Karramarroaren aztarnak
ANNA PAULA
Behin eta berrizko bere hutsegite errepikatuak eman zien denei albistearen usaina: Anna Paula falta zen. Ez zegoen errekako haurrekin olgetan, ez zegoen Vivianaren atarian, ez zegoen mangondoaren azpiko etzalekuan, ez zegoen bere gelan. Ez zegoen Itaparicako irla guztian. Bere amona Creusak itxaropen ezkutu bat zeukan sabelaren gainean kilkertuta eta Penhako Ama Birjinaren hondartzaraino hurbildu zen ezkerreko zango ustela arrastaka zeramala. Normalean hamar minutuan egiten den bidea, ordu erdian egin zuen berak. Urteak ziren ez zela etxetik hainbeste urrundu. Iritsitakoan, ezkerreko zangoaren zorne isuria handitua zegoela ikusi zuen baina ez zegoen orduan txikikerietarako. Hantxe zegoen eliza erdi eroria. Arrezifearen gainean haizeek makurtuta zeukaten arren, oraindik ere kanpai gaineko gailurra dotore ageri zuena. Emakume batzuk ere inguruetan zebiltzan itsas trikuak batzen eta lau gizonezko ere bai olagarrotan, marea beherak sortutako putzuen arakaketan. Zaldi mordo batek hondartza gaineko belarretan ziharduten bazkatzen, kokondoen ilara zutina baino honatago. Bananondo bete baten azpian, bi txahal mehe saiatzen ziren lepoa luzatu eta mihiaz bananak arbolatik askatzen. Auzoko sei mutiko ere han zebiltzan, capoeirako borroka pausoak jira eta buelta entseatzen. Beraiei galdegin zien Creusa zaharrak Anna Paula pasatzen ikusi ote zuten. Umeen ezetza entzun zuenean, makulua bazter batean laga eta metalezko txalupa zahar baten hondarretan eseri zen arnasa bila. Atsedena behar zuen albistea ito gabe irensteko. Herrian ere denak zebiltzan Anna Paularen bila. Hurbileko eta urruneko, lagun eta auzoko, denek nahi zuten Anna Paularen albiste. Bera gabe galduak ikusten baitzituzten beren buruak edota, behinik behin, zoritxar handi batek jota bezala. Bazterrak miatzen ez zebilen bakarra André aitona zen, Creusa zaharraren senarra. Cachazatan itota zegoen goizean goizetik, besaulki apurtu batean eserita edo, hobeto esanda, besaulkiaren altzoan ia ehortzirik. Eskuan zeukan botilatik dzanga-dzanga ziharduen eta bazuen horrezkero bigarrena. Besteak ez bezala, egunsenti beretik jabetua zen André, Anna Paula bilobaren faltaz. Ez zela inoiz itzuliko ere jakin zuen Ricardinhoren ohea hutsik ikusi zuenean: Anna Paula, bi urteko seme kozkorra hartu eta alde egina zen Itaparicatik, inork ez zekielarik nora. Marco zakurrak ere nabaritu zuen zerbait, atzera eta aurrera zebilen jende guztiaren zelatan egon arren ez baitzen mugitzen bere lekutik. Hantxe zegoen etzanda, guztiz etzanda, okotza bera ere lurrari itsatsita. Viviana agertu zenean, begiak bakarrik mugitu zituen hari segika, posturarik galtzeke horregatik. Isatsak eta belarriek ez zuten ikararik ere egin. —Non egon liteke, André? —galdegin zion aitona mozkorrari. Ez zuen baina aitonak ezer erantzun eta hainbeste ikusitako gizonaren begiak zeharo bustita zeudela ohartu zen Viviana. —Ricardinho ere berarekin eraman al du? —jarraitu zuen galdezka. André zaharrak baietz erantzun zion buruarekin. Vivianak cachaza botila eskuetatik kendu eta zurrutada bat hartu zuen, lehengo galdera bera errepikatu baino lehen: —Non egon liteke, André? —Hemen ez —erantzun zion azkenean ahapeka eta etsipenez aitonak. Ondoren besoa luzatuz botila kendu zion Vivianari eskuetatik. Jendea biltzen hasi zen Creusa eta Andréren atari hartan. Mar Grande, Ilhota eta Veracruz auzoetakoak ere baziren tartean, denak Anna Paularen galdean. —Non egon liteke? —galdegiten zuten behin eta berriz. —Urruti, urrunegi —erantzuten zien guztiei Vivianak, begiak