ORANGUTANEN UHARTEA
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984

 

(1957)

 

         Joanes hura marinel zaharra zen. Oso zaharra. Agian itsasoa bera bezain zaharra...

         Egun hartan, maiz bezala, itsaso zabalari so zegoen, pentsakor, urruti hartan begirada josirik zeukala, gaztetako gertakariak gogora zekartzala segur aski...

         Mila tokitan egondako gizona zen, eta begiramendu handia zioten hargatik bere herrikide guztiek. Gainera, eskolatua izan ez arren, ba omen zekien itsasoko gaiez kanpo ere gauza askoren berri.

         Zenbat ekaitz ez ote zituen hark jasan? Zenbat trumoi ez ote gainditu? Berak ere ezin esan. Baina larruan igar zekiokeen itsaso-arazoetan Joanes nor izan zela.

         Garai hartako kai guztiak ezagutu zituen Joanesek. Eta kairik ez zegoen bazter asko eta asko ere bai. Nire ustez mundu guztia ezagutu zuen berak.

         Ordura arte, kondaira guztiak sinetsi zizkioten beti. Egia esan, gauza bat ez beste guztiak sinetsi zituzten. Baina Joanesek kontatu ohi zien hura ez zeukan inork sinesterik. Hura gehiegitxo zen. Gainerako istorio guztiak batek ala besteak bere begiez ikusia bazuen, hura, berriz, harrigarriena, gehien inarrosten zuen hura hain zuzen, inork ez zuen behin ere konprobatu. Inork ere ez zuen bere bidaietan Joanesek ikusitako «Katzlahu» izaro madarikatu hura sekulan topatu.

         Joanesek zionez, bera oraindik «Izargi» ontzian kapitain zelarik, ekaitz larri batek harrapatuta, errebelatu egin zen, galdu egin zen ilunpe ito eta nahastu hartan; eta, heriosuhar, errendi eginik, bere burua eta ontzia galdutzat zeuzkala, bat-batean, ziplo, dena baretu, zerua argitu, eta uharte harrigarri batera iritsi omen zen.

         Poztu omen ziren «Izargi»ko bere marinelak. Azkeneko, bizia galduta ikusi zutenean, uharte hura aurkitzea, ez ote zen alaigarri?

         Joanesi berriz laztu egin zitzaizkion ileak: eta hitza ahal zuen eta gehiena goratuz, esan omen zien: «Ez bedi inor jaits horra. Ortziak madarikatutako uhartea duzue hori. Goazen hemendik arineketan. Hemendik berehala ez bagoaz, gureak egin du. Goazen agudo. Lehen baino okerrago gaude orain!!».

         Txoratuta omen zirudien Joanesek. Bera, beti ausart izan zena hotzikarak hartuta omen zegoen. Baina, «zer dela-eta?», galdetzen omen zioten marinelek elkarri.

         Begia biribil, tinko, higige, josirik. Hura ikara! Zer ote?

 

* * *

 

         «Hauxe da», isilpean omen zioen. «Hauxe da...!!! Hauxe da "Katzlahu-Jin". Tokitan gaude, alajaina...! Eta, nola izan daiteke? Nolatan iritsi ote gara honaino? Hemen deabrukeriaren bat gertatu da. Sorginak eta laminak oro nire aurka bide daude.»

         Eta dardara hasten omen zen berriz, begirada beti galduta zuela.

         «Hauxe da, bai. Nork ekarri ote gaitu hona? Nork? Berrogei egun behar genituen gutxienez honatzeko. Ala... oker ote nago?» Eta hau esatean pittin bat lasaitzen omen zitzaion itxura.

         «Baina... ez. Ez! Hauxe da "Katzlahu-Jin". Hortxe daude bere dorre famatuak... Ez. Zoritxarrez ez nago oker.»

         Eta, horretan zegoela, ontzi guztian garrasi bat hasi, eta sekulan entzun ez den garrasia entzun omen zen. Eta garrasia ez omen zen eteten. Agertuak omen ziren orangutanak une hartan zepa eta hausterrezko idoi-plaia nazkagarri artara; eta Joanesek ahapeka: «Horiexek dira!!!». Eta indar guztiak bildurik deiadarka: «Jainkoa: salba gaitzazu, arren!!!»

         Zergatik bada bildur hura? Zer zuten bada dorre haiek? Zer orangutan aiek? Honatx korapiloa: Orangutanak berek eraikitako dorreak ziren begi-bistan zeudenak.

         Orangutanak, berriz, izugarri baino izugarriagoak ziren. Gizonak omen ziruditen zeharo: edozein kristau bezalaxe jantzita, ibilerak salatzen zituen bakarrik.

