Nigarrez sortu nintzan
LEHEN ZATIA
Martxoko hilabete hartan negu bortitzak agertu zuen bere txarkeria, elurra eta orma lehenbiziko astean eta hilabete erditsuan «garizime haizia» nausi, gero hilabetearen azkenengo egunetan euria leher eginik. Jendeak bazuen lanik aski negu luze haren gaiztakeriak ezin jasanez. San Jose egunean mendietan elurra, zerua goibel, eguna ilun eta jendea ere eguraldiaren arabera jostatzeko gogo guti. Ilunabarra da eta Miserikordiko elizatxoaren ezkilek elizkizunera deitzen dute. Aunitz badira Etxe haundi hortan bilduak, gizon eta andre, gehienak beren zahartzaro tristea eta beren biziko azken egunak hemen iraganik bertze mundura joateko zain betiko atsedena erdiesteko esperantzarekin. Ezkilak adituta Etxeko bizilagunak badoazi Kaperara emeki emeki beren otoitzak egitera. Jose gizon alaia nahiz eta adinean ongi sartua egonik, hortxe doaie bertzeekin batean eta beti bezala irriño bat ezpainetan daukala. Denen gibeletik doa eta une hartan hara non aditzen duen haur baten negarra, negar bortitza eta belarrietan saminki sartzen zaiona. Harrituta gelditurik, begiratu du haur negarrak datozen aldera eta hantxe ate zokoan zaku eta maindireetan inguraturik haur sortu berri bat, hotzak dardaraka eta negarrez. Josek hartu du besoetan eta oihuka hasten da denei deika: —Zatozte zatozte, haur sortu berri bat hemen! Oihuak adituta hango andre eta gizon eta monjak ere lasterka joanik Josengana bildu dira eta denak harriturik erraten zutela ea haur hura nork ekarri ote zuen eta basakeri hura ama batek egin ote zezaken. Eraman dute sukaldera, beroki goxo hartara. Garbitu dute eta esne xorta bat emanik, hango berotasunarekin haurra pizturik lo goxo batean gelditu da. Han daude kapellaua eta monjak ere Josekin batean eta apezak galdetzen dio: —Non aurkitu duzu haurra? —Banindoaien elizara bertzeekin batean eta haur nigarrak aditu ditut, eta nik harriturik nion nere baitan: Bainan nola daiteke haur baten nigarra hemen? Begiratu nuen ate zokora eta han aurkitzen dut haur polit hori. —Harrigarria da gertatu zaiguna —zion apez zaharrak eta jarraiki zuen erranaz. —Goazen orai denak elizara Jainkoari eskerrak ematera, gero erabakiko dugu afera hau. Eta denak elizan sarturik otoitz beroak eskeini zizkioten Jaunari. Elizkizunaren ondorean afaria eta honen ondotik berehala goatzera. Baina Jose zaharrak haur agertu hura dauka bere gogoan eta sukaldera doa haurra ikustera Monja guziak haurtxoaren inguruan zerutik etorria balitz bezala. Josek galdetzen dio gaztenari: Haurtxo hori mutikoa ala neskatikoa al da? —Mutikoa —erantzun zion monja gazteak. —Begiratu diozu ongi? —erraten dio Josek irri maltzur batekin. Denak elkarri begiratuta irri egin zuten eta gero berriz Josek: —Gaizki pentsatzea da bai, baina aixtion haurraren nigarrak aditu ditudalarik arras uste nuen zuen lo-gelatik heldu zirela. —Zer erran nahi duzu solas ergel hoiekin? —erantzun zion monja gazteak eta gero haserre: —Zoazi agudo goatzera attun zahar hori eta utz gaitzazu bakean. Josek haurrari azken begiraldia eman eta ondoan eta monja gazteari irriño maltzur bat eginik erraten dio: —Banoaie goatzera, baina haurrari