Dalloway Andrea
Virginia Woolf
Dalloway Andrea
eta
Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea
Virginia Woolf
Itzultzaileak: Itziar Diez
de Ultzurrun eta
Ana I. Morales
Azala: Eider Salaberria
2014ko iraila
nobela
Literola, 2
272 orrialde
978-84-940489-7-5
Dalloway Andrea
Virginia Woolf
Itzultzaileak: Itziar Diez
de Ultzurrun eta
Ana I. Morales
Azala: Eider Salaberria
2014ko iraila, nobela
272 orrialde
978-84-940489-7-5
aurkibidea
 

 

Dalloway andrea

 

Virginia Woolf

 

itzulpena: Itziar Diez de Ultzurrun

 

Dalloway andreak esan zuen berak erosiko zituela loreak.

      Lucyk nahikoa lan izango zuen eta. Ateak kendu beharra zegoen; Rumpelmayerreko langileak etortzekoak ziren horretaz arduratzera. Eta orduan, pentsatu zuen Clarissa Dallowayk, zelako goiza, garbi-garbia, haurrei hondartzan ibiltzeko oparitzeko modukoa.

      Hau gozamena! Hau zirrara! Zeren hala iruditu zitzaion beti, leihatea erdiz erdi ireki, orain ere entzun uste zuen kirrinka hura ateraz, eta Bourtongo aire zabalean murgiltzen zenean. Zeinen garbia, zeinen lasaia zen goizean goizeko aire hura, oraingo hau baino bareagoa, jakina; olatu baten astindua bezalakoa, olatu baten musua bezalakoa: hotza eta bortitza, eta halere (hemezortzi urteko neska batentzat, halakoa baitzen Clarissa orduan) handientsua, hala sentiarazten zuena han, leihate irekiaren parean zegoela, zer edo zer beldurgarria gertatzear zela; han baitzegoen loreei begira, zuhaitzei eta haietatik gora zihoan lurrunaren sigi-sagari eta ipar-beleei begira, orain gorantz, orain beherantz; hola egon zen, begira, harik eta Peter Walshek esan zuen arte: «Hausnarrean barazkien artean?» —hori izan al zen?— «Nahiago jendea azaloreak baino» —hori izan al zen?—. Ziur asko gosaritan esan zuen, terrazara irten zen goiz batean; Peter Walsh. Indiatik itzultzekoa zen egun horietakoren batean, ekainean edo uztailean, ez zen oroitzen noiz, haren gutunak guztiz aspergarriak zirelako; batek haren hitzak gogoratzen zituen; haren begiak, labana, irribarrea, jenio txarra eta, milioika gauza zeharo ahaztutakoan ere, gure gogoan —harrigarria benetan!— iltzaturiko esaldi gutxi batzuk: azei buruzko hura, esaterako.

      Clarissa espaloi-ertzean zurrundurik gelditu zen apur batean, Durtnallen kamioneta igaro zain. Emakume xarmagarria, holakoa begitantzen zitzaion Schope Purvisi (zeinak Westminsterren aldameneko etxekoak ezagutzen diren legez ezagutzen baitzuen Clarissa); bazuen txoritik zer edo zer, eskinoso urdin-berdearen eitea, arina, bizia, nahiz eta berrogeita hamar urtetik gorakoa izan eta, gaixotuz geroztik, oso urdindua izan ilea. Han zegoen, Scrope Purvis ikusi barik, kalea gurutzatzeko zain, tente-tente.

      Zeren Westminsterren hain luzaro bizi izan ostean —zenbat urte jada?, hogeitaka— batek sentitzen zuen zirkulazioaren erdian, edo gauez itzartzean isiltasun, solemnitate berezi bat; ezin deskribatuzko etenaldi bat, hala uste zuen Clarissak; estutasun bat (nahiz eta hori bihotza ere izan zitekeen, gripeak makaldua, ziotenez) Big Benek jo aurretik. Hara! Hortxe danbatekoak. Deia lehenik, musikala; gero, ordua, atzera bueltarik gabea. Zirkulu berunezkoak airean aienatu ziren. Gu bai txotxoloak, pentsatu zuen, Victoria Street gurutzatzean. Zeren Jainkoak baizik ez baitaki zergatik maite dugun hainbeste bizitza, zergatik ikusten dugun hola, gure inguruan ernaberritzen, eraikitzen, birrintzen, berritik sortzen aldiro; eta, halere, emakume zarpailenak, txiro miserableenak ere horretan aritzen dira (nork bere gainbehera edanez), etxeen aurrealdeko eskaileretan jesarrita; eta Clarissa sinistuta zegoen ezen parlamentuko legeek ere horrexegatik ezin izango zietela gizaki haiei lagundu: bizitza maite dute. Jendearen begietan, joan-etorrietan, atzera-aurrera eta ibilera nekezetan; iskanbiletan eta zalapartan; zalgurdi, beribil, omnibus, kamionetetan; iragarki-gizonen ibileran, oinak arrastaka eta balantzaka; metalen musika bandetan; biraderadun organoetan; garaipenean eta txilin-hotsetan eta goietan zebilen hegazkinaren kantu bitxi eta zoli hartan zegoen Clarissak maite zuena: bizitza, Londres; ekaineko une hura.

      Ekain erdialdea baitzen. Amaitua zen gerra, gutxi batzuentzat izan ezik, hala nola Foxcfroft andrearentzat, zeina aurreko gauean enbaxadan bihotza erdiratuta agertu baitzen, mutil jator hura hil ziotelako eta orain oinetxea lehengusu baten eskuetara joango zelako; edo Lady Bexboroughentzat, zeinak ongintzako tonbola bat zabaldu ei zuen telegrama eskuetan zuela: John, bere semerik maiteena, hilik; amaitua zen, ordea, Jainkoari eskerrak... amaitua. Ekaina zen. Errege eta erregina jauregian zeuden. Eta edonon, hain goiz izan arren oraindik, bazen pilpira bat, zaldien lauhazka biziaren zalaparta, cricketeko makilen kaskatekoak; Lords, Ascot, Ranelagh eta gainerakoak; goizeko aire gris-urdinkararen sare leunean bilduta denak; egun-argiak, ordea, zeruko bere bidea urratu ahala, askatu egingo zituen, eta belaze nahiz zelaietan zaldiko jauzkariak agertuko ziren, aurreko apatxekin lurra jo orduko salto eta salto, eta mutil gazteak zurrunbilo batean; eta neskatxak irribarreka, muselina gardenak soinean, gau osoa dantzan eman arren orain beren txakur iletsu xelebreekin irteten zirenak kalera; eta, orain ere, ordu honetan, adineko alargun aberats eta diskretuak arinka igarotzen ziren mandatu misteriotsuetara bidean; dendariak aztoraturik zebiltzan erakusleihoetan beren diamanteak ipintzen, faltsuak zein benetakoak, antzinako paparreko orratz itsas berdekara ederrak, hemezortzigarren mendeko armazoietan txertatuak, amerikarren tentagarri (baina aurreztu beharra dago, eta ezin gauzak itsumustuan erosi Elizabethentzat!), eta Clarissak ere, hura guztia irrika absurdo eta zintzo batekin maite zuenak, horren guztiaren parte zelako George erregeen garaian arbaso gortesauak izan baitzituen, berak ere, gau hartantxe, distira egingo zuen, eta argi emango; bere festa izango zuen. Parkera sartzean, baina, zeinen bitxia isiltasuna; behe-lainoa; murmurioa; ahate zoriontsuak geldiro igerian; txori sabel-handiak narras zealdoka; eta nor etorriko berarengana, Gobernuaren eraikinak atzean zituela, txukun-txukun eta Errege Etxearen armarriaren zigilua zeukan agiri zorroa zeramala, nor eta Hugh Whitbread; Hugh adiskide zaharra! Hugh... Hugh miresgarria!

      —Egun on, Clarissa, egun on! —esan zuen Hughek, doinu nabarmen samar batekin, txikitatik ezagutzen zuten-eta elkar—. Nora zoaz?

      —Oso gustuko dut Londresen barrena ibiltzea —esan zuen Dalloway andreak—. Egia esateko, landa artean ibiltzea baino hobea da.

      Etorri berriak ziren; medikuarenera, tamalez. Beste batzuk koadroak ikustera etortzen ziren; operara; alabak jendaurrean erakustera; whitbreadtarrak, «medikuarenera». Clarissa ezin konta ahala bider egona zen Evelyn Whitbread ikusten erietxean. Gaixorik ote zegoen berriro Evelyn? Evelyn pattal samar zegoen, esan zuen Hughek, keinu edo zirkin bat eginez bere gorputz guztiz galant, gizonki eta ezin dotoreago jantzitakoarekin (ia-ia ondoegi jantzita ibiltzen zen beti, nahiz eta, beharbada, ezin bestela izan, gortean zeukan lanpostutxo hura kontuan hartuta) eta aditzera emanez emazteak barruko gaitzen bat zeukala, ezer larririk ez, eta Clarissa Dallowayk, adiskide zaharra izanik, ederto ulertuko zuela eta ez ziola beste xehetasunik eskatuko. Horixe ulertu zuela; gogaikarria benetan; eta senidetasun sentimendu bat gailendu zitzaion, eta, aldi berean, bere kapelari buruzko kezka bitxi bat erne zen bere baitan. Ez zen egokia hain goizik erabiltzeko, ez da hala? Zeren Hughek hola sentiarazi ohi zuen beti, imintzioka ari zitzaiola, kapela erantziz manera hanpatu samar harekin, ziurtatuz hemezortzi urteko neskatxa zirudiela, eta jakina gaueko festara joango zela, Evelynek behin eta berriz esan zion-eta joateko eta joateko, baina apur bat berandu iritsiko zela, jauregiko festaren ondotik, Jimen semeetako bat eraman behar zuelako hara; Clarissa beti sentitzen zen apur bat eskasa Hughen ondoan; eskola-ume bat bezalakoa; baina estimatu egiten zuen, halere, partez, betidanik ezagutzen zuelako, eta, baita, bere gisara, gizon ona iruditzen zitzaiolako ere, nahiz eta Hughek Richard bere senetik ateratzen zuen, eta Peter Walshek, berriz, ez zion sekula barkatu hura gustuko izatea.

      Clarissak banan-banan gogoratzen zituen Bourtongo sesio guztiak. Peter sutan; Hugh, jakina, ez zegoen haren mailan inolaz ere, baina ez zen ergel totala ere, Peterrek esaten zuen legez, ez zen artaburu hutsa. Ama zaharrak ehiza uzteko eta Bathera eramateko eskatzen zionean, Hughek txintik atera gabe eramaten zuen, ez zen batere berekoia, baina hari buruz esatea, Peterrek zioen legez, ez zuela ez bihotzik, ez bururik, jaun ingeles baten manerak eta heziera baino ez zeuzkala, hori Peter maitearen aiurririk txarrenaren seinalea besterik ez zen; eta Peter eramangaitza izan zitekeen, jasanezina izan zitekeen; baina lagun atsegina zen, oso, pasieran ateratzeko holako goiz batean.

      (Ekainak zuhaitzetako hosto guztiak ernaraziak zituen. Pimlicoko amek bularra ematen zieten beren umetxoei. Itsas armadak mezuak helarazten zituen Almirantegora. Irudi zuen Arlington Streetek eta Piccadillyk parkeko airea berotzen zutela eta hostoak altxatzen zituztela, suhar, distiratsu, Clarissak hain gogoko zuen bizitasun zoragarri hartaz betetako olatuak sortzeko. Clarissari ikaragarri gustatuko zitzaion dantzan hastea, zaldiz ibiltzea).

      Zeren ehunka urte eman zitzaketen elkar ikusi barik Peterrek eta biek; Clarissak ez zion inoiz gutunik bidaltzen, eta Peterrenak hotzak eta lehorrak izaten ziren; eta, halere, nirekin balego, zer esango luke?, bururatuko zitzaion bat-batean; halako egun batzuetan, irudi batzuek Peter ekartzen zioten atzera, lasai, antzinako mingostasunik gabe; beharbada horixe zen jendeaz arduratu izanaren saria; eta goiz eder bateko irudiak itzultzen zitzaizkion, St. James Parken erdian; itzuli egiten zitzaizkion, bai. Baina Peterrek —eguna eta zuhaitzak eta belarra, eta arrosaz jantzitako neskatoa eder-ederrak izanagatik ere—, Peterrek ez zuen inoiz ezer ikusten. Begi-ordeak jantziko zituen, Clarissak eskatuz gero; eta begiratu egingo zuen. Peterri munduaren egoera interesatzen zitzaion eta; Wagner, Poperen poesia, jendearen izaera sekula eta beti, eta Clarissaren arimaren akatsak. Nola egiten zion errieta! Lehen ministro batekin ezkonduko zen, eta eskaileraren goialdean egongo zen zain; anfitrioi perfektua deitzen zion (horregatik negar egindakoa zen Clarissa bere logelan), anfitrioi perfektuaren dohainak zeuzkan, esaten zion Peterrek.

      Horregatik, oraindik ere han zegoen bera, St. James Parken, eztabaidaka, bere buruari galdezka ea asmatu ote zuen —eta hala zen, izan— Peterrekin ez ezkonduta. Zeren ezkonbizitzan askatasun apur bat, independentzia apur bat behar izaten baita egunero etxe berean elkarrekin bizi direnen artean; Richardek ematen zion, eta berak hari ere bai. (Esate baterako, non zegoen goiz hartan? Batzorderen batean, ez zion inoiz galdetzen zeinetan). Peterrekin, ordea, dena partekatu beharra zegoen; denaz elkarrekin arduratu. Eta hori onartezina zen, eta lorategi txikian, iturriaren ondoan, kalapita hura gertatu zenean, harekikoak egin behar izan zituen, bestela elkar suntsituko zuten, bien galbidea izango zen, ezbairik gabe; edozelan ere, Clarissak urtetan eraman zuen bihotzean iltzaturik saminaren eta hersturaren gezia; eta gero, une hartako izularria, esan ziotenean ezkondu egin zela Indiarako bidaian itsasontzian ezaguturiko emakume batekin! Ez zuen inoiz hura guztia ahaztuko! Hotza, bihozgabea, mindulina, esaten zion Peterrek. Clarissak ez omen zituen inoiz ulertu haren sentimenduak. Indiar emakume tuntun, pollit, txoriburu haiek, ordea, bai, antza. Zoriontsua baitzen, Peterrek segurtatzen zionez, guztiz zoriontsua, beren solasetan hizpide izandako asmo haietatik bakar bat ere bete ez zuen arren; porrot hutsa izan zen Peterren bizitza osoa. Clarissa oraindik haserretzen zen horrekin.

      Parkeko sarbidera iritsi eta une batez gelditu zen, Piccadillyko omnibusei begira.

      Orain ez zion inori esango hau zela edo hura zela. Oso gazte sentitzen zen, eta era berean izugarri zahartua. Labana baten moduan barneratzen zen gauza orotan; eta aldi berean kanpoan geratzen zen, begira. Taxiei begira ari zelarik, irudipena zuen etengabe kanpoan zegoela, kanpoan, oso urrun itsasoan, eta bakarrik; beti iruditu zitzaion oso-oso arriskutsua zela bizitzea, are egun bakar batez ere. Kontua ez zen oso argia edo aparta irizten ziola bere buruari. Ezin zuen ulertu zelan moldatu zen bizitzan Fräulein Danielsek irakatsitako pizar haiekin. Ez zekien ezer; ez hizkuntzarik, ez historia, dagoeneko ez zuen ia libururik irakurtzen, salbu eta oroitzapen-liburuak, ohean; eta halere zeharo jakingarria begitantzen zitzaion dena; hura guztia; taxien joan-etorriak, eta jada ez zuen esango Peterrez, ez zuen esango bere buruaz, hau naiz, hura naiz.

      Jendea ia sen hutsez ezagutzea, horixe zuen dohain bakarra, pentsatu zuen, ibili bitartean. Gela batean norbaitekin sartuz gero, berehala kakotuko zitzaion bizkarra katu bati bezala, edo urrumaka hasiko zen. Devonshire House, Bath House, portzelanazko kakatua hura zeukan etxea... Argiztatuta ikusiak zituen denak; eta Sylviaz, Fredez, Sally Setonez oroitzen zen, hainbeste eta hainbeste jendez...; eta gau osoan dantzan ibili izanaz; eta bagoiez, triki-traka merkatura bidean; eta nola itzultzen ziren etxera beribilez, parkean barrena. Gogoratu zuen behin txelin bat bota zuela Serpentineko uretara. Baina jende guztiak zeukan oroimena; hauxe maite zuen Clarissak, hemen, orain, bere aurrean; andre lodia taxiaren barruan. Axola ote zuen, galdetu zion bere buruari Bond Streetera oinez zihoala, axola ote zuen betiko, nahitaez, desagertu behar izateak? Gauza guztiek iraungo zuten bera gabe. Mingarria zitzaion? Edo ez al zen kontsolagarria sinistea heriotzak erabateko amaiera zekarrela? Baina, zelanbait, Londresko kaleetan, gauzen joan-etorrian eta emanean, hemen, han, berak bizirik zirauen, Peterrek bizirik zirauen, bata bestearen barruan bizi ziren, Clarissa, hala sinistuta baitzegoen, etxeko zuhaitzen parte zela; aurrean zuen eraikin horren parte, etxe itsusi eta kalamastra izanagatik ere; inoiz ezagutu gabeko jendearen parte zela; oso ondo ezagutzen zuen jendearen gainean zetzala lanbro baten tankeran, ezagun haiek beren adarretan altxatuko balute bezala, nola ikusia zuen zuhaitzek altxatzen dutela lanbroa, baina are gehiago zabaltzen zela bere bizitza, baita bera ere. Zerekin ari zen, ordea, ametsetan, Hatchardeko erakusleihora erne begira gelditu zenean? Zer berreskuratu gura zuen? Landa artean ikusitako egunsenti zuri horren zer irudi, liburu irekian pasarte hura irakurtzean?

 

            Ez zaitez engoitik ikara eguzki galda beroaz

            Ezta izutu ere neguko furfuria gogorraz[1]

 

      Munduko gertakarien hondarreko aro honek malko osin bat sorrarazi zuen gizon-emakume guztiengan. Malkoak eta atsekabeak; adorea eta erresistentzia; jarrera zeharo zuzen eta estoiko bat. Nahikoa zen, esate baterako, berak gehien miresten zuen emakumeaz oroitzea, Lady Bexboroughez, ongintzako tonbola hura zabaltzen.

      Han zeuden orobat Jorrocks’ Jaunts and Jollities, han zeuden Soapy Sponge eta Asquith andrearen oroitzapen-liburuak eta Big Game Shooting in Nigeria, zabal-zabalik guztiak. Hainbeste liburu zeuden-eta han; baina bakar batek ere ez zirudien guztiz egokia Evelyn Whitbreadi erietxera eramateko. Bakar bat ere ez, hura entretenitzeko balioko zuena eta lortuko zuena emakume txiker eta izugarri ihar hura adeitsu agertzea Clarissa sartzean, istant batez bederen, emakumeen gaitzei buruzko betiereko berriketa amaiezinari heldu baino lehen biek. Irrikatzen zuen hori, jendea kontent azaltzea bera sartzean, pentsatu zuen Clarissak, eta jiratu eta Bond Streeterantz hartu zuen, haserre, zentzunbakoa zelako gauzak egiteko beste arrazoi batzuk edukitzea. Askoz ere nahiago izango zuen beste jende klase hori bezalakoa izan, Richard bezalakoa, hark gauzengatik berengatik egiten zituen-eta gauzak; berak, aitzitik, pentsatu zuen kalea gurutzatzean, bitik behin ez zituen gauzak egiten besterik gabe, gauzengatik berengatik, baizik eta jendeak hau edo hura pentsa zezan; txorakeria ikaragarria, bazekien (eta orain poliziak eskua goratu zuen), zeren ez zegoen inor engainatzerik ezta segundo bakar batez ere. Oi, berritik bizitzen hasterik balu!, pentsatu zuen galtzada zapaltzean, itxura bera ere izango zuen ezberdina!

      Lehenik eta behin, beltzarana izango zen, Lady Bexborough bezala, larru zimurraren itxurako azala izango zuen eta begi ederrak. Patxadatsua izango zen, handientsua, Lady Bexborough bezalakoa; sendo samarra; politikan interesatua, gizon baten gisara; landetxe baten jabe; duintasunez betea, eta egiatia oso. Aldiz, txotx baten eiteko gorpuzkera estua zeukan; aurpegitxo barregarria, mokoduna, txori batena bezalakoa. Egia zen planta onekoa zela; eta esku eta oin politak zeuzkala; eta ondo janzten zela, aintzat hartuta zeinen gutxi gastatzen zuen arropatan. Baina orain, maiz, gainean zeraman gorputz hau —gelditu egin zen, koadro holandar bati begira—, gorputz hau, eta beraren dohain guztiak, ezdeusak iruditzen zitzaizkion, guztiz ezdeusak. Sentipen ezinago bitxi bat zuen, ikusezina zela; ezin ikusizkoa; ez zen berriro ezkonduko, ez zuen jada ume gehiago edukiko; gainerakoekin batera Bond Streeten barrena modu txundigarri eta irmo samar horretan aurrera segitu beharra, ez zeukan besterik, Dalloway andrea izatea; ezta Clarissa ere jada; Richard Dallowayren andrea izatea baino ez.

      Bond Streetek liluratu egiten zuen; Bond Street goizean goiz urte sasoi honetan, banderak haizean dantzan; inguruko dendak; nabarmenkeriarik gabe; girgileriarik gabe; tweed biribilki bat, aitak berrogeita hamar urtez janzkiak erosi zituen dendan; perla bakan batzuk; izokina izotz bloke baten gainean.

      «Horixe da guztia», esan zuen arrandegira begira. «Horixe da guztia», errepikatu zuen istant batez geldirik gerra aurretik eskularru ia perfektuak saltzen zituen eskularru-dendaren erakusleihoaren parean. William osaba zaharrak esan ohi zuen damei oinetako eta eskularruetan antzematen zaiela. Goiz batez, gerraren erdian, osabak, ohean jiratu, eta esan zuen, «Nahikoa dut». Eskularruak eta oinetakoak; eskularruen zale porrokatua zen Clarissa; alabari, Elizabethi, ordea, bost axola zitzaizkion batak zein besteak.

      Bost axola, pentsatu zuen Bond Streeten gora zihoala, festa bat antolatzen zuenean loreak gordetzen zizkioten dendara bidean. Elizabeth bere txakurraz arduratzen zen ororen gainetik. Goiz hartan galipot usaina zegoen etxe osoan. Dena dela, hobe zen Grizzle gaixo hura Kilman andereñoa baino; hobe mukieria eta galipota eta gainerako guztia, ezen ez giltzapean sarturik egon gela txarto aireztatu batean otoitz-liburu batekin! Edozer zen hori baino hobea, ia esango zuen Clarissak. Baina baliteke bolada bat baino ez izatea, Richardek zioen bezala, neska guztiek izaten dituzten bolada horietako bat. Baliteke maiteminduta egotea. Baina zergatik Kilman andereñoaz? Emakume hura oker tratatu zuten, jakina; aintzat hartu beharreko kontua da hori, eta Richardek zioen gaitasun handikoa zela, eta bazeukala sen historiko aparta. Edozelan ere, bereizezinak ziren, eta Elizabeth, alaba, jauna hartzera joaten zen; zelako janzkera zerabilen, bazkaltzera etorritako lagunekin zelan jokatzen zuen... horrek ez zuen axola batere, eskarmentuak erakusten ziolako sukarraldi erlijiozkoak jendea zakartu egiten duela (baita idealek ere); sentimenduak baldartzen dizkie, zeren Kilman andereñoak edozer egingo bailuke errusiarrengatik, gosez hilko litzateke austriarrengatik, baina bere bizitza pribatuan egiazko oinazea eragiten zuen, hain zen bihozgabea, zira berde hura jantzita beti. Urteak ziren soinean zeramala; izerditan egoten zen; ez zituen gela batean bost minutu emango bere nagusitasuna erakutsi barik, zure gutxiagotasuna; zeinen txiroa zen bera; zeinen aberatsa zu; zelan bizi zen etxezulo batean, kuxinik gabe, oherik gabe, alfonbrarik gabe edo dena delakorik gabe, arranguraren harra ariman tinkatuta; eskolatik kanporatu zuten gerra garaian: izaki koitadu, dohakabe eta samindua halakoa! Batek ez zuen Kilman andereñoa gorrotatzen, haren kontzeptua baizik, zeinean pilatzen baitziren Kilman andereñoak berezkoak ez zituen gauza asko; gauez gudukatzen ditugun mamu horietako bat bihurtua zitzaion Kilman andereñoa; gure gainean hankalatraba jarri eta odolaren erdia xurgatzen diguten mamu horietako bat, menderatzaile eta tiranoa; zeren, duda barik, baldin eta dadoak bestela erori izan balira, beltzak gailendu izan balira eta ez zuriak, Clarissak Kilman andereñoa maitatuko zuen! Baina ez gure mundu honetan. Ez.

      Clarissari, baina, ernegagarria zitzaion munstro basati hura barruan zirika eramatea! Adaxka hautsien karraska aditzea eta apatxen oinkadak nabaritzea orbelez estalitako oihan sarri hartan, bere ariman: sekula ezin sentitzea nahikoa pozik, edo erabat seguru, piztia edonoiz has zitekeelako oldarka; gorroto horrek, gaixo egon zenetik batik bat, bizkarrezurra oinazez urratzen zion; gorputzeko mina emateaz gainera, kolokan jarrarazten zion plazer guztia, edertasunak, adiskidantzak, ondo sentitzeak, besteen maitasunak eta bere etxea txoko zoragarri bihurtu izanak ekartzen zioten gozamen guztia, eta dardarka hasten zen, uzkurtu egiten zen, sustraietan aztarrika ari zitzaion benetako munstro bat baleuka bezala! Zorion agerbideen sorta zabal osoa berekoikeria besterik ez balitz bezala! Gorroto izugarri hura!

      Txorakeriak, txorakeriak!, oihu egin zion bere buruari, Mulberry loradendako ate birakaria bultzatzean.

      Sartu egin zen, arin, garai, oso tente, eta segituan etorri zitzaion Pym andereño aurpegi-biribila, eskuak gorri-gorri zeuzkana beti, uretan edukiko balitu bezala loreekin batera.

      Bazegoen lorerik han: ezproi-loreak, ilar usaintsuak, lila sortak; eta krabelinak, krabelin pila eta pila. Bazeuden arrosak; bazeuden lirioak. Ene! Clarissak lorategiko lur usain gozoa arnastu zuen, Pym andereñoarekin hizketan ari zela. Pym andereñoa, Dalloway andrearekin zerbitzuko zena, dama hari atsegina irizten ziona, Clarissa aspaldi atsegina izan zelako berarekin; oso atsegina, baina aurten zaharrago zirudien, burua batera eta bestera mugitzen zuen bitartean lirioen eta arrosen eta lila sorta buru-makurren artean, begiak erdi itxita, xurgatu ahal izateko, kaleko zalapartaren ondotik, usain atsegingarri hura, freskotasun bikain hura. Eta gero, begiak irekitzean, zeinen freskoak begitandu zitzaizkion arrosak, garbitu eta lisatu berritan zumezko otarretan atondutako izara zuri parpailadunak bezalakoak; eta zeinen ilun eta hantuste krabelin gorriak, buruak hain tente; eta ilar usaintsu guztiak ontzietan zabal-zabal, apur bat bioletakarak, elurra bezain zuriak, zurbilak; ilunabarra baletor bezala eta neska gazteak, muselinazko soinekoak jantzita, ilar usaintsuak eta arrosak biltzera irtengo balira bezala behin amaituta udako egun guztiz eder bat bere zeru ia urdin-beltzarekin eta ezproi-lore, krabelin eta kala guztiekin; eta seiak eta zazpiak bitarteko une huraxe zen, loreak oro —arrosak, krabelinak, lirioak, lilak— dirdiraka hasten direnean; zuria, bioleta, gorria, laranjamina; lore guztiek sutan diruditenean, berez sutan, astiro, garbi, mendialde lainotsuetan; eta zenbat maite zuen Clarissak sits zuri-grisak zirimolaka ikustea heliotropoen inguruan, gaueko sanjose-loreen inguruan!

      Eta Pym andereñoarekin batera pitxerrez pitxer loreak aukeratzen zebilela, txorakeriak, txorakeriak, esaten zuen Clarissak bere artean, gero eta amultsuago, hango edertasun hura, lurrin hura, kolore hura, eta Pym andereñoak erakusten zion begikotasuna, konfiantza, hura guztia olatu bat balitz bezala eta bere gainera etor zedin utziko balio bezala, hartara gorroto hura, munstro hura menderatzeko, guztia menderatzeko; eta olatu hartan gero eta gorago, gero eta gorago zihoala, bat-batean... oi!, tiro-hots bat entzun zen kalean!

      —Ene bada, automobil horiek! —esan zuen Pym andereñoak, kanpora begiratzeko erakusleihora hurbildu eta berriro itzultzean, barkamenezko irribarrea aurpegian eta ilar usaintsuz beteak eskuak, bera balitz bezala automobil haien, automobiletako pneumatiko haien, errudun bakarra.

 

 

Eztanda bortitz hura, Dalloway andrea izutu eta Pym andereñoa barkamen eskean erakusleihora eraman zuena, beribil batek eragin zuen kalearen beste aldeko espaloiaren ondoan gelditzean, Mulberry loradendako erakusleihoaren pare-parean. Oinezkoak begira gelditu ziren, nola ez, baina doi-doi izan zuten astia garrantzi oso handiko aurpegi bat hautemateko tapizeria gris perla-kolorekoaren erdian, gizon-esku batek gortina itxi zuelako berehala, eta ezin jada ezer ikusi, ez bazen karratu gris perla-kolore bat.

      Halere, segituan zabaldu ziren zurrumurruak Bond Streeteko bihotzetik Oxford Streetera, batetik, eta Atkinson lurrin-dendara, bestetik; ikusezin hedatu ziren, entzunezin, hodeiak irudi, azkar, lanbro mintz bat muinoen gainetik bezala, eta gero gainbehera etorri ziren, hodeien bat-bateko baretasun isila zirudien zerbait ekarriz istant bat lehenago zeharo aztoratuak zeuden aurpegietara. Orain, ordea, misterioaren hegoa sumatu zuten denek; autoritatearen ahotsa aditu; erlijioaren espiritua zebilen inguruan, estu estalita begiak eta zabal-zabalik ahoa. Inork ez zekien, ordea, norena zen ikusitako aurpegi hura. Galesko printzearena ote? Erreginarena? Lehen ministroarena? Norena ote aurpegi hura? Inork ez zekien.

      Edgar J. Watkissek, berunezko hodia besoaren inguruan kiribilduta, ozen esan zuen, txantxetan, noski: «Lehen ministruaren kotxia».

      Septimus Warren Smithek, aurrera ezin segiturik zegoela, Edgarren hitzak entzun zituen.

      Septimus Warren Smith, hogeita hamar bat urtekoa, aurpegiz zurbila, sudur-kakotua, oinetako marroiak jantzita, beroki maiztua soinean, eta arrotzenak ere beldurrez ikaratzeko moduko dirdai izuti bat bere begi hur-koloreetan. Mundua zartagailua astintzen ari zen; non egingo ote zuen zart?

      Geldi-geldirik zegoen dena. Motorren bibrazioak pilpira irregularren gisakoak ziren, gorputz batean gora eta behera. Eguzkia ikaragarri hasi zen berotzen, beribila Mulberry loradendako erakusleihoaren parean gelditu zelako; omnibusen goialdean zihoazen andre zaharrek itzalkin beltzak ireki zituzten; berderen bat hor, gorriren bat hemen; flap txiki bat eta zabalik. Dalloway andreak, besoak ilar usaintsuz mukuru, erakusleihora hurbildu, eta kanpora begiratu zuen bere aurpegitxo arrosa jakinguraz zimurturik. Beribilari so zegoen jende guztia. Septimusek ere begiratu zuen. Bizikletaz zetozen mutiko batzuk jauzi batez jaitsi ziren. Zirkulazioa geratu egin zen. Eta hantxe zegoen beribila, geldirik, gortinak itxita, eta haietan zuhaitz tankerako marrazki bitxi bat, pentsatu zuen Septimusek, eta begien aurrean zekusan horrek, gauza guztiak apurka-apurka bat etorri behar horrek beldurra eman zion, zer edo zer izugarria lurrazaleraino igo eta suak hartzear balego bezala. Mundua dardarka ari zen, ikara batean zegoen, eta suak hartzeko zorian. Neu ari naiz bidea oztopatzen, pentsatu zuen Septimusek. Ez al zitzaion ba jendea begira ari, ez al ziren bera seinalatzen ari? Ez al zegoen ba bertan geldiarazia, espaloian erroak eginik, zerbaitetarako? Zertarako, ordea?

      —Goazen, Septimus —esan zion emazteak, emakume txikerra bera, oliba-koloreko aurpegi zorrotzekoa, begi-handia; neska italiar bat.

      Baina Lucreziak berak ezin zituen begiak baztertu ez beribiletik ez gortinetan margoturiko zuhaitzetik. Erregina ote barruan? Erregina, erosketak egiten?

      Gidaria, zer edo zer ireki, zer edo zer jiratu, zer edo zer itxi eta gero, bere lekuan jesarri zen.

      —Goazen —esan zuen Lucreziak.

      Baina senarrak, lauzpabost urte zeramatzaten-eta ezkondurik, salto bat egin, inarrosi, eta «Ondo da!» esan zuen haserre, emazteak gogoeta eten izan balio bezala.

      Ezinezkoa zen jendea ez konturatzea; ezinezkoa jendeak ez ikustea. Jendea, pentsatu zuen Lucreziak, beribilari adi-adi begira zegoen jendetzari so; ingelesak, beren seme-alaba, zaldi eta jantziekin; berak neurri batean miresten zituenak, nahiz eta orain haiek guztiak «jendea» baino ez izan, Septimusek esan zuelako «Neure buruaz beste egingo dut», hitz beldurgarriak zinez. Eta entzun izan baliote? Jendetzari begiratu zion. Lagundu! Lagundu!, oihu egin gura izan zien harategietako mutilei eta emakumeei. Lagundu! Aspaldi gabe, aurreko udazkenean, Septimus eta biak Embankmenten egon ziren longain bakar batean bilduta, Septimusek, hizketan jardun beharrean, paper bat irakurtzen zuen bitartean; Lucreziak eskuetatik kendu zion, eta begira zeukaten agurearen aurpegira barre egin zuen ondoren! Baina porrota isilean gorde beharra dago, gero. Senarra parkeren batera eraman beharko zuen.

      —Orain kalea gurutzatuko dugu —esan zuen Lucreziak.

      Bazuen haren besoari heltzeko eskubidea, hura sorgortuta egon arren. Senarrak eman egingo zion, Lucrezia hain zen xaloa, hain odolberoa, hogeita lau urte baino ez, lagunik ez Ingalaterran, Italia utzi zuen haren amoreagatik, Septimus bezalako Don Inorrez batengatik.

      Beribilak eta gortina itxiek eta ezin asmatuzkoa zen sekretu aire hark Picadillyrantz hartu zuten, begi guztiak bere gainean tinko oraindik, kaleko alde bietako begitarteetan nabarmen zirauela benerazio ilunaren hatsak sortutako aztoramen hark, nahiz eta inork jakin ez erregina, printzea edo lehen ministroa ote zen barrukoa. Izan ere, hiru pertsonak baizik ez zuten aurpegia ikusi, segundo batez baino ez. Sexua bera ere zen orain eztabaidagai. Baina inongo zalantzarik gabe gorentasuna zen barruko hura; gorentasuna zihoan Bond Streeten behera, gordeka, herritar arrunten eskueran, zeinek ziur asko hauxe izango zuten bizitzan lehen eta azken aukera Ingalaterrako maiestatearekin, Estatuaren ikur betierekoarekin, berba egiteko; hura zehatz nor zen, baina, iraganaren ikertzaile kuxkuxeroek baizik ez dute jakingo, denboraren hondarrak arakatzean, Londres belarrak hartutako bidea bihurtzen denean, eta asteazken goiz honetan espaloian batera eta bestera arrapaladan doazen hauek guztiak hezur huts bilakatzen direnean, eta hezurren hautsekin nahasian ezkontza eraztun bakan batzuk ere agertuko dira orduan, eta txantxarrak jotako ezin konta ahala haginen urrezko betegarriak. Orduantxe jakingo da norena zen beribileko aurpegi hura.

      Erregina izango da, pentsatu zuen Dalloway andreak, Mulberrytik irtetean loreak eskuetan; erregina. Eta istant batez aire ezinago duin bat bereganatu zuen, han loradendaren ondoan geldirik, eguzkitan, beribila astiro igarotzen zen bitartean, gortinak itxita. Erregina ospitale batera bidean; erregina ongintzako tonbola baten inauguraziora, pentsatu zuen Clarissak.

      Sekulako jendetza zebilen, zer ordu zen kontuan izanda. Lords, Ascot, Hurlingham. Zer gertatuko zen?, galdetu zion Clarissak bere buruari, kalea itxita zegoen eta. Erdi mailako britainiarrak, omnibusen goialdean estu-estu jesarrita bata bestearen ondoan, beren fardel eta aterkiekin eta, bai, are larruekin ere hau bezalako egun batean, imajina zitekeen baino askoz ere barregarriagoak eta xelebreagoak ziren, pentsatu zuen Clarissak; eta han zegoen erregina ere, geldirik; erregina bera, ezin aurrera eginik. Brook Streeteko alde batean geratu zen Clarissa, ezin gurutzatuz; Sir John Buckhurst epaile zaharra beste aldean, eta beribila bien artean (Sir Johnek urte asko eman zuen legea betearazten, eta gustuko zituen emakume dotoreak), eta orduan gidariak, pitin bat makurturik, zerbait esan edo erakutsi zion polizia-agenteari, zeinak diosal egin, besoa goratu, burua astindu eta omnibusa bazterrarazi baitzuen, beribilari bidea emateko. Automobila, astiro, isil-isilka, bere bideari lotu zitzaion.

      Clarissa asmatzen saiatu zen; Clarissak bazekien, jakina; gauza zuri, magiko eta biribil bat ikusi zuen lekaioaren eskuan, disko bat izen bat grabatua zeukana —erreginarena, Galesko printzearena, lehen ministroarena?—, bere distiraren indarraz aurrera egiten zuena (Clarissak txikiagotzen ikusi zuen beribila, desagertzen), zeren gau hartan distiratu beharra baitzeukan zutargien artean, izar dirdaitsuen artean, haritz hostoz apaindutako bularralde zurrunen, Hugh Whitbreaden eta kideko guztien artean, Buckinghamgo jauregian. Eta Clarissak ere festa bat emango zuen. Areago tentetu zen; holaxe egongo zen, zain, eskaileraren goialdean.

      Beribila joana zen, baina uhin mehe bat atzean utzirik, sigi-saga hedatu zena Bond Streeteko alde bietako eskularru-denda, kapelutegi eta jostundegietan barrena. Hogeita hamar segundoz, norabide berera okertu ziren buru guztiak, kale aldera. Emakumeak, eskularru pare bat aukeratzen ari zirelarik —ukondoraino edo gorago, limoi-kolorekoak edo gris argiak?—, isildu egin ziren; esaldia bukatzerako, zerbait gertatua zen. Zerbait itxuraz hain ezdeusa, ezen ez zegoen dardara hura erregistratuko zuen tresna matematikorik, Txinako lurrikarak jasotzeko ahalmena duten horiek ere, ezin; nahiz eta dena delako hura bere onenean itzela izan eta oro har hunkigarri suertatu, zeren, kapelutegi eta jostundegi guztietan, ezezagunek elkarri begiratu, eta hildakoak etorri zitzaizkien gogora; eta bandera; eta Inperioa. Alboko kalexka bateko taberna batean, kolonietako gizon batek Windsor Etxea iraindu zuen, eta biraoak etorri ziren gero, garagardo pitxer puskatuak eta erabateko iskanbila; eta hango durundiak, harrigarria bada ere, kaleko beste alderaino iritsi ziren, ezkontza egunerako xingola zuriminez apaindutako lentzeria zuria erosten ari ziren nesken belarrietaraino. Zeren beribilak pasaeran sorrarazi zuen azaleko aztoramen horrek oso sakoneko zerbait ukitu eta urratu baitzuen hondoratzean.

      Piccadilly geldiro-geldiro igaro ondoren, St. James Streeten behera joan zen beribila. Gizon garai batzuk, gorpuzkera sendokoak, dotore jantziak, fraka soinean, papar zuriak agerian eta ilea atzeraka orraztuta Whiteko behatokian zeudenak zehazten zailak diren arrazoiengatik, eskuak fraken hegalen atzean zituztela eta kanpora begira, senez ohartu ziren handitasuna igarotzen ari zela, eta agerpen hilezkorraren argi margul hura gainera erori zitzaien, Clarissa Dallowayren gainera jausi zen modu berean. Tenteago jarri ziren, eta bizkarretik kendu zituzten eskuak, eta irudi zuen beren Subiranoa zerbitzatzeko prestu zeudela, are azken odol-tanta isurtzeraino, behar izanez gero, arbasoek behinola bezala. Irudi zuen atzealdeko busto zuriek eta mahaitxoek, Tatlerreko aleen eta soda botilen azpian, onespena ematen zutela; irudi zuen Ingalaterrako alor jorien eta oinetxeen isla zirela; eta beribilaren gurpilen burrunba mehea durundatzen zutela, hala nola ozenagotu eta zabaltzen duen galeria xuxurlari batek ahots soil bat katedral osoaren indarrari esker. Moll Prattek, xalean bilduta eta loreak espaloi gainean zeuzkala, zorte on opa zion mutikoari (Galesko printzea baitzen, duda barik) eta, hain zegoen pozez txoratuta, hain gutxi axola zitzaion bere pobrezia, ezen garagardo pitxer baten dirua —arrosa sorta bat— botako zuen St. James’s Street erdira, konturatu izan ez balitz polizia-agente bat begira-begira zeukala, horrek leialtasuna epeldu zion-eta atso irlandarrari. St. Jameseko zentinelek agurra egin zuten; eta Alexandra erreginaren poliziak, onespena eman.

      Bien bitartean, jende multzo txiki bat bildu zen Buckinghamgo jauregiko burdin hesiko sarreraren inguruan. Soraio baina itxaropentsu, txiroak guztiak, zain. Jauregiari eta haizean dantzan zebilen banderari begira; bere ttonttorraren gainean harrotuta ageri zen Viktoriari begira, miretsiz iturri mailakatuetako ur jarioa, geranioak; Mallen barrena pasatzen ziren beribiletarik baten bat hautatu eta seinalatu egiten zuten, horko hori, hango beste hura; beribilez osteratxo bat egitera irtendako herritar arruntek sortzen zieten zirrara erakutsiz, alferrik; zor zuten begiruneaz oroitzen ziren eta osorik erakusten zuten beribil hori edo beste hura igarotzean. Etengabe ematen zioten baimena zurrumurruari beren zainen barruan handitzeko, izterretako nerbioak dardararazteko, gogoan zerabilten bitartean errege familia begira izan zezaketela; erregina burua makurtzen; printzea agur egiten; gogoan zerabilten bitartean errege-erreginei erabaki jainkotiar baten bitartez oparitutako bizitza zerutarra; zalditegiak eta erreberentzia bikainak; erreginaren panpina-etxe antzinakoa; Mary printzesa, ingeles batekin ezkondua, eta printzea... ene! Printzea! Edward errege zaharraren antza omen zuen, baina askoz ere argalagoa zen. Printzea St. Jamesen bizi zen, baina bazitekeen goizetan amari bisitan etortzea.

      Hala esan zuen Sarah Bletchleyk, haurtxoa besoetan, oin-punta gora eta behera dantzatuz, bere etxean balego bezala, Pimlicon, beheko suaren ondoan, baina begirada Mallen iltzaturik zeukala, Emily Coatesen begiak noragabe zebiltzan bitartean jauregiko leihoetan zehar, buruan neskameak zituela, ezin konta ahala neskame, eta logelak, ezin konta ahala logela. Jaun ingeles adineko bat, Aberdeengo terrier batekin zetorrena, eta zereginik gabeko beste hainbat lagun elkartu zitzaizkien bertaratuei, eta jendetza handitu egin zen. Bowley jaun txikerrak, Albanyn ostatu hartuta zegoenak, argizariz estalita zeramatzan bizitzaren iturburu sakonak, baina, halere, bat-batean ireki zitzakeen, modu zentzunbako eta sentimental batean, holako gauzen aurrean: andre txiroak erregina noiz agertuko zain, emakume txiroak, haurtxo maitagarriak, umezurtzak, alargunak, gerra —et, et, et...—, hara!, malkoz bete zitzaizkion begiak. Haizekirri pinpirin bat goxo zabaldu zen Mallen behera, zuhaitz meheen artean, brontzezko heroien ondotik hedatuz, eta Bowley jaunaren papar britainiarreko bandera goratu zuen, eta gizonak kapela altxatu zuen beribila Mallen sartu zenean, eta goratuta eduki zuen beribila hurbildu ahala, Pimlicoko ama gajoei ondo-ondora gerturatzen eta bere inguruan estu pilatzen utzi bitartean bera hantxe tente zegoela. Bazetorren beribila.

      Halako batean, Coates andreak zerura begiratu zuen. Hegazkin baten burrunbak jendetzaren belarriak mindu zituen mehatxagarri. Hor zetorren, zuhaitzen gainetik, etengabe kizkurtu eta bihurritzen zen ke zurizko lorratza atzean utziz... zer edo zer idazten ari baitzen! Letrak osatzen zeruan! Gora begiratu zuten guztiek.

      Hegazkina amilka jaitsi zen, eta gero gorantz hartu zuen zuzen-zuzen, begizta bat osatu, abiadura bizkortu, amildu, goratu eta, edozer egiten zuela ere, edonora hartzen zuela ere, ke zurizko zerrenda trinko izurtu bat lagatzen zuen atzean, zeruan kizkurtu eta kiribilak egiten zituena letrak osatuz. Zer letra, baina? C bat izango zen? E bat eta L bat gero? Letrak lipar batez baino ez ziren geldirik egoten; gero mugitu eta nahasi eta zeruan ezabatzen ziren, eta hegazkina ziztuan urrundu, zeru puska garbi bateraino aldendu, eta berriro hasten zen, K bat idazten, E bat... edo Y bat apika?

      —Glaxo —esan zuen Coates andreak ahots larrituaz, sor eta lor, zerura adi-adi begira, eta haurtxoak ere, besoetan zurrun eta zuri, gorantz begiratu zuen.

      —Kreemo —murmurikatu zuen Bletchley andreak, lo-ibiltari baten gisara. Bowley jaunak, kapela eskuan mugitu gabe zeukala, zeruan iltzatu zituen begiak. Mallen barrena zebilen jende guztia geldirik zegoen orain, eta zeruari so. Eta gora begira zeudela, isiltasun erabateko bat zabaldu zen mundu osoan eta antxeta saldo batek zeharkatu zuen zerua, antxeta bat zihoala buru, aurrealdean, eta gero beste bat, eta isiltasun eta bake itzelezko hartan, giro zurbil, garbi hartan, hamaika bider jo zuten ezkilek, eta, gero, ezkila-hotsak antxetekin batera aienatu ziren goietan.

      Hegazkinak nahi zuen leku horretantxe jiratu eta bizkortzen zuen abiadura, eta han amiltzen zen gero, arin, aske, patinatzaile baten moduan...

      —Hori E bat da —esan zuen Bletchley andreak.

      ...edo dantzari baten moduan.

      —Toffee —murmurikatu zuen Bowley jaunak.

      (Eta beribila burdin hesiko sarreratik sartu zen inor begira ez zegoela), eta hegazkina, bere ke jarioa etenik, bizkor aldendu zen, gero eta urrunago, eta kea zeruan barreiatzen hasi zen eta bat egin zuen hodeien irudi zuri zabalekin.

      Joana zen; hodeien atzean zegoen orain. Ez zen inolako zaratarik entzuten. E, G edo L letrekin nahasitako hodeiak aske higitzen ziren orain, haien xedea ekialdetik mendebaldera hegaldatzea balitz bezala inoiz ezagutzera emango ez zen zeregin garrantzi handiko bat betetzeko; halakoa baitzen, noski: garrantzi handiko zeregin bat. Ezustean, tren bat tuneletik irteten den bezala, hegazkina ziztuan atera zen hodeien artetik, halako eran non burrunbak Mallen, Green Parken, Picadillyn, Regent Streeten eta Regent’s Parken bildutako guztien belarriak mindu baitzituen; eta ke lorratza atzetik makotu, eta hegazkina beherantz etorri zen, eta gorantz gero, letra bat bestearen atzetik idatziz, baina zer hitz ari zen idazten?

      Lucrezia Warren Smithek, senarraren ondoan jesarrita Regent’s Parkeko etorbide nagusiko banku batean, begiak goratu zituen.

      —Begira, begira, Septimus! —oihu egin zuen. Zeren Holmes doktoreak esan zion senarra akuilatu beharra zuela (ez zeukan ezer larririk, bakarra pattal samar zegoela) kanpoko gauzekiko interesa pitz zekion.

      Halandaze, pentsatu zuen Septimusek gora begira, seinaleak egiten ari zaizkit. Ez ziren, jakina, egiazko hitzak; hots, oraindik ez zekien mezua irakurtzen; baina argi samar zegoen, edertasun hura, edertasun paregabe hura... eta begiak malkoz blaitu zitzaizkion ikusten zuen bitartean nola itzaltzen ziren, eta zeruan desagertzen, kez egindako hizki haiek, eta zein eskuzabal eskaintzen zizkioten beren karitate jario agorrezina, beren onberatasun alaia eta edertasun ikaragarrizko irudi haiek, bata bestearen atzetik, eta nola adierazten zioten, doan, betiko, begiratze hutsaren truke ematen ziotela edertasun hura, edertasun hura eta are gehiago! Malkoak lerratu zitzaizkion masailetan behera.

      Toffee zen; karameluen iragarkia zen, esan zion Reziari umezain batek. Letraka irakurtzen hasi ziren biak batera t... o... f...

      —K... R... —esan zuen umezainak, eta Septimusek belarriaren ondoan aditu zion «Ka... Erre... » esaka, apal, samurki, organo leun bat balitz bezala, baina ukitu latz bat zuela ahotsean, matxinsalto batena bezalakoa, bizkarrezurrean hazka egiten ziona goxoki, eta burmuinera igortzen zizkiona soinu-uhin batzuk, zeinak, elkar jotzean, hautsi egiten baitziren. Aurkikuntza zoragarria benetan: giza ahotsak, baldintza atmosferiko jakin batzuetan (zientifikoak izan beharra daukagu, zientifikoak ororen gainetik), zuhaitzak bizidun bihur ditzakeela! Zorionez, Reziak hainbesteko indarrez jarri zion eskua belaunean non Septimus lurrari atxikita gelditu zen, harri eginik, zeren, bestela, erotuko zen ikuskizun horrek eragiten zion zirrararen zirraraz, zumarrak gora eta behera, gora eta behera, hosto guztiak distira betean, eta kolore hura, argiagoa han, ilunagoa hemen, urdina batzuetan, olatu hutsen orlegia hartuz besteetan, zaldien lumazko gandorren edo emakumezkoen luma-mototsen gisara, hain harro gora eta behera, hain bikain. Baina ez zen erotuko. Begiak itxiko zituen; ez zuen beste ezer ikusiko.

      Keinuka ari zitzaizkion, ordea; hostoak bizirik zeuden; zuhaitzak ere, bizirik. Eta hostoek, Septimusen gorputzarekin milioika zuntzen bidez lotuta zeudenez, haize ematen zioten bera han zegoela, bankuan jesarrita; adarra luzatzen zenean, Septimus konturatu egiten zen. Txolarreak, jirabiraka hegan, gorantz lehenik eta beherantz gero, iturri koskadunaren inguruan, marrazki horren parte ziren, adarren marra beltzek apaindutako koadro zuri eta urdin horren osagarri. Inguruko soinuek harmoniak osatzen zituzten beren-beregi; eta tarteko isiluneak soinuak berak bezain esanguratsuak ziren. Ume bat negarrez ari zen. Klaxon-hots bat aditu zen urrutian. Horrek guztiak, batera, erlijio berri baten sorrera adierazten zuen...

      —Septimus! —esan zion Reziak. Septimus zeharo izutu zen. Jendea konturatu egingo zen, ziur.

      —Banoa ibiltzera, iturriraino eta buelta —esan zuen Lucreziak.

      Ezin zuelako gehiago jasan. Holmes doktoreak larria ez zela esaten zuen arren. Nahiago zuen hilik balego! Ezin zen senarraren ondoan jesarrita egon hura hola gelditzen zitzaionean, begira-begira baina halere bera ikusi gabe, eta dena hain beldurgarri bihurtzen zuenean: zerua eta zuhaitzak, haurrak jolasean, gurditxoak arrastaka, txilibituak jotzen, lurrera jausten; beldurgarriak ziren denak. Eta Septimusek ez zuen bere buruaz beste egingo; eta Reziak ezin inori ezer esan. «Septimus lan gehiegi egiten ibili da», hori besterik ezin esan, are amari berari ere. Maitatzeak besteengandik urruntzen gaitu, pentsatu zuen. Ezin zion inori kontatu, ezta Septimusi ere orain, eta, atzera begiratzean, han ikusi zuen, jesarrita, beroki maiztua soinean, bakarrik, lepoa makur, begiak ezerezean tinko. Eta koldarkeria zen gizon batek esatea bere burua hil nahi zuela, baina Septimusek borroka egin zuen; ausarta zen; orain, ordea, ez zen Septimus. Lucreziak parpailezko idunekoa jarriko zuen, kapela berria jantziko, eta Septimus konturatu ere ez; eta zoriontsua zen emaztea gabe. Rezia ez zen ezerekin zoriontsua izango Septimus gabe! Ezertxorekin ere ez! Senarra berekoia zen. Gizonak holakoak baitira. Ez zegoelako gaixorik. Holmes doktoreak zioen ez zeukala ezer larririk. Neskak bere aurpegiaren aurrean luzatu zuen eskua. Begira! Ezkontza-eraztuna nasaiegi zeukan orain, hainbeste argaldua zen eta. Sufritu egiten zuen, baina ezin inori kontatu.

      Urrun zeudelako Italia eta etxe zuriak, eta ahizpekin kapelak josten egoten zen gela hura, eta kaleak mukuru beteak, pasieran irtendako jendea nonahi, barre-algaraka ozen, eta ez erdi bizirik hemengo jendea bezala, beren gurpil-aulkietan kuzkurtuta, loreontzietan sarturiko lore itsusi eta urri batzuei begira.

      —Milango lorategiak ikusi beharko zenituzke —esan zuen Reziak ahots gora. Nori esaten zion, baina?

      Ez zegoen inor. Reziaren hitzak aienatu egin ziren. Suziria aienatzen den legez: txinpartek, gaua urratu ostean, amore ematen dute; ilun betea behera dator berriro, etxeen nahiz dorreen siluetak estaliz; mendi-mazela latzak samurtzen dira, beltzean hondoratzen gero. Aienatu arren, ordea, gaua betetzen dute beti; kolorgetuak, argiune gabeak, are nekagarriagoak bihurtzen dira, egun-argi zabalak ezin erakuts dezakeena agerrarazten dutelako: ilunpean pilaturiko, ilunpean elkarren gainka metaturiko gauzen arrangura eta ziurgabetasuna; falta dutelako egunsentiak dakarkien arindua ostera agertzen denean hormak zuri-grisez margotuz, leihoetako kristalak oro nabarmenaraziz, alorretatik behe-lainoa jasoz, bazkatzen lasai dabiltzan behi gorri-nabarrak agerian utziz, begien atseginerako dena erakutsiz berriro; oro biziberrituz beste behin. Bakarrik nago! Bakarrik nago!, garrasi egin zuen Lucreziak Regent’s Parkeko iturriaren ondoan (indioari eta haren gurutzeari begira-begira); gauerdian bezala beharbada, muga guztiak ezabatu eta herriak antzinako itxura hartzen duenean berriro, erromatarrek, lehorreratzean, ikusi zuten bezala, lainopean, mendi-tontorrek izenik ez zutela oraindik eta ibaiak sigi-saga zihoazela auskalo nora; halakoxea zen Lucreziaren ilunpea; eta, bat-batean, ohol bat agertu eta, gainean balego bezala, Reziak bere artean esan zuen Septimusen emaztea zela, Milanen ezkondu zirela orain urte batzuk, haren emaztea zela eta ez zuela sekula, sekula esango senarra erotuta zegoela! Baina, jiratu zenean, ohola hondoratu zitzaion, eta Rezia behera erori zen, behera eta behera. Senarra joana baitzen; joana zen, pentsatu zuen neskak, bere burua hiltzera, mehatxu egin bezala, bere burua gurdi baten azpira botatzera! Ez, baina; han zegoen oraindik; hantxe, bakarrik, bankuan jesarrita, beroki maiztua soinean, hankak gurutzatuta, erne begirada, bere burutik ozen berbetan.

      Gizakiek ez dituzte zuhaitzak moztu behar. Bada Jainko bat. (Septimusek gutun-azalen atzealdeetan idazten zituen halako errebelazioak). Mundua aldatu beharra. Inork ez du gorrotoagatik hiltzen. Zabal ezazu berria (idatzi egin zuen). Zain gelditu zen. Adi zegoen. Pareko burdin sarean pausaturiko txolarre bat txioka hasi zitzaion: Septimus, Septimus, lauzpabost bider eta kantuan jarraitu zuen, notak bata bestearen atzetik aletuz, grekoz, bizi-bizi eta ozen, krimena existitzen ez dela esaka, eta beste txolarre bat batu zitzaion eta elkarrekin hasi ziren kantuan, ahots luzez eta ozen, grekoz, biziaren belardiko zuhaitzetan pausaturik, hildakoek zeharkatzen duten ibaiaz bestaldean, heriotzarik ez dagoela esaka.

      Hor zeukan bere eskua; hor zeuden hildakoak. Gauza zuri batzuk ari ziren pareko barandaren atzean elkarretaratzen. Baina ez zen begiratzera ausartzen. Evans zegoen barandaren atzean!

      —Zer diozu? —galdetu zion Reziak tupustean, ondoan esertzean.

      Berriro eten didate! Reziak aldiro eteten zion!

      Jendearengandik aldendu, jendearengandik urrundu beharra zegoen, esan zuen Septimusek (jauzi batez zutiturik), eta hara joan berehala, aulkiak zeuden toki hartara, zuhaitz azpira; parkeko malda luzeak oihal zati berde baten moduan behera egiten zuen han, eta goi-goian zerua ageri zen, ehun urdinez eta ke arrosaz tindatua, eta urrutian, bateko eta besteko etxeak, behe-lainoan murgilduak, eta zirkulazioaren burrunba beti-batekoa, eta eskuinetara, kolore iluneko animaliak, beren lepo luzeak zooaren oholesien gainetik goratzen, zaunka, uluka. Han eseri ziren, zuhaitz baten azpian.

      —Begira —eskatu zion arrenka Reziak, cricket makilak zeuzkan mutil taldetxo bat seinalatuz; haietako batek hankak herrestan zeramatzan, orpo baten gainean jirabiraka hasi, eta hankak herrestatzen zituen berriro, pailazo baten hista eginez edo.

      —Begira —eskatu zion Reziak arrenka, Holmes doktoreak esan baitzion saiatu beharra zeukala Septimusen arreta egiazko gauzetara bideratzen; music hall batera eraman zezakeela, cricketean aritu zedila; bai, horixe zen jolasik egokiena, esan zuen Holmes doktoreak, kanpoan aritzeko jolas polit bat, egokiena senarrarentzat.

      —Begira —errepikatu zion Reziak.

      Begira, dei egiten zion ikusezinak Septimusi, ahotsa berari berbetan ari zitzaion-eta, bera baitzen gizon-emakumeen artean handiena, bera, bizitzatik heriotzara igaro berria zena, bera baitzen jendartea berritzera etorritako Jainkoa, eta han zetzan, ohe-estalki bat edo eguzkiak soilik ukituriko elur-geruza bat balitz bezala, inoiz higatu barik, oinazetan beti, turko-burua, sufritzaile betierekoa; berak, ordea, ez zuen holakorik nahi, ez, intziri egin zuen, esku-keinu batez uxatuz betiereko sufrimendu hura, betiereko bakardade hura.

      —Begira —errepikatu zuen Reziak, senarrak ez ziolako bere buruari ozen hitz egin behar kalean.

      —Ene, begira! —erregutu zion. Zeri begiratu, ordea? Bildots gutxi batzuk. Besterik ez.

      Nola joan Regent’s Parkeko metro geltokira, esango al zioten nola iritsi Regent’s Parkeko metro geltokira, galdetu zien Maisie Johnsonek. Bi egun baino ez ziren Edinburghetik etorria zela.

      —Hortik ez, handik! —oihu egin zuen Reziak, neska alde batera bultzatzen zuela, Septimus ikus ez zezan.

      Arraroak ziruditen biek, pentsatu zuen Maisie Johnsonek. Arraroa begitantzen zitzaion guztia. Lehen aldia zuen Londresen, osabaren aginduetara lan egitera etorria zen, Leadenhall Streeten, eta orain, Regent’s Park goizez gurutzatzen ari zela, sekulako ikara hartu zuen aulki haietan jesarritako bikote horrekin; emakume gazteak atzerritarra ematen zuen, eta gizonak itxura arraroa zeukan; hainbeste ikaratu zen, non guztiz zahartutakoan ere ez zituen ahaztuko eta beste oroitzapenen dilin-dalanekin batera etorriko zitzaion oroitzapen hura, Regent’s Park gurutzatu zuenekoa berrogeita hamar urte lehenagoko udako goiz eder batean. Zeren hemeretzi urte baino ez zituen eta lortua zuen azkenean Londresera etortzea; eta zeinen arraroa zen metrorako argibideak eman zizkion bikote hura, neska beldurtu egin zen, eta eskua astindu, eta gizonak... oso-oso xelebrea zirudien; liskarrean ibiliko ziren, beharbada; betiko banantzen, beharbada; zer edo zer bazuten, Maisiek bazekien; eta orain jende hura guztia (etorbide nagusira itzulia baitzen), harrizko urmaelak, lore burgoiak, atsoak eta agureak, ezinduak gehienak, gurpil-aulkietan... gauza guztiek hain ziruditen, Edinburghekin alderatuta, xelebreak. Eta Maisie Johnsonek bat egin zuenean saldo harekin, haize eztiaren laztanak aurpegian, neke handiz, geldiro eta arretarik gabe begira zihoan jende harekin —han zebiltzala katagorriak adarretan gora jauzika beren ilea leuntzen; eta txolarreak, ogi apurren bila iturrien inguruan hegan; eta txakurrak, burdin hesiak usnaka eta oso arduratuta bata bestearekin jolasean; haize gozo epel batek denak blaitzen zituen bitartean, ukitu harrigarri bezain ezti batez samurtuz bizitzari erakusten zioten begiratu finko eta sorgor hura—, Maisie Johnsonek argi eta garbi jakin zuen Oi! egin behar zuela oihu (han eseritako gizon gazte hark itzelezko ikara eman ziolako. Bazekien zer edo zer gertatzen ari zela).

      Ai ene! Ai ene!, garrasi egin nahi izan zuen. (Etxekoak utziak zituen; ohartarazia zioten zer gertatuko zen).

      Zergatik ez zen etxean gelditu?, garrasi egin zuen, burdinazko barandako heldulekuari indarrez eutsiz.