gorri, bera ere Andréren negarrak kutsatuta. Halako batean, jendetza mugitzen hasi eta pasabide bat sortu zen guztien artean atari bertaraino: Creusa zekarten bizkarrean hartuta Denevalek eta Derik. Konorterik gabe, hiltegiko behi zahar bat zirudien, zango eta beso alboetara zintzilik. Hondartzan aurkitu omen zuten ume batzuek txalupa zahar baten ondoan lurrean erorita. Creusaren lau alabek hartu zuten ehun kiloko amona zaharra ohean sartu eta zaintzeko ardura. Viviana ere, Anna Paularen lagun handia eta ia etxekoa zutenez, baimendu egin zuten gelara sar zedin, baina gainontzeko guztiek hantxe geratu behar izan zuten atea itxi zutenean, etxaurrean. André ez zen bere lekutik mugitu. Creusa itzartuko zen ezbehar hartatik eta konponduko zen dena. Beste batzuetan ere gangrenak gogor erasotakoa zen Creusa, baina ikasia zeukan minaren mundutik itzultzen. Anna Paularena zen benetan gogorra han. Falta zen, eta horrek halako etsipen izugarri bat sortzen zion barrenean. —Urruti dago, urrunegi eta ez da inoiz itzuliko gainera. Jendetzak hitz horiek entzun zituenean, marmarra eta esamesa itsasgora azkarra bezala handitu ziren denen artean. Ezin zuten halakorik onartu. Anna Paularik gabeko irla, are irlagoa iruditzen zitzaien, leku guztietatik urrunduagoa eta askozaz ere isolatuagoa. Creusa ohean laga eta gero Viviana Anna Paularen gelara sartu zen, lagunaren aztarnaren bat bilatuko zuen itxaropenean. Aldegitearen arrazoia jakin nahi zuen Vivianak, ez baitzen batere normala Anna Paulak, horrela, inori ezer esateke alde egitea. Berari behintzat zerbait esango zion irlatik joan baino lehen. Ederki ezagutzen zuen Anna Paula eta bazekien ez zela bere lagun eta sendikoak argibiderik gabe lagako lituzkeen horietakoa. Gelan sartu zenean ez zuen, ordea, ezer aurkitu: hantxe zeuden Mãe Iemanjá, Pãe do Bomfim eta Jesusen Bihotzaren irudiak; hantxe, horma guztiak betetzen zituztela, Richard Gere antzezlearen irudiak. Aldizkarietatik moztu eta bere gelako bazter guztiak betetzen zituen beti Anna Paulak aktore ipar amerikarraren argazkiekin. Vivianak behin baino gehiagotan galdegina zion horretaz baina kaskagogorra zen Anna Paula benetan: —Hago isilik, hori nire kontua dun —eta hala eteten zuen behin eta berriz galdeketa guztia. —Hitzegin nahi ez duena baino gauza aldrebesagorik ez zagon munduan —segitzen zuen jakinminez mokoka Vivianak, baina alferrikako gertatzen zitzaion guztia, bekoskoa jarrita erantzuten baitzion lehor Anna Paulak, —Isilik egoteko esan dinat. Hori nire kontua dun eta akabo. Ohe azpian ere behatu zuen Vivianak baina han ez zuen Ricardinhoren jostailu bat baino aurkitu. Jirafa bat zen, plastikozkoa. Lau hanketatik bat apurtuta zeukan eta belarri bat ere falta zitzaion. Eskuetan hartu zuenean irribarre egin zuen Vivianak, gogoan baitzeukan, ederki asko gainera, Ricardinhok nola eten zion hortzekin belarria jirafari eta Anna Paulak hura ikustean nola esan zion bere semeari: —Horri egiok nahi duana, plastikozkoa duk eta. Baina oiloak laga itzak bakean, ume zazpikia! Armairuaren barnean, sekula erabiltzen ez zituzten arropak baizik ez zituen utzi Anna Paulak. Gainontzeko guztia falta zen, baita bidaietarako erabiltzen zuen maleta berdea ere. Argi zegoen gertatutakoa: Anna Paulak semearekin egin zuen alde, inori ezer esan gabe, inork ez zekielarik nora. Zergatik, baina? Irla guztian ez zegoen beste inor Anna Paula bezain maitaturik. Jendeak zion begirunea ez zen ordura arte sekula inon ezagutu. Hemezortzi urterekin, nahi zuen guztia zeukan Anna Paulak: senitartea, lagunak, osasuna, baita ondasuna ere berak hala nahi balu. Ricardinho ere bazeukan bere zorionerako. Bi urte lehenago jaioa zen, Anna Paula hamasei urteko neskatila zela. Itaparican jende guztia geratu zen harriturik Anna Paularen sabela handitzen ikusi zutenean. Bere atzetik zebilen mutilik ez zen falta baina ez zitzaion ezagutzen amoranterik. Egia esan, Anna Paula baino neska ederragoak baziren mila gutxienez irla guztian. Beltza zen, amona Creusaren azalekoa eta zapal samarra. Ibileraz ere ez zen batere dotorea, oinak kanpora begira baitzeuzkan, igelak bezala. Zilborra airean eramaten zuen Itaparicako neskatila gehienek bezala baina, azal tinko eta lauaren lekuan, haragi eta gantz tolesturak nabaritzen zitzaizkion berari. Esan liteke, begietan zeukan grazia berezi batengatik ez balitz, inongo mutilek begiratu ere egingo ez liokeen neska beltx horietakoa zela. Begietako argi haretxek erakartzen zituen denak, ar eta eme, Anna Paularengana. Eta irribarreak, hortz ilara zuriak sortzen zuen irribarre garbi betierekoak. Ia zuria jaio zen gainera Ricardinho, eta horrek korapilatu egin zituen, are gehiago, jendearen esamesak: irlan denak ziren beltzak edota, gehienez ere, karamelo kolorekoak. Zuri bakarra Gringo Loco deitzen zuten idazle kanadar bat zen, baina bere 82 urtetan zahartuegi zegoen Anna Paula bezalako neskatilen atzetik ibiltzeko. Nor zen, beraz, Ricardinhoren aita? Vivianak ere ez zekien hori. Behin eta berriz galdegin zion Anna Paulari gertakari horren berri baina hark betikoa erantzuten zion hitzak zorroztuz: —Hori nire gauza dun. Hago isilik. Vivianari min egiten zion horrek. Bera zen Anna Paularen lagunik minena eta hainbeste jakiteko adina eskubide ematen zion kategoria horrek. Ez zuen baina Anna Paulak etsitzen, eta alferrik zen harekin haserretzea, guztiz alferrikakoa, egun argitan kandela piztea bezainbeste. Anna Paulari dena barka zekiokeen, batik bat, bere barneko kontuak isilpean eduki nahi izana. Hortik aurrera ez baitzeukan beste akatsik, eta haren ondoan bizitzea, bere laguna izatea, zori handia zen Vivianarentzat. Irlako biztanle gehienek begirunea zioten berari ere Anna Paularen lagun izate hutsagatik. Bazter guztietatik hamaikatxotan etortzen zitzaizkion mesede eskean, Anna Paularen aurrera eraman zitzan erregutuz. Vivianak baietz esaten zien guztiei, saiatuko zela Anna Paularekin hitz egiten. Zubi lan horrek, irlako biztanle guztiak baino apur bat goratxoago jartzen zuen Viviana eta hori behintzat zorretan zion Anna Paulari. Guztia aspaldi hasitako kontua zen, Anna Paulak hamar urte zituela, lehenengo hilerokoa etorri zitzaion egunean, hain zuzen ere. Handik hona ezberdinak izan dira Itaparicako gauza guztiak. Mãe Iemanjáren seinaletzat hartu zuen jende guztiak egun hartan gertatutakoa. Viviana eta beste lagun batzuekin zebilen jolasean Anna Paula plazaren erdian, izterretan behera odol hari bat nabaritu zuenean. Pozarren esan zioten adiskideek emakumetuta zegoela eta handik aurrera hilero izango zuela odolaren bisita. Anna Paulak atseginez hartu zuen hainbeste denboran desiratutako gertaera. Amari idatziko zion gutun bat Europara, bere alabatxoa andretua zela jakinarazteko. Lagunek lagundu zuten etxera. Plazatik harainoko bide guztian hari gorri baten arrasto mehea geratu zen galtzadan eta, haren usainean, bertara hurbildu ziren inguruetako oilo eta zakur guztiak. Orduantxe gertatu zen mirarien hasiera: odol hura mokokatu zuten oiloak hiru eta lau arrautza jartzen hasi ziren egunero, eta odol hura miazkatu zuten zakurrei gaixotasun guztiak joan eta distira ederrez