Hiru olerki sorta
Fernando Artola, Bordari

Bakoitzak berea liburutik, Sendoa, 1982

 

 

ENE BAITAN

 

Juan Mari Lekuona’ren itz-aurrekoa

 

 

«BORDARI»-REN OLERKI LABURRAK

 

      Oso aspaldi ezagutu nuen Fernando Artola, «Bordari»ren olerki mundua. Eta aitortu bearra daukat, gaiñera, oso ernekorra izan zela niretzat aspaldi artan Fernandorekin eduki nuen arremana; poesi alor berezia aurkitu nuelako, eta berari esker nire leiatilla zabaldu nuelako mugaz-bestaldekoen kultur pentzera.

      Oraintsu dela ogeitamar urte, Fernandoren etxean biltzen giñen bidasotar eta inguruko zenbait olerkari: Klaudio Sagarzazu, «Satarka», Juan Basurko, Fernando Artola, Manuel Lekuona eta neroni ere bai, naiz-eta olerki lanetan asi-berria eta gazteegia nintzen orduan.

      Eguneko otordua, «Bordari»-rekin gertatu oi denez, iastagarria bezain eskertzekoa izaten zen. Eta maai-inguruan, milla berri aipatu ondoren, poesi irakurketa izaten genuen bazkalondoko itzaspertua.

      Juanito Basurko erne-miñetan genuen, «Jesusen Bizitza» eta «San Iñazioren Bizitza» argitaratu asmoz. Guk ao batez onartzen genituen bere kantuzko bertsoak, abots fiñez emaniko saioak. Bertsogille maratza eta txukuna Irungo olerkaria; artesautza zuzena bere eskola. Bertsolari ikasiaren eittea berea, eskolatuak deitzen ditugunen aritik.

      «Satarka» ere agortu-eziña zen bere eztizko jarioan. Andik eta emendik iastatu genuen bere upeldegiko ardo arrosatua. «Intza begietan» bere liburua izango zena, mamituxe zeukan. Giñarra axalean zuten Klaudioren olerkiek eta iritzi literarioek. Arras sentiberak, era guztietara.

      Eta gero, Fernandoren poemak. «Goraintzi» izeneko eresi-sorta baiño leenagoko poesigintza zuen ordukoa. Asmamen aundikoa iruditzen zitzaidan, eta zait —egiturak eta sinboloak sortzen. Eta bere poemak, ugaritasunean desberdin, iñorenak bezain onak jotzen nituen, eta ditut—, ongi aukeratutako ooltz margotuak aurkezten dizkigunean.

      Nire leenengo literatur taldea eta poesi tertuliak izan ziren aiek. Leenengoak eta bakarrak, agian.

      Bestalde, Fernandori zor diot mugaz-aruntzkoen kultur munduaren ezagutza. Garai artan, mugaz-emendiko literatur bizitza oraindik erabat askatu eta normaldu gabe zegoen garaian, mugaz-andikoek jendaurreko literaturgintzan aurrerakada egiña zuten. Eta Fernandori esker asi nintzen zenbait izen ezagutzen: Iratzeder, Etxahun, Peillen, Lafitte, Mirande eta abar. Eta batez ere, Xalbador ezagutarazia zor diot Fernandori, «Bordari»-k jarri nindun, baita ere, leenengo aldiz, «Ezkila»-ko liburuen ezagutzan, eta «Gure Herria» aldizkariaren kultur giroan.

      Aitorpen auek egin bearrak nituen ala-moduzko aintzin-solas onetan. Beroriek argi dezakete, nondik asita, eta nolako ikuspegitik dakusten gaur aurkeztera goazen poema bilduma au. Urteak joan eta urteak etorri, luzaroan eta berezkoan mamitutako ikuspegiak ba du, nik uste, garantzirik eta jakingarririk poesigintza jakin bati buruz ikusmolde bat eskaintzerakoan. Eta orrelako zerbait izan daiteke, gaur Fernandoren bilduma onekin niri gertatzen zaidana.

