|
Hiru olerki sorta
GORAINTZI
(GIZA-ALARGUNAREN ESKEINTZA)
Nere lagun guziei: Emaztea galtzea zerbait da. Ez dakit olerkari naizenik; bihotz samur-bera dutela, ori bai, badakit. Nereak ar dezan deskantsu, arteka behartua nauzu gogoeleketa bide, sentimenak agertzera. Argia ikusteko duin diraia esan didate; eztakit. Oraingo giroan eta nere berezkoari jarrarituaz, esan beharrak esaten ditut; neurritzeak lanak ematen ditu ta askotan esan nahiak ttipitu. Azke dabil, beraz, nere bihotz-eragina. Oker edo urri badabil, nere akatsa duzu. Barkatu. Alaere uste dut, nik bezelaxe, bere emaztea edo senarra galdu duanak barrunduko dituala nere sentimenak. Onekin aski dut. Artola ta Sagarzazu’tar Fernando «Bordari»
Nik zuri; maite!
EGALAK
Gizakumeak egorik ez daukalarik egalak dauzka. Nereak, amak zizkidan neurtu. Hemen bai; an ez; arago bai Egalak neurtu. Gogo-egalak! ... ... ... ... ... ...
Gazteak ankak arin —egorik ez— Nun gogoa an zankoa! Egan, egalarik gabe; gogo ta gorputz beti aidean. ... ... ... ... ... ...
Gero, gizondu. Gero, gudatea... Gero, txikiratu Gero, emetu Gero, koldartu Gero... Egalik gabe aidean, maitearen egalean; plats, plats. Aide, aide! ... ... ... ... ... ...
Ta sendia asi Ta familia azi. Gero, aidean ikasi. Aidean bizi. Ta emaztea galdu ta Egala autsi. Egoera trixtia nerea.
NOIZ-NAHI
Noiz nahi Naiz eta hila zeran, nere begi aurrean zakust.
Zure begiartea Zure iduria Zure maite-ixuria Bizi-bizi, neretzat, nerekin.
la bi urte galdu zindudala Atzo baino ez dirudi hor zinala Hain bizi ikusi ta senti Zindudan bart!
Bai! Atzo eleketa bide, Zerutar jolasean, gogo bihotzez Alkarganatu ginan. Ametsa baizik etzan. Baina, Poza gelditu zitzaidan egun guztirako, nere.
Eta onela, noiz nahi.
BETI, BETI ZUREKIN
Zure arimari muxuka Nere gorputz argala Zurea zana Zurea dana, Nere emazte laztana.
Bai, muxuka gabiltz —Egizko apa maiteak— (Otoitzarenak) Espirituzko diran laztan ezti luzeak.
Muxu ta apa eten gabean
Jaungoikoa baitan Zu zeruan Ni lurrean Eta laister biok Jaungoikoagan betikotz Alkar Jainkoari so.
Jainkoagan Beti, beti, beti, Zurekin.
NEGAR EGITEN IKASI DUT
Munduko ez-beharrak jasatzen Giza-bizitza-arantzak sofritzen Txiki-txikitatik Ikasi nuen. Kristori begira —Bera eredu— Eramankizuna nuen birtute. Barru haundi, zentsunak garaitzen ikasi nuen. Eta ortzak itxita, kanpo ta barruko minak zotinik gabe menderatzen, ikasi nuen.
Bai, bihotz beraha izanik ere bihotz-gogor agertzen ikasi nuen. Eta alditan, bihotza negarrez eta ezpainak farrez ipintzen ikasi nuen.
Zu, zerura joan ziñanean; gogoan negar begiak legor Ukabillak estutuz Danon aurrean Gizonki agertu nintzen. Gizonki!
Geroztik naiz eta sekula baino elkartuagoak bizi gure arimak; gizonki —lanturarik gabe— Negar egiten ikasi dut.
Eta ez dut damurik, nere Nere negarra, oroitza ta otoitza da ta.
MAITE, ZAITUT, MAITE
Jaungoikoaren baitan Betiko atsedenean Nola zauden, Aski dut naizena eskuratzea, ta gogoaren bidez zeruan sartzea...
Ta bat-batean, zure iduri maitagarria Begi urdin ederrak Irripar eztitsua Zure emana Ikusten ta sumatzen dut. Eta nere ezker eskuak bizi ziñanean, maite ohantzean egiten nun bezelaxe) Zure esku txiki gozoa estutzen du. Espos eguneko urrezko erreztunak alkar kraxkatuz.