      Neska horrek, pentsatu zuen Dempster andreak (zeinak ogi hondarrak katagorriei emateko gorde eta Regent’s Parken maiz bazkaltzen baitzuen), ez daki ezertxo ere oraindik; eta Dempster andreari, benetan, hobe iruditzen zitzaion potolo samarra izatea, zarpail samarra, goranahi handirik gabea. Percyk edan egiten zuen. Tira, hobe seme bat edukitzea, pentsatu zuen Dempster andreak. Bizitza ez zitzaion batere samurra gertatu, eta ezin orain irribarrea saihestu neska hura ikusita. Ezkondu egingo zara, nahikoa polita zarelako, pentsatu zuen Dempster andreak. Ezkon zaitez, pentsatu zuen, eta ikusiko duzu. Ene, bazkariak eta enparauak. Gizon bakoitza bere gisakoa da. Baina auskalo erabaki bera hartuko nuen, aldez aurretik jakin izan banu, pentsatu zuen Dempster andreak, eta gogoa etorri zitzaion Maisie Johnsoni hitz batzuk xuxurlatzeko belarrira, errukiaren musua nabaritzeko bere aurpegi zaharreko larru zimur eta zimelean. Bai, nire bizitza latza izan delako, pentsatu zuen Dempster andreak. Zer ez zion bizitzari eman berak? Arrosak; bere planta ederra; are oinak ere. (Gona azpian gorde zituen bere mukuru itxurabako biak).

      Arrosak, pentsatu zuen burlaizez. Zaborra, maitea. Zeren, jatea zela, edatea zela, ugaltzea zela, eta egun txarrak eta egun onak, bizitza ez zen arrosaz beteriko bidea izan, eta are gehiago, utzidazu esaten, Carrie Dempsterrek ez zuen bere patua aldatuko Kentish Towngo emakume bakar baten tokia ere hartzeko! Errukia erregutzen zion, ordea. Errukia arrosak galdu izanagatik. Errukia eskatzen zion Maisie Johnsoni, hiazinto sailen artean zutik.

      Baina, ene! Hegazkin hura! Ez al zuen ba betidanik irrikaz desiratu atzerrira joatea? Bazuen iloba bat, misiolaria. Hegazkina ziztuan goratu zen. Itsasora irteten zen beti, Margaten, lurra bistatik galdu barik halere, eta ezin zituen jasan urari beldurra zioten emakumeak. Hegazkinak jiratu eta beherantz jo zuen. Botalarria etorri zitzaion. Gora berriro. Barruan gazte eder bat joango da, apustu egin zuen Dempster andreak, eta hegazkina gero eta gehiago urrundu zen, bizkor-bizkor, zeruan galdu arte; oso gora joan zen, Greenwichen gainetik eta masta guztien gainetik, St. Paulek eta gainerako eliza grisek osaturiko uharte txikiaren gainetik, harik eta Londresko inguru osoan alor-zelaiak eta baso marroi ilunak zabaldu ziren arte, non birigarro abenturazaleek, begiak erne eta ausart jauzika, barraskiloak harrapatzen baitzituzten, eta harriaren kontra tanpa jotzen, behin, bitan, hirutan.

      Hegazkina gero eta urrunago aldendu zen, txinparta dirdaitsu soil bat bihurtu arte; gurari bat; irudi trinko bat; ikur bat (hala begitandu zitzaion Bentley jaunari, zeinak gogotsu ziharduen lorategiko soropila mozten, Greenwichen), gizakiaren arimarena; gizakiak bere gorputzetik irteteko, bere etxetik harago joateko duen ausardiarena, bururatu zitzaion Bentley jaunari zedroa inguratzean, pentsamenduaren bidez, Einstein, espekulazioa, matematika, Mendelen teoria... Han zihoan hegazkina, gero eta urrunago.

      Aldi berean, gizon narras eta txepel bat, larruzko zorro bat eskuetan, St. Paul katedralaren eskaileretan zutik zegoen, duda-mudatan, barruan zegoelako gozagarri hura, ongietorri ezinago bero hura, eta ezin konta ahala hilobi zutoihalen azpian, garaikur pila bat, eta ez armadak bentzutzeagatik irabazitakoak, baizik eta, pentsatu zuen gizonak, egiaren bila ibiltzera bultzatzen gaituen espiritu gogaikarri hura garaitzeagatik, zeinak lanik gabe utzi bainau orain; eta, are gehiago, katedralak lagunartea ere eskaintzen digu, pentsatu zuen, elkarte bateko kide izateko gonbidapena; kideen artean badira gizon handiak; badira martiriak ere, elizarengatik hil direnak; zergatik ez sartu ba, pentsatu zuen, eta esku-orriz betetako larruzko zorro hau lurrean utzi, aldare baten aurrean, gurutze baten aurrean, izan ere, zeinahi bilaketaz, galderaz, arrazoibidez gaindi goratu den zerbaiten sinboloa da gurutzea, espiritu huts, gorpuzbako, materiagabe bihurtu den zerbaitena; zergatik ez zen ba sartuko?, pentsatu zuen, eta zalantzan zegoela han joan zen hegazkina Ludgate Circusen gainetik hegaka.

      Bitxia zen; ez zuen zaratarik egiten. Ez zen inolako hotsik aditzen zirkulazioaren gainetik. Irudi zuen ez zuela inork gidatzen hegazkin hura; bere kasa ari zela hegaka. Eta orain kiribilka igo zen, gorantz zuzen-zuzen, estasian, atseginaren atseginez goratzen den zerbait balitz bezala, eta ke zurizko lorratz bihurriak isuri zituen atzealdetik, T bat, O bat, F bat idatziz.

 

 

—Zeri begira daude? —esan zion Clarissa Dallowayk atea ireki zion neskameari.

      Etxeko atondoa kripta bat bezain hotz zegoen. Dalloway andreak begietara eraman zuen eskua, eta, neskamea atea ixten ari zela, Lucyren gonen firrista entzutean, Clarissa mundutik baztertutako moja baten modukoa sentitu zen, inguruko oihal ezagunen ferekak sumatuz eta errezo zaharren erantzunak berrituz. Sukaldaria txistuka ari zen sukaldean. Idazmakinaren takatekoak aditu zituen. Bere bizitza zuen hura, eta, burua atondoko mahairantz makurtuz, eragin horren pean jarri zen, bedeinkatua eta araztua sentitu zen, bere artean zioela, telefono-mezuen koadernoa hartu bidenabar, halako uneak bizitzaren arbolaren kimuak direla, ilunpeko loreak, pentsatu zuen (arrosa eder bat loratu izan balitz bezala, berarentzat bakarrik); ez zuen ezta une bakar batez ere Jainkoarengan sinistu, baina, horrexegatik hain zuzen, pentsatu zuen koadernoa hartuz, ordaindu behar die batek bere eguneroko bizitzan zerbitzariei, bai, txakurrei zein kanarioei, eta oroz gain bere senar Richardi, hura baitzen horren guztiaren oinarri: soinu alaiena, argi berdeena eta are sukaldariaren txistuena ere, zeren Walker andrea irlandarra baitzen eta egun osoa ematen baitzuen txistuka; batek une preziatu haiek osatzen zuten altxor sekretuaren ordaina eman beharra dauka, pentsatu zuen, eta koadernoa goratu zuen, Lucy aldamenean zeukan bitartean azaldu nahian nola...

      —Dalloway jaunak, andrea...

      «Lady Brutonek jakin nahi du ea Dalloway jaunak berarekin bazkaldu gura duen gaur» irakurri zuen Clarissak telefono-mezuen koadernoan.

      —Dalloway jaunak, andrea, eskatu dit zuri esateko gaur ez duela etxean bazkalduko.

      —Hara! —esan zuen Clarissak, eta Lucyk bat egin zuen etxekoandrearen desengainuarekin (ez, ordea, atsekabearekin); bien arteko elkartasuna igarri zuen; esan gabekoa ulertu; goi-burgesiaren maitasun bideak erabili zituen buruan; bere etorkizun urrezkoaz gogoeta egin zuen lasai; eta, Dalloway andrearen itzalkina hartuz eta jainkosa batek guda-zelaian oneski borrokatu ostean bazter utzitako arma sakratu bat balitz bezala garraiatuz, euritakoen ontzian utzi zuen.

      —Ez zaitez engoitik ikara —esan zuen Clarissak. Ez zaitez engoitik ikara eguzki galda beroaz; zeren, ustekabez jakitean Lady Brutonek Richard bazkaltzera gonbidatua zuela eta bera ez, dardarka hasi baitzen nola hasten den dardarka ibai hondoko landare bat arraun batek pasaeran jotako kolpea sumatzean; halaxe egin zuen dar-dar; halaxe zen ikaratu.

      Millicent Brutonek, bazkari ikaragarri dibertigarrien antolatzailea bera, ez zuen bera gonbidatu. Jeloskorkeria zatar batek ez zuen, jakina, Clarissa Richardengandik bananduko. Baina denboraren beraren beldur zen Clarissa, eta irakurria zuen Lady Brutonen aurpegian, harri sorgor batean zizelkaturiko zirkulu bat balitz bezala, bizitza amaitzen ari zitzaiola, urtez urte puska murritzagoa zegokiola; gelditzen zitzaion tartea ezin zela askorik zabaldu, ezin zituela jada xurgatu biziaren koloreak, gatzak, ñabardurak, gazte denboran ohi zuen bezala, gela batera sartu eta bete egiten zuenean, sarritan sentituz, egongelaren atalasean dudatan gelditzean, zalantza une goxo-goxo bat, itsasora murgiltzear dagoen igerilari batena bezalakoa, ikusita han behean itsasoa, iluntzen orain, argitzen gero, eta olatuak, mehatxagarri, nahiz eta gero hautsi ordez azalean leunki urratu baino ez ziren egiten, algak irauliz, biribilkatuz, estaliz, eta perlaz hornituz.

      Koadernoa atondoko mahaian laga, eta goiko solairura igo zen, astiro-astiro, eskua barandaren gainean, festa batetik oraintsu irten balitz bezala, zeinean adiskide batek lehenik eta beste batek gero, bere aurpegiaren isla eta bere ahotsaren oihartzuna itzuliak zizkioten; atea itxi izan balu bezala, eta kanpora irten, eta han bakarrik geratu, irudi bakarti bat gau beldurgarriaren aurrez aurre edo, hobeto, zehatza izatearren, ekain goiz patxadatsu honen begirada tinkoaren aurrez aurre; arrosen petaloen distirak samurturiko goiza baitzen batzuentzat, Clarissak bazekien, eta hala igartzen zuen, eskaileretako leiho irekiaren ondoan pausatuta zegoela, handik barneratzen ziren-eta pertsianen danbadak, zakurren zaunkak, handik barneratzen ziren-eta, pentsatu zuen —eta halako batean zimeldua sentitu zen, atsotua, bularrik gabe—, etxez kanpoko, leihoaz bestaldeko egunaren iskanbila, hatsa, loraldia; Lady Brutonek, bazkari ikaragarri dibertigarrien antolatzailea bera, bazkaltzera gonbidatu ez zuelako orain huts egiten zioten gorputzaz eta burmuinaz kanpokoak.

      Bakarraldirako prest dagoen moja balitz bezala, edo dorre bat miatzen dabilen haurra, gora igo zen, leiho ondoan pausatu, bainugelara sartu. Han zeuden linolio berde handia eta kanila, ura tantaka zeriola. Bazen hutsune bat bizitzaren bihotzaren inguruan; teilatupeko gela bat. Emakumeek beren apaindura aberatsak kendu behar dituzte. Arropa erantzi beharra dute eguerdian. Buru-orratzen kuxina ziztatu, eta ohe gainean utzi zuen bere lumadun kapela horia. Izarak garbiak zeuden, ondo tenkatuta, alderik aldeko zerrenda zuri zabal bat osatuz. Ohea gero eta estuago bihurtuko zitzaion. Kandela erdi agortua zegoen jada eta Clarissa buru-belarri ari zen Marbot baroiaren Memoriak irakurtzen. Gauez berandu arte gelditu zen Moskutik erretiratu zireneko pasartean murgilduta. Komunen Ganberan hainbeste luzatzen zirenez eztabaidak, Richard, Clarissaren gaixotasunaz geroztik, tematu egin zen inork gogaitu barik lo egin beharra zeukala. Eta, egia esan, Clarissak nahiago zuen Moskuko erretretaz irakurri. Senarrak bazekien. Hortaz, bada, teilatupeko gela bat zeukan; ohe estu bat; eta han etzanik, irakurtzen, txarto egiten baitzuen lo, ezin zuen bere larrutik kendu haurgintzaren bidez gordetzen zuen birjintasun hura, izara baten moduan itsatsita zeramana. Gaztetan xarmagarria izanagatik, une bat iritsi zen ustekabean —ibai ondoan, adibidez, Clievedengo basoen behealdean—, zeinetan Clarissak, bere espiritu hotz horren uzkurtzearen ondorioz, huts egin baitzion Richardi. Eta Konstantinoplan gero, eta behin eta berriz. Clarissak bazekien zer falta zuen. Ez zen edertasuna; ez zen adimena. Funtsezko zerbait zen, dena blaitzen zuena; zerbait beroa, azalak birrindu eta erdiz erdi eragiten ziona gizonaren eta emakumearen arteko harreman hotzari, edo bi emakumeren artekoari. Modu zehazgabe batean igar zezakeen-eta hori. Eta min ematen zion, bazuen goganbehar gisako bat, Jainkoak jakin non bereganatua, edo beharbada, hala uste zuen berak, Naturak bidalitakoa (jakintsua baita beti); dena dela, batzuetan ezin zion eutsi, eta txoraturik gelditzen zen emakume baten, ez neska baten baizik eta emakume baten xarmarekin, besteak aitortzen zionean, sarritan gertatzen zen legez, laprastadaren bat, erokeriaren bat. Eta, dela errukiagatik, dela emakume haien edertasunagatik, dela Clarissa zaharragoa izateagatik, dela halabeharrezko zerbaitengatik, hala nola lurrin ia hautemanezin bat edo biolin bat aldameneko etxean (halakoxe bitxia baita hotsen ahalmena une jakin batzuetan), baina dudarik ez zegoen berak orduan sentitzen zuela gizonek sentitzen duten hori. Lipar batez baino ez; nahikoa, ordea. Ustekabeko errebelazioa zen, lotsaz gorritzearena bezalako kilika bat, eutsi egin gura diozun arren, hedatu ahala onartu beste erremediorik ez duzuna, eta orduan goitik behera gorritzen zara eta hortxe zaude ikara batean eta mundua hurbiltzen zaizu, esangura txundigarriz bete-betea, berekin ekarriz estasiaren presioa, harik eta azal mehea lehertu eta gainezka egin arte, zurrustaka isuriz, itzelezko arindua hartuta, arrail eta zaurien gainera. Orduan, une horretantxe, Clarissak argialdi bat izan zuen; azafrai-lorean piztutako pospolo bat ikusi zuen; barruko esanahi bat, ia-ia hitzen bitartez argitara emana. Hurbil zegoen hura urruntzen zen, ordea: gogorra zena, biguntzen. Bukatua zen unea. Une haiekin (baita emakumeekin ere) alderatu zituen (kapela uzten zuen bitartean) ohea, Marbot baroia eta kandela erdi agortua. Ohean esna etzanda zegoela, zoruak karraska egingo zuen. Etxe argiztatua bat-batean ilunduko zen, eta burua altxatzean ateko eskutokiaren klaska besterik ez zuen adituko, Richardek albait polikien jiratuko zuelako, eta eskailerak galtzerdi hutsetan igoko zituen, eta, orduan, sarri askotan, ur beroaren botila eroriko zitzaion eta birao egingo zuen! A zer barreak egiten zituen Clarissak!

      Maitasunaren kontu hura, ordea (pentsatu zuen, jaka gordetzen ari zela), emakumeekin maitemintzea... Sally Setonekin, adibidez; garai zaharretan Sally Setonekin izandako harreman hura. Ez zen, azken batean, maitasuna izan, ala?

      Lurrean jesarrita —Sallyren lehen irudi hori gorde zuen gogoan—, lurrean jesarrita eskuak belaunetan, zigarreta bat erretzen. Non izan ote zen? Manningtarren etxean? Kinloch Jonesenean? Festaren batean (ezin ziur jakin non), zeren garbi gogoratzen zuen ondoko gizonari galdetu ziola «Nor da hori?». Eta gizonak esan ziola, eta aipatu zuela Sallyren gurasoak ez zirela ondo moldatzen (benetan asaldatu zen harekin: norbaiten gurasoak liskarrean ibiltzea!). Baina gau osoan ezin izan zituen begiak Sallyrengandik aldendu. Zoragarria zen Sallyren edertasuna, Clarissak gehien miresten zuen klase horretakoa, beltzarana, begi handiak, eta, Clarissak berak halakorik ez zuenez, hain inbidiagarria zitzaion dohain horrekin: axolagabekeria moduko bat, zernahi esateko, zernahi egiteko gauza balitz bezala; atzerriko emakumeengan ingelesen artean baino askoz arruntagoa zen dohaina. Sallyk beti esaten zuen zainetan odol frantsesa zeukala, arbasoetako bat Marie Antoinetterekin ibilia zelako, gero burua moztu zioten bat, eraztun errubidun bat laga ziena. Agian Sally Bourtonera etorritako uda hartan izan zen; ezustean agertu zen, poltsikoetan sosik ez zekarrela, afalostean, eta izeko Helenak sekulako ikara hartu zuen, hainbestekoa ezen ez zion inoiz barkatu. Etxean egundoko liskarra egon omen zen. Bourtonen agertu zitzaien gau hartan ez zeukan sos bakar bat ere: paparreko orratz bat jarri zuen bahituran hara joateko. Arrapaladan atera omen zen, beroaldi batean. Gaueko ordu txikiak arte aritu ziren hizketan. Sallyri esker jabetu zen, lehen aldiz, zeinen gordeleku lasaia zen Bourton. Clarissak ez zekien ezertxo ere sexuaz, ezertxo ere gizarte arazoez. Behin agure bat ikusi zuen zerraldo erortzen belaze batean; behiak ere ikusiak zituen txahalak erditu berritan. Baina izeko Helenak ez zituen eztabaidak maite, auzigaia edozein zela ere (Sallyk William Morrisen liburua eman zionean, zatar-paperez estali behar izan zuen). Orduak eta orduak ematen zituzten berbetan, etxeko azken solairuko logelan, berbetan, bizitzaz, zelan aldatuko zuten mundua. Elkarte bat osatuko zuten jabetza pribatua deuseztatzeko, eta gutun bat ere idatzi zuten, nahiz eta bidali ez. Ideiak Sallyrenak ziren, jakina, baina, laster batean, Clarissa bestea bezain kartsu bilakatu zen: Platon irakurtzen zuen ohean gosaldu aurretik; Morris irakurtzen zuen; Shelley irakurtzen zuen orduero.

      Sallyren indarra, dohainak, nortasuna, txundigarriak ziren. Loreekin egiten zuena, esate baterako. Bourtonen baziren beti loreontzi txiki zut batzuk mahaian. Bada, Sally kanpora joan, malbak, daliak batu —elkarrekin sekula ikusi gabeko lore klase guztiak—, burua moztu, eta urez beteriko ontzi batzuetan ipini zituen igerian. Emaitza zoragarria izan zen, afaltzera sartzean, iluntzean. (Izeko Helenak, nola ez, krudela iritzi zion loreak hala ibiltzeari). Beste behin, belakia ahaztu eta han hasi zen lasterka korridorean zehar. Neskame zahar eta betilun hura, Ellen Atkins, marmarka aritu zen: «Eta jaunetako batek ikusi izan balu, gero?». Sallyk, duda barik, jende guztia asaldatzen zuen. Narrasa zen, zioen aitak.

      Atzera begiratzean, bitxia zera zen, zeinen aratzak, zeinen zintzoak ziren Sallyrenganako sentimendu haiek. Ez ziren gizon batenganako sentitu ohi direnak bezalakoak. Sentimendu guztiz eskuzabala zen, eta, gainera, bazuen ezaugarri berezi bat, nerabezaroa igaro berria duten emakumeen artean baizik agertu ezin daitekeena. Bestea babesteko gogoa ernarazten zion, Clarissari batik bat; nola edo hala biak elkar hartuta zeudela jabetzetik zetorkion desira hura, bizitzak nahitaez bananduko zituela susmatzetik (ezkontzaz zihardutenean, hondamenditzat jotzen zuten beti), eta hortik heldu zitzaion zaldunki jokatu behar hura, bestea babesteko nahikunde hura, berarengan Sallyrengan baino askoz ere handiagoa zena. Izan ere, egun haietan, Sally zeharo txoriburua zen; lelokeriarik handienak egiten zituen, erakuskeria hutsez: bizikletaz ibili terrazako karelean zehar; zigarroak erre. Burubakoa, horixe, burubakoa zen oso. Baina itzela zen haren xarma, Clarissaren ustez bederen, hain itzela ezen oraindik gogoratzen zituen une haiek, etxeko azken solairuko logelan zegoela, zutik eta ur beroaren ontzia eskuetan, ahots gora esaka: «Sally etxepe honetan dago, etxepe honetantxe!».

      Ez, hitz haiek ez zuten jada inolako garrantzirik Clarissarentzat. Ez zuen zirrara zahar haren oihartzuna ere nabaritzen bere barruan. Baina gogoan zeukan, halere, orduko kitzikadurak eragiten zion hozkirria, eta nola orrazten zen estasi antzeko batean (sentipen zahar hura atzera berritu zitzaion orain, ile-orratzak kendu, apain-mahaian laga eta orrazkera txukundu bidenabar), kanpoan beleak gora eta behera zebiltzan bitartean arrats behereko argi arrosakaran, eta nola janzten zen, eta eskaileretan behera joaten, eta nola sentitzen zuen, atondoa gurutzatzean «Orain hil behar banu, unerik zoriontsuena litzateke»[2]. Holakoa baitzen Clarissaren sentimendua, Oteloren sentimendu berbera, eta sinistuta zegoen halaxe sentitzen zuela berak ere, Shakespearek Otelok senti zezala nahi izan zuen bezainbesteko indarraz, eta hura guztia Sally Setonekin afaltzera jaisten ari zelako soineko zuri bat jantzita!

      Sally gaza arrosaz jantzita agertu zen, posible ote zen? Edozelan ere, argiz jantzita zirudien, distiraz beteta, haizeak daraman txoria edo puxika balitz bezala, istant batez sasi batean katigaturik gelditua. Baina bat mainteminduta dagoenean (eta zer zen hura, ba, ez bazen maitemina?) ez dago ezer bitxiagorik nola gainerakoen axolagabetasun erabatekoa. Izeko Helena afaria bukatu bezain laster desagertu zen, aita egunkaria irakurtzeari lotu zitzaion. Baliteke Peter Walsh bertan egotea, eta Cummings andereño zaharra; Joseph Breitkopf han zegoen, ziur, udaro joaten baitzen, agure gizajoa, asteak eta asteak pasatzera, Clarissari alemana irakastearen plantak eginez, nahiz eta, egiatan, pianoa jo eta ahotsik batere gabe Brahms kantatu besterik ez zuen egiten.

      Hura guztia Sallyren atzealdeko antzeztokia baino ez zen. Sally zutik zegoen, beheko suaren ondoan, berbetan, hitz guztiei laztan eitea ematen zien ahots eder harekin, berbetan aitari, zeina, apur bat bere gogoz kontra, liluratua sentitzen zen ordurako (ezin izan zuen inoiz ahaztu behin bere liburuetako bat utzi ziola eta gero blai eginda aurkitu zuela terrazan), eta, halako batean, esan zuen: «Hau lastima etxe barruan egotea!», eta guztiak kanpora irten eta terrazan gora eta behera hasi ziren. Peter Walshek eta Joseph Breitkopfek Wagnerri buruz hizketan jarraitu zuten. Clarissa eta Sally atzeraxeago zihoazen. Orduantxe etorri zen Clarissaren bizitzako unerik miragarriena, harrizko ontzi loredun baten ondotik igarotzean. Sally gelditu egin zen; lore bat hartu; musu eman zion ezpainetan. Mundu osoa azpikoz gora jarri zela iruditu zitzaion. Gainerako guztiak aienatu egin ziren; han zegoen bera, Sallyrekin bakarka. Eta Clarissak irudipena izan zuen opari bat jaso zuela, ondo bilduta, eta zabaldu gabe gordetzeko eskatu ziotela, diamante bat, zer edo zer ezinago baliotsua, ondo bilduta, eta oinez zihoazela (gora eta behera, gora eta behera), oparia ireki zuela, edo barruko distirak bilgarria erre zuela eta errebelazioa agertu zitzaiola, sentimendu erlijiozkoa! Baina une hartantxe Joseph zaharra eta Peter agertu zitzaizkien parean.

      —Izarrei begira? —galdetu zuen Peterrek.

      Gauaren erdian granitozko horma baten kontra aurrez aurre jotzea bezalakoa izan zen. Ezusteko ikaragarria izan zen, oso latza!

      Ez berarengatik. Sally mintzen zutela sentitu zuen soilik, txarto tratatzen zutela; Peterren ezinikusia nabaritu zuen; jelosia; neska bien arteko harremanean muturra sartzeko asmo sendoa; hori guztia ikusi zuen tximista baten argitan paisaia bat nola, eta Sally ikusi zuen (ez zuen inoiz hainbeste miretsi!), bipil, garaitu gabea. Irriz hasi zen. Izarren izenak esateko eskatu zion Joseph zaharrari, seriotasun handiz hartzen baitzuen egiteko hori. Han gelditu zen Sally, erne. Izarren izenei adi.

      —Oi ene! —esan zuen Clarissak bere artean, hasieratik jakin izan balu bezala zerbaitek eten, zerbaitek zapuztu egingo ziola zorion une hura.

      Baina gero, halere, oso handia izango zen Peter Walshekiko zorra. Peterrez oroitzen zen aldiro, edozein konturengatik izan ohi zituzten liskarrak etortzen zitzaizkion gogora, Clarissari asko axola zitzaiolako Peterren oniritzia jasotzea, beharbada. Hitzak zor zizkion: «sentimental», «zibilizatu»; hitz haiekin itzartzen zen egunero-egunero, Peterren zaintzapean balego bezala. Liburu bat, sentimentala; bizitzaren aurreko jokabide bat, sentimentala, baliteke Clarissa bera ere sentimentala izatea iraganaz oroitzeagatik. Zer pentsatuko zuen Peterrek, galdetu zion bere buruari, hona itzultzean?

      Clarissa zahartua zela irudituko zitzaion? Peterrek zahartua zela esango zion edo Clarissak igarriko zion? Egia zen. Gaixotuz geroztik, ia erabat urdindua zitzaion ilea.

      Paparreko orratza mahai gainean uztean, ezusteko uzkurdura bat sentitu zuen, gogoetan ari zen bitartean atzapar izoztu batzuek sastakada bat jo izan baliote bezala. Ez zen oraindik zaharra. Berrogeita hamabi urte bete berriak; ukitu barik zeuzkan oraindik adin hartako hilabete ugari. Ekaina, uztaila, abuztua! Ia osorik guztiak, eta, azken tanta ere bildu nahian bezala, Clarissa (apain-mahaira hurbildu bidenabar) une horren bihotzean murgildu zen, hantxe ainguratu zuen ekain goizeko une hori, gainerako goiz guztiak trinkotzen zituena, aurrean zekuskiela ispilua, apain-mahaia eta flasko guztiak, bere arima osoa puntu bakar batera ekarraraziz, ispiluari begira, gau hartan bertan festa bat emango zuen emakume haren aurpegi leun eta arrosakara zekusala; Clarissa Dallowayren aurpegia; berea.

      Zenbat milioika bider ez ote zuen bere aurpegia ikusi, eta uzkurdura hautemangaitz hura nabaritu beti! Ezpainak estutzen zituen beti, ispiluari begiratzean. Aurpegia zorrozteko. Bera halakoa zen eta: zorrotza, zolia, zehatza. Halakoa zen, bai, hura izateko esfortzuren batek, premiaren batek hartaraturik, bere puska guztiak —Clarissak baizik ez zekien zeinen ezberdinak, zeinen bateraezinak ziren— batu eta munduarentzat ikusgai jartzen zirenean erdigune bat, diamante bat zedarrituz, egongelan eseritako emakume bat zedarrituz, zeina, ezbairik gabe, bilgune, argileku bihurtzen baitzen bizitza ilun batzuentzat, bakartiak aterpetzeko babesleku, agian; gazte askori lagundu zien bidean, eta esker ona erakusten zioten; manera jakin batekoa izaten saiatu zen beti, batere erakutsi gabe inoiz bere beste alderdiak, bere akatsak, jelosiak, banitateak, goganbeharrak, hala nola Lady Brutonek bazkaltzera gonbidatu ez izanak sortzen zion kezka hura; sekulako zatarkeria baitzen inondik ere!, pentsatu zuen (ilea orrazten hasita, azkenean ere). Tira, eta non zegoen ba soinekoa?

      Gau-soinekoak zintzilik zeuden armairuan. Clarissak, eskua oihalen goxoan murgildu, soineko orlegia poliki atera, eta leihoraino eraman zuen. Bazeukan urratu bat. Baten batek gonaren ertza zapaldu zion. Tolesen arteko ehuna emana zegoela nabaritu zuen enbaxadako festan. Soinekoaren berdea, argi artifizialaren azpian, distiratsua zen; orain, ordea, eguzkiaren argitan, kolorea apaltzen zitzaion. Berak konponduko zuen. Neskameek lana nahikoa eta sobra zeukaten bestela ere. Gauean jantziko zuen. Hartuko zituen bere zetak, artaziak eta, zera —nola deitzen zen?—, titarea, noski, eta egongelara jaitsiko zen, zeren, bestalde, idatzi beharra baitzuen, eta dena ondo-edo egon zedin begiratu.

      Zeinen bitxia, pentsatu zuen, eskailera-buruan geldituz eta diamante itxura hura, pertsona bakar hura, osatuz, zeinen bitxia den etxekoandreak duen ahalmena jakiteko beti zelakoa den etxearen bene-benetako egoera, bene-benetako aldartea! Eskailera zulotik soinu apal ugari zetozen gora; zatar bustiaren klaskak; mailuaren dinbi-danbak; kas-kas-kas, ate nagusiak irekitzean egiten duen soinu ezagun hura; ahots bat mandatu bat errepikatzen sotoan; zilarraren tintin-hotsa erretiluan; zilarra, festarako garbitu berria. Den-dena festarako.

      (Eta Lucyk, erretilu bat eskuetan, egongelan sartu, eta tximinia-erlaitzean ipini zituen zekartzan argimutil itzelak, eta zilarrezko kutxatila erdian; beirazko izurdea jiratu zuen, ordulariari begira jartzeko. Gero etorriko ziren; han ibiliko ziren; berak ederto antzeratzen zuen tonu melenga horrekin berba eginez hala jaunek nola andreek. Guztien artean etxekoandrea zen ederrena; zilarraren andrea, arropa zuriarena, portzelanarena, zeren eguzkiak, zilarrak, erroetatik ateratako ateek, Rumpelmayerreko langileek, denek ere bere xedea lortua zuela sentiarazten baitzioten Lucyri, gutun-irekitzekoa marketeriazko mahaian uzten zuen bitartean. Begira! Begira!, esaten zien, ispiluan bere buruari kirika, okindegiko lagun zaharrei, han erdietsi zuen-eta bere lehen lanpostua, Caterhamen. Lucy Lady Angela zen orain, Mary printzesaren zerbitzuan, eta, orduantxe, Dalloway andrea sartu zen gelan).

      —Ene, Lucy —esan zuen Clarissak—, zeinen polita gelditu den zilarra!

      —Eta —erantsi zuen beirazko izurdea jiratuz eta tente jarriz—, zer moduz atzo gaueko antzezlana?

      Oi, bukatu baino lehen atera behar izan zuten!, esan zuen Lucyk, etxean egon behar hamarrak baino lehen! Halandaze, ez zekiten zelan amaitu zen. Zorte txarra, benetan, esan zuen Clarissak (neskameak beranduago itzul zitezkeen, baimena eskatuz gero). Tamala, benetan, erantsi zuen, sofa erdian zegoen kuxin maiztu itxurakoa hartu eta Lucyri besoetan jarriz; eta gero, bultzada txiki bat ematen ziola, oihuka hasi zitzaion:

      —Eraman hemendik! Emaiozu Walker andreari nire partez! Eramaiozu!

      Eta Lucy egongelako atearen ondoan gelditu zen, kuxina besoetan, eta oso herabe, apur bat lotsagorrituz, galdetu zion ea soinekoa josten lagunduko ote zion.

      Baina, erantzun zion Dalloway andreak, bazuen lana nahikoa eta sobra soinekoaz arduratu gabe ere.

      —Eskerrik asko, halere, Lucy, eskerrik asko —esan zion Dalloway andreak, eta eskerrik asko esaten jarraitu zuen (sofan jesartzen zela soinekoa, artaziak eta zetak belaunen gainean), eskerrik asko, jarraitu zuen zerbitzari guztienganako esker onez, bera holakoa izaten laguntzeagatik, berak nahi zuen bezalakoa izaten, atsegina, bihotz-zabala. Zerbitzariek gogoko zuten. Eta soineko honek, non zeukan ba urratua? Eta orain jostorratza, haria zulotik sartu behar. Bere soineko kuttunenetako bat zen hura, Sally Parkerrek egindakoa, josi zituen azkenetako bat, zoritxarrez, zeren Sally erretiratua bizi zen orain, Ealingen, eta inoiz tartetxoren bat baldin badut, pentsatu zuen Clarissak (baina ez zuen tartetxorik edukiko inoiz), bisitan joango natzaio Ealingera. Nortasun handiko emakumea zen Sally, pentsatu zuen Clarissak, egiazko artista bat. Burutazio ezohiko samarrak izaten zituen, bai, baina hark jositako soinekoak ez ziren inoiz xelebreak izan. Hatfielden eramateko modukoak ziren; Buckinghamgo jauregian. Clarissak Hatfielden jantzi zituen; Buckinghamgo jauregian.

      Bakea, lasaitasuna, poza gailendu zitzaizkion bihotzean, orratzak erorkera dotoreko zeta hura samurki batzen zuen bitartean, toles berdeak bata bestearekin elkartuz eta, geldiro-geldiro, gerrialdera josiz. Hala nola batu, irauli eta jausten diren udako egun batean olatuak: batu eta jausi; eta badirudi mundu osoa ari dela esaka: «Hauxe da dena», gero eta indar handiagoz, harik eta iruditu arte hondartzan eguzkitan datzan gorputzeko bihotzaren taupadek ere horixe diotela: hauxe da dena. Ez zaitez engoitik ikara, dio bihotzak. Ez zaitez engoitik ikara, diosku bihotzak bere zamaren ardurak lagatzen dizkion bitartean oinaze guztiengatik batera hasperenka ari den itsaso bati, zeinak berritu, hasi, batu eta jausten uzten baitu dena. Eta gorputzak baino ez du aditzen erlea pasaeran; olatua lehertzean; zaunka ari den zakurra, urruti, zaunka eta zaunka.

      —Jainko maitea! Ate nagusiko txirrina! —garrasi egin zuen Clarissak, jostorratza geldituz. Erne, entzun egin zuen.

      Dalloway andreak ikusiko nau —esan zuen gizon adinduak atondoan—. Bai, ni bai, ikusi egingo nau —esan zuen berriro, Lucy ontasun handiz baztertuz, eta gora abiatu zen arineketan—. Bai, bai, bai —marmarka aritu zen eskaileretan gora—. Ikusi egingo nau. Indian bost urte igaro eta gero, Clarissak ikusi egingo nau.

      —Nor ote... nor ote da? —galdetu zion bere buruari Dalloway andreak (pentsatuz amorragarria zela norbaitek bera gogaitzea goizeko hamaiketan, noiz eta festa bat eman behar zuen egunean) eskaileretan oin-hotsak aditzean. Esku bat entzun zuen atean. Soinekoa gordetzen saiatu zen, birjina batek bere kastitatea nola, bere intimitatea babestu nahian. Jiratu zen letoizko eskulekua. Ireki, atea; sartu egin zen... Segundo batez ezin izan zuen izena gogoratu! Hain gelditu zen-eta harrituta hura ikustean, hain pozik, hain lotsatuta, hain ikaragarri txundituta Peter Walshen goizeko bisitaldi ustekabeko harekin! (Ez zuen haren gutuna irakurri).

      —Zer moduz zaude? —esan zuen Peter Walshek, dar-dar batean; esku biak hartzen zizkiola; esku bietan muin ematen ziola. Zahartu da, pentsatu zuen jesartzean. Ez diot aipatuko, pentsatu zuen, zahartu egin da, bai. Begira ari zait, pentsatu zuen, lotsa nagusitzen zitzaiola, eskuetan muin eman zion arren. Sartu poltsikoan eskua, labana handi bat atera, eta erdizka ireki zuen.

      Betiko berbera, pentsatu zuen Clarissak; betiko begirada bitxia: betiko janzki koadroduna; aztoramen apur bat aurpegian, argalxeagoa, iharragoa, beharbada, baina itxura bikaina du, eta betikoa da.

      —Zeinen zoragarria zu berriro ikustea! —oihu egin zuen Clarissak. Peterrek erabat ireki zuen labana. Bere-berea du hori, pentsatu zuen Clarissak.

      Hirira iritsi berria zen, atzo gauean bertan, esan zuen; landa aldera joan beharko zuen segituan; eta zer berri?, zer moduz guztiak?, Richard?, Elizabeth?

      —Eta zer da hori? —esan zuen soineko orlegia labanaz seinalatuz.

      Oso dotore jantzita dago, pentsatu zuen Clarissak; baina ni maiseatu behar beti.

      Hementxe dago, soinekoa konpontzen; soinekoa konpontzen betiko legez, pentsatu zuen Peterrek; hementxe egon da eserita ni Indian egon naizen denbora osoan; soinekoa konpontzen; denbora-pasa; festaz festa; Komunen Ganberara joan eta etorri, eta gainerako guztia, pentsatu zuen, gero eta suminduago, gero eta aztoratuago, zeren munduan ez baitzegoen ezkontzea baino gauza makurragorik emakumeentzat, pentsatu zuen; eta politika; eta Richard miresgarria bezalako senar kontserbadore bat edukitzea. Bai, halaxe da, halaxe da, pentsatu zuen labana klaska ixten zuela.

      —Richard oso ondo dago. Batzorde batean dago orain —esan zuen Clarissak.

      Eta artaziak ireki, eta galdetu zion ea axola ote zitzaion soinekoarekin egiten ari zena bukatzen bazuen, gauean festa bat zeukatelako.

      —Baina ez zaitut gonbidatuko —esan zion—. Ene Peter maitea!

      Baina zeinen atsegina zen Clarissari «Ene Peter maitea» esaten entzutea. Egia esan, zeinen atsegina zen dena, zilarra, aulkiak; hain zen atsegina dena!

      Eta zergatik ez zuen ba festara gonbidatuko, galdetu zion Peterrek.

      Ez dago inolako dudarik, pentsatu zuen Clarissak, xarmagarria da! Guztiz xarmagarria! Orain gogoratzen naiz noraino izan zen ia ezinezkoa erabakia hartzea. Eta zergatik erabakiko nuen berarekin ez ezkontzea uda zorigaiztoko hartan?, galdetu zion bere buruari.

      —Ezin dut sinistu zu orain agertzea! —oihu egin zuen esku biak soinekora eramanez, bata bestearen gainean—. Oroitzen al zara —galdetu zion— nola astintzen ziren, jo eta jo, Bourtongo pertsianak?

      —Egia da, astindu egiten ziren —esan zuen Peterrek. Eta gogora etorri zitzaion nola gosaldu ohi zuen bakarka, deseroso, Clarissaren aita zela-eta, zeina hilda baitzegoen orain; eta ez zion idatzi ere egin Clarissari. Baina ez zuen sekula adiskide izan Parry zaharra, agure mainati eta belaxka, Clarissaren aita, Justin Parry.

      —Maiz damutu zait zure aitarekin hobeto moldatu ez izana —esan zuen.

      —Ez zituen inoiz gogoko izan nirekin ibil... gure lagunak —esan zuen Clarissak; eta gustura asko egingo zion mihiari hozka Peterri oroitarazteagatik berarekin ezkondu nahi izan zuela.

      Horixe nahi izan nuela, pentsatu zuen Peterrek; bihotza urratu zidan ia, pentsatu zuen; eta bere oinazera bildu zen, zeina terraza batetik begietsitako ilargi baten antzera goratu baitzen, zurbil eta eder hondoratzen ari den egunaren argitan. Ez naiz sekula orduan bezain dohakabea izan, pentsatu zuen. Eta benetan han, terrazan, balego bezala, apur bat hurbildu zitzaion, astiro; eskua aurreratu zuen, Clarissarengana; goratu zuen; erortzen utzi. Hor goian zegoen, bien gainean, ilargia. Irudi zuen Clarissa ere han zegoela, Peterren ondoan terrazan, ilargiaren argitan.

      —Herbertena da orain —esan zuen Clarissak—. Orain ez naiz ia inoiz joaten.

      Orduan, nola gertatu ohi den terraza batean ilargiaren argitan, pertsona bat lotsatzen hasten dela, aspertuta dagoelako jada, eta aldamenekoak, aldiz, isilik segitzen duela, lasai-lasai, ilargiari tristuraz begira, eta lehenak ez duenez berbetan hasteko gogorik, zangoa mugitzen duela, eztarria garbitu, mahai baten hankan dagoen burdinazko bolutari erreparatu, hostoren bat hartu, baina isilik beti, bada, halaxe ari zen orain Peter Walsh. Bai, zeren zer premia zegoen iraganera itzultzeko?, pentsatu zuen. Zergatik gogorarazi behar zion hura berriro? Zergatik sufriarazi behar zion berriro, garai hartan hain modu lazgarrian oinazetu eta gero? Zergatik?

      —Aintzira gogoratzen? —galdetu zion Clarissak, doinu zakar batekin, bihotza estutu, eztarriko giharrak zurrundu eta «aintzira» esatearekin bat ezpainak nahi gabe uzkurtu zizkion emozio baten eraginpean. Zeren, bai, ume bat zen orain, aitaren eta amaren erdian ahateei ogia botatzen ziena, eta, era berean, emakume heldu bat, aita eta amarengana zetorrena, haiek aintziraren ertzean zeudelako, eta han zetorren bera, bere bizitza besoetan zekarrela, gurasoei gerturatu ahala gero eta handiago bihurtzen zena, bizitza erabateko bat, bizitza oso bat bihurtu arte, eta gurasoei erakusten zien esanez: «Hauxe egin dut nire bizitzarekin! Hauxe!». Eta zer egin zuen berak bere bizitzarekin? Zer, benetan? Hantxe eserita zegoela, josten, goiz hartan Peterrekin.

      Clarissak Peter Walshi begiratu zion; eta haren begirada, denbora hura guztia eta emozio hura zeharkatu eta gero, zalantzaz beterik iritsi zitzaion Peterri; malkotan pausatu zitzaion gainean; gero, altxatu eta hegaka aldendu zen, adar bat ukitu eta hegaka aldentzen den txoria balitz bezala. Clarissak, xalo-xalo, malkoak lehortu zituen.

      —Bai —esan zuen Peterrek—. Bai, bai, bai —esan zuen, Clarissak azaleratutako zer hura, gora egin ahala, mingarri bihurtuko balitzaio bezala. Nahikoa! Nahikoa! Garrasi egin nahi izan zuen. Ez zelako zaharra; ez zuen oraindik bizitza agortu; inondik ere ez. Berrogeita hamar urte oraintsu beteak. Esango al diot, pentsatu zuen, ala ez? Gustura hustuko zuen barrena, dena kontatu. Clarissa hotzegia da, ordea, pentsatu zuen; josketa-lanetan, artaziekin; Daisyk baldarra emango luke haren ondoan. Eta porrot egindako gizontzat hartuko ninduke, halakoa bainaiz, pentsatu zuen, haien aburuz; dallowaytarren aburuz. Bai, ez zuen zalantza izpirik ere; bera porrot egindako norbait zen, inguruko guztiarekin alderatuz gero: marketeriazko mahaia, izurdea, argimutilak, aulkietako tapizeria eta koloretako grabatu ingeles zahar eta baliotsuak... bai, porrot egindako norbait! Gorroto dut handinahikeria hau guztia, pentsatu zuen; Richarden kontua zen, ez Clarissarena; nahiz eta egia izan harekin ezkondu zela. (Une hartantxe Lucy sartu zen gelan, zilarra ekartzeko, zilar gehiago; itxura xarmagarria zuen, liraina, dotorea, pentsatu zuen Peterrek neskamea makurtu zenean eskuetan zekarrena uzteko). Eta halaxe izan da denbora osoan!, pentsatu zuen; asterik aste; Clarissaren bizitza; ni, berriz..., pentsatu zuen, eta, bat-batean, iruditu zitzaion bere baitatik denetarik jalgitzen zela: bidaiak; zaldi gaineko itzuliak, borrokak; abenturak; bridge partidak; amodio kontuak; lana; lana; lana! Eta ostera atera zuen bere labana zahar hura, kiderra adarrezkoa zeukana —Clarissak zin egingo luke Peterrek azken hogeita hamar urteetan eraman zuela gainean—, eta indarrez estutu zuen.

      Zeinen ohitura bitxia, pentsatu zuen Clarissak; labana batekin jolasean beti. Eta, bestetik, Peterrek beti sentiarazten zion kaskarin, txoriburu, berbalapiko ergel huts bat zela, lehenago bezala. Neu ere sentiarazten nau hala, pentsatu zuen, eta jostorratza berriro hartuz, dei egin zien —zaindari lotiek babes barik utzitako erregina bat balitz bezala (Peterren bisita zela-eta aztoratu samar zegoen, asaldaturik), edonorentzat eskura eta ikusgai lagatakoa gorape sasitsu baten azpian—, dei egin zien laguntza eske bere gustuko gauzei; senarrari; Elizabethi; bere buruari; labur esanda, Peterrek ia-ia ezagutzen ez zituen gauza haiei guztiei dei egin zien, berarengana etor zitezen etsaia garaitzera.

      —Tira, eta zer egin duzu urte hauetan? —esan zuen. Eta nola aritzen diren, bataila hasi aurretik, zaldiak lurrean putinka; buruak astinduz, saihetsetan ñir-ñir argia; eta lepoa makurtuz; bada, halaxe ari ziren Peter Walsh eta Clarissa, sofa urdinean ondoz ondo jesarrita, bata besteari desafioka. Peterri putinka eta borborka ari zitzaizkion bere indarrak barruan. Denetariko gauzak bildu zituen, hainbat lekutatik hartuak: laudorioak; Oxfordeko ibilbidea; bere ezkonbizitza, zeinari buruz Clarissak ez baitzekien ezer; nola maite izan zuen; eta nola bete egin zituen, oro har, bere eginbeharrak.

      —Milioika gauza! —oihu egin zuen, eta, indar guztiak akuilu zituela, alde batera nahiz bestera oldarka, modu beldurgarri bezain kitzikagarri batean sentiarazten ziotelarik berak jada ezin ikus zezakeen jendearen lepo gainean zihoala, Peterrek eskua eraman zuen bekokira.

      Clarissa tente-tente jesarri zen, arnasari eutsiz.

      —Maiteminduta nago —esan zion, baina ez, ordea, Clarissari, baizik eta ilunpean altxatu eta ukitzerik ez zegoen emakume bati, zeinari belarretan laga behar izan baitzion bere girlanda, ilunpean.

      —Maiteminduta —esan zuen berriro, lehor samar eta Clarissa Dallowayri hizketan oraingoan—. Neska batekin, Indian.

      Peterrek pausatua zuen bere girlanda. Clarissaren esku zegoen orain harekin zer egin.

      —Maiteminduta —esan zuen Clarissak. Bere adinean, gorbatatxo begiztadun horrekin, munstro horren atzaparretan! Lepoa azal huts, eskuak gorri... eta ni baino sei hilabete zaharragoa da, gainera! Bere begiek mezu hura helarazten zioten, baina, halere, zimikoa sentitu zuen bihotzean; maiteminduta dago. Badauka hori, pentsatu zuen; maiteminduta dago.

      Baina egotismo menderakaitzak, erasoan datozen etsaiak oro azpiratzen dituenak, aurrera, aurrera, aurrera dioskun ibai horrek, guretzat agian helmugarik ez dagoela jakin arren aurrera eta aurrera esaten digunak, egotismo menderakaitz horrek kolorez apaindu zizkion masailak; gazteago agerrarazi zuen Clarissa, musugorri; begiak distiraz beteak, han jesarrita zegoela, soinekoa belaunetan, eta zetazko hari orlegiaren ertzean jostorratza zeukala, apur bat dardarka. Maiteminduta zegoen. Ez berarekin. Emakume gazteagoren batekin, jakina.

      —Eta nor dugu hura? —galdegin zion.

      Estatua hura aldaretik jaitsi beharra zeukaten orain, lurreratu, bien artean.

      —Emakume ezkondu bat, zoritxarrez —esan zuen Peterrek—; Indiako armadako komandante baten emaztea.

      Eta, samurtasun ironiko bitxi batekin, irri egin zuen emakume hura hain barregarri uzteagatik Clarissaren aurrean.

      (Edozelan ere, maiteminduta dago, pentsatu zuen Clarissak).

      —Bi ume txiki ditu —jarraitu zuen Peterrek, oso zentzuzko—, mutikoa eta neskatoa; eta nire abokatuak ikustera etorri naiz, dibortzioaz hitz egiteko.

      Hortxe dituzu, pentsatu zuen. Egizu haiekin gura duzuna, Clarissa! Hortxe dituzu. Eta uneka Indiako armadako komandantearen emaztea (bere Daisy) eta umetxo biak gero eta maitagarriago bihurtu zitzaizkion Clarissaren begirada pean; Peterrek erretilu batean bolatxo gris bat ipini eta handik zuhaitz maitagarri bat sortu izan balitz bezala bien arteko intimitatearen, bien arteko intimitate paregabearen aire bizkorgarri eta kresalez betean (zeren, zelanbait, inork ezin baitzuen Peter ulertu, inork ezin baitzuen Peterrekin batera sentitu Clarissak bezain ondo).

      Emakume hark Peter limurtu zuen, engainatu, pentsatu zuen Clarissak, emakume haren, Indiako armadako komandantearen emaztearen, irudia tankeratuz hiru labankadarekin. A zer lastima! A zer erokeria! Peterrek holako engainuak jasan zituen bizitza osoan; lehenik, Oxfordetik kaleratu zutenean; gero, Indiara bidean itsasontzian ezagutu zuen neska harekin ezkontzean; orain, komandante baten emaztea... Eskerrak ez zuen Peterrekin ezkondu nahi izan! Edozelan ere, gizona maiteminduta zegoen; haren adiskide zaharra, Peter maitea, maiteminduta.

      —Eta zer egingo duzu? —galdegin zion. Tira, abokatuak eta prokuradoreak kontu guztiaz arduratuko ziren, Lincoln’s Inneko Hooper eta Grateley jaunak, erantzun zion Peterrek. Eta azazkalak mozten hasi zen labanarekin.

      Jainko maitea, utzi labana behingoz!, garrasi egin zuen Clarissak bere artean amorruari ezin eutsiz; gizarte arauak ez begiratzeko ohitura ergel hura, jaidura hura; besteak zer sentitzen ari ziren ulertzeko ezgaitasun erabateko hura gogaikarria iruditzen zitzaion, gogaikarria izan zitzaion beti; eta orain, bestalde, Peterren adinean, zelako ergelkeria!

      Hori guztia ederto dakit, pentsatu zuen Peterrek; badakit zer etorriko zaidan, pentsatu zuen hatza labanaren ahotik gora eta behera, Clarissa eta Dalloway eta enparauak; baina erakutsiko diot Clarissari... eta, orduan, Peterrek indar menderaezin haien bultzada sumatu zuen zur eta lur, eta nola gelditzen zen oinarririk gabe airean zintzilik, eta negarrez lehertu zen; inolako lotsarik gabe egin zuen negar, sofan jesarrita, malkoak masailetan behera.

      Eta Clarissa aurreraka makurtu zen, Peterren eskua hartu, laguna berarengana ekarri, eta musu eman zion... Clarissak Peterren aurpegia berean nabaritu zuen, bularrean astinka eta baretu ezinik sumatzen zituela oraindik zilarrezko luma dirdaitsu batzuk, panpako belarrak ziruditenak haizete tropikal baten erdian, eta mendebala baretzean Peterren eskua zeukan berean, eta belaunean kolpe txikitxoak ematen zizkion, sentituz, berriro ondo esertzean, ikaragarri gustura eta bihotz-alai zegoela Peterren ondoan, baina ustekabez, klak, burutazio bat etorri zitzaion: berarekin ezkondu izan banintz, alaitasun hau neurea izango zen egun osoan!

      Clarissarentzat bukatua zen dena. Izara ondo tenkatuta zegoen, eta estua zen ohea. Bakarrik igo zen dorrera, behean utzita besteak, eguzkitan, masustak batzen. Itxi zen atea, eta han, kare zartatuaren hautsen eta txori habien zaborren artean, zeinen urrun zirudien ikuskizunak eta zeinen apal eta hotz iristen ziren zaratak (egun bat gogoratu zuen, Leith Hillen), eta Richard, Richard!, egin zuen oihu, lotan dagoen norbait gau erdian itzarri eta eskua ilunpean luzatzen duenean bezala laguntza eske. Lady Brutonekin bazkaltzen, oroitu zen. Utzi egin nau; bakarrik nago, betiko, pentsatu zuen, eskuak belaunaren gainean gurutzatuz.

      Peter Walsh zutitu, leihora hurbildu eta han gelditu zen, leihoa atzean zeukala, musuzapi koloretsu bat batera eta bestera inarrosiz. Jaun eta nagusi ematen zuen, eta ihartua eta nahigabetua, bere sorbalda-hezur meheek jaka apur bat goratzen ziotela; zintz eginez, indarka. Eraman nazazu zurekin, pentsatu zuen Clarissak odolbero, Peter bidaia handi bat hastekotan balego bezala; eta orduan, hurrengo istantean, iruditu zitzaion antzezlan zirraragarri eta hunkigarri bateko bost ekinaldiak amaituak zirela eta berak, tarte horretan, bizitzaldi oso bat bizi izan zuela, ihesi joan eta Peterrekin bizi izan zela, eta orain bukatua zela dena.

      Orain mugitzeko garaia zen, eta Clarissa, bere puskak, longaina, eskularruak, operarako prismatikoak bildu eta antzokitik kalera irteteko zutitzen den emakume bat balitz bezala, sofatik altxatu eta Peterrengana hurbildu zen.

      Eta izugarri bitxia zen, pentsatu zuen Peterrek, Clarissa berarengana txintxinka eta firfiraka zetorrela, zer-nolako ahalmena zeukan oraindik, gela zeharkatzean, berarentzat gorrotagarri zen ilargi hura agerrarazteko Bourtongo terrazan, udako zeruan gora.

      —Esadazu, Clarissa —esan zion sorbaldetatik oratuz—, zoriontsua zara? Richardek...

      Atea ireki zen.

      —Hementxe dago nire Elizabeth —esan zuen Clarissak, hunkiturik, modu histrioniko samar batean, beharbada.

      —Zer moduz? —esan zuen Elizabethek haiengana hurbilduz.

      Big Benen ezkilak erdiak jo zituenean, hainbesteko indarrez entzun zen burrunba hiru haien artean, non irudi baitzuen gizon gazte, sendo, axolagabe, begirune bako bat dinbi-danba zebilela jo goiak eta jo beheak.

      —Kaixo, Elizabeth! —oihu egin zuen Peterrek, eta musuzapia poltsikoan gorde eta lasterka abiatu zen neskarengana, «Agur, Clarissa» esanez Clarissari begiratu gabe, gelatik arin-arin ateraz, eskailerak korrika jaitsiz eta atondoko atea zabalduz.

      —Peter! Peter! —garrasi egin zion Clarissak eskailera-bururaino atzetik segika—. Festa, gaur gaueko festa! Oroitu zaitez! —oihu egin zion, kanpoko zaraten gainetik ahotsa goratuz, baina, zirkulazioaren eta ordua jotzen ari ziren ordulari guztien iskanbilak apalarazirik, ahul, mehe eta oso urrun aditu zen, Peterrek atea ixten zuen bitartean: «Oroitu zaitez nire festaz, gaur gauean!».

 

 

Oroitu zaitez nire festaz, oroitu zaitez nire festaz, errepikatu zuen Peter Walshek kalean behera zihoala bere artean berbetan Big Beni erdiak jotzean zerion soinu zuzen eta irmoaren erritmoan. (Zirkulu berunezkoak airean aienatu ziren). Ene, festa horiek!, pentsatu zuen; Clarissaren festak. Zergatik antolatzen ditu holako festak, pentsatu zuen. Ez zion ezer leporatzen, ez Clarissari ez fraka jantzita eta krabelina botoi-zuloan berarengana zetorren giza irudi horri. Munduan pertsona bat baino ezin zitekeen egon bera zegoen bezala, maiteminduta. Eta han zekusan gizon zoriontsu hura, automobil fabrikatzaile baten saltokiko erakusleihoan islaturik, Victoria Streeten. India osoa hedatzen zitzaion atzean; ordokiak, mendiak; kolera izurriak; zabaleraz Irlanda halako bi zen barruti hura, berak bere kabuz harturiko erabakiak... berak, Peter Walshek; zeina maiteminduta baitzegoen orain, bizitzan aurreneko aldiz, egiazki. Clarissa zaildu egin da, pentsatu zuen, eta pixka bat sentimentala bihurtu da bidenabarrean, susmatu zuen, beribil handiei begira zegoela, ezantza galoiko... zenbat kilometro egin zitzaketen galoiko? Zeren bazuen halako zaletasun bat mekanikarako; golde bat asmatu zuen bere barruti hartan, eskorga batzuk eramanarazi Ingalaterratik, baina cooliek[3] ez zituzten erabiliko, eta Clarissak ez zekien horretaz guztiaz ezertxo ere.

      Zelan esan zuen «Hementxe dago nire Elizabeth!», horrek haserretu zuen Peter. Zergatik ez «Hementxe dago Elizabeth», besterik gabe? Doinua faltsua izan zen. Eta Elizabethi ere ez zitzaion gustatu. (Ahots handi burrunbatsuaren azken dardarek Peter Walshen inguruko airea inarrosten zuten oraindik; eta erdiak; goiz oraindik; hamaika eta erdiak baino ez). Zeren Peterrek gazteak ulertzen zituen; gogoko zituen. Clarissarengan bazen zer edo zer hotza, pentsatu zuen. Betidanik, are txikitan ere, lotsa moduko bat, helduaroan konbentzionalismo bihurtu ohi dena, eta orduan akabo guztia, akabo guztia, pentsatu zuen, beirazko sakonuneetan goibel antzean begira eta bere buruari galdezka ez ote zen Clarissa haserretuko ordu hartan agertu zitzaiolako bisitan; lotsak gaina hartu zion bat-batean, ergel baten gisara portatu zelako; negar eginez; sentibera agertuz; dena kontatu ziolako, ohi bezala, ohi bezala.

      Eguzkia zeharkatzen duen hodei batek nola, hala jausten da isiltasuna Londresen gainera; eta hala jausten gogoaren gainera. Eteten dira ahaleginak. Mastaren goialdean dantzan denbora. Eta han gelditzen gara gu; zutik. Zurrun, ohituraren hezurdurak baizik ez diola giza egiturari eusten. Eta barruan ezer ez, esan zuen Peter Walshek bere artean, barne-husturik sentituz, huts-hutsik. Clarissak arbuiatu ninduen, pentsatu zuen. Han gelditu zen, gogoetan. Clarissak arbuiatu egin ninduen.

      Oi!, esan zuen Saint Margaretek, egongelara ordu-orduan sartu eta gonbidatuak dagoeneko bertan direla ikusten duen anfitrioia balitz bezala. Ez nabil berandu, baina. Ez, hamaika eta erdiak, puntu-puntuan, dio emakumeak. Dena dela, arrazoia daukan arren, ahotsak, anfitrioiaren ahotsa denez, ez du bere nortasuna inposatu nahi. Iraganari lotutako atsekaberen batek galarazten dio, orainari buruzko kezkaren batek. Hamaika eta erdiak dira, dio, eta Saint Margareteko soinua bihotzaren zirrikituetatik lerratzen da eta soinu-zirkulu batean murgiltzen da, eta gero beste batean eta beste batean, zerbait biziduna balitz bezala, bere barrena hustu, hedatu gura duena, atseden hartu gura duena gozamenezko dardara batean, Clarissa bera eskaileretan behera jaisten denean bezala, pentsatu zuen Peter Walshek, erlojuak ordua jotzen duen unean bertan zuriz jantzita. Clarissa bera baita, pentsatu zuen zeharo hunkituta eta hartaz oso modu garbi baina aldi berean nahasgarrian gogoratzen zela, ezkila hura, aspaldi, intimitate handiko uneren batean gelan sartu izan balitzaie bezala eta, batetik bestera ibili ostean, une hartaz beteta irten izan balitz bezala, erleak eztia daraman bezala. Zer gela, ordea? Zer une? Eta zergatik sentitu zen hain ikaragarri zoriontsu erlojuak ordua jo bitartean? Gero, Saint Margareteko hotsa apaltzen ari zen bitartean, Peterrek pentsatu zuen: gaixorik egon da, eta ezkila-hotsari ahuleria eta oinazea igarri zitzaizkion. Bihotza, oroitu zen Peter; eta azken ezkila-hotsaren ezusteko danbatekoak hileta jo zuen bizitzaren erdian, eta han erori zen Clarissa, zegoen toki hartan bertan, bere egongelan. Ez! Ez!, oihu egin zuen Peterrek. Ez dago hilik! Ez naiz zaharra, egin zuen oihu, eta Whitehallen gora abiatu zen, amilka baletorkio bezala, bizi-bizi, azkengabe, bere etorkizuna.

      Ez zen zaharra, ez zurruna, ez iharra, inondik ere. Eta berari buruz —dallowaytarrek, whitbreadtarrek eta gisakoek— esaten zutenaz arduratzeari zegokionez, bost axola zitzaion, bost axola (nahiz eta egia izan Richardengana jo beharko zuela goiz edo berandu, lanen bat lortzen lagun ziezaion). Urrats biziz, erne begira zihoala, Cambridgeko dukearen estatuari so egin zion haserre. Oxfordetik kaleratu zuten, egia. Sozialista izan zen, galtzaile bat neurri batean, egia. Edozelan ere, zibilizazioaren etorkizuna halako gazteen eskuetan zegoen; bera hogeita hamar urte lehenago izan zen mutil hura bezalakoak diren gazteen eskuetan; printzipio abstraktuen alderako grinaz beteta buruak, Londrestik Himalaiako gailurretaraino eramanaraziz liburuak; zientzia irakurri zaleak, filosofia irakurri zaleak. Halako gazteen eskuetan dago etorkizuna, pentsatu zuen.

      Farfar bat etorri zitzaion atzetik, basoko hostoen farfara bezalakoa, eta harekin batera takateko isil eta errepikakor bat, berarengana iristean bere gogoeten gainean durundi egin ziona, ibilera markatu ziona, zorrotz, Whitehallen gora, bere borondateaz bestera. Mutil uniformedun batzuk desfilean zihoazen, armak eskuetan, aurrera begira-begira, besoak luze, eta aurpegietan irakurgai estatuen oinarrietan ipini ohi diren idazkun horietako hitzak, eginkizunaren, esker onaren, leialtasunaren, Ingalaterrari zor zaion maitasunaren gorazarrez.

      Entrenamendu ederra da, pentsatu zuen Peter Walshek gazteen ibilerari eutsiz. Baina ez dute indartsu itxurarik. Mengelak dira gehienak, hamasei urteko mutikoak, bihar, ziur asko, arroz-ontzi eta xaboi pusken artean egongo direnak, salmahai batzuen atzean. Atsegin sentsualez eta eguneroko kezkez erabat gabeturik zeuden orain, buru-belarri murgilduta hilobi hutsera eramateko Finsbury Pavementen hartua zuten lore-koroa horren solemnitatean. Egina zuten beren zina. Ibilgailuek bidea ematen zieten; kamioiak geldiarazten zituzten.

