra milako bileteak kontatzeko. Eta Josek berehala: —Baita ere bazkalondoan andrearekin siesta egiteko —denbora berean irri maltzur batekin begiakin keinu egiten ziola. Xotero muturik gelditu zen zer erran ez zakiela eta deus ere erran gabe eta bekoki ilunarekin jarraitu zuen bere bidea. Dudik gabe, hori ez zitzaion gustatu. Bizkitartean Jose mutilzaharren kantuaz oroiturik hasten da kantari, denbora berean guardasola eskuan daukala eta euria ere bortizki ari duela:
Dozena bat bertso berri gazteen kontsolagarri nere mingaina sano dan arte nahi nituzke jarri, begiratuaz alkarri andrerik ezin ekarri mutilzaharraren despeida zer dan esango det sarri
Egon zaitezte aditzen zahartuta nola gabiltzen gazte dan arte ezkondu gabe errez da gelditzen, ajeak zaizkit berritzen eta indarrak urritzen orain jarri naiz soldata gabe anaia zerbitzen
Anaiak nauka mendian koinatak aldamenean gazte denboraz akordatzen naiz sasoia joanean, ez det gularik janean gau eta egun lanean ondo eginda esker gaiztoa gero azkenean
Bertso hauek orai berriki ikasiak ditu Mendipetik etorri eta ondoan, eta hamabi bertsoak gogoan dauzka. Mendizelaiko auzo hontan badira kantariak eta bertso zaharretan aunitz dakitenak. Zelaiondon kontent dira. Patxiko semea etorri zaiote eta orai etxean bada indarra. Paulok beti badu Josenganako begiramena eta maiz joaten zaiote ikustaldi bat egitera eta bidenabarkoan laguntzera. Bazterrak antolatzen badaukate lana eta Pauloren erakaspenak aunitz balio dute. Paulok behin baino gehiagotan erraten dabe: —Kontent zagozte? Ez duzue arrankurarik? —Arrankurarik? Ez ez, ez dugu batre arrankurik, kontent gara. Zuk egiten daukuzuna ez dautzugu egundaino ordaintzen ahalko. Ona zara eta maite zaitugu. Juan Martin ere ona da eta aunitz lagundu dauku —hala zioten ezkonberriek senti zutena agerturik. Udaberrian sarturik bagoaz aurrera eta ekainako azken egunetan espero dute haurra, Koxparen sabeleko frutua. Ilusio haundiarekin daude biak ere. Jose ile horia eta Koxpak gorria, haurra ere gisa hortakoa behar luteke, eta Joseren eitea baluke hobe. Egun larriak ditu Koxpak. Ixabel joan zaio laguntzera eta bera izanen da sortzain, une larri hori noiz etorriko den zain dagola. San Juan bezperean goiz aldera argi-hastean, oinaze eta neke haundiekin sortu da haurra, eta mutiko ederra gainera. Atsegina hartu du Koxpa gaizoak, eta deus makurrik gabe Jainkoari esker. Ixabelek erakutsi du sortzaintako ez duela parerik eta lan horietan trebe dagola. Jose etorri da gelara, orai aita berri bilakaturik, eta kusi du haur sortu berria. Hari begira egona da ixtanpat harri bihurturik gelditu dela. Haur beltx-beltx bat, eta buruan ere ile beltzakin. Lehenbiziko harridura pasturik erraten du kolera gorrian: —Urde madarikatua! Hau Beltzarroren umea duk! —eta atera da gelatik oihuka. Bizkitartean Ixabel ixilik, hau ere atsekabez beterik. Koxpa erdi lo zegon eta ez zen deusetaz ohartu. Jose nahigabeturik eta arront atsekabeturik dago, bihotz-min bat nabari du eta bere zorigaitza ezin atxikiz nonbaitetik lehertu behar du. Ordu pare bat egona da bere nahigabea eta kolera ezin itzaliz, baina