Bakarrizketa poetikoak
Oier Guillan

Bermingham, 2007

 

 

IV. MAKINA

 

(Oraingoan zuria itsugarria izango da, gela eta pertsonaiaren

arropa nabarmenduz. Bakarrizketa aurrera joan ahala argiaren

intentsitatea jaisten joango da, beltzean gelditu arte.

Poema honetan pertsonaiaren antsietateak gora egingo du, bere

gorputz atalen ezagutzearekin hasi eta oroitzapenetan galdu arte.

Argiak ihes egiten dio eszenatik, bizitzak bezala, eta oroitzapenen

bidez geldiarazi nahi du).

 

Ez naiz makina bat

        baina makina bat gauza egin dut

        heriotza ekiditeko

 

heriotza ezin oroitzea baita

 

                  horregatik lotu diot

        oroitzapen bat gorputz atal bakoitzari:

 

        eskuetan izen bat

                g          errian mina

        plastikozko airea

                a          ltzairuzko arnasa

hanketan paisaiak

                sorbaldetan          z        alantza

bizarrean ezkutaleku hura

buruan... dena, ez dena,

          i..........zan litekeena

begietan hitzak

          ahotsean berriz

gorputz            a          talak

 

(Isilunea).

 

nirekin batera ustelduko ote dira

hiltzen naizenean

 

(Isilunea).

 

liburuak azpimarratzen ditut irakurri nituela

oroitzeko, buruan gorde ezineko hitz guztien artetik

sentimenduak bertaratu zirela oroitzeko

 

Julio Cortazarrek idatzi zuen Rayuelan:

 

Me desperté y vi la luz del amanecer en las mirillas

de la persiana, salía de tan adentro de la noche que tuve

como un vómito de mi mismo, el espanto de asomar a

un nuevo día con su misma presentación, su indiferencia

mecánica de cada vez: conciencia, sensación de luz,

abrir los ojos, persiana, el alba. 67. atalean.

 

                                baina ez eskatu lerro oso bat buruz errepikatzea,

ez Brecht, ez Sarri, ez ezer. eta zer? zer

da buruz dakidana? zer oroitzen dut xehetasun

osoz?

 

telefono bat. izen bat, ahots bat?

 

(Isilunea).

 

ahots bat?

 

(Isilunea).

 

ikastolan bederatzi urte nituela irakasleak galzorian

zegoen abesti bat buruz ikasteko eskaini zigun, azterketa

gainditzeko, txantaia hutsa. baina oraindik oroitzen dut:

 

Zaldibiko plazan, Zaldibiko plazan, hamar atso dantzan,

hamarrek ez dute, ardi bana poltsan,

aiaiai! ardi bana poltsan!

aiaiai! ardi bana poltsan!

 

(Isilunea).

 

eta zer? zertarako? zertarako ezin baditut

                                                      oroitzen dudan ahots horri

maitasuna eskaintzeko erabili nituen hitzak xehetasun osoz oroitu?

 

(Hemendik aurrera inoiz baino gehiago jabetzen da argiaren joeraz, argia

desagertzen ari dela. Horrek antsietatea areagotzen dio, oroitzapenen

bidez gelditu nahi du argiaren galera).

 

ez naiz makina bat

            baina makina bat gauza egin dut

            heriotza ekiditeko

 

egunkariek jada ahaztua duten Bosniako gerran

Pelam bere herri setiatuaren salbatzaile suertatu zen.

oroitzen dut haren begirada, ezagutu nuen egunean:

 

                            Pelam gerra heroia da, baina heroiak gorroto ditu,

heroiek odola isuri behar dutelako, besteen odola, norberaren

odola, eta heroi izendatzea odola ahazteko modu bat da.

 

ez naiz makina bat

            baina makina bat gauza egin dut

            heriotza ekiditeko

 

oroitzen dut txikitan nire jolas propioak asmatzen nituela...

 

(Lekuan lekuko gauzak erabiltzen ditu heroi eta dragoien abentura bat

gauzatzeko. Heroiak torturatua bukatzen du komisaria batean).

 

horrelako zerbait zen, agian, edo agian ez, agian

oroitzapen hori neronek asmatu dut, denborarekin.

denborak oso oroitzapen politak sortzen ditu, beharra

dagoenean.

 

ez naiz makina bat

            baina makina bat gauza egin dut

            heriotza ekiditeko

 

orain gutxi ahots horrekin egin dut maitasuna.

nire bizitzako une bat behintzat xehetasun osoz gordeko

nuelakoan izerdian abaildutako urrats bakoitza idazten

joan nintzen. berarekin adostu nuen. une bat gorde,

betirako, behin eta berriz errepikatuta ere

beti ezberdina den une horietako bat gorde,

xehetasun osoz. ahanztura xehetuz.

 

eta horrela ekin genion:

 

                  lehenik eta behin elkarri begiratu.

elkarri begiratu gorputzen gertutasunean begiradak galdu

nahi dituzten horiek bezala. itxoin!

 

(Esandakoa horma zuri batean idazten du).

 

                  elkarri biluzten hasi ginen, arropak batak besteari

eranztean eskuak azal ezkutua ferekatzeko baliatuz, ez da

mugimendu bat bera ere sobratzen. itxoin!

 

(Esandakoa horma zuri batean idazten du).

 

                    arnasa barreiatu aurpegiko zirrikitu bakoitzetik,

hitzik leunenak ere izerdiaren parte balira bezala itxoin!

 

(Esandakoa horma zuri batean idazten du).

 

                    orduan ezpainak memoriaren parte bilakatzen dira,

ezpainen bidez ikuskatzen dugu gorputz atal bakoitza,

gorputz atal bateko hitza, xehetasun osoz: ezpainetatik mundura,

ezpainetatik (mantso, izututa) gor-putz-a-tal-ba-ko-hi-tze-ra. itxoin!

 

(Esandakoa horma zuri batean idazten du).

 

                    eta orduan, zirrararik behinenarekin batera, ezustea,

malko bat, malko bi, denboratik at sentitu nahi genukeen

unea, malko bat, malko bi, eta ezin da itxoin, sentitu

besterik ez, besterik ez eta malko bat, malko bi

                                                            eta dena ahantzi

                                                                                  berriz

                                                                            dena ahantzi

                                                          eta dena, ez dena, izan litekeena

                                                                  ahanzturan ehortzi

 

(Argia ia guztiz desagertu da. Bera honezkero nekatuta, hustuta dago.

Publikoak ozta-ozta sumatzen du bere gorputzaren profila. Lurrean makur-

tu, eta azken hitzak esaten ditu, iluntasunak eszena irensten duen arte).

 

ez naiz makina bat

            baina makina bat gauza egin dut

            heriotza ekiditeko

 

Bakarrizketa poetikoak
Oier Guillan

Bermingham, 2007