Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007

 

 

V

 

      Batzar-etxera iritsi nintzenean, jadaneko agintari gehienak bertan zeuden hizketa betean. Ioannes d´Altruy komisarioa kontulariarekin ari zen jardunean eta, ni ikusi bezain laster, keinu egin zion bere mintzakideari disimuluan. Tomas de Guiloc abade gaskoia irribera niregana inguratu eta haren ondora esertzera gonbidatu ninduen.

      Alkaidea ez zen artean bilera aretora heldu.

      —Espero dut —xuxurlatu zidan abadeak adeitsuki— azken egunotako gertakari tamalgarri hauek ez diotela era nabarmenean eragingo elizaren eraikuntzari eta, egun bizitzen ari garen egoera mingots hau, iragankorra izango dela.

      Haren hizketa pausatuaren azpian, kezka eta ardura antzeman zekizkiekeen abadearen hitzoi.

      —Lasai egon zaitezke, frai Tomas, zeren eta nire bizitzaren funtsa nik Obra Handia deritzodan eraikuntza horretan baitatza eta, horrenbestez, bizi-izpiren bat geratzen zaidan artean, eraikuntza lanak ez dira geldituko. Finean, ez gara eliza arrunt batetaz ari, Gaztelako erreinuan zein inguruko erreinuetan inoiz egin eta, ziur asko, egingo den tenplu ikusgarrienaz baizik zeina, ez ezazu zalantzarik izan, berandu baino lehen kristautasunaren erreferentzia eta bilgune bilakatuko den. Egundoko ardura dugu eskuartean, zeren eta Jainkoak Berak aukeratuak izan baikara Bere etxe nagusiena izanen dena eraikitzeko, oztopo eta traba guztien gainetik, baita, ahaleginean gure bizia galdu behar badugu ere.

      —Zinez miresten dut zure tinkotasuna on Gonzalo, eta ziur nago Jainkoak —ezin bestela izan eta— bete betean asmatu duela zeuregan ardura ikaragarri hori paratzerakoan; baina, hala ere, ezin ahantzi dugu ezen gu gizakiak garela eta, horrenbestez, ahulune aunitzen jabe eta, zorigaitzez, bekatua egiteko joera gizonak berezkoa duenez, komeni izaten dela uneoro erne eta argi egotea, zeren eta, maiz, bekatuak gure adimenaren zirrikiturik txikiena ere bilatzen baitu, bertatik eta geure oharkabean, hobeki gu tentatzeko eta bere lan gaiztoaren obratzeko. Bide batez, esan dezadan ezen, gauza jakina baita, Jainkoaren zerbitzariak garenok dituela gustukoen deabruak eta, hortaz, haren mugagabeko gaiztakeriaz entseatzen dela gau eta egun gu galtzera eta, hala bada, haren tentaldi batzuk hagitz nabarmenak diren bezala, beste batzuk, handikeria, kasu, oharkabeago pasatzen dira gizonon hautematetik, ez, ordea, Jainkoaren begitik.

      Ez dago esan beharrik abadearen hitz hauek zenbateraino sutu eta sumindu ninduten. Bazirudien trabak eta arerioak ez ezik, ustez lagunak eta ongileak behar zuten haiek ere aurka nituela.

      Neure burua apaltzen ahalegindu nintzen. Alfer-alferrik ondikotz!

      —Handikeria frai Tomas? Geure eskuez sortaraz dezakegun edertasun handiena Jainkoaren zerbitzura jarri nahi izatea, handikeria ote? Zeu ere frai Beremundoren eskolakoa al zaitugu? Hala bada, hobe zenuke lehenbailehen aitortzea; Jakin dezagun behinik behin, gure inguruko eta ustezko kolaboratzaileek nolako pentsamoldea duten afera honi dagokionez. Alkaidea ere horren jakitun al dago? Jakizu, frai Tomas, kinka larri honetan epelkeriatan jokatzea, traizioaren parekoa litzatekeela!

      Nahita ozenki jaulkitako nire hitzek berehala isildu zituzten gainontzeko batzarkideen ahotsak, zeinek beren begirada zorrotzak geuregan finkatu zituzten. Orain dena prest zegoen apaiz zirtzil horren portaera lotsagarria agerian uzteko.