azkenean bere burua zentzudun eta gizonki erakutsiaz eta pairamenak bentzutuaz, hantxe doa berriz ere Koxpa eta Ixabelengana. Aurpegian nabari du tristura haundi bat eta Koxpari begira gelditu da. Hau negarrez hasi da, eta Ixabel ere gisa berean, begiak betetzen zitzaizkiola. —Barkatu, Jose —erran zion Koxpak nigar zotinka—. Nik ez nuen uste holakorik gertatuko zenik. Egia da Juan Martinen umea dela, baina egia erraten datzut, nik arras uste nuen zurea izanen zela. Barka nazazu. Zurea nauzu eta oraintxe zin egiten dut hemendik aintzinat ez naizela behin ere bertze gizonekin ibiliko. Beti zurea izanen naiz. Eta negarrez, gizajoa, pena emangarria zegon. Jose ere arront etsitua amor emanik, eta gizonki jokatuz erantzun zion: —Gauzak hola gertatu dira eta horrengatik ez zaitut gorrotatzen, nik maite zaitut eta haurra ere maiteko dut. Bataioa lau egunen buruan egin zuten Urretako elizan Paulo eta Ixabel aitatxi eta amatxi izan zituztela. Haurrari Paulo ezarri zioten izena. Auzo guzian haur sortu berri horren albistea hedatu zen. Zer solas-bideak, zer irri maltzurrak aunitzetan, eta nolako trufak Jose eta Koxparen bizkar. Gaizoa Jose, zorigaiztoko bizi hortan bazituen zenbait bortizkeri jasan beharrak. Haurra haunditzen ari da eta gurasoak bozkariotan zoriontsu daude. Josek maite du haurra eta joanak joan erranik, jendeen solas gaiztoei jaramonik egin gabe, bere baserri erremex hortan jo eta ke lanean. Beltzarro ez da aspaldion agertu, eta badirudi kezka pixka bat nabari duela, lotsa poxi bat ere barrenean, jendeak zer erranen ote zuen, baina bera beti harro deus gertatu ez balitz bezala. Inor ez zen ausartuko Beltzarrori gertakizun hori aurpegira botatzen. Urtea joan da eta berriro Koxpa esperantzetan, baina orai zuzenbide osoan! Agian bai! Holaxe igaro dira hilabeteak eta udazkenean bertze sorrera bat Haritzgaingo bordan. Ixabel berriz ere sortzain eginahal guzietan guraso berri hoieri zerbitzeko; andre ona eta maitagarria Zelaiondoko etxekoandrea. Sortu da haurra eta oraingoan neskatikoa, ilegorria ama bezala eta aitaren eitea ere badaukala. Jose pozik, bere bihotzaren zoriona erakusten du kantu alegeretan, bi andreak atseginez betetzen dituelarik. Elizbururen bertso famatuak ditu gogoan eta hola dio:
Ez da munduan gizonik Erregerik ez Prinzerik Ni bezein urusa denik; Badut andrea badut semea alaba ere badut nik; Osasun ona batetik ontasun aski bertzetik; Zer gehiago behar dut nik?
Gero bere andreaz oroiturik azkenengo bertso hau ere ederki errepikatuz:
Ene andrea Maddia Ez da andre bat handia Bainan emazte garbia Irri batentzat badut etxean nik behar dudan guzia; Galdegiten dut grazia dudan bezala hasia Akabatzeko bizia
Oraingo bataioan aitatxi eta amatxitako Bidarteko bordakoak izendatu dituzte eta hauek pozik etorri ere. Bidarteko Piarresek aunitz maite du Jose, hunek egin dizkion zerbitzuak ez ditu behin ere atzenduko. Bataio egun hontan, Haritzgaingo bordan bazkari ederra eginik, umorea ere ez da falta. Piarres ere kantari ona... A zer kantaldiak eginak dituzten aspaldiko partez! Irri eta zirikako kantak, eta zer sasoinarekin biak ere.