jantzi zitzaien ilajea. Handik aurrera ez zen izan Itaparican Anna Paularen eskuek bedeinkatzen ez zuten abererik. Zirela zerri, oilo, ahuntz edo behi, guztiak ekartzen zituzten jaio berritan Anna Paularen aurrera. Grazia egiten zion horrek Anna Paula neskatilari, berak ez baitzuen ezer apartekorik sumatzen abere haiei guztiei eskua gainean jartzen zienean. Jolasa begitantzen zitzaion, gehienez ere. Otsaileko egun sargori batez, elgorriak jotako ume txiki bat ekarri zioten altzoan har zezan. Hain zen polita haur beltzaxka hura, airean jaso eta musu eman zion Anna Paulak. Akabo elgorria. Gerora gertatutako guztiek areagotu egin zuten neskatila beltxaren entzutea. Ezinbesteko bihurtu zen Anna Paula irlako biztanleentzat, eta jai nagusietan leku apropos bat egiten zioten ospakizun garaian. Zela osasun edo zela ondasun, bera beti zen tarteko. Mãe Iemanjáren alaba zela esaten zuenik ere ez zen falta bazterretan. Anna Paularen ospeak eta izen onak 13 urte bete zituen egunean ezagutu zuten gailurrik garaiena. Amona Creusa eta familia guztiarekin ari zen urtebetetzea ospatzen, Viviana eta beste lagun batzuk ere han ziren festan. Amonak aspaldiko partez sururu platerkada handi bat prestatu zuen hain egun aproposerako. Farofa irinik finena erosi zuen horretarako. Denak ari ziren plater hartan behatza sartu eta Itaparicako sururu-rik onena jaten. Arrats hartan jakin zen, ordea, Anna Paula beste hiru lekutan ere ikusia zutela une berean: Mar Grandeko portutxoan itsasora erori eta itota atera zuten gazte bati arnasa bueltatzen, Ilhotako elizaren atzean borrokan hasitako bi emakume apartatzen eta Salgadoko etxe batean hamalau urteko neskatila bati haurgintza lanetan laguntzen. Anna Paulak barre egiten zuen horiek guztiak entzundakoan, baina esan, ez zuen ezertxo ere esaten. Vivianak ez zitekeela egia izan esaten zuen, egun guztian egon zela bera Anna Paularen ondoan eta ez zela etxe ingurutik denbora guztian aldendu. Inork ezin zuen, bada, ikusi ahal izan Salgadon, Mar Granden, Ilhotan. Are gutxiago hiru lekuetan batera, bere alboan sururu-a jaten egondako une berean. Beste egun batean, Anna Paula Vivianarekin hondartzan zegoela, Salvadorretik zetorren itsasontzi handia geratu zen marea beherak harrapatuta. Antza denez, kapitain gazte baten agindu ezjakinei segika, arrokadi batean lotu zitzaion ferryari sabela eta hantxe geratu zen erdi etzanda. Ez atzera eta ez aurrera, bidaiariak zarataka eta kareletik seinaleak egiten hasiak ziren handik gutxira, larridurak eta bero zakarrak jota. Anna Paulak hondartzatik egoera hura ikusi zuenean: —Ez dago oso zaila —esan zion Vivianari ahapeka, eta bi begiak itxi egin zituen lotarako bezala. Vivianak ezin zuen sinistu begien aurrean gertatzen ari zena: autoak, kamioiak, autobusak eta jendea barnean zeramatzan untzitzarra, urazala ukitu ere egin gabe iritsi zen Mar Grandeko portura, haizeak eramandako orbela bailitzan. Orduantxe bakarrik zabaldu zituen begiak Anna Paulak: —Ez dago ezer astunik tximeletaren pisuarekin alderatzen bada —esan zuen. Hitz haiek ulertu ez arren, Viviana ez zen ausartu lagunari ezer galdetzera. Hondarretik jaiki eta bi koko erostera abiatu zen hondartza sarreran zuriz jantzitako emakume baten salpostura. Hara zihoala, zera pentsatzen jarri zen, Anna Paulak berak zer ateratzen ote zuen bere buruarentzat abildade sorgindar haietatik guztietatik. Besteenganako mira bazeukan ugari baina, bere mesedetarako ere balio ote zion dohain handi honek Anna Paulari? Vivianari ezetz iruditzen zitzaion, berarentzat ez zuela deus ere eskatzen