Bakarrizketa poetikoak
Oier Guillan

Bermingham, 2007

 

 

III. ORDUAK

 

(Oraingoan argiak gauza bera egingo du baina urdinetik berdera.

Pertsonaiak bere ezkerrean leiho bat egongo balitz bezala jokatuko du).

 

Bizirik egotea hilik egotearen antzekoa da

edo alderantziz

bizirik egotea bizirik egotearen antzekoa da

baldin eta

bizitza begietan hasten bada

                                          edo hitzetan

                                          edo ezpainetan

 

ikusten ez dudan guztia bizi da?

ikusten ez nautenean bizi naiz besteentzat?

 

gaur adibidez ez dut ikusi eguzkia

ateratzen ez idoia esnatzen arropa dutxan

sartzeko eranzten ez ditut bere

eguneko lehen pentsamenduak entzun ez

ura hodi ikusezinetan jauzi ahala

desagertu diren bere gaueko ametsak ere

 

(Pertsonaia bere irudimeneko leihora gerturatzen da. Beldurra

ematen dion arren, leihoak erakartzen du).

 

ez dut ikusi etxe hau baino hareago dagoen

ezer

ez autorik ez langilerik ez egunkari

banatzailerik

 

ez dut ikusi afrikako sabel puzturik ez

latinamerikako.gazteen amets zapuzturik

 

ez dut ikusi politikaririk bere gelarik ezkutuenean

bere kide ezkutuekin edukirik gabeko hitz

ezkutuak adosten odolusten

 

ez dut ikusi natassja kinski gosaltzen nor

oroitzen da honezkero berataz

 

ez dut ikusi egunero gosez erailak diren

milaka pertsonen aztarnarik

 

ez dut ikusi ez entzun espazioko

zakar zatarrik buru gainean biraka

 

ez sateliterik gabeko burmuin planetarik

 

(Leihotik urruntzen da).

 

nola jakin hortaz ahanztura ez dagoela hilik

nola jakin benetan hildakoak ere

bizi direnik?

 

badira halaber noizbait nirekin batera

inork jakin gabe

desagertuko diren

milioika gauza txiki

 

haiek guztiak lekukorik gabe jazotzen direnean

existitzen naiz?

 

begirada pentsamenduaren laguntzarik gabe

urrunera bidaltzen dudanean

etxean bakarrik gelditu eta

nire zeremonia propioei ekiten diedanean

(kafea

zigarroa

ortzadar laukiak)

orri zuriak kanpaia jotzen duenean

inor gutxiren begiko

                              banaiz ezer

                              banaiz inor

                              banaiz?

 

ezkutukoaren ezkutupean

babesa bilatzen dudanean

inoiz baino gehiago

                    ala gutxiago

sentitzen dut?

 

lekukorik gabeko bizitza

                              bada ezer?

lekukorik gabeko heriotza

                              bizi da?

 

lerro hauek bakardadean irakurtzen dituenak

nire bizitza bizi du?

 

isiltasuna...

                  existitzen da?

 

Bakarrizketa poetikoak
Oier Guillan

Bermingham, 2007