Arkitektoa
IV
Gau hura bereziki bortitza izan zen Donostian bertan nola bere inguruetan ere. Arratsetik aurrera hasita, euskaldunen eta gaskoien arteko istilu eta liskarrak etengabeak izan ziren. Gaskoiak ez ziren ausartzen Donostiatik irteten euskaldunen erasoen beldurrez. Izan ere, eraso gehienak, eta odoltsuenak, Donostia eta Itzurun arteko lurraldean gertatuak izan ziren. Donostian jendearen arteko mendeku ekintzak ugaltzen ari ziren, eta gauean zehar dozena erditik gorakoa izan zen suak hartutako etxebizitzen kopurua. Eguna, tentsiozko isiltasunez eta izuaren hegalen pean zabaldu zen. Donostiak herri mortua zirudien. Lehengo argi errainuekin batera, herriaren egoera zertan zen neure begiekin egiaztatzera atera nintzen. Kalean soldaduen joan etorri urduria baino ez. Donostia goitik behera zeharkatu nuen, eta, halako batean, liskarrak aspaldidanik zetorren afera zela erakusten zidan froga ukaezinarekin topatu nintzen aurrez aurre. Hegoaldeko sarreran harresia eraikitzen ari ziren; nahiz eta, obraren behin-behinekotasuna ikusita (artean ere hesiaren tarte handi bat egurrezko egituraz zurkaizturik baitzegoen) lantegi hartan hasi berriak zirela antzeman zitekeen. Eta ez zen harritzekoa hegoaldeko sarrera lehenbailehen itxi nahi izatea, hegoaldean zabaltzen baitzen, hain zuzen ere, agintari gaskoiei horrenbeste buruhauste sortarazten zizkien menditar euskaldunen basoa. Hortaz, begi-bistakoa zen gaskoien aburuz egiazko arriskua ez zetorkiela iparraldetik, hots, guztiz zabalik zuten itsasoaren aldeko sarreratik, inguruko biztanleak bizi ziren eremutik baizik. Konturatu orduko, Güllet familia bizitutako etxearen aurrean nengoen. Etxea, ongi zainduta ez bazegoen ere, artean ere gordetzen zuen behialako edertasun eta dotorezia. Hiru solairuko etxe mardula zen, aurrealdean eta balkoi luze baten azpian, sendiaren armarria ageri zuena. Goiko partean eta bi lerrotan banaturik, hiruna leiho ikusten ziren; hauetatik, gainaldean zeudenak erabat itxita zeuden. Tentuz inguratu nintzen etxeko atarira. Atea bultzatu eta zabaldu egin zen. Behean ezkaratza, sukaldea eta jan-tokia zeuden, zein baino zein zikinagoa. Hautsa, kraka eta koipea non-nahi. Jan-tokiaren atzealdean zegoen eskaileratik ia oin-puntetan igo nituen pipiak jotako maila hauskorrak. Bigarren etxebizitzan hiru gela zeuden. Lehengoa txikia eta bereziki iluna zen. Bertan, mahai luze bat, erdi ahitutako kandela eta Güllet familiaren armarria azaltzen zuen aulki ederra. Mahaiko tiraderei begiratzeari ekin nion. Guztietan, zenbakiz zirriborratutako paperak zeuden. Eta, haien artean, batek bereziki atentzio eman zidan; agiri hartan, familien deiturak eta ondoan zenbakiak ageri ziren. Ez zegoen zalantzarik: zenbaki zerrenda hura familia bakoitzari zegokion zorraren zenbatekoa zen. Haietariko batzuk, gainera, handi samarrak. Jakin-minak hartaratua, paperetan miatzeari berrekin nion. Horrelako hiruzpalau gehiago aurkitu nituen, berdintsuak denak. Eta haietako batean, azkenean, Güllet familiaren aipamena egiten zuen ohar bat ikusi nuen. Zenbakiaren gainetik, kitatua azaltzen zen hizki handiz idatzita. Mixel Berzog haien etxearen jabe egin izanak bi gauza adierazten zituen: batetik, eta alkaideak esandakoaz bestera, zenbaitek zorrak ez zizkiotela barkatu; bestetik, hark etxea ordain gisara erabili bazuen, pentsatzekoa ere bazen ia ez zuela sosik batere zorrei aurre egiteko. Bigarren gelan, lastaira urratua eta maindire zikinak zituen goatze estu bat: gainezka zegoen kobrezko pixontzia ere bazegoen bazter batean eta euliak, makina bat euli hara eta hona etengabean. Hirugarren gela trastelekua zen. Bertan, alfertutako altzariak eta hainbat upel txiki; hormatik zintzilik zahagiak eta lurrean ardo putzu ugari. Haietako batetik arratoi ikaragarri bat edaten ari zen eta, ni inguratzean, atezuan jarri eta berehala korrika atera zen, traste zaharren artera gordetzera. Sinesgaitza egiten zitzaidan Mixel Berzog bezalako gizon aberatsa halako zerritegian bizitzea. Azken solairura igo nintzen. Han, atea itxita zeukaten bi gela baino ez zeuden. Kisketa zabaldu eta lehen gelako ateari emeki bultza egin nion. Zur eta lur geratu nintzen! Sekulako logela ederra zegoen nire aurrean: ohe zabala zilarrezko bordatuekin; portzelanazko ontziteria gordetzen zuen arasa ikusgarria; urrezko inkrustazioez hornitutako ispilua... Dena garbi eta txukuna. Ondoren, aldameneko gelara sartu nintzen. Gela hura ere bestea bezain aratza. Kutxa ikusgarria eta gaztainondo egurrez egin eta dotoreki landutako armairua alde banatan; erdian ohe estu luzexka. Nire aurrean leiho irekia eta koadroa; bertan neska ilehori eder baten irudia. Inguratu baino lehen, lepotik zintzilik zeukan urrezko lepokoari erreparatu baino lehenago ere, duda gutxi nik neska xarmant hura nor izan zitekeen. Bazuen irudi hark zinez miresgarria zen zerbait! Nekeza izan liteke hitzez azaltzea, baina begi urdin haietan gorde eta borborka isuri beharrean zegoen barne indar berezia zen. Haren aurpegierak osotasuna eta oreka misteriotsua marrazten zituen; eta pinturaz gaindi, begi haiek neskaren arimaren baitara barneratzera gonbitea egiten zuten. Eta barneratu ahala zurrunbiloa, zurrunbilo bortitz eta ikaragarria neure gogoari gupidagabe oldartuz. Orduan ulertu nuen begi haiek ongi ulertzen ez eta izua sortarazten zidan eremu misteriotsu baterako atakak zirela. Dardarka ari nintzen ordurako, begiak irudiaren gainetik kendu ezinik, haren indar misteriotsuaren gatibu. Zenbat eta barnerago orduan eta indartzenago zurrunbiloa, ahausika eta zarrastaka neure erraietan. Kopetatik behera izerdia, izerdi hotza. Nor ote zen egiatan halako pasio eutsi ezinak eragiteko gauza zen neskatila hura? Haren begiak neureotan tinkaturik; umearen xalotasuna eta lizunkeriarik gordinena nahasian. Esku bat sentitu nuen sorbaldan. Brastakoan itzuli nintzen, ikaraturik. Mixel Berzog zen, haren erbinude aurpegiarekin begi zorrotzez begiratzen zidana. Haren etorrerak erabat ustekabean harrapatu ninduen eta, une batez, hitz egokienaren bila ere aritu nintzen alferrik neure burua, nola edo hala, desenkusatu nahian. Gizon ttattar eta ihar haren begitartean zurruntasuna baino ageri ez. —Agidanez, etxea erakusteko aukera zapuztu didazu. Ahots kirrinkariaz —barregarriaz kasik— mintzatu zitzaidan eta, horrekin bat, harekiko neure baitan sortu zen larderia neurri handi batean, bederen, ahitu zen. Harrigarria bazen ere, ni izerditan eta irudiak eragin durduzadura artean ere begitartean nabariegi nuela topatu izanari, ez zion, antza, aparteko garrantzirik ematen, bai, ostera, haren baimenik gabe bere etxean sartu izanari. Xaloki, eta une hartan neure barnean bildu ahal izan nuen kemen apurraz hitz egin nuen: —Ez nuen inola ere zure intimitate eskubidea hautsi nahi, zinez diotsut. Güllet familia hemen bizi zela eta, jakin-mina sortu zait. Atea zabalik ikusterakoan, pentsatu ere egin gabe sartu naiz. Neure errua aitor dut. Nire hitzak entzun eta hasiera batean lehen bezain sorgor jarraitu bazuen ere, berehala aurpegieraren tenkadura zartatu eta, berari jarraitzeko keinua egiteaz bat, irribarre ñimiño bat saiatu zuen. Behealdeko anabasara itzuli ginen. Mahai gaineko paperak jaso, hormako apal batean utzi eta, beste gela batera joan zen kontulari judutarra, ibilera arinean beti ere. Aurki azaldu zen berriz, esku banatan pitxarra bete ardo zekarrela. —Azken aldi honetan denok gaude urduri samar. Aspalditik lozorroan zeuden