Karramarroaren aztarnak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1997

 

 

MUSEORA BISITALDIA

 

      Eguzkiak ez zeukan bakerik arratsaldeko hiruretan. Faveletako biztanleak, txaboletako galdatan egon ezinik, behera jaitsita zebiltzan itsasoan jostatzera, hain justu Arte Garaikidearen Museoa gordetzen duen gotorlekuaren ertzetara.

      Aurreko egunetako itsaso zakar eta iluna, berde gardenaren barera derrigortuta zeukan halako eguraldi garbiak. Gotorlekuko harritzarren gainetik urpeko hondoa ikusten zen harkaitz biribilez estalia. Noizik eta behin buztanbeltxen bat ere ageri zen plastikozko hondakinen artean, batez ere etzanda egiten bazuen igeri: orduan eguzkiaren errainuak zilarkadaka bueltatzen ziren urpe ilunetatik urazalera, ezkatazko ispilu bizidun horietan errebotatuta.

      Segurtasunerako zaindari nabarmenak pauso geldoz zebiltzan harresietan, faveletatik jaitsitakoen zelatan eta, bidenabar, beraien boleibol partiduari begira. Hamabost urte inguruko neskatila bati ere behatzen zioten, nekagabeki arroka baten muturretik behin eta berriz egiten zuenean dzanga. Buruz behera, airean hiru bira emanda sartzen zen ur azpira, gezi batek sortuko lukeen apar apurra eginez. Hari guztiari eta gehiagori begiratzen zioten bitartean, zaindariei izerdi iturritxoak sortzen zitzaizkien kapelu eta betaurreko beltzen azpian. Negua zen Bahian baina, errukirik gabe, bazirudien ekia ez zela oraino horretaz jabetua.

      Clesia eta biok taxi berri batean iritsi ginen. Gidariaren galderari baietz erantzun genion, baietz, atsegin zitzaigula reggae musika, baina damutu nintzen. Ederki damutu ere. Neuk disparatu nion sheriffari, I shoot the sheriff entzutea gauza bat da baina bozgorailu eta belarrietako mintz guztiak apurtzeko zorirainoko bolumenera ez nago ohituta. Clesiak eroso ematen zuen, ordea, burrunba hartan. Are gehiago, nola eta zergatik ulertzen ez banuen ere, oso gustura zihoala esango nuke. Horregatik geratu nintzen isilik ezer esan gabe. Ez nuen gringo alu bat izan nahi taxilariarentzat eta, are gutxiago, Clesia ederrarentzat.

      Portutik Museorainoko bide guztian, Bob Marley gizajoak Clesia eta taxilaria izan zituen korukide. Clesiak, gainera, abaniko batekin ene izterretan joz jarraitzen zuen erritmoa. Lau kilometro eskas izango ziren baina niri, behinik behin, luzea egin zitzaidan oso taxi barne hartako ibilbidea.

      Aparte geratzen da benetan Bahiako Arte Garaikidearen Museoa: autobidetik eskumara hartu behar da, bertara baizik ez doan bide aldapatsuan jaisteko. Berez favelagunerik ez da zeharkatu behar baina egon, hantxe daude favelak, museoaren eta autobidearen arteko inorena ez den eremu malkartsuan. Batzuek errepidearen beraren zubietako begiak profitatzen dituzte aterpeak egiteko baina gehienek ahal dutenarekin jasotzen dituzte etxolak, batez ere hondakin biltegietan aurkitutako okume eta latazko xaflekin. Beherago, gaur Museoa den gotorlekua ageri da, eta haruntzago, hiru metro lodiko harresien atzean, itsasoa dago.

      Museo inguruko hormatzar guztiak arrezifeetako harriz eginak daude, elkarri balea koipez eta hondarrez itsatsita. Duela 165 urte arte, lan horretxetara behartzen zituzten gaur faveletan bizi direnen aitonen aitonak. Jopuak ziren haiek, Afrika beltzenetik portugaldarren untzietan ekarritako esklaboak.

      Taxitik irten ginenean, bizkar guztia izerditan neukan eta izterrak autoaren skayan itsatsita. Eguerdian edandako guaraná guztiak derrepentean irten nahi zuen azaletik kanpora. Itota nengoen, neure izerditan itota. Clesia, ostera, alai zegoen oso, izerdi tanto bat bera gabe, irribarrea hortzetan, sagar koloreko bere minigona belaunetarantz tenkatzen zuen bitartean. Bera jaiotako eskualdean Bahian baino bero handiagoetara ohituta omen daude.

      Painelu busti bat topatu nuen poltsikoaren muturrean kiribilduta eta harekin xukatu nituen bekokiko uholde nabarmenenak. Alferrik zen baina: galtzarbeak, ipurpea, oinak... denak nituen izerditan blai. Tximak batez ere. Itsas belarrak ziruditen aurpegian eta lepoan behera tantaka. Neure buruaz lotsatzen hasia nintzen, etengabeki isurtzen nuen gatz usain sarkorraz. Taxilariak toaila batez xukatu zuen atzeko eserlekuaren gainean nik lagatako izerdia.

      —Moito caor pra você, meu amor —esan zidan Clesiak, eta nik irriño bat itzuli nion zela edo hala.

 

      Pare bat ordu lehenago jandako bazkariaren dendé olioa ere, sabeletik zintzurrera zetorkidan. Bolinhoak eta moqueca de marisco izeneko plater bat iruditu zitzaizkidan egokienak, baina alferrik. Bero harekin ez zegoen ezer jaterik. Clesiak bereak jan zituen baina nik ia ukitu ere ez nuen egin nire bazkaria. Egarria asetzeko hainbeste ur eta hainbeste guaraná Anctartica edan eta gero, ez zegoen platerkada haiek jango zituen morroirik.

      Bolinhoak, mandioka irinez egindako kroketa modukoak dira eta dozena bana atera ziguten Clesia eta bioi. Batzuek gazta zeukaten barruan eta bestetzuek okela xehetua, xingar moduko bat edota oilaskoa. Guztiak zilantro gogaikarriaren gustuz jantzita. Nik bi baizik ez nituen jan ahal izan, lehorrak eta zakarrak begitandu baitzitzaizkidan gure frito bikainen ondoan.

      Moqueca ostera, marmitakoaren oso urruneko ahaide bat da: kazola berean erregosten dituzte siri deitzen den karramarro oso bat, olagarro zatiak, ostrak, otarrainak, muskuilu moduko batzuk eta nik ez dakit zenbat bestelako txirla eta izkira. Itsas trikua ere badaukala uste dut. Denak batera, dendé olioz eta barazkiz eginiko saltsa batean sartzen dituzte hiru ordu laurdenez eta hala, mila gauza eta jaki ezberdin izan arren, guztiak hartzen du gustu bera eta bakarra: dendé eta zilantro madarikatuarena.

      Tenedorekada pare bat baizik ez nuen eraman ahora eta han geratu zen, ia osoosorik, menuan zegoen jakirik garestiena.

      Hala ikusi ninduenean, Clesiak lotsaz bezala begiratzen zidan. Ez zuen ulertzen nola albora nezakeen Bahiako sukaldearen plater gailurrenetako bat:

      —Meu amor, a moqueca é moito gustosa —esan zidan.

      —Clesia, não tenho fame —erantzun nion beste guaraná basokada bat edan bitartean.

      Ondoren Clesiak sermoia bota zidan. Ezin zitezkeela gauzak horrela izan. Jendea kalean goseak dabilen bitartean ez dela bidezkoa nik berrogei erreal balio duen plater bat baztertzea. Gringo guztiak berdinak garela, ez dakigula jaten, ez daukagula arimarik, handiputzak garela eta beste mila halako.

      Ederki hustu zenean, ez larritzeko esan nion, zerbitzariari jaki haiek guztiak zilar paperetan jartzeko eskatuko niola eta jatetxe atarian bertan egingo genuela karitate apur bat. Hainbeste jende gosez dabilen lekuan, errukia erraza dela erantzun zidan Clesiak baina horrek ez dituela gauzak inondik inora konpontzen.

      Harrapatuta nengoen: bero izugarria egiten zuen, izerditan blai nengoen, ez neukan goserik; areago, moqueca alu hura ez zitzaidan batere gustatzen eta bolinhoak tenis pilotak baino lehorragoak iruditzen zitzaizkidan.

      Zer nahi zuen nik egitea? Egia zen, Bahiako langile batek astebeteko soldata osoarekin ere ez zuen ordaindu ahal izango gure bazkaria baina, zer arraio, eztabaida hartan mikaztu behar al genuen arratsaldea? Ez al geunden, bada, Museoa ireki bitartean, Hemingway, Orson Welles, Sartre eta Simone de Beauvoir eserita egondako leku gozo berean eserita? Ez al zen hura Bahia guztiko jatetxe ederrenetako bat? Zer nahi zuen, bada, Clesiak, nik egitea? Isilik egoteko agindu nion eta lagatzeko bakean. Janari hura guztia ez zen alferrik galduko eta baten baten gosea aseko zuen ederki.

      Clesiarentzat chá bat, te bat, eskatu nuen segidan eta niretzat cafezinhoa, Cointreau doblea eta Nagé markako charuto bat. Zigarro puruak ere ez dira gustura erretzen Bahian, hezetasun izugarriak busti eta amatatu egiten baititu charuto guztiak. Zelofanez bilduta daudelako gertatzen dira gomendagarri Nagé markakoak, baina hala ere, puzkada galantak egin behar zaizkie minutuero itzal ez daitezen.

      Jatetxetik irten ginenean, bi dozena saltzaile eta eskale hurbildu zitzaizkigun arrapaladan. Turistarik ez zebilen ia eta geu ginen haien aukera bakarra. Batzuek kaseteak saldu nahi zizkiguten garaiko abesti ezagunenekin, bestetzuek koilare eta eskuturreko merkeak, txirla eta marraskilo oskolez egiten diren horietakoak. Beste batzuek, eskua ahora eramanez, gose zirela adierazten ziguten.

      Jendetza guztiaren artean, ezer esan gabe zegoen gizon begibakar bati erreparatu nion. Besoetan haur gorri bat zeukan lotan. Haretxi luzatu nizkion zilar paperetan bildutako bolinhoak eta moqueca.

      —Sorría, você está na Bahía —esan nion. Egin ezazu irribarre, Bahian zaude eta.

      Turistentzako hotel eta jatetxe guztietan ageri zen esaldi hori. Egin ezazu irribarre, Bahian zaude eta. Sorría, você está na Bahía. Lehenengoz irakurri nuenean, eslogan bikaina iruditu zitzaidan benetan. Primerakoa zen bahiatarren izpiritu lasai eta alaia adierazteko, bai baitute bahiatarrek halako barne poz bat, gainontzeko guztiongandik bereizten dituena. Beldurra, benetako beldurra, tristurari bakarrik diote Bahiako biztanleek, gainontzean beti daude musika eta dantzarako prest, baita miseria gorrienean ere.

      Museora iritsi eta taxilariak itolarrian ikusi ninduenean ere horixe esan zidan: Sorría, você está na Bahía, baina, egia esan, ez zidan grazia handiegirik egin orduan entzundakoan. Zerri gantza bezala ari nintzen urtzen, han, denen begibistan, eta gainera neu nintzen, antza, eguraldi beroak akabatu behar zuen pertsona bakarra. Clesiak zoriontsu zirudien Museorako bisitaldiarekin eta bazkalorduko eztabaida ahaztuta zeukala ematen zuen. Faveletakoek jolasean ziharduten ur bazterrean eta museoko zaindariak, mangondo baten azpian babestuta, dominoan ari ziren. Bahiako arropa anpuloso zuriak jantzita zituen emakume zahar bat ere kokoa edaten ari zen Anctartikaren publizitate nabarmena zeukan sonbrila baten pean kizkurtuta. Leku hartan, izorratua eta beroak akabatu beharrean, neu bakarrik nengoen, itxura guztien arabera.

      Markagailuak adierazten zuen kopurua ordaindu nion taxilariari: zazpi erreal. Beste bost ere eman nizkion geure zain gera zedin. Ordubete inguru beharko genuen Museoko bisitaldia burutzeko eta hobe zen bera han zain geratzea, leku hartan ez baitzen beste biderik taxia edo beste edozein garraiobide lortzeko. Urruti zegoen toki hura leku guztietatik eta bero harekin ni ez nengoen oinez pauso bakar bat ere egiteko.

      Museora sartu ginenean eraikuntzaren izaera mardulak harritu gintuen Clesia eta biok. Karea eta gatza egiteko garai bateko labeen aztarnak zeuden nonahi. Alferrik galdutako trenbide eta garabitzarrak ere bai. Museoaren atarian jarritako burdinazko xafla batean idatzitakoak zioenez, XVII eta XIX. mendeen bitartean, gotorleku hura Europara bidaltzen zen gatzarekin aberastutako Pereira sendiarena izan zen. Antza, gizaldiz gizaldi, Pereiratarrek hantxe eduki zuten diru iturririk behinena, 1852an, jopuen matxinada bat medio, dena laga eta sendi osoak São Paulo aldera ihes egin zuen arte. Idatzi berak zioenez, kare lantegia eta gatzola zabalik egondako ia hirurehun urte luzeetan, mila laurehun eta zazpi beltz hil ziren hango lan, neke eta ezbeharretan. Beste hainbat elbarriturik edo itsu geratu ziren, batez ere karearekin izandako istripuetan.

