Nigarrez sortu nintzan
BIGARREN ZATIA
Zelaiondoko borda mugatik hurbil xamar dago, etxe polita da, belai eta landaz inguraturik, bazka onak mendietan denak etxetik hurbil eta ire-lekuak ere ondo ondoan. Ez dute nekazalgo harrigarria baina familia ongi mantentzeko eta aintzinat ateratzeko ere nahikoa. Berrehun erdi, lau behi, zerri andana bat etxe ondoko hariztietan nahiko ezkur badaukatela eta oilo multzo ederra ere arroltzeak falta ez daitezen. Hortaz landara kontrabandan irabazten duen sosa pizerrak ere etxea indartzeko ongi heldu dira. Senar-emazteak beti lanean etxea ongi daramate, udaran belarrak egiteko pion bat edo bertze hartzen dutelarik. Orai iretzetan ari dira. Ixabel etxekoandre ederra Pauloren emazte ona, amatxi Paulo-ren ama eta haur tipiak; Anttoni bortz urtekoa, Patxiko hirukoa eta Pello hemezortzi hilabetekoa. Sei lagunek osotzen dute Zelaiondook bordako famili paregabea. Famili guzia Paulo eta Josetxo-ren zai. Andreak afari ona prestatu du eta erran beharrik ez dago denek gogo ederrarekin dastatu dituztela maira ateratako janariak. Ixabelek eta amatxik ere Josetxo-rekin eleketan, mota guzietako galde-moduak egiten zizkioten. Haurrak ez ziren aspertzen beti Josetxo-ri begira eta harriturik Goatzera goateko ordua da eta haurrak eraman dituzte lo egitera. Bertzeak ere laster joango dira lan guziak egin eta ondoan. Josetxo nekatua zegon eta zangoak ur bero berotan garbitu ondoren, berehala goatzera ongi merexia zaukan atsedena hartzera. Oilarraren kukurruku ozenak haurrak ez bertze guziak iratzarri ditu; argiastea da. Josetxo-ren gelako leiho zirritotik argitasuna sartzen da. Josetxo jeiki eta berehala leihora. Hats haundi bat eginik aire garbi harekin bularrak haunpaturik eta bere begien aintzinean ageri diren zelai, alorrak, irelekuak, oihanak eta mendiak ikusirik, halako bozkario bat nabari du bere barnean, bizi berri bat sortu baitzaio famili on baten babesean. Paulo jaiki da behi deiztera eta behitegiko lanak eginda berriz goitire. Ixabel sukaldean gosaria prestatzen. Josetxo ere agertu da sukaldera. —Egun on, egin duzue lo? —agurtu zuen mutikoak. —Bai, zuk ere bai? —erantzun zioten senar-emazteak. —Bai, xarmanki egin dut —berriz ere Josetxok. —Bainan zergatik jaiki zara hain goizik. Egoten ahal zinen goatzean guk deitu artio. Ez duzu batre presik —erran zion Ixabelek. Josetxo irriparrez beti umil deus erantzun gabe. —Nahi duzu taloa eta esnea? —galdegin zion etxekoandreak. —Bai, gogotik janen dut, aunitz gustatzen zait —erantzun zion mutikoak bizi-bizi. —Gero gosaldu ondoan gan behar dugu ardiak ikustera, hortxe ditugu larrean gure harizti ondoko mendian —erran zuen Paulok, eta jarraiki zuen—. Iretzeak ere erdi zafratuxek ditugu bainan oiniken baditugu egitekoak eta ez errexenak. Gosaldu zuten, eta Paulok: —Goazen, Josetxo, kusi behar tiagu ardiak. Abiatu ziren etxetik eta ordu erdi baten ibilaldia eginik, ardien artean zauden. Zakur ttipia ere haiekin zuten. —Hara Josetxo, hortxe «Antxuek» eta han «Arlantxak». Badakik ardiak nola deitzen diren eta nola berexten ditugun adinaren arabera? —Bai badakit, Josek nere aita-ordekoak erakutsi zautan. —Erran zak, erran. —Sortzen direlarik «Bildotsa», urtekoak «Antxue», bi urtekoak «Arlantxa», hiru urtekoak «Defota» eta lau urtetik goitikoak «Ardia». Gero «Aharia», eta badira «Zikiroak» ere. —Ederki Josetxo, horra hor ardi bat. Zer da hori ardia ala antxue? —Hori, zikiroa —erantzun zion Josetxok irriz. —Arraioa! Ongi ohartu aiz. Goiz guzia mendian itzulika, eta ardi guziak ongi begiratu ondoren eta ikusirik artaldeak ez zuela deus makurrik eta denak osasun onarekin zaudela, etxe aldera abiatu ziren. Haurrak etxe atarian, larrainean jostetan eta amatxi haur ttipienakin kalerietan. Aita eta Josetxo etxearen ondora hurbildu zirelarik, haurrak berehala oharturik, jostetak utzi eta hantxe doazi lasterka norgehiagoka. Aitak neskatiko zaharrena besoetan harturik eta Josetxo mutikoarekin, larrainean sartu ziren. —Egun on amatxi —agurtu zuten etorri berriek. —Bai zueri ere. Nola egin duzu ibilaldia, artaldea ongi aurkitu duzue? —amatxik xaloki. —Bai, bai, ongi dago ez du deus makurrik —erantzun zion semeak. Gero igan ziren goitira eta han aurkitu zuten Ixabel sukaldeko lanetan. Ixabelek sumetu zituelarik irri goxo batekin erran zaben: —Torri zate? Daoneko gosetuak egoin zate eta nik oiniken bazkaria prestatzekoa. —Ba, ez dugu batre presik, segi, segi trankil zere lanean, gu bagazi beheitire —Paulok. Ordu erdi baten buruan famili guzia mahiean jarririk zegon. Bazkaldu bizkitartean denak solasturi eta Josetxo ere denekin batean Miserikordiko kontuetan. Ixabelek galdetu zion: —Josetxo; zuk guk baino eskola gehiago izein duzu, leitzen eta eskribitzen eta kontuetan ere trebe izein zara, ez da hala? —Eskola aunitzik ez dut bainan hortako dine bai. Badakit leitzen eta eskribitzen eta kontu pizer batzuk ere badazkit nahiz eta aunitzik jakin ez. Hamahiru urteak artio eskolan ibilia naiz —erantzun zion Josetxok. —Zuk behar zinuen apez hainbertze eskolakin —berriz Ixabel-ek. —Bai, Miserikordiko apezak behin baino gehiagotan erraten zautan apez behar nuela izan, bainan egia errateko nik ez dut balio estudioko eta nahiago dut nekazari eta artzain ezen ez apez —ihardetsi zuen Zelaiondoko mutil berriak. Gero bazkalondoan eta solas atsegingarrietan pasa zuten ordu erdiren bat. Gero Paulok zutiturik erran zuen: —Goazen Josetxo beheitire, lan batzuk egin beharrak ditugu. Arratsalde erditsuraino aritu ziren metaziriak prestatzen eta bertze lan batzuetan ere. Biharamunean iretzetara joan beharrak eta bezperatik nahi zituzten gauzak ongi moldatu, laneko lanabesak eta gainerakoak, gero iretze lanak bide onetik joan zitezen. Argiastean berriz prest lanerako. Behien lanak egin eta han doaz Paulo eta Josetxo