Anna Paulak. Ez zen egia, ordea. Hileroko ugari hura jaitsi zitzaion egun berean, desio bat izan zuen Anna Paulak: harro zen odol hartaz guztiaz, emakumetasunean sartzeko era aberatsa zen oso, baina iturri emankor hura geratu egin nahi zuen nolabait. Ez zuen aurrerantzean hainbesteko isuririk behar. Desio haretxekin hartu zuen lo gau hartan. Handik aurrera, tanto eskas batzuek baino ez zituzten zikintzen bere barruko arropak hilero. Gauza apalagoak ere eskatzen zituen Anna Paulak, bai berarentzat eta bai ingurukoentzat: buruko min txikiren bat sendatzeko, halakori senargai zintzo bat bilatzeko edo Ricardinho izan zedila osasuntsu. Guztiak lortzen zituen desiratze hutsarekin. Amona Creusaren zango ustel hark bakarrik egiten zion kontra. Behin eta berriz jarri zizkion eskuak zorneari baina, alde egin beharrean, handitu baizik ez zen egiten eritasuna. Bazirudien zango haretxetan bilbatzen zirela Anna Paulak irlan konpontzen zituen oker guztiak.
Itaparicatik alde egin baino lehenagoko kontuak dira horiek guztiak. Bizitza iraganeko oroitzapen eta gertaerak, bihar edo etzi ahaztura elikatuko dutenak. Ohe zuri batean etzanda, sabaiko haizagailu handi bati begira dago orain, ostera, Anna Paula. Alboan Ricardinho dauka lotan, Ricardinho zuria, Ricardinho polita, Ricardinho maitea. Bekokiko izerdia xukatu dio Anna Paulak maindirearen mutur batekin. Bero egiten du Vila Romana hoteleko gela honetan. Taxian bertara zetozela, Salvadorreko hirian berrogeita bat gradu egiten duela entzun du Anna Paulak. Begiak itxi eta azkarrago ibil dadila agindu dio haizagailuari. Irlatik Salvadorrerainoko bidaia ez da oso luzea izan; nahikoa hala ere Ricardinho nekatzeko. Lehendabizi goizalbako itsasontzia eta ondoren taxia. Hotelera iritsitakoan, lo ekarri du semea altzoan. Horregatik ez zaio batere gustatu hoteleko gizonezko gazteak harreran esandakoa: —Beste ezer baino lehen, zera esan nahi dizut, hotel honetan ezin direla gizonak logelara igo. Debekatuta dago. Anna Paulari bera ez dela emagaldu bat esateko gogoa sartu zaio hitz horiek entzun dituenean, eta ea nola izan daitekeen hain gaztea eta hain txatxua aldi berean. Isilik geratu da, ordea, argi eta garbi ikusi baitio begietan gazteari, nahikoa sofrimendu badaukala urdailaren ezkerreko aldean daukan zulo mingarri eta gaiztotu batekin. Eskatutako hogei errealak ordaindu dizkio, eta gero, buruz, kontuak egiten hasi da. Ez dago zaila, hirurehun erreal geratzen zaizkio eta hogei balio du gelak egun bakoitzeko. Beste hainbeste beharko dute Ricardinhok eta berak egunero jan ahal izateko. Zazpi egunetarako dauka, beraz, dirua. Zazpi egun hiri jendetsu honetan ogibideren bat aurkitzeko. Zazpi egun bizimodu berri bat antolatzeko. Gertatutakoak gertatu ondoren ez baita sekula gehiago Itaparicako irlara itzuliko. Ez behintzat Joaquimekin egin zutena ahaztu arte. Nola ahaztu baina Joaquimi egindakoa? Ez dago horretarako modurik. Ez behintzat memoria bera galduta geratu eta pertsona ezberdina izan gabe. Joaquim Minas Geraisetik etorria zen Anna Paula ezagutzera. Urrutiko intxaurrekin gertatu ohi den bezala, Itaparicako ospea handituta eta biderkatuta iritsi zen Minas Geraisera. Anna Paula zeruetako aingeru bat zela iritsi zen hara, Mãe Iemanjá bera baino ahaltsuago eta bihotz-zabalagoa zela. Anna Paulak egindako sendakuntza eta mirari guztiak biribilduta eta irudimenez neurrigabetuta iritsi ziren Minas Geraisera. Horregatik etorri zen Joaquim irlara: entzundako guztia gezurra ote zen behar zuen ikusi. Ez zitekeen halako neskatxarik egon munduan. Anna Paularen