Karramarroaren aztarnak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1997

 

 

YUKATAN

 

      Txetumal-en alokatu nuen Volkswagen zuriak, berrogeita hamar dolar balio zuen egun bakoitzeko, aseguruak barne, baina egia esan, batere diru arazorik gabe nenbilen behingoagatik: POSTWORK telebistako produktoreak egun batzuk lehenago emandako travell-check haiek, urreak baino gehiago balio zuten mundu honetako edozein bazterretan, eta are gehiago Txetumalen, ohituta baitzeuden itsasbazter hartan, era guztietako txanpon eta diruak ikustera. Mota orotako txeke eta plastikozko diruak, urreak eta trukeak, denetarik ezagutzen zuten han. Belizeko irletatik sartzen zen kontrabando ugarian zegoen Babel ekonomiko haren arrazoi nagusia: erloju, ordenagailu eta tresna elektroniko guztiak, japoniarrak gehienak, betidanik bekaiztu izan dituzten zilar pusketez ordaintzen zituzten bertaraino hurbiltzen ziren mexikarrek. Muga-mugan egotearen dohain eta atsekabeak zeuzkan berarekin Txetumal izeneko Sara tropikal hark. Diru errazaren ondorioak: arropa europarra dendetan salgai, dentista klinikak nonahi, auto berriak kalean zain, baina putetxeak, poliziak, truketxeak eta eskaleak ere bai. Emakumezko bakarren batzuk ezik, binaka ibiltzen ziren gainontzekoak kalean. Gizonezkoetan gehienek, ostera, ipurgaineko koskor metalezkoa ezkutatzen zuten alkandora edo jakaren azpian. Txingurriak baino ugariago ziren han arma zerabiltenak, alajaineta.

      Travell-checkak nituen boltsikoan, bai, baina biak batera sekula suertatzen ez direnez, diruz ondo eta denboraz larri nenbilen benetan: ni baino bi egun lehenago irtenak ziren Txetumaldik nire kamera eta operaria. Beraiekin bildu behar nuen arratsaldeko zazpietan Tulum izeneko herrian, eta tartean baziren laurehun kilometroko bide zaztarrak.

      Behin Tuluma iritsitakoan, gainera, kontuak izanen nituen aukeratutako tokia topatzen: Don Armando izeneko ostatuan aurkitu behar nituen lankideak, itsasora begira dauden piramide bakarren ondoan. Hondartza zuriaren ertzean. Arin ibiliagatik, mila demonio beharko nituen atzetik bultzaka, agindutako lekura egoki iristeko.

      POSTWORK telebista britainiarrarentzat niharduen lanean, gezurra badirudi ere, Ertameriketako lurretan Europa zaharrari buruzko dokumental bat eraikitzen. Ostatuaren jabea, Don Armando delako hori, duela hemeretzi urte ihesi joandako Armando Olaetxe usurbildarra zen, pistolak eta abarrak Karibeko ur eta lurretan ahazteko ahaleginetan zebilena. Bere iritzia jaso nahi zuten britainiarrek dokumentalean eta horretxek eskaini zidan ohigabeko lan hartarako aukera. Aparteko aukera paregabea, alajaineta. Gainontzean telekate horietako produktoreek ikusi ere ez baitute nahi izaten kazetari kanpotarra, are gutxiago kazetaria euskalduna baldin bada. Lehenengo hitzean antzematen omen digute irlandarrak begi onean ditugula. Ahal delarik, erreginak bezala, bertakoa behar du izan kazetariak, bestela ez omen da eta “ikuspegi britainiarrik” eskaintzen. Behingoagatik bentaja neukan, ordea, Don Armandori elkarrizketa euskaraz eginez gero, sakonagoa izango zela sinistuta baitzeuden pepelerdo txoro haiek. Olaetxe eta nire herkidetzaren zukua gehitu nahi zioten beraien dokumentalari.

      Lana ondo eginez gero, aurrerantzean ere etorriko zen, noski, beste zerbait ere —hala agindu zidaten behintzat— eta horretxegatik nenbilen olaturik gabeko itsasoa erakusten zuen Txetumal hartan, leporaino datu bilaketako lanean sartuta.