ire-leku aldera. Behorra ongi kargaturik, gosaria ere badaramate bai eta Zain zakur ttipia ere. Eguraldi ederra heldu da, haizegoa eta idor, laneko aproposa. Josetxo ez da behin ere iretzetan ari izana baina badu borondatea eta ahal duen bezala laguntzen dio nausiari. Paulo enantzu haundiko gizona da eta lanak aisa egiten ditu, iretzeak ebaki, metaziriek sartu, zogiek egin eta metatu. Eguerdi aldera badator Ixabel bazkariakin eta bi langileek hau ikusi orduko xaloki agurtu zuten urrunetik besoak goratuz. Ixabel iritsi zelarik langileak lanari utzi zioten bizkitartean Zelaiondoko etxekoandreak maiteki agurtzen zituela: —Ai zate egin ahal guzian gizon langileak? —Bai, ari gara, zu ere torri zara? —erantzun zioten. —Zenbat meta in tuzue? —Ba, in dugu andana bat. Martxa huntan iretze guziak fite zafratuko tugu. Bazkaldu zuten, eta bazkalondoan pause piska bat egin eta ondoan berriz lanera lotuak eta oraingoan Ixabel lagun zutelarik. Lan ederra egin dute eta ilunabartu baino lehen, jana utzirik eta lanabesak behorraren gainean kargaturik, badoazi etxera bihotzak alegera eta irria ezpainetan. Amatxi eta haurrak heken zai, eta erran beharrik ez dago artera maitekorra egin zabetela. Tenore ederrean iritsi ziren eta behien lanak egin ondorean, denak afaltzera. —Nekatu zara Josetxo? —galdetu zion etxekoandreak. —Bai, franko poliki. Lan huntan ez nintzen behin ere aritu. Ni baratzean bai, hortan badut adrendue, jorran eta laiarekin lurra iraultzen aunitz ari izana naiz eta ez nintzen hainbertze nekatzen, baina gaur egun guzian mendian goiti eta beheiti leher egin dut —erantzun zion Josetxok bere aurpegian nekea nabari zuela. —Orai afalondoan ur berotan zangoak garbituta laster goatzera, kusiko duzu bihar zein ongi egoin zaren —erran zion Paulok. Biharamunean ere lanari lotuak baina beranduxago joanak. Josetxo indarberriturik gogor ari da oraingoan, zogiek prestatzen ere ikasi duela. Aste guzia ari izanak dira eta larunbateko iretze guziak eginik atsedena hartu dute. Egunak igaro dira, eguraldi onakin gehienetan, tarteka ere euri pixka bat egin duelarik. Urriko hilabetean gara, banabarrak biltzen ari dira et ia denak bilduxek eta artoak ere onduxek. Laster arbolak biluzten eta bai mendietan elurra, bainan hoiek gertatu baino lehen landako zitua behar lukete etxeratu, gaztainondoak hustu gaztain pila ederra bilduz eta zerriek ezkurrez ongi bazkatuz. Paulok ere ibilaldi batzuk eginak ditu harat-hunat muga iraganez, mandoak handik honara ekarriaz. Irabazbide hontan Teilazuriko Manex zuten nausi, lanpide hortan aspaldion sartua dagona, gizon ausarta eta zenbait jende haundikiekin ere adiskidantza eta hartu-emanak dituena Paulo eta Manex elkarrekin ongi heldu dira, barride eta lagun bezala ere. Manex, Paulo baino bortz urtez zaharrago da, berrogeita hamar urte bete berriak ditu eta hiru seme-alaben aita, bi neskatiko eta mutiko bat. Juan Martin mutikoaren izena da eta hemezortzi urtekoa, bi alabak gazteago dira. Manexen mutiko hau beltxarana da, iletsua eta zaila, ausarta bere aita bezala. Bere lagunek Beltzarro deitzen dute. Hau ere hasia da lanpide hortan bere aitaren aginduak zorrozki betetzen dituelarik. Kontrabandan gehienetan mandoak, zaldiak, behiak eta ardiak ere erabiltzen dituzte eta hortaz gainera hemendik harat eta handit hunak ekarri eta eraman, beti badute zerbait egin beharra. San Martin aldera etxea gauzez ongi horniturik. Egunero ari dira egur garraian, iretze meta haundiak etxe ondoan eginik, artaldea ere etxe ondoan, zerri gizena zerritegian eta batere beldurrik gabe negu beltzari, honek bortizki zanpatzen badu ere. Lanak egin eta ondoan sukaldeko xokoan su ondoan sendi guzia bildurik, gaztainak paderan erretzen eta amatxi kontu kontari. Haurrek beti amatxiren ondoan bildurik sorgin kontu bat entzuteko nahikeriarekin. Amatxik bazazkien ipuin aunitz, bereziki sorginen istorioak. —Amatxi, konda zazu sorgin kontu bat —erran zioten bilobek. Eta amatxi horrela hasi zen: «Egun batez ai omen zen andre bat galtzerdie iten supazterrean gauez, eta han omen zuen lurrean zartaine urinarekin. Torri omen zitzaion tximinitik sorgina urine edatera eta andre hura izitu omen zen eta erran zion bere gizonari. Bertze gauan gelditu omen zen gizona puntuen supazterrean galtzerdie iten andrea bezala, eta zartaina urine ondoan. Sorgina torri omen zen berriz urine edatera baina ez baitzuen andrea han ikusi erran omen zuen: —Atzo firirin-firirin, gaur fordoko-fordoko, Maddi bizartsu nor zira zu? Gizonak erran omen zion: —Nor bere buru! —eta urine bota zion sorginari azpitik goiti. Sorgina karraxika gan omen zen eta bere lagunek teilatuan esperoan omen zauden eta erran omen zioten: —Nork zer in daun? Eta sorginak erran zaben: —Nork bere buruk. Eta bere lagunen erran omen zioten: —Nork din hoben, herorrek hire buruari egin badion!». Haurrak aho zabalik amatxiri begira, harrituak eta izialdura pixka bat ere nabari zutela. Gainera amatxik kondatzen zituen sorgin kontu hoiek bizitasun haundiarekin gertatuak balira bezala eta gisa berean ere entzule ttipiek arreta haundiarekin aditzen zioten. Josetxo ere erne zegon holako istorio harrigarriak entzun beharrez. —Zein polita den kontu hori. Bainan hoiek guziak gezurrak izein dira naski, ez da hala? —erran zuen Josetxok. —Bai dudik gabe, bainan zenbaitzuk sineste haundia izaten dute sorginetan eta sorginkerietan —erantzun zion amatxik. —Konda zazu bertze bat amatxi! —erran zuen haur zaharrenak. Baina orduentxe amak: —Ez, ez, aski da, bertzenaz izituko zate eta loik ezin inez beti sorginekin ametsetan. Josetxok erran zuen: —Denbora batez bai omen ziren sorginak Zugarramurdin, nik jaun bati aditu izan diot hango historioak eta erraten dute ere sorgin andana bat bizirik erre zituztela eta hoien artean Zugarramurdiko