Arkitektoa
III
Alkaidea, komisarioa eta Frai Tomas berehala bertaratu ziren. Hogei bat minutu geroago, frai Beremundo bere onera etorri eta buruko zauria behar bezala artatu ondoren, joan ginen, geu ere, eliza zaharraren hondakinetara. Kanpoan Pierres zegoen, betilun. Frai Beremundok burua makurtu zuen alkaidearen aurrean, balizko damu edo barkazio baten agerbide gisara-edo. Agintariak, fraide arkitektoari jaramonik egin gabe, niregana inguratu eta, besotik helduta, eliza zaharraren hondarretan barna eraman ninduen. Erdi eraitsitako harrizko korridore luze bat zeharkatu eta, hamar oin luze izango ez zen eta haren herena baino gehixeago birrinduta zeukan horma batera iritsi ginen. Bere oinean, Joannes komisarioa pikoxka zegoen; ondoan, frai Tomas, otoitzean ari zen, eta behin eta berriz marrazten zuen hatzaz, airean, gurutzea. Bazter batean, taldeka eta marmarrean, beharginak zeuden, urduri antzean, aldamenean lanabesak zituztela. Hasiera batean, harriz eta hautsez osatutako mukuru bat baino ez nuen antzeman. Arretaz begiratu nuenean, ordea, soineko ilun batez jantzitako emakume baten gorpuzkina antzeman nuen. Gorpua hormatzarraren osteko tarte estu hartan luzaro egon zelako seinaleak begibistakoak baziren ere, burezurrak artean gordetzen zituen emakumearen arrasto batzuk (ile xerloa, hortz batzuk edo hezurrari erantsia zegoen azal belztua, kasu). Komisarioa, nire presentziari erreparatu gabe, eskuartean zeukan zerbaiti begiratzen zion etengabe. Frai Beremundo nire atzetik inguratu eta, makurturik, aitaren egin zuen. Gorpuaren ondoan neu ere pikotxean jarri eta, komisarioari begietara zorrotz begiratuz, galdera luzatu nion: —Emakume hau nor izan zen arrastorik? Joannesek, begirada altxa gabe, buruaz baiezkoa egin eta eskuetan zeukan objektua luzatu zidan. Urrezko domina zen. Bertan, ostargi-belar baten irudia azaltzen zen, bi aldetan gaztelu bana zuela. Behean, berriz, honako inskripzio hau: finis coronas opus. Dudarik gabe, emakume hura familia noble eta aberats batean sorturikoa zen. Kanpora irten eta alkaidearengana jo nuen. Harritzar baten gainean jesarrita zegoen, haren begirada galdua gogoeta sakonetan guztiz sarturik zegoelako adierazgarria zen. —Edozein zela haren bekatua, inork ez du horrela hiltzea merezi— esaldia samurkiro xuxurlatu nion, neu ere haren ondoan esertzen nintzen bitartean. —Are ikaragarriagoa da, gisa hartako zigor ankerra jaso duena errugabea izanez gero— erantzun zuen bere golkorako mintzatuz bezala, eta isilune llabur baten ondoren, arranguraz jarraitu zuen: Joanaren gorpuaren agerpenak ederki inarrosiko ditu bazterrak! —Nor zer Joana? Alkaidea zutitu eta, burua altxa gabe hiruzpalau urrats eginik, nire esperoan edo, gelditu egin zen. Ni atzetik jarraitu nintzaion; zirudienez,oso minduta eta kezkatua zegoen. Ez nuen gehiegi lardaskatu nahi haren atsekabean. Itxuraz, ustekabeko agerpen honek zekartzakeen balizko ondorioez haraindi, bazuen emakume harekiko nolabaiteko afektibitate lotura bat. Alkaide zaharra erabat lur jota zegoen. Eliza eraitsia inguratzen zuen oihalezko auzoan barna abiatu ginen, pauso astun eta isiltasun handienaz. Ordurako, berria langileen familia xehe haiengana ere iritsia zen eta