ARRANTZALEAK
Ramon Intzagarai

1923
armiarma.eus, 2017

 

      Donostiako kai muturreko zotarrain gainean, bi emakume sare sailari adabakiak jartzen ari ziran. Biak emakume galantak, langile purrakatuak, euskal itsasoko alaba maratzak, eta eguzkiari ere arpegi emateko kementsuenak.

      Horrela izan ohi dira arrantzale emazteak, eta batez ere, nik gogoan dakardan garaian, bazuten emakume horiek gizonen ahalako indarren lakari bete.

      Ez zioten lanari txolarterik ematen: hausi eta josi; aska eta lotu; txibista egin, eta berori indartu; adabakitako zatia atzeratu eta zulodun zati berria bereganatu... Noiztik behin ordea, abesten zuten, baina lanen haririk utzi gabe.

 

           Kainabelakin dabiltzan hoiek

           badute nahiko ixkira,

           eskailua eta zorria pranko...

           begira, maite, begira!...

           Opil goxoak jango dituzte,

           berriz etortzen badira.

 

      Orduantxe, abesti honi ekiten ziotela, heldu nintzan ni, eta aldamenean jarri. Baina ezin luzaroan egon. Igarriko ninduten, eta igarri ezkero, inondoko ardaila eta arrandiak neretzat izango ziran noski.

      Eutsi eta eutsi, pitin bat iraun nuen, eta eman zidaten asti beste eresi bat entzuteko.

 

           Aingira more, kolaio zakar,

           arraingorri eta lamote...

           gure sarera, arrai maitiak,

           beitarik gabe, atozte!...

           bere zabalez gure sareak

           atxi litzaken hainbeste.

 

      Hantxe egon nahi eta ezin, uxiatuko ninduten-eta. Edozeinek daki, uxiatze hontan, zenbat indar duten kaiko emakumeek.

      Isil-isilik, lehorrean jasota zegon potin baten branka atzean ezkutatu nintzan, eta emakume haien erautsian belarriak tente-tente.

      Ez dizut, irakurle, zein ziran emakume horiek esan, eta gai hontaz ez dizut gauza pitina baino esango. Bat Erretrudix zan, Antxobelarren emaztea; bestea Xexili, Izomotxena. Berrogei urtetik gorako emakumeak ziran: biak arpegibeltzak, biak sudurluxe samarrak, biak ile eder oparotsuak, biak... donostiarrak. Bazekiten Indalexioren abesti hauxe:

 

           Ile beltz eder dizdizaria

           oparo dezu buruan,

           konparatzeko balio dunik

           sedarik ez da munduan.

 

      Ez zuten begirik jasotzen beren arazotik. Hura zan egiazko langileen ardura! Igarotzen ziran oso aldamenetik beste emakume asko, sare antolatzaileei agur eginik, baina ez det uste inori erantzuten ziotenik. Hain teinkaka zeukaten beren laneko txikota! Zeinek erriatu? Eta hala behar ere, hurrengo egunean beren senarrek sare haiek behar zituzten, eta senarrek aitzakiarik jarri ez zitzaieten ari ziran, ari ziran (ez trukean) harri hotzaren gainean, ipur kankarrak ximeldu arte.

      Lana ia bukaturik zeukatela, berebiziko ahotarioa jo zuten.

      —Hi horrela izanda, zeini eman nahi dion errua?

      —Zer egin behar zionat?

      —Zer? Leihotik behera bota! Ikasi dizanala, etxeko errespetuari ondo begiratzen. Zer ba? Gizonak ditunala-eta, barkatu? Ez, arraioetxe!...

      —Bazekinat bai, hori zergatik esaten didanan... Hirea izan bahunan!

      —Zer nere eta zazpi gibelarrai!... Nereari ere ez zionat utziko. Ez horixe! Nereak eta hireak ondo ibili behar diten!... Gu hemen sare konpontzen, eta gizon petralak etxeko sokak hautsita, trabes?... Hori ez zion ondo.

      —Bainan, noizean behin, neska...

      —Zer noizean behin?... Erotu al haiz? Emakume danak gizon ajolagabeari zaunk egin behar zion, zakurrak gibel puskari egiten zionan bezela... edo salabardoan sartu, eta hantxe, txiki-txiki egin.

      —Abolori haundia hago, neska... Uste al den, horren errex harrapatzen denala nere gizona?

      —Zaila dana errextu zan.

      —Nola ordea, nola? Txitxarea ahoan sartuta?

      —Esan dinat lehen ere: leihotik behera botata.

      Hasarratu ziran bi emakume haiek, eta alkar jotzeko zorian ere jarri ziran. Ardaila eta garrasia zerabilten artean, abesti honetzaz gogoratu nintzan:

 

           Hasarre dabiltz, alkarri koska,

           izurdia eta marsopa...

           Hoien artean egoterikan

           maite, ez dizut nik opa,

           atoz honera, gaiztoa da-ta

           hoien letagin zorrotza.

 

      Noizbait ere isildu, eta luzaroan hitzik egin gabe egon ziran. Biak beren lanari jarraitzen zioten; batak ordea azkarrago besteak baino, eta horretxegatik lehenago bukatu zuen sare adabaketa.