ezinikusiak eta herra beltzenak ostera ere ernatu zaizkigula dirudi eta susmo txarrik edonon antzematen hasiak gara. Benetan eskertu nuen, gertatutakoak gertatu ondoren, geure arteko harremana normaltasunera eramateko egiten ari zen ahalegina. Zurrutada luzea jo zion ardoari eta oraingoan erbinudea ez, baina arratoi mutur luze hortz zorrotz batena begitandu zitzaidan haren aurpegi maskala. Hatz erakuslea pitxarraren eskulekutik behera lerratu zuen leunkiro, begia kixkurturik, gogoa urrun, hausnarrean legez. Gero jarraitu zuen hizketan: —Edozein belazetan hazten dira barrabas-belarrak eta, igitaia beti pronto eduki ezean, konturatu orduko, zelai ederrena ere gal dezakete. Agintarion lanak horixe behar luke: belar txarra bereizi eta erre. Baina... zertan ari naiz? —ahotsa are gehiago eztitu, besoak bularraren gainean gurutzatu eta burua doi bat makurtu zuen men eginez—, nola ausartzen naiz, kontulari arrunta naizentxo hau, zeu bezalako gizon ospetsu bati aholku inozoak ematen? Barkatuko al didazu jauna? Banekien ele ederrez mintzatu eta kultur handiko gizona izanagatik ere, ez nuela hartaz inondik ere fidatzerik eta haren limurkeria likitsaren sarean ni erortzea beste asmorik ez zuela nabarmenegi zitzaion. Ez zuen Mixel Berzogek lehoiaren bihotz oldarkorra, ez zen armagizona; gorputza ahulegia eta eskuak leunegiak zituen (ezpata arinena ere ez zuen bi hazbete altxatuko lurretik ). Kontulariak armiarmaren maltzurkeria, baina batez ere eramana zuen. Samurkiro ehunduko zuen ele gozozko amarauna biktimaren inguruan, honek gutxien espero duenean eta esku-hankaz gatibu dagoela konturatzerako, derrigor hilgarria den erasoa jotzeko errukirik gabe. Jokoari eustea erabaki nuen. —Gu arte desberdinetan trebatuak gara —ekin nion konfiantza hartzen hasita— eta nago, ezinbestekoak ez ezik, osagarriak ere bagarela; zeren eta nola altxa eraikuntza bat —xumeena izanik ere—, aurretik hari dagokion alde ekonomikoa taxutu ezean? Nola ekin eraikuntza lan bati behargin bakoitzari dagokion soldata zein materialen kostuak edo orubearen salneurria kontutan hartu gabe? Gaur egun denak du bere prezioa, etxe dotore honek, adibidez... Mixel Berzogek ezpainak bihurritu zituen urduritasunez. Beste behin ere, denbora tarte bat utzi zuen pasatzen erantzun aurretik. Eskuak zabal-zabalik mahaiaren gainean ipini eta, arnasa sakon harturik, solasari lotu zitzaion: —Badirudi, jauna, interes berezia duzula etxe honetaz. Bai, elizan azaldutako neska hilaren sendiarena izan zen. Aita Donostiatik joan zenean, hark hala nahi izan eta, etxeaz jabetu nintzen. Ez ezazu pentsa, gero, etxe honetan bizitzea samurra izan zaidanik zeren eta, orain sekula baino ageriago gelditu denez, etxe hau, ezinbestez, zorigaitzari loturik baitago. Kontulariak hitz bakoitza —ahots gozoegiz isuri aurretik— arreta handiz neurtzen zuen. Haren arrazakoen ospeari atxikiz, azeri zaharra genuen judutarra. —Hortaz, adiskide minak zineten biok... Pitxarra ezpainetara hurreratu arren, ez zuen edan. Ardotara amildu zitzaion begirada, bertan, behar zuen erantzuna bailegoen. —Betidanik oso harreman ona izan dugu elkarrekin. Negozioek elkartzen gintuzten batik bat, baina pertsona zintzoa zen eta nik bihotzez estimatzen nuen. Hau esanik eta erantzunaren ustezko egokitasunak merezi zuela edo iritzirik, beste zurrutada bat jo zion ardoari. —Entzun dudanez, azken aldian diru-kontutan patal samar zebilen. Agidanez, negozioak ez zitzaizkion uste bezala irten. Kontularia unean baino unean deserosoago sentitzen hasi zen hizketa-gaiarekin. Haren burua kontrolatzeko egiten zituen ahaleginak, ordurako, nabarmenegiak ziren. Amarauna ehuntzen jarraitzeari eustea deliberatu zuen. —Ene jauna, zerorrek dakizun bezala, halabeharra andereño ahaltsua izateaz gain, zenbaitetan, bortitza ere izan daiteke. Haren zoritxar astuna geure gainean fortunatuz gero, alferrik da berari aurre egitea zeren eta, azken finean, Jainkoaren beraren eskua baita atzean dagoena. Ez Jakesek ez inork espero zuen, itxura guzien arabera negozio oparoa behar zuenak, egundoko hondamendia ekarriko zuela herrira. —Hortaz, berarentzat ez ezik herriarentzat ere hondamendia? Mixelek geratzen zitzaion ardo pizarra derrotean edan eta, pitxarra hartuta, gehiagoren bila joateko intentzioarekin altxatu zen. Nik saiaren besotik heldu eta berriz ere eserarazi egin nuen. Nire egintzak kontularia biziki sutu zuen eta, une batez, lehertzekotan ere egon zen. Nik, kortesiazko irribane xumea luzatu eta eskuaz desenkusa imintzioa egin nion. Horrek lortu zuen, ozta-ozta bazen ere, lehengo egoerari eustea. —Gipuzkoak Gaztelarekin bat egin zuenean hasi zen dena. Gaztelako noble eta merkatari aberats batzuk Donostiara etorri eta Jakesekin harremanetan jarri ziren. Orduan hura zen Donostiako merkatari aberatsena eta bere sona Nafarroan ez ezik, Gaztelan eta baita Aragoin zehar ere zabaldurik zegoen. Horrenbestez, ez zen harrigarria izan, gaztelarrek buruan zerabilten afera garrantzitsu hura hiriko gizon aberatsenaren esku uztea; diru asko eta asko behar baitzen Gaztelako erreinu osoari eragingo zion negozioa abian jartzea. Burumakur jaiki, eta pitxarrari heldu zion beste behin ere betetzeko asmoz. Oraingoan ez nion trabarik jarri eta zain gelditu nintzaion, txarroa ardoz mukuru zuela azaldu zen arte. Esku artegaz ipini zuen pitxarra mahai gainean. Ardo tanta batzuk ontzi ertzetik behera isuri eta mahairaino lerratu ziren, putzu txiki bat osatuz. Begiak bertan tinkatu zituen. Gero, hatza isuritako ardotan sartu eta ezpainetara eraman zuen pentsakor Begirik altxa gabe berrekin zion kontaketari. Ezaguna da Gaztelako errege Alfontsok Atlantiko aldera merkatal bide bat zabaltzeko aspalditik duen asmoa eta grina; Gaztelako artilea eta bertako urdina Gaskoniara garraiatzeko bide segurua behar baitu. Gaztelar merkatari haiek ekarri zuten proposamena, honenbestez, horixe izan zen: Hemen, Donostian, ontziteria eraiki eta, honen bitartez, Gaztela eta Gaskonia lotu, elkarren arteko merkataritza indartuz. Jakesen esku geratuko zen negozioaren kudeaketa osoa, joan-etorrien bide-sariak finkatzeko eskubidea barne; orobat, garraiatutako merkantziaren portzentaje handi bat ere jasoko zuen. Hau dena gutxi balitz, merkatari haiek bermea ere eskaini zioten Jakesi: Gaztelako koroaren beraren bermea hain zuzen ere. »Ulertuko duzunez, ezein merkatarik ez lioke uko egingo baldintza hauetan proposatutako negozio bati. »Jakesek ez ezik, agintariok ere sekulako aukera iritzi genion proposatutakoari: horixe baitzen Donostiak behar zuen bultzada ekonomikoa hiria bezala garatzeko. Gipuzkoa Gaztelarekin bat eginez geroztik, probintziako zenbait jauntxoren artean balizko etorkizun ekonomikoari buruz sortutako eztabaida, era horretan zentzuz gabetuko zen erabat, bide batez, gaskoien eragina Gipuzkoan —gu hasieratik Gaztelarekin batzearen alde agertu baikinen— indarturik gelditzen zelarik. Ilusioa jabetu zen herriaz. Berehala, nola edo hala merkataritzari lotutako guztiok lanari ekin genion: gure kutxak diruz hustu eta Jakesi eman genion maileguan; baita beste jende apalago batzuek ere, beraien bizitzan aurreztutako azken txanponeraino inbertitu zuten, hain emankor eta segurua zirudien negozio hartan. »Eliza eraikitzeko asmoa ere, euforia eta itxaropenezko giro hartan mamitu zen. »Kantauri aldeko ontzigile ospetsuenei hots egin eta, behar adina diru bildu bezain sarri, lanari lotu zitzaizkion. Hiru ontzi egiteko erabakia hartu