Nigarrez sortu nintzan
Mariano Izeta

CAP, 1982

 

 

HIRUGARREN ZATIA

 

      Mendipeko herria mugatik hurbil dago eta Bidarteko baserria hurbilago oraindik. Baserri ttipia da eta familia ere ez haundia. Piarres etxeko nausia gizon bizkorra eta bere emazte Dominike etxekoandre xaloa eta maitagarria. Mutiko bat eta neskatiko bat bakarrik dituzte. Hogei urte mutilak eta hamabortz neskatikoak. Raimon eta Maider beren izenak.

      Josetxok ongi aski dakizki Bidarteko gorabeherak, kontrabandako hartu-emanak elkarrekin baitituzte. Piarresek eta bere semeak zenbait ibilaldi eginik Josetxorekin, beti harat eta hunat mugako mendi hoietan barna eta zenbat lan egin ote duten Beltzarrorendako. Lanpide hortan elkarrekin aunitz aldiz ibiliak.

      Bidartekoek ez diote Josetxo deitzen, Jose baizik eta hortaz hemendik aintzinat Josetxoren izena alde batera utzirik JOSE soilik erabiliko dugu. Jose Larrekoa Bidarteko morroi berria, artzain ona eta zintzoa, laneko gogo haundiarekin sartu da etxe hortan. Raimon etxeko semea laster deituko dute soldadu eta hortaz ordu onean etorri zaiote Joseren laguntza. Artalde polita dute etxean eta badago non josta. Maider neska gazte polita, goiz-oilanda, tentagarria eta jostakina, urte batez aunitz hazi da eta Jose hortan oharturik, zenbait begiraldi egiten dio. Bakean bizi dira eta gauazko lan hortan ere sobera arrixkatu gabe jokatzen dira. Hortako Piarres abila da.

      Egun batzuk igaro dira eta Josek laketu du Bidarten, zoriontsu da eta beti bezala bere eginkizunetan umil eta apal nausiaren erranak zintzo betetzen dituela. Etxean solasaldi ederrak egiten dituzte, gerlako berriak maiz aipatzen dituztela.

      —Gerla finitu artio egon beharko duzu hemen, Jose; eta gero ere hain segur, zure alderdi hortara gan orduko urte andana bat iraganen da, ez datzute aisa barkatuko —erran zion Piarres-ek.

      —Ba!, hemen edo han bizi neri berdin zait, nik bi eskualdeak berdin maite ditut.

      Bidarteko bordan badaramazki ia bi urte, denbora usteketan joaten da, baina gerla oraino ez da itzali. Beltzarrok noizpeinka itzuli bat egiten du, beti izaten baitu zer edo zer eraman beharra edo ekarri beharra ere.

      —Juan Martin, nola doaie gerla hori, ez zaitute deitu? —galdetu zion Piarres-ek.

      —Ez oraino, baina beldur naiz heldu den aste hortan deituko ez ote gaituzten, gerla bortitza da eta ia hirugarren urtean sartuak gara.

      Beltzarrok erran bezala bere kintari dei egin zioten eta hogeita hamahiru urteko gizonak gerlan sartu zituzten. Juan Martinek suertea izan zuen, ez zen bere lekutik mugitu. Eta bizkitartean harat-hunetak ez zituen utziko eta hoietako ibilaldi aunitz ere gerlako aintzindarien zerbitzuko, beti jende haundikien inguruan hala bere burua harro agertzen       zuela.

      Gerla noizbait ere akitu zen eta gazteak beren etxetara etorri ere. Jose ez da Zelaiondora etortzen ahal, baina mutilak ez du batere arrankurarik.

      Bidartekoak ez daude arras trankil, Frantzia aldean berri txarrak dabiltza eta udazken hartan gerla ikaragarria piztu da. Raimon etxeko semea Frantziko gudari dugu eta alemanen kontra borrokatzera eraman dute. Etxean tristezia nausitu da, hain maite duten Raimon urkamendira joanik hiltzeko arrixkuan dagolakotz. Europa guda gorrian aurkitzen da, germanitarrek arro, indar ikaragarria daukate denak aisa menperatzen dituztelarik, su eta gar bazterretan, heriotzak eta negarrak leku guzietan. Hilabete batzuk joanik alemanak beti aurrera eta denak garaituz Espainiako mugaraino etorri dira. Raimonek, Jainkoari esker, suerte ona izan du eta osasun ederrakin aurkitzen da, nahiz eta etsaien prisioner dagon. Baina mutila bizirik eta etxekoak kontent.