      Altxa zan hau; zutik jarri, bere joste-tresnak jaso, eta puxka xahar batzuk otarrean jarrita, bazihoan. Besteak geldiarazo zuen esanik:

      —Bai al hoa?

      —Bai, banian.

      —Mokoa luzatuta, antxeta bezela...

      —Neska, emango dinat!...

      —Lagundu zadan.

      —Ez den merezi.

      —Bazekinat hori... Ez hadi, neska, haserratu... Herorrek ondo dakin, zenbat errierta ematen zizkionadan nere senarrari, baina alperrik... Hori guzia jakinda, beti neri ekin behar!...

      —Kolaio bat zuzentzeko kemenik ez denalako. Arraiari on den gatza botatzea, baina kolaioa zintzilik jarri behar den, leihoko atalasean, texa-texa!...

      Egun ederra zetorren. Eguzkiak ez zuen orduarteko bideetan lanbrorik idoro, eta galanta eta bete-betea zetorren. Itsasoa ere bare-bare zegon, eta Gaztelu muturretik ikusten zan osin zabalak ez zuen, ez azal eta ez errai, haunditxo eta puztualdi apartsurik non ageri. Getari, Motriko eta Lekeitio sudur aurrean ikusten ziran, eta handik honuzko bitartean txalupa-treineruak bazebiltzan.

      Gazteluko begizaleek ontzi bat besteak baino hurreago ikusten genuen, eta laster igarri genion kai aldera zetorrela: txardinaz lepo-leporaino bete, panel gainean ase, branka gaineraino arraiez josita.

      Agudo iritsi zan bimuturretara, eta handik errez asko kai barrenen sartu. Goizerdi zan, eta edozeinek daki orduko arrantzuak garesti jo ohi duela, eta lehenengo heltzen dan ontziak erosleen dirurik pikorrenak atxitzen dituela.

      Bi emakume zeuden kai gainean, beste han zeudenetatik pozatien: Erretrudix eta Xexili. Egon behar pozik, berena baitzan halako arrantzaz okituta zetorren txalupa.

      — Gureak ditun!...

      Izugarriko iskamila, berehalako batean, hantxe sortu zan. Emakume bakoitzak lehenbizi izan nahi zuen, eta jakina: bultz eta bultz, alkarren gainka leuden, estu eta erantsi, panelpeko txardinak bezela.

      Hurreratu zan kai muturrera treinerua, eta panelak altxa zituztenean, masiako txardin ederra pilan, erruz, ugari eta zuri-zuri azaldu zan.

      Txalupa mutilak kakoa bota zuen kai gainera, eta txalupa zuzen eta tajuz gelditu zan.

      — Adi zan, Xexili, ekarri al den txintxarria?

      — Bai, hementxe dinat.

      — Jo zan jo, eder horrek!... Jo eta jo, gaur gurea dinagu-eta!

      — Eta otarrak ekarri al ditun?

      — Bai, hor zeuden... Hi, mukizu, ala! Ala! Sokak eta otarrak!

      — Zenbat jarriko dinagu?

      — Zenbat? Ahal dan gorena!...

      — Hori den arrai ederra!

      — Bai ederra bezela!... Jo zan jo!...

      — Lehertu arte, neska.

      — Etorri, etorri erosleak!... Hauxe dezute hau, arraia!... Horrelakorik ez dezute santa sekulan ikusi... Hi, moñoña, nora hoa?... Ez gero neri zaputzik egin, e?... Aditu?... Hi, motots luze, hator; oraingoan andoaindarrak txardinaz aseko ditun... Hi, Toloxa, panpoxa, arpegi polit... hatorri hadi!... Nik emango dinat merke... Hi, Ikaztegietako beltxarana, hator!... Txardina talo gainean jarrita, e?... Takatx!

      Horrela, kaian zeuden erosle guziak inguratu ziran, eta hasi zan salketa. Xexili eta Erretrudixek moko-mokorainoko dirutzak atera zituzten, garrasi, oihu, argurio eta tartekako borrokaz egin zuten salketa hartatik.

      Egun ederra izan zuten egun hura. Ondo bazkaldu.. eta gauean, esku-esku senarrak hartuta, kafera joan ziran, eta gauerdiko hamabien dangetakoan etxean doi-doi sartu.

      — Adi zan, Xexili, ez al didan erriertan orain eman behar?... Nere senarra kafelaria dala-eta, hamaika entzun nizkinan atzo!... Kolaioa bezela leiho atalasean, zintzilik jarri behar ninala... Eta kafera noizean behin joaten denalako!

      — Aizan, Erretrudix, ez nan txitxarerik nahastutu... Emaztea senarrarekin ondo zion nonahi... bai kafean, bai goizeko hiruretako ilargi ederraren txortenean... Aditu al den?

      Baina Xexilik abesti batez erantzun zion:

 

           Patar gorritik edan ezkero

           badabil binbilin bolon;

           eguzki galdan ibili ohi da

           horrela Mari Panpalon.

           Arrantza onak zerbait behar du…

           Jaunak, adio eta gabon!

 

ARRANTZALEAK
Ramon Intzagarai

1923
armiarma.eus, 2017