Barrenetxeko Graziana, akelarretako erregina. —Ago xilik mutikoa, hoiek guziek gezurrek dituk —erran zuen etxeko nausiak. Eta Josetxok: —Baita ere aditu izan dut sorginek iten zutela salda bat belaietako belar zenbaitzuekin eta hartatik edan eta mozkortzen zirela eta sekulako dantzak eta deabrukeriak iten zituztela. —Nork erran datzu holako trastekeriak? —erran zion Paulok. —Josek, nere aita-ordekoak —erantzun zion Josetxok. Orduan amatxik: —Bai, sinesten datzut bai, nere lehengusu zenak holako istorioak bazazkien. Gero amatxik atseden pixka bat harturik jarraiki zuen kontakizunetan. «Behin batean gizon bat gan omen zen mendira eta bueltan etxe aldera heldu zelaik ilargi zuria omen zagon eta orduan ikusi omen zuen sorgin bat zuriz jauntzia. Sorgina ikustean ikaratu omen zen eta etxe aldera lasterka gan omen zen lagunaren bila. Laguna harturik eta makila konkorraikin gan ziren sorgina zanpatzeko ideian. Badoazi malda goiti mantso-mantsoa bi adiskideak nekaturik, ez baitziren gazteak. Urrunera ikusten dute berriro sorgina zuriz jauntzia pixkaka pixkaka mugitzen zela beren aldera. Orduan ikaraturik makila konkorrak fuerte harturik badoazi beldur haundiarekin sorginaren aldera poliki-poliki; jo behar zutela fuerte, hilta ere ez zizaiotela axolik. Gizajo adiskideak! Ustez sorgina zurik jauntzia harrapatzen zuten; asto zuri bat harrapatzen dute belarra jaten inguru-minguru! Orduan bi adiskideak irriz ajataka itzuli ziren etxera elkarri erranez: —Ez gaitik gaizki tronpatu asto zuriak!». Irri karkaila ederrak Josetxoren aldetik, eta haurrak ere bozkariotan. —Orai zoazte goatzera, ordue da, guk arrosarioa errezatu behar dugu —erran zuen amatxik. —Ez, ez, gero —zion haur zaharrenak. —Gero, gero, hotza ez dena bero, zure purdie erre eta nerea bego! —ihardetsi zion amatxik. —Bainan oiniken ez duzu dena jan? —erran zion amak neskatiko zaharrenari oharturik katiluan bazaukala oraino taloa eta esnea. —Ez dut gogoik, taloak gusto txarra du —erantzun zion haurrak erdi negarrez. —Zein minbresa zaren, ez duzue bizioa baizik —oihu egin zuen Ixabelek. Amatxik bere errainari begiratuz, eta irriño batekin, erran zuen: —Hazitik hozie, Karmengo glorie. Hori aditurik bere alabak ere irriño bat egin zuen bere haurtzaroaz oroiturik. Amatxik badakizki erranairu xahar aunitz eta tarteka-tarteka holako ziriak sartzen ditu. Haurrak goatzean sartu dituzte eta famili guzia ere laster oheratuko da, ongi merexia daukaten atsedena erdietsi beharrez. Negua badoa, egunak joan eta egunak etorri, Eguberrietan gara. Egun pozgarriak igaroak dituzte, famili guzia bake zoriontsuan elkarturik. Elurra teilatuan eta hotza kanpoan, neguak bortizki estutzen du, beharrik etxea ongi horniturik daukatela eta osasuna ere arabera hortan aurkitzen dela, elurte eta ekaiztiari gogor egiteko. Urtezahar eta Urteberri, denak joanak dira, eta etxeko lanak errexki eginez denbora badoa. Josetxok erakusten du bere jakitatea, hasi zaigu haur zaharrenari letrak eta bertze zerbait erakusten. Auzoan badute eskola ttipi bat eta han biltzen dira inguru hartako baserrietako haurrak. Zazpi urtetatik goitikoak dira eskolara joaten direnak eta bertako andereño batek erakusten dabe irakurtzen, idazten eta kontuak ere. Zelaiondoko bordako haur hoiek aunitz aintzinatuko dira Josetxo-ren erakustaldiekin eta eskolan sartu orduko beren adieneko haurren artean jakintsu bilakatuak. Ixabel eta Paulo kontent dira eta Josetxo aunitz maite dute. Inauteak auzoan; hor dabiltza gazteak etxez etxe beren soinulariekin puskek biltzen gero otordu ederra egiteko. Gazte andana bat etorri da Zelaiondoko bordara, soinu, dantza eta irrintzi, hor denen artean Teilazuriko Beltzarro gehien-gehiena nabarmentzen dela, dena oihu eta espantu. Harrera ona egin dabete eta denei ardo xorta eta bizkotxa emanez eta gainera txistor eta zinger puska haundi bat ere gazteen bestarako. Badoazi gazteak eta Josetxo heki begira bestileak ezkutatu arte. Josetxok hamasei urte beteko ditu San Josetan eta noiz nahi sartzen ahal da gazteekin batean, bestak direla edo lagunarteko bilguretan. Josetxok ez du hori bere gogoan, mutiko ezkibela da nahiz eta bere ezpainetan irriño bat agertzen badu ere, beti tristura bat dauka bere bihotzean, sortzen zaizkion burutapenak urrunera doaz, «nondik heldu naiz», «nere gurasoak nor dira», eta beti bere buruari holako galderak eginez. Josetxo ez da hain inoxentia, lehenago ere Miserikordian bizi zenean gauza asko ikasi zituen, jendea beti erne egoten baita gertakizun garratzak agertzeko eta erakusteko nahikerietan. Mutikoak denak gogoan dauzka eta hortik datorkio barneko atsekabe hori. Urte bat gehiago eta Josetxok mutil gazte polit baten itxura dauka, ile horia eta kizkurra, ez da aunitz haundituko baina ez da ttipia ere geldituko. Teilazuriko Beltzarro maiz joaten da Zelaiondora, kontrabandako aferak direla eta bere aitaren mezuak Paulori ematera. Josetxorekin adiskidetu da baina Teilazuriko mutil hau Zelaiondoko morroia baino hiru urtez zaharrago baita eta honen sorreraz eta biziaren gorabeherak ere ogi baitakizki, Teilazuriko seme ausartak Josetxo eskumakiltako ibiltzen du. Bestak dira eta auzoko ostatuan badute soinua. Josetxo ere hasi zaiku lagunartera hurbiltzen eta hantxe denekin batean, baina beti umilki bere moduko gazteen ondoan. Dibersioa bada, kordiona soinu alaietan, fandangoan eta bai dantza lotuan ere. Beltzarro denetan nabarmenena neska guziak beretako nahi dituela. Bere arrebek ere, neska xarmantak baitira, badute arrakasta. Hango mutil gazte guziekin dantzan gelditu gabe ari dira, baina Josetxo ez da hainbertzetaraino ausartzen eta ilunabartu baino lehen etxeratu da. Bizi modua betiko martxan eta hola-hola igaro da bertze urte bat. Paulok erakutsi dizkio Josetxori mugako zoko guziak, bidexkak, errekak eta gauaz nola ibili ere. Hortarako mutilak badu aisetasuna, bista onekoa, belarri fina eta hankak zauli. Ardietako ere badu zaupegia, artzain ona da, badaki lanean eta nagusiarendako mutil fidela. —Gaur gan behar diagu mugaz bertzaldera eta karri behar tiagu hogei behi. Lana errexa izanen duk, hi ganen haiz beti aintzinean eta lau orduko ibilaldia egin beharra diagu. Behiak Lizarpeko gaineko bordan utziko tiegu. Hori urrun ziok, baina aferak ongi atratzen badituk sari ona eskuratuko diagu —hala erran zion Paulok Josetxori. —Behi hoiek Manexenak izanen dira naski? —galdetu zuen mutilak. —Bai, hala tuk, eta Beltzarro ere gurekin torko duk. Beltzarrok bazituen hogeita bat urte eta laster soldadu joan beharra zen. Orai arte behintzat bere aitaren aginduak zuzen betetzen zituen eta lan hortarako mutil langilea izan da, azkarra eta ausarta. Manex auzoko kontrabandisten nausi kontukoa zen, badu sosa eta gizon zuzena da, haren aginpean lanean ari direnek ez dute arrankurarik, beti kontuak garbi eta ongi ordainduak. Beltzarro semea zakurrago da eta gainera ofizioa ongi ikasten ari dena, baditu adiskideak mugaz bestaldean eta lanpide hortan ez dio inork aisa berdinduko. Egun hartako ibilaldia ongi atera zitzaioten. Deus makurrikan gabe pasa zituzten hogei behiak, bai eta erran zuten lekuan utzi ere. Handik aintzinat bertze hiru lagunek eramanen zituzten, beti Beltzarro aintzindari eta behi guziak erostunen eskuetan utzi arte. Josetxok egun hartan bost peztako jornala eskuratu zuen eta erran beharrik ez dago mutikoaren bozkarioa guzien gainekoa izandu zela. Inauteak ongi ospatu dira. Beltzarrok soldadu joan aintzin behar zituen adiskideak ongi despeitu eta izigarriko besta egin zuten. Osatuko larrainean bada soinua eta auzoko neska pila bat ere han dantza-gose. Josetxo ernatu zaigu eta bertzeekin batean jan eta edanean, kantuz eta dantzan ere. Beltzarroren arreba gaztearengana hurbildu da, dudarik gabe ardoaren indarrarekin beldurra garaiturik neskaren aintzinean solasturi eta sekulako umore onakin agertu da. Inaute ederrak ospatu dituzte. Badoazi egunak eta Beltzarro joan zaigu soldadu. Iruñen egin beharra omen du armadari serbizioa «kuota» delako klasean. Hortaz, berak dionez Eguberritako azke izanen da soldaduzka eginik. Bizkitartean kontrabandako lanak bide beretik doazi, Manex-en aginpean harat-hunetak beti bezala eginik. Josetxo ere lanpide hortan entregu dago, Paulo bere nagusia erakustale duelarik. Zelaiondoko bordan familia haunditzen ari da. Neskatiko zaharrenak zortzi urte beteak eta irakurtzen eta idazten ere ederki ikasi duela, eskolan bere adinekoen artean abilenetakoa dugularik. Josetxok emanikako ikasgaiak nabari dira. Artaldea ere ongi, bildotsak sortzen eta badago lana. Garizuma badoa eta bazkoak gainean. Zelaiondokoek eta auzoko guziek ere Erramu igandean herrian izanak dira eta bazkoz egin dute. Aste saindua joan da eta Piztuera igandean gara. Urtero bezala auzoko gazteek bazko igande hau ederki ospatzen dute arratsaldean soinu eta dantzekin. Hantxe daude ostatuan denak bilduak, neskatxak ere plazan eta soinularia prest dantzari hastapena emateko. Teilazuriko alabak ere han, gazte eta eder bertzeekin batean alegera eta jostatzeko nahikerietan. Garizuma luzea izan da, eguraldiak ere txarrak gertatu eta gehienak' beren etxetik atera gabe eta igandetan ere elkar ikusi gabe egonak bai tira. Hortaz bazko egun hontan denek bozkarioa agertzen dute. Bildu dira denak dantza lekuan eta kordiona hasi da fandango arin batekin. Neskak berehala lotu dira dantzara zauli eta alai, mutil ausartenak ere hoien artera sarturik. Bertze zenbaitzuk han begira eta hoien artean Josetxo ere han dagola. Lehenbiziko soinualdiaren ondotik atseden pixka bat, bizkitartean denek solas goxoetan ari direla. Teilazuriko neska gaztenak, irriño polit bat ezpainetan zaukala, erraten dio Josetxori: —Josetxo, zato dantzara, non duzu Inautetako sasoin hura? Zer ari zara hor? Ez duzu nerekin dantzatu nahi? Izitzen zara? Ja, Ja, Ja. Neska guziak irriz ajataka, eta batek zirikatzen du erranez: —Ba! Egun hortan pixka bat pinpirrindua baitzagon... eta gainera ilunpetan izigarri jostakin agertzen baitzen... orai egunez beldurtzen baita... Neska gazte hoiek badute jostatzeko gogoa eta denak Josetxoren bizkar irriz urratuak. Mutil batek Josetxori besotik hartuta erraten dio: —Goazen, goazen ardoa edatera, gero panparrotzen garelaik torko gaituk. Josetxo eta bere laguna sartu dira ostatuan. Zurrutean ari dira ardoz zorroa betetzen berek daukaten uzkurtasuna garaitu beharrez. Kantuz ere mutil zahar batzuekin eta hola atera dira berriz ere dantza sorora. Bada burrunba ederra, gazteak sasoinean eta hankak arin. Teilazuriko Maddi neska gazte hori Josetxori hainbertze gustatzen zaion hori, hantxe mutil haundi batekin balsean goxoki-goxoki ari direla. Zelaiondoko morroia neska horren bila eta hara non ikusten duen mutil arrotz harekin maiteki loturik. Josetxo beldurrik gabe haiengana joan eta «faborez» eskatu. (Denbora , haietan eta gero ere baserrietako dantzetan ohitura haundia izaten zen «Faborez» eskatzea gisa hortan neskatxak denekin txandatuz aritzen zirela). Josetxok beldurra uxaturik hortara joan zen baina, haiek ezta kasurik egin ere. Berriz. ere Josetxok «Faborez» eta orduan mutil haundi harek: —Goaie hamendik arraio kaka mokordo! —denbora berean neskak irri maltzur batekin begiratzen ziola. Josetxo pixka bat koleraturik «Kaka zuendako» erranez badoa berriz ere ostatura lehenagoko lagun mozkortzio harekin, eta han berendu ederra egin ondoren berriz plazara. Ilunabarra da eta dantzari akabaila ematera doazi. Josetxo eta bere laguna ere hor dabiltza jauzika eta zerbait dantzatu beharrez umore ederra erakusten dutela, nahiz eta Zelaiondoko artzainak berea daukan gogoan. Beltzarroren