emaiozu titia atzendu gabe. —Zoazi hemendik mutil-zahar trastea —erran zioten denek batera. Biharamunean denak arro zabiltzen, monjak haurtxoakin eroturik eta Don Gregorio apeza, berriz, juzgadura gertakizunaren berri ematera. Herri guzian hedatu zen berri hura baina ama inondik ageri ez. Juzgaduan paperak eta agiriak egin behar zirela eta lehenik asmatu behar baitzuten izen-deiturak haurrari ezartzeko; hortxe zabilen apez zahar hura bazter guziak inarrosten. —Zu Jose —erran zion apezak Jose-ri—. Haurrari izena paratu behar zaio eta nor izan daitezke aitatxi eta amatxi? Zuk aurkitu baituzu haurra, nik uste egoki litzakela zu aitatxitako. Zer iduritzen zaizu? —Bai jauna, ni bozik izanen nintzake aitatxi. Neretako ohore haundia litzake. —Eta amatxitako zein hautatuko ote ginuke? —Amatxitako? Sor Felisa nere iduriko. Hori duzu monja bat haurrak maite dituena aski ona, xaloa eta maitagarria. Gregorio jaunak ontako eman zuen Jose zaharraren iritzia eta bere aurpegian irri-par goxo bat nabari zela jarraitu zuen: —Izena ere asmatu beharko dugu ba... eta deitura ere ezarri beharko zaio, Jose! egizu nahi duzuna eta hauta zazu izen bat. —Jauna, hori asmatzea errexa da. Atzo San Jose eguna zen eta ni ere Jose bainaiz... Jose baino izen egokiagokorik ez dago lurrean! Jose ezarriko diogu! —erran zuen Jose zaharrak. —Deitura bat ere asmatu beharko dugu —galdetu zuen berriz apezak. —Eta zergatik ez nere deitura? Jose Larrekoa dira nere izen-deiturak eta hoietxek ezarriko dizkiogu haurrari. Deitu zuten Sor Felisa eta jakinarazi zizkioten beren erabakiak. Monja gazte honek poz haundiarekin onartu zuen Josek eta Gregorio jaunak adierazi ziotena. Biharamunean bataiatu zuten haurra eta egun gogoangarri hura bihotz barneraino sartu zitzaion Jose zaharrari eta ordutik hil arteraino seme bat bezala maitatuko zuen Jose umezurtz txikia sasitik etorritako umea. Egunak joan dira deus makurrik gabe, haurra ari da hazten, beti negarrez, negartia da bai, bere zoritxarra ezagutzen balu bezala. Jose zaharrak kantuz lokartzen du haurra, kantari ona bertso zahar aunitz dakizkiena, kanta hunkigarriak tristeak gehienetan bere bizi garratzaren adierazgarri, nahiz eta bera beti umore onakin agertzen den. Haurra negarrez ari delarik kanta hau du beti bere ezpainetan.
Nigarrez sortu nintzan, nigarrez hiltzeko, Ez ordean munduan luzaz bizitzeko, Jendek izanen dute erraiteko frango, Aita ama maiteak zuen biendako.
Sortu nintzen ordutik hiru oren gabe, Bero xoko batean gaizoa eman naute, Nihaur bakarrik bizi, xoriak haurride, Ene kontsolatzerat kantuz heldu dire.
Sortze triste huntan naiz... mundura etorri, Oi! hemen niagozu bildots bat iduri, Lurra sehaska eta zerua estalgi, Norena ote naizen Jainkoak badaki.
Aita-ama maiteak, mundura zertako Eman izan nauzue zorigaitz huntako. Nik ez nuen hobenik hola tratatzeko Federik eman gabe abandonatzeko.
Ni goizeko aroan hementxe paratu Geroztik iguzkia gainetik pasatu Aita gorde da eta amak nau ukatu, Ez ote naute behar norbaitek altxatu.
Zeruan iguzkia zelarik apaldu Andre gazte bat zaitan aldetik pasatu, Aingeru bat nintzela zenean ohartu Amultsuki ninduen besoetan hartu.