zuten: sekula Kantauri itsasoan ikusi gabeko hiru itsasontzi ederrenak izango ziren haiek, gertu zein urrutietako herrien bekaizkeria sortaraziko zuen lan miresgarria. »Agintariok legez, herri xeheak ere elkarrekiko nahiz bere buruarekiko konfiantza hartu zuen. Zinez garai ederrak izan ziren haiek: gaskoiak eta euskaldunak, elkar harturik, gau eta egun lanean, gogor eta tinko geure ametsak gauzatzeko ahaleginean. »Hasiera batean zurkaiztutako hiru hezurdura ziren haiek, pixkanaka-pixkanaka, gorpuzten hasi ziren. Beterrietako haritz ederrenez egindako krosko gorri haiek, egunean baino egunean emendatzen zihoazen eran, geure mira ere handiagotu egiten zen eta, gisa hartara, kemen berrituaz egiten genion eguneroko lanari. »Elizaren eraikuntzan egunez ziharduten zurgin, lixatzaile, arotz, beiragile eta burdinlariak gauez ere aritzen ziren, buru-belarri, ontzien eraikitze lanetan. »Azkenean, azken ukituak baino falta ez zirela, ontzigileak, Jakes eta agintariok batzartu ginen; bilera hartatik egun bat atera zen: San Joan eguna. Hura izan zen, hain zuzen ere, ontzien inauguraziorako aukeratutako eguna. »Ez dago esan beharrik nolako ikusmina sortu zen herrian. Gaztelatik, Alfonso eta Leonor errege-erreginen eta haien jarraigoaren etorreraz gain, erreinuko zaldun aberats eta boteretsuenak ere egun seinalatu hartan etortzekoak ziren, baita probintziako handizki eta elizaagintariak ere. »Denbora pasa ahala, ahalegina areagotu genuen, iragarritako egunerako hiru ontzi eskerga haiek bukatuak egon zitezen. Etengabe jardun genuen, txandaka, orpoz orpo eta besoz beso, azken indar pizarra ahitzeraino ere jo eta su. »San joan eguna baino astebete lehenago hasi zen jendea iristen Donostiara. Ohi baino askoz mugimendu handiagoa antzeman zitekeen hemengo kale-plazetan. Gaztelako gortetik etorritako nobleak, ahal bezala, herriko etxerik dotoreenetan kokatu genituen. Horretarako jabe batzuk, derrigor eta aldi baterako, beraien etxeetarik kanporatu behar izan zituzten eta, egia esatera, gehienak gustuz eta era ulerkorrez aldatu ziren inguruko senide edo lagunen etxeetara eta, horrela, zentzuaren arrazoia eta, zenbaitetan, legearen tinkotasuna erabiliz, nola edo hala lortu genuen familia aberats haiek eta beraien mirabeak, beraiei zegokien graduz geure artean ostatu hartzea. »Baina bazegoen bestelako jenderik ere guregana heldua. Errege-erreginak leku jakin batera joaten direnetan gerta ohi den bezala, hemen ere, gure kale-kantoiak Santiagora zihoazen erromesez eta edozein erlikia-suerte (hamaika ustezko santuren hezur ttiki eta saia zirtzil; behin ere mamitzen ez den santaren baten odol mirarizkoa; Kristoren koroatik erauzitako arantzaren bat eta, ororen gain, haien esanetan Jerusalemetik zaldun gurutzatuek ekarritako tamaina orotako Lignum Crucis-ak) saltzen zuten fraide aizunez bete ziren. Janari saltzaileak eta txerpolariak ere ez ziren falta; ezta orekariak, titiriteroak, koblakari itsu edo trobalariak ere. »San Joan bezperako goizean, azken punta-pasa ezarri zitzaion hirugarren ontziari eta, honen karietara, San Joan izenez bataiatu zuten. Gainontzeko ontziei ere, izen esanguratsuak paratu zizkieten: Gaskonia eta Gaztela. »Errege-erreginen etorrerak ez zuen inondik ere zapuztu jendearen artean aspaldi piztutako ikusmira: Jendez gainezka zegoen Donostiara sartu zirenean, ez zen txalorik edo bibarik egon; isiltasun, errespetu eta miresmen ikaragarria baizik. «Hiru ontziak Gaztelako eta Gipuzkoako bertako produktuez bete eta haien lehen bidaiarako prestatu ziren. Gogoratzen naiz ontziak itsasoratu behar ziren une hartan, errege-erreginek nola eman zien ontzietako hiru kapitainei Gaztelako ikurra urrez eta zilarrez josirik zuten bandera bana. Orduan ere ez zen txalorik egon. «Ontziak abiatu zirenean, denok hitzez deskribatzen gaitza den zerbait sentitu genuen geure barrenean. Ongi eginiko lanak eta etorkizun oparo baten segurantzak ematen ziguten poz antzeko zerbait. «Ontziak itsasoratzeaz bat, haize leun epel bat altxatu eta belak puztu zituen. Orduan, guk espero ez genuela, «aintza eta ohore Gaztelako erreinuarentzat!» oihukatu zuen ozenki erregek eta, hura seinalea bailitzan, han bildutako guztiak txaloka, deiadarka eta elkar besarkatzen erantzun genion, deblauki geure baitan gordeta geneuzkan tentsioa eta bozkario eutsia askatuz. «Eguzkia lainotu eta euri tanta xume batzuk bota zituen. Erregek gorantz begiratu eta haren inguruan zeuden gorteko kideei zerbait komentatu zien. Haiek, itxuraz ateraldi barregarria zen horri modu behartuaz egin zioten irri. «Konturatu orduko, lehengo hodei zurixkak Igeldo aldetik sartutako lainotzar beltz batzuek ordezkatu zituzten. Euri xehea areagotu eta trumoi hotsa entzun zen. Orain, errege-erreginak ez ezik, gainontzeko nobleak ere jarri ziren gora begira; gu, bitartean, eguraldiaz ezaxolati, gure ospakizun partikularrarekin jarraitzen genuen. «Kolpetik, itsasoa kolorez aldatu eta guztiz zakartu zen. Bigarren trumoi hotsa entzun zenean, sekulako zaparrada bota zuen eta kaian bildutako noble guztiak korrikari eman zioten babesleku bila. «Errege-erreginak zain zuten gurdian sartu eta, arrapaladan, hanka egin zuten Gaztela aldera, haien ohiko segizioa atzetik zutela. »Hiru egunez iraun zuen gure herriko zaharrenek antzekorik ere sekula ikusi ez omen zuten ekaitz ikaragarri hark, zeinak Kantauriko parte osoa gupidagabe kolpatu eta astindu zuen. Bazirudien eguzkia betirako itsutu eta ilunpetan bizitzera kondenaturik gelditu ginela, euri-zaparraden eta haize-zurrunbiloen mende beti ere. Zenbait etxetako horma bota eta makina bat teilatu birrindu egin zituen; ura, berriz, soto eta biltegietan sartu zen, bertan gordeta zeuden elikagai, lanabes eta merkantziak oro zeharo hondatuz eta alfertuz. Bigarren egunean, errekak eta ibaiak mukurutu eta uholdeak sortu ziren; haien oldarraren bortitzak ustekabean harrapatu zituen nekazariak, zeinek ikusi zuten, indar eta ahalmenik gabe, madarikazio hark larreko zein ukuiluetako azienda nola ito eta eraman zien izugarrizko indarrez Donostiako kaleetaraino. »Une batez itxaropen eta poza gainezka zerien bihotzen habia izandako Donostiak, hiru egunen buruan, herri hila zirudien non lagun, senideren bat edo ondasun guztiak galdutakoen negarra besterik ez zen entzuten. »Ekaitza baretzen hasi zuenean, gizon-emakumeak, anima herratuak bailiran, etxeetatik irten eta itsaso aldera abiatu ziren. Kaian eta itsas labarretan pilatu ziren Donostiarrak eta inguruko jende xehea, burusietan bilduta, begira; hitz erditxo bat ere esan gabe, uholdeek eragindako txikizioen arrastoak nabarmen ageri zituen eta artean zakar samar jarraitzen zuen itsaso hari so. »Ekaitza hasi eta laugarren egunean lehengo berriak iritsi ziren Donostiara. Hendaiatik etorritako merkatari batek haren salgaiekin batera, denok espero eta inork entzun nahi ez zituen lehengo berri txarrak ekarri zituen. »Ontzi hondakin franko helduak ziren hondartzara; beraien artean, mota askotako merkantzien artean gorpuzkinak, gorpuzkin anitz han-hemenka barreiatuak. Gauza bera gertatu omen zen Landetako hainbat hondartzatan ere. Berriak azkar bezain zehaztugabe zabaldu ziren, baina denetan eskifaia bateko kideez mintzatzen zen. Hilabete igaro behar izan zuen lehengo zenbakiak esku artean eduki arte: Donostiako portutik abiatutako hirurogeita hemezortzi gizonetatik hamabi bizirik erreskatatu zituzten Ziburu parean, itsasoan. Guztiak San Joan ontzikoak. Haietatik