 

 

I.— INGURU-GIROAZ

 

      Poema liburu bati, egillearen bizitzako eta inguruneko ari nagusiek esanai eta adierazpen bereziak eman dezaizkiokete. Orregatik, «Bordari»-ren bizitzako zenbait azpildura ezagutzeak, laguntza on bat eman dezaiguke, poemen adierazgarritasun sakona obeto ezagutu dezagun. Eta onuragarri derizkiot Fernandoren garai artako bizi-giroa eta kultur joerak aipatzeari. Zertxobait marka dezakete eskuartean dugun bildumaren guna eta gogo-tankera berezia.

      Markarri nagusiak zuti ditzagun.

 

      Kristau umanismoa eta euskalduntasuna: «Bordari»-ren leen aldi artan, ia denena zen jarrera au orduko olerkaria artean. Baiña Fernandoren poemek sentiberatasun oso berezia artzen dute bi auen inguru: etxearen eta elizaren inguru. Eta zeatzago esanik, etxea eresi-gai biurtzen zaio Henriette joan zenetik, bertso-negartiak unkigarri datozkiola, negarraren tanpetan. Eta fedearen arazoak ere minberatasun bortitza du, oso berezia, oso sakon eldua. Eta gaurko poema auetan fede orren milla oiartzun entzun daitezke. Etxea eta fedearekiko atxikitasunean ba du kidetasunik Xalbadorrekin, jakinak zaizkigun salbuespenak barne. Sentipen minberak kantatzen dizkigu emaztearen eriotzean, eta gaurko fede-gatazkaren aurrean.

 

      Dramatizazio-sena: Au batzokiko iardunaldietatik datorkiola entzun ote nion nago. Ziur ez banago ere, orrelako zerbait gogoan daukat. Gauza antzeskera-dunak egiten ba daki. Poemei egitura antolatzen iaioa dugu. Eta zer esanik ez, elkarrizketak sartzen, irakurlea adi edukitzen, dramari iraunpena ematen eta trinkotasuna ekartzen, efekto bikaiñak sortzen, eta umorearen irriparra pitz-arazten. Oso garrantzizkoak dira alderdi auek, dramatizazio alderdi auek, gaur aipatzen dugun poema bilduma onetan.

 

      Belokeko eremu-otsa: Denboraldi bat egiña zuen beneditarren eremuan. Gudatea zen emen-onetan. Eta gure iesliar gazteak monastegiko irarkolan egiten zuen lan; eta lekaideen artean eraman zuen aldi artako bizitza. Beti nabarituko zaizkio, bai bizitzan eta bai literaturgintzan, orduko joerak: lekaideen kultur bizitza eta espiritu-joerak. Kultur bizitzari gagozkionetan, mugaz-andikoen ezagutza eta sena, eta, gainera, kultura frantzesaren bulkoa. Eta espirituzko joerei dagozkienetan, berriz, sekular batentzat ain bereak ez diren aszetika eta mistikako burubide eta barne-asperenak. Alderdi au oso bearrezkoa jotzen dut eskuartean dugun poema-bilduma au uler dezagun.

 

      Kazetaritza eta erri kultura: Denboraldi batean, erri-kirolez idatzi zuen «El Diario Vasco» egunerokoan. Xeetasun onek alderdi asko marka ditzake. Bat azpimarratuko dut nik: bertsolaritza ezagutzea eta erabiltzea. Naiko nabaria izan daiteke xeetasun onen ekarria «Bordari»-ren baitan: erri literatura menderatzea eta erabiltzea bere poemetan. ikus daitezke gaurko poema-bilduma onetan izkuntzaren tradiziotasuna, ateraldien bizia, neurkeraren sena, poesia jator baten lekukotasun errikoia. Erri literaturako baliapide asko biltzen eta nabaritzen dira Fernando-ren poemagintza idatzizkoan.

