Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007

 

 

VI

 

      Nonbaitetik hasi behar nire zeregin berrian eta, neskaren gorpuzkinak zenbait jakingarri eman zezakeelakoan, sendagintzan aritutako pertsona baten iritzia jaso behar nuela erabaki nuen. Eta hala adierazi nion alkaideari, zeinak, On Charles de Borgoisen berri eman zidan. Berau, Bordeletik Santiagora joateko asmoz erromes etorri, Donostian neska eder —eta aberats— bat ezagutu, eta harekin ezkondu zen, bere erromesaldia bukatutzat emanez. Tamalez, andrea laster hilko zitzaion, birika-min gaizto batek jota, nonbait, eta gizonak, harrez gero, burua doi bat nahasi antzean eduki arren, bere jakinduria eta trebetasuna medikuntza alorrean ukaezina omen zen.

      Ioanaren hilotza, elizaren eraikitze-lanetatik gertu samar, Santiagoren omenez egina zen ermita txiki batean zegoen. Bertan, itsasoak mendez mende, eta miazkatzearen miazkatzez, zorroztutako labarretan, olatuen zipriztinez bustitzen zuen airea eta, konturatzerako, mihian kresalaren zapore gazia eta eztarrian lehortasun bustia senti zitezkeen. Han bertan egina nuen hitzordua sendagilearekin. Talai paregabe hartatik, berebat, ibaiaren aldeko inguru zingiratsuak ikusten ziren beste inondik baino hobeto. Lur zerrenda hura zen, hain zuzen ere, elkarren aurka eta aurrez aurre zeuden bi mundu desberdinen muga: Basatien basoaren eta geldigaitza den zibilizazioaren, hots, hiriaren artekoa. Halako gogoetak nerabiltzan sendagilea asto baten gainean agertu zenean.

      Gizon adintsua zen sendagilea, bere gorputzaren hauskortasunak erabatekoa zirudien. Haren begi berdexka zorrotzak, pergaminozko azalari eta gorputzaren moteltasunari era harrigarrian kontra, jartzen zitzaizkion; zeren eta, itxuraz bederen, haiek baitziruditen, gorputz makaldu eta ahitu hartan, zinez bizirik zirauten atal bakarrak.

      Astoa arreta handiz ermitaren hormako txirrindola batean lotu, eta hitz batzuk zamariaren belarri ertzera xuxurlatu ondoren, honako hau esan zidan muturra samurkiro laztantzen zion bitartean:

      —Hamabi urtez egon gara elkarrekin, eta denbora luze honetan behin ere ez diogu elkarri hutsik egin. Eta hain da handia elkarren arteko ulermena, ezen hark nire aholkuak entzuten dituen legean, neuk ere aspaldi ikasi bainuen bere begietan irakurtzen.

      Zinez xelebreak iruditu zitzaizkidan sendagilearen hitzak; hala ere, gehiegizko garrantzirik ez nien eman: une hartan, nire ardura bakarra ermita hartan zeutzan hezur haietatik albait arrastorik gehien ateratzea zen; horretarako agure ero baten ipuinak entzun behar banituen ere.

      Sendagileak berak ireki zuen ermitako atea. Barruan, Santiagoren irudi bat zegoen, horman harentzat espresuki egindako barrunbe batean. Azpian aldare xume bat eta eskuinean ate txiki bat. Hura zeharkatu, eta ermitaren atzealdera sartu ginen. Harrizko apal baten gainean zetzan neska gajoaren gorpua; esku hezurtsuetan zilarrezko gurutzea, eta paparrean lore sorta zituela. Sendagilea gorpuzkinera inguratu eta arretaz begiratu zuen. Zalantzarik gabe, elizaren harritzarren tartean egon izanak, hondamen egoera orokorra ohi baino hobeagoa izatea ahalbidetu zuen. Artean ere, burezurrari erantsita, ile mataza bat ikus baitzitekeen, baita beste zenbait elementu gogor ere, hala nola, atzazalak edo hortzak.

      Ordubete inguru jardun zuen sendagile zaharrak hainbeste arazo eta istilu sortarazi zituzten hezur haiek aztertzen. Azkenean, saihetsezur bat hartu eta, hitzik esan gabe, ermitatik atera zen. Eguzkiaren argiz, hezurra bira eta bira erabili zuen tarte batez; ondoren, haren astoarengana hurreratu eta, hezurra begien aurrean ipinita, beste behin ere zerbait xuxurlatu zion belarrira. Gero, elkarri begira jarri ziren eta, jauzi bat eginez, alaitsu itzuli zen sendagilea, hezurra airean astintzen zuela.

      Ni zain nengoen.