lau, kaira arribatu baino lehen hil ziren, eta beste bat ospitalera bidean. Hendaiatik hasi eta Landetako lurraldera bitarteko hondartzatan zabaldu ziren hondakin desberdinak: garraiatutako artilearen eta beste zenbait merkantziaren arrastoak, ontziaren puska hautsiak —Miarritzeko hondartzan Gaztela izeneko ontziaren kroskoaren muturra ia osorik azaldu omen zen— eta itotako marinelak. Eskifaiakideen senitarteko franko harantz abiatu ziren; ondo alferrik ordea! Egun haietan eta Kantauriko kostalde osoak jasan zuen sargori ustela zela-eta, gorpuak ahalik eta azkarren lurperatu baitzituzten izurrite arriskua handiegia omen zelako. »Oso gutxi izan ziren tragedia honek kolpatu ez zituen familiak. Etsiak hartu zuen gure herria eta doluak bi komunitateak are estuago lotu eta elkartu zituen; hildakoak marinel euskaldunak eta merkatari gaskoiak izan baitziren guztiak. »Denborak halako min eta goibeltasun itzela pittin bat apaldu zuenean, diruaren kontuari iritsi zitzaion txanda. Jakesek biktimen senideei zein hartzekodunei jakinarazi zien merkatal aferak koroaren bermea zuela —errege-erregina ontzien itsasoratzera etorri izana ipini zuen frogatzat—, eta senideen galerak sortutako hutsuneak konpontzerik ez bazegoen ere, ziur zegoela erregek eskuzabal jokatuko zuela eta horrela, besterik ez bazen, haien atsekabea apur bat bederen arinduko zitzaiela. Hartzekodunei ere gisa honetara zuzendu zitzaien, hots, lasai egoteko eta Burgosen erregeren ordezkariekin hitzartu eta hurrengo astean han bertan egitekoa zen bileran, luze eta zabal mintzatuko zirela kalte-ordainez eta, zalantzarik gabe, haiek egindako eskabideei behar bezalako erantzuna emango zitzaiela. Jakes, alkaideak eta hiruok bildu ginen Gaztelako erregeren ordezkariekin; eta baita luze eta zabal hitz egin ere. Tamalez, lehendabiziko aldiko elkarrizketetan ez bezala, haien jarrera gogorra eta doilorra izan zen; egindako eskaintza, berriz, zikoitza. Alferrik ahalegindu ginen haien burugogorkeria malgutu nahian. Jakes, etsipenak sortutako amorruaz, hiraz jarki zitzaien erregeren ordezkariei beren jokaera salatuz. Soldaduek bilera aretotik kanporatua izatea besterik ez zuen lortu. Alkaideak eta biok ordu luzez jardun ondoren, itotako merkatarien familientzako sos batzuk lortu genituen. Arrantzale euskaldunen familientzat, berriz, deus ez. Horixe zen errege Alfonsok Donostiako euskaldunei —hauek Nafarroako Antsorekiko atxikimendua aspaldi erakutsi baitzuten— emandako ordaina. Kezkaren harrak gure barrena bazka hartuta ekin genion Donostiarako bideari. Bagenekien jakin, erregeren erabakia bidegabea izateaz gain, liskar bortitzak eragingo zituela bi herrien artean, lehen ere aski kolokan zegoen elkarbizitza, are gehiago nahastuz eta hondatuz. —Eta zergatik ez gaskoiei eman diru-sariei uko egin? —galdetu nion bestela bezala. Mixelek harriduraz begiratu zidan, nire galdera ulertu izan ez balu bezala. Argi zegoen aukera hori ez zitzaiela bururatu ere egin. Bekozkoa belztu zitzaion eta, lipar batez, galdera hura egin izanaren egiazko arrazoia zein ote zen neure begietan irakurtzen tematu zitzaidan. —Merkatarientzako erdietsi sosak baztertuz gero ere, zer lortuko genukeen? Lehertzear zegoen euskaldunen sumindurarekin eta hartzekodunen haserrearekin aski ez eta gaskoien mesfidantza ere pairatu behar izatea, horixe, ez besterik. Bekainak gangatu eta, begiak itxita, lokiei bi eskuetako hatz erakusleaz jirarazi zien, horrek hobekiago pentsatzen lagunduko balio bezala. Ahots xume eta lakarraz jarraitu zuen. Hitzak beren kasa irteten hasi zitzaizkion, batere etenaldirik egin gabe kasik, letania modura; bazirudien haien solasa aldez aurretik buruz ikasita zeukala. »Oraindik gogoan dut Donostiara iritsi eta gaztelarrekin izandako elkarrizketen berri emateko herriko enparantzan egin batzarrean gertatutakoa. Berriz ere euria gogotik egiten zuen eta jendeak, aldian behin, gorantz begiratzen zuen mesfidantzaz, artean ere herri guztia inarrosi zuen tragedia beren baitan bizi-bizirik zegoela. »Pierres izan zen —haren karguak hala aginduta— erregeren ordezkariek erabakitakoa azaldu behar izan zuena. Hasierako tentsioak, alkaidea azalpenetan aurrera egin ahala, sinesgaiztasunari eman zion bide eta, honek, azkenik, eutsi ezineko amorruari. »Jakes eta biok, uneoro, alkaidearen alde banatan egon ginen, burumakur eta isilik, hala behar eta, agintari nagusia babestuz, bi txmimaloren modura. Soldaduak, enparantzaren jiran jarrita, urduri antzean zeuden, egoera hartatik zer letorkiekeen jakitun. »Hildako arrantzale euskaldunen senitartekoak eta hartzekodunak, entzuten ari zirena sinesgaitz artean, oihu, orro eta ulu hasi ziren gure aurka. Pierres saiatu zitzaien, behin eta berriz saiatu ere, jakinarazten geureak eta bost eginak genituela Burgosko bilera malapartatu hartan, baina ahaleginak oro alferrik gertatu zirela erregeren ordezkarien burugogorkeriaren aurrean. »Jende guztia batera, nahasian eta, unean baino unean, manera oldarkorragoan mintzatzen zen. Emakume batzuek, zer janik ez eta negarrez ito beharrean ondoan zituzten haur txikiak erakusten zituzten, haien desesperantzaren erakusgarri; beste batzuek, etsipenaren etsipenez, lurrean belauniko eta espantuka, bularra behin eta berriz atzazalez urratzen zuten, maldizioak eta biraoak odola bezainbat jaulkitzen zitzaizkielarik; zenbait gaztek, berriz, amorrazioz alkaideari paparretik heldu, lurrera eraitsi eta ostikoka eta ukabilka hartu zuten, jo eta bertan akabatu beharrez. Eta zinez harekikoak egingo zituzten, baldin eta erne zeuden soldaduak tartean paratu eta ezpata-ukaldika sutan zegoen jende-olde hura gibelarazi izan ez balute eta, honekin nonbait konforme ez, eta jadanik inguruko karriketan sakabanatzen ari zen jendeari, amorruz eta gorrotoz, oldartu zitzaizkien. Ezpaten kolpe latzak, doi-doi erasoari itzuri egitea lortu zutenen protesta biziak eta, batez ere, zauritutakoen aiene isilak, plaza osora zabaldu ziren bat-batean. Jakes eta biok, konorterik gabe zetzan alkaidea bere onera etorrarazteko ahaleginetan egon ginen denboran ez genuen behin ere begirik altxatu plaza aldera. Ondo asko baikenekien une hartan nolako triskantza gertatzen ari zen geure herritarren artean, eta hura geldiarazteko ezintasunak eta lotsak burua zaurituengana jiraraztea galarazi zigun; hala gertatu zitzaidan niri, bederen. »Istilu larri haiek amaituxe zeudela —orroak eta garrasiak nabarmen apaldu baitziren, ausaz, herritarrei erraietatik borborka zetorkien oldar hura ordurako hagitz ahiturik zutelako eta ez, preseski, egoera egiatan lasaitu zelako—, ustekabean eta odoletan arrastaka, oso ezaguna genuen arrain-merkatari bat gureganaino heldu zen, eskuan ganibeta eta bihotzean gorrotoa zituela. Ni konturatzerako, labana haren onera etorri berria zen Jakesen zintzurrean ipinita zeukan. Hitz batzuk xuxurlatzen zizkion agintari zaharrari belarri ertzean. Bere onetik aterata zegoen guztiz; begitartea kolpe bortitz batez desitxuratua zeukan eta begiak arranpalo, beren zuloetatik jauzi egin beharrez kasik. Jakesek ez zuen txintik ere esan; haatik, bere aurpegian, herioren etorreraren atarikoa izan ohi den zurbiltasun etsia nabariegi zitzaion. »Segundo pare batean gertatu zen guztia. »Ahoa bete hortz eta gorputza arrunt zurrunduta gelditu zitzaidan, zirkinik egiteko ere gai ez nintzela. Alta, Jakesenak egin behar zuela zirudien une berean, bat-batean, erasotzailearen bizkarraren gainetik ezpata bat altxatu