      Clesiak harrizko dorretxo bati erreparatzeko eskatu zidan orduan. Bi metroko zutabe bat zen, burdinazko kate zintzilikari batzuk arrezife harrian sartuta ageri zituena. Clesiari ulertu ahal izan nionez, hantxe zigortzen zituzten esklaboak. Hantxe azotatzen, hantxe lepamozten eta urkatzen. Hirian ere ba omen zen beste bat, hura baino handiago eta ospetsuagoa, Pelourinho deitzen zutena. Alde zahar guztiari deitzen diote gaur egunean horrela: Pelourinho, hots, esklaboak astindu eta akabatzeko lekua.

      Bero hartan hotzikara sortu zidan harritzar hura hain hurbil edukitzeak. Ehun urte lehenago han gertatutako izugarrikerietan pentsatze hutsa, gehiegizko ordaina zen, ni bezala, Bahiako Arte Garaikidea ikusteko asmo soilez etorritako turistarentzat.

      Burdinazko ate erraldoi bat gurutzatu eta gero sartu egin ginen Museoko areto nagusienean barrura. Lau gazte zeuden zaindari lanetan, laurak ere bero hartan erdi aspertuta. Gutaz gain, ez zen han beste bisitaririk ageri.

      Lehenik eta behin, zurezko eskailera ikaragarri bati erreparatu genion Clesiak eta biok. Ondoren, zolu eta sabaiari. Dena zen han egundoko egurrezkoa. Europan ez da sekula ikusi halakorik. Europan ez dagoela Amazonasko oihanik esan zidan harro Clesiak.

      Artelan guztiak irentsi egiten zituen zuraren ederrak, ikustezin bihurtzeraino. Ederra, sendoa eta ugaria zen gainera zura, soberan balego bezala erabilitakoa. Maratilarik txikiena ere mardula zen han, egur zati bakarrean landua. Artistek ezin zioten aurre egin, inola, etxetzarraren handitasun ikaragarriari. Han erakusten ziren artelanek, katedral bateko aulkiek baino garrantzi gutxiago zuten. Gutxi ziren gainera, berrogeita hamarren bat edo, eta nola-halakoak gehienak.

      Salaren erdian eskultura postmoderno bat zegoen: oihalezko hartz koloredun eta handi batek telefono bat zeukan bihotzean jarrita. Telefonoaren haria katramila luzeetan galtzen zen zoluan barrena. Telephonic love zeukan izena artelanak. Pitokeria handia iruditu zitzaidan niri, batez ere zurezko eraikin eder haren erdian ikusitakoan.

      Hartzari begira geundela, hiru tximu txiki ikusi genituen sala guztia lasai-lasai gurutzatzen. Buztanluzeak ziren eta Clesiari algara batek egin zion ihes, baldarki ibiltzen ikusi zituenean. Ni zaindariei begira geratu nintzen, nola jokatuko zuten asmatu ezinik, baina haiek ohituta zeuden, itxura zenez, tximuen ibilerei kasurik ere ez baitzieten egin.

      Oihalezko hartzaren gainean egonaldi bat egin eta gero, gatza kargatzeko igogailu zaharkitu baten burdinazko tripa uhertuetan zehar ezkutatu ziren hiru tximuak, lotarako ordua heldutakoan egunero halaxe egiteak ematen duen ezagueraren patxadarekin.

      Museoak ez zuela deus balio eta, irten egin ginen handik. Eguzkiak ederto berotzen zuen oraindik kanpoan. Faveletako haurrek han jarraitzen zuten jolasean, itsasertzean, baina segurantzako zaindaririk ez zen ikusten jada. Taxirik ere ez. Non zegoen itxaroteko agindu nion gure taxista reggaezalea? Badaezpada, atariko elizatxoari eman nion bira osoa bere osteko itzalpean ezkutatuta ote zegoen edo. Baina ez, han ez zegoen ez taxi eta ez taxilaririk.

      Beste lanen bat egitera joana izango zela erabaki nuen eta onena bera itzuli arte itxarotea genuela. Halaxe eseri ginen Clesia eta biok, kainoi zahar baten hondarren gainean.

      Arratsaldeko bost eta erdietan, gotorlekuaren ateak itxi behar zituztela-eta, harresien kanpoaldera joateko eskatu ziguten. Agindutakoa egin genuen guk eta itsasoari begira geratu ginen. Clesiak gogoko zuen arratsalde hura eta, Bahian ohi duten eran, besoan egiten zidan igurtzi laztanak eskatzeaz batera.

