Bakarrizketa poetikoak
II. SAMBA
(Argi gorriak laster galduko du bere izaera eta pertsonaiak gor-
putzaren bidez jarrera berriak bilatzen dituen artean, urdinera
egingo du, argira lehenik, kasik zurira, intentsitate urdina hartze-
ko pixkanaka oraingoan.
Pertsonaiak bere eskubiko aldera begira hitz egiten du, han berak
esaten duena entzuten ez duen beste pertsonaia bat egongo balitz
bezala).
NIK EZ DIZUT ESANGO
munduaren neurria zein den
ustelduta zeudela itxaropenaren erraiak
itxaroten hasi baino lehen
NIK EZ DIZUT ESANGO
ulertzen dudala zure mina
ez baititut gogoko gezurtiak
NIK EZ DIZUT ESANGO
erbestera bidali dizkigutela
politika liburuak
nire herrian bada
babes ofizialeko liburutegi bat
NIK EZ DIZUT ESANGO, EZ,
min ematen didala zure begirada
abegikorrak
nirea behar lukeelako eta ez zurea
begi zoroen aberri askea
NIK EZ DIZUT ESANGO
esatearen beldur naizelako
gure arteko burbuila ez ote den hautsiko
iraganeko atlas zaharkituen pareko
JAKIN BADAKIT
beste egoera batean
lagun hurkoa ginatekeela
kafe bat hartuko genukeela
bizitza mintzagai
orain CDak salgai jartzen dizkidazun
mahai honetan bertan
HALA ERE NIK
ez dizut esango
EZER EZ
egungo gizarte maila berriez jabetzea
litzatekeelako
liburuak irakurtzeak, poesia idazteak
eta ezkertiarra izateak suposatzen duen
pribilegio izugarriaz
jabetzea litzatekeelako
HORREGATIK
EZ DIZUT ESANGO
munduaren neurria zein den
ustelduta zeudela itxaropenaren erraiak
itxaroten hasi baino lehen
Bakarrizketa poetikoak |