Eta zortzi bertsoak kantaturik eta negarra begietan, haurra lokartu arte. Hilabeteak eta urteak ere iraganik haurra kozkortzen ari zaigu, Jose zaharra akituz bezala Joxe ttipia haunditzen. Josetxok ez ditu ezagutu bere egiazko gurasoak, baina hoien ordez badu aita bat eta bai ama ere, Jose zaharra eta Sor Felisa gurasoen orde direlarik. Haurtzaro ona izan du, ongi hazia eta hezia ere, Josetxo badoa hamalaugarren urtean eta Jose zaharra berriz laurogei eta lauetan, urte zama haundi hori ezin jasanez. Etxean badute nekazalgoa eta Jose zaharra aspaldi hontan beti behitegian egoten da, badaki azienda ongi gobernatzen eta etxe hortan denek errespetatzen dute. Orai badu laguntzalea, Jose txikiak badu hortarako ere zaletasuna eta lanari ederki lotzen da. Jose zaharrak aunitz aldiz erraten dio: —Josetxo; hik balio duk nakazalgorako, bilatuko diat etxe on bat eta han sartuko haiz mutil, eta haunditzen haizenean etxalde batera ezkonduko aiz. Estudioko ez duk balio baina laneko bauk adrendue. —Bai! Nik nahiago dut lanean ari izan, eskolan ikasten baino. Ardiak ere maite ditut eta gustora goanen nintzeke baserri batera ardiak zaintzera. —Nere sortetxeko barride batek behar omen dik ba artzain-mutiko bat. Nere iloba duk, nere lehengusina baten semea. Gan den ortzegunean kusi niken eta hoixe erran zietaken. Nauk harat gan? —Bai; gogotik goanen nintzeke —erantzun zuen Josetxok bozkarioz beterik. —Mintzatuko gaituk. Orai goazen baratzera eta hartzak aitzurra. Jose zaharrak bazakien baratze lanetan, bera zen gidari, ez zuen aitzurrekin eta laiakin lan aunitzik eginen baina bertzeei lana eginarazteko eta ongi erakusteko ere, gizon abila. Baratze ederra zaukaten eta gidariaren eskua hartan nabari zen. San Juan aldera Jose zaharrak uste gabeko bisita ukan zuen. Bere lehengusinaren semea etorri zitzaion, Paulo iloba 45 urteko gizon gaztea, Zelaiondoko bordako nausi gaztea. —Egun on osaba —agurtu zion ilobak osabari. —Bai zuri ere Paulo. Non zabiltza? —Hemen nabile, zu ikustera etorria. Nahi nuke zurekin solasaldi bat egin. —Pentsatzen dut bai zertara etorri zaren —erran zuen Josek irriño batekin. —Oroitzen zara gan den ferietan nola erran natzun artzain-mutiko baten beharretan aurkitzen nintzela? —Bai; gogoan dut bai zure errana eta artzain-mutiko on bat izanen duzu. Nere besoetako Josetxo duzu zure «txera gateko nahikerietan dagona. —Ederki osaba, baina Miserikordiko aintzinderiek utziko al dute? —galdetu zuen Paulok kezka pixka bat nabari zuela. —Bai gizona bai, ez zazula hortaz batere kezkarik izan, ni mintzatuko naiz aintzinderiekin eta zure etxera gateko baimena erdietsiko ere, hortaz segur nago. Gainera zu nere jendakie zaren ezkero ez dute batere trabarik paratuko —erran zuen Josek panparro aire batekin. —Udazkenean etorriko naiz mutikoaren bila. —Nahi al duzu mutikoa ikusi? Hortxe dago baratzean, goazen harengana. Osaba ilobak joan ziren baratzera eta hantxe aurkitu zuten Josetxo patata jorran. —Josetxo; hator hunat! —oihu egin zion Josek. Josetxo harriturik gelditu zen, bere aita-ordekoa gizon gazte harekin ikusi zuelarik berehala pentsatu zuen bere bila heldu zirela eta aitzurra lurrean utzirik lasterka etorri zen. —Josetxo; hemen duk Paulo nere iloba. Nahi al duk bere etxera gan? Erran nian artzaina behar zutela eta hik nahi baduk gaten ahal haiz, nik uzten haut. Josetxo harriturik Paulori begira ixtanpat ixilik egon zen eta gero galdetu zuen: —Orai berean gan behar dugu? —Ez ez, orai berean ez, hemendik hiru hilabeten buruan edo urri aldera. Lehenik baimena erdietsi behar dugu —erran zuen Jose zaharrak. Solasaldi