Dalloway Andrea
Virginia Woolf
Dalloway Andrea
eta
Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea
Virginia Woolf
Itzultzaileak: Itziar Diez
de Ultzurrun eta
Ana I. Morales
Azala: Eider Salaberria
2014ko iraila
nobela
Literola, 2
272 orrialde
978-84-940489-7-5
Dalloway Andrea
Virginia Woolf
Itzultzaileak: Itziar Diez
de Ultzurrun eta
Ana I. Morales
Azala: Eider Salaberria
2014ko iraila, nobela
272 orrialde
978-84-940489-7-5
aurkibidea
 

 

Emakumeen lanbideak
edo Etxeko Aingerua hiltzea

 

itzulpena: Ana I. Morales

 

Zuen idazkariak etortzera gonbidatu ninduenean, esan zidan zuen elkartea emakumeen enpleguaz arduratzen dela, eta neure esperientzia profesionalez zuei zerbait esatea proposatu zidan. Egia da emakumea naizela; egia da lan egiten dudala; baina zer esperientzia profesional izan dut nik? Zaila da esaten. Nire lanbidea literatura da; eta lanbide horretan emakumeek esperientzia berri gutxiago izan dute beste ezeinetan baino, agertokia alde batera utzita... Esan nahi dut: emakume izatearekin lotuta dagoen esperientzia berri gutxiago. Izan ere, bidea orain dela urte asko urratu zuten: Fanny Burneyk, Aphra Behnek, Harriet Martineauk, Jane Austenek, George Eliotek... Nire aurretik emakume famatu asko egon dira, eta askoz gehiago ezezagunak eta ahaztuak, bidea zelaitzeko, eta nire urratsak arautzeko. Beraz, idazten jarri nintzenean, oso oztopo material gutxi aurkitu nituen bidean. Idaztea jardun errespetagarri eta kalte bakoa zen. Lumaren karraskak ez zuen urratu familiaren bakea. Familiaren diru poltsak ez zidan eskakizunik egin. Hamasei peniketan Shakespeareren lan guztiak idazteko adina paper eros daiteke, horretarako gogoa izanez gero. Idazleak ez du behar ez pianorik ez modelorik, ez Paris, Viena edo Berlinik, ez maisurik ez maistrarik. Jakina, papera merkea izatea da emakumeek idazketan beste lanbide batzuetan baino lehenago aurrera egin izanaren arrazoia.

      Baina nire istorioa kontatuko dizuet: istorio sinplea da. Nahikoa duzue imajinatzea neska bat logela batean, eskuan luma duela. Hamarretatik ordu batera bitartean luma hori ezkerretik eskumara mugitu besterik ez zuen egin behar. Gero bururatu zitzaion azken batean nahiko sinplea eta merkea den gauza bat egitea: orri horietako batzuk gutun azal batean sartu, penike bateko zigilua bazterrean ezarri, eta gutun azal hori izkinako ontzi gorrira botatzea. Horrelaxe bihurtu nintzen kazetari; eta nire ahaleginak ordaina eduki zuen hurrengo hilabeteko lehen egunean —guztiz egun loriatsua niretzat—, editorearen gutuna jaso nuenean libra bat, hamar txelin eta sei penikeko txeke batekin. Baina ikus dezazuen zein gutxi merezi dudan emakume profesionalaren izena, zein gutxi dakidan halako bizitzen borroka eta zailtasunez, aitortu behar dut diru hori ogi eta gurinetan, errentan, zapata eta galtzerdietan edo harakinarenean gastatu beharrean, kalera irten eta katu bat erosi nuela, katu polita, katu pertsiarra, berehala auzokoekin ika-mika garratzetan murgildu ninduena.