      Ezin diot gazteen abiadurari eutsi, pentsatu zuen Peter Walshek, Whitehallen gora zihoazela, eta hala izan zen, jakina, urrats sendoz aurreratu baitzuten, jende guztia aurreratu zuten, gogo bakar batek erritmo beti berdin batez mugiaraziko balizkie bezala hala besoak nola zangoak; bizitza oroitarriz eta lore-koroaz betetako zoladura baten azpian lurperatu izan balute bezala, bere aldaera eta ausarkeria ororekin batera lurperatu ere, eta diziplinaren diziplinaz erabat sorgortuta balego bezala orain, hilotz zurrun baina halere erne bihurtuta. Batek errespetatu beharra zeukan hori; irri egin zezakeen; baina errespetatu beharra zeukan, halere, pentsatu zuen Peterrek. Hortxe doaz, pentsatu zuen Peter Walshek, espaloi-ertzean geldituz; eta estatua goretsi guztiak, Nelson, Gordon, Havelock, soldadu handien irudi beltz ikusgarri haiek, denak zeuden aitzina begira, eta irudi zuen haiek ere egina zutela sakrifizio berbera (Peter Walshi begitandu zitzaion berak ere egina zuela sakrifizio handia), tentazio berberak oinperatu izan zituztela harik eta marmol harrizko begirada finko hura erdietsi zuten arte. Baina begirada hura ez zuen Peterrek inondik inora berarentzat nahi; besteengan errespetagarria iruditu arren. Errespetagarri iruditzen zitzaion gazteengan. Ez dituzte haragiaren ahuleziak ezagutzen oraindik, pentsatu zuen desfileko mutikoak Strandera bidean galtzen ziren bitartean. Atzean laga dut hura guztia nik, pentsatu zuen kalea zeharkatu bidenabar, Gordonen estatuaren azpian geldirik: Gordon, gaztetan itsuki miretsia; Gordon, zutik, bakarrik, zango bat gora eta besoak gurutzatuta. Gordon koitadua, pentsatu zuen Peterrek.

      Eta hain zuzen ere Clarissak izan ezik inork ez zekielako oraindik bera Londresen zegoela eta lurra, bidaiaren ostean, uharte bat iruditzen zitzaiolako oraindik, harridurak gainezka egin zion Trafalgar Squaren hamaika eta erdietan, zeren bakarrik, bizirik eta guztientzat arrotz ibiltzeak halaxe sentiarazten baitzuen. Zer da hau? Non nago? Eta, azken finean, zergatik egiten du batek egiten duena?, pentsatu zuen Peterrek, dibortzioa txatxukeria hutsa iruditzen zitzaiola. Eta burua zingira bat bezain lau gelditu zitzaion, eta hiru emozio handi gailendu zitzaizkion: ulermena, filantropia itzelezko bat, eta, azkenik, beste biek ekarrita bezala, bozkario atsegingarri, ezin eutsizko bat; bere burmuinaren barruan beste esku batek sokei tiraka kontraleihoak ireki izan balitu bezala, eta bera, horrekin zerikusirik ez izan arren, etorbide amaierarik gabeko batzuen erdian balego bezala, nahi izanez gero haietan barrena joateko gertu. Urteak ziren hain gazte sentitzen ez zela.

      Ihes egin zuen! Librea zen erabat, ohituretatik libratzen garenean bezala, irudi duenean gure gogoak, zaindu gabeko sugar bat bailitzan, makurtu, okertu eta bere euskarritik jauzi egingo duela. Urteak ziren ez nintzela hain gazte sentitzen!, pentsatu zuen Peterrek, ihes eginez (ordubeterako-edo, noski) bere egiazko izaera hartatik, umegorri bat bezala sentituz, zeinak etxetik arineketan irten eta, korrika doala, han ikusten baitu bere umezain zaharra, okerreko leihoari agurka. Izugarri xarmagarria da, pentsatu zuen Peterrek gazte bat hurbildu zitzaionean, Haymarketerantz hartzeko Trafalgar Square gurutzatzen ari zela; bazirudien, pentsatu zuen Peterrek (hain zen-eta hunkibera), emakume gazte hura belo bat bestearen atzetik eranzten ari zela Gordonen estatuaren ondotik igarotzean, harik eta berak betidanik buruan izandako emakume huraxe bihurtu zen arte: gaztea, baina duina; alaia, baina diskretua; beltza, baina xarmaz betea.

      Burua tentetuz eta labana isil-gordeka ferekatuz, segika hasi zitzaion emakume horri, zirrara horri, emakumeak, are bizkarra emanda ere, argi bat jaurtitzen baitzion, biak elkartuz, Peter guztien artetik nabarmenaraziz, ibilgailuen zalaparta norabakoak eskuak bozgorailutarako ipini eta bere izena xuxurlatuko balio bezala, baina ez Peter, ezpada bere barru-barruko izena, bakarrizketetan bere buruari ematen ziona. «Zu», zioen emakume hark, «zu» baino ez zion esaten bere eskularru zuri eta sorbaldekin. Eta halako batean, Cockspur Streeten, Denten saltokiaren paretik igarotzean, haizeak inarrositako longain mehe eta luze hura emakumearen inguruan harrotu zen leunki, samurtasun triste batez, nekaturik datorrena hartzeko zabaltzen diren besoen antzera...

      Ez dago ezkonduta, baina; gaztea da; oso gaztea, pentsatu zuen Peterrek eta, Trafalgar Squaren hurbildu zitzaionean, aldean ikusi zion krabelin gorria Peterren begietan goritu zen ostera, eta gorriz tindatu zituen gaztearen ezpainak. Neska espaloi-ertzean gelditu zen zain. Duintasuna zerion. Ez zen sofistikatua, Clarissa bezala; ezta aberatsa ere, Clarissa bezala. Errespetagarria ote zen?, galdetu zion Peterrek bere buruari, emakumea bideari lotu zitzaionean berriro. Bizkorra, muskerrarena bezalako mihi arin baten jabea, pentsatu zuen (batek asmatu beharra daukalako, jolastu beharra dagoelako apur bat), baina neskaren adimena hotza eta lasaia izango zen; adimen zorrotz bat; zalapartarik gabea.

      Neskak aurrera egin zuen; kalea gurutzatu; Peter atzetik segika. Ez zuen hura kikildu nahiko, ezta hurrik eman ere. Dena dela, neska bat-batean geldituz gero, Peterrek esango lioke «Zatoz nirekin, izozki bat hartuko dugu», bai, horixe esango lioke, eta hark sotil-sotil erantzungo luke: «Ederto».

      Baina jendea bien artean sartu zen kalean, eta Peterrek ezin aurrera egin, eta gaztea bistatik galdu zuen. Peterrek aurrera egin zuen; neska bestelakotua zen. Bazuen kolorea masailetan, iseka begietan; zuhurtziarik gabeko abenturazale bat zen, pentsatu zuen Peterrek, azkarra, ausarta, bai horixe (Indiatik etorri berria baitzen), itsaslapur erromantiko bat, zeinari ez zitzaizkion batere axola erakusleihoetako objektu madarikatu haiek, txabusina horiak, pipak, kanaberak; ezta errespetagarritasuna, gaueko festak eta txalekoen azpian paparreko zuriak zeramatzaten agure apainak ere. Itsaslapur bat zen bera. Neskak aurrera egin zuen, aurrera eta aurrera etengabe, Piccadilly zeharkatu zuen, eta Regent Streeten gora hartu, Peterren aurretik beti, eta haren longaina, eskularruak, sorbaldak nahasiz joan ziren erakusleihoetako lihazki, parpaila eta lumazko lepokoekin, dotorezia eta fintasun giro bat mamituz, saltokietatik lauso irteten zena espaloietara, lanpara bateko argia ilunpeko heskaien gainean dardaratzen den bezala.

      Irribarretsu eta maitagarri, neskak Oxford Street eta Great Portland Street zeharkatu zituen, kantoi batean jiratu, kalexka batean sartu eta orain, eta orain, une handia zetorren, zeren orain ibilera moteldu, poltsa ireki eta Peterren aldera begiratu zuen, ez ordea berari, begiekin agur esanez, egoera laburbilduz eta azkena emanez arranditsu, betiko azkena, eta giltza zuloan sartu zuen, atea ireki eta kito! Clarissaren ahotsa kantari hasi zitzaion belarrietan. «Oroitu zaitez nire festaz, oroitu zaitez nire festaz». Etxe gorri xume bat zen, kanpoaldean gustu eskaseko lore-saski batzuk zintzilik dituzten horietakoa. Akabo dena.

      Ederto, izan dut nire libertimendua; ondo pasatu dut, pentsatu zuen geranio zurbilez beteriko saski kulunkariei begira. Eta libertimendua txiki-txiki egina gelditu zitzaion, bere buruak erdi asmatua zuelako, Peterrek ondotxo zekienez; asmazio hutsa, neska harekin izandako abentura hura; asmatua, norberak bere bizitzako parterik onena asmatzen duen legez, pentsatu zuen, nork bere burua asmatzen duen legez; neska hori asmatu dut, libertimendu zoragarri bat asmatu dut, eta zer edo zer gehiago ere bai. Arraroa zen, halere, eta egia biribila; batek inoiz inorekin partekatu ezin izango zuen hura guztia... txiki-txiki egina zegoen ordurako.

      Jiratu, eta atzera egin zuen kalean gora, jesartzeko tokiren baten bila Lincoln’s Innera joateko ordua iritsi arte, Hooper eta Grateley jaunen bulegora. Nora joan zitekeen? Axolarik ez. Kalean gora, eta Regent’s Parkera gero. Peterren botek «axolarik ez» zioten lurra zapaltzean; goiz zelako, oso goiz oraindik.

      Goiza, bestalde, zoragarria zen. Bihotz perfektu baten taupadak balira bezala, bizitza pilpiraka ari zen kaleetan barrena. Ez zegoen dudarik, zalantzarik ere ez. Beribila, lerraka eta jiratuz zetorrela, atearen aurrean gelditu zen zehatz, garaiz, isilean, ordu-orduan. Neska beribiletik irten zen, zetazko galtzerdiekin, lumaz apaindurik, iheskor, baina ez Peterrentzat bereziki erakargarri (berak gozatua zuen jada bere amodio-kontu harekin). Maiordomo miresgarriak, chow-chow txakur horail ilunak, erronbo formako lauza zuri-beltzak zoruan eta haizeak inarrositako pertsiana zuriak, horixe ikusi zuen Peterrek ate irekian zehar, eta on iritzi zion. Londres, bere gisara, lorpen bikaina baitzen, azken batean; ikuskizun eta festen denboraldia; zibilizazioa. Izan ere, Peterrena familia angloindiar agurgarri bat izanik, gutxienez hiru belaunaldiz kontinente baten aferak kudeatu zituena (bitxia da, pentsatu zuen, zelako zirrara sortzen didan horrek, kontuan hartuta ez zaidala India gustatzen, ez inperioa, ezta armada ere), une jakin batzuetan zibilizazioa, are klase honetakoa ere, bere ondasun pertsonal bat balitz bezain kutuna zitzaion Peterri; une jakin batzuetan harro zegoen Ingalaterraz, maiordomoez, chow-chow txakurrez, aise bizi ziren emakumeez. Barregarri samarra, bai, baina hala da, pentsatu zuen. Eta zeharo miresgarriak iruditu zitzaizkion beren eginbeharretara garaiz, erne, kementsu zihoazen sendagileak eta negozio-gizonak eta emakume ondo trebatuak, jende jatorra. Peterrek bere bizitza ere jarriko luke haien esku, bizitzaren artean lagunkide zituelako, bat estutasunetik ateratzeko prest zeudelako beti. Egia esan, hau eta bestea aintzat hartuta, ikuskizuna oso-oso onargarria zen; itzalean jesarriko zen erretzera.

      Hantxe zegoen Regent’s Park. Bai. Txikitan Regent’s Parken barrena ibilitakoa zen... Bitxia da, pentsatu zuen, zelan tematzen diren txikitako oroitzapenak nire burura itzultzen behin eta berriz, Clarissa ikusi dudalako, beharbada, emakumeak gu baino maizago bizi baitira lehenaldian. Atxikimendu handia diete lekuei; eta aita... emakumea beti dago aitaz harro. Bourton toki polita zen, toki polita oso, baina ez nintzen sekula ondo moldatu agurearekin, pentsatu zuen. Gau batez sesio galanta izan zuten, eztabaida bat, zerbaiten kontura, ezin orain gaiaz oroitu. Politika, ziur asko.

      Bai, gogoan zeukan Regent’s Park; bidexka luze eta zuzen hura, puxikak saltzen zituzten etxola, estatua zentzunbako hura, nonbait idazkun bat zeukana. Jesartzeko toki bila hasi zen. Ez zuen nahi jendeak bera gogaitzea orduaz galdezka (logaletu samartua zegoen eta). Adineko umezain ile-urdin bat, ninia haur-kotxean lo... Bai, horixe zuen hoberena, hantxe jesartzea, umezaina zegoen banku hartako beste muturrean.

      Neska bitxia dirudi, pentsatu zuen, Elizabethez gogoratuz bat-batean, eta nola sartu zen gelan, nola gelditu zen amaren ondoan. Koskortuta zegoen; oso koskortuta, ez zen polita preseski; erakargarria, hobeto esanda; eta ez zituen hemezortzi urte baino gehiago izango. Ziur asko ez da ondo moldatuko Clarissarekin. «Hementxe dago nire Elizabeth»... holako kontuak, zergatik ez esan besterik gabe «Hementxe dago Elizabeth»? Itxurakeriatan, ama gehienen antzera, gauzak ez diren bezalakoak agerrarazi nahian. Oso seguru dago bere xarmaz... seguruegi, pentsatu zuen. Ez dauka neurririk.

      Zigarroaren ke oparo eta mesedegarria hotz barneratu zen Peterren eztarrian behera; gero, kanpora atera zuen, eraztunak osatuz, zeinak istant batez urdin, biribil, desafioka aritu zitzaizkion haizeari —gauean Elizabethekin bakarka hitz egiten saiatuko naiz—, gero dardarka hasi ziren, harea-erlojuen tankera hartuz, eta aienatu egin ziren; zelako forma xelebreak osatzen dituzten, pentsatu zuen. Halako batean begiak itxi, eskua goratu, kostata, eta urrutira bota zuen zigarro mutur astuna. Eskuila handi batek gogoa garbitu zion samur-samur, erratzaz garbitu zizkion adar karraskariak, umeen ahotsak, oin-hotsen marmarra, pasieran zetorren jendea eta zirkulazio burrunbatsua, gora eta behera zihoan zirkulazioa. Loaren luma eta hegatsetan murgildu zen, gero eta hondorago murgildu, eta isiltasunaren magalera amildu zen erabat.

 

 

Umezain ile-urdina puntua egiten hasi zen berriro, Peter Walsh, ondoan eserita, eguteran, zurrungaka hasten zen bitartean. Jantzi grisa soinean, eskuak nekagaitz baina patxadaz higitzen zituela, lotien eskubideen arartekoa zirudien, basoetan ilunabar-argitan agertzen diren mamu itxurako irudi horietako bat balitz bezala, zeruz eta adarrez egindakoa. Bidaiari bakartiak, bidexketan ibili zale, garoen aztoratzaile eta astaperrexil landare handien suntsitzaile izan ohi denak, begiak bat-batean goratu eta han, bidearen bukaeran, ikusten du irudi erraldoia.

      Beharbada, ateo porrokatua izanagatik ere, ezohiko gorespen uneak ere etortzen zaizkio ustekabez. Ez dago ezer gugandik kanpo, ez bada gogo aldarte bat, pentsatzen du; kontsolamendua, lasaibidea aurkitzeko desira, ipotx triste, ahul eta itsusi hutsak diren gizon-emakume doilor hauekin zerikusirik izango ez duen zerbait. Baina berak halako eme bat irudika badezake, pentsatzen du, seinale, zelanbait, izan badela halakorik, eta bidean behera doala, begiak zeruan eta adarretan tinko, emetasunez janzten ditu besanga haiek: harrimenez jabetzen da zeinen serio bihurtzen diren; zeinen handientsu dabiltzan, haize leunaren eraginez hostoak dardara ilun baten mende dauzkatela, karitatea, ulermena, absoluzioa banatzen, eta, nola altxatzen diren bat-batean gero, eta antzaldatzen duten beren tankera errukitsua txiribuelta zoro batekin.

      Fruituz gainezkako oparotasun-adarrek gisa horretako irudipenak eskaintzen dizkiote bidaiari bakartiari, edo belarrira xuxurlatzen dizkiote, itsasoko olatu berdeetan kulunkan ihesi doazen itsaslaminak legez, edo aurpegian jo eta lehertzen zaizkio, arrosa sortak balira bezala, edo ur azaleraino goratzen dira, arrantzaleek, itsasgoran eta kostata, besarkatu gura izaten dituzten aurpegi zurbil haiek legez.

      Holakoak dira aldiro azaleratzen diren irudipenak; egiazko gauzen alboan doazenak, errealitatearen parez pare paratzen direnak; bidaiari bakartia txunditzen dute maiz, eta lurraren sena, itzultzeko gogoa kentzen diote, erabateko bakea eskaintzen diotelako ordainetan, bizitzeko sukar hura guztia (hala bururatzen zaio basoko bidean barrena doala) xalotasuna bera balitz bezala; eta ezin konta ahala gauza elkartu eta bat bihurtzen dira; eta irudi hura, zeruz eta adarrez egindakoa, itsaso zakarretik jalgia da (gizona adinekoa da, berrogeita hamar urtetik gorakoa), nola sortu ahal den olatuen barrutik forma bat bere esku eme bikainekin errukia, ulermena, absoluzioa isurtzeko. Beraz, pentsatzen du bidaiariak, ez nuke nahi inoiz lanpararen argira itzuli; ezta egongelara ere; ez nuke nahi inoiz nire liburua bukatu, ez berriro txirrinik jo Turner andreari deitzeko, mahaia jaso dezan; nahiago nuke bidean aurrera segitu, emakume irudi handi harengana zuzen-zuzen, zeinak, burua doi astinduz, bere banderatxoetara igoko bainau, eta ezerezera hegaldatzen lagunduko gainerakoekin batera.

      Holakoak baitira irudipenak. Bidaiari bakartia basotik irtengo da laster; eta han, begiak ñarroturik atera iristean, hantxe dago, bidaiaria noiz itzuliko zain ziur asko, eskuak gora eta mantal zuria haizeak harrotuta, emakume adineko bat (hain da gaitz hura bortitza), basamortuan dabilena, antza seme galdu baten bila; zaldun suntsitu baten bila; munduko batailetan hildako semeen ama dirudiena. Halandaze, bidaiari bakartia herriko kalean gora abiatzen denean, emakumeak puntua egiten ari diren bitartean, eta gizonak baratzean lanean, ilunabarrak parte gaiztokoa ematen du; irudiak geldi daude; badirudi beldur barik daudela zain, ondo ezagutzen duten zorigaitz ikaragarrizko batek astindu eta erabat suntsituko dituelakoan laster.

      Etxe barruan, ohiko gauzen artean —arasa, mahaia, leiho-hegi geranioduna—, etxekoandrearen itzala, zamaua jasotzeko makurtzen dela, argiz samurturik ageri da ustekabean, ikur maitagarria bihurturik, eta giza harreman hotzen oroitzapenak soilik galaraziko digu hura besarkatzea. Hartu du marmelada; arasan gorde.

      —Besterik behar al duzu, jauna?

      Nori erantzuten dio, baina, bidaiari bakartiak?

 

 

Umezain zaharra, bada, puntua egiten ari zen txikitxo lokartuaren ondoan, Regent’s Parken. Eta Peter Walsh, bada, zurrungaka ari zen. Tupustean itzarri zen bere buruari esanez: «Arimaren heriotza».

      —Jaungoikoa, Jaungoikoa! —esan zuen bere artean ozen, nagiak atera eta begiak ireki bidenabar—. Arimaren heriotza.

      Hitz haiek ametsetan agertutako jazoera jakin batekin lotuta zeuden, gela jakin batekin, iragan jakin batekin. Argitu ziren; ametsetan agertutako jazoera, gela, iragana.

      Bourtonen izan zen, uda hartan, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Clarissarekin hain kartsuki maiteminduta ibili zenean. Jende talde handia elkartu zen, eta han zeuden irriz eta berbetan, mahaiaren inguruan, tea hartu ostean, argi hori batek blaitzen zuela zigarreta-kez beteriko gela. Neskamearekin ezkondua zen gizon bat zuten hizpide, inguruko lur-jabeetako bat, Peterri ahaztua zitzaion izena. Neskamearekin ezkondu zen, eta Bourtonera ekarri zuen, bisitan... eta negargarria izan omen zen bisitaldi hura. Emakumea larregi apainduta agertu ei zen, itxurabako, «Kakatua bat bezala» esan zuen Clarissak haren hista eginez, eta hizketan aritu ei zen etengabe. Hitz eta pitz, hitz eta pitz. Clarissak haren hista egiten zuen. Orduan, baten batek esan zuen —Sally Seton izan zen— ea gure sentimenduetan eraginik zuen jakiteak emakume hark ume bat eduki zuela ezkondu aurretik. (Denbora hartan, gizon eta emakumez osaturiko lagunarte batean, galdera ausarta zen hura). Peterrek Clarissa goitik behera gorritzen ikusi uste izan zuen berriro, eta aurpegia uzkurtzen, esanez: «Ene, ezin izango dut harekin berbarik egin berriro!». Eta tearen mahaiaren inguruan bildutakoen aztoramena nabaritu zen orduan. Oso deserosoa izan zen.

      Peterrek ez zion kargu hartzen kontu harekin asaldatzeagatik, garai haietan Clarissa bezala hezitako neskek ez baitzekiten tutik ere; Clarissaren aire hark amorrarazi zuen; aire herabe, gogor, burgoi, azaluts hark. «Arimaren heriotza». Peterri senez atera zitzaion, eta une horri izen bat eman zion, ohi zuen legez: Clarissaren arimaren heriotza.

      Jende guztia aztoratu zen; Clarissak hitz haiek esaten zituen bitartean, bazirudien guztiak aurreraka makurtzen zirela eta bestelakoturik tentetzen gero. Peterrek Sally Seton ikusi uste izan zuen berriro orain, bihurrikeriatan ibilitako neskato baten gisara, aurreraka makurtuta, apur bat lotsagorrituta, hitz egiteko gogoz baina beldurrez, Clarissak jendea beldurtzen zuen eta. (Sally Clarissaren adiskiderik minena zen, etxean egoten zen beti, xarmagarria, ederra, beltzarana, famatua bere orduko ausardia handi harengatik, eta Peterrek zigarroak ematen zizkion, neskak bere gelan erre ohi zituenak, eta norbaitekin ezkontzekotan egon omen zen, edo familiarekin liskartuta, nonbait, eta Parry zaharrak neurri berean begitan hartuta zeuzkan hala Peter nola Sally, eta horrek estu lotu zituen biak). Orduan, Clarissa, itxuraz guztiekin minduta oraindik, zutitu, aitzakiaren bat murmurikatu, eta kanpora joan zen, bakarrik. Atea ireki zuenean, ardien atzetik ibili ohi zen txakur iletsu handia sartu zen, eta Clarissa gainera joan zitzaion, ero baten moduan besarka. Peterri esango balio bezala —espantu haiek berarentzat baitziren, Peterrek bazekien—: «Badakit zentzunbakoa iruditu zaizula emakume horri buruz esan berri dudana; baina ikusi zeinen maitetsua naizen; ikusi zenbat maite dudan nire Rob!».

      Beti izan zuten hitzik gabe elkar ulertzeko ahalmen bitxi hura. Clarissak berehala jakiten zuen Peterrek noiz gaitzesten zuen. Orduan, nabarmenkeriaren bat egiten zuen bere burua babesteko, txakurrarekin egindako espantu haiek, adibidez, baina ez zuen Peter inoiz engainatu, hark garbi igartzen ziolako beti zertan ari zen. Eta kontua ez zen zerbait esaten zuela, jakina; Peter isilik gelditzen zen, aurpegia goibel. Hala hasten ziren maiz bien arteko liskarrak.

      Clarissak atea itxi bezain laster, Peter lur jota gelditu zen. Horrek guztiak alferrekoa zirudien... maiteminduta segitzea; mokoka segitzea; adiskidetzen segitzea, eta bakarrik lekutu zen, kanpoko eraikin eta zalditegietarantz, zaldiak ikustera. (Tokia xume samarra zen; parrytarrak ez ziren sekula oso aberatsak izan, baina beti izan zituzten korta-mutilak eta ukuiluzainak —Clarissak izugarri maite zuen zaldiz ibiltzea—, eta gurdizain zahar bat —nola zuen izena?—, baita umezain adineko bat ere, Moody xaharra, Goody xaharra, hola-edo esaten zioten; bisitan joaten zitzaizkion, argazki asko, txori kaiola asko zeuden gelaxka batera).

      Arratsalde beltza izan zen hura! Peter gero eta goibelago zegoen, ez gertatutakoarengatik soilik; guztiagatik. Eta ezin zuen Clarissa ikusi, ezin zion azaldu, ezin zion bere barrena hustu. Bazen beti jendea inguruan, eta Clarissak ezer jazo izan ez balitz bezala jokatzen zuen. Hori zen Clarissaren alderdirik gaiztoena, hoztasun hura, irmotasun hura, haren barru-barrukoa zen zera hura, Peterrek goizean berriro sumatu zuena harekin berbetan ari zenean; barrenkoitasun halako bat. Eta, dena dela, egia biribila zen Peterrek maite zuela. Clarissak ahalmen bitxiren bat zuen jendearen nerbioak airean jartzeko, jendearen nerbioekin jolasteko, biolin sokak balira bezala, bai horixe.

      Peter berandu samar agertu zen afaltzera, bere burua nabarmenarazteko asmo txatxuarekin, eta Parry andereño zaharraren ondoan jesarri zen, izeko Helenaren ondoan, Parry jaunaren arreba bera. Izeko Helena, mahaiburu jartzen zena, eserita zegoen, kaxmirrezko xal zurian bilduta, burua leihoaren kontra; adineko dama handi benetako bat zen, Peterrekin adeitsua izan ohi zena, halako lore bakan bat aurkitu ziolako, andrea botanika zale sutsua izaki; ibilaldi luzeak egiten zituen bota lodiak jantzita, poto beltz bat bizkarrean hartuta aleak biltzeko. Peter haren ondoan jesarri zen, eta ezin izan zuen berbarik egin. Iruditu zitzaion dena azkarregi gertatzen ari zela bere begien aurrean; jesarrita egon zen, besterik gabe, jaten. Eta, afariaren erdialdean, Clarissari aurrenekoz begiratzera behartu zuen bere burua. Eskuinean zeukan gizonarekin ari zen hizketan. Ustekabeko errebelazio bat izan zuen. «Gizon horrekin ezkonduko da», esan zuen bere artean. Ez zekien nola zuen izena ere.

      Zeren, jakina, arratsalde hura, arratsalde huraxe izan zen, Dalloway agertu zenekoa; eta Clarissak «Wickham» deitu zion; hala hasi zen kontu guztia. Baten batek ekarri zuen Bourtonera, eta Clarissak txarto ulertu zuen haren izena. Wickham izenarekin aurkeztu zien guztiei. Azkenean, gizonak esan zuen: «Dalloway dut izena!»; hura izan zen Peterrek Richard ikusi zuen lehen aldia: gizon gazte bat, ile-horia eta baldar samarra, etzaulki batean jesarrita eta «Dalloway dut izena!» garrasika. Sallyri barregarria iruditu zitzaion; harrezkero, beti deitzen zion «Dalloway dut izena!».

      Garai hartan Peterrek errebelazioak izan ohi zituen. Orduko hura —Clarissa Dallowayrekin ezkonduko zela— itsugarria izan zen, abailduta utzi zuen une hartan. Clarissak Richard tratatzeko maneran bazen zer edo zer... nola esan?, aisetasun bat, amaren zer bat, samurtasun moduko bat. Politikaz ziharduten. Peterrek afari osoa eman zuen zer zioten entzun nahian.

      Gogoan zeukan gero egongelan gelditu zela, Parry andereño zaharraren besaulkiaren ondoan. Clarissa hurbildu zitzaion, bere manera bikain haiekin, egiazko anfitrioi bati dagokion bezala, eta norbait aurkeztu nahi izan zion... eta inoiz elkar ikusi izan ez balute bezala hitz egiten zion, eta horrek sutan jarri zuen Peter. Dena dela, are orduan ere, Clarissa miretsi egin zuen horregatik. Haren adorea miretsi zuen; haren gizarte sena; gauzak burutzeko zeukan gaitasuna miretsi zuen. «Anfitrioi perfektua», esan zion, eta Clarissaren aurpegian min-keinu bat agertu zen. Peterrek, baina, nahita egin zion min. Edozer egingo zuen hura nahigabetzeko, Dallowayrekin ikusi ondoren. Hortaz, Clarissa berarengandik aldendu zen. Eta Peterrek, orduan, irudipena izan zuen denak azpijokoan ari zirela —irriz eta berbetan— beraren isilean. Han gelditu zen Parry andereñoaren besaulkiaren ondoan, zurezko estatua bat balitz bezala, basaloreei buruz solasean. Sekula-sekula ez zuen hain modu ikaragarrian sufritu. Entzuten ari zelako plantak egiteaz ere ahaztuko zen, ziur asko; azkenean, esnatu egin zen; Parry andereñoak apur bat aztoratua ematen zuen, haserre antzean, bere begi irtenekin Peterri begira-begira. Garrasi egitekotan egon zen ezin ziola kasurik egin infernuan zegoelako! Jendea gelatik irteten hasi zen. Berokien bila joan beharko zutela entzun zien; aintziran hotz egingo zuela eta gainerakoa. Txalupan ibiltzera zihoazen, aintzirara, ilargiaren argitan, Sallyren ideia txoro haietako bat. Ilargia deskribatzen aditu zion. Eta denak joan ziren. Bakar-bakarrik utzi zuten.

      —Ez al duzu haiekin joan nahi? —galdetu zuen izeko Helenak; andre zahar koitadua! Igarri egin zion. Eta Peter jiratu, eta han ikusi zuen Clarissa berriro. Bila etorria zitzaion. Txundituta gelditu zen Clarissaren eskuzabaltasuna, ontasuna ikusita.

      —Etor zaitez —esan zion—. Gure zain daude.

      Ez zen inoiz bere bizitza osoan orduan bezain zoriontsu sentitu! Ezer esan barik adiskidetu ziren. Bidean behera joan ziren, aintzirara. Zorion beteko hogei minutu izan zituen. Clarissaren ahotsa, irria, soinekoa (higikorra, zuria, gorrimina), aldartea, joera abenturazalea; txalupatik jaitsarazi zituen guztiak, uhartea esploratzeko; oilo bat ikaratu zuen; barrez ibili zen; kantari. Eta Peterrek garbi jakin zuen une oro, Dalloway harekin ari zela maitemintzen; baina horrek ez zuen axola, antza. Ezerk ez zuen axola. Lurrean jesarri eta berbetan aritu ziren... Peter eta Clarissa. Bata bestearen gogoan sartu eta atera ibili ziren inolako ahaleginik gabe. Eta gero, istant batean, dena amaitu zen. Txalupara atzera sartzean bere kolkorako esan zuen: «Gizon horrekin ezkonduko da», geldiro esan zuen, erresuminik gabe; begien bistakoa baitzen. Dalloway Clarissarekin ezkonduko zen.

      Dallowayk arraunean eraman zituen. Isilik beti. Baina, zelanbait, Dallowayri begira egon ziren bitartean, ikusiz nola prestatu zen abiatzeko, nola igo zen bizikletara basoan barrena hogei milia egiteko, nola joan zen bidexkan behera balantzaka, eskua astinduz desagertu arte, agerikoa izan zen Dalloway hura guztia sentitzen ari zela: gaua, maitasuna, Clarissa; senez, modu ikaragarrizko eta bortitz batean sentitu ere. Dallowayk Clarissa merezi zuen.

      Peter, ostera, zentzunbakoa izan zen. Clarissari egiten zizkion eskakizunak (orain ohartzen zen) zentzunbakoak ziren. Gauza ezinezkoak eskatzen zizkion. Sekulako iskanbilak sortzen zituen. Clarissak, dena dela, onartu egingo zuen, beharbada, hain zentzunbako izan ez balitz. Sallyk hala uste zuen. Uda osoan zehar, gutun luzeak bidali zizkion; zer esaten zuten berari buruz, zenbat goraipatzen zuen Clarissak, zelan lehertu zen negarrez! Uda zoragarria izan zen —gutunak, espantuak, telegramak aldiro—, goizean goizik Bourtonera iritsi, denbora-pasan ibili zerbitzariak itzarri arte; gosalorduko tête-à-tête ikaragarri haiek Parry zaharrarekin; izeko Helena, beldurgarria baina adeitsua; Sally, berarengana etorri eta baratzera eramaten zuena hizketan aritzeko; Clarissa ohean, buruko minez.

      Azken iskanbila, iskanbila izugarri hura, Peterren aburuz bere bizitza osoko gertakizunik garrantzitsuena izan zena (baliteke gehiegikeria izatea, baina, tira, hala iruditzen zitzaion orain), arratsaldeko hiruretan gertatu zen, bero handiko egun batean. Huskeria batek eragin zuen: Sallyk bazkalorduan zer edo zer esan zuen Dallowayri buruz, eta «Dalloway dut izena» deitu zion; Clarissa bat-batean zurrundu zen, gorritu, berak ohi zuen modu hartan, eta lehor, zakar, esan zuen: «Nahikoa izan dugu txantxa ergel horrekin». Hori besterik ez zen izan. Baina Peterren belarrietara honela iritsi zen: «Zurekin denbora-pasan baino ez nabil; Richard Dallowayrekin serioagoa da kontua». Hala hartu zuen. Gau asko zeramatzan lo egin barik. «Goiz edo berandu bukatzekoa zen» esan zion bere buruari. Ohar bat bidali zion Sallyren bitartez, berarekin elkartzeko eskatuz, iturriaren ondoan hiruretan. «Garrantzi handiko zerbait gertatu da» zirriborratu zuen oharraren bukaeran.

      Iturria baso txiki baten erdian zegoen, etxetik urrun, sasi eta zuhaitz artean. Eta hara iritsi zen Clarissa, ordua baino lehentxeago iritsi ere, eta han gelditu ziren biak, iturria erdian zeukatela, kanilatik (hautsita zegoen) ura tantaka etengabe. Nola geratzen zaizkigun irudiak betiko gogoan! Goroldioaren orlegi mina, esaterako.

      Clarissa ez zen mugitzen. «Esan egia, esan egia», eskatu zion Peterrek behin eta berriz. Bekokia lehertuko zitzaiola uste zuen. Clarissak uzkurtuta zirudien, harri bihurtua zela.

      Ez zen mugitzen. «Esan egia», errepikatu zuen Peterrek, eta, halako batean, aitona hura agertu zen, Breitkopf, The Times eskuetan zekarrela; begira-begira gelditu zitzaien, aho zabalik; eta alde egin zuen. Biek ala biek geldirik segitu zuten. «Esan egia», Peterrek berriro. Begitandu zitzaion objektu gogor bat ehotzen saiatzen ari zela; Clarissak ez zuen amore ematen. Burdinazkoa zirudien, silexezkoa, guztiz eta erabat zurruna. Eta Clarissak esan zuenean «Alferrik da. Alferrik. Amaitu da...», bera orduak eta orduak hizketan aritu ondoren, berari oso luze iruditu zitzaion behintzat, malkoak masailetan behera... zaplastako bat jo izan balio bezala izan zen hura. Clarissak buelta erdia eman zuen, han utzi zuen Peter, joan egin zen.

      —Clarissa! —egin zion oihu—. Clarissa! —Baina ez zen sekula itzuli. Amaitua zen. Peterrek gau hartan bertan egin zuen alde. Ez zuen geroztik Clarissa berriro ikusi.

      —Izugarria izan zen —garrasi egin zuen Peterrek—, izugarria!

      Halere, eguzkiak berotu egiten zuen. Halere, batek eutsi egiten zion. Halere, bizitzak bata bestearen ondotik ekartzen zituen egunak. Halere, pentsatu zuen Peterrek, aharrausika eta bere onera pixkanaka etorrita —Regent’s Park oso gutxi aldatua zen umea zenetik, katagorriak izan ezik—, ziur asko, bazeuden, dena dela, bestelako ordainak eta, une hartantxe, Elise Mitchell txikiak, hartxintxarrak batzen aritua baitzen anaia eta biak jolas-gelako tximinia-erlaitzaren gainean osatzen ari ziren bildumari eransteko, hartxintxar eskukada bat laga zuen umezainaren belaunetan, korrika hasi berriro eta, lasterka bizian zihoala, muturrez jo zuen emakume baten zangoen kontra. Peter Walshek barre egin zuen.

      Lucrezia Warren Smithek, ordea, ez da bidezkoa, esaten zuen bere artean, zergatik sufritu behar dut nik?, galdetzen zion bere buruari bide zabalean behera zetorrela. Ez, ezin dut gehiago jasan, esaten ari zen Lucrezia, Septimus, jada Septimus ez zen hura, bankuan jesarrita utzirik hitz garratz, krudel eta gaiztoak esaten, bere buruarekin hizketan, hildako bati hizketan; eta une hartan neskatoak Lucreziaren zangoen kontra muturrez jo, erori, eta negar batean hasi zen.

      Kontsolagarri samarra suertatu zitzaion. Haurtxoa altxatu zuen, soinekoari hautsa kendu eta musu eman zion.

      Berak ez zuen-eta ezer txarrik egin; Septimus maitatu zuen; zoriontsua izan zen, etxe polit bat izan zuen, ahizpak bertan bizi ziren oraindik, kapelak egiten. Zergatik sufritu behar zuen berak?

      Neskatoa umezainarengana itzuli zen korrika, eta Reziak ikusi zuen nola egiten zion errieta, nola lasaitzen zuen, nola hartu zuen besoetan puntu-lanak albo batean lagata, nola eman zion ordularia itxura atsegineko gizonak, neskatoa tapa malgukiduna zabalduz lasaitu zedin; baina zergatik nozitu behar zuen berak hori dena? Zergatik ez zen Milanen gelditu? Zergatik oinaze hau? Zergatik?

      Bide zabala, umezaina, grisez jantzitako gizonak, haur-kotxea, gora eta behera zekuskien, uhinak osatuz malkoen artetik. Borrero zital horren astinduak pairatzea zen haren patua. Zergatik, baina? Hosto mehe batean aterpea hartzen duen txori bat bezalakoa zen bera, eguzkiaren argitara kliskaka hasten dena hostoa mugitzean; adar lehor baten karraskagatik izutzen dena. Babesik gabe zegoen; mundu axolagabe bateko zuhaitz itzelen eta hodei zabalen erdian, babesik gabe, oinazetua; eta zergatik sufritu behar zuen? Zergatik?

      Betondoa ilundu zuen; lurrari ostikoa jo. Septimusengana itzuli beharra zeukan, Sir William Bradshawrenera joateko ordua zelako ia. Septimusengana itzuli eta ordua zutela esan behar zion, aulki berde hartan jarraitzen zuen-eta, zuhaitzaren azpian, bere buruarekin hizketan edo hildako gizon harekin, Evansekin. Reziak behin baino ez zuen ikusi, lipar batez, dendan, eta gizon atsegin eta lasaia iruditu zitzaion; Septimusen lagun handia, Gerran hil zutena. Holako gauzak, baina, guztioi gertatzen zaizkigu. Denok dauzkagu gerran hildako lagunak. Denok uzten dugu zerbait bazterrean ezkontzean. Reziak bere etxea utzi zuen. Hiri itsusi honetara etorri zen bizitzera. Septimusek, ordea, pentsamendu beldurgarrien mende jartzen zuen bere burua, eta Reziak ere berdin egin zezakeen, horretan saiatuz gero. Senarra gero eta arrotzago bihurtzen ari zen, gero eta arrotzago. Esaten zuen jendea logelako hormaren atzealdean berbetan ari zela. Filmer andreak arraro irizten zion horri. Bestetik ere, gauzak ikusten zituen, atso baten burua ikusi zuen garo baten erdian. Halere, Septimus zoriontsua izan zitekeen, berak hala nahi izanez gero. Hampton Courtera joan ziren autobusaren goialdean, eta guztiz zoriontsuak izan ziren. Loretxo gorriz eta horiz beterik zeuden belardiak, ur gaineko argiak ziruditen, esan zuen Septimusek, eta hitz eta pitz aritu ziren, eta irriz, istorioak asmatzen. Halako batean, ibaiaren ondoan zeudela, Septimusek esan zuen «Eta orain, geure buruaz beste egingo dugu», eta ibaiari begira gelditu zen, Lucreziak jada, tren edo omnibus bat igarotzean, ikusia zion begikera harekin, zerbaitek liluraturik baleuka bezala; eta nabaritu zuen senarrak ihes egiten ziola, eta besotik oratu zion. Baina etxera bidean lasai-lasai egon zen, zentzuduna erabat. Biek beren buruaz beste egiteko aukeraz eztabaidatu zuen Lucreziarekin; azaldu zion zeinen gaiztoa zen jendea; nola bazekien jendeak gezurrak asmatzen zituela haiek kaletik igarotzean. Jendearen pentsamendu guztiak ezagutzen zituen, esan zion; dena zekien. Munduaren esanahia ezagutzen zuen, esan zion emazteari.

      Gero, etxera iristean, Septimusek lanak izan zituen ibiltzeko. Sofan etzan, eta Reziari eskutik heltzeko eskatu zion, behera, behera eroriko zen bestela, sugarretara! Garrasi egin zion emazteari, eta irriz ari zitzaizkion aurpegiak ikusi zituen, irain izugarriak eta nazkagarriak esaten zizkiotenak, hormetatik, eta bera atzamarraz seinalatzen zuten eskuak ikusi zituen, bionboaren atzetik. Bakar-bakarrik zeuden arren. Septimus, ordea, hizketan hasi zen ozen, jende hari erantzunez, eztabaidaka, irriz, garrasika, eta ikaragarri asaldatu zen eta esaten zituen hitzak idatzarazi zizkion Lucreziari. Txorakeria hutsak; heriotzaz; Isabel Pole andereñoaz. Reziak ezin zuen gehiago jasan. Itzuli egingo zen.

      Orain senarraren ondoan zegoen eta zeruari begira ari zela ikusten zuen, marmarka beti, eskuak estutuz. Holmes doktoreak ezer ez zuela esaten zuen arren. Eta, hortaz, zein zen kontua? Zergatik ikaratu zen, emaztea aldamenean jesarri zitzaionean? Zergatik begiratu zion betondoa ilunduta, eta zergatik aldendu, eskua seinalatu, eskua hartu eta begi izuti haiekin begiratu?

      Ezkontza-eraztuna erantzia zuelako izango zen?

      —Asko argaldu zait eskua —esan zion Reziak—. Poltsan daramat.

      Eskua askatu zion. Amaitua zen bien arteko ezkonbizitza, pentsatu zuen Septimusek, larriturik, arindurik. Hautsia zen soka; gora zihoan; aske zen, dekretu bidez erabakia zelako ezen Septimusek, gizonen jauna bera, aske izan beharra zeukala; bakarrik zegoen (emazteak ezkontza-eraztuna erantzia zuenez; bertan behera laga zuenez), bera, Septimus, bakarrik zegoen, jende saldoen aitzindari izateko deitua zuten-eta, egia entzuteko, esanahia ezagutzeko, zeren zibilizazioaren neke guztien ostean —grekoak, erromatarrak, Shakespeare, Darwin eta berau, azkenik—, esanahi osoa argitzekoa baitzen orain... «Nori?», galdetu zuen ahots gora. «Lehen ministroari», erantzun zioten xuxurlaka bere buru gaineko ahotsek. Sekretu gorena jakinarazi behar zitzaion Ministroen Kontseiluari; lehenik, zuhaitzak bizirik daudela; bigarrenik, ez dagoela bidegabekeriarik; hurrena, maitasuna, maitasun unibertsala, murmurikatu zuen, arnasestuka, dardara batean, egia sakon haiek neke handiz azaleratzen zituen bitartean, hain zirelako sakonak, ezen itzelezko ahalegina behar baitzen egiok ozen esateko, baina osorik eta betiko aldatzen zuten mundua, halere.

      Bidegabekeriarik ez; maitasuna; errepikatu zuen Septimusek, bere txarteletako bat eta lapitza bilatu bidenabar, eta orduantxe skye terrier bat galtzetan usnaka hasi zitzaion, eta Septimus ikara batean jarri zen beldurraren beldurrez. Txakurra gizon bihurtzen ari zen! Ezin zuen ikuskizun hura jasan! Izugarria, beldurgarria zen txakur bat gizon bihurtzen ikustea! Txakurrak trostan alde egin zuen istantean.

      Jainkoaren errukiaz beteak daude zeru goienak, ezinago onberak dira. Absoluzioa eman zioten, ahulezia barkatu. Zein zen, baina, azalpen zientifikoa (zientifikoak izan beharra daukagu, zientifikoak ororen gainetik)? Zergatik zeukan ahalmen hura gorputzetan barrena ikusteko, etorkizunean txakurrak gizon bihurtuko zirela asmatzeko? Ziur asko beroaldiaren ondorioz izango zen, ezin konta ahala milurtekotan eboluzioak sentibera bilakatu duen burmuin batean eragiten zuelako. Hizkera zientifikoan esateko, haragia mundutik askatua zen, urtua. Gihar nerbioso hutsetan gelditzeraino beratua zitzaion gorputza. Gorputza hedatua zitzaion, estalki bat arroka baten gainean bezala.

      Septimus aulkiaren bizkarraldean bermatu zen, leher eginda, baina eutsiz, ordea. Atseden hartzeko etzan zen, zain, gizadiarentzat berriro interprete lanak egin aurretik, nekez, larriduraz. Oso goian zegoen etzanda, munduaren bizkarraren gainean. Lurra pilpiraka ari zitzaion azpian. Lili gorri batzuk loratu zitzaizkion gorputzean; hosto zurrunak farfaraka ari zitzaizkion buruaren inguruan. Musikaren zarata aditzen zen han goian, arroken kontra. Beribil baten klaxona da, esan zuen Septimusek marmarka, han behean, kalean, baina, arrokaz arroka dabilen kanoikada bat bezala durundatu zuen, zatitu zen; eztandak elkarren kontra joz batu ziren gero, eta hotsa gora joan zen zutabe goxotan (musika ikusgarria zela aurkikuntza handia zen), ereserki bihurtu zen, eta berehala elkartu zitzaion artzain gazte baten xaramela (agure bat zen, txirula jotzen diru eske, ostatu baten ondoan), eta hots hura, mutikoa geldirik zegoelarik, borborka goratzen zen xaramelatik, eta orduan, gora egitean, arrangura dotorea bihurtzen zen ibilgailuak azpitik igarotzen ziren bitartean. Mutikoa zirkulazioaren erdian jotzen ari da bere elegia, pentsatu zuen Septimusek. Eta orain elurtegietara doa, arrosak soinean dingilizka, nire logelako horman hazten diren arrosa gorri mardulak, oroitarazi zion Septimusek bere buruari. Musika isildu zen. Zaharrak bere sosa eskuratu du, ondorioztatu zuen, eta badoa hurrengo ostatura.

      Baina bera arrokaren gainean zegoen beti, itotako marinela arroka baten gainean bezala. Txalupa-ertzetik burua atera eta erori egin nintzen, pentsatu zuen Septimusek. Itsas hondora joan nintzen. Hilik egon naiz; orain, ordea, bizirik nago, utz nazazue bakean, gero!, erregutu zuen (bere burutik ari zen berriro... izugarria zen, izugarria!); eta nola gertatu ohi den itzarri aurretik, txorien bozak eta gurpilen hotsak dilin-dalan eta txor-txor hasten direla harmonia bitxian, lotan dagoenari sentiaraziz bizitzaren bazterretara daramatela herrestan, bada halaxe iruditu zitzaion Septimusi, bizitzarantz zeramatela herrestan, gero eta beroago eguzkia, gero eta ozenagoak garrasiak, eta zer edo zer beldurgarria gertatzear zegoela.

      Aski zuen begiak irekitzearekin; baina ezin, bazeukan gainean zama astun bat, beldur bat. Ahalegindu zen; borrokatu; begiratu; Regent’s Park ikusi zuen parez pare. Eguzki izpi luzeak zituen oinetan jolasean. Zuhaitzak kulunkan, beren burua astinduz. Ongi etorri, esaten bide zuen munduak; onartzen dugu; sinisten dugu. Sortzen dugu. Edertasuna, esaten bide zuen munduak. Eta hala zela frogatzeko-edo (modu zientifikoan), Septimusek nora begiratu —etxeetara, burdin sareetara, beren lepoak oholesien gainetik goratzen zituzten antilopeetara—, han agertzen zen berehala edertasuna. Gozamen paregabea zen haize zirrinta batek dardararazten zuen hostoari begiratzea. Zeruan goian, enarak gainbehera ziren amiltzen, brastakoan biraka, batera eta bestera hegan, jirabiraka, abilezia zoragarri batekin, hari malgu batzuek eutsiko baliete bezala; eta euliak, gora eta behera, eta eguzkia, hosto bat orbanduz orain, beste bat gero, isekari, urre samurrez liluratzen zituela, bere aldarte onberaren erakusgarri; eta lantzean behin, ezkila-hotsen bat edo beste aditzen zen (beribil baten klaxona ere izan zitekeen) dinbili-danbala loriatsuki belar izpietan... Hura guztia, lasaia eta zentzuduna izanagatik ere, gauza arruntez osatua egonagatik ere, huraxe zen orain egia; edertasuna, huraxe egia orain. Edertasuna zegoen toki guztietan.

      —Ordua dugu —esan zion Reziak.

      Eta «ordua» hitzak bere oskola kraskatu zuen; hitzak Septimusen gainera isuri zituen bere ondasun guztiak; eta maskorrak bailiran, zurginaren arrabotatik ateratako txirbilak bailiran, berak sortzen ez zituen hitzak irten ziren Septimusen ezpainetatik, gogorrak, zuriak, hilezkorrak, eta hegan joan ziren, zein bere tokian kokatzera Denborari buruzko oda batean; Denborari buruzko oda betiereko batean. Septimusek abestu egin zuen. Evansek zuhaitz baten atzetik erantzun zion. Hildakoak Thessalian zeuden, Evans kantari ari zen, orkideen artean. Han gelditu ziren zain gerra bukatu arte, eta orain hildakoak, orain Evans bera...

      —Jainkoarren, ez etorri! —garrasi egin zuen Septimusek. Ezin zielako hildakoei begiratu.

      Baina adarrak bereizi egin ziren. Grisez jantzitako gizon bat haiengana zetorren benetan. Evans zen! Gorputzean lohirik ez, ordea; zauririk ez; berdin-berdin zegoen. Mundu guztiari esan behar diot, hasi zen Septimus oihuka eskua goratuz (grisez jantzitako gizon hila hurbiltzen zitzaion bitartean), eskua goratuz irudi erraldoi bat balitz bezala, zeinak mendeak eman baititu basamortuan, gizakiaren patua deitoratzen, bakarrik, bekokia eskuekin estutuz, etsipenaren zimurrak masailetan, eta orain basamortuaren ertzean argia ikusten baitu, zabaldu eta burdina bezain beltza den irudia jotzen duen argia (eta Septimus aulkian agondu zen), eta orduan erraldoi atsekabetuak, hildako-saldo handiak atzean dituela, bere aurpegian jasotzen du istant batez eta bete-betean...

      —Ez dakizu zeinen dohakabea naizen, Septimus —esan zuen Reziak, senarra eserarazten saiatuz.

      Milioika ziren arranguraka; mendeak zeramatzaten negarretan. Jiratuko zen, eta, segituan, segitu-segituan hitz egingo zien, lasaibide honetaz, poz honetaz, errebelazio txundigarri honetaz...

      —Ordua, Septimus —esan zion Reziak berriro—. Zer ordu da?

      Senarra berbetan ari zen, asaldatuta, hango gizon hura konturatu egingo zen. Begira ari zitzaien.

      —Ordua esango dizut —esan zuen Septimusek, astiro-astiro, logaletuta erabat, irribarre misteriotsua aurpegian. Septimus hola zegoela, janzki grisa zeraman gizon hari irriz, ordulariak laurden gutxi jo zuen, hamabiak laurden gutxi.

      Eta horixe da gaztea izatea, pentsatu zuen Peter Walshek haien paretik igarotzean. Sekulako sesioa edukitzea —neska gajoak etsiak hartuta ematen du— goiz betean. Baina zein izango zen kontua?, galdetu zion bere buruari; zer esango ote zion berokia jantzitako gizonak neskak halako itxura izateko?; zelako kinka larrian egongo ote ziren horiek biak hain etsita emateko udako goiz eder hartan? Horixe zen dibertigarria Ingalaterrara itzultzean, bost urtez kanpoan egon eta gero, gauza guztiak zirela, hasiera batean bederen, deigarriak, batek sekula ikusi izan ez balitu bezala; maiteminduak liskarrean zuhaitz baten azpian; hemengo familien bizimodua parkeetan. Londres ez zitzaion inoiz hain xarmagarria iruditu: distantzien leuntasuna; aberastasuna; berdetasuna; zibilizazioa, Indian egon ondotik, pentsatu zuen belardian barrena zihoala.

      Hunkitzeko sentiberatasun horrek galbidea ekarri zion, duda barik. Bere adinean ere, oraindik gordetzen zituen, mutiko baten edo are neska baten aldarte gorabehera horiek; egun onak, egun txarrak, arrazoirik bat ere gabe, poza, aurpegi polit batek eragina, tristura garratza, emakume narras bat ikusita. Indiakoaz geroztik, jakina, topo egiten zuen emakume ororekin maitemintzen zen bat. Mardultasun moduko bat zeukaten guztiek; txiroenak ere orain bost urte baino hobeto janzten ziren ziur asko; eta, Peterren ustez, modek inoiz ez zuten emakumea hainbeste edertu; longain beltz luzeak, lerdentasuna, dotorezia, eta aurpegia margotzeko ohitura eder hura, erabat hedaturik zegoena, antza. Emakume guztiei, are errespetagarrienei, arrosa ondo zainduak loratzen zitzaizkien aurpegian, labanaz zizelkatuak ziruditen ezpainak, Txinako tintaz margoturiko kizkurrak; bazegoen diseinua, artea, edonon; aldaketa bat gertatua zen inondik ere. Zer zerabilten gazteek gogoan?, galdetu zion Peter Walshek bere buruari.

      Bost urte haiek —1918tik 1923ra artekoak—, zelanbait, garrantzi handikoak izan zirela susmatzen zuen. Jendeak bestelako itxura zeukan. Egunkariek ere ezberdinak ziruditen. Orain, esate baterako, bazegoen gizon bat zabal-zabal idazten zuena, astekari errespetagarrienetako batean, komunei buruz. Hamar urte lehenago ezinezkoa izango zen norbaitek komunei buruz zabal-zabal idaztea astekari errespetagarri batean. Eta, bestetik, ohitura hura, ezpainetako gorria edo hautsen kutxatila atera eta jendaurrean makillatzea. Etxera ekarri zuen itsasontzian, mutil eta neska gazte asko ibili ziren —Betty eta Bertie zeuzkan bereziki gogoan— jendaurrean maite jolasetan; ama zaharra inguruan jesarrita egoten zen, haiei begira noizbehinka, puntua egiten, zirkinik egin barik. Neskak noiznahi hautseztatzen zuen sudurra denen aurrean. Eta ez ziren senar-emaztegaiak; jolasean ziharduten, besterik gabe; inolako erresuminik gabe gero. Harria bezain gogorra, halakoa zen neska —Betty Auskalozer—, baina on hutsa. Emazte bikaina izango zen hogeita hamar urtetan, komeni zitzaionean ezkonduko zen; gizon aberats batekin eta etxe handi batean biziko zen Manchester ondoan.

      Eta nor zen, hain zuzen, hala egin zuena?, galdetu zion Peter Walshek bere buruari Broad Walk etorbidea hartuta, nor ezkondu zen aberats batekin?, nor bizi zen Manchester ondoko etxe handi batean? Berriki samar, gutun luze eta bero bat idatzi zion batek, hortentsia urdinez berbetan. Hortentsia urdin batzuk ikustean gogoratu omen zen Peterrez eta garai zaharrez... Sally Seton, jakina! Sally Seton zen gizon aberats batekin ezkondu eta Manchester ondoko etxe handi batean bizi zena, hala egingo zuela espero zitekeen munduko azken pertsona, gure Sally menderakaitz, ausart eta erromantikoa!

      Baina aspaldiko talde hartatik, Clarissaren lagunartetik —whitbreadtarrak, kindersleytarrak, cunninghamtarrak— Sally zen, ziur asko, hoberena. Azken batean, gauzak behar bezala ulertzen saiatzen zen beti. Bikain ulertu zuen Hugh Whitbread —Hugh miresgarria—, Clarissa eta enparauak haren aurrean umiltzen ziren bitartean.

      «Whitbreadtarrak?» entzun uste zion oraindik Sallyri. «Nor dira ba whitbreadtarrak? Ikatz tratulariak, salerosle agurgarriak».

      Sallyk, arrazoiren bat tarteko, ezin zuen Hugh ikusi. Bere itxuraz baino ez zen arduratzen, esan ohi zuen. Dukea izan beharko zuen. Erregeren etxeko printzesaren batekin ezkonduko zen, inondik ere. Eta, jakina, Peterrek inoiz ezagututako jende guztiaren artean, Hugh zen aristokrazia britainiarrari begirunerik behinena, naturalena, erabatekoena zion gizakia. Clarissak berak aitortu behar izan zuen hala zela. Ene! Hain zen, ordea, maitagarria, hain eskuzabala, ehizara joan gabe gelditzea ama zaharrari atsegin ematearren... izeko guztien urtebetetze egunez oroitzen zen, eta abar.

      Sallyk, bidezkoa da aitortzea, ez zituen zera haiek sinisten. Igande goiz batean Bourtonen egondako eztabaida bat zen Peterrek garbien gogoratzen zuen kontuetako bat, emakumeen eskubideei buruzkoa (Moisesen denborako mintzagaia); Sally, bat-batean, bere senetik atera, lehertu, eta Hughi esan zion erdi mailako gizarte britainiarraren ezaugarri higuingarrienen erakusgarria zela. Esan zion «Piccadillyko neska gajoen» egoeraren erruduntzat zeukala... Hugh, jaun ingeles peto-petoa bera, Hugh koitadua! Ez da hura bezalako gizon izularriturik ikusi inoiz! Sallyk nahita bota zion hura guztia, Peterri gero aitortu zionez (baratzean elkartzeko ohitura baitzuten, iritzi trukean jarduteko). «Ez du ezer irakurri, ezer pentsatu, ezer sentitu», Peterrek oraindik entzun uste zion Sallyri hitz haiek esaten, ingurukoen belarrietara neskak uste baino askoz irmoago iristen zen ahots hanpatu harekin. Korta-mutilak Hugh baino biziago zeuden barrutik, esan zion. Ikastetxe pribatuetako emaitza garbi-garbia zen Hugh. Ingalaterra zen gisa hartako morroiak ekoitz zitzakeen herrialde bakarra. Zerbaitengatik-edo, sekulako herra igartzen zitzaion Sallyri; bazeukan zer edo zer Hughen aurka. Zerbait gertatu zen —ahaztua zuen zer—, erretzeko gelan. Hughek iraindu egin zuen, antza... edo musua eman, agian? Ezin sinistuzkoa! Inork ez zuen Hughen kontrako hitz erdirik ere sinistu, jakina. Nork sinistuko zuen? Zer eta Sallyri musu ematea erretzeko gelan! Edith Ohoretsua edo Lady Violet izan balira, agian; baina ez bere izenean sosik batere ez zeukan Sally trauskil hura, Montecarlon jokoan zebilen aita edo ama bat ei zuena. Zeren Peterrek ezaguturiko esnobik handiena baitzen Hugh —losintxariena—, baina ezin preseski esan besteen aurrean makurtzen zenik. Hantusteegia zen horretarako. Lehen mailako gelazain bat, horixe etortzen zitzaizun burura: maletak eramanez atzetik joan ohi den gizon klasea, telegramak bidaltzeko ardura emateko bezain fidagarria... Damentzako ezinbesteko gizona. Eta zegokion lana aurkitu zuen: Evelyn Ohoretsuarekin ezkondu zen; lanpostutxo bat lortu zuen Gortean, Erregeren upeltegiak zaintzen zituen, errege-zapaten belarriak garbitzen, galtza motzetan eta paparreko parpailekin ibiltzen zen hara eta hona. Zeinen gupidagabea den bizitza! Lanpostutxo bat Gortean!

      Lady harekin ezkondu zen, Evelyn Ohoretsuarekin, eta inguruotan bizi omen ziren, pentsatu zuen Peterrek (parkearen ondoko etxe arranditsuei begira), zeren behin Hughen etxean egon zen bazkaltzen eta han ere, Hughen ondasun guztietan bezala, bazegoen zerbait beste inongo etxetan inolaz ere egongo ez zena... arropa zuriz beteriko arasak edo. Eta haiek ikustera joan beharra zegoen, eta dena delako hura ederresten luzaroan egon: arropa zurirako arasak, burko-azalak, haritzezko altzari zaharrak, koadroak, Hughek bi sosetan eskuratuak. Hughen andreak, ordea, emankizuna hondatzen zuen batzuetan. Gizon handiak miresten dituen sagu eiteko emakume ilun horietako bat zen. Hutsala ia. Baina halako batean erabat ustekabeko zer edo zer esango zuen, zer edo zer garratza. Baliteke antzinako manera handien zantzuak gordetzea. Lurrun galdaretarako ikatza gehiegitxo zen Evelynentzat, airea trinkotzen zuen. Eta halaxe bizi ziren, arropa zurirako arasekin eta maisu zaharren margolanekin eta ertzetan egiazko parpailaz ederturiko burko-azalekin, urtean bost edo hamar mila gastatuz ziur asko, eta Peter, ostera, Hugh baino bi urte zaharragoa izanik, lan eske.

      Berrogeita hamahiru urte eta haiengana jo beharra zeukan, ministerioren bateko bulegoren batean sar zezaten, lanpostu ziztrinen bat lor ziezaioten, gaztetxoen latin irakasle izateko, bulego kaskar batean aritzeko nagusi baten aginduetara, urtean bostehun emango zion edozer eskuratzeko; zeren, Daisyrekin ezkonduz gero, are Peterren pentsioarekin ere, ezin izango baitziren gutxiagorekin moldatu. Whitbreadek zerbait lortuko zion, ziurrenik; edo Dallowayk. On hutsa zen; apur bat motela; apur bat burugogorra, bai, baina on hutsa. Hau egin edo hura egin, burutsu eta zuhur jokatzen zuen beti; irudimen pizarrik gabe, distira izpirik gabe, baina molde horretako jendearen adeitasun ulergaitz harekin. Herri bateko lur-jabe bat izan beharko zuen, alferrik ari zen politikan. Aire zabalean egoten zen ondoen, zaldiekin eta txakurrekin; zeinen ondo aritu zen, esate baterako, Clarissaren txakur handi iletsu hura zepo batean harrapaturik gelditu zen aldi hartan: hanka galdu zuen ia, eta Clarissa ondoezik jarri zen, eta Dalloway arduratu zen guztiaz, hanka lotzeaz, hura oholez finkatzeaz; txotxolo baten moduan ez portatzeko esan zion Clarissari. Beharbada, horrexegatik gustatzen zitzaion, horixe behar zuen Clarissak. «Tira, laztana, ez zaitez txotxoloa izan. Hartzazu hau, ekarri hura», txakurrari berbetan denbora osoan, pertsona bat balitz bezala.

      Baina, zelan irents zitzakeen Clarissak poesiari buruzko zozokeria haiek guztiak? Zelan utzi zion Shakespeareri buruz irakasle plantetan jarduten? Serio eta arrandiaz, Richard Dalloway atzeko hanken gainean zutitu zen, eta esan zuen inongo gizon prestuk ez lituzkeela Shakespeareren sonetoak irakurri beharko, ateen atzetik entzutea bezala zelako hori (eta, gainera, ez zuen harreman mota hura onesten). Inongo gizon prestuk ez lioke emazteari utzi beharko aurreneko emazte hilaren ahizparengana bisitan joaten. Ezin sinistuzkoa! Almendra garrapiñatuak jaurtiz hari eraso egitea, ez zegoen beste aukerarik: afarian izan zen. Clarissak, ordea, dena onetsi zion; Richarden zintzotasunaren adierazgarriak iruditu zitzaizkion, haren independentziaren seinale; batek daki ez ote zuen pentsatu Richard zela inoiz ezaguturiko adimenik originalena!

