PEPE ANTON KIPUTZA
Jose Manuel Etxeita

Euskal Esnalea, 1912-06-15

 

 

—I—

 

      Indiako itsaso zabaletan, lehorrik agiri ez zan tokian, itsasontzi bi egozan alkarren ikusbidean; baina urruntxo alkarregandik. Biak jarraitzen eben bide bat sortalderutz: Elkano eritxona euskaldunakaz egoan atzealdetik, eguraldi argi baketsuan, eta bestea hedoipe iluntsuan aurrealdetik. Hau estaldu zan ekaitz antzeko ilunpean, eta Elkanok, haize-oihal batzuk tolestuta, astiro-astiro eta beldurrez, jarraitzen eban ilunperantz. Baina iluntasuna ontzi bien zuzenbidean zihoan, eta Elkano ez zan sartzen ekaitzera. Gauaz, izugarria izan zan aurrealdeko iluntasuna, eta halan eta guzti be, Elkano ekaizperatu baga igaro zan gau osoa. Egunabarrean ez zan oraindik garbitu aurrealdeko iluntasuna, eta ez zan agiri beste ontzia; baina, hurre samar, itsasganean, agiri zan zerbait, eta betaurreakaz, Elkanokoak ikusi eben zur baten gainean egoala gizon bat, besoak zabalik laguntasuna eskatzen. Elkano hurreratu zanean, lau gizondun batel bategaz gaizkatu eben heriotzea zirudien gizon errukarri hori. Bateleko lagunak itandu eutsen alkarri:

      —¿Nongoa ete da gizon hau?

      Etzanta, hildako baten antzera egoan gizonak, guztiz nekez jaso eban burua, eta erantzun eban:

      —Ni kiputza naiz, herritar maiteak; zerua ikusten det euskaldun artean arkitzen naizelako. Miraria dirudi gertaera honek!

Gogoz besartetu eben bateleko lagunak, eta itandurik zelan eban izena, erantzun eban:

      —Pepe Anton.

 

 

—II

 

      Batelekoak igo ziran Elkanora eta oheratu eben Pepe Anton; jarri eutsezan osagarriak zaurietan, eta gero, bake-bakean itxi eutsen ondo atsedendu artean. Atsedenduta ohetik jagi zanean, esan eban London eritxon englandar ontzia zala aurrealdean ekaitz ikaragarriak estaldu ebana: haize indartsuak, haize-oihal guztiak urratu eta eroan eutsazala, eta bera  mendialakoxe olatu batek jaurti ebala itsasora. Oilatoki bat jaurti eutsela uretara, eta honi oratuta, azpikoz ganera eta goikoz behera, oso neketurik eta zauriturik, arnasa azkenetan igaro ebazala ordu batzuk ekaizpean.

      Jazoera honek igarota hamalaugarren egunean, heldu zan Elkano Bali eritxon kai batera elikatura onak hartzera, bada, ehun eta hogetalau egun igaro ziran osteran, eta ondino urruntxo joan behar zan. Ura eta elikaturak edo janariak hartuta osterea jarraitzeko gertu egozanean, etorren ontzi bat kai hatan sartzera. Laster ezagutu eban Pepe Anton kiputzak London zala: Elkano egoan tokitik kilometro bat inguru aldenduta gelditu zan.

      Pepe Anton guztiz pozez egoan Elkanoko euskaldunakaz, baina London ontzian eukan egipide bat bete beharra: osterako joan-etorri guztia jarraitzeko egipideaz ontziratu zan, eta bete behar eban egipide hori.

      Elkanoko nagusiak, egipide hau jakin ebanean, esan eutsan:

      —London ontziko gizadiak ez daki zu gaizkatu zinanik, eta egon zaite geugaz berton.

      —Nahigabetuko naiz, jauna, zuekandik aldentzen naizanean; baina egipidea bete behar det ahal izan ezkero.

      —Tira ba, zoazan ontziko gizadia errukiorra eta ona bada, zoaz egipidea betetera.

      Batelean sartuta eroan eben Pepe Anton kiputza London ontzira, eta ito zala uste eben lagunak ikusi ebenean, igo ziran mastabidera, eta guztiz pozez, nagusiak hurra!!! hiru bidar deadar eginaz, hurra!!! beste hiru bidar erantzun eban gogotsu gizadi guztiak.

      Negarrez euskaldunei agur egin eutselako, eta negarrez Englandarrak abegi eztitsua egin eutzelako, sartu zan Pepe Anton London ontzira, eta nagusi eta menpeko guztiak besartetu eben ito zala uste izan eben gizona.

      Egipidea betetu nahi eban kiputzak gauza guztien ganetik, eta egipidea betetera joan zan englandarrakaz euskaldun maiteak itxita.

      Ha gizalege zintzoa!

 

PEPE ANTON KIPUTZA
Jose Manuel Etxeita

Euskal Esnalea, 1912-06-15