www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



57a gerlan
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
(c. 1914-1940), 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: LVII.a gerlan, Jean Elissalde (Patri Urkizuren edizioa). Alberdania, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

V. ARGONAN LAU ILHABETEZ, ETA HANDIK LEKORA

 

        Argonan ba omen zen gerla aintzinean La Harazée deithu herrixka pollit koxkor bat. Gu harat orduko, han etzen gehiago etxe karkakil bat baizik xutik zagonik. Aski dilindan hura ere segur! Etxe haren aintzinean iragaitean gu baino lehenago han ziren gure bi adixkide maite L. Dassance uztariztar eta orai Baionako ikastegi handi batean irakasle den A. Bourdet jaun aphezari doidoia erhi punttez agur eginik berehala jo ginuen Fontaine-aux-Charmes delakorat. Laster erran dezagun haatik ez dakigula nihork zer atxeman dion egundaino holako zokoari holako izenaren emateko! Hango errekak behar gintuen atxiki lau ilhabetez, aldizka gure lagunekin Camp-de-Dubiefville eta Croix-Genlin oihanartean gerlak sor-arazi taulazko bi herrixketarat jautsiz. Ste Menehould eta Florent etziren urrun noizetik noizerat aire hobexago baten hartzerat joaiteko.

        Mila bederatzi ehun eta hamabortzean gudu itsusienak, ikaragarrienak ikusi ziren Argona hortan; gu harat heltzean etzen gehiago kalapita handirik, bizpahirur egunetarik crapouillots direlakoen kalapita okhaztagarria salbu. Etzuten haatik beilariek lokhartu behar, etsaia noiz-nahi gutaraino hurbil-tzen baitzen othardiz othardi, soldado bat edo bertze ebatsirik berrien jakiteko. Bere xederik etzuen, behinere bururatu. Behin gure errekarat jauzi egin zuen axuant aleman alimale bat hantxe gelditu zen zabal-zabala gure beilariaren aintzinean, hunen baioneta aldez bertze!

        Geroneri eta gehienez hola-holako entsei bat edo bertze eginarazi zaukuten lau ilhabete horietan aintzindariek. Debaldetan, gutiz gehienak. Atzarriak zauden, gu bezala, alemanak.

        Agorrilaren hogoita zortzian atsegin handirekin ikasirik Italia gure alde gerlan sartu zela, paper muthur batzu harri batzueri lothurik, berehala besainka, hek ere ikas zezaten, igorri giniozkaten alemaneri. Alemanez emana ginioten berria. Ez du iduri hainitz lotsatu zirela, eta frantses ederrenean badakizue zer ihardetsi zaukuten bide beraz? «Hemendik goiti ez du balioko bururik hauts dezazuen guri berrien alemanez igortzeko: frantsesa ere badakigu». Zer musikariak! Bainan heien musikak bezenbat harritu gintuen aleman batek harria guk bezen urrun igor-tzeak!

        Geroxago bertze berri handi bat hedatu zitzaukun betbetan: biharamunean Clemenceau zaharra ethorriko zitzaukula ikusterat. Ez ginuen sinhetsi. Bainan biharamunean han baiginuen gure Clemenceau! Oren pare batez errekaz erreka ibili zen, ikusi zituen soldado guziekin elhe egin, pipa eta muntra zer-nahi partitu, eta, alemanak zerbeitez suspixtu orduko, lohiz belhaunetaraino orratua etxerat itzuli... gu erauntsi eder baten azpian utzirik! Segur etzuen holakorik bilhatu gizagaizoak, ez: bainan, lehengoaren gainerat, bai benedikatu zutela orduan zenbeitek! Ez da guti egia halere adin hartako gizon batek, hura ibili zen bezala eta behar gehiago gabe, han ibiltzeko, birikak bere lekhuan behar dituela!

        Handik goiti Argona phizten hasi zen gehixago. Alemanek uste othe zuten Clemenceau bethi han zabilala! Etzen gehiago egunik joaiten alemanekin grenada partida bat egin gabe. Behar handiz? Ez dakigu. Batzuetan aintzindariek manatzen zaukuten, eta ber-tzeetan etsaiak berak kitzikan hasten. Hola galdu gintuen hogoita hameka lagun gaixo eta kapitain bat, urriaren lehenean Camp de Mailly delakorat abiatu arte. Gerlako molde berri batzu ikasi behar omen gintuen lehengoen gainerat.