arreba gaztea eta bere galaia joanak dira, ez dira hor ageri. Josetxo ohartu da, bai. Biharamunean goizik jaiki behar, eta Josetxok badu bestondoa. Bezperako bestaren ondorioa ez da ona izaten eta gehiago nabari izaten da edateko ohiturik ez daukatenetan. Ardiek lan aunitz ematen dute garai hontan eta hola ari izanez Josetxok ederki porrokatu bestondoa mendien goiti eta beheiti ibiliaz izerdi ederra atera duela bart arratseko pozoinak kanpora jaurtiaz. Josetxo maite dute Zelaiondokoek, langilea eta umila delakotz, mutil ona inor ez bezalakoa. Paulok bere semea bezanbat maite du behar duen guzia ematen diola, igandeetan ere sosa pixka bat emanik lagunarteko bilguretan gastatzeko. Hortaz landara kontrabandan irabazten duena ere hortxe du eta emeki-emeki ari da sosa metatzen. Udaberria joan da eta udaran gara, herriko bestak hurbilduxek eta auzoko gazteak zer edo zer egiteko nahikerietan. Betiko soinularia eta betiko soinuak ere, holaxe joanen dira aurtengo bestak ere. Josetxo bere lagunekin joan den bazkotan bezala ibilia da eta auzoko neskak ere gisa berean. Oraingoan ere hor agertu zitzaioten mutil arrotz hura, Teilazuriko Maddiren adiskidea. Josetxok ez du amor eman nahi eta bere bihotzean sarturik daukan neskatxa horrengana bultzatzen du bere gogoak. Egunero neska horrekin ametsetan eta gero zer ametsondo, berak maite duena eta ametsetan bereganatu duena bertzeekin jostetan. Gero jakin du mutil hori Arraxite aldeko etxalde bateko semea dela eta Maddiren gibeletik dabilela. Bestak joan ziren eta urriko hilabetean sarturik denek badu te non josta. Tarteka mugaz harat eta hunat ibilaldi batzuk eginez eta beti erne mugazainen eskuetan erori gabe. Sei hilabeteko soldaduzka egin ondoren etorri zaigu Beltzarro, lehenago baino panparroago auzoko neska guziak beretako behar dituela. Zelaiondoko bordara joan zaiote ikustaldi bat egitera. Beltzarro xaloa da, harroa bai baina badaki jendeen tartean ibiltzen nahiz eta «haundikutune» den. Bazkalondo batez Zelaiondoko sukaldean agertu zitzaioten. —Arratsaldeon jaunak, zer diozue? —agurtu zuen xaloki. —Ongi, eta zu, Juan Martin? (Haren aintzinean ez zuten Beltzarroren izengoitia aipatzen). Aspaldion ikustekoa, bainan zer mutiko xarmanta zauden —erran zuen Ixabelek denbora berean eskua ematen ziola. Paulok ere eskua luzaturik erran zion: —Egia dio Ixabelek, mutil ederra etorri zara, dudik gabe mahai ona izan duzu. —Bai, ez ginuen deusen faltik, jan eta edan eta lanik ez, ibilaldi batzuk tarteka, gero istruzione piska bat ere soldaduzkaren nekeak aisa jasan ditugu. Orduantxe Josetxo agertu zitzaioten ardietatik heldu zela eta uste gabeko bisita hartaz pixka bat harriturik gelditu zen. —Arratsaldeon —agurtu zuen artzain gazteak. —Bai zuri ere —ihardetsi zioten denek. Beltzarro, berehala zutiturik, Josetxo-rengana joan zen eskua luzatuaz. —Josetxo, zer diok? —Ongi, eta zu, Juan Martin, noiz etorri zara? —erantzun zion Josetxok, beti zuka. —Gaur goizean etorri nauk soldaduzka eginik eta lizentziatue. Gero Beltzarrok jarraiki zuen: —Badakit aferak ongi doazila, zuek ongi etxean lanak ederki eginez eta bertzalde gabazko ibilaldiak ere guk nahi bezala. —Zure aitarekin ni ederki konpontzen naiz eta lan hortan sobera arrixketu gabe badakigu nola jokatu —erran zuen Paulok. —Bestak ongi gan ziren? Dantzaldi ederrak egin dituzue? —berriz Beltzarrok. —Bai, jaz bezala Filipo kordioniste hemen ginuen eta; bazen dibertsioa —Josetxok erantzun denbora berean Maddiz oroituz. Amatxi orduantxe goatzetik jaiki eta sukaldean agertu zitzaioten. —Juan Martin mutil ederra, noiz etorri zara? Zer diozu? —agurtu zuen amatxik. —Ongi, ongi nago eta badakit zuek ere ongi zagoztela. Gaur goizean etorri naiz eta ez nuen biharko utzi nahi gaur egiten ahal nuena, eta zuengana etorri naiz. —Aunitz estimetu dugu zure bisita, ikusten dugu maite gaituzula —erran zuen amatxik bozkarioz beterik. Badoazi egunak eta urte berrian sarturik inauteak gainean. Bertze urtetan bezala auzoko gazteek, oraingoan Beltzarro buruzagi dutela, inauteak ongi igaroak dituzte, lekuko jendearekin bakarrik artean arrotz bat ere sartu ez dela. Josetxo sobera nabarmendu gabe neska hoietara ere hurbildu zen dantzaldi batzuk eginik beti Maddi bere gogoan zaukala. Gero garizuma eta bazkoak eta hala berriz ere bagoazi aintzinat garrantzi haundiko gauzarik gertatu gabe. Auzoko bestetan eguraldi guziz ederrak egin zituen. Beltzarro eta gazte taldea festa politak antolatu beharrez, antzara jokoa eta zikiro jatea egin beharrak dituztela, hor dabiltza denak erdi eroturik. Josetxo kontent dago, mutil arrotz hura ez baita ageri eta beti ere Maddirekin dantzatzeko zoria erdiesteko esperantzarekin. Gero ikasi du mutil hori soldadu dagola eta berri horrek bozkarioz bete du. Antzara jokoan ere ari izana da, Zelaiondoko behorrakin ederki moldatu dela. Zikiro jatea, aspaldion egin ez zen bezalakoa. Ongi jan eta edan, kantuz eta dantzan, gehienak aski pinpirrinduak. Zelaiondoko artzaina ere, bertzetan lotsati, orai harro agertzen zitzaikun Maddirengana ausarti hurbiltzen zela. Hameka dantzaldi egin zituen bere maiteñoarekin, eta zer gozamena mutikoarentzat Maddi bere besoetan idukitzea, baina beti denbora gutiko, zeren bertze gainerako gazteak hor baitzabiltzan «Faborez» eskatzen eta berehala kentzen baitzioten neska behar zuen adine gozatu gabe. Halere Josetxo txoria baino arinago zabilen. Besta ederrak ospatu zituzten. Handik egun batzuen buruan Paulok igorri zuen Josetxo Teilazuriko bordara, Manexi mezu bat ematera. Teilazuriko nausia etxe ondoko belaian zegon eta Josetxo harengana joanik agurtzen du: —Egun on Manex. —Bai zuri ere. Zer dakarrazu Josetxo? —ManexeK erantzun. —Nere nausiaren mezua dakarrat. Erran daut Mendipeko jendeak gaur atsean ez direla etortzen ahal