Ezkon-mina dutenak seinale dirade Matel hezurrak seko koloriak berde
Haur sortu berriari Dominike paratu diote izena, Bidarteko etxekoandrearena bezala. Haritzgaingo bordan egun gogoangarria iraganik Bidarteko senar-emazteak bozkarioz beterik etxeratu ziren beren bihotzetan oroitzapen eder bat eraman zutelarik. Urte eta erdi baten buruan berriz ere bertze haur bat eta hau ere neskatikoa, bere ahizpa bezala ile gorria. Oraingoan Teilazuriko etxekoandrea eta Pauloren seme Patxiko izan dira aitatxi eta amatxi, eta haurrari Graziana ezarri diote izena. Joan den aldian bezala bordan besta pixka bat egin dute, Ixabel sukaldari zutelarik. Hiru haur ttipi etxean eta senar-emazteak badute lanik aski, eta bai non josta etxean eta kanpoan. Auzoan kontrabandan gogor ari dira. Beltzarrok aspaldiko partez egin dabe ikustaldi bat. Egonak dira hainbertze denbora arras girbinduak baina Beltzarro hortarako azolagabe hutsa baita, eta holakoetan non eta berea egin, bera kontent. Josek noiz behinka egiten ditu mugako harat-hunetak eta beti irabazpide hori ongi heldu zaio. Gauazko lanak badu arrakasta. Zelaiondoko baserrian berri txarrak dituzte, amatxi xaharra hil zaiote. Aspaldion erixko zabilen eta bat-batean joan zaiote. Ehorzketak Urretan eginak dituzte eta Jose egona da elizkizunetan. Bi urte joan dira eta Paulo txikiak baditu bost beteak, Dominikek hiru eta erdi eta bi Graxianak. Jose eta Kospa lanean behin ere ez bezala. Luberria edo «lugerrie», berek dioten bezala, atera dute. Hogei gizelur dena aitzurrez iraulia, norbaitek izerdi ederrak atera izanen ditu. Zenbat neke eta pairamen bizi beharrak eraginik, zenbat lan baserria ondu beharrez eta familia aintzinat ateratzeko! Orai belai eta landa politak dituzte etxe ondoan. Beltzarro ere kontent dago, eguzkiaren azpian ez baitu holako maizter zintzorik aurkituko. Aurten arto axite zuten baina banabarrak arras ederrak, eta urri-bazkak ere aberatsak. Artaldea ere goiti doa urtero emendatuz eta haundituz. Bortz urte esposaturik eta orain arte ez dute deus makurrik izan, osasun onarekin hazten dituzte haurrak eta batere zunzikeririk gabe, denak bizkorrak eta eritasunik gabe. Hor dabiltza belaian iraulke, gero gorgoinetan eta bai jostetan bildotsekin. Zelaiondoko Patxiko orai ezkondu beharra da auzoko neska batekin. Mendizelaiko ostatuan egina dute besta eta Jose ere gomitatua izan da. Besta ederra egin zuten, eta Paulo zaharrak ere, bere hirurogeita hamar urtekin, sasoi ederra erakutsi zuen. Urteak badoazi eta familia ere haunditzen. Paulo gazteak baditu hamabortz urte eta mutil bizkorra eta ausarta agertzen zaigu. Ezagun du bai, noren semea den. Haritzgaingo bordan lanak aisa egiten dituzte, hirurehun ardi, lau behi, zerri andana bat eta laneko gogo haundia. Orai daude hoberen-hoberenean, etxean bada indarra seme-alaba gazteak langileak dira eta badute larderia gurasoen aginduak zuzen betetzen, eta gogo haundiarekin gainera. Baina zoriontasunak ez du luzaro irauten eta zenbait gauza ez daiteke izkutuan gorde. Eta holaxe egun batez Paulo semeak, bere lagunekin egon eta ondoan, eta erraten dio aitari: —Gaur erran dautate gauza bat aita! —Zer erran ditek —erantzun zion aitak bizi-bizi. —Zu ez zarela nere aita, nere aita Teilazuriko Beltzarro dela eta egia izanen da, zeren ni beltxarana naiz, eta bai omen dut haren eitea eta segur naiz egia izanen dela, eta gainera batek baino gehiagok erran dautate. —Ez zakela holako ergelkerik erran, hoiek