 |
IRUGARREN EGINTZA
Iruditegiak aurkeztatzen du aurrenengo egintzaren lenengo laukiko toki bera.
Peruk eta Andra Josepak, gosari-mokaru bat beren saskitxoetatik aterarik, prestatzen duten bitartean, Patxiko eta Maritxu dabiltz, zokondian ageri dan itsasalderontz begira.
LENENGO IRUDIA
MARITXU:
Zer itsaso ederra!
Zer aunditasuna!
PATXIKO:
Nere biotzak zuri
Dizun maitasuna
Da, ori dena baño
Askoz aundiago,
Ta bagak purrakatzen
Dira gogorrago,
Urditza ortan baño
Nere barrenean,
Iñazio burura
Datorkidanean.
MARITXU:
Bañan barka zaiazu!
Izazu erruki!
Berdiñ etzenezake
Kezkarik iduki,
Jakiñik ez naizela
Zu gabe biziko.
Ori baño geiago,
Zer naizu, Patxiko?
PATXIKO:
Egiya da, ez det nai
Orixen besterik.
MARITXU:
Orduan, zertarako
Izan gorrotorik
Gazte bati, ez badu
Egiñ beste gaitzik,
Bera nai ez duben bat
Maitatzea baizik?
PATXIKO:
Asko dezu, ala da, (gozokiro)
Nere aur kutuna!
Nol'ez da limurtuko
Aditzen dizuna?
Entzunik zure doñu
Erotzen naubena,
Nere borondatea
Zurea da dena.
(Maritxuk eta Patxikuk izketa au daukaten bitartean,
Peru eta Andra Josepa mintzatzen dira onela:)
A. JOSEPA:
Bakarrik uzten gaitu
Gazteen ezkontzak
Gu biyon sukaldeak,
Aurki, ai! zer otzak!
Ta Iñaziok dauka
Aiñ biyotz gogorra,
Jakiñ ta ere ezin
Sinistu det, orra.
Bere aita prestu, ta
Ona ikusirik,
Sortu zezakeala
Orlako piztirik.
PERU:
Gauden lasai. Gazteak
Bizi bitez ditxan
Eta gu ere gaizki
Ez gintezke izan.
Iñaziok beregan
Daukan gorrotua,
Ez da arritzekoa,
Aiñ dago lotua!
Zergatikan bizi dan
Itxutasunean;
Bañan sendatuko da
Noizbait azkenean,
Konturatuko dala
Dudik jartzen ez det,
Jakiñik ez dubela
Kulpik berak bestek.
A. JOSEPA:
Baliteke; tira, as¡
Gaitean gosaltzen.
DENAK:
Guazen, bada, guazen.
(Esertzen dira eta, jaten astearekin bat, azaltzen da Iñazio txit triste.)
BIGARREN IRUDIA
IÑAZIO:
Zer erabaki ote dezuten,
Jakiñ nai det oraingoan...
PATXIKO eta MARITXU: (Zutitzen dira, elkarri gerritik elduaz eta Iñaziori arpegi emanaz.)
Elkar maitatzen jarraitutzea,
Betiko amorioan.
Bide gabeko zatitzeari
Ta oñazeai eutsiaz
Maitasun garbi azken gabea,
Zeruai adieraziaz.
Beti maitatzen, o, zoramena!
Zertako bizi bestela?
(Elkarri kantatuaz.)
Maite gozoa, miñ-azgarria,
Ez niteke zu gabetu;
Beti-betiko zuretzako naiz
Egiteizut juramentu.
Jakin bezate zeru ta lurrak,
Zer dan biyotz euskalduna,
Nola maitatzen duben zeruak,
Ematen diyon laguna!
(Adi ezazu, nere Maritxu.
(Adi ezazu, nere Patxiko.
Ez da miseri ta penik
Zureganako amorioa
Neri kenduko diranik.
(Bitarte ontan diyo Iñaziok:)
Nik eztakit zer gertatzen zaidan,
Gorrotoz eta mirariz;
Aiñ dira onak, merezi dute
Nai izatea milla aldiz.
Aitortutzen det dirala prestu,
Leial, onradu, nobliak;
Erdoiztak eziñ eska litzake.
Seme-alaba obiak.
Ori jakiñik, asko alditan
Nik nai nituzke saritu;
Bañan anima minberatuak
Ezin du geigo sufritu,
Ta eskatzen dit, aserreturik,
Ez dezadala barkatu;
Aingeru orrek egin dizkiran
Gaitzak biaizkit pagatu.