      —Gorpuzkinek, egoeraren arabera beti ere, hainbat informazio idatzirik daukate, liburu baten antzera. Gure esku dago, noski, beraiek gordetzen duten hura irakurtzen jakitea. Erraiak aztergai eduki izan bagenitu sikiera... Beraiek argi asko adieraziko baitziguten, adibidez, sastakatua, pozoitua, edo berezko heriotzaz hil zen. Kasu honetan eta besterik ezean hezurrak mintzatu dira, beren apalean, ahapeka kasik, eta informazio gutxi eman arren, adierazten diguten horretan duda gutxi dago.

      Ordurako sendagile hark hitz egiteko zuen postura bitxian aspertzen hasia nintzen; jakin-mina, ordea, unean baino unean handiagoa.

      —Iduriz —jarraitu zuen sendagile zaharrak—, haren heriotza ez zen oso bortitza izan. Ez dirudi, esaterako, ezpata-ukaldika edo kolpe gogor baten ondorioz hil zenik. Agian, haurgintzak eragindako gaitz larriren baten kausaz hil zen.

      Ahoa bete hortz gelditu nintzen!

      —Joanak umerik izan zuen!

      Sendagileak hezurra berriz ere eskuetan hartu eta, hormaren kontra bortizki joz, bi puskatan hautsi zuen. Ondoren, hatza hezur-mamira zuzendu zuen.

      —Hori, bederen, argi idatzia ageri da. Egia esan, neuk ere ez nuen horren berri. Hala ere, hezurrean kaltzio falta nabarmena antzeman daiteke; horrezaz gain, aski da bizkarrezurraren atzeko ahurtasunari erreparatzea jakiteko emakume hau haurdun egon zela. Emakume izorrei bizkar-ezurraren aldeko hezurrak aldatzen zaizkie umekiaren zama berdintze aldera.

      Ez zidan beste deus interesgarririk esan gizon hark. Agurtu ondoan, etorritako bidetik abiatu zen haren astoaren gainean, aire gaskoi bat kantatzen zuela.

      Heriotzaren arrazoia argitu ez bazuen ere, eta hark esandakoa egia baldin bazen behintzat, bide berriak zabalduko ziren, kasu harrigarri hura argitzeko baliozkoak izan zitezkeenak.

      Itzurungo itsasaldeko hareatzara joatea deliberatu nuen arras nahasiak eta korapilatuak nituen ideiak argitze aldera. Sosegua behar nuen; haizeak bere magalean ekartzen ohi duen zurrumurruzko doinu bildua arnastu, eta haren freskura ernagarria aurpegiaren kontra sentitu. Baina itsasoaren garbitasun orbangabera iristeko, derrigor, herria inguratzen zituzten zingiretatik igaro behar nuen, eta paradoxikoa iruditu zitzaidan zeren eta, esku artean nuen auzian bezalaxe, bide nekagarri, higuingarri eta hagitz perilosa zeharkatu behar bainuen orduan ere, nire arimaren azken helburu aratz eta garbia inoiz inguratuko banuen.

      Eta horrela, neure sorbaldaren gainean ezarritako arduraren gaitza sentitzen nuela, eremu kiratsu hura iragateari ekin nion. Eta sinets ezazue esaten badizuet ezen zingira eta lupetza haiek indarberriturik eta kemenez mukuru pasatu nituela, jakinez, gertu egongo zela, nire zain, Jainkoak enetzat bakarrik gorderik zuen betiereko loriaren saria.

      Hala bada, lohiaren pisu itsaskorrak oinak astundurik, itsasoaren zilarrezko mihi apartsuak etengabe milikatzen zuen hondartzara iritsi nintzen. Itsasoaren ondora inguratu, eta begiak itxita, haren baitara bildu nintzen. Konturatu orduko, oina, zangosagarra eta baita belauna ere irentsi zizkidan. Haizeak gogor jotzen zuen nire zirrikitu guztiak betez, ileak astinduz eta arnasa sakonki hartzea eragotziz. Gero, belauniko jarrita, burua ur hotz haietan sartu eta, jarraian, oihu luze egin nuen, nire birikak lehertzerainokoa kasik. Ongi sentitu nintzen. Baina une hartan berean, bakarrik ez nengoelako sentipena lotu zitzaidan barrenean. Atzera begiratu eta han zegoen, hondarretan eserita, hankak besoetan bilduta, soina uzkur-uzkur eginik, alkaidearen etxeko zerbitzari amorosa.

      Une hartan ez nintzen harritu hura bertan egon izanaz. Izan ere, bazuen neska harek nik ezagututako neska guztiengandik bereizten zuen ukitu misteriotsu bat: xarma erakargarri eta, era berean, beldurgarrizkoa ere bai. Ez zegoen dudarik, nire zain zegoen. Alferrik izango zen galdetzea nola zekien ni leku hartara joatekoa nintzela. Gisa hartako pentsaerak nerabiltzan harengana hurbiltzen ari nintzaiolarik; baita, bere izena ez nekiela ere, eta horrek ezer gutxi axola zidala.