      Abiatzeko tenorea iritsi zitzaidanean, filosofo zahar guztiek agintzen dutena egin nuen neuk ere: bi zigarro pakete erosi eta aukeran dagoen autorik onena alokatu, alajaineta.

      Yukatan-go penintsula gurutzatu behar nuen, beraz, ia oso-osorik, behetik goraino, Volkswagen zuri hartan. Eta Yukatan ez da Elorrixo, ez eta antzik ere: Yukatango arratsalde hura azalean, ilean eta eskuetan itsasten zen, karramarroa haitzari bezala, umelaren umelez. Koipetan igurtzitako gorputza ematen zuen nireak, zelulen artetik azaleratutako izerdi ugari haren bainuarekin. Aire lodi hartan zomorro hegalari eta karrakalari batzuek bakarrik zekiten topatzen arnas gozorik. Bide bazterretako biztanle maiatarrek ere, begiak itxita hartzen zuten atseden hamaketan etzanda. Bide bazterrean agertzen ziren egurrezko txaboletan, zerri, oilo eta zaldi koskorrek, limoiondoen gerizpetan etzaten zituzten bizkarrak freskura bila. Ea, bada, zer erremedio!

      Laua zen, eta da, Yukatango lurraldea. Karibe itsaso urdinetik bat-batean jaikitako artirinezko talo hezearen antzekoa. Nafarroa bezalako bost, baina askoz ere umel eta beroagoa, alajaineta. Urrutian galtzen dira bere errepide zuzen guztiak: tatabá, oboé eta kalanbá hostoen berdetasun gordinak irensten ditu galipotezko marra zuzenak ostertzera iritsi baino lehen, bukaerara heldu aurretik amaitu nahi duten bide etenezin eta infinitoak bailiren.

      Zubi berri baten gainetik igaro nuen Tekom ibaitzarra —gure erreka eta ibai guztiak, Oria eta Ebro barne direlarik, denak batera jarrita, hark zekarren uraren erdia ere ez lukete egingo seguruenik—, eta orduantxe ikusi nuen ekaitza hango lur lohitsuetatik gauzatzen: masusta koloreko laino iluna sortu zen, hantxe, nik neraman bidearen gain-gainean.

      Lehendik larri bahenbilen, tozak orain hau, esan nion neure buruari, kontsolamenduren bat aurkitu nahian, baina, bai zera, han gertatutakoa ez dago sinesterik. Noe zaharrak ikusiko zituen bereak, baina kazetari honek ere badaki harrezkeroztik zaparradei buruzko bi hitz baino gehiago, alajaineta.

      Galeper arrautzak bezalako tantoak erori ziren, danba-danba, Volkswagenaren xafla eta kristal gainetan, danborrada ero baten menpe harrapatuz presaka eta korrika zebilen ipurterre hau. Lehen izerdizko geruza batek diz-diz egiten bazuen bidearen erdian, metro erdiko uholde hazi batek zeramatzan oraingoan ekaitz ondoan egurrak, satorrak eta zuztarrak. Oilo, harri eta txintxarrak. Zekor bat ere han joan zen, uretan orruka eta marruka.

      Bat-bateko gaua sortu zen, masusta koloreko gaua, arratsaldearen erdian, eta tximistek argi gehiago egin zuten Baionako farolak baino. Erdi gorra izanagatik trumoien burrunbarekin ez dira oraindik ahaztu, oraindik ere, nire bi belarritxo hauek. Baina nola, nola arraio, bizi liteke inor halako leku haserrean? Nola liteke handik alde egin gabe betiko geratzea?

      Bertan jaiotakoa izan behar derrigorrez, bestela ez da hura hauta dezakeen amaren semerik, ez behintzat gureak bezalako paraje ederrak ezagututa, alajaineta.

      Auto barnean sortutako lausoak eta kanpoko aldetik euriak kristaletan piztutako itsaso nahasiak eragotzi egiten zidaten ikusmena: metro t’erdira ere ez nuen deus ikusten ahal. Itsuen pareko geratu nintzen orduantxe.