      Mugazain berri hoiek maiz dabiltza Bidarteko inguruan, baina ez dago beldurrik, Piarresek badaki gauzak nola moldatu, bai eta etsai hoiek adiskidetzen ere. Kontrabandako lanetan dabiltzenak zakurkerietan trebe.

      Udara hartan Beltzarro etorri zaiote bizpahiru aldiz marra aisa iraganik eta bere ausardia erakutsirik. Teilazuriko gizonak ez du putrunaren itxurarik, badu kuraia eta ez da aisa izituko.

      Badirudi kontrabandako aferak indar pixka bat hartzera doazila, hemendik harat eta handik hunat bada zerbait ekarri eta eraman beharra ere. Beltzarro eta Piarres bazkide eginak eta partzuar, zerbait egin dezakete. Piarresek baditu bere alderdian lagun onak eta aunitz dezaketenak, beti salerosketan dabiltzenak, eta baditu ere bere esku, langile andana bat. Beltzarrok ere berdin, langile aunitz eta lagun haundiak ere. Piarres eta Beltzarro beren iritzietan beti ados dira eta komeni zaiote ere, zerbait egitekotan elkarren artean behar dute uste osoa batere saldukeriarik gabe. Azkenengo etorri-aldian Beltzarrok bazuen zerbait errateko:

      —Aizu, Piarres, bolai huntan mugazain hoiek zorrotz dabiltza, beti mugako marran barrandan, eta ez dira hortik lekutzen. Baina igurika dezagun heldu den aste hondarraraino eta orduan «paketa hoiek» aisa pasako ditugu. Prest dituzu paketak?

      —Bai, Juan Martin, bai, hementxen ditut. Josek eta bertze mutil batek ekarriak dituzte Mendipetik eta nahi duzularik eramanen ditugu. Josekin baditut zortzi langile. Orai zuk erran zein egunetan eta zer tenoretan behar dugun —erantzun zion Piarresek.

      —Heldu den astean etorriko naiz eta erranen dautzut —berriz Beltzarrok.

      Josekin ere solasaldi ederrak egin zituen, baita ere Maider etxeko alabarekin. Hau gero eta ederrago! A zer neskatiko puxenta! Beltzarrok beti bazituen hitz legunak eta solas goxoak Bidarteko alabarentzat. Neskatxa kontuetan ere entregu.

      Hasiak dira bortizki kontrabandan eta negu hartan lan aunitz egin zuten. Eguraldi txarrak gehienetan, zizerkora, euria, elurra eta horma eginik eta halere urrats zauliekin muga aisa pasa batere beldurrik gabe harat-hunat eginik. Mendizelaian gazteak harro, dirua badabila eta alimalezko bestak egiten dituzte. Jose ere Zelaiondon behin baino gehiagotan egona da. Mugaz bertzaldera joanez geroz, aunitz aldiz izana da ikustaldi bat egitera, sar-atra bat bertzerik ez eta lasterka berriz bertze aldera. Baina orai maizago etortzen da eta egonaldi politak eginik Zelaiondoko bordan goxoki egoten dela.

      Etxeko semea soldadu dago eta Paulok badu non josta etxeko lanak ezin burutuz, beharrik Pello seme gaztea hor daukaten beti aitaren zerbitzuko. Anttonik hogeita bi urte beteak, neska xarmanta eta auzoko mutilen artean arrakasta haundikoa. Urte hartan besta ederrak egin gogo zituzten. Antzara jokoa, soinua ere ausarki eta zikiro jatea. Josek bazaukan besta egiteko gogoa, orai adinetan goiti abiatu delarik gero eta txirrinta gehiago parrandan ibiltzeko. Orai Jose ez dugu lehenagoko mutiko ezkibela, beti uzkur eta erabe, zurrut pixka bat egiten ez bazuen deusetara ausartzen ez zena. Orai aunitz ernatu da, lagunartean maizago ibilirik jostakin agertzen zaigu kantuz ere ongi ari dela, mugaz bertzaldeko kanta zoragarrietan entregu dagolarik. Etorri zen bada Jose bestetara eta Zelaiondokoek ongi hartu ere, nahiz eta beti kezketan norbaitek salatuko ez ote zuen.