bat egin ondoren Paulo lagundu zuten ateraino eta han despeiturik baratzera itzuli ziren, lehenik Jose zaharrak atetik oihu egiten zuela: —Goraintziak Maddi! Orduentxe agertu zen Sor Felisa eta hainbertze solas aditurik erran zaben: —Zer duzue zuek gaur goizean. Iduri du lanerako baino jostetako gogo gehiago duzuela. Ez da hala? —Gaur izan dugu bisita bat eta gauzak bide onetik gaten balin badira, gure Josetxo baserri batean laster ikusi beharra dugu. —Zaude ixilik, zer ari zara holako ergelkeriekin —erantzun zion monjak. —Bai egia da, gure Jose ttipia nere lehengusu baten etxera gan beharra da. Artzaina behar omen dute eta gure Josetxo harat doa. Ez da hala? —erran zion mutikoari. —Bai, bai, egia da, aixtion izan da gizon bat eta hortaz mintzatu gara. Urri aldera etorri beharrak omen dira nere bila —erantzun zuen Josetxok bozkariotan. Sor Felisa ez zen sobera harritu, holako gauzak maiz ikusten baitira Miserikordian eta Jose gaztearekin berdin gertatzen ahal zen. Gainera Jose zaharra aspaldion zabilen asmo hoiekin eta azkenean bere nahia erdietsi arte ez zuen etsituko. —Aurtengo udaran gauza aunitz gertatu beharrak dira hemen —erran zuen Sor Felisak, eta gero solasean jarraikiz —Ni ere ez nago etxe huntan denbora luzeko. Abuztuan banoa hemendik hiri haundiko Etxe Nagusira. —Orduan hiruek denbora gutiko. Josetxo Zelaiondoko bordara, zu Iruñera eta ni ere laster bertze mundura —erran zuen Jose zaharrak tristezia aurpegian nabari zuela. Hiruak ixtanpatez ixilik egonik, Jose zaharrak oihu egin zuen: —Josetxo; goazen baratzera, lur-sagarrak jorratu behar dira eta banabar pixka bat ere erein behar ginuke. Agurea eta mutikoa badoazi baratzera eta bizkitartean Sor Felisa atso zaharren gelara doa. Udara hartan bero ikaragarriak egin zituen, hilabete osoa bazaraman euri tantarik ere egin gabe, iturriak ere agorturik zauden. Jendeak bazuen lanik aski uda bortitz hura jasaiten. Jose zaharra ez zabilen hain ongi, bero zakar haiek abarrikatu zuten agure gizajoa. Laurogei eta lau urte ongi beteak eta orai arte ongi zegona, nahiz eta gernudebekuak lana ematen zion eta tensione piska bat ere bazaukala. Hor zabilen bero ikaragarri hura ezin jasanez; erixko zegon mutilzaharra. San Bartolome bezperan arratsaldeko bostak aldera gertatu zen gertatu beharra zena. Jose-ri buruko min gaixto eta bortitz bat lotu zitzaion eta oinazeak ezin egonez mututurik gelditu zen. Josetxo, Sor Felisa eta hango monja guziak eta bai apeza eta sendagilea ere, denak hantxe zauden Jose zaharraren inguruan bildurik eta hau erdi hilik solasik gabe goatzean etzanik. Sendagileak erran zuen buruko min hura gaixtoa zela tronbosis delako gaitza lotu zitzaiola eta ez zuela luzaro iraunen. Bero zegon eta Jose gizajoa hatsik ezin hartuz. Gero arratsa aldera pixka bat freskatu zuelarik iduri zuen zerbait ernatu zela eta begiak idekirik solas batzuk eta arras neketan zerbait adierazi nahiez: —Errosarioa! —erran zuen. Denak belaunikaturik debozio haundiarekin eta nigarra begietan zaukatela errezatu zuten! Hunkigarria! Gizon baten bizia bazoaien! Une larria! Elizakoak eta oliodurak harturik gertu bertze mundura joateko. Gero gizonaren hatsa gutituz zoaien eta emeki-emeki Jose Larrekoaren bizia itzali zen. Josetxo negarrez eta bertzeek ere arras hunkiturik; une tristea bai zinez. Ehorzketak biharamunean egin zituzten. Etorri ziren bere jendakiak, lehengusina eta Paulo Zelaiondokoak, bere lagun zaharren bat ere bai eta hala despeitu zuten gure Jose zaharra, bere animaren alde betiko atsedena Jainkoari eskatuaz. Bero ikaragarri haren ondotik ekaitza