         Hargatik deitzen omen zuten uhartea «Katzlahu-Jin», euskaraz «Jainko-Orangutanen Uhartea».

         Gizaki deitzeko tximuegi omen ziren, eta tximu deitzeko gizonegi. Gordeta omen zuten bere tximutasuna alde batetik; baina bestetik ere ondo nabarmen. Inguru haietakoek ziotenez pizti begirada zuten, bilo kalparra aurpegi guzti-guztian, eta begitartea iletsu. Dorreak berriz, etengabe kea zeriela, tximiniak zirela pentsa omen zitekeen; baina, behin ikusi ezkero, ezin beste ezerekin nahas: behetik gora zabalago egiten omen ziren, eta, erabat begiraturik, onddoak omen ziruditen, onddo itsusi eskergak. Dorre haiexek omen ziruditen bertako arbola bakarra; eta hango giro osoa ezagutu ezkero, ez omen zegoen okertzerik: kirats eramanezin hura, orro sarkor hura, hura guztia, «Katzlahu» zen eskierki.

         Onddotzarrak eta kea. Landarerik ez. Dena goibel, dena kedar, dena gogor, dena tristagarri... Ezin esan ahala itsusi omen zen hura. Itsasoa zoragarri, alegia, ortzia urdin eta garbi; baina uhartea bera... zeharo higuingarri.

         Gainerakoan, bazekien Joanesek (uhartedi hartako jendeei entzunda) ikaragarrizko hilketak izaten zirela han, eta orangutanek kristaurik ikusi ezkero, burutik eginik-edo, akabatu arte ez zirela lasaitu ohi. Eta eginahalak eginez, besterik ikusi gabe, alde egin omen zuten handik, berriz ez azaltzeko.

 

* * *

 

         Urteak baziren hau Joanesi gertatu zitzaionetik; eta bazirudien gertaera hura inork ez zuela behin ere sinetsiko.

         Eta hara non jakinarazten den, lurralde haietarantz abiatu dela ontzi bat, azterpen guztizko bat egiteko erruz hornituta, mila aparatu eta tramankulu daramatzala, edozer gauza miatzeko gai. Jakina: azterketa guztia orangutanei deus ohartarazi gabe egingo zen, beren bizimodu egiazkoa ahalik eta ondoen ikustearren.

         Joanes zaharrak hau jakitean hartu zuen poza ez da hitz gutxitan azaltzekoa. «Jakingo ahal da nire egia!» esaten omen zuen etengabe.

         Jakintsuak aspaldidanik biziro larri zeuden uharte famatu hura zela-eta, Joanesen kondaira ez baitzen bakarra, eta ez lehenengoa ere: adituta baitzuten hura. Beharbada, pentsatu zuten, «Katzlahu»n aurkituko dugu gizonaren bilakatze-katean falta dugun maila. Uharte hartako añek zibilizazio izanagatik ere tximu badiraute, beren tximutasuna osotoro galdu ez badute, garbi dagoke ondorea: beste Pithekanthropo bat aurkitu dugu; edo, hobeto esan, gizonaren eta Pithekanthropoaren arteko gizaidea.

         Eta horri helduta, harantz abiatu ziren, esperantzaz beterik, jakinduriaren alde pauso handi bat egingo zutelakoan.

 

* * *

 

         Eta «Katzlahu»ra iritsi ziren.

         Uharteko inork ikusi gabe jaitsi, hamaika tresna lagun. Eta hotsik atera gabe, antenak jarri, irratia eta telebista eratu... egia esan, al dakit nik zer ez zuten jakintsu haiek jarri?

         Eta halaz ere, nahiz eta lur-gain hura edonolako tramankuluz bete bazuten ere, orangutanen begiak ezin ikus zezakeen han ezer, ezta tramankulu-arrastorik ere. Ez dakit nik nola egin zuten, edo zein gaiez. Hori baneki, berak bezain jakintsu izango nintzateke. Uhinak eta halakoak aipatzen zituzten sarri. Eta uhin haien bidez ikusten eta ezkutatzen omen zuten dena. Beharko! 3000. urtean ere ez dakit halako aurrerapenak lortuko ote diren. Zalantzan nago behinik behin.

         Lurpean, berriz, etxola ederra antolatu zuten, eta talai gorde bikaina zitzaien. Handik atera gabe dena ikus zezaketen jakintsuek: pantaila batean sai-zuloen arteko kalea, beste batean dorre-burua, beste batean... Irakurleak asma-ahal guztia eta gehiago jarri zuten han, den-dena kontrolatzeko. Nire ustez zirkinik txikiena, oihurik motelena, keinurik disimulatuen eta ikusgaitzena han agertzen zen, gela honetan edo hartan, horrelako aparatutan edo halakotan, jakintsuek azter zezaten. Hauei ez zitzaien ezertxo ere gordetzen.