      Ni portaera bitxi horretan ikusiak ez zuen, itxura batera, hura ere batere harritu. Irribarre zabal bat eskaini zidan ongi-etorri modura eta, segidan, nagiak modu nabarmenegian atera eta berehalaxe, nire ile bustia laztantzeari ekin zion.

      Haren begi berdeetan arratsaren argi apalak eta itsasoaren urdinaren islak bat egiten zuten. Musu luzea eman nion eta nire iletik eroritako tantak haren masailetik behera lerratzen hasi zirenean, goizeko ihintzaz edertutako liliaren tankera hartu nion. Halakoxe freskura eta edertasuna baitzerizkion neskaren gorputz amultsu horri.

      Izena ahapeka esan nion: ihintza.

      Baina ni, une hartan, ez nengoen jolasetarako: Joanaren heriotza malapartatua besterik ez nuen gogoan. Eta otu zitzaidan neska baten iritzia ere zinez interesgarria izan zitekeela; zeren eta ordura arte, jende nagusiaren testigantzak bildurik eta entzunik bainituen, baina ez, ordea, jende xehearena.

      Ziplo egin nion galdera:

      —Joanaren inguruan gertatutakoak nola bizi zenituen?

      Orduan, estreinako aldiz, haren hazpegiek harridura islatu zuten. Irudiz, ez zuen inondik ere espero horrelako galderarik.

      Haren begiak neureetan irmo tinkatu zituen. Denbora puska bat behar izan zuen erantzun aurretik.

      —Gertakizun latz haiek fortunatu baino lehenago ere aieru garbiak bazeuden. Lurra bera ere argiro mintzatu zitzaigun, gure lurraldera etortzear zegoenaz gaztigatu nahian. Garbi eta ozenki hitz egin zuen, haren mezu nabarmenak aditzen dakien edonorentzat.

      Hitzok ahoskatzerako, neskaren lehengo gozotasuna guztizko zurruntasun bilakatua zen. Begiak, ostertzean ezarriak orain, eta hura zulatu beharrean kasik, bi laban zorrotz ziren. Bazirudien oroitzapenek barrena gupidagabe erretzen ziotela, eta jaulkitako ele bakoitzak berezko zama zuen. Honek guztiak, haren lehengo misteriozko airea areagotzen zion biziki, ia beldurgarrizkoa bihurtzeraino ere.

       —Hortaz zuk.. ama-lurrari zerbaitetaz ohartarazteko nahia sumatu zenion?— sinesgaitz nik.

      Ez zidan berehalakoan erantzun. Eskutik heldu eta, astiro-astiro, ordurako ilunsentiko argi-itzalen jolasen mende zegoen hondartzan zehar eraman ninduen. Eskua gogorki estutzen zidan, aurrera jarraitzeko nahitaez heldulekua beharko ba1u bezala.

      —Den-denok entzun genuen ama-lurraren deiadarra, baina inor gutxik jakin zuen aditzen bere esanahi larria. Bi egunez, segidan, lurra ikaran jarri zen. Donostiak bortizki egin zuen dar-dar, hosto xumeak haize-zurrunbilo azkar baten menpe egiten duen bezalaxe. Lurra baretu zenean, itsasoari egokitu zitzaion txanda: itsasontzi hura azaldu zen...

      —Zein da itsasontzi horren kontua?

      —Egunsentiarekin bat etorri zen. Lainotan argitu zuen eguna, eta laino trinko haren baitatik sortua bezala, inork espero ez zuela, agertu zen ontzi arrotz beldurgarri hura. Sekula ez dut ikusi halako itsasontzi handirik! Haren egoera, aldiz, arras penagarria zen: belak goitik behera zarrastatuak zituen, kroskoa arrunt kolpatua zegoen eta alde batera nabarmen okertzen zen; gainera, barruan ez zen sumatzen inongo mugimendurik. Ontziak ordubete doi egin zuen agintariak txalupa batean inguratu zirenerako. Berauek ez ziren denbora askoan egon barruan. Batzuek diotenez, atzera itzuli zirenean herioren arrastoa ageri zuten aurpegietan eta hitz erditxo bat esateko ere ez omen ziren gai. Berehala soldaduek kostako inguruak oro hartu zituzten, eta han egon ziren egun eta gau osoan, ontzi madarikatu hari begirik kendu gabe, harik eta, hurrengo egunean, goiz-goizetik, etorri bezalaxe, egunsentiko lanbrotan bildurik desagertu zen arte. Soldaduen lantzek eta ezpatek heriori aurre egin ziezaioketela pentsatzea ere... Inozo alaenak! !

      —Oso ziur zaude ontzi hartan herio bera zihoala gidari; inork ikusi al zuen akaso?

      —Ontzi horren berri antzinatik eta ahoz aho zabaldu izan da geure artean. Gaskoi harik etorri baino askoz lehenagotik ere. Edozein euskalduni galdetu besterik ez duzu ontzi deabruzkoaren istorioa ikasteko.