      Hori izan zen Sallyren eta bien arteko loturetako bat. Bazegoen baratze bat, eta han ibili ohi ziren elkarrekin pasieran; bazeukan horma bat inguruan, eta arrosondoak eta azalore erraldoiak... Oroitzen zen Sallyk arrosa bat indarrez hartu zuela, azaloreak ilargiaren argitan zein ederrak ziren gorestera gelditu (harrigarria zen zeinen garbi etorri zitzaion guztia gogora, urtetan burura inoiz heldu gabeko gauzak izanagatik ere), eta arrenka eskatu ziola, erdi txantxetan noski, Clarissa handik eramateko, Hugh eta Dalloway eta gainerako «jaun ingeles perfektu» guztiengandik gordetzeko, arima itzaliko ziotelako bestela (Sallyk olerkiak pilaka idazten zituen denbora hartan), dama handi soil bat bilakaraziko, eta Clarissaren munduzalekeria indartuko. Baina Clarissari zor zaiona aitortu behar. Azken finean, ez zen Hughekin ezkonduko. Ederto zekien zer gura zuen. Haren emozioak azalkeria hutsa ziren. Funtsean, oso buruargia zen, Sally baino askoz hobea zen jendearen nortasuna epaitzen, esate baterako, eta, bestalde, emakume peto-petoa zen; bazeukan dohain txundigarri hori, emakumezkoen dohain hori, edonon zegoela ere bere mundua sortzeko gaitasuna. Gela batean sartuko zen, zutik geldituko zen, Peterrek hainbeste bider ikusi zuen legez, ate ondoan, jende mordoz inguraturik. Baina bat Clarissaz baizik ez zen oroituko gero. Eta ez zen deigarria, ezta ederra inondik ere. Ez zegoen ezer bitxirik haren baitan; ez zuen sekula ezer bereziki adimentsurik esaten; eta han zegoen, halere; hantxe.

      Ez, ez, ez! Bera ez zegoen Clarissarekin maiteminduta jada. Bakarra, goizean han ikusi, artazi eta zeta artean, festarako prestatzen, eta orain ezin zuela burutik kendu; etengabe etortzen zitzaion gogora, trenaren triki-trakak bidaiari lokartua aldiro inarrosten duen bezala; eta hori ez zen maiteminduta egotea, ez horixe. Hori Clarissaz pentsatzea baino ez zen, kritikatzea, hura berriro ulertzen saiatzea, hogeita hamar urte igaro eta gero. Esan zitekeen munduzalekeria zela Clarissaren ezaugarririk agerikoena, larregi arduratzen zela mailaz eta goi gizarteaz eta munduan gora egiteaz: eta hori guztia egia zen, hein batean; Clarissak berak aitortu zion behin. (Bat saiatuz gero, beti lortuko zuen Clarissak bere akatsak aitortzea; zintzoa zen eta). Emakume trauskilak gorroto zituela esango zuen Clarissak, eta zahar okituak, porrot egindakoak, Peter bezalakoak, ziur asko; haren ustez, inork ez zeukan eskubiderik munduan barrena konkorturik eta eskuak poltsikoan ibiltzeko; zer edo zer egin beharra zegoen, norbait izan beharra zegoen, eta batek Clarissaren egongelan topatzen zituen handi-mandi haiek, dukesa haiek, kondesa zahar ile-urdin haiek, Peterren iritziz garrantzitsua zen orotatik ezinago urrun zeudenak, egiazko zerbait irudikatzen zuten Clarissarentzat. Lady Bexboroughek bazekien tente egoten, esan zuen behin (eta hala egoten zen Clarissa bera ere, ez zen inoiz bertan goxo egongo, ez zentzu batean ez bestean; zutoin bat bezain tente ibiltzen zen beti, zurrun samar, egia esan). Clarissak esan ohi zuen jende hark bazeukala kemen mota bat gero eta errespetagarriagoa iruditzen zitzaiona adinean gora joan ahala. Horren guztiaren parte zabal bat Dallowayri zor zion, jakina; aberriaren aldeko kemen horren, Britainiar Inperioaren, zerga erreformaren, agintarien espiritu horren parte zabal bat, Clarissaren baitan handituz joan zena, gertatu ohi den legez. Adimenez senarra halako bi izanda, Richarden begien bitartez ikusi beharra zeukan guztia: ezkonbizitzaren zorigaitzetako bat. Buruargia izan arren, Richarden hitzak aipatu behar izaten zituen beti, goizeko Morning Post irakurriz gero Richardek hitzez hitz zer zeritzon jakiterik ez balego bezala! Festa haiek, esate baterako, Richardentzat ziren denak, edo Clarissak senarrari buruz egina zuen irudi horrentzat (Richardekin zintzo izate aldera, aitortu beharra zegoen zoriontsuagoa izango zela nekazaritza lanetan Norfolken). Clarissak biltoki gisako bat bihurtu zuen bere egongela; talentu handia zeukan horretarako. Peterrek hamaika bider ikusi zuen Clarissa gazte landugabe bat hartzen, bihurritzen, iraultzen, bizkortzen; bizitzan barrena bideratzen. Ezin konta ahala jende aspergarri biltzen zitzaion inguruan, jakina. Baina, ustekabean, izaki xelebreak ere azaltzen ziren han; artistaren bat, inoiz; idazleren bat, inoiz; jende bitxia giro hartan; eta horren guztiaren atzetik, bisitaldien kalejira hura zegoen, elkarri txartelak ematea, jendearekin adeitsu agertzea; batera eta bestera korrika ibiltzea lore-sortekin, opari txikiekin; honelako edo halako Frantziara joatekoa zela: kuxin puzgarri bat beharko zuen; Clarissaren kemenaren benetako agorbidea zen hura guztia; bera bezalako emakumeen joan-etorri etengabeko haiek; baina zintzo ziharduen horretan, senak hartaratuta.

      Bitxia bada ere, Peterrek ezagututako pertsonarik eszeptikoena zen Clarissa, eta ziur asko (Peterrek hura ulertu ahal izateko zerabilen teoria bat zen, Clarissa garden-gardena zelako kontu batzuetan, baina ezin ulertuzkoa besteetan), ziur asko, Clarissak bere artean esango zuen: arraza madarikatu batekoak garenez gero, hondoratzen ari den itsasontzi bati lotuak goazenak (neskato zela, Huxley eta Tyndall izan zituen irakurgai kutunenak, metafora nautikoen zaleak biak), txantxa gaizto bat baino ez denez kontu guztia, egin dezagun gure puska; eztitu ditzagun gure espetxekideen sufrimenduak (Huxley berriro); apain dezagun gure ziega loreekin eta kuxinekin; izan gaitezen ahal bezain prestuak. Doilor horiek, Jainkoek, ez dute lortuko nahi duten guzti-guztia. Zeren Clarissak uste baitzuen Jainkoek ez zutela aukerarik galtzen gizakion mundualdia mindu, zapuztu eta hondatzeko, baina, hala eta guztiz ere, bat dama baten gisara portatzen bazen, muzindu egiten zirela. Aro hura Sylvia hil eta berehala etorri zen... gertakari ikaragarri haren ondotik. Ikustea nola erortzen den zuhaitz bat eta nola hiltzen duen zure ahizpa (Justin Parryren erruz, haren ardurabakokeriagatik) zure begien aurrean, bizitzen hastear zegoen neska bat izaki gainera, ahizpetan dohainik handienak zeuzkana, Clarissak esan ohi zuenez beti, hura nahikoa zen edonor mikazteko. Geroago, Clarissa ez zen, beharbada, hain ziur agertuko; uste zuen Jainkorik bat ere ez zegoela; ezin zitzaiola inori errua egotzi; eta, halandaze, erlijio ateo hura garatu zuen, ongia egitea ongiaren amoreagatik.

      Eta, jakina, bapo gozatzen zen bizitzaz. Berezkoa zuen gozatzea (nahiz eta bazituen, noski baino noskiago, bere alde ilunak; dena dela, Peterrek askotan pentsatzen zuen ezen berak ere, hainbeste urte igaro ondotik ere, Clarissaren zirriborro huts bat besterik ezin zuela marraztu). Edozelan ere, Clarissak ez zeukan mingostasunik barruan; ezta emakume zuzenengan hain nardagarria den bertute moralaren zentzu hura ere. Ia zernahiz gozatzen zen. Hyde Parken barrena harekin pasieran ateraz gero, tulipa sail bat izango zen orain, haur bat bere kotxetxoan gero, drama txiki irrigarri bat ondoren, Clarissak berak bat-batean antzeztuko zuena (ziurrenik amorante haiekin mintzatuko zen, dohakabeak zirela irudituz gero). Bazeukan komediarako sen zinez zoragarri bat, baina jendea behar zuen, jendea beti, sen hura azaleratzeko, eta, ondorioz, ezinbestean, alferrik xahutzen zuen denbora bazkarietan, afarietan, bere festa haiek antolatzen, atergabe, ergelkeriez berbetan, sinisten ez zituen gauzak esaten, bere adimenaren ertzak kamusten, bere bereizmena galtzen. Mahaiburuan jesarriko zen, Dallowayrentzat era batera edo bestera mesedegarri izan zitekeen edozein zahar txoraizerekin azkengabeko sufrikariotan —Europako txaplatarik beldurgarrienak ezagutzen zituen—, edo, bestela, Elizabeth iritsiko zen eta orduan alaba bihurtuko zen Clarissaren interesgune bakarra. Peterrek ikusi zuen azken aldi hartan, Elizabeth institutuan zegoen, adierazkortasunik gabeko aroan murgilduta, eta begi biribileko eta aurpegi zurbileko neska bat zen, amaren antzik batere ez zeukana, zirkinik egiten ez zuen izaki isil bat, naturaltasun osoz hartzen zuena dena, amaren balaku eta espantu guztiak onartu eta gero lau urteko umetxoa balitz bezala galdetuko zuena: «Joan al naiteke?»; badoa hockeyan aritzera, azaltzen zuen orduan Clarissak —Dallowayk berak, antza, sorrarazten zion bozkario eta harrotasun nahastura berbera erakutsiz—. Eta orain, ziur asko, Elizabethek egina izango zuen honezkero bere jendaurreko «aurkezpena»; orain Peter agure zahar bat zela irudituko zitzaion, amaren adiskideen lepotik egingo zuen barre. Tira, berdin zion. Hauxe zen, pentsatu zuen Peter Walshek Regent’s Parketik irtetean kapela eskuetan, zahartzearen ordain bakarra: grinak beti bezain sutsuak zirela, baina batek bazeukala —azkenean ere!— bizitzari gozagarri gorena eransteko ahalmen hori, esperientzia menderatu eta, astiro-astiro irauliz, argitara ekartzeko indarra.

      Aitorpen ikaragarria zen inondik ere (kapela jantzi zuen atzera), baina orain, berrogeita hamahiru urterekin, batek ez zuen ia-ia jendearen beharrik. Bizitza bera, bizitzaren une oro, tanta oro, hemen, honako istant hau, eguzkitan, Regent’s Parken, aski zen. Larregi zen, egia esan. Bizitzaldi oso bat ez zen nahikoa, laburregia zen, orain batek ahalmena eskuratua zuela gozagarri hura bete-betean dastatzeko; plazer gramo oroz, esanguraren ñabardura oroz jabetzeko; eta garai batean baino askoz sendoagoak ziren orain biak, ez ziren, alde handiz, hain pertsonalak. Ezinezkoa zen Peterrek ostera sufritzea Clarissak sufriarazi zion neurri hartan. Orduak eta orduak ematen zituen (Jainkoari eskerrak halako gauzak inork entzun barik esan zitezkeen), orduak eta egunak Daisyz batere pentsatu gabe.

      Orduko sufrimendua, oinazea eta irrits ikaragarri haiek gogoan, posible ote zen oraingo hau maitemina izatea? Zeharo bestelakoa zen —askoz atsegingarriagoa—, zeren orain, jakina, hauxe egia: Daisy berarekin maiteminduta zegoen. Eta, beharbada, horrexegatik, Peterrek egundoko lasaitua hartu zuen itsasontzia abiatu zenean, bakarrik egon, ez zuen besterik nahi; eta sumindu zen itsasontziko gelan Daisyren oparitxoak aurkitu zituenean, zigarroak, oharrak, bidaiarako tapaki bat... Zintzoak izanez gero, berdin esango lukete denek: berrogeita hamar urte beteta batek ez duela jendearen beharrik; batek ez duela gogorik emakumeei zeinen ederrak diren esaka aritzeko; horixe esango lukete berrogeita hamar urteko gizon gehienek, zintzoak balira.

      Edozelan ere, goizeko emozio-jario txundigarri haiek, malkotan lehertzeak, zer esan gura zuten? Zer pentsatuko zuen Clarissak? Ziur asko memeloa zela, eta ez zen lehen aldia izango. Jelosia zegoen horren guztiaren muinean, gizon-emakumeen irrits guztiek baino luzeago irauten duen jelosia, pentsatu zuen Peter Walshek, labana eskuetan eta besoa luzatuz. Orde komandantea ikusten ibilia zen, esaten zion Daisyk azken gutunean; nahita esaten zion, Peterrek bazekien; jeloskor jar zedin esaten zion; Daisy irudika zezakeen, bekokia zimurtzen idatzi bitartean, bere buruari galdezka zer idatziko zuen Peter mintzeko; eta, halere, gutun hark ez zuen ezertarako balio izan; Peter sutan zegoen! Saltsa hura guztia, Ingalaterrara etorri eta abokatuengana joatea, ez zen Daisyrekin ezkontzeko, baizik eta hura beste inorekin ezkon zedin galarazteko. Horrek oinazetzen zuen, hori nabaritu zuen bere barruan bor-bor, Clarissa hain lasai, hain hotz ikusi zuenean, hain buru-belarri murgilduta bere soineko edo dena delako hartan; ohartu zenean zenbat kontutatik libratu ahal izango zen Clarissak baietz esan izan balio, ohartzean zer bilakatua zen haren erruz: astakilo negarsamur eta mainontzi bat. Emakumeek, baina, pentsatu zuen labana itxiz, ez dakite irritsa zer den. Ez dakite irritsa gizonentzat zer den. Izotza bezain hotza zen Clarissa. Han egon zitekeen, sofan, Peterren ondoan jesarrita, eskua har ziezaion utziz, masailean musu emanez... Eta han zegoen bera, pasabidean.

      Hots batek pentsamendua eten zion; hots dardaratsu eta makal bat zen, borborrak noragabe goratzen zituen ahots indarrik gabeko bat, hasierarik edo bukaerarik ez zeukana, ahul, zoli eta inolako giza esangurarik gabe zioena

      ii u fah um so

      fuu suii tuu iiim uu...

      adinik eta sexurik gabeko ahotsa, lurpeko iturri zahar bati zeriona; Regent’s Parkeko metro geltokiaren pare-paretik zetorrena, irudi garai eta dardarti batetik gora, zeinak tximinia bat zirudien, ur-ponpa herdoildu bat, haizeak inarrositako zuhaitz betiko hostogabetu bat, haizeari bere adarren artean gora eta behera kantari ibiltzen uzten ziona

      ii u fah um so

      fuu suii tuu iim uu...

      eta karraskaka eta intzirika kulunkatzen ari zena, haize leun betiereko batek astinduta.

      Aro guztietan barrena —zoladura belarra zenean, zingira zenean, mamutaren eta letaginaren aroan barrena, egunsenti isilaren aroan barrena—, izaki jipoitu hura, emakume hura —gona baitzeraman—, eskuineko eskua luze eta ezkerrekoa saihetsean, amodio kanta bat abesten ari zen, milioika urte iraun duen amodio bati kantari, gailentzen den amodioari, eta milioika urte lehenago, zioen abestiak, emakumearen maitalea, mendeak zeramatzan-eta hilik, berarekin ibili zen pasieran, maiatzean; baina —gogoratzen zuen emakumeak— udako egunak bezain luzeak ziruditen aro haien, aster gorrien distira hutsez argitutako aro haien joan-etorrian galdu zuen maitalea; herioren sega handiak malda itzel haiek birrindu zituen, eta, azkenean ere, berak lurrean pausatzean bere buru zuri eta izugarri zahar hura, izotzezko errauts soila bihurtua jada, Jainkoei arrenka eskatuko zien txilar purpura sorta bat laga ziezaioten aldamenean, bere ehorzlekuan, azken eguzkiaren azken izpien laztanpean; zeren ordurako amaitua egongo baitzen unibertsoaren antzezpen epikoa.

      Antzinako abestia Regent’s Parkeko metro geltokiaren parean borborka ari zen bitartean, lurrak berde eta loretsu zirudien beti; eta hain aho zakarretik isuria izan arren, lur halaber lokaztuan irekitako zulo huts batetik, sustrai haritsuz eta belar katramilatuz estalitako batetik, abesti zaharraren dardarak borborka jalgitzen ziren beti, aro infinituen sustrai korapilatuak eta hezurdurak eta altxorrak blaituz, eta espaloietan behera isurtzen ziren errekastoak osatuz, Marylebone Road osoan zehar, Eustonerantz, dena ongarrituz, atzean orban heze bat utziz.

      Gogoan izanik beti behin, hasiera-hasierako maiatz batean, maitalearekin ibili zela pasieran, ur-ponpa herdoildu hark, emakume jipoitu hark, esku bat luze sosak biltzeko eta bestea saihetsean, hantxe segituko du hamar milioi urte barru, gogoan izanik behin pasieran ibili zela maiatzean, orain itsasoko olatuak hausten diren bazter haietan, axolarik ez norekin... Gizon bat zen, bai, berak maitatu zuen gizon bat. Aroen joan-etorriak, ordea, maiatzeko egun zahar haren argia lausotua zuen; petalo distiratsuko loreak izotz zuriz eta antzigarrez urdinduak zeuden orain; eta emakumeak, maitaleari erregutzen zionean (orain argi eta garbi ari zen bezala) «Begira ondo nire begietara zure begi eztiekin», ez zekuskien jada begi marroi bi, belarrondoko ile beltzak, eguzkiak erretako bisaia, baizik eta irudi zehaztugabe bat, itzal bat, zeinari oraindik ere txioka ari zitzaion zahar okituen txori eiteko sasoi harekin «Emadazu eskua nik emekiro heltzeko» (Peter Walshek emakume hari txanpon bat eman beste erremediorik ez zuen izan taxira igo aurretik), «Eta inork ikusten bagaitu, zer axola?», galdegiten zuen orain, ukabila saihetsean, irribarrez, txelina poltsikoan sartu bidenabar; eta bazirudien adi-adi begira zeuzkan begi guztiak ezabatu zirela, eta belaunaldi iragankor haiek —erdi mailako klaseko jendez mukuru zegoen espaloia, batetik bestera arineketan denak— aienatu egin ziren, hostoak legez, eta zapaldu egin zituzten, eta uretan blai-blai eginda gelditu eta lurrustel bihurtu, iturri betiereko horren kariaz...

      ii u fah um so

      fuu suii tuu iim uu...

      —Atso gajoa —esan zuen Rezia Warren Smithek.

      —Ene! Atso koitadua —esan zuen Reziak, kalea gurutzatzeko zain.

      Eta gauez euria hasten badu? Imajinatu aita edo garai hobeetan ezagutu zaituen norbait handik igarotzen dela eta, han, kale gorrian ikusten zaituela. Eta non pasatuko zuen gaua?

      Aldarte onean, pozik ia, hots xirripa menderaezin hura sigi-saga zihoan airean gora, landetxe bateko tximiniatik kea nola, pago garbien artetik igoz, adaburuko hostoen artean xerlo urdin bihurturik. «Eta inork ikusten bagaitu, zer axola?»

      Asteak eta asteak zeramatzanez dohakabea izaten, Rezia gertakari oro esanguraz hornitzen aritua zen, eta ia uste zuen oinezkoak ere geldiarazi behar zituela kalean, itxuraz onak, atseginak baldin baziren, besterik gabe esateko «Dohakabea naiz»; eta kalean «Eta inork ikusten bagaitu, zer axola?» kantari ari zen emakume zahar hark dena konponduko zela sentiarazi zion tupustean. Sir William Bradshawrenera joango ziren; izena bera polita iruditu zitzaion; segituan sendatuko zuen Septimus. Eta orduan garagardogile baten zalgurdia igaro zen, eta zaldi grisen buztanetan lasto izpi zutak ageri ziren; eta hor zeuden egunkarien kartelak ere. Amets-irudi zentzunbako bat zen, zentzunbakoa oso, dohakabea izatea.

      Hortaz, Warren Smith senar-emazteek kalea gurutzatu zuten, eta, azken batean, ba al zegoen haiengan zer edo zer deigarririk, zer edo zer oinezkoei susmaraziko ziena hantxe zihoala munduko mezurik garrantzitsuena zeraman gaztea eta, horrez gainera, munduko gizonik dohatsuena ere bazena, eta dohakabeena? Baliteke besteak baino astiroago ibiltzea eta gizonaren ibilera apur bat zalantzatia izatea, arrastaka ibiliko balitz bezala, baina ez al zen guztiz normala West Enden urtetan lanegun batean halako ordutan egon gabeko bulegari bat zeruari begira ibiltzea etengabe, eta hona eta horra eta hara begiratzea? Portland Place egongela bat balitz bezala, eta familia kanpoan egonik bera hara sartu izan balitz bezala, argi-armiarmak lihozko oihaletan bilduak, eta etxezainak, pertsiana luzeen mutur bat goratu eta sarraraziko balitu bezala argi printza luze eta hautsez beteak, itxura bitxiko besaulki bakartien gainera jausten zirenak, bisitariei esanez, bidenabar, zeinen zoragarria zen toki hura; zeinen zoragarria baina zeinen bitxia era berean, pentsatzen du gizonak.

      Itxurari erreparatuta, bulegaria izan zitekeen, goi mailakoa baina; zeren bota marroiak zerabiltzan, heziera oneko eskuak zituen eta orobat soslaia: hezurtsua, sudur handikoa, adimentsua, sentibera; baina ezin gauza bera esan ezpainei buruz, ez zeukatelako tinkotasunik; eta begiak (hala izan ohi dira begiak), begi soilak ziren; hur-kolorekoak, handiak; halako eran non, oro har, gizon hura muga-mugan zegoen, ez baitzen ez ur ez ardo; gerta zitekeen azkenean Purleyn bizitzea eta beribil baten jabe izatea, edo bizitza osoa ematea alboko kalexketako apartamentu alokatuetan; erdi eskolatutako, bere kabuz eskolatutako gizon horietako bat zen, bere kultura osoa herri-liburutegietatik maileguan hartutako liburuen bitartez eskuratu duena, iluntzean irakurriz, lanaldia bukatu eta gero, postaz kontsultatutako idazle ospetsuen aholkuei jarraituz.

      Gainerako esperientziak, berriz, bakarkakoak, jendeak bakarrik bizi ohi dituenak, bere logeletan, bere bulegoetan, landa aldean eta Londresko kaleetan ibiliz bizi diren haiek, gizon hark izan bazituen holakoak; etxetik joan zen haur bat besterik ez zela, amarengatik: gezurrak esaten zituen eta; berrogeita hamargarren aldia zelako tea hartzera jaisten zela eskuak garbitu barik; ez zitzaiolako iruditzen olerkari batek inolako etorkizunik izan zezakeenik Strouden; eta, beraz, arreba txikia konfiantzazko laguntzat harturik, Londresera joan zen ohar burugabe bat utzita, gizaki handiek idatzi eta, gero, beren borroken ospea zabaldutakoan munduak irakurri ohi dituen horien antzeko bat.

      Smith izeneko milioika gazte irentsi ditu Londresek; gutxi axola Septimus bezalako bataio-izen handiuste horiek, gurasoek beren umeak nabarmenarazteko asmoz emandakoek. Euston Roadeko atzealdeko apopilo-etxean eskarmentu handiko gizona bilakatua zen —eskarmentua beste behin—, ezagutu baitzuen, esate baterako, zer den norberaren aurpegia bi urtean antzaldatzea, aurpegi osasuntsu, obalatu eta lañoa zena ihar, uzkur, zakar bihurtzea. Baina horri guztiari buruz zer esango zion bere lagunik erneenak, ez bazen lorezainak dioena berotegiko atea ireki eta lore berri bat dakusanean bere landarean: loratu da; loratu egin da harrokeriaz, goranahiz, idealismoz, grinaz, bakardadez, adorez, alfertasunez, hazi arruntak baitira denak, nahasian (Euston Roadeko atzealdeko logela batean) gizon lotsatia eta totela bihurtu zutenak, hobetzeko irrika piztu ziotenak, Isabel Pole andereñoarekin maiteminarazi, Waterloo Roaden Shakespeareri buruzko eskolak ematen zituen emakumearekin.

      Ez al zuen ba Keatsen antza?, galdetzen zion Pole andereñoak bere buruari; eta hausnarrean aritzen zen nola egin Septimus Antonio eta Kleopatrarekin eta gainerakoekin zaletzeko; liburuak uzten zizkion maileguan; oharrak bidaltzen; eta bizitzan behin pizten diren su horietako bat erne zuen Septimusengan, eta, berotu ez arren, gar gorri, urrekara, ezinago leun eta materiabako batez argitzen zizkion Pole andereñoa, Antonio eta Kleopatra eta Waterloo Road. Septimusek ederra irizten zion, akatsik gabeko jakituria baten jabea zela uste zuen; harekin egiten zuen amets, olerkiak idazten zizkion, eta Pole andereñoak tinta gorriz zuzentzen zituen gaiari begiratu gabe; Septimusek udako arratsalde batez ikusi zuen, soineko orlegi bat jantzita, plaza batean. «Loratu da», esango zuen lorezainak atea ireki izan balu, sartu izan balitz, hots, edozein gautan ordu hartan sartu izan balitz eta hura han idazten aurkitu izan balu, aurkitu izan balu idatzitakoa urratzen, aurkitu izan balu maisulan bat biribiltzen goizaldeko hiruretan eta irteten gero kalerik kale ibiltzera, eta elizak bisitatzen, eta barau egiten egun batez, edaten beste batez, Shakespeare irensten eta Darwin, Zibilizazioaren historia eta Bernard Shaw.

      Zer edo zer gertatzen zen, Brewer jaunak bazekien; Brewer jauna, Sibleys eta Arrowsmiths enkantegile, tasatzaile eta higiezinen jabetzako agenteen konpainiako kudeatzailea bera; zer edo zer gertatzen zen, pentsatzen zuen, eta enplegatu gazteekin aita baten moduan jokatzen zuenez, eta Smithen gaitasunak bikainak zirela uste zuenez, iragarri zuen ezen hamar edo hamabost urteren buruan Septimus izango zela beraren ondorengoa larruzko besaulkian, barruko aretoko sabaileihoaren argiaren azpian, eskrituren kutxak inguruan, «Bere osasuna zaintzen badu», esan ohi zuen Brewer jaunak, hortxe baitzegoen arriskua: Smithek makala zirudien; futbolean aritzea aholkatu ohi zion, afaltzera gonbidatu ohi zuen, eta han ari zela pentsatzen nola egin behar zuen soldata igo ziezaioten iradokitzeko, bere kalkuluetako asko hondatu zizkion zerbait gertatu zen, bulegoko gazte gaituenak eraman zituena, eta, azkenik, hain maltzurrak eta suntsitzaileak izan ziren Gerra Handiaren atzaparrak non Zeresen estatua birrindu, geranio sailetan hobi bat zulatu, eta zeharo aztoratu baitzituzten Brewer jaunaren sukaldariaren nerbioak, Muswell Hillen.

      Septimus lehen boluntarioetako bat izan zen. Frantziara joan zen Ingalaterra salbatzera, Shakespeareren antzezlanek eta Isabel Pole andereñoak (soineko orlegia jantzita plaza batean oinez) ia osorik hezurmamitzen zuten Ingalaterra hura. Han, lubakietan, istantean gertatu zen Brewer jaunak futbolean aritzea gomendatzen ziolarik desiratzen zuen aldaketa hura; Septimus gizondu egin zen, mailaz igo zuten; eta bere ofizialaren arreta eta are estimua bereganatu zituen; Evans abizeneko ofizial hura eta biak beheko suaren ondoan jolasean dabiltzan bi txakur bezalakoak izan ziren: bata, paper nahaspila batekin arduratuta, marmarka, kosk egiten saiatuz, txakur zaharrari belarrian haginka noizean behin; bestea, erdi lo etzanda suaren aurrean, begiak kliskatuz, hanka bat goratuz, jiratuz eta marmar eginez amultsuki. Elkarrekin egon beharra zeukaten, dena partekatu, bata bestearekin borrokatu, bata bestearekin liskartu. Baina Evans (Reziak, behin baizik ez baitzuen ikusi, «gizon lasaia» deitzen zion, gizon mardul ile-gorria, emakumeen aurrean soraioa), Evans hil zutenean, Armistizioa baino lehentxeago, Italian, Septimusek, inolako emoziorik erakutsi beharrean edo adiskidantza baten bukaera zela aitortu ordez, bere burua zoriondu zuen bere sentimenduak hain apalak eta hain zentzuzkoak izateagatik. Gerrak hezi egin zuen. Sekulakoa izan zen. Ikuskizun oso-osoa ezagutu zuen: adiskidantza, Gerra Handia, heriotza; mailaz igo zuten, hogeita hamar urte ere ez zeuzkan oraindik, eta seguru zirudien bizirik irtengo zela. Arrazoi zuen horretan. Azken jaurtigaiek ez zuten harrapatu. Ezaxola ikusi zuen zelan lehertzen ziren. Bakea etorri zenean, Milanen zegoen, ostalari baten etxean; tokiak patio bat zeukan, eta loreak ontzietan, mahaitxoak atari zabalean, kapelak egiten zituzten alabak eta, haien artean, Lucrezia, gazteena, zeinari ezkon-hitza eman baitzion arratsalde batez, ezer sentitzerik ez zuela-eta izu-laborriak hartu zuen batean.

      Zeren orain dena amaitua zela, su-etena sinatua eta hildakoak hobiratuak, Septimusek, iluntzean batik bat, bat-bateko izualdiak izaten zituen. Ez zuen ezer sentitzen. Neska italiarrek kapelak egiteko zerabilten gelako atea ireki, eta han ikusten zituen; han entzuten; platertxoetako ale koloretsuak hariz lotzen zituzten; hola eta hala tolesten zituzten buckram oihalak; mahaia lumaz, xaflatxo dirdaitsuz, zetaz eta xingolaz gainezka; artaziak mahaian kliska eta kliska; baina zer edo zerk huts egiten zion; ez zuen ezer sentitzen. Halere, artazien kolpetxoek, nesken irriek, kapelagintzak Septimus babesten zuten; segurtasuna ematen; aterpetzen. Baina ezin zuen gau osoa han eman. Goizaldeko ordu txikietan itzartzen zen batzuetan. Ohea erortzen zitzaion, bera ere erortzen zen. Ene, artaziak eta lanpara eta buckram puskak! Lucreziari berarekin ezkontzeko eskatu zion; gazteena zen, alaia, kaskarina, eta artista-hatz txikitxo haiek erakutsi eta zera esaten zuen: «Hauei zor diet guztia». Zeta, lumak, hatz haiek den-dena bihurtzen zuten bizigai.

      —Kapela da garrantzitsuena —esaten zuen Lucreziak elkarrekin irteten zirenean. Pasaeran ikusitako kapela oro aztertzen zuen; eta kapa eta soinekoa eta emakumearen ibilera. Txarto jantzita, lar apainduta, gaitzesten zuen, ez ankerkeriaz, baizik eta eskuak urduri mugituz, asmo oneko itxurakeria nabarmenen bat alboratzen duen pintore batenak balira bezala; eta gero, eskuzabal, baina zorrotz betiere, saltzaileren bat laudatuko zuen bere soineko xumea dotore janzten asmatzeagatik, edo gogotik goretsiko zuen, sutsu eta bere jakintza profesionala baliatuz, bere beribiletik jaisten zen dama frantses bat txintxillaz, tunikaz eta perlaz apaindua.

      —Ederra! —murmurikatuko zuen, senarrari ukondoka ekinez begira zezan. Edertasuna, ordea, kristal baten atzean zegoen. Ezin gozatu ezta zaporeez ere (Reziak gogoko zituen izozkiak, txokolateak, jaki gozoak). Septimusek marmolezko mahaitxoan laga zuen kikara. Kanpoko jendeari begiratu; zoriontsuak ziruditen, kale erdian bilduta, garrasika, irribarrez, huskerien kontura liskarrean. Septimusek, baina, ezin ezeren gusturik hartu, ezin sentitu. Te-aretoan, berriketan ziharduten zerbitzarien eta mahaien artean, izu beldurgarri hark gainezka egin zion: ezin ezer sentitu. Gogoeta egin zezakeen; irakurri ere bai, Dante, adibidez, nekerik gabe («Septimus, utzi liburua», esan zion Reziak, Inferno itxiz emekiro), kontua ondo ote zegoen egiazta zezakeen; inongo akatsik ez burmuinean; hortaz, munduaren errua izango zen derrigor, berak ezin bazuen sentitu.

      —Ingelesak hain dira isilak —esaten zuen Reziak. Gustuko zuen hori, esaten zion. Ingelesak errespetatzen zituen, Londres ezagutu nahi zuen, baita zaldi ingelesak ere, eta neurrira egindako janzkiak, eta bazeukan gogoan Sohora ezkondutako izeko bati aditu izana dendak zoragarriak zirela.

      Baliteke, pentsatu zuen Septimusek, Ingalaterrari begira treneko leihotik, Newhavenetik irtetean; baliteke mundua berez esangura bakoa izatea.

      Bulegoan mailaz igo zuten, erantzukizun handi samarreko kargua eman zioten. Harro zeuden Septimusez; gurutzeak irabazita itzuli zen.

      —Zure eginbeharra bete duzu; orain guri dagokigu... —ekin zion Brewer jaunak; eta ezin izan zuen bukatu, nagusitu zitzaion emozio hura hain zen-eta atsegingarria. Septimus eta Rezia toki zoragarri batean jarri ziren bizitzen, Tottenham Court Roaden ondoan.

      Han zabaldu zuen Shakespeare berriro. Gaztetako ardura hura, hizkuntzaz horditze hura —Antonio eta Kleopatra— erabat agortuta zegoen jada. Nola gorroto zuen Shakespearek gizadia: jantzi beharra, umeak egitea, ahoaren eta sabelaren doilorra! Septimus horretaz guztiaz jabetzen zen orain. Hitzen edertasunak gorderik zeukan mezuaz. Gorrotozkoa, herrazkoa, etsipenezkoa da mezua, belaunaldiz belaunaldi, ezkutuan, iragaten den mezu sekretua. Berdin esan zitekeen Dantez. Baita Eskiloz (itzulpenaz) ere. Han zegoen Rezia, mahai ondoan, kapelak apaintzen. Kapelak apaintzen zituen Filmer andrearen lagunentzat; kapelak apaintzen, orduero. Zurbil zegoen, misteriotsua zirudien, lirio baten antzera, itota, urpean, pentsatu zuen Septimusek.

      —Ingelesak oso serioak dira —esaten zuen Reziak senarra besoekin inguratuz, masaila masailaren kontra jartzen ziola.

      Shakespearek higuin zuen gizonaren eta emakumearen arteko maitasuna. Kopulazioaren afera hura, amaitu aurrekoa, zantarkeria begitantzen zitzaion. Reziak, ordea, umeak izan nahi zituela esaten zion. Bost urte zeramatzaten ezkonduta.

      Elkarrekin joan ziren Dorrera, Victoria and Albert Museumera; jendetzarekin nahasi ziren Errege legegintzaldiari hasiera ematen ikusteko. Eta, bestetik, hor zeuden dendak: kapela-dendak, arropa-dendak, erakusleihoetan larruzko poltsak zeuzkaten dendak... Rezia begira-begira gelditzen zitzaien. Seme bat behar zuen, halere.

      Seme bat behar zuela, Septimus bezalakoa, esan ohi zuen Reziak. Baina inor ezin zen Septimus bezalakoa izan; hain gozoa; hain serioa; hain buruargia. Zergatik ezin zuen berak ere Shakespeare irakurri? Egile zaila al zen Shakespeare?, galdetzen zuen neskak.

      Ezin dira umeak ekarri hau bezalako mundu batera. Ezin da sufrimendua betikotu, ezin dira ugaldu animalia lizun hauen kastakoak, emozio iraunkor bakar bat ere ez dutenak, orain alde batera eta gero bestera ibiltzen baitira beren apetek eta hantusteek bultzatuta.

      Septimus Reziari begira egoten zen, nola ari zen artaziekin oihalak mozten eta formak egiten, txori bati belardian salto txikitan edo hegan dabilenean begiratzen zaion moduan, zirkinik egitera ere ausartu barik. Zeren hauxe egia (hobe Reziak ez jakitea): gizakiek ez daukate ez ontasunik ez federik, ezta karitaterik ere, ez bada unean uneko atsegina handiagotzeko balio duen neurrian. Taldeka ibiltzen dira ehizan. Haien ehiza-taldeek basamortua miatu, eta orroka desagertzen dira oihanean. Eroriak abandonatzen dituzte. Imintzio hutsak baino ez aurpegietan. Hortxe zegoen Brewer, bulegoan, bibote gomaztatuarekin, koralezko orratza gorbatan, bularralde zuria, emozio atsegingarriz beteta —dena hotz eta izerdi—, geranioak gerran birrinduak eta sukaldariaren nerbioak zeharo aztoratuak; edo Amelia Eztakitzer, tea zerbitzatzen bost-bostetan, azpisugetxo lizunkoi eta isekaria; eta Tom eta Bertie guztiak, beren bularralde almidoituak soinean, bizioa tanta loditan zeriela. Ez zuten sekula ikusi nola marrazten zituen, biluzik eta pailazokeriatan, bere koadernoan. Kalean, kamioiak ondotik igarotzen zitzaizkion marruka; zatarkeria irrintzika ari zen iragarkietan; bazeuden meatzeetan harrapatutako gizonak; bizirik erretako emakumeak; eta, behin, desfilean atera zen elbarri ilargi-joen saldo bat, gihar ariketak egitera aterarazia, edo populuaren gozagarri erakusgai jarria, eta Septimusen ondotik pasatu ziren irriz eta buruarekin agur eginez, Tottenham Court Roaden barrena, ia barkamena eskatuz guztiak, baina garaipen-aire batekin inposatuz beren atsekabe sendaezina. Eta bera ere erotuko ote zen?

      Tearen orduan, Reziak esan zion Filmer andrearen alaba haur baten esperoan zegoela. Bera ezin zen zahartu umerik izan gabe! Oso bakarrik zegoen, oso dohakabea zen! Ezkontzaz geroztik aurreneko aldiz egin zuen negar. Septimusek emaztearen negarrak entzun zituen, urruti-urruti, argi entzun zituen, garbi aditu; pistoi baten takatekoak iruditu zitzaizkion. Baina ez zuen ezer sentitu.

      Emaztea negarrez, eta berak ez zuen ezer sentitzen, baina Rezia hain sakon, hain isil, hain etsirik negar-zotinka hasten zen bakoitzean, Septimus koska bat beherago hondoratzen zen zuloan.

      Azkenik, modu mekanikoan bereganatua zuen keinu melodramatiko batekin, eta guztiz jabetuta ez zela zintzo izaten ari, esku artean sartu zuen burua. Errenditua zen jada. Beste batzuek lagundu beharko zioten orain; pertsona haiei deitu beharra zegoen. Amore eman zuen.

      Ez zen modurik izan hura bizkortzeko. Reziak ohean sartu zuen. Sendagilea ekar zezatela eskatu zuen, Filmer andrearena, Holmes doktorea. Medikuak Septimus aztertu zuen. Ez zeukan ezertxo ere, esan zion Holmes doktoreak. Ene, zelako lasaitua! Zeinen gizon adeitsua, zeinen gizon ona!, pentsatu zuen Reziak. Bera hala sentitzen zenean, esan zion Holmes doktoreak, music hallera joaten zen. Jaieguna hartu, eta golfean aritzera joaten zen, emaztearekin. Zergatik ez probatu bromuro pastilla bi hartuta, uretan disolbaturik, oheratzean? Bloomsburyko etxe zahar hauek, esan zuen Holmes doktoreak horman kolpetxoak joz, zurezko panel eder askoak dauzkate sarritan, baina jabeek, eroaldi batean, papereztatu egiten dituzte. Aurreko egunean, hain zuzen, gaixo bat ikusten ari nintzela, Urlia jauna, Beldford Squaren...

      Hortaz, aitzakiarik ez; berak ez zeukan ezertxo ere, bekatu hura baino ez, giza izaerak ezarritako heriotza-zigorra ekarria ziona: ez zuela sentitzen. Ez zitzaion axola izan Evans hil zutenean; horixe makurrena; baina gainerako bidegabekeria guztiek beren burua altxatzen zuten, atzaparrak inarrosten, eta, ohearen oinaldetik, barre algaraz eta iseka aritzen zitzaizkion, goizaldeko ordu txikietan, bere degradazioaz oharturik ohean zetzan gorputzari; emaztearekin ezkondu zelako hura maitatu gabe; gezurra esan ziolako; limurtu zuelako; Isabel Pole andereñoa laidoztatu zuelako, eta bizioaren zikina eta orbana hainbesterainokoa zen berarengan, non emakumeak dardarka hasten baitziren bera kaletik ikustean. Heriotza-zigorra zen giza izaerak holako doilor bati ezarritako epaia.

      Holmes doktorea itzuli zen. Handia, musu-gorria, galanta, botak astinduz hautsa kentzeko, ispiluari begira eta orori entzungor —buruko minak, loezina, beldurrak, ametsak—, urduritasun sintomak baino ez, esan zuen. Holmes doktoreak, bere hirurogeita hamahiru kiloetatik berrehun eta berrogeita hamar gramo galdu zituela sumatzen zuenean ere, emazteari beste olo-ahi platerkada bat eskatzen zion gosaltzeko. (Reziak olo-ahia prestatzen ikasiko zuen). Baina, segitu zuen doktoreak, osasuna gure esku dago neurri handi batean. Kanpoko kontuez interesatu beharra daukazu, afizioren bat hartu. Shakespeareren liburua zabaldu zuen, Antonio eta Kleopatra; albo batera baztertu, gero. Afizioren bat, esan zion Holmes doktoreak, zeren ez al zegoen ba bera hain osasuntsu (nahiz eta Londresko beste edozeinek bezainbeste lan egin) gauza zelako aldiro gaixoak ahazturik antzinako altzariez arduratzeko? Eta, zilegi bekio esatea: zelako apain-orrazi ederra zeraman Warren Smithen andreak!

      Ergel nazkante hura itzuli zenean, Septimusek ez zuen ikusi nahi izan. Benetan?, esan zuen Holmes doktoreak irribarre adeitsua ezpainetan. Eta emakume txiki xarmagarri hari, Smith andreari, adiskidantzazko bultzadatxo bat eman behar izan zion gainera, senarraren logelara sartzeko.

      —Tira, makal zaude, beraz —esan zuen adeitsu, gaixoaren ondoan jesarriz. Bide batez, egia al zen bere burua hiltzeaz ere mintzatua zitzaiola emazteari? Neska zoragarria, atzerritarra, ezta? Eta horrek ez ote zion emazteari pentsaraziko senar ingelesak oso arraroak zirela? Ez al zituen batek betebehar jakin batzuk emaztearekiko? Berrogei urteko eskarmentua zuen bere langintza horretan; eta Septimusek sinistu egin behar zion: ez zeukan ezertxo ere. Eta, bera etortzen zen hurrengo aldian, Smith jauna ohetik kanpo ikustea espero zuen, eta ez emaztea sufriarazten, damatxo xarmagarria halakoa.

      Laburbilduz, giza izaera atzetik zebilkion, basati nardagarri hura, sudurzuloak odolez gorrituta. Holmes atzetik zebilkion. Egunero-egunero etortzen zitzaion bisitan. Behin estropezu eginda, idatzi zuen Septimusek posta-txartel baten atzean, giza izaera atzetik ibiltzen zaizu. Holmes ere atzetik ibiltzen zitzaion. Ihes egitea, ez zuten beste aukerarik; Italiara, edonora, edonora, Holmesengandik urrun.

      Baina Reziak ezin zuen Septimus ulertu. Holmes doktorea hain zen adeitsua... Hainbeste arduratzen zen Septimusez. Lagundu baino ez zuen nahi, esaten zien Holmes doktoreak. Lau seme-alaba txiki ditu eta tea hartzera gonbidatu nau, kontatu zion Reziak Septimusi.

      Halandaze, bakarrik utzia zuten. Oihuka ari zitzaion mundu osoa: hil ezazu zeure burua, hil ezazu zeure burua, guregatik. Baina, zer dela-eta hilko zuen berak bere burua haiengatik? Janaria atsegina zen; eguzkia, beroa; eta suizidatzearen kontu hura, zelan egiten da? Sukaldeko aiztoarekin, modu zatar batean, odola parrastaka? Gas hodi batetik arnastuz? Ahulegi zegoen horretarako, eskua ere nekez altxa zezakeen. Eta, bestalde, orain bakar-bakarrik egonda, kondenatuta, bazter utzita, hiltzera doazenak bezain bakarrik, iruditzen zitzaion bazegoela nolabaiteko luxua egoera hartan, benetan bikaina zela bakardade hura, loturak dauzkaten horiek sekula ezagutuko ez duten askatasuna zekarkiola. Holmesek irabazia zuen, jakina; sudurzulo gorriekiko basatiak irabazia zuen. Baina Holmesek berak ere ezin zuen ukitu munduaren ertzetan alderrai zebilen azken zaharkin hura, erbesteratu hura, burua jiratu eta atzeko lurralde jendetsuetara begiratzen zuena, munduaren hondartzan zetzana, marinel ito bat balitz bezala.

      Une hartantxe (Rezia erosketak egitera joana zen) etorri zitzaion errebelazioa. Bionboaren atzealdetik ahots batek hitz egin zion. Evans ari zen hizketan. Hildakoak berarekin zeuden.

      —Evans, Evans! —garrasi egin zuen Septimusek.

      Smith jauna bere burutik ari da berbetan, oihukatu zion Agnes neskameak Filmer andreari, sukaldean. «Evans, Evans!», garrasi egin zuen Smith jaunak, Agnes sartu zenean erretilua eskuetan. Neskameak jauzi egin zuen, bai horixe. Eta arrapaladan jaitsi zituen eskailerak.

      Eta Rezia iritsi zen, loreak zekartzala, eta gela zeharkatu zuen, eta loreak ontzi batean ipini, eguzkiak bete-betean jotzen zuen batean, eta barrez hasi zen, saltoka hara eta hona.

      Kaleko pobre bati erosi behar izan zizkion arrosak, esan zuen Reziak. Baina ihartuak zeuden ia, esan zuen, loreak txukunduz.

      Beraz, bazegoen gizon bat kanpoan; Evans, ziur asko; eta arrosak, erdi ihartuak, Reziak zioenez, Greziako alorretan bildutakoak ziren. Komunikazioa osasuna da; komunikazioa zoriona da. Komunikazioa, marmar egin zuen Septimusek.

      —Zer diozu, Septimus? —galdetu zion Reziak ikara batean, senarra bere burutik ari zelako.

      Reziak Holmes doktorearen bila bidali zuen Agnes. Septimus, esan zion, erotuta zegoen; ia ez zuen emaztea ezagutzen.

      —Piztia alaena! Piztia alaena! —hasi zen garrasika Septimus, giza izaera, hots, Holmes doktorea, gelan sartzen ikustean.

      —Ea ba, zer da hau guztia? —galdetu zuen Holmes doktoreak munduan denik eta modurik amultsuenean—. Txorakeriak esaten emaztea izutzeko?

      Zer edo zer emango zion lo egin zezan. Eta aberatsak balira, esan zien Holmes doktoreak begiak gelan barrena ironiaz zebilzkiola, Harley Streetera joateko esango lieke ezbairik gabe; baldin eta ez baziren berarekin fidatzen, esan zien Holmes doktoreak, ez horren adeitsu oraingoan.

      Hamabiak ziren, hain zuzen; hamabiak Big Benen; ezkila-hotsak Londresko iparralderantz hegaldatu ziren, eta beste ordularietakoei batu zitzaizkien, hodeiekin nahiz ke-adarrekin nahasi ziren sotil, gozo, eta han goietan hil gero, antxeten artean. Hamabiak jo zuten Clarissa Dallowayk soineko orlegia ohe gainean laga zuenean, eta Smith senar-emazteak Harley Streeten behera zihoazenean. Hamabietan zuten hitzordua. Ziur asko, pentsatu zuen Reziak, horixe izango zen Sir William Bradshawren etxea, beribil grisa parean daukan hori. (Zirkulu berunezkoak airean aienatu ziren).

      Eta, halaxe zen, Sir William Bradshawren beribila zen hura; baxua, ahaltsua, grisa, inizial xume batzuk txirikordatuta xaflan, heraldikaren arrandia desegokia balitz bezala-edo; izan ere, gizon hura sorosle espirituala zen, zientziaren apaiza; eta, beribila grisa zenez, leuntasun soil harekin bat egiteko, kolore griseko larruak eta alfonbra gris argiak pilatzen ziren barruan, Lady Bradshaw bero-bero egon zedin senarraren zain zegoen bitartean. Zeren Sir Williamek sarri askotan egiten zituen ehun kilometro, edo are gehiago, aberatsak, nahigabetuak bisitatzearren, alegia, Sir Williamek bere aholkuengatik oso egokiro kobratzen zituen ordainsari bikainak ordaindu ahal zizkiotenak. Lady Bradshaw zain gelditzen zen, larruak belaunetan, ordubete edo gehiago, kuxkurtuta, batzuetan gaixoa gogoan zerabilela eta, besteetan, barkagarria zinez, bera zain zegoen bitartean minutuz minutu goratzen zen urrezko harresi hura; senar-emazteen eta gorabehera nahiz estutasun guztien artean (Lady Bradshawk adorez eraman zituen denak; gogor ahalegindu behar izan zuten biek) altxatzen ari zen urrezko harresia, harik eta sentitzen zuen arte itsaso bare batean ari zela igerian, haizeño lurrintsuak baino ez giroan; errespetagarriak, miretsiak, inbidiaz begiratuak; desira guztiak aseak ia, Sir Williamen emazteak bere gorpuzkera mardula gogoko ez bazuen ere; afari oparoak ostegunero, senarraren lankideekin; ongintzako tonbolaren bat lantzean behin; Errege familia agurtu beharra; oso denbora gutxi, tamalez, senarrarekin egoteko, gero eta lan handiagoa zuelako; seme bat, oso ikasle ona, Etonen; alaba bat ere nahi izango zuen. Nahiz eta bazituen egitekoak ugari: haurrak babesteko ongintzako elkarteak, epileptikoen ebakuntza ondoko zainketak, eta argazkigintza, zeren, senarraren zain egoten zelarik, elizaren bat eraikitzen ari baziren inon edo elizaren bat hondatzeko zorian aurkitzen bazuen, sakristaua erosi, giltza lortu eta argazkiak egingo baitzituen, profesionalen lanen parekoak ia.

      Sir William, berriz, ez zen jada gaztea. Oso gogor lan egindakoa zen; bere ahalmen hutsari esker irabazia zuen gaur zeukan maila (dendari baten semea izaki); maite zuen bere lanbidea; gonbidatu aparta zen ospakizun sozialetan, eta ondo egiten zuen berba. Horregatik guztiagatik, sir titulua eman ziotenerako, halako eite goibel bat bereganatua zuen, nekatu eite bat (berarengana jotzen zuen bezero uholdeak ez zeukan etenik, ikaragarri neketsuak ziren lanbidearen betekizunak eta pribilegioak), eta neke horrek, ile urdinduarekin batera, bere itxuraren dotoretasuna areagotzen zuen eta ospea ekarri zion (garrantzi handiko kontua, nerbioak jotako gaixoak artatzeko), ez bakarrik abilezia ezinago azkarreko eta diagnostikoan zehaztasun hutsezineko sendagilea izatearena, baita ere errukiorra, tentu handikoa eta giza arimaren ezagutzaile fina izatearen ospea. Gelan sartu bezain laster jabetu zen (Warren Smith zuen izena); argi eta garbi jakin zuen gizona ikustearekin batera; izugarri larria zen kasua. Suntsipen erabatekoa, hala fisikoa nola nerbioetakoa, larritasunaren seinale ziren sintoma guztiak agerian; bizpahiru minutu behar izan zituen hala zela egiaztatzeko (xuxurlaka eta diskrezioz egiten zizkien galderen erantzunak txartel arrosa batean idatzi bitartean).

      Zenbat denbora zeraman Holmes doktoreak hura artatzen?

      Sei aste.

      Bromuro apur bat hartzeko agindu ziola? Septimusek ezer ez zuela esan ziela? Bai, noski... (Orotariko sendagile hauek!, pentsatu zuen Sir Williamek. Bizi erdia ematen zuen haien laprastadak zuzentzen. Batzuk ezin konponduzkoak, gainera).

      —Gerran adore nabarmena erakutsi omen zenuen, ezta?

      Pazienteak «gerra» hitza errepikatu zuen galdera doinuan.

      Hitzak esanahi sinbolikoz hornitzen zituen. Txartelean jasotzeko moduko sintoma larria.

      —Gerra? —galdetu zion gaixoak. Gerra Handia? Eskola-ume batzuek bolborarekin jolasean eragindako iskanbila txiki hura? Ea adore nabarmena erakutsi ote zuen? Egia esan, ahaztuta zegoen. Gerran, egiazkoan, porrot egindakoa zen.

      —Bai, oso jokabide nabarmena izan zuen borroketan —erantzun zion Reziak doktoreari—; mailaz igo zuten.

      —Eta bulegoan oso aintzat hartzen dute zure lana, ez da hala? —xuxurlatu zuen, Sir Williamek Brewer jaunaren gutun laudoriotsuari begiratu bat emanez—. Beraz, kezka iturririk ez, estuasun ekonomikorik ez, ezer ere ez?

      Bidegabekeria lazgarri bat egin zuen, eta giza izaerak heriotza-zigorra ezarri zion.

 

 

—Nik... nik... —ekin zion Septimusek— bidegabekeria bat egin...

      —Ez du ezer txarrik egin, ezer ere ez —ziurtatu zion Reziak medikuari. Smith jaunari ondo iruditzen bazitzaion, esan zuen Sir Williamek, Smith andrearekin hitz egin beharra zeukan, aldameneko gelan. Septimus oso gaixorik zegoen, esan zion Sir Williamek. Bere burua hilko zuela mehatxu egiten zuen?

      Ene, bai, bai!, oihukatu zuen Reziak. Baina ez zuen benetan esaten. Jakina ezetz. Atseden beharra baino ez zen, esan zuen Sir Williamek; atsedena, atsedena, atsedena; atsedenaldi luze bat ohean. Bazegoen egoitza zoragarri bat landa aldean, eta senarra bikain zainduko zuten han. Berarengandik aparte?, galdetu zion Reziak. Zoritxarrez, bai; gehien maite ditugun pertsonek ez digute mesederik egiten gaixorik gaudenean. Baina ez zegoen erotua, ezta? Sir Williamek esan zuen berak ez zuela inoiz «eromena»z hitz egiten, berak proportzioaren zentzurik ez izatea esaten ziola horri. Senarrari, ordea, ez zitzaizkion medikuak gustatzen. Ez zuen toki hartara joan nahiko. Labur eta adeitsu, Sir Williamek egoera zertan zen azaldu zion. Senarrak bere burua hiltzeko mehatxua egin zuen. Ez zegoen beste aukerarik. Lege kontua zen. Ohean egongo zen landa aldeko egoitza eder batean. Erizainak zoragarriak ziren. Sir William astean behin joango zitzaion bisitan. Warren Smith andreak ez bazuen beste galderarik egiteko —berak ez baitzituen pazienteak estutzen sekula— senarrarengana itzuliko ziren. Reziak ez zuen besterik galdetzeko, ez Sir Williami bederen.

      Hortaz, gizadiaren alerik asaldatuarengana itzuli ziren; epaileen aurrean zegoen gaizkilearengana; goietan babes barik geldituriko biktimarengana; iheslariarengana; itotako marinelarengana; oda hilezkorraren olerkariarengana; bizitzatik heriotzara iragandako Jainkoarengana; Septimus Warren Smithengana, zeina besaulkian baitzegoen jesarrita, sabaileihoaren argitan, Lady Bradshaw gorteko soinekoa jantzita erakusten zuen argazki bati tinko begira, edertasunari buruzko mezuak ahopean esaka.

      —Tira, bukatu dugu gure hizketalditxoa —esan zion Sir Williamek.

      —Oso gaixorik zaudela dio, oso-oso gaixorik —oihu egin zuen Reziak.

      —Egoitza batera joan beharko zenukeela adostu dugu —esan zion Sir Williamek.

      —Holmesen erietxe horietakoren batera? —galdetu zuen Septimusek erdeinuzko keinu batekin.

      Morroiak itxura desatsegina zuen. Zeren bazegoen Sir Williamengan, aita merkataria izan zuen-eta, heziera eta janzkerarekiko begirune natural bat, narraskeria hark mintzen zuena; eta Sir Williamen baitan, ez baitzuen sekula izan irakurtzeko astirik, bazegoen orobat, eta are sakonago errotuta, erraietan, aiherkunde bat jende eskolatu klase baten kontra, zeina kontsultan sartu eta iradokitzen hasten baitzen medikuak, beren langintzan aritzeko gaitasun gorenen premia behar izaten dutenak, ez direla gizon jantziak.

      Nire erietxeetako batera, Warren Smith jauna —esan zion—; atseden hartzen erakutsiko dizute han.

      Eta bazegoen azken kontu bat ere.

      Sir Williamek uste osoa zuen ezen Warren Smith jauna, ondo zegoenean, emaztea izutu nahi izango zuen munduko azken pertsona zela. Baina, halere, bere burua hiltzeaz hitz egin zuen.

      —Denok ditugu gure depresioaldiak —esan zion Sir Williamek.

      Behin erorita, pentsatu zuen Septimusek, giza izaera osoa etortzen zaizu gainera. Holmes eta Bradshaw etortzen zaizkizu gainera. Basamortua miatzen dute. Oldarrean eta garrasika barneratzen dira oihanean. Oinaze-zaldikora igotzen zaituzte, eta erpuruetako torlojuak sartzen. Giza izaera gupidagabea da.

      Sir Williamek, lapitza txartel arrosaren gainean prest, galdetu zuen ea bulkadarik nabaritzen ote zuen inoiz.

      Hori bere afera zela erantzun zion Septimusek.

      —Inor ez da bere buruarentzat bakarrik bizi —esan zuen Sir Williamek, bere emaztea gorteko soinekoa jantzita erakusten zuen argazkiari begira.

      —Eta zuk ibilbide profesional oparoa daukazu zain —esan zion Sir Williamek. Brewer jaunaren gutuna mahai gainean zegoen—. Ibilbide profesional guztiz oparoa.

      Eta egia aitortuko balu? Eta zekiena jakinaraziko balie? Holmesek, Bradshawk lasai utziko lukete orduan?

      —Nik... Nik... —esan zuen Septimusek totelka.

      Zein zen, ordea, bere krimena? Ezin gogoratu.

      —Bai? —adoretu zuen Sir Williamek. (Berandu egiten ari zen, baina).

      Maitasuna, zuhaitzak, ez dago krimenik... zein zen mezua?

      Ezin zuen gogoratu.

      —Nik... Nik... —atzera ekin zion totelka.

      —Saia zaitez ahalik eta gutxien pentsatzen zutaz —esan zion Sir Williamek adeitsu. Argi zegoen gizon hura ez zegoela hor kanpoan aske ibiltzeko moduan.

      Ba al zuten besterik galdetzeko? Sir William izapide guztiez arduratuko zen (xuxurlatu zion Reziari), eta arratsaldean bertan esango zion zer egin behar zuten, bostetatik seietara bitartean.

      —Utzi dena nire kontu —esan zien, eta kontsultatik kanporatu zituen.

      Reziak ez zuen bizitza osoan sekula-sekula halako hersturarik izan! Laguntza eskatu zuen, eta bakarrik utzi zuten! Gizon hark huts egin zien! Sir William Bradshaw ez zen gizon ona.

      Beribil hau mantentzeko bakarrik sekulako dirutza beharko du, esan zuen Septimusek kalera irten zirenean.

      Reziak senarraren besoari oratu zion. Bakarrik utzi zituzten.

      Baina zer besterik gura zuen Reziak?

      Sir Williamek hiru ordu laurden eskaintzen zizkien pazienteei; eta, azken finean, ezer ere ez dakigun horretaz —nerbio sistemaz, giza burmuinaz— diharduen zientzia zorrotz horretan, medikuak proportzioaren zentzua galtzen badu, mediku gisa porrot egiten du. Osasuna behar dugu; eta osasuna proportzioa da; hortaz, gizon bat zure kontsultara etorri eta esaten badizu Kristo dela (eldarnio arrunta baita), eta baduela mezu bat, sarritan gertatzen den bezala, proportzioari heltzen diozu; ohean atseden hartzeko agintzen diozu; atseden hartzeko bakarka; isiltasuna eta atsedena; atsedena, lagunik gabe, libururik gabe, mezurik gabe; sei hilabeteko atsedenaldia; hartara, osasun-etxera iristean berrogeita zazpi kilo zituen gizonak hirurogeita hamasei izango ditu irtetean.

      Proportzioa, proportzio dohatsua, Sir Williamen jainkosa, ospitalez ospitale ibiliz bereganatu zuena, izokinak harrapatuz, Harley Streeten seme bat ernalaraziz Lady Bradshawren bitartez, zeinak izokinak harrapatzen baitzituen halaber, eta ia profesionalen lanen parean zeuden argazkiak egiten. Proportzioa gurtzeari esker, ez zuen soilik Sir Williamek berak aurrera egin, Ingalaterrak ere egin zuen aurrera, eroak egoitzetan bildu zituen, erditzeak debekatu, etsipena zigortu, beren senean ez zeudenei beren ikuspuntuak zabaltzea galarazi zien doktorearen proportzioaren zentzuaz jabetu arte, bereaz jabetu arte, gizonezkoak baziren, eta Lady Bradshawrenaz, emakumezkoak baziren (emazteak brodatu egiten zuen, trikotatu; zazpi gautatik lau etxean gelditzen zen semearekin), halako eran non, bere lankideen begirunea jasotzeaz eta mendekoak beldurtzeaz gainera, pazienteen lagunek eta ahaideek esker onik beroena erakusten zioten hainbeste ahalegintzeagatik munduaren akabera edo Jainkoaren etorrera iragartzen zuten sexu bateko nahiz besteko Kristo profetiko haiek guztiak ohean egon zitezen esnea edaten, berak agindu bezala; Sir Williamek hogeita hamar urteko eskarmentua zuen halako kasuak artatzen, eta sen hutsezin hura: hau eromena da, beste hori zentzu ona; Sir Williamen proportzioaren zentzua, hain zuzen.