      —Jainkoari eder egitea, berez, ez da txarra —ihardetsi zuen frai Tomasek, ingurukoen begiradengatik batere kikildu gabe— bai, ordea, Hark merezi duen loria baliatzea norberaren burua goratzeko. Eta beldur naiz, on Gonzalo, akats larri horretan ez ote zaren jausi, eta Jainkoari eta ez beste inori dagokion aintza ez ote duzun, neurri batean bederen, zeureganatu nahi.

      Erantzunik zorrotzena nire ahotik ateratzear zegoela, aretoko atea ireki eta alkaidea sartu zen, goibel eta burumakur zetorren guregana. Hortaz, elkarren arteko begirada zorrotz batez bertan behera gelditu zen Tomas de Guiloc eta bion arteko liskarra, beste une egokiagoren zain beti ere.

      Pierres sartzearekin bat eta haren keinu bat seinale izan zela, mahai luze baten jiran eta aurrez aurreko bi lerrotan eseri ginen. Ondoren, Pierres mahaiburu jarri zitzaigun.

      Alkaideak isilik zirauen, hatz-mamiak aurpegiaren parean bildurik, otoitzean legez; bere motelean urduri zirudiela, zain.

      Berehala ohartu ginen mahiaren beste buruan aulki bat hutsik zegoela, eta elkarri begiratu genion, aulki hura norentzat izango ote zen kabalak egiten genituen bitartean.

      Aurki argituko zen misterioa!

      Atea ostera ere zabaldu eta, herrenak uzten zion ahalik eta arinen, kapusai batekin burua estalita zeukan fraide bat sartu zen: frai Esteban zen, noski.

      Gure aurrera iritsi zelarik, buru-makurtze apal bat egin diosala modura eta eseri egin zen. Gero, kapusaia erantzi zuen haren bisaiaren erabateko zurruntasuna agerian utziz, halako taxuz, non esan zitekeen haragiz ez baina harriz eginda zegoela gorputz txiki hura. Eta, artean ere erreakzionatzeko astirik ez genuela izan, fraidearen begi zorrotza lanean hasi zen, gu banan bana sakonki arakatuz; eta sakonki diot zeren eta bazirudien haren begi-ukaldia gure jantzien, eta are, geure haragiaren azpitik barneratzen zela arimaraino bereraino heldu arte.

      Alkaidearen hitz astunek urratu zuten, finean, tentsiozko instante hura.

      —Jadanik jakingo duzue bilera honen helburua eta xedea zein den. Eta inolako zalantzarik balego, esaldi soil batez laburbilduko nuke: denon borondate on eta zintzoa nagusitu eta, haren bitartez, muga eta xahu dezagun, behingoz, odolaren mintzoa.

      Isilune luze bat egin zuen geure arreta osoa bereganatu nahian, jarraikian esan behar zuenaren garrantziaz guztiz ohar gintezen. Eta maisuak ikasleen ernetasuna pizten dakien bezala, horrelako errespetu eta miresmenez bereganatu gintuen agintari zaharrak, haren hitz argiaren zain eta aiduru. Baina gezurra esango nuke gu guztion erabateko aditasunaz jabetu zela adieraziko banu, zeren eta artean ere frai Estebanek, alkaidearen jardun zeremoniatsuaz arras axolagabe, bere hartan jarraitzen baitzuen, geure zirkin txikiena ere hoztasun handienarekin aztertuz.

      —Hemen gaude erabakiak hartzeko; erabaki garrantzizkoak eta, Jainkoa lagun, zuzen eta justuak. Horretarako, eta zeuen aldetik eragozpenik ez bada, lehendabizi jakin nahi nuke, komisarioaren ahotik, uneotan bizi dugun egoera zein den; zeren eta nekez har genezakeen neurri egokirik baldin eta aurretik errealitatearen berri zehatza ez badugu. Ondoren, norberak bere iritzia azal dezala ea, gu guztion borondate onaz, makurraldi hau konponbidean paratzen dugun.

      Joannes, nagiz eta desgogara jaikitzeaz bat Frai Estebanek, ukabilak estutuz eta ezpainak dardarka, higuin keinu esanguratsu bat itxuratu zuen. Komisarioak alkaideari begiratu zion mintzatzen hasteko baimenaren eske. Berehala, gorrotoaren ispilu latza bilakatu zen fraidearen aurpegia komisarioaren aurrean; Joannes d'Altruyren gizonek behiala eragindako triskantzak, antza, bizi-bizitik zirauen haren gogoan.