      Buru mugimendu batez eskaera egin, eta berehala ekin zion hain zabalduta omen zegoen istorioa kontatzeari:

      —Aski ezaguna da herioren lana gizon-emakumeen arimak biltzean datzala, bere iluntasunezko erreinura eramateko. Edonor hiltzen delarik, euskaldun edo gaskoi, aberats edo txiro, on edo zital, aurki pasako da herio gorpua dagoen lekutik arima lapurtzeko asmoz. Guk ez ikusi arren bertan dago. Itsas ertzeko haize gozoaren edo euri xehearen mozorropean sartuko zaigu leihotik etxera eta, gure oharkabean, arimari atxiki eta hanka egingo du etorritako bidetik. Betidanik hala izan da eta berdin jarraituko du gerora ere, mundua mundu den arte behintzat. Baina lehorreko arimak aise eta abilki atzematen baditu ere, ez omen da berdin gertatzen itsasoan itotzen diren marinelekin, zeren eta gauza jakina baita herio lehorrekoa dela. Eta itsasoaren baitan biltzen diren marinelen arimak alderrai ibiltzen dira sekula guztietan. Horixe baita gizon haiek hainbeste maite duten itsasoak, esker onez, ematen dien babesa eta dohaina. Eta gorputzak usteldu eta galdu arren, marinelaren arimak bizirik dirau, itsasoarenganako maitasunak bizirik dirau. Hala ere, herio ez dugu erraz etsitzekoa eta, elezaharrek kontatzen dutenez, ontzi ikaragarri batean ibiltzen omen da gau eta egun, laino tartean murgildurik, sareak bota eta bota etengabeki, marinelen arimen bila beti ere. Hortaz, ez dut zalantzarik egun hartan agertu zen ontzia heriok berak gidatutakoa zela, eta itotako gure herrikideen arimak jasotakoan alde egin zuen, beste leku edo itsaso batera, bere heriozko arrastoa han-hemenka barreiatuz.

      —Heriozko arrastoa?

      —Herioren bisitaldiak ez dira sekula ondorio gaberik izaten. Beti, tokian-tokian, haren doluzko aztarna uzten du luzaro. Ikusten duzunez, tamalez, elezaharra gurean bere osoan bete zen; zeren eta harrez gero zorigaitzak bata bestearen atzetik etorri baitzaizkigu.

      Ez dut ukatuko kontakizunak oilo-ipurdia jarri ez zidanik, are gehiago Ihintza bezalako neska baten ahotik entzunez gero. Orduantxe jabetu nintzen deus ere ez nekiela neska misteriotsu hartaz: hala eta guztiz ere, neska biltzen zuen misterioa erabat xarmangarria iruditzen zitzaidan eta, horrenbestez, ez nuen gehiago jakin nahi, ez nuen haren barrenean aztarrika egin nahi. Bere horretan zitzaidan maitagarri. Bere horretan zitzaidan ezinbesteko.

      Ontziari buruzko elezaharra ez nuen sinetsi, noski. Polita eta zinez hunkigarria irudituagatik ere, deabru eta arimen kontu hura jende xeheak umeak beldurtzeko maiz ibiltzen ohi zuten ipuin ugarietako bat baizik ez zela banekien ziur. Alabaina, interesgarria iritzi nion ontziaren agerpen horri, eta agian kontutan hartu eta arretaz aztertzea merezi zuen. Istorioan sakondu ahala, datu berriak sartzen ziren, baina ez zegoen horregatik misterioa argiago; alderatnziz, denbora pasa ahala, nire oinpean nuen trokak hagitzez ilunagoa eta sakonagoa zirudien. Bai, bertan nengoen ni, leize horren ertzean balantzaka, erori ez erori, zalantzaz betetako etorkizun baten mende.

      Ordurako ia erabat ilundurik zegoen eta alde egitera deliberatu nuen. Ihintzak bertan jarraitzen zuen, hondartzan eserita eta gorputza bil-bil eginda. Etxera laguntzea ere bururatu zitzaidan, haren gorputz xumea nire kapapean bildu eta hala, biok gozoki, Donostira inguratzea; baina aldez aurretik haren erantzunaren jakitun nengoenez, alferrikako luzamenduak alde batera utzita neure bideari lotu nintzaion.

