JEAN PAUL SARTRE
GUREAN

 

        1905eko ekainaren 21ean jaio zen, Parisen, Jean Paul Sartre. Orain ehun urte. Eta orain 25 hil, 1980ko apirilaren 15ean. «Jean Paul Sartre hil da. Eta tristura handia senditu dugu askok. Tristura handia bereziki euskal ezker abertzalearen sorreran geure ahalegin guztiak egin ditugunok. Sartre lekuko aparta hiltzean, Sartre irakaslea eta gidaria ere galdu baitugu» idatzi zuen Txillardegik Paretaren kontra liburuari egindako hitzaurrean. Berari buruz ari zen, baina ez zen asmaziotan ari. Izan ere, harremana ez ezik, Euskal Herrian eragina ere handia izan du filosofo eta idazle frantsesak.

        Filosofoa (L'Être et le Néant; Critique de la raison dialectique; L'existencialisme est un humanisme), eleberrigilea (La Nausée; L'âge de la raison...), antzerkigilea (Les Mouches, Huit Clos; La putain respectueuse...) saiogilea (Saint Genet, comédien eta martyr; L'idiot de la famille; Colonialisme et neocolonialisme...), kultur eta literatur eragilea, aktibista politikoa... handia da Jean Paul Sartrek egindako lana eta izandako itzala.

        Euskal Herriarekiko lotura 1970eko Burgosko Auzia dela-eta izan da agerikoa, baina lehenagotik ere bazen nor Jean Paul Sartre munduan eta bazen nor euskaldunontzat ere. Haren literaturak eraginik izana zuen Euskal Herriko literaturan. Baina bere pentsamendua ere ezaguna zen eta horren adibide da Euzko Gogoa aldizkarian berari buruz idatzitako bi artikulu. 1954an Orixek Izatena ta Gertatzena argitaratu zuen Euzko Gogoa aldizkarian, hiru pentsalariren (Sartre, heidegger eta Zubiri) lana aztertuz. Paristarraren azken liburua eman ziotela eta epaia zorrotza da: «Ezur zulubita —nik uste— barnean muiñik gabe». Orixe ez da bakarra: 1951n Jean Paul Sartre'n ardi galduak poema idatzi zuen Eusebio Erkiagak, eta Egan aldizkariko 1951ko 2. alean kaleratu.

        Diferentea da Gabriel Arestik Zuzenbide debekatua poema luzean eskaini zion ahapaldia, 1961ean idatzia, gerora Olerti aldizkarian ere kaleratu zena. Izan ere, Txillardegirengan bakarrik ez, oro har gizartean bere pentsamenduak izan zuen eraginik. 1980an, hil zen urtean, Emilio Lopez Adan Beltza-k artikulua idatzi zuen Sartre eta Camus-i buruz, iraultza eta erreboltari buruz. Eta Oh Euzkadi aldizkarikoek ere jarri zioten arretarik albisteari: Hiltzea inportantea izanagatik ere.

        Burgosko Auzia dela-eta Gisele Halimi abokatuak egindako liburuaren hitzaurrea idatzi zuen Jean Paul Sartrek, eta horrek, esan dugun bezala, Euskal Herriarekin harreman zuzenean jarri zuen. Gaur egun interes handiz irakurtzen den testua dugu, Literatur Emailu honetarako espreski Markos Zapiainek euskaratua. Ez da, hala ere, lehenengo itzulpena. 1970-71ko urte horietan are handiagoa zen interesa, eta Txillardegik berak Berria-n kontatu duenez, Juan Jose Etxabek eskatu zion berari hitzaurrearen itzulpena, eta ETAren Zutik aldizkariaren 61. alean kaleratu zen (alea osorik hartzen zuen). Guk hemen eskaintzen dizuegu, Lur-Hordago argitaletxeak 1981ean kaleratutako Documentos Y obratik hartua, (12. vol.) eta bitxia da ETAren zatiketak zirela eta Zutik aldizkari honi egindako oharrean esaten dena: «Kontu bitxi bat bada: [Sartreri]hitzaurrea eskatzea eta burutu zezan datuak ematea VI.eko zuzendaritzakoek egin zuten. Emaitza ezin atsegingarriagoa izan zen alde bientzat, baina alderantziz noski. ETAk, gainera, milaka ale erosi zituen».

        Hitzaurrea euskaratzearena lan handia izanagatik, Markos Zapiainek Literatur Emailu honetarako egin duen lan bakarra ez da izan. Pentsalari frantsesa aztertua du lehenago ere (ikus Zenbait terrorista liburua, Txalaparta argitaletxean), eta artikulu interesgarri bat idatzi digu Jean Paul Sartreren mendeurrenaren kari: M'ongoloon malura.

        Burgosko Auziko hitzaurrea ez zen Txillardegik Sartre euskal gizartera ekartzeko egindako azken lana. Hitzaurrea egin baitzion 1983an Kriselu argitaletxeak argitaratutako Paretaren kontra lanari, Sartre: lekuko eta gidaria izenburukoa. Paretaren kontra narrazioa idazle frantsesak Espainiako gerraren garaian egin zuen (Le Mur, 1939), gaia ere berau zuela, eta Mikel Lasak euskaratu zuen.

        Urte batzuk beranduago, Sartreren pentsamendu lanen lehen itzulpena etorri zen, Kriseluren eskutik hau ere. 1988an Existentzialismoa humanismo bat da itzuli zuen Juana Atxabalek, obratxoari hitzaurre mamitsua, bibliografia eta biografiatxoa ere erantsiz.

        Pixkat lehentxeago, baina, Jean Paul Sartreren beste jarduera-atal bat geureganatu genuen: antzerkia. Bederen 1 taldeak eskaini zuen Nekrassov lana, Xabier Olarrak euskaratua, eta 1985ean Antzerti bilduman argitaratua.

        Oraindik orain, 2004an, Goragalea eleberria izan da euskarak ezagutu duen Jean Paul Sartreren lana, Monika Etxeberriak euskaratu eta Alberdania eta Elkar argitaletxeek kaleratua.

        Literatur Emailu honetan segidako testuok eskaintzen dizkizuegu:

        (Oharra: Mikel Lasa eta Xabier Olarraren itzulpena egin ziren garaikoak dira, 1983 eta 1985, nahiz eta guk hitzen formari dagokionez gaur egungo estandarretara apur bat ekarri ditugun.)

 

        Hona hemen, azkenik, Jean Paul Sartreren bibliografia oinarrizko bat, Juana Atxabalek Existentzialismoa humanismo bat da libururako prestatu zuena:

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus