Lau ipuin hauen inguru-giroaz Aspaldixko honetan Hizkuntzalaritzaren eta Soziolinguistikaren iker alorrak nire luman eta arretan ardatz eta gai nagusi bihurturik, ahantzita neuzkan neure ipuinak. Hauetako batzuk, oso aspaldian izkiriatuz geroztik, ezta behin ere berrikusiak ez nituelako. Eta beste batzuk, berriz, inoiz argitara ez emanik, paper zaharren artean hautsez beterik amairik gabeko lozorroan zeutzalako. Hemendik eta handik bilatu ondoren, beraz, begi aurrean dituzun lau ipuin hauek hautatu ditut; eta idatzi nituen beren hartantxe joan dira moldiztegira [oharra: oraingo edizio honetan ortografia gaurkotuaz daude ipuinok]. Gure literaturgintza, are gure idaz-mintzaira bera ere, prozesu edo bilakabide batean barrena ikusi behar direla agertuko da garbikiago. Urteetan zehar, denok aldatu gara mamiz, tankeraz eta hizkeraz; eta ipuin hauen egilea ere bai. Liburuxka honetan elkarturik aurkitzen dituzun lau ipuin hauek, ez dira oso berdinak. Bi zaharrenak (27 urte ditu lehendabizikoak) eta «berriena» (nahiz batere «berria» ez izan, 15 urte dituelarik), antzekoak dira, bai, nolazpait; eta multzo berean sailka bide litezke. Hirugarrena, aldiz, Eta ez ziren sekula itzuli delakoa, desberdina da. Lehenengo hirukoetan, kondairak dakarren ideia nagusia nabarmen samar agertu arren, zeharbidez baizik ez du irakurleak mezu hori jasotzen. Laugarrenean, alderantziz, gertakarien muina eta ikaskizuna garbi agertzen dira; garbiegi beharbada, gaur egun ni beldur. Eta lehenengo hiruretan sinboloen atzean zerbait bila badaiteke ere, laugarrenean bigarren mailako irakurketarik ez da behar: istorioa hor dago, eta esanahia ere bai. Azter ditzagun banaka, eta laburki bederen. Orangutanen uhartea delakoan, geroztik oso modan egon den kezka da kondairaren ardatza: alegia, gizonaren aberetasuna (edo animaliatasuna, zehazkiago hitz egitekotan) gauza nabarmena dela, ezkutatu ezina, gainditu ere ezinezko baldintza; eta gure gizatasuna, eta honi dagozkion giza bertuteak, axal mehe-mehea baizik ez direla. Hots, gizona orangutanaren anaia bizkia eta hurbila baldin bada (eta ideia hau beste askotan ere agertu da nire artikulu eta liburuetan), gure hilezkortasunaren esperantzak, erokeria bihurtzen dira, eta orobat giza leinuaren gailentasun famatu hori. Eta, beste muturrean ekonomi sistema aldatuz gero, gizona aingeru laiko eta gizarte-saindu prestu omen dela (edo izango omen dela) bide, lurgaineko zerua hortxe heldu dela-eta, errotik zaharrakatzen eta funditzen da; eta mundu zoriontsu eta zuzenaren mitoak ere errausten. Hau esatea, ordea, are pentsatzea ere, oso arriskugarria izan da gure artean (oraindik ere arriskugarria ez bada...). Horixe agertu zen Joxe Azurmendi-k bere «Gizona abere hutsa da» mamitsua, «Lazkano Mendizabal»en gaitzizenez, xehetasun adierazgarria, argitara zuenean. «Anatema sit»... Ene ipuin hori, beraz, katolizismo ofizial eta indartsuaren garaian idatzita, beldur horren lekuko eta irudi izan daiteke; baita geroago ezagutuko genuen mitoaldiaren aurre-salatzaile. Piarres gaixoaren pasadizoak ipuin laburrak, berriz, Euskal Herria eta euskara bera dauzka ardaztzat. Momentuko egoeraz eta etorkizunaz garai hartan giro «abertzale»etan entzun ohi ziren burugabekeriek nardaturik, gure herriaren azterketatik abiatu beharra azpimarratzen zuen ipuinak. Bai ipuin hau (1958koa), eta bai aurrekoa (1957koa), Donostiako Egan aldizkarian agertu ziren lehenengo aldiz; baina gaur egun gure artean ez-ezaguntzat jo daitezke. 