      Konturatu orduko, ilunpea erabatekoa zen kasik. Han, urrutian, Donostiako argitasun margula ikusten zen, eta harantz zuzendu nintzen zingiretan barrena; bitartean, hotza eta hezetasuna hezur-mamietaraino sartzen zitzaidan gupidagabe. Laster, langar-lainoa sartu zuen eta, zoritxarrez, neure artizarra zen argi ahul hura emeki-emeki lausotuz joan zen guztiz aienatu arte. Ez dakit zenbat denboran ibili nintzen iparrik gabe, hara eta hona, noraezean eta itzuli-mitzuli arrunt galdurik. Jadanik hankak ez nituen sentitzen eta gorputz guztia dardarizo eta espasmo-ikaren mende nuen. Behin eta ostera oihu egin nuen laguntza eske, Ihintzari hots egin nion eztarria guztiz laztu arte. Gorputzaren atal guztiak sorgorturik neuzkan eta urrats txikiena egitea ere, unean baino unean, nekezago egiten zitzaidan, eta horrela jarraitu nuen, harik eta edozein mugimendurik egitea ia ezinezko bilakatu zen arte. Orduan, zingiretan zerraldo eta astun jausi eta putzu kiratsu haietan murgildu nintzen. Ahalegindu nintzen burua uretatik ateratzen, baina lepoaren giharrak, gorputz osoarenak bezalaxe, uzkur-uzkur eta gogor eginda zeuden. Artean geratzen zitzaizkidan indar apurrak ihesi zihoazkidan heinean, sumatzen nuen nola ahitzen ziren neure baitako bizi-taupadak. Azken deiadarra egiten saiatu nintzen alferrik; ezpainak doi bat zabaltzea baino ez bainuen lortu. Orduan gogoratu nintzen Ihintzak kontatutako ipuinaz, eta nire eldarnioan ikusi nuen herio neure animaren bila zetorrela. Eskuan salabardo bat zeukan eta ozen egiten zuen barre-algara: burmuinak alderik alde zeharkatzen zizkidan irri-karkaila ozena.

      Arrunt galdurik nengoela zirudienean, miraria gertatu zen!

      Esku bat sentitu nuen nire paparrari helduta; une hartan bertan ez nuen zalantza izpirik egin herioren beraren atzaparra zela, eta aurki bere ilunpetako erreinuan egongo nintzela. Akabera tristea egiazki, norentzat eta mundu kristau osoan ikurra eta bilgunea izatekoa zen eraikin erraldoia eraiki behar zuenenarentzat hain justu ere. Zer nolako bekatua egin ote nuen gisa horretan, zingira satsu eta lohi hartan, piztia moduan akabatu behar izateko? Ez nuen galdera gehiago egiteko astirik izan. Bat-batean sentitu nuen nola esku azkar hark, egundoko tiraldi batez, atera ninduen ur uher haietatik, eta une batez ustez herioren bisaia zena aurrez aurre ikusi nuen; baina berehala ikusmena lausotu eta konortea galdu nuen.

      Nire onera etorri nintzenean, sutzar baten ondoan nengoen. Soinaren gainean animalia baten larrua paraturik neukan beroki modura, eta dardarka ari nintzen etengabe. Nire aurrean gizon handikote bat zegoen, zeina ziri batean sartutako haragi pusketa bat jaten ari zen. Kordea berreskuratu nuela ohartu zenean, niri begira gelditu zen, imintzio ikaragarriak eginez haragia murtxikatzen zuela. Berehala, eta niri begirik kendu gabe beti ere, zahagi batetik ardoa isuri zuen egurrezko gopor trauskil batera; eta artean ere ahoa haragi puskaz beteta zeukala, «hartzazu, ongi eginen dizu eta!» jaurti zuen zakarki, korrokada bat bezala, katilua niregana inguratzen zidalarik.

      Nik bi eskuekin atxiki nuen ontzia; baina gorputzaren dardarak hain ziren handiak ezen, nire ezpainetara iritsi baino lehen, ardo gehiena lurrera isuri zitzaidan.

      Gizon sabelkoi hura purrustaka jaiki, ostera ere ardoa goporrera isuri, eta poliki-poliki edaten eman zidan azken tantaraino irentsaraziz. Orduan bakarrik, buru-makurtze labur batez, eskertu ahal izan nion gizon hari nitaz arduratu izana.

      —Zingira haiek oso arriskutsuak dira, eta jendeak ez lituzke zeharkatu behar non eta ondo ezagutzen ez dituen, are gutxiago gauez. Jende asko galdu da lupetza hartan, zeu bezalako kalekumeak gehienak, bertako arriskua gutxietsi dutelako.

      Gizon horren hitzei harroegiak iritzi nien. Nor zen gizon ezjakin hura niri horrela mintzatzeko? Kaikutzat hartu ote ninduen irakurtzen ere ez zekien baba-lasto hark? Erantzun egokia merezi zuen zalantzarik gabe; baina nekatuegi nengoen sesiotan hasteko eta, haren jarrera harroputza gora-behera, azken finean bizia salbatu zidan.

      Halako pentsaerak nerabiltzan buruan hirugihar pusketa bat zuen erretilu bat luzatu zidanean. Ez nuen esker oneko hitzik isuri. Artean ere gizon zarpail eta baldar hark esandako hitzengatik apur bat minduta nengoen eta behatu ere ez nion egin. Aski lanik banuen nik bi eskuekin erretiluari oratzen janari lurrera bota gabe.