marmarioak nagusi ziren nonnahi. Batzuetan, gu inguratu ahala, bat-batean isildu eta burua makurtzen zuten; egundokoa zen, inondik ere, alkaideak beraiengan zuen itzala. Une hartan konturatu nintzen ezen, nik izan ezik, gainontzeko guztiek emakume haren berri bazutela eta sabelean korapiloa sentitu nuen: bai bainekien, afera hark deus onik ez zuela ekarriko eta, agian, alkaidearen hitzak, larriak izanagatik ere, zetorkigukeen ororen adierazgarri ez zirela izan. Oihalezko txabola batera sartu ginen. Emakume heldu bat zegoen, ustez haren alaba zen neskatila gazte batekin, egoitzaren ardatza zen laratz baten ondoan eserita. Andrea gure presentziaren aurrean nabarmen aztoratu zen, eta laratzetik zintzilik zegoen pertzetik, salda antzeko edabe horixka bat eskaini zigun adeitasun urduriaz. Neskatila —hamar urte inguru izango zituen neska begi urdin ile kizkurra— lotsaren lotsez ama besarkatu eta haren magalean bildu zen. Pierresek zerbait esan zion emakumeari ahapeka, eta honek, buru-makurtze batez, txabolatik alde egin zuen alaba herabetia eskutik hartuta. Behin bakarrik, alkaideak pertzaren gainetik usaindu eta musua higuinez zimurtu zuen. Gero, niri begiratu eta, irribarre laño batez katilua bete zuen. —Haiek hartzen badute guri ere ez digu kalte egingo. Hitzok esateaz bat, niri beste katilu bete salda luzatu zidan. Ondoren, ama-alabak eserita zeuden zakuak hartu, eskuaz gogortasuna egiaztatu eta gainean eseri giren. —Joana de Güllet, behialako andere gazte eta liluragarriaren gorpua da ikusi berri duzuna. Hau esanik, katilua hatz ikaratietan bildu, eta emeki ezpaineratu zuen. Neuk ere hitz egin aurretik edabea dastatu nuen. Azenario eta belarraren zaporea zuen, baina edan ondoan, aho-sabaiari zelanbaiteko keru mikatza eransten zitzaion. —Agerikoa da hildakoa ez zela edonor eta gertakari honek nire eraikuntza zenbateraino baldintza lezakeen jakin nahi nuke. Pierresek ezpelezko zali batez salda nahastu zuen, ontzitik berriz ateratzean, zaliaren kirtenari erreparatu zion. Alde bakoitzean marrazki bana zuen, marrazki geometriko ederrak ziren. Keinu esanguratsu batekin inguratu zidan. —Ikur judutarrak. Izan ere, tresnarik xumeenean ere arte lan bat gorde liteke; hala nola artista handiaren arima gizaki txiroenen baitan. Nahikoa da behar hainbat sentsibilitate izatea, xehetasun hauek eguneroko jardunari aurre egiteko behar eskergabea leuntzeko, istant batez, bederen, bizipoza sentitzeko. Nahikoa da itsasaldeko haizea sakon barneratzea enbata datorrenentz jakiteko... —Eta orain inguratzen gaituen haize-suerte honek, zer iradokitzen dizu? Alkaideak ez zuen berehala erantzun. Zutitu eta txabolaren bazter batean zegoen kutxa handi bat irekita, kuxkuxean hasi zen barruan. Zapi koloretsu batzuk atera zituen lehendabizi; gero, oihal fin batez bilduriko fardel bat. Lurrean ipini eta, leunkiro, estalkiaz libratu zuen. Une batez begira egon ondoren, bi eskuez pertzaren gainetik altxatu zuen; ume jaio berria amaren altzotik hartu, eta Jainkoaren grazia har dezan zerurantz jaso ohi den samurtasun eta errespetu berberaz. Brontzez egindako zazpi muturreko judutar argimutila zen. Zinez bitxi ederra. —Hona hemen menorah bat, judutarren erlikia sakratua. Lehenengo