ITSASLAPURRAK
Jose Manuel Etxeita

Euskal Esnalea, 1911-06-30

 

      Indiako itsasoetan joian Epipani bere itsasontziaz pozez eta alaitsu, biharamonean kaira sartzeko itxaropenaz. Zeru garbia, haize apurtxoa eta itsaso leuna egozan, eta lehorrak ez ziran agiri: ez egoan, bada, ikusbidean atsegina atsekabera aldatzeko ezaugarririk.

      Ontzia aurrera joian astiro-astiro, eta Epipani ebilen betaurreaz aurrerutz begira lehorrak ikusteko gogoaz.

      Esakunea zan, itsaso haretan, noizbait, itsaslapurrak agertzen zirala; baina Epipanik ahaztuta eukan esate hau, eta “Gernikako” eresia, gogaldi onaz eresten ziharduanean, ikusi eban aurre aldetik urruntxo, batel antzeko ontzi txatxar bat, gizon asko barruan ebazala. Jakina! Orduan gomutaratu jakon, toki hatan itsaslapu­rrak agertzen zirala, eta jarri zan beldurrez guztiz artega.

      Agindu eban garbitu eta zorroztu eitezala ugerrez beterik eukezan iskilu batzuk. Agintari eta menpeko guztiak egozan arpegiko margoak zurbildurik, gogoratzen zer jazoko ete zan, eta arin zorroztu ebezan iskiluak.

      Epipani, jo batera eta tira bestera, atzetik aurrera eta aurretik atzera, burutzik eta urduri ebilen; eta esan eutsan Serapin bigarren agintariari:

      —Zoaz arin gora, masta ganera, eta ikusizu ondo, ondo gero ikusi be betaurre onegaz, zelako batela eta gizadia diran horrek, toki honetan, itsas zabalean dabiltzanok.

      Joan zan gora Serapin, gorago joan ezin zeitekien tokira, eta begiak lausotu artean begira egonta gero, jatzi zan, eta esan eban, batel luze-luzea zala, gizon asko eukazala eta urreratzen etorrela.

      Aize apurtxoa etorren atze aldetik, eta nahi eta nahiez urreratzen ziran itsaslapurrari. Batu ebezan haize-oihal batzuk ontzia gelditzearren galbidea urreratzen etorrela ikusirik, eta Epipanik batu ebazan menpeko guztiak Jaungoikoari eskari gogotsuak egiteko. Eskariak eginta azkortu zan Epipani, agindu eban zabaltzeko lehen batu ziran haize-oihalak eta esan eutsan menpekoai:

      —Gizonak! ez hartu deunge horren beldurrik; Jaungoikoak lagunduko deusku horregandik aldenduten; hor dator haize ederra, eta ontziak ibilketa arina daroanean, jo eta ondatuko dogu itsaslapur hori. Bihozdunak izan gaitezan, bada, galbide eta estutasun honetan, eta ziur-ziur, garaitsu izango gara.

      Gehitu ziran haizearen indarra eta ontziaren ibilketea, eta Epipanik esan eutsan lemazainari:

      —Zuzen beragana!

      —Zuzen, jauna.

      Hurreratu zanean, harriturik lotu ziran guztiak, itsaslapurra zala uste ebena zugatz lodi, luze bat ur ganean, itsastxoriz beteta zala ikusi ebenean. Danak pozez eta barrezka egozan ondotik zehar igarotean, txoriak hegaz joan ziranean.

      Hamaika holako itsaslapur ikusi dira itsasbazter haretan!

 

ITSASLAPURRAK
Jose Manuel Etxeita

Euskal Esnalea, 1911-06-30