eta, goitik behera jausi zitzaion hainbesterainoko indarrez, non burua goitik behera eta alderik alde erdibitu zion, haren burmuinak gure oinetan zabalduz. »Oka eginez barrenak hustu eta ziplo zorabiatu baino instant bat lehenagoko irudia oraindik ere gogoan iltzatuta daukat. Hain gertatu baitzitzaidan higuingarria soldaduteriako kapitain gazte haren satisfaziozko irribarre zabal hura. Egindakoaz bularra hanpaturik, nola begiratu zigun geure eskerronaren bila. »Gero, hildako koitadu haren semea azaldu zelarik, mutikoaren egiazko saminaren lantu harek eta bere gorputz xumea, amorrazioaren amorrazioz, aitaren odoletan aztalka ikusi genuenean, amildegira ginderamatzan gibelera ezineko xendran barneraturik ginela jabetu nintzen. »Zorigaitzez, egun hartako biltzarrea, hasiera baino ez zen izan. —Hortaz, gure Jakesi leporatu zioten, hein handi batean, bederen, gertatutako zorigaitz guztien ardura... —bota nuen erdi marmarrean, artean ere kontakizunak biziki hunkituta nengoela. —Hegigoa eta etsipena herriaz jabetzen denean, zentzuaren indarra ahuldu eta kristau zintzoei baino, lupetzetako basapiztiei gehiago datxezkien sentimenduak gailendu ohi dira. Hala fortunatu zen orduan eta, beldur naiz, orain ere gisa horretako hainbat eta hainbat basakeria ez ote dugun ikusiko. Azken buruan, Güllet familiari gertaturiko ezbeharrek ez zuten inor ere harritu, ezen esaera zaharrak dioen modura: balantza duen aldera erortzen da arbola. —Horrenbestez eta zure iritziz, Joanaren hilketa negozio haren porrotaren ondorioa izan zen? Mendekua akaso? Mixelek ez zuen berehala ihardetsi; soinburuak goratu zituen haren iradokizunaren ziurtasun eza adieraziz. —Litekeena bada, zalantzarik gabe; halarik ere, aukera bat baino ez da beste askoren artean eta, egia esatera, auzi korapilatsu honi beste mutur batetik helduko nioke nik. —Izan ere —hausnar egin nuen mendekuaren posibilitatearen inguruan—, mendeku hutsa izan balitz, zergatik hartu hainbeste lanik gorpua ezkutatzeko? Zeren eta mendekua nahi duenak, komunzki, bere biktimari samina sortarazi nahi dio, ahalik eta handiena, ahalik eta lazgarriena, gisa horretara bere barneko ezinegona laxa eta bare dakion. Beraz, zertarako entseatu, mendekua buruturik, haren ondorioa ezkutatzera? —Garai hartan, Jakesek eduki zezakeen balizko dirutzaz zurrumurru franko zebilen. Hainbatek esaten zuten Gaskonian jauregi eder bat zuela, haren mendeko lurralde zabala eta guzti. Nik ez dut sekula sinetsi kontu hori, baina badakizu jendea nolakoa den, eta hatsarrean hizkimizkiak baizik ez direnak, denbora tarteko eta ahoz aho ibili ondoren, nola berretzen eta indartzen diren harik eta inork zalantzan jartzen ez duen egia biribila bilakatzen den arte. Bai, mataza honek hari-mutur aunitz ditu eta, egia bada samintasuna herrian zehar hedaturik zegoela, era berean, hondamendi ekonomikoa ia erabatekoa zen, halako suertez, non, batzuk, jana erosterik ez zutenez, basoko landareak, sustraiak eta piztia txikiak jateari ekin zioten gosez hilko ez baziren. —Joana diruarengatik bahitua eta eraila izan zela esan nahian al zabiltza? Nork egin zezakeen horrelakorik? Aukera berri horren aurrean ni horrenbeste sutu izanak kontularia harritu zuen. Eta egia bazen kasu honek berebiziko garrantzia zuela niretzat —eta, oroz gain Obra Handiarentzat, ez dezagun ahantz—; neronek ere, neure baitan demaseko interesik sortu ote zuen errezeloa banuen. —Neska desagertu zen erari erreparatu, besterik ez dago, ondorioztatzeko, ziurtasun handi batez, ezen indarka eta bortxaz eraman zutela zegoen lekutik eta ez, inondik ere, haren borondatez; eta, ustezko erasotzaileek edozein toki edo gordelekutan hil zezaketela pentsatzea zentzuzkoa denez, orobat zentzuzkoa dateke deduzitzea beraien animuan bestelako asmorik bazutela. Lehen esan bezala, gu bion arteko solasa Mixelek ehundutako amaraunaren finezia eta gozotasunetik dilindan egon zen denbora guztian eta, jadaneko haren hizketa ahitzen hasia zenez eta, horrenbestez, atarramentu gehiago aterako ez nuenez, faltsukeriazko egoera hura askietsita, amarauna zarrastatzea deliberatu nuen. —Ongi mintzatu zara, on Mixel, zeren eta buru-belarri sarturik gauden oihan itsu honetan, askoz ere ugariagoak baitira ilunpea, lohia eta sastraka ezen ez argia, zelaia eta soilunea. Gertakariak harrigarriak izan baziren ere, berebat txundigarria deritzot Jakesek, nori eta zeuri, bere etxea eman izanari. Ez dira lagun-hurkoaz ongi pentsatzeko sasoiak, on Mixel, eta, entzundakoaz gain, etxe honetan ikusitakoak ez dit sosegurik ematen, baina bai errezelo eta artegatasuna. Zeren eta, konparazione, zer dela eta utzi zenituen lehengo jabeen logelak batere mudantzarik gabe? Nekazari, arrantzale, merkatari eta kaparearen egoera ekonomikoa hain larria bazen, nolatan irten zinen hain airoso, hondamendiaren ardura egozten zioten gizonaren beraren etxeaz jaundurik? Judutarrak hatzak urduri antzera korapilatu zituen fermuki; deblauki, begitartea gorritu zitzaion eta, haren erbinude itxura, hein handi batean bederik, zor zien hortz luze haiekin, ezpaina amorruz hozkatu zuen. Nire zipladak ez zuen, ordea, bere onetik atera, alderantziz: hitzak, ahoskera eta, orobat, mintzatzeko manera are gehiago eztitu eta dotoretu egin zituen. —Ez ezazu, arren, niregandik susmo txarrik har zeren eta, aunitzetan, gauzak arinki juzkatzeko tentazioa izaten baitugu eta, zerorrek dakizun bezala, zentzuak eta bihozkadak engainatzaile fortunatzen dira sarri, baldin eta arrazoimenaren galbahetik ez badira igarotzen. Lehengo jabeen logelak beren hartan utzi ditut, egia diozu, baina jakizu, horretan ez dagoela inongo ezkutuko arrazoirik, aitzitik, bertako ohitura zaharrei atxiki natzaiela, zeinek esaten baitute, hildako baten etxeaz jabetuz gero, hildakoaren eta haren arimaren errespetuarengatik, bere logela gutxienez bost urtez batere mudantzarik gabe gorde behar dela. Eta nire postuarengatik legeen morroi naizen aldetik eta, oroz gain, Jakesen emazte Marie eta alaba Joanarengatik —zeina, bere gorpua oraintsu arte ez agertu arren, inork ez zuen zalantzarik haren heriotzaz— beraien logelak egun malapartatu haietan utzi bezalaxe edukitzera entseatu naiz, artaz eta lehiaz entseatu ere. Bestalde, eta etxea niri eman izanari datxekionez, jakizu ezen horren inguruko agiriak oro baditudala —behar bezala apailatuak eta zigilatuak— edonoren eskueran uzteko moduan; halaber, eta dudarik egongo balitz, lekukoen testigantzak ere baditut —haietariko bat, sendagile On Charles de Borgoisena, kasu— guztiak udaleko batzarrak onetsiak eta artxibategian gordeak. Kontulariaren hitzek lasaitu beharrean, are gehiago larritu eta goganbehartsu paratu ninduten zeren eta, gauza jakina baita isilpekorik eta ezkutatzekorik ez duenak, ez duela, ezta hurrik eman ere, horrenbeste azalpen eta esplikazio eman beharrik. Bestenaz, eta kontularia den aldetik, haren ofizioa ederki asko ezagutzen zuen testigantza besterik ez zidan eman; zeren eta zinez harrigarria izango baitzen, halako afera inportante batez denaz bezainbatean, hari-mutur guztiak ondo loturik eta korapilaturik utzi ez izana. Aski entzun nuelakoan, kontulariaren etxetik irten nintzen. Kanpoan, eguraldia hitsa eta goibela zen, ubeldua kasik. Mixelekin izandako solasa argigarria izan bazen ere, artean galderak eta zalantzak nagusi ziren neure baitan. Euria hasi zuen: euri xehea, ia sumagaitza; gora begiratu eta postura horretan hiruzpalau minutuz egon nintzen, harik eta