 

      Bidasoa ertzeko ertilarien erraiñua: Bidasoa errekaren azkeneko inguru-lurrek zerikusi jakina izan dute literaturarekin, eta zer esanik ez pinturarekin. Idazlarien eta margolarien txokoa dugu. Sentiberatasun berezia dute ango ertilariek. Eta ezin libra zitekeen Fernando ere orrelako eragin artistikotik. Nabaria da «Bordari»-ren poemek argiarekin eta konposizio-plastikoarekin duten kidetasuna. Inpresionismotik asko dute emengo poemek; asko ebokaziotik, asko pintzelkada fin eta aukeratuetatik. Irudien aukera arte plastikoen eragiñez ikusia eta finkatua dirudi. Ongi aukeratutako irudi-mundu plastikoa. Eta plastikaren erritmoa da gaien, emankizun ezpazialagotan. Xeetasun-nabariak datozkio egileari Bidasoako arte-girotik.

 

      Lirikotasun minbera: Gure Ondarrabiko tertulia aietan, orduko poema nagusien epikotasuna baiño —Orixe eta S. Mitxelenak zekartena, alegia—, maiteagoa izaten zen liburu auen lirikotasuna. Gero, oraindik indarrean zegoen «Satarka» eta bere garaikoen lirikotasun mee ura. Eta «Bordari»-ren lirika garratzagoa izanik ere, beti nabaritzen zaio, eta gaurko auetan zeresanik ez, lirikotasunaren amorio fiña.

 

      Gure gaurko poema auen leen garai artatik gaurregunera, ez da txikia izan Fernandoren ibilpide poetiko-literarioa. Aipatu baizik ez ditut egingo, gure arlotik kanpo daudenez. Baiña markarriak direla uste dut egillearen bizitzan, bai «Goraintzi» liburuaren eresi-miñak, bai itz-lauzko lanak, direla eleberriak, direla saiakerak. Benetan atsegiña zait «Usoa maite kantetan» izeneko saiakera bikaiña, estetika aldetik jakingarria benetan.

 

 

II.— AURKEZPENA

 

      Egilleak berak onela dio «Agurra» idazterakoan: «olerki-bilduma txikia» dela au. Eta «Eskaintza» izeneko itzetan, berriz, Orixeren eskabideari jarraituz prestatua duela esaten digu.

      Bestalde, zibotaren irudia artuz, alegoria egoki batean, idazlanaren alderdi zabalak aipatzen dizkigu. Olerki-zibak dantzan dabiltz, «tronpaka ari dira». «Bordari» ere bai. Eta bere olerki-zibak, batzutan «zurrunga-bruñara» ederrik ba du; eta bestetan «tartillanka» ariko zaizu. Zuraki leunduaren gaiñean ari denean burruñaradun; lauzetan dabillenean, «tartillanka». Baiña beti olerkiak oro dira bere baitako, oro bere, oro barnekoi.

      Jakiña denez, fede-aitorpenaren bidetik dabil beti «Bordari». Eta aitortuko digu, «egun tronpaka eta burruñaraka gutxi dabiltz». Ala ere, berak ez dio kasorik egingo galtxagorriari. Mutikoak bezala, txibaka aritzea gogozkoa du. Aur izaten jarraitu nai du. Zerura joan nai du. Itxura-kontrako eittea berea: aur itxurapean, borrokalari sutsu, fede gauzetan. Betiko bere gogo-tankera, paradoxaren bidetik.

      Gero, emengo 51 olerki auek laburrak ditugu. Batzuek oso laburrak, gaiñera: pintzelkada, deseinu, txaplastak. Bestalde, agertzen diren urte-aipamenak oso jakingarriak dira, nik uste: 1956tik 1962ra artekoak edo. Bistan da, geroragoak ere ba daudela. Dena den, asko dira Euskalerriko literatura berria baiño leenagokoak, irurogeigarren amarkada baiño leenagotik datozenak; eta Kontzilio aurrekoak. Mugako olerkiak dirateke kultur joeren aldetik; leengotik eta oraingotik dutenak, ene iduriko.