eta biharko utzi dutela. Manex kopeta zimurtuaz pentsakor gelditu zen baina berehala ihardetsi zuen: —Orduan badugu makur pixka bat, Lizarpekoak gau arratsean aterako dira goiti, eta alfer bidaia ez dezaten egin, gaztigetu beharko, bertzenaz nahasiko ditugu. Gaur ederki ginuen, mugazainak hemendik urrun ibiliko dira eta gaur ginuen egunik aproposena behi hoiek ekartzeko. Beti ere nik konponduko dut afera hau. Erraiozu Paulori bihar hutsik egin gabe behar ginukela lan hori garbitu eta betiko lekura ateratzeko. Erranen diot Juan Martini Lizarpeko mutilekin egoteko gero aferak ongi gerta daitzin. Josetxok arreta haundiarekin entzun zituen Manexek emanikako aginduak eta bertzerik gabe Zelaiondora abiatu zen lehenik azken agurra emanik: —Erranen diot Paulori eta gogoan hartuko ditugu zure aginduak. Banoaie, pasatu egun on. —Adio Josetxo, erran bezala. Abiatu zen gure mutila eta hantxe belaiaren atekan Maddi, hau ere aitarengana zoaiela. Neskatxak bere irri zoragarriarekin agurtu zuen: —Egun on Josetxo, hemengo aldi? Josetxo lotsakor neskaren aintzinean, eta gorri-gorri eginda apalki erantzun zion: —Bai, Maddi, zure aitari mezu bat ematera etorria naiz eta orai berriz etxera. Maddik solaseko gogoa zaukan eta nola baitzakien Josetxok ezkutuan maite zuela, eta pixka bat zirikatzeko asmotan, erran zion: —Zaude, zaude pixka bat, kontatzizu bestetako gauzak. Mutila beti ezkibel, abiaturik eta gelditu gabe erantzun zion: —Besta ederrak egin tugu, zikirojate egunean aski panparrotu baiginen —hori erranta gelditu zen bost metro Maddirenganik urrundurik. —Bainan norat zazi, zato nere ondora, ez zaitela hain urrun gan, Ja Ja Ja. Irri karkailetan Maddi. Gero berriz neskatxak, tentatzeko nahikerietan: —Panparrotu zinetela diozu? Zikiroa ona zagon? Eta ardoa ere bai naski, ez da hala? —Bai, janaldi ederra egin ginuen, eta edan ere ausarki —Josetxok. —Bai, zaun zinuen bai aunitz edan zinuela, hanbateko ardo useina botatzen zinuen —ihardetsi zion neskatxak irriz ajataka. Josetxok zer erran ez zakiela agur erranez jarraitu zuen bere bidetik, bihotzak «pil-pil» egiten ziola. Bizkitartean Maddi hari begira irriño zoragarri bat ezpainetan zaukala. Zorionez, biharamuneko ibilaldiak arras ongi atera zitzaizkioten, mugan entzuten trabarik ukan eta Beltzarrok bere nahia erdietsi zuen. Josetxok ere sosa pizer batzuk eskuratu ditu eta mutiko gazte batentzat bada zerbait. Holako lan haundiak noizpeinka izaten dituzte baina gehienetan irabaziak aski murritz. Udara badoa, idortea bazterretan eta iturriek ere agortuxek, bada euriaren beharra. Iraileko hilabetearen hasmentan badirudi eguraldiak aldakuntza pixka bat badaukala zeruan ortots goibel batzuk agertu direlarik. Gehienetan bero haundiaren ondotik iparra sortzen da eta lano idorrez estaltzen dira mendiak, euri lankar pixka batzuetan, eta ilun eta idor bertzetan. Baina gaur ortotsak nabari dira eta hasi da ineztureka, euri tanta lodi batzuk lehenbizian eta ondotik erauntsi ederrakin bazterrak urez ongi asetzen dituela. Gauza aipagarririk ez eta, goazen aintzinat. Urte berrian sarturik San Jose eguna etorri zaigu eta Josetxok hogei urte bete ditu. Zelaiondoko familia goiti doa. Neskatiko zaharrenak hamar urte eta mutikoek zortzi eta sei. Amatxi ere bizkor dago eta Paulo eta Ixabel sasoin ederrean. Aurten bortz urte Josetxo Zelaiondora etorririk; osasun onakin igaro ditu urte hoiek, eta hara orai mutil eder bat eginik. Artaldea emendatuz eta hobeagotuz aintzinat doa hirurehun buru dituztela. Artzain ona dute Josetxo, ofizioa ongi ikasi du. Beti, etxean eta mendian lanari lotzen da eta badu hortarako zaletasuna. Ostatura eta lagunetara guti, inautetan, auzoko bestetan eta bestaburuetan bakarrik, eta hortaz landara lagunetara guti. Teilazurikoekin adiskide onak dira eta barrideak direnez gero maiz elkarretaratzen dira. Maddiz arras gustatua dago gure Josetxo, baina mutila ez da ausartzen deus erratera, pixka bat pinpirrindua ez badago. Urtero bezala bestak ilusio haundiarekin igurikatzen dute eta jaz bezala Beltzarro gidari zer edo zer egin beharrez. Josetxok soldadu joan aintzin behar omen du besta izigarria egin eta aunitz dantzatu. Egunero Maddikin ametsetan, zer gogoetak neska erdietsi beharrez! Baina ametsa eta gogoeta hutsa, gizasemearen naturalezak eskatzen duena, desirkundea, haragiaren nahikundea. Besta horrek badu arrakesta, bai alfede! Gazte guziak ostatuan. Soinua dantzalekuan eta umore ona etxe guzietako bazkaltiarren artean, Filipo kordioniste beti bezala eta betiko fandangoarekin eman dio festari hastapena. Gero balsean ere soinu alegerakin, hortxe gazte jendeak amodiozko ilusioarekin. Josetxo eta bere lagunak sabelak ongi hornituta dibertsio gose eta bai lanpide hortara lotu ere. Begiak erne Maddi non aurkituko ote duen eta, O zoritxarra! Hantxe dantzarien artean gazte parea, Maddi eta Arraxiteko mutil eder hura goxoki dantzan eta ongi besarkaturik alajaina! Josetxo sutu da eta kolerak eman dion berotasunarekin badoaie haiengana eta ohitura ohi den bezala «Faborez» eskatzen du. Maddik hitz legunekin erraten dio: —Bainan Josetxo, ez al dakizu mutil hau nere senargaia dela? Gaur ez dut bertzeekin dantzatuko. Eta ezkerreko begiarekin keinu maltzur eta lizun bat eginik, Josetxo aho zabalik uzten du, bizkitartean Arraxitarrak bere maitea indar gehiagokin besarkatzen duela, balsean soinu arinean eta plazerki dantzatuz. Zelaiondoko artzaina nahigabeturik ostatuan sartzen da eta maiteminduaren amets zoroak alde batera utzirik ardoz asetzera doa. Han zenbaitzuk kantuz eta bera ere hortara lotzen zaigu barnean daukan mina agertu beharrez, amodiozko abesti hau erakutsirik:
Amodioa zein den zoroa mundu guziak badaki, nik maiteño bat izaki eta bertze batek eramaki, Jainko maiteak gerta dezala enekin baino hobeki.