      Hala ere, hasi bezala bukatu zuen zaparrada: aitaren batean. Berriro abiatu nintzenean, lau zapelatz —zopilote deitzen dituzte lurralde haietan— ikusi nituen, bideak egiten zuen malda batean. Pitoi-suge baten gorpu luzea irensten ari ziren. Seguruenik, neu bezalako beste bidaiari beharturen batek harrapatuko zuen sugetzarra bere gurpilen azpian, eta zopiloteek jaiotzaz dakarten sena eta grina bete baizik ez zuten egiten beraien moko eta atzapar zorrotzez. Volkswagenaren tutua jo nuenean, hego beltzak zabaldu eta laino ilun bat sortu zuten bandadan hegaka.

      Zaparradak lur beroaren kontra jotzean sortutako lurrunak handitu egin zuen sargoria: eltxo, tximeleta eta txoririk txikienak eroturik galtzen ziren nire autoaren leiar eta motorraren kontra. Eguraldiaren horrenbesteko aldaketarekin, ez nintzen batere harritu hainbeste animalia beren buruaz beste egiten ikustean. Naturak suizidatzeko asmoa zeukan arratsalde hartan, alajaineta, eta neu ere itolarritzen hasia nintzen, inguruan ez baitzen gizasemerik inon ikusten, argindarraren urrutiko zutabe batzuetan lanean zintzilik ikusi nituen bi pioi izan ezean.

      Neure presazko helburuaren ondotik, errepideari atxiki nizkion berriro begiak, bertako marra, lehen zuri, gero kolorgeetan, galdu zirelarik nire burutazioak hipnotikoki.

      Dartada batek jasoarazi zidan bista: neure aurrean hirurehunen bat metrora zilarrezko argi zuri batek, Kubrick-en 2.001: Espazioko Odisea filmean bezalako xafla distirant bat sortarazi zuen errepidearen gainean, eta ondoren, begi-kliskada bat bainoko instant laburragoan, milaka zati txikitan desegin zen, merkuriozkoa bailitzen. Gero, zirimiriaren antzeko puntu txiki haiek, argi hauts bihurtu ziren eta azkenean, etorri bezala, desagertu egin zen guztia arratsalde hartako aire lodian.

      Balazta sakatu nuen barruraino. Intziri egin zuten gurpilek eta ia joan nintzen, Volkswagen eta guzti, artadi heldu baten magalera zilipurdika.

      Bidaiak eta beroak sortutako ametsaldia izan zela esan nion neure buruari, han, xafla distiranta agertu zeneko lekuan, ez baitzegoen ezer, oihanak berez duen hots itzela izan ezean. Han ez zegoen ezer, ez xafla eta ez xaflaondorik. Ez izarren hautsik, ez dirdirarik. Nekearen eta beroaren errua izango zen bai, eta oker lebilke edonor, nigan peiote edo antzeko ontoren baten eragina aurkitu nahian balebil. Alajaineta.

      Bi kilometro aurrerago zegoen La Posadita izeneko ostatuan geratzea erabaki nuen eta bertan kafe beltz bat eskatzea, bere ke beroak sabelean kaparra bezala helduta neukan izualdia estaliko zidan itxaropenean.

      Atarian eserita zegoen mutil kozkor batek iguana arre zahar bat zeukan isatsetik soka mehez lotuta. Gure mendietako muskerren aldean, handia eta zaharra zen hura, alajaineta. Oilarren antzerako gangartzar bat zeukan, gainera, burutik bizkarrera. Taberna barnean emakume lodi eta bibotedun batek egin zidan ongi etorria zerbait hartu nahi ote nuen galdetuz. Leihatila estu baten argitara hiru gizonezko zeuden patxadan bilduta. Gasolio upel huts eta herdoildu baten gainean, domino antzeko joko baten piezak zeuzkaten bilduta. Ezkerreko aldean, bazter ilun eta freskoenean, gizon oso zahar bat zegoen erdi lotan sonbreru zuri baten azpian. Laurogei urtetik gora bota nion nik lehenengo begiratuan.

      Hautsez betetako plastikozko lore hori eta zatar batzuek edertu nahi zuten mahaian eseri nintzen, bertan zeuden botila huts batzuk baztertu ondoren. Kafearekin batera, erdilotan egondako agurea etorri zitzaidan, neure mahai berean esertzeko baimena eskatuz. Baietz esan nion nik, bai bainekien kafea hartu eta ziztu bizian irtengo nintzela handik errepidera, ordura arte sekula edukitako aukera profesionalik onena betetzera. Gainontzean, Don Armando, Tulum, POSTWORK, kamerak eta abarrekin, ederra kakanahastea sortu behar nuena. Alajaineta.