      —Kontuz ibili, Jose, mugazain hoien atzaparretan erori gabe, ez zaitela sobera nabarmendu —erraten zion Paulok.

      —Ez, Paulo, ez dago horren beldurrik; norbaitek salatzen ez banau, ez zait deusere gertatuko —erantzun zion Josek.

      Arratsaldean Jose plazara agertu zen eta bertzeekin batean dibersio gose. Bazen jendea, ez bakarrik auzokoak, baita ere Urreta eta Arraxiteko herrietatik etorriak ere. Jose erne zabilen bazter guzietara begiratuz eta jendeetan ere ongi ohartuz. Han bazter batean eta dantzarieri so, emazteki larri bat lau haurrekin. Jose hartan oharturik ixtanpatez hari begira egon zen bere baitan pentsatuz:

      —Nor ote da atso lodi hori?

      Orduan berean emaztekiak burua itzuli zuen eta Jose aho zabalik gelditu zen:

      —Maddi! —erran zuen beren baitan.

      Maddi bere begien aurrean. Joseren bihotzak jauzi bat eginik harridurak eraginda eta bere aurpegia gorrituta, holaxe gelditu zen gure artzain zintzoa. Jose jendearen artean ezkutaturik Maddiri begirada zorrotzakin goiti beheiti aztertuz eta begirik kendu gabe azterketa sakon bat eginik. Ixilpean hainbertze maite zuena han hurbil bere aintzinean. Maddi ez zen konturatzen bere inguruan inor bazenik ere, bere ondoan senarra eta besoetan haur bat, beste hiruak bere inguruan zauzkalarik. Bederatzi urte ikusi ez zuela eta oraindik ere noiznahi bere ezin kenduzko pentsaketetan, beti Maddi bere gogoan. Eta orai bat-batean eta usteketan hantxe bere aintzinean. Baina zer aldakuntza bederatzi urte hoketan! Lehenagoko neska lerden eta polit hura, hainbertze loditua eta bai itsustua. Zer ametsondo, zer etsipen! Harenganako gutizia bat-batean suntsitu zitzaion, ez zion gehiago lorik kenduko. Orai Jose neska gazteak ditu bere gogoan eta dibersio bila dator, kezkak eta arrixkuak ahantzirik. Maddik ikusi gabe alde egin zuen, eta lagun batzuetara hurbildurik ostatuan sartu zen.

      Beti badira etsaiak eta beti maltzurkerian dabiltzenak. Dudarik gabe Josek ere badauzka eta norbaitek poliz-gizoneri salatu ere. Plaza bazter batetik lau gizon jendearen zain eta Jose atxilotu nahirik. Ez zuten ezagutzen, baina salatariak mutilaren xehetasunak emanik, poliziek bazakiten atorra gorrixta batekin zegola eta oinetakoak ere bertzetaik desberdin. Ikusi zuten ostatuan sartzen eta harat doazi Jose gaizoaren bila. Hau lasai-lasai bere lagunekin pentsatu gabe ekaiztia heldu zela. Bi gizonek ostatuan sarturik bertze biak atean guardien gelditu zirela; «Alto» eman diote. Joseri bihotzak jauzi bat egin dio baina mutila ernea baita eta denbora berean zauli, bere burua galdua ikusirik «hil edo bizi» erranik jendeen artetik ihes egin eta jauzi batez leihotik kanpora. Poliziak hasten dira tiroka, baina orduko Jose ezkutatu da. Kanpoan gelditutako batek ikusi du Jose ardi borda batean sartzen eta lau poliziak joaten dira mutilaren gibeletik ardi borda inguratzen dutela. Arreta haundiarekin barnera sarturik begiraldi bat egiten dute eta barna hura dena ardiz betea aurkitzen dute, eta Jose ez han. Bordak bazuen leiho bat eta dudarik gabe handik ihesi. Poliziek berehala jarraiki ziren oinazka batzuen gibeletik Josetxorenak zirelakoan. Arratsalde apalean zen. Geroxago eta ilundu zuelarik, ardi borda barnean gertakizun bat. Ardien multzuen erditik gizon bat zutitzen da bere bizkarrean ardilarru haundi bat zaukala... eta Jose berbera izaki! Ardi bordan sartu zenean eta ez baitzuen bertze ihesbiderik bere etsaiek tiroka eta hurbil hurbiletik zarraizkiotelakotz, paretatik dilindan zegon ardi larrua harturik eta harekin ongi estalirik, ardi multzoen erdian sartu zen ardi bat gehiago balitz bezala, gisa hortan lau gizonei iruzurra eginik. Ilundu zuelarik ardi bordatik poliki-poliki ateratzen da eta bidea trabarik gabe ikusirik, han doaie azpitik goiti basauntza iduri. Ibilaldia deus makurrikan gabe egin ondoren Bidarteko atarian zegon. Orduko Bidarteko famili guzia goatzean, baina Josek behin baino gehiagotan egiten zuen bezala, eta inork sumatu gabe, bere gelan sartu zen.