         Espedizio horniturik munduan izan bada, hura bai hornitua, ikasia, tajutua, eta edozertan aparta.

         Zitu ederra ekarri behar zuen, bai, jakinduria-txango ark. Eta ekarri ere zuen, geroz ikusiko den bezala.

 

* * *

 

         Hasi ziren bada bilaka eta begiraka, hemendik eta handik, xehetasunik kiskilena aztertuz. Eta lanean hasi berri zirelarik harri zahar harrigarri bat aurkitu zuten, izkiriatuta iduriz. Eta beren etxola ezkutura eraman zuten.

         Zaila zen hura entenditzea. Letra-moldea bera asmatzeko egunak eta egunak zituzten. Baina talde hartan baziren edonolako jakintsuak, eta hizkuntzalari finak ere bai. Eta hauei eskerrak itzuli ahal izan zuten izkribu-harria.

         Ainoen hizkuntza zaharra zirudien mintzairak; eta dena ondo aztertu eta gero, esan zuen Koblaur filologoak: «Izkribu honek, nire ustez, mila bat urte baditu gutxienez.» Ona, euskaraz ipinita, harriak ziona:

         «Uru-ren 63 garren urtea.

         »hemen izkiriatzen dugun hau inork irakurriko ote duen ez dakigu. Baina itxaropen horretan egiten dugu.

         »Betirako gaude hemen. Ekaitz ikaragarri batean galdurik, uharte zoragarri honetara erori gara, nola ez dakigula, eta ez daukagu salbatzerik. Ikaragarria da gure ondikoa.

         »Laurogeita zortzi lagun ginen ontzian, eta horietatik hirurogeita hamazazpi ito edo galdu ziren ekaitzean.

         »Hasi ginen bada salbatu ginenak gure bizimodua hemen moldatzen, eta gauza latza gertatu zitzaigun. Hemengo baso honetan barrena sarturik, orangutan-aldra handi bat topatu genuen, eta berarekin borrokan hasita, gutako zazpi lagun hil ziren. Hasiera besterik ez zen hura: berehala ikusi baikenuen izugarria zela hemen orangutanen mulzutasuna.

         »Etsita ginen beraz, hemendik bizirik irtengo ez ginelako segurantzan. Eta hein horretan geundela deabruari egin genion otoitz, eta agertu egin zitzaigun. Eta esan zigun: "Bide bat besterik ez dakusat zuentzako; eta hau da: zuek, barrenez eta gogoz gizon jarraituz, itxuraz orangutan bihurtzea".

         »Zalantzan egon gara egun batzuez, zer gerta zekigukeen beldur. Baina azkenean, bart, ilargi betea izanik, deabruari hots egin genion, eta bere aurrean ahuspezturik esan: «Gertu gaituzu. Zuretzat izan bedi gure arima. Bizi nahi dugu. Gorputzez eta itxuraz, bihur gaitzazu orangutan.» Eta orangutan bilakatu ginen.

         »Eta orain, oihanean barrena joan aurretik, hau jakinarazi nahi dugu. Guretzat ez dago barkatzerik.

         »Etorkizunaz ez dakigu deus. Zenbat urtez biziko gara? Zertara iritsiko gara? Ez dakigu. Baina guretzat dena amaitu den ezkero, arima salduta dugun ezkero, gizonen artera berriz itzul ezin gaitezkeen ezkero, orangutanen adiskidetasuna behar dugu; eta edozein gauza egiteko prest gaude adiskidetasun hori lortzearren. Gure orangutan-bizi hau iraungita, galda goria eta sufrezko sua izango ditugu lagun.

         »Anartean, deabruak sostenga gaitzala!»

         Ikarak hartu zituen denak. Inor ez zen ausartzen ezer esatera. Denek berdin pentsatu arren, inork nahi ez lehenengo bota.

         Baina bota ez bazuten ere, bazioten denek berekiko: «Argi eta garbi dago gertatua. Hemen ez dugu Pithekanthroporik aurkituko, ezta bilakatze-katean bilatzen ari ginen maila hura. Piztia-eli hau gizonaren eta orangutanaren seme da, eta ez bion artekoa. Nahasi egin zuten azkenean galdutako gizon aiek beren odola uharteko orangutanenarekin, eta nahaste hartatik dator leinu zital eta lazgarri hau, Baina halaz ere, ez ote dugu hau berau Pithekanthropoa baino estudiagarriago?»

         Eta han gelditu ziren, lehen baino gogatsuago agian.

 

* * *

 

         Eta egunak igaro ziren, asteak, urteak. Eta han zeuden oraindik jakintsuak. Uharte hura, alegia, ikusgarria zen: fabrika harrigarriak ziren, labeak nonahi, tximiniak ugari, zubiak denetatik. Baina ez ziren gureak bezalakoak, ez: oso bereziak ziren, oso desberdinak.