gezurrak tuk, ez kasurik egin. Solas hoiek aita-semeak bakarrik egin zituzten, bertze lekukorik gabe. Koxpak ez zuen aditu, kanpoan zegon. Paulo gazteak ez zion deus ere erran bere amari, baina bere barrena arras atsekabeturik gelditu zen. Ordutik etxeko bakeak bide txarra hartu zuen, eta aita-semeen hartu-emanak ere gero eta ilunago. Koxpak, hortaz oharturik, Joseri galdetu zion: —Paulok zerbait ere erran datzu? Ni ohartu naiz zuen artean zerbait badela. —Bai, Koxpa. Paulori norbaitek erran dio ni ez naizela bere aita —erantzun zion Josek tristura haundiarekin eta begiak betetzen zitzaizkiola. Koxpak ere negarrari eman zion eta ixtanpat egon ziren batere solasik egin gabe. Gero Jose ausartu zen erraitera: —Ez zaitela horrengatik tristetu, badakizu nik Paulo maite dudala nerea balitz bezala. Baginakien hau noizbait ere gertatuko zela. Hori bistan zagon. Bi neskatikoek zerbait bazakiten, baina ez ziren ausartzen deus erratera. Oraindik hiru haurrideak gazteak dira, baina urte batzuen buruan zer gertatuko ote da?... Etorkizun iluna Haritzgaingo bordakoentzat. Urteak ez dute barkatzen, mundu triste hontan bizi garen guziori gertatu behar zaiguna. Paulo Zelaiondoko nagusi zaharra hil hurren dago, gaitz minkor batek menperaturik dauka, aspaldion gernu-debekuekin dabila eta ez du sendabiderik. Jose maiz joaten zaio ikustaldia egitera, eta holaxe joan dira egunak. Azkenean Paulo zendu da. Ixabel alargun gelditu da. Pauloren heriotzaz auzokoek pena haundia hartu dute, baina laurogei urtetan ezin daiteke mirakulu haundirik egin eta denak joan behar, hemen ez dago ihesbiderik. Jose triste ikusten dugu, Pauloren heriotza alde batetik eta semearen jokabidea bertzetik, beti pentsakor eta ez solasturi ere. Hiru urte gehiago eta badira aldakuntzak. Paulo gaztea kontrabandan ere ibilia da eta baita ere urte batez oihanean. Gauazko lana aunitz ttipitu da, eta hortan ez dago lehenagoko «txanzik». Haritzgaingo mutilak hemezortzi urte ditu eta neguan etxera etorri delarik zerbait adierazi nahi luke. Bazkalondo batez familia guzia mahaiean bildurik zegolarik, erraten du: —Ni banoaie Ameriketara, ez dut etxe huntan gehiago egon nahi. Gurasoak sor eta lor harri bihurturik gelditu ziren. Pauloren erabaki hura mingarria zen. —Zertako nahi duzu Ameriketara gan, hemen ongi bizitzen ahal zara, ez duzu harat gan beharrik, hemen dugun guzia zuretako izanen da —erran zion amak. —Ez, nik ez dut deus ere nahi, hemengo gauza guziak nahi duenendako, ni banoaie eta ez naiz gehiago etorriko —erantzun zuen Paulok zorrozki. Koxpa negarrez hasi zen eta Josek ere negarra begietan, biek urrikalgarri seme basa haren hitz bortitzak entzun ondoren. Bi alabek ere zerbait erran behar, eta sorlekua gaitzestako. Dominikek gutiesten du aitamen bizimodu erremexa nahiz eta Haritzgaingo bordan ez den deusen eskasirik, eta hola dio: —Paulok ederki eginen du, hemen bizitzea azkena da, ez urik eta ez argi elektrarik, kitoak bezala bizi gara. Guk ere nahiago dugu hemen bizi baino, Frantzira gan. Ama gaizoa negarrez urratua beren umeen erabaki hoiek agertu duten bihotzgabekeria ikusirik, aita-ama ezin ikusia bezala beren barnean daukaten zorigaitza nonbaitetik lehertu beharrez. Umeak hazi hortarako? Hobe da bai mutilzahar eta neskazahar gelditu mila aldiz ere ume eskergaiztoen irain laidogarriak jasaitea baino. Dominike eta Graxiana udaran egonak dira Mendipeko hotel batean zerbitzari, lanean gogorki, baina diru puska bat