Azken bestetan egin nituen izarraren ezagutzak, denen artean ageri ziren haren begi urdin-beltzak, irri polit bat egin baizautan piztu zauztan esperantzak.
Geroztik ere mintzatu gira eia nahi ninduenetz, harek bietan baietz erranik pentsa kontentu nintzanez, ez nuen uste haren agintza betea zela gezurrez.
Orai bihotza urtua daukat gatza urean bezala, izar onaren argien ordain izigarriko itzala, ohoin tzar batek berriki joanik nola naiteke kontsola.
Amodiozko kanta hunkigarrietan eta tarteka urrupe ederrak eginik, ardoaren bortxaz amodioaren mina ito beharrez. Gero plazara atera zelarik ilunabartua, eta orduko Maddi eta bere galaia handik lekutuak. Josetxo hortaz oharturik burutapen zakar bat heldu zaio, bere baitan erraten duela: —A, urdeak! Zer ari ote dira orai! Gero gauerdi aldera abiatu da ostatutik eta badoa Zelaiondoko artzaina bidean ziroka, franko poliki edana. Bere bihotzak ez ditu kanta alegerak eskatzen, gaizo Josetxo. Tristezia eta negarra nausitu zaizkio eta aspaldion kantatu ez duena agertzen du bihotz barnean daukan zoritxarra erakusteko:
NIGARREZ SORTU NINTZAN NIGARREZ HILTZEKO...
Bestak joan ziran eta bizia beti bezala gertakizun haundirik gabe aurrera doa. Beste urtean sartu gara eta laster kintoen suertea bota beharra. Josetxo kezketan dago leku txar batera edo urrun suertatuko ote zaion. Garizuman gara eta Zelaiondoko andreak urteroko solasetan: —Heldu den igandean bazkoz egin beharra duzue eta hutsik egin gabe zoazte herrira eta urtero bezala ongi aitortu eta Jaunartu —erran zuen amatxik, hortan beti zorrotz jokatzen zela. —Bai, bai, egon zaite trankil, goanen gara —ihardetsi zion Paulok. —Erosi datzut boneta berria, Josetxo, eta heldu den igandean gan zaite horrekin —erran zuen Ixabelek. Igande hartan goizik jaikita Paulo eta Josetxo, Urretako bidea harturik, tenore ederrean iritsi ziren elizara. Elizako itzulia egin ondorean zenbait lagunekin gosari ttipi bat ostatuan eta eguerdiko etxera. Andreak eta haurrak gizonen zai. —Etorri zarete gizon ederrak? —agurtu zituen Ixabelek harrera maitekorra emanik. —Bai, etorri gara bi aingeru bezala —erantzun zuen Paulok alaiki. Ixabelek, Josetxoren bonetan oharturik, mutilari galdetu zion: —Zer boneta duzu hori, non duzu boneta berria? Josetxok, gorri-gorri eginda, aitortu zuen egia: —Gertatu zaitena harrigarria da. Konfesatzera gan naizelaik jarri naiz gizon baten ondoan eta utzi dut boneta alkian nere gibeleko aldean eta gizon harek ere hala zaukan berea. Gero konfesatu eta ondoan nere lekura itzuli naiz eta orduko gizon hura goana zen nere boneta berriarekin, haren zaharra neretako utzirik. —Hori gizon lotsagabea! Eta nor zen jendaje hori, eztuzu zautu? —Ixabelek. —Ez, eliza ilune zagon eta ez dut zautu. —Kartzazu boneta zahar hori —erran zion Ixabelek, eta boneta ikusirik: —Hau zikinkeria, hau zolda, zer lertzue! Oraintxe erre behar dut, ez zazula behinere holako gauza nardagarririk zere buruan ibili —eta hori erranik sutara bota zuen. Paulok irriz hola zion: —Badirela gizon miserableak gure herrian. Boneta bat ebatsi eta gainera elizan eta konfesatu eta ondoan. Ja Ja Ja. Ez nuen egundaino holakorik ikusi. —Eta zu ez zara ohartu boneta hora zaramala? Non zintuen begiak? —erran zion Ixabelek kolera gorrian. —Ez, egia erran enintzen batre ohartu boneta zahar hortan —erantzun zion Paulok oraindikan irriz ari zela. Amatxi ixilik zegon, baina honek ere zerbait erran behar zuen: —Utz zazue boneta zahar eta berri, horrek ez du batre inportik, balio duena da gure gizonek bazkoz egin dutela. Gero galdetu zion Josetxori: —Konfesatu zara ongi Josetxo? Erran tiozu apezai bekatu guziak? Josetxok pentsakor gelditurik eta zerbaitetaz oroiturik, erraten du: —Ba! Orai bai egin dudala ederra! Atzendu zait apezari erratea bijili egunean txistorra jan nuela. Ahantzi, arraioa! Paulok irriz ajataka: —Hori ez duk bekatu gizona, hori ez tuk deus. Ja Ja Ja. —Bai, bai, hori bekatu da eta berriz konfesatzera gaten zarelaik aitortu behar duzu —erran zuen amatxik serioski. —Zatozte bazkaltzera, zopa mahaiean dago —oihu egin zuen etxekoandreak. Hilabete pare baten buruan kintoen suertea. Hau ere egin da, eta berri onak Zelaiondoko mutilarentzat. Josetxok suerte ona izan du eta libre atera da. Gure artzaina ez da soldadu joanen eta etxeko guziak bozkarioz bete dira. Urte hontan Erresuman badira aldakuntza haundiak, baina jendearen bizitza betiko bidetik doa. Teilazuriko baserrian airetuak daude, Maddi ezkontzen omen da, eta Beltzarro ere Urretako neska polit batekin omen dabil eta hain segur laster ezkontzeko. Urte bat gehiago igaro dugu eta maiatzeko hilabeteari gertakizun pozgarriak Teilazuriko baserrian, bi ezkontza ospatu direlarik. Bi ezkontzak batean eginak dituzte eta eztaietara Mendizelaiko etxe guzietako nausiak beren emazteekin deituak izan dira. Paulo eta Ixabel ere han ziren egun ederra iraganik Teilazurikoei ohoreak egin dizkiotela. Josetxoz ez dira oroitu, Zelaiondoko artzaina esku-makiltako daukate