famak matxuraren bat behar zuen izan, ez baitzitekeen inon izan hainbesteko arrosa perfekturik. Eta egotekotan, entzuten ziren guztiak egia izatekotan, ezagutu egin nahi zuen Joaquimek. Ikusi zuen lehenengo aldian, inork ezer esan gabe ezagutu zuen Joaquimek: kalean behera zetorren, Anna Paula huraxe izango zela erabaki zuenean. Bidaia alferrik egin zuela iruditu zitzaion orduan. Neska beltx zapal bat baizik ez zen hainbesteko sona zeukan gazte hura. Oinak alboetara zeuzkan gainera eta gerria lodituxe. Ehundaka ziren halakoak Brasilgo bazter guztietan. Begietan ikusi zion zer harengatik izan ez balitz, irribarrearen garbiagatik izan ezean, alferrik galdutako astia eta dirua, besterik ez zen izango hain urrutitik irla bero hartaraino eginiko bidaia. Anna Paulak ere halaxe adierazi zion bere aurrean gizon eder hura izan zuenean: —Ez da hainbesterako, gizona, Itaparicako neska arrunt bat baino ez naiz, hemezortzi urteko neska beltz bat. Zure bidaia luze horrek merezi zuen ezer hoberik. Nahikoa izan zen hitz horietako ahots ederra, Joaquimen esperantza pizteko. Zentzuduna zen neska hura eta bazeukan bakar bihurtzen zuen zerbait. Ez zekien hitzez nola adierazi baina senak baietz esaten zion, saiatzeko neska haren lagun egiten. Halaxe hartu zuen ostatu hondartza gaineko aterpetxe batean. Astebetean anaia eta gainontzekoak konponduko ziren bera gabe, etxaldeko ganaduari jaten ematen. Anna Paulari ohorea begitandu zitzaion hain urrutitik etorritako mutil eder haren bisita. Horregatik onartu zuen egindako gonbita: asteazkenean afaltzera joango ziren lehendabizi eta dantzara ondoren, seguru asko. Hala ere, Anna Paulak hartuta zeukan erabakia eta halaxe adierazi zion gonbita onartzearekin batera: ez zion itxaropenik piztu nahi Joaquimi, berak aspalditik beste gizon bat maite zuen eta. —Oraindik ezagutzen ez nauzulako hitzegiten duzu horrela —erantzun zion Joaquimek harro, eta barrez-barrez egin zuen hondartza aldera, Anna Paula bere jendarteko zereginetan lagata. Afaria gozo joan zen. Anna Paulak parean mutil jator bat zeukala ikusi zuen eta Joaquimek emakume hura berarentzako nahi zuela erabaki zuen, haren begiak zenbat eta gehiago ikusi, haren hitzak zenbat eta gehiago entzun, halako gozotasun ezezagun bat handitzen baitzitzaion barrenean. Hasieran ez bezala, eder ikusten zuen geroago Anna Paula eta haren parekorik ez zegoen, ziur, Brasil guztian. Kosta ahala kosta, berarekin Minas Geraisera eramateko ahalegin guztiak egingo zituen. Dantzalditik etxera zihoazela guztiz argi mintzatu zitzaion, ordea, Anna Paula: huraxe zuten azken gaua, ez zuten berriro elkar ikusiko. Gogoko zuen Joaquim Anna Paulak baina ez zen komeni aurrera egiterik, berak beste gizon bat maite zuen, beste ezer baino lehen adierazi zion bezala. Aukera berri bat emateko eskatu zion Joaquimek baina ezezkoan gotortu zen irmo Anna Paula: —Pizten ez den goserik ez dago asetzen zertan ibilirik —eta adiskidantzazko musu batez agur egin zion, etxe barrura sartu eta hango ateetan barrena ezkutatuz. Joaquim bakarrik geratu zen gauez, han, bere etxetik hiru mila kilometrora. Bakarrik, oihanetik zetozen karraskari, katu eta zomorroek sortutako zarataren erdian. Bakarrik, Anna Paularen gabeziak eta hura lortzeko ezintasunak sortutako zulo berri harekin. Bakarrik oso, apenas ezer argitzen zuen ilberri mehe baten azpian. Hondartzako ostatura bidean, Correiaren tabernan sartu zen Joaquim. Berandu zen baina hogeita lau ordutan aterik ixten ez duten horietakoa da Correiaren taberna. Freskagarriak, garagardoa eta cachaza-aguardentaz