      Biharamunean Piarres agurtu zuelarik hau harriturik, ez baitzuen uste Jose etxean aurkituko zuenik.

      —Baina Jose, noiz etorri zara? Zer gertatu zaitzu hain fite etortzeko? Ez zindugun espero —erran zion Bidarteko nausiak.

      —Bai, Piarres, uste ez nuena gertatu zait eta kontent nere bizia salbatu dudalarik. Hango poliziek tirokatu naute eta aski larri ibili eta ondoan nolapaitere ihes egin dut —erantzun zion Josek hasperen haundi bat eginik.

      Gero kondatu zizkion gertakizun guziak eta hala hoiek deusere ez balirake bezala eta batere inportantziarik eman gabe, lanari jarraiki zioten. Belaira, ardietara eta bertze gainerako eginkizunetara loturik hortxe ari dira Bidarteko gizon langileak beren bizia aintzinat atera beharrez. Etxean denak ongi, nahiz eta Raimon oraino presoner dagon. Etxeko alaba beti bezala jostakin eta tentagarri, auzoko mutil gazte guzien amets atsegingarri.

      Udara eta udazkena joanik negu bortitz batean sartu gara. Halere kontrabandan gogor ari dira eta mutil ibilkariek, mendiko mukutsek izitu gabe, beti beren ildotik gauzak zuzen eginik nahiz eta hortarako beren bizia arrixketzen duten. Beltzarro nausi eta aintzindari sosa egiten ari da, denek errespetatzen dute Jainko ttipi bat balitz bezala, eta badirudi bere aginpean daudenak ez dutela arrankurarik. Jose eta bertze bi lagun negu hontan ari dira Arraxiteko jaun batentzat lanean, eta jadanik badituzte lau ibilaldi eginak. Balio haundiko gauza da handik honara ekartzen dutena eta Beltzarrok badaki hori eta nolabait ere ikasi du nondik eta zein lekutan uzten dituzten paketak. Beltzarrori ez dio inork erakutsiko lan hortan aurkie eta girbine zein diren. Zakur ederra Beltzarro hori. Mendipen barna maiz ibiltzen da Juan Martin hau, Piarresekin ez bada, bertze gizon batzuekin beti baditu balio haundiko aferak.

      Igande goiz batez hantxe zegon Beltzarro Mendipeko lagun baten etxean, elkarren arteko hartu-emanak konpondu beharrez. Eta hola ari zirelarik leihotik zerbait ikusi zuen. Han karrikan lau gizon solasean eta hoien artean Jose eta Arraxiteko jaun hori. Beltzarrok berehala pentsatu zuen hoiek bazaukatela garrantzi haundiko lanen bat eta berak baitzakien igande arratsetan egiten zutela mugako ibilaldia eta baitzakien ere Iturberoko errekatik barna egiten zutela, irri maltzur batekin begiratu zituen, bere barnean zerbait gorderik zaukala. Ilunabarrean, eta inork ikusi gabe, Beltzarro abiatu zen bere etxe aldera Mendipeko herria ilunpetan utzirik. Ibilkari ona Juan Martin hau, urrats zauliak eginik azpitik goiti arin-arin zoaien. Gau iluna, goibel eta sargoi, noiz behinka ineztureka eta urrun ortotsak ere aditzen direla. Badirudi erasan behar duela, baina horrengatik ibilkariari axolik ez, hameka bustialdi hartu izanen ditu bere denboran... eta gizon bizitoreak beldur guti ekaitzaren haserreari.