      Bada gauza errazagorik artikuluak idaztea eta etekinekin katu pertsiarrak erostea baino? Baina egon apur batean. Artikuluak zerbaiti buruzkoak izan behar dira. Nirea, ondo gogoratzen badut, gizon famatu baten nobela bati buruzkoa zen. Eta erreseina idazten nenbilela, konturatu nintzen liburuen erreseinak idatziko banituen, mamu jakin batekin borroka egin beharko nuela. Eta mamu hori emakume bat zen, eta, hobeto ezagutzera heldu nintzenean, poema famatu bateko heroinaren izenaz deitu nion: «Etxeko Aingerua». Bera jartzen zen nire eta paperaren artean erreseinak idazten nengoenean. Berak egiten zidan traba eta galarazten zidan denbora, eta halako oinazea ematen zidan, non azkenean hil egin bainuen. Zuek, belaunaldi gazteago eta zoriontsuago batekoak zaretenok, agian ez duzue haren berri... beharbada ez dakizue zertaz nabilen «Etxeko Aingerua» aipatzen dudanean. Ahalik eta laburren deskribatuko dizuet. Izugarri esanekoa zen. Ikaragarri xarmagarria zen. Erabat ez-berekoia zen. Bikaina zen familia bizitzako arte zailetan. Egunero sakrifikatzen zen. Oilaskoa bazegoen, berak hanka hartzen zuen; haize korronterik bazebilen, bera toki horretan jesartzen zen. Labur esanda, halako moduan zegoen egina non sekula ez zeukan bere iritzi edo guraririk, nahiago zuen beti besteen iritzi eta gurariekin bat egin. Beste ezeren gainetik —esan beharrik ere ez daukat— garbia zen. Garbitasuna bide zen haren edertasunik handiena; haren lotsagorritzea, haren grazia. Egun haietan —Viktoria erreginaren azkenak— etxe bakoitzak bere Aingerua zeukan. Eta idazteari eman nionean, lehenengo hitzetan bertan egin nuen topo berarekin. Haren hegoen itzalak orria estali zuen; haren gonaren firrista entzuten nuen gelan. Bestela esanda, luma hartu bezain laster gizon famatuaren nobela haren erreseina egiteko, nire atzera irristatu eta ahapeka esan zidan: «Maitea, neska gaztea zara. Gizon batek idatzitako liburu batez idazten zabiltza. Izan atsegina; izan samurra; lausengatu; engainatu; erabili gure sexuaren arte eta trikimailu guztiak. Ez dezala inork sekula igarri zeure kabuz pentsatzen duzula. Guztiaren gainetik, izan zaitez garbia». Eta nire luma gidatzekoa egin zuen. Orain kontatuko dizuet neure buruari merituren bat aitortzen diodan ekintza bakarra, nahiz eta, egia esan, meritu hori berez dagokien diru apur bat utzi zidaten arbaso bikain batzuei —esan dezagun, bostehun bat libra urtean?— zeintzuei esker ez nengoen nire xarma hutsaren menpe bizimodua ateratzeko. Buelta eman nuen eta lepotik heldu nion. Ahal nuen guztia egin nuen hura hiltzeko. Nire desenkusa, epaitegira eramango banindute, izango litzateke autodefentsan egin nuela. Nik bera hil ez banu, berak hilko nindukeen ni. Bihotza erauziko ziokeen nire idazketari. Izan ere, luma paperean ezarri bezain laster, jabetu nintzen ezin daitekeela ezta nobela baten erreseinarik ere egin zeure kabuz pentsatu barik, adierazi gabe zeure ustez egia dena giza harremanez, moraltasunaz, sexuaz. Eta emakumeek, Etxeko Aingeruaren arabera, ezin dute gai hauetaz jardun modu libre eta irekian; liluratu egin behar dute, harmonia ezarri behar dute: gordin esateko, gezurrak esan behar dituzte aurrera egingo badute. Beraz, haren hegoaren itzala edo haren haloaren distira orrian sumatzen nueneko, tintontzia hartu eta bota egiten nion. Kostata hil nuen. Asko lagundu zion irudimenezkoa izateak. Askoz gaitzagoa da mamu bat hiltzea errealitate bat hiltzea baino. Gainetik kendu nuela uste nuenean, han bueltatzen zen beti narras. Azkenean hil egin nuela harro badiot ere, borroka gogorra izan zen; denbora asko kendu zidan, askoz hobeto eman nezakeena gramatika grekoa ikasten, edo munduan zehar abentura bila. Baina benetako esperientzia izan zen; garai hartan emakume idazle guztiek nahitaez izango zuten esperientzia. Etxeko Aingerua hiltzea emakume idazlearen lanaren parte bat zen.