1961ean gertatu zitzaidan ezinbestezko deserriratze eta istiluen ondorioz, agortu egin bide zen nigan ipuingintzarako gogoa; eta, oker ez banago, ez nuen 1968ra arte ipuin berririk batere idatzi. Bruselan bizi nintzen garai hartan; eta bai Branka atzerri hartan argitaratzekotan, bai bestelako arazoetan ere, flandestar abertzaleen harrera ona eta laguntza topatu nituen hasiera-hasieratik; aste hauetantxe ere Iparraldeko aberkideek Baionako auzitegian aurkitu duten bezala. Politika hutsezko ikusmoldeetan eta proiektuetan gurekin beti ados ez izanik ere, Antwerpen-go Valère Depauw adiskidea gailendu zen denen artean. Harremanak zituen Depauw-ek herri zapalduetako abertzale askorekin (ez euskaldunekin bakarrik, alegia). Eta burutazio hau izan zuen halako batez: lau nazio zapaldutako idazle bana hautatu behar zirela; eta, batera argitara behar zirela, egurrezko kaxa zabal batean aurkezturik. Flamenkeraz, lauak, hasteko; eta gero beste hiruretan. Vianderen (Flandes), Breizh (Bretainia), Cymru (Gales) eta Euskal Herria hautatu zituen, beraz; eta, ilara horretxen arabera, lau idazleri eskatu zigun ipuin bana: bere buruari eskatu zion lehenengoa; deserrian bizi zen Roparz Hemon bretoiari bigarrena; Cymru-ko Kate Roberts andereari, hirugarrena; eta lerro hauek orain idazten dituen euskaldun honi, laugarrena. Hasteko, gure hirurak itzularazi zituen flamenkerara (nirea barne, frantsesez prestatu nion itzulpenetik). Eta, zurezko kaxa bitxiak prestatu ondoren, lau liburuxkak barnera sartu, eta salmentan jarri zituen Flandesen. Valère Depauw-ek (gero ETA-ri buruz idatziko zuen nobela baino lehenago, beraz), Aita Dominique Pire Nobel Sariaren hitzaurre batez horniturik «Een handvol aarde» ipuina idatzi zuen (euskaraz, «Lur-ahurtara bat»). Roparz Hemon-ek, berriz, «Baejour ar Goañv» ipuina bidali zuen. Kate Roberts andereak, bere aldetik, hiru ipuin labur eskaini zizkion: «Marwolaeth stori», «Te yn y grug» eta «Ymwelydd i de» delakoak (egia esan, izenburu horiek nola itzul daitezkeen ez dakit orain). Eta nik, azkenik, neure Eta ez ziren sekula itzuli hau eman nion Depauw-ri (flamenkeraz, «Niet een keert terug» izenburuaz agertua). Halabeharrez, pittin bat laburtua eta ahuldua azaldu zen, nik uste; baina hiru nazio-hizkuntza ukatu horietan ezagutarazia izateko esperantzan, ohoraturik. Oker ez banago, ordea, dirurik eza dela-eta, flamenkeraz baizik ez ziren lan horiek agertu; eta, alde horretatik, nire ipuin hau argitaragabea dela esan daiteke. Ipuinean barrena Iparraldeko egoera (ordukoa batez ere) azaltzen da. Ezer gutxi asmatu behar izan nuen hango egoera beztitzeko; giro anti-abertzale suhar horrek gazte batzuk gaur harrituko baditu ere. Eta laugarren ipuina, eta bilduma honetan azkena, Kosmodromo deritzona, irakurleak berehala suma dezakeenez, «Apolo» eta Armstrong-en bidaiaren ondo-ondoan idatzia izan zen. Amerikarrak ilargira iristean, halako baikorkeria inozoa zabaldu zen bazterretan: izarretarako bidea irekia zela, Colon-en ekintzaren aurrean ginela, eta abar. Eta ipuinak, ironia bidez, esperantza ero haiek astindu nahi zituen. Bi ipuin hauek, dena dela, Bruselan idatzi nituen. Eta besterik ez dut erantsiko. Lan xume hauek euskal literaturan lagungarri gerta badaitezke, ni pozik. Eta irakurlea ere bai. Hortaz, zer besterik?
Txillardegi Donostian, 1984-ko Ekainean
Lau ipuin hauen inguru-giroaz |