      Bizkitartean Jose eta bi lagunak badatoz beren karga baliosarekin eta marra batere trabarik gabe pasa dute. Iturberoko erreka hurbil daukate, leku iluna eta aproposa lan izkutuak egiteko. Heldu ziren trankil aski bat bertzearen gibeletik eta bat-batean mintzo ikaragarri batek «Alto! Alto!» erranik mendiko oihartzunak ihardetsi zion burrunba ikaragarria eginik. Hiru mutilak ikaraturik, ez baitzuten uste han inor bazenik, eta izialdura barneraino sartua zaukatela, paketak bota eta lasterrari eman zioten erbiak baino jauzi haundiagokoak egiten zituztelarik. Laster ezkutatu ziren mugazainen bistatik alde eginik. Baina nork salatu ote zituen?

      Inork ez. Beltzarro berbera zen joko zikin hori egin zabena, bera bakarrik lekukorik gabe. Iturberoko errekan hiru paketeroen zain egonik eta bere ondora arras hurbildu zirelarik gau beltzak lagundurik eta bere indar guziarekin bi oihu ikaragarri eginik, mutilak iziarazi zituen. Hiru mutilek ustez eta mugazainak ziren, soinean zeramazkiten paketak lurrera bota eta ihes; Beltzarrok, maltzurkeri hortaz baliaturik, hiru paketak bereganatuz. Gizon iruzurtia eta lapurra denbora berean, baina jendearen aintzinean beti jauntxo eta gizon zuzena. Inork ez zuen jakin Beltzarroren jokada.

      Jose eta bere lagunentzat gertakizun hori zenbait salatarien lana izan zen. Arrixkuko lan horrek zenbaitentzat buruhauste handiak, egun batez irabazpide ederrak eta galtze haundiak hurrengoan. Beltzarrok lan zikin horrekin sosalde ederra eskuratu zuen. Kontzientzia ere bere aurpegia bezalakoa, beltza.

      Holako lanpidetan badoazi hilabeteak eta deus aipagarririk gabe sartu gara bertze urtean. Udaberri aldean Beltzarrok badauka karga polita ekarri beharra eta beti bezala Mendipeko jaun batzuekin partzuar. Oraingoan Jose du bere zerbitzuko eta zortzi lagun lan hortan ari beharrak. Gau ilun bat hautatu zuten lana hobeki egiteko nahikeriarekin, goibel eta ilargirik gabekoa. Abiatu ziren bakotxak berrogei kiloko paketarekin. Bazoazin arin-arin Jose denen aintzinean gidari bezala, bista zorrotz eta beharriak erne. Muga erdietsi baino lehen, eta leku malkor eta zakar batetik poliki-poliki zoazilarik, uste gabean non ateratzen zaioten mugazain alemanak bere mintzairan «Alto» aginduz. Une larri hartan eta beren bizia arrixkuan ikusirik «hil edo bizi» pentsatuz, paketak ahal zuten bezala aurtikiaz, lasterka ihes eginik leku larratzu hartan berehala suntsitu ziren, bizkitartean jermanitarrak tiroka hasi zirelarik. Jose aintzinean baitzoaien bera zen mugazainenganik hurbilena, eta bere burua galdua ikusi zuelarik, malda beheiti eta paketa utzi gabe jauzi bat eginik, han joan zen gizajoa anbelka erreka hondoraino, paketa alde batera eta bera bertzera tiroak ziztuka buru gainetik pasa zitzaizkiolarik. Zortzi paketatik, bortz gelditu ziren sasien artean eta Josek zekarrena erroitzaren zoko batean. Josek galbide hartatik milagroz ihes egin zuen, baina larri-larri zabilen. Hasi zen zutitzen eta ezin. Bero hartan ez zuen deus nabaitzen eta ez ohartzen ere zer gertatzen zitzaion, baina berehala konturatu zen aztal hezurra hautsia zaukala. Une larri hartan zer egin? Ahal zuen bezala eta herrestan bide-senda bat erdietsirik poliki-poliki bazoaien, beharrik leku ezaguna zaukala eta ongi aski baitzakien non zabilen.

      Bere lagunak berantetsiak Jose agertzen ez zelakotz, ihes egin zutenean ohartu baitziren Josek bere burua malda beheiti bota zuela eta hortaz kezketan zauden ezbeharren bat gertatu ote zitzaion edo... Hurbildu ziren zoko hartara, beti arreta haundiarekin mugazainen atzaparretan erori gabe. Orduko mugazainak lekutu ziren hiru paketa bereganatuz eta Josek ere herrestan bide puska bat eginik. Batek «afruxtu» bat egin zuen eta berehala Josek bertze batekin erantzun. Lagunarteko ziztu horrek elkar ezagutzeko adierazten zuena, eta hala,  bertzerik gabe jarraiki ziren ziztuek erakutsi zaben lekura eta lagun galdua berehala aurkitu ere.