heldu zen, ortotsak, inezturak eta erauntsi bortitz bat ondotik. Lurraren egarbera ongi aserik eta mesedegarri denentzat, jendeak orai hatsa har zezaken. Egunak joan dira, Josetxo tristerik dago, Jose zaharraren hutsunea nabari da. Haren erakaspenak bihotzean sarturik zauzkan, bere aita-ordearen oroitzapena barne-barnean atxikiko zuen hil arteraino. Sor Felisa bere ama-ordekoa ere bazoaien abuztuaren azkenengo egunean. Etxea utzirik hiri haundiko Etxe Nagusira joan zen, lehenik Josetxo gazteari azken-agur maitekor bat egin ondoren. Bi begietan nigarra zaukala erraten dio: —Agur Josetxo, banoaie hemendik, uzten zaitut. Egon bizkor. Josetxo ere arras tristerik, gaixoak zer erran ez zakiela. —Agur Sor Felisa, ni ere laster goanen naiz eta beharbada ez zaitut gehiago ikusiko, ni zure etxera goatea ez da errex izanen. Adios erraten datzut, adios betiko. Despeida tristea bai zinez, mutiko umezurtz batek zer egin dezake aitarik eta aMaddik gabe, ez jendakirik ere, bakarrik munduan, hola behar ote zuen bizi aintzinat ere? Gaztetxoa zen baina ongi aski ohartzen zen bere zoritxarreko egoeraz eta hortan pentsatzen, maiz etortzen zitzaion nigarra begietara. Gau hartan negar egin zuen eta bai negar samina barnetik heldu zitzaiona. Holakoetan Jose zaharrari ikasitako kanta zaukan gogoan:
Nigarrez sortu nintzan nigarrez hiltzeko ez ordean munduan luzaz bizitzeko. Jendeak izanen dute erraiteko frango aita-ama maiteak, zuen biendako
Egun berria argitu du, garbi eta ederra, zertako kezkatu etorkizunaz gazteak burua ilusio ederrez beterik baldin badu? Hamabortz urteko mutiko gaztea zertako tristerik? Orai udazkenean bere bila etorriko dira eta bizi berri bat zaukan esku-har eta hari lotzeko nahikeria zen bere ilusio guzia. Josetxok goizik jaiki eta leihotik begiraldi bat egin ondoren eta egun alai harek ematen zion indarrarekin, hasperen luze bat eginik Goiko Jaunari zinezko otoitza egin zion. Egun ederra heldu zen, eguzkiak bazuen indarra eta etxeko langile guziak belaira abiaturik aintzineko egunetan ebakitako belarrak higitu eta gero arratsaldean denak ongi idorturik sabaian sartzeko eta piletzeko. Gaurkoarekin belar guziak eginak eta etxeko guziak ere pozik. Josetxo ere bertzeekin batean lanari lotua eta egia erran ez zen alferrenetarik. Udara bazoaien eta udazkenean sarturik «San Jil, iretzeak baki trankil» eta erran xahar hunek dion bezala zenbaitzuk lan hortara orduentxe lotzen ziren ire-zelaietan jendea gogor aritzen zelarik. Igande batez Paulo Zelaiondoko bordakoa eta berak erran bezala eta emanikako hitza ongi beterik, hantxe agertu zen Josetxoren bila. Iraila edo buruilako hilabete on hartan denek bazuten zerbait egin beharra. Urriko hilabete ederra ere gainean eta zituek biltzeko garaia. Paulok Etxeko aintzindaria deiturik hango monjak ere agurtu zituen. Gero agertu zitzaizkion kapellaua eta Buruzagia. —Egun on —agurtu zuen Paulok. —Bai zuri ere —ihardetsi zioten. —Hemen heldu naiz Josetxoren bila. Nere osaba zenari erran nion bezala nik nahi nuke mutiko hori nere etxera eraman. Famili ttipia daukat, andrea eta hiru haur, zaharrenak bortz urte eta ttipienak urte terdi. Ama zaharra ere gurekin dugu. Etxean badago lana, ardiak ere baditugu eta Josetxo behar ginuke ardiak zaintzeko. —Bai ongi dago, zure asmoak onak dira eta laudorioak merexi dituzu. Badakigu Josetxok zure etxera gan nahi duela eta ikusten dugu zuk ere hala nahi duzula. Paulo; eman zioten harrerakin kontent zegon eta konfiantza osoarekin mintzo zen. —Gure etxean ongi egonen da, familikoa bezala maiteko dugu, gure etxean ez du deusen