LASTARGIREN PIPEA
Jose Manuel Etxeita

Euskal Esnalea, 1911-05-15

 

      Gosaria hartzen egozan itsasontzi bateko langileak, eta gosaldu ebenean, Lastargik hartu eban zokondo baten itxi eban pipea, eta jarri eban ezpanetan. Joan zan beheko gelara tabako bila, eta goratu zanean, ahaztu jakan pipea ezpanetan eukala eta joan zan barriro zokondora pipa bila. Idoro ez ebanean, itandu eutsan lagunari:

      —Nok hartu dau nire pipea?

      Lagunak ikusi eben pipea ezpanetan eukala, eta irribarrezka jarri ziran: ez eutsan inok esaten ezpanetan eukala. Lastargik, lagunak barrezka ikusi ebazanean, uste eban pipea ezkuta eutsela berari gogait eragiteko usteaz, eta jarri zan guztiz haserre. Morrosko sendoa zan eta hainbanatu ebazan ukabilkada batzuk barrekarien artean.

      Hau ez da ipuina, irakurle maitea, kondaira edo edestia baino: ni be tartean nintzan gertaera honetan, hamabost urteko mutikotxoa. Barre egin neban besteak lez, eta ia umekondo batek berari barre egin behar eutsan esanta, egundo neure bizi-izatean hartu neban astinaldi galantena ezarri eustan Lastargi.

      Baina ez neutsan esan pipea ezpanetan eukala.

      Su eta gar, guztiz haserre, izerdia eriola, hitzaldi gogorrakaz, zarata zoliak egin ebazan baten, beheko gelan gosaltzen egozan ontzi agintariak, langileak borroka ebiltzalakoan, igo ziran arin euren artera eta idoro ebezan Lastargi guztiz haserre eta beste guztiak barrezka.

      Agintari nagusiak itandu eutsen:

      —Zer gertaten da hemen?

      Lastargi:

      —Jauna, gosaltzen hasi orduko, hementxe, hara, hementxe itxi dot pipea, eta honek lotsageiztokook ezkuta dabe nonbait, niri gogait eragiteko usteaz.

      Agintariok be, pipea ezpanetan eukala ikusi ebenean, barrezka hasi ziran, eta Lastargik sututa itandu eutsen:

      —Barre zuek be, jaunak?

      Agintari nagusia:

      —Barre egin behar, astatzar horrek ezpanetan daukak pipea eta.

      —Ene, izan be!

      Danak bat-batera egin ebezan barre zantzo gogotsuak. Lastargik gogotsuenak, pipeazko gertaerak gogoratuaz.

      Ni be barrezka nengoan, astinaldi eta guzti be.

 

LASTARGIREN PIPEA
Jose Manuel Etxeita

Euskal Esnalea, 1911-05-15