menorah urrezkoa omen zen, Moisesen beraren aginduz egin eta Salomonen tenpluan gordetakoa, harik eta misteriotsuki desagertu zen arte. —hau esanik, lehen zaliarekin egin bezala, argimutila hurreratu egin zidan. Isilune labur baten ondoan, eta nire harridura aurpegiari erreparatuta, honako hau erantsi zuen—: ez da harritzekoa judutar jendeak tenplu kristau baten eraikuntzan jardutea; adibidez, nik ezagutu ditudan hargin onenak arabiarrak dira. Azken buruan, ogia da arrazak oro berdintzen dituena, nahiz herri guztiek baduten zer goretsia eta sinesmena —itxuragabea eta itsua izanik ere— non paratua; gizakiak berezkoa duen funtsaz ari natzaizu, lagun. Huraxe zen, bada, Joana hemengo jende xehearentzat: zorigaitzik latzenetan murgildurik egonagatik ere, bihotzak taupadari taupada egiteko behar zuen oinarrizko berotasun goxo hura, hain justu ere. Ez nuen oso gustuko alkaidearen erretolika anpulosoa, eta ordurako esaldi bakoitzari bira eman eta aurki zein ifrentzua arakatzeaz aspertzen hasia nintzen. Begi-bistakoa zen neskatxaren gorpuak agertu izanak eraikuntzari trabak baino ez zizkiola eragingo; hala ere, sai gosetiaren gisara gure gainetik hegaldaka ari zitzaigun arriskuaren luze-zabal zehatza jakiten tematu neu. —Judutarren ele zaharrez oso jantzia zaude inondik ere; baina bego iragana bere horretan, ni kezkatzen nauen gauza bakarra etorkizuna baita. Pierresek irribarre samurra eskaini zidan. Batzuetan, aitalehenari dagokion jarrera lasaigarria hartzen zuenean batik bat, haurren presentzia hutsarengatik gozatzen zuen nire aiton kutunaren itxura hartzen zuen. Eta orduan bezala bere altzoan jarri eta, elkar besarkaturik, herensuge izugarrien eta zaldun izukaitzen istorioak entzunez neure gogoa kitzikatu beharra sentitu nuen, sutondoaren epelean goxokiro. —Beste herri eta kulturen sinesmenak —jarraitu zuen hitz bakoitza gozatuz bezala— ezagutzea beti izaten da abesgarri. Mixel Berzog kontularia dugu judutatra eta hark kontaturik dakizkit nik zenbait kondaira eta elezahar zoragarri, haren jatorriari dagozkionak eta baita Europako eta are, Afrikako beste hainbat herrirenak ere, munduan zehar asko ibilia baita gure kontularia. Baina gatozen harira. Zeronek egiaztatu ahal izan duzunez, euskaldunen eta gaskoion arteko elkarbizitza ez da neuk nahi nukeen bezain harmoniatsua. Askotan, tanta ñimiñoena ere aski izaten da ontziak gainezka egin dezan. Beldur naiz azken tanta hura ez ote den dagoeneko erori, eta ontzitik ura barik odol lodia ez ote zaigun isuriko. Hitz gordinak gora-behera, hain garbi hitz egin izana eskertu nuen. —Delako Joana haren albait berririk zehatzena izan nahi nuke. Bat-batean kanpoan lainotu eta etxola itzal xume baten mende geratu zen. Alkaideak atzeraka lisatu zituen geratzen zitzaizkion ile urdin bakanak; ondoren, hitz egin zuen: —Güllet familia aspaldi etorri zen lurralde honetara, lehengo gaskoiekin batera hain zuzen ere. Noble-jatorriko familia aberats hura beren sorlekuan itzal handikoa zen eta, arazo politikoak tarteko, hona aldatu zirenean, lehen zuten prestutasun eta jatortasun sonari ederki atxiki zioten hemen ere. Gaskoiek zein euskaldunek egundoko begirunea eta miresmena zizkieten Marie eta Jakes