      Azkenean, esku mugimendu azkar batez, alkaideak mintzatzeko agindu zion komisario odol-beroari.

      Adi eta erne geundela, komisarioak kontaerari ekin zion.

      —Neskaren gorpua azaldu zenetik, liskarrak etengabeak izan dira; halarik ere, istilu larrienak hamabiren bat izan dira orain arte eta, beraietan, hamar lagun hil eta hogeiren bueltan zauritu dira. Eraso gehienak, hiritik kanpo eta euskaldunek eragindakoak izan dira —hau esatearekin batera, frai Estebani tinko begiratu zion, mespretxuz. Honek, aldiz, komisarioaren behakoari eutsi zion desafiatzaile.

      Frai Esteban zutik jarri eta urrats batzuk eman zituen harat eta honat. Azkenean, komisarioaren aurrean geratu eta, burua altxa ere egin gabe, ozenki jaulki zion galdera:

      —Esan al zenezaguke, hildakoetarik zenbat diren euskaldunak eta zenbat gaskoiak?

      —Horrek ez dio axolarik orain! Zeren odola, berdina baita gizon guztientzat, euskalduna edo gaskoia izan —erantzun zuen, brastakoan, frai Tomasek—; azken finean, Jesukristo gu guztiok, fededun ala fedegabe, nekazari ala hiritar, salbatzearen amoreagatik hil baitzen gurutzean. Eta Jesukristok bizia emateko orduan gizonetan inongo bereizketaik egin ez bazuen, nor gara gu inoren azalari begiratzeko, mamia alde batera utzita? Poetak ere ederki adierazi zuen bertso eder hartan: Homo sum, humani nihil, a me alienum puto. Hara frai Esteban; jendea hiltzen ari da. Herri hau odolusten ari da. Arazo larri honi amaiera nola eman, hortxe dago koska!

      —Azpisapo zikina besteren ez haizen hori! —egotzi zion fraide euskaldunak orroka abadeari— horregatik hil zenituzten hainbeste eta hainbeste euskaldun, paganoak zirelako aitzakiaz? Orduan beraiek isuritako odola ez al zen, bada, borreroenaren berdina? Gizon-emakume errugabe haien jatorriari so egin gabe hil zenituzten akaso?

      Hitz gogor haiek jaurti bezain laster, Joannes zutitu eta, eskua ezpata-burura eramanez, alkaideak zer esango zain geratu zen.

      Pierresek, esku keinu batez, jesartzeko agindua igorri zion komisarioari, baita honek, erdi purrustaka, berehala bete.

      —Ez dugu eztabaida hutsaletan denbora galduko —esan zuen alkaideak oso sinesgarria ez zirudien tinkotasunez—. Hemen gauzak konpontzeko gaudenez, jarraian nire erabakien berri emango dizuet. Ez dut behin ere zalantzan jarri auzi korapilatsu hau konpontzeko duzuen borondate ona; hala ere, ulertuko duzuen bezala, erabaki batzuk hartu eta beste batzuk baztertu beharrean nago.

      Guk bagenekien jakin, esatear zituen ebazpenek, azken egunetako liskarren bilakaera ez ezik, herriaren, eta hatik bat elizaren geroa alde batera edo bestera lerratzea erabakiko zutela. Agian, geure bizia bera ere, erabaki haien mende egon zitekeen.

      Arnasa sakon hartu eta haren deliberamenduaren berri eman zigun:

      —Oraingoz ez dut soldadurik bidaliko matxinoen borrokatzera; baina Gaztelako erregeari errefortzuak eskatuko dizkot, herriaren mugak eta elizaren eraikuntza albait modurik egokienean zain ditzagun. Elizaren eraikuntzaz denaz bezainbatean, dei berri bat egingo dugu alde egindako langileek utzitako hutsuneak bete ditzagun; horretarako, lehengo soldata bikoiztu eta langileei zein beren familiei, babes osoa eskainiko zaie. Beraz, geure aldetik ez da erasorik egongo, eta gure jarduera militarra geure burua eta herriaren ondasunak defendatzera mugatuko da. Bestalde, egoera makur hau gainditu arte gutariko bat bedera bere kargu eta ardurari prestasun handienaz lotuko zaio; hala ere, eta behin auzia konpon bidean jarririk, agintaritzatik erretiratuko naizela zin dagizuet, eta gauza bera egiteko eskatuko dizuet orain arte hain fidelki eta leialki zerbitzatu nauzuen zuoi, baldin eta sakrifizio honek bakea betikotzeko balio badu.