(Denbora berean, Peruk eta Andra Josepak.)
PERU eta A. JOSEPA:
Biyak maitatzen badute alkar,
Ikusitzen dezu nola!
Zure txarkeri zitalagatik
Guri zer digu ajola?
Jakiñ biazu emen bakarrik
Ez dala jaten ogiya,
Beste lekutan ere Jainkoak
Azaltzen du eguzkiya.
Zabiltza beti, o etxe-jauna!
Prestu, al dezun geiena,
Eta zerorrek izango dezu
Mesererik aundiyena.
Denok ibilli gintezke ondo
Ori egingo bazendu,
Ta zuganako griña leiala
Iñork ez leiguke kendu;
Begiramena, opakizuna,
Ezkerra ta aitormena;
Zuk igaroko zenduke emen
Bizimodurik onena.
IÑAZIO:
Zertan gelditutzen gera?
PATXIKO:
Zertan? Oraindik zatoz
Ori galdetzera?
Elkar maitatzen, beti,
Emen eta non nai.
MARITXU:
Maitatzen beti, bai.
(Iñaziori begira)
IÑAZIO:
Jaunak nai dezala, ez
Damutzea biyai...
DENAK: (Iñaziori)
Beste gizamodu bat
Zan etxe-jaun zarra,
Etzera zu etorri
Oñordeko txarra!
Agur, ez dizugu nai
Zere lurrik kendu,
Jaungoikoak eguna
Nonnai zabaltzen du.
IÑAZIO: (nola dijoazen begira)
Agur, denak, agur.
(Iñazio gelditzen da txit beregandua, eta ernatzen du, inguratzen datorren itari talde baten oiartzunak.)
(Itariak sartzen dira, beren itaiak bizkarrean dituztela, kantari, onela:)
KANTARIAK:
Bizi bitez, Kantauri,
Mendi burni-dunak
Eta Iturriotz-ko
Egal kutunak,
Jaungoikoak guretzat
Eman zizkigunak;
Emen aginterikan
Ez du erdaldunak.
Maite ditugunak
Gera euskaldunak
Baletozke egunak
Izan beagunak
Lanean bezelaxe
Gerran lagunak.
IÑAZIO:
Gazte adiskideak,
Gañean da gerra,
Zergatik fuero gabe
Gelditu gera;
Oitura onak eta
Izkuntza ederra,
Denak kendu ta jarri
Nai dute erdera.
Arrotzen sarrera
Lartaun-en lurrera,
Arrazoia bera
Botarik lurpera!
Bizi bedi Lauburu,
Goazen aurrera!
DENAK:
Zer esaten diguzu?
IÑAZIO:
Egiya bakarrik.
Zertako da biziya
Ez bada onrarik?
Zertarako baliyo
Degu euskaldunak,
Izkuntza ere kentzen
Badigute, Jaunak?...
PERU: (sartuaz)
Etzazutela gerrara deitu,
Ez asi jende eskean,
Jakiñ artean garailariak
Gero irten gintezkean.
Zarra nago ta ez det beldurrik
Ikaratitzat artzeko;
Badakizute nere denbora
Joan zala gerran sartzeko.
Argatik diot, gazte maiteak,
Garaia datorrenean,
Lege zarrari zutik eustera
Zuazte ordu onean,
Bañan aurretik al dan guztiya,
Pakean saia gaitean,
Itzaldu zaigun izar ederra
Argitu ote leikean.
Ebrotik aruntz bizitzen diran
Iberiako lagunak,
Gure anaiak dirade, eta
Pakea zor diegunak.
Gu bezelaxen oñazepean
Arkitzen diran jendeak,
Denok ekarri gaitu ontara
Gobernu lotsik gabeak.
Agintaritzat auta ditzagun,
Zuzenago ta obeak;
Adi dezagun alkar pakean,
Ta betoz lengo legeak.
Euskal mendiak oiartzutean
Berriz fueroen kantua,
Ezetu eta ostotuko da
Gure arbola santua.
DENAK:
Peruk arrazoi ematen digu;
Anaiak burrukatzea
Bañan obe da, al baldin bada,
Pakean alkar artzea.
Guk naiagatik ontasunean
Eziñ badegu iñola,
Bear danean ixuritzeko
Prest dago gure odola.