ekarri dute etxera. Libertatea eta bizi ona maite dute, eta berriz ere bertze aldera joateko nahikerietan. Gazteak dira, oraindik haurrak errate baterako, hamasei eta hamazazpi urte, baina goiz-oilandak dira biak ere eta amaren antza dakarrate, gizonketariak eta jostakinak. Jose ez da sobera harritzen, nolakoak izan daitezke bere alabak? Amaren antza eta bai amatxirena ere (Joseren amarena alegia). Nolako hazia, holako zitua. Paulo Ameriketara joateko paperak ari da egiten eta beharko du gurasoen baimena. Koxpa eta Jose arras nahigabeturik daude, baina beharko dute amor eman eta semeari baietza ere. —Bazoazi Paulo, eta uzten gaituzu, noiz artio? Noiz etorriko zara? —erraten dio amak tristezia bihotzean daukala. —Banoaie hemendik eta beharbada ez nauzue gehiago ikusiko —erantzun zion semeak bekoki ilunarekin. —Zaude isilik, Paulo, ez zazula holakorik erran, zer egin dautzugu guk, zuk gu gisa hortan gaitzesteko? —eta negarrez gaizoa semeari azken besarka eman beharrez. Orduantxe etorri zen Jose eta ama gisa hortan ikusirik, haserre. —Zer egin diok amari hola nigarrez uzteko, guk ongia baizik ez diagu egin eta hola eskertzen diguk? Paulo isilik gelditu zen eta amari despeidako musua emanik, hunek indar guziarekin besarkatzen zuela, jakinik semea ez zuela gehiago ikusiko. Gero mutila atera zen bere amari azken agurra eta adio erranik, Joseri batere kasurik egin gabe. Bi arrebak etxeko larrainean aurkitu zituen eta hauetatik ere despeiturik badoa Paulo gaztea, Beltzarroren semea, badoa urrun bizi berri baten bila, bere sortetxea eta bizia eman zioten ama eta aita arbuiatuz eta madarikatuz. Bi urte baino lehen Graxianak eta Dominikek bere anaiaren urrats berak daramazkite. Bertze udara batez egonak dira Mendipeko hotel batean eta gero Parisera joan dira, hiri famatu haren arrabotsak liluraturik eta hango ur lizunetan murgildurik. Hoietaz erran dezakegu Axular zenak bere Gero famatuan idatzita daukana: «Nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen». Eta horrela gertatu ere. Inork ez du jakinen hoien berririk eta han hiri haundian galdurik ez dute gehiago edanen Haritzgaingo iturritik, eta bizkitartean guraso dohakabeak hortxe geldituko dira betiko negarrez urturik. Mendizelaian badute apur bateko solas-bidea, baina laster atzenduko zaiote, eta hala behar ere, gertakizun hoiek atzentzeko ere hobeak baitira. Hoiek guziek hola eta joanak joan, baina Koxpak eta Josek ezten bat sartua daukate beren bihotzetan. Holako ilusioarekin haziak dituzte umeak eta azkenean biak bakarrik, beren bizi guzian izan duten zorigaitza berriz ere azkartu zaiotela. Ez dituzte ezagutu ez aitarik eta ez amarik, eta berek ezagutu ez duten zorion hori beren haurrei eman dabete, eta halere hauek arbuioekin eskertu dituzte. Joseren kantu alegerak suntsitu dira betiko, bihotzak nigarra dio eskatzen. Bidarteko senar-emazte xaharrek eta Zelaiondoko Ixabelek ere gertakizun mingarri hauekin bihotz-min haundia hartu dute. Senar-emazteeri bizi beharrak eginarazten dabe lana, eta jatekotan bertze biderik ez. Eta hala ikusten ditugu beren ardiekin, aziendakin eta nekazalgo lanetan. Beharrik alorrak etxe inguruan dauzkaten, dena esku-har lanak aisetasun haundiarekin egiten dituztela. Gisa hortan joan dira bertze hiru urte eta bere umeen berririk batere jakin gabe eta etsiturik beren sinoa hala delakotz. Hiru urte hauetan badira aldakuntzak. Mendizelaiko auzoan aurrerapenak nabari dira, erregebide ederra