      »Azkenik, badakit hau guztia alferrik izango litzatekeela egoera larri hau eragin duen gertakari misteriotsuari heldu eta betirako argitu ezean. Zinez, ez zait axolarik misterioa nork ikertu; berdin zait gaskoia, euskalduna edo gaztelaua izatea, baldin eta egia behingoz jakiten bada. Hau dela eta, bere burua hain prestuki edozertarako eskaini duen on Gonzalori, beharrezkoak diren ikerketak bere gain hartzeko eskatu nahi nioke, zeren eta neure konfiantza osoa izateaz gain, hain ilun, korapilatsu eta ulertezin dirudien hilketa hau argitzeko behar hainbat adimen eta argitasuna baititu. Eta aparteko jakinduria ez ezik, beste bertute baten jabe ere bada gure arkitekto zintzo eta ohoreduna: aspaldiko bi herrien arteko gatazkaren lekuko izan ez denez, haren inpartzialtasuna ziurtatua dago. Hala eta guztiz ere, inork inongo eragozpenik izango balu orain esan dezala, eta bere iritzia kontutan hartua izango da.

      Agintariak oro frai Estebani so. Fraide euskalduna, aldiz, hausnarrean eta isilik.

      Erabakia, hortaz, hartuta zegoen. Zur eta lur gelditu nintzen! Ez bainuen inondik ere espero horrelako eginkizun zail, labain eta, batik bat, garrantzitsua nire esku uztea. Alde batetik ardura hori erakargarria zitzaidan Joanak niregan sortarazten zuen lilura eta miresmenarengatik; bestetik, erantzukizun handiegia neritzon, kontutan harturik, finean, gatazka odoltsu baten bilakaera, hilketa ilun hura argitzeko izan nezakeen abilezian edo fortunan zetzala. Hilketa lazgarri horren korapiloa askatzen izan nezakeen balizko arrakastaren mende zegoen, beraz, herriaren eta elizaren geroa. Erronka ez zen makala, baina banekien halako sakrifizio eta proba gogorra neure gain hartzeko derrigortuta nengoela, inoiz nire Obra Handia gauzaturik ikusiko banuen, bederen.

      Eta bazirudien batzar garrantzitsu hura horrela bukatuko zela, baina une hartan zerbitzari bat aretora sartu eta iragarri zuen agintari militarren mandatari bat bertan zela, aldameneko gelan, eta ustez egundoko garrantzia zuen berri bat eman behar zuela.

      Joannes alkaidearengana inguratu, eta zerbait xuxurlatu zion belarrira; ondoren irten egin zen.

      Itxaronaldia laburra izan arren, amaigabea iruditu zitzaigun, zainak ematen baitzigun ezen, zinez, larritasun handiko gertaera baten aurrean geundela.

      Komisarioak itzultzean ageri zuen begitartearen seriotasunak, geure susmoa baieztatu besterik ez zuen egin.

      Joannes d'Altruy komisarioa berriz ere bere tokian eseri zen, eta bi eskuak elkarturik, burua astunki gainean bermatu zuen. Horrela egon zen lipar batez, begiak itxirik eta arnasa larritasunez hartuz eta boteaz. Azaldu behar zuenari nondik heldu gogoetan egongo bailitzan. Azkenean hitz egin zuen:

      —Izugarria gertatu da, jaunok. Eta sinets iezadazue esaten badut ez dudala hitzik aurkitzen basoan gertatu den triskantza zuei azaltzeko.

      Gure begiak Joannesen begietan tinkatu genituen; gero, elkarri begiratu genion, gure aurpegi harrituetan gertatutakoaren zantzurik bilatu nahian edo.

      Alkaidea zutitu eta amorruz mintzatu zen.

      —Noiz arte eduki behar gaituzu zain, komisario jauna?