TALDEAN:
Oraiñ, lagunak, guazen itara,
Abuztu ona biltzera,
Joango giñaken bezela denok
Fueroakgatik illtzera.
(Badijoaz kantatuaz, sarreran bezela:)
—Bizi bitez Kantauri
Mendi burnidunak, etc.
(Gelditzen dira Peru eta Iñazio.)
PERU:
Iñazio, nik eskatzen dizut,
Adi zaidazu ondo ta bare.
IÑAZIO:
Entzuten nago, esan zaidazu,
Gauza minkatza baldin badare.
PERU:
Zuk Maritxuri nai diozula
Ikusitzen det, fiñ ta onradu,
Bañan zertako, berak zugana
Amoriorik ez baldin badu?
Baldiñ ezkondu ta emaztea
Badago penaz eta negarti,
Premirik gabe, doakabeak,
Zerate oraiñ, gero ta beti.
IÑAZIO: (zeken)
Beti!
PERU:
Orduan, maite badezu
Ona ta fiña dala jakiñik,
Errukigarri, zertan biurtu?
Zere burua ala egiñik?
IÑAZIO: (gozokiroago)
Zaude, Perutxo, nik ondo dakit
Nere aitari aditurikan,
Ez dala Peru Txabolatxiki
Beziñ presturik eta onikan.
PERU:
Beti egin det dagokidana.
IÑAZIO:
Badakit, Peru, ta zuregana
Beti izango det aitormena,
Itzala eta begiramena.
Bañan, ezin det! Barka nazazu;
Maitatutzen det ainbesteraño,
Aingeru ori, sinista zazu,
Nere burua erotzeraño
Nere izate guztia baño
Neurririk gabe, askoz geiago;
Nik zertarako nai det biziya
Maritxu gabe illtzen banago?
PATXIKO: (Burrundaran sartuaz)
Etxe-jaun, arrokeriz
Puztu ta betea,
Ikusten nazulako
Onen arlotea,
Iduritzen al zaizu
Arraie zikiña,
Anbat ni ez naizela
Maritxuren diña?
PERU:
Zaude nere semea,
Geldi, geldi, bertan.
IÑAZIO:
Sua baldin badago
Zure erraietan,
Txinparta gutxiago
Ez da nerietan.
PERU:
Geldi, Iñazio, geldi,
Zaute geldirik or.
IÑAZIO:
Ze geldi ta ze bizkor!
Beira gero neri!
(Artzen du arri bat, Patxiko jotzeko asmoan.) (Ontan, ixtillu bizian sartzen da tartean Maritxu.)
MARITXU:
Zer egitera zuaz?
Patxiko illtzera!
Nik maitatzeagatik?
Erotu altzera?
Iduritzen al zaizu,
Patxiko illtzean,
Maritxuk ez dubela
Zañik biyotzean?
Andre euskaldunaren
Jatorriya izan,
Eta aztu al zaizu
Zure ama zein zan?
Gure amorioa
Jakin zazu dala
Itsasoa dan beziñ
Aundi ta zabala,
Alperrik da losintxan
Iñor ibiltzea,
Zergatik naigo degu
Goseak illtzea,
Ezeztatu baño len
Juramenturikan,
Eta nik Patxikori
Daukat egiñikan.
Nola itz'eman nion,
Maite detan bati,
Beretzat izan nai det
Beti, beti, beti.
IÑAZIO: (Triste ta ixurti.)
Nere amets ta irudipenak
Bukatu dira betiko;
Joan zaizkit poz ta alaitasunak
Nere denbora guztiko;
Baña ez dizuet, naiz miñez lertu,
Ditxarik galeraziko;
Elkarrentzako jaio ziñaten,
Maritxu eta Patxiko.
Euskaldun jator, prestu, nobleak
Egiñik senar-emazte,
Izan zazute nitzaz kupira!
Miñ onek illko nau laiste!
Baña nola, ez dezuten kulpik,
Kezkarik gabe zuazte.
Agur Patxiko, agur Maritxu,
Doatsu bizi zaitezte.
PERU:
Bejondaizula, ez nezakean
Zugandik gutxigo uste.
IÑAZIO: (joanaz)
Agur!!
(Iruditegikoak gelditzen dira izketa bizian baleude bezela.)
(Ontan sentitzen dira, datorren baserritar talde baten oiartzunak.)
DENAK:
Betoz gure fueroak,
etc, etc...
BUKAERA
|
 |