edeki dute auzoaren barna autobide nagusiakin elkartzen dela. Zenbait etxetan badira berebilak eta orai joan-etorriak aisetasun haundiarekin egiten dituzte. Bidarteko senar-emazteak zendu dira, bat bertzearen gibeletik eta denbora gutian. Herioak zorrotz betetzen du bere legea. Koxpa eta Jose izanak dira bien mezetan. Gero bertze berri txar bat. Zelaiondoko etxekoandre xaharra Ixabel gaixo dugu, xaharreria lotu zaio, bihotza ahul dauka eta oinazealdi bortitzak izaten ditu. Laster joanen zaigu, ez dago denbora luzeko. Koxpa eta Jose maiz joaten zaizkio ikustalditxo bat egitera eta erran beharrik ez dago Ixabelek bixita hoiek aunitz estimatzen dituela. Ez zuen luzaro iraun haren pairamenduak eta emeki-emeki itzali zaigu gaixoa. Koxpak eta Josek bihotzondo izugarria hartu dute, orain bai erran dezaketela biak bakarrik gelditu direla. Ixabel ama bat bezala zaukaten eta orain Zelaiondoko etxekoandre xaharra joanez geroztik berriro ere umezurtz gelditurik, elkarri dioten maitasuna bertzerik ez dutela eta halere horrek irauten duen bizkitartean zoriontasunean bizi dira, eta egoera triste hontan zer gehiago eskatu dezakete? Biak bakarrik izatearekin beren beharkundeak ere gutiago dira, eta hala, azienda eta artalde erdia saldu dute. Jose orindikan sasoinean dago, lanean gogor eta osasuna ere azkar. Koxpa aunitz erori da, flakatu eta ahuldu, ez dago sobera ongi. Gisa hortan bertze bi urtez beren bizimodua betiko martxan doa eta Koxparen osasuna gero eta ahulago, indargabeturik eta arras unaturik aurkitzen dela. Jose izitua dago, beti kezketan, eta azkenean medikuetara jo dute. Eritasun minkor batek dauka Koxpa menderaturik eta barnean daukan gaitza nabarmendu zaio. Minbizia omen dauka. Operazio bat egin behar zaiola, eta hola hiri haundira eraman dute. Lan hontan Beltzarrok ere lagundu dabe bere berebilean bidaia eginik. Gaxotegian hilabete bat igaro du eta medikuek egin dioten sendakuntza aski zaila izan omen da. Ekarri dute etxera, baina ez da ongi jartzen, lehenago baino hobekixago dago, baina ahul eta lana egiteko gauza ez. Medikuen gastuak haundiak izan dira eta etxeari puska ederra kendu diote, beherakada haundia eta etorkizun iluna. Jose bakarrik laneko eta ia honen sasoia ere urrituz baitoa, gizon batentzat sobera lan baita. Halere daukan izpirituak indarra emanik, eta bere andreari hil artio lagundu beharrez, lanari kuraia haundiarekin lotzen da. Maitasunak hortara bortxatzen du eta mundu hontan ez baitu bertzerik, hala ikusten dugu Jose, argi hastetik iluntzeraino lanean bururik goratu gabe. Soberakinak ez dakarra gauza onik, eta lan bortitz hoiek ez dute ondorio onik ekarriko hain segur. Gaitz maltzurrak bere bidea darama eta itexurek harria zilatzen duen bezala, holaxe jendearen gorputza ere zilatu eta hondatu egiten du bizia kendu arte. Koxpa gero eta ahulago doa, gaitza berritu zaio eta minbiziak ez du barkatzen, hil zorian dugu. Jose joan da medikuarengana eta bai apezarengana eta bidenabarkoan Teilazuri eta Zelaiondokoetara laguntza eske. Etorri da sendagilea eta bai apeza ere. Barrideko andreak ere hantxe dagotzi eta Jose berriz arras nahigabeturik bere andrearen ondoan herioaren segak Koxparen bizia noiz moztuko duen zain. Azaroko egun triste batean euria eta kazkabarra leher ari zuela eta goiz-negu harek bere haserrea erakusten duen bizkitartean, Koxpa, azken hatsa emanik, bertze mundura joan zaigu. Une larri hontan behin ere ez bezalako nigar saminak eginik arras