      Hotzak akabatzen nengoen eta sutara inguratu nintzen, orduan erretiluak modu berezi batez dizdiz egin zuen: ongi landuriko zilarrezkoa zela zirudien. Erretilua lurrean jarri eta eskuak sutara hurreratu nituen; aspaldiko partez odola abian sentitzen nuen beraietan eta horrek lasaitu egin ninduen. Berriz ere erretiluari heldu eta, hirugiharra jaten nuen bitartean, aztertzeari ekin nion. Haragiaren koipeaz zikindurik eta suak belzturik egon arren, erretilu hura ez zen, inondik ere, arrunta. Halako gizon txiro eta karkail baten eskuetan erabiltzeko modukorik ez, behintzat. Suaren ondoan ipini eta mahukarekin igurtzi nuen, zikinkeria garbituta hondoa ikusteko asmoz. Disimuluz begiratu nuen gizakote hark susmo txarrik har ez zezan. Zerbait bazegoen grabaturik erretilu hartan, marrazki edo ikurren bat; hala ere, lohituegi zegoen ezer ikus ahal izateko. Orduan zerbait bururatu zitzaidan: lehendabizi ura eskatu nion nire salbatzaile bitxi horri. Mesfidantzaz begiratu zidan; azkenean, behin behar eta, «hobe zenuke ardo nafarra edango bazenu» botatzeaz bat, zahagi bat ur inguratu zidan. Ondoren, zurrutada luzea jo nion zahagiari, eta edaten nuen bitartean, ur-zurrusta bat jausten utzi nuen erretiluaren gainera. Azkenik, beste behin ere, mahukarekin garbitzeari ekin nion. Aurki nabarmendu zen erretiluak barnean zizelaturik ageri zuena: armarri bat zen. Bertan, ostargi-belar baten irudia, eta bi aldetan gaztelua. Behealdean, lehendik ezaguna zitzaidan idazkun bat: Finis Coronas Opus Joanaren familiako armarria!!

      —Eta hi, zertan ari hintzen zingiretan?

      Blaust jaurti nion, ahalik eta modurik naturalenean, ia bestela bezala. Une hartan, estreinako aldiz, urduri antzean sumatu nuen.

      —Zera... Ni artzaina naiz eta... mutiko gazte bat dut laguntzaile. Arratsean artaldearen kargu utzi dut baina, itzuli naizenean, mutil arraio horren arrastorik ere ez zegoen —hitzok zezelka, totelka kasik, jaulki zituen—; eta zingirak gertu daudenez, ba pentsatu dut, akaso zitekeena zela lur eremu arriskutsu hartan galdurik ibiltzea eta, badaezpada ere, handik barrena osteratxo bat egitea erabaki dut. lluntzen hasia zenez, berriro artaldera nindoala, zerbait mugitzen antzeman dut bazter batean eta, mutikoa zelakoan, firrindan abiatu naiz; ezustean, bera ez baina zu topatu zaitut egoera lastimagarrian. Alproja hura ez da urrun ibiliko, neskaren baten usainean ziur asko. Neureak eta bost entzun beharko ditu aurkitzen dudanean!!

      »Baina oraindik ez dut ene burua aurkeztu: ni Pedro nauzu; baina Itzurungo jendeak, eskuarki, Errekaburuko artzaina deitzen nau.

      Hau esanik, mokadu handi bat jo zion haragi pusketari eta, lipar batez murtxikatu eta zirtzildu ondoren, haren oinetara bota zuen txistua.

      Ez dago esan beharrik nolako nazka ematen zidan gizon kankailu hezigabe hark, eta zinez merezi zuena gogotik emango nion; baina, tamalez, artean ere behar hainbat indarrik ez nuen eta, bestalde, artean ere ilunduta zegoen, eta berriz galtzeko airiskua handiegia zen.

      Beste erromediorik ez eta, esker-oneko plantak egiten jarraitzera deliberatu nuen.

      —Urte askotarako. Ni Gonzalo de Montilla nauk, Donostiako arkitekto berria. Agian nire aditzea baduk.

      Arretaz aztertu nuen gizon zarpail horren bisaia, nire aurkezpenak eragin ziezaiokeen erreakziorik txikienaren bila.

      Zirkinik ere ez artzainak.

      Niri begiratu ere egin gabe, ardoz goporra bete eta, kolpetik, azken tantaraino hustu zuen. Ezpainaren bi ertzetatik ardo zorrotada basa lerratu zitzaizkion, lehendik ere aho-kokots aldean zuen haragi-koipearekin nahastuz.

      —Jakina, zutaz, jende guztiak bezalaxe, gauza aunitz entzun ditut. Badirudi orain eliza eraikitzeaz gain beste zeregin arriskutsuago bat ezarri dizutela.

      —Berriak aise zabaltzen dituk herrialde honetan inondik ere! Eta arriskua ere onetsi egiten diat, baldin eta elizaren onerako bada, noski.