gain, jaki oinarrizkoenak ere aurki daitezke bertan: urdaiazpiko, gazta eta arrautzak. Horietxek eskatu zituen Joaquimek otarteko batean; edateko, ostera, maracujá zuku bat lehendabizi eta cachaza botila bat gero. Ez zien diosalik ere egin taberna zokoan erdi kizkurtuta zeuden lau gizonezkoei. Ez zeukan solaserako gogorik. Edan egin nahi zuen, cachazatan ito nahi zuen bere barnean mitxeleta izateko aukerarik ez zeukan har hura. Anna Paularik gabe etorriko zen egunsentiari ez zion aurre egin nahi inola. Ezin izan zuen botila guztia amaitu. Ohiturarik ezak ez zion laga erditik haruntzago joaten. Erre egiten zuen cachaza hutsak barruan, erre egiten zuen oroitzaren zauriak eta irakin gauzatu ezin den amodioaren eroak. Bor-bor. Goizeko lau eta erdiak aldera jaiki zen bere aulkitik. Ezin baina zutik egon. Untzi handienak ere arroken kontra jaurtitzen dituen lemazaina izaten baitaki cachazak. Bere menpean, nortasun oro berdintzen da beste guztienarekin: lehendabizi atseginaren baltsamoa ekartzen daki, ondoren min guztiak ernetzeko, baita zahar eta ezkutuenak ere; eta azkenik, indargabetu egiten ditu zentzu guztiak, edozein bazterretan gizonik handiena ere balantzen ostean lurrera bota eta lotaratuz. Sukar horrek eramanda, Joaquimek hondartzara ez baina, Anna Paularen etxera zuzendu zituen danbalako pausoak. Bazterretako hesietan helduta, eskuak zauritu zitzaizkion txarrantxa uhertuetan. Bi txakur txiki zaunkari ere irten zitzaizkion bidera, praka barrenetatik hortzaka. Anna Paularen etxera orroka eta zarataka heltzerako, esna zeuden auzoko gizonezko guztiak. Creusa amona ere bai. “Anna Paula” aldarrika zetorren Joaquim, kokondoen bidean behera. Zakurrak ugalduta, dozenerdi baziren isildu gabe inguruan zeuzkanak. Iritsi zenean, alde egiteko agindu zioten auzotarrek Joaquimi, lagatzeko jendea lasai lotan, astegun buruzurian ezin zuela ibili horrela, Itaparica guztia esnatzen. Anna Paula eta Anna Paula, ez zeukan baina besterik Joaquimek, eta azkenean, lau lagunen artean tiraka eta bultzaka, erdi borrokan eta ahal bezala, eraman zuten zubira. Haren azpian, urri zetorren erreka, beso bat ere ez zabal eta sakoneran bi atzamar. Haraxe bota zuten ahuspez, txanpon handi bat bezala. Txakurrak eta zarata oro isildu egin zen orduan: mozkorra lo geratua zen azkenean, harri kozkor bat bezala. Creusak eman zion jendetzari nor bere etxera itzultzeko agindua. Aurki izango ziren oilarrak esna eta beraiekin batera abiatuko zen ostegun berri bateko zurrunbiloa. Ezer jakin ez zuen bakarretakoa Anna Paula izan zen, etxeratu ostean berriro irten eta Vivianarengana joan baitzen, gauean gertatutako kontuak kontatzera. Joaquimekin izandakoak adierazi nahi izan zizkion lagunari, bera hustu baino gehiago, Vivianaren jakinmina asetze aldera. Joaquimen desioaren berri jakindakoan, Vivianak hartu zuen hitza: —Ricardinhori batere kalterik ez halako gizon on bat edukitzea aitatzat. —Ezinezkoa dun hori, badakin —erantzun zion Anna Paulak—, beste bat maite dinat. —Zein dun, ordea? Esaidan. —Ricardinhoren aita dun, nahi dudan bakoitzean ekartzen dinat nire gelara gauerdian —esan eta damutu, biak izan ziren bat Anna Paularentzat. Vivianari jarritako isilpeko hesia pitzatzen hasia zen eta ez zuen aurrera egin nahi bide horretan. Nahikoa izan ziren, ordea, hitz haiek Vivianaren jakinmina handitu eta galderak ugal zitezen. Tinko jarri behar izan zuen Anna Paulak lagunaren galdeketa geratzeko: —Ez dinat gehiago ezer esango, Viviana. —Orduan egin dezagun lo, hirekin betiko haserretu baino lehen —erantzun zion Vivianak, tapakiei