      Baina jarrai dezadan nire istorioarekin. Aingerua hilda zegoen; zer geratzen zen orduan? Esan liteke objektu sinple eta arrunt bat geratu zela: emakume bat logela batean tintontzi batekin. Bestela esanda, faltsukeria gainetik kenduta, emakume gazte hark bera izan besterik ez zuen egin behar. A, baina eta zer da «bera»? Esan nahi dut: zer da emakume bat? Benetan diotsuet: ez dakit. Ez dut uste zuek dakizuenik. Ez dut uste inork jakin ahal izango duenik harik eta emakumeek beren burua aditzera ematen duten arte gizakien esku dauden arte eta lanbide guztietan. Horixe da ni gaur hona etortzearen arrazoietako bat: zuenganako begirunea, zuen esperimentuez emakume bat zer den erakusteko prozesuan baitzaudete, zuen hutsegite eta asmatzeen bidez informazio izugarri garrantzitsu hori guri emateko prozesuan baitzaudete.

      Baina neure esperientzia profesionalen kontakizunarekin jarraituko dut. Nire lehen erreseinarekin libra bat eta hamasei penike irabazi nituen; eta katu pertsiar bat erosi nuen irabaziokin. Gero handigura egin nintzen. Katu pertsiarra oso ondo dago, esan nuen; baina katu pertsiarra ez da nahikoa. Automobila eduki behar dut. Eta horrela egin nintzen nobelista... zeren oso gauza bitxia gertatzen baita: jendeak automobil bat ematen dizu zuk istorio bat kontatzen badiozu. Eta are gauza bitxiagoa: munduan ez dago gauza atseginagorik istorioak kontatzea baino. Askoz laketgarriagoa da nobela famatuen erreseinak idaztea baino. Eta, hala ere, zuen idazkariari kasu egin behar badiot eta nobelista gisa izan dudan esperientzia profesionalaz berba egin, nobelista nintzela gertatu zitzaidan oso esperientzia bitxi bat kontatu behar dizuet. Eta hau ulertzeko, lehenengo eta behin saiatu behar zarete nobelista baten gogo egoera irudikatzen. Ez dut uste sekretu profesionalak zabaltzen ari naizenik esaten badut nobelistaren guraririk handiena dela ahalik eta inkontzienteen egotea. Etengabeko letargian jarri behar du bere burua. Nahi du bizitza lasaitasun eta erregulartasunik handienaz joatea. Idazten ari denean, nahi ditu aurpegi berak ikusi, liburu berak irakurri, gauza berak egin egunik egun, hartara ezerk hautsi ez dezan bera bizi deneko ilusio hori, ezerk ez dezan aztoratu edo asaldatu espiritu lotsati eta ilusiozko hori —irudimena— inguruak misterioski usnatzen, haztatzen dabilelarik, jist-jast mugitzen, batetik bestera jauzika, bat-bateko deskubrimenduak egiten. Susmoa dut egoera hau berdina dela gizonentzat eta emakumeentzat. Edozelan ere, nahi dut zuek ni imajinatzea nobela bat idazten trantze egoera batean. Gura dut irudikatzea neska bat jesarrita, luma eskuan duela, minutuetan, eta are orduetan ere, tintontzian busti barik. Neska horretaz pentsatzen dudanean, burura datorkidan irudia da arrantzalearena, laku sakon baten ertzean jesarrita ameslari, kanaberari helduta. Neskak aske utzia zuen irudimena inkontzientearen sakonean urperatuta dagoen munduko arroka eta zirrikitu guzti-guztiak libre arakatzen. Eta orduan eduki zuen esperientzia, nire ustez emakume idazleengan gizonengan baino askoz arruntagoa den esperientzia. Neskari irrist egin zion pitak atzamar artean. Alde egin zion irudimenak. Bila ibilia zen putzuetan, sakonuneetan, arrain handienak lo dautzan toki ilunetan. Eta orduan talka bat gertatu zen. Eztanda bat. Aparra eta nahasmena. Irudimenak jo egin zuen gauza gogor baten kontra. Neska ametsetik itzarri zen. Bihotz esturarik handiena eta lazgarriena sentitu zuen. Metaforarik gabe esateko, gauza batez pentsatu zuen —gorputzarekin, pasioekin zerikusia zuen gauza batez— emakume batek esatea desegokia zena. Gizonak —esaten zion buruak— asaldatu egingo dira. Bere pasioez egia esaten duen emakume batez gizonek esango zutenaren kontzientziak esnatu zuen emakumea bere artista inkontzientziatik. Ezin zuen idazten jarraitu. Trantzea amaituta zegoen. Haren irudimenak ezin zuen lanean jarraitu. Uste dut hau oso esperientzia arrunta dela emakume idazleentzat: beste sexuaren konbentzionaltasun ikaragarriak oztopoa jartzen die. Zeren, nahiz eta gizonek, zentzu handiz, beren buruari askatasun handia eman kontu horietan, zalantza dut jabetzen ote diren edo kontrola dezaketen zein zorroztasun ikaragarriaz kondenatzen duten askatasun bera emakumeengan.