      Proportzioak, ordea, badu ahizpa bat, hain irribarretsua ez dena, itzelagoa bera, Jainkosa bat oraindik ere lanpetua dabilena —Indiako beroan eta hondarretan, Afrikako lokatz eta zingiretan, Londresko ingurumarietan, hitz batez, edonon, baldin eta klimak edo deabruak tentagarri egiten badiote gizakiari Jainkosak berea duen sinesmen benetakotik aldentzea—, oraindik ere lanpetua dabilena jainkotegiak jo eta apurtzen, idoloak birrintzen, haien ordez bere begitarte gogorra ipintzeko. Konbertsioa du izena, eta ahulen borondateaz hornitzen da, oso gustukoa duelako zirrara eragitea, nagusitzea, biziki maite duelako bere ezaugarriak ikustea populuaren aurpegietan zizelkaturik. Hyde Park Cornerren egoten da upel baten gainean zutik, predikuan; hil oihal zuria soinean, damutu baten gisara ibiltzen da, senideen arteko maitasunaren jantzipean, lantegietan eta legebiltzarretan barrena; laguntza eskaintzen du, baina boterea du nahi; koplarik gabe egozten ditu bere bidetik disidenteak eta asegabeak; eskuzabal bedeinkatzen ditu gora begiratu eta Jainkosaren begietatik jasotzen dutenak, otzan-otzan, beren begien berezko argia. Dama hori ere (Rezia Warren Smithek igarria zuen) bizi zen Sir Williamen bihotzean, baina gordeka, ohi duen legez, mozorro onargarri baten azpian; izen agurgarri baten azpian: maitasuna, betebeharra, sakrifizioa. Zelako lana egiten zuen medikuak funtsak biltzen, erreformak zabaltzen, erakundeak sortzen! Baina Konbertsioak, Jainkosa gogaikarria baita, nahiago du odola adreiluak baino, eta giza borondateaz hornitzen da gozokiro. Lady Bradshaw, esaterako. Duela hamabost urte eman zuen amore. Ez zen izan hatzekin ukitzeko moduko ezer; ez zen sesiorik egon, ez zen klaskarik aditu; Lady Bradshawren borondatea senarrarenean hondoratu zen, besterik gabe, geldiro, han erabat murgildu arte. Gozoa zen emaztearen irribarrea, berehalakoa haren otzantasuna; Harley Streeteko afariak, zortzi edo bederatzi platerekoak, lanbide liberaleko hamar-hamabost gonbidaturi jaten emateko, lasaiak eta atseginak izaten ziren. Baina, halere, gaua aurrera joan ahala, asperdura edo beharbada ezinegon txiki-txiki batek, nerbioetako tik, duda-muda, irristada eta nahasketaren batek adierazten zuen —sinisteak lanak zituen arren— dama gajoa gezurretan ari zela. Garai batean, aspaldi, izokinak harrapatzen zituen bere kasa; orain, senarraren begiei hain distira melenga ematen zien aginte gose, botere gose hura asetzeko prest, Lady Bradshawk bere burua mugatzen zuen, txikitzen, murrizten, kimatzen, atzera egiten zuen, kirika begiratzen; hortaz, nahiz eta benetan inork ez jakin zergatik izaten ziren afari haiek hain desatseginak, zergatik sumatzen zuten presio hura buruaren goiko aldean (arrazoia erraz asko izan zitekeen berriketaldi profesionala, edo mediku handiek berezko duten unadura, izan ere, Lady Bradshawk esaten zuen legez, sendagile batek ez zeukan bere bizitza bere esku, pazienteen esanetara bizi zelako), kontua zen afari haiek desatseginak izaten zirela, eta, beraz, gonbidatuek, ordulariak hamarrak jotzen zuenerako, are bozkarioz arnasten zuten Harley Streeteko airea; pazienteei, aitzitik, gozagarri hura ere ukatzen zitzaien.

      Han, gela gris hartan zeudela, hormetako margolanen eta altzari baliotsuen artean, beira esmerilatuzko sabaileihoaren azpian, beren lege-hauste guztien neurriaren jakitun egiten ziren; besaulkietan uzkurturik, medikuak gaixoen mesedetan egiten zuen ariketa bitxi hura ikusten zuten, besoak kanporantz luzatzen baitzituen lehenik, eta gero bat-batean gerrirantz ekartzen, erakustearren (pazientea egoskorra baldin bazen) Sir William bere ekintza guztien jabe zela, gaixoa ez bezala. Ahulenek hondoa jotzen zuten orduan; negar-zotinka hasten ziren, men egiten; beste batzuek, Jainkoak jakin zer eromen eragabek bultzaturik, Sir Williami irurzurti madarikatua deitzen zioten aurpegira; bizitza bera ere zalantzan jartzen zuten, fedegabetasun are ikaragarriago batez. Zergatik bizi?, galdetzen zioten. Sir Williamek erantzuten zien bizitza ona zela. Egia zen han zegoela zintzilik Lady Bradshaw, ostruka lumatan bilduta, tximinia-erlaitzaren gainean, eta medikuaren diru-sarrerak hamabi mila libra ingurukoak zirela urtean. Gurekin, ordea, kexatzen ziren, bizitzak ez du hain eskuzabal jokatu. Arrazoi ematen zien. Proportzioaren zentzua falta zitzaien. Eta, azken finean, Jainkorik ez balitz? Sir Williamek sorbaldak altxatzen zituen. Laburbilduz, bizitzea ala ez bizitzea, gure afera al da? Horretan oker zebiltzan. Sir Williamek bazuen lagun bat Surreyn, non irakasten baitzuten, medikuak hinki-hankarik gabe onartzen zuenez, arte zail hura: proportzioaren zentzua. Eta, bestalde, familia-maitasuna ere bazegoen; eta ohorea, ausardia; eta karrera bikain bat. Gauza horien guztien defendatzaile bipila baitzen medikua. Haiek huts eginez gero, polizia eta jendartearen ongia baliatzen zituen, eta lasaitasun osoz azaltzen zien ezen han, Surreyn, arduratuko zirela mendean hartzeaz hein handi batean odol on eskasak eragindako bulkada antisozial haiek. Eta une hartantxe gordelekutik isilka irten eta bere tronuan jesartzen zen Jainkosa hura, aurkari guztiak indargabetzeko, bere begitartea besteen jainkotegietan ezin ezabatuzko eran zizelkatzeko irritsez beterik. Biluzik, babesgabe, unatuek, adiskide bakoek Sir Williamen nahiaren marka jasotzen zuten. Erasoa jotzen zien; jendea giltzapetzen. Erabaki-indarraren eta gizatasunaren arteko nahaste horri esker zitzaien hain begiko Sir William biktimen senitartekoei.

      Baina Rezia Warren Smith oihuka joan zen Harley Streeten behera, gizon hura gogoko ez zuela esanez.

      Birrinduz eta xerratan ebakiz, zatituz eta zatiak zatituz, Harley Streeteko ordulariek ekaineko eguna karraskatzen zuten, otzantasuna aholkatzen, boterearen alde agertzen ziren, eta agerian jartzen zituzten, aho batez, proportzioaren zentzuaren ontasun gorenekoak, harik eta denbora-ondarea hainbeste urritu zen, non ordulari publizitatedun batek, Oxford Streeteko denda baten gainean esekita, jator eta bihotz-bero iragarri baitzuen, Rigby eta Lowndes jaunentzat pozgarria balitz bezala informazio hura doan ematea, ordu bata eta erdiak zirela.

      Gora begiratzean, jaun haien abizenen letrek orduak ordezten zituztela ikusten zen; batek eskerrak ematen zizkien Rigby eta Lowndes jaunei Greendwichek berretsitako ordua jakinarazteagatik; eta esker on horrek (halako gogoetak zerabiltzan Hugh Whitbreadek dendako erakusleihoaren aurrean gelditurik) berez ekartzen zuen gero Rigby eta Lowndes jaunen galtzerdi eta oinetakoak erostea. Horretaz ari zen hausnarrean Hugh Whitbread. Ohitura hori zuen. Ez zen sakonago joaten. Axalkerietan gelditzen zen; hizkuntza hilak, biziak, Konstantinoplako bizimodua, Paris, Erroma; zaldiz ibiltzea, ehiza, tenisa, beste garai bateko kontuak ziren. Mihi gaiztoek zioten Buckinghamgo jauregian zaindari ziharduela orain, zetazko galtzerdiak jantzita eta galtza motzetan, nahiz eta inork ez zekien zer zaintzen zuen. Izugarri maratza zen, halere. Berrogeita hamabost urte zeramatzan Ingalaterrako jendarteko printzipalen besotik helduta. Hainbat lehen ministrorekin ibilitakoa zen. Hughen atxikimenduak oso sakonak zirela jotzen zen. Eta egia bazen ere ez zuela denbora hartako inongo mugimendu handitan parte hartu eta ez zuela ezta ere kargu garrantzitsurik bete inoiz, berari zor zitzaizkion erreforma xume bat edo bi; aterpetxe publikoen hobekuntza, bata; Norfolkeko hontzen babesa, bestea; neskameek bazuten hari zer eskertu; eta haren izena itzal handikoa zen The Timeseko eskutitzen bukaeran azaltzen zenean dirua eskatuz, jendeari dei eginez hau babestera, hori sostengatzera, zaborrak garbitzera, keak murriztera, parkeetatik moralgabekeria uxatzera.

      Eta zelako itxura ederra zuen Hughek han unetxo batez geldirik zegoela (ordu erdiaren hotsa aienatzen zen bitartean), aire zorrotz eta maisutasunezko batekin begira erakusleihoko galtzerdi eta oinetakoei: txukun-txukun, sendo, munduari tontor moduko batetik begiratuko balio bezala horretarako egokiro jantzita; baina Hugh jabetzen zen, halaber, garrantziak, aberastasunak eta osasunak eginbeharrak zekarzkiotela, eta arretatsu erakusten zituen, are inondik ere premiarik ez zegoenean, keinu gizabidetsu txikiak, begirunezko erritu zaharkituak, bere manerei halako dotoretasun bat ekartzen zietenak, eredugarri bihurtzen zituztenak, ahaztezinak, zeren ez baitzuen, esaterako, sekula bazkalduko Lady Brutonekin, hogei urteko hartu-emanen lotura zuten arren, krabelin sorta bat berari eraman eta besoa luzatuta eman barik, ezta Brush andereñoari, Lady Brutonen idazkariari, Hegoafrikan zuen anaiaz galdetu barik ere, nahiz eta kunplimendu horrek, auskalo zergatik, ikaragarri ernegarazten zuen idazkaria, xarma femeninorik batere gabea bera, eta hainbeste ernegarazi ere, non «Eskerrik asko, oso ondo doakio dena Hegoafrikan» erantzun ohi zion, egia zera izan arren, anaiak sei urte zeramatzala Portsmouthen eta oso txarto zihoakiola dena.

      Lady Brutonek, aldiz, nahiago zuen Richard Dalloway, zeina une berean iritsia baitzen hara; izan ere, ate ondoan elkartu ziren biak.

      Lady Brutonek nahiago zuen Richard Dalloway, jakina. Material hobeaz egina zegoen. Baina ez zuen onartuko Hugh koitadu maitea maiseatu zezaten. Ez zuen inoiz ahaztuko zeinen jatorra izan zen behin —benetan txoil jatorra izan baitzen—, orain gogoan ez bazuen ere zein izan zen kontua. Baina holakoa izan zen, bai, txoil jatorra. Edozelan ere, gizon baten eta bestearen arteko aldeak ez zuen garrantzi handirik. Lady Brutonek ez zuen inoiz ulertu zer dela-eta birrindu beharra zegoen jendea Clarissa Dallowayk birrintzen zuen moduan: xehatuz eta, gero, zati guztiak berriro itsatsiz; ez bederen batek hirurogei urte izanda. Hughen krabelinak hartu zituen, bere irribarre goibel eta iharra ezpainetan. Ez zen beste inor etorriko, esan zien. Gezurrezko aitzakiak baliatu zituen gizon haiek gonbidatzeko, ataka gaizto batean lagun ziezaioten.

      —Baina lehenik eta behin, bazkaltzera —esan zuen.

      Eta, hala, neskame amantaldun eta kofiadunen joan-etorri isil eta dotore bat hasi zen, eta ez haien zerbitzuen beharra zegoelako, baizik eta Mayfairko dama handiek ordu bata eta erdietatik ordu bietara obratzen duten misterio edo engainu handi horren parte direlako, zeren, ordu bietan, esku-keinu batez, sartu-atera hura eten, eta haren ordez liluramendu sakon bat gailentzen baita: lehenik, jakiei dagokiena, inork ez ditu-eta ordaintzen; eta, ondoren, mahaiari dagokiona, berez hornitzen delako beiraz eta zilarrez, mahai-oihal txikiz, fruitu gorriz beteriko platertxoz; erreboiloaren gaineko mintz gaztaina-kolore krematsuz; eltzeetan igerian datozen oilasko zatikatuz; sua isiotuta beti, koloretsu, aske; eta ardoarekin eta kafearekin batera (ordaindu gabeak biak), irudipen jostakinak agertzen dira hausnarketetan galdutako begien aurrean; begi atsegin eta pentsakor haien aurrean, zeinei musikala, misteriotsua iruditzen baitzaie bizitza; eta begi haiek orain bizkortu egiten ziren maitetsu begiratzeko Lady Brutonek (mugimendu zakarreko emakumea baitzen) bere plater ondoan utzitako krabelin gorrien edertasunari, halako eran non Hugh Whitbreadek, unibertso osoarekin bakean zegoelakoan eta aldi berean guztiz seguru bere estatusaz, sardexka mahai gainean pausatu eta esan baitzuen:

      —Ez al lukete zoragarri emango zure parpailen gainean?

      Brush andereñoak oso txarto hartu zuen gehiegizko konfiantza hura. Hugh Whitbread lotsabakoa iruditu zitzaion. Lady Brutonen barrea eragin zuen horrek.

      Lady Brutonek krabelinak jaso eta halako zurruntasun batez eutsi zien, atzealdean zeukan margolaneko jeneralak pergaminozko biribilkiari eusten zion jarrera berdintsuan; geldi-geldirik egon zen, trantzean bezala. Zer zen zehazki, galdetu zion Richard Dallowayk bere buruari, jeneral haren birbiloba? Hereniloba, apika? Sir Roderick, Sir Miles, Sir Talbot... horixe. Bitxia zen zelan irauten zuen familia hartako emakumeengan leinuaren eiteak. Lady Bruton dragoien jenerala izan zitekeen. Eta Richard pozarren ibiliko zen haren agindupean; begirunerik handiena zor zion emakume hari; maite zituen etorki oneko dama zahar aberatsei buruzko ideia erromantiko haiek, eta gustatuko zitzaion, bere ohiko umore on harekin, ezagutzen zituen gazte buru-bero horietako batzuk ekartzea Lady Brutonenera bazkaltzera; hura bezalako emakumeak ez ziren-eta sortzen te edale porrokatu eta onberen artean. Bazegoen mahats-parra bat, oraindik fruituak ematen zituena, zeinaren azpian jesarri baitzen Lovelace edo Herrick; Lady Brutonek ez zuen poesiako hitz erdirik ere irakurtzen inoiz, baina istorioak hala zioen. Hobe zuen itxaron gonbidatuei bere kezka iturria azaldu baino lehen (jendeari dei egin ala ez; eta, dei eginez gero, zer-nola eta gainerakoak), hobe itxarotea kafea hartu arte, pentsatu zuen Lady Brutonek; eta, hortaz, bere plateraren ondoan laga zituen krabelinak.

      —Zelan dago Clarissa? —galdetu zuen ustekabean.

      Clarissak beti esaten zuen Lady Brutonek ez zuela bera estimatzen. Izan ere, Lady Brutonek bazuen fama interes handiagoa erakusten zuela politikarako jenderako baino; gizon batek legez berba egiten zuela; esku hartu zuela laurogeiko hamarkadako azpijoko sona handiko batean, oraintsuko memorietan aipatzen hasia zen batean. Haren salan bazegoen txoko bat, eta txoko hartan mahai bat, eta mahai haren gainean Sir Talbot Moore jenerala zenaren argazki bat, zeinak han idatzi baitzuen (gau batez, laurogeiko hamarkadan), Lady Bruton bertan zela, Lady Bruton jakitun zela, damak berak aholkaturik beharbada, telegrama bat britainiar armadari aurrera joateko aginduz une historiko batean. (Luma hura gordeta zeukan, eta pasadizoa kontatzen zuen). Bada, Lady Brutonek bere doinu axolagabean galdetzen zuenean «Zelan dago Clarissa?», senarrek nekeak zituzten emazteei sinistarazten, eta emazteek ere beren kolkoan, dama haren miresle sutsuak izanagatik ere, dudak izaten zituzten sinisteko Lady Brutonek egiazko interesa izan zezakeela halako emakumeengana, zeinak, senarren ibilbidea oztopatu eta atzerriko karguak hartzea galarazteaz landa, bilkuren denboraldiaren erdian itsasaldera eraman behar izaten baitziren gripea sendatzera. Edozelan ere, emakumeek bazekiten «Zelan dago Clarissa?» galdetzea asmo oneko keinu bat zela, kide isil batengandik zetorrela eta adierazpen haiek (dozena erdi bat-edo, bizitzaldi osoan) otordu maskulinoen azpitik zihoan nolabaiteko adiskidantza femenino baten aitorpena erakusten zutela, eta erlazio bitxi baten bitartez lotzen zituztela Lady Bruton eta Dalloway andrea, oso bakanetan elkar ikusten zuten arren eta, hala gertatzen zenean, elkarri axolagabe eta are ezinikusiz begiratzen ziotela zirudien arren.

      —Goizean, Clarissa ikusi dut parkean —esan zuen Hugh Whitbreadek, sardexka eltzean murgilduz, bere buruari gorazarre txiki hori egiteko irrikaz, aski baitzuen Londresera joatea jende guztiarekin topatzeko berehala; baina tripontzia zen, inoiz ezaguturiko gizonik tripontziena, pentsatu zuen Milly Brushek, zeina, gizonen behatzaile gupidagabea izateaz gainera, mirespen betierekoa erakusten baitzekien, bere sexukoenganako batik bat, bera baldarra, iharra, hezurtsua zelako eta ez zuelako xarma femeninorik batere-batere.

      —Ba al dakizue nor dagoen Londresen? —galdetu zien Lady Brutonek bat-batean oroiturik—. Peter Walsh gure adiskide zaharra.

      Irribarre egin zuten denek. Peter Walsh! Dalloway bihotzez poztu da, pentsatu zuen Milly Brushek; eta Whitbread jaunak oilaskoa baino ez dauka buruan.

      Peter Walsh! Hiruroi, Lady Brutoni, Hugh Whitbreadi eta Richard Dallowayri oroitzapen bera etorri zitzaien burura: zeinen maiteminduta egon zen; nola eman zioten ezetza; nola joan zen Indiara; hango porrota; nola katramilatu zitzaion bizitza; eta Richard Dallowayk ikaragarri estimatzen zuen adiskide zahar maite hura. Milly Brush konturatu zen; Richarden begi gaztaina-koloreak biziagotzen zirela konturatu zen; zalantzan ari zela; hausnarrean; eta interesa sortu zitzaion, Dalloway interesgarria begitantzen zitzaiolako beti, zeren zer ibiliko ote zuen buruan, jakin nahi izan zuen Milly Brushek, Peter Walshen gainean?

      Peter Walsh Clarissarekin maiteminduta egon zela; bazkaria bukatu eta zuzenean joango zela etxera Clarissarengana; maite zuela esango ziola, itzulingururik gabe. Bai, halaxe esango zion.

      Milly Brush, garai batean, ia-ia maitemindu egin zitekeen isilune haiekin; eta Dalloway jauna hain zen fidagarria beti; eta hain gizon prestua, gainera. Orain, berrogei urterekin, Lady Brutonek nahikoa zuen buru-keinu bat egitea, edo burua apur bat zakar mugitzea, Milly Brushek segituan ulertzeko, axolarik ez zeinen gogoeta sakonetan zegoen murgilduta bere espiritu aske hura, bere arima usteldu bakoa, bizitzak limurtu ezin izan zuena, ez ziolako eman balio izpirik ere izan zezakeen inongo zirtzilkeriarik: ez kizkurrik, ez irribarrerik, ez ezpainik, ez masailik, ez sudurrik; ezertxo ere ez; Lady Brutonek nahikoa zuen buru-keinu-bat, eta Perkinsek kafea zerbitzatzeko agindua jasoko zuen berehala.

      —Bai, Peter Walsh itzuli da —esan zuen Lady Brutonek. Berria balaku lauso bat bezalakoa izan zen denentzat. Peter egurtuta, porrot eginda itzulia zen, bere bazter seguruetara. Baina ezinezkoa zen, pentsatu zuten, Peterri laguntzea; haren izaeran bazen akatsen bat. Hugh Whitbreadek esan zuen ezen, jakina, Peterren izena aipatu ahal zitzaiola Urlia Eztakitzeri. Bekozko iluna ipini zuen, egoeraren neurrikoa, buruan harturik gobernu bulegoetako zuzendariei bidaliko zizkien gutunak: «Peter Walsh nire adiskide zaharra», eta abar. Baina ez zuen ezertarako, ezer iraunkorrerako, balioko, Peter Walshen izaeraren erruz.

      —Arazoak emakumeren batekin —esan zuen Lady Brutonek. Denek igarria zuten halako zer edo zer izango zela itzuleraren gakoa.

      —Dena dela —gaineratu zuen Lady Brutonek, gaia alboratzeko irrikaz—, Peterrek berak kontatuko digu historia osoa.

      (Kafea berandutzen ari zen).

      —Peterren helbidea? —galdetu zuen Hugh Whitbreadek marmarka. Eta segituan uhin bat sortu zen Lady Brutonen esanetara isurtzen zen zerbitzari-uholde hartan, zeina egunez egun ibiltzen baitzen zernahi jasotzen, zernahi eragozten, eta etxekoandrearen inguruan zabaltzen talkak galaraziko, etenaldiak samurtuko zizkion ehun fin bat, Brook Streeteko etxe osoan barrena sare mehe bat hedatzen zuena, gauzak oro atxikitzeko han, zeren, gero, handik hartuko baitzituen, xuxen-xuxen, berehala, Perkins buruzuriak, Lady Brutonekin hogeita hamar urte zeramatzan eta orain helbidea idatzi eta Whitbread jaunari eman zion zerbitzariak; Hughek diru-zorroa atera, bekainak goratu eta, helbidea dokumentu ezin garrantzitsuagoen artean sartuta, esan zuen Peter bazkaltzera gonbidatzeko eskatuko ziola Evelyni.

      (Whitbreadek noiz bukatu zain zeuden kafea ekartzeko).

      Hugh oso motela zen, pentsatu zuen Lady Brutonek. Eta gizentzen ari zen, nabaritu zuenez. Richard sasoi betean zegoen beti. Lady Bruton berantesten hasia zen; bere barru osoa ari zen modu irmo, ukaezin eta erabatekoan arbuiatzen alferreko huskeria haiek (Peter Walsh eta haren aferak), bere gogoa osorik hartzen zion gaiari heldu nahi ziolako, zeren ez baitzion soilik gogoa hartzen, baizik eta baita bere arimaren funtsezko mintza ere, bere nortasunaren zati oinarrizko hura, Millicent Bruton andrea Millicent Bruton bihurrarazten zuena: familia errespetagarrietako neska-mutil gazteen emigrazioa antolatzeko proiektua, Kanadara joan zitezen, han ondo moldatzeko aukera politak izango zituztelakoan. Lady Bruton kontu hura puzten ari zen. Baliteke proportzioaren zentzua galdu izana. Emigrazioa ez zen, besteen iritziz, ageriko irtenbidea, ez zen halako ideia bikaina. Besteek ez zuten sumatzen (ez Hughek, ez Richardek, ezta Brush andereño leialak ere) emigrazioa zenik norberaren barruan bridaturiko egotismoa askatzeko bidea, baina Lady Bruton, ordea, emakume sendoa eta militar-itxurakoa izanik, ondo elikatua, familia onekoa, bulkada zuzen eta sentimendu garbikoa, eta introspekziorako ahalmen urrikoa (irekia eta tolesgabea: zergatik ez zen jende guztia irekia eta tolesgabea?, galdegiten zuen Lady Brutonek), gero eta indar handiagoz sumatzen ari zen oldar hura orain, gaztaroa amaituta, eta helburu baterantz bideratu beharra zeukan: izan zitekeen Emigrazioa, izan zitekeen Emantzipazioa; baina bata zein bestea izan, arimaren muinaz egunero bustitzen den helburua ezinbestean bihurtzen da prismatiko, distiratsu, erdi ispilu, erdi harribitxi; batzuetan arduraz gordea, jendearen isekak saihestearren; besteetan harro erakutsia. Laburbilduz, Emigrazioa, hein handi batean, Lady Bruton bihurtua zen.

      Baina idatzi beharra zegoen. Eta The Timesera gutun bat bidaltzea, esan ohi zion Brush andereñoari, lan handiagoa zen berarentzat Hegoafrikarako espedizio bat antolatzea baino (holako bat antolatu baitzuen gerran). Goiz osoa borrokan eman eta gero, idazten hasi, papera urratu, ostera hasi, beste inoiz ez bezala jabetzen zen bere izaera femeninoaren hutsaltasunaz, eta Hugh Whitbread gogoratzen zuen esker onez, hark bazeukalako —inork ezin zalantzan ipini— The Timeserako gutunak idazteko antzea.

      Beraren aldean hain desberdina zen-eta hizkuntza hain trebeki menperatzen zuen izaki hura; bazekien gauzak adierazten editoreei gustatzen zitzaien moduan; izaki horrek bazituen diruzalekeriatzat jo ezin zitezkeen grinak. Lady Brutonek gizonei buruzko bere juzguak geldiarazten zituen sarritan, gizonek, emakumeek ez bezala, unibertsoko legeekin zerakutsaten harmonia misteriotsuari zion begiruneagatik; bazekiten gauzak nola adierazi; bazekiten zer esan; beraz, Richardek aholkatzen bazion eta Hughek gutuna idazten bazuen, ziur jakingo zuen ez zela okertuko. Halandaze, Hughi suflea amaitzen utzi zion; Evelyn koitaduaz galdetu zion; gizon biak erretzen hasi arte itxaron, eta, orduan, esan zuen:

      —Milly, ekarriko al dituzu paperak?

      Eta Brush andereñoa gelatik irten zen, eta berriro itzuli; paperak mahai gainean utzi; eta Hughek zilarrezko luma estilografikoa atera zuen, hogei urteko zerbitzualdia egina ziona, esan zuen, estalkia askatuz. Berri-berria zegoen; fabrikatzaileei erakutsi zien; lumak ez zuen zertan hondatu inoiz, esan zioten; eta hori, zelanbait, Hughen aldeko laudorioa zen, baita luma horren bitartez adierazten zituen sentimenduen aldeko laudorioa ere (Richard Dallowayk hala pentsatu zuen), eta, horrenbestez, Hughek zirkuluetan sartutako letra larriak idazteari ekin zion, orrien bazterretan, ederto doituz mordoilo hura The Timeseko editoreak errespetatu beharko zituen neurrira eta gramatikara, pentsatu zuen Lady Brutonek eraldaketa zoragarri hura ikusita. Hugh motela zen. Hugh setatsua zen. Richardek esan zuen arriskatu beharra zegoela. Hughek aldaketak proposatu zituen, jendearen sentimenduei zor zitzaien begiruneagatik, «kontuan hartu beharrekoak zirelako» esan zuen zakar samar, Richardek barre egin zuenean, eta ozen irakurri zien «horren guztiaren ondorioz, gure ustea da tenorea iritsi dela... etengabe hazten ari den gure populazioan beharrezkoak ez diren gazteak... hildakoei zor baitiegu...»; Richardi betelan hutsak eta memelokeriak iruditu zitzaizkion esaldi haiek, baina kaltebakoak, jakina; hortaz, Hughek sentimendu ezinago prestuak zirrimarratzen segitu zuen alfabetoaren ordenaren arabera, txalekotik zigarro errautsak garbituz, eta ordura arteko aurrerabideak noiz edo noiz laburbilduz, harik eta ahots gora irakurri zuen arte, azkenean, Lady Brutoni ziurtasun osoz maisulana iruditu zitzaion gutun baten zirriborroa. Posible ote zen berak buruan zituen ideia haiek hain ondo jotzea belarrira?

      Hughek ezin zuen hitzeman editoreak argitaratuko zuenik; baina norbaitekin elkartzekoa zen bazkalorduan.

      Hura adituta, Lady Brutonek, pinpirinkeriarik nekez egiten bazuen ere, Hughen krabelinak soinekoaren aurrealdean ipini eta «nire lehen ministroa» deitu zion besoak zabal-zabal. Ez zekien nola moldatuko zen bi haiek gabe. Zutitu egin ziren. Eta Richard Dalloway, ohi zuen legez, jeneralaren erretratuari begiratu bat ematera hurbildu zen, asmoa baitzuen, tarte bat zuenean, Lady Brutonen familiaren historia idazteko.

      Eta Millicent Bruton oso harro zegoen bere familiaz. Baina itxaron zezatela, itxaron zezatela, esan zuen margolanari begira; horrekin esan guran bere familia, militarrez, goi mailako funtzionarioz eta almirantez osatua, beren eginbeharra bete zuten ekintza-gizonen familia izan zela; eta Richarden aurreneko eginbeharra aberria zerbitzatzea zela, baina bai, egia zen aurpegi hura ederra zela, esan zuen Lady Brutonek; eta paper guztiak Richarden eskura egongo zirela Aldmixtonen, abagunea iristen zenean; hau da, laboristen gobernuaren txandan.

      —Ene, Indiako albisteak! —egin zuen garrasi Lady Brutonek.

      Eta, gero, atondoan zeudela eskularru horiak malakitazko mahai gaineko goporretik hartzen, Hughek, adeitasun guztiz alferrekoa agertuz, Brush andreari eskaintzen zion bitartean berak nahi ez zuen sarrera-txartelen bat edo beste edozein oparitxo, eta Brush andereñoa, bihotz-bihotzetik gorroto baitzituen gisa hartako opariak, adreilu bat baino gorriago jartzen zen bitartean, Richard Lady Brutonengana jiratu zen, eta, kapela eskuan, esan zion:

      —Ikusiko al zaitugu gaueko festan?

      Lady Brutoni, orduan, gutunaren idazketak suntsitua zion nagusigoa lehengoratu zitzaion. Bazitekeen festan agertzea; baina bazitekeen ez agertzea ere. Clarissaren kemena zoragarria zen. Festek beldurra ematen zioten Lady Brutoni. Eta, bestetik, zahartzen ere hasia zen. Horixe aitortu zien ate aurrean; erakargarri; tente-tente; chow-chow txakurra atzean zuela, nagiak ateratzen; Brush andereñoa, eskuak bete paper, agertokitik ateratzen zen bitartean.

      Eta Lady Bruton, astiro-astiro, handientsu bere gelara igo eta sofan etzan zen, beso bat luzatuta. Hasperen egin zuen, zurrunga egin zuen, baina ez zegoen lo, ez, logaletua soilik, sorgortua, logaletua eta sorgortua, hirusta larre bat bezala ekaineko egun hartako eguzkipean, erleak burrunbaka hara eta hona, eta tximeleta horiak inguruan. Beti itzultzen zen Devonshireko bazter haietara, non ibilia baitzen errekastoen gainetik jauzika Patty bere zalditxoaren gainean, Mortimer eta Tom nebekin. Eta han zeuden txakurrak; eta arratoiak; eta aita eta ama, belardian, zuhaitzen azpian, tea hartzeko tresneria guztiarekin, eta dalia sailak, malba gorriak, panpako belarra; eta hiru neba-arrebak, deabru txikitxoak, bihurrikeriatan beti, sastraken artean gordeka, helduek ikus ez zitzaten, arropak lokatzez beteta, barrabaskeriaren bat egin ostean. Eta zelakoak botatzen zizkion umezain zaharrak soinekoa nola zekarren ikusita!

      Ene, bada! Asteazkena zen, eta Brook Streeten zeuden... oroitu zen Lady Bruton. Adiskide jator haiek, Richard Dalloway, Hugh Whitbread, kalera atera berriak ziren egun bero hartan, sofan etzanik entzuten zuen kanpoko zarata horren erdira. Bazeukan boterea, estatusa, dirua. Bere garaiko abangoardian bizi izandakoa zen. Adiskide onak izan zituen; bere denborako gizonik bikainenak ezagutu zituen. Londresko murmurioak gainezka egiten zion, eta Lady Brutonen eskua, sofaren bizkarraldean zetzana, bere arbasoek erabiliko zuten horren antzeko aginte makila irudizko bat estutuz itxi zen, eta ematen zuen ezen, makila eskuan, logaletua eta sorgortua, Kanadara zihoazen batailoiak zuzentzen zituela, baita bi adiskide jator haiek ere, Londres zeharkatzen ari zirenak orain, berea zuen lurralde hura, bere alfonbra zatitxoa, Mayfair.

      Eta adiskide biak gero eta urrunago aldendu ziren, eta (Lady Brutonekin bazkalduak zirenez) dama harekin estekatzen zituen hari mehe bat eraman zuten atxikita, Londresen barrena urrundu ahala gero eta meheago bihurtzen ari zena; adiskideak, elkarrekin bazkaldu eta gero, norberaren gorputzari loturik geldituko balira bezala hari mehe baten bitartez, zeina (Lady Bruton erdi lo geratzen ari zen) lausoagotzen baitzen ezkilek ordua iragarriz edo mezatara deika jotzen zutenean, nola euri-tantaz blaitutako amaraun hari bat kakotu eta urratzen den azkenean, pisuaren pisuaz. Halaxe lokartu zen bera.

      Richard Dalloway eta Hugh Whitbread zalantzan egon ziren Conduit Streeteko kantoira iritsitakoan, noiz eta Millicent Bruton, sofan etzanda, haria eteten utzi eta zurrungaka hasi zen unean. Kale-kantoi hartan, bateko eta besteko haizeek elkarren kontra jotzen zuten. Denda baten erakusleihoari begira gelditu ziren biak; ez zuten ezer erosi nahi, ezta berbetan jardun nahi ere, elkarrengandik bereizi baino ez, baina bateko eta besteko haizeak elkarren kontra jotzen ari zirenez kale-kantoi hartan, etenaldi bat gertatu zenez gorputzaren itsasgora eta itsasbeheretan, bi indar haiek, goiza eta arratsaldea, zurrunbilo batean nahasi zirelako, gizon biak han gelditu ziren. Haizeak egunkari iragarki bat eroan zuen, dotore hegaldatu zen, kometa bat bezala aurrena; gero, gelditu, amildu eta kili-kolo geratu zen lurrean; eta emakume belo bat dingilizka goratu zen. Eguzki-oihal horiak dardarka hasi ziren. Goizeko zirkulazioaren abiadura moteldua zen orain, eta zalgurdi bakan batzuk triki-traka igarotzen ziren, arduragabe, kale erdi hutsetan behera. Norfolken, Richardi hango oroitzapen lausoak etorri zitzaizkion-eta, haize leun eta epel bat altxatu zen, petaloak atzeraka orraztuz; urak nahasiz; lorez beteriko belardiak kulunkaraziz. Segalariek, heskai batzuen azpian etzan baitziren goizeko lan nekezaren ondotik atseden hartzera, gortina berde hostotsuak zabaldu zituzten; astaperrexil zurien unbela dardartiak baztertu zituzten zerua ikustearren; udako zerua, urdina, sendoa, distiraz betea.

      Ohartu arren zilarrezko godalet bat zuela begien azpian, bi heldulekukoa, Jakobo erregearen garaikoa, eta Hugh Whitbread etorkor miresten ari zela, adituaren eiteaz, iduneko espainiar bat —prezioa galdetuko zuela pentsatuz, Evelynen gustukoa bazen ere—, Richardek lozorroturik segitzen zuen; ezin zuen pentsatu, ezin zen mugitu. Bizitzak naufragioaren hondar horiek jaurti zituen; kolorezko zirtzileriaz jositako erakusleihoak, eta bat hantxe geratzen zen geldi-geldi begira, zaharren lozorroak harturik, zaharren zurruntasunak harturik. Baliteke Evelyn Whitbreadek iduneko espainiar hura erosi nahi izatea, bai, baliteke. Richardi aharrausia etorri zitzaion, ezin eutsi. Hugh dendara sartzera zihoan.

      —Bai horixe! —esan zuen Richardek, eta Hughen atzetik sartu zen.

      Jainkoak ederki zekien Richardek ez zuela gogoko Hughekin idunekoak erosten ibiltzea. Baina gorputzak baditu bere itsasgorak eta itsasbeherak. Goiza arratsaldearekin elkartzen da. Txalupa mengel batek ur sakonetan, oso sakonetan barrena eramango balitu bezala, hala hondoratu eta urperatu ziren Lady Brutonen birraitita eta haren memoriak eta Ipar Amerikako kanpainak. Baita Millicent Bruton bera ere. Richardi bost axola zitzaion Emigrazioa; bost axola, gutun hura; editoreak argitaratuko zuen edo ez. Idunekoa Hughen hatz miresgarrien artean hedatzen zen dingilizka. Oparitu ziezaiola neskaren bati, bitxiak erosi beharra baldin bazuen, kaletik zebilen edozein neskari, edozeini. Zeren bizitza haren hutsaltasunak zakar hunkitu baitzuen Richard une hartan: Evelynentzat idunekoak erostea. Seme bat izan balu, esango zion: lan egin, lan egin. Baina Elizabeth zuen; biziki maite zuen bere Elizabeth.

      —Dubonnet jauna ikusi gura nuke —esan zuen Hughek bere doinu lehor eta kosmopolita harekin. Dubonnet jaun delako horrek Whitbread andrearen lepoaren neurriak ezagutzen zituen, antza, edo, are harrigarriagoa bazen ere, bazekien zer bitxi espainiar zituen gustuko eta molde hartako zenbat pieza zeuzkan (Hughek berak gogoratu ezin zuena). Hura guztia ikaragarri arrotza begitantzen zitzaion Richard Dallowayri. Hark ez zion-eta inoiz oparirik egiten Clarissari, bizpahiru urte lehenago oparitutako besoko bat kenduta, arrakastarik izan ez zuena. Ez zuen sekula ipintzen. Min eman zion sekula ipintzen ez zuela gogoratzeak. Eta nola kulunkatzen den armiarma baten haria batetik bestera hosto mutur bati atxiki baino lehen, bada, Richarden gogoa lozorrotik atera eta halaxe joan zen bere emaztearengana, Peter Walshek hain kartsuki maite izan zuen bere Clarissarengana; Richardi, bazkaltzen ari zirela, emaztearen irudia etorri zitzaion-eta bat-batean burura; bere irudia eta Clarissarena; biek zeramaten bizimodu horren irudia; eta antzinako bitxien erretilura hurbildu eta paparreko orratz bat hartu zuen aurrena, eta eraztun bat hurrena. Zenbat balio du honek?, galdegin zuen. Baina ez zen bere gustuaz fidatzen. Salako atea ireki eta eskuetan zer edo zer eramanez sartu nahi zuen; Clarissarentzako opariren bat. Zer, ordea? Hugh zutik zegoen berriro. Sekulako harrokeria erakusten ari zen. Argi esango zuen, hogeita hamabost urte zeramatzan denda hartan erosten, eta ez zegoen prest langintzaz tutik ere ez zekien gaztetxo batekin hitz egiteko. Zeren Dubonnet jauna, antza, kanpoan zegoen, eta Hughek ez zuen asmorik ezer erosteko Dubonnet jaunak itzultzea erabaki arte; hura aditzearekin bat, gaxtea lotsagorritu, eta buru-makurtu txit gizalegetsu bat egin zuen. Zuzena eta egokia izan zen guztia. Eta, halere, Richardek ez zuen hola hitz egingo, ezta bere burua salbatzeko ere. Ezin zuen ulertu zergatik onartzen zuen jende hark holako lotsabakokeriarik. Hugh astakilo galanta bihurtzen ari zen. Richard Dallowayk ezin zezakeen jasan ordubete baino gehiago Hughen ondoan. Eta, onddo-kapela goratuz agur esateko, Richardek irrikan, bai, irrika bizian igaro zuen Conduit Streeteko kantoia, emaztearengana eramango zuen armiarma-hari horretan barrena abiatzeko; Clarissarengana joango zen zuzen-zuzen, Westminsterrera.

      Baina zer edo zer eraman nahi zion. Loreak? Bai, loreak, urre zeretan ez baitzen bere gustuaz fidatzen; loreak, axolarik ez zenbat, arrosak, orkideak, zertarako eta ospatzeko, edozein ikuspuntutatik begiratuta ere, gertakizun handi hura, bazkalorduan Clarissarenganako erne zitzaion sentimendua, Peter Walshi buruz hizketan aritu zirenean; eta ez zuten inoiz horri buruz berba egiten; urteak zeramatzaten horri buruz berbarik egin barik; eta, pentsatu zuen Richardek, arrosa gorriak eta zuriak batuz (sorta handi bat zetazko paperean bilduta), munduko akatsik larriena da hori. Une bat iristen da non ezin baita holakorik esan; lotsagatik, pentsatu zuen, jasotako bizpahiru txanpon txikiak poltsikoratuz, eta Westminsterrera hartu zuen, lore-sorta ederra gorputzaren kontra zeramala, harengana iristeko eta itzulingururik gabe esateko (garrantzirik ez zer pentsatuko zuen Clarissak), loreak ematearekin batera, «Maite zaitut». Zergatik ez? Egia esan, mirari bat zen, gogoan hartuz gero gerra eta bizitzaren hasieran baino ez zeuden mutil koitadu haiek, denak batera lurperatuak, erdi ahaztuak jada; mirari bat zen. Eta hortxe zegoen bera, Londresen barrena zihoala, Clarissari itzulingururik gabe esateko maite zuela. Batek ez baitu sekula holakorik esaten, pentsatu zuen; hein batean, alferkeriagatik; hein batean, lotsagatik. Eta Clarissa... zaila zitzaion harengan pentsatzea, bat-bateko dirdaietan izan ezik, bazkalorduan bezala, argi eta garbi ikusi zuenean emaztearen irudia; beren bizitza osoa. Pasabidean gelditu zen; eta bere buruari ostera esan zion —gizon xaloa zelako berez, usteldu bakoa, oso ibilketaria izana zelako, eta ehiztaria; tematsua eta burugogorra, zapalduen defendatzailea; eta bere senari kasu egin ziolako Komunen Ganberan; bere xalotasunari eutsi ziolako, nahiz eta isil samarra bihurtua zen, zurrun samarra—, ostera esan zion bere buruari mirari bat zela Clarissarekin ezkondu izana; mirari bat... bere bizitza osoa mirari bat izan zen, esan zuen bere artean, bidea gurutzatu ala ez zalantzan zegoen bitartean. Odola irakiten jartzen zitzaion bospasei urteko umetxoak Piccadilly bakarrik gurutzatzen ikustean. Poliziak zirkulazioa geldiarazi beharko luke segituan. Richardek ez zuen askorik espero Londresko poliziarengandik. Izan ere, haien zabarkerien frogak biltzen ari zen. Eta kalez kaleko saltzaile haiek... debekatu beharko litzaieke salmahaiak kalean zabaltzea; eta prostitutak, Jainkoarren, errua ez zen haiena, ez, ezta mutil gazteena ere, gure gizarte sistema gorrotagarriarena eta hark zekartzan ondorioena baizik; eta hori guztia zerabilen gogoan, igartzen zen hori guztia zerabilela gogoan, parkea zeharkatzen ari zela, ile-urdin, tematsu, dotore, aratz, emaztearengana zihoala maite zuela esatera.

      Bai, hitz horiexekin esango zion, gelan sartu bezain azkar. Zinez tamala delako zer sentitzen dugun ez adieraztea, pentsatu zuen Green Park gurutzatzean, atsegin handiz begiratu bitartean zuhaitzen gerizpean patxadan etzanda zeuden familiei, familia txiroei: haurtxoak hankak gora, niniak bularra hartzen; paperezko poltsak lurrean han eta hemen, erraz bil litzakeenak (inor kexatuz gero) libreiaz jantzitako jaun gizen haietako batek; Richardek uste baitzuen parke guztiek, eta plaza guztiek, udako hilabeteetan, umeentzat zabalik egon behar zutela (parkeko belarra tarteka argitu eta marguldu egiten zen, Westminsterko ama gajoei eta katuka zebiltzan haurtxoei argi emanez, gorputzen azpian lanpara hori bat ibiliko balitzaie bezala batera eta bestera). Baina zer egin zitekeen emakume arlote haien alde, andre koitadu horri laguntzeko, esate baterako, han, ukondoaren gainean etzanda zegoen horri (bere burua nahita bota izan balu bezala, lotura guztietatik aske, jakin-minez begiratzeko, ausardiaz hausnartzeko, zergatiak eta zioak kontuan hartzeko, lotsabako, legarrik ez ahoan, umoretsu), Richard Dallowayk ez zekien. Loreak arma bat bailiran zeramatzala, arlotearengana gerturatu zen; zirt edo zart pasatu zen haren ondotik; eta, halere, astia izan zen txinparta bat sortzeko bien artean: arloteak barre egin zuen gizona ikustean; Richardek irri egin zuen umore oneko, emakume arloteen auziaz hausnarrean; elkarri sekula hitzik egingo ez zioten arren. Baina Clarissari esango zion maite zuela, hitz horiexekin esan ere. Denbora batean jeloskor ibili zen Peter Walshekin; jeloskor, Peter eta Clarissarekin. Clarissak, halere, maiz esana zion asmatu egin zuela Peterrekin ez ezkonduta; eta, Clarissa ezagututa, egia zen, jakina. Ez zen ahula, ez; baina sostengua behar zuen.

      Eta Buckinghamgo jauregiari zegokionez (prima donna zahar bat zirudien, zuriz jantzita, ikusleen aurrean), ezin zen ukatu bazuela halako duintasun bat, bururatu zitzaion Richardi, ezin zen gutxietsi, azken batean, milioika gizon-emakumerentzat zuen garrantzia (jende multzo txiki bat zegoen burdin hesiaren ondoan, Erregeren autoa noiz irten zain), ikur bat baitzen, absurdoa izanagatik; ume batek adreilu mordo bat hartu eta zerbait hobea egingo zuen, pentsatu zuen Viktoria erreginaren oroitarriari begira (oskolezko betaurrekoak jantzita gogoratzen zuen erregina, autoz pasieran Kensingtonen barrena), oinarri zuri zabalari begira, erreginaren ama-aire hanpatuari; baina gogoko zuen Horsaren ondorengoaren agintepean bizitzea; gogoko zuen segida hura; iraganeko ohiturak belaunaldiz belaunaldi irautea. Garai ederra zen berea. Egia esan, bere bizitza mirari bat iruditzen zitzaion; bai, zalantza izpirik gabe; han zegoen bera, bere bizitzaren lorean, Westminsterko bere etxera bidean, Clarissari esateko maite zuela. Hauxe da zoriona, pentsatu zuen.

      Hauxe, esan zuen Dean’s Yarden sartzean. Big Ben jotzen hasi zen. Deia lehenik, musikala; gero, ordua, atzera bueltarik gabea. Bazkariek arratsalde osoa hondatzen dute, pentsatu zuen etxeko atera iritsitakoan.

      Big Benen hotsa Clarissaren sala osoan zehar barreiatu zen, eta han zegoen bera amorruz beterik, idazmahaian jesarrita; kezkatuta; amorratzen. Egi-egia zen ez zuela Ellie Henderson festara gonbidatu; nahita, baina. Eta orain, Marsham andreak idazten zion kontatuz Ellie Hendersoni esana ziola Clarissari eskatuko ziola hura gonbidatzeko, Elliek festara joateko itzelezko gogoa zuen eta.

      Baina zergatik gonbidatu behar zituen bere festetara Londresko emakume aspergarri guztiak? Zergatik sartu behar izan zuen muturra Marsham andreak? Eta, bien bitartean, han zegoen Elizabeth, Doris Kilmanekin itxian sartuta denbora osoan. Ezin zuen ezer higuingarriagorik imajinatu. Otoitzean halako ordu batean, emakume harekin. Eta ezkila-hotsak bere uhin malenkoniatsuaz blaitu zuen gela osoa; eta atzera egin, bere baitan bildu, eta beste behin amildu zen, eta une hartantxe Clarissak ia oharkabean zer edo zer aditu zuen atean zirika, atean harramazka. Nor ote ordu hartan? Ene, bada, hirurak! Hirurak ziren jada! Ordulariak, zintzotasun eta duintasun nabarmenez, hirurak jo baitzituen; eta Clarissak ez zuen besterik entzun. Baina eskulekua jiratu, eta hantxe sartu zen Richard! Hau ustekabea! Richard sartu zen, loreak zekartzala. Huts egin zion behin, Konstantinoplan; eta Lady Brutonek, bazkari ikaragarri dibertigarriak antolatzen ei dituenak, ez zuen bazkarira gonbidatu. Senarrak loreak zekarzkion, arrosak; arrosa zuri eta gorriak. (Baina Richardek ez zuen modurik izan Clarissari esateko maite zuela; ez hitz haiexekin).

      Baina zeinen ederrak, esan zuen loreak hartzearekin batera. Ulertu zuen; berak hitzik esan gabe ulertu ere; Clarissa berea. Loreontzietan sartu eta tximinia-erlaitzean ipini zituen. Zeinen ederrak!, esan zuen emazteak. Ondo pasatu zuen?, galdegin zion. Lady Brutonek berari buruz galdetu zuen? Peter Walsh itzulia zen. Marsham andreak idatzi zion. Ellie Henderson gonbidatu behar al zuen? Emakume hura, Kilman, goian zegoen.

      —Eser gaitezen bost minutu —esan zion Richardek.

      Gelak huts-hutsik ematen zuen. Aulki guztiak hormaren kontra. Zertan ibili ziren? Oi, festagatik zen; ez, ez zitzaion festa ahaztu. Peter Walsh itzulia zen. Oi, bai; etxean izan zen. Dibortziatzeko asmoa omen; emakumeren batekin maiteminduta, nonbait, hango batekin. Eta betiko berbera zen. Eta hantxe zegoen bera, soinekoa konpontzen...

      —Bourtonez pentsatzen —esan zuen Clarissak.

      —Hugh ere etorri da bazkarira —esan zion Richardek. Clarissak ere ikusi zuen. Tira, guztiz jasanezina bihurtzen ari zen. Evelyni idunekoak erosten; inoiz baino potoloago gainera; astakilo jasanezina.

      —Eta bat-batean bururatu zait «zurekin ezkon nintekeen» —esan zuen Clarissak Peter zerabilela gogoan, hantxe jesarrita, gorbatatxo begiztadun harekin, labana ireki eta labana ixten—. Betiko Peter da, betiko berbera.

      Peterri buruz berbetan aritu ziren bazkarian, esan zuen Richardek. (Baina ezin zion esan maite zuela. Eskutik oratu zion. Hauxe da zoriona, pentsatu zuen). Gutun bat idazten aritu ziren The Timeserako, Millicent Brutoni laguntzearren. Hughek horretarako baino ez zuen balio.

      —Eta gure Kilman andereño maitea? —galdegin zion Richardek.

      Clarissak pentsatu zuen arrosak eder-ederrak zirela; hasieran, sorta batean estu bilduta denak; gero, zein bere nahierara bereiziz.

      —Bazkaria bukatu, eta orduantxe iritsi da —erantzun zion Clarissak—. Elizabeth gorritu egin da, eta goian itxi dira biak. Otoitzean, pentsatzen dut.

      Jainko maitea! Richardi ez zitzaion batere gustatzen kontu hura; baina holako gauzak berez konpontzen dira, kasurik egiten ez bazaie.

      —Zira jantzita eta aterkiarekin —gaineratu zuen Clarissak.

      Richardek ez zion «Maite zaitut» esan; baina eskutik heldu zion. Hauxe da zoriona, pentsatu zuen.

      —Baina zergatik gonbidatu beharko nituzke nire festetara Londresko emakume aspergarri guztiak? —kexatu zen Clarissa. Eta Marsham andreak festa bat antolatuko balu, berak aukeratuko lituzke gonbidatuak ala?

      —Ellie Henderson gajoa —esan zuen Richardek. Harrigarria zen zenbateko garrantzia ematen zien Clarissak bere festa haiei, pentsatu zuen.

      Richardek, dena dela, ez zuen ideiarik ere zer itxura izan behar ote zuen sala batek. Zer esan zezakeen, bada?

      Clarissa hainbeste arduratzen bazen festa haiekin, ez zion utziko gehiago antolatzen. Damutuko al zitzaion Peterrekin ezkondu ez izana? Baina Richardek joan beharra zeukan.

      Joan beharra zeukan, esan zuen zutituz. Baina geldi geratu zen, lipar batez, zerbait esatekotan balego bezala; eta Clarissak bere buruari galdetu zion... Zer? Zergatik? Hortxe zeuden arrosak.

      —Batzorderen bat? —galdetu zion, Richard atea irekitzen ari zenean.

      —Armeniarrak —erantzun zion; edo baliteke «albaniarrak» erantzun izana.

      Eta jendearen baitan badago duintasun moduko bat; bakardade moduko bat; are senarraren eta emaztearen artean, leize handi bat; eta errespetatu beharra dago, pentsatu zuen Clarissak Richardi begira, hark atea irekitzen zuen bitartean; batek ezin diolako uko egin bere burujabetasunari, ezta senarrari berea gogoz kontra kendu ere, autoestimua galdu gabe, eta horrek, azken finean, ez dauka preziorik.

      Richard burko batekin eta edredoi batekin itzuli zen.

      —Erabateko atsedena ordubetez bazkaldu eta gero —esan zion. Eta joan egin zen.

      Oso berea, zinez! Eta hala esango zuen mendeen bukaerara arte, «Erabateko atsedena ordubetez bazkaldu eta gero», mediku batek hori agindu ziolako behin. Bere-berea zuen medikuek esandakoa hitzez hitz ulertzea; maila goren hartan Richardek beste inork ez zeukan xalotasun bikain eta maitagarriaren adierazleetako bat zen; bere aferez arduratzeko balio izan ziona, Clarissa eta Peter denbora osoa liskarretan alferrik galtzen zebiltzan bitartean. Eta honezkero Komunen Ganberarako bide erdia egina izango zuen, bere armeniarrez, bere albaniarrez arduratze aldera, Clarissa sofan etzanda laga eta gero, berak eramandako arrosei begira. Eta jendeak esango zuen «Clarissa Dalloway eguzki epeletan hazitakoa da». Askoz gehiago kezkatzen baitzen bere arrosez armeniarrez baino. Heriotzaraino jazarriak, elbarrituak, hotzak akabatzen, ankerkeriaren eta injustiziaren biktimak... (hamaika aldiz entzun zion Richardi halakoak esaten), ez, albaniarrek —edo armeniarrak ote ziren?— ez zioten inolako sentimendurik ernearazten, arrosak, ordea, oso gustukoak zituen (horrek ez zien ba armeniarrei lagunduko?)... arrosak ziren moztu ondoren ere gogoko zituen lore bakarrak. Eta Richard Komunen Ganberan zegoen dagoeneko; batzordean, emaztearen arazo guztiak konpondu ondoren. Ez, ordea, ez zen hala. Richardek ezin zezakeen ulertu zergatik ez zuen Ellie Henderson gonbidatu nahi. Clarissak, jakina, Richardek gura bezala jokatuko zuen. Burkoa eraman zionez, etzan egingo zen... baina... baina... zer zela eta sentitzen zen, bat-batean eta berak ezin asmatu zuen arrazoiren batengatik, hain zoritxarreko? Nola ibiltzen den pertsona bat belardi batean perlaren bat edo diamanteren bat jausi zaiolako belar izpi luzeak batera eta bestera bereizten, tentu handiz, han eta hemen, baina alferrik, eta nola ikusten duen, azkenean ere, han dagoela sustraien artean? Bada, halaxe ibili zen Clarissa burutazio batetik bestera; ez, kontua ez zen Sally Setonek esandako hura, Richard ez zela sekula Gobernuko kide izango bigarren mailako garuna zeukalako (bat-batean oroitu zen); ez, hori ez zitzaion axola; eta ez zuen zerikusirik ezta ere Elizabeth eta Doris Kilmanekin; horiek egitateak ziren. Beste hura, ordea, sentimendu bat zen, sentimendu desatseginen bat, goizean goizetik nagusitu zitzaiona; Peterrek esandako zer edo zer, berezkoak zituen beheraldi horietako batekin nahasi zitzaiona, han, logelan, kapela eranztean; eta Richardek esandakoa ere gaineratu zitzaion, baina zer esan zuen, bada? Han zeuden haren arrosak. Festak! Horixe zen! Bere festak! Bi-biek oso modu bidegabean kritikatzen zuten, arrazoi barik egiten zioten burla, bere festen kontura. Horixe zen! Horixe!

      Tira, bada, eta zer egingo zuen bere burua defendatzeko? Orain, arrazoia ezaguturik, guztiz zoriontsua zen. Biek uste zuten, edo Peterrek bederen uste zuen Clarissak gogoko zuela bere burua nabarmentzea; gustuko zuela jende ospetsua izatea inguruan; hots handiko izenak; esnob hutsa zela, hitz batez. Tira, baliteke Peterrek halako ustea izatea. Richardek besterik gabe uste zuen txatxukeria hutsa zela Clarissa hainbeste aztoratzea holako kontuekin jakinik bere bihotzarentzat txarra zela. Haurkeria iruditzen zitzaion. Eta oker zeuden biak. Berak, besterik gabe, bizitza zuen maite.

      —Horrexegatik egiten dut —esan zuen bizitzarekin ozen berbetan.

      Sofan etzanda zegoenez, bere bakardadean, salbuetsita, hain garbi sentitzen zuen gauza hori hezur eta mamizko bihurtu zen: kaleko zarataz jantzita sartu zen, eguzkitsu, hats epeleko, xuxurlari, pertsianak astinduz. Demagun Peterrek esaten ziola: «Bai, bai, baina zure festa horiek, zertarako antolatzen dituzu zure festa horiek?». Bada, Clarissak honako hau baizik ezin izango lioke erantzun (eta ezin espero inork ulertuko zionik): oparigaiak dira; erantzunak izugarri lausoa zirudien, noski. Nor zen, ordea, Peter ebazteko bizitza aldaparik gabeko bide samurra zela? Peter, maiteminetan beti, okerreko emakumearekin maiteminetan beti. Zer da zure maitasun hori?, galdetuko zion Clarissak. Eta bazekien zer erantzungo zion; maitasuna munduko gauzarik garrantzitsuena zela, eta inongo emakumek ezin zuela hori ulertu. Ondo da. Baina ba al zegoen munduan gizonik Clarissak esan gura zuena uler zezakeenik? Bizitzaz uste zuena uler zezakeenik? Ezin zuen irudikatu ez Peter ez Richard festa bat antolatzeko lana hartzen arrazoi jakinik gabe.

      Baina are sakonago joanez, jendearen hitzetatik hondorago joanez (eta iritzi haiek, zeinen axalekoak ziren, zeinen osatugabeak!), bere buruari begira orain, zer esan gura zuen bizitza deitzen zuen gauza horrek? Ene! Oso-oso bitxia zen! Hor zegoen Urlia South Kensingtonen; Berendia han, Bayswaterren; eta besteren bat, esan dezagun, Mayfairren. Eta Clarissak etengabe sumatzen zuen haiek bizirik zeudela; eta bere artean zioen alferreko galera zela; bere artean zioen tamala zela; eta denak elkartzeko gogoa etortzen zitzaion, eta hala egiten zuen. Oparigai bat zen, antolabide bat, sormen lan bat; nori egiten zion oparia, ordea?

      Oparitzeko amoreagatik egindako oparigaia zen, beharbada. Edozelan ere, huraxe zen Clarissaren dohaina. Ez zeukan garrantzizko besterik; ez zekien ez pentsatzen, ez idazten, ezta pianoa jotzen ere. Armeniarrak eta turkiarrak nahasten zituen; maite zuen arrakasta; gorroto zuen deserosotasuna; gustagarri izateko beharra zeukan; txorakeriak saskika esaten zituen; eta norbaitek ekuatorea zer zen galdetuz gero, ez zuen jakingo zer erantzun.

      Dena dela, egunak bata bestearen ondotik etortzea; asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata; goizean jaikitzea; zerua ikustea, parkean barrena ibiltzea; Hugh Whitbreadekin topo egitea; gero, ustekabean, Peter agertzea; eta arrosak gero; nahikoa zitzaion. Izan ere, horren guztiaren ondotik, ezinezkoa zen heriotza, dena bukatu behar izatea; eta mundu zabalean inork ere ez zuen jakingo zelan maite zuen berak hura guztia; zelan, eten barik...

      Atea ireki zen. Elizabethek bazekien ama atseden hartzen ari zela. Isilka sartu zen. Geldi-geldirik geratu zen. Ez zen ba egia izango mongoliarren baten ontzia Norfolkeko itsasaldean hondoratu zela (Hilbery andreak zioen legez) eta Dalloway andreekin nahasi zela, ehun bat urte lehenago edo? Zeren dallowaytarrak, arruntean, ile-horiak baitziren, begi-urdinak; eta Elizabeth, berriz, beltzarana zen; begi arrailduak zeuzkan aurpegi zurbil batean; sortaldeko misterio bat; gozoa zen, adeitsua, lasaia. Txikitan, umore bikaineko neskatoa izan zen; orain, ordea, hamazazpi urterekin, Clarissak inolaz ere ulertzerik ez zuen arren, oso gazte serioa bihurtua zen; bere zorro berde dirdaitsuan bildutako hiazinto bat bezalakoa, lore-begiak ia kolorebakoak dauzkana, eguzkiak jo gabeko hiazinto bat bezalakoa.

      Geldi-geldirik geratu zen, amari begira; baina atea erdi irekita zegoen, eta ateaz bestaldean Kilman andereñoa egongo zen, Clarissak ondo zekienez. Kilman andereñoa, zira jantzita, ama-alabek esandako guztia aditzen.

      Bai, Kilman andereñoa eskailera buruan zegoen, zira jantzita; baina bazituen bere baitako arrazoiak horretarako. Lehenik eta behin, jantzi merkea zen; bigarrenik, Kilman andereñoak berrogeitaka urte zeuzkan jada; eta, azken batean, ez zen janzten gustagarri agertzeko. Horrez gainera, pobrea zen; lotsagarriro pobrea. Osterantzean ez zuen onartuko dallowaytarrak bezalako jendearentzat lan egitea; abegikor izatea gustuko zuen jende aberatsarentzat. Dalloway jauna, aitortu beharra zegoen, abegikorra izan zen. Dalloway andrea, berriz, ez. Etorkorra baino ez. Klaserik ziztrineneko familia batetik zetorren: kultura-geruza batez hornituriko aberatsak. Gauzaki garestiak zeuzkaten zoko guztietan; margolanak, alfonbrak, makina bat morroi. Kilman andereñoak uste zuen eskubide osoz zegokiola dallowaytarrek beraren alde egiten zuten guztia.

      Kilman andereñoari iruzur egin zioten. Bai, hitz hori ez zen gehiegizkoa, zeren ez al zen egia neska batek baduela zorion apur baterako eskubidea? Eta berak ez zuen zoriontasunik izan inoiz, hain baldarra eta hain txiroa izateagatik. Eta, gero, Dolvy andereñoaren eskolan aukera hura suertatu zitzaionean, gerra etorri zen; eta Kilman andereñoa ez zen inoiz gezurrik esateko gauza izan. Dolvy andereñoak pentsatu zuen gusturago egongo zela alemaniarrei buruzko iritzi berberak zituztenekin. Joan egin behar izan zuen. Egia zen familia Alemaniakoa zuela jatorriz; abizena Kiehlman idazten zen hemezortzigarren mendean; baina anaia hil zioten. Kalera bota zuten, ezin zituelako itxurak egin, eta alemaniar guztiak doilorrak zirela aldarrikatu: bazituen adiskide alemaniarrak! Bizitzako egun zoriontsu bakarrak Alemanian pasatu zituen! Eta, azken buruan, historia irakats zezakeen. Zer eskaini, huraxe onartu behar izan zuen. Dalloway jaunak friendtarrentzat lanean ari zenean ezagutu zuen Kilman andereñoa. Baimena eman zion (eskuzabaltasun ikaragarria erakutsiz) alabari historia irakasteko. Kultura orokorreko eskolak-eta ematen zizkion, halaber. Orduan, Jaungoikoa agertu zitzaion (eta horretaz oroitzean burua makurtzen zuen beti). Bi urte eta hiru hilabete ziren argia ikusi zuela. Orain ez zien inbidiarik Clarissa Dalloway bezalako emakumeei; haien erruki zen.

      Emakume haien erruki zen, eta bihotz-bihotzetik mespretxatzen zituen, alfonbra bigunaren gainean zutik zegoela, neskato bat mahuka-erdia jantzita ageri zen antzinako grabatu bati begira. Inguruko luxu hura guztia ikusita, nola espero zitekeen gauzek hobera egitea? Sofan etzanda egon beharrean —«Ama atseden hartzen ari da», esan zuen Elizabethek—, Dalloway andreak lantegi batean egon beharko luke; salmahai baten atzean; Dalloway andreak eta dama pinpirin guztiek!