      —Zer gertatu zaik? —galdegin zioten.

      —Uste dut aztal hezurra hautsia daukatela —erantzun zuen Josek, orduantxen hozten hasia eta oinazeak nabari zituela.

      Jose gizajoa arras kolpatua zegon, ez bakarrik aztal hezurrean, baita besoak larrutuak eta aurpegian zarramaztako ederrak ere sasian eginik eta gorputz guzia arras minberaturik. Soinean hartu eta poliki-poliki eraman zuten bere etxeraino. Bidartekoek harrialdi izigarria hartu zuten, ez baitzuten ba holakorik espero.

      Biharamunean sendagilea deitu eta zerbait gezur asmatuta jakinarazi zioten mendian erroiztu zela, kontrabandako gertakizunak aipatu gabe. Gainera tirorik ez baitzaukan, ez zen batere harrigarria beti mendian dabilenari holakoren bat gertatzea. Bidarteko artzaina herbaldurik eta nausia berriz atsekabez beterik, hainbertze lan etxean eta orai artaldea artzainik gabe. Sendagilea hezur gauzetan trebe eta jakintsua zen, eta hanka igeltsuan ezarririk, hola gelditu zen mutila nahigabez beterik, eta gisa hortan hainbertze egun goatzean batere mugitu gabe. Gero gorputzak atseden pixka bat hartu eta indartu zelarik, jaiki eta bi besapeko makuluekin han zabilen.

      Beltzarro etorri zaiote eta hau ere nahigabetua eta koleratua denbora berean.

      —Zer gertatu zitzaizuen? Oraintxe izorratu gaituk —erran zuen Beltzarrok bekoki ilunarekin.

      —Ez dakigu, Juan Martin, norbaitek salatu dudik gabe —Josek erantzun.

      —Noren errezelue duzue? Zuen barride hoiek, edo nor izanen ote duk?

      —Ez, gure barride hoiek ez dute holako joko zikinik egin izanen, nahiz eta gure etxekoekin aspaldion girbinduak diren. Hoiek jende onak dira eta holako lanetan ez dira sartzen —erantzun zuen Josek serioski.

      —A, urdeak! Nik jakin behar etsai hori nor den, lepoa bihurtuko niokek. Badirela jende gaixtoak, urde madarikatuak! —Beltzarro kolera gorrian bertzeendako zer nahi erranka bere burua beti goiti ezarriaz eta bere eginkizun maltzurrak inork jakin gabe bere kontzientziaren gain. Gizon maltzurra eta aurpegibiko, bazakien jendearen aurrean gizontasuna agertzen eta bai edozein eginkizunetarako kapable.

      Mugazain alemanak orai zakur haundiekin dabiltza eta hortaz harat-hunat dabiltzanak errespetu gehiago dabete, baina hortan ere bada xikana eta laster aurkitu dute zakurren kontrako erremedioa. Hauts batzuk oinazketan aurtikiaz zakurren husmoa galduaraziz, gisa hortan beldur haundirik gabe marra aisa pasatzen zutela.

      Beltzarrok, makur zerbait izanagatik, gogor ari da eta nahiz eta zorigaiztoko egun hartan galtze haundiak izan zituen, haiek kittatu eta aintzinat doa beti sosa metatzen.

      Jose ongi doa eta makilarik gabe hasi da beti poliki eta emeki-emeki bere burua sobera bortxatu gabe. Orai ibilaldiak utziak ditu eta ongi sendatu arte ez zaigu holako lanetan ibiliko.

      Urtea ere laster joanen zaigu, urriko hilabetea badoa eta espantu haundirik gabe neguan sartuak gara. Etxeko gorabeherak ez doazi gaizki, artaldea arras ongi, behiak mainguerie sendatu eta ondoan osasun onarekin eta etxeko guziak ere sasoinean, batez ere Maider. Hau beti bezala jostakin eta tentagarri. Eskualde hortako mutil gazte hoiek bere inguruan dabiltza, baditu jarraikitzaleak.