      Hurbildu zitzaidan, beraz, bai hurbildu ere, gizon zahar hura. Hanka-hutsik zebilen arren, dotorea ematen zuen: guayabera antzeko alkandora zuria zeraman soinean. Buruan benetako Panamá sonbrerua. Ezkerreko eskuan, tatanbé adar zuzen eta lehor batez egindako eskumakila, karey dortokakume baten oskolaz egindako heldulekuduna. Izena Nikolas zuela aitortu zidan beste ezer baino lehen eta Xtabentum kopakada bat ordainduko ote nion galdetu zidan ondoren. Horri ere baietz erantzun nion, neu ere izenez Nikolas bainaiz eta grazia egiten baitu ustez norberarentzat bakarrik asmatutakoa den izena, beste norbaiti ere badagokiola jakiteak. Zer esanik ez, gainera, hain paraje galduetako Matusalen zahar bat baldin bada izen berorren jabea. Nik betidanik izan ditut gogoko digestive tankerako likoreak eta Xtabentuma horien artekoa da. Txetumalen dastatu ahal izan nuen estreinaldikoz: anisa eta eztia nahasiz egindakoa izaten da, logure apur bat ematen duen arren urdailerako bikaina, eta nik urdailean neukan, hain zuzen, oraindik ere kafe hutsak estali ezindako liluraldi eta kakalarria. Bi kopakada ateratzeko eskatu nion, beraz, emakume zerbitzariari.

      Beste Nikolasek, zaharrak, begietara begiratzen zidan zuzen-zuzen, arretarik galdu eta beste ezertan erreparatu gabe. Nire ninietan zerbaiten bila zebilela ematen zuen era hartan ikusita. Kaskazuri zahar hau nire begietan arkakuso bila ari duk, pentsatu nuen neurekiko, zerbait pentsatze aldera. Baina zaparradak harrapatu ote ninduen galdegin zidan berehalakoan. Baietz erantzuten nionarekin batera, zutitu eta, nire begietatik bereak aldendu gabe, eskua luzatu eta zorionak eman zizkidan. Ondoren, ustegabeko besarkada batean estutu ninduen, eta patata aurpegia jarri zitzaidan niri harridurarekin, baldin eta patatek sekula aurpegirik izan badute.

      Ustegabeko korapilo hartatik askatu nintzenean, nik ordaintzen niona ez zela agureak edandako lehen kopakada izango pentsatu nuen, gizon haren jarrera ulertu ezinik; baina une bat igarotakoan, berehala galdetu zidan bidearen erdian zilarrezko argi zuria ikusi ote nuen, xafla handi baten antzeko gauza distirant bat. Baietza eman nionean, berriro besarkatu ninduen eta berak ere hogeita hamazazpi urte lehenago argi huraxe berbera ikusi zuela aitortu eta, mesedez, ez beldurtzeko eta berriro aulkian esertzeko erregutu zidan. Baietz esan nion nik, baina besarkada haiek gehiegizkoak zirela eta, egoteko bakean agindu nion nik, mesederik gabe, alajaineta.

      —Hara gazte, gauzak behar bezala uler ditzazun, Taumara neskatxari behinola gertatutakoa kontatuko dizut —esan zidan.

      Eta nik ezetz, presaka nenbilela eta ez nengoela ipuinetarako. Eta berak baietz eta baietz, azkenean ekin zion arte.