      Saminez eta sutan, Kilman andereñoa eliza batean sartu zen orain dela bi urte eta hiru hilabete. Edward Whittaker artzainaren predikua entzun zuen, abesbatzako umeen abestia; argi paregabeen arrandia ikusi, eta, orduan, musika zela, ahotsak zirela (bakarrik zegoenean, ilunabarrean, biolinari heltzen zion kontsolamendu bila; soinua, ordea, gogaikarria zen; belarri txarra izaki), kontua izan zen bere barruan borborka matxinatzen ziren sentimendu bero eta zurrunbilotsuak baretu zitzaizkiola han jesarrita zegoela, eta mara-mara egin zuela negar, eta Whittaker jaunari bisitan joan zitzaiola, etxera, Kensingtonera. Jainkoaren eskua zen, esan zion artzainak. Jainkoak bidea erakutsi zion. Halandaze, orain, borborka nabaritzen zituenean sentimendu bero eta mingarri horiek, Dalloway andrearenganako gorroto hura, munduaren kontrako arrangura hura, Jainkoarengan pausatzen zuen gogoa. Whittaker jaunarengan. Lasaitasunak hartzen zuen amorruaren lekua. Kilman andereñoari zirrara goxo bat hedatu zitzaion zainetan barrena, ezpainak erdi ireki eta, ate ondoan zutik, itxura izugarri harekin, zira jantzita, lasaitasun tinko eta makurrez begiratu zion Dalloway andreari, alabarekin batera irten baitzen gelatik.

      Elizabethek eskularruak ahaztu zituela esan zien. Kilman andereñoak eta amak elkar gorroto zutelako esan zuen hori. Ezin baitzuen jasan biak elkarrekin ikustea. Arrapaladan joan zen eskaileretan gora, eskularruen bila.

      Kilman andereñoak, ordea, ez zuen Dalloway andrea gorrotatzen. Bere begi handi andere-mahats kolorekoak Clarissarengana jiratuz, haren aurpegitxo arrosari, gorputz erkinari, zerion distirari, dotorezia aire hari begira, Kilman andereñoak pentsatu zuen: Txotxoloa! Memeloa! Ez baitakizu ez zer den mina ezta zer gozamena ere! Bizitza hutsalkeriatan alferrik galdu duzun hori! Eta Clarissa azpiratzeko, hari mozorroa kentzeko gurari menderaezin bat gailendu zitzaion. Emakume hura lurrera botatzerik izan balu, hobeto sentituko zen. Baina ez zen gorputza, ez; haren arima eta haren iseka ziren azpiratu nahi zituenak; bere nagusitasuna sentiarazteko. Malkoak isurarazi ahalko balizkio, umiliatu ahalko balu, belaunikarazi ahalko, lurra joarazi, besteak oihu egin ziezaion: arrazoi duzu! Baina hori Jainkoaren borondatearen esku zegoen, ez Kilman andereñoarenaren esku. Erlijioaren garaipena izan beharko luke. Eta, beraz, zorrotz begiratzen zion; txinpartaka begiak.

      Clarissa zeharo asaldatuta zegoen. Eta kristaua zen... emakume hura kristaua? Emakume horrek alaba kendu zion! Agerpen ikusezinekin harremanetan zegoen emakume horrek! Gizena, itsusia, arrunta, samurtasun bakoa, dotorezia bakoa, eta bizitzaren esanahia ezagutzen omen, nork eta emakume horrek.

      —Saltegietara Elizabethekin? —galdegin zion Dalloway andreak.

      Kilman andereñoak baietz erantzun zion. Han gelditu ziren biak. Kilman andereñoak ez zuen atsegin agertzeko asmorik. Betidanik irabazia zuen bere ogia. Ezinago sakon eta zehatz ezagutzen zuen historia modernoa. Bere irabazi urrien zati bat gordetzen zuen bere fedeko kausetarako; emakume hark, aldiz, ez zuen ezer egiten, ez zuen ezertan sinisten, alaba hezi... Hortxe zegoen Elizabeth, arnasestuka ia, eder-ederra!

      Saltegietara joatekoak ziren, beraz. Eta Clarissari bitxia iruditu zitzaion konturatzea nola galtzen zuen oinarria, unetik unera, Kilman andereñoari buruz zeukan ideia hark, emakume horrek han zutik segitzen zuen bitartean (tinko baitzegoen, ahaltsu eta goibel, jatorrizko gudurako prest dagoen historiaurreko munstro armadun bat balitz bezala), nola etortzen zitzaion gainbehera gorrotoa (ideien kontrakoa zelako, ez jendearen kontrakoa), nola gabetzen zen Kilman andereñoa bere gaiztakeriaz, nola txikitzen zen, nola bilakatzen zen, unetik unera, Kilman andereño hutsa, zira soinean, emakume bat, zeinari, Jainkoak ondo daki, Clarissak gustura lagunduko baitzion.

      Munstroaren mehetze hura ikusita, Clarissa barrez hasi zen. Eta agur esan zien, barre artean.

      Kilman andereñoa eta Elizabeth eskaileretan behera joan ziren biak batera.

      Bat-bateko bulkada batek hartaratuta, estutasun bortitz batek jota, emakume hura alaba kentzen ari zitzaiolako, Clarissak barandaren gainetik burua atera eta garrasi egin zuen:

      —Oroitu zaitez festaz! Oroitu zaitez gaur gaueko festaz!

      Baina Elizabethek kaleko atea irekia zuen ordurako; kamioneta bat igaro zen paretik; ez zuen erantzun.

      Maitasuna eta erlijioa!, pentsatu zuen Clarissak, salara itzultzen ari zela, dardarka gorputz osoa. Zeinen gorrotagarriak, zeinen gorrotagarriak ziren gero! Zeren orain Kilman andereñoaren gorputza aurrean izan gabe, hari buruzko ideia horrek larridura sortzen baitzion. Munduko gauzarik latzenak, pentsatu zuen, eta hala irudikatu zituen: baldarrak, sutan, menderatzaileak, hipokritak, isil-gordeka zelatan, jeloskorrak, ezin ankerragoak eta eskrupulu bakoak, zira bat jantzita eskailera-buruan; maitasuna eta erlijioa. Inoiz saiatu al zen bera norbait onbideratzen? Ez al zuen, bada, berak nahi jende guztia, besterik gabe, norbera izatea? Eta pareko emakume zaharra ikusi zuen leihotik, eskaileretan gora zihoala. Igo zitzala eskailerak, hala nahi izanez gero; geldi gera zedila; eta gero, nahi izanez gero, logelara sar zedila, Clarissak sarritan ikusi izan zuen legez, gortinak ireki zitzala eta barrualdean desager zedila berriro. Clarissak, zelanbait, zera... zera hura errespetatzen zuen... emakume zahar hura, leihotik so batere konturatu barik bazuela norbait begira. Bazen zer edo zer zinezkoa ikuskizun hartan, maitasunak eta erlijioak suntsituko luketen zerbait, zernahi izanda ere, arimaren intimitatea beharbada. Kilman gorrotagarri horrek suntsituko luke. Eta, halere, Clarissari negarrez hasteko gogoa ematen zion ikuskizun horrek.

      Maitasunak ere suntsitzen du. Ederra zen oro, egiazkoa zen oro galtzen baitzen. Peter Walsh, esaterako. Gizon xarmagarria bera, buruargia, bazekiena gauza guztien gainean iritzi ematen. Poperi buruz zer edo zer jakin nahi bazenuen, adibidez, edo Addisoni buruz, edo huskeriez berba egin, jendearen izateko moduaz, gauzen esanahiez, horretan Peter inor baino aproposagoa zen. Peterrek lagundu baitzion; Peterrek laga zizkion liburu haiek guztiak. Baina, ikusi besterik ez zegoen zelako emakumeak maite zituen, baldarrak, hutsalak, arruntak. Peter maitemindua ikusi besterik ez zegoen... bisitan etorri, hainbeste urte igaro ostean, eta zertaz hitz egiten hasi? Bere buruaz. Grina ikaragarria benetan!, pentsatu zuen Clarissak. Grina iraingarria benetan!, pentsatu zuen, gogora zetozkiola Kilman eta bere Elizabeth, Army & Navy saltegietara bidean.

      Big Benek erdiak jo zituen.

      Zeinen txundigarria, zeinen bitxia, bai, zeinen hunkigarria zen ikustea emakume zahar hura (urte luzez auzoko izandakoa) leihotik aldentzen, hots hari, lokarri hari atxikia balego bezala. Itzelezkoa izanagatik ere, hots hark bazuen emakume harekin zerikusiren bat. Behera, behera etorri zen ordulariaren orratza, gauza xumeen erdiraino, eta une hura solemnitatez jantzi zuen. Emakume hark, hala imajinatu zuen Clarissak, mugitu beharra, joan beharra izan zuen hots haren eraginez; nora, ordea? Clarissa auzokoari segitzen saiatu zen, bestea jiratu eta etxe barruan desagertu zenean, eta, ozta-ozta izan bazen ere, haren txano zuria ikusteko modua izan zuen, logelaren atzealdean batetik bestera. Han zegoen, beraz, logelaren barru-barruan. Zertarako hainbeste kredo eta otoitz eta zira, zertarako, pentsatu zuen Clarissak, hauxe baldin bada miraria, hauxe baldin bada misterioa? Clarissa emakume zahar hartaz ari zen, hantxe ikusten baitzuen orain, komodatik apain-mahaira bidean. Hantxe ikusten baitzuen artean ere. Eta misterio gorena, Kilmanek argitu uste izan zuena, edo Peterrek argitu uste izan zuena —nahiz eta Clarissaren aburuz ez batak ez besteak ez zekiten tutik ere hura zelan argitu—, honako hau besterik ez zen: bazen gela bat hemen; beste bat han. Argitu al zezakeen hori erlijioak? Edo maitasunak?

      Maitasunak... baina, hara non beste ordularia, beti Big Benek baino bi minutu geroago jotzen zuen ordularia, gelan sartu zitzaion altzoa trastez beterik zekarrela, eta inguruan bota zizkion denetariko txikikeriak —zeren Big Ben oso ondo zegoen, legea eginez arrandiaz, hain solemnea bera, hain zehatza, baina Clarissak denetariko txikikeriez ere oroitu beharra zeukan: Marsham andreaz, Ellie Hendersonez, izozkietarako edalontziez—, tropelean, jauzika eta dantzan etorri zitzaizkionak, urre-barra bat balira bezala itsasoan zetzan lehen ezkila-hots solemne haren uberak ekarrita. Marsham andrea, Ellie Henderson, izozkietarako edalontziak. Telefonoz deitu beharra zeukan berehala.

      Berriketari, zaratatsu, ordulari berantiarrak erdiak jo zituen, eta Big Benen uberarekin batera sartu zen, huskeriaz beterik altzoa. Eta ematen zuen ezen trastez beteriko altzo haren azken arrastoek —denetariko astinduak eta urradurak jaso ostean: zalgurdien erasoenak, kamioi basatienak, ezin konta ahala gizon hezurtsurenak, handikeriaz jantzitako hainbeste eta hainbeste emakumerenak, bulegoetako eta ospitaleetako kupula nahiz orratzenak—, talka egin zutela, olatu abaildu baten aparraren moduan, Kilman andereñoaren gorputzaren kontra, zeina kalean gelditua baitzen istant batez, «Haragia da» murmurikatzeko.

      Haragiari eutsi behar zion. Clarissa Dallowayk iraindu egin zuen. Espero izatekoa zen hori. Baina berak, Kilman andereñoak, ez zuen irabazi; ez zuen haragia menderatu. Itsusia, baldarra, Clarissa Dallowayk barre egin zion; eta haragizko desirak ernaberritu zizkion horrek, axola zitzaiolako itxura hura izatea Clarissaren ondoan zegoela. Eta, bestalde, ezin zuen Clarissak bezala hitz egin. Zergatik nahi zuen, ordea, haren antza izan? Zergatik? Dalloway andrea bihotz-bihotzetik mespretxatzen zuen. Ez zen emakume serioa. Ez zen ona. Hantustekerien eta gezurren ehundura bat zen haren bizitza. Eta, halere, Doris Kilman garaitu zuen. Areago, negarretan lehertzeko zorian egon zen Clarissa Dallowayk bere lepotik barre egin zuenean. «Haragia da, haragia da», murmurikatu zuen (ahots gora hitz egiteko ohitura zuelako), sentimendu zurrunbilotsu eta mingarri horri eutsi nahian Victoria Streeten behera zihoala. Jainkoari arrenka. Ez zen bere errua itsusia bazen; ez zeukan arropa polita erosteko behar beste diru. Clarissa Dallowayk barre egin zion... baina arreta beste zerbaitetan jarriko zuen postontzira iritsi arte. Bazeukan Elizabeth behinik behin. Arreta beste zerbaitetan jarriko zuen, ordea. Errusian pentsatuko zuen, postontzira iritsi arte.

      Zeinen atsegina izango zen landa aldean egotea orain, pentsatu zuen Kilman andereñoak, borrokan beti, Whittakerrek aholkatu zion legez, munduaren aurkako aiherkunde bortitz hura menderatu nahian, munduak iseka egin ziolako, bera erdeinatu eta baztertu zuelako, hasierako zitalkeria hartaz geroztik: jendeari jasanezina zitzaion gorputz gorrotagarri harekin zigortu zuenetik. Orraztu batera, orraztu bestera, baina ezin bere bekoki soil eta zuriaren arrautza itxura antzaldatu. Jantzi bakar batek ere ez zion ondo ematen. Erosten zuena erosten zuela. Eta emakume batentzat, jakina, horrek esan gura zuen ez zuela sekula ezagutuko beste sexuko inor. Ez zela sekula lehena izango inorentzat. Azkenaldian, batzuetan, iruditzen zitzaion ezen, Elizabeth alde batera utzita, jateko baizik ez zela bizi; bere pozbide bakanetarako: afaria, tea, ur beroaren botila gauean. Baina batek borrokatu beharra zeukan; irabazi beharra zeukan; Jainkoarengan sinistu. Whittaker jaunak esan zion berak bazuela xede bat mundu honetan. Inork ez zekien, ordea, zenbat sufritzen zuen! Jainkoak badaki, esan zion Whittaker jaunak gurutzea seinalatuz. Baina zergatik sufritu behar zuen berak, eta beste emakume batzuek, aldiz, Clarissak esaterako, sufrimenduaz libratu? Ezagutza sufrimenduaren bitartez etortzen da, esan zion Whittaker jaunak.

      Postontzia atzean utzia zuten, eta Elizabeth Army & Navy saltegietako tabako-denda ilun eta lasaian sartua zen jada, baina Kilman andereñoak bere burutik marmarka segitzen zuen oraindik, Whittaker jaunak ezagutza sufrimenduaren bidez etortzeari buruz eta haragiari buruz esandakoak errepikatzen. «Haragia», murmurikatu zuen.

      Elizabethek marmarra eten zion: zer ataletara joan nahi zuen?

      —Azpiko gonak —esan zuen Kilman andereñoak zakar, eta zirt-zart sartu zen igogailura.

      Gora joan ziren. Elizabethek hara eta hona eraman zuen; Kilman andereñoa bere gogoan bilduta eraman zuen, neskato handi bat, gerraontzi gobernagaitz bat balitz bezala. Hantxe zeuden azpiko gonak, marroixkak, erazkoak, marradunak, friboloak, sendoak, arinak; eta Kilman andereñoak, bere baitan bilduta beti, modu harrigarri batean aukeratu zuen, eta saltzaileari erotuta zegoela begitandu zitzaion.

      Elizabeth txunditu antzean zegoen fardela prestatzen zieten bitartean, Kilman andereñoak buruan zer zerabilen jakin gogoz. Tea hartu behar zuten, esan zuen Kilman andereñoak errealitatera itzulita, bere onera etorrita. Tea hartu zuten.

      Elizabeth txunditu antzean zegoen, bere buruari galdezka ea Kilman andereñoa benetan goseak egongo ote zen. Jateko manera hura, irentsi behar hura, eta nola hasi zen, bukatutakoan, ondoko mahaiko pastel azukretsuei begira eta begira: eta, gero, emakume bat eta ume bat aldamenean eseri eta haurrak pasteltxoa hartu zuenean, posible ote zen Kilman andereñoari axola izatea? Bada, bai, hala zen. Berak pasteltxo huraxe nahi zuelako, arrosa-koloreko hura. Jangura zen gelditzen zitzaion plazer ia bakarra, eta hura ere zapuzten zioten!

      Jendea zoriontsua denean, esan zion Elizabethi, badute gordekin bat eta hartara jo dezakete; bera, ordea, pneumatikorik gabeko gurpil bat bezalakoa zen (oso gustuko zituen gisa horretako metaforak), hartxintxar guztiek dardararazten zutena... Hala esan zion behin eskola bukatu eta gero, beheko suaren ondoan zutik zegoela, astearte goiz batez, eskola amaitutakoan, liburuz jositako bere poltsa hura zeramala, «eskola zorroa» deitzen zuena. Eta gerraz ere berba egin zion. Azken finean, bazegoen jendea uste ez zuena ingelesak zuzen zeudela beti. Bazeuden liburuak. Bazeuden bilerak. Bazeuden bestelako ikuspuntuak. Etorri nahi zuen Elizabethek berarekin Urlia Eztakitzer (itxura miresgarriko agurea baitzen) entzutera? Eta, gero, Kilman andereñoak Kensingtongo eliza batera eraman zuen neska, eta tea hartu zuten elizgizon batekin. Kilman andereñoak bere liburuak uzten zizkion. Zuzenbidea, medikuntza, politika, zure belaunaldiko emakumeek lanbide guztietarako ateak dituzue zabalik, esan ohi zion Kilman andereñoak. Berari zegokionez, ordea, bere karrera guztiz hondatua zegoen jada, eta bere errua ote zen? Jainkoarren, esan zuen Elizabethek, ez.

      Eta ama agertuko zen esanez Bourtonetik otzara bat iritsia zela, eta ea Kilman andereñoak loreak eraman nahiko ote zituen. Ama beti oso-oso atsegina izaten zen Kilman andereñoarekin, baina Kilman andereñoak loreak zapaltzen zituen, sorta estuegi batean biltzen zituelako, eta ez zekien gai arinez berbetan jarduten, eta hari interesatzen zitzaizkion kontuek ama aspertzen zuten, eta beldurra emateko modukoa zen biak elkarrekin ikustea; Kilman andereñoa harroputz agertzen zen, eta oso baldarra zirudien. Baina Kilman andereñoa ikaragarri buruargia zen. Elizabethek ez zuen sekula txiroengan pentsatu. Etxean bazeukaten nahi zuten oro: amak ohean gosaltzen zuen goizero; Lucyk igotzen zion gosaria; eta dama zaharrak gogoko zituen, dukesak zirelako, eta lord baten ondorengoak. Baina Kilman andereñoak esan zuen (astearte goiz horietakoren batean, eskola amaitutakoan): «Aitonak olio eta pinturen denda bat zeukan Kensingtonen». Kilman andereñoa Elizabethek ezagutzen zituen pertsona guztiez oso bestelakoa zen. Oso ezdeusa sentiarazten zuen bat.

      Kilman andereñoak beste kikara bat te hartu zuen. Elizabeth, ekialdeko bere aire harekin, bere misterio ezin asmatuzko harekin, tente-tente jesarrita zegoen; ez, ez zuen beste ezer nahi. Eskularruen bila hasi zen, bere eskularru zurien bila. Mahai azpian zeuden. Ene! Joan beharra zeukan! Kilman andereñoak ez zion joaten utzi nahi! Ez zion joaten utzi nahi izaki gazte eder horri, hain zinez maite zuen neskari! Emakumearen eskutzarra ireki eta ostera itxi zen mahai gainean.

      Baina baliteke apur bat aspergarria izatea zelanbait, pentsatu zuen Elizabethek. Eta handik joateko irrikaz zegoen.

      —Oraindik ez dut bukatu —esan zuen, ordea, Kilman andereñoak.

      Eta, jakina, Elizabethek itxaron egingo zion. Baina hango giroa itogarri samarra zen.

      —Gaueko festara joatekoa zara? —galdetu zion Kilman andereñoak. Elizabethek joango zela uste zuen; amak hala nahi zuen. Saiatu behar zuen festek bere arreta osoa har ez zezaten, esan zion Kilman andereñoak, bere txokolatezko tximistaren azken bi pusketak hatzekin hartuz.

      Festak ez zitzaizkion askorik gustatzen, esan zuen Elizabethek. Kilman andereñoak ahoa ireki, kokotsa apurtxo bat aurreratu eta zausta irentsi zituen txokolatezko tximistaren azken pusketak; gero, hatzak garbitu, eta kikarako teari eragin zion, koilaratxoarekin jira eta bira.

      Lehertzeko zorian zegoela konturatu zen. Hain zen izugarria herstura. Neskari oratzerik balu, besarkatzerik balu, erabat eta betiko berea egin ahalko balu, eta hil gero; ez zuen besterik nahi. Baina han jesarrita egotea, zer esan zezakeen pentsatzeko ere ezgauza; Elizabeth kontra ipintzen ari zitzaiola ikustea; Elizabethentzat ere higuingarria zela nabaritzea... larregi zen. Ezin zuen holakorik eraman. Bere hatz mardulak barrurantz kakotu zitzaizkion.

      —Ni ez naiz sekula joaten festetara —esan zuen, Elizabeth joan zedin galarazteko soilik—. Ez naute gonbidatzen.

      Eta hitzok esaten zituela konturatu zen bere egotismo horrek eramaten zuela galbidera; Whittaker jaunak ohartarazi zion; baina ezin zuen saihestu. Hain sufrimendu lazgarriak pasatuak zituen berak.

      —Zergatik gonbidatu beharko nindukete, baina? —esan zuen—. Itsusia naiz, zoritxarrekoa naiz.

      Bazekien hori esatea ergelkeria zela. Baina bere inguruan batetik bestera zihoazen horiek —fardelak zeramatzatenek eta bera mespretxatzen zutenek— esanarazi zizkioten hitz haiek. Edozelan ere, bera Doris Kilman zen. Bazeukan titulu bat. Bizimodua ateratzeko gauza izan zen emakumea zen bera. Oso aintzat hartzeko modukoa zen historia modernoari buruz zeukan jakinduria.

      —Ni ez naiz neure buruaz urrikaltzen —esan zuen—. Urrikaltzen naiz... —«zure amaz» esan nahi izan zuen, baina ezin, Elizabethi ez—. Askoz gehiago urrikaltzen naiz beste batzuez.

      Ate baten parera eraman duten izaki tenteldu bat balitz bezala, haraino zergatik eraman duten ez dakiena baina hantxe dagoena, lauhazkan joateko desiraz, Elizabeth Dalloway eserita gelditu zen, isilik. Kilman andereñoak beste zerbait esan nahiko zion?

      —Ez zaitez nitaz erabat ahaztu —esan zion Doris Kilmanek; dardarka ahotsa. Istantean, izaki tenteldua lauhazka bizian urrundu zen izuak hartuta.

      Eskutzarra ireki zen, eta ostera itxi.

      Elizabethek burua jiratu zuen; zerbitzaria hurbildu zen. Kutxan ordaindu beharra zegoen, esan zuen Elizabethek, eta mahaitik aldentzean brast erauzi zizkion gorputz barruko erraiak, Kilman andereñoak hala sentitu zuen, eta haietatik tira egiten ziola aretoa zeharkatu bitartean, eta, gero, azken tiraldia emanez, burua gizalegez makurtuz, alde egin zuen.

      Joana zen. Kilman andereñoa jesarrita gelditu zen, marmolezko mahaiaren aurrean, txokolatezko tximisten artean, oinaze-uhinen astinaldiak pairatuz, behin, bitan, hirutan. Joana zen. Dalloway andreak irabazi zuen. Joana zen Elizabeth. Joana, edertasuna; joana, gaztetasuna.

      Eta Kilman andereñoa han gelditu zen. Gero, zutitu eta mahaitxoen artean aldendu zen baldar, zealdoka ia, eta bezero bat joan zitzaion atzetik, azpiko gonaren fardela ahaztua zuelako, eta noragabe ibili zen Indiara bidaltzeko espresuki atondutako kutxen artean; jaioberrientzako saski eta arropatxoen atalera iritsi zen gero; eta mundu zabaleko salgai guztien artean —galkorrak eta iraunkorrak, urdaiazpikoak, botikak, loreak, bulegoko materialak, denetariko lurrinak, gozoak batzuk, garratzak besteak— segitu zuen balantzaka; eta halaxe ikusi zuen bere burua gorputz osoko ispilu batean, balantzaka, kapela oker, gorri-gorria aurpegia; eta, noizbait ere, kalera irten zen.

      Westminsterko katedralaren dorre luzea zeukan aurrez aurre, Jainkoaren bizilekua. Zirkulazioaren erdian, hantxe, Jainkoaren bizilekua. Kilman andereñoak, nekaezin, fardela eskuetan, beste santutegirako bidea hartu zuen, abadiarakoa, eta, eskuak gora gortina bat osatuz aurpegiaren parean, gerizpe eske hara joandako gainerakoekin batera eseri zen; kolore askotariko jainkozaleak zeuden han, gizarte mailaz eta are sexuaz ia gabetuak orain, eskuak gora aurpegiaren parean; baina eskuak kendu bezain laster, erdi mailako gizon eta emakume ingeles adeitsuak bihurtzen ziren, argizarizko irudiak ikusteko irrikaz beteak haietariko batzuk.

      Baina Kilman andereñoak ez zuen eskuen gortina aurpegiaren paretik kendu; bakar-bakarrik egon zen, tarteka; beste batzuk inguratu zitzaizkion noizean behin. Sinestun gehiago sartu ziren, kanpora bidean zihoazenen ordez etorriak, eta Kilman andereñoak bere horretan jarraitu zuen, jendea ezker-eskuin begira eta Soldadu Ezezagunaren hilobiaren ondotik oinak arrastaka igarotzen zen bitartean, hatzekin estaliz begiak, eginahalak egiten ilunpe bikoitz hartan —abadiako argia gorpuzgabea baitzen— harrokeria, desira, ondasun material guztietatik gora altxatzeko bere gogoa, hala gorrototik nola maitasunetik askatzeko bere burua. Eskuak barrurantz kakotu zitzaizkion. Borrokan zirudien. Beste batzuentzat, ordea, Jainkoa eskuragarri zegoen, samurra zitzaien Harenganako bidea. Fletcher jauna, Ogasuneko funtzionario erretiratua, eta Gorham andrea, Erregeren kontseilari ospetsuaren alarguna, erraz hurbildu ziren Harengana eta, nork bere otoitzak bukatutakoan, jesarlekuaren bizkarrean bermatu eta musikaz gozatzen ziren (organoaren doinua leun zen iristen), eta Kilman andereñoa ikusi zuten bankuaren beste muturrean, otoitzean jo eta ke, eta haiek ere, nor bere azpimunduaren atarian zeudenez oraindik, bihotz-zabal begiratu zioten, lurralde berberetan barrena alderrai zebilen arima iritzita, gai materiabako batez osaturiko arima; ez emakume bat, arima bat baizik.

      Fletcher jaunak joan beharra zeukan, halere. Kilman andereñoaren ondotik igaro behar izan zuen, eta, oso gizon txukun eta apaina izanik, ezin izan zuen saihestu atsekabe moduko bat sentitzea emakume koitadu haren narraskeria ikusita: ilea bildu barik; fardela lurrean. Emakumeak ez zion berehalakoan pasatzen utzi. Fletcher jauna, ordea, han zegoela ingurura begira, marmol zuriei, beirate grisei eta bertan pilaturiko altxorrei begira (abadiaz ezinago harro zegoen eta), txunditu egin zen belaunak noizean behin mugituz (zeinen malkartsua zitzaion Jainkoarenganako bidea, zeinen biziak bere desirak) han jesarrita zegoen emakume haren mardultasun, sendotasun eta indarrarekin, txunditu, bai, Dalloway andrea (zeinak Kilman andereñoa gogoan iltzaturik eraman baitzuen arratsalde osoan), Edward Whittaker artzaina eta baita Elizabeth bera ere haiekin txunditu ziren bezala.

      Eta Elizabeth, bien bitartean, omnibusaren zain zegoen Victoria Streeten. Hain zen atsegina atari zabalean egotea. Bururatu zitzaion ez zuela zertan etxera berehala itzuli. Hain zen atsegina atari zabalean egotea. Hortaz, omnibusa hartuko zuen. Baina han zegoela ebakera dotoreko arropa hura soinean, jada hasi zen... Bai, jendea Elizabeth zurzuriekin alderatzen hasi zen jada, egunsentiarekin, hiazintoekin, oreinkumeekin, ur xirripa eta lirioekin; eta, horren ondorioz, karga astuna bihurtzen zitzaion bizitza, zeren askoz ere nahiago baitzuen besteek bakean uztea, bere nahierara, landa aldean; jendeak, baina, lirioekin alderatzen zuen, eta Elizabethek festetara joan beharra zeukan, eta Londres hain zen goibela landa aldean aitarekin eta txakurrekin zeraman bizimoduarekin alderatuz gero.

      Omnibusak bizi-bizi zihoazen kalean behera, gelditu eta ziztuan abiatzen ziren berriro, gorri-horiz margoturiko karabana deigarriak irudi, dir-dir. Zein hartu, baina? Berdin zitzaion. Ez zen, noski, jende artean arrapaladan hasiko. Bazuen geldoa izateko joera. Taxua, horixe behar zuen, baina, halere, begi ederrak zituen, arrailduak, ekialdekoak, eta, amak zioen moduan, sorbalda politak zeuzkanez eta oso tente ibiltzen zenez, gozamena zen Elizabeth ikustea; azkenaldian, gainera, iluntzean batik bat, zer edo zertan interesa agertzen zuenean —izan ere, inoiz ez zuen oso suhar ematen—, ia ederra zirudien, oso handientsua, oso lasaia. Zer izango zuen buruan? Gizon oro maitemintzen zen berarekin, eta Elizabeth ikaragarri aspertuta zegoen. Bai, hasiak ziren eta. Ama jabetua zen jada konplimenduen garaia zetorrela. Alabak interesik ez agertzea —jantziekiko, esate baterako—, kezkagarria begitantzen zitzaion batzuetan Clarissari, baina baliteke ez izatea hain larria ere, kontuan hartuta mukieriaz jotako kume eta akuri haiek guztiak, eta, azken finean, xarma moduko bat ematen zion horrek. Eta, orain, Kilman andereñoarekin zeukan adiskidantza bitxi hura. Tira, pentsatu zuen Clarissak goizaldeko hirurak aldera, Marbot baroia irakurtzen ari zela ezin zuelako lorik hartu, Elizabeth bihotz onekoa dela erakusten du horrek.

      Bat-batean, Elizabethek urrats bat aurrera egin, eta, trebetasun handiz, omnibusera igo zen, jende guztiaren aurrean igo ere. Goiko solairuan jesarri zen. Izaki oldarkor hura —pirata hura— abian jarri zen zakar, ziztuan; Elizabethek eskudelari heldu behar izan zion, pirata bat baitzen izaki hura, zuhurtziarik gabea, eskrupulurik gabea, erruki barik zihoana bidean behera, biraketa arriskutsuen zalea, bidaiari bat adoretsu hartzen zuena orain, beste bidaiari bati ez ikusiarena egiten ziona gero, ihesean sigi-saga aingira bat bezain harro, eta, gero, mutiri joan zena Whitehallen gora, bela guztiak zabal-zabal. Eta gogoratu ote zen Elizabeth batere Kilman andereñoaz, bera jelosia barik maite zuen emakume hartaz, zeinak begiratzen baitzion mendian ikusitako oreinkumeari bezala, soilgune batean ederretsitako ilargiari bezala? Elizabeth pozez txoratzen zegoen libre zelako. Hain atsegina zen kanpoko aire hura. Hain itogarria Armadaren saltegietako giroa. Eta, orain, zaldiz ibiltzea bezalakoa zen Whitehallen gora abiatzea; eta beroki arrearen azpiko gorputz eder hura aske higitzen zen omnibusaren mugimendu ororekin, zaldizko batena balitz bezala, brankako irudia balitz bezala, haize kirriak orrazkera apur bat nahasten zion eta; beroak egur zurituaren zurbilaz apaintzen zizkion masailak, eta neskaren begi politek, beste begirik ez zutenez pausatzeko, aurrera egiten zuten so, espresio barik, distiratsu, eskulturen begirada tinko eta xalotasun harrigarriz beteriko hura erakutsiz.

      Bere oinazeez etengabe hitz egin behar horrek bihurtzen zuen Kilman andereñoa hain emakume zaila. Eta ba ote zuen arrazoirik? Txiroei laguntzeko bidea baldin bazen batzordeetan parte hartzea eta haietan lanean ordu luzeak ematea, aitak (Londresen nekez ikusten zuten elkar), Jainkoa lekuko, lagundu egiten zien baiki... hori bazen, behintzat, Kilman andereñoak kristau jokatzeari buruz hitz egitean esan gura ziona; zaila zen jakitea, ordea. Oi, urrunxeago joan nahiko luke. Beste penike bat Stranderaino joateko? Hortxe zuen, ba, beste penike hori. Stranderaino joango zen.

      Gogoko zuen jende gaixoa. Eta zure belaunaldiko emakumeek lanbide guztietarako ateak dituzue zabalik, esan ohi zion Kilman andereñoak. Halandaze, sendagilea izan zitekeen. Nekazaria izan zitekeen. Animaliak gaixorik egoten dira maiz. Mila akreko lur baten jabe izan zitekeen, eta jendea eduki bere zerbitzuko. Bisitan joango zitzaien beren basetxeetara. Hara hor Somerset House. Bera oso abila izan zitekeen etxalde bat gobernatzen, eta ideia hura, bitxia izanagatik —eta hein batean Kilman andereñoa bera ere erantzulea izan arren—, Somerset Houseri zor zion. Hain bikaina begitantzen zitzaion, hain serioa, eraikin itzel gris hura. Eta Elizabethek gogoko zuen jendea lanean sumatzea inguruan. Gogoko zituen eliza haiek, paper grisezko siluetak ziruditenak Strandeko joan-etorri atergabeari kontrakarrean jarrita. Bazter hura oso bestelakoa zen Westminsterrekin alderatuta, pentsatu zuen Elizabethek Chancery Lanen jaisten zela. Hain toki serioa zen; hain jendetsua. Hitz batez, berak lanbide bat izan nahiko luke. Sendagilea izan nahiko luke, lurra landu, are legebiltzarkide bihurtu, hala behar izanez gero, eta hura guztia Strandi zor zion.

      Bere eginkizunetan lanpeturik zebilen jende horren oinak; harriak bata bestearen gainean jartzen zituzten eskuak; berriketa hutsaletan jardun ordez (emakumeak zurzuriekin parekatzea atsegingarri samarra baitzen, jakina, baina baita ergelkeria galanta ere), etengabe bestelako kontuez arduratzen ziren buruak, hala nola itsasontziez, negozioez, legeez, administrazioaz; eta, bestalde, hain handientsua zen dena han (Templen zegoen orain), hain alaia (hortxe zegoen ibaia), hain deboziozkoa giroa (hortxe, eliza), ezen erabaki irmoa hartu baitzuen, axolarik ez amak zer zioen: etxalde bat izango zuen edo sendagile bihurtuko zen. Baina, jakina, alfer samarra ere bazen.

      Eta Elizabethek hobe zuen gaiaz tutik ere ez esan. Txorakeria hutsa zirudien-eta, bati, bakarrik dagoenean, batzuetan gertatzen zaion gauza horietako bat, eta, halakoetan, arkitektoen izenak ez daramatzaten eraikin batzuek eta hirigunetik datozen jende saldoek ahalmen handiagoa izaten zuten Kensingtongo edozein elizgizonek baino, Kilman andereñoak lagatako edozein liburuk baino, suspertzeko burmuinaren hondarrezko zoruan baldar eta herabe lo datzan hori, bat-batean nagiak ateratzen dituen ume baten antzera azaleratuko dena; baliteke hori besterik ez izatea, hasperen bat, nagiak ateratzea, bulkada bat, errebelazio bat, betiereko ondorioak ekarriko dizkiguna eta, ondoren, ostera uzkurtu eta hondarrezko zoruan pausatuko dena. Etxera itzuli beharra zeukan. Afarirako jantzi beharra zeukan. Zer ordu zen, baina? Non egongo zen ordulariren bat?

      Gora begiratu zuen, Fleet Streetera. St. Paul alderantz joan zen, urrats gutxi-gutxi batzuk egin zituen, herabe, gauez etxe arrotz batera sartu eta oin-puntetan, kandela eskuetan, miaka dabilen norbait balitz bezala, beldurraren beldurrez ez ote duen nagusiak ezustean bere logelako atea erdiz erdi irekiko eta zertan ari den galdezka hasiko; eta ez zen ausartu, ezta ere, kalexka arrotzetan barrena sartzera, alboko kale tentagarrietan zehar ibiltzera, hala nola ez litzatekeen etxe arrotz batean ausartuko logelaren batekoak edo salaren batekoak diruditen ateak zabaltzera, ezta zuzenean jakitokira eraman dezaketen ateak ere. Dallowaytarrak ez baitziren egunero joaten Strandera; Elizabeth aitzindari bat zen, bidean galdua baina aurrera zihoana, ausart, segurtasunez.

      Modu askotan, hala uste zuen amak, ikaragarri heldubakoa zen, neskato bat oraindik, panpinei, txapin xaharrei atxikia; ninitxo bat besterik ez; eta hori zoragarria zen. Baina, jakina, Dalloway familian bazegoen zerbitzu publikoan jarduteko tradizioa. Abadesak, ikastetxeburuak, eskola zuzendariak, kargudunak izandakoak emakumeen errepublikan... bakar bat ere ez zen bikaina izan, baina han zeuden egon. St. Paul alderantz segitu zuen pixka batean. Gogoko zituen inguruko iskanbilaren amultsutasuna, ahizpatasuna, amatasuna, anaitasuna. Ona iruditzen zitzaion. Zalaparta ikaragarria zen; eta bat-batean tronpeta batzuen burrunba (langabeak) goratu zen iskanbilaren gainetik; musika militarra; desfileren bat baletor bezala; eta, nolanahi ere, norbait hilzorian egon izan balitz, emakumeren batek azken hatsa eman izan balu eta hil-hurren hura zaintzen ari zenak duintasunez gainezkako azken ekintza horren gertalekuko leihoa ireki izan balu, eta behera begiratu, Fleet Streeterantz, iskanbila hura, musika militar hura arranditsu goratuko zitzaion, bihotz-altxagarri, hotz.

      Ez zen nahita egindako zerbait. Ez zegoen musika hartan inoren zoriaren edo patuaren aitortzarik, eta horrexegatik zen, hain zuzen, kontsolagarria hil-hurrenaren aurpegian ezagumenaren azken ikarak ikusi ondoren durduzatuta zeuden haientzat ere.

      Jendearen ahanzturak min eman dezake, esker txarrak zauri latzak eragin ditzake, baina urtez urte isuritako ahots amaigabe horrek den-dena eramateko ahalmena zuen: promes hura; kamioneta hura; bizitza hura; desfile hura; dena bilduko zuen, dena eramango, glaziar baten ur emari zakarrak hezur ezpal bat, petalo urdin bat, hainbat haritz harrapatu eta herrestan amilarazten dituen bezala.

      Uste baino beranduago zen, ordea. Amari ez litzaioke gustatuko alaba bakarka eta noragabe ibiltzea manera hartan. Jiratu eta Strandera itzuli zen.

      Aire ufako batek (egun beroa izan arren, haize nahikotxo zebilen) ehun beltz mehe bat zabaldu zuen eguzkiaren eta Stranden gainean. Lausotu egin ziren aurpegiak; beren distira galdu bat-batean omnibusek. Zeren nahiz eta hodeiak mendi zuriak bezalakoak ziren, halako eran non aizkora hartu eta zatiak ebakitzen hasteko gogoa ematen baitzuen, magal zabal urrekarak zeuzkatelako eta lorategi gozatsuz eta zerutarrez estalitako belardiak alboetan, eta nahiz eta jainkoak munduaren gainean batzartu zitezen atondutako bizitokiak ziruditen, mugimendu betiereko baten mende baitzeuden han goian. Hodeiek seinaleak egiten zizkioten elkarri, eta, aldez aurretik taxututako plan bat betetzen arituko balira bezala, gailur bat txikitu egingo zen orain, bere tokian geldi-geldi egondako piramide itxurako bloke bat erdigunera joango zen gero, edo hodeien buru joango zen, bestela, hotsandiz, ainguraleku berri baten bila. Hodei haietako bakoitzak bere lekuan finko ematen zuen arren, adostasun erabatekoan atseden hartzen guztiak, ez zegoen ezer garbiagorik, askeagorik, azalean hunkiberagorik, elurra bezain zuri eta urrea bezain dirdaitsua zen gainazal hura baino; elkarretaratze solemne hura istantean alda zitekeen, istantean deuseztatu edo desegituratu; eta tinko-tinkoak izan arren, goitik behera sendo eta mardulak, halako batean argia zabalduko zuten lurraren gainera, edo bat-batean, aldiz, ilunpea hedatuko.

      Lasai eta trebe, Elizabeth Dalloway Westminsterko omnibusera igo zen.

      Joan-etorrian, keinuka, imintzioka, halakoak begitantzen zitzaizkion Septimus Warren Smithi, salako sofan etzanda zegoela, inguruko argi-itzalak, horma grisez margotzen baitzuten orain, bananak beilegiz gero; Strand gris bihurtzen baitzuten orain, omnibusak beilegiak bilakatzen gero; Septimus urre urtsuari begira zegoen, eta zelan egiten zuen dir-dir, zelan itzaltzen, izaki bizidun bat bezain sentikor hormako papereko arrosetan. Kanpoaldean, zuhaitzek arrastaka zerabiltzaten hostoak, airearen magalean hedaturiko sareak balira bezala; gela barruan bazen ur-hotsa, eta olatuen bitartez heltzen zen txorien xaramela. Indar guztiek beren altxorrak isurtzen zituzten Septimusen buru gainera, eta sofaren bizkarraldean zetzan haren eskua, bainua hartzean ikusi zuen bezala, igerian, olatuen gandorrean, urrutiko itsasbazterrean txakurrak zaunkaka entzuten zituen bitartean, zaunka eta zaunka urrutian. Ez zaitez engoitik ikara, dio bihotzak gorputzean; ez zaitez engoitik ikara.

      Ez zuen beldurrik. Naturak aztarna dibertigarriak baliatzen zituen etengabe, hala nola tanto urrekara hura, horman jirabiraka zebilena —han, han, han— adierazteko erabaki irmoa hartua zuela: erakutsi nahi zuela —bere lumak inarrosiz, bere xerloak astinduz, bere estalkia batera eta bestera kulunkatuz, ederra, eder-ederra beti, eta eskuak aho inguruan ipiniz Shakespeareren hitzak belarrira xuxurlatzeko— zein zen bere esanahia.

      Rezia, mahaian eserita, kapela esku artean bihurritzen zuela, senarrari begira ari zitzaion; irriz ikusi zuen. Zoriontsua zen, beraz. Baina ezin zuen jasan Septimus irriz ikustea. Hura ez baitzen senar-emazteen bizimodua; senar batek ezin du itxura arraro hura izan beti, ezin da izu-ikaretan egon beti, barreka, orduak eta orduak jesarrita, isil-isilik, edo Reziari helduz eta idazteko aginduz. Idatzi haiez mukuru zegoen mahaiko tiradera: gerrari buruzkoak; Shakespeareri buruzkoak; aurkikuntza handiei buruzkoak; heriotzarik ez zegoela ziotenak. Azkenaldian, Septimus bat-batean aztoratzen zen, arrazoirik gabe (eta bai Holmes doktoreak bai Sir William Bradshawk esan zuten aztoratzea zela Septimusentzat makurrena), eta eskuak astintzen zituen, oihuka egia zekiela! Den-dena zekiela! Gizon hura etorria zela zioen, hil zuten lagun hura, Evans. Bionboaren atzean zegoela, kantari. Reziak senarrak zioena idazten zuen. Gauza batzuk oso politak ziren; beste batzuk, txorakeria hutsak. Eta senarra esaldiak bukatu barik isiltzen zen beti, iritziz aldatzen zelako; zer edo zer erantsi nahi zuelako; edo zerbait entzuteko; adi-adi, eskua gora. Reziak ez zuen ezer entzuten, ordea.

      Eta behin paper haietako bat irakurtzen eta algara batean harrapatu zuten gela garbitzen zien neska. Izugarria izan zen. Septimus, hori zela-eta, garrasika hasi zen gizakion ankerkeriaren kontra, jendea bata bestea txikitzen aritzen dela esanez. Hildakoak txikitu egiten dituzte, esan zuen. «Holmes atzetik dabilkigu», zioen, eta Holmesi buruzko istorioak asmatzen zituen; Holmes, olo-ahia jaten zuela; Holmes, Shakespeare irakurtzen zuela... iji eta aja irriz aritzen zela edo amorruz orroka, Holmes doktoreak zer edo zer beldurgarria irudikatzen zuelako Septimusen aburuz. «Giza izaera» esaten zion. Gero, bestalde, hor zeuden liluramendu haiek ere. Ito egin zen, esan ohi zuen, eta itsaslabarrean zetzan orain, kaioak txilioka zebilzkion gainean. Sofaren bizkarraldearen gainetik begiratzen zuen, azpiko itsaso zabala ikustearren. Edo musika entzuten zuen. Egiazki, biraderadun organo bat baizik ez zen soinu hura, edo gizonen bat kalean oihuka. «Zelako ederra!», egiten zuen oihu, malkoak masailetan behera, eta Reziarentzat horixe zen txarrena, bai, ikaragarria zen Septimus bezalako gizon bat, gerran borrokatutakoa, adoretsua, negarrez ikustea. Eta han gelditzen zen senarra etzanda, musikari adi, harik eta garrasika hasten zen arte, erortzen ari zela esanez, sugarretara erortzen ari zela! Eta Reziak ingurura begiratzen zuen sugarren bila, hain benetakoa zirudien-eta denak. Baina han ez zegoen ezer. Biak baino ez zeuden gela hartan. Ametsa zela esaten zion senarrari, eta, hala, lasaitu egiten zuen azkenean ere, baina batzuetan bera ere ikaratzen zen. Reziak hasperen egin zuen jostekotan jesartzen zen bitartean.

      Neskaren hasperena samurra eta xarmagarria izan zen, arrastirian basotik datorren haizea bezalakoa. Orain artaziak utzi; orain jiratu eta mahaitik beste zerbait hartu. Mugimendu leun bat, karrask arin bat gero, kolpetxo txiki batzuk, denek batera zerbait sortu zuten Reziak josteko zerabilen mahai hartan. Septimusek emaztearen irudi lausoa ikusten zuen betileen artetik; Reziaren gorputz beltz eta txikerra; aurpegia eta eskuak; nola mugitzen zen mahai ondoan, harilen bat hartzeko, edo zetaren bila (gauzak galtzeko joera zuen). Kapela bat egiten ari zitzaion Filmer jaunaren alaba ezkonduari, zera... ez zen oroitzen nola zuen izena.

      —Nola deitzen da Filmer jaunaren alaba ezkondua? —galdetu zion emazteari.

      —Peters andrea —erantzun zion Reziak.

      Beldur zen ez ote zitzaion txikia geldituko, esan zuen Reziak, kapela goratuz. Peters andrea emakume handia zen; Reziak ez zuen gustuko. Hala ere, Filmer andrea oso jator portatua zen biekin —«Mahats mordo batzuk oparitu dizkit goizean», esan zuen—, eta horrexegatik ari zen kapela hura josten, zerbait egin nahi zuelako beren esker ona erakustearren. Aurreko arratsean gelan sartu eta Peters andrea topatu zuen barruan, gramofonoa erabiltzen, Rezia eta Septimus kanpoan zirelakoan.

      —Benetan? —galdetu zuen Septimusek. Gramofonoa erabiltzen ari zen? Bai; Reziak kontatua zion jada, gertatu eta berehala; Peters andrea gramofonoa erabiltzen topatu zuen.

      Septimus, tentu handiz, begiak zabaltzen hasi zen, gelan benetan gramofono bat ote zegoen egiaztatzearren. Bene-benetako gauzak lar kitzikagarriak ziren eta. Tentuz ibili beharra zeukan. Ez baitzuen erotu nahi. Lehenik, moda-aldizkariei begiratu zien, beheko apalategian; gero, astiro-astiro, gramofonoari eta haren tronpeta berdeari. Ezinago zehatza zen. Hortaz, adorea bilduz, arasari begiratu zion, bananen erretiluari, Viktoria erreginaren eta printze ezkontidearen grabatuari; tximinia-erlaitzari, eta gaineko arrosen pitxerrari. Gauza horietako bakar bat ere ez zen mugitzen ari. Geldirik zeuden denak; benetakoak ziren denak.

      —Mihi-gaiztoa da emakume hori —esan zuen Reziak.

      —Zertan aritzen da Peters jauna? —galdetu zion Septimusek.

      —Ba... —esan zuen Reziak, gogoratzeko ahaleginetan. Uste zuen Filmer andreak esan ziola saltzaile zebilela enpresaren batean—. Hullen dago oraintxe.

      «Oraintxe». Bere doinu italiar harekin esan zuen. Reziak berak esan zuen. Septimusek begiak apur bat estali zituen Reziaren aurpegiaren zati txiki bat soilik ikustearren, kokotsa lehenik, sudurra gero, bekokia hurrena, desitxuraturik bazegoen ere, seinale beldurgarriren bat bazuen ere. Ez, baina, hor zegoen Rezia, ohiko eta betiko itxurarekin, josten, ezpainak zimur, emakumeek josi bitartean izan ohi duten eite aldaezin eta malenkoniatsu harekin. Baina ez zuen ezer beldurgarririk, egiaztatu zuen Septimusek bigarrenez, hirugarrenez begiratuz Reziaren aurpegiari, eskuei, zeren... zer egon zitekeen beldurra emateko modukoa, nazka emateko modukoa Rezia han, egun-argiz, josten ari zela? Peters andrea mihi-gaiztoa zen. Peters jauna Hullen zegoen. Zergatik, bada, amorratu eta profeziak egiten hasi? Zergatik ihes egin jipoituta eta zokoratuta? Zergatik ari dardarka eta negarrez hodeiengatik? Zergatik ibili egien bila eta mezuak zabaltzen, Rezia han egonik soinekoaren aurrealdean orratzak ipintzen, eta Peters jauna, berriz, Hullen? Mirariak, errebelazioak, larridurak, bakardadea, itsasoan barrena jaustea, behera eta behera, sugarretara, agortua zen dena, zeren irudipena baitzuen, han begira zegoen bitartean nola apaintzen zuen emazteak Peters andrearentzako lastozko kapela hura, lorezko estalki baten azpian zetzala.

      —Peters andrearentzat txikiegia da —esan zuen Septimusek.

      Azken egunotan lehen aldia zen senarrak betiko moduan hitz egiten zuela! Jakina, txikiegia zen, itxurabakoa, esan zuen Reziak. Baina huraxe aukeratu zuen Peters andreak.

      Septimusek eskutik kendu zion kapela. Biraderadun organoei eragiten aritzen diren tximino batena zirudiela esan zuen.

      Zeinen pozik jarri zen Rezia hitz haiek adituta! Asteak zeramatzaten hala ibili gabe, iji eta aja elkarrekin, txantxetan biak, senar-emazteek ohi duten legez. Reziak zera esan nahi zuen, Filmer andrea edo Peters andrea une hartan sartuko balira, ez luketela ulertuko zein zen Septimus eta bien algaren arrazoia.

      —Ea, ba —esan zuen Reziak arrosa bat jarriz kapelaren albo batean. Ez zen inoiz orduantxe bezain zoriotsua sentitu! Inoiz ere ez bizitza osoan!

      Orain, ordea, are irrigarriagoa zen, esan zuen Septimusek. Orain emakume gajoak feriako txerria emango zuen. (Inork ez zion sekula Septimusek bezainbeste barre eginarazi Reziari).

      Zer zeukan jostotzaran? Reziak xingolak zeuzkan, aleak, borlak, lore artifizialak. Mahaian hustu zuen barruko guztia. Septimus koloreak modu bitxian nahasten hasi zen, zeren, hatzekin traketsa izan arren, fardel bat lotzeko ere ezgauza, begi zoragarria zuen, eta askotan asmatzen zuen, batzuetan aldrebeskeriak egiten zituen, noski, baina beste batzuetan bete-betean asmatzen zuen.

      —Peters andreak kapela zoragarri bat izango du —murmurikatu zuen Septimusek, hau eta hura hartuz, Rezia ondoan zeukala, belauniko, sorbaldaren gainetik begira. Kito; kito diseinua, alegia; orain Reziak dena josi beharko zuen. Kontu oso-oso handiz josi ere, esan zion senarrak, berak taxutu bezala geldi zedin.

      Eta Rezia josten hasi zen. Josten ari zenean, pentsatu zuen Septimusek, teontziari sutan darion soinu bera egiten zuen; pul-pul hasten zen, marmarrean, ari eta ari, hatz txikitxoak atximurka eta bultzaka etengabe, jostorratz dirdaitsua zuzen-zuzen zerabilela. Eguzkia sartu eta atera ibil zitekeen, borletan, hormako paperean barrena, baina bera han geldituko zen zain, pentsatu zuen Septimusek oinak luzatuz, sofaren beste muturrean zekusan bere galtzerdi erabat zimurtuari begira; toki epel hartan geldituko zen zain, giro bareko gune hartan, basotik ilunabarrean irten eta inoizka aurkitzen diren toki horiek bezalakoa zen-eta, non, dela lurrak behera egiten duelako, dela zuhaitzak halako modu jakin batean kokatuta daudelako (zientifikoak izan beharra daukagu, zientifikoak ororen gainetik), beroa bertan gelditzen baita, eta aireak masailak astintzen baitizkizu txori baten hegoen antzera.

      —Kito —esan zuen Reziak, Peters andrearen kapela hatz-puntekin birarazten zuela—. Ondo dago oraingoz. Gero... —esaldia pul-pul aienatu zen, tantaka-tantaka, ondo itxi gabeko kanila alai bat balitz bezala.

      Zoragarria zen. Bizitzan egindako ezerk ez zuen sekula Septimus hainbeste harrotu. Hain benetakoa zen, hain egiazkoa, Peters andrearen kapela hura.

      —Begiraiozu ondo —esan zuen Septimusek.

      Bai, Rezia beti izango zen zoriontsua kapela hari begira. Senarra betiko berbera izan zen berriro, irribarre egin zuen berriro. Bakarka zeuden, elkarrekin bi-biak. Reziak beti izango zuen kapela hura gustuko.

      Septimusek janzteko eskatu zion.

      —Itxura xelebrea izango dut! —oihu egin zuen Lucreziak, ispilurantz korrika eta bere buruari begira, alde batera jarrita lehenik, eta beste aldera gero. Orduan, brastakoan erantzi zuen, kolpetxo arin bat aditu zutelako atean. Sir William Bradshaw izango zen? Septimusen bila dagoeneko?

      Ez! Neskatoa zen, arratsaldeko egunkaria zekarrela.

      Beti gertatzen zen huraxe gertatu zen orduan: gauero-gauero gertatzen zena. Umetxoak hatz potoloa milizkatu zuen ate ondoan; Rezia haren ondoan belaunikatu zen; Rezia laztanka hasi zitzaion, musu eman zion. Reziak karamelu poltsa bat atera zuen mahaiko tiraderatik. Hala gertatzen baitzen beti. Gauza bat aurrena, bestea hurrena. Hortaz, Reziak hala egin zuen, gauza bat aurrena, bestea hurrena. Dantzan, jauzika, jira eta bira gelan barrena. Septimusek egunkaria hartu zuen. Surrey taldea, kanporatuta, irakurri zuen. Bero bolada bat zegoen. Surrey taldea, kanporatuta, errepikatu zuen Reziak, bero bolada bat zegoen, eta Filmer andrearen bilobarekin zerabilen jolasaren parte bihurtzen ziren esaldiok, irriz biak, eta aldi berean berriketan biak, buru-belarri jolas hartan. Septimus oso nekatuta zegoen. Oso zoriontsua zen. Lo egingo zuen. Begiak itxi zituen. Baina ikusteari utzi bezain laster, jolasaren hotsak ahulago eta arraroago bihurtu ziren, eta ezer aurkitu barik bila zebilen jendearen oihuak begitandu zitzaizkion, gero eta urrunago, gero eta urrunago. Bakarrik utzia zuten!

      Izuturik itzuli zen bere senera. Eta zer ikusiko? Bananen erretilua arasan. Gelan ez zegoen inor (Reziak amarengana eraman zuen neskatoa; oheratzeko ordua baitzen). Horixe zen: betiereko bakardadea. Horixe izan zen Milanen ezarri zitzaion zigorra, gela hartan sartu eta neska gazte haiek artaziekin buckram oihala mozten ikusi zituenean, betiereko bakardadea.

      Bakarrik zegoen, arasarekin eta bananekin. Bakarrik, babesbako tontor ilun hartan, etzanda... baina ez zegoen mendi gailur batean, ezta harkaitz batean ere, baizik eta Filmer andrearen salako sofan. Eta liluramenduak, hildakoen aurpegiak, ahotsak, non zeuden orain, ba? Bionbo bat zekusan aurrean, ihi beltz eta enara urdinez apaindua. Behinola mendiak ikusitako toki hartan, behinola aurpegiak, edertasuna ikusitako toki hartan, bionbo bat zegoen orain.

      —Evans! —garrasi egin zuen.

      Ez zen erantzunik etorri. Arratoi baten txilioa aditu zen, gortina baten firfira. Hildakoen ahotsak ziren haiek. Bionboa, ikatzerako baldea, arasa, ondoan zeuzkan oraindik. Bionboari, ikatzerako baldeari eta arasari aurre egin behar, beraz... baina Rezia oldarka eta berriketa batean sartu zen gelan.

      Gutun bat iritsia zen. Plan guztiak aldatu beharko zituzten. Filmer andrea ezin zelako Brightonera joan, azkenean ere. Astirik ez Williams andreari jakinarazteko, eta, egia esan, Reziari oso-oso amorragarria iruditzen zitzaion dena, baina bat-batean kapelari erreparatu eta pentsatu zuen... agian... zera txiki bat eginda... Doinu alai batean aienatu zitzaion ahotsa.

      —Kaka zaharra! —egin zuen oihu (biek egiten zuten barre Reziaren biraoekin); orratza apurtu zen. Kapela, neskatoa, Brighton, orratza. Reziak dena zerabilen buruan; gauza bat aurrena, beste bat hurrena, den-dena zerabilen buruan josi bidenabar.

      Reziak nahi zuen Septimusek esatea ea kapelak hobeto ematen zuen arrosa tokiz aldatuta. Sofaren ertzean jesarri zen.

      Ezinago zoriontsuak ziren orain, esan zuen Reziak tupustean, kapela lurrean lagata. Bai, orain edozer esan ahal ziolako. Bururatzen zitzaion edozer esan ziezaiokeen. Horixe izan baitzen Septimusekin sentitu zuen lehen gauza ia, gau hartan, hura kafe-etxean sartu zenean bere lagun ingelesekin. Septimus ezker-eskuin begira sartu zen, lotsati antzean, eta kapela erori zitzaion zintzilikatu gura izan zuenean. Rezia hartaz oroitzen zen, bai. Bazekien ingelesa zela, nahiz eta ez zen ahizpek miresten zituzten ingeles handi haietako bat, Septimus gizon argala izan baitzen beti; kolore ederra eta osasuntsua ageri zuen arren; eta Septimusen sudur handia, begi distiratsuak, apur bat konkorturik jesartzeko manera hura zirela-eta, Reziari —askotan aipatu zion senarrari— belatz baten irudia etorri zitzaion gogora, lehenengoz ikusi zuen arratsalde hartan, bera dominoan ari zela Septimus kafe-etxera sartu zenean, belatz gazte bat zirudiela; baina Reziarekin oso gizabidetsua izan zen beti. Ez zuen inoiz ikusi bere onetik aterata edo mozkor, sufritzen baino ez, batzuetan, gerra izugarri haren ondorioz, baina halakoetan ere, Rezia agertzean, senarrak guztia ahazten zuen. Edozer, edozer izanda ere kontua, laneko edozein arazotxo, bururatzen zitzaiona bururatzen zitzaiola, Septimusi esan eta hark berehala ulertuko zuen. Familiakoekin ere ez zitzaion halakorik gertatzen. Zaharragoa zenez eta hain buruargia —zeinen serioa zen, zelan tematu zen Shakespeare irakurri behar zuela, Rezia ingelesezko haur ipuin bat ere irakurtzeko gai ez izan arren!— eskarmentu askoz ere handiagoa zuenez, Septimusek lagun ziezaiokeen. Eta orobat berak senarrari.

      Lehenik, kapela, baina. Eta gero (berandutzen ari zen eta), Sir William Bradshaw.

      Eskuak buruan zituela zain gelditu zen Rezia, Septimusek kapela gustuko zuen ala ez noiz esango, eta hala zegoela, zain beti, beherantz begira, Septimusek emaztearen adimena hauteman zezakeen, txori bat balitz bezala adarrez adar saltoka beherantz zihoana, taxu handiz pausatuz aldiro; emaztearen pentsamenduak uler zitzakeen, Rezia han jesarrita zegoela, naturaltasun erabatekoz hartzen zuen jarrera nasai horietako batean, eta, Septimusek zerbait esanez gero, emazteak istantean egiten zuen irri, adar batean atzaparrekin tinko helduta pausatzen zen txori bat balitz bezala.

      Septimus, ordea, oroitu egin zen. Bradshawk esan zuen: gehien maite ditugun pertsonek ez digute mesederik egiten gaixorik gaudenean. Bradshawk esan zuen atseden hartzen ikasi behar zuela. Bradshawk esan zuen emazteak eta biek banandu egin behar zutela.

      «Behar», «behar», zergatik «behar»? Zer botere zuen Bradshawk berari agintzeko?

      —Zer eskubide du Bradshawk niri esateko zer egin «behar» dudan? —galdetu zuen.

      —Zeure buruaz beste egiteaz mintzatu zinelako, horregatik —erantzun zion Reziak. (Zorionez, Septimusi dena esan ahal zion orain).

      Beraz, gizon haien agintepean zegoen! Holmes eta Bradshaw atzetik zebilzkion! Sudurzulo gorriekiko piztia hura gordeleku guztietan zebilen usnaka! Bazeukan boterea zer egin «behar» zen esateko. Non zeuden bere paperak? Berak idatzitako gauzak?

      Reziak paperak ekarri zizkion, Septimusek idatzitako kontuak, berari idatzarazi zizkionak. Sofa gainera bota zituen. Elkarrekin begiratu zituzten. Diagramak, marrazkiak, gizontxo eta emakumetxoak, besoen ordez makilak astintzen zituztenak, bizkarrean hegoak —hegoak ote?— zeuzkatenak, txelin bateko txanponekin eta sei penikekoekin marrazturiko zirkuluak, eguzkiak eta izarrak; sigi-saga zihoazen malkarrak, eta sokaz lotuta igotzen ziren mendizaleak, aizto eta sardexken berdin-berdinak; itsaso puskak eta aurpegitxo irribarretsuak, olatuak izan zitezkeen zera batzuetatik irteten; munduko mapa. Erre itzazu!, garrasi egin zuen Septimusek. Eta orain idazkiak: zelan ari diren hildakoak kantari errododendroen atzetik; Denborari buruzko odak; elkarrizketak Shakespearerekin; Evans, Evans, Evans... hildakoen herritik zekarzkion mezuak; ez zuhaitzik moztu; esaiozu lehen ministroari. Maitasun unibertsala; munduaren esanahia. Erre itzazu!, oihu egin zuen Septimusek.

      Baina Reziak eskuekin estali zituen. Batzuk oso ederrak ziren, pentsatu zuen. Zetazko xingola batekin lotuko zituen (gutun-azalik ez eskura).

      Senarra eraman behar bazuten ere, esan zuen Reziak, bera harekin joango zen. Ezin izango zituzten beren borondatearen kontra banandu, esan zuen.