Dana, egia balitz bezela. Gogo gozamen bete betean. Eta fedeak Santuen komunioa Bizi-bizi ager arazten dit Eta zeruko bizitza neretzat nolakoa izango dan, zertxo bat adierazten.
Gu behintzat honela biziko gera eternidadean.
Gogoak alkar, estu estu. Arnas berean Gar batean Malezirik gabe! Jaungoikoari so!
Gureak inguruan ditugula Zerutar giroan Zeñen ederki! ... ... ... ... ... ...
Lurreko izateak, ordea Ai, hau nere sortea! Zu joana zerala esaten dit.
Ta aldamenean dudan zure argazkiak Bihotza erdibitzen dit. Eta ehun kiloko gizon haundia naizen arren
Begi-biak ureztatzen zaizkit.
Negar goxo xamurra... Espiritu nerearen itutia. Senar-otoitza.
Ez harritu, nere, egunetik egunera Gehiago maite zaitut eta.
HENRIETTE
Anai-arteko guduari igeska aberri-zear, hemen beko bidean topatu zindudan. Zorionean. Nere pottoka ttikia!
Gero alkarrekin igaro genitun Egun batzuek... Goruntz begira. Beti aldatz gora. Arteka atseden eginaz. Bide-batez irri, gosari, bazkari ta afari.
Aldapa gora neke-bidean.
Alkar maitatzea Haurrak ekartzea Alkar eramatea Alkar ezagutzea. Alkar. Beti alkarrekin. Griñak, mendeko genitun. Gogoak, geroan... Bihotzak, leloan. Eta gaillurrera irixterakoan Aide!
Zu joan Egan.
Nere pottoka ttikia!
KOLORE BELTZA
Beltza ez’da kolorea; Fisikak horla dio, baina, badu ondorio. Txuria, berriz Kolore guzien dala merio.
Koloreak, Kolore gaiak...
Zure billo horiak Zure begi urdinak Zure ezpain gorriak Dena amodio. Ta txuria baino txuriago.
Ordea, zuk aldegin ezkeroz, Beltzak, «Nagusi naiz» dagio.
Eta orain neretzat, Beltza txuritzean ere, beltz gelditzen da. Eta beltza; Fisikak nahi duena esan beza, kolorea da Kolore beltza.
GUSTUA HARTU
Bai, badakit Jantziak ez duela Fraidea egiten.
Eta beltz eta txuri Txuri ta beltzak ez duela txuritzen Heriotz-min auzirik.
Maitea galdu ezkeroz —nere haurren ama— ongi dakit hori.
Alaere; ez dakit zergatik, Baina Kolore beltza’ri Gustua hartu diot.
BAKARDADE
«Gaur bi urte hil zinala»
Bakarrik gelditu nintzen Utsaldi benetakoan Zuk aldegiterakoan Min-etsiaren mendean, Nolapaiko egoeran.
Esan dezaket, ordea, (Gauz ederra da Fedea!) Zu joana izanda ere Beti nerekin zerala.
Beraz, alkarrekin gaude Arimen bizi moldean.
Eta nik ez dut sentitzen Bakartien bakardadea.
GOGO-ELKARTEAN
Nere! nahiz eta gaberdia den Ezin dut lorik hartu. Egia, gure hiru haurrak kanpoan dira, urruti Ongi dakizu.
Ikaskizunak Ogi-bideak Munduko legea! Betiko leloa.
Bestetik, iñoiz baino bizikiago sumatzen zaitut nerean. Eta enago prest, gaur, Gu bion gogo-eikartasuna austeko. Ederki eman ere!
Ez, ez! Honela lilluratuak, bat bestearentzat, alkar-izketa giroan, Bai gaudela ederki!
Aizu; nola sumatzen dudan zure laguntza!
Jarrai honela, maite, beharrean nago ta. Ta eskatu beti Jaungoikoari, Begiz-begi dezun Horri, gugatik.
Ni besterik ezean, Agur Maria’ka nabil. Eta egiazki ikasi dut esaten: «Egin bedi zure borondatea»
ZURE BILLA
Lau oinetan Izerdi neketan Odoletan Nintzake Bidean Zure xeka.
Basamortu Mendi Leize Itxaso Ekaitz Guziak, Igaroko nituzke Zure billa.
Billutsik Harrikatua Gose-egarriak Jasanaz Zu atzemateko.