senar-emazteari. »Eta egun batean Joana jaio zen. »Haurrak azkar asko gurasoen bertuterik gehienak bereganatzeaz gain, neskatilak berezko zituen hainbat dohain ere era miresgarrian garatu zituen, jendearen gozamenerako. Koxkortu zenerako, herri oso baten —jatorria edozein zela ere, ez ahantz— maitasuna baitaratu zuen. Zenbait pertsonak gaitz eta bekaturako joaera duten legez, badira batzuk, bakan batzuk, jende xehearen arimarengana aise iristen direnak. Horrelakoxea zen gure Joana xaloa. »Ez dago esan beharrik gure neska, ume izateari utzi bezain fite, lurralde honetako eta inguruko ezkongai preziatuena izan zela. Hala ere, jatorri onenetako mutilek amodioa eta ezkontzeko asmoa deklaratuagatik ere, Joanaren ezpainetatik ez zuten esperantzazko hitz bakar bat ere erdietsi eta, ordurako familiaren egoera ekonomikoa oso aldeko ez izan arren, dote tentagarrienei ere muzin egin zien. —Halako jatorri oneko familiak arazo ekonomikorik al zuen? Pierresek bekozkoa zimurtu zuen. Haien alde gizatiarrenaren miseriak aipatu baino, nahiago zuen, nonbait, familiaren dohain zerutiarrak goretsi. Baina niri, eta jokoan zer zegoen kontuan harturik, ez zitzaidan interesatzen, denboraren erratz leuntzailea bitarteko, hildakoez jendearen gogoan geratu ohi den ideia makulagabe hori, familiaren eguneroko bizimodu egiazkoari zegokion errealitate gordina baizik. —Jakesek diru asko galdu zuen porrot egin zuen negozio batean. Hartzekodunek, hari zioten begirunearengatik, ez zuten gehiegi estutu; hala ere, harrez geroztik Jakes guztiz uzkurtu eta zakartu egin zen. Egoera horretan zegoen Joana desagertu zenean; orduan desesperazioak bihotza alderik alde urratu eta gorputza zirtzildu egin zion. Nekez sinets liteke Jakes bezalako gizaseme prestua hainbesteraino amildu izana. Zinez erdiragarria izan zen. —Nola desagertu zen? —Bat-batean desagertu zen, inork espero ez zuela, alegia. Egia esan, haren desagerpen misteriotsua gertatu baino aste batzuk lehenago, izukor ibiltzen zen kaletik, arima herratu baten gisara kasik, inorekin hitzik ere egin gabe. Garai hartan aita, negozioen porrota zela bide, hain abaildurik zegoenez, ez ninduen gehiegi harritu alabari ere, neurri batean bederen, familiaren egoera zailak erasan izanak. Eta azken aldian Joanari hain antzematen zitzaion behea joa eta akiturik ezen, desagerpenaren berri izan nuenean, haren buruaz beste egin ote zueneko susmoa barneratu zitzaidan, halako moldez non, neska bilatzeko eman nuen lehen agindua, herriaren inguruko amildegi eta itsaslabarretan begiratzekoa izan baitzen. Handik pare bat egunetara, haren arrasto bakarra aurkitu zuen soldadu batek: hondartza aldeko sasitza batean iltzatutako gonaren oihal-txatal bat hain justu ere. Bestelako aztarnarik ez zen agertu. Desagerpena, noski, basoko basapizti fedegabe haiei leporatu genien. —Etxetik desagertu, itsasbazterretik ibili, eta eraikitzen ari zen elizan gorpua azaldu; afera bitxia inondik ere... —Orduko gertakari latz haiek, oraindik ere, jendearen gogoan bizi-bizirik diraute, hain izan ziren unkigarriak eta odoltsuak ondorioak. Hitzok esatearekin bat, masailak esku-barrenekin igurtzi zituen etsipen keinu batez. Zalantza izan nuen, oroitze hutsak halako bihozmin