www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



57a gerlan
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
(c. 1914-1940), 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: LVII.a gerlan, Jean Elissalde (Patri Urkizuren edizioa). Alberdania, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI. BIDE-LANETAN ETA... OSTATUAN

 

        Le Gallet, Calleux, Le Saulchoy, hirur izen deus handirik erraten ez daukutenak hogoi urtheren buruan. Eta hor ditugu gure paperetan! Bizkitartean kaskoari arras emana dugu hirur herri horietan kausitu gintuela bide egiten ari Compagnies Disciplinaires famatuak. Beren uliekin utzi baigintuen, etzaukun den gutieneko makhurrik gertatu heiekin guru-tzatu ginen lauzpabortz egunetan.

        Bainan bethi ikharan bizi behar denean ez da bizirik eta ez ginuen guti atsegin hartu xori horietarik urrundu gintuztenean, l'Avre ibai koxkor baten bazterrerat joanarazteko. Han ez ginuen etsaia zaintzea baizik, higitu gabe.

        Ez gintuen haatik bederatzi egun labur baizik iragan ur hegi hortan; bainan, zer elhurrak! Jainko maite-maitea! Gure bizi guzian ez dugu hainbertze ikusi nola han denbora gutiz! Etsaiak bakea utzi zaukun, beharrik: Ligne Hindenbourg delakoari buruz zoan jada, jauzika, jauzika guri ohartzerat sobera eman gabe. Ez ginuen beraz sei gizon baizik galdu gune hortan bederatzi egunez. Deusik ez da segurki, bainan sei seme horiek galdu zituzten burhaso gaixoentzat aski halere!

        Orok amets gozo bat egina baginuen aspaldi: alemanak gibelat abiatuko zirelarik, gu ondotik jarraikiko ginitzaiotela hek hastean guri egin ziren bezala, irriz eta kantuz, trufa mihiaren puntan, banderak haizeari zabalduak. Eta horra nun, martxoaren lehen egun hetan aintzinat abiatzeko keinuaren beha ginaudelarik, bertze zerbeit galdetzen daukute: Ehun eta Hogoita Hirurgarrenarekin lehenbailehen joaiteko Méry eta Tricot deithu herrixketarat, han ukhanen ginuela nola josta... bide antolatzen! Zerua gainerat erori balitzauku ez ginen manu hori aditzean baino gehiago harrituko. Guk gerla egin nahi eta bide antolatzen denbora galdu behar!

        Aise sinhetsiko gaituzue zerbeit aitortzen badautzuegu: bide hetan ez ginuela haatik hezur handirik hautsi! Ardura ostatuan ginen. Ofizioak nahi othe duen hori?

        Tricot herri pollit bat baitzen gutarik aski hurbil, Hazparne eta Ezpeleta bezala dena ostatu, gure irabazi guziak eta gehiago harat zoazin. Egun batez hamar bat eskualdunek deliberaturik elgarrekin afari ontto bat egin behar ginuela, ilhuntzean joan ginen herriko ostatu pollitenerat. Irri pollit bat ezpainetan etxeko-andereak sar-arazi gintuen barnerat eta zer nahi ginuen galdetu. Afaldu nahi ginuela, eta ahal zen bezen ongi afaldu oraino. Mila intzirina hasi zauzkun orduan, baizik eta deusik etzutela etxean, edo bederen deus guti, etzitzaiotela errex jateko zerbeiten eskuratzea, eta mila holako. Orotako leloa baitzen hori, ez ginuen amor eman eta hitzartu ginuen bira arroltze erreko zauzkula beraz xingar zathi eder banarekin; ordu arte bi pinta arno xuri edanen gintuela. Hamar eskualdunek zer egin bi pinta arnoren aintzinean, museko manerarik ez badute? Kantuz hasi ginen eman-ahala. Iduripena dugu Andre Madalen hasi ginuela lehenik, etxeko-andereak Madalen zukeela menturaz izena. Bainan berehala athea tanpalakoan idekirik, itzuli ginen oro eta han tente etxek'-anderea ikusi, bi nigar xorta handi matheletan, guri beha eta beha, harritua.

        —Eskualdunak othe zaituztet?

        —Bai, anderea.

        —Eskerrak Jainkoari! Ni ere hala naiz. Gerla hasiz geroztik egun hunen beha nindagon. Oi, Eskual-Herri maitea!