 

 

III.— GAIAK ETA GOGO-TANKERAK

 

      Bilduma onetako olerki laburrak naiko ugariak direnez, xeetasun lagungarria izan daitekeela uste dut gaiak finkatzea, eta auek koporuz neurtzea. Jainkoa da geienik aipatzen dena, eta beste gaietan ere oiñarrizko ikuspegi gertatu oi dena. Gero, maitasuna dator, emazte, aitama eta billobaren inguru. Eriotza ere or dabil, «Bordari»-ren baitan gai onek duen garrantziarekin. Geroko bizitza ere aipatuko nuke, konfiantzaren itxurapean. Ezin-utzizkoa derizkiot erri-jakinduriaren erabilkerari. Eta neurri ez ain ugarian, aberria eta egunerokotasunaren zenbait anekdota.

      Ala ere, gai auetako bakoitzak bere gogo-tankera berezia artzen du Fernandoren poemetan, egilleak berezko duenaren araberan. Jainkoaz mintzatzean, misteriozko sena nabari zaio, barne bizitza deskribatzen saiatzeraiño. Eta paradoxez mintzo oi da, misterioaren bizikizuna bere funtsezko egian nolerebait aditzera eman nai duenean. Eta gaiari dagokionez, eta orduko eliz joerei jarraituz, oso bereak ditu Eukaristiaganako jaiera, eta Pasioaren aipamen autsiak.

      Eriotzak ere ba du ots berezirik «Bordari»-ren sentipenetan. Bere «Goraintzi»-ren unetatik, erioaren dinamikak eragin bortitza du bere poesigintzan. Kanpaiak, ostiralak, Nekaldiko sinboloak, geroko bizitzaren esperantzak illekiko ematen dioten lotura bizia, eriotzaren gainetik egunerokotasunean «bereekin» bizi duen arreman ertsia... Eriotza, eta berau ikusi eta gainditzeko ere, ezaugarri jakiñak dira Fernandoren olerkietan.

      Maitasuna ere or dabil; baina maitasun etxetiarra, «bereen» inguru. Usapalaren maitasun-iraunkorrari atxikiz. Egunerokotasunean fintasun egiña. Umorea ere barne; eta gauza txikien idealizatzea. Au ere bai, gaiñera: unkigarritasuna, batez ere Henrritten eta billobatxoen perspektiban. Eta usoaren irudiari dion onberatasuna.

      Eta azkenik, erri jakinduriaren itzala eta eragiña. Fede-gatazkek eta jokabide makurrek, an eta emen nabari den borrokara daramate, dialektika moduko batera. Eta or daude bere ateraldi errikoiak, esaera zaarrak, konparaketa zentzunak, irudi argigarriak. Gogoeta errikoiek zerikusi aundia dute «Bordari»-ren poesi bilbakuntzan. Erri jakinduria ateraldi bizi egiñik dago bere poemetan. Iñor gutxik duen erreztasunez eta osotasunez, fededun eta kristau praktikante bezela.

 

 

IV.—POEMEN EGITURA

 

      Esana dugunez, olerki laburrak dira guztiak, salbuespenen bat barne. Eta olerki laburrak ezezik, olerki solteak ere ba dira, liburua bilduma uts gertatzen delarik, egitura zabal bat gabe.

      Bestalde, orrelakoetan gertatzen denez, garrantzi aundia du olerki bakoitzaren egitura-moldeak. Eta onetan aipagarria da Fernandok agertzen digun maisutasuna. Bere egiturak ugariak dira, eta oso trazu abillekoak.

      Egitura erritmikotan, geienean ez dio eusten estrofa-mota bati, orrelakoak baldin baditu ere. Baiña, erritmo libreetan ere, oso abertsa ibiltzen du puntuen aukera, bertsoen libretasuna ezkutatzeraiño, itzen atxikitasun eta kidetasun fonikoa lotua eta naiko ertsia dakarrenez. Era askotako aapaldiak osatzera doala dirudi, bere esaeren erritmo nabarian, eta bere puntuen aberastasunean.

      Bear bada, aipagarriena poemen konposizioa dateke. Laburrak direnez, ez dute egitura luzerik eta naasirik. Baiña planoekin jokatzen digu egilleak. Batzuetan bi plano jartzen dizkigu: lurrekoa eta zerukoa (I); galdera eta erantzuna (2) (8); kontrasteak (II) (15) (23); irudia eta ondorioa (19) 21); koplak eta txaplasta (24); abstraktoa eta konkretoa (40) (41).