      Harrotasunez jaurti nituen hitzok, urde tripontzi nardagarri hari ez bainion zertan azalpenik emanik, bestalde, errespeturik gabeko bere hitz jarioak ezinbestez sumintzen eta koleratzen ninduen ni.

      —Auzi zikina duzu hori, hobe alde batera utziko bazenu. Zure hobe beharrez ari natzaizu, ez gaizki hartu.

      Argi eta garbi mintzatzea erabaki nuen, era horretan behingoz apalduko ote nuen esperantzaz:

      —Jakin ezak ez dudala hau nire gustuko lana, baina Jainkoaren aginduetara makurtu beharra zeukaat. Eta Berak eskatu zidak eliza bikainena eraiki behar diodala, non eta Donostian, zeina kristau guztientzat ikurra izango den. Ulertuko duanez, neskatila baten hilketa huskeria duk neure eginbehar sakratuaren aldean.

      —Jainkoaren izenean edo deabruaren izenean, kontua da poltsa betetzea. Askotan badirudi Jainkoa urrunegi geratzen dela paraje hauetatik...

      Azken hitzok izan ziren, hain zuzen ere, niri pazientzia galarazi zidatenak. Besoa lehen baino indartuxeago sentitu, eta zangozorroan eraman ohi nuen aiztoari isiltasun eta sekretu handienaz helduta, gerriaren atzealdera eraman nuen egokieraren zain. Eta, izan ere, aukera aurki fortunatu zitzaidan; artzaina halako batean makurtu baitzen gazta pusketa bati ekiteko asmoz. Orduan, beso mugimendu azkar batez, labana lepoan jarri nion ahalik eta irmoen.

      Artzainak emandako erantzuna, guztiz ezustekoa izan zen niretzat:

      —Bart gaueko izarrek ez zidaten iragarri gaur azkeneko eguna izango nuenik!

      Aiztoa gehiago galkatu nion lepoan, baina ez nuen lortu artzaina nik nahi adina izutzerik.

      —Nondik atera duk plater hori? Ba al dakik Güillet familiaren armarria bertan grabaturik dagoela? Agian ez duk destinoa hiregana ekarri nauena, baina bai Ahalguztidunaren esku sakratua. Agian, Joanaren hiltzailea bilatzeko eginkizuna uste baino lehenago bukatuko diat.

      Artzainak, artean ere lasai antzera, mantsoki mintzatu zitzaidan:

      —Azpila nondik atera dudan jakin nahi, eta horretarako hainbeste amenazo? Lehen ere galde zenidakeen horretaz, berehala emango nizun eta nahi beste informaziorik. Edalontzia ardoz bete eta hitz egin dezagun gizon modura.

      Nahiz eta hartaz batere fidatu ez, aiztoa lepotik kendu eta saihetsean jarri nion, lehen baino lasaiago oraingoan. Berak esku irmoz zahagitik edalontziak ardoz bete, eta aurrez aurre ipini zituen. Gero zain geratu zen. Nik haren eskaintza onartu, eta ganibeta eskuan beti ere, bere aurrean eseri nintzen. Artzainak buruaz konformitate keinu bat egin, eta berehalakoan hasi zen azalpena ematen:

      —Hemendik gertu Osingorri izeneko basoa dago, bertan Ines izeneko andrea bizi zen, etxola xume batean; diotenez, iparraldeko lurraldeetarik etorri zen hona, ihesi. Emakume hark ez zuen oso fama onik gaskoien artean, ezta euskaldunen artean ere: sorgin ote zen zurrumurrua zabalduta baitzegoen. Nirekin beti zintzo jokatu zuen emakume hark, nik usu ematen nizkion elikagaiak, badakizu, gazta, esnea eta haragia, baita ardoa ere zenbaitetan. Berak, trukean, ukenduak, sendabelarrak, edabeak eta... hainbat mesede ere egiten zizkidan noizbehinka. Azpil hau ardiki puska batzuen ordainetan eman zidan. Nik ez nekien marraztuta zeukan armarria Joanaren familiakoa zenik, nolatan jakingo nuen bada!! Ez dakit zergatik zeukan emakume hark Joanaren familiaren objektu bat, berak eman zidanean ez bainion bere jatorriaz galdetu. Ez naiz gezurretan ari, jauna. Tratua egin genuenean, nire bi lagun ere bazeuden bertan, nirekin; beraiek egiazta litzakete nire hitz guzti-guztiak.

      »Baina bada zerbait gehiago.

      »Joana desagertu eta egun gutxitara emakume hura, sorgin sona zuen emakume hura, desagertu egin zen. Batzuek diotenez, bat-batean, etorri bezala alde egin zuen, bere sorterrira edo beste norabait. Beste batzuek, aldiz, gehiago diote. Etxetik alde egin zuen, bai, baina ez omen zen bakarrik joan: kapa beltz batean bilduta zegoen gizonezko bat joan omen zitzaion bila eta eskutik helduta irten omen ziren biak. Bidean artzain batzuekin topatu, eta haiek azaldu zutenez, Inesekin zihoan gizon hura ez zen gizona, akerra, aker beltza baizik.

