www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



57a gerlan
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
(c. 1914-1940), 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: LVII.a gerlan, Jean Elissalde (Patri Urkizuren edizioa). Alberdania, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

III. BIZI BERRI BAT

 

        Bizi berri baten hasterat ginoazin. Gerlan ibili direnek badakite zer izan den: sathorraren bizia. Sathorra noizetik noizerat lurpetik menturatzen da kanporat: ez gindauzken bethi lurpean gu ere: atheratzen ginen arteka. Hola ezagutu ditugu Cuiry-les-Chaudardes, Concevreux, Blanc Sablon, Maizy, Beaurieaux, Glennes, Meurival. Herri hautan hartzen ginuen hatsa. Bereziki Meurival delako herrirat zer atseginarekin joaiten ginen! Han baziren orduan bospasei aphez eskualdun, batzu bertzeak baino maitagarriago: etzakiten zer egin guretzat. Bat Azkaraten erretor da egungo egunean: bertze bat irakasle edo holako zerbeit Miarritzen. Gaineratekoak hil othe ziren? Dena dela begietarik galduak baditugu, ez ditugu ahantziak ez ahanztekoak...

        Erran ditake zango bat airean ginuela oraino: ez ginakien nun kokatuko ginen azkenean. Ondoko egun batez ereman gintuzten Bourg-et-Comin derizan herrixka pollit, argi eta arinean egoterat.

        Ez ginen haatik arras besoak gurutzaturik egon harat joan arte. Beha. Urriaren hamahiruan jeneralak manua igorri zaukun Moulin de Vauclerc hartzeko, eta hartzeko gostako zena gosta. Goizeko sei orenak ziren lehen gizonak eiherari buruz abiatu zirelarik. Ahal zuten bezenbat gorderik ere, etsaiak ikusten zituen, ondikotz! Hiruzpalau ehun metra egin orduko etzen urrunago joaiterik hango obusa eta tiro parrapatarekin. Jenerala bera ohartu zen beharrietarat heldu zitzaion ihurtzuritik sobera galdetu zaukula gostako zena gosta eiherarat joaitea galdetuz, eta bigarren mezu batean erran zaukun ahal ginuena egiteko, aleman kanoiak ixilik zauiden epheez baliatuz. Hola bizpahirur ausik-eder egin gintuen etsaiaren eremuari, bainan gutiegi eginen urrun joaiteko eta guziz bururaino heltzeko. Orduan, oro ikusi eta pisaturik, jeneralak manatu zaukun, ginen tokietan gelditzea eta finkatzea. Ez ginuen bertzerik galdetzen.

        Bakea zitzaukun hori. Horrek ere etzuen haatik luzez iraun behar. Hamalauean, eguerdi gainean berritz manua ekharri zaukuten delako eiherarat lehenbailehen heltzeko, eta, gure kanoiek zenbeit orro bakar egin orduko, abiarazi gintuzten jada egintxeak gintuen zilhoetarik. Arratseko hamar orenetan eiheratik ehun metretan ginen. Ehun metra! Eskua luzatzea aski kasik eihera mila sorginaren hartzeko, eta guk gehiago eskua ezin luza indar eskasez! Ez ginuen beraz hartu, bainan ba lau ehun lagun gaixo bidean hedatu!

        Orduan gintuzten Bourg-et-Comin delako hartarat ereman, handik Chemin des Dames zaintzeko. Verneuil eta Beaulnen hartu behar gintuen errekak.

        Hamazazpi ilhabetez etxean bezala jarri ginen Bourg-et-Comin hartan. Noizean behinka alemanak ez balauzku inharrosaldi ba-tzu eman, ez dakigu ez ginen arras eta arras hangotuko!

        Herrian bagintuen hirur ostatu jaterat eta edaterat arras ongi eta erdi merke emaiten zaukutenak. Han edo hemen bakhotxak bere egoitza moldatu zuen eta egoitza hortan deusik etzen eskas, sasoineko lore polliteraino.

        Kaskoinek bazuten beren jostalekua phentze handi batean eta noiz-nahi han ikusten gintuen foot-ball delako joko basan, galtza motz batzu soinean, odoletan ari. Eskualdunek pilota maiteago dugu eta gure plaza baginuen etxe baten kontra. Ez dugu segurki behin ahantziko nola egun batez, Salaberry bildoztar eta Castagnet Lekunberrikoarekin geroni ari ginelarik, obusa ikaragarri batek lastersko lekhuak hutsarazi zauzkun!