        Eta orduan dar-dar-dar bere ixtorio guzia erran zaukun gure aldean jarririk, nola gazte-gaztean Pariserat joan zen sehi, adixkide batek tokia bilhaturik, nola Parisen ezagutu zuen ostatu hartako semea, nola Xuberoko herrixka batean ezkondu ziren, nola aitamek geroztik ostatua utzirik hek hartua zuten, eta hau, eta hura. Gu jaten hasi eta ere, ixtorio kondan ari zaukun oraino. Emazte gaixo haren atsegina!

        Erran gabe doa arrats hartan afari onsko bat egin ginuela, xuberotarrak eskualdunen-tzat xingar eta arroltzez bertzerik atxeman baitzuen... hasteko intzirinen gatik! Eta, gehiago dena, sosik etzaukun hartu, gure Eskual-Herriko kantuekin aski jende bildu giniola ostaturat! Alta, untzi gehienak milikatu giniozkan, ba!

        Denbora hortan, alemanak Ligne Hindenbourg hartarat biltzen ari ziren. Frantsesak ere bertze manerarik hartu behar zuten beraz. Horra zertako gerla hastean ezagutu gintuen xokho batzueri buruz abiarazi gintuzten martxoaren hogoita bortzean. Sei egunez elhur erauntsien azpian St-Just-en-Chaussée, Liancourt, Creil, Senlis eta Nanleuil iraganik, lehertuak jo ginuen Sains-Morainvillers delakoraino.

        Herri hortan ongi pausatu eta, aphirilaren bortzean jauzi batez joan ginen Bezu-St.-Germain delakorat: zortzian Villemoyenne ikusi eta goratu ginuen ederki: Chéry-Chartreuse hamabitik hamalauerat.

        Artean erran dezagun, ikusten duzue ez dela gerla bezalakorik lutelestiaren ikasteko. Lutelestia? Ba: erdaraz la géographie erraten diogu lutelestiari.

        Hamabortzean egundaino bezala bidearen gainean ginen.

        Zer atseginekin ikusi gintuen St-Gilles, Baslieux, Blanzy-les-Fismes, Glennes eta aspaldi ezagutzen gintuen bertze herri batzu. Berillon etzen arras xehatua oraino: han egin genuen lo.

        Eta huna aphirilaren hamaseia. Oldar handiaren eguna, diotenaz. Argia gabe aireetan zabiltzan munduko airetako guziak, batzu gurutze beltz bat azpian, bertzeak Frantziako hirur koloreekin. Marchand jeneral famatuaren soldado beltzek behar zuten lehen jauzia egin. Heien ondotik behar ginuen, guk, suan sartu.

        Bainan baduk hoberik! Egun guzia leze beltz batzuetan iragan ondoan nundik zer ikasiko ginuen, horra nun arratsari buruz berri tzar bat ekartzen daukuten: gure kanoiek uste zuten baino lan gutiago eginik, soldado bel-tzek etzutela etsaia aski urrun fueratu. Biharamuna leze beretan iragan ginuen beraz eta ondoko gauean, Marchand eta beltzak beren lanari utzirik, itzulika-itzulika bideari lothu. Zer euriak ari zituen? Hirur egunen buruan Craonnelle sudurraren aintzinean ginuen.

        Ezagun xahar bat Craonnelle ere segurki. Bainan nola hondatua guk mila bederatzi ehun eta hamalauean ikusiz geroztik! Ageri zuen han gaindi ibili ziren soldadoak etzirela bethi geldirik egon. Funtsean, etxe guziak oraino xutik ikusi bagintu ere, frogatzeko askiko zen bide bazterreri behatzea: alde guzietan etzen gurutzerik baizik ageri! Taulazko gurutze ttipi batzu izen xoil batekin! Zenbeit aldiz, izenik ere ez!

        Gurutze batzu izenik gabe? Nola ditake hori? On da hemen bi hitzez erran dezazuegun. Hileri ez bazen seinale zerbeit atxematen, batzuetan nola eman izen bat kanoiek phorroskatu haragi phuska heieri? Hilak berehala altxatzen ahal izan balire, kanoi kaldi berrien phazka utzi gabe, nihor etzen galduko sekulan, edo bederen nihor guti galduko zen. Hilak etzitazken berehala altxa bethi, horra egia. Eta horra zertako burhaso gaixo batzuek ez duten egundaino beren haurren berririk ukhan! Ez ukhanen!

 

aurrekoa hurrengoa