deseginik aurkitzen zaiku Jose gaizoa. Joan dira betiko maite zituenak, haurtzaroan bere aita ordeko Jose, gero Paulo, Piarres, Dominike, ondotik Ixabel eta orain Koxpa bere emaztea. Umeak urrun joanik, hoiek ez dira beren gurasoez oroituko, eta hala Jose bakarrik munduan gelditurik zorigaiztoko bizi bortitz hau ezin jasanez beti neketan. Ehorzketak Urretan egin dira. Han ziren Zelaiondokoak eta Teilazurikoak eta auzoko bertze bospasei lagun. Zenbait jende behartsu eta ezezagunen mezak tristeak izaten direla... bai oraingoan hala gertatu ere. Eliza erdi hutsik, doluan Jose bakarrik, bere ondoan laguntako Juan Martin eta Patxiko zituelarik. Koxpa zendu da eta haren oroitzapena Jose gaizoaren izpirituan kokaturik hil arte suntsituko ez zaiona. Ondoko egun hoiek ikaragarriak izan ziren. Haritzgaingo borda zahar hartan bakarrik eta ilunpetan lehenbiziko gau hartako ekaitza, ortotsak eta inezturek kazkabar erauntsi izigarriakin, Jose bakardade hunkigarri hartan negarrez, haurzaroko kanta hartaz oroiturik, Jose aitaordekoak erakutsitako bertso tristeak burura etorririk, sendimendu miresgarri batekin kantatzen duela:
NIGARREZ SORTU NINTZAN NIGARREZ HILTZEKO EZ ORDEAN MUNDUAN LUZAZ BIZITZEKO. JENDEK IZANEN DUTE ERRAITEKO FRANGO AITA-AMA MAITEAK, ZUEN BIENDAKO.
Geroztik Josek maiz du gogoan kanta hunkigarri hau bere sendimenduaren adierazgarri, bihotz zaurituak bortxaturik. Laneko gogoa ere joan zaio, baina izpiritu batek iraunarazten du. Orain ardi multzo bat bakarrik dauka, eta zakur ttipi bat ere laguntzeko. Ez du bertze aziendarik, denak salduak ditu. Alorrak ere hondatzen ari zaizkio, belaietan sasiak eta asonak, eta landa baratzetan lapatinak eta belar txarrak nausi. Haritzgaingo borda hain ongi nola zegon, belai eta landa ederrekin, dermio guzia iruzkipeia mendi baten gerizean eta haize hotzaz zaindua. Josek guti behar du bizitzeko, eta gisa hortan badoazi hilabeteak eta urte pare bat ere. Jose aunitz erori da, hezurra eta larrua baizik ez da, guti jaten du, zabartzen ari da eta edateari eman da. Beltzarrok, urrikaldurik, nahi dio lagundu, baina Josek nahiago du bakardadean bizi izpirituak irauten dion bizkitartean. Gau ilunetan eta kandela baten argiaren ondoan bere zorigaitza agertzen du, bihotz barrendik ateratzen zaizkion kanta hunkigarriekin. Gainera suerteak ere ez dio laguntzen. Ardi multxo ttipi hortatik buru bat edo bertze galdu ditu, batean erroiztu direla eta bertzean norbaitek ebatsirik. Edariari emana dagon gizonak ezin dezake aunitzik iraun. Jose bere adinik hoberenean enantzu haundikoa zena, edozein lanetako adrendue erakusten zuena, orain hortxe dabile mendietan kurri ardi errebelatuaren gisara, beti herrestan maingueria balu bezala. Gobernu txarreko gizona urrikalgarri da, eta azkenean Jose ardi multzo hortaz desegin da eta orai hortxe dabila, batean Zelaiondon, bertzean Teilazurin eta bai bertze zenbait baserritan ere peon gisan eta jan trukean. Ez du indarrik, ahul dago eta beti mozkorkerian hondaturik dago gizona. Baina egunero Haritzgaingo bordan lo egiten du, mirakuluzko indar batek bultzatzen du Koxpa hil zen gela hortara eta han bakardadean bere buruarekin solasean nigarrez urturik. Negu bortitza dugu eta Jose eri dago, biriketako gaitza lotu zaio eta ez da harritzekoa, daraman biziarekin nonbaitetik lehertu behar. Otsailako hilabeteak elurte haundiak dakarzki eta bai ormak ere haren gainean. Jose Haritzgaingo sukaldean su ondoan, bere burutapenak