        Ikasi othe ginuen deusik? Ez dakigu, denboraren buruan. Dakiguna da bi ilhabete handiz oren goxo onik iragan ginuela han eta inguruetako herrixketan, kanoietarik urrun, jan-edan ederretan, ilhuntzetik argi handiraino nahi ginuen bezenbat loz aseak!

        Oren goxo horiek ongi pagatu gintuen haatik hazilaren hogoita bederatzitik harat. Orduan, Ramerupt eta hango atsegin guziak utzirik, mando batzu bezala kargatuak lothu ginen bideari. Eta hamahirur egunez bideak ereman gintuen l'Oise deithu eskualderaino. Zer izerdiak ixuri gintuen Frantziako hegal batetik kasik bertze batetaraino joaiteko! Bizkarrerat hartu gintuen euri eta barazuzak bertzalde!

        Han ere ez gintuzten gudura berehala deithu. Abendoaren hogoita laua zen Berny-en-Santerre delakoari buruz abiatzeko eta han Hamaseigarrenak zenbeit egun hartan zerauzkan errekak hartzeko manatu zaukutelarik. Eguberri pollita iragan ginuen beraz gure toki berrien ondotik... belhaunetarainoko saltsa ikaragarri batean!...

        Eskualde guti ikusi dugu gerlak larrutuagorik orduan ikusi ginuena baino. Herririk ez etxerik etzen nihun gehiago ageri. Bideak, phentzeak eta oro bardintsu ziren, oro kanoiek irauliak. Bertze orduz Verdunen ikusi gintueneri etzuten batere zorrik Sommekoek. Eskuarak dion bezala: Jatxu eta Haltsu, bigak igualtsu!

        Etzuen oraino hainitz denbora alemanak handik joanak zirela, kukuak makhur jorik. Ez gintazken beraz nola-nahi eta norat-nahi mentura: minak izan zitazken gutienik uste zen lekhuan. Nahi eta ez, ahal den bezalako geriza lasterregi egin batzuetan behar ginuen eman eta pausatu, zangoak bethi bustiak, hotzak koropilatuak. Eskual-Herrian ez dakigu segurki han gaindi ukhaiten dituzten hotzen berri. Guziz urthe hartan batzu egin zituen ikaragarriak! Ogia bera zenbat aldiz etzaukuten hormatua ekhartzen! Eta hitz dautzuegu ogi hormatua zer den ez dakienak ez dakiela zer den jateko higuingarri bat!

        Bertzalde gure zango gaizoek zer etzuten ikusi hango lohi zuri hotzean! Badire gure lagunetan han beren biziko maingutu direnak, eta geronek ez dakigu hainitzetan zangoen gainean gabiltzan ala taula muthur batzuen gainean! Urus oraino gu bezenbat ere ibil ditakeena...

        Balio othe du hau ere erran dezagun? Haurrentzat bederen, ba. Eskualde hortan egun batez asto ttipi-ttipi bat hil urren oihan batean atxemanik, Edouard Lahirigoyen hazpandar gure lagun batek berehala ereman zuen Sukaldeak deitzen ginuen gunerat. Amodiorekin artatu zuen ondoko egunetan, eta gure astoa phiztu, alaintso! Cappy eman ginion izena, herri hortan sortua zitakeelakotz. Gerla guzia gurekin egin zuen asto gaixoak eta ibiltzen ginuen herrietan guk baino behatzaile gehiago bazuen. Gerla ondoan Libournerat Berrogoita Hamazazpigarrenarekin ethorri zelarik, harritzeko begitartea egin omen zioten orok. Egia erran, haren fama aspaldi hedatua zen hiri guzian: egunkariak berak zenbat aldiz etziren hartaz mintzatuak! Hain maitagarria zen bertzalde! Aski zuen Berrogoita Hamazazpigarreneko norbeit nunbeit usnatzea, berehala ondotik ter-ter-ter jarraikitzeko. Gaixo Cappy!

        Bainan gure irakurtzaileek othoi barka dezagutela asto batez hoinbertze mintzatzea. Gure zangoetako gaitzarekin hura dugu Somme deithu guneko orhoitzapenik handiena...

 

aurrekoa hurrengoa