aurpegian euri-zipitzen freskura sotila sentitu nuen arte. Han, zeruan, haizeak eramanki, hodeiak nire gainetik etengabe iragaten ziren eta haien ilauntasuna gizonon bizitzaren laburrarekin konparatu nuen. Neure bizitza ere, lainoen antzera, behin Jainkoak mugatutako ibilgoa eginda, argitasuna utzi eta iluntasunean murgilduko zen eta, arima Goi-goikoaren altzora biltzeagatik ere, denboraren erratz xahutzaileak neure izena eta izana bizienen kontzietziatik erauzi eta, finean, ahaztura jausiko zitzaidan, harritzar baten gisara, nire gainera. Eta orduan, egi-egiatan hilik egongo nintzen zeren eta bigarren harritzar hura baita —eta ez lehendabizikoa, hots, ehorzleak gure hilobiaren gainera paratzen duena, jende arruntak uste ohi duenaz bestera— bizien mundutik bereizten gaituena. Horra Obra Handiak nolako garrantzia zuen niretzat! Eliza hura baitzen hilezkortasuna erdiesteko nuen aukera bakarra, eta jendeak —jende xeheak, erromesak, soldaduak, aberatsak edo nobleak— begi-bistan izango zuten mirari horren aurrean egileaz galdetu eta, erantzunarekin bat nire izena aipatuko zen eta, gisa horretara, ahoz aho, harat eta honat, neure grazia zabaldu ahala, nire gorpu ezdeusa usteldu arren, arimak sekulako iraunen zuen bizirik; bai —une horretan egundoko kemen eta indarra sumatu nituen neure barrenetan—, horixe eta ez besterik izango zen Jainkoarengandik Berarengandik jasoko nuen saria: nire bizitza guztia eta azken hatsa eman arte, uneoro, Haren izena mendez mende goraipatuko zukeen obrari eskaintzeagatik emango zizkidan dohaina eta eskerrona. Halako gogoetatan sarturik nengoela, asto baten gainean zihoan mutiko bat inguratu zitzaidan eta, arretaz goitik behera begiratu ondoren, astotik jaitsi eta on Gonzalo al nintzen galdetu zidan. Erantzuna aditu bezain fite, lepotik zintzilik zuen zakuto batetik paper bildu bat luzatu eta, berriz ere astoaren gainean jarrita, ziztu bizian, kontulariaren etxerantz abiatu zen. Agiriak udalaren zigilu ofiziala zuen eta Pierresek sinatua zegoen. Hurrengo egunean herriko etxean egitekoa zen ezohiko eta premiazko bilera baterako gonbitea egiten zitzaidan. Egoera, zinez larria zen jende askorentzat —agintari gaskoientzat, batik bat—, baina neronek ere banituen neure kezka propialak, denak, nola ez, Obra Handiari loturikoak. Bi komunitateen arteko tentsioak eragin zuzenik izango al zuen elizaren eraikuntza lanetan? Nolako jarrera hartuko zuten beharginek? Ez bat eta ez bi, obretara jo nuen ahalik eta azkarren. Ohi baino soldadu gaskoi gehiago zebiltzan Donostiako kaleetan gora eta behera. Haietariko talderen batekin topo egin eta aurretik igarotzen nintzelarik, beraien begiradapean sentitu nuen neure buruan eta, urruntzeko astirik izan baino lehenago ere, nitaz egiten zuten marmarra, zurrumurru gisara iritsi zen nire belarri ertzera. Kaleetan, artean ere, apenas zebilen jenderik eta, tarte luze batez, etxeetako leihoetan kukuka antzeman zitezkeen begitarte izutiak beste jende arrastorik ez zen ageri. Elizara gerturatu ahala, mailuen hotsak etzun eta, pittin bat bederen, lasaitu nintzen. Haatik, berehala konturatu nintzen deskuidu ederrean nengoela, zeren eta egia bazen langileek lanari gogor egiten ziotela, halaber, nabarmena baitzen berauen kopurua hagitz murriztua zela. Eraikuntzaren orubean zegoen basatza, anabasa eta harrizko blokeetatik, frai Beremundo irten zitzaidan, bisai goibelez, sotana belaunen parera bilduta zeukala. Haren itxura negargarria zen eta bazirudien lanean ez, baina lokatzetan dantzan eta aztalka ibilia zela, hain zuen lohitua gorputz osoa. Besotik heldu eta obra gunetik langileen kanpamendu aldera zuzendu nuen. Fraideak, oinez egin genuen tarte osoan, ez zuen txintik ere esan, baina behin eta ostera atzerantz begiratzen zuen, inork jarraitzen ez zigun ziurtatzeko edo. Azkenean, txabola baten ondoan gelditu ginen. Frai Beremundok tupina bete ur ikusi zuen bazter batean eta, hari helduta, hanketatik behera bota zuen ura, lokatza garbitu nahian eta, zinez, ondorio negargarria erdietsiz, zeren eta lokatza, uraz busti eta xahutu beharrean, are gehiago zabaldu baitzitzaion hanka-oinetan. Nik, bitartean, oihalezko txabolategiari erreparatu nion: begi-bistakoa zen haietariko asko hustuak eta txikituak izan zirela. —Zein da langileen egoera preseski?— neure begiek ikusten eta baieztatzen zidatena datu zehatzez jantzi gura nuen, errealitatea bere gordinean ezagutu, alegia, nahiz eta jakin ezen egoera lastimoso hartatik, ondorio onik nekez atera zitekeela. Neure usteak zenbakiz hornitu ziren; baita berehala ziurtapen hotz, astun eta etsigarri bilakatu ere: eraikuntza lanetan zebiltzan ehun eta berrogeita hamar inguru langileetarik, heren batek, gutxi gora-behera, alde egin zuen Donostiatik. Haietariko gehienak euskaldun jatorrikoak ziren eta eraikuntzan, bere batez, lan arruntak egiten zituztenak: harri garraioa, harlantza edo zurgintza batik bat. Tamalez, bazeuden tartean Frantzia aldeko zenbait hargin trebe eta artisau ere, liskarrek beldurturik, leku seguruago baten bila abiatuak zirenak —dirudienez, Palentzia aldean zistertar ordenako monjeek komentu baten eraikitzeko langileak behar zirelako zurrumurrua zabaldurik zegoen— . Fraideak kontatu zidanez, langile askok, presio handiak tarteko, erabaki zuten ezen, beren ziurtasuna ez ezik, familiarena ere arriskuan zegoenez eta, nolabait ere, gaskoientzat lan egiteak beraien kolaboratzaile bihurtzen zituenez, hobe zela, aldi baterako bederen, lanari uztea. Eta halako ihesaldirik ez zen gertatuko baldin eta aurreko egunean haietako langile euskaldun bat lepamozturik azaldu izan ez balitz eta hura izan zela, zalantza izpirik gabe, izu-laborria eta laztura hain azkar hedatzearen kausa. Gainera, frai Beremundok eskaera zehatza egin zidan. Labur bilduz, jakinarazi zidan ezen mendekua itsua denez, eta mendekatzaileengan Joanaren ustezko hilketagatik behiala larrutik ordaindu izanak haren erraietan aspaldi ernarazitako saminari eta gorrotoari, guztiz errugabeak izan zirelako oraingo egiaztapenak eratxiki zien gaitzidura zela bide, sortutako bortizkeria erabat neurrigabea zela jakitun, bere burua ere —euskaldun eta kolaboratzaile zuzena zen aldetik— arrisku bizian ikusten zuela. Eta, horrenbestez, arren eta otoi, eskatu zidan haren egoeraz gupidatu eta frai Estebani eska niezaion, harik eta egoera baretu eta jabalduko zen arte, bere karguaz libra zezala. Kirioak airean zituela, nire erantzunaren esperoan gelditu zen. Eta baita nik azkar asko eman ere zeren eta, haren hitzek, neure baitan samina sortarazi ez ezik, barrenak kiskali eta, brastakoan, burua galarazi egin baitzidaten! Fraide potoloari paparretik helduta, txabolaren kontra bota nuen hiraz eta, ukabila bere begitarte ikaratiaren aurrean paraturik, honako hau jaulki nion nire onetik guztiz aterata: —Ez ezazu ahantz, frai Beremundo, gaskoien agindupekoa zaren arren, ororen gain, Jainkoaren zerbitzaria zarela, eta horixe dela, azken buruan, axola duen bakarra. Eta Jainkoak, behin eta berriz, gu zenbaterainokoak garen erakuts dezagun halako froga latzak paratzen dizkigula, zeren eta, sutan ipini aitzin eltzea nolakoa den ezin jakin daitekeela egia handia den gisara, uka ezinezko egia da, orobat, Ahalguztidunarenganako gizonaren borondatea halako kinka larrietan frogarazten dela hobekien.... Eta bere buruari begiratzeko. Eta higuina eta nazka besterik ez zuela ematen bere jarrera koldarrak. Eta frai Estebanekin beraz