      Reziak paper guztien ertzak ondo lerrokatu, multzo batean bildu eta fardela lotu zuen, paperei ia begiratu gabe; emaztea aldamenean zeukan jesarrita, ondoan jesarrita, pentsatu zuen Septimusek, Reziak bere petalo guztiak inguruan balitu bezala. Emaztea zuhaitz loratu bat zen; eta adarren artean, legelari baten aurpegia zegoen agerian, eta bereganaturiko santutegi hartan Lucrezia ez zen inoren beldur, ez Holmesen, ez Bradshawren; miraria zen, garaipen bat, azkena eta orotan handiena. Septimusek eskailera beldurgarrietan gora balantzaka ikusi zuen emaztea, bizkarrean zeramatzala Holmes eta Bradshaw, hirurogeita hamabost kilo baino gutxiago sekula pisatu ez zuten gizonak, emazteak gortera bidali ohi zituztenak, urtean hamar milako irabaziak zeuzkatenak eta proportzioaz mintzo zirenak; beren epaietan bat etorri ez arren (Holmesek gauza bat esaten zuen, Bradshawk beste bat), epaile lanetan bi-biak; irudipenak eta arasa nahasten zituztenak; ezer garbi ez ikusi arren, agintzen eta zigortzen zutenak.

      —Kito! —esan zuen Reziak. Paperak ondo bilduta zeuden orain. Inork ez zituen eramango. Gorde egingo zituen.

      Eta, esan zuen, ezerk ez zituen bananduko. Septimusen aldamenean jesarri zen, eta haren eitea zeukan belatz edo bele horren izena erabiliz deitu zion, zeren, laboreen suntsitzaile handia eta maltzurra izanik, senarraren antza baitzeukan. Inork ezin izango zituen banandu, esan zuen Reziak.

      Ondoren, logelara joateko zutitu zen, maletak prestatzera, baina, beheko solairuan ahotsak aditurik, ustez eta Holmes doktorea iritsia zela, korrika joan zen eskaileretan behera, gizona gora igo ez zedin.

      Septimusek emaztea Holmesekin hizketan entzun zuen eskaileretan.

      —Andre maitea, lagun gisara etorri naiz —esaten ari zen Holmes.

      —Ez, ez dizut utziko nire senarra ikusten —esan zion Reziak.

      Septimusek oilo txiki baten moduan irudikatu zuen emaztea, hegoak zabal-zabal Holmes doktoreari bidea ixten. Holmesek eutsi egin zion, baina.

      —Andre maitea, utzidazu... —esan zuen Holmesek Rezia alboratuz (gizon sendokotea zen Holmes).

      Holmes eskaileretan gora zetorren. Holmesek zart irekiko zuen atea. «Zeharo kikilduta, ezta?», esango zion. Holmesek harrapatu egingo zuen. Bada, ez; Holmesek ez zuen harrapatuko; ezta Bradshawk ere. Septimus apur bat balantzaka zutitu, eta, bi hankak txandakatuz txingoka zihoala, Filmer andrearen ogi-ganibet polit eta garbia begiztatu zuen, giderrean «ogia» hitza zizelkatua zuena. Ez, holako gauzak ez dira zikindu behar. Gasa? Berandu zen horretarako. Holmes bertan zegoen. Baliteke bizar-labanen bat egotea nonbait, bai, baina Reziak, gauza horietaz arduratzen baitzen, maletan sartuak zituen jada. Leihoa baino ez zuen, Bloomsburyko apopilo-etxeko leiho zabala; lan neketsu, gogaikarri eta melodramatiko samar hura: leihoa ireki eta bere burua botatzea. Holaxe irudikatzen zuten haiek tragedia, baina berak ez, ordea, ezta Reziak ere (emaztea berarekin baitzegoen). Holmesek eta Bradshawk gustuko zituzten mota horietako aferak. (Leiho-hegian jesarri zen). Azken-azken unera arte itxarongo zuen. Ez zuen hil nahi. Bizitza ona zen. Eguzkia, beroa. Gizakiak, ordea... Agure batek, pareko eskaileretan behera zihoala, gelditu, eta adi-adi begiratu zion. Holmes atean zegoen. «Tori, hemen duzu!», garrasi egin, eta, kementsu, bere burua indarrez bota zuen Filmer andrearen etxe inguruko burdin hesira.

      —Koldar alaena! —oihu egin zuen Holmes doktoreak, atea zart irekita.

      Rezia leihora joan zen lasterka, ikusi egin zuen; ulertu. Holmes doktoreak eta Filmer andreak elkar jo zuten. Filmer andreak mantala erantzi, eta Reziari begiak estali zizkion, neska leihotik aldentzen zuen bitartean. Iskanbila handia egon zen eskaileretan gora eta behera. Holmes doktorea gelan sartu zen, elurra bezain zuri, gorputz osoa dardar batean, edalontzi bat eskuetan. Adoretsua izan beharra zeukan eta zerbait edan, esan zion Reziari (zer zen?, zerbait gozoa), Septimus txiki-txiki eginda zegoen-eta, ez zen bere onera etorriko, hobe zuen senarra ez ikusi, ahal zela hobe zen alferreko sufrimenduak saihestea, ikerketa judiziala jasan beharko zuen, neska gajoa. Nork esango zuen holakorik egingo zuenik? Bat-bateko bulkada, ezin inori errurik egotzi (esan zion sendagileak Filmer andreari). Eta zer arraiogatik egin ote zuen, Holmes doktoreak ezin ulertu.

      Reziari, edabe gozo hura edatean, iruditu zitzaion leiho luze batzuk irekitzen ari zela, lorategi batera irteten ari zela. Nora baina? Erlojuak ordua jo zuen: bat, bi, hiru, zeinen zentzuduna zen hots hura; danbateko eta zurrumurru haiekin alderatuta; Septimus bera bezalakoa. Rezia lokartzen ari zen. Erlojua jo eta jo ari zen, ordea, lau, bost, sei, eta bazirudien Filmer andrea, mantala inarrosiz (ez zuten gorpua hona ekarriko, ezta?), lorategi horren barruan zegoela; edo bandera bat zela. Reziak bandera bat ikusi zuen behin haizean astiro kulunkan masta batetik zintzilik, Venezian egon zenean izekorekin. Hola agurtzen ziren borrokan hildakoak, eta Septimus gerran borrokatua zen. Oroitzapenak, zoriontsuak ziren gehienak.

      Kapela jantzi, eta korrika ibili zen artasoroetan barrena —non izan zitekeen?— muino batera heldu arte, itsas ondoko lekuren batean, bazeudelako itsasontziak, antxetak, tximeletak; labarrean jesarri ziren. Londresen ere, han jesartzen ziren, eta, erdi ametsetan, logelako atetik zehar berarengana iritsi ziren euriaren hotsa, zurrumurruak, artasoro idorretako karraskak, olatuen ferekak, zeren, Reziari hala begitantzen zitzaion bederen, itsasoak bere maskorrean gordetzen baitzituen denak, eta zulo hartatik xuxurlaka ari zitzaizkion belarrira orain, bera hondartzan zetzan bitartean, han isuri izan balute bezala, hilobi baten gainean jaurtitako loreen antzera barreiatuta.

      —Hilda dago —esan zuen Reziak, irribarre eginez andre zahar koitaduari, han baitzegoen neska zaintzen bere begi xalo eta urdin argiak atetik aldendu barik. (Ez zuten hona ekarriko, ezta?). Ba, ba, ba, esan zion Filmer andreak. Ez ba, ez ba! Gorpua eramaten ari ziren orain. Ez zioten esan behar edo? Senar-emazteek elkarrekin egon beharra dute, pentsatu zuen Filmer andreak. Halere, medikuek agindutakoa egin beharra zegoen.

      —Utziozue lo egiten —esan zuen Holmes doktoreak, taupadak neurtzen zizkiola.

      Reziak Holmes doktorearen gorputzaren silueta beltz eta mardula ikusi zuen leihoaren kontrargian. Bai, hura zen izan Holmes doktorea.

 

 

Zibilizazioaren garaipenetako bat, pentsatu zuen Peter Walshek. Horra zibilizazioaren garaipenetako bat, anbulantziaren txilin zoli eta garbia aditzen zuen bitartean. Bizkor, artez, anbulantzia ospitalerantz zihoan ziztu bizian, dohakaberen bat berehala eta gizabidez jaso ondoren; buruan kolpea hartutako edo larri gaixotutako norbait, edo bizpahiru minutu lehenago pasabide haietakoren batean harrapaturiko norbait, edonori gerta dakiokeen bezala. Horra zibilizazioa. Ekialdetik etorrita, harrigarria izan zitzaion Londresko egituraketa eraginkorra, antolamendua, komunitate espiritu hura. Gurdi eta beribil guztiak berez baztertzen ziren anbulantziari bidea emateko. Baliteke morbosoa izatea, edo hunkigarri samarra, hobeto esanda, anbulantzia horri eta barruan zeraman biktimari erakusten zieten begirunea etxera presaz zihoazen gizon lanpetu haiek, anbulantzia igarotzean, emazteaz gogoratzen zirelako bat-batean; edo, agian, beren baitan esaten zutelako berek egon zitezkeela hor barruan, esku-ohe batean etzanda medikuaren eta erizainaren erdian... Bai, baina gogoeta morbosoa, sentimentala bilakatzen zen, sendagileez eta hilotzez oroitu bezain laster; plazer-izpi bat eta baita irrika moduko bat ere nahasten ziren ikuskizunaren zirrararekin, eta holako hausnarketekin ez segitzeko ohartarazten zioten bati, kaltegarriak zirelako arterako, kaltegarriak adiskidetasunerako. Eta, halere, pentsatu zuen Peter Walshek, anbulantziak kantoia igaro zuenean, txilin zoli eta garbia aditzen zela beti, hurrengo kalean behera eta are urrunago, Tottenham Court Road igaro ondoren ere, jo eta jo, bakardadearen abantaila da hori; nor bere buruarekin bakarka, gogoak agintzen diona egin dezake batek. Negar egin dezakegu inork ikusten ez bagaitu. Horrek —sentiberatasun hark— galbidea ekarri zion jendarte angloindiarrean...; alegia, komeni ez zenean negar egiteak, edo irri egiteak. Badut zer edo zer neure baitan, pentsatu zuen Peterrek postontziaren ondoan, oraintxe bertan malkotan urtu daitekeen zer edo zer. Zergatik? Jainkoak jakin. Edertasun gisako batengatik, beharbada, eta egunaren zamagatik, neka-neka eginda baitzegoen Clarissari egindako bisita hartaz geroztik: beroa, intentsitatea eta zirrara-jario hura, tan-tan-tan, soto sakon ilun hartan metatzen ari zitzaiona, begi guztietatik gordean. Hein batean, horregatik, sekretu erabateko eta ezin hautsizko horregatik, lorategi arrotz bat bezalakoa iruditu zitzaion bizitza, bihurgunez eta zokoz betea, txundigarria, bai; hatsa zintzurrean trabatzeko moduko uneak ziren haiek, eta, Peter British Museum pareko postontziaren ondoan zegoela, gauza oro bateratzen dituen une haietako bat etorri zitzaion: anbulantzia hura; eta bizitza eta heriotza. Ematen zuen zirrara-oldarraldi hark teilatu oso garai bateraino goratua zuela, eta beraren gainerakoa hutsik gelditua zela azpian, maskor zuriz zipriztinduriko hondartza bat bezala. Horrek, sentiberatasun hark, galbidea ekarri zion jendarte angloindiarrean.

      Clarissaz oroitu zen, Clarissa bere ondoan omnibus baten goialdean jesarrita, hain hunkibera, azalean behintzat, etsita orain, denik eta aldarterik onenean gero, bizi-bizia garai hartan, eta hain konpainia ederra, ikuskari xelebreak begiztatzen beti, izenak, jendea, omnibusaren goialdetik begira, zeren Londres elkarrekin esploratzen baitzuten, eta Caledonian kaleko merkatuko altxorrez betetako poltsekin itzultzen ziren gero. Clarissak bazuen teoria bat garai haietan, teoria mordoa zuten biek orduan, gazteek ohi duten legez. Sentitzen zuten aseezintasun hura argitzeko balio zien; jendea ezin ezagutu izateak eragindakoa; besteek gu ezin ezagutu izateak; zeren, zelan ezagutuko zuten elkar? Egunero egoten ziren elkarrekin; gero, bat-batean, behin ere ez sei hilabetez, edo urtebetez. Ez zen pozgarria, ados agertu ziren biak, zeinen gutxi ezagutzen zuen batek jendea. Baina, esan zuen Clarissak, Shaftesbury Avenuen gora zihoan omnibusean jesarrita, berak bere burua edonon sumatzen zuen; ez «hemen, hemen, hemen»; eta jarlekuaren bizkarraldea jo zuen atzamarrekin; baizik eta edonon. Eskuak astindu zituen, Shaftesbury Avenuen gora zihoazela. Bera inguruko hura guztia zen. Halandaze, Clarissa, edo beste edozein, ezagutzeko, orobat ezagutu beharra zegoen haien osagarriak ziren pertsonak; edo are lekuak. Clarissak antzekotasun bitxiak zituen inoiz berba egin gabeko jendearekin, kalean gurutzaturiko emakume batekin, salmahai baten atzean ikusitako gizon batekin, are zuhaitz edo aletegi batzuekin. Horrekin guztiarekin Clarissak teoria transzendental bat osatzen zuen azkenean, eta, hartara, heriotzak eragiten zion laztura handia izaki, aukera zuen sinisteko, edo sinisten zuela esateko (eszeptiko hutsa izanagatik ere), ezen, aintzat hartuta gure itxura, gure alderdi ikusgaia hain murritza zela bestearekin, gure alde ikusezin zabalarekin alderatuta, bazitekeela alde ikusezin horrek bizirik irautea, berreskuratzeko modukoa izatea zelanbait, holako edo halako pertsona bati atxikita, edo are toki jakin baten inguruari lotuta gelditzea, heriotzaren ondotik. Bazitekeela, bazitekeela.

      Gogoan izanik bien arteko adiskidetasun luze hura, ia hogeita hamar urtekoa, Clarissaren teoria onargarria zen neurri batean. Bien arteko hartu-eman laburrak, zatikatuak eta maiz mingarriak izan arren, eta Peterrek kanpoan egindako boladak eta etendurak gorabehera (goiz hartan, esaterako, moxal hankaluze baten moduan bildu zitzaien Elizabeth, ederra, mutu, Peter Clarissarekin berbetan hastekoa zen une berean), itzelezko eragina izan zuten Peterren bizitzan. Bazen halako misterio bat kontu hartan. Batek hazi zorrotz, gogor, desatsegin bat jasotzen zuen: hartu-emana bera; izugarri mingarria izan zitekeena edo ez; eta are urrutian, ez sinisteko moduko tokietan, loratzen zen, zabaltzen, bere lurrina hedatuz, ukigarri, dastagarri, ikusgarri; alegia, bete-betean sentitu eta ulertzeko modukoa bihurtzen zen, urteak eta urteak nonbait galduta egon eta gero. Hala itzultzen zen Clarissa Peterrengana; itsasontzi batean; Himalaian; gauzarik bitxienek gogoraraziz (Sally Seton, txoriburu emankor eta gogotsua halakoa, berataz oroitzen zen bezala hortentsia urdinak ikustearekin batera). Clarissak sekula ezaguturiko beste inork baino eragin handiagoa izan zuen berarengan. Eta manera hartan agertzen zitzaion beti, Peterren gogoz kontrara: hotz, handiki, zorrotz; edo liluragarri, erromantiko, Ingalaterrako laboreak edo alorrak gogorarazten zizkiolarik. Gehientsuenetan landa aldean ikusten baitzuten elkar, ez Londresen. Bourtongo hartu-eman guztiak, banan-banan...

      Peter hotelera iritsi zen. Aulki eta sofa gorrixken artean gurutzatu zuen atartea, aire ihartuko landare hosto puntazorrotzak han eta hemen. Giltza kakotik hartu, eta andereño gazteak gutun batzuk eman zizkion. Gora joan zen. Clarissa Bourtonen irudikatzen zuen gehientsuenetan, uda amaieran, Peter astebeterako edo are birako joaten zenean hara, jendeak garai hartan ohi zuen legez. Lehenik, muino baten tontorrean irudikatzen zuen, eskuak adatsean, haizeak inarrositako longaina inguruan, hatz batekin seinalatuz, oihuka: Severn ibaia ei zuen begipean. Edo basoan, bestela, teontziko ura irakiten ipintzen, oso esku baldarrekin; lurruna begirunez kiribiltzen zen airean, eta aurpegira amiltzen zitzaien; Clarissaren aurpegitxo arrosa lurrunaren artean kirika ikusi uste zuen orain; eta nola joan ziren behin ur eske txabola batean bizi zen andre zahar batengana, zeina ateraino irten baitzen gazte biak aldentzen ikustera. Peter eta Clarissa oinez joaten ziren beti; gainerakoak, zalgurdian. Clarissa aspertu egiten zen zalgurdian, ez zitzaion animalia bakar bat ere gustatzen, txakur hura izan ezik. Miliak eta miliak ibiltzen zituzten biderik bide. Clarissa, lantzean behin, gelditu egiten zen, orientatzearren, eta gero alorretan barrena eramaten zuen Peter etxera; eztabaidan jarduten zuten denbora osoan, poesiaz hizketan, jendeaz hizketan, politikaz hizketan (Clarissa erradikala zen orduan); Peter ez zen ezertaz konturatzen, Clarissa nonbait gelditzen zenean izan ezik, ikuspegi bati edo zuhaitz bati begira eta deiadarka, Peterri begiratzeko eskatuz; eta gero bideari heltzen zioten ostera ere, sasiz beteriko alorretan barrena, Clarissa buru zihoala, lore bat eskuetan izekori eramateko, sekula nekatu gabe, hain erkina iruditu arren; eta iluntzean iristen ziren Bourtonera. Gero, afalostean, Breitkopfek pianoa irekitzen zuen eta abesten hasten zen, ahotsik batere gabe, eta haiek, besaulki banatan hondoratuta, barregurari eusten saiatzen ziren, nahiz eta azkenean barrez lehertu beti, eta algaraka hasten ziren, algaraka... inolako arrazoirik gabe algaraka. Uste zuten Breitkopf ez zela ohartzen. Eta gero, goizetan, maite jolasetan ibiltzen ziren, gora eta behera, buztanikara zuriak bailiran, etxe parean...

      Hara, Clarissaren gutuna! Gutun-azal urdina; eta idazkera hura harena zen. Eta irakurri beharko zuen. Hara hor beste hartu-eman horietako bat, mingarria ziur asko! Ikaragarri neketsua izan zitzaion gutun hura irakurtzea. «Zeinen zoragarria hura berriro ikustea. Esan egin behar zion». Horixe guztia.

      Gutunak, baina, nahigabea eragin zion. Haserrarazi zuen. Nahiago zuen Clarissak idatzi izan ez balio. Buruan ibili zituen gogoeta guztien ondoren, saihetsetan hartutako ukondokada bat bezalakoa izan zen. Zergatik ez zion bakerik ematen? Azken finean, Dallowayrekin ezkondu zen, eta harekin bizi izan zen zoriontasun betean urte luze haietan guztietan.

      Hotel hauek ez dira bihotzen kontsolagarriak. Inolaz ere ez. Ezin konta ahala jendek zintzilikatua zuen bere kapela esekitoki haietan. Hango euliak ere, pentsatzen hasiz gero, beste jende askoren sudurretan pausatuak ziren jada. Eta aurpegian min ematen zion garbitasun hura, berriz, ez zen garbitasuna, baizik eta biluztasuna, hoztasuna; nahitaez ezarritako zerbait. Arduradun zakarren bat errondan ibiliko zen egunsentian, usainka, miaka, neskame sudur-urdinei den-dena garbiaraziz, hurrengo bisitaria erretilu xahu eta orbangabe batean zerbitzatu beharreko haragi erre puska bat balitz bezala. Lo egiteko, ohea; jesartzeko, besaulkia; hortzak garbitzeko eta kokotseko bizarra egiteko, ontzia, ispilua. Liburuak, gutunak, txabusina... gelan zehar isuriak denak, zurdaz garbituriko giro inpertsonal hartan, lotsagabekeria irrigarriak irudi. Peter Clarissaren gutunaren erruz jabetu zen horretaz guztiaz. «Zeinen zoragarria hura berriro ikustea. Esan egin behar zion». Papera tolestu zuen; albo batean utzi; ez zuen inondik inora ere gutun hura irakurriko berriro!

      Gutuna seietarako iritsi ahal izateko, Peter haren etxetik joan eta Clarissak segituan eseri behar izan zuen hura idaztera; zigilua berehala itsatsi, eta norbait bidali postontzira. Jendeak esan ohi duen legez, oso berea zuen hori. Goizeko bisitaldiak Clarissa aztoratu zuen. Indar handiz itzuli zitzaizkion sentimenduak; istant batez, Peterri eskuan muin eman zionean, Clarissari damua etorri zitzaion, inbidia ere sentitu zuen (begietan igarri zion), Peterrek esandako zerbait gogoratu zuen ziur asko, Clarissa berarekin ezkonduz gero mundua aldatuko zutela, beharbada; orain, aldiz, hauxe zegoen; helduaroa; mediokritatea; eta gero Clarissak, bere bizitasun menderakaitz horri esker, aurreko guztia zokoratu zuen, bazuelako bere baitan munduan parerik ez zuen bizi-giharra, Peterren aburuz, indarrari, sendotasunari, oztopoak gainditzeko ahalmenari eta arrakastaz aurrera egiteko kemenari zegokienez. Bai, baina, Peter gelatik irten bezain laster, erreakzioa bestelakoa izango zen. Peter zeharo errukarria begitanduko zitzaion; pentsatuko zuen ea zer egin zezakeen hari atsegin emateko (zernahi, behar zen hura izan ezik), eta Peterrek malkoak masailetan behera irudikatu zuen Clarissa, idazmahaian jesartzen eta di-da idazten hotelera itzultzerako Peterren zain egongo zen esaldi hura... «Zeinen zoragarria zu berriro ikustea!». Eta Clarissak bihotzez esaten zion.

      Peter Walshek boten lokarriak askatu zituen.

      Baina ez zien atarramendu onik ekarriko... ezkontza hark. Askoz ere ulergarriagoa izan zen bestea, azken batean.

      Bitxia zen; egia; hala uste zuen jende mordoak. Peter Walsh, modu errespetagarri samarrean konpondu izan zena, ohiko eginkizunak egoki bete izan zituena, gizon estimatua zen, erretxin samarra irizten bazioten ere, kokotsa tente ibiltzen omen zen... bitxia zen, bai, bereziki orain ilea urdintzen hasia zitzaiola, Peterrek harro eite hura izatea, zer edo zer gordean zeraman norbait iruditzea. Horrexegatik egiten zitzaien erakargarria emakumeei, gogoko zutelako Peter erabateko gizona ez zela susmatzea. Bazegoen zerbait ohiz kanpokoa haren barruan, edo haren atzean. Beharbada, oso liburuzalea zelako: bisitan agertzen zenean, mahai gaineko liburua hartzen zuen beti (orain ere zer edo zer irakurtzen ari zen, lokarriak lurretik herrestan); edo jaun ingeles bat zelako, nola erakusten baitzuen pipa kolpetxoka husteko zuen modu hartan eta, jakina, emakumeekin zerabiltzan maneretan. Zeren oso xarmagarria baitzen, eta zeharo barregarria ikustea zeinen erraz lortzen zuen edozein neska kaskarinek Peter bere gogara dantzaraztea. Arriskua neskak bere gain hartuta, betiere. Hots, Peter hain gizon moldaerraza izan arren, eta haren aldarte alaiagatik eta heziera onagatik berarekin egotea liluragarria izan arren, horrek bazuen bere muga. Neskak zerbait esan eta... ez, ez; Peter Walsh faltsukeriaz konturatuko zen. Ez zuen halakorik onartuko... ez, ez. Eta gero gauza zen oihuka eta imintzioka eta barrez ito beharrean aritzeko gizonen arteko txantxa haietako batekin. Sukaldaritza epaile onena zen Indian. Gizon bat zen. Baina ez begirunea erakutsi behar zaion gizon klasea, Jainkoari eskerrak; ez zen Simmons komandantea bezalakoa, esate baterako; inondik ere ez, pentsatu ohi zuen Daisyk, bere bi seme-alaba txikiak gorabehera, gizon biak alderatzen zituenean.

      Peterrek botak erantzi zituen. Poltsikoak hustu. Labana ateratzearekin batera, Daisyren argazkia erori zitzaion, Daisy karrerapean; goitik behera zuriz jantzita, fox-terrier bat belaunetan; xarmagarria oso, beltzarana oso; Peterrek inoiz ikusia zion argazkirik politena. Azken batean, oso modu naturalean gertatu zen; Clarissarekin baino askoz ere modu naturalagoan. Espanturik gabe. Iskanbilarik gabe. Muzinkeriarik eta larritasunik gabe. Dena haize alde. Eta karrerapeko neska eder polit beltzaranak oihu egin zuen (Peterrek oraindik entzun uste zion): jakina, jakina, dena emango zion!, egin zuen garrasi (Daisy zeharo diskrezio bakoa baitzen), Peterrek nahi zuen guzti-guztia!, garrasika berarengana korrika zetorrela, axolarik ez baten bat begira bazegoen ere. Eta hogeita lau urte baino ez zituen. Eta bi ume. Tira, tira!

      Tira, Peter Walsh bere adinean saltsa ederrean sartua zen, duda barik. Eta argi eta garbi ohartzen zen horretaz gauaren erdian itzartzen zenean. Zer gertatuko zen ezkonduz gero? Berarentzat zoragarria izango zen dena, eta, Daisyrentzat, aldiz? Burgess andreak, emakume txintxoa bera, batere berrilapikoa ez zenak eta Peterren bihotza zabalik zuenak, uste zuen Ingalaterrako bidaia hark, abokatuekin hitz egiteko asmo agerikoaz egindakoak, Daisyri bidea eman ziezaiokeela gogoeta egiteko, ondorioez hausnartzeko. Daisyren estatusa zegoen jokoan, esan zion Burgess andreak; hesi sozialak; umeei uko egin beharra. Amen batean alargun geldituko zen, iraganaren zama gainean, auzo txiroetan arrastaka, edo, areago, konpainia aukeratzeko irizpide barik (badakizu, esan zion Burgess andreak, holako emakumeak zer bihurtzen diren, hain makillatuak). Peter Walshek, «ba, ba, ba», ez zion garrantzirik eman. Hiltzeko asmorik ez zuen oraindik. Dena dela, Daisyk bere kabuz erabaki behar zuen; bere kabuz deliberatu, pentsatu zuen Peterrek, gelan barrena hara eta hona zebilela galtzerdi hutsetan, etiketa-atorra leunduz, bazitekeelako Clarissaren festara joatea, edo kontzerturen batera bestela, edo bazitekeen gelan gelditzea liburu ezinago interesgarri bat irakurtzen, Oxforden ezaguturiko gizonen batek idatzitakoa. Eta, erretiratuz gero, horri ekingo zion, liburuak idazteari. Oxfordera joango zen eta zokomiran ibiliko zen Bodleianen. Neska eder polit beltzarana alferrik joan zen korrika karrerapearen ertzeraino; alferrik astindu zuen eskua; alferrik oihu egin bost axola zitzaiola jendeak zer esango. Eta han zegoen bera, munduan parerik ez zuena Daisyren ustez, jaun ingeles perfektua, liluragarria, gailena (eta Peterren adinak ez zuen inongo garrantzirik neskarentzat), Bloomsburyko hoteleko gelan batera eta bestera galtzerdi hutsetan, bizarra egiten, bere burua garbitzen, gogoan zerabilela, flaskoak hartu eta bizar-labanak utzi bidenabar, Bodleianen zokomiran ibiltzeko asmoa, interesgarri zitzaizkion pare bat kontutxori buruzko egia ikertzeko. Eta berriketan arituko zen edozeinekin, eta, beraz, gero eta zabarrago ibiliko zen bazkarien ordu zehatzak errespetatzeari zegokienez, eta ez zen hitzorduetara agertuko; eta Daisyk musuren bat eskatzean, eskatu egingo zizkion-eta, sesioa izango zuten, Peterrek espero bezala jokatzen ez bazuen (neska bihotz-bihotzez maitatu arren)... Labur esanda, aproposagoa litzateke, Burgess andreak zioen legez, Daisyk Peter ahaztuko balu, edo 1922ko abuztu hartan zen bezalakoa gogoratuko balu bederen: ilunsentian bidegurutze batean zutik dagoen figura bat balitz bezala, gero eta urrunago dagoena bi gurpileko gurditxoak abiadura biziagotu ahala, neska atzeko jarlekuan ondo lotuta doan bitartean, eskuak inarrosiz betiere, oihuka, irudia lausoagotzen eta are desagertzen ikusten duen bitartean, oihuka beti, edozer, edozer egingo duela...

      Peterrek ez zuen inoiz jakiten zer uste zuen jendeak. Gero eta zailagoa zitzaion zerbaitetan arreta jartzea. Bere baitan bildutako gizona bilakatu zen, bere arazoei emana erabat; muturbeltz orain, alai gero; emakumeen mendeko, gogoa beste nonbait beti, petral, gero eta zailagoa zitzaiola ulertzea (hori zerabilen buruan bizarra egin bidenabar) zergatik ezin zien Clarissak besterik gabe bizitokiren bat aurkitu eta Daisyrekin atsegin agertu; neska jendartean aurkeztu. Eta orduan berak aukera izango zuen... zertarako? Noragabe ibili eta denbora alferrik galtzeko baino ez (une hartan giltzak eta dokumentuak txukuntzen ari zen, hain zuzen), sarea bota eta harrapakinaz gozatzeko, bakarrik egoteko, labur esanda, bere buruarekin aski izateko; eta, halere, ez zegoen inor bera bezainbeste bizi zenik besteen mendeko (txalekoaren botoiak lotu zituen); galbidea ekarri zion horrek. Ezin zen egon erretzaileen geletatik urrun, gogoko zituen koronelak, gogoko golfa, gogoko bridgea eta, ororen gainetik, emakumeen konpainia eta haien lagunarteko fintasuna, maitasunean zerakutsaten leialtasuna eta ausardia eta goitasuna, zeren, horrek zekartzan eragozpenak gorabehera, txit miresgarria iruditzen zitzaion (eta neska eder polit beltzarana gutun-azalen gainean zegoen beti), gizakion bizitzaren gailurrean hazten zen lore zinez aparta; eta, dena dela, Peterrek ezin zuen jokatu besteek espero bezala, joera zuelako gauzen kanpoko itxuraz harago ikusteko (Clarissak barruko zerbait ahuldu zion betiko), eta mirespen isilaz oso erraz nekatzeko, eta amodioan aniztasuna desiratzeko, nahiz eta sutan jarriko litzatekeen baldin eta Daisyk beste edonor maitatuko balu, sutan! Jeloskorra zelako odolez, jeloskorra ezin kontrolatuzko moduan. Izugarri sufritzen zuen! Non zeuden, ordea, labana, ordularia; zigiluak; diru-zorroa, eta Clarissaren gutuna, ostera irakurriko ez zuena baina buruan izan gogo zuena, eta Daisyren argazkia? Eta, orain, afaltzera.

      Afaltzen ari ziren.

      Loreontziz apaindutako mahaitxoetan jesarrita zeuden, batzuk etiketaz jantziak eta beste batzuk ez, xalak eta poltsak aldamenean, proportzio faltsua zeriela, ez baitzuten ohiturarik hainbeste plater jateko afaritan; baita konfiantza zeriela ere, ordaintzeko modua zutelako; eta nekea, egun osoa emana zutelako Londresen barrena gora eta behera, erosketetan, leku interesgarriak bisitatzen; eta berezko jakingura, begiak goratu baitzituzten, eta ingurura begiratu oskolezko betaurrekoekiko jaun galant hura sartu zenean; eta onberatasuna, gustura egingo ziotelako elkarri edozein mesedetxo, hala nola ordutegiren bat laga edo informazio baliagarriren bat eman; eta orobat desira zeriela, beren barruan pilpiraka eta ezkutuan bultzaka zeramaten elkarren arteko loturaren bat aurkitzeko desira, nahiz eta jaiolekua besterik ez izan (Liverpool, esate baterako), edo lagun berberak, edo izen berdinekoak behintzat; han zeuden, bada, ezkutuko begirada eta isilune arrotzen artean, bat-batean nor bere familiaren barruko txantxa eta isolamendura itzultzen zelarik; han, afaltzen, Walsh jauna sartu eta gortinaren ondoko mahaitxo batean jesarri zenean.

      Ez zen Walsh jaunak zerbait esan zuelako, zeren, bakarrik egonik, zerbitzariarekin baizik ezin baitzuen berbarik egin; karta begiratzeko manera izan zen, hatz erakusleaz ardo jakin bat seinalatu, mahaiaren parean tente jarri, eta afariari seriotasunez eta ez sabelkeriaz ekiteko maneragatik eskuratu zuen Peterrek gainerako afaltiarren errespetua, zeina, afari ia osoan gordean egon zen arren, bat-batean loratu baitzen morristarren mahaian aditu zenean Walsh jaunak «Barlett madariak» zioela afaria bukatutakoan. Zergatik hitz egin ote zuen hain apal eta hain irmo aldi berean, justiziaz dagozkion eskubideak zein diren ondo dakien gizon diziplinazalearen eite harekin, ez Charles Morris gazteak, ez Morris zaharrak, ez Elaine andereñoak, ez Morris andreak ezin zuten jakin. Baina Peter Walshek, mahaian bakarrik zegoela, «Barlett madariak» esan zuenean, morristar guztiek sentitu zuten jaun horrek aintzakotzat hartzen zituela bidezko eskakizunen baterako; berehala familiarena ere bihurtu zen kausaren baten defendatzailea zela gizon hura, eta, hortaz, begiek bat egin zuten ulerkor, eta, erretzeko gelan denak batera sartu zirenean, ezin saihestuzkoa izan zen haien arteko berriketa llaburra.

      Ez zen oso sakona izan, Londres jendez beteta zegoela aipatzeko besterik ez; aldatua zela hogeita hamar urteotan; Morris jaunak Liverpool nahiago zuela; Morris andrea Westminsterko lore erakusketan izana zela, eta Galesko printzea ikusia zutela denek. Eta, edozelan ere, pentsatu zuen Peter Walshek, munduan ez dago morristarrekin alderatzeko moduko familiarik; bakar bat ere ez; eta haien arteko harremanak primerakoak dira, eta bost axola zaizkie goi-mailak, eta gustuko dutena gustatzen zaie, eta Elaine bere burua prestatzen ari da familiaren negozioaz arduratzeko, eta mutilak beka bat lortu du Leedsen ikasteko, eta andre zaharrak (Peterren adin bertsukoa hura) beste hiru seme-alaba ditu etxean; eta bi automobil dauzkate, baina, halere, Morris jaunak bere botak konpontzen ditu igandeetan; zoragarria, zoragarria benetan, pentsatu zuen Peter Walshek aurrera eta atzera poliki kulunka, likore kopa eskuetan, besaulki gorri iletsuen eta hautsontzien artean, bere buruarekin poz-pozik, morristarrek bera gogoko zutelako. Bai, gogoko zuten «Barlett madariak» esan zuen gizon hura. Gogoko zuten, Peterrek nabari zuen.

      Clarissaren festara joango zen (morristarrak alde eginak ziren, baina gerora ere ikusiko zuten elkar). Clarissaren festara joango zen, Richardi galdetu nahi ziolako ea zertan ari ziren Indian kontserbadore babo horiek. Eta zer ematen ari ziren antzokietan. Eta musikaz aritzeko... Eta berriketa hutsean jarduteko, jakina.

      Horixe delako, pentsatu zuen, gure arimaren, gure nortasunaren egia, zeina, arrain bat balitz bezala, itsas sakonetan bizi baita, bere bidea urratuz bazter ilunetan, sastraka erraldoien enborren artean, eguzkiaren ñirñirrek tantoturiko eskualdeetan barrena, gero eta murgilduago ilunpeetan, ur hotz, sakon eta ezin ulertuzkoetan; zeina, bat-batean, azalera irteten baita arineketan, eta haizeak kizkurtutako olatuen artean ibiltzen saltoka; izan ere, premia larrikoa zaio bere burua txukuntzea, besteen arrimura hurbiltzea, bixkortzea berriketa apur batekin. Zer asmo izango zituen gobernuak —Richard Dallowayk jakingo zuen— Indiarako?

      Gau hura oso beroa zenez, eta egunkari saltzaileek iragarkiak zeramatzatenez bero bolada bat zegoela letra gorri handiz zioten goiburuekin, zumezko aulkiak ipini zituzten hotelaren aurrealdeko eskaileretan; hainbat gizon zeuden han jesarrita, erretzen eta hurrupaka edaten, ezaxola. Peter Walsh hantxe egokitu zen. Batek erraz irudika zezakeen eguna, Londresko egun hura, hasi berria zela. Nola eranzten dituen emakume batek bere soineko estanpatua eta mantal zuria eta urdinez janzten den, eta perlaz apaintzen, hala antzaldatu zen eguna, hala erantzi zituen bere oihal lodiak, eta gazak jantzi ilunabar bihurtzeko, eta azpiko gona erortzen uztean emakumeari ihes egiten dion bozkario hasperen horrexekin libratu zen egun hura bere hautsetik, berotik, koloreetatik; zirkulazioa urriagoa zen orain; automobilek, txintxinka, ziztu bizian, kamioi geldoen tokia hartu zuten; eta han-hemenka, plazetako hostotza usuen gainean, argi bizi bat ageri zen dilindan. Amore ematen dut, esaten bide zuen ilunabarrak, zurbildu eta marguldu ahala hotelen, etxebizitzen, denda-eraikinen almena eta irtengune biribildu zein puntazorrotzen gainean, margultzen ari naiz, esaten zuen, aienatuz, baina Londresek ez zion jaramonik egin nahi, eta zerurantz altxatzen zituen bere baionetak, arrats apal hura geldiaraziz, ospakizunetan parte hartzera behartuz.

      Zeren, Peter Walsh Londresera etorri zen azken aldiaz geroztik, Willett jaunaren udako ordutegiaren iraultza handia gertatua baitzen. Peterri berria zitzaion ilunabar luzea. Gogo-pizgarria, hobeto esanda. Zeren gazteak laneko zorroekin igarotzen zirelarik, pozez txoratzen libre zirelako eta orobat harro, beren xalotasunean, zoladura ospetsu hura zapaltzen zutelako, halako alaitasun batek, alaitasun merke, girgileriazko batek, nahiago bada —baina bizi-bizia, edozelan ere—, argitzen zien aurpegia. Ondo jantzita zihoazen, gainera; galtzerdi arrosak; oinetako politak. Orain, ordu pare bat zineman. Ilunabarreko argi hori-urdinak nabarmendu egiten zituen, bikaindu; eta parkeko hostoetan dirdiraka ari zen nabar, zurbil —itsas uretan murgilduta irudi—, hiri hondoratu bateko hostotza. Peter txundituta zegoen edertasun horri so; adorea ematen zion, era berean. Zeren etxera itzulitako angloindiarrak Oriental Clubean eskubide osoz jesartzen ziren bitartean (Peterrek haietako mordoxka bat ezagutzen zuen) munduaren gaitzak sumindurik aletzen, hantxe zegoen bera, sekula baino gazteago: inbidiaz begira gazteen udaldiari eta harekin batera zetorren gainerako guztiari, eta sinistuta ia, neska baten berbak zirela-eta, neskame baten barrea zela-eta —harrapatu ezin diren gauzak baitira biak, ukiezinak—, lekuz aldatua zela gaztetan mugiezin begitantzen zitzaion piramide itxurako meta oso hura. Gainean eraman zuten haren zama guztia; zapaldu egin zituen, emakumeak batik bat, Clarissaren izeko Helenak afalostean, lanpararen argitan jesarrita, xukapaper grisen artean eta Littré hiztegia gainean ipiniz zanpatzen zituen lore haiek bezala. Hilik zegoen jada. Clarissaren bitartez jakin zuen begi bat galdu zuela. Hain egokia zirudien, naturaren maisulana, Parry andereño zaharra beirazko bihurtzeak. Txori bat izotzean bezala hilko zen, bere adarrari helduta. Izeko Helena beste aro batekoa zen, baina hain zen erabatekoa, hain biribila, non zerumugan gailenduko baitzen beti, harria bezain zuri, nabarmen (Peterrek poltsikoan sartu zuen eskua egunkaria erosteko txanpon baten bila, Surreyren eta Yorkshireren emaitzak jakitearren; milioika bider emana zuen txanpon hura; Surrey, kanporatuta beste behin), bidaia arriskutsu eta luze, luze-luze honetako, bizitzaldi amaigabe honetako iraganeko garai bat argitzen duen faroa balitz bezala. Cricketa ez zen joko huts bat. Cricketa garrantzitsua zen. Peterrek ezin zion eutsi cricketari buruzko albisteak irakurri gabe. Partiden emaitzak irakurri zituen lehenik, azken orduko berrien atalean; gero, oso egun beroa izan zela; eta erailketa bati buruzko artikulua, azkenik. Gauza batzuk milioika bider egin izana aberasgarria zen, nahiz eta egia izan, orobat, azala higatzen zitzaiela. Iragana aberasgarria zen, eta eskarmentua eta pertsona bat edo bi maitatu izana, eta gazteek ez duten gaitasuna bereganatu izana ere bai, lasterbideak hartzeko ahalmena, batek gura duen huraxe egiteko batere arduratu barik jendearen esanez, eta itxaropen handirik gabe ibiltzeko batera eta bestera (egunkaria mahaian utzi eta aldendu egin zen), nahiz eta (kapelaren eta berokiaren bila joan zen) ezin egiaz holakorik esan bere buruaz, ez behintzat gau hartan, han zegoen-eta, festa batera joateko prest, bere adinean, ustez eta zer edo zer gertatuko zela. Zer, ordea?

      Edertasuna, bederen. Ez begiek dakusaten edertasun gordina. Ez zen edertasun soil eta hutsa: Bedford Placek Russell Squarerekin bat egiten duen tarte hori. Zuzentasuna eta hutsunea ziren, jakina; korridore baten simetria; baina baita leiho argiztatuak ere, piano baten doinua, gramofono batena; isileko plazer iturri bat sentitzea, lantzean behin azaleratzen zena gortinarik gabeko leiho batetik, zabalik lagatako leiho batetik, han barruan jendea ikusita mahai baten inguruan, gazteak astiro-astiro jiraka, gizon-emakumeen arteko solasak, zerbitzariak kalera nagi begira (esanbehar bitxiak zerbitzari horienak, behin lana amaituta), goiko leiho-hegietan lehortzen ipinitako galtzerdiak, loro bat, landareak. Zeinen erakargarria, misteriotsua, zeinen joria, bizitza. Eta taxiek arineketan eta bihurguneak ziztuan hartuz zeharkatzen zuten plaza handi hartan, hainbat bikote noragabe pasieran, olgetan, besarka, zuhaitzen hosto-tanten gerizpean kuxkurtuta; hunkigarria zinez; hain isilik, hain beren kontuetan bilduta, non bat zuhur eta herabe igarotzen baitzen haien aldamenetik, zeremonia sakraturen baten aurretik bezala, sakrilegioa izanik hura etetea. Interesgarria zen. Eta Peterrek aurrera segitu zuen, distiran eta dirdaietan barrena.

      Haizeak harrotzen zion beroki arina, eta bera, bere betiko ibilera ezin deskribatuzko hartan, aurreraka okertuxea zihoan, eskuak sorbaldan eta oraindik ere apur bat belatzenak ziruditen begi haiekin; Londresko kaleetan zehar zihoan, Westminsterrerantz, inguruari so.

      Jende guztia kanpoan afaltzekoa zen ala? Mirabe batek ateak ireki zituen hor, dama zahar bat musugora irten zedin, zapata belarridunak oinetan eta hiru ostruka-luma purpura ilean. Ate gehiago ireki ziren orain, emakumeak kolore biziko loreekiko xaletan bilduta irten zitezen, momiak balira bezala, eta buru hutsik. Eta, auzo errespetagarrietan, zutabe estukatuen aurreko lorategi txikietatik, arropa arinak jantzita, apain-orraziak ilean, emakumeak ziren irteten (seme-alabak ikustera korrika igo eta gero); kanpoan, gizonak zain, haizeak berokiak harrotzen zizkiela, motorrak piztuta. Kalera zihoan jende guztia. Eta hainbeste ate ireki ziren, hainbeste jende kalera irten eta norabait abiatu, non irudi baitzuen Londres guztia ontziralekuan lotutako txalupa txikietan itsasoratzen ari zela, uretan kulunka zihoazela denak, hiri osoa ur gainean urruntzen ari zela inauteri giroan. Eta Whitehallek, zilarrez tindatuta zegoenez, armiarmen irristalekua ematen zuen, irristalekua, eta bazirudien eltxo txikiak hegan zebiltzala arku-lanparen inguruan; bero handi hura zela-eta, jendea berbetan gelditzen zen kalean. Eta, Westminsterren, itxura osoz epaile erretiratua izango zen gizon bat bere etxeko ate aurrean zegoen, tinko jesarrita, zuriz goitik behera. Angloindiarra, itxura osoz.

      Eta, harago, liskarretan ari ziren emakume batzuen, emakume mozkor batzuen, iskanbila; eta harago polizia bat baino ez, eta etxeak, ilunpetan mehatxagarri azaltzen zirenak, etxe garaiak, etxe kupuladunak, elizak, legebiltzarrak, eta lurrunontzi baten klaxona ibaian, ulu lanbrotsu eta huts bat. Hauxe zen kalea, ordea; Clarissaren kalea; taxiek ziztuan igarotzen zuten kantoia, urak zubi baten pilareen inguruan bezala, denek batera, hala iruditu zitzaion Peterri, festara, Clarissaren festara zetorren jendea zekartelako.

      Ikusmenak zekarzkion zirraren emari hotzak huts egin zuen orain, begiak gainezka egindako katiluak balira bezala, soberakoa portzelanaren kanpoaldetik isurarazi beharra zutena, dena aintzat hartu ezinik. Burmuinak esnatu beharra dauka orain. Gorputzak tenkatu beharra dauka orain, etxean, etxe argiztatuan sartzean, ateak erdiz erdi irekita daudela, eta beribilak aurrealdean geldi, emakume distiraz beteak haietatik atera bitartean: arimak bere barrua sendotu beharra dauka eusteko. Peterrek labanaren aho handia ireki zuen.

 

 

Lucyk arrapaladan jaitsi zituen eskailerak, salan sartu-irten labur bat egin ostean mahai-tapiz bat lisatzeko, aulki bat zuzen jartzeko, bertan apur batean gelditzeko sentitu nahian zer bururatuko zitzaien, ezinbestez, han sartuko zirenei zilar eder hura ikusita eta brontzezko tximinia-burruntziak, besaulki-azal berriak, chintz horiko gortina: zeinen garbi, zeinen distiratsu, zeinen ondo zaindua zegoen guztia; Lucyk banan-banan epaitu zituen objektu guztiak; ahotsen burrunba aditu zuen; afaria amaitua zen, eta bazetozen; arineketan joan beharra zeukan.

      Lehen ministroa etortzekoa zen, esan zuen Agnesek: jangelan aditu zien, esan zuen, edalontziz beteriko erretilu bat zekarrela. Axola al zuen, axola al zuen batere lehen ministroa etortzeak ala ez etortzeak? Walker andrearentzat horrek ez zuen inolako garrantzirik gaueko ordu hartan han zegoela plater, lapiko, zartagin, gelatinan bildutako oilasko, izozteko gailu, ogi-azal puska, limoi, zopa-ontzi eta budin-azpilez inguratuta; sukalondoan arretaz garbitu ondoren han pilatzen zitzaizkion-eta ostera ere, sukaldeko mahaian, aulkietan, eta bien bitartean sua zirtaka eta marrumaka etengabe, argi elektrikoak distira batean, eta afaria zerbitzatu barik oraindik. Walker andreak ez zuen beste pentsamendurik buruan: bost axola zitzaiola lehen ministroa etortzea ala ez etortzea.

      Andreak eskaileretan gora zetozen, esan zuen Lucyk; andreak gora zetozen, banan-banan, Dalloway andrea guztietan azkena, sukalderako mezuak bidaltzen atergabe, «Zorionak nire partez Walker andreari», gehienbat. Biharamunean jaki guztiak aztertuko zituzten, zopa, izokina; izokina, Walker andreak ondotxo zekienez, gordin samar zegoen, beti legez, bera budinarekin urduri jartzen zelako beti, eta Jennyren ardurapean uzten zuelako izokina; hortaz, hala izaten zen beti, izokina gordin samar egon ohi zen. Baina zilarrezko apaingarriak zeramatzan andre ile-horail batek zera galdetu zuen lehen platerari buruz, Lucyk kontatu zuenez, egia ote zen etxean egina zela. Edozelan ere, Walker andrea izokinagatik zegoen arduratuta, erretiluak jira eta bira ibiltzen zituen bitartean, sukaldeko giltzak irekiz eta itxiz etengabe; eta orduan jangelatik zetorren barre-eztanda aditu zen; ahots bat hizketan, eta beste barre-eztanda bat gero: jaunak ondo pasatzen ari ziren andreak jangelatik irten ondotik. Dalloway jaunak enperadoreren ardandegiko tokay botilaren bila joateko eskatua zuen, Tokay Inperialaren bila.

      Sukaldean zehar eraman zieten botila. Elizabeth andereñoa eder-ederra zegoela jakinarazi zuen Lucyk sorbalden gainetik; ezin zituen begiak harengandik aldendu, hark, soineko arrosa jantzita, Dalloway jaunak oparitutako idunekoa zeramala. Jennyk txakurraz akordatu beharra zeukan, Elizabethen fox-terrierraz, zeren, haginka egiten zuenez, itxi behar izan baitzuten, eta bazitekeen, Elizabethen ustez, txakurrak zerbait behar izatea. Jennyk txakurraz akordatu beharra zeukan, ba. Baina Jenny ez zen goiko solairura igoko jende hura guztia etxean egonda. Dagoeneko bazen beribil bat ate aurrean! Ateko txirrina aditu zen... eta jaun guztiak jangelan oraindik, tokay edaten!

      Gora igotzen ari ziren jada; etorritako lehenak ziren, eta orain gainerakoak iritsiko ziren, gero eta azkarrago iritsi ere; beraz, Parkinson andreak (festetarako kontratatua) erdi irekita utziko zuen atondoko atea, eta zain gelditutako jaunez beteko zen atondoa (zutik egoten ziren zain, ilea txukuntzen), andreek korridore ondoko gelan longainak eranzten zituzten bitartean; han Barnet andrea zuten lagun, Ellen Barnet zaharra, familiarekin berrogei urtez egondakoa eta uda oro etortzen zena andreei laguntzeko, eta ama haiek gaztetan gogoratzen zituena, eta, umil bazen ere, eskua ematen ziena; milady esaten zien begirune handiz, nahiz eta umore puntu bat igartzen zitzaion andereño gazteei begira, baita Lady Lovejoyri beti bezain kontu handiz laguntzen zionean ere, gerruntze azpikoarekin arazotxoren bat zuelako. Eta ezinbestean etortzen zitzaien burura bai Lady Lovejoyri bai Alice andereñoari ezen Barnet andrea aspalditik ezagutzeak pribilegio modukoren bat zekarkiela eskuila eta orrazi kontuetan: «Hogeita hamar urtez, milady», jakinarazi zien Barnet andreak. Neska gazteek ez zuten ezpain gorririk erabiltzen, esan zuen Lady Lovejoyk, Bourtonera joaten zirenean garai zaharretan. Eta Alice andereñoak ez zuen ezpain gorririk behar, esan zion Barnet andreak, neskari maitetsu begiratuz. Eta han gelditzen zen Barnet andrea jesarrita, arropa-zaindegian, larruak ferekatzen, xal espainiarrak lisatzen, apain-mahaia txukuntzen, eta ederto bereiziz, larruak eta brodatuak gorabehera, zein ziren egiazko damak eta zein ez. Atso maitagarria, esan zuen Lady Lovejoyk eskaileretan gora zihoala, Clarissaren umezain zaharra.

      Eta orduan Lady Lovejoy zurrundu egin zen. «Lady Lovejoy eta Lovejoy andereñoa», esan zion Wilkins jaunari (festetarako kontratatua). Eta Wilkins jaunak manera miresgarriak erakusten zituen makurtu eta tentetzean, eta, makurtu eta tentetu bidenabar, inpartzialtasun bikainaz iragarri zuen «Lady Lovejoy eta Lovejoy andereñoa... Sir John eta Lady Needham... Weld andereñoa... Walsh jauna...». Wilkins jaunaren manerak miresgarriak ziren; haren familia-bizitza akats bakoa izango zen derrigor, baina ezinezkoa zirudien gizon ezpain berdexka eta masail bizargabeko horrek seme-alaben zama bizkarreratzeko akatsa egin izana.

      —Zelako poza zu ikustea! —esaten zuen Clarissak. Guztiei esaten zien. Zelako poza zu ikustea! Ernegagarri zegoen: adeitsu, itxurati. Huts larria izan zen etortzea. Hobe zuen etxean gelditu izan balitz liburua irakurtzen, pentsatu zuen Peter Walshek; hobe, kontzerturen batera joan izan balitz; etxean gelditu izan balitz, ez baitzuen inor ezagutzen han.

      Jainko maitea, porrota izango zen; porrot erabatekoa, Clarissak hala sentitu zuen bere barne-muinetan Lord Lexham agure maiteak bere emaztea desenkusatzen zuen bitartean Buckinghamgo jauregiko lorategiko festan hoztua zelako. Clarissa Peter ikusten ari zen begi-bazterraz, zelan ari zen bera kritikatzen, han, txoko hartan. Zeren, azken finean, zergatik egiten zituen berak holako gauzak? Zertarako igotzen zen gailurretara, eta han geratzen sutan blai? Baina suntsituta gelditu nahi luke, dena dela! Errauts bihurturik! Edozer nahiago zuen, hobe zelako bere argi-zuzia astindu eta lurrera botatzea, eta ez Ellie Henderson bezalako gajo baten antzera urritu eta iraungitzea! Ikaragarria zen nola aztoratzen zuen Peterrek hara agertuz eta txoko batean geldituz besterik gabe. Clarissari bere burua ikusarazten zion: nola ibiltzen zen handikeriatan. Ergelkeria zen. Baina zertarako zetorren Peter orduan? Clarissa kritikatzeko baino ez? Zergatik hartu behar izaten zuen beti, eta ezer ez eman inoiz? Zergatik ez zen ausartzen bere ikuspuntu ziztrina azaltzera? Hara, Peter bazihoan; eta Clarissak harekin hitz egin beharra zeukan. Baina ez zuen aukerarik izango. Bizitza holakoa baitzen: laidoa, ukoa. Lord Lexhamek zera zioen, emazteak ez zituela bere larruak jantzi nahi izan lorategiko festan, «Zuek denak, andre maiteak, berdinak zaretelako», Lady Lexhamek hirurogeita hamabost urte zituen gutxienez! Zoragarria zen, zeinen amultsu zaintzen zuten elkar senar-emazte zahar haiek. Clarissak oso gogoko zuen Lord Lexham. Clarissak zinez uste zuen garrantzitsua zela bere festa hura, eta zinez amorragarria zitzaion jakitea txarto irteten ari zela dena, giroa motela zela. Nahiago zuen edozer, edozein eztanda, edozein izugarrikeria, batera eta bestera noragabe zebilen jendea ikustea baino, taldetxoak osatuz txokoetan, Ellie Hendersonen gisara, buruzut ibiltzeko lana hartu gabe ere.

      Haizeak, firi-firi, gortina horia eta paradisuko hegazti guztiak altxatu zituen, eta irudi zuen hego saldo bat zurrunbiloka sartu zela gelan, eta ostera irten gero, kanpotik xurgatuta. (Leihoak zabalik zeuden eta). Ez al zebilen haize apur bat?, galdetu zion Ellie Hendersonek bere buruari. Hotzeria harrapatzeko joera zuen. Baina axolarik ez biharamunean doministikuka esnatzen bazen ere; sorbaldak biluzik zeramatzaten neskak zituen Ellie Hendersonek buruan, besteengan pentsatzeko hezi zuelako bere aita zenak; aita zahar eta elbarri bat, Bourtongo bikario izandakoa, zeina hilda baitzegoen, halere; eta hotzeriak ez zitzaizkion Ellieri sekula bularrera joaten, sekula ez. Neskak zituen buruan, neska gazte sorbalda-biluzi haiek, bera emakumetxo mengel bat izana zelako beti, ile urrikoa eta profil eskasekoa; orain, berrogeita hamar urte beteta, distira apal bat zerion arren, bere burua urte luzez ukatzearen ondorioz dotore bihurtzeraino gardendua zitzaion dirdai bat, nahiz eta aldiro iluntzen zitzaion bere jendetasun ernegagarri horrengatik, bere hirurehun liberako diru-sarrerek eta bere babesgabetasunak (ez zen gai penike bat irabazteko ere) ernea zioten izu-laborriarengatik, horrek lotsati bihurtzen zuelako, eta urterik urte gero eta ezgauzago harremanetan ibiltzeko denboraldiak iraun bitartean gauero holako tokietara etortzen ziren jaun-andre ondo jantzitakoekin, neskameei «Hau edo hura jantziko dut» esan beste lanik ez zutenekin, zeren Ellie Hendersonek, aldiz, arrapaladan irten behar izaten baitzuen urduri, eta lore arrosa merkeak erosi, dozena erdia, eta xal bat ipini soineko beltz zaharraren gainean. Clarissaren festara joateko gonbidapena azken unean iritsi zitzaion eta. Ez zegoen inondik ere pozik kontu harekin. Irudipen moduko bat izan zuen; Clarissak ez zuela bera gonbidatzeko asmorik izan aurten.

      Eta zergatik gonbidatuko zuen? Egia esan, ez zegoen inolako arrazoirik, ez bazen betidanik ezagutzen zutela elkar. Lehengusinak ziren eta. Baina, ulertzekoa zenez, aldenduz joan ziren, Clarissaren lagunartea oso zabala zelako. Gertakizun berezia zen, Ellie Hendersonentzat, festa batera joatea. Gozamen ederra, soineko eder haiek ikuste hutsa. Ez al zen hura Elizabeth, emakumetua jada, moda-modako orrazkera zeramana eta soineko arrosa-kolore bat jantzita? Eta, dena dela, ez zituen hamazazpi urte baino gehiago izango. Oso ederra zen, oso. Baina neskak, antza, ez ziren jada behinola bezala zuriz janzten beren lehen jendarteko aurkezpenean. (Dena gogoratu behar zuen Edithi kontatzeko gero). Neskek soineko zuzenak zeramatzaten, estu-estuak, eta orkatilak baino dezente goragoko gonak. Ez zieten ondo ematen, pentsatu zuen Elliek.

      Halandaze, bere ikusmen makala zela-eta, Ellie Hendersonek lepoa aurrerantz luzatzen zuen apur bat, eta berari ez zitzaion askorik axola solaskiderik ez izatea (inor gutxi ezagutzen zuen), hain interesgarriak ziren-eta bertaraturiko guztiak: politikariak, ziur asko; Richard Dallowayren lagunak; baina, halere, Richardek berak pentsatu zuen ezin zuela onartu izaki koitadu horrek gau osoa hor bakarrik ematea.

      —Tira, Ellie, zer moduz bizi gara? —esan zion berea zuen molde amultsu harekin, eta Ellie Hendersonek, urduritu eta lotsagorritzearekin batera, eta pentsatuz, aldi berean, Richard ikaragarri atsegina zela berarekin hitz egitera hurbiltzeagatik, esan zion jende askori beroa gogaikarriagoa zitzaiola hotza baino.

      —Bai, hala da —esan zuen Richard Dallowayk—. Bai.

      Baina, zer gehiago esan zezakeen batek?

      —Kaixo, Richard —esan zuen baten batek Richardi ukondotik oratuz, eta, Jainko maitea, hor zegoen Peter aspaldikoa, Peter Walsh aspaldikoa. Zelako poza hura berriro ikustea... pozgarria benetan hura berriro ikustea! Ez zen pizarrik ere aldatu. Eta han joan ziren biak batera, gela zeharkatu zuten, bata besteari zapladatxoak emanez bizkarrean, denbora luzea baleramate bezala elkar ikusi gabe, pentsatu zuen Ellie Hendersonek, gizon biak nola urruntzen ziren begira. Ziur zegoen aurpegi hura ezaguna zitzaiola. Gizon garaia, adin ertainekoa, begi polit samarrak, beltzarana, betaurrekoduna eta John Burrowsen halako aire bat zuena. Edithek jakingo zuen nor zen, duda barik.

      Haizeak gortina eta paradisuko hegaztiak altxatu zituen bigarrenez. Eta Clarissak ikusi egin zuen... Ralph Lyon ikusi zuen gortina atzeraka bultzatzen zuela berbetan jarraitu bidenabar. Hortaz, festa ez zen porrota izango azken batean. Handik aurrera ondo aterako zen dena. Baina giroa kili-kolo zegoen artean. Han gelditu beharra zeukan oraingoz. Bazirudien jendea parrastaka zetorrela bat-batean.

      Garrod koronela eta andrea... Hugh Whitbread jauna... Bowley jauna... Hilbery andrea... Lady Mary Maddox... Quinn jauna... abesten zuen Wilkinsek tonu egokian. Clarissak sei-zazpi hitz esaten zizkion bakoitzari, eta gonbidatuek aurrera segitzen zuten, saletan sartzen ziren; zerbaitetan barneratzen ziren orain, eta ez ezerezean, Ralph Lyonek gortina atzeraka bultzatu zuenez geroztik.

      Eta, edozelan ere, Clarissari zegokionez, ahalegina latzegia zen. Ez zen festaz gozatzen ari. Irudipena zuen, irudipen garbi-garbia, bera... bera, han zutik, edonor izan zitekeela; edonor egon zitekeela hor bere ordez; eta, dena dela, apur bat miresten zuen edonor izan zitekeen pertsona hura, ezin zuelako burutik uxatu bera zela, zelanbait, hura guztia gerta zedin lortu zuena, mugarria zela, Clarissak zutoin bihurturik sumatzen baitzuen bere burua, zeren, bitxia izan arren, ahaztua zitzaion zer itxura zuen berak, eta, halere, eskaileraren goialdean iltzaturiko hesola baten modukoa sentitzen zen. Festa bat antolatzen zuen guztietan holako irudipena izan ohi zuen, zerbait zela eta ez bera, eta guztiak irrealak zirela, aldez; eta askoz ere egiazkoak, moldez. Hein batean, pentsatu zuen, jantziengatik zen; hein batean, denak beren ohiko jardueretatik at egoteagatik; hein batean, giroagatik; beste era batean ezin esan zitezkeen gauzak esan zitezkeen hemen, ahalegina eskatzen zuten gauzak; bazegoen sakonago joatea, ziur asko; baina berak ez, ordea; ez oraindik, bederen.

      —Zelako poza zu ikustea! —esan zuen. Sir Harry adiskide maitea! Sir Harryk hango guztiak ezagutuko zituen.

      Eta bitxiena zera zen, nolako sentipena zeukan batek gonbidatuak eskaileretan gora banan-banan zetozela ikustean, Mount andrea eta Celia, Herbert Ainsty, Dakers andrea... Oi, eta Lady Bruton!

      —Zelako poza, eskerrik asko etortzeagatik! —esan zion, eta benetan ari zen. Bitxia zen batek han zutik zegoela zeukan sentipen hura, gonbidatuak sartzen eta sartzen ari zirela ikusita, batzuk zahar-zaharrak, beste batzuk...

      Nor? Lady Rosseter? Baina nor arraio zen Lady Rosseter?

      —Clarissa!

      Ahots hura! Sally Seton zen! Sally Seton! Hainbeste urte! Sally lainoan barrena azaldu zen. Ez zuen-eta itxura hura Sally Setonek, Clarissak ur beroaren ontzia eskuan zeramanean. Eta pentsatzea Sally etxepe honetan zegoela, etxepe honetantxe! Itxura horrekin ez, baina!

      Elkar gainka, kikil, irribarretsu, berbak zilipurdika irten ziren; Londresen zegoen, egun gutxirako etorrita, Clara Haydonen bitartez jakin zuen; zelako aukera zu ikusteko! Beraz, etortzea erabaki dut, gonbidapenik gabe...