      Joannesek buruaz baiezkoa egin eta, behin behar eta, kontatzeari ekin zion:

      —Bat arrastean gertatu omen da. Bordeleko dukearen alaba, Marianne d'Arceau, eta bere segizioa Burgos aldera zihoan, on Leandro de Medinavilla, Mirandako kondearekin ezkontzekoa baitzen. Bidean, Donostiatik bi legoa eskasetara, Ariztibeltz deritzan lekuan eta basoa zeharkatzen ari zirela, menditarrek segada egin diete. Gaur goizean artzain batek gorpuak ikusi eta agintari militarrei abisu eman die. Soldaduak basora bertaratu direnean, zur eta lur gelditu dira, hain zen ikaragarria beren begien aurrean ageri zen hilkintza. Gizonen gorpuak bururik gabe eta txiki-txiki eginda zeuden, basoaren hainbat bazterretan sakabanatuak. Emakumeen arrastorik berriz, ez zegoen inon; ez Mariannerenik, ezta berarekin zihoazen dama eta zerbitzarienik ere. Hainbat orduz bila eta bila jardun ondoren, basoaren argi-une batean aurkitu dituzte emakumeak: denak hilotzik. Itxura batean, lehendabizi era basatian bortxatu eta, ondoren, lepoa moztu diete. Ez pentsa, hala ere, basati haien izugarrikeria hor bukatzen denik, zeren eta etxera bidean, Bordeleko dukearen alaba zaintzen zuten gizonen buruak topatu baitituzte, ustekabean; non eta, Joana desagertu zenean, menditarren aurkako sarekada handi hura egin zen tokian, hain zuzen ere. Buruak makila banatan ipiniak zeuden, ahoan sarturik barrabilak zituztela; gainera, soldado-buruaren esanetan, makilak ez ziren edozein modutan antolatu, noble eta soldado bipil haien buruek, artean ere ikara zantzuak ezabatuta ez zeuzkaten buru haiek, gurutze handi bat osatzen baitzuten.

      —Hiltzaileez ezer ba al dakite?— galdetu zuen nabarmen hunkitua zegoen alkaideak.

      —Erasoa jo duten lekuan menditarren hiru gorpu azaldu omen dira; gainera, oso litekeena da beste batzuk zauritu izana, ingurumari guztian odol arrastoan non-nahi baitzeuden. Hildako matxino haiek Itain delakoaren taldekoak zirela este dute. Soldaduek inguramendu guztia arakatu arren, lehen aipatu odol arrastoaz gain ez dute beste aztarnarik aurkitu. Ziur asko, sarraskia eginda, mendietara gordeko ziren atzera; zeren eta, dakizuen bezala, aunitzetan mendia dorretxerik gotorrena bezain babesle segurua izan baitaiteke. Gainera, haietako asko artzainak izaki, lurraldearen ezagutza dute aldeko, eta horretaz baliatzen dira erasoa ahal den modurik eraginkorrenean jotzeko.

      Alkaidearen begitartea argizarizkoa zen, erabakia hartu zuenean. Hitzak parrastaka eta haien kabuz jaulkiko balitzaizkio bezala isuri zituen. Nahiak ez baina eginbeharrak eta ezinbestekotasunak taxutuko balituzte bezala.

      —Gaur bertan mezularia bidaliko dugu erregeari berri txarra eta gure doluminak ematera; bide batez, eta bizi dugun egoera bideratze aldera, laguntza militarra lehenbailehen helarazteko erregua egingo zaio; era berean, Alfonsoren aldeko gipuzkoar noble guztiei armak eta gizonak ekartzeko eskatuko zaie eta, behin gudaroste indartsu bat osaturik, Donostia inguruko bazterrak oro miatu eta garbituko ditugu, matxino bakar bat ere ez gelditzeraino. Oso garrantzitsua da hau dena tentu handiz egitea, Nafarroako errege Antsok zein haren alde jarri litezkeen bertako hainbat jauntxo epelek susmo txarrik har ez dezaten.

      »Bestalde, eta erantzun militarra bezain ezinbestekoa deritzodan Joanaren hilketaren inguruko ikerketari dagokionez, ahalik eta azkarren hastea eskatzen dizut, on Gonzalo, zure lanaren emaitzen arabera gertakizunen balantzak alde batera ala bestera egin baitezake.

      Alfer-alferrik izan ziren Frai Estebanen kontrako arrazoiak eta oharpenak: alkaideak erabakia tinko harturik baitzeukan. Ezin bestela izan, bestalde; zeren eta hildakoak jende printzipala zenez, huraxe zuen irtenbide bakarra. Eta, nago, guztiz zuhur jokatu zuela horrelako egoera larria, gehiago korapila eta nahas ez zedin. Bai baitzekien, erantzuna Gaztelako errege Alfonsoren eskutik etorriz gero, askoz ere bortitzagoa eta odoltsuagoa izanen zela.

 

Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007