mintzatuko nintzela, baiki, baina komentutik betirako egozteko eta bere berri jendeak orok izan zezan. Elkarrizketak bere horretan gelditu behar zuen. Egia da, neuk behintzat ez dut ukatuko, larderi kutsua bazutela nire hitzek, baina huraxe iruditu zitzaidan une hartan fraide uzkurra zentzatu eta, bidenabar, zentzuaren ildora ekartzeko era eraginkorrena. Tamalez nire hitzok ez zuten asko izutu! Alderantziz, nire solasaren aitzinean, postura erasokorra eta harroa hartu zuen guztiz beste behin ere, neuri zalantza gehien eragin ziezadakeen kontuaren inguruan tematuz, hots, Obra Handia eraikitzeko aukeratutako lekuaren egokitasuna. —Eta ez al duzu behin ere pentsatu ezen, elizan bertan hasi eta haren inguruan jazo eta jazotzen ari diren zorigaitzak oro, agian Jainkoaren Beraren borondatea baino ez dela? Hoc volo, sic jubeo, sit pro ratione voluntas. Beldur naiz ez ote dugun esaera hau maizegi geure egiten, gatibu gauzkan gizatiar kaiolan gaindi zeruari so egiteko dugun ezinean. Baliteke, halaber, jainkotiar aieruak behar bezala ulertzeko prestaturik ez egotea eta, ondorez, eta geure ezjakintasuna dela bide, haren gurariak bete beharrean, borondate zerutiarraren kontrako jokabideari atxikitzen gatzaizkiola itsu-itsuan. Agian, herri honek ez du merezi Jainkoaren grazia. Akaso, Sodoman eta Gomorran gertatu legez, bekatarion hobenak xahutuko dituen sua baizik ez du etorkizun herri honek. Bestalde, gelditzen diren langileekin apenas eutsi geniezaiekeen eliz arrunt baten eraikuntza lanei, are gutxiago, noski, zuk buruan darabilkizun egitasmo erraldoiari. Jakizu, jauna, ezen anitzetan, amore ematea jakintsuen jokabidea izaten dela eta, finean, Gaztelan bertan edo Frantzian ez zaizu aukerarik faltako Jainkoak merezi duen eta kristau guztien aipagai, jomuga eta itzalezinezko argia izanen den eliza hura eraikitzeko. Zure elizak oinarri sendoak behar ditu eta, dagoeneko, eraikuntza honen zimenduak odolak lohitu eta ahulduta daude. Ongi pentsatuz gero, ez da batere harrigarria gure Jaunak leku honi uko egin izana zeren eta, hona letorkeen kristauak ez bailuke gehiago gogoan izanen Jainkoaren etxean dagoela; bertan, behin lurralde osoa odoleztu zuen hilketa lazgarri bat gertatu zela baizik. Eta egoitzak sekula ez du lortuko arimarentzat ezinbestekoa den oinarrizko sosegua, eta gogoa aztoratu eta gorputza artegatu egingo ditu halako pentsamendu goibelek. Jendea ez da hona etorriko fedeak bultzaturik, esamesek sortutako jakin-minak hartaraturik baizik. Hitzok, are gehiago sutu ninduten! —Hi bezalako fraide aizun asko ikusita nagok ni lehenago ere! Hemen, errealitate bakarra zagok, eta hori duk ezen deabruak hamaika itxura eta molde har ditzakeela haren nahi zitalen burutu ahal izateko. Eta Beltzebuk oroz gain mozorro bat gustuko badu, hori, inongo zalantzarik gabe, eliza-gizonarena duk. Nire belarrietara iristen diren hitzak ez dituk, inondik inora ere, Jainkoaren ordezkari baten eleak baina bai infernuko etsai beltzarenak eta horren aurka, nik dakidala, erremedio eraginkor bakarra su garbitzailea duk! Egotz behingoan heure arima usteletik deabruaren mintzoa! Belaunika eta barkamena eska iezaiok Goi-goikoari heure baitan txerren gaiztoari ostatu eman izanagatik! Hau esanik, bi eskuez haren lepo gizenetik heldu eta indarrez belaunikarazi nuen mesprezuz begiratzen nion bitartean. Frai Beremundo, asteazkeneko arbolaren hostoa iduri, dardarka eta amiltzear zegoen. Begitartea bi eskuetan bildu eta, bat-batez, haur handi bat bailitzan, negarrari eman zion behin eta berriz barkatzeko eskatuz. —Gupida zaitez nitaz arren, jauna! Egoera latz honetan denok baikaude nahasturik, eta apika neu izan naiz Jainkoaren aieruak gaizki endelegatu dituena. Agian, Jainkoaren mezu aratza ikusten nuen horretan, geure fedearen sendotasuna erakusteko Berak bidalitako froga baino ez zegoen. Bai, orain argi eta garbi ikusten dut dena... Jainkoak zeu bezalako zerbitzari tinkoak behar ditu, haren nahiak zintzo bete ez ezik, irmotasunez betearaziko dituena, eta ez lehengo arkitekto txepel bekatari hura bezalakoak, zeinak merezitako akabera izan baitzuen haren saldukeriarengatik. Azken iruzkin hura bereziki deigarri gertatu zitzaidan eta, fraide kaskarinari emandako lezioa askietsita —bestalde, laguntzaile bakarra nuenez, guztiz beharrezkoa nuen eta, horrenbestez ez zen, inondik ere, nire asmoa hura salatzea, momentuz bederen—, eta neuri zinez axola zitzaidakeen beste eremuren bat jorratzeko ataka zabal-zabalik ikusi nuenez, abagune hura aprobetxatu nahi izan nuen. —Ongi da, frai Beremundo, egi-egiatan esandakoaz damuturik zaudela sinesten dut eta, horrenbestez, ezin ukatuko dizut beste aukera bat; gauzak horrela, espero dut, ordainez, ez didazula behin ere hutsik egingo. Azken finean, elkarren arteko konfiantza indartzeko tenorean gaude ezen, bestela ere, bai baitugu aski etsai han-hemenka, sasian ezkutaturik, gu ustekabean harrapatu eta gure erraiak erauzteko pronto beti ere. »Baina ez dezagun gure eleketa eten eta emadazu, mesedez, lehengo arkitektoaren berri, zeinetaz, zurrumurru franko entzun arren, deus gutxi dakidan. Eta nire aurrekoa izan zenez gero eta, hortaz, urruna bada ere, elkarrenganako nolabaiteko lotura dugunez gero, are gehiago pizturik daukat haren bizitzarekiko eta, batik bat, haren heriotzarekiko jakin-mina. Frai Beremundok sotana astindu eta patxadaz eseri zen hondar muino baten gainean. Haren aurpegia irribera ageri zen eta bi eskuak kopetaren alde banatara eraman eta postura horretan egon zen pare bat minutuz, hausnarketa sakonetan murgildurik bezala; itxuraz, bederen, ez zirudien arestiko tira-bira latzek asko erasan ziotenik. Soa altxa gabe hasi zen hizketan: —Jean Champollion zuen izena, Bordelekoa. Oso gizon jakintsua eta argia. Tamalez, berezko bertute askoren artean bazituen... nola esango nuke? Zenbait grina gaizto berarengan. Horrek erakusten digu gizakia, Jainkoaren irudira eginagatik ere, akastun eta inperfektua dela eta, hortaz, bizitza Jainkoak eskaintzen digun perfekzio osoa iristeko bidea baizik ez dela. Grina gaizto haien aitzin-gibelak ezagutzeko irrikaz nengoen ni, jakina. —Harrigarria da gizon horri buruz hain gutxi hitz egitea, esan liteke jendeak gaia ekidin nahi duela, aipatze hutsak beldurrik emango balio bezala— isuri nuen gogoeta gisara kasik, Beremundo nola edo halako segida ematera akuilatu nahian. —Jeanen kasua benetan misteriotsua dela esango nuke nik. Gainera, Joanarekin nolako lotura estua zuen kontutan harturik, eta gorpua lehengo elizaren hondakinetan azaldu izanak, bide eman lezake pentsatzea ezen haren heriotzarekin nolabaiteko zerikusirik izan zuela. Hala ere eta susmoak susmo, argi utzi nahi dut behin ere ez zaidala burutik pasa Jean hiltzailea izan zitekeenik eta, egia aitortu behar badut, neuk ere lagun mina nuen arkitekto bordeletarra eta haren heriotzak zinez mindu ninduen, anaia bat hil balitzait bezainbeste mindu ere. Bestalde, Jean gizon zintzo eta prestua zen eta, ausaz, gorpuaren gordetzean nola edo halako esku hartzerik izanez gero ere, ez dut zalantza izpirik ere arrazoi sendoak izango zituela horretarako. Azken hitz haiek esan zituelarik, damu imintzio bat marraztu zitzaion begitartean. —Joanaren hilketan inolako partehartzerik izan zuela esan nahian al zabiltza? Fraide lodikoteak burua jaiduraz astindu zuen ezetza albait borobilen itxuratu nahian; baina, ahalegin traketsean, masaila gizenak zakurtzar baten modura astindu