      Nik argia ikusi nuen paraje hartatik hurbil, errepidetik ikusten ez bada ere, ba omen zen, eta ba omen da oraindik ere, Xul Ha izeneko herrixka, eta bertan bizi izan omen zen Taumara izeneko neskatoa. Begi eder eta handiko neskatxa zen bera, lau ahizpatan zaharrena. Udako goiz batean, oso goiz, bere aitak, Tesik edo antzeko izenen bat zeukan herriko azokara bidali zuen. Herriaren izena ez nuen behar bezala gogoan hartu baina neskatilak trukerako zeramatzanak bai, garbi-garbi dauzkat memorian gordeta, harritzekoa bada ere. Neskatoak lau oilanda eder eta lehortutako armadilo pare bat zeramatzan Tesik edo dena delako azokara. Zerrikume eme eder bat ekarri behar omen zuen azokatik itzuleran, antza denez, uholde batek ito omen zuen etxean zeukaten azken zerrama eta. (Ez nintzen entzundakoez harritu, errinozeronteak ere itoko baitzituen nik lehenxeago ikusitako zaparrada haren urak. Dena dela, gizon zahar haren ahotik animalien metaforaz betetako ipuin bat entzungo nuela uste izan nuen orduan).

      Nikolas zaharrak arnasa pixka bat hartu zuen, sonbrerua erantzi eta mahai gainean lagata. Ondoren belarri ostean gordeta zeukan zigarro bat piztu zuen nire txiskeroa erabiliz. Lehenengo ke puzkadarekin batera heldu zion berriro kontakizunari.

      Itxura denez, Tesikeko azokara iritsi zenean, bazter guztietatik etorritako laborari eta merkatariak ikusi omen zituen Taumarak. Maiatarrez gain, oltekarrak eta mixtekarrak ere ba omen ziren han, askoz ere iparralderagotik etorrita.

      (Kontatzen ikusita, bertan egondakoa zela ematen zuen Nikolasek).

      —Merkatuaren bazter guztietatik artopilen usaina hedatzen zen, jitomate, papaia, txile, babarrun eta kalaba-za-lore gozoen gainetik. Gerizpetan jarritako egurrezko kaioletan untxiak, indioilarrak, tximu txikiak eta beste abere batzuk zeuden salgai, ujuka, uluka eta txorrotxioka. Zakurrek isatsari eragiten zioten arrain lehortuen eta olagarro eta otarrain bizien inguruan.

      Kontalari klasiko samarraren tankera hartu nion hitz haiek entzundakoan Zigarroari beste zurrupada bat kendu zion zaharrak, eta isilgabean, berriro ekin zion bereari nik erlojuari begiratzen nionarekin batera.

      —Zerrikumearen bila zebilela, Dzula izeneko herritik etorritako ispilu-saltzailea ikusi zuen Taumarak palmostoz egindako itzal baten azpian. Zaharren bat edo beste eta ume mordoska bat bildurik zeuden bertan ispiluetako mirariei begiraka. Taumarak urontzi handi batean baino ez zituen ikusi sekula bere bi begiak, eta Dzulako merkatariaren ispilu handi batean bere gorputz osoa hain garbi islaturik ikusi zuenean, neska ederra zela jabetu zen bat-batean.

      La Posaditaren atetik barrura, atarian iguanarekin zebilen mutikoa sartu zen kontakizuna entzuteko asmoz, baina une berean emakume lodia hasi zen zarataka:

      —Markos, zomorro zikin horrekin ez hadila sartu hona barrura! Jota txikituko haut bestela!

      —Utzion sartzen, andrea —esan zuen ordura arte isilik dominoan ari zirenetako batek—, kalterik ez dio egingo Don Nikolasen ipuin zahar hori entzuteak.

      —Hi egon hadi isilik, babolio! —erantzun zion emakumeak—. Segiok heureari eta ixo. Isilduta ere nahiko lan ematen didak hik eta.

      Konfiantza hura ikusitakoan, senar-emazteak zirela erabaki nuen, berehala.

      Une egokian heldu zion zaharrak berriro ere bere kontakizunari. Liskar hura eteteko gauza izan zen behintzat.

      —Zerrikumearen beharra ahaztuta, ispilua eskatu zion Taumarak merkatariari, oilanda eta armadilo lehortuen trukean.

      Don Nikolasek azken zurrupada eman zion bere zigarroari eta ondoren, nire harridurarako, lurrera bota eta hanka hutsaz amatatu zuen, beti halaxe egin izan balu bezala. Mahai gaineko kopari zurrutada bat kendu ondoren hasi zen ostera hizketan.