eskerga eragiten zion, edo-eta gorpua azaldu izanak zekartzakeen balizko ondorioen ikarak. Beste behin ere, godaleta pertzean bete eta zurrupada txikia egin zuen. Ondoren, begiak salda likits hartan finkatu eta, kopetilun, hatz erakuslearekin eragiteari ekin zion behialako oroitzapen larri haietan lardaskan ariko bailitzan, haiek harilkatuz eta elkarri lotuz. Gero, ahots lakarraz, jarraitu zion kontakizunari. —Inguruko itsasertza eta basoak azken sastrakaraino, azken errekondorik gordeeneraino miatu genituen alferrik. Gaskoiak eta euskaldunak, estreinako aldiz elkar hartuta, bila eta bila aritu ginen eta denbora iragan ahala, etsipena baitaratzen hasi zitzaigularik, goibeldurak amorruari eta hirari eman zien bide. Gure bihotzetan zetzan azken esperantza ñimiñoa ahitzen zelarik, Joanaren ustezko hilketa elkarri leporatzen hasi gintzaizkion. Guretzat ez zegoen zalantza izpirik! Aztarna guztien arabera, neskaren hilketa euskaldunen lana izan zen, hirikoak zein basokoak izan. Euskaldunek, berriz, gaskoi handikien esku beltza ikuste zuten auzian; hainbat agintari aspaldi omen zebiltzan-eta aitzakia bila euskaldunen kontra jotzeko, Gipuzkoa berenganatzeko asmoa zuten gaztelau nobleen laguntzaz beti ere. Nolanahi ere, desagertze misteriotsu horren atzean zeudekeen arrazoiak arrazoi, eta errudunak errudun, jadanik laino beltzek Donostiaren gainalde osoa harturik zeukaten eta haien erasana saihestezina zen. Nork eutsi liezaioke mendi gailurretik behera eta bidean topatzen duen guztia aitzina daramala, gure gainera oldartzen zaigun uholdeari? »Gau hartan gertatu zen inoiz ahantziko ez den tragedia. »Jakes, bilatze lanak zirela eta erabat unaturik, etxeratu zenean, sukaldeko sabaitik zintzilik bere emaztearen gorpua topatu zuen. Oraindik haren oihu lazgarriek durundi egiten dute neure gogoan. Haren itxuraren lastimagarria! Lurrean belauniko negar batean; musua, haren besoetan apenas eutsi ziezaiokeen hilotzaren kolkoaren kontra estuturik; Jainkoari eta bere buruari irainka eta biraoka... —Non dago gaur egun Jakes?— jakin-minaren atximurra gero eta nabarmenago sentitzen nuen neuregan. —inork ez daki zehazki. Hurrengo egunean, andrearen gorpua gurdi batean zamatu eta betirako urrundu zen guregandik. Batzuek diotenez, Frantziako komentu batean sartu eta bertako legenardunentzako ospitalea hartu zuen bere gain; beste batzuek, berriz, sorterrira itzuli zela diote eta orduak eta orduak ematen dituela itsasoari begira, oroitzapenek begiei gainezka egiten dien arte eta, orduan, negar-malkotan urtzen omen da. Ez nuen besterik entzuteko gogorik ezta adorerik ere. Zutitu eta etxolatik irtetera egin nuen, bat-batean, zergatik eta zertarako oso argi ez nuela, honako hau galdetu nion: —Hemen, Donostian, non bizi zen Güllet sendia? Pierres lurrean eserita jarraitzen zuen eta ez zidan berehalakoan erantzun. Une batez hausnarrean edo egon ondoren, hitz astun eta larriez eman zidan arrapostua. —Hegoaldeko sarreratik dagoen etxe handiena eta dotoreenean bizi ziren —eta eratxeki zuen bere ahots lodi behartuari eutsiz beti ere—: orain Mixel Berzog bizi da bertan. Hortaz, egin nuen neure artean, gure kontulariak zorra ederki asko kobratu zuen inondik ere.
Arkitektoa |