      Josek artaldea behin ere baino hobekiago zaintzen du. Orai ardiak erditzen eta bildots ederrak hazten, sabaia bazkaz ongi horniturik baitago. Artaldea ongi dute mantentzen eta bildotsen irabaziekin nausia dugu ederki gizentzen.

      Udaberrian sartu gara eta Josek San Jose egunean hogeita hamalau urte bete ditu. Sei urte iraganak ditu Bidarten eta oraindikan Frantzian bizitzeko baimenik gabe, beti ixilka bere dermioetatik atera gabe, suertea ere badu inork ez duela salatzen. Denek maite dute, lagun onak baditu noiz behinka elkarrekin besta ederrak egiten dituztela, eta Mendipeko ostatuan afari eder baten ondotik bihotzak alegera eta berdin zorionaren erakusteko Euskal Herriko kanta xaharrak xaramelatuz. Josek boz ozenarekin kanta hau du maite:

 

            Gizon gazteak ezkontzeko

            behar ditik lau gauza

            lehen-lehenik iduria

            alegera bihotza

            dirua frango sakelan eta

            bizitzeaz ez lotsa.

 

            Horietarik hiru baditut

            laugarrena dut falta

            bai iduria badut eta

            alegera bihotza

            dirurik ez dut, bainan ordainez

            bizitzeaz ez lotsa

 

            Aldiz baditut hiru tatxa

            batto banuke aski

            arno-edale, jokolari

            lanean ez ari

            nahiz horiengatik guziengatik

            neskatxek maite naute ni.

 

      Gauzak pixka bat makurtu dira eta aintzindari jermanitarrak hasiak ditugu bazterrak nahasten Joseri paperak galdezka. Honek nahiago luke batere paperik ez egin eta berriz Zelaiondora joan.

      Beltzarro izan da Bidarten eta Josekin mintzatu da. Josek galdetzen dio:

      —Nola daude aferak Espainian? Ni orai harat gaten banintz preso hartuko naute?

      —Bai segurki, hi desertor baitiaiz. Mendizelaira gatekotan behar tuk paperak ongi konpondu eta hori zail xamarra duk. Halere nahi baduk, saiatuko nauk, nik baitiet lagun onak gobernuen eta zerbait iten ahal diegu —erantzun zion Beltzarrok betiko panparro aire horrekin.

      —Nik behar dena emanen dut, sosa pixka bat badaukat eta gastatuta ere ez zait batere axolik non eta ni libre gelditzen naizen.

      —Ez, ez zaik deus kostako, gainera badakik hirekin zor pixka bat badaukatela eta paperak eta baimena erdiesten badiat orduan kito —erran zion Juan Martinek.

      Juan Martin honek Joseri dirua zor zion, honek beti langileei ordaintzen eta beti dirua aurreratuz gero koberatzeko esperantzarekin, baina Beltzarro beti zabar, ez zituen kontuak egiten.

      Erran bezala Juan Martin aintzindari haundiengana joan eta Jose Larrekoaren auzia konpondu zuen. Hontan ere Beltzarro irabazien gelditu zen eta hortaz landara Jose ondoan idukitzea komeni zitzaion, esku-makiltako bere menpeko eta zerbitzuko, eguzkiaren azpian ez baitzuen aurkituko Zelaiondoko artzaina baino leialagokorik. Teilazuriko Beltzarro beti berekoi eta zakur, gauzak esku-har dituelarik ez baitu okasionerik galduko.

      Bidartekoekin egona da. Lehendik ere Jose Piarresekin afera hortaz aunitz mintzatu da eta Zelaiondoen egoeraz azterketa sakon bat eginik, eta ikusirik mutilaren nahikeria Paulo zerbitzea zela, denak ados eginik erabaki hori ontako hartu zuten.

      Jose, Bidartekoetaz despeiturik eta «sarri artio» erranik etorri da Zelaiondora Beltzarro lagun zuelarik.

      Zelaiondoko bordan arrera maitekorra egin diote, Paulok eta Ixabelek besarkada indartsu bat emanik. Amatxi xaharrak ere xaloki agurtu du gure mutila.

      Anttoni etxeko alaba iaz ezkondu zen Urretako mutil batekin ere, herri hartako etxalde eder batean bizi da. Bi mutilak, Patxiko eta Pello, soldadu, eta etxetako lanetako eta ardiak zaintzeko zaharrak baizik ez. Ordu onean etorri zaiote Jose, badute horren beharra. Zelaiondon arront kontent dira Jose etxeko seme bezala maite dutelakotz.