      Batek duintasun handiz laga zezakeen ur beroaren ontzia. Sallyk distira galdua zuen. Baina zoragarria zen hura berriro ikustea, zaharragoa, zoriontsuagoa, ez garai batean bezain ederra. Musu eman zioten elkarri, masail batean lehenik, bestean gero, salako atearen ondoan, eta Clarissa, Sallyren eskua berean zuela, jiratu egin zen, eta jendez josita ikusi zituen bere salak, eta ahotsen burrunba aditu zuen, argimutilak ikusi zituen, eta haizeak altxaturiko gortinak eta Richardek oparituriko arrosak.

      —Bost morrosko ditut, handi-handiak —esan zuen Sallyk.

      Egotismorik xaloena erakusten zuen Sallyk, bera beti lehena izateko desirarik agerikoena, eta Clarissak maitagarri iritzi zion oraindik ere holakoa izateagatik.

      —Ezin dut sinistu! —egin zuen oihu, iraganaz oroitzearekin batera plazer-uhin bero batek gorputz osoa zeharkatzen ziola.

      Baina, hara Wilkins; Wilkins bila zetorkion; Wilkinsek izen bat iragarri zuen aginpidez beteriko ahots batez, gonbidatu guztiei kargu hartu beharko balitzaie bezala, eta anfitrioia fribolitate orotatik bereizi:

      —Lehen ministroa —esan zuen Peter Walshek.

      Lehen ministroa? Bera al zen benetan?, galdetu zion Ellie Hendersonek bere buruari mirespenez. Zelako albistea Edithi kontatzeko!

      Batek ezin zuen haren lepotik barre egin; baina hain zirudien arrunta. Salmahai baten atzean jar zenezake, eta gailetak nahi zenituela eskatu... Gizajoa, goitik behera urrezko parpailaz pinpirindua. Baina, egia esan, saletan barrena agurka ibili zenean, Clarissarekin lehenik eta Richard lagun zuela gero, oso ondo jardun zuen. Bazela nor erakusten saiatu zen. Dibertigarria zen hura ikustea. Inork ez zion begiratzen. Berbetan segitu zuten, besterik gabe, nahiz eta nabarmena izan denek, are beren barne-muinetan ere, sumatzen zutela aldamenetik igarotzen ari zitzaiela maiestate hura, hango guztiek ordezkatzen zuten horren, hots, jendarte ingelesaren sinboloa. Lady Bruton zaharra, oso galant bera ere, oso bipil bere parpailen barruan, jende uholde haren artetik azaleratu zen, eta elkarrekin joan ziren gelatxo batera, zeina barrandatu eta zaindu beharreko lekua bilakatu baitzen berehala; eta nahasmendua eta xuxurla gisako bat hedatu zen aho beteka guztien artean: lehen ministroa!

      Jainko maitea! Hura zen hura ingelesen esnobismoa!, pentsatu zuen Peter Walshek, txoko batean zutik. Zelan gozatzen zuten urrezko brodatuak jantzita eta gorazarreka! Hara! Horko horrek... Hugh Whitbread behar du. Arraioa! Bai horixe, Hugh da, handikien esparruaren inguruan barrandan, askoz lodiagoa, askoz ile-urdinagoa, Hugh miresgarria!

      Lanean zegoela ematen zuen beti, pentsatu zuen Peterrek, Hugh, izaki pribilegiatu baina isila, bizitza galtzeraino gordeko zituen sekretuen biltzailea, nahiz eta haiek gorteko miraberen batengandik ikasitako esamesa txiki garrantzi bakoak izan, hurrengo egunean egunkari guztietan agertuko zirenak. Haiek ziren Hughen jostailutxoak, Hughen zirtzilkeriak, eta haiekin jolasean urdindu zitzaion ilea, zahartzaroaren ertzera iritsi arte, Ingalaterrako ikastetxe pribatuetako kimuen eredu hura ezagutzeko pribilegioa izan zuten guztien begirunea eta estimua jasoz. Ezin saihestuzkoa zen bati gisa horretako gauzak bururatzea hura ikustean; holakoa zen Hughen estiloa; The Timeseko gutun miresgarri haien estiloa, Peterrek irakurriak zituen-eta, itsasoaz haraindi milaka miliara egonda, Jainkoari eskerrak emanez hitzontzikeria galgarri haietatik urrun egotegatik, babuinoen berriketa eta coolieek beren emazteei ematen zizkieten jipoiak aditu behar bazituen ere ordainetan. Azal oliba-koloreko gazte bat, unibertsitateren batetik ateratakoa, Hughen alboan zegoen otzan-otzan. Hughek babestu egingo zuen, abiatzen lagunduko, bidea urratzen irakatsiko. Adeitsu agertzea zelako Hughek gehien maite zuena, dama zaharren bihotza pozez pilpiraka ipintzea beren adinean, beren atsekabean, bazegoelako norbait buruan gordetzen zituena, noiz eta erabat ahazturik zeudela uste zutenean; baina han etortzen zitzaien Hugh maitea beribilez, eta ordubete jardungo zuen iraganaz berbetan, huskeriak gogoratzen, etxean egindako pastelak goraipatzen, nahiz eta Hughek bazuen aukera egunero-egunero pastelak jaten ibiltzeko dukesa baten konpainian eta, izan ere, itxurari erreparatuta, oso zitekeena zen Hughek eginbehar atsegingarri horretan ematea bere denboraren puska eder bat. Ororen epaile errukiz beterikoak barkatu egingo zion agian. Peter Walshek ez zuen errukirik. Bilauak egon badaude, eta Jaungoikoak ondo daki ezen neskatxa baten burmuinak tren batean birrintzeagatik urkaturiko doilorrek kalte gutxiago egiten dutela, oro har, Hugh Whitbreadek eta haren adeitasun guztiek baino! Ikustekoa zen orain, hanka-puntetan, aurreraka dantzan, burua makur eta arrastaka, lehen ministroa eta Lady Bruton gelatxotik irtetean, guztiei aditzera emanez berak bazuela pribilegioa Lady Brutoni zer edo zer esateko, zer edo zer pertsonala, ondotik pasatzean. Lady Bruton gelditu egin zen. Bere buru eder eta zaharrari eragin zion. Mirabekeriaren batengatik eskerrak ematen arituko zitzaion, ziur asko. Andre zaharrak bere balakariak zeuzkan, gobernu administrazioko funtzionario txikiak, gora eta behera ibiltzen zitzaizkionak zerbitzu txikiak egiten, gero haien truke bazkaltzeko gonbidapenak jasotzeko. Lady Bruton, ordea, hemezortzigarren mendeko ondorioa zen. Behar bezalakoa zen.

      Eta, orain, Clarissak lehen ministroa lagundu zuen gelan zehar, harrokeriaz, distira betean, ile urdinek ematen zioten dotorezia erakutsiz. Arrakadak zeramatzan eta sirena-soineko berde zilarkara bat. Ilea txirikordatu bidenabar olatuen gainean igerian zebilela, horixe ematen zuen, eta bazuela oraindik dohain hura; izateko dohaina; existitzekoa; bera igarotzean guztia bere baitan biltzekoa; jiratu egin zen, zapia beste emakume baten soinekoan katigatua zitzaion-eta; zapia askatu zuen, barre egin, aisetasunik biribilena agertuz beti, berez zegokion ingurunean aske balebil bezala. Baina adinaren arrastoa igartzen zitzaion; sirena bati ere gerta dakioke ispiluan ikustea zelan ari den eguzkia sartzen, olatuen gainetik, arrats behera argitsu batean. Clarissak bazuen samurtasun pizar bat orain; zorroztasuna, mindulinkeria, zurruntasuna zeharo eztituak zitzaizkion jada, eta hitzez ezin azalduzkoa zen duintasun bat ageri zuen orain, agurka ari zitzaion bitartean urrezko parpailekiko gizon mardulari, zeina eginahalak egiten ari baitzen erakusteko —eta zorte ona izan zezala— norbait inportantea zela; amultsutasun zoragarri bat; mundu zabalari hoberena opako balio bezala, eta orain, ororen ertz-ertzean eta mugan zegoenez, agur esan behar balu bezala. Itxura hura hartu zion Peter Walshek Clarissari. (Baina ez zegoen maiteminduta).

      Egia esan, pentsatu zuen Clarissak, lehen ministroa oso atsegina izan zen festara etorrita. Eta, bestalde, gela harekin batera gurutzatu zuenean, Sally han egonda, eta Peter, eta Richard, poz-pozik, bekaizkeriarako joera apur bat izan zezakeen jende hura guztia inguruan izanik, Clarissa unearen hordialdian murgildu zen eta sumatu zuen zelan zabaldu zitzaizkion bihotzaren beraren zainak, hainbeste non bazirudien dardarka hasi zitzaiola, altxatu eta zutik jartzen zitzaiola... bai, baina, azken buruan, horixe zen gainerakoek sentitzen zutena; zeren, Clarissak hura guztia maite zuen arren, eta kilimak eta ziztadak nabaritzen zituen arren, itxura haiek, garaipen haiek (Peter adiskide maiteak, esaterako, berari hain aparta iriztea), hutsalak ere baziren zelanbait; pitin bat urrun sumatzen zituen, eta ez bihotzean; eta zahartzen ari zelako beharbada, baina ez zuten jada behinola bezainbeste asebetetzen; eta, halako batean, lehen ministroa eskaileretan behera zihoala ikustean, neskato bat mahuka-erdia jantzita erakusten zuen Sir Joshuaren margolanaren urre-koloreko ertzak Kilman ekarri zion brastakoan gogora; Kilman, bere etsaia. Hura bai gogobetegarria. Hura bai benetakoa. Ene! Zelan gorrotatzen zuen: suharra, hipokrita, ustela; zeukan botere handi hura; Elizabethen limurtzailea; lapurtu eta lohitzeko asmoz etxean isil-gordeka sartu zitzaien emakumea (zelako txorakeria!, esango luke Richardek). Kilman gorrotatzen zuen; maite zuen. Batek etsaiak maite zituen, eta ez lagunak, ez Durrant andrea eta Clara, Sir William eta Lady Bradshaw, Truelock andereñoa eta Eleanor Gibson (eskaileretan gora zetorrela ikusi zuena). Bila etor zitezela, berarekin egon nahi bazuten! Festaz arduratu beharra zeukan!

      Hara hor Sir Harry adiskide zaharra.

      —Sir Harry maitea! —esan zuen Clarissak, St. John’s Wood osoko beste bi akademikoetako edozeinek baino margolan txar gehiago pintatu zituen agure zahar dotorearengana hurbilduz (azienda margotzen zuen beti, ilunabarrean eta istilen ondoan, muturrak bustitzen, edo aditzera emanez, aurreko hanka goraturen baten bitartez edo adarren inarrosaldi baten bitartez, Sir Harryk bazuelako keinuak irudikatzeko baliabide sorta jakin bat, «arrotza hurbil dela»; Sir Harryren jarduerek, etxetik kanpoko afariek, lasterketek, denek ere zuten azienda hura oinarri, muturrak bustitzen margotutako animalia haiek, ilunabarrean eta istilen ondoan).

      —Zeri egiten diozue barre? —galdetu zion Clarissak. Zeren Willie Titcomb eta Sir Harry eta Herbert Ainsty barreka ari baitziren. Ez, bada. Sir Harryk ezin zizkion Clarissa Dallowayri kontatu music halleko pasadizoak (nahiz eta oso gogoko zuen; Clarissak bere gisara manera bikainak zituela uste baitzuen, eta mehatxu egiten zion margotuko zuela). Adarra jo zion festaren kontura. Bere brandyaren hutsa sumatzen zuen. Giro haiek, esan zuen Sir Harryk, bere gainetik zeuden. Baina gogoko zuen Clarissa; begirunea zion, goi mailakoen fintasun nazkante eta nekagarri hura gorabehera, zeinak galarazten baitzion Clarissa Dallowayri eskatu ahal izatea bere belaunen gainean esertzeko. Eta, hara, hor zetorren gora mamu alderrai hura, argi-txakur pizar hura, Hilbery andre zaharra, Sir Harryren irribarrearen epelerantz luzatuta eskua (dukearen eta ladyaren kontura ari zen barrez), zeren gelaren beste aldetik irribarrea aditu eta lasaitu egin zitzaion lantzean behin buruan izaten zuen ezinegona, hain zuzen, gaueko ordu txikietan itzarri eta neskameari deitu nahi izaten ez zionean te bat presta ziezaion: egia dela hil beharra daukagula.

      —Ez dizkigute beren istorioak kontatu nahi —esan zuen Clarissak.

      —Clarissa maitea! —garrasi egin zuen Hilbery andreak.

      Gau hartan amaren berdin-berdina zen, esan zion Hilbery andreak, gogoratuz Clarissaren ama ikusi zuen aurreneko aldi hura, lorategi batean pasieran zebilela kapela gris bat jantzita.

      Eta Clarissari benetako malkoz bete zitzaizkion begiak. Ama, lorategi batean pasieran! Tamalez, ordea, joan beharra zeukan.

      Zeren hortxe baitzegoen Brierly katedraduna, Miltoni buruzko eskolak ematen zituena, Jim Hutton txikiarekin berbetan (zeina ez baitzen gauza, are hau bezalako festa baterako, ondo egokitzen ziren txalekoa eta gorbata hautatzeko, edo ilea tentetu barik eramateko), eta Clarissak, urrutitik ere, erraz antzeman zien liskarrean ari zirela. Brierly katedraduna oso morroi xelebrea zen eta. Bi soseko idazleengandik hain urrun egonda ere, bere titulu, ohore eta katedra haiei esker, berehala jabetzen zen giroa ez zenean aproposa bere nortasun xelebre horretarako; bere jakituria miragarrirako eta bere lotsarako; bere adeitasunik gabeko xarma hotzerako; esnobismoarekin nahasitako bere lañotasunerako; Brierly irakaslea dardarka hasten zen andre baten ile harrotuek edo gazte baten botek ohartarazten ziotenean bazegoela azpimundu bat, aintzat hartzekoa inondik ere, erreboltariz, gazte suharrez, etorkizuneko jenioz betea; eta aditzera ematen zuen, buru-keinu batez, arnasots batekin —uf!—, zeinen baliotsua zen proportzioa; klasikoak apur bat ezagutzea, Milton ulertzearren. Brierly irakaslea (Clarissak argi zekusan) ez zen ados jarriko Jim Hutton txikiarekin (zeinak galtzerdi gorriak zeramatzan beltzak garbitegian zeuzkalako) Miltoni buruz. Clarissa tartean sartu zen.

      Bach asko gustatzen zitzaiola esan zien Clarissak. Hutton ados agertu zen. Huraxe zen bien arteko lotura, eta Huttoni (oso poeta kaskarra hura) beti iruditu zitzaion Dalloway andrea zela, alde handiz, artearekiko interesa erakusten zuten dama handietan hoberena. Bitxia zen zeinen zorrotza zen emakume hura. Musikari zegokionez, hotza goitik behera. Aski pedantea. Baina, halere, zeinen liluragarria begitantzen zitzaion Clarissa ikustea! Hain giro atsegina sortzen baitzuen bere etxean, huts bakarra katedradun haiek. Clarissari erdi bururatzen hasia zitzaion Huttoni lepotik heldu eta pianoan eseraraztea, atzeko gelan. Zoragarri jotzen zuen eta.

      —Baina zalaparta hura! —esan zuen Clarissak—. Zalaparta hura!

      —Festaren arrakastaren seinalea.

      Eta burua gizabidez makurtu ostean, katedraduna begirunetsu aldendu zen.

      —Den-dena daki Miltoni buruz, den-dena —esan zuen Clarissak.

      —Benetan? —esan zuen Huttonek, katedradunaren hista egiten ibiliko baitzen gero Hamsptead osoan zehar: katedraduna, Miltonez berbetan; katedraduna, proportzioaz berbetan; katedraduna, begirunetsu aldenduz.

      Baina beste bikote harekin hitz egin beharra zuen, Lord Gaytonekin eta Nancy Blowekin, esan zion Clarissak.

      Eta ezin esan bikote horrek nabarmen hornitzen zuenik festako zalaparta. Ez ziren hizketan ari (agerian ez, behinik behin), gortina horiaren parean zutik zeudelarik bata bestearen ondoan. Beste norabait joango ziren laster; eta ez zuten sekula izaten askorik esateko, egoera edozein izanda ere. Itxurosoak ziren; eta kito. Aski. Hain ziren aratzak biak, hain sasoikoak; emakumea, hautsez eta pinturaz egindako abrikotaren kolorea aurpegian; gizona, berriz, xaboiz ondo igurtzia, urberritua, eta txori baten begiekin, halako eran non ez zion ezein pilotak ihes egingo ezta ezein kolpek ustekabean harrapatuko ere. Zehatz jotzen zuen pilota, zehatz salto egiten, di-da. Poneyen muturrak dardarka egoten ziren briden tiraldiengatik. Sorlekuan bazeuzkan ohore-dominak, antzinako monumentuak, zutoihalak elizan. Bazituen bere betebeharrak; maizterrak; ama eta arrebak; Lordsen emana zuen egun osoa, eta horretaz ari zen berbetan —cricketaz, lehengusuez, filmez—, Dalloway andrea hurbildu zitzaienean. Lord Gaytonek oso begiko zuen Clarissa. Orobat Blow andereñoak. Hain xarmagarriak ziren Clarissaren manerak.

      —Aingeruak zarete... zoragarria da zuek hemen ikustea! —esan zien. Oso gogoko zuen Lords; oso gogoko gazteak, eta han zegoen Nancy, dirutza eder baten truke Parisko artistarik handienek jantzita, bere gorputzak, berez, borondate hutsez, parpaila berde haiek sortu izan balitu bezala.

      —Jendeak dantzatzea nahi nuen —esan zuen Clarissak.

      Gazteek ez baitzekiten hitz egiten. Eta zergatik jakingo zuten, ba? Oihuka aritzea zegokien, elkar besarka, dantzan, itzarrik ibiltzea egunsentian; zalditxoei azukrea jaten ematea, chow-chow txakurren muturtxoak musukatu eta besarkatzea; eta, gero, gorputzak kilikaz beterik eta trumilka, uretan murgildu eta igerian ibiltzea. Baina ingeles hizkuntzaren baliabide eskergak, hizkuntzak, azken batean, sentimenduak adierazteko ematen digun ahalmena (haien adinean Peter eta biek eztabaidaka pasatuko zuten gau osoa), ez ziren haientzat egokiak. Gazterik gatzatuko ziren. Onak baino hobeak izango ziren beren eskualdeko bizilagunekin, baina, bakarka, aspergarri samarrak suertatuko ziren, beharbada.

      —Lastima! —esan zuen Clarissak—. Dantzatuko ginela espero nuen.

      Haiek bai atseginak! Ikaragarri eskertzen zien etorri izana! Baina dantzatzea bururatzea ere! Gelak mukuru beteak zeuden!

      Hantxe zetorren Helena izeko zaharra bere xalean bilduta. Tamalez, bakarrik utzi beharko zituen Lord Gayton eta Nancy Blow. Hantxe zetorren Parry andereñoa, Clarissaren izeko zaharra.

      Zeren Parry andereñoa ez baitzegoen hilda: Parry andereñoa bizirik zegoen. Laurogeitaka urte zeuzkan. Oso mantso igo zituen eskailerak, makulua lagun. Aulki batean jesarri zuten (Richard Dalloway arduratu zen). Hirurogeita hamarreko hamarkadan Birmanian ezagututako jendea eramaten zioten beti. Non ote zegoen Peter? Lagun handiak izan ziren. Zeren India, edo are Zeilan aipatze hutsarekin, izekoren begiak (bat bakarra zeukan beirazkoa), astiro-astiro, sakonago bihurtzen ziren, urdin bilakatzen, zerbait begiesten hasten ziren, baina ez zituen gizakiak ikusten —ez zeraman barruan oroitzapen samurrik, ez erregeorde, jeneral edo matxinadei buruzko amets handiosik—, baizik eta orkideak, mendi lepoak, eta bere irudia, coolieek bizkarka zeramatenean hirurogeiko hamarkadan gailur bakartuetan barrena; edo orkideak batzera jaisten zenean (lili harrigarriak, sekula ikusi gabeak), gero akuarelaz margotzeko; emakume ingeles menderakaitza, aztoratu egiten zena gerrak gogaituz gero, aldi hartan bezala, adibidez, etxeko ate ondoan bonba bat lehertu zenean etenaraziz orkideei buruzko eta hirurogeiko hamarkadan Indian barrena bidaiatzen zebilen bere irudi gazteari buruzko gogoeta sakonen segida... Hara, hor zegoen Peter.

      —Etorri, eta hitz egin ezazu Birmaniaz izeko Helenarekin —esan zion Clarissak.

      Nahiz eta ez zuen, artean, Clarissarekin hitz erdirik ere egin gau osoan!

      —Gero mintzatuko gara —esan zion Clarissak izeko Helenarengana zeraman bitartean, han baitzegoen bere xal zurian bilduta eta makulua eskuan.

      —Peter Walsh —esan zion Clarissak.

      Esanahirik ez horrek.

      Clarissak gonbidatu zuen. Nekagarria zen; zarata handia zegoen; baina Clarissak gonbidatu zuen. Halandaze, hantxe zegoen bera. Tamalgarria zen Richard eta Clarissa Londresen bizitzea. Clarissaren osasunagatik besterik ez bazen ere, hobe zuten landa aldean bizi. Clarissak, ordea, oso gustukoa izan zuen beti gizarte-bizitza.

      —Birmanian egon da —esan zuen Clarissak.

      Ene! Parry andereñoari ezinbestean etorri zitzaion burura Charles Darwinek esandako hura Birmaniako orkideez idatzi zuen liburutxoaren gainean.

      (Clarissak Lady Brutonekin hitz egin beharra zeukan).

      Duda barik ahaztua egongo zen honezkero, orkideei buruzko bere liburu hura, baina hiru argitaraldi izan zituen 1870erako, esan zion Peterri. Oraintxe oroitu zen gizon hartaz. Bourtonen egon zen (eta izeko Helena bakarrik utzi zuen salan, gogoratu zuen Peter Walshek, hitzik esan gabe, Clarissak txalupan ibiltzera joateko eskatu zion gau hartan).

      —Richard ikaragarri gustura egon da zure etxean bazkaltzen —esan zion Clarissak Lady Brutoni.

      —Richarden laguntza ezin hobea izan da —erantzun zion Lady Brutonek—. Gutun bat idazten lagundu dit. Eta zu, zer moduz zaude?

      —Oi! Ezin hobeto! —esan zuen Clarissak (Lady Brutonek ezin zuen eraman politikarien emazteak gaixotzea).

      —Hara, hortxe dugu Peter Walsh! —esan zuen Lady Brutonek (ez zitzaion-eta sekula bururatzen Clarissari zer esan; hura gogoko zuen arren. Dohain bikain eta ugariko emakumea zen, baina ez zuten elkarren antzik ezertan ere; berak eta Clarissak. Hobe izango zen, ziur asko, Richard xarma apalagoko emakumeren batekin ezkondu balitz, lanbidean aurrera egiten laguntza handiagoa emango zion baten batekin. Gobernuko kide izateko aukera galdua zuen). «Hara, hortxe dugu Peter Walsh!», esan zuen, eta eskua tinkatu zion bekatari jator hari, ospe ona lor zezakeen arren halakorik ez zeukan morroi guztiz trebe hari (emakumeekin arazoetan beti); eta hor zegoen Parry andereño zaharra ere. Dama zahar zoragarria zinez!

      Lady Bruton Parry andereñoaren aulkiaren ondoan egokitu zen, zutik, beltzez jantzitako granadari espektral bat irudi, eta Peter Walsh bazkaltzera gonbidatu zuen; adeitsu, baina, ele-meletan aritzeko gai ez zela, ez zuen ezertxo ere gogoratzen Indiako floraz edo faunaz. Lady Bruton han izana zen, jakina; hiru erregeorderen agintaldiak ezagutu zituen, han bizi zelarik; Indiako zibil batzuk ohiz kanpoko herritar finak zirela uste zuen; baina zelako tragedia... Indiako oraingo egoera! Lehen ministroak oraintsu kontatua zion (Parry andereño zaharrari, xalean kiribilduta beti, ez zitzaion batere axola lehen ministroak oraintsu kontatua ziona), eta Lady Brutonek Peter Walshen iritzia ezagutu gura zuen, Indiatik bertatik etorri berria baitzen, eta dena antolatuko zuen Peter Sir Sampsonekin elkartu zedin, zeren benetan loa galarazten baitzion hango erokeria horrek, doilorkeria ere esan zezakeen, militar baten alaba izanik. Emakume zaharra zen orain, ezertarako ez jada. Baina hor zeuzkan etxea, zerbitzariak eta Milly Brush adiskide mina —oroitzen al zen?—, lagungarriak izateko irrikaz guztiak, tira, ezertan laguntzeko balio bazuten behintzat, labur esanda. Zeren Lady Brutonek ez baitzuen inoiz Ingalaterraz hitz egiten, baizik eta gizonen uharteaz, odoletan zeraman lur maite, maite-maiteaz (Shakespeare irakurri barik ere), eta inoiz jaio bazen emakumerik gai zena kaskoa jantzi eta gezia jaurtitzeko, gudarosteak erasora eramateko, barbaro saldoak justizia menderakaitzez gobernatzeko, eta ezkutu baten azpian sudurgabe etzateko gero eliza baten barruan, edo belar orlegiko tontortxo bat osatzeko mendi-mazel antzinako batean, Millicent Bruton zen emakume hura. Bere sexuak galarazita eta orobat halako nagikeria baten ondorioz, ez zuenez logikarako ahalmenik (ezinezkoa zitzaion eskutitzik idaztea The Timesera bidaltzeko), eskura zeukan beti Inperioaren ideia, eta armaduraz gotorturiko jainkosa harekin zuen harremanari esker lortua zuen tankera bortxatu hura, bere jokamoldearen irmotasuna, halako eran non ezinezkoa baitzen Lady Bruton irudikatzea, ezta hil ostean ere, bere sorlekutik at, edo batetik bestera alderrai Erresuma Batuko bandera, modu espiritual batean bederen, haizean dantzan ibiliko ez zen lurraldeetan barrena. Ingelesa izateari utzi, hildakoen artean bazen ere... inolaz ere ez! Ezinezkoa!

      Baina, Lady Bruton al zen hura (aspaldian ezagututakoa)?, Peter Walsh al zen gizon ile-urdin hura?, galdetu zion bere buruari Lady Rosseterrek (lehenago Sally Seton izandakoak). Hura Parry andereño zaharra zen, noski, Bourtonen egin ohi zituen egonaldietan hainbeste haserretzen zen izeko zaharra. Ez zuen inoiz ahaztuko korridorean zehar biluzik lasterka ibili zen aldi hura eta zelan agindu zion Parry andereñoak berarengana joateko gero! Eta Clarissa! Ene, Clarissa! Sallyk besotik oratu zion.

      Clarissa haien ondoan gelditu zen.

      —Baina ezin naiz zuekin gelditu —esan zien—. Gero etorriko naiz. Itxaron iezadazue —esan zuen, Peterri eta Sallyri begira. Itxaron beharra zuten, esan gura zien, gainerako guztiek alde egin arte.

      —Gero itzuliko naiz —esan zuen, bi adiskide zaharrei begira, Sallyri eta Peterri, zeinak bata besteari eskua ematen ari baitziren, Sally, iragana gogoan duda barik, barreka ari zen bitartean.

      Baina Sallyren ahotsa antzinako joritasun liluragarriaz hustua zen orain; begiek ez zioten distira egiten garai batean bezala, zigarroak erretzen zituenean, lasterka joaten zenean belakiaren poltsaren bila korridorean zehar erabat biluzgorri, Ellen Atkinsen galdera hura eraginez: Eta jaunetako batek ikusi izan balu, gero? Baina jende guztiak barkatzen zion. Behin oilasko bat lapurtu zuen jakitokitik, goseak zegoen gau batez; zigarroak erretzen zituen bere gelan; balio ikaragarriko liburu bat laga zuen txanelean. Baina biziki maite zuten denek (aitak izan ezik, beharbada). Sallyren amultsutasunagatik; haren bizitasunagatik: pintatu egiten zuen; idatzi egiten zuen; herriko emakume zaharrek ez zuten egundainokoan Sally ahaztu, beti ari zitzaizkion Clarissari galdezka zer moduz «lagun hura, longain gorria zeramana, hain argia zirudiena». Sallyk Hugh Whitbread salatu zuen, nor eta Hugh (eta hantxe zegoen, Hugh adiskide zaharra, Portugalen enbaxadorearekin berbetan), erretzeko gelan berari musu eman ziola zigor gisa esana zuelako emakumeek boto eskubidea izan beharko luketela. Gizon arruntek ere bazuten eta. Clarissa oroitzen zen nola konbentzitu behar izan zuen, familiako otoitzetan Hugh salatu ez zezan, Sally hala egiteko gauza baitzen bere adoreak, ausarkeriak, ororen erdigune izateko eta iskanbilak pizteko bere irrika melodramatikoak hartaratuta, eta horrek guztiak, Clarissak hala uste zuen orduan, tragedia izugarriren bat ekarriko zion nahitaez; heriotza; martirioa; baina, aitzitik, gizon burusoil bat esposatu zuen erabat ustekabean, zeinak botoi-zuloan lore handi bat zeraman eta Manchesterren hainbat kotoi lantegi ei zeuzkan. Eta bazituen bost seme!

      Sally eta Peter elkarrekin gelditu ziren. Hizketan: hain ohikoa zirudien... biak hizketan aritzea. Iraganaz jardungo zuten ziur asko. Bi-biekin partekatzen zuen (Richardekin baino areago) Clarissak bere iragana; lorategia; zuhaitzak; Joseph Breitkopf zaharra Brahms kantatzen ahotsik batere gabe; salako hormako papera; tapizen usaina. Sally beti izango zen horren guztiaren parte; baita Peter ere. Baina han utzi behar zituen. Hortxe zetozen bradshawtarrak: Clarissak ez zituen gustuko.

      Lady Bradshawrengana joan beharra zuen (grisez eta zilarrez jantzita zetorren, orekari eutsiz itsas lehoi bat bere putzuaren ertzean bezala, dukesei zaunkaka gonbidapenen bila, gizon arrakastatsuaren emakume peto-petoa), joan beharra zuen, Lady Brashawengana eta esan...

      Baina Lady Bradshawk aurrea hartu zion.

      —Lotsagarria da zeinen berandu heldu garen, Dalloway andre maitea; ez ginen sartzera ere ausartzen ia —esan zuen.

      Eta Sir Williamek, oso dotorea bera, ilea zuri eta begiak urdin, esan zuen: bai, ezin izan zioten tentaldiari eutsi. Richardekin hizketan ari zen, Komunen Ganberan onetsarazi nahi zuten lege proiektu horri buruz, ziur asko. Zergatik amorratzen zen gizon hura Richardekin berbetan ikuste hutsagatik? Mediku handia zen, eta itxura ere halakoa zuen; bere lanbidean zinez lehen mailan zegoen gizonarena; botere handikoa, ahitu samarra. Zeren aintzat hartu behar baitzen zelako kasuak iristen zitzaizkion: oinaze gorritan zegoen jendea; eromenaren mugan zegoen jendea; senarrak eta emazteak. Zailtasun ikaragarrizko aferei buruzko erabakiak hartu behar zituen. Eta halere... Clarissak zera sentitzen zuen, ez litzaiokeela gustatuko Sir William bere zoritxarraren lekuko izatea. Ez; ez gizon hura.

      —Zer moduz semea Etonen? —galdetu zion Lady Bradshawri.

      Ba, ezin izan da kirol taldean sartu, hazizurrien erruz, azaldu zion. Aita semea bera baino nahigabetuago zegoen, Lady Bradshawren iritziz, «Ume handi bat besterik ez delako», esan zuen.

      Clarissak Sir Williami begiratu zion, Richardekin hizketan ari zela. Ez zitzaion ume bat iruditu, inondik ere ez.

      Behin harengana jo zuen beste batekin, aholku eske. Sir William ezinago zuzena izan zen, ikaragarri burutsua. Baina, Jainko maitea! Zelako lasaitua berriro kalera irtetean! Gogoan zeukan bazela gizagaixoren bat negar-zotinka itxarongelan. Baina Clarissak ez zekien zer zuen Sir Williamek; zer zen zehazki gustatzen ez zitzaiona. Richard ados zegoen, ordea, «Ez zuen gogoko haren gustua, ez zuen gogoko haren usaina». Abilezia miresgarriko gizona zen, halere. Lege proiektu horri buruz ari ziren hizketan. Sir William kasuren bat aipatzen ari zen, ahotsa apalduz. Eta kasu horrek bazuen zerikusia soldadu batzuek jasaten zuten shock psikikoaren epe luzeko ondorioez arestian aipatua zuenarekin. Lege proiektu berriak horri buruzko xedapenen bat jaso beharko luke.

      Lady Branshawek (txoriburu gajoa, batek ezin zuen begitan hartu), ahotsa apalduz, Clarissa bien emetasunaren gerizpera arrastatuz, larregi lan egiteko joera zuten senarren dohain gailenek biei pizten zieten harrotasunaren aterpera, xuxurlaka esan zion: «Etxetik irtetekoak ginen unean bertan, telefonoz deitu diote senarrari, oso kasu tristea. Gizon gazte batek (horixe ari zitzaion kontatzen Sir William Dalloway jaunari) bere buruaz beste egina zuen. Armadan egondakoa zen». Ene!, pentsatu zuen Clarissak, nire festaren erdian, hara hemen heriotza, pentsatu zuen.

      Clarissak bere bideari heldu zion ostera, lehen ministroa eta Lady Bruton bilduta egon ziren gela txikira joan zen. Baliteke norbait aurkitzea han. Baina ez zegoen inor. Aulkiek gainean eserita egondakoen aztarnak ageri zituzten oraindik, Lady Bruton lehen ministroari begirunez begira, bestea irmo jesarrita, larderiaz. Indiaz aritu ziren hizketan. Orain ez zegoen inor. Festaren arrandiak behera egin zuen bat-batean, hain baitzen arraroa bera hara hola sartzea, bakarrik, jantzi bikain haiek soinean.

      Zer eskubide zuten bradshawtarrek heriotzaz hitz egiteko bere festan? Gazte batek bere buruaz beste egin zuen. Eta horretaz berba egin behar bere festan; bradshawtarrek heriotzaz hitz egin zuten. Gazteak bere burua hil zuen, bai, nola ordea? Clarissari kontatzen ziotenean, ustekabez, deblauki, ezbeharren bat, bere gorputzak gertaera biziberritzen zuen beti; jantzia sutan jartzen zitzaion, gori-gori gorputza. Gazte hark leihotik behera bota zuen bere burua. Gora etorri zen lurra, tximista baten antzera; punta herdoilduek, narras, zorrotz, gaztea zulatu zuten. Hantxe gelditu zen, danba, danba, danba adituz burmuinean, eta ilunbeltzaren itolarria gero. Hori ikusi zuen Clarissak. Baina zergatik hil zuen gazte hark bere burua? Eta bradshawtarrek horretaz berba egin behar bere festan!

      Behin, Clarissak txelin bat bota zuen Serpentineko uretara, sekula ez zuen beste ezer bota. Gazte hark, ordea, den-dena bota zuen. Haiek bizirik segitzen zuten (festara itzuli beharko zuen; salak jendez mukuru zeuden oraindik; jende gehiago etortzen ari zen). Haiek (egun osoan izan zuen Bourton gogoan, eta Peter, Sally), haiek zahartu egingo ziren. Bazen zerbait axola zuena: gauza bat berriketek estaltzen, mozorrotzen zutena, Clarissaren bizitzan ere ilundua zena, egunero bazter uzten zutena ustelkeriaren, gezurren eta berriketen mesedetan. Horixe atxikia zuen gazte hark. Heriotza erronka bat zen. Heriotza besteekin harremanetan jartzeko saio bat zen, jendeak sumatzen baitzuen ezinezkoa zuela zentzu mistikoan ihesi joaten zitzaion erdigunera heltzea. Hurbiltasuna bereizketa bihurtzen zela; aienatu egiten zela suhartasuna; norbera bakarrik zegoela. Bazen besarkada moduko bat heriotzan.

      Baina bere buruaz beste egin zuen gazte hark... bere altxorrari eutsiz egin ote zuen salto? «Orain hil behar banu, unerik zoriontsuena litzateke», esan zuen behin Clarissak bere artean, eskaileretan behera, zuriz jantzita.

      Baina han zeuden orobat poetak eta pentsalariak. Demagun gazte hark grina hura zeukala eta Sir William Bradshaw mediku handia ikustera joan zela, Clarissak modu ilun batean gaizto irizten zion arren, sexurik eta lizunkeriarik gabea, txit adeitsua emakumeekin, baina ankerkeria izugarriren bat egiteko gai —arima bortxatzeko, hain zuzen—, demagun, beraz, gazte hark berarengana jo zuela eta Sir William Bradshawren botereak manera hartan erasan ziola; ez zuen gazteak honako hau esango orduan (Clarissak halaxe sentitzen zuen orain): bizitza jasanezina da; bizitza jasanezin bihurtzen dute, honelako gizonek.

      Bestalde (Clarissak goizean bertan sentitu zuen), hor zegoen izu-ikara hura ere; ezgaitasun lazgarri hura, gurasoek gure esku utzitako bizitza, amaierara arte bizitzeko, patxadaz urratzeko ezina; Clarissak bazuen, bihotzaren barren-barrenean, beldur izugarrizko bat. Are orain ere, maiz samar, Richard han egon izan ez balitz The Times irakurtzen, bera txori baten gisara uzkurtu ahal izateko eta berpiztu ahal izateko gero, astiro-astiro, bozkario eskerga hura orro batean kanporatuz, zura zuraren kontra, gauza bat bestearen kontra igurzten dugunean bezala, Clarissa hil egingo zen. Bera onik irten zen. Gazte hark bere buruaz beste egin zuen, ordea.

      Hura zen, zelanbait, Clarissaren zorigaitza, haren lotsaizuna. Haren zigorra, ikustea zelan hondoratzen zen, eta galtzen, gizon bat hemen, emakume bat han, ilunpe sakon hartan, berak hor egon behar zuen bitartean, gau-soineko hura jantzita. Azpijokotan aritua zen; lapurreta egina zen. Ez zen inoiz izan zeharo miresgarria. Arrakasta gura izan zuen, Lady Bexborough eta gainerako guztia. Eta behin Bourtongo terrazan zehar ibili zen pasieran.

      Bitxia; sinestezina; ez zen sekula orain bezain zoriontsua izan. Ezer ez zen behar bezain geldoa; ezer ez lar luzea. Ez zegoen ezer, pentsatu zuen Clarissak, aulkiak zuzen jarriz eta liburu bat apalategian berriro gordez, hain atsegingarria nola gaztaroaren garaipenak deuseztatu izana, nola gozamenez inarrostea, eguna urratzean, eguzkia sartzean, eta bizitza berriro aurkitzea haren sigi-sagetan barrena galdurik ibili ondoren. Sarritan atera izan zen kanpora Bourtonen, besteek hizketan zihardutela, zerua begiestera; sarritan ikusia zuen zerua beste afaltiar batzuen sorbalden gainetik; Londresen ikusia zuen, lorik ezin harturik zegoela. Leihora hurbildu zen.

      Ideia burugabea zirudien arren, bere herriko zeru hark, Westminster gaineko zeru hark bazuen zer edo zer berea. Clarissak gortinak alboratu zituen; kanpora begiratu. Oi! Harrigarria benetan! Pareko gelan, emakume zaharra zegoen berari begira-begira! Oheratzeko prestatzen ari zen. Eta zerua. Zerua solemne ageriko da, pentsatua zuen, ilunsentiko zerua izango da, bere musua edertasunez xotilki aldentzen arituko dena. Baina hara hor: zurbila zen, hauts-kolorekoa, eta hodei itzel gero eta meheago batzuek lasterka bizian ildaskatzen zuten. Ustekabea izan zen Clarissarentzat. Haizea harrotuko zen, nonbait. Emakumea ohera zihoan, pareko gelan. Liluragarria zen hari begira egotea, batetik bestera, emakume zahar hura ikustea, gelan barrena zebilela, leihora hurbiltzen zela orain. Clarissa ikusiko zuen? Liluragarria zen, jendea etxeko saletan zebilen bitartean, barreka eta oihuka, emakume zahar hura ikustea, lasai-lasai, bakarrik, lotara joateko prest. Pertsiana ixten ari zen orain. Ordularia jotzen hasi zen. Gizon gazteak bere burua hil zuen, baina Clarissa ez zitzaion errukitzen; erlojua ordua jotzen ari zen, bat, bi, hiru, Clarissa ez zitzaion errukitzen, gertatzen ari zen guztia gertatuta. Hara! Emakume zaharrak argia itzali zuen! Etxe osoa ilunpean gelditu zen orduan, gertatzen ari zen guztia gertatuta, esan zuen Clarissak ostera, eta hitzok etorri zitzaizkion: ez zaitez engoitik ikara eguzki galda beroaz. Gonbidatuengana itzuli behar zuen. Baina zeinen gau zoragarria! Oso antzekoa sentitzen zen, zelanbait, bere burua hil zuen gazte horren oso antzekoa. Pozten zen gazteak bere buruaz beste egin izanaz; bizitza pikutara bidali izanaz, haiek bizirik segitzen zuten bitartean. Ordularia jotzen ari zen. Zirkulu berunezkoak airean aienatu ziren. Baina itzuli beharra zeukan. Elkartu egin behar zuen. Sally eta Peterrengana joan. Eta gela txikitik atera zen, eta salara sartu.

 

 

—Baina, non dago Clarissa? —esan zuen Peterrek. Sofan jesarrita zegoen, Sallyrekin. (Hainbeste urte igaro ondoren, ezin-ezinezkoa zitzaion «Lady Rosseter» deitzea)—. Non sartu da emakume hori? —galdetu zuen—. Non dago Clarissa?

      Sallyk uste zuen eta, izan ere, hori bera uste zuen Peterrek, festan bazela jende garrantzitsua, politikariak, ez batak ez besteak ezagutzen ez zituztenak, edo aurpegiz baizik ez, egunkarietako argazkietan ikusita, eta Clarissak atsegina izan beharra zeukala, haiekin hizketan jardun beharra zeukala. Jende harekin zegoen. Richard Dalloway gobernuko kidea ez izan arren. Gauzak ez zitzaizkion ondo atera, pentsatu zuen Sallyk. Berak, egia esateko, ez zuen ia-ia egunkaririk irakurtzen. Batzuetan, Richarden izena aipatzen zutela ikusten zuen. Baina, tira, berak oso bizimodu bakartia zeraman, bazter leku batean, Clarissak esango lukeen bezala, merkatari handien, ekoizle handien artean, gauzak egiten zituzten gizonen artean, azken batean. Bera ere gauzak egindakoa zen gero!

      —Bost seme ditut! —esan zion Peterri.

      Jainko maitea, zelako aldaketa Sallyrena! Amatasunaren samurtasuna; baita amatasunaren egotismoa ere. Elkar ikusi zuten azken aldian, gogoratu zuen Peterrek, azaloreen artean izan zen, ilargiaren argitan, hostoek «brontze latzezkoak» ziruditela esan zion Sallyk, bere literaturarako sen harekin; eta arrosa bat hartu zuen. Sallyk batera eta bestera ibiltzera eraman zuen gau izugarri hartan, iturriaren ondoko sesioa izan eta gero; Peter gauerdiko trena hartzekoa zen. Negar ere egin zuen, alajainkoa!

      Peterren trikimailu zaharra zen, sakelako labana irekitzea, pentsatu zuen Sallyk, labana ireki eta ixtea etengabe, aztoratzen zenean. Lagun minak izan ziren, oso lagun minak, bera eta Peter Walsh... Peter Clarissaz maiteminduta zegoenean, eta sesio itsusi eta barregarri hura gertatu zenean bazkalorduan, Richard Dalloway zela eta. Sallyk «Wickham» deitu zion. Zergatik ezin zitzaion Richardi «Wickham» deitu? Clarissa amorru bizian jarri zen; eta, izan ere, harrezkero ez zuten gehiago elkar ikusi, berak eta Clarissak, dozena erdi bat bider agian, besterik ez, azken hamar urteotan. Eta Peter Walsh Indiara joan zen; eta ezkontza oker atera zitzaiola-edo aditu zuen, eta Sallyk ez zekien seme-alabarik izan zuen ala ez, eta ez zion galdetuko, Peter ez zelako garai bateko berbera. Zimeldu samartua zirudien, baina adeitsuagoa, nabaritu zuen Sallyk, eta benetan estimatzen zuen, bere gaztaroarekin lotua zegoelako eta oraindik ere gordetzen zuelako Peterrek oparitutako liburutxoa, Emily Brontërena, eta bazuen idazteko asmorik, ezta? Garai hartan Peterrek idazteko asmoa zuen.

      —Idatzi al duzu zerbait ere? —galdetu zion Sallyk eskua, bere esku sendo eta ondo osatua, belaunaren gainean zabalduz Peterrek gogoratzen zuen modu berean.

      —Hitz erdirik ere ez! —erantzun zuen Peter Walshek, eta Sally barrez hasi zen.

      Erakargarria zen oraindik, erabateko pertsonaia, Sally Seton. Baina nor zen Rosseter hura? Bi kamelia eraman zituen ezkontza egunean, horixe zen Peterrek hari buruz zekien guztia. «Ezin konta ahala zerbitzari dituzte, miliak eta miliak berotegiz beteak», idatzi zion Clarissak, edo antzeko zer edo zer. Sallyk hala zela onartu zion algaraka.

      —Bai, hamar mila dauzkat urtean.

      Baina zergak ordaindu aurretik edo ondoren ote zen, Sallyk ezin gogoratu, senarra arduratzen zelako gai haietaz, «Ezagutuko duzu», esan zion, «Gustatuko zaizu», esan zion.

      Sally, zarpailak eta piltzarrak ibili ohi zituena. Marie Antoinettek birraitaitari oparituriko eraztuna jarri omen zuen bahituran —ez al zen hala izan?— Bourtonera joateko.

      Ene, bai! Sally oroitzen zen: oraindik zeukan eraztun hura, Marie Antoinettek birraitaitari oparitutako eraztun errubiduna. Garai hartan sos pizarrik gabe ibiltzen zen beti, eta Bourtonera joateko sekulako dirutza gastatu behar izaten zuen. Baina Bourtonera joatea oso garrantzitsua izan zen: bere senean egoten lagundu zion, Sallyren ustez, hain dohakabea zen-eta etxean. Baina iraganeko kontuak ziren haiek, kontu haiek bukatuak ziren jada, esan zuen Sallyk. Parry jauna hilda zegoen; eta Parry andereñoa bizirik oraindik. Bizitza osoko ustekaberik handiena izan zen, esan zuen Peterrek. Guztiz sinistuta zegoen hil egin zela. Eta ezkontza, pentsatzen zuen Sallyk, arrakasta biribila, ezta? Eta Elizabeth zen gazte eder eta bere buruaz hain seguru ematen zuen hura, han, gortinen ondoan zegoena, arrosaz jantzita.

      (Makala bezalakoa zen, ibai bat bezalakoa, hiazintoa bezalakoa, pentsatzen ari zen Willie Titcomb. Ene! Askoz ere atseginagoa izango litzateke landa aldean egotea bere kasa! Txakur gaixoaren uluak aditzen ziren orain, Elizabeth ziur zegoen). Ez zuen Clarissaren antzik txikiena ere, esan zuen Peter Walshek.

      —Oi, Clarissa! —esan zuen Sallyk.

      Sallyk hori baizik ez zuen sentitzen. Oso zor handia zeukan Clarissarekin. Adiskideak izan ziren, ez ezagunak, adiskideak, eta oraindik ikusi uste zuen goitik behera zuriz jantzita etxean hara eta hona, eskuak bete lore: are gaurko egunean, tabako landareek Bourton ekartzen zioten burura. Baina ulertzen ote zuen Peterrek? Clarissari zer edo zer falta zitzaion. Zer falta zitzaion, ordea? Xarma bazuen; xarma ikaragarria. Baina, garbi mintzatuz (eta Sallyk betiko adiskidetzat hartzen zuen Peter, benetako adiskidetzat... axola ote zuen elkar ikusi ez izanak?, axola ote zuen urrun egon izanak? Maiz izan zuen Peterri idazteko gogoa, baina gutuna urratu zuen beti, eta, halere, iruditzen zitzaion Peterrek ulertuko zuela, jendeak hitzen beharrik gabe ulertzen baitu, zahartzean ikasten dugun legez, eta bera zaharra zen, arratsaldean bertan Etonera joandakoa zen semeak ikustera, hazizurriak zituelako), argi eta garbi mintzatuz, nola zitekeen Clarissak hura egin izana? Richard Dallowayrekin ezkondu izana? Richard, kirolari bat, txakurrez baizik arduratzen ez zena. Gelan sartzean ukuilu usaina ekartzen zuen, holaxe. Eta, gero, hau guztia? Sallyk eskua inarrosi zuen.

      Hugh Whitbread aldamenetik igaro zitzaien, pasieran, bere txaleko zuria zeramala, goibel, lodi, itsu, ezertaz kezkatu gabe, bere autoestimuaz eta erosotasunaz besterik ez.

      —Ez gaitu ezagutuko —esan zuen Sallyk, eta, egia esan, Sallyk ez zuen behar beste adorerik izan... Halandaze, hura zen Hugh! Hugh miresgarria!

      —Eta zertan aritzen da? —galdetu zion Peterri.

      Distira ateratzen ei zien Erregeren botei, edo botila zenbatzaile ibiltzen ei zen Windsorren, erantzun zion. Peterrek ez zuen bere mihi zorrotza galdu! Baina Sallyk egia kontatu behar zion orain, esan zuen Peterrek. Musu hura, Hughena.

      Ezpainetan, ziurtatu zion Sallyk, erretzeko gelan, gau batez. Clarissarengana joan zen zuzenean, amorru bizian. Hughek ez zituen halako gauzak egiten!, esan zion Clarissak, Hugh miresgarria! Hughen galtzerdiak ziren, salbuespenik gabe, bizitza osoan ikusitako ederrenak... eta orain zeraman etiketa-jantzia. Perfektua! Ba al zuen seme-alabarik?

      —Hemengo guztiek badituzte seina seme Etonen —esan zion Peterrek, berak izan ezik. Berak, Jainkoari eskerrak, ez zuen bakar bat ere. Ez semerik, ez alabarik, ez emazterik. Tira, ez zuen ematen axola zitzaionik, esan zion Sallyk. Gazteagoa zirudien, pentsatu zuen Sallyk, hango gainerako guztiek baino.

      Baina ergelkeria izan zen, alde askotatik begiratuta, esan zuen Peterrek, modu hartan ezkontzea; «Nire emaztea txoriburu hutsa zen», esan zuen, «baina oso ondo pasatu genuen elkarrekin», baina nola zitekeen?, galdetu zion Sallyk bere buruari; zer esan gura zuen Peterrek?, eta zeinen bitxia zen Peter ezagutzea eta, halere, hari gertatutakoaz ezer ere ez jakitea. Harrokeriaz esango zuen? Oso litekeena zen, azken finean, haserre egoteko modukoa behar zuen (Peter izaki bitxia izan arren, iratxo gisako bat, ez zen inolaz ere gizon arrunta), bakarrik sentitzeko modukoa, etxerik ez edukitzeak Peterren adinean, nora joan ez izateak. Etxera etorri behar zuen, eta haiekin gelditu asteak eta asteak. Horixe joango zela; izugarri gustatuko litzaioke bolada batean haiekin egotea, eta hola etorri zen hizpidera. Urte haietan guztietan, dallowaytarrak ez ziren behin ere bisitan joan Sallyren etxera. Behin eta berriz gonbidatu zituzten. Clarissak (Clarisssaren kontua baitzen, jakina) ez zuen joan nahi izan. Izan ere, esan zuen Sallyk, Clarissa bere bihotz barrenean esnob hutsa zen... aitortu beharra zegoen, esnob hutsa. Horrek urrunarazten zituen, Sally sinistuta zegoen. Clarissak uste zuen Sally maila apalagoko batekin ezkondua zela, senarra —Sally harro zegoen horretaz— meatzari baten semea zelako. Zeuzkaten sos guzti-guztiak senarrak berak irabazitakoak ziren. Txikitan (ahotsa dardarka hasi zitzaion) zaku itzelak garraiatu behar izan zituen.

      (Eta Sallyk, esan zuen Peterrek bere artean, orduak eta orduak eman zitzakeen horretaz berbetan; meatzariaren semeaz; zelan jendeak uste zuen maila apalagoko batekin ezkondua zela; bost semeez, eta zer zen bestea... landareez, hortentsiez, amañi-liliez, Suezko kanaletik iparrera sekula loratzen ez ziren hibisko-loreez, baina Sallyk, lorezain baten laguntzaz, itzelezko sailak zeuzkan Manchester inguruko auzo batean, sekulako lore sailak! Tira, Clarissa gauza haietatik libratua zen, amatasunerako batere joerarik ez izaki berak).

      Esnob bat al zen Clarissa? Bai, alde askotatik begiratuta. Non ote zebilen denbora osoan? Berandutzen hasia zen.

      —Bai —esan zuen Sallyk—, jakin nuenean Clarissa festa bat ematekoa zela, pentsatu nuen etorri beharra neukala derrigor, berriro ikusi beharra neukala (eta Victoria Streeteko etxe batean nago, ondoko atarian ia). Beraz, gonbidapenik gabe etorri naiz. Baina —xuxurlatu zion Peterri— esadazu, mesedez, nor da andre hori?

      Hilbery andrea zen, atearen bila. Oso berandu egiten ari zen! Eta, murmurikatu zuen Hilbery andreak, gauak aurrera egin ahala, jendea joan ahala, batek adiskide zaharrak topatzen zituen; bazter eta txoko lasaiak; eta ikuspegirik politenak. Ba al zekiten, galdetu zuen, lorategi sorgindu batek inguratzen zuela etxea? Argiak eta zuhaitzak eta aintzira zoragarriak dirdiraka eta zerua. Koloretako lanpara gutxi batzuk besterik ez, esan zion Clarissa Dallowayk, atzeko lorategian! Baina Clarissak bazekien magia egiten! Parke bat zen... Eta ez zekien zelan zuten izena, baina jakin bazekien lagunak zirela, izenik gabeko lagunak, hitzik gabeko abestiak, hoberenak beti. Baina hainbeste ate zegoen, ustekabeko hainbeste toki, ezin zuen irteteko bidea aurkitu.

      —Hilbery andre zaharra —esan zuen Peter Walshek; baina nor zen hura? Emakume hura, gau osoa gortinen ondoan zeramana hitz egin barik? Aurpegia ezaguna zitzaion. Bourtonekin lotzen zuen. Ez al zen azpiko arropa mozten aritzen zena leiho ondoko mahai handian? Davidson, ez al zen hori emakumearen abizena?

      —Oi, hori Ellie Henderson da! —esan zion Sallyk—. Clarissa izugarri zorrotza izan ohi zen harekin. Lehengusina zuen, oso behartsua. Clarissa zorrotza zen jendearekin.

      Zorrotz samarra, bai, esan zuen Peterrek. Eta, halere, esan zuen Sallyk berea zuen doinu hunkigarriarekin —Peterrek garai batean hain gustuko zuen sukar bero hura erakutsiz, nahiz eta beldur apur bat ematen zion orain, Sally hain bero jar zitekeen eta—, zeinen eskuzabala zen Clarissa lagunekin! Eta zeinen bakanetan aurki zitekeen dohain hura inguruan eta, horregatik, batzuetan, gauez edo Eguberri egunean, jasotako bedeinkazioak zenbatzen zituela, adiskidantza hura ipintzen zuen zerrendan lehena. Gazteak ziren; hortxe zegoen koska. Clarissa bihotz-garbia zen; hortxe zegoen koska. Peterrek sentimental iritziko zion. Eta halakoa zen bera. Ulertua zuelako horrek baizik ez zuela merezi, batek zer sentitzen zuen esan beharra zeukan. Adimena ergela zen. Batek sentitzen zuena esan beharra zeukan soilik.

      Peter koitadua, pentsatu zuen Sallyk. Zergatik ez zetorren Clarissa haiekin hitz egitera? Horixe desiratzen zuen Peterrek irrikaz. Sallyk bazekien. Peterrek Clarissa zerabilen buruan etengabe, Clarissa baino ez, labana ukitu eta ukitu bidenabar.

      Bizitza ez zitzaion samurra izan, esan zuen Peterrek. Clarissarekiko hartu-emanak ez ziren samurrak izan. Bizitza hondatu zioten, esan zuen. (Hain lagun minak izan ziren biak, bera eta Sally, non zentzunbakoa baitzen ez aitortzea). Bat ezin zen bi bider maitemindu, esan zuen Peterrek. Eta zer erantzun zezakeen Sallyk? Dena dela, hobe zen maitatu izana (baina Peterrek sentimentala iritziko zion, hain garratza izaten zen eta). Manchesterrera etorri behar zuen, eta bertan gelditu bolada baterako. Bai, egi-egia da, esan zuen Peterrek. Egi-egia. Izugarri gustatuko litzaioke haien etxera joan eta han gelditzea bolada baterako, Londresen egin beharrekoak bukatu bezain laster.

      Eta Clarissak ez zuen inoiz Richard maitatu Peter bezainbeste, Sallyk ziur zekien.

      —Ez, ez, ez! —esan zuen Peterrek (Sallyk ez zuen holakorik esan behar, muga gainditua zuen). Hara... hor zegoen gizon on huts hura, gelaren beste muturrean, solasean, betiko berbera, Richard adiskide maitea. Norekin ari zen hizketan?, galdetu zuen Sallyk, nor zen hain itxura dotoreko jaun hura?, bazter leku batean bizi zenez, jendea nor zen jakiteko kuriositate asegaitza erakusten zuen. Baina Peterrek ez zekien. Ez zuen gogoko gizon haren itxura, esan zuen, ministroren bat ziur asko. Haien guztien artean, Richard begitantzen zitzaion hoberena, esan zuen Peterrek, eskuzabalena.

      —Baina zertan ibili da? —galdetu zuen Sallyk. Zerbitzu Publikoan, pentsatzen zuen. Eta zoriontsuak al ziren elkarrekin?, galdetu zuen Sallyk (bera ikaragarri zoriontsua baitzen); zeren, aitortu zuenez, ez baitzekien ezer haietaz, itsumustuan ondorioak atera besterik ez zuen egiten, ohi dugun bezala; izan ere, zer dakigu jendeari buruz, are gurekin bizi direnei buruz?, galdetu zuen. Ez al gaude denak preso? Sallyk antzerki lan zoragarri bat irakurria zuen, bere ziegako horman atzamarka ari zen gizon bati buruzkoa, eta iruditzen zitzaion bizitza ere holakoa zela: horman atzamarka ibiltzen garela. Giza harremanez etsirik (hain zen nekagarria jendea), bere lorategira joaten zen maiz, hango loreetan aurkitzen zuelako gizonek eta emakumeek sekula eman ez zioten bakea. Ez, bada; Peterrek ez zituen azak gustuko; jendea nahiago, esan zuen Peterrek. Gazteak ederrak dira gero, esan zuen Sallyk Elizabethi begira, neskak gela gurutzatzen zuen bitartean. Ez zuen Clarissa gaztearen antzik batere! Zer iruditzen zitzaion Elizabeth Peterri? Neskak ez zuen hitzik ere esaten. Ez zuen askorik hitz egiten, oraindik ez, onartu zuen Peterrek. Lirio bat bezalakoa zen, esan zuen Sallyk, lirio bat urmael baten bazterrean. Baina Peter ez zetorren bat, ez zuen uste ezer ez dakigunik. Dena dakigu, esan zuen; berak bai behintzat.

      Eta bi horiek, xuxurlatu zuen Sallyk, han zetozen bi horiek (eta benetan joan egin beharko zuen, Clarissa laster etorri ezean), itxura dotoreko gizon hura eta itxura arrunt samarreko andrea, Richardekin hizketan aritutakoak: zer jakin lezake batek haiek bezalako jendeaz?

      —Gezurrontzi nazkanteak direla —esan zuen Peterrek, senar-emazteei axolagabe begira. Sally barrez hasi zen hura entzunda.

      Baina Sir William Bradshaw ate ondoan gelditu zen margolan bati so. Grabatzailearen izenaren bila aritu zen koadroaren ertzean. Emazteak ere begiratu zuen. Sir William Bradshawri asko-asko interesatzen zitzaion artea.

      Gaztetan, esan zuen Peterrek, bati lar zirraragarria begitantzen zaio jendea ezagutzea. Orain zaharra izanik, berrogeita hamabi urtekoa zehatz-mehatz (Sallyk berrogeita hamabost zituen, gorputzean, esan zuen, baina hogei urteko neskatxa baten bihotza zeukan); orain heldua izanik, esan zuen Peterrek, batek bazuen begiratzeko ahalmena, batek bazuen ulertzeko ahalmena, eta ez zuen inondik ere galtzen sentitzeko gaitasuna, esan zuen. Bai, egia da hori, esan zuen Sallyk. Berak gero eta indar handiagoz, suharkiago sentitzen zuen urterik urte. Handitzen zen bai, esan zuen Peterrek, tamalez beharbada, baina poztekoa ere bazen; eskarmentuak hala esaten zion, sentitzeko gaitasuna gero eta biziagoa zela. Indian bazen norbait. Gustatuko litzaioke Sallyrekin emakume hartaz hitz egitea. Gustatuko litzaioke Sallyk hura ezagutzea. Ezkonduta zegoen, esan zion. Bazituen bi ume txiki. Manchesterrera etorri behar zuten guztiek, esan zuen Sallyk, Peterrek etorriko zirela hitzeman behar zion agur esan baino lehen.

      —Hortxe duzu Elizabeth —esan zuen Peterrek—, guk sentitzen dugunaren erdia ere ez du sentitzen, oraindik ez.

      —Baina —esan zuen Sallyk, Elizabeth aitarengana nola hurbiltzen zen begira—, garbi dago oso lotuak daudela.

      Elizabeth aitarengana hurbiltzeko maneran igarri zuen Sallyk.

      Aita alabari begira egon zelako bradshawtarrekin berbetan jardun bitartean, eta pentsatu zuen bere kolkorako: nor ote da neska eder hori? Eta halako batean konturatu zen bere Elizabeth zela, eta ez zuela ezagutu, hain ederra zegoen-eta soineko arrosa hura jantzita! Elizabethek aita begira ari zitzaiola sumatu zuen Willie Titcombekin hitz egin bidenabar. Halandaze, harengana joan zen, eta biak elkarrekin gelditu ziren, festa ia-ia bukatzear zegoela, jendea nola joaten zen begira, nola gelditzen ziren salak gero eta hutsagoak, lurrean barreiaturiko gauzak han eta hemen. Ellie Henderson bera ere joatekoa zen orain, azkena ia, nahiz eta inork ez zion hitzik egin, baina dena ikusi nahi izan zuen Edithi kontatzeko. Eta Richard eta Elizabeth pozarren zeuden festa bukatzen ari zelako, Richard alabaz harro bazegoen ere. Eta ez zuen asmorik neskari esateko, baina ezin izan zion eutsi. Begiratu zion, esan zuen Richardek, eta bere buruari galdetu zion, nor ote da neska eder hori?, eta nor izango eta alaba! Horrek asko poztu zuen Elizabeth. Txakur gaixoak, ordea, uluka segitzen zuen.

      —Richardek hobera egin du. Arrazoi duzu —esan zuen Sallyk—. Banoa harekin hitz egitera. Gabon esatera. Zer garrantzi du garunak —esan zuen Lady Rosseterrek zutitu bidenabar—, bihotzarekin alderatuz gero?

      —Banoa zurekin —esan zion Peterrek, baina jesarrita gelditu zen istant batez. Zer ote da izu-ikara hau?, zer da estasi hau?, pentsatu zuen bere artean. Zer da hain neurriz kanpoko zirraraz betetzen nauen hau?

      —Clarissa da —esan zuen Peterrek.

      Hantxe zegoen-eta Clarissa.

 

 

[1] William Shakespeare: Cymbeline, IV. ekitaldia, 2. eszena.

[2] William Shakespeare: Othello, II. ekitaldia, 1. eszena.

[3] Britaniarrek beren kolonietan erabilitako asiar jopuak, batez ere txinatarrak.