      —Ispilu zati handi hura burugainean zekarrela, etorrera baino luzeagoa egin zen itzulera, edozein bide bazterretan geratzen baitzen Taumara bere buruari ispilu hartan mirespenez begiratzera: Taumarak keinuak egiten zizkion ispiluari eta ispiluak keinuak itzultzen zizkion Taumarari. Barre egiten zuen neskatoak orduan eta orduan ispiluak zuen egiten barre.

      Hitz jokoetan sartu zitzaigun agure zaharra. Ez zuen lehenengo aldiz kontatzen ipuin hura, ez, alajaineta.

      —Xul Ha herriskara hurbildu ahala, batez ere Tekom errekaren gaineko zubi zaharra gurutzatu zuenean, kezkatzen hasi zen Taumara, ez baitzekien aitamek nola hartuko zuten zerrikumerik gabeko itzulera hura. Burutazio haietan zebilela —neuri begiratuz—, zuk zilarrezko argia ikusi zenuen leku hartan bertan zegoenean, ekaitz izugarria piztu omen zen ziztu batean eta trumoi guztien aita den Tlalok Jainkoak, tximista zuri handi batez jo omen zituen Taumara eta bere ispilua.

      Leihatilaren ondoan dominoan ziharduten gizonek, jokoa utzi eta ondo baino hobeto ezagutzen zuten kontakizunaren bukaerari jarri zizkioten belarriak. Emakumeak ere ez zuen galdu nahi izan han esaten zenik.

      Entzulegoaz ohartuta ahotsa apur bat goratu zuen Nikolas zaharrak eta, “mila pusketatan, hauts eta hondar bihurtu zen ispilu zuria”, esan zuen. “Kiskalita, bertan hilda geratu zen betiko Taumara neskato begi-ederra. Bihotzik ez dauka Tlalok Jainkoak eta horregatik bidaltzen ditu uholdeak.”

      Hitz izugarri haien guztien atzetik isilunea egin zen La Posaditan. Atariko umea kizkurtutik zegoen sarrerako atean, adi-adi. Azkenean heldu zion bereari agure zaharrak.

      —Taumara bezala norbere buruaren harrokerian erortzen direnak zigortzen ditu beti Tlalok Jainkoak, baina sukarrak jotakoak sendatzen ere badaki noiz edo noiz, gaiztakeriak beti baitakar onbidearen aurpegia berarekin batera.

      Don Nikolasek beste bi Xtabentum eskatu eta behatz trebez atera zuen zigarro bat nire paparreko poltsikotik. Piztu eta gero aurpegira bota zidan ke puzkada. Ondoren irribarre garbi bat eskaini eta zorioneko nengoela esan zidan, zilarrezko argi zuria ikusten zutenen begiak betiko garbitzen zirela eta. Norberari begiratzeko goserik gabe geratzen zirela, beti besteei emanak, gainontzeko guztien gaitzak ikusten zekitela eta zer bai eta zer ez deliberatzeko orduan, gaitasun apartekoak zituztela esan zidan. Berak hogeita hamazazpi urte zeramatzala lurralde haietan lan hori berori betetzen.

      Argizko xafla bide gainean ikusi banuen, neu ere bera bezalakoa nintzela esan zidanean, estutzen hasi nintzen, eta halakoetan egin behar izaten dena egin nuen: egia aitortu. Berandutzen ari zela erantzun nion agureari, arratsaldeko zazpietan Tulumen egon behar nuela derrigorrez eta bide luzea geratzen zitzaidala oraindik ere. Barkatzeko baina banindoala.

      —Zoaz, zoaz —esan zidan orduan—, baina ez zara Tuluma iritsiko. Zure lekua ez dago han.

      La Posaditako andrakoteak ez zidan edandakorik ordaintzen laga. Bost dolar utzi nizkion hala ere mahai gainean, baina ezetz, hurrengo batean ordainduko niola erantzun zidan. Pixkatean behintzat leku hartara itzultzeko asmorik ez neukala adierazi nionean, barre algara batek egin zion ihes ezpain eta begietatik.

      Dominoan jarraitzen zuten gizonek zutitu eta arraiki agurtu ninduten. Don Nikolas zaharrak gehiegizkoa begitandu zitzaidan besarkada batean katramilatu ninduen beste behin ere eta begi bustiez esan zidan agur. Nire senitartekoa balitz bezala jokatzen zuen agureak. Ez nintzen berehalakoan handik irten, alajaineta.