      Horiexek izan ziren, beraz, nik izandako bi esperientzia oso benetakoak. Horiek izan ziren nire bizitza profesionaleko abenturetako bi. Lehenengoa, Etxeko Aingerua hiltzea, konpondu nuela uste dut. Hil egin zen. Baina bigarrena, nire esperientzia fisikoez egia esatea, ez dut uste konpondu dudanik. Zalantza dut emakumeren batek konpondu ote duen. Emakumeen aurkako oztopoak izugarri sendoak dira oraindik... eta, hala ere, oso zailak definitzen. Kanpotik ikusita, bada gauza sinpleagorik liburuak idaztea baino? Kanpotik ikusita, zer oztopo ditu emakume batek, gizon batek ez dituenak? Barrutik, nik uste dut oso desberdina dela; emakumeak mamu askorekin borroka egin behar du oraindik, aurreiritzi asko gainditu. Benetan uste dut oraindik luze joango dela emakume bat liburu bat idazten jesarri ahal denerako akabatu beharreko mamu bat aurkitu gabe, arroka baten kontra jo gabe. Eta hori hala bada literaturan, emakumeentzako lanbiderik askeena den honetan, zer ote da lehenengo aldiz hartzen ari zareten lanbide berrietan?

      Galdera horiek egin nahi nizkizueke zuei, denborarik banu. Eta, egia esan, neure esperientzia profesional bi horiek azpimarratu baldin baditut, hori da uste dudalako zuenak ere badirela, molde diferenteetan bada ere. Bidea ustez urratuta dagoenean ere, emakume bati ezerk galarazten ez dionean medikua, abokatua, funtzionarioa izatea, mamu eta oztopo asko daude, nik uste, goitik behera begira bidearen ertzetan. Mamu eta oztopook definitzea balio eta garrantzi handienekoa iruditzen zait; horrela baino ezin baita ataza hau elkarlanean egin, zailtasunak gainditu. Baina, horretaz gain, eztabaidatu behar ditugu borroka honetan ditugun helburuak eta xedeak, aztertu behar dugu oztopo eskerga hauen aurka zertarako borrokatzen ari garen. Ezin ditugu jakintzat eman xede hauek; etengabe kolokan jarri eta ikertu behar ditugu. Gure jarrera osoak —hemen, areto honetan, historian lehen aldiz ez dakit zenbat lanbide diferentetan diharduten emakumeez inguraturik nagoela— egundoko interesa eta garrantzia dauka. Zeuen gelak irabazi dituzue orain arte gizonena bakarrik izandako etxean. Gai zarete, neke eta esfortzu handiarekin bada ere, errenta ordaintzeko. Zuen urteko bostehun librak irabazten ari zarete. Baina askatasun hau hasiera besterik ez da; gela zuena da, baina hutsik dago oraindik. Jantzi beharra dauka; apaindu beharra dauka; partekatu beharra dauka. Zelan jantziko duzue, zelan apainduko duzue? Norekin partekatuko duzue, eta zein baldintzapean? Iruditzen zait galdera hauek garrantzi eta interes izugarria dutela. Historian lehen aldiz, galdera horiek egiteko moduan zaudete; lehen aldiz, gai zarete zeuen kabuz erabakitzeko zer erantzun eman behar zaien. Pozik geratuko nintzateke zuekin galdera eta erantzun horiek eztabaidatzen. Baina ez gaur. Amaitu zait denbora, eta hemen bukatu behar dut.