      Irukoitz bezala jo ditzakegu, noski, poemarik geienak. Kristo, aita, egillea (2); sarrera, planteiamendu errematea (3) (6) (18) (26) (37) (48); egoera, elkarrizketa, errematea (13); kontrastea eta ikasbidea (17) (32); sarrera, gertakizuna, mint-otsak (45).

      Plano geiago dituenen bat ere aipa daiteke. Adibidez (44) garrena, lau irudi errenko lantzen dizkigula. Eta luzeagoko egituren bat ere badu.

      Oro ar, esan daiteke, aapaldiek estrofa klasikoen laukidurarik eta kuadraturarik ez dutela. Eta beraz, aapaldien egitura guztiz librea gertatzen dela askotan. Konposizioa, ordea, oso aberatsa gertatzen da, aapaldi libre oriek plano desberdiñetan jasotzen eta eraikitzen dituelako, multzo bizi-biziak lortuz. Eta egitura bere osoan artuz gero, poema bakoitzaren zabaleroan, maisutasunez egiña du poemen konposizioa eta eraikidura. Esku oneko krokisak dira, bere txikian konposizio ona lortzen dutenak.

 

 

V.— BALIAPIDE POETIKOAK

 

      Ez ditzaket troporik eta expresabiderik onenak aipatu, billaketa ori irakurlearen zeregiña denez. Baiña, aurkezpenaren amorez, geienik aipatzen diren literatur adierazpenak bilduko ditut. Geien aipatzen direnez aurrera, gaiñera.

      Alegoriak ditugu, agian, nagusi. Dozenatik gora aurkitzen dira. Oso gogozkoa duela dirudi Fernandok baliapide au, liburu onetan beintzat, Irudi baten milla alderdi lotzen dizkio poemaren mezuari, ezkutuko gauzak, askotan barnekoi eta misteriotsuak, adierazi naiaz. Ala nola, «azi ona» (8), «gogo-txori txikia» (17), «kalma txuri-txuria» (18); «gurutz larrosa» (19), «arrantza giroa» (23), «su-ezkillak» (27), «oripen-negarra, biotz-zapia» (28), «ura eta egarria» (30), «giro danean» (32), «goiza, arratsaldea, gaua» (38), «Ainara» (49), «estalaktitak» (50). Irudi luzetan ematen zaizkigu barne-egoerak. Eta irudiera auek ematen erraza ez bada ere, aipagarria derizkiogu. «Bordari»-ren alegorigintzari, ugaria denez eta ausarta eta arnasduna.

      Bigarrenez, kontrasteak bereziko nituzke. Auek ere dozenatik gora, poemen guna nagusia ematen dutela. Eraikidurarekin duela lotura dirudi baliazpide onela, askotan beintzat: gaiaren bi alderdiak kontra-jartzen ditu, orain bat, gero bestea, efekto poetikoa lortu naiaz. Bestalde, erri literaturak oso berea du figura au, gaien dinamika bikoitzari atxikiz. Ikus daiteke zenbait adierazpen: «umoretsu/serio» (3); «zailla/erreza» (4); «fedea/federik-eza» (5); «alde emendik/betorkit» (II); «gosea/asea» (12); «ninikoa/axalekoa» (14); «legor/dena blai» (15); «fede-erdoi/fede-galtzairu» (16); «naasmenduan/atertzean» (23); «zu tenk/ni tenka» (26); «leen/orain, goitik/beera» (37); itsaso aundi/mutil xume» (45). Kontraste auek leku berezia dutela esan bear liburu onen dinamikan.

      Irugarrenez, erri-esaerak eta itz-jokoak bereiz ditzagun. Egileak jakinduria dakar egunerokotasunetik. Eta maitea du esaera zaarrak aozkatzea, eta itzen esanaia alderdi desberdiñetatik aberastea. Zenbait adibide ekar daitezke: «il da gero/dut espero/salda bero» (5); «Jainkoa/naikoa/nor ura lakoa» (6); «donokian beti planto» (9); «balekebale» eta «baso bat ardo edanaz» (23), «Ta orduan... Amen!» (26); «bakoitzak neurria/bere neurria» (35), «aundi-maundi bezain putz/ezer ez da festa» (43); «musu-truk saldu» (50).

      Eta erri jakinduria au oso loturik dator egillearen aldarte umoretsuarekin. Ateraldiak nonai agertuko zaizkizu bilduma onetan. Adibide gisa, «zortzikoa kantatuko du zeruan esnatzean» (7); «zeruan beti planto» (9); «zure da, orai beretik» (20); «tonto alena» (47). Beraz, oso urbillean du Fernandoren poesiak erri-sena umoretsua, espero ez duzun sakea.

      Zenbait gaik orrela eskaturik edo, askotan aurki daitezke paradoxazko izketak. Ez da ori bide desegokia, bear bada, mistika eta zeru-gauzetaz zerbait adierazi nai lukeen arentzat. Zerbait orrelako gertatzen zaigu, noski, gaurko olerki-sorta onekin. Batez ere orrela gertatzen da dialektikaz ari zaigunean. Ona adibideak: «illez bizi» eta «amaia da asiera» (4); «zeruan asierak ez dik azkenik;/ondorez, amaiera asiera duk» (9); «emanaz artzen dut» (10); «loak otoitz-gogoa kendu/eta lo betea eskatu», baiña «loa ere/ otoitza duzu» (20), «entzunaz naiz mintza» (22), «maiteari amore egiteak/gizonik ez du murrizten» (26), eta abar. Umorearen eta paradoxaren dialektikak eragin jatorrak dituztela esan bear idazlan onetan.

      Beste baliapide asko eta asko aipatzeke utziz —oso aberatsa bait da erritmo libreak, figura berriak sartzeko, egilleari ematen dion aukera—, puntu au bukatzeko, gauza jakingarri bezala bi forma abstrakto-espazial aipatu nai nituzke. Egillearen eta poemen noizkoari begiratuz gero, ba dute interesik aski, nik uste. «Aspertu naiz oporrean» (40) eta «Pikoak» (41) izeneko poemak dira. Leenengoak zenbakiak ditu textuaren alboan, silabak markatuz edo. Badirudi oporrak erabat jauzi duela, bederatzitik batera jauzi ere, egillearen egin-gogoa. O!= jotzeraiño. Utsaren urrengo. Eta gogo-beteko erabakiak berriro bere betera darama, bederatzira, zenbaki betera, «noski ta baiki» adizt-lagun bulartsu bi erantsiz. Barne-egoeraren bi muturrak, bilaka-bidearen ibilpide eta prozesoa espazialki ere kontra-jarriak.

      Eta urrengoan, «Pikoak» izenekoan, baliapide bera legoke, baiña forma abstraktoago batetan emana. Zenbatze soilla da textu nagusia; eta esanaia kakotx artean dakar. Ezinean bezala doa egillea (beste erdia osatu bear oraindik! Zer nekea!) Eta beerantz doan ibilpidean, berriz (gainak artuta gero), errez doa. Eta aundia da egilleak duen poza: «bukatu diat!»). Arsis eta tesis bezala dira: gora eta beera, indarka eta pausa-une. Asmakizun baten uste gabeko azken irri-egingarria. Jostagaillutik ere ba du. Molde abstraktoa, egilleak duen gogo-tankera bereziaren ispillu.

 

 

VI.— BESTE ZENBAIT ALDERDI TEKNIKO

 

      Egunerokotasunetik abiatzen denez, eta barne-zurrumurrua ausnartzen ari, gaiak inpresionista modura margoturik dituela dirudi. Gauzak zuzenean eta bitartekorik gabe aurkezten ditu. Sensazioak eta deskribaketak dakarzkigu. Gauza biziak, indardunak, koloretsuak, argitsuak. Eta zeresanik ez, plastika fiñezko aipamenak: itzen apaindurazko otsak (onomatopeiak), oitura zaarrak (elizako eta, kanpoko oiturak), «collage» modura ezarritako textuak («Aita gurea», «Agur Maria»), erri-barruko otsak (kanpaiak), eliz imajiñak (Ama Pietatekoa), errepikak (maite, maite, maite), orduen aipamen konkretu eta oroipengarriak... Giro bat sortzen digu; gure zentzuek gauzak usmatzeko dituzten perzepsioak margotuz.