         Beren bizilekuak kaleetan taxututa zeuden: Afrikako beltzen herri koskorrak ziruditen aldiz, besteetan New Yorkekoak. Baina beti itsusi, beltz, astun, ketsu.

         Eta ohitu ziren harrigarri zen hura guztia ikusten.

 

* * *

 

         Halako egun batean istilu handia sortu zen uharteko «hiriburuan». Pulpitu-edo batetik orangutan sendor indartsu bat ari zen «hitz egiten». Egia esan hizketa ez zen hura, baina haren antzeko zerbait zela esan daiteke. Entzuleak, entzuten ari zitzaizkion orangutanak alegia, urduri zeuden; eta berari entzunda gero urduriago. Eta hanpatuz joan zen zalaparta, geroz eta gehiago, eta azkenean infernua bera zirudien hark. Distira herratsua agertu zen guztien ninietan, sua piztu zen beren barrenetan, eta jauzika eta deiadarka hasi ziren, ohiko burubidea zeharo galdurik.

         Buruzagi haren esanari zerraizkiola, elkarri kolpeka hasi ziren lehenbizi, gero labeak irekitzen eta sua toki guztietan irazekitzen, hura deabru-leize beldurgarri bihurtu arte. Eta segak eta igitaiak eskuetan harturik, bat-batean atera ziren edozer mozteko eta birrintzeko prest; eta aldameneko herri batera iritsita, hango guzti-guztiak hil zituzten, orangutan-emeak ezik. (Ez karitateak eraginda, noski.)

         Gorritu egin zen lurra, eta igitaiak kamustu.

         Eta berriz baketu zen uhartea.

 

* * *

 

         Eta bazirudien hilketa ikaragarri hura gaizki zetorkiela halako orangutan langile haiei, ez zetzala hartan beren izana. Orain trankil bizi ziren berriro, nor bere lanean; eta dorre handiagoak eraikitzen zituztela.

         Baina halako batean, errieta eta zarata ikaragarria jarri zen berriz sai-zulo-buru hartan (edo «tximuri» artan, nahiago badu irakurleak). Berriz ere orangutan bortitz bat ari zen mintzatzen, oso gogor. Trumoi latza izan zuten aurtemein, eta uzta guztia hondatua zen. Goseak zeuden noski, eta hargatik okasio bila.

         Eta atera zen buru egiten zuen orangutana, eta jarraiki zitzaizkion denak, sua zeriela. Eta uharteko etxeburu batera ailegaturik, hasi ziren janariak ebasten, mandioak husten eta zernahi lapurtzen. Eta bertako orangutanek kontra egin zieten. Eta jo eta hautsi hasita gehienak hil ziren. Eta bizirik irten zirenak, lapurtutako bazka berekin ekarrita, herrira itzuli ziren.

         Eta gizon zintzo eta zentzudun ziruditen berriz.

 

* * *

 

         Denbora asko pasatu zen horrela, eta dorre berriak eraiki zituzten, geroz eta altuagoak. Eta uzta ederrak jaso ziren landetan.

         Eta, halako batean, orangutan ahul bat hasi zen hitz egiten, eta orangutan ahul guztiak zituen entzule. Herri hura taxutu behar zela esan zuen, ez zela ezer erre behar, ez zela emerik lapurtu behar. Gorago jaikiko baziren orangutanak, zintzoago jokatu behar zutela. Orangutanen eskubideez mintzatu zitzaien ere, eta beren gaitasunaz.

         Eta orangutan sendoak harturik, gurutziltzatu egin zuten.

 

* * *

 

         Hau ikusita elkarri begiratu zioten jakintsuek, eta ezin zuten txintik bota. Lazgarritasunak mututurik bide zeuden. Gauza asko ziplo ulertu zituzten. Eta beren buruen absurduari igarrita hasi ziren elkar kolpatzen eta hiltzen.

         Batzuk uhartera jaitsi ziren ondo agerian, eta orangutanak hil zituzten.

         Beste batzuek beren burua hil zuten; beste batzuk, berriz, ardoari eman zitzaizkion kordea galdu arte; eta gainerakoak uhartean zehar sakabanaturik, ez ziren berriz azaldu.

 

* * *

 

         Bat bakarra itzuli zen handik, eta berari eskerrak dakikegu hau guztia.

         Baina berau ere, berehala, bere herrira itzulita, hau guztia kontatzen hasi zen.

         Eta bukatu ez al zuen, herrikideek berek hartu, eta hil egin zuten.

 

Donostian, 1957 Azaroan

 

ORANGUTANEN UHARTEA
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984