eta ez dute deitu, baina berak ere nahiago zuen, bai, batere ez joan. Beltzarrok adiskide haundiak baditu, bai Urretan eta baita Arraxiten ere. Eztai ederrak eta elizkizuna ere hunkigarria. Bazkaria Urretako ostatuan, ehun eta gehiago bazkaltiar, denak alai, egunak eskatzen zuen bezala, umore ona kantu eta dantza, zahar eta gazte elkartasun zoragarrian. Holaxe joan zen egun haundi hura eta bizkitartean Josetxoren burutapenak ilun, Maddi bere gogoan eta burutik ezin kenduz; eta zer egin zezaken, probetxu gabeko ametsa hutsa baizik? Denborarekin gauzak atzentzen dira eta holaxe goaz beti aurrera aintzinamendu haundirik gabe. Zelaiondoko baserrian betiko eginkizunetan eta familia hazitzen. Neskatiko zaharrena neskatxa egina dago, hamazazpi urte beteak, Patxikok hamabortz eta Pellok hamahiru. Josetxok ere hogeita zazpi beteak, eta orai adinik hoberenean. Paulo eta Ixabel sasoi ederrean, baserriko lana batere nekegabe daramate. Amatxi xahartua baina bizkor. Erresumako aferak ez doazi ongi, bazterretan bada nahasmendu eta anaiarteko gerla piztu da. Gerla bortitz eta odolzale. Muga alde hau gudariz bete da, jende arrotzez bete da eta Mendizelaiko auzokoak kezketan daude. Halere marra hori iragaiteko batere beldurrik ez; eta harat-hunetak nahi dituztelarik eginik, beti erne eta axeriak bezala begiak zorrotz eta ilunpetan trebe. Mendizelaiko gazte aunitz deituak izan dira gerlara, baina gehienek bertze aldera ihes egin dute. Gerla gero eta bortitzago doa eta aferak gero eta gaizkiago. Jende gehiago deitu dute eta Josetxoren aldia ere badator. Zelaiondokoek hartu dute mezua eta berri horrek famili guzia atsekabez bete du. Paulok erraten dio Josetxori: —Hire aldia etorri duk eta herorrek ikusak zer egin, nahi baduk bizia salbatu badakik non duken salbabidea. —Badakit, bai, pentsatu dut zer egin. Ez naute harrapatuko —erantzun zuen Josetxok bizi-bizi. —Hik hoberena izanen duk Bidarteko bordara goatea, han ongi egonen jaiz. Gainera badakik mutil baten beharretan daudela. —Hori ere badakit, artominten egona naiz Pierresekin eta mintzatu gara. Pentsatu dut ongi, ekaizti hau pasa artio han egonen naiz eta gero ere soinuak erakutsiko du nola dantza. Beti ere zerbaitetaz behartzen bazarete, badakizue non nagon. —Orai makur pixka bat izanen diagu. Etxean bat gutiago laneko, beharrik Pello eta Patxiko hemen ditiagu. Beti ere noiznahi goaten ahal haiz, badakik mugazain hoiek gure etxe inguruan beti barrandan dabiltzela. —Bai, badakit nere gibeletik dabiltzela, baina ez zaiote balietuko, ni oraintxe goanen naiz eta bai nahi dudalarik hunat etorri ere. —Kasu emantzak eta hoiek hire bila etorri baino lehen alde egin zak —erran zion Paulok bere aurpegian tristura nabari zuela. Beltzarro trankil zegon, bere kinta deitu orduko gauzak moldatuko ahal ziren. Mugazain eta aintzindari haundi zenbaitzuekin ere bazuen adiskidantza eta bazakien nola jokatu. Orai kontrabanda arrisku haundikoa da, baina hortan sobera nabarmendu gabe beren urratsek oinarri sendoak dauzkate. Beltzarro egona da Zelaiondon Paulo eta Josetxorekin. Solasaldi haundi bat egina dute eta Josetxok deliberatu duena ikasirik, hola dio: —Josetxo, gan behar baduk goaie gaur berean, badakik poliz-gizonak hire zain daudela eta biharko ezpaihaiz Arraxiteko Herriko Etxean presentatzen, hire bila etorriko tuk. —Gauerdian joanen naiz, gainera gaur ez da ilargirik eta mugazain hoien beldurrik gabe aisa ibil naiteke —erantzun zion Josetxok. —Orai ez duk inor, baina kuskok sarrixago iluntzen duelaik, erne egoten ahal haiz —Beltzarrok serioski. —Juan Martin, badakizu non egonen naizen eta zerbaitetaz behartzen bazara etorri neregana —erran zuen Zelaindoko artzainak. Beltzarro denetaz despeiturik etxe aldera abiatu zen. Bizkitartean Zelaiondokoek beren lanetan eta Ixabel Josetxok behar zituen gauzak prestatzen. Afalondoan gertu dago Zelaiondoko artzaina, eta abiatzera doa. Denei azken agurra egin ondorean atetik oraindik: —Pasatu gabon eta nere bila etortzen direnei goraintziak. Josetxo, lehenik begiraldi bat eginik eta oharturik etxe inguruan inor ez zela, muga aldera abiatu zen. Bidean zoaielarik mugazainen solasak aditu zituen, baina gure mutilari axolik ez, berak bazakien nondik joan eta beti bezala eta deus makurrik gabe marra aisa iraganik ixtanpaten buruan Bidarteko baserrian zen. Zerua izarretan, eguraldi ona, tarteka haize frexko bat iparraldetik. Josetxok, etxeko larrainean sarturik atea poliki-poliki jo du. Zakurra berehala sainga hasten da eta etxeko guziak iratzarri ere. Josetxok «eup» bat eginik, etxeko nausiak berehala ezagutu du eta jautsi da atea erekitzera. Josetxok agurtu du eta nausiak harrera on bat egin ere. Zakurra ixildu da eta bi gizonak apalki mintzatuz etxe barnean sartu dira. Laster argituko du, zerua garbi-garbia eta ihintza ederra kanpoan, bake hunkigarria bazterretan, lo daudenak laster ernatuko dira eta argia hasi orduko denak zutik berriz ere betiko lanetan gogor aritzeko.
Nigarrez sortu nintzan |