        Ihiztariek berek bazuten nun josta. Elizaren puntako gurutzearen puntan bazen burdinazko oilar bat, haizea norat zoan irakusteko. Nork konda ihiztariek igorri ziozkaten tiroak! Biga bazituen triparen erdian: Gan-tchume Senpereko ihiztari famatu batek emanak zituela erraten zuten. Baditake.

        Eta, horien guzien gainerat, bazen elheketako xokho bat: Le salon de l'Eloquence erraten zioten erdaraz. Dominique Dufau Senpereko notari maitagarria zen xokho horren jabe eta nausia. Zenbat aldiz ez ditugu haren alderat bilduak ikusi Ybarnegaray deputatua, Leixelard jaun apheza, Jean-Pierre Larregain Donibane-Lohitzunekoa, orai Garroan buruzagi den Landetcheberry jaun apheza, J. Paris Senperekoa, Zerbitzari eta bertze frango!

        Eliza maite zutenek, etzuten urrun: herriaren erdi-erdian. Elizkizun ederrak baziren noiz-nahi, bainan eskualdunek egiten zituztenak baino ederragorik ez dugu ikusi. Bereziki bazen han musikari eskualdun bat elizkizun horieri ezin sinhetsizko eskual usain baten ematen nihork baino hobeki bazakiena. Aitortuko othe dugu geroneri egundaino eliza batean deusek ez daukula bihotza hala zarraztatu nola arrats batez, benedizioneko denboran, gure musikariaren erhiek eztiki eta kartsuki xaramelatu zuten Uso xuria errazu batek? Oi, hango elizkizun maiteak!

        Goraxago lainoki, erran baitautzuegu Bourg-et-Comin hartako eskualdean azkenekotz ederki lakhetuko ginuela noizetik noizerat nun ginen alemanak orhoitarazi ez bagintuzte, arras egia da. Han baitziren haatik alemanak!

        Umiasaindu eder bat iraganik, uste ginuen Hilen-Eguna ere hala-halakoa iraganen ginuela, eta elizarat abian ginen lagun hil gaixoentzat othoitz baten egiterat, betbetan zortzi oreneri buruz ehun aleman kanoia marrumaka hasi zauzkunean. Erreketan utziak gintuen beilariak nahi zituzten ohartgabean lehertu alemanek, gero guri buruz heldu ziren bideez jabetzeko. Bi jauziz erreketarat joanarazi gintuzten oro. Ez ditugu zeren egun hartako harat-hunat eta zalapartak aipha: beren egin-ahal guzien eta gainerat igorri zauzkuten erauntsi guzien gatik, alemanek etzaukuten berrogoita hamar bat metra lur baino gehiago hartu. Han ixuri zituzten odol purrustek gehiago balio zuten!

        Etzuen ilhunak ere gudua arras gelditu: tiro zalapartaka ari ginen oraino goizeko hirur orenetan... aireari naski. Iduripena dugu gudu hortan ikusi eta aditu gintuela lehen aldikotz soldado gaixoeri zainak hala inharrosten eta odol guzia hala itzulipurdikatzen ziozkaten minenverfer debruak!...

        Abendoaren hogoita lauean Eguberri goxo bati beha ginaudelarik, horra nun bospasei soldado polones alemaneri espakaturik gure erreketarat heldu zauzkun herrestan. Gure harritzea! Jainkoak igortzen zauzkun. Batek bazakien aski ongi frantsesa eta, bertze askoren artean, salatu zaukun «biharamunean oldar bat gaitza gure kontra egin gogo zutela alemanek». Etzuen gezurra. Eguberri egunean argia gabe frogatua ginuen, inguruetako kanoi guziak orroaz hasiak baitziren! Ehun hilez goiti baginuen arratseko, bainan alemanek ere etzuten sudurrik agertzen ahal izan: ez gintuen utzi. Horra, bada, nola iragan ginuen gure lehen Eguberria gerlan...

        Eguberri baino Urtats hobea ukhanen othe ginuen ginauden oro. Hala ukhan ginuen, eta Beaulneko errekak utzirik zoin gogotik joan ginen gure Urthe On hoberenaren adixkide batzueri erraterat! Lahirigoyen anaiek, Leiciaguezahar amikuztar liotinantak, Capendeguy doniandarrak eta bertze zenbeitek egin zaukuten begitartea ez dugu aise ahantziko: arratsean ez ginakien lurrean ala zeruan ginen!

 

aurrekoa hurrengoa