      Hitzok mesfidantzaz hartu nituen. Ez nekien sineskeria eta fantasiazko eleen azpian egiazko arrastoren bat egon zitekeen ala ez. Eta artzaina gehiago kontatzeko prest zegoen, baina hura azeria izan eta, nolabaiteko etekina ateratzekotan.

      —Informazioa behar duzu zuk, eta dirua nik. Ez asko, ez naiz ni diruzalea, ez ezazu gaizki pentsa, beharrezkoak zaizkidan hainbat hornidura erosteko beste, ez gehiago.

      Berehala, urrezko txanpona poltsatik atera, eta lurrera jaurti nuen. Artzainak, txanpona ikusi orduko, ez bat eta ez bi, eskua luzatu zuen hura atzemateko; baina bere eskuaren eta txanponaren artean, nire aiztoaren ahoa jausi zen mehatxagarri.

      —Gustura adituko nikek hire kontutxoa. Gero erabakiko diat merezi duan ala ez.

      Artzainak purrustada luze bat ito zuen ardotan. Ondoren, ezpainak mahukarekin garbituz, kontakizunari lotu zitzaion.

      —Ez nintzen ni emakume harekin tratuak ibiltzen zituen bakarra. Bazegoen beste norbait bestelako harremanak mantentzen zituena. Basoan milaka begi daude, basoan alferrik dira sekretuak.

      Une batez jarraitu ez jarraitu, dudakor gelditu zen artzaina. Urrearen dirdirak mihia dantzaraztera bultzatzen bazuen ere, jakitun zen behar baino gehiago hitz egiteak zer nolako ondorioak ekar ziezazkiokeen. Azken batean, hitz jarioa, neurtu ezean, bere lepoa estutuko zion urka-bilur bilaka zitekeen aise asko. Nik, eta zalantzak uxa zitzan, beste txanpon bat erantsi nion lehengoari. Hau ikusita, gaur gaurkoa eta bihar biharkoa dioen esaera bere eginez, aurrera jarraitzea erabaki zuen.

      —Frai Beremundo maiz joaten zen Inesen etxolara. Maitasun-jolasak obratzera inguratzen zen sorginaren etxera, hori basoko biztanleek orok dakiten gauza da. Eta beren plazeraren ordainez, ohiki, komentutik hartutako jaki goxoak ekartzen bazizkion ere, bazeuden, tarteka, bitxi eta soineko garestiak ere. Sorginak, harro erakusten ohi zituen fraide neskazalearen opariak, eta haren lepotik barre eta iseka egiten zuen, esanez egiatan sorgina zela bera, zeren eta urdearen izerdia urre bihurtzen baitzuen. Horregatik, niri azpil fin hura jakien ordainetan eman zidanean, ez nuen duda egiten aurretik nork eskuratu zion. Galdera, hortaz, honako hau da: Joanaren familiarena zen ontziteriako pieza hau, nondik atera ote zuen Frai Beremundok? Kontu bitxia, benetan.

      »Baina badago zerbait gehiago...

      »Frai Beremundo ez da lurralde basa hau bisitatzen duen fraide bakarra; bada beste norbait sarri etortzen dena, nahiz eta haren helburuak oso bestelakoak izan. Eta esan dezadan, bidenabar, hain likitsak ez izan arren, badirela ilunagoak eta bildurgarriagoak bere urratsa honantz zuzentzera bultzatzen duten arrazoiak.

      —Frai Esteban! —jaurti nuen neure baitatik deiadar eginez.

      Artzaina hasiera batean bere hitzei nik aurrea hartu izanak harritu bazuen ere, berehala buruaz ametitu egin zuen, mantsoki eta begiak lurrean tinkatuak, salaketak bere burua lotsatzeaz gain, abadearen izena aipatze hutsak izu-laborria emango balio bezala. Eta, izan ere, ez zen gutxiagotarako.

      —Jendeak dioenez, hark badu harremanik inguruotako matxinoekin, eta hornikuntza eta bestelako laguntza ere ematen dizkie, baina baita aginduak helarazi, agindu zehatzak... Eta mihi gaiztoek diotenez, matxinoen akelarretan ere parte hartzen du oso leku printzipalean, eta Itain matxino burua du lagun kuttuna.

      Ez zuen gehiago esan. Bi txanponak hartu eta burumakur bertan geratu zen, behar baino gehiago hitz egin zuelako sentipen mingotsarekin ziur asko. Nik alde egin baino lehen, armarridun azpila atorraren azpian gorde nuen.

      Nik den-dena sinetsi ez banuen ere, baliozko informazioa iritzi eta deliberatu nuen ezen aunitzetan azalean ez, baina gauzen ifrentzuan gorderik egoten dela guk bilatzen dugun giltza.

 

Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007