      Irla handi baten ostean ezkutatu baino lehen, sutan jarri zuen ekiak itsaso guztia gorri-gorri. Gero ilargiak zilartu egin zuen lehenago urregorri zena, euri-laino ilun batzuek menpean ezkutatu zuten arte.

      Bat-bateko zaparradak babesleku gabe harrapatu gintuen eta, zela edo hala, kokondo baten ipurdian hartu genuen babes. Alferrik baina. Ur tanto lodiak zeharka zetozen iparreko haizeak bultzatuta.

      Clesia haserretu egin zen bere adatsak eta soinekoa blai egin zitzaizkionean. Ez zuen begira niezaion nahi eta muturturik bizkarra eman zidan birritan. Ni, ostera, lehenengoz hasi nintzen normalki arnasten euriak ekarritako freskatze ustegabekoan.

      Etorri bezala atertu zuen, ordea, zaparrada, ordu laurden eskas batera. Supituan sargori lurrundu bat hasi zen igotzen lurretik gora eta hutsean laga zituen arratsalde guztiko beroak: behetik gorako sauna jasanezina zen hura, lurraren beroak irakindako euriaren ondorioa.

      Handik alde egin behar genuela esan nion Clesiari, baina berak ezetz. Ez zuela ilunpetan aldapa hura gorantz egingo esan zidan, ezta munduko diru guztiaren truke ere. Gaizkileak irten zitezkeela bidera ni bezalako gringo bat ikusitakoan eta berak nahiago zuela gau guztia kokondo hari helduta iragan, aldapan gora abiatu baino. Lehenago edo beranduago, baten bat azalduko zela ere esan zidan.

      Halaxe geratu ginen beste ordubete luze batean. Han ez zebilen arimarik, arboletako igelak izan ezik. Haien txistuak eta olatu koxkorren hotsa, ez zen beste ezer entzuten ahal.

      Clesia eta biok, lurrean geunden jezarrita, kokondoaren enborrean bizkar hartuta. Hantxe geratu zen lo, nire sorbaldan zeukala burua. Nik ezin nuen inola ere atsedendu. Nahikoa neukan arrats bero hartan ez itotzearekin eta leku hartatik nola irten pentsatzearekin.

      Besoa lokartu zitzaidanean iratzarri egin nuen Clesia eta erdiloan ez nion ezpairako tarterik laga: aldapan gora abiatu ginen bere gerri estutik helduta neramala. Murmurioei kasurik egiteke, goruntz tiratzen nuen nik, aldapa madarikatuaren amaiera ikusten nuen norabidean.

      Ikaragarria zen malda, itsasotik mendia derrepentean harrapatu nahi duen horietakoa. Clesia beldurrez marmarka zihoan eta, zergatik ez esan, neu ere bai. Batez ere berak Não meu amor, é melhor ficar aquí esaten zidan bakoitzean.

      Autobideko argien aztarna urruna baino beherago, farol bakarra ageri zen argitan, aldaparen erdi aldean. Bertara iritsitakoan, gizatalde baten pauso isilak sumatu genituen hurbil. Hurbilegi.

      Dozena bat gizon eta mutiko gazte ziren, denak ere gaua bera baino beltzagoak. Begiak baizik ez ziren antzematen han, farolaren atzeko sasi baten ondoan. Beraietako biren eskuetan diz-diz egin zuten aizto handien ahoek, eta epotxa zirudien beste batek pistola bat zerabilen eskuan bueltaka.

      Guztien artetik bat egin zitzaigun ezaguna: begibakarra zen, jatetxeko atarian bazkalondoan ikusitako berbera. Keinuka ari zitzaidan baina ez nion deus ere ulertzen. Clesiak bai, antza, ulertzen zuen gizon hark agintzen zidana, negar zotin batek harrapatuta, lapa indartsu bat balitz bezala itsatsi baitzitzaidan soinean, babes bila.

      Azkenean etorri egin zen begibakarra gu geunden farolpeko argitara eta orduan ederki adierazi zidan egin nahi zuena. Esku batean nik emandako bolinhoak eta moqueca zekartzan, oraindik ere zilarrezko paperetan. Bestearekin, imintzioka, prakak erantzi eta lurrean etzateko agindu zidan. Tenisean egiteko moduko bolinho bat aukeratu zuen orduan eta irribarrez, denek entzuteko moduan, ozen esan zidan:

      —Sorría, você está na Bahía.

      Ilunpetan zeudenen irriak eta algarak entzun nituen ondoren, prakak erantzi eta ahuspez lur egosian etzan nintzenean.

 

Karramarroaren aztarnak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1997