      Izkuntza poetikoaren aipamena ere egin bearra daukat. Euskararen lekuko irmoa dugunez egillea —errikoia bezain ikasia, baiña batez ere Ondarribiko izkeraren testigu—, onek eskubide eta erreztasuna ematen dizkio itz zaarrak eta baztertuak egoki sartzeko, onomatopeiak sortu eta tartekatzeko, adiektiboen jokoak eta izen-lagun ausartak bezain adierazgarriak erabiltzeko, esaera biribillak zizelkatzeko. Eta bertsolarien sena ezezik, baita ditxolarien izketa zorrotza eta puntuduna arrakasta onez erabiltzen dizkigu, bertso azkarrezko itz-lotu biziak eta esanaitsuak lerrozkatuz.

      Eta azkenik, unkigarritasuna. «Goraintzi» liburuaren kideko otsak nabari zaizkio. Eresi-mota au nabariago dagoke liburuaren azken aldera. Gauza mingarrien emankizun poetikoa, negar gozora isurtzen da poetaren baitan, gauzen garraztasuna gozatuz. Ume izkuntza ere dardaraz tajutzen digu. Eta abegi ezin obea du beti biziaren ozpiñak. Oreka ederrean dator bizitzako egiaren garratza, eta bizitzako maitasunaren gozotasuna.

 

 

VII.— AZKENA

 

      Eskuartean dugun poema bilduma au oiñarri arturik, ondorio zabalik ezin atera Fernando Artola, «Bordari»-ren poesigintzari buruz. Zati txiki bat besterik ez da emen dugun au. Eta aldi jakin batetakoa. Baiña egillearen poemagintza oso zabala da, oraindik ere bertso-jario. Eta ba ditu egitura landuagotan eraikitako poemak, liburu bikaiñak, gure arlotik kanpo daudenak; baiña zabalagoko iritzien zimentarri bear dutenak izan.

      Ala ere, emen esandakoek lagun dezaigukete «Bordari»-ren zenbait ezaugarri finkatzen: bai bere gogo-tankera, bai neurkera aldetik duen askatasuna eta, aldi berean, gauza lotuagoen forma berria; bai poemen konposizio era-askotarikoa eta landua; bai bere baliapide eta zenbait alderdi tekniko nagusienak. Luzaz poesigintzan diarduen maisutasuna oso nabarmena du. Idazlea eta egillea dugu Fernando: bokazioduna eta idazlan ederren sortzaillea.

      Gerraondoko poeta-zerrendan ezartzen dugu «Bordari»ren izena, «Euzko-gogoa»-ren inguru sortu eta garaturiko olerkarien artean. Sailkapenek berekin dituzten utsuneak kontuan ditugularik, bego orretan. Belaunaldi orren barruan, T. Monzon eta N. Etxaniz baiño geroagokoa joko nuke Fernandoren langintza poetikoa. Bear bada, S. Mitxelena eta Iratzederren olatu berean, bai tematikaz, bai gogo-tankeraz.

      Fernandoren mundu poetikoa ez da azal lodiko baso-zuaitza. Kimu errezen eta usaintsuen emaille dena baizik; apaiña eta liraiña. Bere bertsoa askea da eta gaurkoa. Bidasoa itsaso biurtzen deneko ur-golkoak dituen kolore eta deseinu fiñak nabari, Ondarrabiko izkera kiristal labratua egiñik, mugako ondartzan euskal poetikaren lekuko garatua.

 

Juan Mari Lekuona

 

 

Hiru olerki sorta
Fernando Artola, Bordari

Bakoitzak berea liburutik, Sendoa, 1982