      Biharamunean, Jose, Beltzarrorekin batean, Arraxiten izan dira eta hango polizi etxean agiri zenbait sinatu eta bertze xehetasun gehiago ere eginik, auzia garbitu dute.

      Beltzarrok erakutsi du baduela ahalmena gobernuko zenbait aintzindari haundiekin. Eta hala Josek paperak ongi konponduak, presondegian egon gabe eta soldaduko arazoak ere garbiturik, aske eta trankil bizitzeko batere kezkarik gabe eta zuzenbidean.

      Beltzarro kapable da gauza onak eta txarrak egiteko ere.

      Jose berriro ere Zelaiondoko bordan, joanak joan eta lehenagoko leku xaharrera bildua. Zoriontsu eta alegera ikusten dugu, indarberriturik eta behin ere ez bezalako lanerako gogoarekin.

      Apirileko arratsalde euritsu hark neguaren kutsua badu, elurra mendietan eta eguraldia gordin, esaera zahar batek dion bezala: «Apirile biribile, zerria urdandeian hotzak hile»

      Giro txarrak ez du Jose izitzen; artzainek ez dute euria gaitzesten, hola dira belaiak ongi hornitzen eta ardiak ere ederki gizentzen.

      Zelaiondoko ardiak etxeko belai haundian dira. Jose haieri begira, artzain onaren begiradarekin, irriño bat agertzen du bere ezpainetan denbora berean Pierre Dibarrarten Artzaintsa mendian izeneko kanta xarmengarria gogoan daukala. Boz eztiarekin apalki ari da:

 

            Zelaietatik ikusten duzu gure etxea mendian

            Eta gorako etxola hura harroka baten aldean;

            Mendi kaskoan, andre gazte bat artaldearen erdian,

            Ni nago hemen ardien zaintzen nere kilua gerrian,

            Egon ditezen ene aitamak bakotxa bere lanean.

 

            Goizetan utziz egun guziko aitamen begitartea,

            Argi hastean idekitzen dut etxola haren atea,

            Alharazteko mendi gainean ene artalde maitea,

            Han iraganik, bake gozoan, argitik ilun artea,

            Bozik daramat etxerakoan kaikua esnez betea.

 

            Herriko ene gazte lagunak nitaz dira urrikaltzen,

            Heien josteta zoroetalat ez naizelakotz hurbiltzen,

            Bainan gaixoek erran bezate zer zorion dutan galtzen!

            Bakea eta librotasuna osoki ditut gozatzen,

            Eta menditik ez ote dut nik gauza ederrik ikusten?

 

            Argi hastean histu orduko artizarraren argia,

            Nik ikusten dut iguzkiaren agertze miragarria.

            Bainan oraino ilun dagozi zelaiak eta herria,

            Ohean dago ezin atzarriz hiritar gazte nagia;

            Nola ezagut dezake handik hemengo neure loria?

 

            Eliza dorre goren hura dut oroz gainetik ikusten,

            Eta ezkilak errepikatuz herria du inarrosten;

            Bi aldetako mendi auzoek oihartzunka ihardesten,

            Haur denboratik huna baititut toki berean aditzen!

            Zorion hunen iraupena dut Jainko Jaunari galdatzen.

 

            Ordu berean hedatzen ditut itsas alderat begiak

            Eta ikusten arraintzariek dituzten untzi ttipiak;

            Iduri dute pentze gainetan dabiltzan altxa liliak,

            Halaber dira ur axalean hekien bela xuriak...

            Otoitzez nago suntsi ez ditzan itsaso lotsagarriak!

 

            Ez badut ere aditzen ahal hiriko kantu ederrik,

            Entzuten ditut basihiziak alderdi guzietarik:

            Kukuak kuku pago gainetik, eperrek kantu beretik,

            Xori ttipiek arboletarik, xoxoek sasi barnetik,

            Heien titxoak etortzen zaizkit bihotzera bihotzetik.

 

      Ondotik beste gainerako hiru bertsoak ere kantatuko ditu pozaren pozez bere askatasuna ospatuz. Gero Zelaiondon sarturik famili maitagarriaren ondora eta egun hartako kezkak arras suntsiturik, atseden hartzen du.

 

Nigarrez sortu nintzan
Mariano Izeta

CAP, 1982