Bizirik bazinake Munduan. ... ... ... ... ... ...
Urbil zaitut, ordea Hemen Hilla Kanposantuan. Harri-lauza honen azpian. Nere Aita ta amaren onduan.
Laister Ni ere hor nazute Zerraldoan Zuen alboan.
Bitartean... Bide erosogoak ditut aukeran Zuengana baitaratzeko. —Arimak ez dezakenik ez da munduan— (Hillezkorra bait-da)
Ta otoitzaren bidez Nere gogoa Zerura doa Eta zuekin eta zuengan dago beti.
Kristoren bitartez Zure billa Nijoanean Beti arkitzen zaitut Zeruetan. Zure etxean. Zure xeka joan Eta atzeman!
Lau oinetan Otoitzetan Baina beti Penetan.
ERDI OARMENEAN
Egun guziz eta guzian Nola nere baitan zauden Ez da mirakulu, Gauean Ametsean Usu, zurekin alkartzea. Erdi-oarmenean ordea, Bai-ezpadazko alkargoa dala konturatzen naiz. Ez baitditut ametsean Zentzuak eskuratzen. Esna naizenian bezela. Oroitzen naiz, ordea, gaur gauean, nola pailakatzen zindudan. Eta sekula ez bezela Esaten nuela: «Aspaldian ez zindudan ikusi», Nere pottoka. Nun ibilli zera, Nere maitea?
SEKRETOAK
Alkar eukitako zipotzkeriak Ez-beharrak Eztabaidak Aserreak... —Jainkoa lekuko— Munduarentzat gauz izkutuak dira. Gauz izkutuak munduarentzat.
Nereak eta zureak. Bionak, biontzat. Betikotz gordeak Betikotz gureak. Gure-gureak. ... ... ... ... ... ...
Hortan diraute. Zuretzat Neretzat!
Maite.
LILLURA
Gaur goizean Etxetik irtetzerakoan Lanera nijoala Atzera begiratu dut —Lehengo oitura— Eta etzaitut ikusi leihoan.
Baina alaere Burua jaso dut Zuri agur eginaz
Zuk ere Lehen askotan bezela Zure eskutxoa Zure ezpainetara Eramanaz Apa goxo bat igorri didazu.
Eta bihotz-begiekin Naiz eta aldegina zeran Leihoan ikusi zaitut.
Eta lanera kontent joan naiz
BEGONI EDERRA
Oroitzen zera, Henriette, nola zuk ain eztiki zaintzen zenun Begoni landare ura? Ba, edertasunez iertu zan Lorontzia puzkatu zun Lurra sakabanatu Sustraiak kanpoan... Ostroak, goizetik gauera ximeldu. Min hartu nun hoia ikustean Zure Begoni ederra.
Lorontzi berritan ipiñi nitun lau erro-puxketa. Eta beste ainbeste begoni eder Lau landare berri Bizi arazi ditut. ... ... ... ... ... ...
Bakoitzak badu jabe. Mari-Lupe. Iziar. Txomin. —Gure iru umeak— Ostoak eder diraute Zure begi amultsuak Begiratuak dirudite.
Laugarrena nerea duzu. Zain zaharrak, muskil eta osto txiki ugari eman ditu. Olerki-orriak. Otoitz-ale biziak.
Zure oroitzapenetan Malko ta sentimenez Arrosatzen dudan Begoni ederra! ... ... ... ... ... ...
Zu zera Begoni ori.
ZILLARREZKO EZTAIAK
Gurutz Santu egunez ezkondu ginen Gaur, 25 urte.
Maiatza zan; Udaberria. Egun artan Goi ta be, Lantxurda ta euri zan.
Zu, zuretakorik gabe, guda-giroari ta garailleai igeska etorritako usapala. Loretan-lore Nere babesera aurtiki zinan amultsuki.
Urrezko erreztunak zin eskeniz eta betiko gurutzatuz uztartu ginen.
Bizi bazina Zillarrezko eztaiak genitun egun.
Egun ere Lantxurda... begietan Bihotza penetan Oroitzapenetan.
Gurutze Santu eguna! 25 urte! ... ... ... ... ... ...
Goraintziz, Arrosa txuri paregabeak —pottokotan— Onatx zuretzat. ... ... ... ... ... ...
Gurutze Santu eguna. Zillarrezko eztaiak... Negar egizute, kanpaiak! Negar dagi ta, gaur ogeitabost urteko galaiak.