ilun eta zeharo nahasirik, zer egin ez dakiela. Beltzarro joan zaio eta serioski mintzatu ere: —Hobe duk Miserikordiera gaten baihaiz, gisa huntan ez haiz bizitzen ahal. —Ni Miserikordiera?, nahiago dut hil harat gan baino —erentzun zion Josek haserre bizian. —Egin zak nahi dukena, hor hilko haiz. Ni baniak —eta Juan Martin umore txarrakin abiatu zen bere etxera. Egun batzuk joan ziren eta eguraldia gero eta txarrago, ez zuen atertzen eta Jose larri-larri dago. Egurra badauka eta sua ez zaio falta, baina jatekoa urritzen ari zaio eta gisa hortan jatekorik ez eta bertzalde gogorik ere ez, zutik doi-doian irauten du. Arras eri dago, birikak hondatuak ditu eta, hain segur, ez du sendabiderik izanen. Egoera tristea. Hala joan dira bertze sei egun. Herioa etxe inguruan barrandan dabila. Teilazurikoek kezketan daude Joseri zerbait gertatu ote zaion beldurrarekin eta azkenean Beltzarro eta bere semea joan dira Haritzgaingo bordara, eta han aurkitzen dute Jose gizajoa erdi hilik, goatzean geldi-geldirik eta hitzik egiten ez duela. Haritzgaingo bordaraino bada orgabidea, eta hortaz baliatuz, behorra eta orgarekin ekarri dute Jose Teilazuriko baserriraino. Sukaldeko berokiakin eta eman diozkaten janariekin akolatu zaigu Jose, eta badirudi hobekixago dagoela. Beltzarro, Arraxitera joanik, Miserikordiko Aintzinderiekin mintzatu da, eta hauek baimena emanik ekarri dute Jose Miserikordiara. Martxoaren 19a da, San Jose eguna, eta hain zuzen gaur betetzen ditu 65 urte. Gaurko egunarekin agertu zen Miserikordiko atarian Jose sortu berria. Etxe hontan 15 urte iraganik Mendizelaira joan zen eta 50 urteren buruan berriz ere Miserikordiara dator, eri, zahartua eta erdi hilik. Beltzarrok lan ona egin du, gizonki jokatu du eta zuzentasuna erakutsi du nahiz eta marrotik baduela bildotsetik baino gehiago. Miserikordian sartu zirelarik, Josek negarrari eman zion, bere haurtzaroaren etxeaz oroiturik eta lehenagoko oroitzapenak burura etortzen zaizkiolarik. Jose desegina zegon eta berehala sartu zuten goatzean. Biharamunean sendagilea etorririk eta Joseri azterketa sakon bat eginik, harriturik gelditu zen erranez gizonak nola iraun zezaken zaukan eritasunarekin. Hil hurren zegon eta ez zuen sendabiderik. Eraman dute Miserikordiko gaxotegira eta ez du bi egun iraun. Jose Larrekoak azken arnasa eman du, nigarra begietan sortu zen bezala, holaxe utzi du mundu hau. Hil ezkilek adierazten dute defuntu bat badela. Gaztigetu diote Beltzarrori berri txar hori, eta biharamunean ehorzketak direla ere. Mendizelaitik zortzi-hamar lagun etorririk, Josez oroitu dira. Bertze mezetan beti izaten dira jendakiak, haurrideak eta ahaideak, baina Jose Larrekoaren familiatik inor ez. Ez zen dolurik, tristea bai zinez. Lurperatu dute Jose eta apezak azkenengo otoitzak eginik bukatu dira Jose Larrekoaren mundu hontako eginkizunak. Goian bego. Jose Larrekoa hantxe dago lurperaturik eta zoritxarrez ez zaio inor etorriko otoitz bat egitera, ez eta ere inork ez du ezarriko loretto bat nigar batekin bere tonbaren gainean. Beste munduan izango du betiko zoriona. Ilunabarra da eta mendietatik beheiti iper-lano sendoek bazter guziak inguratzen dituzte, euri-lankarra ari du. Hilerria ixil-ixilik gelditu da, baina badirudi ixiltasun hunkigarri hartan kanta mingarri bat aditzen dela, lurpetik ateratzen den oihua. Jose Larrekoa oraindik ere lurpetik kantuz ari da.
NIGARREZ SORTU NINTZAN NIGARREZ HILTZEKO
Nigarrez sortu nintzan |