eskasirik izanen, jatekoa eta behar dituen guziak gure haurra balitz bezala. —Ederki Paulo, hori nahi ginuke guk ere. Josetxo maite dugu eta ez ginuke nahi mutikoa gaizki haztea. Gainera badakizu hemengo legeak nolakoak diren, guk behar baitugu hemen hazten den haurra esku onetan utzi eta badakizu ere gauzak gaizki gertatu ezkero guk badugula eskubidea mutiko hori gureganatzeko —erran zuen buruzagiak. —Badakit legeak hola direla eta nik ere nere gain hartzen dut mutiko horren etorkizuna eta gogo haundiarekin gainera —erantzun zuen Paulok patxada ederrean. —Ederki Paulo, orai paper batzuk ere egin beharrak ditugu mutikoa zure eskuetan uzteko eta datorren astean etortzen ahal zara Josetxo-ren bila. Nahi al duzu mutikoa ikusi? —Bai, bai, etor dadiela —erantzun zuen Paulok bizi-bizi. Deitu zuten Josetxo eta berehala han zen. —Egun on Jainkoak —agurtu zuen mutikoak humilki eta alaiki denbora berean. —Bai zuri ere Josetxo —erantzun zioten. Paulok jarraiki zuen erranaz: —Zure bila etorri naiz. Nahi duzu etorri? —Bai jauna zuk nahi duzulaik, ni deseiuten nago —erantzun zion Josetxok. Solasaldi bat egin ondorean eta denei azken-agurra emanik, Paulo bere etxera abiatu zen azken hitzak erranik: —Etorriko naiz heldu den igandean eta behar diren guziak presta zitzue. Agur eta igande artio. Pasatu egun on. Josetxo irriño batekin gelditu zen eta txoria baino arinago goiti eta beiti zabilen denei berria ematen, airatua zegon gure mutikoa. Igandetan bazkari hobexagokoa izaten zuten eta denek gogotik jaten ere, baita ere Josetxo bertzeekin batean jan-gogo ederrakin. Astea bazoaien eta etxeko guziak jakinen gainean zauden, denek bazakiten Josetxo bazoaiela eta Etxea utzi beharra zuela. Josetxo gaztearen ilusioa haundia zen, beretako Ameriketara joatea bezala zen etxe hartatik ateratzea eta bizi berri bat hartzea. Hamabortz urte zituen eta lehenbiziko aldia zuen herritik kanpo ateratzen zela. Ez zen ba urrun joan beharra baina harendako eman behar zituen urratsek garrantzi haundia zaukaten. Ez zituen orai gogoan kanta tristeak, alaiak baizik eta Jose zaharrak erakutsitakoak alaiki agertzen zituen. Bizkitartean apez eta Etxeko Buruzagiak paperak egiten ari ziren iganderako gertu egon zitezen. Astea joan da eta dena prest dago. Josetxok bere arropak eta zituen gauza pizerrak bilduak zituen eta Pauloren zain erne eta zutik. Igande goizean eta hamarretako, hantxe agertu zen Paulo gizon zintzoa. Behorrarekin etorri zen Josetxoren puskak eramateko. Mutikoa bidera atera zitzaion eta bai Paulo bere nausi beharra xaloki agurtu ere. Kapellaua, monja eta aintzindari nagusiekin azkenengo erabakiak zuzendurik eta solasaldi bat egin ondoren, Buruzagietatik despeitu zen. Gero monjak eta etxeko gehienak Josetxo-ren inguruan azken-agurra eman beharrez denek beren maitasuna agertzen zutelarik. Monja Buruzagiak erran zaben: —Ez zarete hemendik goanen bazkaldu gabe. Eguerdia hurbil dago eta ixtanpaten buruan emanen dugu bazkaria. Hala egin zuten. Azken bazkaria behar zuen ederra izan eta Josetxo eta Pauloren ohoretan otordu eder bat prestatu zuten. Bazkalondoan behorra kargatu eta azkenengo agurrak eta eskerrak denei emanik, abiatu ziren Pauloren etxeko bidea hartuz Arraxiteko herria gibelean utzirik eta azpitik goiti mendietan barna eta oinez lau orduko bidaia egin beharra zutela. Bidean Paulo solasturi eta Josetxo ere kontent, urratsak aisa emanik maldak eta bideak nekerik gabe iraganik. Ilunabar aldera Zelaiondoko bordako atean zauden. Etxekoandrea, amatxi eta haurrak ere heken zain, harrera on bat egin zabeten.
Nigarrez sortu nintzan |