ernegaturik tira eginez. Halaxe geratu ziren biak lotan, Vivianaren ohean, umetatik sarri egin ohi zuten bezala. Goizean goiz jaikitako lehenengoek, cachazatan egositako gazteak errekan jarraitzen zuela ikusi zuten. Lagata bezala zegoen, ahuspez eta geldi, zaku zahar baten antzera. Goizerdira arte ez zen han inor jabetu gertatutakoaz: burua uretan sartuta, lotan itoa zen gaztea. Anna Paulak gertatutakoa jakindakoan ez zuen deus esan baina denek ikusi zioten arrasto ezezagun bat begietan, barnetik azaleratutako garrasi isil bat, gorrotoa eta mina bilbatzen dituen horietakoa. Vivianak lagundu zuen etxe barrura eta haretxen altzoan baizik ez zituen libratu malkoak, inork ikusten ez zuenean.
Orain nola itzuliko da, bada, Itaparicara? Nola bizi jende anker haien artean? Joaquimen irudia agertuko zitzaion han, erreka gurutzatzen zuen bakoitzean. Joaquimen irudia plazaren erdian, Joaquimen irudia bazter guztietan. Bere senitarteko eta auzoek itotako lagunaren oroitzapenak ez zion lehengo bera izaten utziko. Joaquimen gertaerarekin eten egin zen zerbait beraren eta gainontzekoen artean. Arrotz egin zitzaion irla egun hartatik aurrera, urrutikoak hango biztanleak, lekurik gabe geratu zen supituan, sekula irudikatu ere egin ez zuen egoera batean harrapatuta ikusi zuen bere burua. Gogoetan dabilela, ohigabeko bakardeari aurre egiteko, telefonoari ere agindu dio txirrina jo dezan. Ezin eraman dezake haurraren arnasak baino eteten ez duen isiltasun hau, apurtu egin behar du bere buruaren muga hutsetara derrigortzen duen gogoeta laino hau. Ezinezkoa da, ordea. Inork ez daki bera hotel merke honetako 32. gelan dagoenik. Inortxok ez du ezagutzen Salvadorren, inork ez daki bera Anna Paula denik, Itaparicara Mãe Iemanják bidalitako aingeru beltx ospetsua. Telefonoak jo egin du, hala ere, bere desioaren aginduari segika: harrerako mutila da ostera ere, gosaria seietatik hamarrak arte baino ez dutela zerbitzatzen esanez, eta alferrik dela minutu bat beranduago iristea; esandako orduetatik kanpora, ez dagoela gosaltzeko aukerarik, alegia. Anna Paulari areagotu baino ez zaio egin bakardadea bere solaskide bakarra harrerako mutil ozpindu hura dela jabetu denean. Jendartera ohituta dago bera eta egoera berri honek urduri jartzen du, okerreko zerbait egin izan balu bezala. Alabaina, hartuta dago erabakia: Salvadorren aurkitu behar du bizibidea datozen zazpi egunetan. Bat-batean amona Creusaren akordu mingotsa etorri zaio. Nork egingo ditu haren hankaren eguneroko sendakuntzak? Nork garbituko ditu haren zorne ugariak? Viviana badela horretarako eta gehiagorako gauza erabaki du eta, ez balitz ere, berdin diola pentsatu du, Creusak, Joaquimi gertatutakoaren lekuko izan arren, ez baitzuen pausorik eman mutilaren alde. Tinko hartuta dauka erabakia: Ricardinho eta bera ez dira sekula Itaparicara itzuliko eta ez du inork beraien albisterik izango. Aurkituko du zerbait zerbitzari lanetan, taberna edo dendaren batean, eta bestela hondartzetan jarriko da turistei zerbait saltzen. Denak kale egiten badio, ordea, desiratze hutsagatik ez badu lanik topatzen, ezin badu egin aurrera, Ricardinhoren etorkizuna ez badu ziur ikusten, orduan, eta orduan bakarrik, joango da Kaliforniako Los Angelesera eta atea jo ondoren, atarira irteten zaionean, bi urtetan ezkutatu diona jarriko dio agerian Richard Gere maiteari: —Hara Richard —esango dio—, hau da gure semea; duela bi urte Itaparicara ekarri zintudan gau hartan egin genuena. Zeure izena jarri diot, Ricardinho deitzen da. Zeure begiak dauzka.
Karramarroaren aztarnak |