MILLA LORONTZI
Ain zinan langille! Nun eta ezin egona zan Zure joera. Beti zerbait ari! Zerbait on.
Etxeko lanak Aski etzenitula Beharrak erakutsi ta Neri laguntzeko Lan onurakorra Etxeratu zenun
Ain zinan langille!
Ezin iritxi ziñan danetara. Alaere Milla lorontzi behar zenitun Lore-maitale Lanik ez bazenu bezela. Ta nik, jakiña. errierta egin.
Orain, zu ezean Lore-maitale biurtu naiz. Eta badirudi Biok arrosatzen ditugula Etxeko loreak. Eta oroitzapenen Lili-arrosa guziak.
Eta oraindik Zu zaitut Lorerik ederrena Ta maiteena.
BETS ORAS
Egunak egunari jarrai Aste bat, aste bi, llabete, urte... gizaldi; Aldien aldi llargi ta iduzki Neurri ta izari Mugaren egunkari...
Izpirituak, mugarik ez izaki Ez eta gunerik Ez eta bakerik Nereak, ez du beharrik.
Gorputzarenak Egin zenitun, lurraldean Nere aldamenean. Arimarenak diardute, Eten gabean. Otoiean. Ez aldi Ez izari Gogai-solasean. Beti orai, zurekin.
Ispirituak, mugarik ez izaki. Nereak, argi dakuski.
Zorionean, baiki!
ZER PENA!
Pozaren-pozez esnatu egin naiz. Ametsetan nebillen. Ta, zer pena! esan dut aho betean. ... ... ... ... ... ...
Zure gelatik ots egin didazu Eta, ni zailu inguratu! Ohean zinen etzana Maindire txuri-txuriez estalia.
Eder eta apain Begiratze amultsuz, esku biak neri eskeñiaz.
«Berehala nator» esan dizut. Ta zuk erantzun. —Nahi dezunean. (Belarritan dut oraindik zure mintzo goxoa)
Eta pozarekin esnatu egin naiz. Ta, zer pena! Esan dut, aho betean.
BEGIETAN IHITZA
Goi ta be Barru ta kanpo Buru ta gogo Bihotz eta arima Zure oroitzapenak, naizena, dute egun inguratu. Arnasa estutu zait ainbestez. Ain zaitut urbil! Iraungo ahal du Zori onek, enean, luzaroan. Pozik damaiot nik, toki. ... ... ... ... ... ...
Oroitz-aldiak Nere arima pizkortzen ta gozatzen du Baina, Auxe da tratu; Bide berean ene begi-biak Ezetzen ditu. Ihitza begietan, malkoak ixuraraz arteraino.
EZ ESNA!, OTOI
Bego bere ortan Ez esna, otoi. Iritxi baitu bere kaia. Ez esna... Ori da nere nahia.
Laister dut idoroko Eta betirako. Nere zai dago —zeruan baitago— Ni ere laister harako. (Jainkoari nahi dakiola)
HIL DA GERORE
Egunkariak besterik ez diote Alarguna bi haurren ama Bir-ezkondu dala.
Onekin, min artu dut. Min aundia.
Ongi dakit: Maitasunean Bakoitzak Bere izaria. Nerea, samur-bera, ameslaria. Geiegia? Estuegia? Agian. Baina, Batena, batentzat guzia. Hil da gerore Bizi-bizia. Ezin ahantzia!
NIJOAN
Eta bakarrik... Negar-herri onetan Aldatz gora Eramanaz Nere gurutza Gurutz-bidean.
Nijoan, Mendi gallurrera Zorrak ordainduaz Arima arinduaz Betiko sariaren gai Izan arte.
Orduan, Jaungoikoak nahi duenean, Nire gurutzaren gurutza utziaz Egan egingo dut Zuzen-zuzen zerura. (Ala bedi)
Bitartean... Negar herri onetan. Zure urratsak laztanduaz eta jarraituaz Nijoan bidean. Nire gurutzen gurutzarekin
Goruntz begira Zu zaren tokira, so. Nijoan, nijoan Zure urratsak Jarraituaz.
GEROA
Ni berarekin bizi naiz Bera nerekin; biok alkarrekin. Hura libreago Ni lotuago Baina gogaiak lehen baino estuago. Egizko elkargoa? Ni hiltzean. ... ... ... ... ... ...
Bitartean Nijoan apainketan Ni ere zerurako. Han dut idoroko Eta BETIRAKO!
Hiru olerki sorta |