      Atarira iritsi nintzenean, zeru garbitik zetorren argiak itsutu egin ninduen une batez eta mutikoak lokarriz lotuta zeukan iguana zapaldu nuen ia.

      —Hasta luego, Don Nicolasito —esan zidan mutikoak barrez-barrez autoan sartzen ari nintzen une berean.

      Volkswagenaren ispiluan ikusi nituen neure bi begiak eta berriak iruditu zitzaizkidan, zinez, betidanik eduki zuten ke lelo berezia galdu balute bezala. Horixe bakarrik behar nuen, neure talo aurpegia ispiluan ez ezagutzea, esan nuen, inork entzuten ez zidan konfiantzan.

      Kasurik egin gabe, motorra piztu eta martxan jarri nuen Volkswagen zuria. Errepidea hartu bezain azkar, barruraino sakatu nuen azeleradorea. Atzeratuegi nenbilen Taumara neskatoaren ipuina zela eta. Ederki sakatu beharko nion arratsaldeko zazpietan Tulumen egongo banintzen.

      Asfaltoa lehorturik zegoen jada eta ziztu bizian joateko moduko giroa egiten zuen leihatila guztiak zabalduta. Autoaren leiarretan eltxo eta tximeleta gehiegi pilatzen zirenean, geratu egiten nintzen edozein bide bazterretan eta trapu zahar baten laguntzaz garbitzen nituen kristalak.

      Xtabentumaren igurtzi azukrezkoa neukan oraindik ere eztarriko zuloan irristaka. Ordu erdiren bat faltako zen iluntzeko baina Tulumen aztarnarik ez zegoen inondik. Oihana erdibitzen zuen asfalto zuzena baizik ez neukan han parean.

      Bat-batean, berriro ikusi nuen zilarrezko argi zuria eta Kubricken xafla, Taumararen ispilua, edo dena delako Jainko Haserretuaren miraria. (Egia esan, metalezkoa baino gehiago, beirazkoa iruditu zitzaidan ordukoan, baina lehengo berbera zen, zalantzarik gabe).

      Argi hondar nola bihurtzen zen ikusi nuen gero, eta azkenik deus ez. Balazta sakatu eta arrasto bila hasi nintzen bigarrenez ere, baina lehenengo aldian bezala, basoko soinu zantarra baizik ez nuen topatu ahal izan.

      Nire buruko argi urriak arrazoirik sekula ez zuela aurkituko eta, POSTWORKekoek emandako aukera profesionalera mugatu nituen neure pentsamenduak. Erotuko nintzen bestela. Bai, alajaineta. Erotzekoa zen hura. Bidean jarri eta aurrerantz jo nuen berriro, baina han, ezinezkoa zen lekuan, La Posadita agertu zen ostera ere.

      Autoa geratu nuenean iguanak eta mutikoak atarian jarraitzen zuten.

      —Hola, Don Nicolasito —esan zidan mutil kozkorrak barre batean, iguanari oilasko hezur lehor bat luzatzen zion bitartean.

      Barrura sartu nintzenean, koipezko kriseilu batzuk ikusi nituen bazterretan piztuta. Erdi ilunpe hartan berehala ohartu nintzen Don Nikolas zaharra falta zela.

      Lehen egondako gizonez gain, beste batzuk ere baziren La Posaditaren barnean. Neskatila eta emakumezko batzuk ere bai. Guztiek egin zidaten diosala oso arraiki eta begirunez. Emakume lodiak Panamá sonbrerua eta Don Nikolasi ikusitako eskumakila berbera luzatu zizkidan, lehen egindako egonaldian ahaztuta utzi nituela esanez.

      Oinetakoak kendu, eskumakila hartu, Panamá sonbrerua jantzi, Don Nikolasen bazterrean eseri eta Xtabentum kopakada bat ateratzeko agindu nion zerbitzariari. POSTWORKekoek harrapatuz gero, jota garbitu egingo ninduten, baina zer egin behar nion nik, bada? Erabakita zegoen egun hartan ez nintzela Tuluma iritsiko, eta beste pixkatean ere ez, alajaineta.

 

Karramarroaren aztarnak
Hasier Etxeberria

Elkar, 1997