zituen alde batera eta bestera, lehengo arkitektoaren izen ona garbitzeko haren nahi zintzo eta tematia barregarritasunaren aldera lerratuz eta, hein batean bederen, bere asmoa zapuztuz. —Zertan zetzan zehazki neskarekiko lotura hura? —Jeanek bazuen hainbat onddo, belar, eta perretxikoekiko zaletasuna. Atxikimendu hura laster mendekotasun bilakatuko zen, hau da, hezur-muinetaraino sartuko zitzaion grina ase ezina. Eta, egia bada edabe, enplastu eta jate malapartatu haien bidez zenbait unetan jenialtasunaren marra gainditzen zuela, egia da, orobat, aunitzetan, berauek arkitekto bikain hura etsipenaren azken muturreraino eramaten zuten eroaldien kausa izaten zirela. Joana ere —ohiki egiten zituen sendaketa-lanak zirela bide— belar zalea izaki, aurki egin zituzten elkarren arteko ezagutzak. Ordu luzeak ematen zituzten belar batzuen ustezko sendatze ahalmenaz hizketan; baita belarrak eta onddoak trukatuz eta dastatuz ere. Jakingo duzun bezala, jauna, bertako jendeak zernahitarako erabiltzen ditu belarren bidez egindako edabe, ukendu eta txaplatak, baina, batik bat, basoko biztanle pagano horiek. —Hortaz —eten nion haren hizketaldia neuk nahi nuen ildora ekarri nahian—, menditarrekiko harremanak belar haiek kontsumitzeko zuen beharretik sortu ziren, Joana tartean zela... —Ez dago jakiterik basoko jendearen eta arkitektoaren arteko ezaupidean Joanak zenbaterainoko zerikusirik izan zuen. Halarik ere, eta Joanak sarri basati haiekin nolabaiteko hartu-emanak izaten zituela kontutan harturik, ezin bazter daiteke aukera hori. Ez du axolarik. ordea, Joanaren bidez ala bere kabuz hasi zituen hartu-emanak, baizik eta Jeanek inolako ordainik egiten ote zuen. —Balizko ordainketaz kezkarik? —Ez natzaizu diruaz ari, on Gonzalo, informazioaz baizik Jakingo duzun bezala, basoko biztanleek, Itain izeneko erraldoia buru dutela, merkatari, erromes eta, orobat, jende baketsuari lapurtuz ateratzen dute bizimodua. Halaber, anitz izan dira haien exijentziei uko izanagatik krudelki porrokatuak eta hilak izan direnak, adin, jatorri edo sexuari batere erreparatu gabe. Eta gauzak hala izaki, gertatu zen ezen Jean basoko kriminal haiekin harremanetan egon zen boladan, Donostia inguruko bazter, errekondo zein bidezidorretan gertatu lapurretak eta hilketak, nabarmendu ugaldu zirela eta, ondorez, agintariek errezeloa hartu zuten arkitektoarenganako, hark oso lotura estua baitzuen Donostiako jende inportantearekin eta, horrenbestez, beraien joan-etorriak hagitz ongi ezagutzen zituen. —Oharpenak ere egingo zizkioten noski.... —Horixe egin zizkiotela! Ondo alferrik ondikotz, zeren eta Jeanek, Donostiako handikien inguruko informazioa pasa izana ukatzeaz gain, agintariei leporatu zien bere bizitza pribatuan lardaskan ari zirela eta, finean, egindako salaketa larri haiek, Donostiaren inguruko segurtasun ezari aurre egiteko zuten ezintasuna estaltzeko jukutria baino ez zela eta, hortaz, petxero bat behar zutela jendea lasai eta sosega zedin. Orobat, belarrekiko atxikimendua onartu zuen; baina belarrak ez zituela erabiltzen bere probetxu eta plazererako baizik eta Jainkoarengana are gehiago gerturatzeko. Zeren eta ukendu, edabe edo enplastu haiek bere gogoa gorarazi egiten baitzioten, halako suertez non, Jainkoaren presentzia hurbilago senti zezakeen eta, Haren etxea eraikitzeko ardura zuenez, hura zen gerta zitekeen gauzarik handiena eta, gisa horretara, belarrek Jainkoaren nahietara hurbiltzeko bidea ahalbidetzen omen zioten. Azalpen hauek, noski, ez zituzten agintariak ase, ezta lasaitu ere. Hala ere, elizaren eraikuntzaren jarraipena lehenetsi zuten susmoen gainetik eta, errezeloak errezelo, eraikuntzari segida emateko baimena eman zioten; hori bai, soka motzean lotu zuten badaezpada ere. Joanaren desagerpena gertatu eta egun gutxitara, honez gero jakingo duzun bezala, basoko biztanleen kontrako jazarpen ikaragarri bati hasiera eman zitzaion. Haietako asko basoan bertan hil zituzten; beste asko gatibu hartu eta, Donostiara ekarrita, bizirik erre zituzten deabruaren zerbitzura zeudela leporatuta; gutxi batzuek ihesari eman eta, inguruko euskaldunen konplizitateaz, salbatu ahal izan ziren. Azken hauen artean, Itain deritzan bide-lapur hura zela. Fraideak burua doi bat makurtu eta begiak kizkurtu zituen; bat-batean haren karantza guztiz itxuraldatu zitzaion, aspaldiko oroitzapen latzen geziek bularra alderik alde zeharkatu baliote bezala. Burua jaso gabe jarraitu zuen hizketan: —Oraindik gogoan ditut koitadu haiek erre zituztenean Donostiako plazan. Eta zalantzarik ez dut ezen gehienek ongi merezia zutela halako zigor gogorra, zeren eta badakigu pagano haiek deabruari eskainiak dizkiotela beren gorputz eta arimak, eta guztion ahotan dabil oihanarte barrenean nolako izugarrikeriak prestatzen dituzten, Beltzeburen laguntzarekin, kristau zintzoak hobeki galtzeko. Eta, azken finean, izurrite beltzari buru egiteko, zein sasi txarrak desager-arazteko erremedio eraginkorrena sua den bezalaxe, berdin gertatzen da fedegabe madarikatu haiekin. Baina, nago, haien umeei, bederen, Jainkoaren grazian hezteko eta, gurasoen kulpaz beti ere, jaiotzatik beretik belzturik duten arima garbitzeko, aukera eman behar zitzaiela. —Haien haurrak ere erre al zituzten? Jainkoa! Orain ederki asko ulertzen dut lurralde honi zergatik darion gorrotoa, gorrotoa nonahi eta naharoki: lehen ereindakoa ari zarete, orain, ahurka jasotzen. —Denontzat egun gogorrak izan ziren; eta ez dut nik ukatuko, fedearen izenean egindako jazarpen hartan eta ustez zentsagarria behar lukeen ondorengo zigor gupidagabean, hain agerian ez zegoen beste arrazoiren bat egon ez zenik, hala nola mendekua edo bi komunitateen artean luzaro izandako tirabirek sortarazi ezinikusia eta aiherkundea. Une lazgarriak izan ziren, bai, ezein kristaurentzat ez baita gozoa izaten orduan gertatutakoa ikustea —hau esanik frai Beremundok burua altxatu eta malkoz bustitako begiez so egin zidan—: Gizonak gupida eskatzen, ez beraientzat, baina beren seme-alabentzat; eta andre haiek, etsipenaren etsipenaz, altzoan zuten titiko haurra haiengandik egotzi nahian suak erre ez zezan... Fraidea biziki hunkiturik zegoenez, pixka batez utzi nuen lasai, haren baitan bildurik, albait azkarren une hartan behar zuen sosegua atzeman ahal zezan. Aurki berreskuratu zuen fraideak behar zuen naretasuna eta, berriki mintzatzeko eran ikusi bezain laster, arkitektoaren gaiari atxiki nintzaion, —Zehazki, nola hil zuten Jean? —Arkitektoak, egunean baino egunean, apalduago eta gogogabetuago zirudien. Elizaren eraikitze lanetan ia ez zen agertu ere egiten eta, azkenean, agintariak ezarritako kontrol zorrotzari itzuriz, misteriotsuki desagertu zen. Agintarien ustez, soseguz egoteko behar zituen edabe eta ukenduak eskuratu ezinak eragiten zizkion larritasuna eta estura zirela bide, ihes egin zuen basora, Bi astez bilatu zuten arkitektoa oihanean zehar. Azkenean, putreek eta basapiztiek txikitutako haren gorpua zingira baten ertzean ediren zuten. Bizkarrean, aizkora batekin ukaldika egindako gurutze bat ageri zitzaion. Hotzikara batek gorputza inarrosi zidan. Gorrotoaren ibaia, urteen poderioz, hazi eta hazi egin zelarik, orain uholdeka zetorkigun gu guztion hondatzera eta betiko galtzera. Fraidea ez nuen gehiago mintzarazi. Entzundakoa aski izan baitzen gure oinazpian lurrik ez, baina lokatza zegoela egiaztatzeko. Emeki-emeki gu denok irentsi behar gintuen basatza ikaragarri bat.
Arkitektoa |